
65. zk., 2024ko apirilaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (139 KB - 3 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1584
AGINDUA, 2024ko martxoaren 8koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Industrias Creativas izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.
2023ko abenduaren 1ean, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Fundación Industrias Creativas izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa inskribatzeko eskatuz. Fundazioaren patronatuak 2023ko irailaren 15ean erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen Bilbon, 2023ko azaroaren 8an, Alfonso Batalla de Antonio notario jaunaren aurrean, bere lankide Juan Ignacio Bustamante Esparza jaunaren ezusteko ezintasunagatik ordezko gisa izanda, (protokolo-zenbakia: 3.640). Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.
Halaber, erabaki horren bitartez, estatutu-xedapen hauek aldatu eta berriro zenbakitzen dira:
– 11. artikulua (Fundazioaren gobernu-organoak): patronatua ez den beste gobernu-organo batzuk sartzen dira, nahitaezkoak ez diren arren, hala nola zuzendari nagusia, auditorea eta jasangarritasunaren arloko zuzendaria.
Arestian aipatutako zuzendaritza-organoak sortzea, arautzea eta ezabatzea patronatuaren eskumena izango da.
– 13. artikulua (patronatuaren osaera): patronatukideen gehieneko kopuruari buruzko aipamena kendu da, eta gutxienez 3 kide izan behar direla ezarri da.
Kide mugagabe bat eta kide hautetsi batzuk egongo dira, baina karguan jarraitzea bi urtean behin berrikusiko da. Aurreko idazketan, karguaren iraupena mugagabea zen kide guztientzat.
Last Tour Concerts, SL erakundea izango da kide mugagabea, eta Fundazioaren patronatuko presidente gisa jardungo du.
Era berean, patronatuaren osaeran askotariko profilak bilatuko dira, izaera (publikoa edo pribatua), osaketa (pertsona fisikoa edo juridikoa), generoa, lurraldea, sektore profesionala eta jarduera kontuan hartuta, baita beste gai batzuk ere.
– 14. artikulua (Patronatua osatzen duten pertsonak izendatzea eta ordezkatzea): patronatuak hartzen dituen erabakietan zehaztuko da zenbat kide izango dituen, bai eta kide horien izendapena ere.
– 15. artikulua (Patronatua osatzen duten pertsonak kargutik kentzeko arrazoiak): estatutuetan aurreikusitakoaren arabera patronatuak hartutako erabakiaren ondorioz kargua uzte edo izendapena berrikuste kasua sartzen da.
16. artikulua (Patronatuko kideen kargu-uztea, etetea eta uko egitea): kide hautetsiak kargutik eteteko edo kargugabetzeko ahalmena sartzen da, kideen bi herenen aldeko botoarekin, Fundazioaren interesa ez den beste arrazoirik aipatu behar izan gabe.
– 17. artikulua (patronatukide-karguaren iraupena): karguak mugagabeak edo aldi baterakoak izango dira, eta aldi baterako karguak bi urtean behin berrikusiko dira.
– 18. artikulua (patronatukide kargua doakoa izatea): mantendu egin da idazketa, eta aurreko 17. artikulua 18. artikulu bihurtu da.
– 19. artikulua (Fundazioko presidentea): patronatuko presidentearen kargua Last Tour Concerts, SL erakundeak beteko duela ezartzen da, eta kargua denbora mugagaberako izango da.
– 25. artikulua (patronatuaren betebeharrak): patronatuak, bere karguan diharduela, tokiko ingurumenaren eta ingurumen globalaren babesa zainduko duela ezartzen da, baita epe labur eta luzean gizartearen interesak zaintzeko betebeharra izango duela ere.
– 28. artikulua (zuzendariaren izendapena eta eginkizunak): izendapenen eta kargu-uzteen berri eman beharko zaio Babesletzari, eta zuzendariari emandako ahalordeak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu beharrekoak dira.
– 48. artikulua (jasangarritasuna): Fundazioak, bere xedeak betetzean, zainduko du gizartearentzat, gizarteari lotutako pertsonentzat eta ingurumenarentzat inpaktu sozial positiboa sortzen dela.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Industrias Creativas izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, ebazpen honen azalpen-zatian aipatutako aldaketak txertatzeko, Alfonso Batalla de Antonio notario jaunak 2023ko azaroaren 8an, bere lankide Juan Ignacio Bustamante Esparza jaunaren ezusteko ezintasunagatik ordezko gisa, egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 3.640).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 8a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
RSS