Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

61. zk., 2024ko martxoaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1487

31/2024 DEKRETUA, martxoaren 12koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea, Amoroto eta Aulestiko udalerrietan: Amoroto eta Zuluetako baltsaren artean eroanbide bikoitza egiteko proiekturako beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, «Amoroto eta Zuluetako baltsaren artean eroanbide bikoitza» egiteko proiektuaren espedientea formalki prestatu eta onartu ondoren, adierazi zuen proiektua gauzatzeko lursail guztiak erabilgarri behar zituela.

2022ko ekainaren 20an, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak erabaki zuen nahitaezko desjabetze-espedientea hastea eta ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea, hamabost eguneko epean, iragarkiak argitaratuta bai prentsan, bai 2022ko irailaren 2ko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (168. zk.). Geroago, 2023ko uztailaren 20an egindako bilkuran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitutako eskubideak eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da eskatzaileak adierazitako honako inguruabar hauengatik:

«Gaur egun, Amorotoko Elexalde, Urrutia, Odiaga eta Anitxu auzoak Santa Barbarako EUAk hornitzen ditu (bertan egiten da edateko uren arazketa).

Aulestiko Goiherri eta San Anton auzoei dagokienez, Goiherriko ur-biltegiak hornitzen ditu. Bertan, uren banaketa egin aurretik, klorazio-tratamendua baino ez zaio egiten ur gordinari.

Azaleko bi ur-hartuneetako ur gordinek hornitzen dute Santa Barbarako EUA (Babolina eta Kortesierra ur-hartuneak).

Aulestiko Goiherri auzoa ur gordin kloratuz hornitzen da (Amorotoko udalerrian kokatutako Ortzeria ur-hartunean jasotako ur gordina).

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa lanean ari da Lea-Artibai eskualdeak duen baliabide hidrikoaren defizit sistematikoa arintzeko (2013. urtean hasi zen, hots, partzuergoan integratu zenetik).

Urte horretan bertan idatzitako "Lea-Artibai hornidura sistemari buruzko azterlanak" jada aurreikusten zuen baliabide-defizita sistema guztietan, baita Santa Barbarakoan ere.

Egiturazko defizita larriagotu egin da azken urteotan, aldi baterako urritasun egoerak izan baitira ur-hartuneetako emari gabeziak direla eta.

2022ko agorraldian, Uraren Euskal Agentziak alerta-egoera ezarri zuen Santa Barbarako sisteman. Testuinguru horretan, luxuzko erabilerak debekatuta zeudela jakinarazi behar izan zitzaien udalei (kaleak baldekatzea, ureztatzea, iturri publikoak, igerileku pribatuak, etab.), eta uraren presioa murriztu egin behar izan zen gaueko ordutegian.

Uraren Euskal Agentziaren ebazpen horrek, gainera, gertakari horiek murriztera bideratutako jarduera-plana aurkezteko (6 hilabeteko gehieneko epean) betebeharra jaso zuen. Hartara, Planak barne hartu beharko ditu honako hauek: kontsumoa aurrezteko bideratutako neurriak, hornidura-sarearen efizientzia hobetzeko neurriak, baita ordezko baliabide-iturriak eta horien kontrol- eta jarraipen-sistema ere.

Aurkeztutako Jarduketa Planak berehalako jarduketa jasotzen du Amoroto ordezko baliabide-iturri batetik hornitzeko. Jarduketa hori "Amoroto eta Zuluetako baltsaren arteko eroanbide bikoitza da", hain zuzen ere.

Aurretik azaldutakoa oinarri hartuta, behar bezala justifikatutzat jotzen da Amorotoko udalerriak etengabeko ur-hornidura ez duela bermatuta, ez kantitateari, ez eta kalitateari dagokionez ere.»

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritze-unitate osoak, lurraldeko edo haren elementuren bateko hiri-antolamenduko sistema orokorrak eta hiri-lurzoruan egin beharreko jarduketa isolatuak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari dagokio horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak, 2024ko martxoaren 12ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, deklaratzea «Amoroto eta Zuluetako baltsaren artean eroanbide bikoitza» egiteko proiekturako beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urgentziaz okupatu beharrekoak direla horiek nahitaez desjabetzeko. Berariaz abiarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko martxoaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala