Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2024ko martxoaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1455

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 21ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita «Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 6. Aldaketa»ri buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2024ko urtarrilaren 23an, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko «Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 6. Aldaketa»ren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko azaroaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Aldi berean, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren inguruan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

«Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 6. Aldaketa» abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren mende dauden plan eta programak, honako hau zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo bestela, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren mende jarri behar dela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, berau baita eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, Planak ingurumenean ondorio adierazgarririk izan dezakeen ala ez aztertu da eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edo, bete behar ez badu, Plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 6. Aldaketa»ren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehaztutako moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren eremuak Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunea hartzen du, 175.274 m2-ko azalerakoa, AP-8aren eta Portugaleterekiko mugaren artean.

Planaren eremuan indarrean dagoen hirigintza-araubidea Valle de Trápaga-Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorra da (2015eko maiatzaren 19ko BAO, 93. zk.).

Planak helburu hauek ditu:

– Industria-guneko zerbitzu-sareetako azpiegituren gaur egungo egoeraren ezaugarriak aztertzea, urbanizazio bidez azpiegitura horiek finkatzeko.

– Gauzatzeko dagoen hirigintza-eraikigarritasuna aztertzea, eraikuntza bidez eraikigarritasun hori finkatzeko.

– Eremuaren antolamendu xehatua ezartzea, geroago Antolamendu Plan Berezi bat idatzi behar ez izateko. Ildo horretan, industria-gunearen akronimoa aldatu da: AI_NE_RM01-en ordez, AI_NE_01.

– Aldaketaren eremuan eremu higagarrien gainjarritako baldintzatzailea aldatzea.

Eraikuntzak finkatu gabeko eremu horren antolamendu xehatuan, non hirigintza-eraikigarritasuna handitzeko aukera aurreikusi den Nervacero enpresaren industria-jarduera sostengatzeko, honako hauek proposatu dira:

– Bi alternatiba, eremuari esleitutako gehieneko eraikigarritasunari dagokionez; eremuak gaur egun sestra gaineko 106.500 m2 sabaikoa eta sestra azpiko 53.250 m2-koa du.

1. alternatiba: 81.500 m2 sestra gainean eta 48.900 m2 sestra azpian, Espazio Libreen Tokiko Sistemarako 3.028,74 m2-ko gutxieneko lurzoru-erreserbarekin (berdegune eta espazio libreetarako eta, hala badagokio, % 50eraino aparkaleku publikorako), eta 235 zuhaitz landatzeko edo kontserbatzeko.

2. alternatiba: 93.000 m2 sestra gainean eta 55.800 m2 sestra azpian, Espazio Libreen Tokiko Sistemarako 3.955,30 m2-ko gutxieneko lurzoru-erreserbarekin (berdegune eta espazio libreetarako eta, hala badagokio, % 50eraino aparkaleku publikorako), eta 350 zuhaitz landatzeko edo kontserbatzeko.

– Gehieneko lerrokaduren aldaketak (puntualak).

– Eraikigarritasuna handitzearen ondoriozko zuzkidura publikoen definizioa:

Espazio Libreen Tokiko Sistema, 4.033,55 m2-ko azalerakoa, eremuaren mendebaldean antolatua, Ballonti ibaiaren ibilguaren inguruan.

Zuhaitzak landatzea edo kontserbatzea:

1. alternatiba: 235 zuhaitz – 120 unitate, Espazio Libreen Tokiko Sistemaren eremuan, eta gainerakoa, 115 unitate, forma linealeko paketeetan, Ballonti ibaiaren gehieneko lerrokaduren eta haren sistema orokor hidraulikoaren arteko eremuetan, Nervacero eremuaren urbanizazioaren erremate-proiektuan definitu beharrekoak, hargatik eragotzi gabe egoki iritzitako zuhaitz kopurua egoki diren beste eremu batzuetan sartzea, urbanizazioaren eta eraikuntzaren garapenaren arabera.

2. alternatiba: 350 zuhaitz – 150 unitate, Espazio Libreen Tokiko Sistemaren eremuan, eta gainerakoa, 200 unitate, forma linealeko paketeetan, Ballonti ibaiaren gehieneko lerrokaduren eta haren sistema orokor hidraulikoaren arteko eremuetan, Nervacero eremuaren urbanizazioaren erremate-proiektuan definitu beharrekoak, hargatik eragotzi gabe egoki iritzitako zuhaitz kopurua egoki diren beste eremu batzuetan sartzea, urbanizazioaren eta eraikuntzaren garapenaren arabera.

ADI_NE_01 eremuaren antolamendua zuzkidura-jarduketa baten bidez gauzatuko da (urbanizazioa osatzeko obrak eta instalazioak eta eraikinak egiteko obrak).

Planak 1. alternatiba hobesten duen arren, bi aukerak mantentzen ditu Planaren araudian, bietako zein gauzatzea aurreikusi den zehaztu gabe.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar den ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, Nervaceroren industria-garapeneko beharrizanei egokitutako zuzkidura-jarduketa pixkanaka gauzatzea aurreikusi da, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearekin eta egiturazko antolamenduari buruzko araudiarekin bat etorriz, eraikuntza- eta urbanizazio-proiektu osagarrien bidez; «a priori», proiektu horiek ez leudeke ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren mende, Planak berak adierazten duen bezala.

Nolanahi ere, adierazi behar da eremuan garatzen den jarduera ingurumen-baimen bateratuaren prozeduraren mende dagoela eta, beraz, Plana garatzeko gauzatzen diren proiektuak edo jarduera-aldaketak arlo horretan indarrean dagoen legedian ezarritako zehaztapenetara egokitu beharko dira.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planak ez du eraginik beste inongo plan edo programatan, eta Valle de Trápaga-Trapagarango hiri-antolamenduko plangintza orokorrean aldaketa jakin batzuk egitera mugatzen da (zehazki, Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean), bertako zerbitzu-azpiegiturak eta hirigintza-eraikigarritasuna aztertuz lursail horiek kategorizatzeko, bai eta antolamendu xehatua ezarriz ere; aldaketa horiek ez dute funtsezko aldaketarik eragiten jarduera-eremuan eta proposamenetan.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barne hartzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plana egokitzat jo da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-alderdiak barne hartzeko, jasangarritasun energetikoa bultzatuz, eraikuntza eta urbanizazio jasangarriaren bidez; energia berriztagarrien bidez; mugikortasun jasangarriaren bidez; argiteria publiko efizientearen bidez eta artifizializatutako lurzoruak berrerabiltzeari eta leheneratzeari lehentasuna emanez.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak:

Ballontiren ibilgua bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) hobetu beharreko tarte gisa identifikatuta dago, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak espezie horrentzat onartutako Kudeaketa Planaren arabera.

Eremuan 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-orbanek eragin oso puntuala dute, baita iparraldeko eta hego-ekialdeko muturretan lehentasunezko fluxu-eremuak ere. Gainera, hego-ekialdeko mutur horri neurri berean eragiten dio ES017-BIZ-IBA-02 Uholdeak Izateko Arrisku Potentzialeko Eremuak.

Era berean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatietan dago ia eremu osoa; zehatz-mehatz, 48080-00039 eta 48080-00123 kodeak dituztenetan.

Hodei toxikoarengatiko Petronor enpresaren eraginpeko esparruaren mugan dago eremua (7.990 m); enpresa hori Seveso araudian sartuta dago.

Gainera, merkantzia arriskutsuak AP-8an garraiatzeak eragindako arriskuaren 200 metroko eragin-zerrendan dago (arrisku oso handikotzat jotzen da).

Nahiz eta eremuan higadura-prozesu muturrekoak eta larriak izateko arriskua duten gune puntualak identifikatu diren, gune horiek bat datoz dagoeneko eraikita daudenekin.

Zaratari dagokionez, eremuan etorkizuneko garapenetarako eta erabilera nagusia industriala duten esparruetarako ezarritako Kalitate Akustikoaren Helburuak betetzea aurreikusi da. Hala ere, aztertutako eguneko hiru aldietan, fatxadan zarata-muga gaindituko litzateke eremuaren ipar-ekialdeko eta AP-8ra orientatutako eraikinetan, bai arratsaldez, bai gauez.

e) Era berean, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Eremua Valle de Trápaga-Trapagaran udalerriko ipar-muturrean dago, AP-8 eta Ballonti ibaiaren arteko lursailetan, Portugalete udalerriarekiko mugan. Eremuak 175.274 m2-ko azalera du, erabilera industrialeko lurzoru urbano gisa sailkatutakoa. Gaur egun, eremua ia erabat garatuta dago, eta Nervacero enpresaren hainbat industria-instalaziok, aparkaleku-guneek eta transformazio elektrikoko estazio batek hartua dute.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Ibaizabaleko Unitate Hidrologikoan dago, «Nerbioi barnealdea, trantsizioko drainatzea» (ES111O000030) ur-masaren arroan. Ez da identifikatu Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Babestutako Eremuen Erregistroan (2022-2027) jasotako elementurik.

Eremua ez dago ezein interes hidrogeologikoko eremutan.

Eremuko landaredia landaredi erruderal nitrofiloak eta heskai txikiek osatzen dute eraikinen edo bideen mugan. Ballonti ibaiaren ertzetan espezie autoktonoen eta aloktonoen zuhaitz- eta zuhaixka-aleak identifikatu dira, tartean, espezie aloktono inbaditzaileen ale ugari (Cortaderia selloana, Fallopia japonica eta Buddleja davidii, besteak beste).

Eremuan hiri-inguruetako berezko fauna-espezieak daude, ez dago ezein naturagune babestutan, interes geologikoko lekutan edo beste katalogo batzuetako espaziotan, eta ez dago hezeguneen edo korridore ekologikoen intereseko lekurik ere; ez dago mehatxatutako flora-faunako espezierik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere. Hala ere, Ballontiren ibilgua bisoi europarrarentzat (Mustela lutreola) hobetu beharreko tarte gisa identifikatuta dago, ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuak espezie horrentzat onartutako Kudeaketa Planaren arabera.

Planaren eremuan kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere ez da identifikatu.

Eremuko ingurumen-arriskuei dagokienez, aurreko apartatuan deskribatutakoak dira.

Eragina jasan dezakeen eremuan Planak izango dituen ondorioei dagokienez, eremuaren gaur egungo egoera, Planaren irismena eta aurreikusitako prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa kontuan hartuta, ez da espero jarduketa horiek ingurumenean inpaktu adierazgarririk eragingo dutenik, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada eta, bereziki, urei, natura-ondareari, kutsatutako lurzoruei, obretako zaratari, hondakinei eta isurketei dagokiena, eta baldin eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokien arabera egiten badira; kasu horretan, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Etorkizuneko zirkulazioaren (20 urte) eragin akustikoak Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzea ekarriko du kanpoko ingurunean eta fatxadan, eremuaren ipar-mendebaldeko muturrean. Hala ere, eremua mugatzeak (non kanpoan geratuko diren eremuari pertsonak egoteko esparru bat ematen dioten elementuak) eta indarrean dagoen araudia betetzeko zuzenketa-neurri egokiak ezartzeak haren eragina mugatuko dute.

Obra-fasean, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak industria-eraikin berriak eraikitzeko obrekin lotuta daude. Obra horien ondorioz, lurzorua okupatuko da, baliabideak kontsumituko dira, lurrak mugituko dira, makinak batetik bestera ibiliko dira, emisio atmosferikoek eta akustikoek herritarrei enbarazu egingo diete, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira, lurrazaleko eta lurpeko uren kalitatean eta lurzoruetan afekzioak izateko arriskua egongo da partikulen arrasteengatik eta istripuzko isurketengatik, eta abar. Hori guztia industria-eremu artifizializatu batean gertatuko da.

Kontuan hartuta jarduketak, «a priori», lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dauden lurzatietan izango direla, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

Bestalde, antolatutako espazio libreak Ballonti ibaiaren ertzetako paisaian integratzeko lanek zuzenean eragin liezaiokete eremu horretako landarediari eta baita, aldi baterako, ingurune hidrikoaren kalitateari ere. Nolanahi ere, ondo baloratu da jarduketak aprobetxatzea Planaren eremuan sartutako ibilguaren ertzei naturaltasun handiagoa emateko eta identifikatutako flora exotiko inbaditzailearen aleak ezabatzeko.

Ustiapen-fasean, eraginak eremuan garatutako industria-jarduerarenak izango dira nagusiki.

3.– Ebazpen honetan, «Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 6. Aldaketa»n (espresuki, hirigintza-araudian) txertatu beharreko ondorengo babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarri dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.

– Natura-ondarea babesteko neurriak.

• Planaren eremuan espezie exotiko inbaditzaile ugari daudenez –hala nola Buddleia (Buddleja davidii), kanabera arrunta (Arundo donax), banbu japoniarra (Fallopia japonica) eta Panpako lezka (Cortaderia selloana)–, Planak espezie horiek kontrolatzeko eta desagerrarazteko neurriak jasoko ditu; esate baterako:

* Aire-zatiak eta sustraiak eta errizomak mekanikoki ezabatzea eta, ondoren, horiek zabaltzea saihesteko kudeaketa egitea.

* Hazkunde azkarreko espezie aitzindariak erabiltzea, berdeguneetara eta espazio libreetara (hiri-parkeak eta lorategiak, esaterako) bideratuko diren lurzoru tratatuen birkolonizazioa oztopatzeko.

* Landareztatzeko lurrak kudeatzea, espezie exotiko inbaditzaileak dituzten eremuetako lurrak erabiltzea saihesteko.

• Gainera, Jabari Publiko Hidraulikoaren (aurrerantzean, JPH) zortasun-eremu osoa, zeinaren zati bat bakarrik hartzen duen Sistema Orokor Hidraulikoak, oztoporik gabe eta libre geratu beharko da eta, ahal den neurrian, egoera naturalean eta lursail naturala aldatzeko edozein esku-hartzetik libre egon beharko da (lur-mugimenduak, betelanak, urbanizazio-elementuak eta abar barne). Ahal den neurrian, egoera onean dagoen erriberako landarediari eragitea saihestuko da, eta landaredi hori sustatuko da ingurune horrekin bat datorren landaredi autoktonoko landaketen bidez, eskaintzen dituen zerbitzu ekosistemikoak indartzeko; besteak beste, uholdeen edo bisoi europarra (Mustela lutreola) desagertzeko arriskuaren aurrean.

• Horregatik guztiagatik, eremuaren ingurumena eta paisaia lehengoratzeko proiektu bat idatzi beharko da (Espazio Libreen Tokiko Sistema eta JPHren Zortasuna), non Ballonti ibaiaren ibilguaren eta eskuineko ibaiertzaren ibai-ekosistema eraberritzea eta lehengoratzea jasoko den Nervaceroko lurzatiarekiko muga osoan. Proiektu horretan txertatuko dira, batetik, flora exotiko inbaditzaileko espezieak desagerrarazteko neurri egokiak eta, bestetik, lehengoratze-neurriak. Behar bezala zehaztu beharko dira espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko eta desagerrarazteko neurriak, lehengoratzeko erabili beharreko espezieak, landareztatze-metodologia, aurreikusitako mantentze-lanak eta abar, bai eta horien aurrekontua ere. Lehengoratze-proiektu hori idatzi eta gauzatzea zuzkidura-jarduketa benetan garatzearekin lotuta egongo da.

Hala badagokio, Valle de Trápaga-Trapagarango Udalak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) udal-mugarteko Jabari Publiko Hidraulikoaren ibilguetan eta ertzetan batera esku hartzeko sinatutako hitzarmenaren esparruan jasotako jarduketak lehengoratze-proiektu horretan txertatzeko aukera baloratuko da (ibai-ekosistemak kontserbatzearekin, lehengoratzearekin eta hobetzearekin eta udalerria zeharkatzen duten ibilguen ahalmen hidraulikoa mantentzearekin lotutakoak).

– Jabari Publiko Hidraulikoa babestera, uholde-arriskuak minimizatzera eta hornidura zein saneamendua bermatzera bideratutako neurriak.

• Planaren eremuko lurzoruaren erabilerek kontuan hartu beharko dituzte, uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko, honako bi hauetan ezarritako mugak: apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 9. artikulua eta urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuaren, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Espainiako zatiko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenei buruzkoaren, I. eranskineko 43., 45. eta 46. artikuluak.

• Jabari Publiko Hidraulikoan eta haren babes-eremuetan (zortasun-eremua edo zaintza-eremua) egiten diren jarduketek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena beharko dute. Horrek aukera emango du inguruko arrisku-egoera aztertu behar den balioesteko; alegia, azterketa hidrauliko espezifiko bat egin behar ote den eta indarrean dagoen Plan Hidrologikoaren araudia aplikatu behar ote den.

• Nolanahi ere, ur-baliabideen hornidurari eta erabilgarritasunari dagokienez, arroko erakundeak emandako erabakiari jarraituko zaio, Uren Legearen testu bateginaren 25.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, saneamenduari dagokionez, erakunde kudeatzailearen (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa) adostasun-txostena eskatuko da, karga berriei zerbitzua emateko sistemen ahalmena justifikatzeko (edo, hori nahikoa ez bada, alderdi horretan sor daitezkeen arazoei irtenbidea emateko udalerriak egindako aurreikuspenak justifikatzeko).

– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.

• Eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruak daudenez (48080-00039 kodearekin inbentariatutako kokalekua), inbentariatutako kokaleku horretan hondeatze-lanak egitea aurreikusi duten eraikuntza-proiektuek dagokien hondeaketa-planaren aldez aurreko onarpena izan beharko dute.

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

• Eremuaren ipar-mendebaldean arratsaldez eta gauez Kalitate Akustikoaren Helburuak gainditzeak, AP-8 autobidetik hurbil egoteagatik (gauza bera aurreikusitako industria-eraikinen fatxadetan ere –finkatutako gehieneko lerrokaduren arabera–) neurri hauetakoren bat hartu beharra ekarriko du:

* Arratsaldeko ez-betetzearen eremuari pertsonak egoteko esparru bat ematen dion elementurik ez jartzea.

* Arratsalderako eta gauerako ezarritako Kalitate Akustikoaren Helburuen mailak gainditzen diren eremuetan kokatutako eraikuntza-jarduketetan inpaktu akustikoaren azterketa bat egin beharko da; hala badagokio, azterketa horrek zuzenketa-neurri egokiak ezarriko ditu, fatxadetarako ezarritako diseinuaren araberakoak, jarduketek indarrean dagoen araudi akustikoa bete dezaten.

* Eraikin kalteberarik aurreikusi ez denez (barne-espazioan Kalitate Akustikoaren Helburuak dituenik), eraikuntzaren kalitate akustikoari dagokionez, Eraikuntzaren Kode Teknikoko Zaratatik Babesteko Oinarrizko Dokumentuan ezarritakoa baino ez da bete beharko.

– Merkantzia arriskutsuen garraioaren ondoriozko arriskuari buruzko neurriak (errepideak).

• Merkantzia arriskutsuen errepide- eta trenbide-garraioan istripuak izateko arriskua dela-eta, Euskal Autonomia Erkidegoko Larrialdi Plan Berezian ezarritakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

– Ingurumen- eta paisaia-integrazioari buruzko neurriak.

• Espazio Libreen Tokiko Sistemaren egokitze-lanak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenaren arabera egingo dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Loreztatze-lanetan ez da inola ere erabiliko inbaditzailea izan daitekeen espezie aloktonorik; esaterako, Fallopia japonica, Arundo donax eta Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta beste batzuk. Loreztatze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.

• Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

Aurretik adierazitakoari kalterik egin gabe, Plana egitean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira. Arreta berezia jarriko zaio Ballonti ibaiaren berezko erriberako landaredia babesteari.

• Ibai-uren kalitatea babestea: zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu dadin lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuetarako tranpak eta iragazkiak.

Hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak, baliabideak beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, horren amaieran hondakinak modu efizienteagoan erabiliko dituen eraikingintza eta eraikuntza bat bultzatzeko.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, hala badagokio, eta haien kudeaketa indarrean dagoen araudira egokituko da (646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena).

• Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruetan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen arabera jardungo da, eta gomendagarria izango da Eusko Jaurlaritzaren «Gaikako Indusketa Plana 2020» kontsultatzea.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

• Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: Obra-faseko zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35.bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

• Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako Euskal Autonomia Erkidegoko gidetan (eraikin industrialak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusi «Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 6. Aldaketa»k ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Valle de Trápaga-Trapagarango Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartuko ez balitz «Nervacero 01 AI_NE_RM01 industria-gunean Valle de Trápaga-Trapagarango HAPOaren 6. Aldaketa». Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 21a.

Zuzendariaren absentziaz eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala