Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2024ko martxoaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1439

AGINDUA, 2024ko martxoaren 13koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baitira 14 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkidurak.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundearteko I. Plana Gobernu Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsi zuen, eta lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri jarri zituen abian, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak eta lan-bizitzak familian sorrarazten dituen mugak desagerrarazteko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna sustatuta, bai lana eskuratzeari eta lanean irauteari dagokionez, bai seme-alabek gehien behar duten etapetan zaintzan buru-belarri aritzeko dituzten aukerei dagokienez. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua beteta, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako dirulaguntzak.

I. planaren esparruan, lehenik, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituen uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta, gero, Enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua, non VI. kapituluan berriro antolatu baitziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, kontziliazio-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, Familiei Laguntzeko Erakundearteko II. Planean, kontziliazioa lerro estrategikotzat jo zuen (Gobernu Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan-munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, familiaren eremuan emakumeen eta gizonen erantzunkidetasuna sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta, gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua, martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatu zena. Berriki, beste dekretu bat argitaratu da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, aurrekoa indargabetzen duena eta gaur egun indarrean dagoena.

Bestalde, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen xedea familiei babesa, arreta eta laguntza ematea da; horretarako, osotasun koherente batean antolatzen ditu familiei laguntzeko erkidego mailan indarrean dauden neurri guztiak, eta beste laguntza-neurri batzuk ere arautzen ditu. Eta II. tituluko II. kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko neurriak jasotzen ditu.

EAEko Familiei Laguntzeko Erakundearteko III. Plana Gobernu Kontseiluaren 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartu zen, helburu nagusi hau izanik: zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik, familia-politika bultzatzea, familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Laguntzen eskaintza horri esker, ordezkatzea, hirugarrenen esku uztea edo amore ematea eragotziko da, bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzunkidetasunez uztartu ezin ezin bada.

Familiei Laguntzeko Erakundearteko IV. Planak (2018-2022), hau ezarri du helburu gisa 2. ardatzean: bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea. Horretarako, beste dekretu bat egin da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, zeinetan laguntza-lerro berri bat sartu baita eta lehendik daudenak hobetu baitira.

2021ean, COVID-19 osasun-larrialdiko egoerak EAEko familietan eragin zuen inpaktu ekonomiko eta sozialari premiazko erantzun bat emate aldera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2021eko otsailaren 9ko Agindua argitaratu zen. Agindu horren bidez, 2020-2021eko ikasturtean 3 eta 14 urte bitarteko seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzetarako deialdia egin zen. Agindu horretan aurreikusitako diruz laguntzeko epea 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era artekoa izan zen.

Azaldutako egoera oinarri hartuta, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 0 eta 14 urte bitarteko seme-alaben zaintzaileen kontratazioa etengabe diruz laguntzea erabaki zuen, eta zaintzaileak kontratatzeagatik familiei ematen zaizkien laguntzei buruzko araudi osoa lege-multzo koherente bakar batean bateratzea. Horrek ekarri zuen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko 164/2019 Dekretuaren V. kapitulua indargabetzea.

Gainera, laguntza-lerro hori 164/2019 Dekretutik bereizten da, uste baita arau-multzo espezifiko batean laguntza horiek modu eraginkorragoan jakinarazi eta transmititu ahal izango zaizkiola gizarteari.

14 urtetik beherako seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretua 2022ko urriaren 1ean sartu zen indarrean, eta seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko V. kapitulua indargabetu zuen. Dekretu berriak 14 urtera arte zabaldu du adingabeen adina, eta zenbait hobekuntza egin ditu:

– Laguntzen zenbatekoa: aurreko araudiari dagokionez, dekretuak tarte bat gehiago sartzen du 50.000 eurotik gorako familia-errenta estandarizatua duen eskatzaile bati Gizarte Segurantzari zaintzaile enplegatuaren kotizazio gisa ordaindutako zenbatekoen % 25 emango zaio diruz. Horren arrazoia da beharrezkotzat jo izana laguntza-kopuruetan progresibotasun handiagoa sartzea, diru-sarrerak eta familia-unitatearen osaera kontuan hartuta.

– Ebazpen judizialaren bidezko zaintza eta jagoletza partekatuko kasuetan, malgutu egin da kontratupeko zaintzailea hartzen duen seme-alabarekin batera erroldatuta egoteko betekizuna.

– Beste betekizun bat ere malgutu da, hau da, bi gurasoek lanaldi osoa izatea jarduten duten sektorean. Izan ere, salbuespen hauek izango dira:

• Guraso bakarreko familiak.

• Familia ugariak.

• Mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen kideren bat daukaten familia-unitateak.

• Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukaten familia-unitateak.

Zerrendatutako egoera horietan, onartuko da gurasoetako bat lanaldi murriztuan edo partzialean egotea, jarduten duen sektoreko lanaldi osoari dagokion lanaldiaren araberako % 50eko lanaldian edo handiagoan, kasu bietan.

– Dekretu horretan araututako laguntzak ezin dira bateratu urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren II. kapituluan (seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak) eta III. kapituluan (mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzak) araututakoekin, honako kasu hauetan:

• Guraso bakarreko familiak.

• Familia ugariak.

• Mendekotasun larria, mendekotasun handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen kideren bat daukaten familia-unitateak.

• Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukaten familia-unitateak.

Zerrendatutako kasuetan, onartuko da familia-unitate batek dekretu horretan araututako laguntza eta Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuan araututako laguntzak jasotzea.

Laguntza-programa honek zuzenean laguntzen du 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko etxean zaintzaileak kontratatu behar izan dituzten familien familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko helburua betetzen. Helburu hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago laguntza-programarekin batera. Plan hori sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen, Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratu da (https://www.euskadi.eus/agindua/orden-de-8-de-febrero-de-2024-de-la-consejera-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-por-la-que-se-aprueba-el-plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-para-el-periodo-2024-2027/web01-s2enple/eu/) eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenen mende dago –lege hori 2023ko abenduaren 30ean jarri zen indarrean–.

Administrazio Publikoaren dirulaguntzen jarduerak izan behar duen publikotasun-printzipioa babeste aldera, zeina Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan jasota baitago, irailaren 7ko 102/2022 Dekretuak 4.4 artikuluan aurreikusten du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan argitaratuko duela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian dekretu horretan aurreikusitako laguntza ekonomikoak finantzatzeko dagokion aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa.

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, 102/2022 Dekretuak ezartzen du ezen, lege hau indarrean jarri aurretik deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta zeukaten laguntza eta dirulaguntza publikoak arautzeko, kontuan hartuko direla bakoitzaren oinarri arautzaileetan eta, hala badagokio, deialdian xedatutakoa.

Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 17.c artikuluak xedatzen duenez, familia-politikaren arloan ekintza zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa Familien eta Haurren Zuzendaritzari esleitutako eginkizuna da, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean jasotako baldintzetan. Zuzendaritza hori, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da, dekretu horren 15.2 artikuluak xedatzen duenez.

Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da, onuradun izan daitezkeenek dirulaguntza-programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan eta irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren 4.4 artikuluan xedatutako publikotasun-printzipioaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretuan aurreikusitako dirulaguntza-lerroak betetzeko, gehienez 2.000.000,00 euro erabiliko dira 2024ko ekitaldian.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-zuzkidura eguneratzen bada, irailaren 7ko 102/2022 dekretuaren 4.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emango da horren berri.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala