
59. zk., 2024ko martxoaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 3 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1438
AGINDUA, 2024ko martxoaren 13koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen aurrekontu-zuzkidura jakinarazten duena.
Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua da familia-politika integral baten oinarriak eta esparrua ezartzea, familien eta familiakideen bizimoduaren kalitatea eta ongizatea hobetzeko asmoz; izan ere, ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzei buruzkoa da II. tituluaren I. kapitulua, eta 8. artikuluan eskubide subjektiboaren izaera ematen die, bete beharreko baldintzak betetzen badira.
Gobernu Kontseiluak, 2015eko martxoaren 17ko bilkuran, 30/2015 Dekretua onartu zuen ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko dirulaguntzak arautzeko. Arau horrek segida eman zion Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planaren esparruan 2002an hasi zen seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzen programari, eta urteko laguntzak ardurapeko seme-alaba bakoitzeko eta laguntza espezifikoak erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik aurreikusten zituen.
2018ko ekainaren 19ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak 2018-2022 aldirako Familiei Laguntzeko Erankude arteko IV. Plana onartu zuen. Horren esparruan, martxoaren 17ko 30/2015 Dekretua aldatu zuen uztailaren 30eko 121/2018 Dekretuak, ardurapeko seme edo alabagatiko prestazio ekonomikoak hobetzen zituenak, eta, beste neurri batzuen artean, bigarren seme-alabentzako hirugarren urteko laguntza bat jasotzea sartu zuen.
Gobernu Kontseiluak 2022ko ekainaren 21ean Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategia onartu zuen. Bertan, epe laburrean eragina izateko irizpidea duten jarduerak bultzatzearen barruan, ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko zuzeneko laguntzak handitzea jasotzen da. Helburu hori betetzeko, Gobernu Kontseiluak seme-alabaren bat duten familientzako laguntzei buruzko 27/2023 Dekretua onartu zuen 2023ko otsailaren 21ean. Bertan, hilero seme-alabengatiko laguntzak eta erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatiko eta nazioarteko adopzioagatiko ezohiko laguntzak jasotzen dira.
27/2023 Dekretuak 30/2015 Dekretua indargabetzen du. Hala ere, xedapen iragankorretan 30/2015 Dekretuaren arabera izapidetuko eta diruz lagunduko diren eskabideak adierazten dira:
a) 2023ko martxoaren 1a baino lehen haren babesean aurkeztutakoak, ebatzi gabe badaude.
b) 2022ko abenduaren 1etik abenduaren 31ra bitartean (biak barne) izandako jaiotzak, adopzioak, adopzio aurreko bizikidetzarako tutoretzak edo zaintza-delegazioak, erditze anizkoitza, adopzio nazional anizkoitza eta nazioarteko adopzioa direla-eta egindakoak, 2023ko martxoan eta gertaera eragilea gertatu zenetik hiru hilabeteko epean aurkeztu baziren.
c) % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna edo mendetasun-egoera aitortzeagatik bere esparruan emandako laguntzen bikoizketari buruzkoak, baldin eta organo kudeatzaileari jakinarazten bazaio jaio zenetik edo, hala badagokio, adopzioa eratu zenetik, adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintza eskuordetzen denetik edo tutoretzatik bost urte bete baino lehen.
Bi dekretuetan jasotako laguntzak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan daude, sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartua eta Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratua (https://www.euskadi.eus/agindua/orden-de-8-de-febrero-de-2024-de-la-consejera-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-por-la-que-se-aprueba-el-plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-para-el-periodo-2024-2027/web01-s2enple/eu/).
Laguntza-programa hau Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenen mende dago. Lege hori 2023ko abenduaren 30ean jarri zen indarrean.
Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.2 artikuluan jasotako publikotasun-printzipioa babesteko, zeinak Administrazio Publikoaren dirulaguntzen jarduera bideratu behar baitu, 30/2015 Dekretuak eta 27/2023 Dekretuak 30.2 eta 12.2 artikuluetan, hurrenez hurren, ezartzen dutenez, familia-politikaren arloan eskumena duen sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko du zein den dekretuetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen den zenbatekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.
Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 17. artikuluaren c) letrak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia eta Haurren Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 15.2 artikuluak xedatzen duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.
Horren ondorioz, 30/2015 eta 27/2023 Dekretuetan familia-politikaren eskumena daukan sailari egindako aipamena ulertzeko, gaur egun, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari egindakotzat hartu behar da, eta hango sailburuari dagokio agindu hau ematea.
Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, interesdun izan daitezkeenek dirulaguntza horien berri izango dutela bermatzeko.
Beraz, Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako publizitate-printzipioaren arabera, eta seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan eta seme-alabaren bat duten familientzako laguntzei buruzko otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren 12.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 1.– Seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusten diren dirulaguntzen lerroak betetzeko, guztira, 861.300,00 euro bideratuko dira gehienez.
2.– Seme-alabak dituzten familientzako laguntzei buruzko otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuaren esparruan aitortu beharreko diruz laguntzeko egoeretarako, 126.889.800,00 euro erabiliko dira gehienez; horietatik 35.705.200,00 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio; 39.820.200,00 euro 2025eko konpromiso-kredituari; 36.234.600,00 euro 2026ko konpromiso-kredituari; 14.244.300,00 euro 2027ko konpromiso-kredituari; eta 885.500,00 euro 2028ko konpromiso-kredituari.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan eta otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan (30.1 eta 12.1 artikuluetan, hurrenez hurren) xedatutakoaren arabera, hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneratzerik gertatzen bada, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez argitaratuko da hori.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
RSS