Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2024ko martxoaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1437

AGINDUA, 2024ko martxoaren 13koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baita zenbateko aurrekontu-zuzkidura dagoen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) letretan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundearteko I. Plana Gobernu Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsi zuen, eta lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri jarri zituen abian, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kendu eta lan-bizitzak familian sorrarazten dituen mugak desagerrarazteko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna sustatuta, bai lana eskuratzeari eta lanean irauteari dagokionez, bai seme-alabek gehien behar duten etapetan zaintzan buru-belarri aritzeko dituzten aukerei dagokienez. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua beteta, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako dirulaguntzak.

I. planaren esparruan, lehenik, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzen dituen uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta, gero, Enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua, non VI. kapituluan berriro antolatu baitziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, kontziliazio-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, Familiei Laguntzeko Erakundearteko II. Planean, kontziliazioa lerro estrategikotzat jo zuen (Gobernu Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan-munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, familiaren eremuan emakumeen eta gizonen erantzunkidetasuna sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta, gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua, martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuaren bidez aldatu zena. Berriki, beste dekretu bat argitaratu da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, aurrekoa indargabetzen duena eta gaur egun indarrean dagoena.

Bestalde, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen xedea familiei babesa, arreta eta laguntza ematea da; horretarako, osotasun koherente batean antolatzen ditu familiei laguntzeko erkidego mailan indarrean dauden neurri guztiak, eta beste laguntza-neurri batzuk ere arautzen ditu. Eta II. tituluko II. kapituluan, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzen laguntzeko neurriak jasotzen ditu.

EAEko Familiei Laguntzeko Erakundearteko III. Plana Gobernu Kontseiluaren 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartu zen, helburu nagusi hau izanik: zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik, familia-politika bultzatzea, familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Laguntzen eskaintza horri esker, ordezkatzea, hirugarrenen esku uztea edo amore ematea eragotziko da, bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzunkidetasunez uztartu ezin ezin bada.

Familiei Laguntzeko Erakundearteko IV. Planak (2018-2022), hau ezarri du helburu gisa 2. ardatzean: bizitza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazioa eta seme-alabak zaintzeko ardura partekatua erraztea. Horretarako, beste dekretu bat egin da: 164/2019 Dekretua, urriaren 22koa, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa, zeinetan laguntza-lerro berri bat sartu baita eta lehendik daudenak hobetu baitira.

Laguntza-lerro berria dago, lan-eszedentzian dauden langileentzat, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko.

Seme-alabak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbateko ekonomikoa % 30 handituko da kasu hauetan:

– Guraso bakarreko familiak.

– Familia ugariak.

– Mendekotasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duen pertsonaren bat daukaten familia-unitateak.

– Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat duten familia-unitateak.

Mendekotasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzietarako eta lanaldi-murrizketetarako laguntzen zenbatekoa % 30 handitu da, eskatzailearen familia-unitatea multzo hauetako batean sartzen bada:

– Guraso bakarreko familia.

– Familia ugaria.

Mendekotasun ertaina edo handia edo % 50eko desgaitasuna edo handiagoa duten bi pertsona dauzkan familia-unitatea.

– Genero-indarkeriaren biktima izan den kideren bat daukan familia-unitatea.

Ezabatu egin da Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 2. b) artikuluan aipatzen diren lan-harreman bereziak dituzten langileei loturiko baztertzea; izan ere, kontsideratzen da etxeko lanetan diharduten langileen kolektiboa kanpo uztea ez dagoela justifikatuta, eta, hori dela eta, aukera izan behar dutela seme-alabak zaintzeko edo mendekotasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketarako laguntzak jaso ahal izateko.

Seme-alabak eta mendekotasuna edo osasun-egoera oso larria duten senitartekoak zaintzeko eszedentzietan eta lanaldi-murrizketetan laguntzeko lerroan, beste bi salbuespen gehitzen zaizkio diruz lagundu daitezkeen jardueretan etenak izateko posibilitateari: eskatzaileak baimena soldatarik gabe hartzea; eta eskolara egokitzeko aldiak.

Eskatzailea gizonezkoa bada, luzatu egingo dira seme-alabak, mendekotasuna duten senitartekoak eta osasun-egoera oso larrian daudenak zaintzeko eszedentzia eta lanaldi-murrizketetarako laguntzak baliatzeko gehieneko denborak, eta, horrenbestez, eskatzaile horrek bere osotasunean baliatu ahal izango du bikoteak duen diruz laguntzeko moduko aldia.

Seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko V. kapitulua 2022ko irailaren 30ean indargabetu zen, 14 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzei buruzko irailaren 7ko 102/2022 Dekretua indarrean sartu zenean. Dekretu berri horrek 14 urtera arte zabaltzen du adingabeen adina, eta zenbait hobekuntza egiten ditu.

Indargabetze horren ondorioz, indarrik gabe geratu da urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren d) apartatua, irailaren 7ko 102/2022 Dekretuaren xedapen iragankorretan xedatutakoaren kasuan izan ezik:

– Dekretua indarrean sartu arte (2022-10-01) urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren V. kapituluaren babespean egon diren dirulaguntzen egoerak, araudi horretan aurreikusitako zenbatekoekin diruz lagunduko direnak.

– Halaber, araudi horrek arautuko ditu seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak, urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren V. kapituluaren babesean emandakoak edo izapidetzen ari direnak.

Laguntza-programa hau Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren 2024rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago. Plan hori sailburuaren 2024ko otsailaren 8ko Aginduaren bidez onartu zen, Eusko Jaurlaritzaren webgunean argitaratu da (https://www.euskadi.eus/agindua/orden-de-8-de-febrero-de-2024-de-la-consejera-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-por-la-que-se-aprueba-el-plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-de-igualdad-justicia-y-politicas-sociales-para-el-periodo-2024-2027/web01-s2enple/eu/), eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako xedapenen mende dago –lege hori 2023ko abenduaren 30ean jarri zen indarrean–.

Administrazio Publikoaren dirulaguntzak emateko jarduerak izan behar duen publikotasun-printzipioa babeste aldera, zeina Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7. artikuluan jasota baitago, urriaren 22ko 164/2019 Dekretuak 62.4 artikuluan aurreikusten du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, sailburuaren agindu baten bidez, urtero jakinaraziko duela zer aurrekontu-zuzkidura dagokion dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, zuzkidura horren eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 17.c artikuluak xedatzen duenez, familia-politikaren arloko ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia eta Haurren Zuzendaritzari esleituriko eginkizuna da. Zuzendaritza hori, Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da, dekretu horren 15.2 artikuluak xedatzen duenez.

Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da, onuradun izan daitezkeenek dirulaguntza-programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 62.4 artikuluan adierazitako xedapenekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko urriaren 22ko 164/2019 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) apartatuetan aurreikusitako dirulaguntza-lerroak betetzeko, 27.889.000,00 euro bideratuko dira, 2024an, honela banakaturik:

– 390.000,00 euro, lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzetarako, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako haurra zaintzeagatik gurasoek hartutako prestazio kontributiboen aldiak parekatzeko.

– 26.124.000,00 euro, hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko lan-eszedentzian dauden edo hamabi urtetik beherako haurrak zaintzeko lanaldi-murrizketa duten langileentzako laguntzetarako.

– 1.325.000,00 euro, mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzetarako.

– 50.000,00 euro, 3 urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzetarako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-zuzkiduran eguneraketarik gertatzen bada, horren berri emango da Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezaketa zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala