
59. zk., 2024ko martxoaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (179 KB - 11 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1435
32/2024 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita espetxeetan euskara irakasteko Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) sinatutako kudeaketa-gomendioaren akordioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea espetxeetan euskara irakasteko Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) sinatutako kudeaketa-gomendioaren akordioa. Hitzarmena ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 15a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 15EKO 32/2024 EBAZPENARENA
KUDEAKETA-GOMENDIOAREN AKORDIOA, BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ESPETXEETAKO IKASLE PRESOEI EUSKARA IRAKASTEKO
BILDU DIRA:
Batetik, Nerea Melgosa Vega andrea, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, otsailaren 13ko 6/2023 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera.
Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, irailaren 7ko 29/2020 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera, eta HABEren presidentea, 29/1983 Legearen bederatzigarren artikuluan ezarritakoaren arabera (29/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea Sortaraztezkoa eta Euskaltegiak Araupetzezkoa).
ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuak, 10.14 artikuluan, ezartzen du autonomia-erkidegoari dagokiola, bere lurralde eremuan, espetxetarako eta gizarteratzeko erakunde eta establezimenduen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua, arlo zibileko, zigor-arloko eta espetxe-arloko legeria orokorrak dioenaren arabera.
18/2020 Dekretuak, 13. artikuluaren 1.f) apartatuan, ezarritakoaren arabera (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Administrazio horren barruan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkio, besteak beste, espetxe-establezimenduak eta, bereziki, horien antolaera, funtzionamendua eta espetxe-legeak betetzea, lege horiek Espetxe Administrazioko organo zentralei ematen dizkieten ahalmenen egikaritzea bere gain hartuz.
Halaber, 12/2021 Dekretuak, 11. artikuluaren f) eta g) apartatuetan, (12/2021 Dekretua, urtarrilaren 19koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena), martxoaren 29ko 40/2022 Dekretuaren bitartez aldatutakoak, Justiziako Sailburuordetzari esleitzen dizkio honako ahalmen hauek:
«f) Espetxeen eta zigorrak betearazteko gainerako zerbitzuen antolamendua eta kudeaketa, eta sailburuordetzari atxikitako zuzendaritzei esleitutako eskudantzien goi-zuzendaritza gauzatzea, espetxeen erregimen- eta tratamendu-kudeaketaren, ingurune irekiaren eta neurri alternatiboen arloan.
g) Espetxe-administrazioaren zerbitzu, organismo eta zentroak koordinatzea eta gainbegiratzea, batez ere langileei, prozedurei, instalazioei eta zuzkidurei dagokienez; espetxe-azpiegituren plana prestatzea, espetxe-administrazioaren helburuak betetzen lagundu dezaketen beste erakunde batzuekin koordinatzea, eta gizarteak administrazio horretan parte har dezala sustatzea».
Bigarrena.– Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza dela eta, gaztelaniarekin batera, hizkuntza ofiziala dela aitortuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, 6. artikuluan, ezarri zuen herritarrek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea zutela, eta erabilera hori EAEko erakunde komunek bermatu beharko dutela, ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratuz eta arautuz.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak berriz aitortu zuen euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa dela, gaztelania eta euskara, biak, hizkuntza koofizialak direla eta botere publikoek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko behar diren neurriak hartu behar dituztela.
Ildo horretatik, bidezkoa da, uztailaren 6ko 169/2021 Dekretuaren bidez gauzatutako eskualdatzearen ondorioz, EAEko Administrazioak bereganatu duen Espetxeen eskumen-arloan ere abian jartzea beharrezkoak diren neurriak hizkuntzaren normalkuntzari ekiteko.
Hirugarrena.– Aldi berean, Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluak eta Espetxeei buruzko irailaren 26ko 1/1979 Lege Organikoaren 1. artikuluak ezartzen dutela zigor eta neurri penalen helburu nagusia berreziketa eta gizarteratzea dela, eta helburu hori lortzeko gizarte-, kultura-, hezkuntza-, prestakuntza- eta laguntza-programak garatu behar direla, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretu berak, Justizia zuzendaritzari esleitzen dizkio 14.1.i) artikuluan Espetxe-eremuan honako prestazio hauek kudeatzeko eskumena: hezkuntza, gizarte-ekintza, espetxe-lana, lanerako prestakuntza, gizarteratzea eta laneratzea, kultura- eta kirol-jarduerak sustatzea eta adikzioen prebentzioa eta tratamendua.
Laugarrena.– Azaroaren 25eko 29/1983 Legearen bidez, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) eratu zen, Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erakunde autonomo administratibo moduan. Erakundeak, besteak beste, honako xede hauek ditu:
1.– Euskara irakastea helduei, eta Euskal Herriko helduak euskaldundu eta alfabetatu daitezen bultzatzea eta sustatzea, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren arloko eskumena duen organoak emandako jarraibideen arabera.
2.– Ikerketa sustatzea eta erakundearen helburuak betetzeko bide, metodo eta tresna egokiak bilatzea.
3.– Material pedagogiko-didaktikoak sortzea eta argitaratzea.
4.– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko programak aplikatzea helburu horiek betetzeko sortu diren ikastetxeetan.
5.– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastetxeak sortu daitezen sustatzea, plangintza arrazionala eginez eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuz.
6.– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanak egiten dituzten erakunde publiko eta pribatuei laguntzea, eta plan espezifikoetarako hitzarmenak sinatzea.
Bosgarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 11.1 artikuluan, honako hau xedatzen du: «Administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Bestalde, Euskal Sektore Publikoaren 3/2022 Legeak, maiatzaren 12koa, xedatzen du 29. artikuluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko organoek edo haren mendeko entitate instituzionalek administrazio edo entitate bereko beste organo batzuei gomenda diezazkieketela beren eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzukoak, baldin eta efikaziari begira komeni bada edo baliabide egokirik ez badaukate jarduera horiek gauzatzeko.
Halaber, 29. artikuluaren 3. paragrafoaren arabera, kudeaketa-lanak beste sail bateko organoei edo haren mendeko organoei gomendatzeko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ez ditu akordio honetan ezartzen diren eginkizunak betearazteko behar diren baliabide teknikoak; HABEk, aldiz, baditu baliabide horiek. Ondorioz, kudeaketa-gomendioaren akordio hau sinatzea adostu dute, baina betiere honako hauek aintzat hartuta:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Gomendioaren xedea.
Gomendioaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan dauden ikasle presoei emango zaizkien euskara-ikastaroak antolatzea, ikastaro horiek kontratatzea eta ikasleen jarraipena egitea.
Sistema hauek erabiliko dira euskara-ikastaroak antolatzeko:
1.– Autoikaskuntzako sistemak.
2.– Aurrez aurreko ikastaroen sistemak.
Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.
1.– HABEren betebeharrak:
a) Helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumean (HEOC) jasotzen diren mailetan euskara-ikastaroak emateko behar diren baliabideak (baliabide materialak eta giza baliabideak) hornitzea, gomendio honetan ezartzen diren moduetan. Betebehar horretatik kanpo geratzen dira beharrezkoak diren gailu elektronikoak.
b) Erakundearen baliabideak erabilita, honako hauek hartuko ditu bere gain: ikasleen antolaketa (mailetan eta taldeetan), antolaketarako egin behar diren mailaketa probak, ikastaroen ikuskapena eta jarraipen tekniko-pedagogikoa, ikasleen bertaratzeari lotutako jarraipena (hilero txostenak eginez), ikasleen aurrerapena eta aprobetxamendua, eta ikasleek beren maila menderatzen duten jakiteko euskaltegiak egiten duen ebaluazioaren gainbegiratua. HABEk kontratatuko ditu ikastaroak, HABEren erregistroan izena emanda dauden euskaltegiekin, unean-unean indarrean dagoen eskuratze-sistema dinamikoaren babesean.
c) Euskara-ikastaroak, batez ere, HABEk ezarritako moduluen araberakoak izango dira. Modulu horietan salbuespenen bat aplikatu behar bada, erakunde horrek eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak aztertuko dute kontua.
d) Euskara-ikastaroetan berriki eskolatuta egon ez diren eskatzaileen kasuan, maila egokian sailkatzeko, HABEk, beharrezko mailaketa probak egingo ditu.
e) Bertaratzeari lotutako txostenei dagokienez, HABEk behar diren neurriak hartuko ditu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari eman ahal izateko gomendioan erabakitzen diren prestakuntza-jardueretara joan diren ikasleen bertaratzeari eta aprobetxamenduari buruzko datuak.
Aukeratutako metodoa edozein dela ere, HABEk hitzematen du hileko bertaratze-datu eguneratuak emango dituela informatzen den aldiaren hurrengo hilabetearen barruan, bai eta aprobetxamenduari buruzko datuak ere, ebaluazio bakoitza egin eta hurrengo hilabetearen barruan.
f) HABEk bermatuko du akordio honen babesean antolatzen diren taldeei euskara-ikastaroak emango dizkieten irakasleek kalitatezko irakaskuntza bermatzeko moduko profesionaltasuna eta esperientzia dutela.
2.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren betebeharrak:
a) Justiziako Zuzendaritzaren bitartez, EAEko espetxeetako ikasle presoei zuzendutako euskara-ikastaroen deialdiak egingo ditu eta horientzako eskaerak jaso eta kudeatuko ditu.
Hizkuntza-gaikuntzarako ikastaroak deitu baino lehen, HABEk eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak koordinatuta lan egingo dute, akordio honetan eratzen den jarraipen batzordearen bidez, EAEko Espetxeen Administrazioaren euskalduntze-beharrak eskaini beharreko modulu eta ikastaroekin bateragarri egiteko, bai eta ondorengo prozesu guztiak arautuko dituzten egutegia eta epeak ezartzeko ere.
b) Ikastaroetarako onartu diren pertsonen zerrenda bidaliko dio HABEri, beharrezkoak diren ikastaroak prestatu ditzan. Ikastaroak honako hauek izango dira:
1.– Modulu ezberdinetako aurrez aurreko ikastaroak (zehaztu beharko direnak).
2.– Autoikaskuntza ikastaroak (zehaztu beharko direnak).
c) HABEri agindu zaizkion jarduketak finantzatuko ditu, hirugarren klausulan jasotzen diren tarifen eta aurreikuspenen arabera.
d) Ikasle presoen ikas-prozesuaren datuak emango dizkio HABEri, hau da, gomendio honetan ezarritako euskara-ikastaroak egin dituzten ikasle presoenak.
Hirugarrena.– Finantzaketa.
1.– HABEren gomendio honen helburuak betetzeko, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 100.000 euro bideratuko ditu 2024. urtean. Hala ere, finantzaketa kreditu egokia eta nahikoa izatearen baldintzapean egongo da.
2.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde autonomoak (HABE) emandako zerbitzu eta jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko abuztuaren 4ko Aginduan edo hori ordezten duen araudian ezarritako tarifak aplikatuko dira.
3.– HABEk hiru hilean behin aurkeztuko dizkio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari akordioaren ondoriozko gastuen egiaztagiriak, Sailak egokiak diren egiaztapenak egin eta ordainketak agindu ditzan.
Laugarrena.– Jarraipen Batzordea.
Akordio hau burutzeko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzeko helburuarekin, eta horren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzordea sortuko da. Batzorde hori alderdi bakoitzaren hiru ordezkarik osatuko dute, dagozkien erakunde-arauen arabera izendatuak.
Batzordea osatuko duten ordezkarien artetik, alde bakoitzak koordinatzaile edo arduradun nagusi bat izendatuko du.
Batzordeburua sei hilean behin aldatuko da, aldi bakoitzean alderdietako baten ordezkaria txandakatuta.
Batzordea gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta honako eginkizun hauek izango ditu:
1.– Ikastaro bakoitzaren hasieran sor daitezkeen ikastaroen hartzaile izango diren pertsonen talde espezifikoen aurreikuspena egitea. Horretarako, nahikoa izango da Jarraipen Batzordean dagoen erakunde bakoitzeko ordezkari batek gutxienez parte hartzea.
2.– Komunikazio-esparru bat ezartzea Jarraipen Batzordearen bidez, aurrez ezarritako plangintzan gerta daitezkeen aldaketen berri emateko.
3.– Irakasleek benetan dituzten hobekuntza- eta trebatze-beharrak aztertzea, bereziki akordio honen mendeko ikasleen berariazko egoeretara egokitzeari dagozkionak, eta helburu hori lortzera bideratutako ekintzak proposatzea.
4.– Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta antzeman diren arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.
5.– Ikasleen gogobetetasun-inkesten emaitzak aztertzea, eta hobekuntza-neurriak proposatzea eta sustatzea, antzeman diren hobekuntza-eremuen barruan.
6.– Oro har, kudeaketa-gomendio honetan adostutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen oztopoak eta arazoak aztertzeko eta gainditzeko bideak proposatzea eta ezartzea.
7.– Kudeaketa-gomendioaren akordioa gauzatzean sor daitezkeen zalantzak jasotzea eta ebaztea.
8.– Akordioaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
Jarraipen Batzordea, funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluan xedatutakoaren arabera arautuko da, klausula honetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.
Bosgarrena.– Datuen babesa.
Gomendioa betetzean eskuratzen dituzten datu pertsonalak akordio honetan ezarritako helburuetarako baino ez dira erabiliko. «EAEko ikasle presoak euskalduntzeko» tratamendu-jardueraren parte dira, eta Justizia Zuzendaritza da jarduera horren arduraduna. Helburua da zigortuen hizkuntza-gaitasunarekin zerikusia duten jarduera guztien jarraipena eta kudeaketa egitea.
Kudeaketa-gomendioa Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin (datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz garatuko da.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.2 artikuluaren arabera, HABE arduratuko da kudeaketa-gomendioa betetzeko erabiltzen dituen datu pertsonalak tratatzeaz, eta, beraz, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa bete beharko du. Gomendio honen eranskinean agertzen den tratamendu-enkarguaren kontratua bi aldeek sinatu beharko dute.
Seigarrena.– Indarraldia eta ondorioak.
1.– Kudeaketa-gomendioaren akordio honek 2024ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izango du, eta ondorioak sortuko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Kudeaketa-gomendioa urtero berrituko da, bi alderdiak ados jarrita, gehienez ere lau urtera arte, dagokion ekitaldirako aurrekontu-kontsignazio egokia eta nahikoa badago, salbu eta Akordioa sinatu duten alderdietako bat ados ez badago.
2.– Nolanahi ere, alderdietako batek epea amaitu baino lehen suntsiarazi ahal izango du akordioa, baldin eta akordioa suntsiarazi nahi duen eguna baino gutxienez hiru hilabete lehenago ematen badio horren berri beste alderdiari.
Akordioa suntsituz gero, alderdiek ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte suntsiarazpenaren ebazpena ematen den egunera arte.
3.– Alderdi sinatzaileek edozein unetan alda ditzakete gomendio-akordio honen baldintzak, elkarren adostasunez, eta, horretarako, eranskin bat sinatu beharko dute.
Zazpigarrena.– Akordioaren izaera.
Akordio juridiko-administratibo hau egitean bete egin da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea).
Sinatzaileek, aurreko guztiarekin ados daudela adierazten dute, eta dauzkaten eskumenez baliatuz, kudeaketa-gomendioaren akordio hau sinatzen dute.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,
NEREA MELGOSA VEGA.
HABEko lehendakaria,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDU-ENKARGUA
1.– Tratamenduaren arduradunaren eta tratamenduaren eragilearen identifikazioa.
a) Tratamenduaren arduraduna: gomendioa egiten duen erakundea, hau da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritza.
b) Tratamenduaren eragilea: gomendioa jasotzen duen erakundea, hau da, HABE.
2.– Tratamendu enkarguaren xedea.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justiziako Zuzendaritzak Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeari (HABE) gomendioa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoan espetxeetako preso dauden ikasleentzat euskara-ikastaroak antolatzeko.
Kudeaketa-gomendioan zehazten diren zerbitzuak emateko asmoz gomendioa jasotzen duen erakundeari (HABE) atxikita dauden langileek datu pertsonalak tratatu ahal izango dituzte. Atxikitako langileek bakarrik tratatuko dituzte datu pertsonalak, gomendioan ezarritakoa garatzeko helburu bakarrarekin betiere.
Gomendioa gauzatzearen ondorioz, eranskin honetan ezarritakoa uneren batean aldatu behar bada, gomendioaren hartzaileak (HABE) eskatu egin beharko du, arrazoituta, eta egin nahi duen aldaketa zehaztu beharko du. Gomendioaren eskatzailea (Justizia Zuzendaritza) bat badator eskatutako aldaketekin, eranskin eguneratu bat egingo du, eta bertan, egingo den datu pertsonalen tratamendua zehatz-mehatz jasoko du.
3.– Taldeak eta tratatutako datu pertsonalak.
Gomendioa jasotzen duen erakundeak (HABE) interesdun talde hauetara eta tratatutako datu pertsonal hauetara sartzeko aukera izango du:
(Ikus .PDF)
4.– Datu pertsonalen tratamenduaren elementuak.
Honako tratamendu zehatz hauek egingo dira:
– Bilketa/Erregistroa.
– Sailkapena/Egituraketa.
– Gordetzea/Segurtasun-kopia.
– Aldaketa.
– Irteera.
– Kontsulta.
– Komunikatzea-Transmititzea.
– Mugatzea.
– Ezabatzea/Ezereztea/Ahaztua izateko eskubidea.
– Kopiak suntsitzea.
– Segurtasun-kopiak berreskuratzea.
5.– Enkarguaren Iraupena.
Enkargu honek lotzen zaion kudeaketa-gomendioaren iraupen bera izango du.
Hala eta guztiz ere, enkargua amaitzean, indarrean jarraituko du sekretu-betebeharrak, denbora-mugarik gabe, eta horri men egin beharko diote hitzarmena betetzen jardun diren denek.
6.– Datu pertsonalen jarduketa kudeaketa gomendioa amaitzean.
Kudeaketa-gomendioa amaitzean, prestazioa amaitu delako, gomendioa jasotzen duen organoak (HABEk) bere esku dauden datu guztiak itzuli beharko dizkio tratamenduaren ardura duen organoari, tratamenduaren xede den datu pertsonalen bat jasotzen duen edozein euskarri edo dokumenturekin batera. Itzultzeaz gain, gomendioa jasotzen duen erakundeak (HABE) erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu pertsonal guztiak ezabatu beharko dira. Hala eta guztiz ere, bakarrik Ikasle izaerari dagozkion datuen kopia bat gorde ahalko du, datuak behar bezala blokeatuta, kudeaketa-gomendioa betearaztetik erantzukizunak ondoriozta daitezkeen aldirako.
7.– Tratamendu-eragilearen betebeharrak.
Tratamendu-eragileak honako betebehar hauek izango ditu:
1) Tratatu beharreko datu pertsonalak edo datu pertsonalak jasotzen dituztenak enkargu honen helbururako baino ez ditu erabiliko. Inola ere ezingo ditu erabili bere helburuetarako.
2) Datuak tratamendu-arduradunaren jarraibideen arabera tratatuko ditu, eta ezin izango ditu beste ezein helburutarako aplikatu edo erabili.
3) Ez zaizkio hirugarren pertsonei jakinaraziko datuak, salbu eta tratamenduaren arduradunaren baimen espresua badu, legez onargarri diren kasuetan.
4) Tratamenduaren arduradunaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztien erregistro idatzia egingo du, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak eskatzen duen edukia sartuta.
5) Eskura dituen datu pertsonalen konfidentzialtasuna zainduko du, eta, tratamenduaren ardura duen erakundearekin harremanak amaitu ondoren, datu horiek gordeko ditu.
6) Datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu pertsonalak dituzten euskarriak suntsituko ditu edo tratamenduaren arduradunari itzuliko dizkio, eta kopiak suntsituko ditu zerbitzua amaitzen denean.
7) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek konfidentzialtasuna errespetatzeko berariazko konpromisoa idatziz hartzen dutela bermatuko du. Eta, gainera, tratamenduaren arduradunaren eskura izango du hori egiaztatzen duen dokumentazioa.
8) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteko beharrezko prestakuntza dutela bermatuko du.
9) Tratamenduaren arduradunarekin lankidetzan arituko da, datuen babesari buruzko araudian aurreikusitako eskubideak baliatzen dituzten interesdunei erantzunak emateko. Berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari eragindako pertsonek beren eskubideak baliatu dituzten tratamendu-eragilearen aurrean.
10) Segurtasun-urraketak jakinaraziko dizkio tratamenduaren arduradunari, bidegabeko atzerapenik gabe eta, betiere, 72 orduko gehieneko epea igaro baino lehen; gorabehera dokumentatzeko eta jakinarazteko garrantzitsua den informazioa helaraziko dio. Ez da beharrezkoa izango jakinaraztea, baldin eta gertagaitza bada segurtasun-urraketak arriskurik ekartzea pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako.
11) Hala dagokion kasuetan, tratamenduaren arduradunari lagunduko dio datuen babesari buruzko eragin-ebaluazioak egiten, baita kontrol-agintaritzari aurretiko kontsultak egiten ere.
12) Tratamenduaren arduradunaren esku jarriko du betebeharrak bete izana egiaztatzeko behar den informazio guztia, baita kasuan kasuko auditoretzak edo ikuskapenak egiteko behar den informazioa ere.
13) Tratamendu-eragileak datuak beste xede batekin erabiltzen baditu edo hizpaketak bete gabe komunikatu edo erabiltzen baditu, tratamendu-eragilea tratamenduaren arduradun gisa hartuko da, eta urraketen arduraduna izango da.
8.– Segurtasun neurriak.
Maiatzaren 3ko 311/2022 Errege Dekretuan (Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena Administrazio Elektronikoaren eremuan) ezarritako segurtasun-neurriak aplikatuko dira datuen tratamenduan.
Datu pertsonalak babesteko, datu horiek arrazoizko konfidentzialtasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna gal ez ditzaten antolakunde ordenatu batek hartu behar dituen neurriak erabili behar dira.
Baina arriskuak ebaluatu ostean segurtasun-neurri bereziak aplikatu behar badira, gutxienez honako segurtasun-neurri hauek ezarriko dira:
1) Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasuna, osotasuna, erabilgarritasuna eta erresilientzia iraunkorra bermatzea.
2) Intzidente fisiko edo teknikorik izanez gero, datu pertsonalak berriro erabilgarri eta eskuratzeko moduan azkar jartzea.
3) Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko ezarri diren neurri tekniko eta antolamenduzkoen efikazia aldian-aldian egiaztatu, ebaluatu eta baloratzea.
4) Datu pertsonalak pseudonimizatzea eta, hala badagokio, zifratzea.
Kudeaketa-gomendioa jasotzen duenak (HABE) neurri horiek ezartzeari edo ezabatzeari ezin izango dio utzi, arriskuaren analisia edo eraginaren ebaluazioa erabiliz, non eta ez den Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko baimena eskatzen horretarako.
Ondorio horietarako, kudeaketa-gomendioa jasotzen duen erakundeko (HABE) langileek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ezarritako segurtasun-neurriak bete beharko dituzte, eta soilik egin ahal izango dute Sailak zehaztu duen datu pertsonalen tratamendua.
9.– Tratamenduaren arduradunaren betebeharrak.
1) Kontratu honetan jasotzen diren datuak ematea tratamenduaren eragileari.
2) Ondo zaintzea tratamendu-arduradunak bete egiten dituela, aldez aurretik eta tratamendu guztietan, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa (abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
3) Tratamendua gainbegiratzea.
10.– Tratamenduaren azpienkarguak.
Tratamenduaren arduradunak baimena ematen dio tratamenduaren eragileari ikastaroak izapidetzea azpienkargatzeko.
Tratamenduaren eragileak (HABE) idatziz jakinaraziko dizkio tratamenduaren arduradunari (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Justizia Administrazioko Zuzendaritza) ikastaroak emateko azpikontratatzen diren pertsonen identifikazio-datuak eta zerrenda.
Azpieragileak tratamendu-eragile izaera ere badu, eta berak ere bete beharko ditu dokumentu honetan tratamendu-eragilearentzat (HABE) ezarritako betebeharrak eta tratamenduaren arduradunak ematen dituen jarraibideak.
Hasierako datu-eragilearen (HABE) ardura da harreman berria arautzea, berak dituen baldintza eta betekizun formal berberak izan ditzan azpieragileak, datu pertsonalak egoki tratatzeari eta ukitutako pertsonen eskubideak bermatzeari dagokienez.
Azpieragileak ez baditu betetzen baldintza eta eskakizun horiek, hasierako eragileak (HABE) izango du betebeharrak betetzeari lotutako erabateko erantzukizuna.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 8a.
Tratamenduaren arduraduna,
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA.
Tratamenduaren eragilea,
HABE.
RSS