
57. zk., 2024ko martxoaren 19a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (134 KB - 4 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
1403
25/2024 DEKRETUA, martxoaren 5ekoa, zeinaren bidez Laudioalde Lanbide Heziketako ikastetxe integratua eratzen baita, Laudioalde Lanbide Eskola bigarren hezkuntzako institutua –Hezkuntza Sailaren titulartasunekoa– eraldatzearen ondorioz.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, irakaskuntza Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da, bere luze-zabalean, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, betiere bazter utzi gabe Konstituzioaren 27. artikulua, artikulu hori garatzen duten lege organikoak, Konstituzioaren 149.1.30.a artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenak, eta hori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskaritza ere.
Lege-agindu hori garatuz, abenduaren 30eko 3195/1980 Errege Dekretuak eskumenak ematen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoak sortu, eraldatu, handitu, batu, sailkatu eta kentzeko (3195/1980 Errege Dekretuaren bidez osatzen da Estatuak irakaskuntzaren arloan dituen zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko prozesua).
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren xedea da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat eratu eta antolatzea (2022ko apirilaren 1eko BOE). Legeak 78. artikuluan ezartzen duenez, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek lanbide-heziketako eskaintzak eman ahal izango dituzte, besteak beste, aldez aurretik administrazio-baimena eskuratuta eta erregistroan izena emanda. 79. artikuluan, lanbide-heziketako eskaintzak emateko baimena duten ikastetxe guztien funtzionamendu-araubidea ezartzen da, eta adierazten da Lanbide Heziketako ikastetxeen espezializazioa, ikastetxe integratuen sorrera eta haien arteko espezializazio adimenduneko sareen sorrera bultzatuko direla.
Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legearen II. kapituluan, lanbide-heziketako euskal sistema integratua jasotzen da. Kapitulu horretan bertan adierazten denez, Lanbide Heziketako ikastetxeen sarea da sistema horren tresnetako bat. II. kapituluaren hirugarren atalean, lanbide-heziketako eskaintza integratua deskribatzen da; eskaintza horren oinarrian, ikastetxe-sare zabal bat dago, hasierako eta enplegurako lanbide-heziketa eskainiko duena. Sare horretan, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak daude, besteak beste. Ikastetxe integratuek irakaskuntza hauek eskainiko dituzte prestakuntza-ekintzetan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak, eta etengabeko prestakuntzari dagozkionak, lanean dabiltzan langileentzat direnak. Ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familiei edo -arloei dagokien prestakuntza-eskaintzaz gainera, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, baita beste ikaskuntza ez-formal batzuen bidez edo lan-esperientziaren bidez –Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren esparruan– lortutako konpetentziak ebaluatzeko zerbitzuak ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak 8.2 artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza- eta enplegu-arloko sailen mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe integratu publikoak Jaurlaritzaren dekretu baten bidez sortu, eraldatu edo ezeztatuko dira, bi sailetako edozeinen ekimenez. Dekretu horren 7. artikuluan, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek bete behar dituzten baldintzak ezartzen dira, eta e) letraren bidez betekizun gehigarri bat eransten zaie lehendik dauden ikastetxeak eraldatzetik, bat egitetik edo banatzetik datozenei.
Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 17.1 h) artikuluan adierazten denez, Lanbide Heziketako Sailburuordetzari dagokio, lanbide-heziketaren arloan, unitate eta ikastetxe pribatuak baimentzeko eta baimen horiek aldatu eta azkentzeko proposamenak egitea, bai eta unitate eta ikastetxe publikoak sortu, eraldatu eta kentzeko proposamenak egitea ere.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuetako 12.1 b) eta 15. artikuluek esleitutako eginkizunak betez (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutuak, eta ekainaren 29ko 156/2021 Dekretuaren eta abuztuaren 30eko 98/2022 Dekretuaren bidez aldatu), 2023ko azaroaren 21ean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimena eman zuen Hezkuntza Sailaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe integratu bat sortzeko, eraldaketaren ondorioz.
Horrenbestez, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua jakitun jarrita, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko martxoaren 5ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Lanbide Heziketako ikastetxe integratu publikoa sortzea.
Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, hezkuntza-arloan eskumena duen sailaren mendeko Laudioalde Lanbide Eskola bigarren hezkuntzako institutua (kodeak: 010201 eta 01000411) Lanbide Heziketako ikastetxe integratu bihurtuko da, 2024ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin. Lehengoa eraldatuz sortutako ikastetxe berriak izen generiko hau izango du: Lanbide Heziketako ikastetxe integratua.
2. artikulua.– Titulartasun publikoko ikastetxe integratuen sarean sartzea.
Titulartasun publikoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen sarearen barnean sartzen da aipatutako ikastetxea.
3. artikulua.– Prestakuntza-eskaintza eta beste zerbitzu batzuk.
1.– Lanbide Heziketako ikastetxe integratu eraldatuak irakaskuntza hauek eskainiko ditu prestakuntza-ekintzen barruan: hasierako lanbide-heziketari dagozkionak; langileen laneratzeko eta birlaneratzeko ekintzei dagozkienak eta bizialdi osoko ikaskuntzari dagozkionak, langile landunei zuzenduak. Irakaskuntza horiek finkatzerakoan, ekoizpen-ingurunearen eskaerak hartuko dira aintzat, eta sail edo organismo eskudunak baimena eman beharko du.
2.– Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. apartatuan adierazitakoarekin bat etorriz, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloetako prestakuntza-eskaintzez gain, lanbide-informazio eta orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio eta berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez-formal batzuen bidez edo lan-esperientziaren bidez –Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionalaren esparruan– lortutako konpetentziak ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitateko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen dituzten beste zerbitzu batzuk ere.
4. artikulua.– Ikastetxeko langileak.
1.– Behin betiko destinoa duten irakasle funtzionarioen berratxikitzeari ekingo zaio 86/2002 Dekretuaren arabera. Dekretu horrek irizpideak ezartzen ditu zehazteko zer irakasleri eragiten dion, ikasturte bakoitzean, bigarren hezkuntzako institutuetako eta Lanbide Heziketako berariazko institutuetako lanpostu-zerrendak, eta irakasleak beren ikastetxeetan atxikitzeko prozesua arautzen du.
2.– Hezkuntza Sailak urtero onartzen du, dagokion dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetan unibertsitatez kanpoko irakasleen kidegoetako lan-kontratuko irakasleentzat eta funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenda, maisu-maistren kidegokoa izan ezik. Berratxikitze-prozesuak indarrean dagoen lanpostu-zerrendaren azken oinarrian adierazitako araudi orokorraren arabera arautuko dira; hau da, urtarrilaren 24ko 10/2023 Dekretuaren arabera (2023ko otsailaren 13ko EHAA). 2023-2024ko ikasturteari dagokionez onartu eta argitaratuko den dekretuan sartuko da 1. artikuluaren bidez eraldatutako ikastetxearen lanpostu-zerrenda.
3.– Ikastetxe horretako Administrazio Orokorreko langileak atxikitzeko, Administrazio publikoetako langile funtzionarioen lanpostuak betetzeko Erregelamenduan araututa dauden berratxikitze-prozesuak hartuko dira oinarri (urriaren 13ko 190/2004 Dekretua).
4.– Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, eta 46/2014 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriarekin bat etorriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe integratu publiko bat sortuz gero eraldatze edo banatze baten ondorioz, Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoko, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoko eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko langileek ikastetxe berrian sartzea hauta dezakete, jatorrizko ikastetxean lortutako eskubideekin, edo, bestela, kenduaren izaera izatera iragan daitezke, horrek dakartzan eskubide eta obligazioekin. Nolanahi ere, 2024-2025eko ikasturtearen hasieran egin beharko dute aukeraketa hori. Era berean, administrazioko eta zerbitzuetako langileak ikastetxe berriko lanpostuetan sartuko dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ikastetxe eraldatutako zuzendariak kargua uztea.
Otsailaren 28ko 29/2023 Dekretuak 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, ikastetxea Lanbide Heziketako ikastetxe integratu bihurtuz gero, ikastetxeko zuzendariak kargua utziko du –29/2023 Dekretua, Hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren titulartasuneko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-funtzioa eskuratzeari, prestakuntza jasotzeari, hura ebaluatzeari eta aitortzeari, eta hura osatzen duten karguak uzteari buruzkoa–. Dekretu horren 12. artikuluaren arabera, dagokion lurralde historikoko hezkuntzako lurralde-ordezkariak izendatuko du hautatutako pertsona ikastetxeko zuzendari. Izendapenak eta kargu-hartzeak indarrean dagoen urteko uztailaren 1etik izango ditu ondorioak.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontseilu Soziala eratzea.
Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzaren ekimenez Kontseilu Soziala eratzeko jarduerak gauzatu beharko dira. Horretarako, gehienez urtebeteko epea egongo da, ikastetxe integratua jardunean hasten denetik aurrera. Lanbide Heziketako sailburuordeak behar diren jarraibideak emango ditu ikastetxeetako hauteskunde-prozesuak burutu daitezen. Kontseilu Soziala bi urtetik behin berrituko da, eta, horretarako, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeetarako oro har aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Laudioalde Lanbide Eskola bigarren hezkuntzako institutuari buruzko aipamenak.
Dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera, indarrean dauden xedapenetan Laudioalde Lanbide Eskola bigarren hezkuntzako institutua aipatzen denean, Laudioalde Lanbide Heziketako ikastetxe integratua aipatzen dela ulertuko da.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek 2024ko uztailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko martxoaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS