Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2024ko martxoaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1402

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 24koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita HE AL.05 Jolastokieta eremurako eta Erregeneko lursailetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko azaroaren 16an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, hasiera emateko HE AL.05 Jolastokieta eremurako eta Erregeneko lursailetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko urtarrilaren 8an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

HE AL.05 Jolastokieta eremurako eta Erregeneko lursailetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren mende dauden plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren inguruko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– HE AL.05 Jolastokieta eremurako eta Erregeneko lursailetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

HAPOren aldaketak AL.05 Jolastokieta hirigintza-eremuari eragiten dio (hiri-lurzoru finkatu gisa sailkatua), 22.336 m2-koari, baita Erregeneko 5.600 m2-ri ere (AL.05 eremutik urrun). Azken lursail horiek Espazio Libreen Sistema Orokorraren zuzkidura (F.10) betetzeko atxiki zaizkio jarduketa integratuari, ezinezkoa delako erreserba hori AL.05 eremuan bertan fisikoki kokatzea.

Aldaketak honako helburu hau du: batez ere bizitegi-erabilera duen hiri-ehunean geratu diren industria-lurzoruak birkalifikatzeko prozesuarekin aurrera jarraitzea; izan ere, lurzoru horiek bateragarritasun-arazoak sortzen dituzte inguruko bizitegi-ehunarekin, eta, beraz, industria-jarduerak beste kokapen batera lekualdatu eta bertan berriro ezartzea komeni da. Gainera, proposamenak Zardoya Otis SA enpresaren funtzionaltasun-arazoak konpontzen ditu, ezin baita egokitu haren beharrizanetara gaur egungo kokalekuan.

AL.05 Jolastokieta eremua birkalifikatzen da, industria-kalifikazio orokorra zuena (B.10), bizitegi-kalifikaziora pasatzen dena (A.30), eta Erregeneko lursailetan Zuzkidura-ekipamenduarekin (G.00) eta Espazio Libreen Sistema Orokorrarekin (F.10) osatzen dena. Gainera, AL.05 eremutik kanpoko hainbat eremu urbanizatzen dira: Jolastokieta Goikoarekiko elkarguneak, Txirrita Bertsolariarekiko bide-lotura eta inguruaren urbanizazioarekiko elkargunea.

Plangintzaren aldaketak AL.05 eremuaren zatirik handiena A.30 bizitegi-erabilera globalera birkalifikatzen du, eta sestra gaineko 39.287 m2/t-ko hirigintza-eraikigarritasuna ematen dio; horietatik 36.500 m2(t) etxebizitza-erabilerarako dira, 887 m2(t) merkataritza-erabilerarako eta 1.900 m2(t) sestra gaineko erabilera osagarrietarako (garajea, trastelekua eta osagarriak), sotoko solairuetan egiten direnak ezertan eragotzi gabe. Birkalifikazio hori osatzeko, Espazio Libreen Sistema Orokorrerako (F.10) 1.570 m2 aurreikusi dira eremuan bertan hiri-parke gisa erabiltzeko eta beste 5.600 m2 Espazio Libreen Sistema Orokor (F.10) gisa kalifikatzen dira eta HE AL.05.1 Jolastokieta jarduketa integratuari atxikitzen zaizkio Erregeneko lursailetan. Gainera, eremuan bertan, 715 m2 G.00 gisa kalifikatzen dira zuzkidura-bizitokien erreserba betetzeko.

Bizitegi-garapenari esker, bost etxebizitza bloke eraiki ahal izango dira, gehienez ere 456 etxebizitzarekin (babes sozialeko 89 etxebizitza bloke batean, tasatutako 89 udal-etxebizitza, beste batean, eta 278 etxebizitza libre hiru bloketan). Sestra azpian erabilera osagarriak egitea aurreikusi da (garajea/trastelekuak).

Urbanizazioa % 6ko malda duen bide baten trazaduraren gainean garatzen da; bideak ibilgailuek inguruan dituzten irisgarritasun-arazoak konpondu eta auzoa arinduko duten zirkulazio-trazadura berriak sortu nahi ditu, auzoaren goialdeko eta behealdeko oinezkoen eta bideen arteko komunikazioa erraztuz. Bide berria Jolastokieta kalearekin lotzen da, eta eremuaren barrualdean autobus-linea berriak ibiltzeko aukera ematen du.

Planteatutako eraikuntza topografiara egokitzen da, ahalik eta eguzkitsuena izan dadin eta berdeguneen iragazkortasuna ahalbidetu dezan eraikinen, espazio libreen eta oinezkoen ibilbideen inguruan (azken horiek espazio propioa ematen diote oinezkoari ibilgailuentzako bideak alde batera utzita). Pertsonentzat oinezko-itxura handiagoko eta oztopo gutxiagoko bide bat sortzeko asmoz, lur gaineko aparkaleku-plazak murriztea eta lurzati pribatuen barruan daudenak handitzea erabaki da (529 plaza, bizitegi-lurzatietan eta 67 plaza, zuzkidura-lurzatietan). Atariek ibilgailuentzako eta oinezkoentzako ibilbide nagusiak dituzte oinarri; hartara, ibilbide guztietarako sarbide segurua ahalbidetzen dute. Bizikletentzako 450 plaza sortzen dira.

Oinezkoentzako loturak errazteko, bi igogailu- eta eskailera-multzo sortzen dira, auzoaren goialdea eta bide berria bi lekutan lotzen dituztenak. Horietako bat iparraldean dago, eta Ermita Bidea eta haren inguruak bide berriarekin lotzen ditu. Bestea hegoaldean dago eta Txirrita Bertsolariaren pasealekua eta bide berria lotzen ditu.

Planak lau alternatiba proposatzen ditu: gaur egungo egoerari eustea (0 aukera), AL.05 eremuan industria-erabilerari eustea dakarrena, eta bide bereko antolamendua babesten duten 1., 2. eta 3. alternatibak, etxebizitza blokeen banaketa eta altueragatik bereizten direnak. Azkenik, 3. alternatiba aukeratu da, arrazoi ekonomikoengatik, batetik, eta bestetik, proposatutako antolamenduak oinezkoentzako lotura hobeak planteatzen dituela eta espazio libre zabalagoak eta funtzionalagoak antolatzen dituela eta eraikinen antolamenduak eta tamainak itzal gutxiago eta ikuspegi hobeak sortzen dituztela ondorioztatu delako.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: HAPOren aldaketaren xedea HE AL. 05 Jolastokieta industria-erabileratik bizitegi-erabilerara birkalifikatzea da, batez ere bizitegi-erabilera duen hiri-ehunean geratu diren industria-lurzoruak birkalifikatzeko prozesuarekin aurrera jarraitzeko, industria-jarduerak beste kokapen batera lekualdatzea eta hartan ezartzea ahalbidetuz. Ildo horretatik, aldaketak ez dakar indarrean dagoen plangintzakoez bestelako ingurumen-efekturik, ezta aldaketarik ere hierarkian gorago dauden plan edo programetan. Beraz, ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barne hartzeko, garapen jasangarria sustatzeko, bereziki: Plana garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak barne hartzeko egokia dela ondorioztatu da; hain zuzen ere, eremua berroneratzea eta lurzorua ondasun urri gisa aprobetxatzea, mugikortasun jasangarrira bideratutako neurriak txertatzea eta energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzea ahalbidetuz.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, lurzoruei, urei, zaratari eta hondakinen eta isurien kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua, 22.336 m2ko azalerakoa, Altza auzoan dago, Donostian. Hiri-lurzoru industriala da, erabat urbanizatua, gaur egun industria-instalazioak barne hartzen dituena. Iparraldean Ermita Bidearekin muga egiten du; hegoaldean, Txirrita Bertsolariaren pasealekuarekin; ipar-mendebaldean, Herrera pasealekuarekin eta ekialdean, Harrobieta plazako etxebizitza berriekin. Herrera pasealekuarekiko paraleloan, Zumarraga-Irun linearen (ADIF) trenbidea dago.

Eremua Erregeneko landaredi naturaleko guneak osatzen du, 5.600 m2koak eta AL.05 Jolastokietari atxikitako Espazio Libreen Sistema Orokor gisa kalifikatuak; ez da inongo esku-hartzerik aurreikusi bertan eta ez du urbanizazio-jarduketarik behar.

Ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman eremuan. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko natura-gune babesturik edo inbentariatutako beste gune babestu edo natura-interesekorik, ezta babestutako espezieen interes bereziko eremurik ere. Halaber, ez du ukitzen EAEko geologia-interesguneen inbentarioan jasotako geologia-interesgunerik edo EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik.

Litologia tuparri-kareharrien, kareharrizko tuparrien eta kalkareniten alternantzia da, eta pitzadura bidezko iragazkortasun ertaina du. Gaur egungo industria-instalazioak harrobi zahar baten plazaren gainean daude, eta, beraz, orografia bereziki laua da; desnibel nabarmena du eremuaren ekialdean Harrobieta plazarekin, eta desnibel hori beherantz doa mendebalderantz.

Eremua Oiartzunen Unitate Hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan; zehazki, Oiartzun-trantsizioa (ES111T014010) ur-masaren arroan. Eremuan ez dago ur-ibilgurik. Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, eremua erkidego barruko arroen barruan dago, eta Uraren Euskal Agentziak (URA) du haren gaineko eskumena ur-arloan. Eremua Oiartzungo estuarioko ur-bilketaren zonaren barnean dago, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan (ESCA641) jasota dagoena.

Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), landaredi erruderal-nitrofiloa duten hiriguneek osatzen dute eremua; eremuaren iparraldean eta hegoaldean zuhaitz- eta zuhaixka-aleak daude, apaingarriak zein espontaneoak. Ez dago Batasunaren intereseko habitatik, ezta babestutako flora-espezierik ere. Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, bertako fauna antropizatutako guneekin lotutakoa izango dela ondorioztatu da.

EAEko Paisaia Berezi eta Apartekoen Katalogo irekiaren aurreproiektuaren arabera, eremua Pasaiako ikus-arroan dago; paisaia-balio oso txikia duen arroa da, hiri-paisaia oso egunerokoa du, eta aipatutako katalogoan ez da paisaia berezi eta aparteko gisa jasotzen.

Planaren xede diren lurzatiek ez dute aitortutako kultura-ondasunik ukitzen; hala ere, Oxigraf pabiloia Eusko Jaurlaritzaren ondarearen inbentarioan dago, eraikitako ondare-elementu gisa (1292. fitxa).

Ingurumen-arriskuei dagokienez, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiak ukitzen ditu eremuak: 20069-00157: Zardoya Otis, 20069-00155: Oxigraf SA eta 20069-00154: Rutilita SA, 20069-00156 eta 20069-00158; denak, industria motakoak.

Planaren eremuan ez da ibai-uholdeen arazorik hauteman, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia edo oso txikia da, eta eremuak ez du interes hidrogeologikoko eremurik ukitzen. Bestalde, ez da hauteman higadura-prozesuen, sismikotasunaren edo baso-suteen ondoriozko arriskurik.

Ia eremu osoa trenbidearekiko (ADIF) 600 m-ko afekzio-zerrendan dago, eta istripuak izateko arriskua ertaina da, merkantzia arriskutsuen garraioarekin lotutakoa. Era berean, Jose Elosegi etorbidearekiko 600 m-ko afekzio-zerrendan dago, eta istripuak izateko arriskua oso txikia da, merkantzien garraioarekin lotutakoa.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, gaur egungo egoeran nahiz etorkizunekoan, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira aztertutako hiru aldietan (goiza, arratsaldea eta gaua). Hala ere, azterlanaren arabera, Herrera pasealekura begira dauden fatxadetako maila akustikoek ez dute segurtasun-tarterik; izan ere, aztertutako hiru aldietan zarata-mailak kalitate akustikoaren helburuen muga-mugan daude. Hori dela eta, azterlanak gomendatu du, ahal den neurrian, etxebizitzaren banaketan, fatxada horretan logelarik ez jartzea eta, hala badagokio, beirazko baoetan airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa handitzea. Bestalde, lortutako emaitzen arabera, inpaktua Ld = 60 dB(A)-koa da, beraz, Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzeko (Zarataren aurkako Oinarrizko Dokumentua, DB-HR), fatxaden isolamendu akustikoak, logela eta geletarako, gutxienez, 30 dB (A)-koa izan beharko duela ondorioztatu da.

Eremua Zumarraga - Irun linearen (ADIF) trenbidetik 75 metrora baino gutxiagora dago, eta zati bat haren eragin akustikoko eremuan dago. Hori dela eta, azterlan akustikoak bibrazioei buruzko azterlan bat barne hartzen du, eta hark ondorioztatu duenez, trenak pasatzeak eragindako bibrazio-mailak urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezarritako muga-balioen betekizunetara egokituko dira, bai eguneko ordutegian, bai gauekoan.

Aurrekoa ikusita, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak, funtsean, eraikin berrien urbanizazio- eta eraikuntza-lanetatik eratorriko dira. Lan horiek, obra fasean, honako hau ekarriko dute: hondakinak eta lur-soberakinak sortzea, istripuzko isurketek lurpeko urei eta lurzoruei afekzioak eragiteko arriskua, emisio atmosferiko eta akustikoek herritarrei eragozpenak eragitea eta abar. Kontuan hartu behar da, halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatiak daudela.

Alde horretatik, indarrean dagoen legeria eta, bereziki, kutsatutako lurzoruei, zaratari, hondakinei, isurketei eta kultura-ondareari buruzkoak betetzen badira, afekzioak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Ustiapen-fasean ez da espero indarrean dagoen plangintzaren aldaketaren ondoriozko eragin negatibo nabarmenik. Eragin positiboen artean, honako hauek nabarmendu behar dira: bizitegi-ingurune batean kokatutako hondar-izaerako industria-eremu baten hiri-berroneratzea, eta horrek Altza auzoko hiri-ehuna erabilera bateragarriekin osatzeko aukera emango du; espazio publikoak sortzea, kota baxuago batean auzoarentzako plaza berri baten osagarri izango direnak; auzoaren goialdearen eta behealdearen arteko oinezkoen mugikortasuna hobetzea (desnibel handiak daude) eta, azkenik, ibilgailuen konektibitatea hobetzea, eremuaren barnealdean autobus-linea berrien zirkulazioa areagotzeko.

Kontuan hartuta indarrean dagoen HAPOrako proposatutako aldaketen ondoriozko balizko eraginak, eremuaren gaur egungo egoera eta prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurrien aplikazioa, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan, HE AL.05 Jolastokieta eremurako eta Erregeneko lursailetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketan txertatu beharreko honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarri dira, aldaketa horrek ingurumenean eragin kaltegarri nabarmenik izan ez dezan, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira Planaren ondoriozko obrak gauzatzeko:

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Oxigraf izeneko higiezinean (tokiko intereseko elementua da) Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuaren I. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») aurreikusitako «Zaintzea eta apaintzea» edota «Sendotzea» esku-hartze motak aplikatzea gomendagarria da. Lehenik eta behin, esku-hartzeek haren bolumetria, kanpoko irudia eta oinarrizko banaketa tipologiko eta estrukturala errespetatzea gomendatzen da, egituraren material generikoa mantenduz eta ingurunearen ingurumen-ezaugarriak hutsaldu ditzaketen aldaketak saihestuz.

Kalitate akustikoaren helburuei buruzko neurriak.

Ahal den neurrian, etxebizitzaren banaketan, Herrera pasealekuari begirako fatxadetan logelarik ez jartzea eta, hala badagokio, beirazko baoetan airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa handitzea gomendatzen da. Era berean, lortutako emaitzen arabera eta Eraikuntzaren Kode Teknikoa betetzeko, fatxaden isolamendu akustikoak, gutxienez, 30 dB(A)-koa izan beharko du logela eta geletarako.

Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruei buruzko neurriak.

Planean antolatutako eremuan irailaren 30eko 165/2008 Dekretuaren bidez onetsitako «Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan» jasotako kokalekuak daudela-eta, Lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da.

Klima-aldaketaren ondorioak arintzera bideratutako neurriak.

Klima-aldaketara egokitzeko eta uharte termikoaren efektua gutxitzeko asmoz, espazio publikoaren gaineko esku-hartzea aprobetxatuta, eta betiere jarduketak ahalbidetzen badu, hiri-babesleku klimatiko gisa funtzionatuko duten itzalguneak sortu eta ingurunea naturalizatzeko prozesuak sustatuko dira. Horretarako, Ihobek argitaratutako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua hartu ahal izango da erreferentzia gisa.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Aplikatuko diren neurrien artean obra faseari buruzkoak nabarmentzen dira. Obrak gauzatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin lotuta daude horiek. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, lurzorura isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (lan-txabolak, obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne) kokatzeko garaian, lurzoru ez artifizializatuei ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, haien tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolatu gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanak egiten badira (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Hondakinak pilatzeko eremuak gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Obrarako sarbideak garbi mantendu beharko dira.

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek irauten duten bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zarata murrizteko, alde batetik, eraisteko, kargatzeko, deskargatzeko eta garraiatzeko eragiketei dagokienez, eta, bestetik, erabilitako makinen mantentze-lan orokorrei eta zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari dagokienez.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusi HE AL.05 Jolastokieta eremurako eta Erregeneko lursailetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean onartzen ez bada HE AL.05 Jolastokieta eremurako eta Erregeneko lursailetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 24a.

Zuzendaria falta izanik eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin bat etorriz.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala