Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

57. zk., 2024ko martxoaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1399

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 15ekoa, Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Lucart Tissue & Soap SLU enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta argitaratzea (Artziniega eta Gueñesko lantokiak) (hitzarmen-kodea: 86100312012017).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2024ko urtarrilaren 16an, goian aipatutako hitzarmenari buruzko dokumentazioa aurkeztu zen REGCON erregistroan (hitzarmen hori negoziazio-mahaiko enpresa-ordezkaritzak eta langileen ordezkaritzak sinatu zuten 2023ko abenduaren 21ean).

Bigarrena.– 2024ko urtarrilaren 30ean, zuzentzeko errekerimendua egin da, eta 2024ko otsailaren 9an bete da.

Hirugarrena.– Aipatutako hitzarmenaren sinatzaileek hitzarmena erregistratzeko, gordailutzeko eta argitaratzeko eskabidea izapidetu behar duen pertsona izendatu dute.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak), 2. artikuluan, Lan eta Enplegu Saila sortzen du, eta, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, lan-arloko legeriak lan-harremanei buruz ezartzen duena betearazi behar du sail horrek, besteak beste. Bestalde, urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak (Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoak, uztailaren 6ko 167/2021 Dekretuaren bidez aldatutakoa) 10.1.i) artikuluan Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzari esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistro telematikoa zuzendu eta kudeatzeko egitekoa, erregistroa arautzen duen dekretuan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoari jarraikiz.

Bigarrena.– Prozedura honetan aplikatu behar den funtsezko araudia bi dekretu hauetan jasota dago: 713/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 28koa, laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa; eta 9/2011 Dekretua, urtarrilaren 25ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzkoa (otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatu zuen).

Hirugarrena.– Aurkeztutako akordioa inskriba daitekeen egintza bat da, Hitzarmenak eta akordio kolektiboak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Dekretuaren 2.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera; eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 85., 88., 89. eta 90. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera sinatu da. Inskripzio-eskaera eta erantsitako dokumentazioa aztertuta, egiaztatu da legez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela eskaerak; beraz, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko laneko hitzarmen eta akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoarekin (otsailaren 14ko 20/2023 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori),

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hitzarmena Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzeko eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 15a.

Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

ANGEL LAPUENTE MONTORO.

LUCART TISSUE & SOAP SLU ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA
ARTZINIEGA (ARABA) ETA GUEÑESKO (BIZKAIA) LANTOKIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Lurralde-eremua.

Hitzarmen hau Lucart Tissue & Soap SLU merkataritza-etxeko langileei aplikatuko zaie, honako lantoki hauetan: Artziniega, Araban (Barretaguren auzoa, z.g.) eta Gueñes, Bizkaian (La Perenal kalea, z.g.).

2. artikulua.– Langile-eremua.

Hitzarmen honek aipatu merkataritza-etxeko plantillako langile guztiei eragiten die, baldin eta lantoki horietan lan egiten badute. Hitzarmenetik kanpo geratzen dira zuzendaritzako langileak, Langileen Estatutuaren 1.3 artikuluaren c) atalean aurreikusitakoaren arabera.

3. artikulua.– Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia 5 urtekoa izango da. 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondoreak, eta 2027ko abenduaren 31n amaituko da, beranduago indarrean jarriko diren gaietan izan ezik.

4. artikulua.– Salaketa eta luzapena.

Hitzarmen hau automatikoki geratuko da salatuta, bere indarraldia amaitzean.

Salatutakoan eta itundutako iraupena amaitutakoan, Hitzarmenak indarrean jarraituko du, berau ordezkatuko duen beste hitzarmen baterako berariazko adostasuna lortu arte, denbora-mugarik gabe.

5. artikulua.– Konpentsazioa eta xurgapena.

Hitzarmen honen xedapenek osorik ordeztuko dituzte orain arte enpresaren eta langileen artean indarrean izan diren xedapenak.Bi alderdiek adostu dute Hitzarmen honen ondoriozko baldintzak, baita ekonomikoak ere, konpentsatu egingo direla edozein eremu, itun edo arauren zioz geroago onartu ahal diren horiekin, bi egoerak alderatuta, orokorrean eta urteko zenbaketa kontuan hartuta. Konpentsazio horri esker, enpresak hitzarmen honen baldintzak xurgatu ahalko ditu.

6. artikulua.– Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honetan jasotako elementu bakoitza osotasunarekin lotuta egongo da. Ondorioz, atal guztiak interpretatu eta aplikatu beharko dira batera. Hau da, bat ez da ulertzen besteak kontuan hartu gabe.

7. artikulua.– Hitzarmena ez aplikatzea.

Hitzarmen hau ez aplikatzeko prozedurara jo aurretik, Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, enpresak hura birnegoziatzeko edo berrikusteko ahalegina egingo du, lege-testu bereko 86.1 artikuluaren arabera.

Nolanahi ere, Hitzarmena ez aplikatzeari buruzko desadostasunak konpontzeko, Estatutuko Hitzarmen Kolektiboak ez aplikatzeko prozedurak ebazteko organoaren barruan hartuko da erabakia, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren abenduaren 30eko 471/2013 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera.

Dekretu horren 9.3, 12. eta 13. artikuluetan aurreikusitako arbitraje-prozedura zilegi izango da, soilik bi aldeek horretara jotzea berariaz adosten badute.

8. artikulua.– Hitzarmena interpretatzea eta zaintzea.

Hitzarmen honetan ezarritakoa aplikatzen eta betetzen dela interpretatzeko eta zaintzeko, batzorde paritario bat sortuko da. Batzorde hori enpresaren zuzendaritzak izendatutako bi kidek eta enpresa-batzordeak izendatutako beste bi kidek osatuko dute.

Pertsona horiek, ahal den neurrian, hitzarmenaren negoziazio-batzordeko kide izan zirenen artetik aukeratu beharko dira.

Bi alderdiak ados jarriko dira, bost eguneko epean, Batzorde Paritarioaren bilera egiteko eguna eta ordua zehazteko. Desadostasuna badago, alderdiek PRECO lanbidearteko akordioan edo haren ordezkoan ezarritako prozeduretara jo beharko dute desadostasunak ebazteko.

II. KAPITULUA
LANAREN ANTOLAKETA

9. artikulua.– Lanaren antolaketa.

Lana antolatzea zuzendaritzaren esku egongo da, indarrean dagoen legeriaren arabera.

Ondorioz, bai Zuzendaritzak bai langileek artikulu honen lehen paragrafoa normaltasunez aplikatzeko ekoizpen eta lankidetzarako formularik onenak bilatuko dituzte.

10. artikulua.– Lanaldia.

Oro har, lanaldia urtean 1.680 ordukoa izango da, hitzarmen kolektibo hau indarrean dagoen aldian.

Lanaldia irregularki banatzeko aukera, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluaren arabera, gehienez ere 5 egunera mugatuko da, Hitzarmenaren indarraldi osoan zehar; horren arabera, urtero, egutegi bat egingo da, gehienez ere 215 lanegun ezarrita pertsona bakoitzeko. Horietatik 5 egun irregularki banatu ahalko dira, eta banan-banan esleitutako atsedenarekin konpentsatuko dira.

Administrariek lanaldi intentsiboa izango dute uztailaren 1etik irailaren 15era. Egunean zortzi orduko lanaldi jarraitua duten langileek hogeita hamar minutuko atsedena hartuko dute lanaldiaren barruan.

11. artikulua.– Oporrak.

Langileek urtean 25 lanegun (4 larunbat barne) hartzeko eskubidea izango dute, ahal dela udan. Oporrak ez dira 30 egun natural baino gehiago izango.

Bosgarren txandan (non stop) lan egiten dutenek egutegian aurrez ezarritako oporrak eta datak beteko dituzte, sistema hau martxan jartzen bada.

12. artikulua.– Antolaketa-malgutasuna.

Gure jarduera-sektorearen eskariak izan ditzakeen gorabeheren ondorioz, ezinbestekoa da ekoizpen-bolumenen eta jarduera-mailen eskarira egokitzen diren mekanismoak edukitzea.

Helburu horrekin ezarri dira antolaketa-malgutasuneko neurri hauek:

a) Lanaren antolaketa eta ukitutako pertsonentzako borondatezko aukera aldatzea:

Zuzendaritzak ekoizpen-egutegia aldatu ahalko du, txanden araubidea, ordutegia eta lan-egutegiak egokituta, ekoizpen-bolumenak eskariaren beharren arabera doitzeko.

Horretarako, Enpresa Batzordeari eta langileei gutxienez 2 egun natural lehenago jakinarazi beharko zaie.

Aldaketa hauek soilik borondatez aplikatu ahalko zaizkie ukitutako langileei, Langileen Estatutuaren 41. artikuluak baino baldintza onuragarriagoak ezartzen badituzte: bestela, enpresak artikulu hori bere baldintzetan aplikatu ahalko du, ezarritako epeak eta moduak betez. Hala eginez gero, ez da konpentsazio ekonomiko osagarririk jasoko.

b) Lan-egutegia edo/eta lan-araubidea aldatzearen ondoriozko konpentsazioa:

Komunikazioa 22 egunetik beherako epean gertatzen bada (aldaketa kolektiboa bada) edo 15 egun naturaletik beherako epean (aldaketa banakakoa bada), aldaketaren ondore-data baino lehen, ukitutako langileei jarraian adierazten den zenbatekoaren ziozko konpentsazioa emango zaie (behin), aurre-abisuko egun-kopuruaren arabera:

– 15 eta 21 egun artean: 63,42 euro (soilik aldaketa kolektiboak).

– 14 eta 9 egun artean: 80,31 euro.

– 9 eta 6 egun artean: 93,34 euro.

– 5 egun: 106,38 euro.

– 4 egun: 119,41 euro.

– 3 egun: 132,13 euro.

– 2 egun: 158,55 euro.

Horrez gain, pertsona berak lan-egutegian edo lan-araubidean bi aldaketa baino gehiago baditu urte natural baten barruan, aurreko zenbatekoak (kasuan-kasuan dagozkionak) % 25 igoko dira, hirugarren aldaketa eta hurrengoetatik aurrera.

Konpentsazio hori aplikatuko da, soilik ezarritako lan-egutegian edo/eta txanda-araubidean aldaketak sortzen badira.

c) Ordutegia aldatzearen ondoriozko konpentsazioa:

Ordutegia edo txanda (taldea edo erreleboa) aldatzen bada, ezarritako egutegiaren eta araubidearen barruan, aldaketa horren eragina duen lanaldi-kopuruaren araberako konpentsazioa emango da:

– Lanaldi 1 edo 2: 50,74 euro.

– 3 edo 4 lanaldi: 63,42 euro.

– 5 lanaldi edo gehiago: 76,10 euro.

Adierazitako zenbatekoak behin bakarrik ordainduko dira, aldaketaren hedaduraren arabera (ez lanaldi bakoitzeko).

d) Aurretiazko baldintzen gaineko bermeak:

Aldaketa horiek, borondatez, aipatu epeetan gertatzen badira, honako baldintza hauek bermatuko dira:

– Esleitutako oporraldiko gutxienez 21 egun naturali eta aurreko egutegiko lan-araubideari eutsiko zaie.

– Lan-araubidea aldatzean hari lotutako soldata-kontzeptuak aldatzen badira (adibidez, jaiegunen edo gaueko lanaren plusa), zenbateko horiek jasotzeko eskubideari eutsiko zaio (araubide berria oro har ekonomikoki onuragarriagoa ez bada), gehienez ere aurreko egutegian ezarritako denboran, aldaketa eta hurrengo 30 egunetan, gehienez.

III. KAPITULUA
ORDAINSARIAK

13. artikulua.– Hitzarmeneko soldata.

Egunero edo hilero jasoko da, eta haren zenbatekoa Hitzarmen honen I. eta II. eranskin modura gehitu den taulako 1. zutabean ezartzen dena izango da kategoria bakoitzerako.

14. artikulua.– Antzinatasuna.

Berriz ere ezarri da antzinatasun-plusa. Honako baldintza hauetan sortuko da:

1.– Antzinatasun-data langile bakoitzak aitortuta duena izango da eta, handik aurrera, zenbaketa urte naturalen arabera egingo da, etenaldirik gabe.

2.– Hartara, 2 hirurteko sortuko dira, bakoitza oinarrizko soldataren % 3koa, eta 5 bosturteko, % 5ekoak, kontzeptu horrengatiko gehieneko sortzapena % 31koa izanik.

3.– 2018-01-01etik 2022-12-31ra bitartean ez da kontzeptu horren ziozko atzerapenik ordainduko: sortzapenak 2023-01-01etik aurrera hasiko dira zenbatzen, langile bakoitzari dagokionaren arabera.

4.– Antzinatasuna kalkulatzeko, hirurtekoen eta bosturtekoen baturaren ehunekoa aplikatuko da soldata-taulan jasotako hitzarmeneko soldataren gainean.

5.– Antzinatasuna sortzen den lehen hilabetea hirurteko edo bosturteko berria sortu den dataren hurrengoa izango da.

6.– Kalkulu horren ziozko antzinatasunaren zenbatekoak «finkatutako antzinatasuna» kontzeptua xurgatu eta konpentsatzen du. Beraz, horrela sartuko da antzinatasunaren kontzeptu berrian, eta aurrekoa desagertu egingo da.

15. artikulua.– Presentzia-plusa.

Lanpostuan presente egotearekin lotutako soldata-osagarri bat ezarri da, benetako lanegun bakoitzeko 2,00 eurokoa, langile bakoitzaren egutegiaren arabera.

Urteko zenbateko teorikoa honela kalkulatutako da:

– 2,00 euro x (210 lanegun + 21 opor-egun) = 462,00 euro gordin urtean.

Zenbatekoa lanpostuan benetan egondako egun bakoitzeko sortuko da soilik; horretarako, benetan lanpostuan egon ez dela ulertuko da, baldin eta langilea 4 ordu baino gehiagoz ez bada egon lanpostuan, arrazoiak edozein izanda ere, kreditu sindikaleko orduak salbu.

16. artikulua.– Hilabetetik gorako muga-eguna duten soldata-osagarriak.

a) Uztaileko eta abenduko haborokinak:

Haborokin horiek kalkulatzeko, hitzarmeneko soldata gehi antzinatasuna eta mozkinak hartuko dira oinarri moduan. Kontzeptu horietako bakoitzagatik, hogeita hamar egunen pareko zenbatekoa jasoko da.

Uztaileko eta abenduko haborokinak hilabete horietako bakoitzeko 15ean jasoko dira, edo hurrengo egun baliodunean.

b) Mozkinetako partaidetza:

Kontzeptu hori enpresak kontzeptu hauengatik benetan ordaindu duenaren % 8 izango da:

– Hitzarmeneko soldata.

– Antzinatasuna.

Mozkinetako partaidetza hilero hainbanatuko da, aipatutako kontzeptuen arabera.

17. artikulua.– Laneko gaixotasun edo istripuagatiko osagarria.

A) Enpresaren kargurako osagarria:

Gaixotasunak eragindako ezintasun iragankorraren kasuan, enpresak langileek jasotako prestazioa osatuko du, Gizarte Segurantzako sistema publikoko ordainketa zuzen edo ordainketa eskuordetu gisa, soldata teorikoaren ehuneko hauek jasotzen direla bermatuta:

– 1. egunetik 7. egunera: % 60.

– 8. egunetik 15. egunera: % 80.

– 16. egunetik 30. egunera: % 90.

– 31. egunetik aurrera: % 100.

Ezintasun iragankorraren arrazoia laneko istripua bada, edo langilea edozein arrazoi dela eta ospitaleratuta badago, enpresak ordainduko duen osagarria bere soldata teorikoaren ehuneko hau bermatzen duena izango da:

– Bajaren lehen egunetik amaitu arte: % 100.

b) Enpresak aldi baterako ezintasun-egoera egiaztatzea.

Justifikaziorik gabe lanera huts egitea saihesteko, enpresak iruzurrezkotzat jotzen dituen baja-egoerak egiaztatu ahal izango ditu, bere medikuen edo izendatzen dituen osasun-zerbitzuen bidez.

Enpresako zerbitzu medikoak beharrezkotzat jotzen dituen mediku-azterketak egin ahalko ditu, bere kabuz edo enpresaren kontura diren espezialistekin. Langileak azterketa hori egiteari uko egiten badio, enpresaren kargura jasotzen diren osagarriak eten daitezke. Justifikatu gabekoa edo iruzurrezkoa den baja-egoerak enpresaren kargurako osagarria berehala etetea eragingo du.

18. artikulua.– Gaueko osagarria.

Txanda-araubidean dauden langileek, unean-unean ezartzen den ordutegiaren arabera, 22:00ak eta 06:00ak artean egin badute lan, soldata-osagarri bat jasoko dute ordutegi horretan egindako lanegun bakoitzeko, I. eta II. eranskin gisa sartutako taulako 2. zutabean ezarritako zenbatekoak, alegia.

2023. urtean gaueko lanaren balioa soldata-taulako bigarren zutabean jasotakoa da. 2024-01-01etik aurrera, gainerako soldata-kontzeptuak bezala eguneratuko da, Hitzarmen honen 12. artikuluan jasotakoaren arabera.

19. artikulua.– Aparteko orduak.

Aparteko orduak izango dira Hitzarmen honetan normalean ezarritako edo itundutako ordutegitik aparte egiten direnak. Aparteko orduaren prezioa honela kalkulatuko da:

– Aparteko ordu arruntak: I. eta II. eranskinetako 3. zutabean aipatutako orduko soldata % 75 igoko da.

– Gaueko aparteko orduak: I. eta II. eranskinetako 3. zutabean aipatutako orduko soldata % 100 igoko da.

– Aparteko ordua jaiegunetan: I. eta II. eranskinetako 3. zutabean aipatutako orduko soldata % 125 igoko da.

Langileak bere borondatez aparteko orduak konpentsatzeko gehiegizko lanordu bakoitzeko atseden-ordu bat hartzea erabakitzen badu, orduan ez da aparteko ordua zenbatuko. Kasu horretan, langileak, dagokion atsedenaz gain, aurreko paragrafoan ezarritako orduko soldataren % 75aren pareko konpentsazio ekonomikoa jasoko du, ordu arrunten kasuan, eta % 100ekoa, jaiegunen kasuan.

20. artikulua.– Lantokien arteko barne-mugikortasuna.

Artziniega eta Gueñesko lantokien artean mugitu behar bada, ukitutako langileak 27,77 euro jasoko ditu aldaketa gertatzen den aldi bakoitzeko, aurre-abisurako epea edozein izanda ere.

Nolanahi ere, enpresak lekualdaketaren berri eman beharko du, gutxienez 5 egun natural lehenago: aurre-abisurako epe hori betetzen ez bada, ukitutako langileak 13,88 euroko konpentsazioa jaso ahalko du bete ez den aurre-abisuko egun bakoitzeko, lekualdaketak irauten duen egun-kopuruaren mugarekin.

Aurreko hori ez da aplikatuko enpresaren gainean kudeaketa edo aginduko erantzukizunak dituzten lanpostuen kasuan, baldin eta beren ezaugarrien arabera bi lantokietan aritzen badira.

Bi lantokien artean mugitzeko beharra lanaldi beraren barruan sortzen bada, lekualdaketa horren zioz sortutako gastuak enpresaren kontura izango dira, eta lanaldiaren iraupena kalkulatzean kontuan hartuko da haren amaieran langilea jatorrizko lantokian dagoela, horretarako egindako bidaia barne, hala badagokio.

Mugikortasunaren ondorioz sor daitezkeen gastuak konpentsatu egingo dira, soilik baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

1.– Lantoki-aldaketa ez dadila izan langileak aurretik onartu dituen baldintzen parte.

2.– Eta, gainera, bidaia-gastuak benetan igo ditzala, aurreko egoeraren aldean (hala bada, aldea soilik konpentsatuko da).

3.– Edo, bestela, gastu hori enpresak berariaz eskatuta egin dadila.

21. artikulua.– Ordaintzeko era.

Langileen soldatak hilero ordainduko dira, hilaren 30ean edo dagokion hilabeteko azken egun baliodunaren aurreko egunean. Nomina ordaintzeko erabilitako azken datuak aurreko hilaren 16tik martxan den hilaren 15era bitartekoak izango dira, biak barne.

Hala ere, langile guztiek edukiko dute aurrerakin horiek jasotzeko eskubidea, langile bakoitzak eskariaren unean benetan sortu dituen soldaten mugekin.

Ordainketak banku-transferentzia bidez egingo dira.

22. artikulua.– Pizgarria.

Urtean 346,22 euroko pizgarria ezarri da. Ordainketa bakarrean ordainduko da, sortu eta hurrengo urteko otsaileko nominan.

IV. KAPITULUA
«NON STOP»

23. artikulua.– «Non stop» lana.

Kapitulu honetan arautzen dira arrazoi teknologikoak direla-eta egunean 24 orduz martxan egon behar duten (igande eta jaiegunetan geratu gabe) plantillako langileei aplikagarri zaizkien baldintza bereziak. Horretarako, txandaka egiten da lan, jaiegunak eta igandeak barne, konpentsaziozko atsedena izanda. Araubide horri «non stop» deitzen diogu.

24. artikulua.– Lanaldia.

Lanaldia jarraitua izango da, hiru txandatan banatuta (goizez, arratsaldez eta gauez). Langileek txandaka egingo dute lan, baita igande eta jaiegunetan ere, lan-sistema hau ezarriz gero finkatzen den eran.

25. artikulua.– Jaiegun esanguratsuak.

Aurreko artikuluetan, igandeetan eta jaiegunetan ekoizpena ez dela etengo hitzartu bada ere lan-formula honen araubide gisa, jaiegun hauetan eten egingo da fabrikako atal guztietan, garrantzia bereziko eguna baitira:

– Aste Santua: Ostiral Santuko goizeko 06:00etatik Pazko asteleheneko goizeko 06:00ak arte.

– Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.

– Apirilaren 28a, San Prudentzio.

– Gangas astelehena.

– Abenduaren 24ko 14:00etatik abenduaren 26ko 06:00etara.

– Abenduaren 31ko 14:00etatik urtarrilaren 02ko 06:00etara.

26. artikulua.– Ordainsariak.

«Non stop» eran lanean ari diren langileek, araubide horretan diharduten bitartean, Hitzarmen honen III. kapituluan oro har ezarritako ordainsariak jasoko dituzte, honako osagarri honekin:

– Jaiegun-plusa: Plus horretan langile bakoitzak zenbateko bat jasoko du, lan egiten duen igande edo jaiegun bakoitzeko, egutegian ezarritakoaren arabera, aste barruan atseden-egun bateko konpentsazioa izanda.

– Kopuru horren zenbatekoa 213,78 eurokoa da jaiegun bakoitzeko.

– Aipatutako zenbatekoak lan egindako lanaldiaren arabera kalkulatuko dira, baina langileak jaiegunean ez badu zortzi orduz lan egiten, dagokion proportzioan sortuko da.

– Soldata-osagarri horrek ez du igoko ez aparteko orduak kalkulatzeko modulua, ez horien zenbatekoa. Gainera, ez da kontuan hartuko uztaileko eta abenduko aparteko haborokinak kalkulatzeko, ezta mozkinen partaidetza kalkulatzeko oinarria finkatzeko ere, baina oporretan bai ordainduko da.

27. artikulua.– Ordezkapenetarako prestutasuna.

Laneko egutegiak langile bakoitzeko gehiegizko orduak sortzen baditu instalazioetako funtzionamendu-egutegia estaltzeko, «ordezkapenetarako prestutasun-plusa» izenekoa aplikatuko da.

Plus horren funtzionamendua eta tratamendu ekonomikoa hauek izango dira:

a) Onarpena pertsonala eta borondatezkoa izango da.

b) Sistema onartzen duen langileak hura bete behar du, eta konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango du.

c) Egindako lau ordezkapenetako bat jaieguna izan beharko da; ez da nahitaez hala egin beharko, baina hala konpentsatu beharko da ekonomikoki.

d) Ordezkapenetarako prestutasun gisa ezarritako prezioa honako hau izango da:

– Ordezkapena, eguneko txandetan: 85,53 euro.

– Ordezkapena, gaueko txandetan: 99,76 euro.

– Ordezkapena, igande edo jaiegunetan: 128,25 euro.

e) Lan-egutegia aplikatuta txanda bakoitzeko ordezkapen-kopuru bat ezartzen bada, lau eguneko atseden-txandak finkatuko dira.

f) Kontuan hartu behar da egutegiko kasuetan oporrak hartzen dituzten txandei bost opor egun gehiago emango zaizkiela. Egun horiek ordezkapenak egitetik salbuesten dituzte, baina horiek jasotzeko eskubidea sortzen dute. Sortzapen horren ondoriozko zenbatekoa, lehen eta azken txandarako, bost txanden artean banatuko da.

Zenbateko horiek ez dira ordainduko banaketa irregularreko 5 egunen kasuan, Hitzarmen honetako 11. artikuluko bigarren paragrafoaren arabera, Langileen Estatutuaren 34.2 artikuluarekin lotuta.

28. artikulua.– «Non stop» osagarria.

«Non stop» lan-sisteman lan egiten duten langileentzat soilik, sistema horretan diharduten bitartean, osagarri bat ezarri da, 4,6 ordezkapen ordaintzeko (3,6 lanegunekoa eta bat jaiegunekoa), gehi jaiegun-plusa eta bost egun horiei dagokien prima, urteko lanaldia murriztearen ondorioz.

V. KAPITULUA
EKINTZA SINDIKALA

29. artikulua.– Enpresa batzordea.

Enpresa Batzordea da langileen ordezkaritza-organoa, eta Legeak eta Hitzarmen honek ezartzen dizkien osaera eta bermeak izango ditu.

Enpresa Batzordea osatzen duten kide guztiek eta langileen ordezkariek ordutegi-kreditu bat izango dute sindikatu-jarduerak egiteko: hilean 25 ordu. Ordu horiek hartzeko baldintzak legez ezarritakoak izango dira.

Enpresa Batzordeko kideek eskubidez ordainduta dituzten orduen barruan sartzen dira Enpresako Zuzendaritzak langileen ordezkarien ekimenez deitzen dituzten bilerak, baina hortik kanpo daude hileroko ohiko bilerak eta Zuzendaritzaren ekimenez dei daitezkeen gainerakoak.

Enpresa Batzordeko kideentzat ezarritako ordaindutako orduak horietako baten edo batzuetan metatu ahalko dira, hileko gehieneko kopurua gainditu gabe. Lantoki desberdinetako ordezkarien artean orduak metatzea zilegi izango da.

Ukoek eta horien ondoriozko metaketek gutxienez hiru hilabeteko iraupena izango dute, baina gutxienez hogei egun lehenago abisatuta.

30. artikulua.– Eginkizunak.

Honako hauek izango dira Enpresa Batzordearen eginkizunak:

a) Enpresariaren aurrean mankomunatuki betetzea dagokien ordezkaritza, ordezkatzen dituzten langileen lan-baldintzetan sortzen diren alderdietan esku hartuz.

b) Enpresarako indarrean dauden laneko arauak, laneko segurtasun- eta higiene-arauak eta Gizarte Segurantzarenak betetzen direla bermatzea, enpresa-zuzendaritzari gerta daitezkeen arau-hausteen berri ematea, eta, egoki izanez gero, arauak betetzeko behar beste erreklamazio egitea.

c) Lanbide-sailkapeneko administrazio-espedienteetan informatzea, bai eta, legezko beharrizana tarteko, beharrezkoa denetan ere.

d) Hiru hilean behin enpresako segurtasun- eta higiene-egoerari eta haren hobekuntzarako hartutako neurriei buruzko informazioa jasotzea.

e) Enplegu-erregulazioko espedienteen kasuan, Enpresa Zuzendaritzaren eskutik jasotzea, langileen legezko ordezkariei eta laneko agintaritzari zuzendutako idatzizko komunikazioarekin batera, kontsulta-aldia noiz hasten den adierazita, honako agiri hauek:

1.– Espedientea eragin duten arrazoi ekonomiko edo teknologikoak azaltzen dituen memoria.

2.– Azken hiru urteetako balantzea.

3.– Azken hiru urteetako galera eta irabazien kontuak.

4.– Sozietateen gaineko Zergaren ondoreetarako aitorpena, hala badagokio, azken hiru urteetakoa.

5.– Espedientearen zioz ukitutako zentroko edo zentroetako langile guztien zerrenda, honako hauek adierazita: izen-abizenak, jaiotza-data eta -lekua, espezialitatea eta talde profesionala, enpresako sarrera-data, hileko soldata eta langileen legezko ordezkari izaera, hala badagokio.

6.– Enpresako gainerako langileen zerrenda bereizia, datu berberak adierazita, baldin eta espedienteak ez badio plantilla osoari eragiten.

f) Idatzizko txostena igortzea, aurretik, Enpresak arlo hauetan hartu asmo dituen neurrien gainean:

1.– Enpresa osorik edo haren zati bat lekuz aldatzea.

2.– Lan-sistema berriak ezartzea edo daudenak berrikustea.

3.– Prima edo pizgarrien sistemak ezartzea.

4.– Lanbide-sailkapena aldatzea.

g) Produkzio-antolamenduaren edo hobekuntza teknikoen arloan egokitzat jotzen dituen neurriak Zuzendaritzari proposatzea.

h) TC 1 eta TC 2 aztertzea.

31. artikulua.– Informazioa Enpresa Batzordeari.

Hiru hilean behin, enpresaren egoerari eta martxa orokorrari buruzko informazioa emango dio enpresak enpresa-batzordeari.

32. artikulua.– Diziplina-neurriak: Enpresa Batzordeari falta astunen eta oso astunen zioz edo falta arinak errepikatzearen zioz jartzen diren zehapenen berri eman beharko zaio, zehapenak jarri aurretik, buruari edo/eta idazkariari jakinarazita.

Enpresa Zuzendaritzaren edo hark eskuordetzen duen pertsonaren iritziz ez bada zehapena berehala aplikatu behar, ez da jarriko Enpresa Batzordeari jakinarazi eta berrogeita zortzi ordu igaro baino lehen.

Zehapenak jartzeko gehieneko epea hogeita hamar egun naturalekoa izango da, Zuzendaritzak langileari gertaera eragilearen berri jakinarazten dionetik aurrera.

Enpresak langileek egindako arau-hausteak indargabetuko ditu, honako preskripzio-epe hauek igarotzen direnean:

– Falta arinak, 10 egunean.

– Falta astunak, 20 egunean.

– Falta oso astunak, 60 egunean.

Falta horien preskripzioa zenbatzen hasiko da enpresak hutsegitearen berri duen egunetik aurrera, edo bestela, hutsegitea egin eta handik sei hilabetera.

33. artikulua.– Enpresako atal sindikala.

Langileek, legez eratutako sindikaturen bateko afiliatuak badira, enpresako atal sindikal bat eratu ahal izango dute.

34. artikulua.– Atal sindikalen bermeak.

Honako berme hauek izango dituzte enpresako atal sindikalek:

a) Enpresan argitalpen eta abisu sindikal edo lanekoak zabaltzea, beren afiliatuen kotizazioak biltzea eta beren afiliazio sindikaleko lanetan oztoporik ez jartzea, hori guztia lanorduetatik kanpo egin bada eta berme horiek betetzeak lana edo jardueraren jarraipen orokorra eteten ez badu.

b) Enpresa-batzordeko postuetarako hautagaiak proposatzea hauteskundeetan.

c) Enpresa Zuzendaritzan afiliatuak ordezkatzen dituen atal sindikal bakoitzeko ordezkari sindikal bat aukeratzea.

d) Ordezkari sindikala enpresan aktibo dagoen pertsona bat izan beharko da, Zentral Sindikalaren edo ordezkatzen duen Sindikatuaren Estatutuen arabera izendatua. Ahal dela, Enpresa Batzordeko kidea izango da.

e) Enpresako atal sindikal bakoitzeko ordezkariak, hurrengo artikuluan ezarritako afiliazio-baldintzak betetzen baditu, Enpresa Batzordea deitu ahalko du, baimendutako ordu-mugaren eta lanorduen barruan.

f) Enpresako atal sindikal bakoitzeko ordezkariak, hurrengo artikuluan ezarritako afiliazio-baldintzak betetzen baditu, enplegu-erregulazioko espedienteen kontsulta-aldian esku hartu ahalko du.

g) Idatzizko txostena igortzea, aurretik, Enpresak arlo hauetan hartu asmo dituen neurrien gainean:

– Enpresa-lekualdatze osoak eta partzialak.

– Lan-sistema berriak eta pizgarriak ezartzea.

– Laneko segurtasunean edo higienean eragiten duten erabakiak.

– Lanbide-sailkapeneko aldaketak.

– Zuzendaritzari jakinarazi aurretik, lanorduetatik kanpo enpresaren beraren lokaletan biltzeko aukera emango die enpresak enpresako atal sindikal bateko kideei.

Hitzarmen honen 37. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituzten atal sindikalek beren sindikatuko arduradunei enpresarekiko bileratara joateko eskatu ahalko diete, bere afiliatuei eragiten dieten gai guztietan, artikulu honen f) atalean ezarritakoaren arabera.

35. artikulua.– Enpresako atal sindikalei eman beharreko informazioa.

Enpresak Hitzarmen honen 37. artikuluan ezarritako afiliazio-baldintzak betetzen dituzten atal sindikaletako ordezkariei hiru hilean behin informazioa emango die enpresaren eta sektore ekonomikoaren egoerari eta martxa orokorrari buruz.

36. artikulua.– Enpresako ordezkari sindikalak.

Enpresan eratutako atal sindikaletako ordezkariek % 25etik gorako afiliazioa egiaztatu beharko diote Enpresa Zuzendaritzari.

37. artikulua.– Berme komunak.

Enpresa-batzordeko kideek eta ordezkari sindikalek berme komun hauek edukiko dituzte:

a) Iragarki-taula erabiltzea, lan- edo sindikatu-arloko oharrak argitaratzeko.

b) Bilera-lokalak izatea.

c) Ez izatea kaleratuak edo kaltetuak beste edozein modutan, beren afiliazioaren edo jarduera sindikalaren ondorioz, betiere indarreko legedia betez.

d) Enpresa-ordezkarien, Enpresa Batzordearen eta Atal Sindikalen bilerak 24 ordu lehenago abisatuko dira, enpresatik kanpoko bileretarako, eta 48 ordu lehenago, enpresan egingo diren bileretarako, salbuespen kasuetan izan ezik; halakoetan, eta behar bezala arrazoituta, aurre-abisurako epea laburragoa izan ahalko da.

e) Diziplina-neurriei dagokienez, atal sindikaletako ordezkariek Enpresa Batzordeko kideek edo langileen ordezkariek dituzten eskubide berberak izango dituzte, baldin eta beren atal sindikaleko kide bati eragiten badiete.

38. artikulua.– Batzarrak.

Urtean 12 ordu edukiko dira, soldata errealean ordainduak, Enpresa barruan edo kanpoan batzarrak egiteko.

Batzarrak enpresa-batzordeak antolatuko ditu, bere ekimenez edo enpresako atal sindikaleko ordezkariak hala eskatuta, ondorengo paragrafoan ezarritako baldintzetan eta aurreko paragrafoan ezarritako mugaraino.

Enpresako atal sindikal bateko ordezkariak hala eskatuz gero, ezarritako mugaren barruan batzar ordainduak deitzera behartuak daude enpresa-batzordeak, baldin eta sindikatu horrek enpresako plantilla osoaren % 33ri dagokion afiliatu-kopurua biltzen badu, edo, zuzenean, plantillako langileen heren batek hala eskatzen badu.

Batzarretarako deialdia gutxienez 48 ordu lehenago jakinaraziko zaio enpresako zuzendaritzari. Jakinarazpen horretan batzarra egingo den eguna ezarriko da.

Salbuespen-arrazoi sendoak tarteko, enpresak batzarra egingo den eguna aldatu dezake, eta langileen ordezkaritzak, berriz, 12 ordura murriztu dezake aurreabisu-epea.

39. artikulua.– Eszedentzia gai sindikaletan.

Gutxienez probintzia mailako kargu sindikal bat betetzeko eszedentzia eskatzen duten langileek ez dute enpresan egoteko gutxieneko denbora bete beharko.

Eszedentzia horiek nahitaezko izaera izango dute eta, beraz, agintaldi sindikalak irauten duen denboran antzinatasuna zenbatuko da. Eszedentziak arlo horretan aplikatzekoak diren xedapen orokorren bidez erregulatuko dira.

VI. KAPITULUA
KONTRATAZIO ETA SUSTAPEN PROFESIONALEKO POLITIKA

40. artikulua.– Lanpostuz igotzea.

Hitzarmen hau indarrean jartzen denetik aurrera, lanpostu guztiak edo sortu berriak estaltzeko gaitasun-probak pasatu beharko dira. Proba horietan enpresako langile finko guztiek parte hartu ahalko dute.

41. artikulua.– Gaitasun-probak.

Aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko, eta horretarako aukera dagoenean, epaimahai bat eratuko da Lan Atal bakoitzean, enpresa-batzordeak izendatutako bi kidek eta enpresa-zuzendaritzako beste bi kidek osatuta.

Proba horiek gutxienez bi hilabete lehenago deituko dira, honako hauek adierazita: estali beharreko plaza-kopurua, proben data, ariketak eta programak.

42. artikulua.– Aldi baterako langileen kontratazioa.

Enpresak aldi baterako lan-enpresen zerbitzuak baliatu ahalko ditu eskulanaren aldi baterako beharrak estaltzeko, betiere ez badute langileen eskubide eta ordainsarietan kalterik eragiten, enpresako hitzarmen honetan ezarritakoen aldean.

Kontratu horiek 3 hilabeteko iraupena izango dute, gehienez, eta 6ra igo ahalko dira, enpresa-zuzendaritzak enpresa-batzordeari horiek beharrezkoak direla justifikatu ostean.

VII. KAPITULUA
GIZARTE-POLITIKA

43. artikulua.– Lizentzia eta absentzia ordainduak.

a) Kasuak eta iraupena:

Ahal duen bezain laster jakinarazita, eta behar bezala egiaztatuta, langilea lanera etorri gabe geratu ahal izango da, eta kobratzeko eskubidea izango du, honako arrazoi hauetako batengatik, eta ondoren azaltzen den gutxieneko denboran:

1.– Hogei egun natural, ezkondu edo izatezko bikotea eratuz gero, hartzekodun guztiak gozatuta.

2.– Bost lanegun ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaideen (izatezko bikotearen odol-ahaidetasunezko ahaidea barne) istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo etxean atseden hartzea eskatzen duen ospitaleratzerik gabeko ebakuntza kirurgikoagatik, bai eta aurrekoak ez diren beste pertsona batzuen kasuan ere, betiere langilearekin etxebizitza berean bizi badira eta horiek benetan zaindu behar badira.

Baimen hori beste hiru egunera arte luzatu ahalko da, baldin eta langilea probintziatik kanpo lekualdatu behar bada. Honela:

– Egun bat gehiago (guztira, sei egun), distantzia 30 km-tik gorakoa eta 100 km-tik beherakoa bada.

– Bi egun gehiago (guztira, zazpi egun), distantzia 100 km-tik gorakoa eta 250 km-tik beherakoa bada.

– Distantzia 250 km baino gehiagokoa izanez gero, hiru egun gehiago luzatuko da (guztira, zortzi egun).

Hiru kasu horietan, distantzia lantokiaren eta baimen horren sortzaile den senidea dagoen lekuaren artekoa izango da.

3.– Ezkontidea, izatezko bikotekidea, edo odolkidetasuneko edo ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senidea hilez gero, bi egun; beste hiru egun gehiago hartu ahalko dira, baldin eta arrazoi horren ondorioz langileak lekualdatu beharra badu.

4.– Bi egun, dibortzio edo banaketa judizialagatik.

5.– Egun bat, arrazoi hauengatik:

– Osaba-izeben edo iloben heriotza.

– Seme-alaben eta neba-arreben ezkontza.

– Ohiko etxebizitza aldatzea.

– Ospitaleratzea.

– Seme-alaben bataioa.

– Seme-alaben jaunartzea.

6.– Ezinbesteko denbora:

– Espezialistaren kontsulta medikora joateko, langilearen betebeharra izanik, salbuespen kasuetan izan ezik, bisita baino lehen adierazita kontsulta-ordua, eta, ondoren, bisita hori enpresan justifikatuta.

– Izaera publiko edo pertsonala duen betebehar saihetsezin bat betetzeko, aurretik ordutegia jakinarazita eta ondoren enpresan justifikatuta.

b) Zenbaketa, kasu berezietan.

Artikulu honetan aurreikusitako lizentzien kasu guztietan, gertaera eragilearen unean hasi behar da denbora hori hartzen, ospitaleratze kasuetan izan ezik. Halakoetan, lizentzia senide bat ospitaleratuta dagoen aldiaren barruan edozein unetan hartu ahalko da, horretarako eskubidea sortzen den egunen kopuruan, ondoz ondoko egunetan edo ez, langileak aukeratuta.

Ahaidetasunaren ziozko ordaindutako lizentziak izatezko bikotekideei ere aplikatuko zaizkie, ezkontideei bezala, betiere erregistro ofizial batean inskribatuta daudela egiaztatu badezakete.

Senide bat hilez gero, dagokion baimeneko egunak gertaera eragiletik bereizita hartu ahalko dira, justifikatutako beharraren arabera. Beraz, agur-ekitaldi edo hiletara joan ahalko da, baina, edonola ere, legezko zenbaketa aplikatuta dagozkion egun-kopuruaren arabera.

c) Ordainsariaren kalkulua, lizentzia-egunetan zehar:

Ordaindutako lizentziak hartzean, langileak bere lan-egutegiaren arabera lanaldi horretan lan egin izan balu jasoko lituzkeen zenbateko eta soldata-kontzeptu guztiak jasoko ditu (non stop barne, hala badagokio).

44. artikulua.– Bizi-aseguru kolektiboa.

Enpresak bizi-aseguruaren poliza sinatu beharko du, langile guztiei honako kalte-ordain hauek jasotzeko aukera bermatuz, jarraian zehazten diren kasuetan:

1.– Heriotza: 31.500 euro.

2.– Gaixotasunak eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 31.500 euro.

3.– Istripuan hiltzea: 31.500 euro.

4.– Istripuak eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 31.500 euro.

5.– Zirkulazio-istripuak eragindako ezintasun iraunkor absolutua: 31.500 euro.

Aseguru honi dagokion ordainsaria enpresak soilik ordainduko du.

45. artikulua.– Laneko arropa.

Enpresak arropa hauek emango dizkien langileei:

– Praka, alkandora, kamiseta eta jertsea, bina pare, eta jaka, jertsearen ordez, mantentze-lanetan dihardutenei.

– Normalean hotz handiagoa egiten duen sailetan lan egiten duten langileei edo horietatik pasatu ohi direnei hotzari aurre egiteko arropa bat emango zaie.

– Oinetakoak segurtasunekoak izango dira (zapatak edo botak); ahalik eta erosoenak eta arinenak.

– Azidoak edo bestelako gai korrosiboak erabiltzen dituzten langileei horretarako ekipo egokiak emango zaizkie.

Arropak erabiltzeko epea urtebetekoa da. Arropa horiek urteko lehen bi hilabeteetan aldatuko dira. Hotzerako arropak eta azido eta bestelako gaiekin lan egiteko babes-arropak, bestalde, hondatu ahala berrituko dira.

Erabileraren ondorioz langile baten arropa hondatuta badago, Langileen Sailari jakinaraziko dio, berritu dezan.

Laneko arropa erabiltzea nahitaezkoa da lantokian egon bitartean, enpresak hala ezartzen duen kasuetan eta arropa hori jaso duten langileen kasuan. Era berean, nahitaezkoa izango da babes-arropak erabiltzea, azidoak edo gai korrosiboak manipulatzen direnean.

46. artikulua.– 25 urte enpresan.

Enpresako plantillakoak diren langileei, konpainian 25 urte betetzen dituztenean, opari bat emango zaie: erloju bat, aurreko urteetan oparitutakoen antzekoa. Erlojua bazkari batean emango da. Enpresak zehaztuko du bazkariaren lekua eta eguna, eta bertaratzea errazagoa izan dadin, ukitutako langileak eguna libre izango du.

47. artikulua.– Produktu-poltsa.

Enpresako plantillako langileek, bai Artziniegako bai Gueñesko lantokikoek, hilero produktu-poltsa bat jasoko dute, nominaren ordainketarekin batera.

Langileak mozkin hori jasoko du, enpresan aktibo dagoen bitartean.

Enpresak haren osaera erabakiko du.

48. artikulua.– Gabonetako poltsa.

Enpresak, Gabonak inguruan, poltsa bat emango die, produktu tipikoekin, plantillako kide guztiei: Artziniegan eta Gueñesen lan egiten dutenei nahiz une horretan zentro horietan aldi batez lanean ari direnei.

Zuzendaritzak erabakiko du zer produktu-sorta eman.

49. artikulua.– Laguntza-funtsa.

Enpresak laguntza-funtsa dauka zentro honetako langileentzat. Funts horren zenbatekoa 18.030,36 eurokoa da. Eskabide bakoitzeko ematen den gehieneko zenbatekoa 1.502,53 eurokoa da. Edonola ere, eskaeren ordena jarraituko da. Laguntza emateko, Enpresa Batzordeak eskaria onartu beharko du.

Zenbateko horri ehuneko 7ko interesa aplikatuko zaio, eta bost urtetan itzuli beharko da, hileroko kuotatan, nominatik kenduta. Lehen kenketa laguntza eman eta hurrengo nominan aplikatuko da.

Funts hori enpresak administratuko du. Kuota horietatik emandako kapitalari dagokion zatia funtsera itzuliko da, eta, aldiz, interesak enpresara pasatuko dira. Beste laguntza bat emateko, laguntza-funtsean gutxienez emango den zenbateko hori egon beharko da.

50. artikulua.– Eskola-laguntza.

Enpresak 15,00 euroko eskola-laguntza emango du derrigorrezko hezkuntzan dagoen seme-alaba bakoitzeko, ikasturteko 10 hilabeteetan, ikasketak egiten direla justifikatuta ostean.

51. artikulua.– Garraioa.

Enpresak garraiobide bat edukiko du Zalla (Bizkaia) eta Artziniegako (Araba) lantokiaren artean, eta Artziniegan bertan, lantoki horretan txandaka lan egiten duten langileentzat, hitzarmen honetako aurrekoen baldintza beretan, baina lanaren jatorriari edo enpresan hasitako egunari mugarik jarri gabe.

52. artikulua.– Lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko neurriak.

a) Aplikazio-eremua:

Bizitza pertsonala eta lana uztartzeko asmoz, honako neurri hauek ezarri dira, aplikazio-eremuan sartzen diren langileek beren borondatez har ditzaten.

Neurriak administrazio- eta laguntza-arloetan soilik aplikatuko dira. Adibidez: Finantzak, Komertziala-Customer Service, Giza baliabideak, IT eta Erosketak.

Ez zaie inola ere aplikatuko Eragiketa eta Kalitate arloetako langileei, ekoizpen-prozesuarekin lotura zuzena dutelako. Hala ere, arlo horietako langileek lanaldi trinkoa izan badute akordio hau sinatu aurretik, atal honetan araututako onura guztiak jasotzeko aukera izango dute indibidualki.

b) Kontziliazio-neurriak:

1.– Ordutegi malgua: sarrera malgua izango da, 08:00etatik 09:00etara, eta irteera ere bai, 17:00etatik 18:00etara. Hala, irteera-orduaren atzerapena sarrerarena bezalakoa izango da, eta lanpostuan 8 lanordu emango direla bermatuko da.

2.– Lanaldi trinkoa: goian aipatutako aplikazio-eremuarekin, langileek lanaldi trinkoko ordutegia izango dute, uztailaren 1etik irailaren 15era, 08:00etatik 15:00etara. Lanaldiaren murrizketa hori lanaldiaren soberakinarekin konpentsatuko da, urteko egutegian ezarritakoaren arabera.

Urteko gainerako hilabeteetan, lanaldi trinkoa hartu ahalko da ostiralero, 07:00etatik 15:00etara, lanaldi jarraituagatik dagokion 30 minutuko atseden eta guzti.

3.– Telelana: telelanean, etxetik edo «Smart work» eran egin ahalko da lan, asteko egun batez, urte osoan zehar.

c) Zerbitzua bermatzea:

Bai lanaldi trinkoari dagokionez (udakoa eta ostiraletakoa), bai telelanari dagokionez, sailaren beharrizanak betetzen direla bermatu beharko da, ohiko ordutegian: bezeroari zerbitzuak ematen dizkioten sailen kasuan (Customer Service eta Finantzak) nahitaezkoa izango da gutxienez pertsona bat egotea ohiko ordutegian, txandaka.

Zuzendaritzak betebehar hori beste arlo batzuetara hedatu ahalko du, arrazoi justifikatuak tarteko, kasu bakoitzean, gutxienez, lanaldien hiru laurden hartzen direla bermatuta.

53. artikulua.– Norberaren aukerako eguna.

Enpresako langile guztiek, lantoki, sail eta lan-araubide guztietan, norberaren aukerako egun bat hartu ahalko dute, beren kontuetarako, justifikatu beharrik gabe.

Akordio hau garatuz, enpresak lehentasun-arauak ezarriko ditu. Beraz, langile bakarrak hartu ahalko du egun hori sail, makina eta lan-txanda bakoitzean.

54. artikulua.– Eszedentzia, lanpostua gordeta.

Langile guztiek borondatezko eszedentzia hartu ahalko dute beren lanpostuan, baldin eta gutxienez urtebeteko antzinatasuna badute enpresan, gutxienez 4 hilabeteko aldietan, aldi berberetan luzatu ahalko direnak, gehienez 60ra arte.

Eszedentzia hartzen duenak eskubidea edukiko du lanpostua gorde dakion, bere kategorian eta baldintzetan, eszedentzia-aldia edo haren luzapenak amaitzen direnean. Edonola ere, amaiera baino 30 egun lehenago jakinarazi beharko dio enpresari.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Soldata-berrikuspena.

Hitzarmen honetan sartutako soldata-kontzeptuen zenbatekoak 2023. urtean hitzarmeneko testuan eta erantsitako tauletan jasotakoak izango dira: oro har, zenbateko horiek 2022an indarrean daudenei % 5,70eko igoera aplikatzearen ondoriozkoak izango dira, salbu eta bestelako igoerak adostu diren kontzeptu eta kasuetan.

Hurrengo urteetan (2024, 2025, 2026 eta 2027), soldata-kontzeptu guztiak igoko dira urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrerako ondoreekin, aurreko hamabi hilabeteetako Estatuko Kontsumo Prezio Indize orokorraren arabera (Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratua).

Hala ere, 2025ean, 2026an eta 2027an (ez 2024an) gutxienez % 3,00ko igoera bermatuko da horietako urte bakoitzean, baldin eta KPI baxuagoa bada; altuagoa bada, benetan dagokion emaitzaren arabera igoko da.

Igoera horiek Hitzarmen honetan jasotako soldata-kontzeptu guztiei aplikatuko zaizkie, igoera altuagoak ezarrita dituztenei izan ezik; kasu horretan, atal espezifikoan ezartzen dena aplikatuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– EBITDAri lotutako bonua.

Hitzarmen hau indarrean den bitartean, eta sortu eta hurrengo urtean izanik ondore ekonomikoak, enpresako langile guztiak izan daitezke zenbateko bereko urteko bonuaren onuradun, enpresaren emaitza ekonomikoen arabera aldatuko dena, eskala honen arabera:

Lorpen-maila zehazten duen indizea EBITDAren ehunekoa da, hots, Lucart Tissue & Soap SLU enpresak ekitaldi bakoitzean lortu duena eta ikuskariek egiaztatu dutena, oro har onartutako kontabilitate-arauen arabera.

Ordainketa egiteko data berau sortu eta hurrengo urteko maiatzeko nomina izango da.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erretiro partzialaren plana.

Langileek eskubidea dute erretiro partziala hartzeko, betiere araudi aplikagarrian horretarako ezarritako baldintzak betetzen badira, egungo erregulazioak irauten duen bitartean.

Kontrakorik adostu ezean, lanaldi-murrizketa legez ezarritako gehienekoa izango da. Erretiroa hasten denetik aurrera bete ahalko da, metatuta.

Plan horrek honako irizpide hauek jarraitu beharko ditu:

1.– Erretiro partziala eskuratzeko, bete egin behar da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoa, betiere eskatzaileek baldintza egokiak betetzen badituzte.

2.– Erretiro partziala eskuratzeko, langilea eta enpresa berariaz eta borondatez ados jarri beharko dira, kasu bakoitzean, eta errelebo eta erretiro partzialaren kontratuak sinatu beharko dira.

3.– Horretarako, langileak berariaz eskatu beharko dio Zuzendaritzari, dagokion aurrerapenarekin, eta Zuzendaritzak aukera hori atzeratu ahalko du, baldin eta lanpostua estaltzeko edo ordezkoa hautatu eta sartzeko antolaketa-zailtasunak antzematen baditu.

4.– Plan horren arabera egiten diren errelebo-kontratuak mugagabeak izango dira, baldin eta enpresaren inguruabarrek hala ahalbidetzen badute, estali beharreko lanpostuaren ezaugarrien eta jardueraren bolumenaren arabera, lanpostua amortizatzeko beharra objektiboki egiaztatu ezean.

5.– Batzordeari jakinaraziko zaio egiten diren eskaeren gaineko baldintza edo salbuespen oro, horretarako arrazoia azalduta.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Sailkapen profesionaleko sistemaren egokitzapena.

Enpresaren sailkapen profesionaleko sistema Langileen Estatutuaren 22. artikuluan ezarritakora egokitze aldera, uztailaren 6ko 3/2012 Legeak emandako idazkuntzan, batzorde paritario bat eratu da, Enpresa Batzordeko bi kidek eta Zuzendaritzako beste bik eratua. Hala, batzorde paritarioak erabakiko du sistema berria, hitzarmen honen indarraldiaren barruan.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Emakume eta gizonen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna sustatzeko neurriak.

Langileen Estatutuaren 85.1 artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, bi alderdiek hitzematen dute emakume eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna sustatuko dutela enpresaren barruan, eta, horretarako, neurri eraginkorrak hartuko dituztela, gutxienez honako arlo hauetan:

1.– Hizkuntza inklusiboa erabiliko da enpresaren dokumentazioan, bereziki lan-eremuari dagokionez.

2.– Enpresa barruan egiten diren sarbide-, kontratazio- eta sustapen-prozesuetan diskriminaziorik ez dagoela bermatuko da.

3.– Beharrezko neurriak hartuko dira enpresako arlo desberdinetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatzeko.

4.– Familia eta lana uztartzen laguntzeko politikak ezarriko dira.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldiaren barruan, bi alderdiek hitzematen dute aurreko irizpideak garatuko dituztela, eta, horretarako, proposatutako helburuak eraginkortasunez lortzeko aukera emango duten neurri zehatzak hartuko dituztela.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Fede onaren konpromisoa.

Hitzarmen hau indarrean den bitartean, langileen eta enpresarien ordezkariek hitzematen dute berariaz fede onez arituko direla, kontzeptuaren zentzurik zabalenean, betiere hemen hitzartutakoa ez eraldatzeko asmoz.

Edonola ere, eta enpresaren ekoizpen-prozesua eta ohiko funtzionamendua eraldatzen duen gatazka oro saiheste aldera, langileen legezko ordezkaritzak eta enpresa-zuzendaritzak hitzematen dute etorkizunean sor daitezkeen desadostasunak elkarrizketa eta negoziazio bidez konponduko dituztela.

Hala, eta enpresaren barruan bi ordezkarien artean eztabaidatzen den gairen batean adostasuna lortu ezin bada, bi alderdiek PRECO lanbidearteko akordioan edo haren ordezkoan ezarritako prozeduretara joko dute.

Eta bi aldeek hau irakurri ondoren, ados daudela adierazteko, testu artikulatu hau eta honekin batera doazen eranskinak (I-III) sinatu dituzte Artziniegan (Araba), 2023ko abenduaren 19an.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala