Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2024ko martxoaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
1330

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 28koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, 2024ko ekitaldirako ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen deialdia egiten duena.

2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak (ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.) ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen ditu.

Geroago, 2023ko abenduaren 30ean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea sartu zen indarrean (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua indargabetzen dituena. Hori dela eta, deialdi honek jasotzen du araudi berriak honako hauei buruz xedatutakoa: onuradunek beren gain hartutako betebeharrei, laguntzen kudeaketari eta deialdiaren ebazpenari, ez-betetze kasuei eta laguntzak itzultzeko prozedurari buruz xedatutakoa.

Dekretu horren 2. artikuluaren arabera, bi dira ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen modalitateak: ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzak eta ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzak.

Dekretu horren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da bi laguntza-modalitateak batera deitzea 2024ko ekitaldirako.

Deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Garapenerako Lankidetzako IV. Gida Planean sartzen da. Plan hori 2022-2024 urteetarako luzatu zen, Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez. Garapenerako Lankidetzako IV. Gida Plana (luzatuta) eta 2024ko Urteko Plana Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web-orrian (www.elankidetza.euskadi.eus) daude argitaratuta, «Nortzuk gara» barruko «Plangintza» atalean. Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak onartutako Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan jasota dago.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen 2008ko ekainaren 9ko 5/2008 Legeak ematen dizkion eskumenen barruan, 10.b artikuluan, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak erabakia hartu du 2024ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposamena egiteko bi laguntza-deialdiak eta horiek emateko oinarrizko irizpideak onar ditzan.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzen deialdia egitea.

Ebazpen honen bidez deitzen diren laguntzek ebazpen honi erantsitako deialdietako oinarrietan aurreikusitakoa bete beharko dute:

(Ikus .PDF)
XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen 2007ko otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak (2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatua) 23.4 artikuluan ezartzen duenez, erakunde eskatzaile bakoitzak eskuratu ahal izango dituen dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian zehaztuko da.

Hala, 2024ko urtarrilaren 29ko Kontseilu Errektoreko saioan adostu da erakunde eskatzaile bakoitzak esleitu daitezkeen funtsen % 7 jaso ahal izango duela gehienez ere. Argitaratzen den lehen deialdian emango da kopuru horren berri. Hau da, 4.070.667,61 euro, urtean onartutako garapenerako lankidetzaren konturako laguntzen edozein deialditan, dirulaguntza horiek etorkizuneko ekitaldietan ordaintzen diren kontuan hartu gabe.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan (ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituena) xedatutakoaz gain, ebazpen honetan aipatzen diren dirulaguntzak honako hauetan oinarritzen dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudian.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Lehendakaritzari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 28a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

I.A ERANSKINA
2024KO EKITALDIRAKO EKINTZA HUMANITARIOKO PROIEKTUETARAKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK (PRE)

1. artikulua.– Xedea.

Gatazka-testuinguruetan eta bestelako indarkeria-egoeretan krisi humanitarioak jasaten dituzten biztanleei (betiere, eremu humanitarioan erabiltzen diren nazioarteko estandarren bidez identifikatuta) zuzendutako ekintza humanitarioko proiektuetarako 2024ko ekitaldirako laguntzen deialdirako oinarriak argitaratzea da ebazpen honen helburua.

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.

Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzen modalitaterako zuzkidura ekonomikoa, ondoz ondoko konkurrentzia-prozeduraren bidez emandakoa, 5.600.000 eurokoa da.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako dirulaguntza.

1.– Erakunde bakoitzari, banaka edo taldeka, gehienez ere bi eskabide eman ahal izango zaizkio.

2.– Proiektu bakoitzeko gehienez 200.000 euroko dirulaguntza emango da. Proiektuek gehienez ere hamabi hilabeteko iraupena izango dute, eta beste sei hilabetez luzatu ahal izango dira.

3.– Afrikako kontinentean egindako ekintza humanitarioko proiektuen ekimenei emango zaie lehentasuna. Helburu horrekin, gutxienez 2.800.000 euro gordeko dira Afrikan gauzatu beharreko proiektuak finantzatzeko, betiere laguntzen araudi erregulatzaileak eskatzen dituen baldintzak betetzen badituzte.

4. artikulua.– Eskabideen epea, aurkezpena eta formalizazioa.

1.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntza-eskabideak 2024ko aurrekontu-ekitaldi osoan aurkeztu ahal izango dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, dirulaguntzen modalitate horretan esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortzen bada, epea amaitu egingo da, aipatutako aldizkarian horren berri ematen den egunean.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta deialdi honen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egingo dira.

3.– Eskabide-inprimakia eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikoa baino ez da erabiliko, Laguntzak eta dirulaguntzak atalean.

4.– Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak eta eskabide-inprimakia aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri. Laguntzaren informazio gehigarria lor daiteke www.euskadi.eus webgunean, Laguntzak eta dirulaguntzak atalean.

5.– Erakunde interesduna espedientera sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzentzeko, eta prozedura honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen «Nire karpeta» aplikazioa eta aplikazio hori soilik erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

7.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunaren aldez aurreko baimenarekin, ofizioz begiratuko, egiaztatuko edo baieztatuko du administrazio eskudunean legezko ordezkaritzaren akreditazioa. Hala ere, beste pertsona bati eman ahal izango zaio ordezkaritza, haren izenean baliabide elektronikoen bidez jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan. Horretarako, honako hauek erabiliko dira:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoena (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– Borondatezko legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua. Inprimakia eskabideari erantsi behar zaio. Pertsona juridikoek beste pertsona bati ordezkaritza ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa ahalorde-emailea legitimatzen duen ordezkaritza-eskuordetzaren kopia edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein dokumentu erantsi beharko dute, edo

– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoena (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).

Ordezkariak identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan beharko du, aipatutako egoitza elektronikoan onartua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

8.– Laguntza-eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da.

9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehazten diren baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Oinarri hauei I.b eranskin gisa erantsitako eredu normalizatuko eskabide-inprimakia telematikoki bete behar da, oso-osorik, eta erakunde eskatzailearen datu orokorrak, aurrekontua eta diruz lagunduko den proposamena jasoko ditu, baita erakunde eskatzaileak sinatu beharreko erantzukizunpeko adierazpenak ere.

Erakunde eskatzaileen elkarte bat eratzen bada, gainerako erakunde eskatzaile bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu behar da (erantzukizunpeko aitorpenaren eredua www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago, laguntzak eta dirulaguntzak atalean eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean, «Deialdiak» eremu barruko «Laguntzak, bekak eta sariak» atalean).

2.– Eskabide-orriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ekintza humanitarioaren eremuan gutxienez bi urtez jarraian izandako esperientzia egiaztatzea, baldin eta erakundearen estatutuetan berariaz adierazten ez bada helburuen artean ekintza humanitarioko proiektuak egitea dagoela. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunaren aldez aurreko baimenarekin, ofizioz begiratuko, egiaztatuko edo baieztatuko du akreditazio hori administrazio eskudunean.

Hala ere, estatutuetan helburu hori zehaztuta ez badago, gutxienez bi urtez jarraian izandako esperientzia egiaztatu beharko da. Horretarako, agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesduna bera ez den beste erakunde pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoriak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialen argitalpenak, edo horretarako eskumena duten organoek ziurtatutako urteko memoriak edo kontuak, esperientzia jarraitu hori berariaz jasotzen dutenak.

b) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eratze-eskritura edo estatutuak eta erregistro-dokumentazioa, gutxienez eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagokoak.

Baldin eta, tokiko bazkidearen izaera juridikoa dela eta, ezintasun juridikoren bat badago, edo herrialdearen inguruabarren ondoriozko ezintasun politikoren bat badago, erregistroko izen-ematearen betekizuna egiaztatu ordez, tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiazta ditzakeen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

c) Ez da beharrezkoa izango erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroko inskripzioa aurkeztea, baldin eta erakundeak baimena ematen badio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari ofizioz begiratzeko, egiaztatzeko edo baieztatzeko administrazio eskudunean.

3.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak automatikoki egiaztatu ahal izango du zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzari buruzko baldintzak betetzen direla, datuen bitartekaritza-plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.

Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

Salbuespen gisa, gorabeheraren batek datu horiek lortzea eragozten badu, erakundeari dagozkion dokumentuak aurkezteko eskatu ahal izango zaio.

4.– Ekintza humanitarioko proiektuak baloratzeko, erakunde eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu ahal izango ditu:

a) Esku-hartzearen kalitatea eta zeharkakoen integrazioa baloratzeko: proposamen teknikoa eta dirulaguntzaren aurrekontu banakatua, www.euskadi.eus webgunean laguntzak eta dirulaguntzak atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean «Deialdiak» eremuaren barruan «Laguntzak, bekak eta sariak» atalean argitaratutako ereduen arabera, eta planoei, administrazio-lizentziei eta prestakuntza-planei buruzko obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, edukiak eta metodologiak barnean direla.

b) Erakunde onuraduna(k) baloratzeko: Erakunde eskatzailearen/eskatzaileen Plan Estrategikoa(k) eta ekintza humanitarioko Plan Estrategikoa(k) eta genero-berdintasunaren aldeko Plana(k).

c) Tokiko bazkidea(k) baloratzeko: Tokiko bazkidearen/bazkideen Plan Estrategikoa(k), ekintza humanitarioko Plan Estrategikoa(k) eta genero-berdintasunaren aldeko Politika(k).

5.– Artikulu honetako 2.b, 4.b, eta 4.c apartatuetan aipatzen den dokumentazioa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren esku badago, agentzia horrek dokumentazio hori bildu eta ofizioz kontsultatu ahal izango du, betiere erakunde interesdunak eskabidean adierazten badu dokumentazio hori zer espediente-zenbakitan dagoen eta noiz aurkeztu zuen –2019tik aurrera–.

6. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzordea honako hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko arduraduna.

– Batzordekidea: Alicia Aleman Arrastio andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

– Batzordekidea eta idazkaria: Maria Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

2.– Hautaketa Batzordeko titularren bat kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, honako hauek ordezkatu ahal izango dituzte:

– Batzordeburua: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoko arduraduna.

– Batzordekidea: Arkaitz López Sánchez jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

– Batzordekidea eta idazkaria: Ana María Tellería Gallastegui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

3.– Hautaketa Batzordeak teknikari espezialisten aholkularitza jaso ahal izango du. Teknikari horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

7. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-irizpideak ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen 2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuaren 15 artikuluan ezarritakoak izango dira.

8. artikulua.– Kudeaketa eta esleipena egiteko organo eskuduna.

1.– Prozeduraren kudeaketa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio.

Espedientea eta Hautaketa Batzordearen txostena ikusi ondoren, organo kudeatzaileak proposatuko dio dagozkion laguntzak ematea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari. Azkenik, eskatutako laguntzak esleitzeko eta ukatzeko ebazpena emango du zuzendariak.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpena, eskatutako laguntzak esleitu eta ukatzekoa, erakunde interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie. 90/2019 Dekretuaren 17.5 artikuluaren arabera, eskaera aurkeztu eta 6 hilabete igaro ondoren berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

2.– Ekintza humanitarioko proiektuetarako laguntzetara bideratutako funtsak agortuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Laguntzaren erakunde onuradunek, ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen 2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan (ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.) zehaztutako betebeharrez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak eta deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko beste betebehar guztiak bete beharko dituzte.

11. artikulua.– Laguntzak itzultzea eta arrazoiak.

Dirua itzultzeko arrazoiak eta bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriko laugarren apartatuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

II.A. ERANSKINA
2024KO EKITALDIRAKO EKINTZA HUMANITARIOKO ESTRATEGIETARAKO LAGUNTZEN DEIALDIAREN OINARRIAK (EHE)

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuak araututako laguntzen deialdia egitea 2024ko ekitaldirako, ekintza humanitarioko estrategietarako laguntzen modalitatean, bizia salbatzera, sufrimendua arintzera eta krisi humanitarioak pairatzen dituzten pertsonen eskubideak eta giza duintasuna babestera zuzenduta, gatazken eta bestelako indarkeria-egoeren testuinguruetan, eremu humanitarioan erabilitako nazioarteko estandarren bidez identifikatuta.

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.

Ekintza humanitarioko estrategien modalitateko laguntzetarako zuzkidura ekonomikoa, lehia-konkurrentziako prozeduraren bidez emandakoa, 4.800.000 eurokoa da.

3. artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako dirulaguntza.

1.– Erakunde bakoitzak, banaka edo taldeka, gehienez ere eskabide bat aurkeztu ahal izango du.

2.– Esku-hartze bakoitzeko gehienez 800.000 euroko dirulaguntza emango da, eta gutxieneko zenbatekoa 500.000 eurokoa izango da. Iraupena hogeita lau hilabetekoa izango da, eta beste hamabi hilabetez luza daiteke.

3.– Afrikako kontinentean egindako ekintza humanitarioko estrategien ekimenei lehentasuna emango zaie. Horretarako, Afrikan exekutatu beharreko gutxienez 3 estrategia lagunduko dira diruz, puntuazioa gorabehera, eta betiere dirulaguntzak erregulatzeko araudian eskatzen diren baldintzak betetzen baldin badituzte. Gainerako soberakina emateko, lortutako puntuazio-hurrenkerari jarraituko zaio.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta argitalpena egin zen egun berean amaituko da epea, epemugako hilabetean. Epemugako hilabetean zenbaketa hasten den egunaren baliokiderik ez balego, epea hilaren azken egunean amaitzen dela ulertuko da.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta deialdi honen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egingo dira.

3.– Eskabide-inprimakia eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikoa baino ez da erabiliko, Laguntzak eta dirulaguntzak atalean.

4.– Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak eta eskabide-inprimakia aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri. Laguntzaren informazio gehigarria lor daiteke www.euskadi.eus webgunean, Laguntzak eta dirulaguntzak atalean.

5.– Erakunde interesduna espedientera sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzentzeko, eta prozedura honetan inplikatutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen «Nire karpeta» aplikazioa eta aplikazio hori soilik erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

6.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak eska ditzakeenak aurkeztu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

7.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunaren aldez aurreko baimenarekin, ofizioz begiratuko, egiaztatuko edo baieztatuko du administrazio eskudunean legezko ordezkaritzaren akreditazioa. Hala ere, beste pertsona bati eman ahal izango zaio ordezkaritza, haren izenean baliabide elektronikoen bidez jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan. Horretarako, honako hauek erabiliko dira:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoena (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– Borondatezko legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua. Inprimakia eskabideari erantsi behar zaio. Pertsona juridikoek beste pertsona bati ordezkaritza ematen dion erakundearen legezko ordezkari gisa ahalorde-emailea legitimatzen duen ordezkaritza-eskuordetzaren kopia edo zuzenbidean baliozkoa den beste edozein dokumentu erantsi beharko dute, edo

– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoena (https://www.euskadi.eus/erregistroa/reg_ag_coop/web01-tramite/eu/).

Ordezkariak identifikazio elektronikorako bitarteko bat izan beharko du, aipatutako egoitza elektronikoan onartua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

8.– Laguntza-eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da.

9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehazten diren baldintzak.

5. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Oinarri hauei II.b eranskin gisa erantsitako eredu normalizatuko eskabide-inprimakia erakunde eskatzaileak bete behar du telematikoki, oso-osorik, eta erakunde eskatzailearen datu orokorrak, aurrekontua eta diruz lagunduko den proposamena jasoko ditu, baita erakunde eskatzaileak sinatu beharreko erantzukizunpeko adierazpenak ere.

Erakunde eskatzaileen elkarte bat eratzen bada, gainerako erakunde eskatzaile bakoitzak sinatutako erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu behar da (erantzukizunpeko aitorpenaren eredua www.euskadi.eus webgunean argitaratuta dago, laguntzak eta dirulaguntzak atalean eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean, «Deialdiak» eremu barruko «Laguntzak, bekak eta sariak» atalean).

2.– Eskabide-orriarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ekintza humanitarioaren eremuan gutxienez bi urtez jarraian izandako esperientzia egiaztatzea, baldin eta erakundearen/erakundeen estatutuetan berariaz adierazten ez bada helburuen artean ekintza humanitarioko proiektuak egitea dagoela. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, interesdunaren aldez aurreko baimenarekin, ofizioz begiratuko, egiaztatuko edo baieztatuko du akreditazio hori administrazio eskudunean.

Hala ere, estatutuetan helburu hori zehaztuta ez badago, gutxienez bi urtez jarraian izandako esperientzia egiaztatu beharko da. Horretarako, agiri hauetakoren bat aurkeztu beharko da: administrazio publikoek emandako ziurtagiriak edo ebazpenak, edo interesduna bera ez den beste erakunde pribatu batzuek emandako ziurtagiriak (auditoriak barne), edo administrazio publikoek diruz lagundutako proiektuak jasotzen dituzten aldizkari ofizialen argitalpenak, edo horretarako eskumena duten organoek ziurtatutako urteko memoriak edo kontuak, esperientzia jarraitu hori berariaz jasotzen dutenak.

b) Esku-hartzean parte hartzen duten tokiko bazkideen eratze-eskritura edo estatutuak eta erregistro-dokumentazioa, gutxienez eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagokoak.

Baldin eta, tokiko bazkidearen izaera juridikoa dela eta, ezintasun juridikoren bat badago, edo herrialdearen inguruabarren ondoriozko ezintasun politikoren bat badago, erregistroko izen-ematearen betekizuna egiaztatu ordez tokiko bazkidearen nortasun juridikoa, esperientzia eta jarduera egiazta dezakeen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

c) Ez da beharrezkoa izango erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroko inskripzioa aurkeztea, baldin eta erakunde horiek baimena ematen badiote Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari ofizioz begiratzeko, egiaztatzeko edo baieztatzeko administrazio eskudunean.

d) Erakunde eskatzaile bakoitzaren ekintza humanitarioko Plan Estrategikoa, ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen 2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuaren 5.1.c artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ofizioz egiaztatu ahal izango du zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzari buruzko baldintzak betetzen direla, datuen bitartekaritza-plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.

Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du.

Salbuespen gisa, gorabeheraren batek datu horiek lortzea eragozten badu, erakunde eskatzaileari dagozkion dokumentuak aurkezteko eskatu ahal izango zaio.

4.– Ekintza humanitarioko estrategia baloratzeko, erakunde eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu ahal izango ditu:

Esku-hartzearen kalitatea eta zeharkakoen integrazioa baloratzeko: proposamen teknikoa eta dirulaguntzaren aurrekontu banakatua, www.euskadi.eus webgunean laguntzak eta dirulaguntzak atalean, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren webgunean «Deialdiak» eremuaren barruan «Laguntzak, bekak eta sariak» atalean argitaratutako ereduen arabera, eta planoei, administrazio-lizentziei eta prestakuntza-planei buruzko obra edo azpiegituren karpeta teknikoak, edukiak eta metodologiak barnean direla.

b) Erakunde onuraduna(k) baloratzeko: Erakunde eskatzailearen/eskatzaileen Genero Berdintasunaren aldeko Plan Estrategikoa(k) eta Plana(k).

c) Tokiko bazkidea(k) baloratzeko: Tokiko bazkidearen/bazkideen Plan Estrategikoa(k) eta ekintza humanitarioko Plan Estrategikoa(k) eta genero-berdintasunaren aldeko Politika(k).

5.– Artikulu honetako 2.b, 2.d, 4.b eta 4.c apartatuetan aipatzen den dokumentazioa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren esku badago, agentzia horrek dokumentazio hori bildu eta ofizioz kontsultatu ahal izango du, betiere erakunde interesdunak eskabidean adierazten badu dokumentazio hori zer espediente-zenbakitan dagoen eta noiz aurkeztu zuen –2019tik aurrera–.

6. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzordea honako hauek osatuko dute:

– Batzordeburua: Alazne Camiña Izkara andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko arduraduna.

– Batzordekidea: Alicia Aleman Arrastio andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

– Batzordekidea eta idazkaria: Maria Pilar Diez Arregui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

2.– Hautaketa Batzordeko titularren bat kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat badago, honako hauek ordezkatu ahal izango dituzte:

– Batzordeburua: Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoko arduraduna.

– Batzordekidea: Arkaitz López Sánchez jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

– Batzordekidea eta idazkaria: Ana María Tellería Gallastegui andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza-teknikaria.

3.– Hautaketa Batzordeak teknikari espezialisten aholkularitza jaso ahal izango du. Teknikari horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

7. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-irizpideak ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen 2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoak izango dira.

8. artikulua.– Kudeaketa eta esleipena egiteko organo eskuduna.

1.– Prozeduraren kudeaketa Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio.

2.– Espedientea eta Hautaketa Batzordearen txostena ikusi ondoren, organo kudeatzaileak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatuko dio dagozkion laguntzak eman ditzan. Azkenik, eskatutako laguntzak esleitzeko eta ukatzeko ebazpena emango du zuzendariak.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpena, eskatutako laguntzak esleitu eta ukatzekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. 90/2019 Dekretuaren 17.5 artikuluaren arabera, eskaera aurkeztu eta 6 hilabete igaro ondoren, ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Laguntzaren erakunde onuradunek, ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzak arautzen dituen 2019ko ekainaren 18ko 90/2019 Dekretuan (ekainaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 120. zk.) zehaztutako betebeharrez gain, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak eta deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko beste betebehar guztiak bete beharko dituzte.

11. artikulua.– Laguntzak itzultzea eta arrazoiak.

Dirua itzultzeko arrazoiak eta bidegabe jasotako laguntzak azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriko laugarren apartatuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala