Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2024ko martxoaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1327

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 4koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak sinatutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabeei eta landunei zuzendutako 2024-2025eko prestakuntza-programazioa egiteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak aipatutako akordioa sinatu dute, eta, beharrezko publikotasuna emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak izenpetutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabeei eta landunei zuzendutako 2024-2025eko prestakuntza-programazioa egiteko sinatua eta ebazpen honen eranskinean jasotzen dena.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 4a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
KUDEAKETA-GOMENDIOKO AKORDIOA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ETA HEZKUNTZA SAILAREN ARTEAKOA, 2024-2025EKO PRESTAKUNTZA-PROGRAMAZIOA EGITEKO EAEKO LANGABEENTZAT ETA LANDUNENTZAT

Alde batetik, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendia Cueva andreak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu den aldetik,

Eta, bestetik, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz Sorron jaunak honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langabezian eta lanean ari diren langileen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar dira hainbat lanbidetan modu kualifikatuan jarduteko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeria egin gabe.

Laneratzea da langabetuentzako prestakuntza-eskaintzaren helburu nagusia. Horretarako, prestakuntza-eskaintzak bete beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen banakako beharrizanak: lan egiteko moduan dauden pertsonei konpetentziak eman behar dizkie, lan-proiektua gauzatzeko behar baitituzte, eta, halaber, haien enplegagarritasuna hobetu behar du. Profesionaltasun-ziurtagiriak dira prestakuntza-eskaintza honen oinarri nagusia.

Landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzan, berriz, helburu nagusia da erantzuna ematea enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei, ekoizpen-sisteman izandako aldaketetara egokitzeko premiei eta langileek lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako dituzten aukerei. Prestakuntza-eskaintza horrek bete beharko ditu enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak, eta prestakuntza-programen bidez garatuko da. Programa horiek barnean hartuko dituzte sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak. Halaber, moduluka antolatutako prestakuntza-eskaintza sustatuko da, egiaztapen partzial metagarria egin ahal izateko, bai eta lan-esperientziaren bidez lortutako konpetentzien egiaztatze eraginkorra ahalbidetuko duten prozedurak ere.

Bigarrena.– Enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.

1/2013 Legeak nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin behar dela, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak barnean jasotzen baititu berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du prestakuntza-sistema malguak eratu behar direla, oinarri hartuta emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegia. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, bide emango dutenak dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia gauza dadin. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, bermatzeko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenak koordinatuko direla.

Hirugarrena.– Akordio honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du aplikatzekoa den estatu-araudiarekin. Ildo horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, nabarmentzekoa da Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoarekin hasitako erreforma garrantzitsua, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak oraindik orain garatutakoa.

Arau horren helburua da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat antolatzea, prestakuntza guztia egiaztagarria, metagarria eta kapitalizagarria izan dadin. Funtsezko hiru elementuk osatzen dute sistema berri hori: Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalak, Katalogo Modularrak eta Lanbide Heziketako Eskaintzen Katalogo Nazionalak.

Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuta. C gradua ziurtagiri profesionalei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.

3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. Hala ere, oraindik ez dira onartu arau- eta antolaketa-garapen horiek.

Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso enuntziatu generikoa erabilita, aipatzen du indargabetuta geratzen direla lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, haren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, ziurtagiri profesional izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.

Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean eta 659/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorrean xedatzen denez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta erregelamendu bidez garatu arte Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako.

Aintzat hartuta zer indarraldi duen erabaki honek, erabakiaren klausuletan islatzen da nola gauden, gaur egun, egoera iragankor batean, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez.

Laugarrena.– Bestalde, akordio honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintza kudeatzeko orduan, aintzat hartu beharko da urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege-dekretu horrek malgutu egiten du hala profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren eskakizunak nola enplegurako lanbide-heziketako eta hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eskaintza.

Horrela, hezkuntza-administrazioak lanbide-heziketako tituluak edo espezializazio-ikastaroak emateko zentro, espazio eta ekipamenduei ezartzen dizkien eskakizunak egokitzat eta nahikotzat joko dira profesionaltasun-ziurtagiriak emateko, bai eta lanbide-kualifikazio berak osorik edo partez egiaztatzeko diren enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk emateko ere.

Bosgarrena.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 6.1 artikuluari jarraikiz, Lan eta Enplegu Sailak esleitua du enplegu-politika eta «enplegurako lanbide-heziketa, dekretu horren 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Aipatutako dekretuaren 10.1.b) artikuluak Hezkuntza Sailari esleitzen dizkio «lanbide-heziketaren arloko zuzendaritza-, antolamendu- eta plangintza-eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta nekazaritzako eta itsasketa- eta arrantza-arloko enplegurako lanbide-heziketaren eta arautu gabeko lanbide-heziketaren arloan eskumena duten sailen eta erakundeen laguntzarekin».

Seigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapen-programak kudeatzen ditu, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoarekin.

Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzeko maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak organismo autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak ezartzen du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren, enplegurako lanbide-heziketaren eta nekazaritza-arloko arautu gabeko lanbide-heziketaren arloan eskumena duten sailek eta erakundeek egingo dutela, nork bere eskumenen esparruan, lanbide-heziketaren programazioa eta kudeaketa.

Enplegurako lanbide-heziketaren arloko ekimenen artean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio langile langabeei eta landunei zuzendutako prestakuntza-eskaintzak garatzea.

Zazpigarrena.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 13. artikuluan berariaz xedatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango duela lanbide-heziketa, bai Eusko Jaurlaritzaren zentro propioen bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetzearen bidez. Xede horretarako, zentro propiotzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak.

Xedapen horrekin bat etorriz, eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, eta lanbide-heziketaren arloan esleitutako eskumenak eta egitekoak gauzatuz –lehenago azaldutakoak–, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek jarduera-sektoreetan dituzten kualifikazio-beharrei erantzuteko.

Horretarako, garrantzitsua da prestakuntza-ekintzen programazioa malgutzeko elementuren bati eustea, hain zuzen ere eskaintza langabeen eta landunen kolektiboek dituzten beharrizanetara egokitzeko, bai eta pertsona kualifikatuak eta lan-merkatuak eskatutako gaitasunak dituztenak ere hartzeko enpresek dituzten beharrizanetara egokitzeko. Horren guztiaren helburua da aurre egitea digitalizazioaren, garapen jasangarriaren, pertsonen zaintzaren, nazioartekotzearen eta merkatu berrien ondoriozko egungo erronkei, baita produkzio-teknikak etengabe eguneratzea ere. Hartara, gomendioak ez du zuzenean identifikatu eta planifikatzen zer prestakuntza-ekintza eman behar diren 2024-2025 aldi honetan, baizik eta aurrekontu-kreditu bat esleitzen dio Hezkuntza Sailaren mendeko prestakuntza-zentro bakoitzari, berak egikaritu ditzan aldi horretan eman beharreko prestakuntza-ekintzak.

Esleitzeko zer aurrekontu-kreditu esleitu zentro bakoitzari berak egikari dezan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak adierazle batzuk adostu dituzte, kontuan hartuta zein izan diren aurreko urteetan zentroek garatutako prestakuntzaren emaitzak, kalitatea eta eragina, argituta zein izan diren beste enplegu-politika aktibo batzuekin lotutako jarduketa osagarriak, eta kontuan izanda zer prestakuntza-gaitasun duten zentroek profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntza-eremuan.

Azaldutakoa oinarri hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, langabeentzako eta landunentzako enplegurako lanbide-heziketaren eskaintza programatu eta kudeatzeko EAEko organo eskuduna den aldetik, eta Hezkuntza Sailak, prestakuntza hori emateko zentroak dituen aldetik, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-gomendioko akordio hau adostu dute. Hona hemen akordioa arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

1.– Akordio honetako kudeaketa-gomendioaren xedea da Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzak egitea langile langabeentzat eta landunentzat, 2024-2025 aldian, eta prestakuntza-ekintza horiek programatzea akordio honen laugarren klausulan aurreikusitako moduan, sail horren mendeko zentro publikoetan egiteko. I. eta II. eranskinetan zerrendatzen da zein diren zentro horiek eta zer baliabide ekonomiko esleitzen zaion zentro bakoitzari prestakuntza-planak egikaritzeko.

2.– 2024ko ekitaldian hasi beharko dira egiten prestakuntza-planak, gomendio honen helburu den programazioa osatzen dutenak, eta 2025eko urriaren 20a baino lehen amaitu beharko dira, barne hartuta, hala behar izanez gero, lantokiko prestakuntza praktikoen modulua, enpresako prestakuntza edo lanekoak ez diren praktikak.

Bigarrena.– Finantzaketara bideratutako baliabide ekonomikoak.

Gomendio honen xede den prestakuntza-programazioa (2024-2025) finantzatzeko, guztira, hamabost milioi ehun eta berrogeita hiru mila eta zortziehun euroko kreditua bideratuko da (15.143.800 euro), honela banatuta:

– Lehentasunez, 10.601.800 euro zuzenduko dira langile langabeentzako prestakuntza-ekintzak gauzatzeko; haietatik, 7.067.867 euro 2024ko ordainketa-kredituaren kargura eta 3.533.933 euro 2025eko konpromiso-kredituaren kargua.

Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotutako prestakuntza egiaztagarrien ekintzak finantzatzen, EAEko 2021-2027 EGIF+ Programaren barruan.

– Lehentasunez, 4.542.000 euro zuzenduko dira, langile landunentzako prestakuntza-ekintzak gauzatzeko; haietatik, 3.028.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.514.000 euro, berriz, 2025eko konpromiso-kredituari.

Hirugarrena.– Prestakuntza-ekintzen tipologia.

1.– Gomendio honetako prestakuntza-eskaintza garatuko da I. eta II. eranskinetan jasotako lanbide-arloetan, langabeei eta landunei zuzendutako eskaintzako prestakuntza-ekimen bakoitzerako.

2.– Tipologia honetako prestakuntza-ekintzak programa daitezke:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak edo, hala badagokio, Lanbide Konpetentzien Estandarren Katalogo Nazionalari lotutakoak, helburu dutenak konpetentzia-egiaztapen partzialak, konpetentzia-ziurtagiriak eta profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzea. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

b) Prestakuntza ez-egiaztagarria: prestakuntza-espezialitateen katalogoko prestakuntza-ekintza hauek ez dute aukerarik ematen eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko. Bi motatakoak izan daitezke:

b.1.– Ez-kualifikatzaileak. Funtsezko eta zeharkako konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, aukera ematen dutenak maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Hau da:

– Zeharkakoak: haien helburua da zeharkako ezagutza-eremuekin lotutako konpetentziak eskuratzea, arlo hauetan: hizkuntzak, osasuna eta lan-arriskuak, ingurumena, kalitatea, ekintzailetza, ofimatika eta eten digitala murrizteko lagungarriak diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, edota enplegu-eskatzaileentzat esanguratsua den beste edozein. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza-ekintza egiaztaezinen tipologiakoak izango dira.

– Funtsezko konpetentziak: ekintza ez-egiaztagarri horien helburua izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea, titulazio akademikorik ez duten edo profesionaltasun-ziurtagiri bat edo ziurtagiri profesional bat eskuratzeko prestakuntza-baldintzak betetzen ez dituzten pertsonei aukera eman dakien halako ziurtagiriak osorik edo moduluka ikasteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: 2. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, batetik, eta kualifikazioko 3. mailako prestakuntza egiaztagarria eskuratzekoak, bestetik.

b.2.– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: profesionaltasun-ziurtagiriei edo ziurtagiri profesionalei lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horiek zuzenduta daude produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrizanei erantzutera edo/eta aurrea hartzera; batez ere, sektore berritzaileenen garapenarekin lotutako ekintzak edo/eta enplegu-perspektiba hobeak dituztenak edo erregulazio espezifikoak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrizanak dituztenak (txartel profesionalak).

3.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko-praktikoa baino ez da finantzatuko. Ez dira finantzatuko, ez lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, ez enpresako prestakuntza. ez lanekoak ez diren enpresa-praktikak.

4.– Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko du (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Jarraitzen dutenen ehunekoa txikiagoa bada, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, gomendio honen hamazazpigarren klausulan eta III. eta IV. eranskinetan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, zenbat pertsonak parte hartzen duten prestakuntza-ekintzaren lehen egunean, pertsona-kopuru hori hartuko da prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat.

Laugarrena.– Prestakuntzaren programazioa eta prestakuntza-ekintzen eskaintza.

1.– Gomendio hau egikarituta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintzen eskaintza bat izango du eskura, langile langabeen eta landunen kualifikazio-beharrei erantzuteko. Ekintza horiek prestakuntza-ekintzen eskaintzan sartuko dira, bai I. eta II. eranskinetan zerrendatutako prestakuntza-zentroek, zeinak Hezkuntza Sailekoak baitira, hala eskatuta, edo baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak atzemandako beharrizanei erantzuteko ere, hurrengo apartatuetan deskribatzen den moduan.

2.– Urtero urtarrilean zehar, prestakuntza-zentro baimenduak, prestakuntzarako LanF informatika-aplikazioaren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio ekitaldi horretan programatzeko prest dituen prestakuntza-ekintzen zerrenda, behar bezala adierazita prestakuntzaren espezialitatea, ordu-kopurua, tokia eta hasierako eta amaierako data; helburua da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoek eskuragarri dauden prestakuntza-ekintzei buruzko informazioa izatea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatutako langileek behin-behinean izena eman ahal izateko urtean zehar.

Xede horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoek egiaztatuko dute ea prestakuntza-baliabideak esleituak dituzten prestakuntza-erakunde guztiek garaiz eta behar den moduan aurkeztu dituzten beren proposamenak, eta ea proposamen bakoitzak bere barnean jasotzen duen urte oso bati dagozkion prestakuntza-baliabide baimenduen zati proportzionala. Proportzionaltasuna aldatuz gero, behar bezala arrazoitu beharko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hamar egun baliodun baino lehen proposamena egiaztatu eta baimendu ondoren, zentroak bere urteko programazioari ekin ahal izango dio.

3.– Urteko ekintzen zerrenda hori aurkeztu ondoren, prestakuntza-ekintzak ordezteko aukera egongo da, ekintza berriak prestakuntza-eskaintzan sartzeko eskatuz, baldin eta bi baldintza hauetako bat betetzen bada:

a) Proposatutako prestakuntza-ekintzak hobeto erantzuten dio laneratze-estrategia bati, zeina prestakuntza-zentroak landu eta sustatzen baitu kontuan hartuta zer aukera ematen zaien enplegua lortzeko edo enplegugarritasuna hobetzeko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsonei.

b) Prestakuntza-ekintzak, bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren behar hauei erantzuten die: prestakuntza-kontuaren ustiapenetik eratorritako prestakuntza-aholkularitzaren bidez atzemandako beharrak, aintzat hartu gabe daudenak prestakuntza-zentroak bere gain hartu eta urtero eskuragarri jartzen duen eskaintzan.

4.– Programazioan bateraezintasunik sortuz gero Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proposatutako prestakuntza-ekintzak egikaritzeko orduan, Lanbideren proposamenak lehenetsiko dira, eta ez prestakuntza-zentroen proposamenak.

5.– Baldintza hauek bete beharko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat sar dezan eskaintzaren barruan:

a) Prestakuntza-ekintza lotua duen prestakuntza-espezialitatea alta emanda egotea Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan, edo Prestakuntza Eskaintzen Katalogo Nazionalean sartutako prestakuntza-eskaintza gisa (A, B edo C gradukoak).

b) Prestakuntza-zentroak espazioak eta ekipamenduak betetzea, zehazki profesionaltasun-ziurtagiria edo ziurtagiri profesionala arautzen duen araudian zehaztutakoak, edo espezialitateko prestakuntza-programan jasotakoak. Edo, bestela, lanbide-heziketako tituluen eta espezializazio-ikastaroen curriculuma ezartzeko eskumena duen hezkuntza-administrazioak eskolak emateko eskakizun gisa zehaztutakoak betetzea, profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak eta enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk ematen direnean, baldin eta titulu edo espezializazio-ikastaro horietan sartutako lanbide-kualifikazio berberak egiaztatzen badira osorik edo partzialki.

c) Eskualde eta lurralde historikoetan eman beharreko lanbide-arloei dagozkien prestakuntza-espezialitateak behar bezala banatu behar dira gomendio honetako programazio-aldian zehar, enplegu-eskatzaileen beharretara eta erabilgarritasunera egokitzeko, eta lan-merkatua ez gainezkatzeko lanekoak ez diren praktikekin; horretarako, handitu egin behar da eman beharreko espezialitateen kopurua.

d) Prestakuntza-zentro berak urteko lauhileko berean emandako espezialitate kualifikatzaile bateko prestakuntza-ekintza berri bat gehitu ahal izango da eskaintzan, baldin eta espezialitate horretako azken ekintza ikasle-talde osoarekin hasi bada.

Bosgarrena.– Zentroen prestakuntza-plana eta diru-zuzkidura.

1.– Prestakuntza-zentro berberak eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute akordio honen egikaritze-aldirako, eta plan hori oso-osorik finantzatuko da.

2.– Zenbat parte-hartzailek parte hartu eta zenbat kostatzen den prestakuntza-ordua, hainbat diru emango da prestakuntza-ekintza bakoitza finantzatzeko; beti ere, III. eta IV. eranskinetan zehazten diren modulu ekonomikoen arabera, eta kontuan hartuz prestakuntza-ekintza lehentasunez langile langabeei ala landunei zuzentzen zaien, hurrenez hurren.

3.– Prestakuntza-zentroren batek prestakuntza-ekintzaren bat gauzatzeko zailtasunak baditu eta esleitutako finantzaketaren zati bati uko egin behar badio, hurrengo urtearen hasieran, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lurralde bereko prestakuntza-zentroari esleituko dio askatutako zenbatekoa, baldin eta, dauden sektore-beharrizanen eta zentroaren gauzatze-emaitzen arabera, lehentasuna badu esleipenean. Horretarako, prestakuntzaren emaitzen, kalitatearen eta eraginaren adierazle-multzo bat erabiliko da, hasierako aurrekontu-esleipena egiteko erabili zen bera, alegia.

Seigarrena.– Prestakuntza Erakundeen Erregistroan eta Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian alta ematea.

Programazioan parte hartzen duten ikastetxeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez akreditatuta edo inskribatuta egon beharko dute emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuok Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan edo Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian sartuko dira, hala badagokio.

Enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko gaur egun baimenduta eta egiaztatuta dauden ikastetxe eta erakundeek bere horretan mantenduko dituzte 3/2022 Lege Organikoan Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzak emateko jasotako baimen-baldintzak, harik eta erregelamendu bidez arautzen den arte Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Orokorrean inskribatzeko prozesua, bat etorriz, betiere, 3/2022 Lege Organikoaren lehen xedapen iragankorrean xedatutakoarekin.

Zazpigarrena.– Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako ikastetxeen artean, eta ordaintzeko modua.

1.– Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremanak izango ditu programazioan aritzen den prestakuntza-zentro guztiekin.

2.– Hezkuntza Sailaren antolaketa ekonomiko-finantzarioaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontuan sartuko du prestakuntza-plan bakoitza emateagatik esleitutako zuzkidura.

Guztira 2 ordainketa egingo dira, aldi hauetan:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu eta gero has dadila prestakuntza-ekintza, lehen ordainketa bat egingo da, 2024rako esleitutako baliabide guztien 2024ko ordainketa-kredituaren kargura eta langabeen eta landunen prestakuntza-plan bakoitzaren guztizko zenbatekoari dagokiona.

b) Prestakuntza-ekintza guztiak amaitzen direnean, bigarren ordainketa egingo da (prestakuntza-plana finantzatzeko esleitutako gainerako baliabideen zenbatekoa), 2025eko konpromiso-kredituaren kargura eta lehenengo klausulan ezarritakoaren arabera. Horretarako, justifikatu beharko da zer jarduera gauzatu diren; betiere, hamaseigarren klausulan –1.2 s) apartatuan– eta hamazazpigarren klausulan aurreikusitako baldintzetan.

Zortzigarrena.– Prestakuntza-hartzaileak.

1.– Honako hauek parte har dezakete programazio honetako prestakuntza-ekintzetan:

1.1.– Langabeei zuzendutako ekintzetan: lehentasunez parte hartu ahal izango dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren Fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Prestakuntza-ekintza horietan, langile landunek ere parte hartu ahal izango dute, baina lehentasunik gabe eta gainditu gabe prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien % 30. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, kontuan hartuko da zer lan-egoeratan dauden pertsonak prestakuntza hasten duten unean. Aldizkako langile finkoen kasuan, lanik egiten ez duten aldietan, eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente batean sartuta daudenen kasuan, ez dira landuntzat hartuko lehen aipatutako ehunekoa kalkulatzeko.

Ondorio horietarako, honako hauek sartuko dira langabeen taldean: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta beren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

1.2.– Lehentasunez langile landunei zuzendutako ekintzetan: EAEko lantokietan lan egiten duten langileak, baldin eta dagokion eskabidea aurkezten badute. Mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek ere parte hartu ahal izango dute ekintza horietan, zehazki mendetasuna duten pertsonentzako arretarekin lotutako prestakuntza-eskaintzan. Administrazio publikoetako langileek ere landunei zuzendutako ekintzetan parte hartu ahal izango dute, baina zeharkako ekintzetan soilik, eta gehienez parte-hartzaileen % 10eko mugarekin.

Ekintza horietan, langabezia-egoeran dauden langileen parte-hartzea gehienez % 30ekoa izango da prestakuntza-ekintza bakoitzeko. Pertsona horiek enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon behar dute, enplegu-zerbitzu publikoren batean. Aipatutako ehuneko hori programatutako parte-hartzaile guztiei dagokie, edozein dela ere prestakuntza-ekintzan hasi diren ikasleen kopurua. Langabetzat jotzeko, kontuan hartuko da zer egoeratan dauden prestakuntza hasten den unean, eta lehentasuna emango zaie Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsonei.

2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek bete egin beharko dituzte ekintza horietan sartzeko eskakizunak.

Bederatzigarrena.– Hautatzea zer pertsonak parte hartuko duten prestakuntza-ekintzetan.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintzaren bat egitea agindu badiete beren prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, haien prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, esku hartzeko lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bat osatzeko falta dituzten moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena eman gabe dauden langile landunak, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulego batean aurrez aurre aurkeztu badute eskabidea, edo eskabidea organismo autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus); webgune horretan argitara emango dira prestakuntza-ekintzak, izena emateko epea eta eskatzaileek haietan sartzeko eskakizunak, eta, orobat, prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak.

2.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dira. Ildo horretatik, parte hartu ahal izateko profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzeko prestakuntza-ekintzetan, bete beharko dira Lanbide Heziketako Sistemaren Antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 75. artikuluan eta bosgarren xedapen gehigarrian ezarritako sartzeko eskakizunak.

3.– Prestakuntza-zentroak hautatuko du zer ikaslek parte hartuko duten Ikastaroetan. Pertsona horiek, berriz, aurrez izena eman duten hautagaien artean hautatuko ditu. Ondorio horietarako, prestakuntza emango duen zentroak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar besteko aurrerapenarekin eta behar diren bermeekin.

4.– Langabetuen artetik, kolektibo batzuek lehentasuna izango dute, honako hurrenkera honi jarraituz:

1. Lehenik, eta lehentasun-maila berean, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsona hauek:

– Kualifikazio-maila apala dutenak.

– 30 urtera arteko gazteak, luzaroko langabeak, 45 urtetik gorakoak eta desgaitasuna dutenak.

– Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren (GEA) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak, eta langabezia-sorospen bereziaren (LSB) hartzaileak.

– Terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

– Arrazoi ekonomikoak, teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenekoak tarteko edo ezinbesteko kausen ondorioz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen, lan-kontratuaren etenduren edo lanaldi-murrizketen eraginpean dauden langileak; haiek langabetzat joko dira ondorio horietarako.

– Aukeraberri programan parte hartzen dutenak. Programa hori Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2021eko uztailaren 13ko bilkuran, eta haren xedea da krisian dauden sektoreetako langileak birkualifikatu eta birkokatzea.

– Lan-esperientziaren eta EAEko prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen edo parte hartu dutenak.

Emakumeen ehunekoa langabeen artean duten pisuaren proportziozkoa izan behar da. Beraz, emakumeak langabeen % 55 direnez gero, ahal dela, prestakuntza-taldean ere emakumeak gutxienez % 55 izan behar dira.

2. Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

5.– Lehentasunez langile langabeei zuzendutako ekintzetan, landunek, ez direnez lehentasunezkoak, soilik parte hartu ahal izango dute baldin eta ikastaroan plaza hutsik badago sartzeko eskakizunak betetzen duen langabetu nahikorik ez dagoelako. Lehentasunez langile landunei zuzendutako ekintzetan, langabeek, ez direnez lehentasunezkoak, soilik parte hartu ahal izango dute baldin eta ikastaroan plaza hutsik badago sartzeko eskakizunak betetzen duen landun nahikorik ez dagoelako.

6.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin baldin eta jaso bada ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea.

7.– Hautaketa bukatu ondoren, prestakuntza-zentroek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta aintzat hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak.

8.– Gutxienez prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago, prestakuntza-zentroek beren instalazioetan ikusgai jarri beharko dituzte hautatutakoen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Bestalde, toki horretan zehaztu beharko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei jakinarazteko ikastaroetan parte hartuko dutela.

9.– Lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak hasteko, ezinbestekoa izango da 10 partaidek edo gehiagok izena ematea prestakuntza-ekintzan.

Salbuespen moduan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baimena emanda, lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzetan, parte-hartzaileen kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan, edo kalitatea bermatzeko parte-hartzaileen kopurua txikia izatea beharrezkoa dela egiaztatzen den prestakuntza-ekintzetan; kasu horietan, 10 parte-hartzaile baino gutxiago daudenean ere egin ahal izango dira ekintzak.

Lehentasunez landunei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan zortzi parte-hartzaile baino gutxiago badaude, ekintza abiarazteko, beharrezkoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena ematea.

Hamargarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu, eta, hala badagokio, Europako Gizarte Funtsak ere bai.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta, behar denean, enpresako prestakuntza praktikoan, bai eta haietara egiten dituzten joan-etorrietarako; izan ere, horretarako, Eusko Jaurlaritzak poliza bat sinatuko du istripuak eta erantzukizun zibila estaltzeko.

3.– Klaseko lehen egunean, ikasleek jasoko dute zein den ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua, eta dokumentu hori sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta etekina atera beharko diete prestakuntza-ekintzei. Ondorio horietarako, prestakuntza-zentroak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien edo ziurtagiri profesionalen kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da modulu bakoitzeko.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatu arte, baina salbuespen izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute eta horrek galarazten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

Hamaikagarrena.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Langabeen kasuan, justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta edo gehiago egitea.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua zein justifikatu gabea.

c) Probetxurik ez ateratzea prestakuntza-ekintzari, edo jokabide desegoki bat izatea, eragozten duena ekintza behar bezala egitea, barne harturik osasun- eta higiene-arauak ere.

2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia emango du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak gehienez hamabost eguneko epean ebatziko du prozedura. Inguruabarrek hala eskatzen badute, kanporaketa hasteko erabakian behin-behineko neurriak hartu ahalko dira prestakuntza-jarduera behar bezala garatzen dela bermatzeko, hala nola erabakia jakinarazteko egunetik prozedura ebazten den arteko egunetan ikaslea aldi baterako ikastarotik kanporatzea. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

Asteren batean ikasleren batek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuru osoaren % 25 baino gehiago huts egiten badu, edo justifikatu gabeko hiru asistentzia-falta baino gehiago egiten baditu hilabetean, horren berri emango dio prestakuntza-zentroak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketaren Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

Hamabigarrena.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Prestakuntza-zentroek gomendio honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko dituzte prestakuntza-ekintzak. Halaber, prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko dute jakinarazteko prestakuntza hasi dela (hasiko den eguna baino zazpi egun lehenago gutxienez), gerora aldaketaren bat gertatu dela (gertatu eta berehala) eta prestakuntza-ekintzak bukatu direla; hala jakinaraziko dute, orobat, parte-hartzaileen asistentzia-kontrola.

Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez 7 egun balioduneko epealdian egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiri bati edo ziurtagiri profesional bati lotutako prestakuntza-ekintzak (C gradukoak) honela programatu daitezke: langabeentzako ekimenean, ziurtagiri osoa edo moduluka (B graduak), eta, landunen ekimenean, berriz, moduluka (B graduak) edo prestakuntza-unitateka edo ikaskuntza-emaitzen arabera (A graduak).

3.– Hasieran onartutako ikasleez gain, beste bi gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, egiaztatuko da zenbat parte-hartzaile dauden.

4.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago igaro prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira 40 ordu baino gehiago egingo. Muga horien barruan daude, hala egokitzen denean, bai lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluaren orduak, bai profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional bakoitzean enpresan egin beharreko prestakuntza-aldiaren orduak, bai halako ziurtagiriei ez dagozkien ekintzen lanez kanpoko praktiken orduak.

5.– Prestakuntza-zentroek ahaleginak egingo dituzten prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzeko; bereziki, gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Horretarako, prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzea ahalbidetzen duten ordutegiak ezarriko dituzte.

Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez burutuko da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, salbu ezinbesteko kasuan; betiere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari behar bezala justifikatuta eta hark onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

6.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baliozkotu beharko ditu prestakuntza-zentroak jakinarazitako alderdi hauek, zeren, baliozkotu ezean, ezingo da baitira ekintzarik hasi:

a) Ea, prestakuntza-ekintza hastean, zentroak ikasleei eman dien prestakuntza-ekintzaren egutegi modular osoa.

b) «Ebaluazioaren plangintza» dokumentua, LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera.

c) Prestatzaileek bete beharko dituzte indarreko araudian ezarritako eskakizunak, eta kontuan hartu zer xedatzen den urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluan.

7.– Ikastaroa hasten denean, prestakuntza-zentroek, gutxienez, honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten guztiei:

– eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan, espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituena.

– ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta

– behar diren babes-elementuak.

Zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuk Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu dituztela eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituztela.

Era berean, ikasleei azalduko diete zer eskubide eta betebehar dituzten, eta zein diren kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak.

8.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da. Halako ordezkapenak onartuko dira, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 igaro aurretik egiten badira.

Moduluka eman beharreko profesionaltasun-ziurtagiri edo ziurtagiri profesional osoak programatzen direnean, ziurtagiriak osatzen dituzten moduluetako bakoitzerako sarbidea errazte aldera, programatutako modulu bakoitza hasi eta lehenengo bost eskola-egunetan aukera egongo da ikasleak sartzeko, baldin eta, betiere, modulu horien iraupenaren % 25 gainditu ez bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza batean sartzen diren ikasleek maila nahikoa izan beharko dute, hartara gai izan daitezen eragozpenik jarri gabe ikastaroa normaltasunez jarraitzeko eta hari probetxua ateratzeko. Ildo horretatik, prestakuntza-ekintzari probetxua ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila badutela bermatzeko.

9.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten zentroek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, egoera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

10.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatzeko. Modulu baten amaierako ebaluazio-probara aurkeztu ahal izateko, ikasleek frogatu beharko dute ikastaroan parte hartu dutela gutxienez ere ikastaroak izandako ordu guztien % 75ean.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 57., 63. eta 78. artikuluetan ezarritakoari eta aldez aurreko plangintza bati egokituta. Plangintza horretan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta haien aplikazioak iraungo duen denbora. (LanF aplikazio informatikoan emandako ikaskuntzaren ebaluazioa planifikatzeko ereduaren arabera).

Hamahirugarrena.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.

1.– Prestakuntzaren xedea bada ziurtagiri profesionalak (C graduak) lortzea, enpresako prestakuntza garatzeko, bete egin beharko dira uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 71. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

2.– Prestakuntzaren helburua bada profesionaltasun-ziurtagiri bat lortzea:

– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak uste badu iraupena eta eduki horiek ez direla nahikoak, praktikaldia luzatu ahal izango du lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez. Nolanahi ere, praktikaldi biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

– Prestakuntza-zentroek aurreikusi beharko dute prestakuntza praktikoko modulu bat egitea lan-zentroetan eta egindako espezialitatearekin zerikusia duten lanbideetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen % 100entzat, salbu 6 hilabeteko gutxieneko lan-esperientzia egiaztatzen duten parte-hartzaileentzat; betiere, urtarrilaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 131. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

– Lanbide-praktikak, ahal dela, gainerako moduluak bukatutakoan egingo dira, baldin eta aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira; horrela, beranduenez, azken prestakuntza-modulua amaitu, eta lau hilabeteren buruan hasi beharko dira.

– Baldin eta ikasleak praktikak egiten hasi badira prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean eta azken ebaluazio negatiboa lortzen badute, praktiketan jarraitu ahal izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua amaitzea ekarriko du.

3.– Prestakuntzaren helburua ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak edo lanbide-ziurtagiriak lortzea, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezin izango dute 200 ordu baino gehiago iraun, oro har, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko 2 hilabeteetan hasi beharko dira beranduenez.

4.– Enpresako prestakuntza egiteko, enpresaren eta prestakuntza-zentroaren arteko akordio bat sinatuko da, eta praktikak egingo dituen pertsonari emango zaio horren berri; gainera, hauek azaldu beharko dira hartan: praktiken edukiaren deskribapena, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Ziurtatzeko ea bete den baldintza hori, dokumentu bat erantsi beharko zaio hitzarmenari, adierazten duena langileen legezko ordezkariek jaso dutela hari buruzko informazioa, LanF aplikazioan eskuragarri jarriko den eredu ofizialaren bidez. Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.

5.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira; salbu, behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimena eman ondoren.

6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

Hamalaugarrena.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori ez da mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera; aitzitik, barnean hartuko du prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa, eta, hartara, kalitatea bermatzen lagunduko du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da egiaztatzeko ea erregulartasunez gauzatzen diren deialdian ezarritako baldintzak eta prestakuntza-planak, eta, beharrezkoa izanez gero, bidezko neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute ebidentzia dokumental eta fisikoen bidez jarraipena eta kontrola egitea prestakuntza-jarduera hori gauzatzen den tokian bertan eta toki horretatik kanpo, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edo/eta amaitu ondoren.

3.– Plan horri, Europako araudiak ezartzen duen bezala, in situ egiaztapen-jarduketak gehituko zaizkio, egiaztatzeko ea betetzen diren Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketatik eratorritako betekizunak.

Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta zein diren ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, dirulaguntzen onuradunek ebaluatu eta kontrolatu beharko dute nolakoa den, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean, eurek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan. Galdetegi hori, bestalde, amaierako azterketa egiten dutenean emango zaie, baita egiaztaezina den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da galdetegia.

Ikasleek telematikoki beteko dituzte galdetegi horiek. Ikastaroa ematen duen erakundearen ardura da ziurtatzea ea ekintza amaitu duten ikasleek bete duten kalitateari buruzko galdetegia; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte beharrezko baliabideak, ahalbidetzeko diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, hamazazpigarren klausulan aurreikusitako baldintzetan likidatuko da dirulaguntza.

Hamaseigarrena.– Zer betebehar dituzten alderdiek prestakuntza-planak egikaritzeko orduan.

1.– Gomendio honen xede diren prestakuntza-planak egiteko, alderdiek honako baldintza eta betebehar hauek izango dituzte:

1.1.– Hezkuntza Sailak:

a) Bermatzea ea egiazkoak diren prestakuntza-zentroek emandako datu guztiak.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari baimena ematea egiaztatzeko zer informazio behar duen egiaztatzeko zein diren zentro bakoitzaren prestakuntza-planeko datuak, edota haiei buruzko kontsultak egiteko edo informazioa eskatzeko.

1.2.– Prestakuntza ematen duten lanbide-heziketako ikastetxeek:

a) Onartutako prestakuntza-ekintzak gauzatzea aurreikusitako ordutegi eta datetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez kudeatzea (LanF) prestakuntza-ekintzak.

c) LanF kudeaketako aplikazio informatikoaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea noiz hasten diren prestakuntza-jarduerak.

d) Lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ematea prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, argitu dezaten zer prestakuntza-premia duten eta zer aukera duten programatutako diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko.

e) Aditzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak finantzatu dituztela programa horren arabera emandako prestakuntza-ekintzak, ekintza horiek komunikatzeko, hedatzeko edo publiko egiteko ekintzetan.

f) Ikasleei eta irakasleei jakinaraztea prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen dituztela eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatzen dituztela.

g) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatzea ea aukeratutako izangaiek betetzen dituzten ikastaroetara sartzeko eskakizunak.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei ematea haiek ikastaroen garapenari buruz eskatzen dieten informazio guztia.

i) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio sumatiboa egitea, bat etorriz indarreko araudiarekin, eta LanF aplikazioaren bidez jakinaraztea bai plangintza bai banakako ebaluazioa.

j) LanF kudeaketako aplikazio informatikoaren bidez, puntualki jakinaraztea zer ikasle diren baja ikastaroetan edo zer ikaslek utzi duten ikastaroa. Halaber, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea zer gorabehera aipagarri gertatu den prestakuntza-ekintzak egitean.

k) Erreserban daudenei, ikastaroan plaza hutsak daudela jakinaraztea.

l) Aurreikustea lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo enpresako prestakuntza-fasea egin behar dutela profesionaltasun-ziurtagiriak edo ziurtagiri profesionalak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten guztiek, kontuan hartuta horri buruz erregelamendu bidez ezartzen diren salbuespenak.

m) Akordio edo hitzarmenak egitea, hain zuzen ere ikastaroetan parte hartzen dutenei laguntzeko prestakuntza praktikoko modulua lantokian egiten, behar adinako bermeekin.

n) Tutore bat izendatzea, lantokiko prestakuntza praktikoko modulurako. Haren ardura izango dira enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, prestakuntza-programaren barruan, ebaluazio-irizpide behagarriak eta neurgarriak jasoko dira.

o) Kontrolatzea ea ikastaroetan parte hartzen duten pertsonak benetan bertaratzen diren.

p) Ikastaroan zehar, ikasleei baja ematea, baldin eta ikastarotik kanpo uzteko lehenago aipatutako egoeraren batean badaude.

q) Ikasleei gogoraraztea ezen, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, telematikoki bete beharko dituztela prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.

r) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek laguntzea ikastaroak bisitatzen, baldin eta uste badute hori egin behar dutela egiaztatzeko zer intzidentzia dagoen eta intzidentziak konpontzeko.

s) Justifikatzea zer ekintza egin diren kudeaketa-gomendioaren barruan eta zertan aplikatu diren haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoak, hamazazpigarren klausulan ezarritako moduan eta dokumentazioarekin; horretarako, 15 eguneko epea izango dute prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza amaitzen denetik aurrera, hala ezarrita baitago aipatutako klausularen 4. apartatuan.

t) Egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea, zehazki Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Lan eta Enplegu Sailarenak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak; baita Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketarekin lotutako kontrol-instantzienak ere (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia). Hala, lagundu egingo diete lokal eta instalazioetarako sartzen eta harremanak izaten prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin.

Horren haritik, Europar Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak in situ egingo dira, Europako funtsetatik eratorritako eskakizunak betetzen diren aztertzeko.

u) Finantzatutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-eskakizunak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek dentifikatu beharko dute zein diren laguntzarekin lotutako transakzioak; horretarako, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat erabiliko dute.

v) 2030eko abenduaren 31ra arte gordetzea eta zaintzea ikastaroen emaitzen aktak eta jarduera finantzatuari buruzko dokumentu guztiak, egiaztatu ahal izan dadin ea betetzen diren honen ondorioz zentro prestatzaileek hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak; zentroen arduradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango dizkiote zentroen arduradunek, LanF aplikazio informatikoaren bidez. Europako Gizarte Funtsak konfinantzatutako ekintzen kasuan, bete beharko da aplikatu beharreko araudiak adierazten duena.

w) Tratamendu-eragileak diren aldetik, prestakuntza-programazioa hasi aurretik sinatzea Lanbidek emango dion datu pertsonalen tratamenduari buruzko konpromisoa, arlo hau arautzen duen indarreko araudian aurreikusitako baldintzetan.

1.3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak:

a) Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatzea.

b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman beharko du izena eman duten hautagaien zerrenda, prestakuntza-zentroak LanF prestakuntza-kudeaketako aplikazioaren bidez sarbidea izanik, eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa errazteko; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

c) Ikastaroetan gertatzen diren intzidentziak konpontzen laguntzea ikastaroak ematen dituzten zentroei.

Hamazazpigarrena.– Finantzaketa justifikatzea eta likidatzea.

1.– Prestakuntza-planak egiteko esleitutako baliabideak justifikatzeko eta likidatzeko, kontuan hartuko da zenbat pertsonak parte hartu duten prestakuntza-ekintzetan eta zenbat eskola-ordu hartu dituzten benetan; betiere, III. eta IV. eranskinetan ezarritako modulu ekonomikoen arabera, eta aintzat hartuta ea ekintzak lehentasunez langile langabeei ala landunei eskaini zaizkien.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen diru-zuzkiduraren zenbatekoa.

2.– Kalkulu hori egiteko, ez da aintzat hartuko ea ikasleek ezarritako epeetan amaitu duten ala ez lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

– Lehentasunez langabeei zuzendutako ekintzetan: A modulua, III. eranskinaren arabera, bider 15 ikasle –baldin eta, gutxienez, 10 ikaslek hasi bazuten prestakuntza, eta gehienez ere 20k– eta bider emandako prestakuntza-orduak.

– Lehentasunez landunei zuzendutako ekintzetan: modulua, IV. eranskinaren arabera, bider 12 ikasle –baldin eta, gutxienez, 8 ikaslek hasi bazuten prestakuntza, eta gehienez ere 25ek– eta bidez emandako prestakuntza-orduak.

– Aurretik aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren (lehentasunez langabeei edo landunei zuzendutako ekintzei buruzko III. eta IV. eranskinen arabera) eta ekintzaren ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar dituzten langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan, B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru batentzat onartu da, eta, kalkulatzeko, muga horiek errespetatu beharko dira.

Baldin eta ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei baitagokie.

Baldin eta, ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute. Baldin eta ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

4.– Prestakuntza-zentroak prestakuntza-ekintza guztiak justifikatzeko, justifikazio-memoria aurkeztu beharko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari LanF aplikazio telematikoaren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaren ebaluazioa baliozkotu, eta gehienez hamabost eguneko epean.

Ezarritako epeak igaro, eta dagokion dokumentazioa aurkeztu ezean, hamabost organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio prestakuntza-zentroari dokumentazio hori aurkez dezan. Azken epealdi horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

Hamazortzigarrena.– Kudeaketa-gomendioaren bidez, Hezibi eta Lehen Aukera programak sustatzea.

Langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroek ikas-ekinezko edo txandakako prestakuntza sustatuko dute gazteentzat; horretarako, Hezibi proiektu bihurtuko dituzte profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduak arautzen dituenak, zeinak ezartzen baititu prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako Hezibi programaren oinarri arautzaileak.

Agindu horretan ezarritako baldintzak aintzat hartuta kudeatuko dira proiektu horiek.

Era berean, Lehen Aukera programaren bidez, prestakuntza-zentroek bultzatuko dute 30 urte baino gehiagoko gazteak kontratatzea.

Hemeretzigarrena.– EBren kofinantzaketatik eratorritako gardentasun-betebeharrak.

Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan aipatzen den web-gunean jasoko dira.

Hogeigarrena.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

Noiz arte luzatzen diren enkargatutako jarduerak eta noiz justifikatu beharko diren, halako indarraldia izango du kudeaketa-gomendioak.

Hogeita batgarrena.– Eskumena.

Kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin ez eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere; eskumen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baititu esleituta; beraz, organismo autonomo horren ardura izango da egintza edo ebazpen juridikoak ematea, oinarria emango diotenak kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari, edo jarduera material zehatz hori beren barnean hartzen dutenak.

Bi alderdiek adierazten dute ados daudela edukiarekin, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko dokumentu hau sinatu dute.

Vitoria-Gasteizen, azken sinadura elektronikoaren egunean (2024ko otsailaren 29an).

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala