Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

54. zk., 2024ko martxoaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1326

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 4koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, EAEn lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalak erabiliz eskuratu diren konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen dutenei zuzendutako 2024ko prestakuntza-programazioa egiteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak aipatutako akordioa sinatu dute, eta, beharrezko publikotasuna emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea EAEn lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalak erabiliz eskuratu diren konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen dutenei zuzendutako 2024ko prestakuntza-programazioa egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 4a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
Akordioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, EAEn lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalak erabiliz eskuratu diren konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen dutenei zuzendutako 2024ko prestakuntza-programazioa egiteko.

Alde batetik, Idoia Mendia Cueva andreak, Bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa;

Eta, bestetik, Jokin Bildarratz Sorron jaunak, Hezkuntzako sailburuak, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezartzen dira, besteak beste: langile langabeei eta landunei bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Bigarrena.– Enplegurako lanbide-heziketaren arau-esparruaren osagarri ditugu Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea.

1/2013 Legeak nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza bateratua egiteko beharra, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan, titulartasun publikoko nahiz pribatuko ikastetxe-sare zabal baten bidez. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du ildo horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako prestakuntza-sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko.

Hirugarrena.– Akordio honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintzaren kudeaketak, halaber, bat etorri behar du aplikatzekoa den estatu-araudiarekin. Ildo horretatik, prestakuntza egiaztagarriari dagokionez, nabarmentzekoa da Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoarekin hasitako erreforma garrantzitsua, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak oraindik orain garatutakoa.

Arau horren helburua da Lanbide Heziketako sistema bakar eta integratu bat antolatzea, prestakuntza guztia egiaztagarria, metagarria eta kapitalizagarria izan dadin. Funtsezko hiru elementuk osatzen dute sistema berri hori: Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalak, Katalogo Modularrak eta Lanbide Heziketako Eskaintzen Katalogo Nazionalak.

Lanbide Heziketako eskaintza modu bertikalean eta mailakatuan antolatzen da, bost gradutan (A, B, C, D eta E), guztiak Katalogo Modularreko moduluei buruzkoak (partzialki, A graduaren kasuan), eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionaleko konpetentzia-estandarrei lotuta. C gradua ziurtagiri profesionalei buruzkoa da; A eta B graduak, berriz, eskaintza partzialak eta metagarriak dira, eta «konpetentzia baten egiaztapen partziala» eta «konpetentzia-ziurtagiri» bat eskuratzea dakarte, hurrenez hurren. D eta E graduak bat datoz hezkuntza-sistemako heziketa-zikloekin eta espezializazio-ikastaroekin.

3/2022 Lege Organikoaren azken xedapenetako bosgarrenak 4 urteko epea aurreikusi zuen lege organikoan bertan jasotako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko. Egutegia apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuaren bidez onartu zen, eta, horren arabera, 2023ko irailaren 1erako arautu, antolatu eta garatu behar ziren sistema osatzen duten elementuak, lehenago aipatuak, eta 3/2022 Lege Organikoan aurreikusitako kudeaketa-tresnak. Hala ere, oraindik ez dira onartu arau- eta antolaketa-garapen horiek.

Enplegurako lanbide-heziketari dagokionez, 3/2022 Lege Organikoak partzialki indargabetu zuen sistema hori arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea; izan ere, oso enuntziatu generikoa erabilita, lege organikoan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetuta geratzen direla aipatzen du, eta xedapen horien aldaketa iragartzen du, oso argigarria izango zena baina oraindik egin ez dena.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagokienez, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak indarrik gabe utzi du ziurtagiri horiek arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua (IV. eranskina eta 62/2022 Errege Dekretuan bildutako erreferentziak izan ezik). Nolanahi ere, 659/2023 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrean eta 3/2022 Lege Organikoaren bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera, «Erregelamendu bidez aldatzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du profesionaltasun-ziurtagirien antolamenduak, hura ezartzen duten errege-dekretuetan jasotako eran, eta haien eskaintza Lanbide Heziketako Sistemaren C graduetan integratuko da, ziurtagiri profesional izenarekin.» Antzera jasotzen da ezarpen-egutegia ezarri zuen 278/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean.

Halaber, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, hirugarren xedapen iragankorrean, eta 659/2023 Errege Dekretuak, laugarren xedapen iragankorrean, xedatzen dutenez, indarrean jarraituko du irailaren 5eko 1128/2003 Errege Dekretuan jasotako Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren antolamenduak, harik eta Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari buruz Legean aurreikusitakoa erregelamendu bidez garatu arte. Berdina aurreikusten da Katalogo Modularrerako.

Aintzat hartuta erabaki honen indarraldia, erabakiaren klausuletan islatzen da prestakuntza egiaztagarriari dagokionez gaudeneko egoera iragankor hau.

Laugarrena.– Bestalde, akordio honetan aipatzen den prestakuntza-eskaintza kudeatzeko orduan, aintzat hartu beharko da urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa. Errege-dekretu horrek profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratutako lanbide-heziketako eskaintzak emateko eskatzen diren eskakizunak malgutzen ditu, bai eta enplegurako lanbide-heziketako eta hezkuntza-sistemako zentroetako lanbide-heziketako eskaintza malgutzen ere.

Horrela, hezkuntza-administrazioak lanbide-heziketako tituluak edo espezializazio-ikastaroak emateko zentro, espazio eta ekipamenduei ezartzen dizkien eskakizunak egokitzat eta nahikotzat joko dira profesionaltasun-ziurtagiriak emateko, bai eta lanbide-kualifikazio berak osorik edo partez egiaztatzeko diren enplegurako lanbide-heziketako beste prestakuntza-ekintza batzuk emateko ere.

Bosgarrena.– Azaroaren 10eko 211/2015 Dekretuak, zeinaren bidez lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura eta antolamendua ezartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan,14. artikuluan ezartzen duenez, hezkuntza- eta lan-arloko administrazioek prestakuntza espezifikoa eskainiko dute, prozeduran parte hartu baina egiaztapena lortu ez duten pertsonei tituluak edo profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ibilbideak burutzeko aukera bermatzeko xedez. Lanbide Heziketako sailburuordearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren 2021eko azaroaren 23ko Ebazpenak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan lan-esperientziaren edo prestakuntza-bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko etengabe irekitako prozedura ezartzen du.

Seigarrena.– Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 6.1 artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu–, Lan eta Enplegu Sailak esleitua du enplegu-politika eta «enplegurako lanbide-heziketa, dekretu horren 10.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan».

Aipatutako dekretuaren 10.1.b) artikuluak Hezkuntza Sailari esleitzen dizkio «lanbide-heziketaren arloko zuzendaritza-, antolamendu- eta plangintza-eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta nekazaritzako eta itsasketa- eta arrantza-arloko enplegurako lanbide-heziketaren eta arautu gabeko lanbide-heziketaren arloan eskumena duten sailen eta erakundeen laguntzarekin».

Zazpigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoa Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago, eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapen-programak kudeatzen ditu, bat etorriz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan ezarritakoarekin.

Halaber, Enplegurako Lanbide Heziketa arautzeko maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak organismo autonomo horri esleitzen dio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua).

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak ezartzen du hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren, enplegurako lanbide-heziketaren eta nekazaritza-arloko arautu gabeko lanbide-heziketaren arloan eskumena duten sailek eta erakundeek egingo dutela lanbide-heziketaren programazioa eta kudeaketa, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

Zortzigarrena.– Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 13. artikuluan berariaz xedatzen da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emango duela lanbide-heziketa, bai Eusko Jaurlaritzaren zentro propioen bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetzearen bidez. Xede horretarako, zentro propiotzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak.

Xedapen honekin bat etorriz, eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, eta lanbide-heziketaren arloan esleitutako eskumenak eta egitekoak gauzatuz –aurreko apartatuetan azaldutakoak–, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute konpetentzia profesionalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduretan parte hartu dutenen kualifikazio profesionala sustatzeko, halako moldez non beren prestakuntza bukatu dezaten.

Eskaintza konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen duten langabeen eta landunen kolektiboek dituzten beharrizanetara egokitze aldera, kudeaketa-gomendioaren egituraketa-ardatz nagusi izango dira ziurtagiri profesionala edo, kasuaren arabera, konpetentzia-unitate bat osatzeko prestakuntza jakin bat behar duten pertsona talde homogeneoentzat sortutako prestakuntza-ekintzak. Horrela lortu nahi da ahalik eta ondoen arreta ematea prestakuntza bukatzeke dauden pertsonei, dagozkien prestakuntza- eta enplegu-ibilbideen esparruan, gaitasun horiek behar dituzten prestakuntza-premietara egokitzen diren ekintzak sortuz; premia horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta prestakuntza-zentroek garatutako prestakuntza-aholkularitzaren eta orientazio-jardueren bidez hautemango dira.

Horrela, bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, langile langabeentzako eta landunentzako enplegurako lanbide-heziketaren eskaintza programatu eta kudeatzeko eskumena duen EAEko organoa den aldetik, eta Hezkuntza Sailak, prestakuntza hori emateko zentroak dituen aldetik, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 29. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau adostu dute. Hona hemen akordioa arautuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Akordio honen gai den kudeaketa-gomendioaren xedea da Hezkuntzak Sailak 2024 urtean zehar EAEn lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalak erabiliz eskuratu diren konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu dutenen prestakuntza osatzeko prestakuntza-ekintzak egitea, horiekin lotutako ziurtagiri profesionalak lortu edo konpetentzia-unitateak bukatu ditzaten.

2.– Kudeaketa-gomendio honen xede den programazioa osatuko duten prestakuntza-planak 2024 urtean zehar egin beharko dira. Prestakuntza-ekintzak kudeaketa-gomendioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera hasi beharko dute eta 2024ko abenduaren 1ean bukatu, prestakuntza praktikoa lantokian egiteko modulua, halakorik bada, barne dela.

Bigarrena.– Finantzaketara bideratutako baliabide ekonomikoak.

Gomendio honen xede den 2024 aldiko prestakuntza-programazioa finantzatzeko guztizko kreditua bostehun mila eurokoa (500.000 €) da.

HIrugarrena.– Prestakuntza-ekintzen mota.

1.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza egiaztagarriko ekintzak programatuko dira.

Ziurtagiri profesional baten konpetentzia-unitate batekin lotutako egiaztapen partzial metagarria lortzeko behar den prestakuntza osatzen lagunduko duten prestakuntza-moduluak eta -unitateak programatu ahal izango dira, prestakuntza-ekintza zein pertsona-talderentzat pentsatua dagoen, haientzako egokiena izango den prestakuntza-ibilbidea kontuan izanda.

2.– Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean emango dira.

Aurrez aurreko prestakuntza da ikasgela batean gertatzen dena, irakaslea bertan dela, hark ikasle-talde bati ezaguera berak aldi berean transmititzen dizkionean, erabiltzen diren baliabide didaktikoak nolakoak diren gorabehera.

3.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko-praktikoa baino ez da finantzatuko. Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulurik ez da finantzatuko.

4.– Prestakuntza-ekintzek, oro har, gutxienez 8 eta gehienez 25 parte-hartzaile izango dituzte, nahiz eta talde txikiagoentzat ere sortu ahal izango diren, gutxieneko parte-hartzaile kopuruarekin talde homogeneo bat sortzeko behar adina pertsona ez badago.

5.– Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko du (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Jarraitzen dutenen ehunekoa txikiagoa bada, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, gomendio honen hamazazpigarren klausulan eta II. eranskinean adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

Laugarrena.– Prestakuntza-programak.

1.– Kudeaketa-gomendio honen bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak egingo duten prestakuntza-ekintzen eskaintzarekin erantzun egokia eman ahal izango zaio EAEn lan-esperientziaren bidez edo prestakuntza-bide ez-formalak erabiliz eskuratu diren konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen dutenen premiei. Ekintza horiek prestakuntza-ekintzen eskaintzan sartuko dira, I. eranskinean zerrendatutako Hezkuntza Saileko prestakuntza-zentroek hala eskatuta, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak atzemandako beharrizanei erantzuteko, hurrengo apartatuetan deskribatzen den moduan.

2.– Prestakuntza-ekintza bat hasteko aukera ematen duen talde bat osatutakoan, baimendutako prestakuntza-zentroak, LanF prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko dio zer prestakuntza-ekintza programatu behar duen, eta honako hauek ere zehaztuko dizkio: prestakuntza-espezialitatea, ikasle-kopurua, ordu-kopurua, lekua, eta hasiera- eta amaiera-datak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 10 egun baliodun baino lehen proposamena egiaztatu eta baimendu ondoren, zentroak bere programazioari ekin ahal izango dio.

Bosgarrena.– Prestakuntza-programazioa eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Kudeaketa-gomendio honen barruan zentro publikoen multzoak eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute akordio honen egikaritze-aldirako, eta osorik hartuta finantzatuko dira.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko, parte-hartzaile bakoitzak duen prestakuntza-orduko kostua hartu da kontuan, modulu ekonomikoen arabera (II. eranskinean zehazten da horien osaera eta kalkulua).

Seigarrena.– Prestakuntza Erakundeen Erregistroan eta Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian alta ematea.

Programazioan parte hartzen duten ikastetxeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez akreditatuta edo inskribatuta egon beharko dute emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuok Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan edo Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian sartuko dira, hala badagokio.

Alde horretatik, Lanbide Heziketaren Antolamenduari eta Integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren lehenengo xedapen iragankorrean xedatzen denez, egun enplegurako lanbide-heziketako ekintzak emateko baimenduta eta akreditatuta dauden ikastetxe eta entitateek lege honetan jasotzen diren Lanbide Heziketako Sistemaren eskaintzak emateko baimen-baldintza berak izango dituzte, harik eta Lanbide Heziketako Zentroen Erregistro Nagusian inskribatzeko prozesua erregelamendu bidez arautzen den arte.

Zazpigarrena.– Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean, eta ordaintzeko modua.

1.– Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.

2.– Hezkuntza Sailaren antolaketa ekonomiko-finantzarioaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontuan sartuko du kudeaketa-gomendioari dagokion zuzkidura osoa, lehenengo prestakuntza-ekintza hasitakoan.

Kudeaketa-gomendioa amaitu eta hemezortzigarren klausulan adierazitako finantzaketa justifikatu eta likidatu ondoren, gerakinak doituko dituzte Hezkuntza Sailak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak.

Zortzigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak.

1.– Programazioan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko lehentasuna izango dute lan-esperientziaren eta EAEko prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen edo parte hartu dutenek. Era berean, nahiz eta konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartu ez, profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko prestakuntza-modulu edo -unitateren bat falta zaien pertsonek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek ekintza horietan sartzeko eskakizunak bete beharko dituzte.

Bederatzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

1.– Honako hauek izan daitezke prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak:

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, baldin eta prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu bazaie prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo EAEko prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren barruan.

Lan-esperientziaren eta EAEko prestakuntza-bide ez-formalen bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran parte hartzen edo parte hartu dutenak, prestakuntza-zentroetatik igorri badituzte.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza batean esku hartzeko.

2.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak prestakuntza-zentroak hautatuko ditu, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Ondorio horietarako, prestakuntza emango duen zentroak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF), eta prestakuntza-ekintzak hasi aurretik egingo du hautaketa-prozesua, behar besteko aurrerapenarekin eta behar diren bermeekin.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.

3.– Pertsona berak ezin izango ditu bi ikastaro batera egin baldin eta ikastaroan sartzeko eskakizunak betetzen dituen beste norbaiten eskabidea jaso bada.

4.– Hautaketa bukatu ondoren, hautaketaren emaitza jakinaraziko diote prestakuntza-zentroek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

5.– Hautatutakoen zerrenda eta erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrenda erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez, hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Hor, zehaztuta egon behar du non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren prestakuntza-ekintzak.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

6.– Prestakuntza-ekintzak ezin izango dira hasi 8 parte-hartzaile baino gutxiagorekin, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.

Hamargarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Ikasleek doan egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.

2.– Eusko Jaurlaritzak poliza bat sinatuko du ikasleen istripu eta erantzukizun zibila estaltzeko haiek ikastaroetan parte hartzen dutenean eta, hala dagokionean, enpresan prestakuntza praktikoa jasotzen dutenean, eta haietara joan-etorrietan dabiltzanean.

3.– Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute, eta haiei probetxua atera. Ondorio horietarako, prestakuntza-zentroak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Eguneroko partea bereizita egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatu arte, baina salbuespen izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute eta horrek galarazten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Jarduera justifikaziorik gabeko beste arrazoiren batengatik utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

Hamaikagarrena.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:

a) Justifikatu gabeko hiru asistentzia-faltatik gora egitea hilabetean, langabeen kasuan.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren % 25etik gora huts egitea, arrazoia edozein dela ere, justifikatua zein justifikatu gabea.

c) Prestakuntza-ekintzari probetxurik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Honako hau izango da ikasleak baztertzeko prozedura:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta, ontzat ematen badu, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia emango du. Erabaki horretan, ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Enplegurako Lanbide Heziketaren zuzendariak gehienez hamabost egun balioduneko epean ebatziko du prozedura. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behinean baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkeztu daitekeen.

Ikasle baten hutsegiteek prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 gainditzen duten astean, edo hilean justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten dituenean, nahiz eta ikasleak ekintzara joaten jarraitu, prestakuntza-zentroak hutsegiteen berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Lanbide Heziketako Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gora huts egitea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotasuna edo lanean hastea), pertsona horrek geratzen den modulua egiteko aukera izatea aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek prestakuntza-ekintzara joateari uzten badio eta ez joateak orduen % 25 gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik gabe.

Hamabigarrena.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Prestakuntza-zentroek kudeaketa-gomendio honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko dituzte prestakuntza-ekintzak. Halaber, organismo autonomo horren prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LanF) erabiliko dute jakinarazteko prestakuntza hasi dela (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), gerora aldaketaren bat gertatu dela (gertatu eta berehala) eta prestakuntza-ekintzak bukatu direla; hala jakinaraziko dute, orobat, parte-hartzaileen asistentzia-kontrola. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez 7 egun balioduneko epealdian egin beharko zaizkio jakinarazpenak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, harik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu arte.

2.– Hasieran onartutako ikasleez gain, beste bi gehiago bertaratu ahal izango dira prestakuntza-ekintzara, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa jasotzeko eskubiderik gabe, baldin eta prestakuntza-zentroek hala eskatzen badute hasierako komunikazioan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzako berdintasun-baldintzak bermatzen badira. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipamenduak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

3.– Langile langabeek ezingo dituzte egunean 8 ordu baino gehiago igaro prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, astean ez dira 40 ordu baino gehiago egingo. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.

4.– Prestakuntza-zentroak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatuko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak, prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzea ahalbidetzen duten ordutegiak ezarrita.

Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez burutuko da, eta prestakuntza-zentroak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik eta, betiere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak behar bezala justifikatuta eta onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak hautematen badira.

5.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, prestakuntza-zentroak jakinarazitako alderdi hauek baliozkotuko ditu Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, horiek baliozkotu ezean ezingo baitira ekintzak hasi:

a) Zentroak, prestakuntza-ekintzaren hasieran, ikasleei emango dien prestakuntza-ekintzaren egutegi modular osoa.

b) «Ebaluazioaren plangintza» dokumentua, LanF aplikazioan emandako ereduaren arabera.

c) Prestatzaileek indarreko araudian ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, eta urtarrilaren 25eko 62/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoa kontuan hartu.

6.– Ikastaroaren hasieran, prestakuntza-zentroek gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatikoan,

– ikastaroa zuzen garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta

– behar diren babes-elementuak.

Zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuk Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituztela.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, baita kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

7.– Ikasleren batek prestakuntza-ekintza uzten badu, haren lekuan beste parte-hartzaile bat sartu ahal izango da ekintzaren lehenengo bost egunetan, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 igaro ez bada.

8.– Prestakuntza-jardueran parte hartzen duten langabeei dagokienez, batez ere langabeziako prestazioa edo subsidioa edo diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute, prestakuntza emateko ardura duten zentroek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, egoera horiek zergatik gertatu diren zehaztuta.

9.– Ikasleek, modulu baten amaierako ebaluazio-probara aurkeztu ahal izateko, frogatu beharko dute ikastaroak izandako ordu guztien % 75ean gutxienez ikastaroan parte hartu dutela.

Ebaluazioa sistematikoki egingo da, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 57, 63, 64, 65, 78, 79. eta 80. artikuluetan ezarritakoari eta aldez aurreko plangintza bati egokituta. Plangintza horretan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan egingo den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta haien aplikazioak iraungo duen denbora. (LanF aplikazio informatikoan emandako ikaskuntzaren ebaluazioa planifikatzeko ereduaren arabera).

Hamahirugarrena.– Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua.

1.– Prestakuntza-zentroek prestakuntza praktikoko modulu bat egitea aurreikusi beharko dute, lan-zentroetan eta egindako espezialitatearekin zerikusia duten lanbideetan, ikastaroetan parte hartzen duten eta profesionaltasun-ziurtagiri bati lortutako prestakuntza osatzen duten ikasleen % 100entzat, 6 hilabeteko gutxieneko lan-esperientzia egiaztatzen duten parte-hartzaileentzat izan ezik, betiere urtarrilaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 131. artikuluan aurreikusitako terminoetan.

– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

– Lanbide-praktikak, ahal dela, gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, baldin eta aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira; horrela, beranduenez, azken prestakuntza-modulua amaitu, eta lau hilabeteren buruan hasi beharko dira.

– Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman dezake lanbide-praktikak eta gainerako prestakuntza-moduluak batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahal izango dute prestakuntza praktikoko modulua lantokian, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.

– Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza praktikoko modulua amaitzea ekarriko du.

2.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-zentroaren arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, dokumentu bat erantsi beharko zaio hitzarmenari, langileen legezko ordezkariek hari buruzko informazioa jaso dutela adierazten duena, LanF aplikazioan eskuragarri jarriko den eredu ofizialaren bidez. Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda ere erantsi beharko da.

3.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira; salbu, behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean, Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendariak baimena eman ondoren.

4.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

Hamalaugarrena.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori ez da mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera; aitzitik, barnean hartuko du prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa, eta, hartara, kalitatea bermatzen lagunduko du.

2.– Jarduera-plan bat ezarriko da, kudeaketa-gomendioan ezarritako baldintzak betetzen diren eta prestakuntza-ekintzak erregulartasunez garatzen diren egiaztatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, dagozkion neurri zuzentzaileak ezartzeko. Jarduera horiek barnean hartuko dute prestakuntza-jardueraren jarraipena, ematen den tokian eta toki horretatik kanpo, prestakuntza-ekintzak egiten diren bitartean edo/eta amaitu ondoren, ebidentzia dokumental eta fisikoen bidez.

Hamabosgarrena.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen kalitatea ebaluatuko du, kontuan hartuta ikasleek berek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, hala xedatzen baita enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (2009ko ekainaren 11ko BOE).

Horretarako, prestakuntza-zentroek burutzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatu beharko dute, prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-ekintzak kudeatzeko jardueren artean.

Edonola ere, prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu aurretik, parte-hartzaileek kalitateari buruzko galdetegia bete beharko dute; oro har, prestakuntza egiaztagarriko ekintza guztietan, amaierako azterketa egitean emango zaie, baita egiaztaezina den baina amaierako azterketa egitea eskatzen duen prestakuntzaren kasuan ere. Gainerako prestakuntza-ekintzetan, ikastaroaren azken bi egunetan beteko da.

Galdetegi horiek telematikoki beteko dituzte ikasleek. Ikastaroa ematen duen zentroaren ardura da ziurtatzea ekintza amaitu duten ikasleek kalitateari buruzko galdetegia betetzen dutela; horretarako, parte-hartzaileen eskura jarriko dituzte behar diren baliabideak, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasleek galdetegia bide telematikoz betetzea ahalbidetzeko. Parte-hartzaileen % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, hamazazpigarren klausulan aurreikusitako baldintzetan likidatuko da dirulaguntza.

Hamaseigarrena.– Aldeen betebeharrak prestakuntza-planen egikaritzan.

1.– Gomendio honen xede den prestakuntza-plana egiteko, baldintza eta betebehar hauek behar izango dituzte alderdiek:

1.1.– Hezkuntza Sailak:

a) Prestakuntza-zentroek emandako datu guztiak egiazkoak direla bermatzea.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, behar duen informazioa egiaztatzeko baimena ematea, horri buruzko kontsultak egiteko edo eskatzeko, zentro bakoitzaren prestakuntza-planaren gaineko datuak egiaztatzearren.

1.2.– Prestakuntza ematen duten lanbide-heziketako ikastetxeek:

a) Onartutako prestakuntza-ekintzak gauzatzea, aurreikusitako ordutegi eta datetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) Prestakuntza-ekintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez kudeatzea (LanF).

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-jardueren hasiera jakinaraztea, LanF kudeaketako aplikazio informatikoan.

d) Ziurtatzea prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek betetzen dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileei ezarritako eskakizunak. Prestakuntza ematen duen zentroaren zuzendaritzak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraituz, eta LanF programan sartuko da ikastaroa hasi baino lehen. Irakasleak zentroko bertako langileak izango dira, edo zentroak berak zuzenean kontratatutako pertsona fisikoak. Ez dago baimenduta azpikontratazioa (30/2015 Legearen 14. artikulua).

e) Lanbide-informazioa eta -orientazioa ematea prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

f) Jakitera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatu dituela prestakuntza-ekintzak, ekintza horiek komunikatzeko, hedatzeko edo publiko egiteko ekintzetan.

g) Ikasleei eta irakasleei jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako prestakuntza-ekintzak direla.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta aukeratutako izangaiek ikastaroetako sarbide-eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei ikastaroen garapenari buruz eskatzen dieten informazio guztia ematea.

j) Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio sumatiboa egitea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako jarraibideekin bat etorriz, eta plangintza eta banakako ebaluazioa LanF aplikazioaren bitartez jakinaraztea.

k) Puntualki jakinaraztea, LanF kudeaketarako informatika-aplikazioaren bidez, ikastaroetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

l) Ikastaroetan libre geratu diren lekuen berri ematea erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela ziurtatzea, prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko, eta profesionaltasun-ziurtagiriak ateratzen ari diren pertsonei dagokienez, gai direla moduluak amaitzeko.

m) Prestakuntza praktikoko modulua lantokiren batean egin daitekeela aurreikustea, ikastaroetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.

n) Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek lantokiko prestakuntza praktikoko modulua behar diren bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.

o) Tutore bat izendatuko dute, lantokiko prestakuntza praktikoko modulurako. Haren ardura izango dira enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, ebaluazio-irizpide behagarriak eta neurgarriak barne hartuko dira prestakuntza-programan.

p) Ikastaroetan parte hartzen duten pertsonen bertaratzea kontrolatzea.

q) Ikastaroan baja ematea ikasleei, baldin eta ikastarotik kanpo uzteko araudi honetan jaso diren egoeretako batean badaude.

r) Ikasleei gogoraraztea, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak telematikoki bete beharko dituztela.

s) Gerta litezkeen intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko egoki dela iritziz gero Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariek ikastaroetara egingo dituzten bisitaldiak erraztea.

t) «Amaierako ebaluazioaren akta» egitea. Horretarako, LanF aplikazio informatikoa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei emango dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak ikastaroa ebaluazio positiboarekin gainditzen ez badu, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.

u) Kudeaketa-gomendioaren barruan egin diren ekintzak eta haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen aplikazioa justifikatzea, hamazazpigarren klausulan ezarritako moduan eta dokumentuekin; horretarako, 15 eguneko epea izango dute prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza amaitzen denetik aurrera.

v) Ondoren aipatzen diren erakundeen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Lan eta Enplegu Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera ematea lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

w) 2030era arte gordetzea eta zaintzea kurtsoen emaitzen aktak eta jarduera finantzatuari buruzko dokumentazio guztia, gomendio honen ondorioz zentro prestatzaileek hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak bete direla egiaztatzeko aukera izan dadin; aktok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango dizkiote zentroen arduradunek, LanF aplikazio informatikoaren bidez.

1.3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak:

a) Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatzea.

b) Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritzea prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman beharko du izena eman duten hautagaien zerrenda, prestakuntza-zentroak LanF prestakuntza-kudeaketako aplikazioaren bidez sarbidea izanik, eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa errazteko; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

c) Ikastaroetan gertatzen diren intzidentziak konpontzen laguntzea ikastaroak ematen dituzten zentroei.

Hamazazpigarrena.– Finantzaketa justifikatzea eta likidatzea.

1.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-ekintzak gauzatzeko esleitutako baliabideen justifikazioa eta likidazioa, II. eranskinean ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen diru-zuzkiduraren zenbatekoa.

2.– Kalkulu hori egiteko, ez da aintzat hartuko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua ezarritako epeetan amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

A modulua bider 12 ikasle –baldin eta prestakuntza hasi zuten ikasleak kudeaketa-gomendioan aurreikusi bezala, 8 badira gutxienez eta 25 gehienez– eta bider emandako prestakuntza-orduak. Salbuespen gisa, prestakuntza-ekintza bat 8 parte-hartzaile baino gutxiagorekin hasten bada, A modulua biderkatuko da ekintza hasi duten ikasle kopuruarekin eta emandako prestakuntza-orduekin.

Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu-kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu-kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle-kopuru jakin batentzat onartu da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbateko osoa, hain zuzen ere ez zaio gehituko betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez badute, prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleen kopurutik abiatuta ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi behar izan duten langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, prestakuntza-jardueraren % 25 gutxienez egin badute.

Ekintza amaitzen duten parte-hartzaileen (gai eta ez-gai) % 67k baino gutxiagok erantzuten badiote galdetegiari, ez da gehituko B modulua amaitu duten parte-hartzaileen kopuruaren zenbatekoa, hain zuzen ere betetakoen ehunekoaren eta eskatutako gutxieneko % 67aren arteko aldeari dagokiona.

4.– Prestakuntza-zentroak prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko justifikazio-memoria aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaren ebaluazioa baliozkotu eta gehienez 15t egun balioduneko epean. Memoria horretan, ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduen laburpen-taula jasoko da, ezarritako modulu ekonomikoak eta klausula honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuta dagokion zenbatekoa kalkulatuta.

5.– Azken likidazioa egiteko, 2024ko urriaren 31 baino lehen onuradunak LanF-n honako agiri hauek bete behar ditu:

a) Egindako prestakuntza-ekintza guztien amaieraren (betetzearen) ziurtagiria (ekintza horien justifikazio-memoria ekonomikoak aurretik aurkeztuak behar dituzte izan).

b) Planaren amaiera-ziurtagiria, egindako prestakuntza-ekintzen banakapenarekin eta kudeaketa-gomendio honetan ezarritako mugetara egokitutako kolektiboen parte-hartzearekin.

c) Jardueraren egikaritza osorik edo zati batean finantzatu duten bestelako sarrerei edo dirulaguntzei buruzko aitorpena, zenbatekoa eta jatorria adierazita, edo halakorik ez dagoela dioen adierazpena.

Aurrez ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, eskumeneko organoak 15 egun balioduneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

Hemezortzigarrena.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

Indarraldia enkargatutako jardueraren iraupenari eta haren justifikazioari egokituko zaie.

Hemeretzigarrena.– Eskumena.

Kudeaketa-gomendioak ez dakar berarekin eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituta daude, eta erakunde autonomo horren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barnean hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.

Hogeigarrena.– Datuen babesa.

Bi aldeek konpromisoa hartzen dute honako hauetan aurreikusitako eskakizunak betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari dagokienez pertsona fisikoen babesari buruzkoan; eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan.

Bi alderdiek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko dokumentu hau sinatu dute.

Vitoria-Gasteiz, azken sinadura electronikoaren egunean (2024ko otsailaren 29an).

Bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala