Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2024ko martxoaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1256

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 19koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita ostatu-erabilera arautzeko Donostiako HAPOaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa (Gipuzkoa).

AURREKARIAK

2023ko abenduaren 4an, Donostiako Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, ostatu-erabilera arautzeko Donostiako HAPOaren (aurrerantzean, Plana) Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egin zedin. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin zen; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.

Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, 2024ko urtarrilaren 2an, kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Erantzuteko legezko epea amaituta eta espedientean jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasatu behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, hauek zehazteko: planak edo programak ingurumen-eragin nabarmenik ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaiola, ingurumenean eragin nabarmena izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, aipatu legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz, bai eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikulutik 32. artikulura bitartekoetan ere, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideei jarraikiz.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ostatu-erabilera arautzeko Donostiako HAPOaren Aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Hona hemen txostenaren edukia:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Ostatu-erabilera arautzeko Donostiako HAPOaren Aldaketak helburu hau du: turismorako ostatu-erabilerak eta ostatuak ezartzeko indarrean dagoen hirigintza-araubidea beherantz egokitzea, batetik, gaur egungo aurreikuspenek sortzen dituzten arazoei erantzuteko, eta, bestetik, aurreikuspen horiek turismoak eta turismo-ostatuen eskaintzak hirian izandako hazkunde azkar eta biziaren ondorioetara egokitzeko, gaur egungo eta etorkizuneko eskaeretara doituta.

Aldaketa horrek, zehazki, 2.1 Turismorako ostatu-erabileren eta ostatuen ezarpen-araubidea arautzen duten Hirigintza Arau Orokorrak izeneko dokumentuari eragiten dio. Planak hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizagarria ditu xede.

Aldaketak ondorengo helburua du:

– Turismo-ostatuak izatera bideratutako erabilera- eta establezimendu-modalitateak identifikatzea eta arautzea.

– Turismo-ostatuen eskaintza mugatzea edo murriztea.

– Hiriko bizitegi-parkea lehentasunez etxebizitza-erabilerara bideratuko dela bermatzea.

– Bizitegi-eraikinetan, bertan bizi direnen eta turisten arteko bizikidetza konplexuak eragindako tentsioei eta disfuntzionalitateei erantzutea.

– Egoitza kolektiboak (unibertsitate-egoitzak, ikastetxe nagusiak, komentuak...) lehentasunez berezko helburuetarako erabil daitezela sustatzea, turismo-ostatu erabilera mugatuta.

– Haietara bideratutako gune eta lurzatietan gaur egun dauden eta egon daitezkeen jarduera ekonomikoen dibertsifikazioa bermatzea, turismorako ostatu-erabilera mugatuta, erabilera mota horien gehiegizko presentziak edota monoustiapenak dakartzan arriskuak ezabatzeko.

Helburu horiek guztiak lortzeak justifikatzen du, sustatzailearen iritziz, neurri eta proposamen normatibo-literarioak zehaztea, eta ez fisikoak edo lurralde-arlokoak.

Bi gune ezartzen ditu, eta aldaketa garrantzitsuena da hiriko hiri-ingurunean (1. gunea) ostatu-erabilera berriak ezartzeko erabateko debekua, saturatutzat jotzen baitu erabilera berri horiek baimendu eta ezartzeari dagokionez. Une honetan, gune horretan honako hauek sartzea planteatu da:

a) Antigua-Ondarreta auzoa, bertako hirigintza-eremu guztiak barne.

b) Erdialdea auzoa, bertako hirigintza-eremu guztiak barne.

c) Gros auzoa, bertako hirigintza-eremu guztiak barne.

d) Ibaeta auzoa, bertako hirigintza-eremu guztiak barne.

e) «EG.01. Frantzia pasealekua», «EG.02 Urumea pasealekua» eta «EG.18 Aldunaene» (Egia auzoa) hirigintza-eremuek osatutako multzoa.

2. gunean, zeinak barnean hartzen baititu hiriko gainerako auzoak eta aurreko 1. gunean sartuta ez dauden hiri-inguruneko eremuak, baimena ematen da ohiko turismo-ostatuak (hotelak, ostatuak, aterpetxeak, turismo-apartamentuak) eta antzeko beste batzuk ezartzeko hirigintza-eremu bereko bizitegi-esparru globalean edo bizitegi-esparru globaletan dauden «b.20 Hirugarren sektoreko erabilera» eta «g.00 Ekipamendu komunitarioa» tipologiako lurzatietan, baita hirigintza-eremu bereko ekonomia-jardueren esparru globaletan (B.10 eta B.20) dauden «b.10 Industria-erabilera», «b.20 Hirugarren sektoreko erabilera» eta «g.00 Ekipamendu komunitarioa» tipologiako lurzatietan ere; bi kasu horietan, gehienez ere, sestra gainean aurreikusitako edo baimendutako hirigintza-eraikigarritasunaren % 5 kontsumituko dute.

Bizitegi-lurzatietan eta -eraikinetan, edozein dela ere horien hirigintza-tipologia («a.10 Hirigune historikoko bizitegiko zona», «a.20 Zabalguneko bizitegiko zona», «a.30 Eraikuntza irekiko bizitegiko zona» eta «a.40 Garapen txikiko bizitegiko zona»), ez da baimentzen turismorako ostatu-erabilera berririk ezartzea ezein modalitatetan: hotelak, pentsioak, aterpetxeak, turismo-apartamentuak, erabilera turistiko etxebizitzak (ETE) eta erabilera turistiko etxebizitza partikularretako logelak (ETL).

Era berean, ez da baimentzen erabilera turistikorako etxebizitzak (ETE) ezartzea ez eta etxebizitza partikularretan erabilera turistikorako logelak (ETL) ezartzea ere «b.20 Hirugarren sektoreko erabilera» eta «g.00 Ekipamendu komunitarioa» tipologiako lurzatietan, ez, halaber, ohiko turismo-ostatuak (hotelak, pentsioak, aterpetxeak, apartamentu turistikoak eta antzekoak) ezartzea bizitegi-esparru globaletan dauden «b.10 Industria-erabilera» tipologiako lurzatietan.

Plan horren helburua da turismorako ostatu-erabileren ezarpena arautzen duten hirigintza-xedapenak, HAPOan jasotakoak, berregokitzea.

Aipatutako 1. eta 2. guneei buruzko aurreko xedapenak berregokitu ahal izango dira, kultura-ondarea eta, zehazki, katalogatutako eraikinak zaintzearekin lotutako arrazoiengatik justifikatuta.

• «a.40 Garapen txikiko bizitegi-erabilera» tipologiako bizitegi-lurzatietan dauden eraikin katalogatuak ostatu-erabileretara bideratu ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik justifikatzen bada haien ezarpena egokiagoa dela, eraikinaren kontserbaziorako eta babes-araubidera egokitzeko, bizitegi-erabilerena baino.

• «b.20 Hirugarren sektoreko erabilera» eta «g.00 Ekipamendu komunitarioa» tipologiako lurzatietan dauden eraikin katalogatuak, osorik edo partzialki, ostatu-erabileretara bideratu ahal izango dira, baldin eta aldez aurretik justifikatzen bada erabilera horien ezarpena egokiagoa dela, eraikinaren kontserbaziorako eta babes-araubidera egokitzeko, baimendutako beste erabilera batzuena baino. Eta hori, baita aipatutako % 5eko portzentajea gaindituta ere.

Aurreko xedapenak katalogatutako eraikin guztietan aplikatuko dira, indarrean dagoen Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren babes-maila (haiek hartzen dituena) edozein dela ere.

Nolanahi ere, kasu horietan Udalak hartzen dituen erabakiei buruzko aldez aurreko txostena egin beharko du Ondarearen Aholku Udal Batzordeak. Txosten hori kasuan kasuko erabilerak kasuan kasuko eraikinaren katalogazio- eta kontserbazio-araubidera eta haren ondare-balioetara ondoen egokitzeari buruzkoa izango da bakar-bakarrik.

Aipatutako bi guneei buruzko xedapenak gaur egun haietan dauden turismorako ostatu-erabilerak egonkortzearekin osatzen dira, baldin eta haien ezarpena bat badator garai hartan indarrean zeuden lege-xedapenetan ezarritako baldintzekin (dagokion udal-baimena lortzearekin lotutakoak barne, hala badagokio) edo geroago legeztatu badira.

Planak indarrean dagoen HAPOko Hirigintza Arau Orokorretan ezarritako eraginpeko xedapenak aldatzea dakar. Zehatz-mehatz, arau horietako ondorengo artikuluetan jasotakoak aldatzea dakar edo ekar dezake: 9, 28, 50, 59, 60, 62 eta abar.

Alternatibei dagokienez, lau garapen-aukera aztertu dira: 0 aukera, hau da, ez jardutea edo gaur egungo egoera finkatzea; 1. aukera, turismorako ostatu-erabilerak ezartzeko araubidea erabat edo ia erabat liberalizatzea; 2. aukera, debeku osoa ezartzea, eta 3. aukera, HAPOaren aldaketa horretan aukeratutakoa, bi gune ezartzea definitzen duena (bakoitzak turismorako ostatu-erabilerak ezartzeko araubide desberdina du).

Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluaren arabera, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: planak ez du baldintzarik ezartzen, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak baimentzeko.

b) Planak beste plan edo programa batzuetan nolako eragina duen, hierarkizatuta daudenak barne: Plana garatzeko proposatu diren jarduketak eta aurkeztu den dokumentazioa aztertuta, ez da hauteman ingurumen-eragin nabarmenik, ez eta beste plan edo programa batzuekiko bateraezintasunik ere.

c) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko alderdiak integratzeari dagokionez, bereziki, garapen jasangarriaren sustapena: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko ingurumen-alderdiak integratzeari dagokionez. Planaren eremua Donostiako hiri-lurzorua eta lurzoru urbanizagarria da, eta, beraz, Planak ez dakar lurzoru natural berririk erabiltzea; gainera, aurreikusitako garapenak energia-aurrezkia eta -efizientzia indartzea helburu duten neurriak har ditzake.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo nabarmenak: aurreko puntuetan adierazitakoari jarraituz eta aintzat hartuta bai eremuaren ingurumen-ezaugarriak bai Planaren irismena, ez da hauteman Plana gauzatuz gero ingurumen-arazo nabarmenik egongo litzatekeenik, betiere, besteak beste, lurzoruaren babesari, zaratari, hondakinei eta isurketei dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira eremuarekin lotutako jarduketak.

e) Era berean, plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumenaren arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

HAPOaren Aldaketak Donostiako hiri-ingurune osoari eragiten dio (2.735,82 ha-ko azalera du). Hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lursailek osatzen dute azalera hori.

Donostiako sare hidrografikoa Urumeako, Oriako eta Oiartzungo unitate hidrologikoetako hainbat motatako ibilguen sare konplexu batek osatzen du, eta Urumeako Unitate Hidrologikoa da udalerriko handiena.

Donostiako kostalde osoa eta Urumea ibaia, haren inguruko lurrak barne, Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren eta haren babes-eremuen parte dira.

Donostian Batasunaren Intereseko 12 habitat mota daude, 1.225,4 ha-ko azalera hartzen dutenak (udalerri osoaren % 20 baino zertxobait gehiago), eta horietatik 234 ha Batasunaren Lehentasunezko Intereseko Habitatak dira (4040* Erica vagans-eko kostaldeko txilardi lehor atlantikoak, 6210* Belardi lehor erdi-naturalak eta kare-substratuen gaineko sastrakadi-fazieak eta 91EO* Haltzadiak eta lizardiak).

EAEko ingurumen-kartografian adierazitakoaren arabera, hainbat landare-espezie daude Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan edo EAEko Flora Baskularraren Zerrenda Gorrian. Hala ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, espezie horietako bat ere ez dago HAPOaren Aldaketak eragindako eremuan.

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kartografiaren arabera, Donostian hiru espezie daude inbentariatuta Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoko Galtzeko arriskuan kategorian eta kudeaketa-plana onartuarekin. Hegoaldeko zuhaitz-igela (Hyla meridionalis), Pirinioetako muturluzea (Galemys pyrenaicus) eta bisoi europarra (Mustela lutreola) dira.

Udalerriko fauna-interes handieneko eremuak honako hauek dira: Landarbasoko eta Urdaburuko enklabeak (baso-fauna eta ibai-ibilguei lotutakoa: Pirinioetako muturluzea eta bisoi europarra eta hegazti nekrofagoak); Uliako itsaslabarrak, babestutako hegazti habiagileen kolonia oparoa dutenak (ekaitz-txori txikia, belatz handia, ubarroi mottoduna, belea, kaio iluna); Urumea ibaiaren azken zatia, maiz edo noizean behin agertzen baitira bertan arrain-espezie migratzaileak (kolaka...); Oria ibaiaren ibarra Zubietan (zangaluzeak eta enara arrunta eta azpizuria); Atxulondo-Abalotz ingurua (bisoi europarra eta lepahoria) eta Mendizorrotz ingurua (hegoaldeko zuhaitz-igela).

Donostian garrantzi bereziko hainbat eremu eta elementu natural daude, hala nola: Aiako Harria Kontserbazio Bereziko Eremua - KBE (ES2120016) eta natura-parkea eta Uliako KBE (ES2120014); EAEko Natura Gune Garrantzitsuen Katalogo Irekian, Uliako itsaslabarrak eta Mendizorrotz, Atxulondo-Abalotz eta Urdaburu-Añarbeko errekak; interes geologikoko lekuak: Donostiako Badia (LIG 089) eta Pasaiako egiturazko itsaslabarrak (LIG 099); eta zuhaitz bereziak: Berioko artea (Quercus ilex) eta Igarako haritza (Quercus robur).

Donostiako 2019ko LAGen azpiegitura berdeko elementuak ere badaude, Urumea eta Oria ibaiek eta Landarbasoko ibai-ibilguek osatuak.

EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekiak paisaia-balio oso handiko gisa katalogatzen ditu Mendizorrotz, Igeldo eta Murgitako arro bisualak. Gainera, udalerriko itsasertz osoa Mendizorrotz, Igeldo, Ondarreta, Pasaia, Santa Klara eta Murgitako itsas eraginpeko eremu katalogatuaren zati da. Era berean, Urgull eta Platako itsasargia paisaia-toki garrantzitsu gisa identifikatzen dira.

Urdaburuko ekialdeko eta hegoaldeko zerrenda bat ere, Añarbeko arro bisualean, paisaia-balio oso handiko gisa katalogatzen da.

Intereseko kultura-ondarearen bi modalitateak honako hauek dira: interes historiko eta arkitektonikoko eraikinak eta elementu eraikiak, eta interes arkeologikoko elementu eta eremuak. Lehenengoak Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziak identifikatu eta babestutakoak dira (azken berrikuspena 2021ean egin zen, eta GAOn argitaratu zen, 73. zenbakian, 2021eko apirilaren 22an), ezarritako sei babes-mailetako batean. Interes arkeologikoko elementuak eta eremuak, berriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ezarritakoak dira. Ingurumen-dokumentuaren arabera, Planaren helburuek eta proposamenek ez dute aurreko xedapenetan inolako aldaketarik eragingo, interes historiko-arkitektonikoko nahiz arkeologikoko eraikinei eta elementu eraikiei dagokienez.

Kalitate akustikoaren azterketari dagokionez, Donostiako zarataren mapa estrategikoarekin lotutako azterlanetan adierazitakoarekin bat etorriz, hiriko kaleetako eta foru-bideen sareko trafikoaren, trenbide-sarearen (ADIF eta Euskotren) eta industria-jardueraren ondoriozko zarataren baterako ebaluazioak ondorioztatu du Donostiako biztanleriaren % 11k (20.174 pertsona inguru) 65 dBA baino gehiagoko zarata-maila duela eguneko 24 orduetan. Era berean, gauez 55 dBA baino gehiagoko mailan bizi den biztanleria % 12 da (21.012 pertsona inguru), eta zarata-foku nagusia kaleetako trafikoa da, eta, neurri txikiagoan, foru-errepideetako trafikoa, trenbidea eta industria.

Udalaren mapa estrategikoaren osagarri, Soinu Ingurunea Hobetzeko Ekintza Plana egin da, 2018-2023 aldiari dagokiona, eta plan horren garapenean gunean guneko plan bereiziak sustatu dira bost eremu hauetarako: Amara; Antigua; Urumea; Erdialdea, Aiete, Igeldo eta Zubieta; eta Altza.

Ingurumen-arriskuak.

Donostian zenbait ingurumen-arrisku daude; hala nola, higadura, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, uholde-arriskua eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun ertaina.

Klima-aldaketaren aurrean EAEko udalerriek duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioaren arabera (Ihobe, 2019), Donostian klima-aldaketak eragin ditzakeen inpaktu motak honako hauekin lotuta daude: bero-bolada (10etik 10eko eragin-indizea); ibai-uholdeak hiri-ingurunean (9ko eragin-indizea); itsas mailaren igoera hiri-ingurunean eta kostaldean (5eko eragin-indizea); lehortea (1eko eragin-indizea).

Euskal Autonomia Erkidegoko Salgai Arriskutsuen Garraioaren Fluxu Maparen arabera, Gl-20 errepidea arrisku handikotzat eta Gl-2132 arrisku ertainekotzat jo dira. Era berean, aipatutako merkantzien trenbide bitarteko garraioaren arriskua ertaina da ADIFen sareko tarteetan, udalerria zeharkatzen dutenetan; Donostiako geltokiaren eta Gros auzoaren arteko tartean izan ezik, non txikia baita.

Oro har, a priori, Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, haren ondoriozko jarduketek, ez obra-fasean, ez ustiapen-fasean, ez lukete bestelako eragin nabarmenik sortuko ingurumen-aldagaietan eta arriskuetan eta indarrean dagoen plangintzari dagokionez.

Jarraian, Planaren garapenak eragin ditzakeen kontrako afekzioak identifikatu dira:

– Indarrean dagoen Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Bereziaren katalogoan jasotako eraikinetan ostatu-erabilerak baimendu/ezarri ahal izateagatik hiriko kultura-ondarean edo ondare katalogatuan eragindako afekzioak, baldin eta justifikatzen bada haien ezarpena eraikinaren kontserbaziorako eta babes-araubidera egokitzeko egokiagoa dela, bizitegi-erabilerena, hirugarren sektoreko beste erabilera batzuena eta abarrena baino.

– Turismo-jardueraren ondoriozko onura ekonomikoak mugatu edo/eta murrizteagatik hiriko ingurune sozioekonomikoan eragindako afekzioak, turismo-ostatuak modalitate guztietan ezartzeko mugek eraginda.

Era berean, Planetik eratorritako hainbat inpaktu positibo espero dira, hiriko hiri-ingurunean turismo-ostatuen eskaintza murrizten duelako eta turismo-presioa eta ostatu mota horien eskaintza ahal den neurrian mugatzen dituelako.

Laburbilduz, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak, proposatutako jarduketak eta Planarekin sortzen diren inpaktuak, uste da ondorioak txikiak izango direla, eta, gehienak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta konpongarriak, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere kultura-ondarearen babesari, lurzoruaren babesari, zaratari, hondakinei eta isuriei buruzkoa, eta baldin eta Plana garatzeko obrak horrelako jarduketetarako jardunbide egokiak betez egiten badira, jarduketetarako behar-beharrezkoa den azalera baino gehiago hartu gabe.

Ondorioz, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean adierazitakoari jarraikiz.

3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira bertan.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpen honetan adierazitakoari jarraikiz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta eremuaren antolamendurako planetan jasotakoarekin bat etorriz.

Aplikatzeko neurrien artean, Plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

Eremuko kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Indarrean dagoen Donostiako Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian katalogatutako edozein elementu edo eraikinetan esku-hartzeak horientzat ezarritako berariazko babes-araubidea bete beharko du, berariaz kontuan hartuta bai Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera babes bereziko edo ertaineko kultura-ondasun gisa deklaratzen dituzten arau-agiriak, bai Donostiako HOEBPBaren beraren ordenantza partikularrak.

– Neurriak hartu beharko dira, bai araudiaren bidez, bai egin beharreko esku-hartze zehatzen kontrol eta jarraipenean, babestutako ondasunen balioek kalterik izan ez dezaten.

– Komenigarria litzateke, Plana onartzeko, aldaketa horrek eragiten dien ondare-arloko elementu babestuen plano gainjarri bat aurkeztea, eta horietan eta babes-araudian oinarrituta, esku-hartzeak kontuan hartzea eta arautzea.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

– Obretako zaratak: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Baldin eta aurreikusten bada obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35. bis artikuluarekin. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

– Aurreikusitako ostatu-erabileretarako, eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Nolanahi ere, kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira eraikinaren barnean, erabileren eta eraikin motaren arabera. Fatxadaren isolamenduek behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

Planetik eratorritako proiektuak gauzatzearekin lotutako neurriak.

Planak ekar ditzakeen eraginak minimizatzeko, lurzoruaren zehaztapen eraldatzaileen garapena, ahal den neurrian, garapen berria hartzeko baldintza onak dituzten eta dagoeneko artifizializatuta dauden eremuetara mugatu beharko da.

Aurreko neurriak gorabehera, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira honako gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, intereseko balio naturalen babesa, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu jasota, gutxienez: lanaldiak, makineria, urik ez isurtzea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Planak proposatzen duen antolamenduaren ondoriozko obrak, bai eta lurzoruaren okupazioa dakarten gainerako eragiketa osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak –barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak–, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla. Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obrako materialak baldintza meteorologiko txarretan (euriteak edo haize gogorrak) garraiatzea saihestuko da. Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, partikularik barreia ez dadin atmosferara.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

Funtzionamendu-fasean, galtzadaren drainaduratik datozen urak behar bezala dimentsionatutako sare baten bidez bilduko dira, eta solidoak eta hidrokarburoak bereizteko kutxatiletara edo ganberetara bideratuko dira. Horiek, batetik, ur kutsatuak ibai-ibilguetara isurtzea saihesteko tratamendu-ahalmen nahikoa izango dute, eta bai ezustean, bai euriek eragindako arrasteen ondorioz trazaduratik irits daitezkeen hondakinak bereizteko gai izan beharko dira. Beren izaerarekin bat datorren tratamendua emango zaie hondakin horiei.

• Kultura Ondarearen babesa: Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, jarduketak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira (https://www.ihobe.eus/argitalpenak -en argitaratuak), eraikinen energia-aurrezpena eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera eta, betiere, sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, ez dela aurreikusten ostatu-erabilera arautzeko Donostiako HAPOaren Aldaketak (Gipuzkoa) efektu kaltegarri nabarmenik eragingo duenik ingurumenean, eta, beraz, Planari ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ostatu-erabilera arautzeko Donostiako (Gipuzkoa) HAPOaren Aldaketa onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, salbu eta ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 19a.

Zuzendaria falta izanik eta otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala