Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2024ko martxoaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1255

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 14koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Zarauzko HAPOko «27 Errotazar» Sektorearen Sektorizatze Planari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez, EAED-169INET espedientearen esparruan, Zarauzko udal-mugarteko «27 Errotazar» Sektorearen Sektorizatze Planaren ingurumen-azterketa estrategikoaren irismen-dokumentua egin zen, bat etorrita Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearekin eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoarekin.

2022ko azaroaren 24ko osoko bilkuran, hasierako onarpena eman zitzaion Zarauzko «27 Errotazar» Sektorearen Sektorizatze Planari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Zarauzko Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2022ko abenduaren 5eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (230. zenbakia) iragarkiaren bidez. Era berean, indarrean dagoen araudiaren arabera, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egiteko izapidea bete zuen.

Zarauzko Udalak adierazi zuenez, alegazio batzuk eta zenbait txosten jaso zituzten –horien emaitza nahiz edukia espedientean daude jasota– eta aipatutako alegazio eta txosten horiek kontuan hartu ziren Planaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.

2023ko azaroaren 23an, Zarauzko Udalak Zarauzko udal-mugarteko «27 Errotazar» sektorearen Sektorizatze Planaren (aurrerantzean, Plana) Ingurumen Adierazpen Estrategikoa egiteko eskabide bat aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan.

Eskaerarekin batera, honako hauek aurkeztu zituen: Planaren behin betiko proposamena, 2023ko apirilekoa; Ingurumen Azterketa Estrategikoa, 2022ko martxokoa; eta jendaurreko informazioaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumenaren babes-maila handia bermatuko du eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, plan, programa eta proiektuen lanketan, ezarpenean, onarpenean eta baimentzean ingurumen-alderdiak integratuko ditu, ingurumenaren aldetik bideragarriak diren alternatibak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenaren gaineko eragin kaltegarriak prebenitu, zuzendu eta, hala badagokio, konpentsatzeko neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen- eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei eta programei ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie, bai eta haien aldaketei ere, horiek lege- edo arau-xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, baldin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko etorkizuneko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari.

Gainera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen planei eta programei, eta horien aldaketei eta berrikuspenei, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz. Aipatutako eranskin horretan jasotako planen eta programen artean, Sektorizatze Planak daude.

Halaber, kontuan hartuta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikulua eta hurrengoak, eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikulua eta hurrengoak, bai Zarauzko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez –zeinaren irismena aurrez ezarri baita–, kontsulta publikoen bidez eta ukitutako administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bidez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Planak ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Kontuan hartu dira 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zarauzko HAPOko «27 Errotazar» Sektorearen Sektorizatze Planaren aldaketaren ingurumen-adierazpena egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren xedea den eremua Zarauzko HAPOko «27 Errotazar» sektorea da, Abendañoko industrialdearen mugakidea, zeina ia osorik garatuta baitago, eta Errotaberriko industrialdearen ondo-ondoan dago, zeinaren handitze-lanak eta sarbideak berritzekoak oso aurreratuta baitaude.

Planaren xedea honako hau da: eremu hori sektorizatu eta programatzea, berau egikaritzeko, Zarauzko HAPOaren Hirigintza Arau Partikularrean xedatutakoaren arabera, egiturazko antolamendua zein antolamendu xehatua zehaztuz.

Horretarako proposatzen den antolamenduak honako hauek barne hartzen ditu:

– Industria-pabiloien lerrokadura berri bat, Urdaneta kaleko kotan.

– Lehendik zeuden bizitegi-erabilera batzuk finkatzea.

– Zaldi-aziendarako ukuilu bat antolamenduz kanpokotzat jotzea.

– Espazio libreak eta gainerako zuzkidura publikoak eremuaren goiko aldean kokatzea.

– Abendaño errekaren ibilgua finkatzea, gaur egun dagoen egoeran.

– Eremurako sarbidea egokitzea, baita bertako azpiegituren eta hiri-continuumaren arteko loturak ere.

53.608 m2-ko azalera bat ekonomia-jardueretarako lurzoru gisa kalifikatuko da (21.186 m2 ekoizpen-lurzatiei dagozkie) eta 6.106 m2-ko azalera bat bizitegi-lurzoru gisa finkatuko da, sektorearen azalera osoaren % 10 pasatxoren baliokidea, eta, sistema orokor gisa, 91 m2-ko ibai-ibilgua (Abendaño erreka).

Planean, halaber, ekonomia-jardueretara bideratutako sektoreak sestra gaineko 16.800 m2 (t)-ko hirigintza-eraikigarritasuna duela ezartzen da, eta, horrez gain, lehendik zeuden bizitegi-lurzatietan lehendik zuten eraikigarritasuna finkatzen da –baita erabilera ere–, hau da, 1.857 m2 (t) ingurukoa. Era berean, Planak egikaritu daitekeen sestra azpiko eraikigarritasuna zehazten du bere araudian.

Eremuaren topografia dela eta, urbanizatzeko, lur-mugimendu handia behar da; 75.000 m3-koa, egindako kalkuluren arabera. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, indusketa 15B:1H neurriko ezponden bidez egin daiteke, sakonerarik gutxieneko metroan izan ezik; hor 1B:1H neurriko ezponda bat egin daiteke. Beraz, urbanizazioa garatzeko egin beharreko fabrika-obrak mugatuak izango dira.

Galtzada eta espaloietako komunikazioetarako espazioak asfaltoz eta baldosaz zolatuko dira, hurrenez hurren; bestelako komunikazio-espazioetan eta gune libre edo berdeguneetan (aparkatzeko erreserbatutako eremuak barne), berriz, drainatze jasangarriko soluzioak jarriko dira; hau da, soropil-lorategiak edo zuhaiztiak, lehendik zeudenak finkatuta edo berriak ipinita (mendi-hegalean zuhaitz autoktonoak landatuko dira).

Egungo drainatze-sarea (euri-urak) finkatzea eta saneamendu-sarea (ur beltzak) osatzea aurreikusten da. Ur-hornidurako sarea egokitu egingo da sektoreari zerbitzua emateko, sare erretikulatu batean oinarrituta; ur-baliabide nahikoak daudela kalkulatu da. Ez da aurreikusten lehendik dagoen goi-tentsioko linean eraginik izango duenik.

Planak 2 antolamendu-aukera aztertzen ditu, «0» alternatibaz gain. «0» alternatiba baztertu egin da, Planaren helburuei erantzuten ez dielako. Bi garapen-aukerak kokapen berean planteatu dira, baina ezberdintasuna honako hau da: 1. aukeran, Urdaneta kaleko kotan industria-pabiloien lerrokadura berri bat antolatzen da, 16.800 m2 (t)-koa; 2. aukeran, berriz, mendi-hegaleko bi maila hartzen dira, lehen mailari (1. aukera) bigarren bat gehituz, altuera handiagoan eraikitzeko, 20.000 m2 (t)-ko azalera batean, eta bertara iristeko bide berri bat jarri behar da, La Salle ikastetxerako igoeran. 2. aukerak lur-mugimendu eta urbanizazio-kostu handiagoak dakartza, bai eta paisaian eragin handiagoa ere; hala ere, 1. aukerak baino hirigintza-eraikigarritasun handiagoa ahalbidetuko luke. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Udalak 1. aukera garatzea erabaki du; gainera, herritarren partaidetza-prozesuan ere horrexek jaso du balioespen onena.

Planean aurreikusitako garapenari dagokionez, ezarritako antolamendua gauzatzeko, Hirigintzako Jarduketa Programa, Birpartzelazio Proiektua eta Eremuaren Urbanizazio Proiektua egin eta onartu beharko dira.

Planaren eremua Oria ibaiaren unitate hidrologikoan dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017), Iñurritza-A ur-masara isurtzen duen arroan. Sektorearen hegoaldeko muturrean Iñurritza ibaiaren adarra den Abendaño errekaren zati txiki bat dago, zeinaren egoera ekologikoa moderatu gisa kalifikatuta baitago EAEko ur-masen egoera zaintzeko sarearen emaitzen arabera. Eremua hiri-isurketen ondorioz mantenugaiak jasotzeari dagokionez sentikorra den bilketa-gune baten barruan dago, zeina Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroan jasota baitago. Bestalde, sektorearen erdialdean iturburu txiki bat dago, zeinak ez baitu lurrazaleko ibilgurik sortzen.

Planak zuzenean ukitzen duen eremua ez da Natura 2000 sareko naturagune babestua, ezta inbentarioan sartutako eremu babestua edo natura interesekoa ere; era berean, ez dauka inbentariatu edo katalogatutako paisaia-baliorik. Eremu babestu hurbilenak hauek dira: ES2120007 Garate-Santa Barbara KBEa –Planaren eremutik 520 metrora– eta ES2120009 Iñurritza KBEa –eremutik 1.450 metrora–. Bi kasuetan, uste da aurreikusitako garapenak ez duela eraginik izango.

Landarediari dagokionez, Planaren xede den eremuan, ondo bereizitako bi eremu daude: bata, antropizatua (industria-pabiloiak, bulego-eraikinak eta autokarabanetarako aparkaleku bat ditu), eta bestea, eremuaren erdialdean kokatua, kontserbazio-egoera hobekoa eta belardi-mosaiko batez, harizti txikiz, lur landuz eta heskai lerro txikiz osatua.

Aztergai dugun eremuan ez dago kultura-ondareko elementurik, baina eremuaren mendebaldeko muturraren ondoan «Abendañoko errota» izeneko Ustezko Zona Arkeologikoa dago.

Egoera akustikoari dagokionez, zarata-iturri nagusiak AP-8 errepideko ibilgailuen zirkulazioa eta Abendañoko industrialdea dira. Sustatzaileak aurkeztutako inpaktu akustikoaren azterketaren arabera, egokiro betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan b) motako Eremu Akustikoetarako (industria-erabilerako lurralde-sektoreak, lurzoruaren mailatik 2 metrora) ezarritako KAHak, bai gaur egungo fasean, bai 20 urte barruko egoeran. Hala ere, zuzkidurak eta ekipamendua erabiltzera bideratutako Ekipamendu Komunitarioko Lurzatietan, ez da egiaztatu kalitate akustikoko helburuak betetzen direnik leihoak dituzten eraikinen fatxada guztietan eta altuera guztietan –edo, bestela, lurzatiaren mugan edo lerrokadura mugatuetan–, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikulua eta ondorengoak.

Eremu hori salgai arriskutsuak errepidez garraiatzearen arriskuaren eraginpean dago, AP-8 errepideari lotutako 100, 200 eta 600 m-ko afektazio-zerrenden barruan baitago, eta errepide horretan salgai arriskutsuen garraioan istripuak gertatzeko arrisku oso handia dago. Ondorioz, errepidez eta trenbidez salgai arriskutsuak garraiatzeak dakarren arriskua dela-eta sor daitezkeen larrialdiei aurre egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Plan Berezian adierazitakoa aplikatuko da (Eusko Jaurlaritza, 2001).

Beste arrisku batzuei dagokienez, esparrua uholde-eremuetatik kanpo dago; ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen barruan kokatuta; akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna oso txikia da, eremua higadura-maila oso txikiko eta lurzoru-galera onargarriko guneetan dago gehienbat, eta ez dira lurrikara edo baso-suteengatiko arrisku adierazgarriak identifikatzen; gainera, eremua SEVESO enpresa eta establezimenduetako istripu larriak gertatzeko arrisku-eremuetatik kanpo dago.

B) Ebazpen hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta ondorioztatzen da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen barneratzea.

Planak Ingurumen Azterketa Estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako zabaltasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Ondorioztatzen da ingurumen-arloko izapidetze-prozesuan adierazitako alderdi guztiak behar besteko zorroztasunez jorratu direla, plangintza-prozesuan gerta litezkeen ingurumen-eraginak kontuan hartu direla bermatzeko moduan.

C) Plana izapidetzeko prozesuan, ez da gehitu jarduketa berririk, ingurumen-ebaluazio estrategikoa zabaltzea eskatzen duenik, eta ez da hauteman Planean birdefinitu edo kendu beharreko jarduketarik dagoenik.

D) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak hartzeko orduan, kontuan hartuko dira indarrean dagoen araudia eta hurrengo apartatu hauetan xedatutakoa, bai, halaber, Ingurumen Azterketa Estrategikoan aurreikusitakoa –aurrekoa galarazten ez duen heinean–. Era berean, zehaztapen hauek jaso beharko ditu Planak:

D.1.– Planaren garapenean ingurumen-irizpideak txertatzeko neurriak.

Urbanizazio-proiektuak ingurumenaren eta paisaiaren leheneratzea definituko du, garapena gauzatzeak ukitutako eremu guztiak barne hartuta, eta, bereziki, «Ingurumena eta paisaia leheneratzeko plan» bat jasoko du. Plan horren barruan, eremuaren goiko aldean harizti-baso mistoko zuhaixka-espezieak eta zuhaitzak landatzea eta, eremuaren hegoaldeko muturrean, Abendaño errekaren ertza hobetzea sartzen dira. Horretarako, erabili beharreko espezieak, landareztatu beharreko azalerak eta aurrekontua zehaztuko ditu. «Ingurumena eta paisaia leheneratzeko plan» hori Ingurumen Azterketa Estrategikoan eta Sektorizatze Planaren Hirigintza Arauetan –2.5 kapitulua, Ingurumen-baldintza zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta babesleak; 2.5.2 artikulua, Neurri partikularrak– ezarritako irizpideen arabera garatuko da. Leheneratzeko, inguruko baldintza bioklimatikoetara egokituta dauden eta mantentze-lanik apenas behar duten landare-espezie autoktonoak erabiliko dira. Zehazki, hariztia konpentsatzeko, harizti-baso mistoko espezieak jarriko dira. Zuhaitz-geruzan: haritza (Quercus robur), lizarra (Fraxinus excelsior) eta ihar frantsesa (Acer monspessulanum). Zuhaixka-geruzan: hurritza (Corylus avellana), sahats iluna (Salix atrocinerea), intsusa (Sambucus nigra), etab. Abendañoko ibilguaren ertza hobetzeko, ibaiertzeko haltzadi eurosiberiarraren flora-saileko espezieak erabiliko dira, hala nola haltza (Alnus glutinosa), lizarra (Fraxinus excelsior), hurritza (Corylus avellana), zuhandorra (Cornus sanguinea), etab.

Urbanizazio-proiektuak gaur egun Arundo donaxa nagusi den azalerak kudeatzeko jarraibideak jasoko ditu, horiek kontrolatu eta desagerrarazteko. Ingurumen-leheneratzean, landareztatzeko eta lorategiak jartzeko lanetarako, ez dira inola ere erabiliko inbaditzeko ahalmena duten espezie aloktonoak, hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii, Arundo donax edo beste batzuk. Urbanizazio Proiektuan, espezie horiek lur-mugimenduen ondorioz ez hedatzeko neurriak zehaztuko dira, eta jarraibideak ezarriko dira betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatzeko.

Eremuan egingo diren lorategi-lanetan, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuko neurri eta gomendioak kontuan hartuko dira (Udalsarea 21en lan-koadernoa, 20. zenbakia b, 2017ko apirilekoa, Eusko Jaurlaritza).

D.2.– Jabari Publiko Hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.

Jabari Publiko Hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.

Urbanizatu beharreko gune berrien drainatzeari dagokionez, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren 48. artikuluaren arabera (2022-2027), hirigintza-garapen berriek behar-beharrezkoa diren azaleretara mugatu beharko dute zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dituzte (zoladura iragazkorrak, andelak edo ekaitzetarako gailuak eta abar); lehendik zegoen egoeraren aldean jariatze-urak ugaritzen badira, hori konpentsa daitekeela edo garrantzirik gabekoa dela bermatuko dute sistema horien bitartez. Horrez gain, sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko dute.

D.3.– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.

Plana garatzeko, lur-mugimendu handiak aurreikusten dira; 75.000 m3-koak, egindako kalkuluen arabera. Nahiz eta Abendaño errekaren ibilgua egungo industrialdean aurreikusitako garapenetik bereizita egon, lur-mugimendu handia egitea aurreikusten denez, Urbanizazio Proiektuak obrak egiten direnean lurrazaleko uretara ahalik eta solido gutxien arrastatzeko neurriak aurreikustea komeni da; zehazki, luzetarako jalkitze-hesiak jartzea, lastozko balak edo beste irtenbide egoki batzuk erabiliz. Gauzatze-faserako, Abendaño errekaren lurrazaleko uren kalitatearen kontrola definituko da, horren bidez, aldi berean, jarduera-esparrutik errekan behera kokatutako ES2120009 Iñurritza KBEa babesteko.

Urbanizazio Proiektuan, Uraren Euskal Agentziak Planaren eremuaren erdialdean identifikatutako iturburua (2023-01-31ko txostena) babesteko neurri egokiak definituko dira.

Lurrak mugitzen direnean, gurpilak garbitzeko sistema bat instalatuko da obraren irteeran; dekantatutako jalkinak beren karakterizazioaren arabera kudeatuko dira eta Uraren Euskal Agentziari gurpilak garbitzeko sistemaren dekantazio-putzuaren efluentea isurtzeko baimena eskatuko zaio.

Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dutela gogorarazten dugu.

Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sarea diseinatuko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak Gipuzkoako Urak partzuergoak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.

D.4.– Kultura-ondareari dagozkion neurriak.

Eremuaren hego-mendebaldeko mugan, «Abendaño errota» izeneko Ustezko Zona Arkeologikotik hurbil, egiten diren jarduketek Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikuluan xedatutakoa beteko dute errotatik gertuen dagoen eremuan.

Aurreikusitako antolamenduak ukitutako gainerako lursailei dagokienez, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, lur-mugimenduak egiten direnean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeen zantzuren bat aurkitzen bada, lanak eten egingo dira, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.5.– Zaraten eraginak murrizteko neurriak.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira garapen berriak gauzatu kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan –aurreikusitako eraikinen kasuan, leihoak dituzten fatxada guztietan, altuera guztietan, eta, eraikinik ez duten guneetan, lurzorutik 2 metroko altueran–, hargatik eragotzi gabe Dekretuaren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.

Halaber, ezingo da erabilera sentikorrak dituzten eraikinetarako eraikuntza-baimenik eman –hala nola bizitegi-, ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerara bideratutako eraikinetarako–, baldin eta, baimena emateko unean, kanpoaldeko kalitate akustikoko helburu betetzen ez badira, araudian aurreikusitako bi kasuetan salbu.

Nolanahi ere, Dekretuan aurreikusitako eraikin sentikorren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak bete beharko dira beti; horretarako, Udalek hori justifikatzen duen txosten bat egin beharko dute, kasuan kasuko eraikuntza-baimena eman aurretik, eta kanpoaldea babesteko neurri zuzentzaileak ezarri beharko dituzte.

Lanek iraun bitartean, sorburuan zaratak murrizteko jardunbide egokiak aplikatu beharko dira, bereziki indusketa-, eraispen-, kargatze eta deskargatze- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze orokorreko lanetan, zaratak eta bibrazioak sorburutik murrizteko lanetan, eta obretan erabilitako ekipamenduaren zaraten kontrolean ere, besteak beste.

Obrak egitean, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

D.6.– Aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean ingurumena babesteko neurri orokorrak

Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihesteko neurriak, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Lurzoruen babesa: obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua egikaritzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Beharrezkoak diren mozte- eta garbitze-lanak, obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak (makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltzeko guneak eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne) ingurumenean ahalik eta kalte txikiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Zarauzko Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Halaber, ukuilua eraistean, arreta handiz jokatu beharko da, eta amiantoa duen hondakinik hautematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak bete beharko dira. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira.

Hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendu batera eramango dira, eta haien kudeaketa hauen arabera egingo da: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: egunez egingo dira lanak, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

D.7.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.

Sektorizatze Planaren eremuan, eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.

Era berean, eta aipatutako eremuaren urbanizazioari dagokionez, «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida»ren gomendioak kontuan hartu beharko dira. Gidaliburu horren helburua da proiektu horien diseinuaren, egikaritzearen, mantentzearen eta bizitza-amaieraren jasangarritasun-maila balioestea.

Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Energia-kontsumoa murriztea eta/edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Eraikinen barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.

• Lurzoruaren erabilera. Lurzoruaren okupazioa murriztea.

• Mugikortasuna eta garraioa. Garraio-prozesuak gutxitzea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

• Ekosistemak eta biodibertsitatea. Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea eta/edo kontserbatzea.

• Paisaia. Sektorearen eta haren instalazioen paisaia-integrazioa.

• Arriskuak eta segurtasuna. Arrisku naturalak edo antropikoak minimizatzea.

• Klima-aldaketa. Klima-aldaketaren ondorioetara egokitzea.

D.8.– Klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak.

Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.

E) Ingurumen-jarraipeneko plana.

Planaren ingurumen-jarraipenak ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.

Urbanizazio-proiektuan, obrek dirauten bitartean egin beharreko kontrolak zehaztu beharko dira, Abendaño errekako uren kalitatearenak barne, zenbait alderdi finkatuta: kontrol-parametroak, metodologia, maiztasuna, atalase-balioak, etab.

Bestalde, ingurumen-jarraipenean, harizti-baso mistoaren galera arintzeko konpentsazio-neurriek arrakasta izan duten kontrolatuko da, baita Abendaño errekaren ertza hobetu den ere.

F) Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioa egiteko gidalerro orokorrak.

Planetik eratorritako proiektuen ingurumen-ebaluazioan, aintzat hartuko dira lurraldearen baldintzatzaileak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2022ko otsailaren 22an emandako Ebazpenaren bidez eginiko irismen-dokumentuan adierazten diren ingurumen-irizpideak.

Besteak beste, honako alderdi hauek azpimarratu behar dira: lurzoru-kontsumoa minimizatzea; sortutako lur-soberakinak eta hondakinak egoki kudeatzea; Jabari Publiko Hidraulikoa babestea; eremuaren kalitate akustikoa bermatzea; ingurumen-baliabideak modu jasangarrian erabiltzea; harizti-baso mistoko azaleren galera konpentsatzea eta Abendaño errekaren ertza hobetzea; lurraldean egiten diren esku-hartzeetan paisaia modu egokian integratzea; arrisku naturalak minimizatzea, eta lehentasuna ematea kalteen prebentzioari, ez konpentsazioari.

Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzen da Zarauzko HAPOko «27 Errotazar» sektorearen Sektorizatze Plana onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarotakoan, Plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.

Hirugarrena – Zarauzko Udalari ebazpen honen edukiaren berri ematea.

Laugarrena – Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 14a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
(otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren bidez).

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala