Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2024ko martxoaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1254

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 31koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Ajangizen (Bizkaia), Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian, larrialdi-harpena egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2023ko urriaren 27an, Ura-Uraren Euskal Agentziak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Ajangizko Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian larrialdi-harpena egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko azaroaren 14an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektua abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinaren 3. puntuak barne hartzen duelako dago ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren mende: «3.– Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan». Proiektuak oinarrizko hornidura-sareen hoditeria berriak aurreikusi ditu, guztira 3 km-tik beherako luzera eta 800 mm-tik beherako diametroa dutenak, eta zati batean Urdaibaiko Ibai Sareko KBEtik igarotzen direnak (ES2130006).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, eta, ondorioz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Ajangizko (Bizkaia) Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian larrialdi-harpena egiteko proiekturako, honela:

A) Proiektuak helburu du Oka ibaiaren ibilguan behin-behineko ur-harpen bat instalatzeko eta, ondoren, ura Gernika sistemako Kanpantxuko ponpaketa-estazioraino ponpatzeko jarduketak zehaztea, agorraldian eta ezohiko egoeretan eremuaren defizit hidrikoa arintzeko asmoz.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita Ajangizko Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian larrialdi-harpena egiteko proiekturako, haren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertu da, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II. F eranskinean ezarritako irizpideekin:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Gaur egun, Busturialdeak ur-horniduraren defizit-arazoari aurre egin behar dio; agorraldian oso modu kezkagarrian larriagotzen da arazo hori. Horregatik, eskualdean baliabide-defizitaren arazoa behin betiko konponduko duen proiektu eta obraren garapenarekin batera (Zadorrarekiko interkonexioa), konponbide behin-behinekoagoak eta epe laburragoan egikaritzeko modukoak bilatu behar dira, sistema hidrologikoen gaineko presioa arintzeko hurrengo agorraldietan; ezinezkoa da ur-emari txikiko hilabeteetan emari ekologikoei eustea.

Behin-behineko konponbideak premiazkoak direnez, Oka ibaian harpen bat martxan jarri eta Ajangizko zundaketa lotzea aurreikusi da, gaur egungo azpiegituren zati bat erabiliz eta oraingo hornidura-sarean egokitzapen txikiak eginez.

Proiektuak helburu du Oka ibaiaren ibilguan behin-behineko ur-harpen bat instalatzeko eta, ondoren, ura Gernika sistemako Kanpantxuko ponpaketa-estazioraino ponpatzeko jarduketak zehaztea, agorraldian eta ezohiko egoeretan eremuaren defizit hidrikoa arintzeko asmoz. Larrialdi-harpen hori martxan dagoenean, ibaian gora dauden erreken iturrietatik (Artzuela eta Kanpantxuko harpenak) eta Muxikako ponpaketatik ura ateratzeari utziko zaio.

Era berean, obra horien irismenean, Ajangizko zundaketaren eta Artzuelako harpenetatik datorren hoditeriaren arteko lotura berri bat barne hartu da. Interkonexio horri esker, malgutasun handiagoa emango zaio inguruko baliabideen erabilera koordinatuari, eta Okako larrialdi-ponpaketaren eta Ajangizko zundaketaren aldibereko funtzionamendua ahalbidetuko da.

Proiektatutako jarduketak hauek dira:

– Oka ibaiko ura hartzeko ponpaketa-sistema instalatzea.

Oka ibaiko behin-behineko harpena Gernika-Lumo eta Ajangiz udalerrien arteko jabari publiko hidraulikoaren eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren gaur egungo presa txikian egitea aurreikusi da. Ibaiko emaria ateratzeko, ibilguan plataforma flotatzaile bat instalatzea proposatu da. Plataformak 35 kW-ko bi ponpa urperagarri izango ditu eta horrek ibaiaren ur-mailaren aldaketetara egokitzeko aukera emango du. Ponpa urperagarri txiki eta arinen sistema bat denez, erraza da larrialdi-egoera igaro ondoren instalazioa desmuntatzea. Gainera, pisu txikikoa izanik, plataforma flotatzailea tamaina txikikoa da orobat.

Plataformari eusteko, hormigoi prefabrikatuzko lau bloke egingo dira, erabat lurperatuta egongo direnak; horietako bi ibilguaren ezkerraldean egongo dira, eta beste bi eskuinaldean, izkina bakoitzean jarritako kableen bidez plataformara lotuta. Bloke prefabrikatu horiek plataformaren erabilera amaitu ondoren kendu ahal izango dira, eta, txikiak direnez, erraz kenduko dira.

Bulkada-emariari dagokionez, maiztasun-aldagailu bat instalatzea proposatu da, emaria bulkatzeko behar desberdinetara egokitzeko ahalmena emateko ekipoari. Gutxieneko emaria 15 l/s izango da, eta gehienekoa, 50 l/s. Ponpen bulkada-hodiaren eta konexio-kutxatilaren lehen zatia sakonera-aldaketetara egokitu daitekeen hodi malgu batek osatuko du; ibaiertzeraino proiektatutako pasabide batetik joango da, ur-azaletik, eta horrek, era berean, mantentze-lanetako langileak pasatzea erraztuko du. Hodi malguak ur-azaletik jarraituko du erriberatik kanpora. Puntu horretan konexio-kutxatila proiektatu da, 8,5 metrora, eta bertatik abiatuko da DN250eko lurpeko hoditeria berriaren trazadura.

– Kanpantxuko bypasserainoko hoditeria berria.

Kutxatilatik 250 mm-ko dentsitate handiko polietilenozko lurpeko hodi berriaren trazadura abiatuko da; ekialderantz joango da, Artzuelako gaur egungo hoditeriarantz, eta harekiko paraleloan igaroko da, Artzuela eta Kanpantxuko hodiak gurutzatzen diren punturaino, Artzube errekaren azpian. Puntu horretatik aurrera, trazadura berriak Kanpantxuko hoditeriarekiko paraleloan jarraituko du, Kanpantxuko ponpaketa-estazioraino. Ponpaketa-estazioan, deribazio baten bidez, gaur egun instalatuta dagoen bypassera sartuko da ura, eta ponpaketa-estazioa eta Burgoako edateko uren araztegia lotzen dituen gaur egungo hoditik jarraituko du uraren garraioak.

– Elektrizitate-hargunea.

Okako ponpaketa-sistemaren hornidura elektrikorako, Ajangizko zundaketan proiektatuko den transformadore elektrikoan hargunea egitea proposatu da. Behe-tentsioan, zanga bidez bideratuko da ponpaketa-harpenaren inguruan dagoen koadro elektrikoen etxolaraino. Puntu horretatik paraleloan joango diren bi lerro abiatuko dira, ponpa bakoitzeko bat, harpeneraino.

Erdi-tentsioko saretik Ajangizko zundaketarainoko hargune elektrikoa (behar dituen instalazio osagarriekin) egitea beste proiektu baten xede da.

– Ajangizko zundaketaren konexioa.

Ajangizko zundaketa gaur egungo hornidura-sarearekin konektatzeko, zundaketatik (gaur egun hornituta dago) 118 m-ko luzerako hodi berri bat egingo da, 200 mm-ko polietilenozkoa, Artzuelako hoditeriarekin lotuko dena. Horrela, ateratako ura, Kanpantxuko ponpaketatik igaro beharrik gabe eta presio-arazorik sortu gabe, zuzenean bideratu ahal izango da edateko uren araztegira. Bi hodiek bat egiten duten puntuan, 1,5 x 1,5 m-ko kutxatila bat eraikiko da, behar diren ebaketa-balbulekin; funtzionamendu normaleko egoeran, Artzuelako hoditeriak grabitatez funtzionatzen du, eta hodi berria isolatuta geratuko da. Aitzitik, larrialdi-egoeran, non sistemaren bulkadak funtzionatzen duen, zundaketatik ateratako emaria gaur egungo hornidura-sarean injektatuko da.

– Obra osagarriak: obretara sartzeko bidea, instalazio-etxola eta konexio-kutxatila.

Sartzeko bidea:

Obra-eremura iristeko, sarbidearen zati bat egokitu egin beharko da.

Bide hori bi zatitan banatuta dago: bata, asfaltatua, kamioiak igarotzeko egokia, eta bestea, asfaltatu gabea. Bigarren tarte horretan, antzina presa txikiraino jaisten zen pasabide bat berreskuratzea proiektatu da. Pasabide horrek zelai bat, Artzube erreka (hodi bidez zeharkatzea proiektatu da) eta zuhaizti bat zeharkatuko ditu obra-eremuraino. Landare-lurrean 25 cm-ko sakonerako hondeaketa egingo da, eta 30 cm-ko zabor-legarrez beteko da; hartara, sarbidearen zati horretan, 5 cm-ko goragunea geratuko da.

Instalazio-etxola:

Zurezko instalazio-etxola prefabrikatu bat proiektatu da, 3,03 m-ko zabalerakoa eta 4,2 m-ko luzerakoa, ibaiertzetik eta babes-eremuetatik kanpo; hain zuzen, Artzuelako gaur egungo hoditeriaren gainean. Era berean, zabor-legarrerako zabalgune bat prestatuko da, eta etxolaren aldea inguratu egingo da.

– Obra-plana.

Bi jarduketak gauzatzeko epea (aldi berean egingo dira) lau hilabete eta hamabost egunekoa da.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Proiektuaren eremua Ajangizko Kanpantxu eta Mendieta auzoen eta Gernika-Lumo udalerriaren artean dago, Oka ibaiaren ibarreko lurretan. Proiektua landa-eremuan eta hiri-periferian kokatuta dago, ibai-jabarian, belardiak eta labore atlantikoak nagusi diren nekazaritza-paisaia batean.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Proiektuaren eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Okako unitate hidrologikoan dago. Ibai horrek proiektuaren eremua zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera. Ur-harpena egingo den presa txikitik behera, tarteko urak dira. Oka ibaiarekiko paraleloan Artzube ibaiadarra dago, hoditeria berriak zeharkatuko duena, bai eta Artzuberen ibaiadar bat ere.

Oka ibaiaren goi-ibarrean zati bat ziprinidoen arrantza-intereseko tarte gisa izendatuta dago.

– EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak 2. maila ematen dio Oka ibaiari (50 eta 100 km2 bitarteko isurtze-arroa), eta lehentasunezko natura-intereseko eremu gisa hartzen ditu bertako ibaiertzak.

– Lurpeko urei dagokienez, eremua Gernika (Gernika sektorea) eta Bizkaiko Sinklinorioa lurpeko ur-masen gainean dago, biak ere Oizko Sinklinorio Jabarikoak. Eremuaren zati handi bat URAk inbentariatutako interes hidrogeologikoko gune batean dago. Eremu geografiko horretan akuifero independenteak edo elkarri lotutakoak daude.

– Eremuan nagusi diren landareak, batez ere, artzaintzarik gabeko sega-belardi atlantikoei dagozkie (HIC 6510 kodea); belardi bazkatuekin txandakatuta daude, eta belarkiak, fruta-arbolak, komunitate erruderalak eta baserrien presentziari lotutako sasitzak tartekatzen dira. Mosaiko horretan hostozabalen zuhaizti batzuk ere ageri dira. Azkenik, ur-ibilguei, Oka ibaiari, Artzube errekari eta haien ibaiadarrei lotuta, haltz eta sahasti atlantikoen ilarak edo lerroak daude ibaiertzetan (Batasunaren lehentasunezko intereseko habitat gisa identifikatuta), eta Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (91E0*) espezieetako alubioi-basoak. Aurreikusitako hoditeria eta okupazio gehienak belardietan egingo dira, eta, neurri txikiagoan, baso naturalean. 91E0* Batasunaren lehentasunezko intereseko habitateko 353 m2-tan izango da eragina. Eremuan ez da identifikatu Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako landare-espezierik.

– Faunari dagokionez, nabarmendu behar da Oka ibaia eta haren ibaiadarrak bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremu gisa identifikatuta daudela; espezie hori galzorian dagoen espezie gisa katalogatuta dago, eta Bizkaiko Lurralde Historikoan kontserbatzeko kudeaketa-plan bat du. Era berean, Oka ibaiaren ibarrak, Ajangiz-Gernikan, Oxygastra curtisii Batasunaren intereseko espeziearen populazio ugaltzailea du. Bi espezieak funtsezko elementuak dira Urdaibaiko Ibai Sareko KBEan.

– Proiektuaren eremuan zenbait naturagune babestu daude. Eremu osoa Urdaibai Bioesfera Erreserban dago. Zehazki, Urdaibaiko Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean (EKZP) sailkatutako lurzoru-kategoriei eragiten die proiektuak: balio agrologiko handiko guneak, Urdaibaiko Ibai Sareko eremuak eta ibai-sare horretako babes-guneak. Era berean, Oka ibaia, Artzube erreka eta ibilgu horien ertzak Urdaibaiko Ibai Sareko KBE gisa mugatutako naturagune babestuan daude (ES2130006). Oka ibaiari zuzenean eragingo dio emaria kentzeak, eta Artzube errekari, proiektatutako hoditeriak, zeharkatu egingo baitu, bai eta obra-eremurako sarbideak ere.

– Era berean, proiektuaren eremua interes geologikoko lekuen eragin-gunean dago. Interes geologikoko bi leku identifikatu dira: Oka ibaiaren estuarioaren goiko tartea eta Oka ibaiaren estuarioaren beheko zatia.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, kutsadurarekiko kalteberatasun handia duten akuiferoen gainean dago eremua.

– Ez da identifikatu lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten kokalekuen inbentarioan jasota dagoen lursailik, proiektatutako hoditeriak eta instalazio berriek ukituko dutenik.

– Proiektuaren eremua kaltebera da ibai-uholdeen aurrean. Proiektuaren eragin-azaleraren zati handi bat hamar urteko errepikatze-denborako uholdeak eragindako lursailetan dago, lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan. Inguru hori Gernika uholde-arrisku handiko eremuan dago (ES017-BIZ-OKA-01).

– Iparraldeko muturrean, Kanpantxuko ponpaketa-estazioaren ondotik, Donejakue Bidea (Kostaldeko Bidea) igarotzen da, monumentu-multzoaren kategorian kultura-ondasun gisa kalifikatua. Proiektatutako hoditeria berriak ez du kultura-ondasun hori zeharkatuko, baina 20 bat metrora geratuko da.

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Hauek dira proiektua garatzean egin beharreko jarduketak: sastrakak kentzea eta landareak moztea, zangak egiteko hondeaketak eta hoditeria berriak eta haien instalazio osagarriak (kutxatilak, instalazio-etxola) instalatzea.

Obrek iraun bitartean, instalazioek, aldi baterako, berez behin betiko hartuko dutena baino eremu zabalagoa hartzea aurreikusi da; zehatz-mehatz, 11.185 m2-ko landare-estalkia, hein handi batean belardi eta laboreak (8.641 m2) eta neurri txikiagoan baso naturalak (2.113 m2) ukituko dituena. Nolanahi ere, adierazi behar da behin betiko okupazioa 6.094 m2 ingurukoa izango dela eta inpaktua bateragarritzat jo dela, kontuan hartuta eragindako azalerak berriz ere landareztatzeko aukera dagoela, nahiz eta hori sustraiak metro bat baino sakonagoak ez dituzten espezieetara mugatuko den.

Eragindako zenbait belardi-sail balio agrologiko handiko lurzoru gisa identifikatu dira, Urdaibaiko EKZParen arabera. Gune horietan, behin betiko okupazioaren azalera txikia da, eta, beraz, obren ondoren, nahiz eta hoditeriaren zortasun-eremuan egon, lursail askok berreskuratu ahal izango dute nekazaritzako eta abeltzaintzako landazabal gisa duten erabilera, eta ustiategien bideragarritasun ekonomikoaren inguruko balizko eragina mugatu egingo da.

Bestalde, obra-jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar); lurzoruak edo urak kutsa litezke lurra mugitzean eragindako nahi gabeko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sor litezke sasiak kendu, landareak inausi edo mozteko lanak egiten direnean.

Hornidura-hoditeriaren trazadurak bi ur-ibilgu zeharkatuko ditu lurpean, Artzube erreka eta haren ibaiadar bat. Egokitu beharreko sarbide-zatiak ere Artzube erreka gurutzatuko du. Zangak irekitzeak ibilgu horien hidromorfologiari eta uren kalitateari eragin ahal izango die, baina afekzio horiek minimizatu egin litezke agorraldian eginez gero.

Bestalde, Oka ibaian, funtzionamendu-fasean, ura aterako da larrialdi-hornidurarako, eta hori emari ekologikoak errespetatuz egingo da. Gainera, proiektu honen helburua agorraldiko sistema hidrologikoen gaineko presioa arintzea da, ur-emari txikiko hilabeteetan ezinezkoa baita emari ekologikoei eustea. Larrialdi-harpen hori martxan dagoenean, ibaian gora dauden erreken iturrietatik (Artzuela eta Kanpantxuko harpenak) eta Muxikako ponpaketatik ura ateratzeari utziko zaio.

Deskribatutako inpaktuek garrantzi berezia izango dute Urdaibaiko Ibai Sareko KBEan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, diseinuaren baldintzak eta proiektatutako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak kontuan hartuta, ez da eragin nabarmenik izango Natura 2000 Sarearen koherentzia globalean, ez eta KBEaren funtsezko elementuetan edo kontserbazio-helburuetan ere, eta gerta litezkeen inpaktuak arindu egingo dira. Zehazki, KBE barruko aldi baterako okupazioak 874 m2-ko azalera hartuko du, eta iraunkorrak, 751 m2-koa. 91E0* Batasunaren lehentasunezko intereseko habitataren inguruko aldi baterako zuzeneko afekzioa 341 m2-koa da, eta funtzionamendu-fasean, 50 m2-koa izango da. Plataforma flotatzailea zein hodi malgua erraz desinstala litezke, eta inausketa lehenetsiko da mozketaren aurretik, hostozabal autoktonoen masetan mozketak ahalik eta gehien mugatuta; horregatik guztiagatik, ingurumen-dokumentuaren arabera, afekzioa ez da esanguratsua izango. Sare hidrologikoaren inguruko afekzioari dagokionez, aipatu den bezala, emari ekologikoak errespetatuz aterako da ura; bestalde, obrek iraun bitartean, neurriak ezarriko dira uraren eta hari lotutako habitaten eta espezieen kalitateari eragin diezaioketen balizko isurketak gertatzeko arriskuak minimizatzeko. Era berean, bisoi europarra eta antzeko espezie kalteberak ez kaltetzeko, geldialdi biologikoa ezarri da martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean.

Ildo horretan, nabarmendu behar da eremuaren ibilguak (Oka ibaia, Artzube erreka eta haien ibaiadarrak) bisoi europarra kontserbatzeko interes bereziko eremu gisa identifikatu direla ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren arabera. Ingurumen-dokumentuak horri buruzko babes-neurriak ezarri ditu; besteak beste, obrak espeziearen garai kritikotik kanpo egin beharra, lehen aipatutakoa.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren 2023ko urriaren 26ko txostenak adierazten duen bezala, eta Urdaibaiko Ibai Sareko KBEaren kudeaketa planarekin bat etorriz, Oxygastra curtisii-ren habitataren babes zorrotza ezarri da hura bizi den ibai-sektoreetan (Oka ibaiaren ibarra, Ajangiz-Gernikan), eta horrek ezinezkoa egiten du ur-ibilguetan eta inguruko lau metroetan jarduketak egitea, ingurumena leheneratzeko jarduketak salbu. Babes zorrotz horri hura bizi den ibai-sektoreen ondoko zabalguneen aldi baterako babesa gaineratu zaio, maiatzaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean landa-lurra nekazaritzarekin edo abeltzaintzarekin zerikusirik ez duten helburuetarako kudeatzea saihestuz, eta epe horretatik kanpo halakoak baimenduz, betiere ondoren leheneratze-lanak eginez gero.

Ildo horretatik, Natura Ondarearen Zerbitzuak zenbait zuzenketa-neurri adierazi ditu proiektua gaur egungo ingurumen-balioekin bateragarria izatea ziurtatzeko, eragindako eremuak leheneratzeaz eta espezie mehatxatuen ugalketa- eta larreraketa-aldi kritikoak errespetatzeaz gain. Neurri horien edukia ebazpen honetan jaso da.

Horrez gain, proiektatutako jarduketa gehienak uholde-eremuetan izango dira, baita Oka ibaiaren eta Artzube errekaren lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan ere; horrenbestez, arlo horretan indarrean dagoen araudira egokitu beharko dira. Proiektuaren jarduketak kontuan hartuta, ez da espero inolako eraginik izatea uholde-arriskua handitzeari dagokionez.

Ingurumen-dokumentuak, oro har, bateragarri edo moderatutzat jo ditu deskribatutako inpaktuak.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak eta espedientearen txostenak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusi proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan baldintzak ezarri dira proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ajangizko (Bizkaia) Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian larrialdi-harpena egiteko proiektua ez dadin ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jarri, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoaren arabera.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Horrez gain, apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

a) Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen zirkulazioa.

– Proiektuak aintzat hartu beharko du ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuan adierazitakoa; dekretu horren bidez, kontserbazio bereziko eremu izendatzen dira Urdaibai eta Gaztelugatxeko Donieneko eremuan dauden Batasunaren garrantzizko 4 leku, eta onartu egiten dira KBE horien eta Urdaibaiko itsasadarreko HBBEaren kontserbazio-neurriak.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, proiektuaren ekintzak natura-ondarearen balioekin bateragarriak izan daitezen, honako neurri hauek hartu beharko dira planteatutako azpiegituren kokapenari dagokionez:

• Ajangizko zundaketatik presa txikiko ponpaketa-ekipamendurainoko eroanbide elektrikorako trazadura pixka bat aldatu beharko da, ibai-izaerako zuhaitz-ale edo -masei kalterik ez egiteko. Eroanbide hori osorik desegin beharko da, proposatutako larrialdi-soluzioa behin agortu ondoren.

• Oka ibaiaren eskuinaldera iristeko proposatutako obrara sartzeko pistaren ordez, gaur egun iparralderantz erabilgarri dagoen sarbide-pista baliatu beharko da. Jarduketek Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuaren oniritzia izan beharko dute, eta hark, sustatzailearekin batera, obrara sartzeko aukerarik onena zein den erabakiko du.

• Presa txikiaren ondoko kutxatila berriaren eta planifikatutako etxolaren arteko hoditeriak gaur egungo bidearen azpian ezarri beharko dira, baldin eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa badago.

• Proiektatutako etxolaren eta Burgoako edateko uren araztegiaren arteko hoditeria berria, lehenik eta behin, gaur egungo sarbidearen beraren azpian egin beharko da, eta, ondoren, inguruko ibaiertzeko zuhaitz-masei eragin gabe.

– Obrei ekin aurretik, obrek aldi baterako okupatuko duten lekuan (elektrizitate-hodi eta -eroanbideen trazadura, kutxatilak, instalazio-etxola, makinen zirkulaziorako pista, materialen pilaketa-eremua eta instalazio osagarriak) zuinketa egingo da eta balizak jarriko dira, eta ezin izango da obrarekin lotutako inolako jarduerarik egin muga horietatik kanpo. Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuko teknikariek oniritzia eman beharko diete jarduketa horiei.

– Obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak (makineria-parkea, obra-etxolak, obrako materialak aldi baterako biltzeko guneak eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne) ingurumenean ahalik eta kalte txikiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira. Bereziki saihestuko dira intereseko landarediari (91E0* Batasunaren lehentasunezko intereseko habitata, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior eta hostozabalen zuhaiztiak dituzten alubioi-basoak dituena), drainatze-sare naturalari eta uholde-eremuei zuzenean edo zeharka eragin diezaieketen kokapenak.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik.

– Landaredi autoktonoa kentzea eta/edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurreikusi ez den eremuetan. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko behar-beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

Ponpaketa-plataforma egiteko, makineria ez-astuna erabiliko da, eta erriberako landarediari ahalik eta kalte txikiena egingo zaio.

– Proiektuaren jarduketa-eremuan espezie aloktono inbaditzaileak identifikatuz gero, hala nola Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo besteren bat, horiek desagerrarazteko kanpaina bat egingo da, obrak hasi aurretik.

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditu diren eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, kontrolatu egingo da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.

– Bizkaiko Lurralde Historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuarekin bat, interes bereziko eremuetan espezie horrek ugaltzeko erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzea dakarren edozein jarduketa egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunaren aurretiazko baimena beharko da. Gainera, organo horrek mugak ezarri ahal izango dizkie, bai lanak gauzatzeko moduari, bai lanak egiteko uneari.

– Era berean, Oka ibaiaren ibarrak, Ajangiz-Gernikan, Oxygastra curtisii Batasunaren intereseko espeziearen populazio ugaltzailea du. Bisoi europarraren eta Oxygastra curtisii burruntziaren interes bereziko eremuetan egin beharreko obra guztiak espezie horien ugalketa- eta larreraketa-aldi kritikoetatik kanpo egin beharko dira, zehazki, martxoaren 15etik abuztuaren 31ra bitarteko alditik kanpo.

– Sustatzaileak espezieen habitatak leheneratzeko lanak egin beharko ditu, baldin eta Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak kalte egin zaiela adierazten badu.

– Eraikuntza-faseak iraun bitartean fauna txikia hodi eta zangetan harrapatuta gera ez dadin, egunero-egunero ikuskatu egingo dira. Gainera, libre dauden hodi-muturrak hermetikoki itxiko dira tapoiekin, lanaldiaren amaieran.

b) Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Ibarreko karkaben eta Artzube errekaren gainean aire zabaleko zangen bidez proiektatutako zeharkatzeko bideak ur zirkulatzailerik gabe daudenean eta erriberako zuhaitzei eragin gabe egingo dira.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Materialak ibilguetara arrastean joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusi den eremuetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, bereziki Oka ibaitik gertuko lanetan. Neurrien funtzionamendua egokia dela kontrolatu beharko da, ekarpen solidoak ur-ibilguetara irits ez daitezen.

– Zangetatik edo hondeaketetatik sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

– Hormigoizko upelak eta kanaletak horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi-esnea ibilgura isuri.

– Obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Dekantazio-putzuen aldizkako mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

Dekantazio-putzuak garbitzetik datozen lohiak eta hormigoizko kanaleten garbiketa-eremuetako hormigoi-hondarrak hurrengo apartatuetan ezarritako baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olio eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Ibilguetan eta haien inguruan obra baimenduak egiten diren bitartean, makinek eta elementu osagarriek, langileen jantziak eta oinetakoak barne, URA-Uraren Euskal Agentziak ezarritako desinfekzio-protokoloak bete beharko dituzte, zebra-muskuiluaren (Dreissena polymorpha) hedapena saihesteko.

– Funtzionamendu-fasean, larrialdi-hornidurarako ura emari ekologikoak errespetatuz aterako da, aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian ezarritakoa betez.

c) Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak leheneratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak leheneratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea eta abar), baita aurkeztutako dokumentazioan agertu ez arren obra-fasearen amaieran kaltetuta daudenak ere. Lehenbailehen landareztatuko da, espezie autoktonoak sartuta, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta ahalegina egingo da habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

– Lurrak mugitzean, landare-lurra kendu eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak erraztearren. Belardi, laborantza-eremu eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren gainazaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako hondeaketa-lurretatik aparte pilatu beharko da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Ahal den guztietan, lurzatietako itxiturak eta gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak eta abar) eta ukitutako laboreak berrezarriko dira, eta baloratu egingo da obrak gauzatzeak eragindako belardietan eta laborantza-eremuetan berrereiteko aukera.

– Bai baldintza-agiriak bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, partida bat jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako.

d) Uholde-arriskura bideratutako neurriak.

– Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere, makineria-parkea eta garbigunea) uholde-arriskua duten eremuetan, uholdeen errepikatze-denbora edozein dela ere. Edonola ere, kutsatzeko arrisku handiena duten erabilerak ibilguaren lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo kokatu beharko dira.

– Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uholdeetan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

– Aurrekoari kalterik egin gabe, aurreikusitako proiektua eta instalazioak Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian ezarritakoarekin bat etorri beharko dira.

e) Zarataren eta bibrazioen ondorioak minimizatzeko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

f) Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, karakterizatu egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jardueraren soberakinak har litzaketen betelanek Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

– Hondeaketaren soberakinak kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturaletarako, ukitutako lursaila morfologikoki leheneratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizazioa lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk leheneratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak modu argi, irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

g) Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Obra-eremuko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak iraun bitartean.

– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

– Materialak eta ekarkinak aldi baterako pilatzeko guneak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira, hala badagokio.

h) Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko lanetan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

i) Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Beharginek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta ondoen bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen lurren mugak kontrolatzea.

– Urdaibaiko Ibai Sareko KBEko Natura 2000 Sareko espazioari (ES2130006) eta bisoi europarraren eta Oxygastra curtisii espeziearen intereseko habitatei eragindako afekzioa kontrolatzea.

– Ibilguetako eragina kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landare-eremuetako eragina kontrolatzea.

– Hondakinak isurtzea eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura kutsatzea saihestea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Obra-zuzendaritzak baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorreko erabakiak hartu aurretik, aholkularitza hori ematen duten adituek txosten bat egin beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean. Besteak beste, proiektuaren ekintzen eragina aztertuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jo Ajangizko (Bizkaia) Oka ibaiaren marea-mugako presa txikian larrialdi-harpena egiteko proiektua, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutakoa, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia URA-Uraren Euskal Agentziari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 31.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala