Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2024ko martxoaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1253

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 23koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Usansoloko Udalaren Idazkaritzako lanpostua sailkatzen baita. Lanpostua gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, 2022ko azaroaren 23ko osoko batzarrean, Galdakaoko udal-mugartearen zati bat banatzeko eta beste udalerri independiente bat (Usansolo) eratzeko erabakia hartu zuten.

Bestalde, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioko Araubide Juridiko Autonomiko eta Tokikoaren Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko abenduaren 28ko Ebazpenaren bidez, Usansolo (Bizkaia) Toki Erakundeen Erregistroan inskribatzea ebatzi zen, 2023ko abenduaren 22tik aurrerako ondorioekin.

Horren harira, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluaren lehenengo apartatuak ezarritakoaren arabera, toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait eginkizun publiko daude –artikulu horren a) eta b) letretan zerrendatzen direnak–, eta horien gaineko administrazio-erantzukizuna Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokie.

Usansoloko Udaleko Udalbatzak, 2024ko urtarrilaren 25ean egindako bileran, honako erabaki hau hartu zuen: Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Idazkaritza lanpostua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordea, hirugarren mailan sailka zezala.

Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak 8. artikuluan ezartzen ditu funtzionarioen lanpostu horiek sailkatzeko irizpideak. Horrela, aipatutako 8. artikuluko lehen apartatuko c) letrak ezartzen du hirugarren mailan sailkatuko direla 5.001 biztanletik beherako udalerrietako Udal Idazkaritzako lanpostuak, baldin eta horien aurrekontua 3.000.000 eurotik gorakoa ez bada. Bestalde, Errege Dekretu horren 11. artikuluak ezartzen duenez, Idazkaritza hirugarren mailan sailkatuta duten toki-erakundeetan, Kontu-hartzailetzaren berezko eginkizunak Idazkaritzako lanpostuaren edukiaren parte izango dira.

Horrela, eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 24.3 artikuluak aurreikusten duen bezala, hirugarren mailako idazkaritzak Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalako funtzionarioentzat gordeta daude, eta haiei dagozkie fede publikoaren funtzioak eta nahitaezko lege-aholkularitza, ekonomia- eta finantza-kudeaketaren eta aurrekontu-kudeaketaren barne-kontrol eta -fiskalizazioko funtzioak, eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa.

Gauzak horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Usansoloko Udalaren eskaeraren inguruan. Eskaera horren ondorioz, Foru Aldundiak Udalaren eskaerari buruzko txostena eman du, bidezkoa dela Idazkaritza lanpostua Estaturako gaikuntza duten Toki-administrazioko funtzionarioarentzat gordetako, Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalako hirugarren mailako Idazkaritza gisa sailkatzea adieraziz.

Horregatik guztiagatik, udalak aurkeztutako eskabidea ikusirik, eta TAOLen 92 bis artikuluarekin eta bigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak aurreikusten duenaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Usansoloko Udaleko Idazkaritza lanpostua hirugarren mailan sailkatzea; lanpostu hori Idazkaritza Kontu-hartzailetza azpieskalakoak diren eta Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeko da.

Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.

Hirugarrena.– Usansoloko Udalak lanpostu hori bere lanpostu zerrendan gehitu beharko du lanpostua bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa Arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien epaitegietan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 23a.

Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,

EVA LEJARCEGUI BARRENA.


Azterketa dokumentala