Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2024ko martxoaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1252

AGINDUA, 2024ko otsailaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa.

2023ko azaroaren 29an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioaren patronatuak 2023ko uztailaren 12an erabaki zuen aldaketa, eta eskritura publiko bihurtu zen Donostian, 2023ko azaroaren 17an, Guadalupe María Inmaculada Adanez García notario andrearen aurrean (protokolo-zenbakia: 1.817). Eskritura horren arabera, fundazioaren estatutuetako 3. artikuluan interes orokorrekotzat jotzen diren helburuak aldatzen dira. Eskabide-idazkiari espedienteko dokumentazioa erantsi zitzaion.

Aipatutako dokumentazioaren bitartez, fundazioaren estatutuen aldaketa egiten da honako honi dagokionez:

– 3. artikulua (Fundazioaren xedeak) interes orokorrekotzat jotzen diren fundazioaren helburuak zehazten dira.

Alde batetik, fundazioaren xedeetako zenbait puntu kentzen dira, zehazki hasierako idazketako e) eta l) letretan zerrendatutakoak. Puntu horietan ingurumenaren defentsa, klima-aldaketa eta ondarearekin lotutako helburuak biltzen dira, baita bioekonomiarekin, ekonomia zirkularrarekin eta hazkunde jasangarriarekin lotutako gaiak ere.

Fundazioaren xedeen gainerako aldaketak Fundazioa dagoeneko egiten ari den helburuen zabalkuntzatzat har daitezke.

Hezkuntza eta lankidetza: egin beharreko jarduera motak mugatu nahi dira, gizarte-eraldaketaren esparruan sartuz; haien jarduera-eremua nazionala zein nazioartekoa izango da.

Ikerketa zientifikoa eta garapen teknologikoa: bizialdi osoko ikaskuntzaren garrantzia azpimarratzen da.

Kultura: euskara berariaz aipatzen da, hizkuntza-aniztasunarekin lotutako balioetan.

Gizarte-ekintza: boluntariotzarako eta herritarren partaidetzarako modu berriak sartu dira.

Aukera-berdintasuna: STEAM bokazioen sustapena sartzen da.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa-Fundación Asmoz de Eusko Ikaskuntza izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa (zehazki, interes orokorrekotzat jotzen diren fundazioaren helburuen aldaketa), Guadalupe María Inmaculada Adanez García notario andrearen aurrean 2023ko azaroaren 17an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 1.817).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala