
51. zk., 2024ko martxoaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (103 KB - 2 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1250
AGINDUA, 2024ko otsailaren 12koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Biobizz izeneko fundazioaren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.
2023ko ekainaren 9an, Fundación Biobizz izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Eskaerarekin batera eraketa-eskritura publikoa aurkeztu zen, data berean egiletsitakoa, Bilbon, Francisco Arriola Garrote notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 455).
2023ko abenduaren 12an, aurrekoaren zuzenketa-eskritura aurkeztu zen, babesletzak 2023ko azaroaren 22an berariaz jakinarazitako errekerimenduaren ondoren.
Fundazioaren lehen jarduera-programa edo -plana eskrituraren protokoloan jasota dago.
Biobizz Worldwide, SL sozietatea da fundatzailea (IFK: B98076631), Gipuzkoako Merkataritza Erregistroan inskribatuta: 1367. liburukia, 111. folioa, SS-7373 orria.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea 2024ko urtarrilaren 31n bildu zen, fundazioaren inskripzio-eskaera baloratzeko fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokionez, bai eta haren bideragarritasunari dagokionez ere. Aldeko txostena eman zuen.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman du 2024ko otsailaren 8an.
Estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Fundación Biobizz izeneko fundazioa honako interes orokorreko helburu honekin eratu da:
«Fundazioaren interes orokorreko helburuak sozialak, kulturalak, ingurumenekoak, kirolekoak eta hezkuntzakoak izango dira, eta arreta berezia jarriko zaie bizitza eta ingurumena zaintzeari».
Estatutuen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza Etxebarriko (Bizkaia) Lezama-Leguizamón poligonoan ezartzen da, Gorbeia kaleko 11-21ean. Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko ditu bere jarduerak nagusiki.
Fundazioaren hasierako zuzkidura hogeita hamasei mila eta bostehun (36.500) eurokoa da, eta sozietate fundatzaileak egiten du ekarpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluaren bigarren atalaren arabera. 2023ko otsailaren 7ko banku-ziurtagiriaren bidez egiaztatu da.
Eratzeko eskritura publikoan jasotakoaren arabera, lehenengo patronatua honako hauek osatuko dute:
– Presidentea: José Luis Pinheiro Bartolo jauna.
– Idazkaria: Nancy Fernández Villa andrea.
– Diruzaina: Edward Winkelman jauna.
Izendatutako pertsona guztiek onartu dute beren kargua, ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio eraketa espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Biobizz izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, F-489 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2023ko ekainaren 9an eta abenduaren 7an, Bilbon, Francisco Arriola Garrote notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoetan jasotako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakiak: 552 eta 1017, hurrenez hurren).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 12a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
RSS