Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2024ko martxoaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1174

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 7koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko urriaren 26an, Donostiako Udalak Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin zen, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko abenduaren 14an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatzeko, eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da etxebizitza-erabilera ezartzea Donostiako Aizkorri kaleko 87, 89 eta 91 zenbakietako sotoko lehen solairuan, 2021eko apirilean aldatutako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, HAPOaren aldaketa) hirigintzako arau orokorren 59. artikuluaren esparruan. Horretarako, erabilera osagarriak eta bizitegi-erabilerak definitu dira solairu horretan, eta, HAPOaren aldaketaren artikulu horretan eskatutakoaren arabera, sotoko lehen solairuan etxebizitza-erabilerarako baldintza guztiak betetzen direla justifikatu da.

1962an eraiki zen eraikina 1.390 m2-ko lursail baten gainean (eraikuntza irekiko bizitegitarako hiri-lurzoru finkatua, erabilera-erregulazio zehatzik gabea). Gaur egun, hiru atari ditu (Aizkorri kaleko 87, 89 eta 91 zenbakiak), eta bakoitzak sotoko lehen solairua (merkataritza-lokala), goiko hiru etxebizitza-solairu (solairu bakoitzeko bi etxebizitza) eta bizitzeko ez den estalkipeko solairua ditu. Guztira, bloke osoak 18 etxebizitza ditu, laukizuzen formakoa da eta oinplanoko neurriak 40 m x 10 m dira. Beheko solairuak 2,80 m-ko altuera, 403,05 m2-ko azalera eraikia eta 360 m2-ko azalera erabilgarria ditu. Gainera, eraikuntzarik gabeko azalera du perimetro osoan; hots, mendebaldean eta iparraldean dagoen lurzatia, atarietara sartzeko pasabideak eta lorategia hartzen dutena izan ezik, hiru lokalek bakarrik erabil ditzakete, eta, hain zuzen ere, lokalen osagarri gisa erabiltzen dira.

Aizkorri kaletik sartzen da eraikinera, lur pribatuko gune batetik, eta eraikinaren eta lorategiaren artean eraikinaren hiru atarietara iristen da, lehen etxebizitza-solairuaren parean. Eraikinaren mendebaldeko fatxadatik sarbidea duten hiru lokaletara iristeko arrapala-eremura kale beretik sartzen da.

Hirigintza-proposamenak honako hauek aurreikusten ditu: dauden lokaletan bost etxebizitza egokitzea, inguratzailea birgaitzea eta eraikuntzarik gabeko lurzatiaren atzealdeari dagokion urbanizazio osagarria egitea –horren erabilera etxabeei dagokie–. Hala, sotoko lehen solairuan dauden hiru lokaletatik, 81,32 m2 etxebizitzen erabilera osagarrietarako erabiliko dira, eta gainerako 321,73 m2-ak etxebizitzen erabilera nagusietarako.

Hona hemen hirigintza-proposamenaren ezaugarri nagusiak:

– Ez da aurreikusten eraikuntzaren egungo mugak aldatzea, eta mendebaldeko fatxadako kanpo-espazioa etxebizitza berrien terraza gisa egokituko da.

– Ez da aldatuko eraikinaren bolumetria orokorra.

– Merkataritza-lokalen oinplanoko azalera eta konfigurazioa mantenduko da, eta egokitu egingo da bost etxebizitza berri eta sarbide orokorreko zona hartzeko.

– Atari independenteko gune bat prestatuko da lokalen barruan, eta horiek, korridore banatzaile batekin batera, erabilera osagarrien mugaketa osatuko dute.

– Erkidegoaren estatutuetan jasota dago lokal horiek zatitzeko aukera.

– Mendebaldeko fatxadaren aurreko lursaila lokalek bakarrik erabiltzeko da, estatutuen/eskrituren arabera. Etxebizitzetako terrazak izango dira.

Ez da aparkalekuak egokitzea aurreikusi, lehendik dagoen etxebizitza-eraikin baten beheko solairuaren erabilera aldatzea baita.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba –hots, ez jardutea– baztertu da. Izan ere, hirigintzaren ikuspuntutik egokitzat jotzen bada ere, esparrua, teorian, egokia baita merkataritza-erabilerarako, ez da inoiz erabilera horretarako erabili, eremuan merkataritza-garapena oso bideragarria ez delako. Bestalde, lokalek etxebizitza bihurtzeko behar diren baldintzak dituzte, eta Donostiako egungo etxebizitza-arazoari erantzungo diote. Ez da beste kokapen- edo antolamendu-alternatibarik proposatzen, Planaren proposamena Aizkorri kaleko 87, 89 eta 91 zenbakietan dauden lokalen erabilera aldatzeari buruzkoa baita. Horregatik guztiagatik, aurreko paragrafoetan deskribatutako alternatiba bakarra garatuko da. Ingurumenari dagokionez, lehendik dagoen eraikin batean bost etxebizitza eraikitzeak haren etekin ekonomikoa optimizatzea eta arrazionalizatzea ekarriko du.

B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planaren helburua Donostiako Aizkorri kaleko 87, 89 eta 91 zenbakietako sotoko lehen solairuan etxebizitza-erabilera ezartzea da, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren hirigintzako arau orokorren esparruan. Horretarako, solairu horretan erabilera osagarriak eta bizitegi-erabilerak definitzen dira, eta sotoko lehen solairuan etxebizitza-erabilera egiteko baldintza guztiak betetzen direla justifikatzen da, aipatutako hirigintzako arauetan eskatutakoaren arabera. Hori horrela, Planak ez dakar indarrean dagoen plangintzakoez bestelako ingurumen-efekturik, ezta aldaketarik ere hierarkian gorago dauden plan edo programetan. Beraz, ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Planaren egokitasuna den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren gogoetak txertatzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, lurzoruei, urei, zaratari eta hondakinen eta isurien kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumenaren arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatia da. Bertan dago Aizkorri kaleko 87, 89 eta 91 zenbakiak dituen eraikina. Erabat urbanizatutako eremua da, eta bizitegi-erabilerari dagozkion zerbitzu guztiak ditu.

Ez da ingurumen-balio nabarmenik antzeman eremuan. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka EAEko geologia-interesguneen inbentarioan sartu diren geologia-interesgunerik edo EAEko igarobide ekologikoen sareko elementurik.

Litologia tupei eta tupakareharriei dagokie, eta horiek pitzaduragatiko iragazkortasun txikia dute. Antropizazioa dela eta, lursaileko lurzoruek orografia laua dute batez ere.

Eremua «Urumearen unitate hidrologikoan (UH)» sartuta dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Igara-A (ES111R018011) ur-masaren isuri-arroan dago. Eremuan ez dago ur-ibilgurik. Planifikazioaren eskumen-eremuei dagokienez, eremua erkidego barneko arroen barruan dago, eta Uraren Euskal Agentziak du haren gaineko eskumena uraren arloan. Eremuan ez dago Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik, baina bat dator zuhaitz-igelaren intereseko eremuarekin.

Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landaredi-kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremua hiri-eremuek eta landaredi erruderal-nitrofiloa duten lugorriek osatzen dute, eta ez dago Batasunaren intereseko habitatik.

Lursaila zuhaitz-igelaren (Hyla meridionalis) kudeaketa-planaren aplikazio-eremuan sartzen da. Espezie hori galzoriko espeziea da, eta espezie mehatxatuen EAEko katalogoan sartuta dago. Hala ere, eremuak ez ditu espezie hori hartzeko beharrezko baldintzak. Bestalde, ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da topatu Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen ezein kudeaketa-planetan sartutako eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016-05-23ko GAO, 96. zk.). Ustez, eremuan dagoen fauna bat dator hiri-inguruneetara egokitutako espezie arruntekin.

Paisaiari dagokionez, eremua Ondarretako ikuspen-arroan dago (433). Paisaia-balio oso txikia duen arroa da, oso paisaia hiritarra du, oso ohikoa, eta ez dago EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta.

Planaren xede diren lurzatietan ez dago eraikitako kultura-ondareko elementurik, ez eta arkeologikorik ere. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, ez dago Hirigintza eta Eraikuntza Ondarea Babesteko Plan Berezian sartutako elementurik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremua ez dator bat Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren (Ihobe SA) lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako partzelekin.

Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, eremua uholde-arriskuko eremuetatik kanpo dago. Bestalde, akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasuna txikia da; eremurako sarbidea bakarrik dago interes hidrogeologikoko eremu batean.

Eremuaren egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentu estrategikoak Donostiako Zarataren Mapa Estrategikoetan islatutako eremuko zarata-mailak jasotzen ditu, eta mailarik altuenak errepidearen ondoan daude –65dB (A)–. Halaber, adierazi da eremua «Erdialdea-Aiete-Igeldo-Zubieta» Babes Akustiko Bereziko Eremuan (aurrerantzean, BABE) sartzen dela. Bestalde, adierazi da, BABE honetarako egindako zona-planarekin bat etorriz, araudiak ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzen direla eraikinean.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, etxebizitzak eraikitzeko obrak egikaritzearekin lotuta daude Plana garatzearen ondoriozko eragin posibleak. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: hondakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, eta abar.

Indarrean dagoen legeria eta, bereziki, lurzoruei, urei, zaratari eta hondakinen eta isurketen kudeaketari buruzkoak betetzen badira, eraginak txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta lehengoratzeko modukoak.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Ebazpen honetan ezartzen dira Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurriak, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan –hala bada, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharko litzaioke–.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak beste, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek bete beharko dira planaren ondoriozko obrak egikaritzeko:

Aplikatuko diren neurrien artean obra-faseari buruzkoak nabarmentzen dira. Obrak gauzatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin lotuta daude horiek. Planak azkenean bere egiten dituen zehaztapenei erantsi beharko zaizkie horiek guztiak. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira:

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, lurzorura isurtzea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (lan-txabolak, obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak barne) kokatzeko garaian, lurzoru ez artifizializatuei ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko. Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo txikietan edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak detektatzearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanak egiten badira (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Hondakinak pilatzeko eremuak gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

– Obrarako sarbideak garbi mantendu beharko dira.

– Obretako zaratak: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek irauten duten bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zarata murrizteko, alde batetik, eraisteko, kargatzeko, deskargatzeko eta garraiatzeko eragiketei dagokienez, eta, bestetik, erabilitako makinen mantentze-lan orokorrei eta zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari dagokienez.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energia gutxiago kontsumitzea eta/edo halako energia gutxiago sortzea.

• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Donostiako Antigua-Ondarretako «AO.03 Seminarioa» IEko RF 80950001 katastro-erreferentziako lurzatiaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 7a.

Falta izanik, eta bat etorriz otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala