Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2024ko martxoaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1173

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 5ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «Hipika Bidea 91 eta 103» lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko azaroaren 7an, Donostiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Donostiako «Hipika Bidea 91 eta 103» lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egin zedin. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, zeinak Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia baitzuen.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko abenduaren 7an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako «Hipika Bidea 91 eta 103» lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako «Hipika Bidea 91 eta 103» lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honela:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da azpieremu berri bat zedarritu eta antolatzea, «Hipika Bidea 91» eta «Hipika Bidea 103» lurzatiak bateratuz (guztira 5.592,83 m2-ko azalera), bizitegi-sustapen berri bat garatzeko.

Bi lurzatiak «MA.04 Campos Elíseos» hirigintza-eremuan sartuta daude, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera. Plan hori 2010eko ekainaren 25ean egindako osoko bilkuran behin betiko onartu zen. Hala ere, eremu horretako arau partikularrak etenda daude, eta, beraz, 1995eko Plan Orokorrean ezarritako hirigintza-araubidea aplikatu behar zaio.

Planaren eremua Donostiako Martutene auzoan dago, Madril-Irun trenbidearen (ADIF) eta GI-41 errepidearen arteko lursailetan, Martuteneko tren geltokiaren parean.

Hipika Bidea 103 lurzatiak 4.707,79 m2-ko azalera du, eta hego-ekialdeko muturrean eraikin isolatu bat dago, gaur egun erabilera mistoa duena –bulegoa eta etxebizitza–. Lau solairu ditu, eta azalera eraikia 719,63 m2-koa da. Lurzatiaren gainerakoa lorategietarako eta aparkalekuetarako da.

91 lurzatiak 884,04 m2-ko azalera du, eta parrokia bat zegoen orubea da (2007an eraitsi zen).

Proiektuaren irismena:

– Azpieremu berri bat mugatzea, Hipika Bidea 91 eta 103 lurzatiei dagokiena eta guztira 5.592,83 m2-ko azalera izango duena.

– Lurzatiaren kalifikazio xehatu hau ematea: «a.40. Garapen txikiko bizitegi-eremua» (gaur egun A 500 «Eraikin isolatuko bizitegi-eremua», 1995eko Plan Orokorra).

– Espaloi bat sortzea lurzatiaren eta Hipika Bidea kalearen artean, 2,00 m-ko zabalerakoa.

– 91 lurzatian parke edo espazio libre txiki bat sortzea, Udalari lagata, eraikigarritasun haztatua handitzearen ondorioz behar diren berdeguneen eta espazio libreen estandarra betetzeko.

– Azpieremua hiri-lurzoru finkatugabe gisa kategorizatzea, antolamenduak lehendik zegoena baino hirigintza-eraikigarritasun haztatu handiagoa ematen diolako, zuzkidura-jarduketa bat eratuz.

– 103 lurzatian gaur egun dagoen eraikina antolamenduz kanpokotzat jotzea.

Horrekin guztiarekin, sustapen libreko 10 etxebizitza antolatuko dira 4.454,12 m2-ko azaleran, hirigintza-eraikigarritasun hau aurreikusiz: 1.176,95 m2/(s) sestra gainean eta 919,00 m2/(s) sestra azpian. Bizitegi-lurzatiek lorategi pribatuak eta igerileku komuna izango dituzte.

333,24 m2-ko azalerako parke publikoaren ondoan 10 aparkatzeko plaza publiko berri (130 m2) eta bizikletentzako 12 plazako aparkalekua antolatuko dira. Era berean, aparkaleku pribatua lurzati pribatuaren sestra azpiko 919,00 m2/(s)-tan antolatzen da, eta 33 plazako aparkaleku pribatu bat sortzen da etxebizitzen sotoan.

Zerbitzu-azpiegiturei dagokienez, saneamendu-sare bereizle bat aurreikusten da, egungo kolektore unitariora bideratuko dena. Planak aurreikusten du egungo edateko uraren hornidura-sareak aukera ematen duela proiektatutako eskari berria egoki hornitzeko. Energia elektrikoa dagoen transformadoretik hartuko da, eta lurpeko sare elektriko berri bat egingo da etxebizitzak hornitzeko. Telekomunikazioei dagokienez, dauden aireko lineak desmuntatuko dira, eta gauzatu beharreko espaloian kanalizazio berri bat ezarriko da.

Planaren arabera, urbanizazio-obrek 2.000 m3 lur-soberakin inguru sortuko dituzte.

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Plana dagozkion urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuen bidez garatuko da.

Ingurumen-dokumentu estrategikoak hiru garapen-aukera aztertu ditu, 0 aukeraz gainera, egungo egoerari eustekoa.

0 aukera baztertu da, lehendik dagoen eraikina bizitegi-erabilerarako egokitzeak ez lituzkeelako lurzatian lortu nahi diren garapen-helburuak beteko.

1. aukera da bi bizitzako 4 etxebizitza ordenatzea, Hipika Bidea kalearekin lerrokatuta. Aukera hori baztertu egin da, ez direlako egoki konpontzen mugetarako distantziak eta orientazioak mugatzen direlako, eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako bibrazioen gehieneko mailak gaindituko lirateke trenbideetatik gertuen leudekeen etxebizitzetan.

2. aukerak espaloi perimetrala, parke publikoa eta aparkalekuak barne hartzen ditu, eta 8 etxebizitza proposatzen, hainbat konfiguraziotan. Baztertu egin da, irisgarritasun zailekoa litzatekeelako, eta trenbidetik hurbilen leudekeen etxebizitzetan bibrazioen gehieneko mailak gaindituko liratekeelako.

3. aukera da hautatu den antolaera. Trenbideekiko 20 metroko distantzia errespetatzen du, eta 10 etxebizitza antolatzen ditu bi bloketan, guztiak orientazio berarekin.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zein neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste, kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren antolamendu-eremua hiri-lurzoruko bi lurzati dira (guztira, 5.592,83 m2), 2010ean behin betiko onartutako Donostiako HAPOko «MA.04 Campos Elíseos» hirigintza-eremuan daudenak. Hala ere, bertako arau partikularrak etenda daude, eta 1995eko HAPOan ezarritako hirigintza-araubidea aplikatu behar da; beraz, sustatzailearekin bat etorriz, planteatutako etxebizitzen sustapena garatzeko dokumentu gisa, hiri-antolamenduko plan berezi bat garatzea eskatzen da. Plan honek, beraz, azpieremu berri bat definitzen du, bi lurzatiak bateratuz, eta garapen txikiko bizitegi-eremu gisa birkalifikatzen du, plangintza orokorrarekin bat etorriz. Halaber, eremuaren antolamendu xehatua definitzen du, dauden atzerapenetara eta baldintzatzaileetara egokituta, eta bertako eraikigarritasuna handitzeko aukera ematen du, 10 etxebizitza berri eraikitzeko. Planak ez du indarreko plangintzan aurreikusitako kalifikazio orokorra aldatzen, eta urbanizatutako eremu bat birdentsifikatzea dakar. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Planaren egokitasuna den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: Plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren kontsiderazioak txertatzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, betiere ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak gauzatzen badira, besteak beste, natur ondareari, uholde-arriskuari, urei, lurzoru kutsatuei, zaratari eta kutsadura akustikoari, isuriei, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari eta hondakinen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumenaren arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua 5.592,82 m2-ko azalera duen hiri-lurzoruko lurzatia bat da, Donostiako Martutene auzoan kokatua, Madril-Irun trenbidearen (ADIF) eta GI-41 errepidearen arteko lursailetan, Martuteneko tren-geltokiaren parean. Eremu urbanizatua da, eta eraikin bat, bideak eta aparkalekuak ditu, baita lorategiak ere.

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremua Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Urumearen Unitate Hidrologikoan dago. Zehazki, lurzatiaren ekialdeko muga Urumea ibaitik 80 bat metrora dago, ezkerraldean, baina trenbidea eta urbanizatutako beste eremu batzuk daude tartean. Planaren eremuan ez da azaleko ibai-ibilgurik identifikatu, nahiz eta ingurumen-dokumentuan adierazten den Urumeako ibaiadar batek eremua lurpetik zeharkatzen duela. Uraren Euskal Agentziak ez du egiaztatu lurpeko ibilgu hori dagoenik, ez Agentziaren beraren kartografian, ez egindako ikuskapenaren ondoren.

Eremua Andoain-Oiartzun lurpeko ur-masaren gainean dago, zati handi bat Oiartzungo Kuaternarioko sektorean duena, eta mendebaldeko muturra, aldiz, Txoritokietako sektorean. Eremua interes hidrogeologikoko eremu batean dago.

Eremuan dagoen landaredia osatzen dute lorategi-eremuei lotutako belar-, zuhaixka- eta zuhaitz-espezie nagusiki apaingarriek, bai eta eremu artifizializatuei lotutako espezie erruderalek ere. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, tamaina handiko zuhaitz-aleak daude. Halaber, eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, litekeena da espezie aloktono inbaditzaileak egotea, hala nola banbua (Phyllostachys sp.), tximeleta zuhaixka (Buddleja davidii) edo beste batzuk. Ez da hauteman espezie babesturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Bestalde, eremuko fauna hiri-inguruneko eta hiri-periferiako inguruneko berezko espezieez osatuta dago; ez da fauna-espezie mehatxaturik identifikatu bertan.

Eremuan ez dago naturagune babesturik, ez eta EAEko Korridoreen Sareko elementurik edo geologia-intereseko lekurik ere. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian eta LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroko elementuetan ere.

Planaren eremuan ez dago kultura-ondare arkitektoniko eta arkeologikoko elementu babesturik.

Egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, errepide-sarea eta trenbide-sarea dira zarata-iturri nagusiak. Azterlanaren emaitzen arabera, nagusiki bizitegi-erabilerako eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak gainditzen dira eragiketa aurreko egoeran. Zehazki, egunez eta arratsaldez 60-65 dB(A)-ko balioak lortzen dira eremuaren ipar-ekialdeko muturrean, eta gauez, lurzatiaren gehienean 50 dB(A)-ak gainditzen dira. Eremuaren ipar-ekialdeko muturrean identifikatu dira balio maximoak: 55-60 dB(A) inguru. Halaber, adierazi behar da aztergai den eremua Urumeako Babes Akustiko Bereziko Eremu gisa deklaratutako eremuaren barnean dagoela.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna txikia da, eta eremua ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzatietan ere. Bestalde, Urumea ibaiaren ingurunea Urumea-2 uholde-arrisku handiko eremu gisa identifikatuta dago (ES017-GIP-URU-01 kodea). Hala ere, lurzatia inguruko lurrak baino goragoko kotan dago, eta ez dago uholde-arriskuaren eraginpean.

Azkenik, salgai arriskutsuen garraioak dakartzan arrisku teknologikoak kontuan hartuta, ekialdean lurzatiarekin muga egiten duen trenbidea arrisku ertainekotzat jotzen da.

Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planaren garapenak izan ditzakeen ondorioak obra-fasean sortutakoak izango dira, lehendik dagoen eraikina eraisteagatik, area berrurbanizatzeagatik eta etxebizitzak eraikitzeagatik, aurreikusitako sestra azpiko solairuak eraikitzea barne. Jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, makinen joan-etorriak, landaredia kentzea, atmosferarako emisioak, indusketa-soberakinak, hondakinak, isuriak, zaratak, etab. Horrek guztiak airearen eta lurzoruaren kalitatean eragin dezake; horiek guztiak eremu urbanizatu batean jazoko dira.

Proposatzen diren jarduketak eta haien ondorioak aztertu ondoren, uste da inpaktu horiek txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak eta itzulgarriak izango direla, betiere indarrean dagoen legeria betetzen bada, batez ere zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa, eta obrak horrelako jardueretarako jardunbide egokiak betez egiten badira.

Zaratari dagokionez, aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, etorkizunean, abiadura handiko trenen zirkulazioa ere kontuan hartuta, bizitegi-erabilera nagusia duten eremuetako etorkizuneko hirigintza-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak gaindituko lirateke. Zehazki, eremuaren ipar-ekialdean, egunez eta arratsaldez 65-70 dB(A)-ko mailak neurtuko lirateke, eta gauez, neurtuko liratekeen balio handienak 55-60 dB (A) dira. Fatxadako zaratari dagokionez, mailarik txarrenak 62 dB(A) izango lirateke egunez eta arratsaldez, eta 54 dB(A) gauez, fatxada batzuetan.

Gehiegizko balio horiek direla eta, azterlan akustikoak proposatzen du metalezko pantaila akustiko bat jartzea, 3 metroko altuerakoa eta 77 metroko luzerakoa, lurzatiaren ekialdeko perimetroan, trenbidearen ondoan. Horrela, 58 dB(A)-ra eta 53 dB(A)-ra jaitsiko lirateke eremuko maila akustikoak 2 metroko altueran, egunez/arratsaldez eta gauez, hurrenez hurren. Fatxaden egoerak hobera egingo luke, nahiz eta bi etxebizitzatan zarata-maila gehiegizkoak izan tarteka. Horregatik guztiagatik, proiektuan aipatutako pantailaz gain, etxebizitzen barrualderako ezarritako kalitate-helburuak betetzeko neurriak hartu beharko dira.

Bestalde, eremua trenbideetatik gertu dagoenez, azterlan akustikoak eremuko bibrazio-mailak aztertzen ditu, eta ondorioztatzen du etxebizitzen barruko espazio bizigarriari aplika dakizkiokeen bibrazioen kalitate akustikoko helburuak beteko direla etorkizunean.

Aurkeztutako analisi akustikoaren emaitzak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta Planaren eremua babes akustiko bereziko eremu baten barruan dagoela, zeinak Planaren eremuan aplikatu beharreko zonako plan bat duen, ez da aurreikusten proposatzen diren jarduketen ondorioz ingurune-eragin nabarmenik izango denik eremuaren kalitate akustikoan, betiere azterlan akustikoan proposatzen den pantaila akustikoa jartzen bada eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jasotako barneko espazioetarako kalitate akustikoko helburuak (bizitegi-erabilera) betetzea bermatzen bada.

Ustiapen-fasean, Planaren garapenak eragindako inpaktuak eremuan bizitegi-jarduera handitzearen ondorio izango dira; handiagoak izango dira mugikortasuna, baliabideen kontsumoa eta sortutako hondakin kopurua.

Indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera kontuan hartuta baloratu behar dira ingurumen-ondorioak. Emandako informazioaren arabera, Planak sartutako aldaketa nagusiak hauek dira: garapen txikiko bizitegi-eremu gisa birkalifikatzea, plangintza orokorrarekin bat, eta antolamendu xehatuaren definizioa, bertako eraikigarritasuna handituz. Zehazki, 10 etxebizitza antolatuko dira bi bloketan, zein bere lurzati pribatuarekin, eta espazio libre komunitarioekin, egungo eraikinaren eta lorategi-eremuaren ordez. Orobat, Hipika Bidea kalearekiko paraleloan espaloi bat sortu, eta parke publiko txiki bat ezarriko da. Planak ez du indarreko plangintzan aurreikusitako kalifikazio orokorra aldatzen, eta urbanizatutako eremu bat birdentsifikatzea dakar.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen zuzenketa-neurriak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean eragin nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, Donostiako «Hipika Bidea 91 eta 103» lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezian sartu beharreko babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar izan ez dadin.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Plan Berezian bertan jasotakoaren arabera, eta ez dituzte eragotziko Plana onartzeko prozeduran eskumena duten beste organismo batzuek ezar ditzaketenak. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

– Sistema hidrologikoa babesteko neurriak.

• Ingurumen-dokumentuaren arabera, Urumearen ibaiadar batek lurpetik zeharkatzen du eremua. Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko lurralde-plan sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa) ezarritakoa kontuan hartuta. Hala ere, Ura - Uraren Euskal Agentziak ez du egiaztatu lurpeko ibilgu hori dagoenik, ez agentzia horren kartografian, ez egindako ikuskapenaren ondoren.

• Ibilguen zaintza-eremuan eta jabari publiko hidraulikoan edozein obra edo lan egin aurretik, arro-erakundeak aurretiaz administrazio-baimena eman beharko du, eta horretan ezarriko dira dagozkion zehaztapenak.

• Hirigintza-garapen berriak drainatze jasangarriko sistemak barne hartzea gomendatzen da (zoladura iragazkorrak, tangak edo ekaitz-gailuak, etab.), egungo jariatze-urekin alderatuta gertatuko den hazkundea ahalik eta txikiena izan dadin, eta zoladura-azalera edo okupazio irazgaitza ahalik eta txikiena izatea, ezinbestean hala behar den gainazaletara mugatuta.

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

• Planean aurreikusitako etorkizuneko hirigintza-garapenak eremu akustiko horretan aplikatzekoak diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezingo da baimenik eman etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, baimena emateko unean, ez badira kanpoalderako kalitate akustikoko helburu horiek betetzen, salbu eta ez den urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren bat.

• Aurkeztutako azterlan akustikoaren arabera, etorkizunean ez dira beteko kalitate akustikoko helburuak Planaren esparruan, ez kanpoaldean, ez fatxadetan. Planaren eremua babes akustiko bereziko eremu baten zati da. Zonako Plana du (Urumeako Zonako Plana), eta bertan ez da eremu horretan aplikatzeko jarduera espezifikorik planteatzen. Alde horretatik, azterlan akustikoan proposatzen da metalezko pantaila akustiko bat jartzea, 3 metroko altuerakoa eta 77 metroko luzerakoa, lurzatiaren ekialdeko perimetroan, trenbidearekiko mugan; horri esker, egoera akustikoa hobetuko da, baina bi etxebizitzatan zarata-maila gehiegizkoak izango dira tarteka.

• Bestalde, ADIF-Alta Velocidad «Gasteiz-Bilbo-Donostia abiadura handiko trenbidean babes akustikoak eraikitzeko proiektua. Bide-zatia: Bergara-Irun» egiten ari da. Aurreikusita dago pantaila akustikoak jartzea txosten honen xede den hirigintza-eremuko zati batean. 05 eranskinaren arabera («Zuzenketa-neurrien diseinu akustikoa»), Hipika Bideko 103 lurzatian –ezkerraldean muga egiten du 01-100 trenbidearekin 619+446 eta 619+506 kilometro-puntuen artean–, metalezko pantailak jartzea aurreikusi da, 5 metroko altuerakoak, 60 metrotan.

• Ondorioz, neurri tekniko eta ekonomiko proportziozkoak ezarri beharko dira, lehenik, kanpoaldeko ingurunea babesteko (lurzorutik 2 metrora, zati eraiki gabeetan; altuera orotan, zati eraikien fatxada leihodun guztietan). Zehazki, gutxienez, pantaila akustiko bat ezarri beharko da, azterketa akustikoan aurreikusitako ezaugarriak dituena. Nolanahi ere, neurri horiek Adifekin koordinatuko dira, «Gasteiz-Bilbo-Donostia abiadura handiko trenbidean babes akustikoak eraikitzeko proiektua. Bide-zatia: Bergara-Irun» aintzat hartuta. Nolanahi ere, eraikinen barnealdean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira, eraikineko gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (egunez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Aurrekoak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira gai hauen jardunbide egokien eskuliburuarekin: obrak, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa (eraikinen eta zoladuren eraisketakoak barne), induskatutako lurzoruen kontrola, eta uren, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegi batera eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautematearen ondoriozko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

• Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erratz-makina mekanikoak erabiliko dira.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.

• Obrako zarata: bat etorriz Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoarekin, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

• Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari. Ondoren, hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Paisaia-integrazioa: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-kondizio zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Espezie autoktonoak erabiliko dira.

• Eraikingintza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

* Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

* Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

* Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

* Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

* Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

* Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako «Hipika Bidea 91 eta 103» lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean ez bada onartzen Donostiako «Hipika Bidea 91 eta 103» lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 5a.

Zuzendaria falta izanik, eta bat etorriz otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriak dioenarekin.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.


Azterketa dokumentala