Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2024ko martxoaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
1172

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 28koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko 2024ko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei nahiz landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) aipatutako akordioa sinatu dute, eta, beharrezko publikotasuna emateko xedez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) arteko 2024ko kudeaketa-gomendioari buruzko akordioaren testua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten langabeei nahiz landunei zuzendutako euskarazko hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak egiteko.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 28a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

FRANCISCO PEDRAZA MORENO.

ERANSKINA
AKORDIOA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ETA HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN (HABE) ARTEKO 2024KO KUDEAKETA-GOMENDIOARI BURUZKOA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAK PROGRAMATUTAKO EDO BAIMENDUTAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZETAN PARTE HARTZEN DUTEN LANGABEEI NAHIZ LANDUNEI ZUZENDUTAKO EUSKARAZKO HIZKUNTZA-GAIKUNTZAKO IKASTAROAK EGITEKO

Alde batetik, Idoia Mendia Cuevak, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioko kontseiluburu gisa;

Eta, beste aldetik, Bingen Zupiria Gorostidik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) presidente gisa.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Urriaren 13ko 3/2011 Legearen arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua izaera administratiboa duen organismo autonomoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari atxikita dago. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Haren eginkizunen artean dira enpleguko programak kudeatzea, enplegurako eta auto-enplegua sustatzeko prestakuntza ematea eta enpresak sortzea. Enplegurako prestakuntzaren barruan, langile langabeei nahiz landunei zuzendutako prestakuntza dago, beren enplegagarritasuna hobetu edo beren prestakuntza-curriculuma handitu nahi dutenei, dituzten itxaropen profesionalak hobeto garatzeko.

Bigarrena.– EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren xedapen gehigarrian (2016ko ekainaren 7ko EHAA) ezarrita dagoenez, enplegurako Lanbide Heziketako jardueren eta programen barruan, euskaraz ikasteko programak emango dira HABE organismo autonomoarekin egindako akordioen bitartez, helburu izanik dena delako arlo profesionalean ahozko eta idatzizko komunikazio-gaitasunak garatzea, lanbide-eginkizunak hobeto betetzea edota lanbide-aukerak hobetzea.

Hirugarrena.– Langile elebidun gaituen eskaerak gora egin duenez, agerian geratu da beharrezkoa dela Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak antolatutako prestakuntza-ekintza batzuk osatzea, hain zuzen ere, langabeek gaitasun profesionalak lor ditzaten egiten direnak. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera jasotzeko edo hobetzeko prestakuntza-ekintzak egin behar dira, langabeen enplegagarritasuna hobetze aldera.

Laugarrena.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea sortzeko eta Euskaltegiak araupetzeko azaroaren 23ko 29/1983 Legean xedatutakoaren arabera, HABE erakundea organismo administratibo autonomo bat da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, nortasun juridiko berekia du, eta gaitasun osoa du bere eginkizunak betetzeko. Haren eginkizunak dira, besteak beste, herritar helduei euskara irakastea eta herritar horien euskalduntzea eta alfabetatzea sustatzea EAEn.

Bosgarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoak ez du giza baliabide eta material nahikorik, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroak emateko. HABE erakundeak, berriz, antolakuntza eta baliabide egokiak ditu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren beharrei espezialitate-baldintza onenetan erantzuteko.

Seigarrena.– Hori dela eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) euskaraz ikasteko prestakuntza-ekintzen plangintza egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeen beharrei erantzuna emateko, hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzei dagokienez. Prestakuntza-ekintza horiek HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegietan eta autoikaskuntza-zentroetan egingo dira. Halaber, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutako esparruaren barruan, erabaki dute dagokion kudeaketa-gomendioko akordioa formalizatzea, honako klausula hauen arabera arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua da Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak programatutako edo baimendutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen ari diren eta parte hartu duten langile langabeei nahiz landunei zuzendutako hizkuntza-gaikuntzako euskarazko jarduerak gauzatzea.

Bigarrena.– Prestakuntza-eskaintza.

1.– Hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-plana euskarazko prestakuntza-ekintzen bidez gauzatuko da. Moduluka emango dira ekintza horiek, HABEren Erregistroan inskribatutako euskaltegien eta autoikaskuntza-zentroen ahalmenen arabera, eta Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko A1, A2, B1, B2 eta C1 erreferentzia-mailekin.

2.– Kudeaketa-gomendio honen xede diren prestakuntza-planaren parte diren prestakuntza-ekintzak aurrez aurre emango dira, gehienez 350 orduz, eta teleprestakuntzaren modalitatean gehienez 75 orduz. 2024ko urrian hasi eta 2025eko ekainaren 30a baino lehen bukatu behar dira.

a) Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle-talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatakoak direla ere erabilitako baliabide didaktikoak.

b) Teleprestakuntzatzat jotzen da parte-hartzaileak ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutoreak/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak eta ikasle bakoitzaren lan pertsonala osatu edo sendotuko ditu. Metodologia honetan ikasleen artean hitz egiteko eta elkarrekintzan aritzeko saioak egingo dira.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzkidura ekonomikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak esleitzen ditu kudeaketa-gomendio hau finantzatzeko guztizko baliabide ekonomikoak. Kudeaketa-gomendio honen xede den prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratuko den kreditua 400.000 eurokoa da, guztira: horietatik 200.000 euro 2024ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 200.000 euro 2025eko konpromiso-kredituari.

Laugarrena.– Jarduerak finantzatzea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta HABEk finantzatu beharko dituzte kudeaketa-gomendio honetatik eratorritako jarduerak, irizpide hauetan oinarrituta:

A) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartuko ditu hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetako maila guztietako ikasleen matrikulen gastuak, HABEk ezarritako honako tarifa hauetan oinarrituta:

a) Hiru lurraldeetako hiriburuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 3,40 euro/ordu/parte-hartzaile.

b) Hiru lurraldeetako beste udalerri batzuetako euskaltegietan emandako ikastaroen matrikula, 2,70 euro/ordu/parte-hartzaile.

c) Teleprestakuntzaren ikastaroen matrikula, 7,5 euro/ordu/parte-hartzaile.

B) HABEk finantzatuko du irakaskuntzaren kostuen gainerakoa, erakunde honek urtero udal-euskaltegientzat eta homologatutako euskaltegi pribatuentzat egiten dituen dirulaguntza-deialdietan araututako baldintzen eta irizpideen arabera, eta, bereziki, diruz lagundu daitezkeen ikastaro-motei dagokienez.

Bosgarrena.– Funtsen transferentzia.

Honako hau izango da ordainketa-araubidea:

– Lehenengo ordainketa, hots, prestakuntza-programazioa finantzatzera bideratutako kredituaren % 50, lehenengo prestakuntza-ekintzaren hasieran ordainduko da, HABEren agiria jaso ondoren, bederatzigarren klausulako 3. apartatuan adierazi bezala.

– Bigarren ordainketa, prestakuntza-planaren likidazioari buruzkoa, gastua justifikatu ondoren egingo da, hamargarren klausulan aurreikusitako baldintzen arabera.

Seigarrena.– Prestakuntzaren hartzaileak eta eskakizunak.

Euskarazko hizkuntza-gaitasunerako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute langabeek nahiz landunek, baldin eta, euskarazko hizkuntza-gaitasunak eskuratu edo hobetzeko, eta, hartara beren enplegagarritasuna hobetzeko helburua izanik eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan inskribatuta egonik, honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako edo baimendutako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak egiten egotea.

– edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2020., 2021., 2022. eta 2023. urteetan diruz lagundutako edo baimendutako ekintzak egin izana.

– baldin prestakuntza-ekintza kualifikatzailerik egiten ari bada, euskarazko prestakuntza aldi berean egingo da, ekintza hori gauzatu bitartean baina haren ikastorduetatik kanpo.

Zazpigarrena.– Eskainitako hizkuntza-gaikuntzaren publizitatea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) hizkuntza-gaikuntzako euskarazko prestakuntza-ekintzen publizitatea egingo da, prestakuntza eta ikastaroei buruzko atalean, eta prestakuntzaren hartzaileentzat beharrezkoa den informazio guztia jaso beharko da.

Zortzigarrena.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko dutenak hautatzea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua arduratuko da hizkuntza-gaikuntzako euskarazko ikastaroetan parte hartuko duten ikasleak aurrehautatzeaz bere datu-basean inskribatutakoen artetik, eta hautaketa-prozesu osoa koordinatzeaz.

2.– Seigarren klausulan ezarritako eskakizunak betetzen dituztenek hizkuntza-gaikuntzako ikastaroetan parte hartzeko eskaera egin ahal izango dute.

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko irailaren 2an hasi eta 2024ko irailaren 20an amaituko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulego-sarearen bitartez edo organismo autonomo horren web-orriaren bitartez egin ahal izango da eskaera.

3.– Eskaera egin ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du hautagaiek eskakizunak betetzen ote dituzten, inskripzio-hurrenkeraren arabera eta aurrekontua agortu arte. Eskaera onartuz gero, matrikula-orria Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunetik (www.lanbide.euskadi.eus) deskargatu ahalko da, NireLanbidenet atal pertsonalean, eta euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan aurkeztu beharko da.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik aurrekontua agortuz gero, zerrenda bat egingo da seigarren klausulako 1. apartatuan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskatzaileekin, NireLanbideneten izen eman duten ordenaren arabera. Pertsona hauek erreserbako hautagai moduan identifikatuko dira, norbaitek uko edo atzera egin duelako edo bestelako arrazoiak egon direlako funtsak libre geratzen badira ere.

Bederatzigarrena.– Euskaltegietan eta autoikaskuntza-zentroetan matrikulatzeko prozedura, eta Lanbideri jakinaraztea.

1.– Eskaera onartu zaien pertsonek matrikula-orria aurkeztu beharko dute HABEren Erregistroan ageri diren euskaltegietatik edo autoikaskuntza-zentroetatik aukeratzen duten hartan. Matrikula-orria aurkezteko epea 2024ko irailaren 16tik 27ra bitartekoa izango da. Data horretatik aurrera, matrikula-orriak balioa galduko du.

Onartutako pertsonak matrikula ez izapidetzea erabakitzen badu, bere ukoa ahalik eta arinen aurkeztu beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bidez.

Euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan matrikula-orria izapidetuta, eskatzaileak haren kopia zigileztatua bidali beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bitartez. Egindako izapidearen egiaztagiritzat hartuko da kopia zigilatua, eta aurkezteko azken eguna 2024ko urriaren 2a izango da.

Matrikula-orrian, interesdunaren izena eta NANa adieraziko dira.

Matrikula-orriko atal bat prestakuntza-ekintza ematen duen euskaltegiak edo autoikaskuntza-zentroak bete beharko du. Atal horretan, honako hauek zehaztuko dira: prestakuntza-moduluaren kodea, hasiera- eta bukaera-datak, eman beharreko ordu-kopurua eta, euskaltegiak edo autoikaskuntza-zentroak prestatuko duen mailaketa-proba baten ondoren, ikaslearen hasierako maila.

2.– Matrikulaziorako lehen aldia amaitutakoan, Lanbidek erreserban dauden hautagaien zerrenda kudeatuko du, 2024ko urriaren 2an eskuragarri geratu diren funtsekin.

Erreserban dauden eta azkenean eskaria onartu zaien hautagaiek matrikulazio-orria aurkeztu ahalko dute hautatzen duten euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan, HABEren Erregistroan sartuta dauden horien artean, NireLanbideneten atal pertsonalean matrikulazio-orria daukaten unetik 2024ko urriaren 15era arte.

Onartutakoak matrikula ez izapidetzea erabakitzen badu, bere ukoa ahalik eta arinen aurkeztu beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bidez.

Euskaltegian edo autoikaskuntza-zentroan matrikula-orria izapidetuta, eskatzaileak haren kopia zigileztatua bidali beharko du NireLanbideneten edo Lanbideren bulego-sarearen bitartez. Zigileztatutako kopia egindako izapidearen egiaztagiritzat joko da, eta hura aurkezteko mugaeguna 2024ko urriaren 18a izango da.

3.– Matrikulazio-prozedura bukatu ondoren, HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari helaraziko dio, 2024ko azaroaren 15a baino lehen, urrian hasitako prestakuntza-ekintzen kasuan, eta prestakuntza-ekintzak hasi eta gehienez 10 egun balioduneko epearen barruan, euskaltegietan eta autoikaskuntza-zentroetan matrikula formalizatu duten pertsonen zerrenda. Agiri horretan zehaztuko du, baita ere, pertsona bakoitzak zer euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro aukeratu duen, zer maila zuen hasieran, zer maila lortu nahi duen, ikastaroak noiz hasi eta noiz bukatuko diren, eta zenbat ikastordu diren parte-hartzaile bakoitzeko.

Hamargarrena.– Aldeen betebeharrak.

1.– Hauek izango dira HABEren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

a) Euskaltegiekin eta autoikaskuntza-zentroekin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin koordinatzea eskatzaileen euskarazko prestakuntza-moduluekiko atxikipena.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hautatutako ikasleak bere euskaltegietako prestakuntza-eskaintzan sartzea, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarriz.

c) Programazio honi dagozkion eta dagoeneko egin diren jarduerei Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin dien finantzaketaren publizitatea egitea.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzen hasiera jakinaraztea ezarritako epean.

e) Ikasleen bertaratzea kontrolatzea, eta hilero horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

f) Prestakuntza-ekintzetan bajak egon badira edo norbaitek ekintzak utzi baditu, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, baita jarduerak egin bitartean gertatzen den edozein gertakariren berri ere.

g) Programari eta ikasleei buruz eskatzen duen informazio guztia ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kontrol- eta ikuskapen-lanen barruan egindako errekerimenduei erantzutea, akordio honen esku jarritako baliabideen kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia egiaztatzeko.

i) Ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen aprobetxamendu-maila ebaluatzea, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri ematea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko prestakuntza kudeatzeko aplikazioarekin (LAN-Frekin) bateragarria den formatu batean, hizkuntza-egiaztatzearen emaitzak agertu behar baitu prestakuntzan parte hartu duen pertsona bakoitzaren Gaitasunaren Erregistroko kontuan.

j) Gauzatutako prestakuntza-ekintzen gastuak frogatzea, ezarritako moduan eta agirien bitartez, 2025eko irailaren 30a baino lehen. Justifikazio horretan, dagozkien moduluetan ematen diren eta ikasleek benetan jasotzen dituzten orduen kopurua zehaztuko da.

2.– Hauek izango dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren betebeharrak:

a) Egindako prestakuntza-ekintzen matrikulak finantzatzea, kudeaketa-gomendioko akordio honetan xedatutakoaren babespean.

b) HABErekin elkarlanean aritzea ekintzak gauzatzean sortutako jazoerak ebazteko orduan, eta aholkularitza teknikoa ematea horiek kudeatzeko prozesuan.

Hamaikagarrena.– Gastuak justifikatzea.

HABEk Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan aurkeztuko ditu, 2025eko irailaren 30a baino lehen, kudeaketa-gomendio honen esparruan egindako hizkuntza-gaikuntzako prestakuntza-ekintzen ondorioz sortutako gastuen frogagiriak, hark dagokion transferentzia agin dezan egoki irizten dizkion egiaztapenak egin ondoren (emandako prestakuntza-orduen kopurua eta ikasleek dagokien moduluan benetan jasotako prestakuntza-orduen kopurua, bai eta «gai» edo «ez gai» kalifikazioa ere, egindako Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparruko mailan emana).

Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Jarraipen-batzorde bat eratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko eta HABEko kideek osatua, akordio hau behar bezala kudeatu eta interpretatu ahal izateko, bai eta antolaketa-gaien eta abarren inguruan sor litezkeen arazoak konpontzeko ere.

Hau izango da jarraipen-batzordearen osaera:

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izenean:

a) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu-lanak egingo dituena.

b) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuko teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena.

c) Enplegurako Prestakuntzako Zerbitzuaren teknikaria.

– HABEren izenean:

a) HABEko Kudeaketa Zerbitzuaren arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

b) HABEko Ikuskaritzaren arduraduna edo hark eskuordetzen duena.

c) HABEko Ikuskaritzako teknikaria.

Hauek dira batzordearen eginkizunak:

• Egin daitezkeen prestakuntza-ekintzen urteko aurreikuspena egitea. Horretarako, nahikoa izango da jarraipen-batzordeko organismo bakoitzeko ordezkari batek gutxienez parte hartzea.

• Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta atzemandako arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

• Orokorrean, kudeaketa-gomendio honetan hitzartutakoa gauzatzerakoan sor daitezkeen eragozpenak eta arazoak aztertu eta konpontzeko neurriak proposatzea eta ezartzea.

• Bidalitako informazioa aztertzea.

Batzorde hau gutxienez bi aldiz batuko da: 2024ko azaroaren 15a baino lehen, HABEk 2024ko urrian hasitako prestakuntza-ekintzen berri ematen duenean, eta, ondoren, akordio honetara bideratutako aurrekontuaren egikaritzaren % 75 gainditu baino lehen.

Hamahirugarrena.– Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

Kudeaketa-gomendio hau indarrean egongo da agiri hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik 2025eko ekainaren 30era arte.

Hamalaugarrena.– Datuak babesteari buruzko informazioa.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegu-prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren erantzulea Lanbide da, eta haren helburua Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea da, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta tratamenduaren aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko ere. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio osagarri eta zehatza hemen dago kontsultagai: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/074300-capa2-eu.shtml

Hamabosgarrena.– Kudeaketa-gomendioak ez dakar ez eskumenen (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituak) titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoaren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatzen dute.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala