Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2024ko martxoaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1162

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 23koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024rako «Industria Digitala» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onesten eta argitaratzen dituena.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzeko jardunbideak bideratzeko eta, lehiakortasuneko bektore gisa, arlo hauetako trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia eta arlo digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Horri dagokionez, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia hainbat ekintza garatzen ari da 2025eko Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategia bultzatzera bideratuta. Besteak beste, aipagarriak dira euskal enpresetan eraldaketa digitalaren garapena bultzatzen saiatzeko laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau Informazioaren Gizartearen garapena bultzatzeko helburu nagusiarekin diseinatu da, elektronikaren, informazioaren eta komunikazioen teknologiak industria-enpresetan eta produktu-prozesu industrialari lotutako zerbitzuetan txertatzen laguntzeko.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzak kudeatzeko eta emateko, publikotasun-printzipioari jarraituko zaio, besteak beste. Era berean, DAELren 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntzen programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024rako «Industria Digitala» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– 2024rako «Industria Digitala» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN xedapena

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2024ko otsailaren 23a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2024rako INDUSTRIA DIGITALA LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoa izaki, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

«Industria Digitala» programa bat dator 2025eko Euskadiko Eraldaketa Digitalerako Estrategian (ETDE@2025) zehaztutako jardun-politikekin.

Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin, Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onartutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari egindako euskal ekarpenarekin. Bertan ezartzen den bezala, enpresek zeregin garrantzitsua izan behar dute, eta hori aurrekaririk gabeko erantzukizun handia eta aukera ezin hobea da negozio baten helburuek ekitatearen eta jasangarritasunaren helburuekin bat egin dezaten. Azken batean, Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) aukera ematen dute garapen jasangarriaren arloan munduan dauden erronkarik handienei aurre egin ahal dieten konponbideak eta teknologiak garatu eta ezartzeko.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu erronka horiek erdiesteko. Industria Digitala programak enpresetan EIKTak (elektronikaren, informazioaren eta komunikazioen teknologiak) sartzen laguntzeko erronkari erantzuten dio. Era berean, adierazi behar da programa hau erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, 2024 ekitaldirako Administrazio Kontseiluaren 2023ko abenduaren 20ko erabakien bidez onetsia, eta Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Elektronikaren, informazioaren eta komunikazioen teknologiak (EIKT) barne-prozesuetan eta bezeroekiko, hornitzaileekiko, administrazioekiko eta enpresekiko harreman-prozesuetan sartzen laguntzea».

1. artikulua.– Helburua.

Programaren helburua da EIKTak barne-prozesuetan eta bezeroekiko, hornitzaileekiko, administrazioekiko eta enpresekiko harreman-prozesuetan sartzen laguntzea, haien lehiakortasuna hobetzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Behar bezala jasotako eskaerak ondoz ondo emateko prozeduraren arabera esleituko dira laguntzak. Banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.

2.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo «de minimis» laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2831/2023 Erregelamenduak («(EB) 2831/2023 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude. Erregelamendu horrek zehazten du «de minimis» laguntzei nola aplikatu behar zaizkien Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak.

3.– Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat hartuko dira.

4.– Programa honetan emandako dirulaguntzak ez daude zuzenki lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportazioarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– Kanpoko aholkularitza edota ingeniaritza espezializatuko gastu eta inbertsioak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua. Proiektuari lotutako software eta hardware inbertsioak.

2.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehieneko aurrekontuen ehunekoaren arabera.

3.– Enpresa handiak. Hurrengo puntuan ezarritako mugak gainditzen dituzten enpresak.

4.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak) (Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE gomendioaren arabera, zeina mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioari buruzkoa baita):

a) Mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen kategoria (ETEak) osatzen dute 250 langile baino gutxiago dauzkaten enpresek, baldin eta haien urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez bada edo haien urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez bada.

b) ETE-en kategorian, enpresa ertainak: 50 eta 249 langile bitartean dauzkaten enpresak, baldin eta 10 eta 50 milioi euro bitarteko urteko negozio-bolumena edota 10 eta 43 milioi euro bitarteko urteko balantze orokorra badute.

c) ETE-en kategorian, enpresa txikiak: 50 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 10 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena badute edota 10 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra badute.

d) ETE-en kategorian, mikroenpresak: 10 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 2 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena badute edota 2 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra badute.

e) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentzia-epea zehazteko, kontuan izan beharko da Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean xedatutakoa. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2024an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 6.100.000 eurokoak dira, eta SPRIren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Funts horiek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; beraz, laguntzak adjudikatzeko, espedientea osorik dagoen unearen arabera egingo da, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira laguntzak, programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.

3.– Programara bideratutako funtsak agortuz gero, programa amaitu egingo da, eta horren berri emango da SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, zeina webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.

4.– Aurrekontu-kreditua agortutakoan, ezingo da laguntza gehiagorik eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai, baina ebazteko dauden eskariak.

5. artikulua.– Entitate onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte enpresa-jarduera egiten duten pertsona fisiko eta juridikoek, baldin eta 6. artikuluan deskribatutako diruz laguntzeko moduko jarduerak gauzatzeko proiektuak aurkezten badituzte. Betiere honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea. Zentro horretan, aurkeztutako proiektuak eragina izan beharko du, eta bertan egingo da diruz lagundu daitekeen jarduera.

b) Alta emanda egotea Euskadiko jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

2.– Honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:

a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) atxikita daudenak, ezta antzeko I+Gko sareei atxikita daudenak ere.

b) Zuzenean edo zeharka, akzioen edo partaidetzen bidez, dirulaguntza jaso dezaketen eremuetan zerbitzuak ematen dituzten informatika- eta ingeniaritza-aholkularitzako enpresekin lotura dutenak.

c) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore horietako kide diren entitateak izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

d) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean edo Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren («DLO») 13.2 artikuluan aurreikusitako kasuetako batean daudenak, aplikagarria den guztian.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.

e) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat deklaratu duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren, laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.

f) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu dutenak, konbertsio-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

3.– Eskabidea aurkezten denetik emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira laguntza ekonomikoen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:

– Industria-jarduerako zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, non proiektuak eragina izango duen.

– Alta emanda egotea Euskadiko jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori; hala eginez gero, ordea, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako eskakizunak adierazpenen bidez egiaztatuko dira; eskabideak prozesatzeko erabiliko den aplikazioan eskuratu ahal izango dira adierazpenok, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko eskakizunak eta DAELren 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskaeran.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Diruz lagun daitezkeen jardueratzat hartuko dira EIKTak ezartzeko proiektu hauek edo EIKTak ebaluatzeko eta hautatzeko diagnostiko-proiektu hauek:

ETE eta enpresa handientzat:

1.– Sentsorika, makinak monitorizatzeko plataformak, SCADA, serbitizazioa, ekoizpen-prozesuen automatizazioa, Bigdata eta blockchain.

2.– Errealitate birtuala, areagotua eta mistoa eta ikusmen artifiziala.

3.– Biki digitalak: industria-prozesu konplexuak simulatzea, gaitasun fisikoak eta birtualak konbinatuta.

4.– Energia-efizientzia eta deskarbonizazioa kudeatzeko tresnak.

5.– Biltegia kudeatzeko sistemak.

6.– Merkataritza elektronikoko sistemak: erosketa elektronikoak, salmenta elektronikoak. Merkataritza elektronikoko sistema horiek entitate onuradunaren informazio-sistemekin integratuta egon beharko dute (Administrazioa, - ERP - Enterprise Resourse Planning-). Era berean, aholkularitza-proiektuak lagunduko dira, enpresa merkataritza-plataformetan sartzeko.

7.– Instalazioko ekoizpena hobetu edo automatizatuko duten eta egoeraren analisia eta erabakiak hartzea erraztuko duten EIKTak sartzeko proiektuak, aurreko apartatuetan jaso ez direnak.

8.– Business Intelligence-ren txostenak bistaratzeko sistemak ezartzea eta sistema horiek datu-iturri desberdinekin integratzeko beharrezkoak diren lanak egitea.

9.– «Datuak epe luzera babesteko zerbitzuak» ezartzea, bat etorriz eIDAS2 (electronic IDentification, Authentication and trust Services) Europako Erregelamenduaren TS 119 511 (2019/06) eta TS 119 512 (2020/01) estandarrekin.

ETE-entzat bakarrik:

1.– Enpresaren kudeaketa aurreratuko sistemak, adibidez: ERPak, hornikuntza-katearen kudeaketa logistikoa SCM (Supply Chain Management), mantentze-lan prebentiboa, mantentze-lanetarako laguntza teknikoa kudeatzeko sistemak (LTZ), administrazio- eta kudeaketa-prozesuen automatizazioa.

2.– Produktuaren bizi-zikloa kudeatzea (besteak beste, aplikazio hauek ezartzea: CAM CAE, PDM edo DMF).

3.– CRM (Customer Relationship Management) proiektuak ezartzea entitate onuradunean.

Oro har:

– Proiektu bat SPRIren programa batean aurkeztu bada lehenago eta dirulaguntza jaso badu, proiektu hori eguneratzea edo mantentzea ez da diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko. Proiektu batek berriro parte hartu ahal izango du laguntza-programa honetan, baldin eta 7 urte behintzat pasa badira SPRIk laguntza eman zionetik, eta egiaztatzen badu jauzi kualitatibo handia eman duela teknologiaren ikuspuntutik.

– Ez dute dirulaguntzarik jasoko artikulu honetan azalduta dauden eta entitate onuradunaren katalogora biltzen diren produktu edo zerbitzuek, salbu eta «serbitizazioarekin» zerikusia dutenek.

– Nolanahi ere, ez da diruz laguntzeko moduko ekintza izango Europar Batasuneko beste estatu batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea, eta ondorioz, programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin edota esportazio-jarduerarekin lotutako bestelako gastu arruntekin.

– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza gisa jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak eta eskakizun aplikagarriak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira 6. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza-eskaera SPRIn aurkeztu ondoren eta proiektua gauzatzeko epean zehar (gehienez ere 12 hilabete) sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

Orobat onartuko dira 2024ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak, baldin eta eskaera horiek aurkeztu badira oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak izan behar dute.

2.– SAAS (Software as a Service) formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira orobat era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 6. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.

3.– Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasanarazitako balio erantsiaren gaineko zerga.

4.– Halaber, honako hauek ere ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea edo aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera, sektore publikoren batekoak ez izatea edo sektore horietako kide ez izatea, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko edo antzeko I+G sareetako kideak.

b) Ez dute izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

6.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) DAELren 30.1 artikuluak aurreikusten duen moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua inola ere ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa. Ildo horretan, proiektuaren gastu-aurrekontua antzeko proiektuetako gastuen batez besteko kostuarekin alderatuta gehiegizkoa dela uste bada, gastu hautagarrien zenbatekoa gastu doitu eta proportzionatutzat jotzen denera murriztuko da.

e) DAELren 31.1 artikuluan, DLOren 29. artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua («DEO») onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa edo kontratazioa egiten duela ulertuko da, beste batekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede-jarduera osorik edo partzialki egitea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.

f) DAELren 30.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritakoa baino, eta hirugarrenak kontratatu behar badira, gutxienez hiru hornitzaileri eskatu beharko dizkie eskaintzak onuradunak. Zerbitzu bat egiteko edo ondasun bat emateko konpromisoa hartu aurretik eskatu beharko dira eskaintzok, salbu eta merkatuan ez badago zerbitzu-ondasunok emateko edo hornitzeko behar beste entitate (ezaugarri bereziak dituztelako), edo dirulaguntza jaso aurretik egin bada gastua. Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko –justifikazio-agirietan edo, hala badagokio, dirulaguntza-eskaeran aurkeztuak–, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.

8. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Laguntzak dirulaguntza gisa bideratuko dira.

Proiektuari lotutako aholkularitza-ingeniaritzako, hardwareko eta softwareko gastuei laguntzeko, enpresa onuradun bakoitzak gehienez ere 23.000 euroko dirulaguntza jasoko du urtean, ekitaldian zehar diruz lagundu daitezkeen jarduera bat edo gehiago egiteko.

Diruz lagun daitekeen kontzeptu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza, 23.000 euroko gehieneko dirulaguntzaren barruan, honako hau izango da:

– Hardwarea eta/edo softwarea: gehienez ere 11.500 euro.

– Aholkularitza edota ingeniaritza gastuak: gehienez ere 23.000 euro.

Nolanahi ere, aholkularitza- eta/edo ingeniaritza-gastuak diruz lagundu daitekeen proiektuaren oinarriaren % 50 izango dira gutxienez.

Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiekturako onartutako gehieneko aurrekontua» honako kontzeptu hauen batura izango da:

• onartutako aholkularitza- edota ingeniaritza-gastuen aurrekontua, gehi

• onartutako hardware edota software aurrekontua.

– «Diruz lagundu daitekeen oinarria» honako irizpide hau aplikatu ondoren onartutako gehieneko aurrekontua izango da: aholkularitza- eta/edo ingeniaritza-gastuak diruz lagun daitekeen oinarriaren % 50 izango dira gutxienez.

Diruz lagundu daitekeen oinarriko gastu hautagarri bakoitzari honako intentsitate hauek aplikatuko zaizkio (artikulu honetan bertan deskribatzen denaren arabera):

a) Mikro eta enpresa txikiak: % 50.

b) Enpresa ertainak: % 35.

c) Enpresa handiak: % 25.

Proposatutako dirulaguntza % 5 handituko da, betiere laguntzen gehieneko muga gainditu gabe eta enpresak baldintza hauetakoren bat betetzen badu:

– Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria izatea, euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa akreditatzeko enpresan.

– Berdintasun-plan bat izatea, baina bakarrik enpresak 50 langile edo gutxiago baditu (enpresa handiagoak legez behartuta daudelako halako plan bat izatera).

– Euskarazko softwarearen erabilera inplementatzen duten proiektuak izatea, programa honek diruz laguntzen dituen jardueren esparruan.

9. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza publiko zein pribatu batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Baldin eta beste laguntza publiko edo pribatu batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiko edo «de minimis» laguntzatzat hartzen dira.

4.– Entitate onuradun batek jaso dezakeen «de minimis» laguntza, guztira, ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan hiru urteko edozein epetan.

5.– «De minimis» laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– «De minimis» laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

10. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRIren webgunearen bidez.

2.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten entitateek, laguntza-eskaera egiteko, SPRIren webgunean dagoen aplikazio informatikoa baliatu beharko dute; aplikazio horren bidez, eskatzaileek oinarri hauekin bat eskatzen zaien informazioa ikusi ahalko dute, segidako pantailetan.

3.– Laguntza-eskaera hori entitatea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez). Aurkezpen-datatzat hartuko da eskaerak SPRIren sistemetan duen sinadura elektronikoarena.

4.– Laguntza-eskaerak entitate onuradunaren eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak eduki beharko ditu.

5.– SPRIk zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren kontsultatuko du, baita enpresa EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) alta emanda dagoen ere. Nolanahi ere, laguntza-eskaerak aukera ematen du eskatzaileak SPRIri kontsulta egiteko aukera hori ukatzeko, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

6.– Laguntza-eskaera dokumentazio eta informazio honekin batera aurkeztuko da:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, oinarri arautzaile hauen eranskin gisa erantsi den eredu normalizatuko edukiaren arabera egina.

b) Alderdi hauei buruzko informazioa:

– Aurreko hiru urteetan emandako «de minimis» laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta, hala badagokio, emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Enpresaren tamaina zehazteko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, partaidetzekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntza-eskaera egin aurreko bi ekitaldietakoak.

c) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion foru-aldundiaren edo udaleko ogasun-sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

d) Entitate onuradunaren IFZ.

e) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa (gehienez 25 orri), puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).

– Detektatutako arazoa / premia. Proiektuaren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den EIKT konponbidearen azterketa sakona. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat kalkulatutako ordu kopurua (arduraldiak).

– Proiektua betetzeko egutegia.

f) Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DAELren 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Enpresaren «negozio-plana», enpresa onuraduna laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratua izan bada.

h) Enpresa onuradunak 8. artikuluan azaldutako % 5eko dirulaguntza gehigarria eskatzen badu, honako dokumentuetako bat aurkeztu beharko du:

– Enpresan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa egiaztatzen duen Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria.

– Berdintasun Plana, plantillan 50 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan bakarrik, kopuru horretatik gorako enpresak legez derrigortuta baitaude halako planak izatera.

– Programa honekin diruz lagundu daitezkeen jarduketen esparruan softwarea euskaraz ezartzen dela egiaztatzen duen dokumentua.

7.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte enpresak dirulaguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Harremanetarako posta elektronikoko kontu gisa onartu da, bakar bakarrik, laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresarena.

8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, eta hizkuntza horretan artatuak izateko eskubidea, programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2024ko azaroaren 4an amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2024ko azaroaren 4ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).

Laguntza-eskaera eta, horrekin batera, aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

Era berean, tramitaziora onartuko dira 2024ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera horiek aurkeztu badira oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean.

12. artikulua.– Emate-prozedura.

1.– Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, hau da, SPRIren Eraldaketa Digitalaren Arloak, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

2.– Prozeduraren ebazpena SPRIren Zuzendaritza Nagusiak emango du, ondoz ondoko emakida-erregimenean, eta entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, ebazpena ematen denetik aurrera. Eskaeraren baiezko edo ezezko ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIko zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

3.– Ebazpen-epea. Gehienez ere 6 hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

4.– Entitate eskatzaileei egin beharreko ebazpenen komunikazioetan, zera adieraziko da: dirulaguntzaren zenbatekoa eta baldintzak; (EB) 2831/2023 Erregelamenduarekiko lotura, eta hura garatzeko behar den beste edozein baldintza.

5.– Esleitutako laguntzak SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denek haien berri izan dezaten.

13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, entitate onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webguneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Likidazio-eskabidea sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du entitatea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Likidazio-eskabideak entitate eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza edota ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software kostuak.

b) Finantza-erakundearen ordainketa-frogagiriak.

c) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan funts horiek izandako zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.

d) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa (gehienez 25 orri). Entitate hornitzaileak egingo du memoria hori, behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak. Desbideratzerik egon den aurkeztutako proiektuarekiko edo justifikazio-agiriekiko.

– Egindako ingeniaritza- edota aholkularitza-lanen eta proiektuan sortu diren dokumentuen azalpena.

– Aholkularitza-zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaien ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako denbora...).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (argazkiak, pantaila-argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Fakturatu diren zenbateko banakatuak, horien baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).

e) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

Likidazio-eskaerak berekin dakar SPRIri berariazko baimena ematea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren begira dezan, bai eta enpresa EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) alta emanda dagoen epigrafea kontsulta dezan ere.

5.– Ebazpena SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio. Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIko zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan.

14. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio entitatearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta entitate onuradunak ez badu zuzenketarik egin, eskaeran atzera egin duela joko da, horretarako ebazpena eman eta gero.

15. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRIk formalizatu eta emango ditu, laguntzaren entitate onuradunari ordainketa bakarra eginez, betiere onuradunak likidazio-eskabidea eta 13. artikuluan adierazi diren egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki doituko da, 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

16. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauen babesean emandako dirulaguntzen onuradunek bete beharreko obligazioak dira DAELren 14., eta 42. artikuluan, eta, aplikatzeko kasuetan, DLOren 14. eta 46. artikuluan xedatutako betebeharrak, eta, bereziki eta mugarik gabe, hauek:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamar baliodun eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da entitate onuradunak laguntza onartu duela.

d) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.

e) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

f) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzeko moduan izatea bost urteko epean, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

g) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta beste kontrol-organo eskudun batzuen (Estatukoak zein Batasunekoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak onartzea ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, eta jarduketa horiek egitean eskatutako informazio guztia aurkeztea.

h) SPRIri jakinaraztea dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana, hemen araututako laguntzen xede bererako, administrazio edo ente publiko edo pribatuen eskutik.

Jakin bezain laster eman beharko diote horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

i) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea SPRIri.

Jakin bezain laster eman beharko diote horren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

j) Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpena egin aurretik eta dirulaguntza ordaintzeko unean. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen saileko titularrak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua.

k) Entitatearen izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

l) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

m) Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DLOren 18.4 artikuluan xedatutakoarekin bat:

– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagunduta» esaldia agertu beharko da, esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

n) DAELren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, jasotako funtsak edo soberakina organo emaileari itzultzea.

ń) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari lotutako alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

o) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

p) DAELren 30.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

q) Onuraduna DAELren 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizazioa ez egitea.

17. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epea luzatzea.

1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea adostu ahal izatea, honako baldintza hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELren 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez, onuradunak aldaketa jakinaraztea haren berri izan bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELren 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta entitate eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko dagoen 12 hilabeteko gehieneko epea.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Entitate onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak bete ezean, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira. Halaber, enpresa aholkulariari debekatu ahalko zaio programa honekin lotutako proiektu berriak egitea, egiaztatzen bada ez duela baldintza bete.

2.– Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, honako hauek ez-betetzetzat joko dira:

a) SPRIren baimenik gabe, laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Exekuzioaren gaineko aldaketaren bat ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntza emateko aztertu ziren baldintzak aldatzen baditu, hori ez-betetzetzat joko da, aipatutako ondorioetarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta entitate onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak bete gabe.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopoak jartzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) DLOren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak, bai eta DEOren 91.etik 93.era bitarteko artikuluetan eta DAELn aurreikusitakoak ere.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, aplikatu behar diren gainerako arauetan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, DAELren 51. artikulua aplikatuz enpresen deslokalizazioari buruzko adierazpena barne, hura errebokatu egingo da, ez-betetzearen espedientea egin ondoren, eta SPRIri laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, zeinak zuzenbide publikoko sarrera izango baitira, horri buruz DAELn eta 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, hargatik eragotzi gabe egoki diren akzio legalak eta zehapenak ezartzea. Errebokatze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

5.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen bada onuradunaren jarduera, zalantzarik gabe, konpromisoak betetzera bideratuta dagoela, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da; hori kalkulatzeko, egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliko da. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu eta entitate emaileak onartu ondoren.

6.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli egin beharko da, gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntzak pilatu direlako hura kobratu ondoren (9. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.

Programa honi araudi hau aplikatu behar zaio:

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzena, eta, aplikatzekoa den kasuetan, 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

4.– Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, «de minimis» laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan («DBLO-EDB»), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorrean («DBEO») eta datu pertsonalak babesteko aplikatu behar den gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gai honetan eskumena duen administrazio publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezerezteko, tratamendua mugatzeko edo haren aurka egiteko, datuen eramangarritasun-eskubidea baliatzeko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko aplikatu behar den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak badira. Horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute helbide elektroniko honetara: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.

Halaber, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, agintaritza hori Datuak Babesteko Euskal Bulegoa da: www.avpd.euskadi.eus

SPRIk datu pertsonalak babesteko egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo hona: https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRIk oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorria behar bezala jakinaraziko dute beti onuradunek, 18. artikuluan zehaztutako baldintzetan.

Bilbao, 2024ko otsailaren 23a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[izen-abizenak] jaunak/andreak, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen [erakunde eskatzailearen izena](r)(e)n izenean,

ERANTZUKIZUNEZ ADIERAZTEN DU:

I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:

(i) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat duela. Zentro horretan, aurkeztutako proiektuak eragina izan beharko du eta bertan egingo da diruz lagundu daitekeen jarduera.

(ii) Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda dagoela.

(iii) Eskari honen dagokion atalean honako hauei buruzko informazioaren zerrenda aurkezten dela:

a) Aurreko hiru urteetan emandako «de minimis» laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren data eta, hala badagokio, emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

(iv) Eskari honen dagokion atalean enpresaren tamaina zehazteko informazioaren zerrenda aurkezten dela.

(v) Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, DAELren 49. artikuluan ezarritako baldintzetan.

(vi) Gainfinantzaketarik ez izateko konpromisoa hartzen duela, DAELren 9.4h) artikuluan ezarritako baldintzetan.

(vii) Ez dagoela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) atxikita, ezta antzeko I+Gko sareei atxikita ere.

(viii) Ez duela loturarik, ez zuzenean, ez zeharka, akzioen edo partaidetzen bidez, dirulaguntza jaso dezaketen eremuetan zerbitzuak ematen dituzten informatika- eta ingeniaritza-aholkularitzako enpresekin.

(ix) Ez dela sektore publikoren bateko entitatea edo sektore publikoetako kidea, aplikatu behar diren erakunde-sailkapenerako arauekin bat.

(x) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ere ez dagoela.

(xi) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako kasuetako edozeinetan ez dagoela.

(xii) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren, laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain ez dagoela.

(xiii) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatu ez duela, konbertsio-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

II.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa duela, Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko, eskubidea aitortzen zaion edo baliatzen duen denbora guztian.

III.– Badakiela ezen, erantzukizunpeko adierazpen honetan jasotzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari aurkezten ez bazaio, ezin izango dela dena delako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitu, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. apartatuari jarraikiz.

[ ] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.


Azterketa dokumentala