Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2024ko martxoaren 1a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1099

AGINDUA, 2024ko otsailaren 20koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kideak izendatzeko dena.

Euskal Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legeak, lehenengo xedapen gehigarrian, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea sortzea xedatu zuen, kontsulta-organo gisa, euskal zuzenbide zibilaren garapena bultzatzeko eta zeregin horretan Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari aholku emateko.

Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen estatutuak onartzen dituen urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez, organo horren estatutuak onartu ziren. Dekretu horren 7.e) artikuluan ezartzen denez, Zuzenbide Zibilaren arloko eskumena duen saileko titularra izango da Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko Presidentea, eta, beraz, batzordeko kideak izendatzea dagokio.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.k) artikuluaren arabera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari dagozkio Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Zuzenbide Zibil eta Bereziarekin lotutako egitekoak eta jardun-arloak.

Halaber, aipatutako estatutuen 8. artikuluak Osoko Bilkuraren osaera hau xedatzen du:

«1.– Batzordearen osoko bilkuran, Batzordeko lehendakariaz eta idazkaritza nagusiko eginkizunen ardura duten karguez gain, honako erakunde edo organoek kasuan-kasuan bokal izateko izendatzen dituztenak ere egongo dira:

a) Zuzenbide Zibilaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren saileko hiru goren-kargu edo goi-kargudun.

b) Eusko Legebiltzarrak izendatutako ospe handiko hiru legelari.

c) Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek izendatutako ospe handiko legelari bana; hiru, guztira.

d) Emakunde ordezkatzeko bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean Europako gaien gainean, ekonomia sozialaren gainean eta familia-politikaren gainean eskumena duten organoek izendatutako bana; lau, guztira.

e) Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko abokatuen elkargoek izendatutako bana; hiru, guztira.

f) Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko prokuradoreen elkargoek izendatutako bana; hiru, guztira.

g) Euskal Herriko Notarioen Elkargoak izendatutako hiru pertsona, haien jatorriari dagokionez lurraldeen arteko oreka egokia aditzeko beharrarekin.

h) Erregistratzaileen Elkargoaren Euskal Autonomia Erkidegorako organizazioak izendatutako hiru pertsona, haien jatorriari dagokionez lurraldeen arteko oreka egokia aditzeko beharrarekin.

i) Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak izendatutako bana; hiru, guztira.

j) Zuzenbidearen Euskal Akademiak izendatutako bat.

2.– Era berean, osoko bilkurako kide izan ahalko dira:

a) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenen artean izendatutako magistratu bat, Botere Judizialaren gobernu-organoak izendapen hori egitea eta eginkizun horretarako baimentzea erabakiko balu betiere.

b) Estatuko Fiskal Orokorrak, Kontseilu Fiskalaren txostena ikusita eta Euskadiko Fiskal Nagusia entzunda, Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenen artean izendatutako Ministaritza Fiskaleko kide bat izendapen hori egitea eta, Fiskal Orokorrak, aipatu izapidetzeak tarteko, eginkizun horretarako baimentzea erabakiko balu betiere».

Era berean, Batzordearen Estatutuen 8. artikuluaren 3. apartatuak honako hau dio:

«3.– Karguagatik izendatu direnek kargua uztean utziko diote kide izateari.»

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren 2021eko martxoaren 24ko Aginduaren bidez (2021eko apirilaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 72. zk., asteazkena), Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kide izendatu zituen Jone Berriozabal Boveda (une hartan sail horretako goi-karguduna zen, Erakunde Harremanetarako sailburuorde zen aldetik) eta Jon Urbina García de Vicuña (une hartan sail horretako goi-karguduna zen, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendari zen aldetik), zuzenbide zibilaren arloko eskumena zuen saila zen aldetik.

Ondoren, bi pertsona horiek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko goi-kargudun izateari utzi diote, hurrenez hurren, Erakunde Harremanetarako sailburuordea kargutik kentzen duen uztailaren 4ko 102/2023 Dekretuaren bidez eta Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria kargutik kentzen duen uztailaren 26ko 124/2023 Dekretuaren bidez. Hala ere, Jon Urbina García de Vicuñaren kasuan, kargua berehala utzi zuen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuorde izendatu zutelako berehala (125/2023 Dekretua, uztailaren 26koa).

Hori dela eta, sailean bi pertsona horiek beren karguak utzi ondoren, eta, ondorioz, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kide izateari utzi ondoren, horiek ordezkatuko dituen pertsona (k) izendatu behar d (ir) a, edo, hala badagokio, Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kide izatea berretsi behar da, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko goi-kargudun izendatu berri baten bidez.

Horrenbestez, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) 7.1.k) artikuluan ematen dizkidan ahalmenak eta egitekoak erabiliz, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.7 artikuluan eta Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordearen estatutuen aipatutako manuetan (urriaren 4ko 140/2016 Dekretuaren bidez onartuak) ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Honako pertsona hau Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kide izendatzea:

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren partez, zuzenbide zibilaren arloan eskumena duen saila den aldetik eta sail horretako goi-kargudun den aldetik, honako hau:

– Pedro González Domínguez, Jone Berriozabal Bovedaren ordez.

2. artikulua.– Honako pertsona hau Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordeko kide bezala baieztatzea, beste izendapen baten bidez:

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren partez, zuzenbide zibilaren arloan eskumena duen saila den aldetik eta sail horretako goi-kargudun den aldetik, honako hau:

– Jon Urbina García de Vicuña.

3. artikulua.– Agindu hau interesdunei bidaltzea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

4. artikulua.– Izendapen hauek balio mugagabea izango dute, harik eta dagokion instituzio edo organoak dagokion kidea ordezkatuko duen pertsona izendatu arte. Kargua dela-eta izendatutako pertsonek kargua uzten dutenean utziko dute kargua.

5. artikulua.– Bokalak Osoko Bilkurara joan ahal izango dira, beren kabuz edo eskuordetzen duten pertsonaren bidez, ordezkotza edo ordezkapena egiteko; kasu horretan, ezin izango da azpieskuordetzerik egin.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 20a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala