Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2024ko otsailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1080

19/2024 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoarekin sinatutako hitzarmena, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uzten baitu Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridorearen plataforma-proiektuak idaztea eta obrak eraikitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoarekin sinatutako hitzarmena, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku uzten baitu Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridorearen plataforma-proiektuak idaztea eta obrak eraikitzea. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 16a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 16KO 19/2024 EBAZPENARENA
HITZARMENA, ADIF-ALTA VELOCIDAD ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO LURRALDE-PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ARTEKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRARI ARDURA EMATEKOA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TRENBIDE-SARE BERRIAN BILBAO-ABANDOKO GELTOKIRA SARTZEKO KORRIDOREKO PLATAFORMAREN PROIEKTUAK IDAZTEKO ETA PLATAFORMA HORI ERAIKITZEKO

Madrilen, 2023ko azaroaren 24an.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, María Luisa Domínguez González andrea, ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoko lehendakaria (IFZ: Q-2802152-E), abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako Adif-Alta Velocidaden Estatutuko 23.1 artikuluarekin bat etorriz, Estatutu horren 23.2.a) artikuluak ematen dizkion ahalmenak baliatuz.

Beste aldetik, Ignacio María Arriola López jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, kargu horretarako izendatua Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua izendatzeko den lehendakariaren irailaren 7ko 26/2020 Dekretuaren bidez, eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko entitate publikoko (IFZ: S0100001G) lehendakaria, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legeak 11. artikuluan xedatuaren arabera.

Alderdiek, euren ordezkaritzan, batak besteari behar besteko ahalmena aitortzen diote ardura emateko hitzarmen hau formalizatzeko, eta, horren arabera, hauxe

ADIERAZTEN DUTE:

1.– Abiadura handiko trenbide-azpiegiturak eraiki eta kudeatzeko jarduera-arloa berregituratu beharra zegoela-eta, enpresa-erakunde publiko berri bat, ADIF-Alta Velocidad, sortzea xedatu zuen abenduaren 13ko 15/2013 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluak, Trenbide Azpiegituren Administratzaile den enpresa-erakunde publikoa (ADIF) berregituratzeari eta arlo ekonomikoan presakoak diren beste neurri batzuei buruzkoak. Erakunde hori Estatuko Administrazio Orokorraren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legearen (gaur egun Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea dena) 43.1.b) artikuluan aurreikusitako erakunde publiko gisa sortu zen, aipatutako arloko lanak eta dekretua indarrean jarri zen datara arte ADIFi esleituta eta ardura emanda zeuden bestelako jarduerak egin ditzan.

ADIF-Alta Velocidadi dagokio Trenbide Sektoreari buruzko Legeak trenbide-azpiegituren administratzaileei esleitutako eginkizunak betetzea, titulartasuna esleitu zaion trenbide-azpiegiturei dagokienez, bai eta etorkizunean esleitzen zaizkion titulartasunei dagokienez ere.

ADIF-Alta Velocidad arautzen dute 15/2013 Errege Lege Dekretuak, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, abenduaren 27ko 1044/2013 Errege Dekretuaren bidez onartutako estatutuek, aurrekontu-legeriak eta aplikatzekoak diren gainerako arauek. Arau horiek izan ezean, ordenamendu juridiko pribatua aplikatuko zaio.

Erakunde horrek, bere eginkizunak betetzean, kudeaketa-autonomiaz jokatzen du, betiere kontuan hartuta interes publikoa bermatzea, gizarte-premiak ahalik eta kalitate handienarekin asetzea, erabiltzaileen segurtasuna eta trenbide-sistemaren eraginkortasun globala.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumen esklusiboa du autonomia-erkidegoaren intereseko obra publikoetan eta Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen diren trenbide eta lurreko garraioetan, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoa sustatu, garatu eta plangintza egiteko eskumenez gainera, eta eskumena du, halaber, lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren gainean, hala xedatzen baitute abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onetsitako Autonomia Estatutuko 10. artikuluaren 25., 31., 32. eta 33. apartatuek.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, bere eskumenak eta nork bere burua antolatzeko ahala baliatuz, «Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea» (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortzea erabaki zuen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez. Erakunde horren helburua trenbideko garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu, kudeatu eta administratzea da.

3.– Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeko 6.1 artikuluaren arabera, trenbide-azpiegituren administratzaileei dagokie beren titulartasuneko trenbide-azpiegituren oinarrizko proiektuak eta eraikuntza-proiektuak onartzea eta eraikitzea.

Era berean, Trenbide Sektoreari buruzko Legeko 6.4 artikuluak arau bat ezartzen du administrazio publikoen arteko ardura-emateen esparruan, eta, arau horren arabera, trenbide-azpiegituren administratzaileek Interes Orokorreko Trenbide Sarean trenbide-lanak kontratatzeko ahalmena eman ahal izango diete beste administrazio publiko, zuzenbide publikoko erakunde edo administrazio horiei atxikitako edo horien menpeko sozietateei, ardura emateko hitzarmenen bidez. Ardura-emateen barruan ez da inola ere sartzen eraikuntza-proiektuari onespena emateko ahalmena, eta ardura-emateak obra ikuskatzeko eta hartzeko zereginei ere ez die eragingo.

4.– Bestalde, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 47.2.a) artikuluak aurreikusten du administrazio publikoek edo administrazio publikoei lotutako edo haien mendeko erakunde publiko edo zuzenbide publikoko erakundeek sinatutako hitzarmenen xedeen barnean bildu ahalko dela beste administrazio publikoen edo haiei lotutako edo haien mendeko erakunde publiko edo zuzenbide publikoko erakundeen bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabiltzeko aukera, eskumen propioak edo delegatuak baliatzeko.

5.– 2019ko martxoaren 15ean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak (MITMA) ebatzi zuen, alde batetik, behin-behineko onespena ematea «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriari buruzko informazio-azterlana. Tartea: Bilbao-Abandoko geltokia eta sarrerako korridorea» proiektuaren informazio-azterlanari eta, bestetik, hasiera ematea informazio publikoaren eta administrazioei entzunaldia eskaintzeko prozesuei, ondorio sektorialetarako eta ingurumen-ondorioetarako.

2019ko martxoaren 26ko BOEn (73. zk.) argitaratu zen informazio-azterlan horren informazio publikoa emateko eta entzunaldia egiteko iragarkia.

Informazio publikoaren eta entzunaldiaren espedientea idatzi ondoren, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministeriora bidali zen 2019ko irailaren 10ean, ingurumen-ebaluazio arrunta has zedila eskatzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legeko 39. artikuluaren arabera.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitate eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko abenduaren 15eko Ebazpenaren bidez (2022ko abenduaren 23ko BOE), «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriari buruzko informazio-azterlana. Tartea: Bilbao-Abandoko geltokia eta sarrerako korridorea» proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Bertan, egindako ingurumen-ebaluaziotik eratorritako ingurunearen baldintzak ezarri ziren.

2023ko urtarrilaren 25ean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak (MITMA) ebatzi zuen behin betiko onartzea «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriari buruzko informazio-azterlana. Tartea: Bilbao-Abandoko geltokia eta sarrerako korridorea» proiektuaren informazio publikoko eta entzunaldiko espedientea. Behin betiko onartutako konponbidea bat dator ingurumen-inpaktuaren adierazpenak emandako aldeko txostenarekin. Hauxe da konponbide hori: 1. alternatiba (ekialdea) sarrerako korridorerako, eta mantentze-lanetako basea Bilbao-Abandoko etorkizuneko lurpeko geltokiaren -1,5 mailan birkokatzea (2023ko otsailaren 1eko BOE).

«Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriari buruzko informazio-azterlana. Tartea: Bilbao-Abandoko geltokia eta sarrerako korridorea» proiektuak bi zati bereizi ditu: alde batetik, Bilbao-Abandoko geltokiaren sarrerako korridorea definitzen du zabalera estandarrean, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko aurreko tartetik hasita; alegia, Galdakao-Basauri tarte jada eraikitik; eta, bestetik, lurpeko geltoki berri bat diseinatzen du, eta geltoki horretan, aipatutako sarrerako korridorea beheko mailara iristen da.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beharrezkotzat jotzen du Euskal Autonomia Erkidegoan trenbide-sare berria eraikitzeko helburuan laguntzea, eta, xede horrekin, adierazten du parte hartu nahi duela Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko obren proiektua idazten eta obra horiek gauzatzen. Halaber, badaki interes orokorreko obra hori egiteko eskumena azken beltzean Estatuko Administrazio Orokorrari dagokiola eta hura dagoela behartuta lan horiek egitera, ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoaren bidez, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeko 23.1.a) artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

7.– Arestian azaldutakoari jarraituz, ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak komenigarritzat jotzen dute, eraginkortasun- eta egokitasun-arrazoiengatik, Trenbide Sektoreari buruzko Legeko 6.4 artikuluan aurreikusitako berezitasunaren babesean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 47.2.a) artikuluan xedatutakoari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ardura emateko hitzarmen bat sinatzea, administrazio autonomiko horren bitarteko eta zerbitzuak erabiliz Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko proiektuak lizitatu eta idazteko bai eta plataforma horren eraikuntza-lanak lizitatu eta gauzatzeko ere.

Horregatik guztiagatik, ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erabaki dute hitzarmen hau formalizatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko proiektua idazteko eta obra horiek gauzatzeko. Hona hemen hitzarmenaren klausulak:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

1.1.– Hitzarmen honen xedea da Trenbide Sektoreari buruzko Legeko 6.4 artikuluan xedatutakoaren babesean artikulatzea ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari emandako ardura, administrazio autonomiko horrek, bere baliabide eta zerbitzuak erabiliz, beharrezkoak diren jarduerak egin ditzan Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko proiektua idazteko eta proiektu horretako plataformako obrak eta obra-zuzendaritza kontratatu eta gauzatzeko, hitzarmen honetan garatzen diren zehaztapenei jarraituz.

ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ardura emateak ez du, inola ere, berekin ekarriko eraikuntza-proiektua onartzea, eta obra ikuskatzeko eta obra-harrerako zereginei ere ez die eragingo, horiek ADIF-Alta Velocidaden esku geratuko baitira.

1.2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ardurapean utzitako jarduketak administrazio horrek zuzenean gauzatu ahal izango ditu, edo Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren bidez (gaur egun Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikita dago erakunde hori), hala erabakitzen badu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko organo eskudunak erabaki hori hartzen duenetik aurrera, ulertuko da hitzarmen honetan EAEko administrazioa aipatzen denean Euskal Trenbidea Sarea ETSri egiten zaiola erreferentzia.

Bigarrena.– Plataformaren eraikuntza-proiektua idazteko egin beharreko jarduketen ardura ematea.

2.1.– Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeko 6.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ematen dio ardura Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko proiektua idazteko ahalmenak erabil ditzan, bai zuzenean edo bai hirugarren batzuk kontratatuz. Nolanahi ere, administrazio horrek bere gain hartuko du ADIF-Alta Velocidaden eskumenekoak izan arren sektore publikoko legeriak kontratazio-organoari esleitzen dizkion proiektuak idazteko behar diren ahalmen guztiak erabiltzeko zeregina.

Edonola ere, plataforma eraikitzeko proiektuaren ikuskapen- eta onespen-lanak ADIF-Alta Velocidadeko organo eskudunek egin beharko dituzte, trenbide-sektoreko legerian eta bere estatutu propioan aurreikusitako moduan.

2.2.– Plataforma eraikitzeko proiektuaren oinarria izango da Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Azpiegituren Idazkaritza Nagusiak (MITMA) «Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriari buruzko informazio-azterlana. Tartea: Bilbao-Abandoko geltokia eta sarrerako korridorea»ri behin betiko onespena emateko 2023ko urtarrilaren 25eko Ebazpenean (2023ko otsailaren 1eko BOE, 27. zk.) adierazitako irtenbidea.

Eraikuntza-proiektuaren eremua bat etorriko da aipatutako informazio-azterlanak geltokira sartzeko korridorerako aipatzen duenarekin. Hala ere, ADIF-Alta Velocidadek proiektua onartu aurretik erabakiko da, hitzarmen honetako zazpigarren klausulan ezarritako batzorde teknikoan, zein izango den geltokira sartzeko korridorearen eta Bilbao-Abandoko geltokiari dagokion zatiaren arteko trantsizio-gune zehatza.

Eraikuntza-proiektuak indarrean dagoen araudi aplikagarria bete beharko du, eta, bereziki, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak 2022ko abenduaren 15ean egindako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean (2022ko abenduaren 23ko BOE) ezarritako baldintzak. Era berean, proiektua lizitatzeko unean ADIF-Alta Velocidadek indarrean dituen ingurumen-arloko barne-araudi, ohar eta berrikuspen-txostenak bete beharko ditu proiektuak.

Betetze- eta onarpen-araubide bera aplikatuko da informazio-azterlanaren edozein aldaketaren aurrean, aplikatu beharreko araudiaren arabera. Informazio-azterlanaren aldaketa onartu ondoren, dagokien kontratazio-organoei bidaliko zaie, bete dezaten.

2.3.– Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko proiektua idazteak 5,20 milioi euroko kostua (BEZa barne) izango duela zenbatesten da.

2.4.– ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren eskura jarriko ditu ardurapean emandako eraikuntza-proiektua idazteko beharrezkoak diren Bilbao-Abandoko geltokiaren eta sartzeko korridorearen inguruko proiektuak eta azterlanak.

2.5.– Plataforma eraikitzeko proiektua gainbegiratzeko eta onartzeko eginkizunak betetzeko, ADIF-Alta Velocidadek behar diren giza baliabideak jarriko ditu, proiektua idazteko kontratua behar bezala gauzatzeko oztoporik egon ez dadin, betiere indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen barruan.

Hirugarrena.– Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataformaren obrak gauzatzeko egin beharreko jarduketen ardura ematea.

3.1.– Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legeko 6.4 artikuluak ezarritakoaren babesean, ADIF-Alta Velocidadek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ematen dio ardura Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko obren kontratazioa gauzatzeko ahalmenak erabil ditzan. Hala, EAEko administrazioak bere gain hartuko ditu ADIF-Alta Velocidaden eskumeneko ahalmenak, kontratazio publikoaren arloko legeriak kontratazio-organoari esleitzen dizkionak, obrak egiteko eta obra horien zuzendaritza fakultatiboaz arduratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak kontratatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataformaren obrak eta administrazio hori izango da obrak gauzatzearen arduraduna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, obra horiek gauzatzen direla arduratzeaz gain, arduratuko da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko obrak gauzatzen ari diren bitartean proiektuan gerta litezkeen aldaketak idazteaz ere. Hala ere, Trenbide Sektoreari buruzko 6.4 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, ADIF-Alta Velocidadena izango da proiektuan gerta litezkeen aldaketei onespen teknikoa emateko erantzukizuna, bai eta obrak ikuskatu eta hartzekoa ere. Zeregin horiek sektore publikoko kontratuen legeriak ezarritako moduan eta epeetan egiaztatu behar dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari eska dakizkioke, hitzarmen honen arabera haren erantzukizunekoa den eremuan.

Plataforma eraikitzeko proiektuan gerta litezkeen aldaketak onartzeko zeregin horiek betetzeko, eta plataforma eraikitzeko obrak ikuskatzeko eta hartzeko, ADIF-Alta Velocidadek behar beste giza baliabide jarriko ditu, zeregin horiek kontratua behar bezala gauzatzeko oztopo izan ez daitezen, betiere indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen mugen barruan.

3.2.– Obraren zuzendaritza fakultatiboa, segurtasun- eta osasun-zerbitzuak, eta obra-zuzendaritzari laguntzeko beharrezkoa izan daitekeen beste edozein zerbitzu (tartean ingurumen-zerbitzuak, kalitate-auditoretzak, etab.) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bideratuko ditu, bai zuzenean edo bai hirugarren batzuk kontratatuta, sektore publikoko kontratuei buruzko legeriak agintzen duen eran. Balorazioaren ondorioetarako, kostu horiek «obrak kontrolatu eta zaintzea» kontzeptuan sartzen dira. Kontzeptu hori laugarren klausulan eta I. eranskinean dago zehaztuta.

3.3.– Hitzarmen honetako laugarren klausulan eta I. eranskinean jasota dagoenaren arabera, hasiera batean aurreikusten da plataforma egiteko aipatutako obrek, erasandako zerbitzuak berrezartzeak, ingurumen-integrazioak, segurtasunak eta osasunak eta ustekabekoetarako partidak 208,02 milioi euroko kostua izango dutela (BEZa barne). Zenbatespen horretan ez dira sartzen behin betiko edo aldi baterako desjabetzeen kostuak, horiek ADIF-Alta Velocidadek zuzenean bere gain hartu eta ordainduko baititu, hitzarmen honetatik kanpo.

Era berean, ez da ardurarik emango proiektu hauen idazketa eta obra-gauzatzerako: trenbidea, elektrifikazioa, segurtasun- eta komunikazio-instalazioak eta trenbidekoak ez diren segurtasun-instalazioak. Horiek guztiak ADIF-Alta Velocidadek egin beharko ditu. Hitzarmen honen II. eranskinean jasotzen dira, informazio-ondorioetarako, jarduketa horiek gauzatzeko zenbatesten diren kostuak.

Plataformako obrak gauzatzea eta trenbidea, elektrifikazioa, segurtasun- eta komunikazio-instalazioak eta trenbidekoak ez diren segurtasun-instalazioak egiteko obrak, bai eta beharrezko beste guztiak ere, kateatu eta koordinatu egin beharko dira, hitzarmen honen xede diren jarduketak behar bezala burutzeko. Jarduketak behar bezala burutzeko, gainera, eragozpen edo trabarik ez dela egongo bermatu beharko da.

Plataformaren obretako lanak bukatutakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ADIF-Alta Velocidadi emango dio egindako plataforma, akta bidez. Akta hori alde batetik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko teknikariek sinatuko dute eta, bestetik, ADIF-Alta Velocidadeko teknikariek. Horrekin batera, emandako aktiboa ADIF-Alta Velocidaden titulartasuneko ondasun gisa inbentarioan sartu ahal izateko behar diren dokumentuak eta ziurtagiriak aurkeztuko dira. Helburu hori betetzeko, alderdiek, zazpigarren klausulan aipatutako Jarraipen eta Koordinazio Batzordean, eta hitzarmen hau eraginkorra denetik gehienez ere hilabeteko epean, ezarri beharreko jarraipen- eta koordinazio-prozedurak eta -tresnak definitu eta onartuko dituzte. Behin-behinean, eta prozedura berriak onartu bitartean, 2018ko abuztuko «ADIF-Alta Velocidaden jarduketa-prozedura, proiektuak onartzeko eta obrak gauzatzeko» agiria aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berrian.

3.4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ekingo die obren zuzendaritza-, ikuskaritza- eta zaintza-lanei, obren harrera egiten den arte, eta kontratazio-organoari berez dagozkion prerrogatibak erabiliko ditu. Egiteko horien artean sartzen dira:

– Proiektua gauzatzen den bitartean gertatzen diren kontratu-gorabeherentzako kontratatutako aseguru-polizak moldatzen direla kontrolatzea, eta estaldurak mantendu eta berritzea, formalizatutako kontratuak indarrean dauden bitartean.

– Azterlan eta txosten gehigarriak idaztea.

– Eraikuntzaren kudeaketa: obra zibilen zuzendaritza, aholkularitza espezializatuen identifikazioa eta zuzendaritza, obrengatiko afekzioen eta erasandako zerbitzuen kudeaketa, eta obrek irauten duten bitartean sortzen diren gainontzeko gorabeherak.

– Beste erakunde batzuekin izapideak egitea eta koordinatzea, herritarrentzako etengabeko arreta eta informazioa emateko zerbitzua, eta kalteak pairatu dituztenen erreklamazioak eta akats ezkutuengatiko erreklamazioak ebaztea. Hitzarmena sinatzen duten administrazioei helaraziko zaizkie azaldutako akats ezkutuak, aurre egiteko hartutako neurriekin batera.

– Kontratistek egiten dituzten erreklamazioak ebaztea, halakorik balitz, eta hitzarmen hau sinatzen duten administrazioei haien berri ematea eta ebazpena jakinaraztea.

Laugarrena.– Ardurapean emandako jarduketek eragindako kostuak eta gastuak.

4.1.– Hauxe da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataforma eraikitzeko proiektua idazteko eta plataforma hori eraikitzeko obretarako zenbatesten den kostu osoa:

Zenbakiak milioi eurotan daude.

(Ikus .PDF)

4.2.– ADIF-Alta Velocidad enpresa-erakunde publikoak bere ustiapen- eta kapital-aurrekontuetan sartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko plataformaren proiektua idazteko eta plataforma horretako obrak gauzatzeko kostuei dagozkien zenbatekoak, ardurapean emandako jarduketak bukatu bitartean. Aurrekontu horiek urtero txertatzen dira estatuaren aurrekontu orokorretan.

4.3.– Zenbateko horiek gutxi gorabeherakoak dira, eta, baliteke horietan eragina izatea esleipen-bajek, laguntza tekniko osagarriek, prezioen berrikuspenek, aldaketek eta, oro har, kontratuen garapenean gertatzen diren gorabeherek. Hortaz, zenbateko horiek gehitzea beharrezkoa bada, hitzarmen hau aldatu beharko da, bederatzigarren klausulan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

Hitzarmen honen III. eranskinean zenbatesten da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berriko Bilbao-Abandoko geltokira sartzeko korridoreko obrak gauzatzeko kostuen urtez urteko banaketa.

Bosgarrena.– Ardurapean emandako jarduketen finantzaketa.

5.1.– ADIF-Alta Velocidadek ordainduko ditu hitzarmen honekin bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiten dituen gastuen zenbatekoak (proiektua idazteko gastuak eta obrak gauzatzeko, zuzendaritza fakultatiboko eta obra-zuzendaritzako gastuak, bai eta zerbitzu-kontratuen gastuak ere), bere aurrekontu propioen kontura ordaindu ere, kontuan hartuta laugarren klausulan zenbatetsitako eta aurreikusitako zenbatekoak eta bat etorriz III. eranskinean zenbatetsitako urtez urteko banaketarekin. Eta hala jasota geratuko da hori ADIF-Alta Velocidaden ustiapen- eta kapital-gastuetan, estatuaren aurrekontu orokorretan urtero txertatzen direnetan.

Nolanahi ere, urteko ordainketek ezingo dute gainditu proiektuaren idazketaren eta gauzatutako obraren guztirako kostua, kontratazio-organoak ordaindu eta hitzarmen honen zazpigarren klausularen 2. puntuan aurreikusitakoaren arabera eratutako Jarraipen eta Koordinaziorako Azpibatzorde Teknikoak egindako ziurtagirien arabera.

Ardura-emate honetako jarduketak gauzatzeko denborak birprogramatu beharko balira, Jarraipen eta Koordinaziorako Azpibatzorde Teknikoak erabaki ahal izango du dokumentu honetako III. eranskinean ezarritako zenbatekoen urtez urteko banaketa aldatzea, betiere 4.1 klausulan adierazitako guztirako zenbatekoa gainditu gabe eta epe globala luzatu gabe. 4.1 klausulan jasotako zenbatekoak gainditzea edo hitzarmenaren epe globala luzatzea beharrezkotzat jotzen bada, hitzarmena aldatzeko gehigarri bat izapidetu beharko da aldez aurretik, zazpigarren klausulan aurreikusten den Jarraipen eta Koordinaziorako Azpibatzorde Teknikoak proposatuta.

5.2.– Dagozkion zenbatekoak 1. paragrafoan adierazten den moduan ordaintzeko, ADIF-Alta Velocidadek hiru hilean behin ordainduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari proiektuaren eta obren zenbatekoa, eta zenbateko hori ere aurreko 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera zehaztuko da.

5.3.– Klausula honetan aurreikusten den ordainketa-moduaren ondorioz sortzen diren finantza-kostuak ADIF-Alta Velocidadek hartuko ditu bere gain.

5.4.– Hitzarmen honetan aipatzen den trenbide-azpiegiturari dagozkion zenbateko ekonomikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ADIF-Alta Velocidaden kontura aldez aurretik eta hitzarmenaren babesean ordainduak, ADIF-Alta Velocidadi esleitutako inbertsioengatiko zenbatekoak izango dira, eta ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari esleitutako inbertsioengatikoak.

Seigarrena.– Hirugarrenei eragindako kalteengatiko erantzukizuna.

Ardurapean emandako jarduketak gauzatzen diren bitartean ondorioztatzen bada Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak aurreikusten duen bezalako administrazioaren ondare-erantzukizuna dagoela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erantzun beharko du.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren jarraipena eta kudeaketa.

7.1.– Hitzarmen honetan hartzen diren betebeharrak betetzen direla zaintzeko eta hitzarmenaren edukiaren gauzatzea sustatzeko, bai eta hitzarmena gauzatzen den bitartean sortzen diren zalantzak argitzeko ere, Jarraipen eta Koordinazio Batzordea eratuko da. ADIF-Alta Velocidadek izendatutako 4 ordezkarik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatutako beste 4 ordezkarik osatuko dute batzorde hori.

ADIF-Alta Velocidaden ordezkarietako bat izango da batzordeburua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ordezkarietako bat, berriz, idazkaria (azken horrek hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango du).

Batzordeak aho batez hartuko ditu hartu beharreko erabakiak, administrazio bakoitzari dagozkion eskumenei kalterik egin gabe, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Hitzarmen honen jarraipen eta koordinaziorako prozedurak eta tresnak onartzea.

b) Hitzarmen honetan jasotako jarduketen jarraipena egitea.

c) Hitzarmen honetatik eratortzen diren eginbeharrak betetzen direla zaintzea.

d) Hitzarmena interpretatzean eta betetzean sortzen diren zalantzak eta desadostasunak ebaztea.

e) Lanei jarraipena egiteko programa bat ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izapidetu behar dituen kontratazio-espedienteen izapidetze administratiboan eraginik ez duena.

f) Eraikuntza-proiektuaren edukia, proiektua garatzen den bitartean sor litezkeen aldaketak eta aldaketa horiei dagozkien aurrekontu-aldaketak aztertzea.

g) Prozesuan esku hartzen duten beste administrazio eta eragileekin eduki behar den koordinazioa sustatzea, bereziki Trenbide Segurtasuneko Estatu Agentzia-AESFrekin, hitzarmenaren helburuak lortzeko beharrezkoak eta egokiak diren jarduketa guztiak garatuz. Ekintza horiek legez aurreikusitako bitarteko juridikoen bidez gauzatuko dira, edo, bestela, hitzarmen hau aldatzen duen eranskin baten bidez.

h) Ardura emateko hitzarmen honen xede diren lan guztiak gauzatzeko aurreikusten diren epeak betetzen direla zaintzea.

Aipatutako Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, edo hitzarmena sinatzen duen alderdietako batek eskatzen duen bakoitzean. Bilkurarako deialdia idatziz egin behar da, gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin, eta aztertu behar diren gaien zerrenda eta haiei dagokien dokumentazioa aurkeztu behar da bilkura egiteko; batzordekideen interesekoa izan daitekeen beste edozein gai ere aztertu ahal izango da bilkuran.

Unean-unean, administrazio esku-hartzaileetako teknikariek sartu ahal izango dute batzorde horretara, hitz egiteko eskubidearekin eta botoa emateko eskubiderik gabe, bai eta, hala dagokionean, hitzarmen honen helburuak betetzeko egoki iritzitako organismo edo erakundeetako ordezkariek ere.

Batzordea behar bezala eratzeko, ezinbestekoa izango da lehendakaria, idazkaria eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko ordezkari bat bertan izatea.

Kide anitzeko organo horren funtzionamenduaz arautu ez den guztian Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeari jarraituko zaio.

7.2.– Halaber, Jarraipen eta Koordinaziorako Azpibatzorde Tekniko bat eratzen da, ADIF-Alta Velocidadek izendatutako 3 ordezkariz eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak izendatutako 3 ordezkariz osatua. Batzorde horren funtzionamendu-araubidea Jarraipen eta Koordinazio Batzordearentzat aurreikusitako berbera izango da, baina berezitasun eta eginbehar hauek izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ardurapean eman zaion eraikuntza-proiektua koordinatzea lanketa-fasean, bai eta proiektuari egiten zaizkion aldaketak ere; eta gauzatutako obrak onartutako proiektuekin bat datozela ziurtatzea.

b) Proiektu guztien lanketa koordinatzea, ingurumenaren eta paisaiaren ikuspuntutik egokiak izan daitezen.

c) Eraikuntza-fasea koordinatzea, eta bermatzea obrak bat datozela onartzen den eraikuntza-proiektuekin.

d) Desjabetze-prozesuen egoerari buruzko txostena egitea.

e) Proiektuak eta obrak egokitzeko proposamenak prestatzea, ADIF-Alta Velocidadek onar ditzan.

f) Hitzarmen honetan jarduerak egiteko aurreikusitako denboren programazioa eta programazio horri lotutako urteko ekonomikoak berrikustea eta, beharrezkoa izanez gero, aldatzea onartzea, betiere urtekoen banaketa berriak hitzarmenean jasotako zenbatekoak gehitzea edo zenbatekoen indarraldia luzatzea eragiten ez badu.

g) Hitzarmenean egin beharreko aldaketen izapidetzea sustatzea, hitzarmena aldatzeko dagozkion gehigarrien bidez.

Jarraipen eta Koordinaziorako Azpibatzorde Teknikoa hiru hilean behin bilduko da gutxienez, edo, beharrezkoa izanez gero, aldeetako edozeinek proposatzen duen bakoitzean. Funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 15. artikuluan eta hurrengoetan kide anitzeko organoentzat ezarritako araubidea aplikatuko da.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta hitzarmena azkentzea.

Hitzarmen hau sinatzen den unean perfekzionatuko da, eta Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik aurrera izango da eraginkorra. Gainera, Estatuko Aldizkari ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 48.8 artikuluak ezarritako epeen barruan.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 49.h.1 artikuluaren eta 2021erako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legeko ehun eta hogeita hemezortzigarren xedapen gehigarriaren arabera, hitzarmen honen bidez lurreko garraioko azpiegiturak egiteko ardura ematen denez, hitzarmen honek gehienez ere 10 urteko indarraldia izango du. Hala ere, bertan biltzen diren jarduketak gauzatzeko aldi luzeagoa behar bada, alderdiek konpromisoa hartzen dute behar den luzapena izapidetzeko (gehienez beste 7 urterako). Hori hitzarmenaren indarraldia bukatu baino lehen eta behar besteko aurrerapenarekin egin beharko dute, aipatutako legean aurreikusten den moduan, eta hartarako jarraituz berau baimentzeko erabili den prozedura berbera.

Hitzarmen hau bertan jasotako jarduketa guztiak betetzean edo bukatzean azkenduko da; horrez gain, arrazoi hauetakoren batengatik ere azkenduko da:

– Hitzarmenaren indarraldia bukatzea, eta luzatzeko erabakirik ez hartzea.

– Ezinezkoa izatea ardura emandako jarduketak hitzarmen honetan hitzartutako moduan gauzatzea.

– Alderdiak horretarako ados egotea, eta horretarako propio egindako dokumentu batean jasota uztea.

– Sinatzaileetako batek ez betetzea hitzarmen honetan jasota dauden betebehar zehatzak, kaltea jasaten duen alderdiak idatziz eta gutxienez hilabeteko aurrerapenarekin adierazpen fede-emaile batean jakinarazi ondoren. Hartarako, balizko kalte-ordainak zehazteko irizpidetzat hartuko dira balizko ez-betetzea gertatzen den unean kaltetuak izango lituzkeen kostuak.

– Hitzarmen honen deuseztasuna ezartzen duen erabaki judiziala.

– Legerian aldaketak gertatzea eta aldaketa horiek hitzarmen honen edukiaren kontrakoak izatea.

– Hitzarmenaren helburua betetzea eragozten duen ezinbesteko arrazoiren bat egotea.

Hitzarmena bere helburu diren jarduerak bukatzea ez beste arrazoiren batengatik azkentzen bada, alderdiek, Jarraipen eta Koordinazio Batzordeak proposatuta, jarduketekin jarraitzeko eta bukatzeko egoki deritzeten baldintzak adostu ahal izango dituzte. Horretarako, epe luzaezina ezarriko dute, eta epe hori bukatutakoan, jarduketen likidazioa egin beharko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 52.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hitzarmena edozein arrazoirengatik azkenduz gero, hitzarmena azkendu aurretik sortutako eskubide eta betebehar guztiak likidatu eta bete egingo dituzte alderdi guztiek, alde batera utzi gabe legearen arabera edo hitzarmen honetan xedatutakoaren arabera azkentze horretatik eratortzen zaizkien eskubide eta betebeharrak.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena aldatzeko araubidea.

Inguruabarrengatik beharrezkoa bada, hitzarmen hau aldatuko da, administrazio sinatzaile guztien aurretiazko adostasunarekin, eta dagokion aldaketa-gehigarria izapidetu eta sinatuko da horretarako.

Hamargarrena.– Araubide juridikoa eta jurisdikzioa.

Hitzarmen honek Trenbide Sektoreari buruzko Legeko 6.4 artikuluan aurreikusita dauden ardura-emateetako bat atontzen du. Bestalde, hitzarmen honek administrazio-izaera duenez, men egingo dio indarrean dagoen administrazio-arloko legeriari, eta, bertan aurreikusita ez dagoen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko zaio, edo aurrerantzean hori ordezkatzen duen legea.

Alderdiek adosten dute hitzarmen honen interpretazioan eta/edo betetzean agertzen diren gorabeherak Jarraipen eta Koordinazio Batzordean erabakiko direla.

Hitzarmen honen interpretazioan eta/edo betetzean agertzen diren auziak administrazioarekiko auzien jurisdikziora bideratuko dira.

Eta, adostasuna adierazteko, dokumentu hau sinatzen dute honako hauek:

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ADIF-Alta Velocidadeko lehendakaria,

MARÍA LUISA DOMÍNGUEZ GONZÁLEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala