Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2024ko otsailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1071

AGINDUA, 2024ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez garatzen baitira borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren zenbait manu.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 1. artikuluak aurreikuspen-planak batzen dituzten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak (aurrerantzean, BGAE) arautzen ditu, soilik halako planekin lotuta egiten dituzten jarduerei dagokienez.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2009ko apirilaren 29ko Aginduaren bidez (BGAE-en jarduera jakin batzuk arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren zenbait manu garatzen dituena), aipatutako dekretua partzialki garatu zen.

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretua agindu honen data bereko dekretu batek aldatzen du; hain zuzen ere, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko zenbait dekretu aldatzen dituen Dekretuak. Aldaketa horrek 2009ko apirilaren 29ko Aginduaren bidez garatutako alderdi batzuei eragiten die. Horrenbestez, ezinbestekoa da alderdi horiek erregulazio berriaren arabera garatzea. Orobat, nahiz eta 2009ko apirilaren 29ko agindu horren zenbait atal ez diren aldatu, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, egokiena da agindu hori indargabetzea, eta aldatu behar diren alderdiak eta aldatu behar ez direnak, denak, agindu honetan biltzea.

Agindu honek funtsezko hiru esparrutan oinarritzen du bere garapena: BGAE-ek egin ditzaketen jardueren eskubide eta betebeharretan bereizketa egokia egitea; BGAE-en ohiko jardunbidearen ondorioz (finantza-tresna jakin batzuk erabiltzeagatik) arrisku handiagoa duten gaien garapena; eta, azkenik, erakunde horien gardentasuna.

Lehenengo kapituluan, barne-prozedura baten artikulazioa azpimarratzen da, BGAE-ek maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuan jasota ez dauden jarduerak eta aurreikuspen-planei lotutakoak egitearen ondoriozko erantzukizunen bereizketa egokia bermatzeko. Irizpide bera aplikatzen zaie BGAE berean sartzen diren aurreikuspen-planen ondoriozko eskubide eta betebeharrei ere.

Bigarren kapituluan, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 septies artikuluaren d) apartatua garatzen da, eta arautzen da zer baldintza bete behar dituzten enplegu-modalitateko aurreikuspen-planak dituzten BGAE-ek, beren errenta finkoko zorroan orokorra ez den balorazio-irizpide bat erabiltzeko, betiere Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Legearen Erregelamendua onartzen duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16.1.3 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako eta hornidura teknikoen estalduraren ondorioetarako. Zehazki, enplegu-modalitateko aurreikuspen-planei esleitutako errenta finkoko zorroetarako, baimena ematen da kostu amortizatuaren irizpidea erabiltzeko, gauzatze-balioaren irizpide orokorra erabili beharrean, plan horien ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta.

Hirugarren kapituluan arautzen da zer kontrol-prozedura izan behar dituzten BGAE-ek, jardun nahi badute finantza-tresna eratorriekin eta aktibo egituratuekin, aurre egiteko tresna horiekin jarduteak dakartzan arrisku espezifikoei. Alde horretatik, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter artikuluaren b) apartatuarekin bat etorriz, eta talde heterogeneo horretan dauden desberdintasun handiak kontuan hartuta, aktiboen kategoria horretan beharrezkoak diren ezaugarriak zehazten dira, hala badagokio aktibo egokitzat har daitezen, otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16.1.3 artikuluaren ondorioetarako eta hornidura teknikoak estaltzeko. Gainera, beste zenbait arlo arautzen dira; hain zuzen ere, finantza-tresna eratorriak estalduratik edo inbertsiotik eratorritzat jotzeko irizpideak, eta kalifikazio horretatik eratorritako ondorioak. Era berean, definitu eta mugatu egiten da BGAE batek kontrako alderdi bakoitzeko har dezakeen gehieneko arriskua, tresna horiek erabiltzean.

Laugarren kapituluan bi gai jorratzen dira: lehenik eta behin, balore negoziagarritzat hartzeko egokiak diren aktiboek bete behar dituzten baldintzak, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren bidez arlo horretan ezarritako irizpideak garatzeko; bigarrenik, likidezia-koefiziente bat eta hura estaltzeko aktibo egokien tasak ezartzea, BGAE-etan errepikariak ez diren balizko prestazioak, mobilizazioak edo erreskateak ordaintzeko berme gisa. Era berean, zenbait xedapen gehitzen dira, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluan finkatutako dibertsifikazio- eta barreiatze-irizpideak indartzen dituztenak.

Bosgarren kapituluan zehazten da BGAE-ek zer formula erabili behar dituzten balore higigarriak erosteko eta saltzeko bitartekaritza-gastuen ehunekoa kalkulatzeko; era berean, zehazten da nola kalkulatuko den halako aktiboen errotazio-ratioa, erakundean aurreikuspen-plan bakoitzari esleitzen zaizkion aktiboei dagokienez. Bi ratio horiek nahitaez sartu behar dira bazkidearen edo onuradunaren esku egon behar duen informazioan eta kudeaketa-txosten laburtuari urtero gehitu behar zaion informazioan, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera.

Seigarren kapituluan, zenbait irizpide definitzen dira higiezinetan eta higiezinen eskubide errealetan inbertsioak egiteko eta horien inguruko berme egokia zaintzeko, otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16.1.3 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, bai eta hornidura teknikoak estaltzeko ere, mota horretako aktiboetan egindako inbertsioaren bidez.

Zazpigarren kapituluan, zehazten da zer oinarrizko irizpide errespetatu behar dituzten bazkide babesleek edo sustatzaileek bultzatutako BGAE-etako publizitate-kanpainek, banakako aurreikuspen-planen harpidetza lortzeko helburua dutenean.

Horrez gainera, sektorearen gardentasun-maila areagotzeko, Administrazioak BGAE-en konparazio-datuak iragartzeko eskatzen dituen ezaugarri nagusiak garatzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 9.1.j) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, bai eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 1. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz ere, eta Bazkideen Fitxategi Orokorraren funtzionamendua, irispidea eta fitxategia mantentzen eta erabiltzen duten agente guztiekiko harremanak arautzeko xedez, hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
BGAE-ETAN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK ESLEITZEA

1. artikulua.– Aginduaren xedea.

Agindu honen xedea da Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera jakin batzuk arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren zenbait apartatu garatzea.

2. artikulua.– BGAE-en jardueren artean eskubideak eta betebeharrak esleitzea.

1.– Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 1. artikuluaren arabera, aurreikuspen-planei lotutako aktiboak eta pasiboak modu independentean antolatu eta kudeatu behar dira; hau da, artikulu horretan jasota ez dauden BGAE-en beste jarduera batzuetakoetatik aparte. Ezin izango da eskubiderik eta betebeharrik transferitu bi jarduera-mota horien artean.

2.– Bi modalitateetako jarduerak egiten dituzten BGAE-ek, hau da, aurreikuspen-planei atxikitakoak nahiz legez gaituta dauden beste batzuk egiten dituztenek, barne-prozedura bat antolatu behar dute kudeaketa-, erregistro- eta kontabilizazio-lanak egiteko, modu independentean zehaztu ahal izateko zein diren egindako jarduera bakoitzari lotutako eskubideak eta betebeharrak.

3. artikulua.– BGAE baten aurreikuspen-planen artean eskubideak eta betebeharrak esleitzea.

1.– Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 1. artikuluan ezarritako kontingentziak estaltzeko aurreikuspen-plan bat baino gehiago eratu duten BGAE-ek bermatu behar dute aurreikuspen-planen arteko bereizketa eta independentzia ekonomikoa.

2.– BGAE-ek kudeaketa, erregistro eta kontabilizaziorako barne-prozedura bat prestatu behar dute, bereizita eta modu independentean esleitu ahal izateko aurreikuspen-plan bakoitzari lotutako eskubideak eta betebeharrak.

II. KAPITULUA
ENPLEGUKO AURREIKUSPEN-PLANETAN ERRENTA FINKOA BALORATZEKO ARAU ESPEZIFIKOAK

4. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta aplikazio-eremua.

Enplegu-modalitateko aurreikuspen-planak dituzten BGAE-ek, otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 16.1.3 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, eta hornidura teknikoak estaltzeko, kostu amortizatuaren balorazio-irizpidea erabili ahal izango dute, kontabilitate-araudian ezarritakoaren arabera, plan horiei esleitutako errenta finkoko aktiboak baloratzeko, kontuan hartuta aurreikuspen-planaren aktiboan duten iraupena.

5. artikulua.– Kostu amortizatuan baloratutako errenta finkoko aktiboak.

1.– Balorazio-arau hori aplikatzen zaien errenta finkoko aktiboak espresuki sailkatu behar dira «Muga-egunera arte mantendutako inbertsioak» kategorian, edo antzeko beste kategoria batean, aplikatzekoa den kontabilitate-araudiaren arabera; bestalde, prozedura bat inplementatu behar da, ahalbidetzen duena argi eta garbi identifikatzea zein diren kategoria hori osatzen duten aktiboak eta zer sarrera edo baja gerta daitekeen kategoria horretan.

2.– Kategoria horretan sar daitezke merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatutako errenta finkoko balore eta finantza-tresnak, baldin eta muga-eguna finkatuta badute, zenbateko jakin bat edo zehaztu daitekeen zenbatekoa kobratzen badute eta enpleguko aurreikuspen-planak dituen BGAEak muga-egunera arte mantentzeko benetako asmoa eta finantza-gaitasuna baditu.

3.– Ezin izango dira kategoria horretan sartu finantza-aktibo egituratuak, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11. artikuluaren ter apartatuko b) letran definitutakoak.

6. artikulua.– Operatiboaren mugak.

1.– Finantza-aktiboak ezin dira sartu «Muga-egunera arte mantendutako inbertsioak» izeneko kategorian, baldin eta urteko kontuen erreferentziako ekitaldian edo aurreko bi ekitaldietan kategoria horretan sartutako aktiboak saldu edo birsailkatu badira, kategoriaren zenbateko osoarekiko hutsala ez den zenbateko batean, salbu eta mota hauetako salmentak edo birsailkapenak izan badira:

a) Muga-egunetik oso gertu zeudenak, edo

b) BGAEak ia printzipal osoa kobratu duenean egin badira, edo

c) Egoera berezi batean gertatu baldin bada hori; hau da, BGAEaren kontrolpetik kanpoko egoera berezi batean, zeina ez baita errepikatzen, eta BGAEak aurreikusi ezin zuen gertaera isolatu baten ondorioz.

2.– BGAEaren asmoa edo finantza-gaitasuna aldatu izanaren ondorioz, edo aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera hutsala ez den zenbateko batean egindako salmentaren edo birsailkapenaren ondorioz, errenta finkoko titulu bat «Muga-egunera arte mantendutako inbertsioak» kategorian sailkatua izateak egokia izateari uzten dionean, titulu hori eta «Muga-egunera arte mantendutako inbertsioak» kategoriako errenta finkoko gainerako tituluak «Salmentarako prest» kategorian birsailkatu beharko dira, eta gauzatze-balioaren irizpide orokorraren arabera baloratu.

3.– BGAEaren asmoa edo finantza-gaitasuna aldatu izanaren ondorioz, edo «Muga-egunera arte mantendutako inbertsioak» kategoriako errenta finkoko titulu bat «Salmentarako prest» kategorian birsailkatu zenetik bi ekitaldi oso igaro izanaren ondorioz, errenta finkoko titulu bat «Muga-egunera arte mantendutako inbertsioak» kategorian birsailkatuko balitz, data horretako errenta finkoko tituluaren kontabilitate-balioa kostu amortizatu berria izango da.

III. KAPITULUA
FINANTZA-AKTIBO EGITURATUAK ETA FINANTZA-TRESNA ERATORRIAK

7. artikulua.– Erabiltzeko kontrolak.

BGAE batek finantza-tresna eratorriak eta finantza-aktibo egituratuak erabili ahal izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) BGAE-ek arau argiak eta idatzizkoak izan behar dituzte, gobernu-batzordeak onartuak, finantza-tresna eratorriak eta finantza-aktibo egituratuak erabiltzeari buruz. Arau horien artean, eginkizunen banaketa eta eskuordetzea egongo dira, bai eta zuzendaritza-organoaren barruko erantzukizunen deskribapena ere. Alde horretatik, zenbait pertsonak bete behar dituzte baimenak emateko, aginduak betetzeko, erabilera kontrolatzeko eta informazioa maneiatzeko eginkizunak. Eginkizun horiek BGAEko langileek bete behar dituzte, edo, bestela, urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren 63. artikuluan aipatzen diren erakunde kontratatuetako langileek.

b) Erregulartasunez egin behar dira finantza-tresna eratorrien eta finantza-aktibo egituratuen erabilerari buruzko kontrolak, behar bezala dokumentatuta egon behar dutenak, eta aldian-aldian emaitzen berri eman beharko zaio aginduak betetzen dituztenak bere kargura ez dituen erakundeko arduradun bati eta, nolanahi ere, BGAEaren gobernu-batzordeari.

c) BGAE-ek jarraibide argiak eta idatzizkoak izan behar dituzte, gobernu-batzordeak onartuak, honako hauei buruz: erabil daitezkeen finantza-tresna eratorrien eta finantza-aktibo egituratuen kategoriak, baimendutako gehieneko posizioak, baimendutako kontrako alderdiak eta, gainera, finantza-tresna eratorrien kasuan, zer baldintza bete behar diren tresna horiek estaldurarako edo inbertsiorako kontratatzeko.

Eragiketak merkatu arautuetatik kanpo edo negoziazio-sistema multilateraletan egiten badira, BGAEak ziurtatu behar du kontrako alderdiak edo, hala badagokio, finantza-erakunde bitartekariek posizioen likidezia bermatzen dutela, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter artikuluaren n) letran ezarritakoaren arabera.

d) BGAEak eredu estandar bat izan behar du, kalkulatzeko zenbatekoa den gehieneko galera potentziala agindu honen 12. artikuluan aipatzen diren inbertsio-xedeekin eskuratutako finantza-tresna eratorriak erabiltzean.

8. artikulua.– Finantza-aktibo egituratuak. Kontzeptua.

1.– Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter b) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek joko dira finantza-aktibo egituratutzat: bi aktiboren edo gehiagoren, finantza-tresna eratorrien edo aurreko bien uztarketen arteko konbinazioak, negozio juridiko bakar baten bidez gauzatutakoak. Finantza-aktibo egituratuak honela banatzen dira:

a) Finantza-aktibo egituratuak, betiere beren merkatu-balioa aktibo horiek osatzen dituzten finantza-tresna eratorrien eta/edo aktiboen merkatu-balioak finkatutakoa bada, salbu eta finantza-tresna eratorriak badituzte eta horien azpikoak kalifikazio, indize edo kreditu-gertaera bati egiten badio erreferentzia.

b) Finantza-aktibo egituratuak, betiere beren kreditu-arriskua aktibo horiek osatzen dituzten tresnen kreditu-arriskuaren mende badago (albokoak deitzen zaie), edo finantza-tresna eratorriak badituzte eta horien azpikoak kalifikazio, indize edo kreditu-gertaera bati egiten badio erreferentzia.

2.– Honako hauek ez dira finantza-aktibo egituratuak:

a) Finantza-aktibo negoziagarriak, baldin eta haien fluxu guztien data finkoa bada, haien zenbatekoa zehaztua bada edo aktiboa emateko unean metodo objektibo baten bidez zehaztu badaiteke, eta finantza-tresna eratorriak badauzkate –aurreko apartatuko b) letran jasotakoetatik bestelakoak–, haien edozein fluxuren zenbatekoan edo kobratzeko edo mugaeguneratzeko datan eragina izan badezakete; betiere, aktiboa mugaeguneratzeko datan, harpidetzan ordaindu den edo ordaindu behar den zenbateko osoa bermatzen bada, operazioaren berezko gastuak kontuan izan gabe.

b) Bitarteko berezi gisa eratutako finantza-aktiboak, baldin eta errenta finkoko finantza-tresnak badituzte azpiko aktibo gisa, eta tresna horiek, banaka, egokitzat jo badaitezke, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter a) artikuluaren arabera; era berean, finantza-tresna eratorriak, baldin eta finantza-bermeen eta kontratuen konpentsazio-akordioen babespean badaude, Produktibitatea sustatzeko eta kontratazio publikoa hobetzeko premiazko erreformei buruzko martxoaren 11ko 5/2005 Errege Lege Dekretuan eskatutako eran. Bitarteko berezi horrek ez du mugarik izango libreki transmititzeko.

Aurreko paragrafoan aipatutako aktiboei dagokienez, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluan aipatzen diren dibertsifikazio- eta barreiatze-mugak aplikatuko zaizkie finantza-tresna eratorrietako bakoitzari eta/edo horietako bakoitza osatzen duten aktiboei.

3.– Finantza-aktibo egituratuak negoziagarriak edo negoziaezinak dira.

a) Finantza-aktibo egituratuak negoziagarriak dira, baldin eta onartuak izan badira merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko, eta trafiko orokortua eta inpertsonala izan badezakete finantza-merkatu batean, agindu honen 16.1 artikuluan finkatutako baldintzen arabera.

b) Negoziaezintzat jotzen dira aurreko baldintza betetzen ez dutenak.

9. artikulua.– Finantza-aktibo egituratu negoziagarrien betekizunak, merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan.

Honako baldintza hauek bete behar dituzte finantza-aktibo egituratu negoziagarriek:

a) Agindu honen 8.1.a) artikuluan jasotakoek, gutxienez, A mailako kreditu-kalifikazio eguneratua izan behar dute, nazioarteko hiru kalifikazio-agentzia nagusietako batek emana.

b) Agindu honen 8.1.b) artikuluan jasotakoek, gutxienez, AA mailako kreditu-kalifikazio eguneratua izan behar dute, nazioarteko hiru kalifikazio-agentzia nagusietako batek emana.

c) Finantza-aktibo egituratu negoziagarrien balore adierazgarriek bete egin behar dituzte maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter artikuluan aipatutako inbertsioen titulartasun- eta egoera-arauak.

d) Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluan aipatzen diren dibertsifikazio- eta barreiatze-mugak finantza-aktibo egituratuetako bakoitzari aplikatzen zaizkio.

Artikulu honetan eta agindu honen 15. artikuluan exijitzen diren kreditu-kalifikazioak Standard & Poor´s-ek emandakoak dira; gainerako nazioarteko kalifikazio-agentziek ematen dituztenak ere onartuko dira, horien baliokideak baldin dira.

10. artikulua.– Finantza-aktibo egituratu negoziaezinen betekizunak, merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan.

Finantza-aktibo egituratu negoziaezinek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Soilik hartuko dira hornidura teknikoak estaltzeko aktibo egokitzat agindu honen 8.1.a) artikuluan jasotakoak. Gainera, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter n) artikuluaren 1. eta 2. apartatuetan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Finantza-aktibo egituratu negoziaezinen balore adierazgarriek bete egin behar dituzte maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter artikuluan aipatutako inbertsioen titulartasun- eta egoera-arauak.

c) Albokoek identifikatuta egon behar dute, eta maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako aktibo-motaren batekoak izan behar dute.

d) Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluan aipatzen diren dibertsifikazio- eta barreiatze-mugak aplikatu behar zaizkio egitura osatzen duten tresna eratorrietako eta/edo aktiboetako bakoitzari.

11. artikulua.– Finantza-tresna eratorriak. Estalduraren xedea.

Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter n) artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, ulertuko da finantza-tresna eratorriak kontratatu direla zorro osoan edo zati batean hartutako arriskuen estaldura egokia ziurtatzeko helburuarekin, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Aurreikuspen-planari esleitutako aktiboak arriskuan jartzen dituzten ondare-elementuak edo bestelako eragiketak egonik, finantza-tresna eratorrien helburua izatea arrisku hori desagerraraztea edo nabarmen murriztea.

b) Aipatutako estaldura sortzen denetik, esplizituki identifikatzea zein diren estalitako aktiboak edo eragiketak eta haien estaldura-tresnak.

c) Estalduratik eratorritako finantza-tresnaren azpikoa bat etortzea estaltzen ari diren elementuen arriskuari dagokionarekin.

Osterantzean, egiaztatu behar da ezen, kontabilitate-legerian estaldura-eragiketa bat eraginkortzat jotzeko oro har onartutako marjinen barruan, baliozko erlazio estatistiko egiaztagarria dagoela azken bi urteetan estalduratik eratorritako finantza-tresnaren azpikoaren eta estalitako tresnaren artean.

Estalduraren xede diren inbertsioetan, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluan finkatutako mugak kalkulatzeko, posizio garbia hartzen da kontuan, estaldura aplikatu ondoren.

12. artikulua.– Inbertsioaren helburua.

1.– Inbertsio gisa kontratatzen diren finantza-tresna eratorriek, aurreikuspen-plan bati esleitutako aktiboak eraginkortasun handiagoz kudeatzeko edo errentagarritasun-helburu zehatz bat lortzera zuzendutako kudeaketa baten esparruan, zuzenean nahiz finantza-aktibo egituratu baten parte izanez, ezin dute aurreikuspen-planari esleitutako aktiborik jarri galera potentzialen edo benetako galeren pean, betiere planari esleitutako aktibo multzoaren % 10 gainditzen badute.

2.– Galera potentzialtzat hartzen da aurreikuspen-planari esleitutako aktiboei egotz dakiekeen gehieneko galera gertagarria, hurrengo apartatuan azaldutako eskemaren arabera.

3.– Gehieneko galera gertagarria modu indibidualean kalkulatu behar da aurreikuspen-planari esleitutako aktiboen parte diren inbertsioetako eratorrietako bakoitzerako, honela:

Galera = 1,3 · δ · σ · P

non:

δ: eratorriaren delta. Parametro honek adierazten du zer aldaketa izan duen eratorriaren prezioak, azpiko aktiboaren prezioarekin alderatuta.

σ: azpiko aktiboaren hegakortasun urtekotua. Parametro hau dispertsioaren estatistikoa da. Beronen bitartez, aldagai batek bere batezbestekoarekiko duen aldakortasuna neurtzen da.

P: azpiko aktiboaren merkatu-balioa, kalkuluaren data bakoitzean.

Erositako aukeren kasu zehatzean, aurreikuspen-planari esleitutako aktiboen erakunde kudeatzaileak ordeztu ahal izango du aurreko adierazpen matematikoaren arabera lortutako gehieneko galeraren kalkulua, eta, haren ordez, erabili ahal izango du balantzean agertzen den primaren balioa.

Azpiko aktiboak merkatuko arrisku mota bat baino gehiago badu, galera bat kalkulatu behar da azpiko aktiboaren izaerak inplizituki duen arrisku mota bakoitzerako.

Gehieneko galera potentziala kalkulatzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Egunero egin behar da.

b) Hegakortasuna zenbatesteko oinarrizko behaketa-aldiak urtebetekoa edo gutxiagokoa izan behar du kalkulu-datarekiko, salbu eta, arrisku-faktore esanguratsu guztiak zehaztasun handiagoz islatzeko, ereduak gomendatzen badu urtebetetik gorako datuak behatzea. Aukeratutako erreferentzia-aldiaren tamaina estatistikoki adierazgarria izan behar da, eta denboran zehar mantendu behar da.

c) Datuak hiru hilean behin eguneratu behar dira.

Honako metodologia honen bidez kalkulatzen da zein den aurreikuspen-planari esleitutako eta inbertsiotik eratorritako finantza-tresnen zorroaren gehieneko galera gertagarria:

1) Azpiko aktibo bera duten eratorri guztien galeren batura aljebraikoa kalkulatzen da, posizio luzeak eta laburrak konpentsatze aldera.

2) Azpiko bera duten eratorrietarako izandako galeren balio absolutuak batzen dira, aurreko puntuan zehaztutakoaren arabera.

Baldin eta aipatutako metodologia aplikatuta galerak sortzen badira eta galera horiek ez badatoz bat aurreikuspen-planari esleitutako aktibo-multzoenekin –hasiera batean finantza-tresna eratorriek merkatu-baliorik ez izateagatik, edo merkatu-balioa hutsala izateagatik–, galerak kalkulatzeko sistematika egokitu egin behar da finantza-tresna eratorriaren izaerara, behar bezala islatu daitezen arrisku-faktore esanguratsu guztiak.

4.– Artikulu honetan ezarritako muga ez zaie aplikatzen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluko j) letran aipatzen diren aurreikuspen-planei.

13. artikulua.– Finantza-tresna eratorrien merkatu antolatuak.

Finantza-tresna eratorrien merkatu antolatutzat hartuko dira, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter n) artikuluari dagokionez, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko estatu kideetan kokatuta daudenak, finantza-tresnen negoziazioa modu arautuan artikulatzen dutenak, erregistratutako kotizazioen arabera edo galera eta irabazien eguneroko doikuntzaren arabera egunero eguneratu daitekeen berme-gordailuen sistema bat dutenak, egindako eragiketak erregistratzen dituen konpentsazio-zentro bat dutenak eta alderdi kontratatzaileen artean jartzen direnak, erakunde saltzailearen aurrean erakunde erosle gisa jardunez eta erakunde eroslearen aurrean erakunde saltzaile gisa jardunez.

14. artikulua.– Kontrako alderdiaren arriskua.

BGAEak beti izan behar du kontrako alderdiaren arriskua dibertsifikatzeko arrazoizko politikaren bat. Nolanahi ere, merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatu gabeko finantza-tresna eratorrietako posizioek, agindu honen 16. artikuluko definizioaren arabera, edo finantza-tresna eratorrien merkatu antolatuetan dauden posizioek, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluaren c) apartatuan ezarritako mugak bete beharko dituzte, kontrako alderdiaren arriskua dela eta.

15. artikulua.– Kaudimen nahikoa.

92/2007 Dekretuaren 11 ter artikuluaren n) letraren 1. apartatuan ezarritakoaren arabera, BGAE batek negoziatu gabeko finantza-tresna eratorriak kontrata ditzake finantza-tresna eratorrien merkatu antolatuetan kontrako alderdiekin, betiere azken horiek beren betebeharrak betetzeko kaudimen nahikoa badute. Ondorio horietarako, BGAEak (edo, hala badagokio, BGAEaren aktiboak kudeatzen dituen erakundeak) aztertu behar du zein den kontrako alderdiaren kreditu-arriskua, metodologia egokiak erabiliz eta kontuan hartuz zein diren merkatuan erabili ohi diren adierazle edo parametroak. Bestela, ulertuko da erakunde jaulkitzaileak epe luzerako finantza-konpromisoak betetzeko duen gaitasuna «sendoa» dela, baldin eta, gutxienez, kalifikazio hauetako bat badu: Standard & Poor´s agentziaren «A-», Moody´2ren «A3», Fitchen «A-» edo beste ECAI batzuek emandako antzekoren bat.

Kaudimen-betekizuna betetzat joko da, halaber, eragiketa solidarioki finantzatuta edo bermatuta badago artikulu honetan eta 92/2007 Dekretuaren 11 ter artikuluaren n) letraren 1. apartatuan adierazitakoa betetzen duen beste erakunde batekin, edota kontrako alderdiak finantza-bermeak ematen baditu, eragiketa horrengatik likidatu gabe dauden emaitza metatu positiboen zenbateko berean edo handiagoan, gauzatuta egon zein ez.

IV. KAPITULUA
NEGOZIAGARRITASUNA, LIKIDEZIA ETA DIBERTSIFIKAZIOA

16. artikulua.– Negoziagarritasuna.

1.– Negoziagarritzat hartzen dira, merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko onartuak izanda, finantza-merkatu batean trafiko orokortu eta inpertsonalaren xede izan daitezkeen baloreak eta finantza-tresnak.

Edonola ere, esango da balore edo finantza-tresna horiek finantza-merkatu batean trafiko orokortu eta inpertsonalaren xede direla hurrengo betekizunetatik bat edo beste betetzen denean:

a) Elektronikoki negoziatzen diren errenta aldakorreko balore eta finantza-tresnak direnean edo negoziatzen diren merkatuko indize adierazgarriaren parte direnean.

b) Errenta finkoko balore eta finantza-tresnak direnean, eta haietatik kotizazioa lortu badaiteke kontabilitateko egoera-orriak prestatu baino lehenagoko merkatuko azken hiru saioetakoren batean.

c) Errenta finkoko balore eta finantza-tresnak direnean, eta bere kasa jarduten duen finantza-agente batek behintzat publikoki prezioak eskaintzen dituenean negoziazio-xedez, eta eragiketak ixten dituenean une bakoitzean merkatuan indarrean dauden baldintzetara egokituz.

2.– 92/2007 Dekretuko 11 ter artikuluaren a) apartatuan aurreikusitako ondorioetarako, merkatu araututzat edo negoziazio-sistema multilateraltzat hartzen dira finantza-tresnen merkatuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan (zeinaren bidez 2002/92/EE eta 2011/61/EB zuzentarauak aldatzen baitira) ezarritako baldintzak betetzen dituztenak, bai eta, hala badagokio, finantza-kontroleko agintari espainiarrek zehazten dituztenak ere, ulertzen delako haien funtzionamendu-baldintzak aipatutako Europar Batasunaren araudian finkatutakoekiko baliokideak direla.

Merkatu arautu horietan negoziatzeko onartutako baloreek bete egin behar dituzte artikulu honetako aurreko letran finkatutako negoziagarritasun-baldintzak.

17. artikulua.– Likidezia-koefizientea.

BGAE-ek, beren premiak eta ezaugarriak kontuan hartuta, gutxieneko likidezia-maila bat ezarri behar dute urtero aurreikuspen-plan bakoitzerako, aktibo likidoen errekerimendu-aurreikuspenen arabera. Aurreikuspen horiek, prestazioekin alderatuta, estaldura-maila egokia definituko dute. Gutxieneko likidezia-maila hori mantendu egin behar da ageriko gordailuetan eta hiru hilabetetik beherako epemuga duten diru-merkatuko finantza-aktiboetan. 13. artikuluan aipatutako berme-gordailuak ezin dira sartu gutxieneko likidezia-mailari lotutako finantza-aktibo likidoen artean.

18. artikulua.– Kreditu-erakundeetan egindako gordailuak.

Kreditu-erakundeetako ageriko edo eperako gordailuek, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 ter artikuluaren d) letran aktibo egoki gisa definitutakoek, ezin dute gainditu, oro har, aurreikuspen-plan bati esleitutako aktibo guztien balioaren % 30, ezta haien % 10 ere kreditu-erakunde edo kreditu-talde elkartu bakoitzeko. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko agindu honen 13. artikuluan aipatutako berme-gordailuak.

19. artikulua.– Inbertsio kolektiboko erakundeak eta arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsak.

1.– Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluaren a) apartatuan finkatutako % 70eko mugan bakarrik zenbatetsi daitezke 11 ter artikuluaren c) apartatuan definitu diren inbertsio kolektiboko erakundeetako partaidetzak edo akzioak, betiere inbertsio-funtsetako partaidetzak izanda, kotizatutako baloretzat hartzen badira edo merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko onartuta badaude; eta, inbertsio-sozietateak izanda, haien akzioak trafiko orokortu eta inpertsonalaren xede izan badaitezke eta merkatu arautuetan edo negoziazio-sistema multilateraletan negoziatzeko onartuta badaude.

Ondorio horietarako, esango da inbertsio-funts bateko partaidetzak negoziaziorako onartutako balore direla, baldin eta bermatzen bada partaidetzen ordainketa egunero egin daitekeela eta betetzen badute kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudiak finkatutako informazioa emateko betebeharra.

Ehuneko horretan, ez dira sartzen 11 quater artikuluaren d) apartatuan araututako inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak eta partaidetzak, ez eta azaroaren 4ko 35/2003 Legearen eta hura garatzeko araudiaren mende dauden inbertsio libreko inbertsio kolektiboko erakundeenak eta inbertsio libreko inbertsio kolektiboko erakundeen inbertsio kolektiboko erakundeenak ere.

2.– Enplegu-modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeentzat, maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluaren a) apartatuan finkatutako % 70eko eta % 30eko mugak % 60 eta % 40koak izatera igaro daitezke, hurrenez hurren, baldin eta % 10erainoko gehikuntza osagarria lehen aipatutako Dekretuaren 11 quarter 3 artikuluaren a), b) eta c) epigrafeetan sartutako inbertsio-funtsetan egindako inbertsioari badagokio, eta betiere inbertsio-funts horietako partaidetzek bermatzen badute haien partaidetzak gutxienez hilean behin itzuliko direla, eta aplikatzekoa den araudiak ezarritako informazioa emateko betebeharra betetzen badute.

20. artikulua.– Indize bat islatzea, erreproduzitzea edo erreferentziatzat hartzea.

Honela aplikatzen da maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11 quinquies artikuluaren j) letran aurreikusitako salbuespena:

Indizea osatzen duten akzioek edo obligazioek kotizatzen duten merkatuak edo merkatuek zenbait ezaugarri bete behar dituzte, eta ezaugarri horiek Espainiako legerian bigarren mailako merkatu ofizial izateko eskatzen direnen antzekoak izango dira.

Indizeak baldintza hauek bete behar ditu, gutxienez:

1. Osaera nahikoa dibertsifikatua izatea.

2. Erreproduzitzen erraza izatea.

3. Erreferentzia nahikoa egokia izatea kasuan kasuko balore-merkatu edo -multzorako.

4. Zabalkunde publiko egokia izatea.

Inbertsio-politikak indizea islatzen edo erreproduzitzen badu, erakunde jaulkitzaile beraren edo erakunde-multzo jaulkitzaile beraren akzioetan edo obligazioetan egindako inbertsioa irits daiteke BGAEaren aktiboaren edo hura osatzen duen ukitutako aurreikuspen-planaren % 20ra. Muga hori % 35era handitu daiteke erakunde jaulkitzaile bakarrarentzat edo erakunde-multzo jaulkitzaile bakarrarentzat, baldin eta merkatuan salbuespenezko egoerak gertatzen badira –egoera horiek Espainiako finantza-kontroleko agintaritzek baloratu beharko dituzte–.

Inbertsio-politikak indizea erreferentzia gisa hartzen badu, erakunde jaulkitzaile beraren edo erakunde-multzo jaulkitzaile beraren akzioetan edo obligazioetan egindako inbertsioa irits daiteke BGAEaren aktiboaren edo hura osatzen duen ukitutako aurreikuspen-planaren % 10era. Era berean, BGAEaren aktiboaren edo hura osatzen duen ukitutako aurreikuspen-planaren beste % 10 gehigarri bat konprometitu ahal izango da balore horietan, baldin eta eratorrien merkatu antolatuetan negoziatutako finantza-tresna eratorriak erabiliz egiten bada.

Islatzen edo erreproduzitzen den edo erreferentziatzat hartzen den indizearekiko baimendutako gehieneko desbideratzeak eta haren kalkulu-formulak finantza-kontroleko agintaritzek horri buruz ezartzen dituzten irizpideen araberakoak izan behar dute.

V. KAPITULUA
BALORE HIGIGARRIEN ZORROKO ERROTAZIO-RATIOA ETA BITARTEKARITZA-GASTUAK

21. artikulua.– Errotazio-ratioa.

Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 4.1 artikuluaren d) apartatuan aurreikusitakoaren arabera, honela kalkulatzen da zein den aurreikuspen-plan bati esleitutako balore higigarrien zorroaren ekitaldi jakin bateko errotazio-ratioa, ehunekotan:

Errotazio-ratioa = [(Guztira1 - Guztira2)/M]* 100

Balore higigarriak eskuratzea = C

Balore higigarrien salmentak = V

Guztira 1 = Balore higigarrien transakzioak, guztira = C + V

Planari egindako ekarpenak = A

Planeko prestazioak eta erreskateak = P

Guztira 2 = Planeko transakzioak, guztira = A+P

Balore higigarrien zorroaren balio globalaren erreferentziako batezbestekoa = M

C, V, A, P eta M parametroak eurotan duten balio absolutuan hartzen dira. M parametroa lortzeko, batezbesteko aritmetikoa egin behar da; hain zuzen ere, dagokion ekitaldi naturalaren hileko itxiera bakoitzeko balore higigarrien zorroaren balioari dagozkion hamabi balioen batezbesteko aritmetikoa.

Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, aktiboen aldi baterako eskurapenak ez dira balore higigarri gisa zenbatuko.

22. artikulua.– Balore higigarriak salerosteko bitartekaritza-gastuak.

Maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 4.1 artikuluaren d) apartatuan aurreikusitakoaren arabera, honela kalkulatzen da zein diren aurreikuspen-plan bati esleitutako zorroaren ekitaldi jakin bateko balore higigarrien salerosketagatiko bitartekaritza-gastuak, ehunekotan:

Bitartekaritza-gastuak = [G/M]* 100

Baloreen salerosketagatiko bitartekaritza-gastuak = G

Balore higigarrien zorroaren balioaren erreferentziako batezbestekoa = M

G eta M parametroak eurotan duten balio absolutuan hartzen dira. M parametroa lortzeko, batezbesteko aritmetikoa egin behar da; hain zuzen ere, dagokion ekitaldi naturalaren hileko itxiera bakoitzeko balore higigarrien zorroaren balio garbiari dagozkion hamabi balioen batezbesteko aritmetikoa.

VI. KAPITULUA
ONDASUN HIGIEZINAK ETA HIGIEZINEN GAINEKO ESKUBIDE ERREALAK

23. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– Ondasun higiezinak hornidura teknikoak estaltzeko egokiak diren aktibotzat hartzen dira, ezaugarri hauetara egokitzen badira:

a) Landa-lurzorua izatea, edo, hirigintza-legeriaren arabera, hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa definitzen den lurzorua, edo amaitutako eraikinak, edo, eraikin horien parte izanik, erregistro-finka independenteak diren pisu edo lokalak.

b) Europako Esparru Ekonomikoko estatu kide baten lurraldean egotea.

c) Jabetza Erregistroan inskribatuta egotea, BGAEaren izenean.

d) Hipoteka-merkatuan ondasunak baloratzeko baimena duen erakunde tasatzaile batek tasatu izana, hornidura teknikoak estaltzeko egokiak diren higiezinak baloratzeko arau espezifikoen arabera.

e) Kuota edo partaidetza indibisoen kasuan, erregistroan identifikatuta egotea eta libreki transmititu ahal izatea. Automobilentzako aparkalekuen kasuan, jabetza nagusiari atxikita egon behar dute edo, bestela, erregistroan identifikatuta egon behar dute eta libreki transmititzeko modukoak izan.

f) Hipotekatutako higiezinak badira eta kargak ondasun bati baino gehiagori eragiten badie, bakoitzaren erantzukizuna banakatzea.

g) Sute-arriskuaren eta edukitzaileari eragindako bestelako kalteen aurkako asegurua izatea, higiezinaren titularra ez den beste entitate batek egina, eta azken tasazioan finkatutako eraikuntza-balioa baino txikiagoa ez den zenbatekoan.

Espainiatik kanpo dauden higiezinen kasuan, lehen aipatutako irizpideak aplikatzen dira, modu berean eta estatu bakoitzeko legeria kontuan hartuta.

2.– Higiezinen eskubide erreal egokiak izango dira aurreko paragrafoetan aipatutako baldintzak betetzen dituzten ondasun higiezinen gainean eratutakoak, titulartasunarena izan ezik, eta Jabetza Erregistroan haien izenean inskribatuta daudenak.

VII. KAPITULUA
PUBLIZITATE-JARDUERA

24. artikulua.– Publizitate-kanpainen kostua.

1.– Banakako modalitateko aurreikuspen-planak dituzten BGAE-etan, bazkide babesle edo sustatzaileak hartzen du bere gain, oso-osorik, publizitate-kanpainak egiteari lotutako kostu osoa, bai eta gauzazko ordainsariak, eskudiruzko hobariak edo bazkide berri osoak erakartzera bideratutako bestelako ordainsariak edo lehendik dauden bazkideen ekarpen berriak emateko aukerari lotutako kostuak ere.

2.– BGAE bateko bazkide babesle edo sustatzaile batek, bazkide berri osoek egin beharreko ekarpenak areagotzeko helburuarekin edo jada bazkide direnek egin beharrekoak areagotzeko, gauzatan, hobari bitartez, estratasarekin edo antzeko ordainketarekin egiten dituen ordainsariek ezin dute mugatu BGAE-en Legearen Erregelamendua onartzen duen otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 31. artikuluan araututako mobilizazio-eskubidea. Horrek guztiak ez du eragozten bazkide osoak kontratu bidez zigorra adostea BGAE bateko bazkide babesle edo sustatzailearekin.

25. artikulua.– Aurreikuspen-planei buruzko informazio publikoa.

1.– Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumenak dituen sailak informazioa argitaratu ahal izango du BGAE-en aurreikuspen-planen arrisku-profilari, administrazio-gastuei eta errentagarritasun historikoari buruz, baldintza orokor hauek errespetatuz:

a) Parametro horiei buruzko informazioak beti izan behar du aurreikuspen-planei buruzkoa. Edonola ere, bakoitzari dagokion BGAEa kasuan kasuko publizitate-euskarrian sartuko da.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak web-orri berri batean sartuko ditu datuak, edo lehendik existitzen den web-orri batean, erabiltzaileek haietara irispide orokorra izan dezaten. Interneteko orriaz gain, beste publizitate-euskarri osagarri batzuk ere erabil daitezke.

c) BGAE-en aurreikuspen-planak arrisku-profilaren arabera multzokatzen dira, eta plan bakoitzari esleitutako aktiboen banaketaren arabera (dauden aktibo moten artean) zehaztuko da arriskua.

d) Aurreikuspen-planen errentagarritasun historikoa beti izango da ekitaldi itxiei buruzkoa, eta aintzat hartu ahal izango dira urteko zenbait aldi, baina, haien artean, nahitaez egon beharko da azken ekitaldia.

e) Apartatu honetan aipatzen diren datuak, ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31koak, Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumenak dituen sailera bidaliko dira urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen. Era berean, aurreikuspen-planen arrisku-profilean edo administrazio-gastuetan egindako aldaketak bidali behar dira ekitaldian zehar, halakoak gertatzen direnean.

2.– Aipatutako irizpideak Finantzetako zuzendariaren ebazpen baten bitartez garatu ahalko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen da Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2009ko apirilaren 29ko Agindua, BGAE-en jarduera jakin batzuk arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren zenbait manu garatzen dituena.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean Jartzea.

Agindu hau 2024ko apirilaren 2an jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 13a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala