Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2024ko otsailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1070

AGINDUA, 2024ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua.

Urriaren 27ko 203/2015 Dekretuak Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartu zuen. Erregelamendu horren 91. artikuluan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorra arautzen da (aurrerantzean, BGAE esango diegu halako erakundeei). Bada, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko uztailaren 19ko Aginduaren bidez (Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen Agindua), Erregelamenduaren 91. artikuluak xedatutakoa garatu zen, eta Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa arautu.

Artikulu hori agindu honen data bereko dekretu batek aldatzen du; hain zuzen ere, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko zenbait dekretu aldatzen dituen Dekretuak.

Urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren 91. artikuluaren idazkuntza berriaren arabera, Bazkideen Fitxategi Orokorrak xede bat baino gehiago ditu: batetik, bazkide guztien berri izatea, onuradun posibleei informatu ahal izateko hildako pertsona bat BGAE bateko bazkide zela; bestetik, bazkideen heriotzaren berri ematea BGAE-ei –hala eskatu badute–, ez dagokien prestaziorik ordaintzen jarrai ez dezaten; azkenik, bazkide arrunten eta bazkide sustatzaileen alten eta bajen berri jakitea, eta jakitea zer onuradunek dituzten kobratu gabeko eskubide ekonomikoak, eta zein diren haien ekarpenak eta prestazioak, plangintza ordenatua egin ahal izateko eta, beraz, informazio estatistiko eguneratua prestatu ahal izateko, horrek guztiak berekin ekarri baitu borondatezko aurreikuspenen arloko politika publiko eta pribatuak efikazagoak izatea eta Europar Batasuneko legeriak arlo horretan ezarritako informazio-eskakizunak betetzea.

Aipatutako xedeak eta, hortaz, horiek betetzeko bildu behar diren bazkide eta onuradunen datuak BGAE jakin batzuei egiten diete erreferentzia; hain zuzen, 5/2012 Legearen 24.1 artikuluan adierazitako kontingentziak estaltzen dituztenei: erretiroa eta, hala badagokio, ezintasun iraunkorra edo lana egiteko baliaezintasuna, heriotza, mendekotasuna, luzaroko langabezia eta gaixotasun larria.

Horregatik, agindu hau eman behar da, Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua aipatutako 91. artikuluaren idazkuntza berrira egokitzeko; azken batean, agindu honek orain arte indarrean egon den Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko uztailaren 19ko Agindua ordeztuko du.

5/2012 Legearen Erregelamenduak 91.7 artikuluan ezartzen duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzan gizarte-aurreikuspenaren arloko eskumena duen saileko titularrak emandako agindu batek arautuko du nola antolatu behar den Bazkideen Fitxategi Orokorra.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 9.1.j) artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, bai eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 1. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz ere, eta Bazkideen Fitxategi Orokorraren funtzionamendua, irispidea eta fitxategia mantentzen eta erabiltzen duten agente guztiekiko harremanak arautzeko xedez, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aginduaren xedea.

Agindu honen bidez arautzen dira Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua; fitxategi hori Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren 91. artikuluan jasorik dago.

2. artikulua.– Izaera eta kokapena.

1.– BGAE-etako Bazkideen Fitxategi Orokorra Euskadiko BGAE-en Erregistroari atxikita dago, eta BGAE-ei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24.1 artikuluan jasotako kontingentziak aurreikuspen-planen bitartez estaltzen dituzten BGAE-entzat da. Bazkideen Fitxategi Orokorrean egiten diren kontsultak ez dira Euskadiko BGAE-en Erregistroan inskribatzeko moduko egitateak.

2.– Fitxategiko informazioa BGAE-ek igorritako datuen araberakoa izango da, eta informazio-ondorio hutsak izango ditu, BGAE-ek bidalitako datuak oinarri hartuta.

3. artikulua.– Datuak etengabe elikatzea.

1.– Gizarte-aurreikuspeneko planen bitartez prestazioak ematen dituzten EAEko BGAE guztiek bi fitxategi elektroniko bidali beharko dituzte hilero. Datuen transmisioa XML formatuan egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez.

2.– Datu hauek sartu behar dira 203/2015 Dekretuaren 91. artikuluaren 2. apartatuko a) eta b) letretan aurreikusitako fitxategian:

a) Informazio orokorra.

1) BGAEak Euskadiko BGAE-en Erregistroan duen inskripzio-zenbakia.

2) BGAEaren izena.

3) Informatu beharreko datuei dagokien karga-aldia.

4) Aurreikuspen-planen izendapena eta gizarte-aurreikuspeneko planen kode-zenbakia.

Indarreko aurreikuspen-plan bakoitzaren zenbakia BGAE-en Estatistika eta Kontabilitate Dokumentazioko 1. ereduan dago; hain zuzen ere, «Aurreikuspen-planak» ataleko Planaren Kodean.

Eratzen diren plan berrietarako, planaren eraketari eta Euskadiko BGAE-en Erregistroan alta emateari buruzko ebazpenean adieraziko da zein den Planaren Erregistroko Kodea.

b) Bazkide aktibo, pasibo eta eten bakoitzari, kobratu gabeko eskubideak dituzten onuradunei eta, hala badagokio, haien bajei buruzko informazioa, aurreko hilabetearekin alderatuta. Informazio horrek aurreikuspen-plan bakoitzari buruzkoa izan beharko du.

1) NANa, AIZ edo pasaportea.

2) NAN, AIZ edo pasaporte bakoitzari dagokionez, zer egoeratan dagoen bazkidea edo onuraduna: bazkide aktiboa, bazkide etena, pasiboa erretiroagatik, pasiboa beste kontingentzia batzuengatik; kobratu gabeko eskubide ekonomikoak dituen onuraduna; bazkide-baja.

3) Adina.

4) Sexua.

5) Bizilekua (udalerria).

6) Zenbatekoak diren egindako ekarpen pertsonalak.

7) Zer ekarpen egin dituen bazkide babesleak.

8) Zer udalerritakoa den ekarpenak egiten dituen bazkide babeslea.

9) Zer ekarpen egin dituzten hirugarrenek haren alde.

10) Prestazioak kobratzeko modua: finantza-errenta, errenta aktuariala, kapitala, mistoa edo beste batzuk.

11) Zenbateko prestazioa jaso den.

12) Zenbateko erreskatea jaso den 10 urteko antzinatasuna egiaztatzeagatik eta kontingentziarik ez izateagatik.

13) Zer eskubide ekonomiko dauden informatu beharreko aldiaren amaieran.

14) Ekitaldian erretiroa hartzea.

c) Datu hauek sartu behar dira 203/2015 Dekretuaren 91. artikuluaren 2. apartatuko c) letran aurreikusitako fitxategian:

1) Erretiroa ez den beste kontingentzia batzuengatik bazkide pasibo direnak ez dira identifikatuko, ez NANa erabilita, ez haiek identifikatzeko edo identifikagarri egiteko beste ezein datu erabilita.

2) Aurreko a) eta b) apartatuetan adierazitako datuak bidaliko dira. Egoerari buruzko apartatuan, egoera hauetakoren bat adieraziko da: pasiboa ezintasun iraunkorragatik edo baliaezintasunagatik, pasiboa mendekotasunagatik, pasiboa luzaroko langabeziagatik, pasiboa gaixotasun larriagatik.

3.– Agindu hau argitaratu eta gero eratzen diren BGAE-ek aurreko apartatuetan azaldutakoa egin beharko dute, eratzen direnetik hilabeteko epea igaro baino lehen.

4.– Informazioa hilero igorriko da, hileko azken eguna erreferentzia gisa hartuta, eta aipatutako egun horren osteko 10 egun naturalen barruan.

4. artikulua.– Herritarrek Bazkideen Fitxategi Orokorra kontsultatzea.

1.– Interes legitimoa duen edozein herritarrek izan dezake irispidea Bazkideen Fitxategi Orokorrera, jakiteko ea hildako pertsona bat BGAE bateko edo gehiagotako bazkide edo onuradun zen, eta, hala bada, zein aurreikuspen-plan zuen.

2.– Interesdunek aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte prozedura horretako eskaerak, kontsultak eta izapideak.

3.– Bitarteko elektronikoak erabiltzen badituzte, beren burua identifikatu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen den identifikazio elektronikorako bideetatik edozein erabiliz.

4.– Interesdunek prozedura horretako eskaerak, kontsultak eta izapideak egiteko, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan araututa dauden bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte (91/2023 Dekretua, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

5.– Izapideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez egiteko azalpenak eta eskaera-orriak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke.

6.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak –hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak– ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera; edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

7.– Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, «Nire karpeta» baliatuz egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

8.– Identifikazio elektronikoaren urratsa egin ondoren, interesdunak kontsultaren xede den bazkide edo onuradunaren heriotza-ziurtagiria erantsi beharko du, interes legitimoa duela justifikatzeko. Halaber, interesdunak aurrez aurre egiten badu kontsulta, heriotza-ziurtagiria aurkeztu beharko du.

9.– Kontsultak egin ahal izateko, gutxienez 10 egun natural igaro behar izan dira heriotza gertatu zenetik.

10.– Interesdunak gehienez ere 30 eguneko epean jasoko du erantzuna, eta datu hauek jakinaraziko zaizkio, betiere kontsulta-egunetik hurbilen dauden azken datuak kontuan hartuz: informazioaren xede den bazkideak edo onuradunak aurreikuspen-planen bat zuen, eta, hala bada, planen izenak, eta zein BGAErenak diren.

5. artikulua.– BGAE-ek kontsulta egitea.

1.– BGAE batek bazkide pasiboei edo kobratu gabeko eskubide ekonomikoak dituzten onuradunei buruzko datuak igorri baditu Bazkideen Fitxategi Orokorrera, informazioa eskatu ahal izango du, jakiteko ea horietako bazkide pasiboren bat edo onuradunen bat hilik dagoen.

2.– BGAEari igorriko zaion informazioak ez du heriotza ziurtatuko, zeren eta Erregistro Zibila baita heriotza-ziurtagiria egiteko eskumena duen organismo bakarra, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

3.– BGAE batek kontsulta egin ahal izateko, gutxienez hilabete igaro behar izan da aurreko informazio-eskaera egin zuenetik.

4.– BGAEak gehienez ere 30 eguneko epean jasoko du erantzuna, eta jakinaraziko zaio, betiere kontsulta-egunetik hurbilen dauden azken datuak kontuan hartuz, ea informazioaren xede den bazkidea edo onuraduna hilik dagoen.

5.– BGAE-ek prozedura horretako eskaerak, kontsultak eta izapideak egiteko, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan araututa dauden bitarteko elektronikoak soilik erabili beharko dituzte (91/2023 Dekretua, herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa).

6.– Izapideak egiteko azalpenak eta eskaera-orriak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskura daitezke.

7.– Eskabidearen ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, «Nire karpeta» baliatuz egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Heriotza-ziurtagiria irakurtezina denean, edo halakorik eransten ez denean, edo identifikazio-zenbakia bikoiztuta dagoenean, eskatzaileei akatsa jakinaraziko zaie, zuzen dezaten.

7. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Agindu honetan xedatutakoa betetzeko bildu edo prestatzen diren datu pertsonalak arau hauetan ezarritakoaren arabera babestuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

8. artikulua.– Interesdunei egin beharreko komunikazioa.

1.– Herritarrentzako komunikazioa.

Interesdunak komunikazio bat jasoko du, non adieraziko baitzaio ea, egun jakin batean, informazio-eskaeran aipatu duen hildakoak aurreikuspen-planik zuen, eta, hala bada, planen izenak, eta zein BGAErenak diren.

2.– BGAE-entzako komunikazioa.

BGAE batek bazkide pasiboei edo onuradunei buruzko datuak igorri baditu Bazkideen Fitxategi Orokorrera, informazioa eskatu ahal izango du, jakiteko ea horietako bazkide pasiboren bat edo onuradunen bat hilik dagoen. BGAE interesdunak fitxategi bat jasoko du, eta, han, informazio hau agertuko da, bazkide pasiboaren edo onuradunaren identifikazio-agiriaren zenbaki bakoitzeko:

a) Bazkideen Fitxategi Orokorrean hildako gisa agertzen bada: heriotzaren data, XXXX(e)ko XXaren XX(a) formatuan.

b) Bazkideen Fitxategi Orokorrean hildako gisa agertzen ez bada, hala adieraziko da.

c) Ez bada agertzen, ez BGAE eskatzaileko bazkide pasibo gisa, ez onuradun gisa, hori ere hala adieraziko da.

9. artikulua.– Komunikazioen hizkuntza.

Interes legitimoa duten pertsonek eta BGAE-ek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetatik edozein erabili ahal izango dute kontsultak egiteko. Erantzuna, orobat, kontsulta egiteko hautatu duten hizkuntzan bidaliko zaie, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabeturik geratzen da Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 2016ko uztailaren 19ko Agindua, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetako Bazkideen Fitxategi Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 13a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala