Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2024ko otsailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1067

3/2024 LEGEA, otsailaren 15ekoa, Lankidetzarakoa eta Elkartasunerakoa.

Eusko Legebiltzarrak 3/2024 Legea, otsailaren 15ekoa, Lankidetzarakoa eta Elkartasunerakoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA
I

Euskadik elkartasunezko ibilbide luzea eta aitortua du Hegoaldeko herrialde eta lurraldeetako biztanleekiko. Gaur egungo euskal lankidetza, haren politikak, lehentasunak eta biltzen dituen eragileak estu lotuta daude ibilbide horrekin.

Laurogeiko hamarkadako urteetan nazioarteko elkartasunaren inguruan egituratzen ziren gizarte zibileko euskal erakundeek Euskadin ongi sustraitutako bi tradiziotan zuten jatorria: misio-tradizioan eta internazionalismoan. Bi korronte horiek, itxura batean elkarrengandik nahiko aldenduak ziruditenak, zubiak aurkitu zituzten egituratzeko, eta garrantzi sozial eta politiko handiko aliantzak sendotu zituzten; aliantzak euren artean, Euskadiko eta Hegoaldeko gizarteetako mugimendu antolatuekin –hala nola mugimendu ekologistekin eta feministekin, batzuk aipatzearren– eta erakunde publikoekin. Euskal administrazio publikoek, hasieran, ekimen jakin batzuetan gauzatu zituzten gizarte bizi, mobilizatu eta askotariko baten konpromisoak. Saharako herriaren egoera, eta beste herri eta giza errealitate batzuena, euskal udalek eta Eusko Legebiltzarrak berak hartutako lidergoaren bidez ulertu du euskal gizarteak, senidetzeak eta herri eta errealitate horien egoera politiko, sozial eta humanitarioa eta garapen-egoera korapilatsuak aitortzeko harreman estuak bultzatu eta ezarri baitituzte.

Euskal Herriko kaleetan oihartzun handia izan zuten % 0,7aren aldeko mobilizazioek, gizarte aberastuetako baliabide publikoak Hegoaldeko herrialdeetan txirotasuna desagerrarazteko erabiltzeko eskatzen zutenek. Gizartearen konpromiso hori erakundeen hainbat jarduketatan gauzatu zen, eta beharrezkoa da Gasteizko Udalaren aitzindaritza aitortzea, jada 1988an lankidetza-politiketara bideratu baitzuen udal aurrekontuaren % 0,7.

Aurreneko konpromiso instituzional horren ondotik beste asko etorri ziren, eta, hurrengo urteetan, lankidetza-politikak aurrerapauso irmoak egin zituen Hegoaldeko herriekiko alderdi solidarioa instituzionalizatzeko eta profesionalizatzeko bidean. Lehen urte haietan, garrantzitsuak izan ziren eragileen artean egituratzeko forma batzuk; esate baterako, 1988an Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea sortu zen; 1990ean Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoa sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko hiru lurralde historikoetako aldundien arteko akordioari esker, eta 1996an Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartea sortu zen, lankidetzaren alde ari ziren udalerriak biltzeko.

Hamarraldi horietako ibilbideak markatu zuen Eusko Legebiltzarrak 2007an lankidetza- eta elkartasun-politika publikoari buruz onartu zituen bi legeen orientazioa. Batetik, 1/2007 Legea, otsailaren 22koa, Garapenerako Lankidetzari buruzkoa, eta, bestetik, 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunarena. Azken hori legegintzako herri-ekimen baten ondorio izan zen, eta haren helburua da Euskadik Hegoaldeko herrialdeekin harreman bidezkoagoak izateko konpromisoa hartzea. Lege horretan bidezko merkataritza, armen industria eta kanpo-zorra nabarmentzen dira, batzuk aipatzearren. Aurreko araudietako oinarrizko ezaugarriak Euskadin egiten den lankidetza-politikaren ezaugarri bereizgarriak eta funtsezkoak dira, eta indarrean jarraitzen dute: i) hazkunde ekonomikoaren paradigmatik urruntzen den eta nagusi den ereduarekin kritikoa den garapenaren ikuskera, eta ii) politika publiko kolaboratiboa eta partaidetzakoa.

Euskal lankidetzak ahaleginak egin ditu nazioarteko lankidetzaren ikuskera tradizionala gainditzeko, lankidetza mota hori norabide bakarrekoa baita, herrialde aberastuen baliabideak eta gaitasunak herrialde txirotuei transferitzean oinarritua. Euskal gizartearen ekintza solidarioek honako hauek sustatu nahi dituzte: i) harreman horizontalak eta ikaskuntza- eta truke-harremanak Hegoaldeko herriekin, denonak diren arazoak elkarrekin gainditzeko; ii) egiturazko erantzun iraunkorrak arazo konplexu eta interdependenteentzat, haien dimentsio globala gero eta erabakigarriagoa baita –haiek konpontzeko, beharrezkoa da arazoen jatorrian dauden eredu ekonomiko, sozial eta kulturalak aldatzea–; eta iii) herriek beren patua eta beren garapen-eredua definitzeko duten eskubidea, beren nortasunean oinarrituta, ikuspegi unibertsalistatik eta uniformetik aldenduta.

Gainera, euskal lankidetza sortu zenetik da partaidetzako politika publikoa, eta ezaugarri hau du: elkarlan estua administrazioen eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, hezkuntza-komunitatearen, akademiaren, zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sarearen, Nazio Batuekin lotutako entitateen, sindikatuen eta esparru honetan bide esanguratsua egin duten beste erakunde sozial batzuen artean. Euskal gizarteak Hegoaldeko herriekin eta biztanleekin duen konpromiso solidarioa gizarte-ehun sendo eta askotarikoan islatzen da, irabazi-asmorik eza duena nortasun-printzipioaren ezaugarri; aliantza zabalak eta iraunkorrak egin ditu lurraldeekin eta ezinbesteko eragileekin, esate baterako, emakumeen eta feministen erakundeekin. Azken urteetan, arloko erakunde espezializatuek sare zabalak ehundu dituzte eta elkarlanerako zubiak eraiki dituzte Euskadiko eta Hegoaldeko hainbat oinarrizko erakundeekin: pertsona migratzaileenak, LGTBI+ kolektiboenak, nekazarien eta indigenen mugimenduarenak eta abar.

Ez dago euskal lankidetza eta elkartasuna ulertzerik aipatu gabe pertsonak –besteak beste, erakundeetako eta instituzioetako kooperanteak, brigadistak, akademikoak, ikasleak, boluntarioak, bazkideak eta langileak–; izan ere, justizia-nahi sakon batek bultzatuta eta Hegoaldeko lurraldeetako biztanleen duintasunaz arduratuta, ekintzetan gauzatzen dituzte euskal elkartasunaren balioak.

Bidezkoa da politika horrek Euskadirentzat dituen onurak ere aitortzea. Lankidetza- eta elkartasun-ekintzei esker, euskal gizartea –erakundeak eta herritarrak– asko aberastu da, eta honetarako aukera izan du, besteak beste: ongizatearen eta garapenaren marjinei buruz zeuzkan sinesmenak zalantzan jartzeko; bere aliantzak eta agendak indartzeko feminismoan, ekologismoan eta ezinbesteko beste borroka batzuetan; ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasanezinen ordezko praktikak sortzeko; eta bere identitatea hainbat arlotan balioesteko, hala nola aktibismoan, parte-hartze sozialean, kooperatibismoan eta euskara suspertzeko ekintzetan. Irakaspen horiei eta Hegoaldeko gizarteekin egindako aliantza sendoei esker, Euskadi gaur egun prestatuago dago arazo globalei eta horiek gure gizartean dituzten inpaktuei aurre egiteko.

Aurreko hamarkadek, aipatutakoaz gain, ikuspegi kritikoa eman digute. Hau da, autokonplazentziatik ihes egin eta garapen eta justizia globaleko helburuak betetzeko konpromisoa hartzera garamatza ikuspegi horrek. Hori dela eta, lege honen bidez, egindako bidea aintzat hartu, ondo egindakoa nabarmendu eta gure ekintzaren berezitasunean sakondu nahi da, baina baita akatsetatik ikasi, eguneratu, politika dinamiko eta berritzaile baten eragiletzat aitortu eta munduko testuinguruak eskaintzen dizkigun erronka berrien aurrean jarrera hartu ere.

II

Erabat desparekoa den mundu batean bizi gara. Hauen aurpegia du desparekotasunak: emakume, neskato, errefuxiatu, lurrik gabeko nekazari, naturaren eskubideen babesle, emakume trans eta bidegabekeriak desagerrarazteko borondate faltaren ondorioz bereizkeria jasaten duten pertsona guztien aurpegia.

Mundu konplexu batean bizi gara, maila globaleko prozesu interdependenteak eta eutsi ezinezko garapen- eta bizikidetza-ereduak ezaugarri dituena, gizakiaren bizitza eta planetaren bizitza bera arriskuan jartzen dituena. Azken aldiko krisi sanitario, beliko eta humanitarioek areagotu egin dituzte aurreko krisi sistemikoen ondorioak –krisi klimatikoa, elikadurakoa edo energetikoa, besteak beste–. Lehenengo aldiz 25 urtean, handitu egin da muturreko pobrezian bizi direnen, gose direnen eta oinarrizko beharrak –osasuna eta hezkuntza, esate baterako– asetzeko zailtasunak dituztenen kopurua. Ez da kasualitatea pertsona horietako gehienak emakumeak izatea eta Saharaz hegoaldeko Afrikakoak; izan ere, desparekotasunak sortzen dituzten eta planetako biztanle gehienen eskubideak urratzen dituzten dinamika historikoek eta egitura konplexuek bere horretan jarraitzen dute: patriarkatuak eta matxismoak, kolonialtasunak, kultura-homogeneizazioak, heterozentrismoak edo helduzentrismoak, besteak beste.

Gaur egun, munduko biztanleen laurdena indarkeriazko gatazken eraginpean dauden herrialdeetan bizi da; hori ez da gertatu joan den mendeko berrogeiko hamarkadaz geroztik. Giza eskubideen eta bakearen aldeko politiken eta akordioen ezarpena atzera egiten ari da, eta fundamentalismoak edo herrien arteko gatazkak, berriz, areagotzen. Hori guztia dela eta, inoiz baino pertsona gehiagok utzi behar izan dituzte beren jatorrizko komunitateak, haien osotasun fisikoa edo psikologikoa arriskuan zegoelako, edo ezin dituztelako beren askatasunak gauzatu. Herrialde askotan, eremu demokratikoa gero eta txikiagoa da, eta horrek mugatu egiten du herritarrek eta erakunde sozialek gizarte demokratikoagoak eraikitzeko duten funtsezko eginkizuna; testuinguru horietan, giza eskubideen alde egiten duten pertsonak, komunitateak, erakundeak eta sareak askotariko mehatxuak, kriminalizazio-egoerak eta jazarpena jasaten ari direla egiaztatu da.

Eredu ekonomiko kapitalista hedatzeak planeta osoko larrialdi klimatikoa, biodibertsitatearen galera eta kutsadura ere eragiten ditu. Eredu horrek arriskuan jartzen ditu egungo eta etorkizuneko belaunaldien bizibideak, munduko biztanle gehienen pobrezia eta desparekotasuna areagotzen ditu, tentsio larriak eragiten ditu biodibertsitate handieneko lurraldeetan –batez ere, herri indigenak bizi dira haietan–, neurriz kanpoko ekoizpen- eta kontsumo-ereduak hedatzea sustatzen du, eta Lurreko baliabide naturalak agortzen ditu. Testuinguru horretan, funtsezkoa da alternatiba ekonomiko, kultural eta sozialak nola sortu aztertzea. Aniztasunean, ekitatean, justizian, elkarrizketa sozialean, elkartasunean edo antzeko beste balio batzuetan oinarrituta egon behar dute alternatibok, eta pertsonen eta planetako gainerako izakien bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarri.

Gizateriak dituen erronka globalak asko dira, eta konplexuak. Funtsezkoa da horiek ikuspegi kritiko batetik ulertzea, haiei heltzeko eta eraldaketa horretan dagokigun erantzukizuna gure gain hartzeko. Munduko arazoen larritasun-mailak aldaketak eragin ditu garapenerako nazioarteko agendetan, eta ahuldu egin ditu kooperazio-sistemen oinarriak. Testuinguru horretan, euskal lankidetzarako politika publikoa ere ez da aldaketa horietatik kanpo geratu, eta bere nortasun-ezaugarriei eutsiz, eredu irekiago baterantz egiteko obligazioa du, gizarte osoari dei egingo dion eta nazioarteko eremuan etengabe gertatzen ari diren aldaketetara ahalik eta modurik eraginkorrenean egokitzeko bidea emango duen eredu baterantz.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2015ean bere egin zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda. Agenda horrek herrialde aberastuak eta txirotuak konprometitzen ditu erronka globalei elkarrekin aurre egitera, nagusi den garapen-eredu jasanezinaren eraldaketari modu bateratuan heltzera eta sistema horrek pertsonen bizitzan eta planetarenean eragiten dituen inpaktu desberdinei erantzutera.

«Bere baitan mundu asko hartzen dituen mundua» leloa onartzeak norberaren eraldaketa eta sistema global konplexu batean giza bizitzen jasangarritasuna bermatuko duen bizikidetza globala bilatzea eskatzen ditu. Gaur egun, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da aurrerapausoak ematea bakean eta gobernagarritasun demokratikoan oinarritutako bizikidetza-markoetan, pertsona ororen duintasuna bermatzeko, beren nortasunari uko egin behar izan gabe. Lortu nahi dugun munduan, gure eraldaketa-asmoek, justizian eta ekitatean oinarrituta, gizateriaren eta planetaren oraingo eta etorkizuneko bizitzekin batera existitzeko modua izan behar dute.

Erronka handi horien aurrean, ezinbestekoa da euskal lankidetza publikoa berritzea, eta, horrexegatik, honako hauek lortu nahi dira lege honekin:

– Erantzukidetasunaren arloan aurrera egitea. Erronka globalei aurre egiteak garapen eta justizia globalaren helburuen aldeko borondate, baliabide eta gaitasun gehiago mugiaraziko dituen elkarlan-ekintza eskatzen du. Horretarako, ezinbestekoa da gizartea bere osotasunean mugiaraztea eta eragile publiko eta pribatuek egindako ibilbidea eta bildutako ezagutzak aintzat hartzea.

– Aliantzak osa daitezen ahalbidetzea. Arazo konplexuei eta interdependenteei aurre egiteko, ezinbestekoa da erakunde- eta gizarte-maila guztiek onartzea elkarrekin aritzeko erantzukizuna. Gizateria gisa ditugun erronka globalen konponbideei ezin zaie heldu beste herrialde eta gizatalde batzuen esperientziarekin eta borondatearekin lotuta baizik.

– Ekarpenak egitea lankidetza deszentralizatuaren potentzialtasuna eta euskal gizartearen ezaugarri bereziak baliaturik. Bereizgarritasun hori mugitzen diren gizarte- eta erakunde-gaitasunetan eta bereziki esanguratsuak zaizkigun erronketan islatzen da: besteak beste, deszentralizazio eta lurralde-antolamenduan, hizkuntza- eta kultura-aniztasunean, bake-prozesuetan eta gatazkak konpontzeko bideetan, eredu ekonomiko alternatiboetan, hala nola kooperatibismoan eta ekonomia sozial eta solidarioan, elkarte-ehuna sendotzeko urratsetan, eta agenda feministan eta ekologistan sakontzeko ekimenetan.

– Lankidetzarako eta elkartasunerako Euskadiko eragileen artean koherentzia eta erantzukidetasuna hobetuko dituen erakunde-arkitektura berri bat sendotzeko aurrerapausoak ematea. Erakundeen esparruan administrazioen arteko koordinazioan aurrerapausoak emateko mekanismo eraginkorragoak ezartzea dakar, ezinbestekoak baitira politiken koherentzian eta kalitatean sakontzeko eta politika horien irismena handiagoa izateko.

– Gobernuak bere osotasunean garapenaren politika publikoari eta finantzaketari buruz duen ikuspegian aurrera egitea. Lege honek bere gain hartutako helburuek gainditu egiten dute lankidetzako zeregin espezializatua, helburua baita sektore guztiek aintzat hartzea beren politikek Hegoaldeko herrialdeetan eta lurraldeetan dituzten eraginak, eta garapen jasangarrirako politiken koherentziaren ikuspegian irmotasunez aurrera egin ahal izatea.

– Lankidetza- eta elkartasun-politikak eraldaketarako duen potentziala indartzea, diskurtsoaren eta praktikaren arteko arrakala txikituz. Nazioarteko agendek elkarlanean oinarritutako ekintzak garatzeko eta garapen-arazoen ikuspegi dikotomikoa (Iparra-Hegoa) hausteko deia egiten badute ere, laguntzaren norabide bakarreko ikuspegiak erabat baldintzatuta ditu lankidetza-politikaren gaur egungo tresnak. Nazioarteko akordio ugarik adierazten dute laguntzaren kudeaketa eraginkor eta integralagoa lortu beharra dagoela. Lege honen bidez konpromisoa hartzen da politikaren tresnak lortu nahi diren helburuetara egokitzeko bidean aurrera egiteko.

Lankidetza- eta elkartasun-politika publikoa berritzeko helburu horiek konpromiso politikotik soilik finka daitezke, elkarrekin aritzeko aliantzak eta estrategiak sendotzeaz batera. Hau da, euskal eragile instituzionalek eta sozialek eta Hegoaldekoek dituzten esperientzia eta ezagutza oinarri hartuta.

III

Euskaditik erantzukizunez eta umiltasunez egiten diegu aurre garapenaren erronka globalei, ongi baitakigu lege honekin bilatzen diren helburuetan aurrera egiteak gainditu egiten duela lankidetzako politika sektoriala, eta euskal eragile instituzional eta sozial guztiak inplikatzen dituela.

Euskal lankidetza publikoak aukerak zabaldu nahi ditu Hegoaldeko herrietako biztanleak beren patuaren protagonista izan daitezen. Beraz, euskal lankidetza eta elkartasun publikoak batik bat Hegoaldeko herrialdeetan eta lurraldeetan lan egingo du, bai eta krisi humanitarioek kaltetutako beste lurralde batzuetan ere. Euskadin, lankidetza- eta elkartasun-politikak gizartea eraldatzeko hezkuntza sustatzen du, giza garapenean, bizitzen jasangarritasunean, justizia globalean eta herrien arteko bizikidetzan eragina izango duten balioen, jarreren eta jardunbideen aldaketa bultzatzeko.

Gizartea eraldatzeko hezkuntza funtsezkoa da nazioarteko lankidetzaren esparruari buruzko lege-hurbilketa orotan, eta ardatz nagusi izan behar du gizarte ekitatiboagoak, anitzagoak, konprometituagoak eta bidezkoagoak bilatzeko bultzada guztietan.

Politika honetan sustatu nahi dugun Hegoaldearen protagonismoarekin bat etorrita, Hegoaldeko herrialdeetan eta lurraldeetan bideratzen diren jarduketak batez ere hango entitate publiko edo pribatu baten edo gehiagoren bitartez gauzatzen dira. Modu horretan Hegoaldeko herritarren eta botere publikoen protagonismoan eta ahalduntzean jartzen dugu indarra, horiexek baitira politika honen subjektu nagusiak. Nazioarteko agenteek, profesionalek eta boluntarioek, Nazio Batuetako erakundeek edo garapen, ekintza humanitario eta giza eskubideen gaietan –besteak beste– espezializatutako erakundeek Hegoaldeko agenteekin batera burututako lanaren osagarri dira jarduketa horiek, lan hori ere ezinbestekoa baita aipagai ditugun errealitateak eraldatzeko.

Lege honetan, Hegoaldeko herrialdeak eta lurraldeak dira, planetaren hegoaldeko hemisferioan egon gabe ere, bidegabekeria sistematikoak jasan dituzten herrialde eta lurraldeak, dela dinamika ekonomiko historikoen ondorioz, dela metatzeko, kentzeko eta ustiatzeko egungo modu berrien ondorioz, eta pobrezia, desparekotasunak, indarkeriak eta diskriminazio anizkoitzak dituzte.

Lege honetan, aurrekoan ez bezala, lankidetza- eta elkartasun-politikak ditugu hizpide, geure eginez garapena herrialdeek lortu behar duten egoera ekonomiko edo soziokultural unibertsal gisa hartzen duen ikuskera mugatzailearekiko begirada kritikoak. «Garapen-arazoek» batez ere Hegoaldeko herritarren txirotasunarekin eta ongizate-gabeziarekin dute zerikusia, baina ez dira horretara mugatzen. Aitzitik, estu lotuta daude, besteak beste, planetaren hazteko mugekin, desparekotasunekin, aukera falta eta lan duina ez izatearekin, aberastasunaren, baliabideen eta boterearen banaketa ez zuzenarekin eta askatasun, bake eta segurtasun gabeziarekin. Gisa horretan, lege honen bidez, euskal lankidetza- eta elkartasun-politika publikoak bizitzen jasangarritasuna, justizia eta bizikidetza globala erdigunean jartzen duten helburuetarantz egiten du, pertsonen –norbanakoen eta taldeen aniztasunetatik– eta planetaren zentralitatea bere egiten duen garapenaren ikuskera zabal batetik.

Hala ere, nazioarteko lankidetzak bere aldaketa-helburuei aurre egiteko erabiltzen dituen tresnak ez dira aski. Horixe erakusten dute jarduketak nazioarteko estandarrekin bateratzeko eta politika eta ekintzen kalitatean sakontzeko eta eraginkortasuna hobetzeko nazioarteko akordio eta erabaki ugariek. Ildo horretan, esanguratsuak dira jarduteko formula berriak eta berritzaileak, hala nola elkarrekiko lankidetza, lankidetza triangeluarra edo Hegoalde-Hegoalde lankidetza, gutxi batzuk aipatzearren. Euskal lankidetza- eta elkartasun-politikak, bere nortasun- eta berezitasun-ezaugarriei eutsita, ez dio utziko nazioarteko ahalegin horiekin bat egiteari. Hala, nazioarteko gai-zerrendetatik eskatzen zaizkigun premiazko eta beharrezko eraldaketak gauzatzeko, beharrezkoa da ahalik eta eragile, ahalegin eta baliabide gehien mobilizatuko dituen ekintza kolektibo globala baliatzea. Baliatze horretan, euskal administrazio publikoek zaindu egingo dute beren jardueren osagarritasuna, koordinazioa eta koherentzia gizarte zibileko erakundeek sustatzen dituztenekiko. Azken horiekiko elkarlanak protagonismoari eutsiko dio lankidetzako eta elkartasuneko baliabide publikoen bideratzean.

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari jarraituz, elkarrekin eta bat eginda aurrera egiteko konpromisoa daukagu, aipatutako erronka globalei aurre egiteko; hori dela eta, ezinbestekoa da partekatutako eta bereizitako erantzukizunak zabaltzea, garapen jasangarrirako politiken koherentzian sakontzea eta jarduketak koordinatzea, aldaketa-emaitza iraunkorrak lortzeko.

IV

Aurrekoan ez bezala, lege honek euskal sektore publiko osoari eta gainerako eragileei dei egiten die politika solidarioaren alde. Horretarako, aplikazio-eremua Euskal Administrazio publikoaren hiru mailetara zabaltzen du –bakoitzaren eskumen-esparruan eta bakoitzaren autonomia eta autoantolamendua errespetatuz–.

Euskal sektore publikoa lankidetza- eta elkartasun-eragile gisa hartzen duen kontzeptuak Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legea hartzen du erreferentziatzat, eta lege horrek zehazten du sektore publikoa osatzen dutela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, lurralde historikoetako foru-administrazioek, toki-administrazioek eta horien erakunde-administrazioek eta lehen aipatutako edozein administrazio publikoren mendeko gainerako erakunde instrumentalek. Gainera, legeak berariaz ezartzen du lankidetzaren eta elkartasunaren eremuko sektore publikoaren parte izango direla Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Eudel-Euskadiko Udalen Elkartea, Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartea eta euskal sektore publikoak eratutako eta nortasun juridiko propioa duten beste entitate batzuk, interes orokorreko beharrizanak asetzeko berariaz sortuak badira eta lankidetzaren eta elkartasunaren arloko jarduketak egiten badituzte.

Arauaren aplikazio-eremua Euskadiko hiru administrazio-mailetara zabalduta, esparru komun bat finkatu nahi da euskal administrazio publikoentzat, lankidetzaren eta elkartasunaren arloan eskumen partekatua dutenez. Estatuaren Kanpo Ekintza eta Zerbitzuari buruzko martxoaren 25eko 2/2014 Legearen 2.2 eta 11. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta Euskadiko lurralde historikoek eta toki-entitateek beren eskumenen kanpo-proiekzio gisa egin ditzakete arlo horretako jarduketak. Horrela, eskumen horiek ezin dira modu isolatuan interpretatu Euskal Administrazioaren maila bakoitzaren esklusibotzat, baizik eta ekintza konkurrenteak eta osagarriak dituen politika baten adierazpenaren zati gisa.

Jarduketa eta politika horiek beren artean koherenteak izan daitezen, euskal sektore publikoak, oro har, eta, bereziki, euskal administrazio publikoek, arau-esparru berri bat dute, bakoitzaren eskumenak, autonomia eta ahalak aitortzen dituena eta erakunde-arkitektura berri baten eraketan aurrera egiten duena.

V

Lege honek bost kapitulu, hemeretzi artikulu, xedapen gehigarri bat, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu.

I. kapituluan lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoaren xedea, helburua eta aplikazio-esparrua finkatzen dira, ezaugarri nagusiak azpimarratu, eta helburuak, printzipioak eta lehentasunezko ikuspegiak zehazten dira. Euskal lankidetza- eta elkartasun-eragileen ibilbidea, konpromisoa eta ezagutza metatua balioetsi nahi dira, batez ere garapenerako gobernuz kanpoko erakundeenak. Aldi berean, aliantza zabaletan sakondu nahi da, eta, horrenbestez, dei egiten die beren berezitasunetik eta erantzukizun bereizitik ekarpenak egin ditzaketen pertsona, erakunde eta entitate –sozial eta pribatu– guztiei.

II. kapituluan euskal lankidetza publikoaren antolamendua dago jasota. Bertan, euskal sektore publikoaren eginkizunak eta eskumenak finkatzen dira, besteak beste erakundearteko elkarlanari, garapen jasangarrirako politiken koherentziari eta kontuak emateari dagokienez. Gainera, euskal lankidetzaren aholku eta koordinaziorako bi organoak arautzen dira: Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseilua eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordea. Kapitulu honetan, lankidetza- eta elkartasun-politika publikoaren garrantzia handitu nahi da, eta haren eraginkortasuna hobetu, Euskal Lankidetzaren eta Elkartasunaren Egoerari buruzko Txostena eginez, besteak beste. Txosten horrek bost urtean behin ebaluatuko du lege honetan hartutako konpromisoak betetzen diren.

III. kapitulua euskal lankidetzaren jardun-modalitateen plangintzari eta zehaztapenari eskainita dago, eta kontuan hartzen du lankidetza publikoko tresnak elkarlanean aritzen diren herrialdeen eta gizataldeen errealitateetara egokitu behar direla. Lege honetan aurreikusitako helburuak lortzeko, beharrezkoa da nazioarteko akordio eta estandarrak aintzat hartzea, eta jarduketa berritzaileak gauzatzea, eraginkorrak izango direnak eta tokikotik aldaketa iraunkorrak sustatuko dituztenak, betiere beren alderdi globalarekiko lotura galdu gabe.

IV. kapituluan finkatzen dira euskal lankidetza-politika gauzatzeko baliabideak eta gaitasunak. Atal honetan zehazten dira, alde batetik, finantzaketa-aurreikuspenak –% 0,7ko konpromisoa indartuz–, eta, bestetik, lankidetzako eta elkartasuneko euskal sistemari laguntzen dioten pertsonei lotutako zenbait gai –kooperante profesionalak, prestakuntzan dauden pertsonak, boluntarioak eta euskal sektore publikoko langileak–.

V. kapitulua, azkena, ezagutzaren eta ikaskuntzaren kudeaketari eta komunikaziorako mekanismoei buruzkoa da. Jorratuko ditugun aldaketak egiteko, behar-beharrezkoa da errealitate aldakorra sakon ulertzea, herrien jakintzak gordetzea, konponbide berritzaile eta iraunkorrak bilatzea, eta, batik bat, gizarte osoak konpromisoa hartzea eta solidarioki parte hartzea.

Lege honi amaiera ematen diote laguntza eta dirulaguntzei buruzko xedapen gehigarri batek, hiru xedapen iragankorrek, xedapen indargabetzaile batek eta azken hiru xedapenek. Azken hauetako batek ahalmena ematen dio Eusko Jaurlaritzari arau bidez lege hau gara dezan.

I. KAPITULUA
LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL POLITIKA PUBLIKOA

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Lege honen xedea da lankidetzaren eta elkartasunaren arloko euskal politika publikoen araubide juridikoa ezartzea eta arautzea.

2.– Lege honen helburua da euskal lankidetza eta elkartasuna bultzatzea, eta honetaz dihardugu hori esatean: Euskadik, Hegoaldeko eragileekin aliantzan, giza garapenaren eta bizitzen jasangarritasunaren, justizia globalaren –bereziki, generoaren, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik– eta prozesu demokratikoen sakontzearen, bakearen eraikuntzaren eta munduko herrien arteko bizikidetzaren esku jartzen dituen jarduera, gaitasun, baliabide eta balio solidarioen multzoa.

3.– Helburu hori lortzeko, euskal sektore publikoak lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoa sustatzen du gainerako lankidetza- eta elkartasun-eragileekin koordinatuta. Lege honen ondorioetarako, hauek dira lankidetza- eta elkartasun-eragile horiek:

a) Pertsona fisikoak eta juridikoak –publikoak edo pribatuak, edozein dela ere haien izaera juridikoa, tokikoak, nazionalak edo nazioartekoak–, beren gaitasun, baliabide eta erantzukizun espezifiko eta bereizietatik abiatuta, lege honen helburuak eta printzipioak betetzen laguntzen dutenak. Nabarmentzekoa da gobernuz kanpoko erakundeen ekarpen diferentziala –konprometitutako gizarte baten adierazpena–, zaurgarrien diren pertsonen eskubideak defendatzeko eta erakunde publikoei betebeharrak bete ditzaten eskatzeko duten ezagutzagatik eta gaitasunagatik.

b) Pertsona juridikoen kasuan, egoitza soziala edo ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateak dira Euskadiko lankidetza- eta elkartasun-eragileak.

4.– Lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoak garapenerako laguntza ofiziala jasotzeko hautagarri diren Hegoaldeko herrialde eta lurraldeetan jarduten du, eta pobrezia-, desparekotasun-, indarkeria- edo diskriminazio anizkoitzen mailak direla-eta euskal lankidetza publikoak berak testuinguruaren eta egokitasunaren gainean egindako azterketaren arabera jardutea egokitzat jotzen den herrialde eta lurraldeetan. Bestalde, ekintza humanitarioak krisi-testuinguruetan dauden biztanleen beharrei eta eskubideei erantzuten die, eta printzipio humanitarioak ditu gidari.

5.– Lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoak hauek sustatzen ditu, besteak beste: gizartea eraldatzeko hezkuntza, garapen jasangarrirako politiken koherentzia, ezagutzaren sorrera eta komunikazioa; horien bidez, bizitzen jasangarritasunean, justizia globalean eta herrien arteko bizikidetzan eragina izango duten balioen, jarreren eta jardunbideen aldaketa bultzatu nahi da.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Lege hau honako hauei aplikatuko zaie:

1.– Euskal sektore publikoari, lankidetza- eta elkartasun-eragile den neurrian; eta lege honen ondorioetarako, honako hauek osatzen dute:

a) Euskal administrazio publikoek: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, lurralde historikoetako foru-administrazioek eta toki- administrazioek, beren erakunde-administrazioak eta mendeko eta atxikitako gainerako erakunde instrumentalak barne hartuta.

b) Euskal sektore publikoak eratutako nortasun juridikoko beste entitate batzuek, interes orokorreko premiak asetzeko berariaz sortuak, eta lankidetzaren eta elkartasunaren arloan dihardutenak; besteak beste, Eudel-Euskadiko Udalen Elkartea eta Euskal Fondoa-Lankidetzarako Euskal Toki Erakundeen Elkartea.

c) Euskal Herriko Unibertsitateak.

d) Euskal sektore publikoko beste edozein entitatek, baldin eta lankidetzaren eta elkartasunaren eremuan jarduten badu eta lege honen helburuak lortzen laguntzen badu.

2.– Modu espezializatu batean edo jarduketa-esparru zabalago batean lankidetzan eta elkartasunean diharduten gobernuz kanpoko erakundeei eta gizarte-mugimenduei, eta lege honen helburuak lortzen laguntzen duten beste eragile batzuei –hezkuntzan, kulturan, ekonomian, gai sindikaletan eta abarretan jarduten dutenak–, euskal funts publikoekin egiten dituzten jarduerei dagokienez.

3.– Lankidetzarako eta elkartasunerako euskal eragileek sustatutako lankidetza- eta elkartasun-jardueretan parte hartzen duten pertsona fisiko guztiei, hala nola gizarte-erakundeetako eta instituzioetako kooperante profesionalei, brigadistei, akademikoei, hezitzaileei, ikasleei, boluntarioei eta bazkide eta langileei.

3. artikulua.– Ezaugarriak.

Hauek dira lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoaren ezaugarriak:

a) Epe luzerako konpromisoa hartzea eta Hegoaldeko biztanleei bereziki eragiten dieten txirotze, desparekotasun eta bazterketa-arrazoien egiturazko eraldaketa bilatzea, eta, ondorioz, Euskadin eta maila globalean ere aldaketak sustatzea.

b) Elkartasun-printzipioan –besteak beste, merkataritza-, enpresa- edo geopolitika-onuretara baldintzatuta ez dagoena– eta horizontaltasun-printzipioan –Hegoaldeko herriekiko elkartasun-harremanak finkatzea xede duena– oinarrituta egotea.

c) Ikuspegi hauen bidez garatzea: giza eskubideak, feminista, lokal-globala, ekosoziala, lurralde-mailakoa eta garapen jasangarrirako politiken koherentzia.

d) Norberaren eta beste eragile batzuen gaitasunak eta baliabide finantzarioak garapenaren alde mobilizatzeko gai izatea.

e) Partaidetzako eta elkarlaneko politika publikoa izatea, euskal elkarteek Hegoaldeko herrialde eta lurraldeetako gizarte-eragileekin eta botere publikoekin aliantza egonkorrak eratzeko duten ibilbidea eta berariazko gaitasunak onartuko dituena.

f) Gobernuak bere osotasunean duen ikuspegian aurrera egitea, garapen-agenda globalei laguntzeko, gobernuaren esperientziatik abiatuta eta Hegoaldeko biztanleen esperientziarekin uztartuta.

4. artikulua.– Helburuak.

Hauek dira lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoaren helburuak:

a) Bereziki Hegoaldeko gizataldeetan txirotasuna eta bazterkeria eragiten dituzten egiturazko arrazoiak eraldatzeko ekarpena egitea eta giza garapena eta jasangarritasuna sustatzea, ildo horretan adosten diren agenda globalei ekarpenak eginda.

b) Desparekotasunaren aurka borrokatzea eta, giza eskubideen nazioarteko testuinguruan, justizia globala sustatzea, bereziki dimentsio hauetan: ekonomia, gizartea, generoa eta ingurumena. Horretarako, gaur egun nagusi diren kultura-, ekonomia- eta gizarte-ereduen alternatibak eta jardunbide demokratikoak, bidezkoak, solidarioak eta jasangarriak sustatzen dira.

c) Gizarte askeak, demokratikoak, baketsuak eta inklusiboak sustatzea eta herrien arteko bizikidetza globala bultzatzea. Helburu hori lortzeko, giza eskubideen defentsan eta horien aplikazioaren agendan, gobernantza demokratikoan, bakearen eraikuntzan eta herritartasun aktibo eta konprometituan sakonduko da.

d) Elkartasunaren balioak sustatzea eta euskal gizartearen eta bere erakundeen mobilizazioa bultzatzea, aipatutako helburuak betetzeko prozesuan herritarren protagonismoa indartzeko; besteak beste, gizartea eraldatzeko hezkuntzako prozesuen bidez.

e) Gizarte zibil antolatuaren entitateak –bai Euskadikoak, bai Hegoaldeko herrialde eta lurraldeetakoak– indartzea eta haiei laguntzea, elkarte-sarea sustatuz gizarte demokratiko, inklusibo, horizontal eta eraldatzaileen sinbolo gisa.

5. artikulua.– Printzipioak.

Honako printzipio hauek ditu oinarri lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoak:

a) Konpromiso solidarioa. Lankidetza- eta elkartasun-jarduerak guztion ongiaren aldeko eraldaketa- eta erantzukidetasun-konpromiso etikotik sortzen dira, merkataritza-, enpresa- edo geopolitika-onuren moduko itzulketarik espero izan gabe, eta ideologia- edo erlijio-proselitismotik urrun mantentzen dira.

b) Horizontaltasuna eta Hegoaldearen protagonismoa. Hegoaldeko biztanleak beren patuaren protagonista izan daitezen, Euskadiren eta lankidetzan kide diren Hegoaldeko herrialdeen eta lurraldeen arteko elkarlan-loturak horizontalak dira, eta berdintasunean oinarritutako harreman hurbiletan oinarritzen dira, inposiziorik gabe kulturaren edo ekonomiaren aldetik edo beste alderdiren batetik.

c) Parte-hartzea. Planetako pertsona eta herri guztientzako ondasun publikoen hornidura justua eta iraunkorra lortzeko, beharrezkoa da aliantzak eta elkarlan-jarduerak eratzea. Horregatik, hain zuzen ere, Euskadiko zein Hegoaldeko eragile instituzionalek eta sozialek parte hartzen dute lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoa diseinatzeko, gauzatzeko eta ebaluatzeko lanetan.

d) Ekitatea. Lankidetza- eta elkartasun-jardueren zutabe dira, besteak beste, sexuan, genero-identitatean, sexu-orientazioan, etnia- edo arraza-jatorrian, hizkuntza- eta kultura-identitatean, adinean, ideologian edo erlijioan oinarritutako diskriminaziorik eza eta haurren interes gorenaren errespetua. Justiziari dagokionez aurrera egiteko, desagerrarazi egin behar dira pertsonen, herrialdeen eta lurraldeen desparekotasunak eta bazterkeria eragiten dituzten egiturazko oztopoak. Horretarako, ekitate-printzipioa izango da ardatz, tratu-berdintasunaz harago baitoa eta giza eskubideak erabat gozatu ahal izatea baitu helburu, bereziki emakumeen, herri indigenen, haurren eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideak.

e) Erantzukizun partekatuak eta bereiziak. Erronka global, interdependente eta konplexuek hainbat errealitate eta eragile lotzen dituzten jarduerak eskatzen dituzte, tokiko prozesuen beren arteko eta estrategia globalen arteko erlazioa sakontzen duten jarduerak. Guztien ongiaren eta bizitzen jasangarritasunaren aldeko erantzukidetasun-konpromisoak ekonomia-, gizarte- eta kultura-ereduak eraldatzea eskatzen du, bai Euskadin, bai beste herrialde batzuetan.

f) Koherentzia. Euskadiko eragile instituzionalek eta sozialek sustatutako lankidetza-jarduerak koherenteak eta koordinatuak izango dira beren artean, lankidetza- eta elkartasun-politikaren helburuak lortuko badira. Osagarritasunari dagokionez, esku hartzen duen eragile bakoitzaren gaitasunak eta izaera berezia aitortu behar dira, elkarlan-ekintza gogoan eta egitekoak ez bikoizteko helburua kontuan hartuta.

g) Kalitatea. Lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politikaren eraginkortasun, efizientzia eta irismen handiagoa erdiesteko, hauexek lortu behar dira:

i) politika horretara bideratzen diren funts publikoak nahikoak, jarraituak eta aurreikusteko modukoak izatea;

ii) prozedurak bizkorrak eta zentzuzkoak izatea, lankidetzan kide diren herrialdeetako eta lurraldeetako errealitateetara eta esku hartzen duten eragileen izaerara egokituta;

iii) jarduerek eraldaketaren emaitzen irismena, jasangarritasuna eta lorpenak iraunkorrak izan daitezen lehenestea.

h) Etengabeko hobekuntza. Euskal lankidetzak berritu, ikasi, hausnartu eta trukatu egiten ditu ezagutzak, politika hori hobetzeko eta erronka globalei modu eraginkorragoan heltzeko. Horretarako, esku-hartzeak egiten dituen tokietako errealitateak sakon ezagutuko ditu, errealitate horietara hurbiltzeko jakintzen eta estrategien aniztasuna aitortuko du, eta elkarrekin ikastea bultzatuko du.

6. artikulua.– Lehentasunezko ikuspegiak.

Lehentasunezko ikuspegi hauen arabera garatuko da lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoa:

a) Giza eskubideen ikuspegia, eskubide –indibidualen edo kolektiboen– zibilen, politikoen, ekonomikoen, sozialen, kulturalen eta ingurumenekoen izaera integrala aitortzen baitu. Giza eskubideen aldeko nazioarteko konpromisoek indarrean dirautela aldarrikatzen du, eta eskubideen, betebeharren eta erantzukizunen titularren funtsezko eginkizuna indartzen duten estrategiei heltzen die. Printzipio demokratikoen garapenak, berriz, sakontzen du eskubideen galdagarritasunean, ekintza publikoaren gardentasunean eta kontuak emateko mekanismoen ezarpenean.

b) Ikuspegi feminista, bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarri eta nagusi diren ekonomia-, politika- eta kultura-ereduak sakonki jartzen baititu zalantzan. Ikuspegi honek, batetik, estrategia duala –genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna eta emakumeen ahalduntzea– emakumeen bizipenen analisi intersekzionalarekin osatzen du; eta, bestetik, emakumeen eta erakunde feministen protagonismoa eta eragiletza lehenesten ditu gizarte baketsu, inklusibo eta jasangarriak lortzeko.

c) Ikuspegi lokal-globala, planetako lurraldeetan erronka global komunak daudela onartu eta sistemaren interdependentziak eta desparekotasuna eragiten duten egiturazko kausak ulertzen sakontzen baitu. Ikuspegi horrek maila anitzeko eraldaketak bultzatzeko tokiko prozesuen arteko lotura eta horiek prozesu eta estrategia globalekin dituzten loturak sustatzen ditu.

d) Ikuspegi ekosoziala, planetaren muga biofisikoak eta gizarte- eta ingurumen-desoreken arteko mendekotasuna onartzen baititu. Ikuspegi horrek agerian uzten du hazkunde ekonomiko neurrigabeak eragindako ekosistemen kolapsoa, eta horrek planetako biztanleengan sorrarazitako inpaktu desparekoak. Egungo eta etorkizuneko bizitzen jasangarritasuna arriskuan jarriko ez duen trantsizio ekosozialean aurrera egiteko apustua egiten da, eta ekintza zehatzak bultzatu, besteak beste energia-efizientzian, mugikortasun jasangarrian, biodibertsitatearen defentsan eta lurraldearen kudeaketa jasangarrian.

e) Lurralde-oinarriko ikuspegia, lurralde berean dauden baliabide eta gaitasun publiko eta sozialak mobilizatzea eskatzen baitu, giza garapenari eta jasangarritasunari ikuspegi integral eta multidimentsional batetik heltzeko. Biztanleen premiak, interesak eta asmoak abiapuntutzat hartzeak politika publikoen eraginkortasuna eta kalitatea hobetzen du, eta, aldi berean, lurraldeen partaidetza eta gobernagarritasun demokratikoa indartzen ditu. Ikuspegi horrek tokiko boterea handitzea du helburu, eragileak kontzertatuz eta antolatuz, gizarte- eta erakunde-eragileen gaitasunak eta ahalduntzea indartuz, eta maila anitzeko aliantzak bultzatuz.

f) Garapen jasangarrirako politiken koherentziaren ikuspegia, politika publikoaren ikuspegi integrala aplikatzeko beharra azpimarratzen baitu, osagarritasunak aprobetxatzeko, gatazkak murrizteko eta egungo eta hurbileko erronkei aurre egiteko, eta etorkizuneko belaunaldiekiko eta planetarekiko konpromisoan eta ekintza propioek beste gizarte batzuetan duten eraginean oinarrituta. Ikuspegi horrek esan nahi du administrazio bakoitzak bere erantzukizunak eta dituen politika guztien eraginak aztertu behar dituela garapenari, jasangarritasunari, justiziari eta bizikidetza globalari dagokienez, eta horien arabera jardun behar duela.

II. KAPITULUA
LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL POLITIKA PUBLIKOAREN ANTOLAMENDU INSTITUZIONALA

7. artikulua.– Euskal sektore publikoa lankidetza- eta elkartasun-eragile gisa.

Euskal sektore publikoa osatzen duten administrazioek eta entitateek beren burua antolatzeko ahalak erabiliz eta autonomia osoz gauzatuko dituzte lankidetzaren eta elkartasunaren arloan dagozkienak, hala nola:

a) Euskadiko baliabide solidarioen mobilizazio ahalik eta handiena sustatzea, lege honen helburuak lortzeko.

b) Gainerako lankidetza- eta elkartasun-eragileen arteko elkarrizketa, parte-hartzea, elkarlana eta laguntza sustatzea, bai eta haien arteko aliantzak eratzea ere.

c) Lankidetza- eta elkartasun-eragileen gaitasunak indartzea, helburua izanik eraldatze-emaitzen kalitatea, eraginkortasuna eta irismena hobetzea eta, era berean, politika hedatzen parte hartzen dutela eta protagonistak direla bermatzea.

d) Euskal gizartean elkartasun-balioak eta jokabide- eta portaera-aldaketak bultzatzea, gizarte bidezkoagoak, zuzenagoak eta inklusiboagoak sustatzeko.

e) Lankidetza- eta elkartasun-ekintzetan ikuspegi feminista intersekzionalaren zeharkakotze eraginkorra sustatzea.

f) Lankidetza- eta elkartasun-politiketan, euskal sektore publikoko administrazioen eta entitateen artean, eta gainerako lankidetza- eta elkartasun-eragileekin, osagarritasuna, koordinazioa eta koherentzia sustatzea eta, gainera, beste administrazio batzuekiko eta aldebiko eta alde askotako agentzien arteko koordinazioa bultzatzea.

g) Izapide burokratikoak eta laguntzen eta dirulaguntzen prozedurak sinplifikatzeko eta arintzeko prozesuetan aurrera egitea, jarduketak gauzatzen diren lurralde eta herrialdeetako errealitateetara egokitzeko.

h) Lankidetzaren eta elkartasunaren arloan plangintzak eta ebaluazioak egin daitezen sustatzea.

i) Gardentasunaren eta kontuak ematearen arloan aurrera egitea, eta euskal herritarrek eta jarduten den herrialdeetako eta lurraldeetako herritarrek lankidetza- eta elkartasun-ekimenei buruzko informazio eskuragarria eta eguneratua izan dezaten sustatzea.

j) Garapen jasangarrirako politiken koherentzia sustatzea eta garapen-erronka globaletan laguntzea beren erakundeen sektore-politika guztietatik.

k) Beren zerbitzura dauden langileei zuzendutako sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak bultzatzea, garapen jasangarrirako politiken koherentzia sustatzeko.

l) Ezagutza sortzea, hausnartzea eta ikaskuntza bateratua sustatzea, erronka globalei eraginkortasun handiagoz ekiteko.

m) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste guztiak.

8. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sektore publikoa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrari dagokio lege honen helburuak lortzen laguntzea, lankidetza- eta elkartasun-politika indartuz eskumen-esparru bakoitzetik, eta koordinaziorako estrategiak sortuz gobernu-ikuspegi bateratu batekin.

2.– Eusko Jaurlaritzari dagokio:

a) Lege hau erregelamendu bidez garatzea arautu beharreko alderdi guztietan.

b) Hala badagokio, euskal sektore publikoak lankidetzaren eta elkartasunaren arloan dituen helburuak eta lehentasunak ezartzea, jardueren koherentzia bermatzeko.

c) Eusko Legebiltzarrari igortzea Eusko Jaurlaritzaren lankidetzaren eta elkartasunaren arloko urte anitzeko plangintza-proposamena, batzordean eztabaidatzeko eta, hala badagokio, gomendioak emateko.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lankidetzaren eta elkartasunaren arloko urte anitzeko planak Gobernu Kontseiluan onartzea.

e) Eusko Legebiltzarrari bidaltzea, osoko bilkuran eztabaida dezan, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluak egindako Euskal Lankidetzaren eta Elkartasunaren Egoerari buruzko Txostena.

f) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste guztiak.

3.– Eusko Jaurlaritzan lankidetzaren eta elkartasunaren arloan eskumena duen sailari dagokio:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lankidetza- eta elkartasun-politikaren gidalerroak zehaztea.

b) Eusko Legebiltzarrari urtero agerraldian aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak lankidetzaren eta elkartasunaren arloan egindako jardueren betearazpen-memoria.

c) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten beste guztiak.

9. artikulua.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia.

1.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzan lankidetzaren eta elkartasunaren arloan eskumena duen sailari atxikitako erakundea da. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lankidetza- eta elkartasun-politika planifikatzea, koordinatzea, kudeatzea, gauzatzea eta ebaluatzea sustatzen du.

2.– eLankidetza–Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, bere antolamenduari eta funtzionamenduari dagokion guztian, lege honetan eta agentzia sortzeko legean eta berau garatzeko araudian xedatutakoari jarraituko dio.

10. artikulua.– Garapen jasangarrirako politiken koherentzia.

1.– Garapen jasangarrirako politiken koherentziak eskatzen du giza garapenaren ikuspegia eta ingurumen-jasangarritasuna administrazio publiko bakoitzaren politiken diseinuan, praktikan eta ebaluazioan txertatzea. Halaber, politiken eta erakundeen artean osagarritasunak indartzea eta gatazkak murriztea ere eskatzen du. Koherentzia horrek eragina du politikek ingurune hurbilean, beste herrialde eta lurralde batzuetan eta etorkizuneko belaunaldietan duten inpaktuan.

2.– Garapen jasangarrirako politiken koherentziari dagokionez, hauexek dira Lehendakaritzari dagozkion eginkizunak:

a) Gobernuaren politika guztiak giza garapenarekin eta jasangarritasunarekin koherenteak izan daitezen bultzatzea, politika horiek barnean zein kanpoan izan ditzaketen ondorio negatiboak ez gertatzeko edo murrizteko.

b) Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluari eta Eusko Legebiltzarrari aldizka garapen jasangarrirako politiken koherentziaren arloan egindako jardueren berri ematea, bereziki kanpo-ekintzari, enpresen nazioartekotzeari, erosketa publiko arduratsuari, ingurumen-estrategiari eta balioetan oinarritutako prestakuntzari eta hezkuntza-politikari dagokienez.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta entitateen planei eta jarduketei buruzko aholkularitza eskatzea eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari, plan horiek Hegoaldeko herrialdeetan eta lurraldeetan edo lege honen helburuetan eragin badezakete.

3.– Garapen jasangarrirako politikak koherenteak izan daitezen bermatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta entitateek kontuan izan beharko dute, beren eskumenak erabiltzean, beren planek eta jarduerek Hegoaldeko herrialdeetan eta lurraldeetan izan dezaketen eragina. Eragin hori aztertzeko, aholkularitza eskatu ahal izango diote eLankidetza–Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak, ekonomia sustatzeko politiketan, ez die laguntzarik emango armamentua edo erabilera militarreko teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen diharduten pertsona fisiko edo juridikoei.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta entitateek, Hegoaldeko herrialde edo lurraldeetan eragina duten doako besterentze-egintzak adosten dituztenean, ondareari buruzko araudia eta aplikatu beharreko gainerako araudia betetzeaz gain, alderdi hauek hartuko dituzte kontuan, gutxienez, dohaintzan emandako ondasunei dagokienez: gizarte-, kultura- eta teknologia-egokitasuna, tokiko ekonomian duten eragina, bizitza erabilgarria, igorpenari eta mantentze-lanei atxikitako kostuak, eta bizitza erabilgarriaren amaieran hondakinak banatzeko, biltegiratzeko eta modu eraginkorrean eta seguruan kudeatzeko sistemak.

11. artikulua.– Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseilua.

1.– Euskadin Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseilua da lankidetzaren eta elkartasunaren arloko aholkularitza- eta partaidetza-organo nagusia, eta ahalmena du politika hori proposatzeko, haren gainean irizpenak emateko eta jarraipena egiteko.

2.– Kontseilu hori lankidetzaren eta elkartasunaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan lankidetzari eta elkartasunari emandako baliabideekin bere eginkizunak betetzeko nahikoa baliabide ekonomiko izango du.

3.– Kontseiluaren osaera parekidea da erakunde- eta gizarte-ordezkariei dagokienez, eta emakumeen eta gizonen osaera orekatua errespetatzen du, beti.

4.– Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Lankidetzaren eta elkartasunaren arloan euskal sektore publikoari eta Euskadiko gainerako eragileei aholkularitza, informazioa eta laguntza ematea.

b) Eragileekiko –izan eragile horiek publikoak edo pribatuak, tokikoak, nazio mailakoak edo nazioarte mailakoak– elkarrizketa ahalbidetzea, lege honetan aurreikusitako helburuak sustatzeko.

c) Euskal sektore publikoaren lankidetza- eta elkartasun-politikei buruzko proposamenak egitea, aztertzea eta haien gaineko jarraipena egitea.

d) Aldez aurretik eta nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lankidetzaren eta elkartasunaren arloko xedapen orokorrei eta urte anitzeko plangintza-proposamenei buruzko txostena egitea.

e) Bost urtean behin Euskal Lankidetzaren eta Elkartasunaren Egoerari buruzko Txostena egitea. Bertan ebaluatuko dira, besteak beste, lege honetan hartutako konpromisoen betetze-maila, eta sektore publikoari eta Euskadiko lankidetza- eta elkartasun-eragile guztiei zuzendutako gomendioak bilduko ditu, lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika hobetzeko. Txosten hori Eusko Legebiltzarrari igorriko zaio osoko bilkuran eztabaidatu dezan eta, hala badagokio, gomendioak eman ditzan. Kontseiluak gomendio horien ezarpenaren gaineko jarraipena egingo du aldizka.

f) Lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoaren hobekuntzan aurrera egiteko azterlanak eta proposamenak egitea eta eztabaidatzea, eta arreta berezia jartzea garapen jasangarrirako politiken koherentzian.

g) Lankidetzarako eta elkartasunerako euskal politika publikoa hobetzeko eta horretan aurrera egiteko interesgarriak diren lankidetza- eta elkartasun-jarduketak eta ekimenak ezagutzea.

h) Erregelamendu bidez esleitzen zaizkion beste guztiak.

5.– Erregelamendu bidez garatuko dira kontseiluaren osaera, izendapenak eta kargu-uzteak, funtzionamendua eta eginkizunak.

6.– Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluak euskararen eta gaztelaniaren erabilera bermatuko du bere barne- eta kanpo-jardueran. Era berean, herritarrekin eta gainerako erakundeekin izango dituen harremanetan ere bermatu behar du euskararen eta gaztelaniaren erabilera.

12. artikulua.– Erakundearteko elkarlana lankidetzaren eta elkartasunaren arloan.

1.– Euskal sektore publikoak, bere kabuz edo beste entitate publiko edo pribatu batzuekin elkarlanean, erakundearteko jarduerak gauzatu ahal izango dituzte. Horretarako, lankidetza-mekanismoak aurreikusi ahal izango dira, hala nola hitzarmenak, partzuergoak eta beste elkarlan-formula egonkor batzuk.

2.– Entitate horiek finantzaketa-funts komunak osatu ahal izango dituzte, eta funts horiek elkarrekin kudeatuko dituzte edo parte hartzen duen entitate publikoetako baten esku utzi ahal izango dute kudeaketa.

3.– Finantzaketa-funts komun horien xedea, helburua eta kudeatzeko era funts horiek osatzen dituzten entitateek sinatutako elkarlan-hitzarmenen bidez arautuko dira, besteak beste.

13. artikulua.– Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordea.

1.– Lankidetzaren eta elkartasunaren arloan, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordea da euskal sektore publikoaren koordinazio- eta elkarlan-organoa.

2.– Beti izango dira batzordearen parte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren, foru-administrazioaren eta toki-administrazioaren ordezkariak. Batzordeak emakumeen eta gizonen osaera orekatua errespetatuko du.

3.– Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordea lankidetzaren eta elkartasunaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita dago.

4.– Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Euskal sektore publikoko administrazioen eta entitateen arteko elkarrizketa eta elkarrekiko laguntza ahalbidetzea, lankidetza- eta elkartasun-politikaren kudeaketa eta emaitzak optimizatzeko.

b) Euskal sektore publikoak egiten dituen lankidetza- eta elkartasun-jarduketen koherentzia, koordinazioa eta osagarritasuna bermatzea, besteak beste honako ekintza hauen bidez:

i) informazioa trukatuz;

ii) bikoiztasunak eta gainjartzeak saihestuz;

iii) estrategia eta ildo komunak landuz;

iv) arloko azterlanak, txostenak eta ebaluazioak eztabaidatuz;

v) Euskal Lankidetzaren eta Elkartasunaren Egoerari buruzko Txostenaren eztabaidaren ondorioz Eusko Legebiltzarrak emandako gomendioak aztertuz eta, hala badagokio, plangintzetan eta jardueretan gomendio horiek aintzat hartuz.

c) 12. artikuluak aurreikusten duenarekin bat etorrita, erakundearteko jarduerak sustatzea eta koordinatzea.

d) Erregelamendu bidez esleitzen zaizkion beste guztiak.

5.– Erregelamendu bidez garatuko dira batzordearen osaera, izendapenak eta kargu-uzteak, funtzionamendua eta eginkizunak.

III. KAPITULUA
LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL POLITIKA PUBLIKOAREN PLANGINTZA ETA MODALITATEAK

14. artikulua.– Plangintza.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, euskal sektore publikoaren jarduketen koherentzia bermatzeko asmoz, ekintza publikoak lankidetzaren eta elkartasunaren arloan dituen helburuak eta lehentasunak ezarri ahal izango ditu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-organoek eta toki-entitateek, beren burua antolatzeko ahalak erabiliz eta autonomia osoz, banaka edo batera prestatuko dituzte urteko eta urte anitzeko plangintzak beren lankidetza- eta elkartasun-jarduketak antolatzeko.

3.– Aurreko apartatuan aurreikusitako plangintzak orokorrak izan daitezke, edo lurralde- edo sektore-esparru espezifikoei buruzkoak, edo politika honetarako bereziki garrantzitsuak diren beste alderdi batzuei buruzkoak.

4.– Urte anitzeko plangintzak lantzeko, administrazio horiek bideak sustatuko dituzte herritarrek, banaka edo antolatuta, eta lege honen helburuetan eragin dezaketen eginkizunak dituzten sailek edo arloek parte har dezaten.

5.– Urte anitzeko plangintzek alderdi hauek jaso ahal izango dituzte: a) egoeraren diagnostikoa; b) helburuak; c) lehentasun estrategikoak; d) aurrekontu-aurreikuspenak; e) lankidetza-tresnen eta funtsak esleitzeko ehunekoen aurreikuspena; f) indarraldia; eta g) jarraipen- eta ebaluazio-sistemak.

6.– Administrazio horiek, beren eskumenen arabera, ebaluatu egingo dituzte beren urte anitzeko planak. Ebaluazio horiek egiteko, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen Garapenerako Laguntza Batzordeak –edo horren baliokidea den erakundeak– finkatutako oinarrizko irizpideak hartu ahal izango dira kontuan, bai eta lege honetan ezarritako lehentasunezko ikuspegiak ere.

15. artikulua.– Lankidetza- eta elkartasun-modalitateak.

1.– Lankidetza- eta elkartasun-arloko jarduketak garatzeko, euskal sektore publikoak, nork bere eskumenen arabera, lankidetza- eta elkartasun-politika publikoaren esku jarriko ditu lege honen helburuak eraginkortasunez lortzeko beharrezkotzat jotzen diren modalitate, tresna eta prozedura guztiak. Tresna horiek erakundeen arteko koordinazioa sustatuko dute, bai eta izapideak bizkortzea eta sinplifikatzea ere, bultzatutako jarduketen efizientzia areagotzeko.

2.– Euskal sektore publikoak lankidetzaren eta elkartasunaren arloko jarduerak egin ahal izango ditu zuzenean edo, besteak beste, gobernuz kanpoko erakundeen, nazioarteko erakundeen eta erakunde multilateralen nahiz beste entitate publiko edo pribatu batzuen bitartez. Jarduketa guztiek, izan zuzenekoak zein zeharkakoak, lege honetan aurreikusitako printzipio eta ikuspegiak beteko dituzte, eta kalitate, kontu-emate, gardentasun eta ebaluaziorako estandar berberak izango dituzte.

3.– Lankidetza-politika egikaritzeko bideratu behar diren jarduketak dagokion administrazioaren funts propioekin egin daitezke, edo beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek lagatako funtsekin, edo herritarrek eurek transferitutako funtsekin.

4.– Euskal administrazio publikoek beren jardueren osagarritasuna, koordinazioa eta koherentzia zainduko dute gainerako eragileek sustatzen dituztenekiko, bereziki gobernuz kanpoko erakundeenekiko, 7. artikuluko f) apartatuan ezarritakoaren arabera.

5.– Euskal sektore publikoak giza garapena, jasangarritasuna, ekintza humanitarioa eta gizartea eraldatzeko hezkuntza sustatu ahal izango ditu, besteak beste ondoko modalitate hauen bitartez:

a) Lankidetza teknikoa eta ezagutzen mobilizazioa: ezagutzen, kudeaketa-esperientzien eta politikak diseinatzeko esperientzien trukean eta beste truke mota batzuetan oinarritutako jarduketak, lankidetza- eta elkartasun-eragileen gaitasun instituzionalak eta antolatzekoak handitzeko eta irtenbide berritzaile eta eraginkorrak partekatzeko xedea dutenak, erronka komunei aurre egiteko.

b) Lankidetza ekonomikoa eta gauzazko ekarpenak: ondasunen eta finantza-baliabideen transferentzia, funtsean dohaintza moduan, proiektuetara eta beste tresna espezializatu batzuetara bideratuak.

c) Lankidetza finantzarioa: izaera etiko, sozial eta solidarioko tresna espezializatuak, hala nola kreditu- edo berme-tresnak, Hegoaldeko erakundeen eta organizazioen garapen sozioekonomikora eta finantza-gaitasunak handiagotzera bideratuak.

d) Prestakuntzarako eta ezagutza sortzeko lankidetza: lankidetza- eta elkartasun-eragileen gaitasun profesionalak, teknikoak eta politikoak areagotzeko, ikerketa indartzeko eta herritarren kontzientzia kritikoa eta solidarioa zabaltzeko helburuak dituzten bekak, trukeak eta prestakuntzak.

IV. KAPITULUA
LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL POLITIKA PUBLIKOAREN BALIABIDEAK ETA GAITASUNAK

16. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, urtero esleituko dituzte beren aurrekontuetan lege honetan aurreikusitako funtzioak eta eginkizunak garatzeko behar diren baliabide ekonomikoak.

2.– Euskal sektore publikoak eta Estatuko gainerako erakundeek helburu erkide dute errenta nazional gordinaren % 0,7 garapenerako laguntza ofizialera bideratzea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak, zeina Eusko Legebiltzarrak onartzen baitu, gutxienez guztizko gastuaren % 0,7 bideratuko du lankidetza- eta elkartasun-politikara, urtero.

4.– Lankidetza-aurrekontuaren urteko gehikuntza, gutxienez, aurrekontu orokorraren urteko igoerarekiko proportzionala izango da; hori guztia, garapeneko helburuak erdiesten laguntzen duten beste funts batzuk kontuan hartu gabe.

5.– Ondorio horietarako, euskal lankidetza- eta elkartasun-politika publikora bideratutako aurrekontuko baliabide ekonomikoak handitu ahal izango dira pertsona fisikoek edo juridikoek eta Estatuko eta nazioarteko erakunde eta instituzio publikoek edo pribatuek egindako ekarpenekin.

17. artikulua.– Lankidetza- eta elkartasun-jarduketetan parte hartzen duten Euskadiko pertsonak.

1.– Euskal lankidetza- eta elkartasun-eragileek herritar guztien eta, bereziki, lankidetza- eta elkartasun-jarduketetan parte hartzen duten pertsonen parte-hartze aktiboa sustatuko dute, lege honen helburuen alde ahalik eta gaitasun gehien mobilizatzeko.

2.– Lege honen ondorioetarako, kooperante profesionaltzat hartuko da kanpoko lankidetza- eta elkartasun-jarduketetan parte hartzen duen eta jarduketa sustatzen duten entitateekin harreman juridikoa duen pertsona fisikoa. Langile horiek araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraituko diote.

3.– Lege honen ondorioetarako, boluntariotzat hartuko da jarduera solidarioak askatasunez eta ordain ekonomiko edo materialik jaso gabe egiten dituen pertsona fisikoa. Horrek ez du esan nahi jarduketaren ondorioz sortzen zaizkion gastu itzulgarriak ordaintzen ez zaizkionik. Jarduketa horiek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek sustatutakoak, Euskadin edo nazioartean egin daitezke.

4.– Lege honen ondorioetarako, prestakuntzaldian dagoen pertsonatzat hartuko da beka baten onuradun den edo lanekoak ez diren praktika profesionalak egiten dituen pertsona fisikoa, baldin eta lege honetan aurreikusitako jarduketetan parte hartzen badu.

5.– Aurreko apartatuetan aipatutako boluntarioek eta prestakuntzaldian dauden pertsonek lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan xedatutakoa bete beharko dute. Nolanahi ere, jarduketa sustatzen duten entitateek eta aipatutako pertsonek elkarlan-hitzarmen bat sinatu beharko dute; hartan, betebeharrak eta eskubideak jasoko dira. Jarduera nazioartean gauzatzen denean, lankidetza- eta elkartasun-eragileek aseguru bat kontratatu beharko dute pertsona horien alde, jarduera egiten den bitartean gutxienez gaixotasun- eta istripu-gastuak, aberriratze-gastuak eta hirugarrenekiko erantzukizun zibila estaltzeko.

6.– Euskal sektore publikoko entitateek, beren burua antolatzeko eskumenen esparruan, beren zerbitzura dauden langileek lankidetza- eta elkartasun-jarduketetan parte hartzea ahalbidetuko dute, baldin eta, ezagutza teknikoagatik edo metatutako esperientziagatik, modu positiboan eta esanguratsuan lagundu badezakete. Jarduketa horiek Euskadin nahiz nazioartean egin ahal izango dira, eta zerbitzuak ematen dituen administrazio publikoak, beste administrazio publiko batzuek, nazioarteko erakundeek edo bestelako lankidetza-agenteek sustatu ahal izango dituzte zuzenean.

V. KAPITULUA
EZAGUTZA, IKASKUNTZA ETA KOMUNIKAZIOA

18. artikulua.– Ezagutzaren eta ikaskuntzaren kudeaketa.

1.– Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan, eta elkarlanean arituz euskal unibertsitate-sistemarekin, zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-sareko entitateekin, eta gainerako lankidetza- eta elkartasun-eragileekin, pentsamendu kritikoa garatzen, desparekotasunaren eta pobretzearen egiturazko arrazoiak ulertzen, eta lege honen helburuak lortzeko estrategiak, politikak eta prozesu katalizatzaileak identifikatzen lagunduko duten azterlanak eta ikerketak bultzatuko dituzte. Era berean, elkarlan-mekanismoak bultzatuko dituzte –akordioak, sareak, baterako programak edo trukeak, besteak beste– Euskadiko unibertsitateen edo ikasketa- eta ikerketa-zentroen artean eta maila globalean, bai ikerketaren arloan, bai hezkuntzaren arloan, lankidetza- eta elkartasun-politikei buruzko hausnarketa inklusiboagoa egiten laguntzeko, Euskadin zein Hegoaldean gaitasun instituzionalak indartzen laguntzeko, ezagutzaren baterako sorkuntza eta transferentzia bultzatzeko, eta hainbat motatako prestakuntza-programetan elkarlanean aritzeko.

2.– Euskal administrazio publikoek, beren eskumenen esparruan eta euskal hezkuntza-sistemarekin eta gainerako lankidetza-eragileekin elkarlanean, lagundu egingo dute unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren curriculumean gizartea eraldatzeko hezkuntzako proposamenak sartzen, lege honen helburu, printzipio eta ikuspegien esparruan.

3.– Euskal sektore publikoak ebaluazioan oinarritutako kultura, ezagutza sortzea eta baterako ikaskuntza sustatuko ditu, bere lankidetza- eta elkartasun-politiken funtsezko alderdiak direlako eta helburu hauek betetzeko:

a) Jarduketen praktika hobetzea, esku-hartzeei buruzko gogoeta sistematikoa eginez.

b) Ebidentzietan oinarritutako erabaki informatuak hartzea.

c) Politika, plan eta tresnen diseinuan berritzea, arazo konplexuetarako konponbide egoki eta eraginkorrak bilatuz.

d) Lankidetza- eta elkartasun-eragileen eta elkarlanean kide diren biztanlerien gaitasunak handitzea.

e) Kontuak ematea euskal herritarrei eta lege honetan ezarritako modalitate guztietako lankidetza- eta elkartasun-ekimenak egiten dituen Hegoaldeko herrialde eta lurraldeetako herritarrei.

4.– Ezagutzaren sorreraren esparruan egiten diren ikerketek, azterlanek, ebaluazioek eta gainerako jarduketek askotariko partaidetza-metodologiak erabili ahal izango dituzte, dagokien herrietako identitateetara egokituta (dela hizkuntza, gizartea edo kultura), eta lurralde eta erakunde inplikatuetan sortzen diren jakintzekin elkarrizketan jardunda.

5.– Euskal sektore publikoak ezagutzaren kudeaketa irekia eta doakoa sustatuko du, baliabide publikoekin finantziatutako azterlanak, ikerketak, ebaluazioak eta gainerako materialak herritar guztien artean banatu eta erabili ahal izan daitezen, salbu eta pertsonen, herrien eta erakundeen konfidentzialtasuna eta segurtasuna arriskuan jar dezaketen informazioak badira. Gainera, guztiz errespetatuko da datu pertsonalen babesari begira aplikatzekoa den araudia.

6.– Aurreko ataletan adierazitako dokumentuei eta materialei zabalkundea emateko, irisgarritasun-mekanismoak ezarriko dira, eta aintzat hartu beharko dira, besteak beste, xede dituzten herritarren gizarte-, kultura- eta hizkuntza-ezaugarriak, bai eta adina eta dibertsitate funtzionala ere.

19. artikulua.– Komunikazioa.

1.– Euskal sektore publikoak, bere eskumenen esparruan, hedabide publiko eta pribatuekin eta beste lankidetza- eta elkartasun-eragile batzuekin elkarlanean, elkartasun-balioak eta herritarren jokabide- eta portaera-aldaketa bultzatuko ditu, gizarte bidezkoagoak, zuzenagoak eta inklusiboagoak sustatzeko.

2.– Euskal lankidetza- eta elkartasun-eragileek, bereziki hedabideek, publikoek zein pribatuek, Hegoaldeko biztanle, herri eta lurraldeen duintasuna eta autonomia errespetatuko dituzte, eta irudi estereotipatuak edo iraingarriak erabiltzea saihestuko dute.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko hedabideek lege honen helburuei erantzuten dieten informazio eta kanpainak zabaltzea babestu eta erraztuko dute. Horretarako, erakundeen arteko elkarlanerako mekanismo edo akordio egokiak ezarri ahal izango dira.

4.– Euskal sektore publikoko entitate instrumentalek aurreko paragrafoan adierazitako kanpainei zabalkundea ematen lagunduko dute, publizitateari emandako tarteak lagata.

5.– Giza eskubideak sustatzen laguntzeko eta eskubide horiek aldezten dituzten pertsonei, erakundeei eta sareei laguntzeko, euskal administrazio publikoek komunikazioa, posizionamendu publikoa eta eragina helburu duten jarduketak egin ahal izango dituzte.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren laguntzak eta dirulaguntzak lankidetzaren eta elkartasunaren arloan.

1.– Eusko Jaurlaritzak, erregelamendu bidez, lankidetza- eta elkartasun-gaietan eta ogasun-gaietan eskumena duten sailek batera proposatuta, lankidetzarako eta elkartasunerako laguntzei eta dirulaguntzei buruzko arau bereziak onartuko ditu, izapideak arindu eta sinplifikatzeko, bultzatutako jarduketen efizientzia handitzeko asmoz.

2.– Araudi horiek dirulaguntzen araudi aplikagarrira egokituko dira, salbu eta publikotasun- edo lehia-printzipioak eta araubidearen beste alderdi batzuk salbuetsi behar badira, besteak beste ematea, ordainketa, diruz lagundu daitezkeen gastuak, gauzatzeko eta justifikatzeko epeak, kontrola, itzulketak edo zehapenak, horien izaerarekin edo hartzaileekin bateraezinak diren neurrian.

3.– Nazio Batuetako organismoen kasuan, dirulaguntzen gastuaren justifikazioa egingo da aplikatu beharreko akordioetan eta Estatuak sinatutako nazioarteko tratatuetan legez ezarritakoaren arabera.

4.– Lankidetza- eta elkartasun-laguntza eta dirulaguntzen itzulketen eta exekutatu gabeko zenbatekoen prozeduretan ez da legezko interesik eta berandutze-interesik eskatuko.

5.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren deialdietan laguntza edo dirulaguntza baten onuradun izateko, pertsona juridikoek, aplikagarria den araudiak oro har eskatzen dituen baldintzez eta dagozkion oinarri arautzaileetan ezarritakoez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte betiere:

a) Izaera juridikoaren arabera dagokion erregistro publikoan inskribatuta egotea.

b) Egoitza edo ordezkaritza izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta funts publikoekin finantzatutako jarduketak kudeatzeko antolakuntza-egitura nahikoa izatea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea, gizarte-ekonomiako edo ekonomia solidarioko entitateen kasuan izan ezik, betiere beren estatutuetan kideen artean mozkinak banatzea berariaz baztertzen badute.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseilua.

1.– Lege honen 11.5 artikuluan aipatzen den erregelamenduzko xedapena ematen ez den bitartean, lege honen aurka ez doan guztian Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari buruzko irailaren 16ko 158/2008 Dekretua beteko da.

2.– Lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarrean dagoen araudiak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari egiten dizkion aipamen guztiak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluari egindakotzat joko dira.

3.– Kontseiluaren araudi berria onartu arte, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari buruzko irailaren 16ko 158/2008 Dekretuaren 3.3.i) artikuluan aipatzen diren lankidetzarako beste euskal gizarte-eragile batzuen sei ordezkariak osoko bilkurak onartutako hautaketa-sistemaren arabera aukeratuko dira.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordea.

1.– Lege honen 13.5 artikuluan aipatzen den erregelamendua ematen ez den bitartean, lege honen aurka ez doan guztian Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordeari buruzko martxoaren 24ko 71/2009 Dekretua beteko da.

2.– Lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarrean dagoen araudiak Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordeari egiten dizkion aipamen guztiak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordeari egindakotzat joko dira.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntza eta dirulaguntzak.

1.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak kudeatutako laguntza eta dirulaguntza publikoak emateko prozedurak lege honetara egokitu arte, aurreko araudiaren arabera arautuko dira ondorio guztietarako.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Garapenerako Lankidetzako Eragileen Erregistroan inskribatzeko eskakizuna betetzat emango da honako baldintza hauek egiaztatzen dituzten entitateen kasuan:

a) Izaera juridikoaren arabera dagokion erregistro publikoan inskribatuta egotea.

b) Egoitza edo ordezkaritza izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta funts publikoekin finantzatutako jarduketak kudeatzeko antolakuntza-egitura nahikoa izatea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea; gizarte-ekonomiako edo ekonomia solidarioko entitateen kasuan izan ezik, betiere beren estatutuetan kideen artean mozkinak banatzea esplizituki baztertzen badute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lege honen manuekin kontraesanean dauden maila bereko nahiz beheragoko arau guztiak indargabetuta geratzen dira, bereziki honako hauek:

1.– 1/2007 Legea, otsailaren 22koa, Garapenerako Lankidetzari buruzkoa.

2.– 124/2005 Dekretua, maiatzaren 31koa, Garapenean Lankide izateko eta Laguntzeko Fondoaren pentzutan borondatezko euskal lankideei laguntzak ematea arautzen duena.

3.– 22/2007 Dekretua, otsailaren 13koa, Nazio Batuen sistemako Nazioarteko Erakundeei eta horiei atxikitako pertsona juridikoei esleitzen zaizkien laguntzak arautzen dituena. Helburua: Nazioarteko Erakunde horiek herrialde txirotuetan garatzen dituzten garapen proiektuetan parte hartzen duten borondatezko lankideei bekak ematea.

4.– 57/2007 Dekretua, apirilaren 3koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako programetarako laguntzak arautzen dituena.

5.– 140/2018 Dekretua, urriaren 9koa, Garapenerako Lankidetzako Eragileen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa sortu eta arautzekoa.

6.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseiluari buruzko irailaren 16ko 158/2008 Dekretuaren 5. artikuluko 5. apartatua, larrialdietan laguntza humanitarioa emateko batzordea eratzen eta arautzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia.

1.– Lege hau indarrean jartzen denetik aurrera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari egiten zaizkion erreferentzia guztiak eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari egindakotzat joko dira.

2.– Aldatu egiten da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 1. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«1. artikulua.– Legearen xedea.

Lege honen xedea da eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia sortzea eta arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lankidetza- eta elkartasun-politikaren planifikazioa, koordinazioa, kudeaketa, egikaritzea eta ebaluazioa bultzatzeaz arduratuko den erakundea izan dadin».

3.– Aldatu egiten da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 3. artikulua, eta honela geratzen da idatzita:

«3. artikulua.– Eginkizunak.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak eginkizun hauek ditu esleituta:

a) Eusko Jaurlaritzari laguntzea euskal sektore publikoaren lankidetza- eta elkartasun-helburuak eta lehentasunak zehazten.

b) Eusko Jaurlaritzan lankidetzaren eta elkartasunaren arloan eskumena duen sailari arlo horretako politikaren gidalerroak prestatzen laguntzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lankidetzaren eta elkartasunaren arloko urte anitzeko plangintza egiteko proposamena prestatzea, arlo horretan eskumena duen sailak ezarritako jarraibideetan oinarrituta.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta entitateek beren plangintzetan aurreko letran aipatzen den urte anitzeko plangintza garatzen laguntzen duten jarduerak sar ditzaten bultzatzea.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko sail eta entitateei laguntza ematea, beren jarduera-eremuan lankidetza- eta elkartasun-ekimenak kudeatu eta gauzatu ditzaten.

f) eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren jarduna planifikatzea, gauzatzea eta ebaluatzea, lankidetzaren eta elkartasunaren arloko urte anitzeko plangintzari jarraituz.

g) Lankidetza- eta elkartasun-ekimenak identifikatu, formulatu eta gauzatzea eta horien gaineko jarraipena eta ebaluazioa egitea. Horretarako, dagokion araudiaren arabera, laguntzak eta dirulaguntzak lortu, deitu, eman eta kudeatu ahal izango ditu, eta kontratuak, hitzarmenak eta elkarlanerako beste tresna batzuk, lankidetza-akordioak eta izaera juridiko bertsua duten beste akordio batzuk egin ahal izango ditu.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari emandako baliabide ekonomikoak eta materialak kudeatzea.

i) Euskal lankidetza- eta elkartasun-politika publikoaren helburuak lortzeko beste funts publiko zein pribatu batzuk lortu, kudeatu eta transferitzea. Hartara, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, bere aurrekontu-esleipenen funtsak lankidetza finantzariora bideratu ahal izango ditu, berme-funtsen, inbertsioen, laguntza teknikoaren eta modalitate horretako beste edozein bideren bitartez.

j) Lankidetzaren eta elkartasunaren arloko arau-xedapenen garapena sustatu eta administrazio-erabakiak ematea.

k) Bere helburuen barruan beharrezkoak diren administrazio- eta xedapen-egintzak eta ekonomia- eta finantza-eragiketak egitea.

l) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak lankidetzaren eta elkartasunaren arloan egindako jarduketen egikaritze-memoria egitea urtero, sektoreak bidalitako informazioa erabilita.

m) Eusko Legebiltzarrari helaraztea, hark eskatu ondoren, lankidetzaren eta elkartasunaren arloko urte anitzeko plangintza, artikulu honetako c) apartatuan aurreikusitakoa, bai eta l) apartatuan aipatzen den urteko memoria ere.

n) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren lankidetzaren eta elkartasunaren arloko urte anitzeko plangintzaren ezarpena ebaluatzea.

o) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari laguntzea bere politika sektorialak euskal lankidetza- eta elkartasun-politika publikoaren helburuekin koherenteak izan daitezen.

p) Lehendakaritzari aholku ematea garapen jasangarrirako politiken koherentzia sustatzeko lanean.

q) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak eskatuta, bere planek Hegoaldeko herrialdeetan eta lurraldeetan izan ditzaketen eraginei buruzko txostenak egitea, eta aholkuak eta gomendioak ematea.

r) Kide anitzeko edo sailarteko organoetan laguntzea, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren politikak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzeko Hegoaldeko herrialdeetako eta lurraldeetako errealitateak ezagutzea garrantzitsua dela uste dutenean.

s) Euskal sektore publikoko beste administrazio eta entitate batzuei aholku ematea, beren jarduera-eremuan egiten dituzten lankidetza- eta elkartasun-ekimenak kudeatu eta gauzatzeko.

t) Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Kontseiluko eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Erakundearteko Batzordeko idazkaritza-lanak egitea.

u) Indarrean dauden xedapenek esleitzen dizkioten gainerakoak».

4.– Kendu egin da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 4. artikulua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arau bidez garatzeko ahalmena ematea.

Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio lege hau garatzeko behar diren arau-xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 21a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala