Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2024ko otsailaren 29a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1066

2/2024 LEGEA, otsailaren 15ekoa, Haur eta Nerabeena.

Euskadiko herritar guztiei jakinarazten zaie Eusko Legebiltzarrak onartu egin duela Haur eta Nerabeen otsailaren 15eko 2/2024 Legea.

ZIOEN AZALPENA
I

Lege honen xede irmoa da urrats erabakigarria egitea euskal ordenamendu juridikoa haur eta nerabeei dagokienez aplikatu beharreko nazioarteko, Europako eta Estatuko esparrura egokitzeko. Esparru hori Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989ko azaroaren 20an onartutako Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan oinarrituta eraikitzen da (aurrerantzean, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa), zeina Espainiak 1990eko urtarrilaren 26an sinatu zuen, eta zeinaren berreste-tresna 1990eko abenduaren 31ko 313. zenbakiko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, baita hautazko hiru protokoloetan oinarrituta ere.

Dudarik gabe, nazioarteko tratatu hori erreferentziazko arau gorena da estatuek, maila sozial edo juridikoan, haurren eta nerabeen eskubideak benetan egikaritzen direla bermatzeko legegintza-ekimenak edo administrazio-neurriak abian jartzen dituztenean.

1945eko ekainaren 26an San Frantziskon sinatu zen Nazio Batuen Gutunean aldarrikaturiko printzipioak hartzen ditu oinarrizko premisa gisa hitzarmenak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotakoez gain. Nazio Batuen Batzar Nagusiak bi adierazpen horiek onetsi zituen 1948ko abenduaren 10ean eta 1989ko azaroaren 20an, hurrenez hurren. Eta, haiekin bat etorriz, aitortzen du pertsona adingabeak eskubideen titular diren subjektuak direla, eta ez soilik babesa merezi duten subjektuak. Beraz, beren ongizatea ziurtatzeko behar duten laguntza, babes eta zainketak multzo askoz zabalago baten barruan aitortzen zaizkien eskubideetako bat besterik ez dira.

Ikuspegi horretatik abiatuta, pertsona adingabeak subjektu parte-hartzailetzat hartzen ditu, eta protagonismo handiagoa ematen die familiaren barruan ez ezik kide diren komunitatean ere betetzen duten eginkizunari dagokionez. Azken batean, gizartea eraikitzen aktiboki parte hartzeko legitimatuta dauden subjektu gisa aitortzen ditu, bereziki, eurei dagozkien gai guztietan parte hartzeari dagokionez, eta gai horien barruan sartzen dira titular diren eskubideei eragiten dieten politika publikoak.

Nazioarteko esparruaren barruan, kontuan hartzekoa da, era berean, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa, 2006ko abenduaren 13koa, zeina Espainiak 2007ko martxoaren 30ean sinatu zuen, eta haren berreste-tresna 2008ko apirilaren 21eko 96. zenbakidun Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Testu horren helburua da desgaitasunen bat duten pertsona guztiek giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak osotasunean eta berdintasunean izan ditzaten sustatzea, babestea eta ziurtatzea, bai eta pertsona horien berezko duintasunaren errespetua sustatzea ere. Asmo horrekin estu lotuta, konbentzioak aitortzen du, deklarazio-printzipioen artean, desgaitasuna duten haurrek oso-osoan baliatu behar dituztela giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak, gainerako haurren baldintza berberetan; eta, jarraian, gogorarazten ditu Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan alderdi ziren estatuek horren inguruan hartu zituzten betebeharrak.

Horrekin bat etorriz, Konbentzioaren 7. artikuluak aldarrikatzen zuen alderdi ziren estatuek beharrezko neurri guztiak hartuko zituztela ziurtatzeko desgaitasuna duten haur guztiek oso-osoan baliatuko dituztela giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiak, gainerako haurren baldintza berberetan. Era berean, gaineratzen du desgaitasuna duten haurrekin zerikusia duten jarduera guztietan lehentasuna izango duela haurraren interes gorenaren babesak, eta alderdi diren estatuei exijitzen die desgaitasuna duten haurrei berma diezaietela euren iritzia askatasunez adierazteko eskubidea, eurengan eragina duten gai guztiei buruz; iritzi hori behar bezala hartuko da kontuan, haurraren adina eta heldutasuna aintzat hartuta, gainerako haurrekiko baldintza berberetan. Eskubide hori egikaritu ahal izateko euren desgaitasunaren eta adinaren araberako laguntza egokia jasotzeko eskubidea ere bermatu beharko zaie.

Bestalde, gai horretarako duen interesagatik aipagarria den nazioarteko beste arau bat Haurren babesari eta nazioarteko adopzioaren arloko lankidetzari buruzko 1993ko maiatzaren 29ko Hagako Hitzarmena da, Espainiak 1995eko ekainaren 30ean berretsia, zeinaren berreste-tresna Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 1995eko abuztuaren 1ean, 182. zenbakian.

Europako testuinguruan, oro har, Europako Kontseiluaren Giza Eskubideen Europako Hitzarmena aipatu behar da, Erroman 1950eko azaroaren 4an sinatua, zeina 1953ko irailaren 3az geroztik indarrean dagoen eta haurrei buruzko aipamen espezifikoak jasotzen dituen.

Testu horretatik abiatuta, asko izan dira Europar Batasunaren barruan pertsona adingabeen oinarrizko eskubideak eraikitzeko eta garatzeko prozesuaren barruan onetsi diren tresnak, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa gidatzen duten printzipioak maila sozialean, juridikoan, hezkuntzakoan eta ekonomikoan txertatzen lagundu dutenak, aitortuak dituzten eskubideak errespetatzen direla bermatzeko mekanismoak ezartzeaz gain.

Zehazki, pertsona adingabeen eskubideen sustapenari eta babesari dagokionez, kontuan hartu beharreko erreferente nagusiak dira Haurren Eskubideak Baliatzeko Europako Hitzarmena, 1996ko urtarrilaren 25ekoa, zeina Espainiak 1997ko abenduaren 5ean sinatu zuen eta zeinaren berreste-tresna 2015eko otsailaren 21eko 45. zenbakidun Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta Haurrak sexu-esplotaziotik eta -abusuetatik babesteari buruzko Hitzarmena, 2007ko urriaren 25ekoa, zeina Espainiak 2009ko martxoaren 12an sinatu zuen eta zeinaren berreste-tresna 2010eko azaroaren 12ko 274. zenbakidun Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, biak ala biak Europako Kontseiluarenak; Ezkontzaren eta guraso-erantzukizunaren arloko ebazpenen eskumenari, aitorpenari eta betearazpenari eta adingabeak nazioartean osteari buruzko Kontseiluaren 2019ko ekainaren 25eko 2019/1111 (EB) Erregelamendua; eta Haurren Eskubideen Europako Gutuna, Europako Parlamentuak 1992ko uztailaren 8an onetsi zuena.

Era berean, bereziki aipatzekoa da Haurren Eskubideei buruzko Europar Batasunaren 2021eko martxoaren 24ko Estrategiaren (2021-2024) onarpena, bai eta Kontseiluaren (EB) 2021/1004 Gomendioa ere, 2021eko ekainaren 14koa, Haurren Europako Bermea ezartzen duena.

II

Haurrei eta nerabeei buruzko nazioarteko eta Europako testuek eragina dute estatu mailan, eta zuzenean eragiten dute haren barne-legerian. Horrela, Estatuko legeek testu horiek aldarrikatzen dituzten arauetara egokitu behar dute beren edukia, eta aldarrikatzen dituzten printzipioak errespetatu behar dituzte, bai eta haiek betetzen direla bermatzeko behar diren neurriak ezarri ere.

Horri dagokionez, Espainiako Konstituzioaren 10. artikuluak espresuki zehazten du Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak interpretatuko direla Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta gai horien inguruan Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuen eta akordioen arabera. Eta ordena politikoaren eta bake sozialaren oinarri gisa nabarmentzen ditu pertsonaren duintasuna, hari datxezkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea eta legearekiko eta gainerakoen eskubideekiko errespetua.

Ildo beretik, haurrak espresuki aipatzen dira Konstituzioaren testuan. Izan ere, 39.4 artikuluak ezartzen du haien eskubideak zaintzen dituzten nazioarteko akordioetan aurreikusitako babesa izango dutela; kalterik egin gabe artikulu horrek berak lehenengo apartatuan botere publikoei ezartzen dien betebeharrari, alegia, familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa ziurtatzeari.

Azkenik, gehitu behar da Konstituzioaren 9.2 artikuluak botere publikoei esleitzen diela gizabanakoaren eta hura kide den taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izateko baldintzak sustatzeko betebeharra, askatasun eta berdintasun horien osotasuna eragozten edo zailtzen duten oztopoak kentzekoa, eta herritar guztiek bizitza politikoan nahiz ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere parte-hartzekoa.

Testuinguru horretan, nabarmentzekoa da Estatuko ordenamendu juridikoaren barruan Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea partzialki aldatzen dituen Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa onetsi izana (aurrerantzean, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoa). Lege-testu horrek jasotzen ditu Espainiako Estatuak pertsona adingabeei aitortutako eskubideak defendatzeko bereganatuko dituen nazioarteko konpromisoak, eta adingabeen arloan Estatuko ordenamendu juridikoa berritzeko prozesua amaitzea dakar, bereziki Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa berretsi ondoren hasi zena.

Aipatutako lege organikoa da, Kode Zibilean gai horretan bat datozen arauzko xedapenekin batera, pertsona adingabeen eskubideak arautzeko esparru nagusia, Estatu osoan babes eraginkorra eta uniformea bermatzen baitie. Eta, horrekin bat etorriz, adingabeen babesaren arloan dituzten garapen-eskumenak egikaritzean autonomia-erkidegoentzat erreferente gisa jardun behar duen oinarrizko legeria ezartzen du.

Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoak ireki zuen bideak hurrengo urteetan adingabeen arretarekin eta babesarekin zerikusia duten beste lege batzuk onestearekin jarraitu du, hala nola Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoarekin eta Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legearekin.

2015ean, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoa, Kode Zibila eta Nazioarteko Adopzioari buruzko Legea, beste lege-testu batzuen artean, sakon berrikusi eta uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoa eta uztailaren 28ko 26/2015 Legea onetsi ziren, hain zuzen ere haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzekoak biak.

Aipatutako bi lege horiek egindako aldaketen bidez garatzen eta indartzen da pertsona adingabeak haren interes gorena lehentasunezkoa izateko duen eskubidea. Printzipio hori funtsezkoa da arlo honetan, eta Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoan kontzeptu juridiko zehaztugabetzat hartzen zen. Horrek hainbat interpretazio eragin zituenez, kalte egiten zion galdagarria zen segurtasun juridikoari.

Ildo beretik, pertsona adingabeen eskubide eta eginbehar jakin batzuk arautzea azpimarratu da eta, bereziki, pertsona adingabeak entzuna eta aditua izateko duen oinarrizko eskubidea, zeina xehetasun handiagoz garatu den.

Bestalde, administrazio-jarduketaren printzipio gidariak haur eta nerabeek Estatuan dituzten behar berrietara egokitu dira. Hala, printzipio gidari gisa sartzen da pertsona adingabeak indarkeria-mota ororen aurka babestea, bai eta botere publiko guztiek haurren edozein tratu txarren aurrean sentsibilizazio-, prebentzio-, laguntza- eta babes-jarduketak garatzeko duten betebeharra ere.

Era berean, adingabe atzerritarren egoera jorratzen da, eta haurrak eta nerabeak babesteko sistemako erakundeen berrikuspen sakona egiten da, Estatu osoan babes eraginkorra eta uniformea bermatzeko pertsona adingabeek izan ditzaketen arrisku- eta desanparo-egoerekiko, eta haien administrazio-egoera edozein dela ere, atzerritarren kasuan.

Eta, berrikuntza garrantzitsu gisa, pertsona adingabeak jokabide-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro espezifikoetan sartzea arautzen da.

Bestalde, Nazioarteko Adopzioari buruzko Legean sartu diren aldaketen artean bereziki aipatu beharreko kontua da nola bereizi diren gaiaren inguruko eskumenak Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen artean. Arlo honetan, Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenen barruan sartu da, atzerriko politikari eragiten diola jotzen delako, zenbait herrialdetako adopzioen izapidetzea hasi, bertan behera utzi edo mugatzeko erabakia, baita nazioarteko adopzioetan bitartekari gisa aritzeko organismoak egiaztatzea ere. Azken eginkizun hori, legea onartu arte, autonomia-erkidegoen eskuetan egon da. Dena den, autonomia-erkidegoen eskumen gisa mantenduko da organismo egiaztatuen kontrol-, ikuskatze- eta jarraipen-lana egitea, erkidego horien lurraldearen barruko jarduerei dagokienez; baina, organismo egiaztatuak bitartekaritza-lana atzerrian egiten badu, kontrola eta jarraipena egiteko eskumena Estatuko Administrazio Orokorrarena izatea aurreikusten da.

Aldaketa hori eta geroago Nazioarteko Adopzioari buruzko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 22ko 165/2019 Errege Dekretua indarrean jarri izana dira Konstituzio Auzitegiaren 2021eko otsailaren 18ko 36/2021 Epaiaren eragile zuzenak. Epai horrek Nazioarteko Adopzioari buruzko Erregelamenduaren zenbait xedapenen inguruan planteatutako eskumen-gatazka positiboa onartzen du zati batean, eta Nazioarteko Adopzioari buruzko Legearen zenbait xedapeni ere eragiten die. Eta, horren ondorioz, bai Estatuak, bai autonomia-erkidegoek nazioarteko adopzioaren inguruko arautzeetan eskumenei dagokienez jarraitu beharreko esparru juridikoa zehazten du.

Oraintsuago, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoa aldarrikatu izanak beste aurrerapauso garrantzitsu bat ekarri du pertsona adingabeen eskubideak babesteko, eta osatu egiten du arlo horretako Estatuko lege-esparrua. Lege horrek erantzuna ematen dio Haurren Eskubideen Batzordeak haurren kontrako indarkeriari buruzko lege integral bat onesteko beharraz behin eta berriz Espainiari egindako eskaerari. Lege integral horrek genero-indarkeriaren esparruan onetsitakoaren antzekoa izan behar zuen arau-irismenari dagokionez.

Gauzak horrela, arestian aipatutako lege organikoaren abiapuntua pertsona adingabeek inolako indarkeria-motarik ez jasateko duten eskubidea da. Premisa horretatik, haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiten dio hurbilketa integral batetik, arrisku-faktoreen eta ondorioen dimentsio anitzeko izaerari erantzun zabala emanez; eta, horregatik, inflexio-puntu bat da pertsona adingabeen babesean eta arau nazionalek eta nazioartekoek aitortzen dizkieten eskubideen bermean.

Puntu horretan, legeak funtsezko lehentasuna ematen die prebentzioari, sozializazioari eta hezkuntzari, bai pertsona adingabeen artean, bai familien eta gizarte zibilaren beraren artean. Eta, aldi berean, babeserako, detekzio goiztiarrerako, laguntzarako, urratutako eskubideak berrezartzeko eta biktima errekuperatzeko neurriak ezartzen ditu, biktimizazio sekundarioa saihesteko jardunbide egoki gisa identifikatutako arreta-eredu integraletan inspiratuak.

Nolanahi ere, legeak prebentzio- eta babes-eredu komun bat lortu nahi du Estatuko lurralde osoan, pertsona adingabeen eskubideen urraketei aurre egiteko, Estatuak eta autonomia-erkidegoek eskumen partekatua duten eremu materialetan, (besteak beste, hezkuntzan eta osasunean), bai eta autonomia-erkidegoei soilik esleitutako gaiei dagokienez ere (adibidez, gizarte-zerbitzuak). Eta, horregatik, haren garapenaren bermea eta eraginkortasuna ezin da bereizi autonomia-erkidegoen jarduketa eta elkarlan beharrezkotik, eskumenak banatzeko konstituzio- eta estatutu-sistemaren esparruan beren gain hartutako ahalmenak eta eginkizunak egikaritzean egiten duten jarduketa eta elkarlanetik.

Horiez gain, kontuan izan behar da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua. Izan ere, besteak beste, bertan jasotzen dira politika publiko guztietan genero-ikuspegia zeharka landu beharra eta emakumeen kontrako indarkeria matxistaren biktima diren pertsona adingabeei zuzendutako neurriak.

III

Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea onetsi arte, Autonomia Erkidegoko erakunde komunek alderdi espezifikoak arautzera mugatu zuten pertsona adingabeen arretaren eremuko legegintza-jarduera beren eskumeneko arloetan, hala nola hezkuntzan edo osasunean. Aitzitik, arrisku- edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeak babestea eta arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta ematea gai horretan berariazko arau-garapenik ez zuten eremuak ziren, nahiz eta funtsezkoak izan bereziki zaurgarria den haur eta nerabeen kolektibo baten eskubideak sustatzeko eta babesteko.

Horregatik, lege-testu horrek garrantzi handiko mugarria lortu zuen: Euskal Autonomia Erkidegoari erreferentziazko esparru juridiko orokor bat ematea pertsona adingabeei arreta eta babesa emateko arloan, eta euskal ordenamendu juridikoan zegoen hutsune hori betetzea. Bereziki, autonomia-erkidegoetako, Estatuko edo nazioarteko beste arau batzuek pertsona adingabeen alde aitortzen zituzten oinarrizko eskubideen multzoa testu bakar batean biltzea lortu zuen eta, era berean, espresuki ezarri zituen Administrazioaren jarduketa gidatu behar zuten printzipioak eskubide horiek eraginkortasunez erabili daitezen sustatu eta defendatzeko. Gainera, aplikatu beharreko eskumen- eta erakunde-esparrua zehaztu zuen. Legeak, beraz, arloa kohesionatzen zuen tresna gisa jarduten zuen, eta horrek segurtasun juridikoa sendotzen laguntzen zuen.

Lege-testua onetsi zenetik hamazazpi urte baino gehiago igaro dira, eta, denbora horretan, pertsona adingabeen egoeran eragina duten aldaketa sozial, juridiko eta ekonomiko garrantzitsuak gertatu dira; bereziki, eskubideen titular, baina baita eginbehar eta erantzukizunen titular ere badiren subjektutzat jotzen dituen kontzepzioari dagokionez, eta XXI. mendeko bizitza demokratikoan parte-hartze aktiboa izateko exijentzia handiagoari dagokionez.

Aldaketa horiek guztiek, era berean, arau-aldaketa eta -berrikuntza garrantzitsuak eragin dituzte, eta legeria berri bat ekarri dute, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko Legean islatzen ez zena. Errealitate berri horrek, nahitaez, haren edukia eta, modu partikularrean, babes juridikorako tresnak egokitzea eskatzen zuen. Tresna horiek birformulatu egin behar ziren, gizartean nagusi ziren egoera eta errealitate berrietara egokitzeko eta, azken batean, Konstituzioaren xedapenak eta nazioarteko arauak erabat betetzen direla ziurtatzeko.

Ildo horretan, aurrera egin behar da berariazko sustapen- eta prebentzio-neurriak antolatzen, de facto benetako babes-tresna gisa jardungo dutenak, haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko nazioarteko estandarrekin bat etorriz, eta nazioarteko agertokiaren abangoardian jarriko direnak.

Testuinguru horrekin bat etorriz, ezinbestekoa da Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen berrikuspen eta erreforma integrala egitea, lege hori ordeztuko duen lege-testu berri baten inguruan antolatua eta, Estatuko legeria berriaren arabera, erreferentziako esparru juridiko egonkor eta kalitatezko berri bat ezarriko duena pertsona adingabeei dagokienez. Eta, modu berean, beharrezkoa da araudi berri bat izatea, Estatuan nahiz autonomia-erkidegoetan dagoen arau-zatiketa amaitu eta segurtasun juridikoa sendotuko duena.

IV

Haurren Eskubideen Batzordeak, Espainiarentzako Azken Oharrean, 2010eko azaroaren 3ko aldizkako 3 eta 4. txosten konbinatuetako 37. paragrafoan, haurren kontrako indarkeriari buruzko Nazio Batuen Azterlanaren (A/61/299) gomendioak aplikatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea gomendatzen du, eta, bereziki, arreta berezia ematea prebentzioari, indarkeriazkoak ez diren balioak sustatzeari eta horri buruzko kontzientziazioari, errekuperatze- eta gizarteratze-zerbitzuak emateari eta haurren parte-hartzea ziurtatzeari buruzko gomendioei. Bestalde, haurrek inolako indarkeriarik ez jasateko duten eskubideari buruzko 2011ko 13. Ohar Orokorrarekin estu lotuta, eta Espainiarentzako Azken Oharraren bidez, 2018ko martxoaren 5eko aldizkako 5 eta 6. txosten konbinatuetako 22.a) paragrafoan, gomendatzen du haurren indarkeriaren aurkako babes integrala bermatuko duten eta maila guztietan aplikatuko diren legeen onespena bizkortzea.

Haurren Eskubideen Batzordearen Ohar Orokorrek Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren eta haren hiru hautazko protokoloen eduki substantiboa lotzen dute, nazioarteko zuzenbideko esparru horretan, alderdi diren estatuetako pertsona adingabeei dagozkien hezkuntza-, osasun-, zuzenbide- eta gizarte-errealitateekin; aldiz, alderdi diren herrialdeei egiten zaizkien Azken Oharrak espezifikoak dira haientzat, herrialde horren egoera zehatzari eta une zehatz horri lotutako gomendioekin.

Nazioarteko joera orokorrarekin jarraituz, eta, bereziki, Haurren Eskubideen Batzordearen Ohar Orokorretatik eratorritako postulatuekin, Haur eta Nerabeen Lege honek izaera integrala du, eta gaiaren antolamendu oso eta sistematiko baten aldeko apustua egiten du. Hau da, testu artikulatu bakar batean arautzen eta garatzen ditu, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onetsitako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuan Autonomia Erkidegoari esleitutako eskumenen barruan, haurrei eta nerabeei buruzko gai guztiak eta, batez ere, haien eskubideen egikaritzea ziurtatzera eta babestera bideratutakoak.

Horretarako, arau juridiko berean biltzen dira haurrei eta nerabeei buruzko Estatuko oinarrizko legeria, hainbat lege-testutan sakabanatua, eta lege sektorial autonomikoetan jasotako arauzko xedapenak (osasunaren, hezkuntzaren edo etxebizitzaren arlokoak, esate baterako), haur eta nerabeengan eragina zutenak eta, kasu askotan, zuzenean eragiten ziotenak haien eskubideak egikaritzeari.

Oinarri horretatik abiatuta, Estatuko, Europar Batasuneko eta nazioarteko ordenamendu juridikoarekin koherentea den erreferentzia-esparrua ematen da, errazago ezagutu eta uler dadin. Eta, horren ondorioz, arauaren aplikazioak barne hartzen dituen euskal administrazio publikoen jarduna errazten da, eta araua betetzera behartuta dauden pertsona, eragile eta profesionalek erabakiak hartzeko modua argitzen, baina baita gizarte osoarena ere; bereziki, haurrena eta nerabeena.

Azken batean, gainditu egiten da haurrei eta nerabeei buruzko gai sentikor baten erregulazioan zegoen prekaritatea, elkarren artean beti koherenteak ez diren araubide juridiko desberdinak gainjartzeak eragindakoa, bai eta aplikatzekoak ziren arauen sakabanaketak eragindakoa ere, zeinak Konstituzioak bermatutako segurtasun juridikoaren printzipioaren kalterako jarduten baitzuen.

Hala, araudi-zatiketak nahastea, zailtasunak edo zalantzak sortzen zituen araua egoera zehatzetan aplikatzeko, eta interpretazio eta erantzun desberdinak eragiten zituen gai beraren aurrean, arauzko xedapen jakin batzuk banaka eta modu esklusiboan edo beste lege-gorputz batzuetan txertatutako xedapen espezifikoekin lotuta kontuan hartzen ziren, horren arabera; inguruabar horiek guztiek zalantzak eta ziurtasun eta segurtasun juridikoko arazoak eragin dituzte.

Premisa horietatik abiatuta, diziplina anitzekoa eta zeharkakoa den ikuspegi global batetik jorratzen da legearen edukia, prebentzio-ekintzari lehentasuna emanez, bereziki edozein indarkeria-motaren aurrean, eta haurren eta nerabeen parte-hartzea indartuz, ez bakarrik prozeduren esparruan, baita elkarlanean aritzeko beste lan-espazio batzuetan ere.

Testuinguru horretan, lege honetan jasotako arauzko xedapenak ematea Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 9. artikuluaren barruan kokatzen da, zeinak euskal herri-aginteei esleitzen baitizkie beren eskumenen esparruan herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak behar bezala egikaritzen direla zaintzeko eta bermatzeko mandatua; bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko politika bereziki bultzatzekoa; enplegua gehitzea eta ekonomiaren oreka sustatzeko neurri lagungarriak hartzekoa; gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartzekoa eta Euskadiko politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-arloetako bizitzan herritar guztien partaidetza bideratzekoa.

Eskumenei soilik dagokienez, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak definitzen duen esparruan kokatzen da legea, funtsean. Xedapen horrek gai-sorta zabal bati buruzko eskumen esklusiboa ematen dio autonomia-erkidegoari, eta, besteak beste, garrantzi berezia dute komunitatearen garapenak, emakumeen egoerak, eta haur, gazte eta adinekoen aldeko politikak (39. apartatua). Era berean, nabarmentzekoa da eskumen esklusiboa esleitzen diola gizarte-laguntzan (12. apartatua), ongintza- eta sorospen-izaerako fundazio eta elkarteen eremuan (13. apartatua) eta adingabekoen babes-kuradoretzako, espetxe-arloko eta gizarteratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, araubide eta jardueran, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat (14. apartatua).

Aurreko guztiei gehitu behar zaizkie 10. artikuluan zerrendatutako kultura (17. apartatua), kontsumitzaile eta erabiltzaileen babesa (28. apartatua, Autonomia Estatutuaren 10.27 artikuluan zehazten den moduan), etxebizitza (31. apartatua), eta kirola, aisia eta olgeta (36. apartatua).

Ildo beretik, garrantzia du Autonomia Erkidegoak esleitua duela Euskadi osatzen duten herrialde historikoetako foru-zuzenbide zibil eta berezia, dela idatzia ala ohiturazkoa, gorde, aldatu nahiz garatzea, bai eta hura indarrean izango den lurralde-eremua finkatzeko eskumena ere, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 10.5 artikuluan jasoa Konstituzioaren 149.8 artikuluari jarraikiz. Izan ere, eskumen-titulu hori oinarri izan da pertsona adingabeei aitortutako eskubideen eremuari eragiten dioten eta familia-zuzenbideari lotutako izaera zibila duten gaiak aztertzen dituzten erkidegoko hainbat sektore-lege emateko.

Zehatzago esanda, Izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak adingabeen harrera eta adopzioa aipatzen ditu, eta Gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzko ekainaren 30eko 7/2015 Legeak seme-alaba adingabeen zaintza eta jagoletzari buruzko prozeduretatik eratortzen diren familia-harremanak azpimarratzen ditu.

Azkenik, azpimarratu behar da lege hau autonomia-erkidegoko eskumen-tituluen ildoan dagoela hezkuntzaren, osasunaren, gizarte-hedabideen eta ingurumenaren arloan.

Horri guztiari gehitu behar zaio lege honek ez duela alde batera uzten gure autonomia-erkidegoaren egitura eta antolaketa juridiko-instituzional berezia. Aitorpen horretatik, Autonomia Erkidegoko Erakunde Erkideen eta Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean xedatutakoari jarraikiz, errespetatu egiten ditu lurralde historikoetako foru-organoek dituzten eskumenak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde erkideetatik datozen arauak betearaztekoak, gizarte-laguntzaren, komunitatearen garapenaren, emakumeen egoeraren, haur, gazte eta adinekoen aldeko politikaren, eta aisialdia eta olgetaren esparrukoak, kalterik egin gabe erakunde erkideek arlo horietan egiten duten ekintza zuzenari.

Modu berean, euskal udalerriek dituzten berezko eskumenak errespetatzen ditu, eta, ondorioz, baita eskumen horiek egikaritzearekin lotutako eginkizun edo ahalmen guztiak ere, udal-autonomia babesteko esleitzen zaizkienak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen arabera.

V

Deskribatutako aurrekariekin bat etorriz, haurrei eta nerabeei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegorako erreferentziazko esparru juridiko berri bat onesten da lege honekin, zeina ez den soilik pertsona adingabeen babesean oinarritzen, baizik eta pertsona adingabeak garatzen diren bizitzaren eremu guztietan, izan esparru publikoan zein pribatuan (hezkuntza, osasuna, familia, gizartea, arlo judiziala, eta abar), haien eskubideak aitortzen, sustatzen, prebenitzen eta leheneratzen edo itzultzen aurrera egiten duen.

Era berean, lege honek edozein indarkeria-portaeraren edo -formaren aurrean ere jarduten du, edozein dela ere hura gertatzen den ingurunea (familia, gizartea, hezkuntza, eta abar) edo indarkeria erabiltzen duen pertsona, eta alde batera utzita indarkeriazko ekintza noizbehinkakoa, ohikoa edo denboran zehar jarraitua den.

Era berean, lege honek pertsona adingabeen eskubideak egituratzen ditu; haurrak eta nerabeak eremu material autonomo gisa aitortzen eta finkatzen ditu, zeharkakoa izanik funtsean; eta alderdi ugari ditu hainbat eskumen-eremurekin (gizarte-zerbitzuak, osasuna, hezkuntza, justizia, aisia eta denbora librea...) bereziki lotzen dutenak, eta nahitaez koordinatu behar da haiekin. Horren ildotik, haurrak eta nerabeak ez dira, inola ere, tradizioz harreman estua izan duten beste eskumen-eremu batzuen barnean bildutako arlotzat hartzen, hala nola gizarte-laguntzari dagokiona, zeinarekin pertsona adingabeei zuzendutako ekintza publikoa lotzeko joera baitago edota harekin identifikatzekoa.

Beraz, haur eta nerabeen arloa berezko eremu materialtzat hartzen da, eta, horren barruan, haur eta nerabeei dagokien eta eragiten dieten hainbat gai sartzen dira haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzean, hala nola arreta goiztiarra, nazioarteko adopzioa, babesgabetasun-egoeran dauden pertsona adingabeen babesa edo zigor-legearekin gatazkan dauden adingabeen gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea.

Lege honek, nazioarteko eta Europako estandar, postulatu eta printzipioekin bat etorriz, aurrera egiten du pertsona adingabeak eskubideen titular diren subjektu gisa, eta ez soilik babesa merezi duten subjektu gisa, aitortzeko bidean. Helburu hori lortzeko, filosofia bat hartzen du abiapuntu gisa; filosofia horrek dio haurrak eta nerabeak sozialki eta juridikoki babestea bermatzeko modurik onena dela haiek subjektu gisa duten autonomia sustatzea bizitzako lehenengo etapetatik hasita, haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzeko eta baliatzeko beharrezkoak diren baldintzak ezartzea bultzatuz eta sustatuz; eta, modu berean, erabat eta harmonikoki ziurtatzea haien garapen fisikoa eta psikologikoa, barne harturik arlo emozional, kognitibo, sozial eta afektibo-sexuala.

Lege honen xedea da araudia modu sistematiko, oso, koherente eta eguneratuan arautzea, oinarrizko printzipio gisa harturik pertsona adingabearen interes gorena gailentzea; integralitatea; haurtzaroaren zeharkakotasuna politika guztietan; gizarte osoaren, sektore pribatuaren eta botere publikoen erantzunkidetasun-eginbeharra, eta haur eta nerabeen parte-hartzea eta herritartasun aktiboa.

Printzipio horiek kontuan hartuta, eta pertsona adingabeen eskubideak eraginkortasunez egikaritzen direla bermatzeko eta babesteko, lau esku-hartze ardatz nagusiren inguruan proiektatzen du edukia: sustapena; prebentzioa eta detekzioa; arreta eta babesa, eta adingabearen errekuperazio integrala; izan ere, hala, lortu nahi da bai kaltea erreparatzea, bai eta urratu diren eskubideak itzultzea ere. Jardun publikoa garatu beharko den arlo horiek guztiek, denak batuta, pertsona adingabeei eman beharreko arreta integrala eta sektore anitzekoa egituratzen dute, eta legearen izaera integrala berresten laguntzen dute.

Horrekin estu lotuta, legeak nabarmentzen du beharrezkoa dela administrazio publiko guztiek jarrera jagolea izatea pertsona adingabeen garapen fisiko eta psikologiko egokia eta haien eskubideen benetako egikaritzea zaildu, haiei kalte egin edo haiek urra ditzaketen testuinguruen, egoeren edo jokabideen prebentzioan, edozein jatorri dutela ere, detekzio goiztiarra eginez, horiei aurrea hartu ahal izateko, eta horrelakorik gerta ez dadin, edo mugatzeko egoera horietatik erator daitezkeen ondorio negatiboak, haien larritasuna edo haien iraupena.

Era berean, lege honek ahalegin handia egiten du pertsona adingabeek parte hartzeko duten eskubidearen eduki substantiboa indartzeko, eta bere artikuluen zati handi bat bideratzen du neurriak gaitzera haien benetako parte-hartzea erraztu eta sustatzeko dagozkien bizitza publikoko gaietan eta, bereziki, beren eskubideei eragiten dieten politika publikoak diseinatu eta horien plangintza egiten.

Bestalde, Estatuko legegintzako agertoki berriak ematen duen aukera aprobetxatzen du haur eta nerabeen arloko eginkizunetan sakontzeko, eta argitzeko zer eginkizun dagokion euskal administrazio publiko bakoitzari, Autonomia Erkidegoan indarrean den eskumen-banaketaren arabera.

VI

Aipatutako esparruan, legea hiru helbururekin sortu da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren edo dauden pertsona adingabe guztiei bermatzea ordenamendu juridikoak aitortzen dizkien eskubide eta askatasunak egikaritu ahal izatea.

b) Erantzunkidetasun-eginbeharretik, ekintza publikoko sektore-eremu guztietan botere publikoek garatu behar dituzten ekintzak zehaztea, aurreko apartatuan ezarritako helburua lortzeko.

c) Jarduketa-printzipioak zehaztea eta sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-jarduketa guztiei dagokien eskumen-esparrua ezartzea, baita koordinazio-, elkarlan- eta partaidetza-egiturak ere.

Helburu horiek lortzeko, 337 artikulu ditu guztira, atariko tituluan eta berariazko hamaika titulutan banatuak, eta, ondoren, hamazazpi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta zazpi azken xedapen.

Atariko tituluak bi kapitulu ditu, eta arauaren aplikazio zuzena gidatu behar duten xedapen orokorrak jasotzen ditu.

I. kapituluak legearen eremu objektiboa eta subjektiboa zehazten ditu, eta araudiak haur eta nerabeengan duen eragina aztertzea derrigorrezkoa dela ezartzen du. Horrez gainera, aurrekontu-lehentasunaren printzipioa ezartzen du batetik, eta, bestetik, pertsona adingabeen, haien familien, botere publikoen eta gizarte osoaren erantzunkidetasun-eginbeharra haurren eta nerabeen ongizatea bermatzera, haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzera eta eginbeharrak eta erantzukizunak beren gain hartzera bideratutako jarduketetan.

Araudiak haur eta nerabeengan duen eragina aztertzeari dagokionez, helburua da haurren eta nerabeen eskubideen ikuspegia txertatzea arauzko xedapen orokorretan. Horretarako, arauan proiektatutako jarduerak haurren eta nerabeen ongizatea eta haien eskubideen egikaritze eraginkorra sustatzeko, prebenitzeko zein haiei arreta eta babesa emateko helburu orokorrean ondorioak, positiboak edo negatiboak, izan ditzakeen aztertzeko eskatzen da.

Aldi berean, egindako ebaluazioa indartzen da; izan ere, araugintza-ekimenaren organo sustatzaileari dagokion azterketa-eginbeharrarekin batera, Haurren eta Nerabeen Behatokiari esleitzen zaio hari buruzko txosten bat egiteko eginkizuna. Horrela, ebaluazioan lortutako emaitza edo ondorioak justifikatuta daudela eta egindako balorazioa ezarritako helburuetara egokitzen dela egiaztatu nahi da; eta, hala badagokio, hobekuntza-proposamenak egin, haur eta nerabeengan detektatu diren ondorioak ezabatzen, minimizatzen edo murrizten laguntzeko, sinergiak bilatuz eta haien eskubideak baliatzeko edo egikaritzeko garaian inpaktu negatiboak saihestuz.

Bestalde, II. kapituluan, botere publikoek haurren eta nerabeen eremuan garatzen dituzten esku-hartzeak antolatzeko erabili behar diren jarduketa-ardatzak zerrendatzen ditu, eta, horrekin bat etorrita, sustapena, prebentzioa, arreta, indarkeriaren aurkako babesa eta babesgabetasun-egoeretarako babesaren kontzeptuak definitzen ditu.

I. tituluak bi kapitulu ditu. Hala, I. kapituluak zenbait xedapen orokor jasotzen ditu, haurrei eta nerabeei lotutako sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-eskumenak erabiltzean euskal administrazio publikoek aintzat hartu behar dituzten printzipioen zerrenda zehatz eta xehatu bat ezartzeko, eta gizarte- eta merkataritza-ekimenarekiko elkarlana eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenaren sustapena jasotzen ditu.

Horrez gainera, II. kapituluak haur edo nerabe baten kontra sortutako indarkeria-egoerak eta pertsona adingabeen ustezko babesgabetasun-egoerak komunikatzeko eginbeharra ezartzen du; bai eta aurreko egoeretako bati lotutako datuen tratamendua eta jasotako informazioa isilean gorde beharra arautu ere.

Indarkeria- edo babesgabetasun-egoerak komunikatzeari dagokionez, aipatzekoa da komunikatzeko eginbeharrak barne hartzen dituela horrelako egoera bat gertatzen ari den susmoak ere.

Era berean, gehitu behar da aurreikusten den komunikatzeko eginbeharra bikoitza dela. Horrela, komunikatzeko eginbehar generiko bat ezartzen da, herritar guztiei eska dakiekeena, gizarte osoa pertsona adingabeen babesaren partaide eta erantzunkide eginez; eta komunikatzeko eginbehar kualifikatu bat ezartzen du beren kargu, lanbide edo eginkizun, ofizio edo jarduera direla-eta pertsona adingabe baten kontrako indarkeria-egoera baten berri edo adingabe horren babesgabetasun-egoera posible baten berri duten pertsona edo kolektiboei berariaz eragiten diena. Nolanahi ere, aplikatu beharreko araubide juridikoa desberdina da kasu bakoitzean, eta, horrekin bat etorriz, komunikatzeko bi eginbehar horiek betetzeko kontuan hartu beharko diren parametroak konfiguratzen dira.

Modu berean, bereziki lantzen da pertsona adingabeek indarkeria- edo babesgabetasun-egoerak komunikatzea. Kasu horri dagokionez, administrazio publiko eskudunek mekanismo eskuragarri, egoki eta konfidentzialak, ahal dela elektronikoak, eskaintzeko betebeharra ezartzen da, egoera horiek komunikatu ahal izateko eta informazio egokia modu arin eta seguruan eman ahal izateko.

II. tituluak bi kapitulu ditu, eta bertako artikulu gehienak pertsona adingabeen eskubideak arautzeko esparru orokorra ezartzeari buruzkoak dira. I. kapituluak, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak irekitako bideari jarraituz, pertsona adingabe guztiek dituzten giza eskubideak biltzen ditu, inolako bereizketarik egin gabe.

Ezin da ukatu eskubide horiek dimentsio eta espazio propioa hartzen dutela haurtzaroan eta nerabezaroan, parte hartzeko eskubidearekin gertatzen den bezala. Eta, beste kasu batzuetan, askoz ere proiekzio handiagoa dute haurtzaroko eta nerabezaroko bizi-zikloaren etapetan edo, bereziki, pertsona adingabe baten garapenaren etapa edo aldi zehatzetan, osasunerako eskubidearekin gertatzen den bezala.

Era berean, ezin da alde batera utzi eskubide jakin batzuk pertsona adingabeei soilik aplikatzen zaizkiela, hala nola familiaren barruan hazteko eta familia-harremanak izateko eskubidea, edo hezkuntzarako eskubidea.

Horregatik, nazioarteko, Europako eta Estatuko legerian oinarrituta, eskubide bakoitzaren eduki substantiboa zehazten da. Horretarako, modu garbi eta zehatzean ezartzen dira haiek definitzen dituzten elementu eta berezitasun espezifikoak, segurtasun juridiko handiagoa izateko eta ziurtasuna areagotzeko.

Eduki substantibo horrek osatzen du administrazio publikoa gidatu behar duen gutxieneko arau-multzoa, familian bertan eta gizartean eskubide bakoitzaren eduki substantiboa egokiro egikaritzen eta baliatzen dela ahalbidetu, ziurtatu eta babesteko bete behar diren baldintzak ezartzeko, bai eta haiek garatzen diren gainerako eremuetan ere.

Horren ondorioz, administrazio publikoek pertsona adingabeen eskura jarri behar dituzten mekanismoak aipatzen dira, haien eskubideak benetan egikaritzea eta defendatzea bermatzeko, diskriminaziorik gabe eta aukera-berdintasunean.

Pertsona adingabeek dituzten eskubideen multzoari dagokionez, arreta berezia merezi du pertsona adingabearen interes gorena gailentzeko eskubideak, zeina haurren eta nerabeen lehen eskubide gisa jasotzen den.

Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak 3. artikuluan aldarrikatzen duenez, «haurrei dagokienez, gizarte-ongizateko erakunde publiko nahiz pribatuek, auzitegiek, administrazio-agintariek edo legegintza-organoek hartzen dituzten neurri guztiek haurren interes gorena zaintzea izango dute lehendabiziko ardura». Eta Haurren Eskubideen Batzordeak, 14. Ohar Orokorrean (2013), haurrak bere interes gorena lehendabiziko ardura izan dadin duen eskubideari buruzkoan, «interes gorena» kontzeptuaren hiru dimentsioak azpimarratzen ditu. Batetik, eskubide substantiboa da, pertsona adingabeak bere interes gorenak ebaluatuak izateko eskubidea baitu hari eragiten dion neurri bat hartzen denean eta, beste interes batzuk badaude, horiek behar bezala haztatu beharko dira irtenbide bat bilatu ahal izateko. Bestetik, interpretaziozko izaera duen printzipio orokor bat da; beraz, xedapen juridiko bat modu batean baino gehiagotan interpreta badaiteke, pertsona adingabearen interesei egokien erantzuten dien interpretazioa aukeratu behar da. Baina, gainera, azkenik, printzipio hori prozedurazko arau bat da. Hiru dimentsio horietan, pertsona adingabearen interes gorenak helburu bera du: pertsona adingabearen eskubide guztiak erabat eta modu eraginkorrean errespetatzen direla ziurtatzea, bai eta haien garapen integrala ere.

Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 2. artikuluari beste idazkera bat eman zion Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoak, organo legegileak modu unibertsalean aitortutako balioak eta onartutako irizpideak zedarritzeko. Irizpide eta balio horiek kontuan hartu behar ziren, eta zenbait elementu eta kasuan kasuko egoerak aintzat hartuta haztatu, bai eta hartutako erabakiaren motibazioan zehaztu ere, interes gorenaren printzipioaren aplikazioa eta zehaztapena egokia izan den ala ez aztertzeko helburuarekin.

Hori dela eta, kontuan hartuta arloa arautzeko funtsezko printzipio gidaria dela eta botere publikoen esku-hartze osoa inspiratu behar duela, lege honetan biltzen dira pertsona adingabearen interes gorena kasu partikular bakoitzean interpretatzen eta aplikatzen laguntzen duten gutxieneko irizpideak, arestian aipatutako 2. artikuluan definitzen direnak.

Baina, logika horri jarraikiz, eta berrikuntza gisa, lege-testu honetan pertsona adingabearen interes gorena gailentzeko eskubidea ere ezartzen da, eta erreferentziazko eskubide goren bihurtzen da; hau da, aldi berean egon daitekeen beste edozein eskubide edo interes legitimoren aurrean, pertsona adingabearen interes gorena gailendu beharko da beti.

Bestalde, II. kapituluak, hedadura askoz ere txikiagokoa bera, pertsona adingabeen eginbeharrak arautzen sakontzen du, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeak jada jasotzen zituen xedapenen eta nazioarteko arauen ildotik.

Horrela, pertsona adingabeak kontzientziatu nahi dira, bai eta gizartea bera ere, aitortzen zaizkien eskubideen titulartasuna eta egikaritza ez direla mugagabeak, eta muga eta erreserben mende egon daitezkeela gainerako pertsonen eskubideen errespetua edo ordena publikoaren eta segurtasunaren babesa bermatzeko. Gainera, erantzukizunak pixkanaka nork bere gain hartzearen garrantzia azpimarratu nahi da. Autonomia Erkidegoko lege-aurrekariarekin alderatuta, berrikuntza nagusia da eginbehar horiek, berariaz eta bereizita, familia-, hezkuntza- eta gizarte-eremuan sartzen eta zehazten direla.

III. tituluak hamabost kapitulu ditu eta, haien bidez, modu sistematiko, ordenatu eta zehatzean, haurren eta nerabeen ongizatea eta haien eskubideak egikaritzea sustatzen da, bai eta egikaritze horretatik erator litezkeen betebehar, muga eta murrizketak ere.

Horretarako, pertsona adingabeei aitortutako eskubideen ezagutza, errespetua eta egikaritze eraginkorra eta haien eginbeharrak eta erantzukizunak beren gain hartzea bultzatzeko eta sustatzeko politika, estrategia eta jarduketen multzoa ezartzen du, baita gizartea eskubide eta eginbehar horien eta haur eta nerabeek dituzten beharren inguruan sentsibilizatzera bideratutakoak ere, eta egikaritze hori gauzatu ahal izateko eta pertsona adingabeek garapen osoa eta harmonikoa izan dezaten beharrezkoak eta egokiak diren baldintzak egon daitezen laguntzera bideratutakoak ere bai.

Jasotzen diren sustapen-jarduketak oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak oro har egikaritzearekin lotuta daude, honako eskubide espezifikoago hauekin batera: familia-eremuan hazteko eta harremanak izateko eskubidea; bizi-baldintza duinak izateko eta gizarte-inklusiorako eskubidea; osasunerako eskubidea; hezkuntzarako eskubidea; kulturarako eskubidea; jarduera fisikorako eta kirolerako eskubidea; aisialdi hezigarrirako eskubidea; lan-eremuko eskubideak; ingurumen osasungarrirako eskubidea; ingurunerako eta mugikortasunerako eskubidea; informaziorako eskubidea; harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako eskubidea eta kontsumoaren arloko eskubideak.

IV. titulua hiru kapitulutan antolatua dago eta haurren eta nerabeen osasun fisiko eta mentalerako, hezkuntza-garapenerako zein ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoeren prebentzioa, detekzioa eta arreta lantzen ditu.

Prebentzio-ekintzaren esparruan, oro har, haurren eta nerabeen populazio osoari dagokionez, jarduketa-eremu guztietatik eta sistema batzuek eta besteek egituratutako politika, estrategia eta ekintzen multzoa biltzen du, pertsona adingabeen garapen fisiko eta psikologiko egokia zaildu edo hari kalte egin diezaioketen testuinguru, egoera edo jokaerak saihesteko, eta, hasieratik hautemanez gero, haien larritasuna edo iraupena mugatzeko.

Eta, prebentzio-ekintzarekin batera garatzen den arreta-mailaren barruan, euskal administrazio publikoek pertsona adingabeen eskubideak behar bezala egikaritzen direla bermatzeko, bai eta haien garapen integrala eta harmonikoa bermatzeko ere, egiten dituzten jarduketen multzoa finkatzen da, indarkeria- edo babesgabetasun-egoerei lotuta ez dauden egoera kaltegarriak gertatu direnean egindakoena, hala nola osasun-arreta, gaixotasun edo nahasmenduren bat diagnostikatu denean; eskolagabetzeko, absentismoko edo eskola-porroteko egoerak zuzentzera bideratutako hezkuntza-arreta; gizarte-zerbitzuen arreta, familian esku hartzeko neurriak hartzea beharrezkoa denean bizikidetzan laguntzeko beharra dagoelako eta gurasotasuna modu positiboan gauzatzeko, babesgabetasun-egoerarik izan gabe.

I. kapituluak bost atal dauzka, eta osasun fisikoaren eta mentalaren arloa du ardatz. Ildo horretan, hainbat gaixotasun, nahasmendu edo arrisku prebenitu, detektatu eta artatzeko jarduketak definitzen dira.

1. atalak garapen-nahasmenduei edo haiek izateko arriskuari lotutako jarduketak zehazten ditu. Ezartzen den jarduketa-multzo anitzaren barruan, eta prebentzio-ekintza indartzeko, arreta berezia merezi dute arreta goiztiarreko esku-hartze integralak eta hogeita bost urtetik beherako emakume haurdunekin aurreikusten diren jarduketek, baldin eta ama izango denaren jokabidearekin edo inguruabar berezi eta zaurgarriekin lotuta dagoen jaio aurreko arrisku-egoera posible bat badago, eta horrek kontzebituaren garapen normalari edo osasunari eragin badiezaioke.

2. atalak sexu- eta ugalketa-osasunari eragiten dioten arriskuei buruzko jarduketak zehazten ditu.

3. atalak administrazio publikoek haur eta nerabeen obesitateari dagokionez garatu behar dituzten jarduketak definitzen ditu. Jarduketa horiek familia-ingurunean, eskola-ingurunean, osasun-ingurunean, komunitate-ingurunean eta sektore pribatuan aplikatu beharrekoak izango dira.

4. atalak osasun mentaleko nahasmenduak, jokabide arazotsuak eta mendekotasunak ditu ardatz. Pertsona adingabeen osasun mentalerako arreta ospitaleko unitate espezializatuetan, intentsitate handiko unitate anbulatorioetan (eguneko ospitaleetan) eta osasun mentaleko zentroetan emango da, eta guztiek haur eta nerabeen psikiatrian espezializatutako osasun-langileez hornituta egon beharko dute.

Testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da egoitza-unitate soziosanitarioak antolatzea espezifikoki osasun mentaleko nahasmenduak eta muga funtzional larriak aldi berean dituzten pertsona adingabeen beharrizanetara egokitutako gizarte- eta osasun-arloko arreta bermatzeko, gizarte- eta osasun-arreta aldiberekoa behar badute.

5. atalak istripuen prebentziorako eta arretarako neurriak ezartzen ditu.

II. kapituluak bi atal ditu, eta hezkuntza-garapenerako kaltegarriak diren egoerei lotutako prebentzio-, detekzio- eta arreta-jarduketak definitzen ditu. Horren arabera, 1. atalak eskolagabetzea eta eskola-absentismoa ditu ardatz, eta 2. atala eskola-porrotera mugatzen da.

III. kapitulua hiru ataletan antolatua dago, eta ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoeretara mugatzen da. Testuinguru horretan, ezartzen ditu haur-pobreziako egoeren (1. atala), bizitegi-bazterketako arriskuko eta bizitegi-bazterketako egoeren (2. atala) eta gizarte-bazterketaren (3. atala) prebentziorako, detekziorako eta arretarako jarduketak.

Bereziki, gizarte-bazterketako egoerei dagokienez, zehazten da ezen, haurdun, bizitokirik gabe, bazterketa-arriskuan edo bazterketa-egoeran dauden haurren edo nerabeen kasuetan, haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuei dagokiela esku-hartzea, bai ama, bai kontzebitua babesteko eta, esparru horretan, familia- edo egoitza-harrerako konponbide baterako irispidea izan beharko dutela.

V. tituluak hiru kapitulu ditu, eta lege honetan definitutako haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoeren prebentzioa, detekzioa eta babesa azpimarratzen ditu, eta koherentea da Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak eremu horretan defendatzen duen prebentzio-, gizarteratze- eta hezkuntza-helburu hirukoitzarekin.

I. kapituluak legearen berrikuntza garrantzitsuenetako bat jasotzen du: estrategia integrala ezartzea haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko.

Estrategia hori erakunde artekoa eta sektore artekoa izan beharko da, eta haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egin beharko dio alderdi guztietan, haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzen direla bermatzeko eta, hala badagokio, urratutako eskubideak itzultzeko eskubidea bermatzeko.

Estrategia horrek, gutxienez, esparru hauetan eragingo du: familia; hezkuntza; osasuna; gizarte-zerbitzuak; arlo judiziala; arlo poliziala eta segurtasunekoa; harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, arreta berezia eskainiz Interneti eta sare sozialei; kultura, aisia eta denbora librea; eta jarduera fisikoa eta kirola.

II. kapituluak pertsona adingabeei indarkeria-ekintzengatik oinarrizko eskubideak urratzen zaizkien egoerak prebenitzeko jarduketen multzoa garatzen du. Zehazki, aurreikusten diren jarduketek eragin berezia dute familia-, hezkuntza-, kirol- eta aisia-eremuan, bai eta harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien eremuan ere.

Horien artean, nabarmentzekoa da ongizate eta babeserako koordinatzailearen figura arautzea, zeina pertsona adingabeak ikasketak egiten ari diren ikastetxeetan sortu behar baita; eta, era berean, babes-ordezkariaren figura arautzea, zeina nahitaez izan behar baitute pertsona adingabeekin gorputz-hezkuntzako, kiroleko edo aisialdiko jarduerak egiten dituzten entitate, zentro eta antolakunde publiko nahiz pribatuek.

III. kapitulua babes-jarduna ardatz duen esku-hartzera bideratua dago, eta, horretarako, detekzio goiztiarraren beharra azpimarratzen du. Premisa horretatik, pertsona adingabe bat edozein indarkeria-motaren biktima denean edo hura izateko arriskuan dagoenean, indarkeria hori edozein eremutan gertatzen dela ere (eskolan, komunitatean, kirolean, familian edo beste batean), euskal administrazio publikoek garatu beharreko politika, prozedura eta jarduketa guztiak antolatzen ditu.

Ildo horretan, aurreikusten diren jarduketak osasunaren, hezkuntzaren, jarduera fisikoaren, kirolaren, gizarte-zerbitzuen zein poliziaren eremuan, eta eremu judizialean sartzen dira. Hala ere, haien guztien artean dimentsio berezia hartzen dute gizarte-zerbitzuen jarduketek, haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-kasu posibleen informazioa biltzeko eta balorazioa egiteko duten eskumena kontuan hartuta. Horrekin bat etorriz, lanbide-jarduera gizarte-zerbitzuetan egiten duten funtzionarioei agintaritza-agente izaera esleitzen zaie, pertsona adingabeen babesaren arloan dituzten eginkizunak eraginkortasunez bete ahal izango dituztela bermatzeko, eta indarkeria-ekintzen edo gatazka handiko egoeren eraginpean egoteko aukera dutelako.

Bestalde, arreta berezia merezi du indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeei arreta integrala emateko eskubidea arautzeak, esku-hartze, laguntza, harrera eta suspertze fisikoko eta psikologikoko neurriak barne hartuko baititu. Horri dagokionez, nabarmentzekoak dira biktimizazio sekundarioa saihesteko ezartzen diren neurriak eta delituaren ondoriozko kalteen erreparazio material eta moral egokia lortzeko neurriak.

VI. titulua bost kapituluk osatzen dute, eta legearen kapitulu zabalena da. Aurreko tituluaren ildo beretik, pertsona adingabeen babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoeren eta babesgabetasun-egoeren (arriskukoak edo desanparokoak) prebentzioa, detekzioa eta babesa arautzen ditu, baita haien ondorioz urratutako eskubideak leheneratzea eta itzultzea ere.

I. kapituluak haur eta nerabeen babesgabetasun-egoerak eta babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta babesteko aplikatu beharreko esparru juridiko erkidea ezartzen du. Halaber, egoera horietako bakoitzaren irismena zehazten du.

Horregatik, zenbait interpretazio eragin ditzakeen eta araua aplikatzerakoan segurtasun juridikoko arazoak sor ditzakeen kontzeptu juridiko zehaztugabe bat legean sartzea saihesteko asmoz, «babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna» definitzen da autonomia-erkidegoko lege-esparruaren berrikuntza gisa.

Kontzeptu hori kasu jakin batzuetara mugatuta geratzen da. Kasu horietan, nahiz eta pertsona adingabearen premiei arreta egokia ematen zaiela ikusi, badira zailtasun pertsonal, familiar edo sozial batzuk egoera horrekiko zaurgarritasuna dakartenak, eta, ondorioz, etorkizunean babesgabetasuna agertu ahal izatea dakartenak.

II. kapituluak prebentzio-ekintza jorratzen du, eta pertsona adingabeek beren legezko ordezkariei edo haien zaintza duten pertsonei dagozkien hazkuntza-eginbeharrak ez betetzearen edo behar ez bezala betetzearen edo betetzea ezinezkoa izatearen ondorioz dituzten babesgabetasun-egoerak prebenitzeko jarduketen multzoa definitzen du.

Babesa indartzeko asmoz, arreta berezia eskaintzen die babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoera posibleen prebentzioari eta detekzioari. Era berean, sentsibilizazio- eta kontzientziazio-jarduketa ugari garatzen ditu, bai eta hazkuntza-eginkizunei laguntzeko neurriak ere, babesgabetasun-egoerak saihestera bideratuak. Azken horiek familia-testuinguru seguruak bultzatzen dituztenak dira, errespetu- eta maitasun-harremanetan oinarrituak, eta hazkuntza-eginkizunak betetzen laguntzen dutenak.

III. kapituluak sorospena emateko eginbehar orokorra eta babesgabetasun-egoeran berehalako arreta emateko betebeharra jasotzen ditu. Berezitasun gisa, azpimarratzekoa da foru-aldundiei esleitzen zaiela pertsona adingabe baten behin-behineko zaintza beren gain hartzeko ahalmena, berehalako arreta ematea errazteko.

Era berean, udaletako gizarte-zerbitzuei komunikatutako babesgabetasun-egoera posibleen kasua hartzeko prozedura garatzen du, bai eta detektatutako egoeraren balorazioa ere.

Ildo berean, administrazio-espedientearen erregulazioa gehitzen da, eta babes-prozedura baten esparruan izapidetu daitezkeen espedienteak zehaztu eta haien formatu elektronikoa eta espedientearen zaintza eta jagoletzarako eta hura osatzen duten dokumentu elektronikoak gordetzeko baldintzak zehazten ditu.

IV. kapituluak dituen zortzi atalen bidez, euskal administrazio publikoek babesgabetasun-egoeren aurrean duten babes-jarduna arautzen da. Babes-jardunaren barruan sartzen dira adingabeak beren familia-eremuan daudenean, bai arrisku-egoeran, bai desanparo-egoeran, pertsona adingabeak babesteko sistemaren esparruan aplikatzen diren politika, prozedura eta jarduketa guztiak.

Diseinatutako babes-jarduna bat dator Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoan jasotzen diren Estatuko oinarrizko xedapenekin, eta adingabeen babesari dagokionez administrazio publikoek dituzten jarduketa-printzipioak errespetatzen ditu. Alde horretatik, uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoak eta uztailaren 28ko 26/2015 Legeak (biak haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzekoak), Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organiko berriarekin batera, beren artikuluetan egindako aldaketak jasotzen ditu, eta arlo horretako Estatuko oinarrizko xedapenak garatzen ditu.

Arau-esparru horren barruan, 1. atalak arrisku-egoeraren definizioa ematen du, bai eta arrisku-egoera dagoela zehazteko adierazleen zerrenda bat ere, egoera horiek detektatzeko eta baloratzeko segurtasun juridikoa indartze aldera.

Testuinguru horretan, arrisku-egoeren aurrean udaletako gizarte-zerbitzuek eta haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek duten esku-hartzea jorratzen da, egoera horien larritasunaren balorazioaren arabera beren eskumenekoak diren egoeretan. Era berean, kasua lurralde-zerbitzuetara bideratzeari heltzen dio, eta, osagarri gisa, mekanismo bat diseinatzen da udaletako gizarte-zerbitzuen eta lurralde-zerbitzuen arteko babesgabetasun-egoeren balorazioan egon daitezkeen desadostasunak konpontzeko. Haiek ahalik eta azkarren eta arreta handienarekin konpondu behar dira, inplikatuen eskubideei eta, bereziki, pertsona adingabearen eskubideei kalterik ez egiteko.

Bestalde, arrisku-egoeretan familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektua arautzen da, eta familiak proiektuaren diseinuan eta hura abian jartzeko orduan parte hartzeko eta laguntzeko duen eginbeharra ezartzen da.

Familiak laguntzeko duen eginbeharrarekin estu lotuta, lehen aldiz arautzen da Autonomia Erkidegoko lege-testu batean arrisku-egoeraren deklarazioa. Figura berri hori prebentzio-ekintzan kokatzen da, eta guraso-eginbeharrak egikaritzean portaera-aldaketa baten eragile sustatzaile gisa jarduteko filosofiarekin sortu da. Azken buruan, egoera ez larriagotzea lortu nahi da, ondoren desanparo-egoeraren deklarazioa eragin ez dezan, deklarazio horrek, berehala, pertsona adingabea bere familiatik eta bere ingurunetik banantzea ekarriko luke eta.

Euskal ordenamendu juridikoan gai horretara egiten den lehen hurbilketa Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetan arrisku- eta desanparo-egoeren larritasuna balioesteko Balora tresnaren eguneratzean datza, zeina maiatzaren 9ko 152/2017 Dekretuaren bidez egin zen.

Kasu horretan, honako alderdi hauetara mugatzen zen arautzea: gurasoek, legezko ordezkariek edo harreragileek eta zaintzaileek haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko zerbitzuekin elkarlan aktiborik ez zutela ondorioztatzea ahalbidetuko duten irizpideak ezartzea, elkarlan aktiborik eza arrisku-deklarazioa gaitzen zuen aldez aurreko premisa baitzen; udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuek esku hartu beharreko kasuak zehaztea, egoeraren larritasun-mailari erreparatuz; eta kasu horietan jarraitu beharreko jarduketa-prozedura zehaztea, bereziki kasua gizarte-zerbitzuetara bideratzea, hala bazegokion, arrisku-egoeraren larritasun-maila areagotzearen edo gutxitzearen arabera.

Premisa horietatik abiatuta, lege honek arrisku-deklarazioaren arautzean sakontzen du, eta nahitaezkoa da deklarazio hori jaio aurreko arrisku-egoeretan, ezartzen diren inguruabar jakin batzuk gertatzen direnean, eta betiere haurra jaio ondorengo aldirako. Eta, era berean, legez gaitzen du arrisku- eta desanparo-egoeren larritasuna baloratzeko tresna teknikoaren esparruan arrisku-deklarazioa eragiten duten kasu berriak zehazteko aukera.

Horretarako, legezko gaikuntza hori egikaritzeak bete beharko duen irizpide bikoitza ezartzen du, zeina Eusko Jaurlaritzari dagokion, erregelamenduak egiteko ahalaren titularra den aldetik. Hau da, pertsona adingabearen ongizaterako edo haren nortasunaren erabateko garapenerako kaltegarriak diren edo pertsona adingabearen eskubideen egikaritzari eragiten dioten egoerak izan beharko dute. Era berean, tresna tekniko horrek lege hau erregelamendu bidez garatzeko arau-mailako izaera duela adierazten du.

Azkenik, arrisku-deklarazioa errebokatzeko eta amaitzeko arrazoiak ezartzen dira.

2. atalak desanparo-egoeretan Administrazioak izan beharreko babes-jarduna arautzen du. Horretarako, desanparo-egoera definitzen du eta egoera hori zehazten duten inguruabarrak ezartzen ditu. Horren ildotik, administrazio-prozedura arautu baten diseinuan aurrera egiten du, haren faseak eta izapideak zehaztuta, desanparo-deklarazioa erabakitzen duen egintzara, lege-aginduz tutoretzaren ardura hartzera eta dagozkion babes-neurriak hartzera bideratuta. Osagarri gisa, presazko prozedura bat ezartzen da familian babesgabetasun-egoera larrien aurrekariak dauden edo haurraren osotasun fisiko edo psikikorako berehalako arrisku larriaren beste zantzu batzuk dauden kasuetarako.

3. atalak foru-aldundiek beren gain hartzen duten zaintzaren egikaritzea du ardatz, dela lege-aginduz tutoretza hartzeari datxekiona, dela pertsona adingabearen legezko ordezkariek berariaz eskatzearen, ebazpen judizial baten edo berehalako arreta emateko betebeharra betetzearen ondoriozkoa, eta behin-behineko izaera du.

Aurreikusten diren zaintza-kasuen artean, nabarmentzekoa da, dakarren berrikuntzagatik, behin-behineko zaintza; zaintza hori norbere gain hartzeak ez du eskatzen aldez aurreko desanparo-deklaraziorik, ez eta pertsona adingabearen legezko ordezkarien eskaerarik ere.

Zaintza-modalitate hori presan oinarritzen da. Beraz, justifikatuta dago gizarte-zerbitzuek berehalako jarduketa bat egiteko betebeharra dutela, pertsona adingabeari oinarrizko premiak asetzeko behar den arreta emateko, hura identifikatzeko, haren inguruabarrak ikertzeko eta, hala badagokio, desanparo-egoera erreala egiaztatzeko behar diren eginbideak egiten diren bitartean.

Nolanahi ere, salbuespenezko araubide horrek eskatzen du, nahitaez, eta eragindako pertsonen segurtasun juridikoa eta eskubideak bermatzeko, ahalik eta denbora-mugarik laburrenak ezartzea hura egikaritzeko, egoera horrek denboran sine die iraun ez dezan. Horrela, kasu horietarako, gehienez hiru hilabeteko epea ezartzen da desanparo-egoeraren deklarazioa egiteko eta, ondorioz, tutoretza edo babes-neurri egokia proposatzeko.

4. atalak tutoretzari eta zaintzari buruzko xedapen komunak ezartzen ditu, eta haien bidez hainbat gai jorratzen dira. Haien artean nabarmenenak dira, besteak beste, harreran dauden pertsona adingabeen eskubideen eta eginbeharren estatutua ezartzea eta kasuari erreferentziazko profesional bat nahitaez esleitzea.

Era berean, banakako babes-planari eta zaintza eskuordetzeari aplikatu beharreko araubide juridikoa ezartzen da, egonaldietarako, irteeretarako eta oporretarako, bai eta familia zabalarekin egiten diren egonaldietarako ere. Ildo beretik, senitartekoekiko eta hurbilekoekiko eta boluntarioekiko harremanak azpimarratzen dira.

Bestalde, bizikidetza-ingurune desberdinen arteko trantsizioa jorratzen da babes-neurriak edo zaintza egikaritzeko modua aldatzen direnerako, bai eta familian berriz integratzen direnerako eta familian berriz integratu ondorengo jarraipena egiteko ere. Azkenik, bizimodu independentea prestatzeko programak garatzen dira, hamasei urtetik gorako pertsona adingabeei zuzenduta.

5. atalak zenbait xedapen ezartzen ditu, babes-neurri baten mende dauden pertsona adingabeek lehentasunezko sarbidea izan dezaten osasun- eta hezkuntza-eremuetako zerbitzuetara.

6, 7 eta 8. atalek familia- eta egoitza-harrera soilik dituzte ardatz. Bi babes-neurri horiek dira foru-aldundiek pertsona adingabeen gainean beren gain hartzen duten zaintzaren bi zutabeak, haiek familia-eremutik banantzen dituztenean hartutakoarenak. Hori horrela izanik ere, neurri horiek hartzerakoan, zaintza familia-ingurune egoki batean egikaritzea lehenetsi beharko da beti, eta familia-harrerako neurriari lehentasuna emango zaio egoitza-harrerakoaren aldean.

Neurri horiek euskal ordenamendu juridikoan sakontasunez jorratu dira, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen erregelamendu bidezko garapenaren esparruan; bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan familia-harrera arautzen duen abenduaren 11ko 179/2018 Dekretuan, eta Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuan.

Funtsean, lege honetan gai honi buruz jasotzen diren aurreikuspenak koherenteak dira bi arau-testu horien edukia inspiratzen duten espiritu, printzipio eta helburuekin, Estatuko lege-esparru berriarekin bateraezin bihurtu diren kontuetan izan ezik.

Horrela, familia-harrerari dagokionez, familia-harrera espezializatua birformulatzen da, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 20.1 artikuluan, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak egindako aldaketaren bidez. Aldaketa horren ondorio berehalakoena da modalitate hori besteren familiako harreran sartzea ahalbidetzen zuten elementuak aldatu direla, eta orain familia zabaletara ere hedatzen dela, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legean aurrez ezarritako baldintza hori ezabatu egiten baita.

Hala eta guztiz ere, sartzen den berrikuntzarik garrantzitsuena da araubide bikoitza ezartzen dela familia harreragile espezializatu izendatzen den pertsonari aplikatzeko, aurreikusten denaren arabera pertsona adingabeari eskaini beharko dion arduraldia kontuan hartuta. Arduraldi esklusiboko harreragile espezializatuaren figura sortzea da horren ondorio berehalakoena. Horrela, pertsona adingabearen premia eta inguruabar bereziek arduraldi esklusiboa eskatzen dutela zehazten den kasuetan, harreragile izendatutako pertsonak arduraldi horren araberako konpentsazioa jasoko du Gizarte Segurantzaren araubidearen esparruan.

Bestalde, egoitza-harrerari dagokionez, berrikuntza garrantzitsuenak jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoei buruz Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoan egiten den arautzetik datoz, bai eta zentro horietan bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko neurrietatik ere.

Aipatutakoarekin bat etorriz, nabarmentzekoa da 6. atalean familia-harreraren modalitate guztiak jorratzen direla, kontuan hartuz haien iraupena eta helburuak, bai eta pertsona adingabeak familia harreragilearekin duen lotura eta familia horren ezaugarriak ere.

Eta, bestalde, 7. atalean, garrantzitsua da egoitza-harrerako programen tipologia arautzea. Programa horiek artatutako egoiliarren ezaugarri berezien eta berariazko premien arabera ezartzen eta definitzen dira.

Esparru horretan, azpimarratu behar da zerrendatzen den programen tipologia tasatuaren barruan bereizten direla, batetik, jokabide-nahasmenduak dituzten pertsona adingabeentzako programa eta, bestetik, jokabide-arazoak dituzten adingabeentzako laguntza intentsiboko programa espezializatua, zeinak Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 25.1 artikuluan aipatzen diren.

Bereizketa horren helburua da autonomia-erkidego mailako lege-aurreikuspenak Estatuko lege-esparrura egokitzea; bereziki, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 22ko 8/2015 Lege Organikoak Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren II. tituluan sartzen dituen IV. kapitulu berriko aurreikuspenetara (25. artikulutik 35. artikulura bitartekoak).

Bi programa horiek bazeuden jada Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuan, 4.2.2 artikuluan aurreikusitako programa espezializatuen barruan, eta honako izendapen hauekin: jokabide-arazoak dituzten nerabeei arreta emateko programa espezializatua, eta jokabide-arazo larriak dituzten nerabeentzako laguntza intentsiboko programa espezializatua.

Era berean, bi programa horiek jokabide disruptiboak zituzten nerabeak zituzten helburu. Hala ere, lehen kasuan, oinarrizko programa orokorraren esparruan arreta ematea ezinezkoa egiten zuten jokabide bereziki disruptiboak ziren, eta, bigarren kasuan, behin eta berriz gertatzen ziren jokabide disruptiboei edo antisozialei egiten zitzaien erreferentzia, beren buruari edo hirugarrenei kalte edo galera larriak eragiteko arrisku nabarmena zekartenei, edo haien garapen integrala arrisku larrian jartzen zutenei, inola ere ez bazuten bideragarri egiten arreta aurreko programa espezializatuaren esparruan ematea.

Hori dela eta, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoan arautzen diren babeseko zentro espezifikoetan artatu behar diren nerabeei buruzko nahasmena saihestu behar denez, edo izan behar zituzten jokabide disruptiboen ezaugarri bereziei buruzko zalantzak sortzea ekiditeko, eta programa espezializatu bi horien hartzaile guztiei zentro horietan arreta eman behar zaiela pentsatzearen uste okerrera ez iristeko, egokitzat jotzen da programa horien izenak birformulatzea, goian adierazitako zentzuan.

Bestalde, nabarmentzekoa da babesgabetasun-egoeran dauden pertsona adingabeentzako egoitza-harrerako baliabideetan har daitezkeen heziketa-neurri zuzentzaileei aplikatu beharreko araubidea. Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak osatu egiten du egoitza-harreran datzan babes-neurriaren berrikuspena, 2015ean egindakoa, berme handiagoak sartuz segurtasun-neurriak hartzeko orduan.

Horri dagokionez, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoan 21 ter artikulu berria sartu da, non esparru orokor bat ezartzen baita komuna izango dena haurrak eta nerabeak babesteko zentro guztientzat eta zentro horietan bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko neurri guztientzat, eta euste fisikoko neurriak aplikatzea debekatzen da; hala ere, debeku horrek salbuespen oso mugatu batzuk onartzen ditu, jokabide-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentroen kasu espezifikoan.

Horrenbestez, heziketa-neurri zuzentzaileak aplikatzea eragiten duten kasuak ezartzen dira, eta haien ezaugarriak eta edukiak definitzen dira, haien helburua, aplikatu ahal izateko izan behar diren baldintzak eta aplikatzeko mugak.

Azkenik, 8. atalak jokabide-arazoak dituzten adingabeak babesteko zentro espezifikoak arautzen ditu, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoak jasotakoak. Zentro horiek laguntza intentsiboko programa espezializatu baten barruan daudenak izango dira soil-soilik. Bereziki, honako hauei buruzko berariazko aurreikuspenak ezartzen dira: horrelako zentro batean sartzeko gaitzen duten baldintzak, zentroan barneratzea eta egonaldiaren iraupena, segurtasun-neurrien tipologia eta segurtasun- eta euste-neurriei aplikatu beharreko araubidea, bisiten eta irteera-baimenen araubidea, bai eta pertsona adingabearen komunikazioena ere.

Euste fisikoko segurtasun-neurriekin lotuta, bakarrik onartzen da, salbuespen gisa, pertsona adingabearen eskumuturrak ekipamendu homologatuekin lotzea, baldin eta protokolo zorrotz baten pean egiten bada eta ezinezkoa bada beste bide batzuetatik saihestea bere bizitza, osotasun fisikoa edo hirugarrenena arrisku larrian jartzea. Era berean, euste-neurri horren eremu subjektibo hartzailea mugatzen da.

V. kapituluak, oso-osorik, adopzioko institutu juridikoa du ardatz, eta hiru atal bereizitan banatzen da.

1. atalak adopzio nazionalaren esparru juridikoa jorratzen du. Aipagarria da, besteak beste, honako gai hauen arautzea: eremu subjektiboaren mugaketa, zeinak barne hartzen baititu adopta daitezkeen pertsona adingabeak zein adoptatzaile gisa beren burua eskain dezaketen pertsonak; adoptatzaile izateko egokitasuna eta adoptatzaileen hautaketa.

Gai horiek alde batera utzita, nabarmentzekoa da adopzio-helburuko zaintza eskuordetzea arautzea eta adopzio irekia, zeinak autonomia-erkidegoko legerian berriak diren.

Lehenengo neurriak aukera ematen du foru-aldundiak dagokion adopzio-proposamena agintaritza judizialaren aurrean aurkeztu baino lehen pertsona adingabearen eta hura adoptatzeko egokitzat jo diren pertsonen arteko behin-behineko bizikidetza hasteko, adopzioari buruzko ebazpen judiziala eman arte. Horrela, saihestu egiten da pertsona adingabea babes-zentro batean edo beste familia batekin egon behar izatea denbora horretan. Nolanahi ere, neurri horren kautelazko izaera kontuan hartuta, haren iraupena eta egikaritzea denbora-mugen mende daude.

Bestalde, adopzio irekiak aukera ematen du behin eratutakoan adoptatuaren eta haren jatorrizko familiako kideen arteko harremanei edo kontaktuei eusteko, bisita edo komunikazioen bidez, elkarren arteko lotura juridikoa azkendu bada ere. Ondorioz, horrekin zehazten dira adopzio ireki bat eratzea gaitzen duten inguruabarrak, haren irismena eta haren garapenaren baldintzak eta zehaztapenak.

2. atalak nazioarteko adopzioa du ardatz. Ezartzen den arautzea Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-banaketaren esparruan kokatzen da, zeina Konstituzio Auzitegiaren 36/2021 Epaian, 2021eko otsailaren 18koan, zedarritzen baita.

Epaian ezartzen diren irizpideekin bat etorriz, eta berrikuntza nagusi gisa, Eusko Jaurlaritzak nazioarteko adopzioaren arloan aldebiko akordioak sinatzeko legitimazioa duen kasuak mugatzen dira, baita akordio horiek izan dezaketen irismena ere.

Era berean, nazioarteko adopzioaren arloko bitartekaritza-jarduera eta nazioarteko adopzioko bitartekaritza-organismoak definitzen dira. Eta, ondoren, aipatutako organismo horien egiaztapena ez ezik, egiaztapena etetea edo kentzea gidatu behar duen gutxieneko esparru juridikoa ezartzen da, bai eta egiaztapenaren ondorio zuzena diren kontrol-, ikuskapen- eta jarraipen-eginkizunen betetzea ere, baina baita nazioarteko adopziorako eskaintzak izapidetzearenak ere.

3. atalak adopzio osteko faseari dagozkion aurreikuspenak jasotzen ditu; fase hori adopzio nazionalak zein nazioarteko adopzioak, biek, dute.

Aurreikuspen horien helburua da, nabarmenki, adoptatzaileek beren burua adopziorako eskaintzen dutenean beren gain hartzen dituzten betebeharrak betetzeko duten nahitaezkotasuna indartzea, adopzioaren aurreko fasean nahiz adopzioaren osteko fasean. Ildo horretan, pertsona adingabea bere familia berrira egokitzearen eta familia horretan integratzearen balorazioa egiteko jarraipen-betebeharrak ez betetzeak dakartzan ondorio juridikoak adierazten dira, edo jatorrizko herrialdean eskumena duen atzerriko agintaritzak, ezarritako denboran eta moduan eta galdatutako aldizkakotasunarekin, jarraipen-txostenak jaso ahal izateko beharrezkoak diren beste betebehar ekonomiko edo material batzuk ez betetzeak dakartzanak.

Bestalde, adopzioaren ondorengo fasearen esparruan foru-aldundiek abian jarri beharko dituzten gutxieneko laguntza-jarduketak ezartzen dira. Jarduketa horien hartzaileak adoptatzaileak eta adoptatutako pertsona adingabeak izango dira.

Azkenik, jatorri biologikoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea ezartzen da. Alde horretatik, eskubide hori eraginkortasunez egikaritzen dela bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak ezartzen dira. Horretarako, foru-aldundiak behartuta daude interesdunei, beren zerbitzu espezializatuen bitartez, jatorri biologikoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea betetzeko behar dituzten aholkularitza eta laguntza ematera.

VII. titulua bost kapituluk osatzen dute, eta zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei eman beharreko gizarte- eta hezkuntza-arloko arretari buruzkoa da. Zentzu horretan, ezartzen diren xedapenak zigor-legea urratzen duten jokabideen prebentziora bideratuta daude, haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko ekintzaren esparruan kokatuta.

Ikuspegi horretatik, I. kapituluak arautzen den gizarte- eta hezkuntza-arloko arretaren helburu izango diren pertsonak mugatzen ditu.

II. kapituluak prebentzio-ekintza azpimarratzen du, esku-hartzea gidatuko duten printzipioak ezartzen ditu, neurri judizialak betearazteko behar diren zerbitzuak antolatzen ditu, eta zigor-legearekin gatazkan dauden arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta eskaintzeko entitate laguntzaileak definitzen ditu.

III. kapituluak, adingabeen epaileek delitu-egitateak gauzatzearren erabaki ditzaketen barneratze- eta neurri-moten aniztasunetik abiatuta, aurrera egiten du aurreikusten dituzten neurrien betearazpena gidatu behar duten jarduketa-irizpideen garapenean, neurri horietako bakoitzak berekin dakarren eskubide-murrizketaren arabera, bai eta haien jarraipenean ere. Halaber, askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroetan aplika daitezkeen jagoletza- eta barne-segurtasuneko neurriak ezartzen ditu, bai eta neurri horiek gauzatzeko baldintzak ere.

Neurri horiek bat datoz Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 59. artikuluaren edukiarekin, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak berridazten duen moduan. Zentzu horretan, bakarrik onartu ahal izango da, salbuespenez, barneratze-neurria betetzen duen pertsona bati eskumuturrak ekipamendu homologatuekin lotzea baldin eta hori protokolo zorrotz baten pean egiten bada eta kalte gutxiagoko neurriak aplikatzea ezinezkoa bada. Eta espresuki debekatzen da pertsona bat ohe artikulatu bati edo objektu finko bati edo instalazioei edo objektu higigarriei ainguratutako objektu bati lotzean datzan euste mekanikoa.

Amaitzeko, IV. kapituluak arautzen du barneratze-neurri judizialen mendeko pertsona adingabeei aplikatu beharko zaien diziplina-araubidea; eta V. kapituluak, berriz, jarduketa osagarriak betearazteko neurriak lantzen ditu.

VIII. tituluak bi kapitulu ditu, eta erakundeen arteko lankidetza- eta koordinazio-organoak, kontsulta-organoak eta gizarte-partaidetzako organoak ezartzen ditu.

I. kapituluan, erakunde arteko eta sektore arteko elkarlan-, lankidetza- eta koordinazio-ereduaren oinarrizko arauak eta jarduketa-printzipioak zehazten dira. Ikuspegi horretatik, Administrazioaren lankidetza- eta koordinazio-eginbeharra lege honetan ex novo sortzen den organo baten bidez egituratzen da, alegia, Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoaren bidez. Organo berri hori sortzeko beharra justifikatzeko arrazoia legearen abiapuntuko filosofiarekin berarekin lotuta dago. Filosofia horrek haur eta nerabeei dagokien eremu materiala berezko eskumen-espazio gisa defendatzea du ardatz, eta haurrei eta nerabeei dagokien eta eragiten dieten hainbat gai sartzen dira horren barruan, eta, hortaz, haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzea ere bai. Horren arabera, Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoaren helburua zehazten da, eta organo horren osaera eta eginkizunak ezartzen dira.

Organo hori alde batera utzita, haurtzaroaren eta nerabezaroaren eremuan lurralde- eta toki-lankidetzarako teknikak antolatzeko aukera ere aurreikusten da.

II. kapituluak herritarrek haur eta nerabeen arloan sustapen-, prebentzio-, detekzio- eta arreta- eta babes-politika publikoetan parte hartzea indartzen du. Horretarako, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua eratzen da, kontsulta-organo goren eta euskal administrazio publikoek eta haur- eta nerabe-arloan inplikatutako gizarte-eragileek parte hartzeko foro espezifiko modura.

Era berean, Haur eta Nerabeen Foroa sortzen da. Organo horrekin, eraginkor egiten da pertsona adingabeek duten eskubidea osasunaren, hezkuntzaren, kulturaren, kirolaren, segurtasunaren, justiziaren eta gizarte-zerbitzuen eremuetan eta, bereziki, beren eskubideak sustatzeari, prebenitzeari, detektatzeari eta babesteari berariaz lotutako planak, programak eta politikak lantzen, haiei jarraipena egiten eta haiek ebaluatzen parte hartzeko eta kolektiboki kontsultatuak eta entzunak izateko.

IX. tituluak bi kapitulu ditu, eta haur eta nerabeentzako arretaren eremua garatzea eta hobetzea ditu helburu.

Orain arte, ez dago haur eta nerabeei buruzko informazio orokor eta bateratua biltzen duen mekanismo zentralizaturik, informazio horrek proiektatzen den gaiei (hezkuntza, osasuna, gizarte-zerbitzuak, segurtasuna, eta abar) buruzko datuak ematen dituela; horrela, informazioa bere osotasunean ustiatuta eta interpretatuta, haur eta nerabeen errealitatea eta, bereziki, premiak modu trinko eta homogeneoan ezagutzea ahalbidetuko duela, lurraldeka, jardun-arloka edo esku-hartze sistemen arabera zatitu gabe.

Horregatik, titulu honetan jasotako erregulazioaren abiapuntua da uste osoa dagoela beharrezkoa dela tresna batzuk izatea haurren eta nerabeen errealitatea berariaz ezagutu ahal izateko, ahuleziak, mehatxuak, indarguneak eta aukerak hauteman ahal izateko eta, are garrantzitsuago, administrazio publikoei beren jardunean aurrea hartzeko aukera emateko.

Azken finean, ezagutza hori guztia izatea aldez aurreko urratsa da pertsona adingabeen bizi-baldintzak eta haien ongizatean duten eragina ezagutu ahal izateko, haiekin esku hartzeak dakartzan gabeziak eta zailtasunak detektatzeko, pertsona adingabeak artatzen dituzten zerbitzuen kudeaketaren kalitatea ebaluatzeko, bai eta arretaren eta babesaren arloko jardunbide egokiak identifikatzeko ere. Eta, horren ondorioz, haurren eta nerabeen premiak definitu ahal izango dira, eta premia horiei erantzuten nabarmen aurrera egin ahal izango da, haurren eta nerabeen ongizatea ahalbidetzen eta sustatzen duten irtenbide berritzaileak eta alternatiboak aurkitzeko planak, programak eta politikak abian jarriz, baita ikerketak ere, eta lege honek ezartzen dituen helburuak lortzeko bidean aurrera egin ahal izango da.

Informazio hori edukitzea oso interesgarria da Haurren eta Nerabeen Behatokiarentzat, lege honek esleitzen dizkion eginkizunak askoz modu eraginkorragoan garatzea erraztu eta bermatuko bailioke.

Aurrekoa oinarri hartuta, I. kapituluak berrikuntza garrantzitsu bat dakar estatistikaren ikuspegitik, Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema sortzea, hain zuzen ere.

Sistema horretan, pertsona adingabeen bizitzako esparruei buruzko datu agregatuak eta adierazleak jasoko dira: haien premiak, haien osasunerako kaltegarriak diren egoerak, hezkuntza-garapena, indarkeria-egoerak, babesgabetasun-egoerak, zigor-legearekiko gatazka-egoerak, eta haien premiei erantzuteko eta haiek babesteko hartutako neurriak. Beraz, zeharkako politikak planifikatzeko eta garatzeko funtsezko tresna da, eta sare eta gailu informatiko eta telematikoak egituratzea eskatuko du, adierazleak egiteko behar diren datuak etengabe iraultzeko eta etengabe eguneratzeko.

Horretarako, Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistemaren edukia elikatu asmo da lehen mailako iturrietako informazioarekin, hau da, hezkuntzaren, osasunaren, gizarte-zerbitzuen edo segurtasunaren sistemako informazioarekin, bai eta beren jarduera haurren eta nerabeen eremuan garatzen duten entitateen informazioarekin ere.

Bestalde, kapitulu honek hainbat neurri ezartzen ditu pertsona adingabeei arreta ematen dieten zerbitzuetan arretaren kalitatea bermatzea ahalbidetzen dutenak lege honetan aurreikusitako jarduketa-eremu guztietan.

Bestalde, bereziki eragiten du titulu honetan bertan definitzen diren eta pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide, ofizio eta jardueretan, irismenari buruzko zalantza posibleak saihesteko eta, aldi berean, segurtasun juridikoa indartzen laguntzeko.

Halaber, urtero haurren eta nerabeen eskubideen arloko prestakuntza espezializatua, hasierakoa eta etengabea, sustatzeko eta bermatzeko agindua ematen zaie euskal administrazio publikoei, lanbide, ofizio eta jarduera horietan diharduten profesionalei zuzendua. Era berean, prestakuntza horren diseinua eta ezaugarriak gidatu behar dituzten elementuak arautzen ditu, profesionalen profila edo betetzen dituzten eginkizun zehatzak kontuan hartuta. Eta, bestetik, sartzeko funtsezko baldintza gisa ezartzen du sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik epai irmo bidez kondenatua ez izatea.

II. kapituluak garrantzi handiagoa ematen dio Haurren eta Nerabeen Behatokiari, azterketarako, ebaluaziorako, elkarlanerako eta aholkularitza teknikorako organo gisa eratutakoari, haren antolaketa funtzionala indartuz. Arreta berezia merezi du haren eginkizunak zabaldu izanak; haien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean egiten diren arauzko xedapen orokorren txostenak egitea haur eta nerabeengan duten eraginaren ebaluazioari dagokionez, haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integralaren betetze-mailari eta efikaziari buruzko ebaluazio-txostena egitea, edo Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema kudeatzea, bai eta hura eguneratzea eta mantentzea ere.

X. tituluak haurren eta nerabeen eremu zehatz eta propioan aplikatu beharreko eskumen-araubideari eragiten dio. Eta, horretarako, gai honi dagokionez Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek dituzten ahalmen eta eginkizunen arautze zehatza eskaintzen du, bereziki sustapenaren, prebentzioaren, arretaren eta babesaren arloan dituztenena.

Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenen kasu zehatzean, ekintza zuzenaren erregulazioa nabarmentzen da, eta haur eta nerabeentzako arretarekin zerikusia duten gaiak zehazten dira, zeinen gainean betearazte-eskumenak bere gain hartzen baititu.

XI. tituluak hiru kapitulu ditu, eta zehapen-araubidea arautzen du. I. kapituluak subjektu erantzuleak definitzen ditu, eta zehatz-mehatz tipifikatzen ditu arau-hauste administratiboak. II. kapituluak zehapenak ezartzen ditu, eta zehapen horiek mailakatzeko eta aplikatzeko elementuak zehazten ditu, bai eta haien preskripzioa ere. Eta III. kapituluak zehapen-prozedura du ardatz.

Xedapen gehigarriei dagokienez, haietako lehenengoak Eusko Jaurlaritzari agintzen dio egin ditzala planifikazio- eta koordinazio-lanak, Euskal Autonomia Erkidegoan sexu-indarkeriaren biktima izan diren haur eta nerabeei arreta integral eta espezializatua emateko zerbitzu bat abian jartzeko.

Horrekin lortu nahi da zerbitzu hori sexu-indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeentzat erreferentzia-gune izatea. Prozesu asistentzial eta judizialetan parte hartzen duten profesional guztiek zerbitzu horretara joan beharko dute, eta zerbitzu horretan ezarriko dira biktimentzat jarritako harrera-, laguntza-, babes- eta errekuperazio-neurri guztiak.

Hala, ez da egingo alferrikako jarduketarik, ez eta jarduketarik bikoiztuko edo errepikatuko ere. Eta, horrela, murriztu egingo dira kontaketa aldatzeko aukerak, zeren ez da behin eta berriro azaldu behar izango jasandako gertakarien testigantza, eta saihestu egingo da horrek ekar dezakeen kontrako efektua ere: biktimizazioa areagotzea.

Bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du nahitaezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsona adingabeei emandako arreta soziosanitarioari buruzko diagnostikoa egitea. Horren ondorioz, hura egitearekin lortu nahi diren oinarrizko helburuak zehazten ditu eta, gainera, haren edukia egituratzen du, bai eta hura egiteko gutxieneko jarduketa-irizpideak ere.

Hirugarren xedapen gehigarriak lotu egiten ditu Haurren eta Nerabeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko Euskal Estrategia 2022-2025 (Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egina) eta lege honetan helburu bererako aurreikusten den estrategia integralari dagokionez egituratzen den araubide juridikoa.

Laugarren xedapen gehigarriak Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei eta udalei agintzen die ezen, batzorde misto baten esparruan, egin eta proposa ditzatela lege honen 142. artikuluan aipatzen diren jarduketa-protokolo sektorialak, haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egitekoak. Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoak onetsi beharko ditu.

Bosgarren xedapen gehigarrian, Balora tresna delakoa eta hura ordeztuko duten ondorengo tresna teknikoak berrikusi eta eguneratzeko prozesuak bideratzeko bete behar diren jarraibideak daude zehaztuta.

Seigarren xedapen gehigarriak gehieneko epe bat ezartzen du osasun- eta hezkuntza-administrazioek behar diren jarduketak egin ditzaten lege honen VI. tituluaren IV. kapituluaren 5. atalean bildu diren aurreikuspenak, babes-neurri bat duten pertsona adigabeei dagozkienak, guztiz eraginkorrak izan daitezen. Jarduketa horietan, neurri hauek sartzen dira, besteak beste: osasun-sareko sistema informatikoan adingabe horiek bereizgarri batekin identifika daitezen exijitzea, beren osasun fisikoa eta mentala berreskuratzeko beharrezkoak diren tratamendu farmakologiko guztiak dohainik jasotzea, eta lehentasuna izatea eskola-jangelako zerbitzu osagarrietan eta eskolaz kanpoko jardueretan, eta zerbitzu horiek doakoak izatea. Horrela, sendotu egin nahi da aipatu diren pertsona adingabeek zerbitzuetarako lehentasunezko irispidea izatea arautzen duten manuen birtualtasun juridikoa.

Zazpigarren xedapen gehigarriak familia-erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileak beste autonomia-erkidego batzuetatik Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko eta gure autonomia-erkidegoaren eremuan lekualdatzeko araubide juridikoa ezartzen du.

Zortzigarren xedapen gehigarriak foru-aldundiek pertsona adingabeei arreta eta babesa emateko hartu behar dituzten kautelazko neurriak ezartzen ditu, hots, krisi humanitario baten ondorioz beren herrialdetik guraso edo legezko tutoreen konpainiarik gabe alde egin duten pertsona adingabeei, baldin eta krisi humanitario horrek pertsona asko eta asko mugiarazi badu, Ukrainako gatazka belikoan gertatu zen moduan. Salbuespeneko kasu horietan, arreta emateko, beren gain hartuko dute behin-behineko zaintza. Era berean, lekualdatutako pertsona adingabeen arreta egoitza-harrerako baliabideen bidez eman edo luza ez dadin, aukera ematen da foru-aldundiek zaintza kautelaz delegatu ahal izan diezaieten familiei, baldin eta aldi baterako hartzeko prest agertu badira eta aurretik egiaztatzen badute gutxieneko baldintzak betetzen dituztela.

Bederatzigarren xedapen gehigarriak baimena ematen du konponbide berritzaileak ekar ditzaketen ekimen esperimentalak garatzeko babesgabetasun-egoeran dauden pertsona adingabeak babesteko jardunaren esparruan, betiere konponbide horiek legean aurreikusitako kasu bakoitzerako ezarritako eskubide-mugaketak gainditzen ez badituzte.

Hamargarren xedapen gehigarriak adierazten du zeri esaten zaion «adingabeak babesteko entitate publiko», lege honetan hori aipatzen denean. Era berean, ezartzen du, segurtasun juridikoaren mesedetan, foru-aldundiei dagokiela pertsona adingabeen egoerari buruzko txostenak egitea, legeria sektorialak berariaz esleitzen badizkio aipatutako entitate publikoari.

Hamaikagarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, ulertu beharko da jokabide-arazo larriak dituzten nerabeentzako laguntza intentsiboko programa espezializatua ematen den egoitza-harrerako zentroei buruzko erreferentziak, Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuak jasotakoak, jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoei buruzkoak direla, hots, lege honen VI. tituluaren IV. kapituluaren 8. atalean araututako zentroei buruzkoak.

Hamabigarren xedapen gehigarriak dio udalek Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoan eta Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluan izan behar duten ordezkaritza autonomia-erkidegoan ordezkaritza handiena duen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan ezarpen handiena duen toki-entitateen elkarteak izango duela.

Hamahirugarren xedapen gehigarriak agindua ematen dio Eusko Jaurlaritzari Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema diseinatu, garatu, ezarri eta abiaraz dezan lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean.

Hamalaugarren xedapen gehigarriak foru-aldundiei eta udalei egozten die Adingabeen Tutoretzen Indizean, Haurren eta Nerabeen kontrako Indarkeriari buruzko Gizarte Zerbitzuen Erregistro Bateratuan eta Haurren eta nerabeen aurkako indarkeriari buruzko informazioaren Erregistro Zentralean (hirurak ere Estatu mailakoak) jaso beharreko informazioa emateko eginbeharra.

Hamabosgarren xedapen gehigarriak legearen ezarpenaren ebaluazioa egiteko konpromisoa jasotzen du.

Hamaseigarren xedapen gehigarriak agintzen du ezen, gehienez ere lau urteko epean, Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretua eguneratu behar dela.

Eta, azkenik, hamazazpigarren xedapen gehigarrian, lege honetan aurreikusitako tresnak baliozkotzeko irizpideak jasotzen dira.

Xedapen iragankorrek zehazten dute Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoak eta Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluak beren jardunean bete beharko duten araudia, aplikagarri zaien berariazko araudia onetsi arte.

Xedapen indargabetzaile bakarrak Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea indargabetzen du, baita legean xedatutakoarekin kontraesanean dauden edo bertan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko arau guztiak ere.

Azken xedapenei dagokienez, lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarrenak agindu bana ematen diote Eusko Jaurlaritzari kasu bakoitzean ezarritako epearen barruan hauek onets ditzan: haurren eta nerabeen gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko arauak edo gidalerroak; pertsona adingabeentzako egoitza-unitate soziosanitarioak arautzeko araudia; Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoaren, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluaren eta Haur eta Nerabeen Foroaren araubidea, eta Haurren eta Nerabeen Behatokiaren egituraren egokitzapena. Eta, horretarako, beharrezkoak diren aldaketak egingo dira lanpostuen zerrendan.

Azken xedapenetako bosgarrenak lege honetan aurreikusita ez dauden gaietan osagarri gisa aplikatu beharreko sektore-araudia zehazten du.

Azken xedapenetako seigarrenak baimena ematen dio Eusko Jaurlaritzari legean espresuki aurreikusitako erregelamenduzko xedapenak eman ditzan eta legea bete eta garatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak eman ditzan, eta haiek eraginkortasunez betearazi eta ezartzen direla bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan, betiere bere eskumenen eremuan.

Azkenik, azken xedapenetako zazpigarrenak arautzen du noiz jarriko den indarrean legea.

ATARIKO TITULUA
XEDEA, EREMUA ETA JARDUKETA-ARDATZAK
I. KAPITULUA
XEDEA ETA EREMUA

1. artikulua.– Xedea.

Lege honen xedea da:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren edo dauden pertsona adingabe guztiei bermatzea ordenamendu juridikoak aitortzen dizkien eskubide eta askatasunak eraginkortasunez egikaritu ahal izatea.

b) Erantzunkidetasun-eginbeharretik, ekintza publikoaren sektore-eremu guztietan Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek garatu behar dituzten ekintzak zehaztea, aurreko letran ezarritako helburua lortzeko.

c) Jarduketa-printzipioak zehaztea eta sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-jarduketa guztiei dagokien eskumen-esparrua ezartzea, baita koordinazio-, elkarlan- eta partaidetza-egiturak ere.

2. artikulua.– Eremua.

1.– Lege hau aplikagarri zaie Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren edo dauden pertsona adingabeei, beren nazionalitatea, jatorria eta administrazio-egoera edozein dela ere.

2.– Halaber, lege hau aplikagarri zaie, bertan adierazitako kasuetan eta espresuki aurreikusitako moduan, honako hauei:

a) Kontzebituari, zeina jaiotakotzat hartuko baita Kode Zibilean esaten denari jarraituz, mesedegarri izango zaizkion ondorio guztietarako.

b) Adin nagusikoei, lege honetan espresuki hala aurreikusten bada, edo adin-nagusitasunera iritsi aurretik babes-neurri administratibo edo judizialen bat ezarri bazaie.

c) Atzerrian bizi diren edo dauden eta Espainiako nazionalitatea duten pertsona adingabeei, lekualdatu aurretik babes-neurri administratibo edo judizialen bat ezarri bazaie, foru-aldundiek haien tutoretza edo zaintza badute, edo aita, ama edo legezko ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira.

d) Emantzipatutako pertsona adingabeei.

3.– Lege honi lotuta geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan jarduten duten pertsona fisiko eta juridiko publiko zein pribatuak, baldin eta, beren eskumenak baliatzean edo beren jarduerak garatzean, pertsona adingabeen eskubideak eraginkortasunez egikaritzeko bermean eragina duten politikak edo erabakiak hartzen badituzte, edo ohiko harremanak izaten badituzte pertsona horiekin.

3. artikulua.– Arauek haur eta nerabeengan duten eragina.

1.– Arauzko xedapen orokorrak egiteko prozedura izapidetzean, eta xedapen horiek Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera hartuko direla kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, proposamena sustatu duen administrazio-organoaren bitartez, ebaluatu egingo du zer eragin izan dezakeen proposamenak haur eta nerabeengan, aipatutako legearen 15.3.h) artikuluan aipatutako moduan.

2.– Horretarako, arau-eraginaren azterketaren memoriek, zeinek arauzko xedapenekin batera joan behar baitute, ebaluazio espezifiko bat jasoko dute arauak haur eta nerabeengan duen eraginari buruz, pertsona adingabearen interes gorenaren printzipioa betetzen den neurtu eta kontrastatu ahal izateko. Horretarako, haurren eta nerabeen eskubideen ikuspegia gogoan izanda, aztertuko du arauan aurreikusitako jarduerak ondorio positiboak edo negatiboak izan ditzakeen haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko, prebenitzeko, haiei arreta eta babesa emateko eta haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzeko helburu orokorrean.

3.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailak proposatuta eta ezagutza akademikoa eta ebidentzia zientifikoa kontuan hartuta, onetsiko ditu haur eta nerabeen gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko bete beharreko jarraibideak adieraziko dituzten arau edo gidalerroak eta, hala badagokio, eraginaren ebaluazio hori egiteko betebeharretik salbuetsita dauden arauak.

4.– Haurren eta Nerabeen Behatokiak txostenak egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean egiten diren arauzko xedapen orokorren proiektuei buruz, zentzu honetan:

a) Egiaztatuko da artikulu honen 1. apartatuan xedatzen dena eta aurreko apartatuan aipatzen diren arau edo jarraibideetan azaltzen dena zuzen aplikatzen den.

b) Eta, hala badagokio, hobekuntza-proposamenak egingo dira, dena delako eremu sektorialean hartzen diren erabakiek haurrengan eta nerabeengan dituzten ondorioak ezabatzen, minimizatzen edo murrizten laguntzeko, sinergiak bilatuz eta inpaktu negatiboak saihestuz haien eskubideak baliatzeko eta egikaritzeko garaian.

5.– Foru-aldundiek eta udalek sustatutako arauzko xedapenen kasuan, haien organo eskudunen ardura izango da artikulu honetan finkatutakoa behar bezala aplikatzen dela bermatzea. Nolanahi ere, betebehar espezifiko hori autoantolatzeko dituzten eskumenen eremuan beteko dute, hargatik eragotzi gabe beren eskumenak baliatuz egiten dituzten antolaketa- eta funtzio-beharretara eta beren arauen ezaugarri diren berezitasun formal eta materialetara egokitzea.

4. artikulua.– Aurrekontu-lehentasuna.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, aurrekontu-lehentasunen artean izango dituzte lege honen xede diren haur eta nerabeekin lotutako sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-jarduerak, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 4. artikulua aplikatuz.

2.– Euskal administrazio publikoek helburu horretarako jarritako aurrekontuek nahikoak izan beharko dute, denboran eutsi beharko zaie, eta argi eta garbi identifikatuta egon beharko dute. Horretarako, aurrekontuak diseinatu eta egiteko fasean, adierazle espezifikoak jaso beharko dira, eta ahalbidetuko dute benetan eta eraginkortasunez kontrolatzea haur eta nerabeekin lotutako sustapenean, prebentzioan, arretan eta babesean inbertitzen diren baliabide publikoak.

3.– Euskal administrazio publikoek jarraipen-sistema bat ezarri beharko dute aurrekontuek haur eta nerabeentzat esleitzen dituzten baliabide ekonomikoak egokiro, efikaziaz eta efizientziaz erabili eta banatzen direla gainbegiratu eta ebaluatzeko, haien eskubideak benetan egikaritzen direla bermatze aldera, eta, bereziki, lege honetan aurreikusita dauden eta esleituak dituzten eginkizunak eta neurriak betetzeko.

5. artikulua.– Erantzunkidetasun-eginbeharra.

1.– Haurren eta nerabeen ongizatea bermatzera, haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzera eta eginbeharrak eta erantzukizunak beren gain hartzera bideratutako sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-jarduketak erantzunkidetasun-eginbeharraren barruan kokatzen dira, zeinak pertsona adingabeei eta haien familiei eragiten baitie, botere publikoei, euskal administrazio publikoei, sektore pribatuari, berezik hirugarren sektore sozialeko entitateei, bai eta gizarte osoari ere.

2.– Lege honen ondoreetarako, euskal administrazio publikoei egiten zaizkien aipamenek barnean hartzen dituzte, era berean, dagokion administrazio instituzionala eta haiei atxikita edo lotuta dauden gainerako entitate instrumentalak.

3.– Lege honen 13.e) artikuluan ezarrita dago politika guztietan ezarri behar dela haurtzaroaren zeharkakotasunaren printzipioa. Bada, horrekin bat etorriz, euskal administrazio publiko guztiek erantzunkidetasun-eginbeharretik jardun beharko dute, bakoitzak bere sektore-eremuan, beren gain hartuz lege honetan esleitzen zaizkien eskumen eta eginkizunak, haien politika, estrategia eta jarduketek modu artikulatuan egin dezaten bat sustapen, prebentzio, arreta eta babesari dagozkien esku-hartzeko arloetan. Horrela, bat eginez, arreta integrala eta sektore anitzekoa eratuko dute haur eta nerabeentzat.

4.– Erantzunkidetasun-eginbehar horrek ahalik eta eraginkortasun handiena lortu beharko du zaurgarritasun handieneko egoera edo testuinguruetan dauden haur eta nerabeekin, batez ere prebentzio-neurriak hartzeari dagokionez, lege honen 9. artikuluan ezarritako moduan, eta, hala badagokio, baita indarkeriazko edo babesgabetasun-egoerei aurre egiteko babes-neurriak hartzeari dagokionez ere.

5.– Artikulazio horren eraginkortasuna bermatzeko, erakunde eta sektore arteko elkarlan, lankidetza eta koordinaziorako bide formal eta arinak ezarriko dira, eta elkarlan eta kooperaziorako tresna teknikoak eta protokoloak ezarriko dira, lege honen VIII. tituluko I. kapituluan jasotako moduan.

6.– Aurreko apartatuan aipatutako elkarlan-, lankidetza- eta koordinazio-eginbeharra aplikatuko zaie, halaber, gizarte-ekimeneko edo merkataritza-ekimeneko entitate pribatuei, baldin eta esku hartzen badute haur eta nerabeei lotutako sustapen, prebentzio, arreta eta babesaren arloko politika publikoak ezartzen, zerbitzuak ematen edo neurriak aplikatzen.

II. KAPITULUA
DEFINIZIOAK ETA JARDUKETA-ARDATZAK

6. artikulua.– Kontzeptuak.

1.– Lege honen eta lege hau garatzeko xedapenen ondoreetarako, kontzeptu hauek hartuko dira kontuan:

a) Pertsona adingabeak: Pertsona adingabeak izango dira Kode Zibilak ezarritako adin-nagusitasunera iritsi ez direnak, baldin eta emantzipatuta ez badaude edo aplikatzekoa zaien legean ezarritakoaren ondorioz adin-nagusitasunera iritsi ez badira. Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsonei buruzko xedapenen kasuan, adingabetasuna Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoan ezarritakoa dela joko da; betiere, kalterik egin gabe lege honen 171.2 artikuluan ezarritakoari, pertsona baten adin-nagusitasuna segurtasunez ezarri ezin den kasuetan.

b) Haurrak: Haurtzaroan dauden pertsonak, hau da, jaiotzetik hamabi urtera bitarteko bizitza-aldian daudenak.

c) Nerabeak: Nerabezaroan dauden pertsonak, hau da, hamahiru urtetik legeak ezarritako adin-nagusitasunera edo emantzipaziora bitarteko bizitza-aldian daudenak.

d) Kontzebitua: Ernaldian dagoen gizakia, oraindik jaio gabea.

e) Legezko ordezkariak: Guraso-ahala, Kode Zibilaren 162. artikuluan ezarritakoaren arabera, tutoretza edo tutoretzari datxezkion ahalmenen egikaritza esleitua duten pertsonak.

2.– Lege honen esparruan, era berean erabiliko dira pertsona adingabeak zein haur eta nerabeak terminoak.

Halaber, lege honen ondoreetarako, artikuluetan gurasoei buruz egiten diren erreferentziak singularrean edo pluralean egindakotzat hartu beharko dira, gure gizartean batera existitzen diren askotariko familia-ereduak aintzat hartuta.

3.– Era berean, eta lege honen ondoreetarako, artikuluetan aitari edo amari buruz egiten diren erreferentziak singularrean edo pluralean egindakotzat hartu beharko dira, eta kasu bakoitzean ikusi beharko da nor diren pertsona adingabearen gurasoak.

7. artikulua.– Jarduketa-ardatzak.

1.– Pertsona adingabeek beren eskubideak eraginkortasunez egikaritzen dituztela bermatzeko, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, honako jarduketa-ardatz hauen inguruan antolatu beharko dituzte esku-hartzeak:

a) Haurren eta nerabeen ongizatea, beren eskubideak eraginkortasunez egikaritzea eta beren eginbeharrak beren gain hartzea sustatzea.

b) Pertsona adingabeen osasunerako, hezkuntza-garapenerako, ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoerak prebenitzea, detektatzea eta haiei arreta ematea.

c) Pertsona adingabeen kontrako indarkeria-egoerak prebenitzea, detektatzea, haietatik babestea, eta, hala badagokio, errekuperazio integrala lortzea.

d) Pertsona adingabeen babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoerak eta babesgabetasun-egoerak prebenitzea, detektatzea eta haiek horietatik babestea, eta, hala badagokio, egoera horietan dauden haur eta nerabeen errekuperazio integrala lortzea.

e) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeen gizarte- eta hezkuntza-arloko prebentzio eta arreta.

2.– Lege honen ondoreetarako, errekuperazio integrala da indarkeriako zein babesgabetasuneko egoera edo babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoera baten ondorioz pertsona adingabeak jasan ahal izan duen kaltea erreparatzera edo hari urratu zaizkion eskubideak itzultzera bideratutako jarduketa multzoa.

8. artikulua.– Sustapena.

1.– Lege honen ondoreetarako, sustapentzat jotzen da honako helburu hauek lortzeko politika, estrategia eta jarduketa multzoa:

a) Pertsona adingabeei aitortutako eskubideen ezagutza, errespetua eta egikaritze eraginkorra bultzatzea eta sustatzea, bai eta haien eginbeharrak eta erantzukizunak beren gain hartzea ere.

b) Gizarte osoa sentsibilizatzea eskubide eta eginbehar horien eta haur eta nerabeen beharren inguruan.

c) Pertsona adingabeei aitortutako eskubideak egikaritu ahal izateko beharrezkoak diren baldintza egokiak egon daitezen laguntzea, eta pertsona adingabeek garapen osoa eta harmonikoa lor dezaten.

2.– Lege honen III. tituluan arautzen dira sustapen-jarduketak.

9. artikulua.– Prebentzioa.

1.– Lege honen ondoreetarako, prebentziotzat joko da pertsona adingabeen garapen fisikoa eta psikologikoa zaildu edo kaltetu dezaketen testuinguruak, egoerak edo jokaerak saihesteko eta, hasieratik hautemanez gero, haien larritasuna edo iraupena mugatzeko jarduketa-eremu guztietan egituratutako politika, estrategia eta jarduketa multzoa. Nolanahi ere, garapen fisiko eta psikologikoak barnean hartzen ditu arlo emozionala, kognitiboa, soziala eta afektibo-sexuala.

2.– Esparru horretan, haur eta nerabeei dagokienez, oro har, ekintza publikoaren eremuetatik garatzen den prebentzio-ekintzak sartzen dira, bai eta pertsona adingabeei indarkeria-ekintzengatik edo babesgabetasun-egoerengatik oinarrizko eskubideak urratzen zaizkien egoerak prebenitzeko garatutako prebentzio-ekintzak ere.

3.– Prebentzio-ekintzekin lotuta, bi estrategia mota garatuko dira:

a) Babes-faktoreak indartzeko estrategiak, lotura zuzena dutenak lege honen III. tituluan araututako haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko estrategiekin; esate baterako, osasun-egoera, bizi-baldintzak, autoestimua, erresilientzia, arazoak eta gatazkak konpontzeko gaitasuna edo estresa kudeatzeko trebetasunak hobetzera bideratutako jarduketak.

b) Arrisku-egoerak, -baldintzak eta -faktoreak, direla gizartekoak, ekonomikoak, instituzionalak, familiakoak zein pertsonalak, kontrolatu, arindu edo murrizteko estrategiak, hain zuzen ere saihestu egingo dutenak haurren eta nerabeen garapen osasuntsu, integral, oso eta harmonikoa zaildu eta oztopatu dezaketen, hots, haurren eta nerabeen ongizatearentzat kaltegarriak izan daitezkeen, mehatxuak, jokaerak, testuinguruak edo egoera negatiboak agertzea edo sortzea; eta, orobat, egoera horien hasiera hautemanez gero, beren larritasuna edo iraupena mugatzekoak.

4.– Prebentzio-ekintzaren eraginkortasuna bermatzeko, euskal administrazio publikoek tresna tekniko baliozkotuak hartuko dituzte lege honen IV, V, VI eta VII. tituluetan ezarritako jarduketa-eremu guztietan. Agertzea edo garatzea prebenitu nahi diren egoerei dagokienez, aipatutako tresna tekniko horiek arrisku-adierazleak identifikatzeko aukera emango dute, mota batekoak edo bestekoak, eta prebentzio-neurri espezifikoak aplikatzeko aukera emango dute jarraian adierazten diren pertsona hauei dagokienez:

a) Haur eta nerabeen azpitaldeak, ezaugarri jakin batzuk izateagatik edo egoera jakin batzuetan egoteagatik adin bereko pertsonen batezbestekoak baino esposizio handiagoa dutenak identifikatutako arrisku-faktoreak izateko, eta, horregatik, zaurgarritasun-egoeran daudenak.

b) Identifikatutako arrisku-faktoreekiko zaurgarritasun handiena duten pertsona gisa jotzeko baldintza jakinen bat betetzen duten pertsona adingabeak.

5.– Prebentzio-jarduketak garatu beharko dira pertsona adingabeen ongizatean eta eskubideen egikaritze eraginkorrean eragina duten ekintza publikoaren sektore-eremuetatik, eta, besteak beste, barne hartuko dituzte, batetik, haien izaera dela-eta egoera kaltegarriak prebenitzera eta detektatzera bideratutako jarduketa-eremuari berezkoak zaizkion esku-hartzeak, eta, bestetik, egoera kaltegarriak direnak edo izan daitezkeenak prebenitzen eta detektatzen laguntzera bideratutako jarduketak, beren izaeragatik eremu horretakoak ez direnak edo soilik eremu horretakoak ez direnak, baldin eta eremu horretatik prebenitu edo detektatu badaitezke.

6.– Prebentzio-jarduketak IV, V, VI eta VII. tituluetan arautzen dira egoera kaltegarri ezberdinetarako, eta kasu bakoitzaren prebentziora bideratuta daude.

10. artikulua.– Arreta.

1.– Lege honen ondoreetarako, arretatzat joko da euskal administrazio publikoek pertsona adingabeen eskubideak behar bezala egikaritzen direla eta haien garapen integrala eta harmonikoa bermatzeko egiten duten politika, estrategia eta jarduketa multzoa, indarkeria- edo babesgabetasun-egoerei lotuta ez dauden egoera kaltegarriak gertatu direnean, hala nola:

a) Osasun-arreta, gaixotasun edo nahasmenduren bat diagnostikatu denean;

b) Hezkuntza-arreta, eskolagabetzeko, absentismoko edo eskola-porroteko egoerak zuzentzera bideratuta;

c) Gizarte-zerbitzuen arreta, familian esku hartzeko neurriak hartzea beharrezkoa denean bizikidetzan laguntzeko beharra dagoelako eta gurasotasuna modu positiboan gauzatzeko, edota inguruabarrak kaltegarriak direnean haur eta nerabeen ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako.

2.– Arreta emateko jarduketak, batez ere, IV. tituluan arautzen dira. Dena den, aurreikusitako esku-hartzeak V eta VI. tituluei ere aplikagarriak izango zaizkie, haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerei eta babesgabetasun-egoerei buruzkoak, pertsona adingabeei lotutako detekzioa, berehalako arreta, babesa edo errekuperazio integrala beharrezkoak badira.

11. artikulua.– Indarkeriaren aurkako babesa.

1.– Pertsona adingabeen kontrako indarkeriaren aurkako babesa osatzen dute prebentziotik hasi eta haur edo nerabe bat edozein indarkeria-motaren biktima den edo hura izateko arriskuan dagoen kasura arte garatu behar diren euskal administrazio publikoen politika, prozedura eta jarduketa guztiek, indarkeria hori gertatzen den eremua edozein dela ere, dela eskolakoa, komunitate-mailakoa, kirolekoa, familiakoa edo bestelakoa. Gurasoek behar duten laguntza jasoko dute indarkeriaren aurkako babesaren arloan, ingurune seguruak sortuta indarkeria prebenitzea barne, beren gain hartuak dituzten guraso-erantzukizunak behar bezala bete ditzaten.

2.– Lege honen ondoreetarako, indarkeriatzat joko da Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itun eta hitzarmenen arabera heldu batek edo pertsona adingabe batek egindako ekintza, ez-egite edo zabarkeriazko tratu oro, baldin eta pertsona adingabeak beren eskubideez eta ongizateaz gabetzen baditu, eta, betiere, haien garapen fisiko, psikiko edo sozial ordenatua mehatxatzen edo oztopatzen badu, edonola eta edozeren bidez eginda ere, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egindakoa barne, bereziki indarkeria digitala, eta noizbehinka, eskuarki nahiz modu jarraituan, familia barruan nahiz kanpoan, gertatuta ere.

Edozein kasutan, indarkeriatzat joko dira tratu txar fisikoa edo psikologikoa; zigor fisikoak, umiliagarriak edo laidogarriak; arduragabekeria edo zabarkeriazko tratua; mehatxuak, irainak eta kalumniak; esplotazioa; sexu-indarkeria; sexu-erasoak eta -abusuak; ustelkeria; prostituzioa; sexu-esplotazioa, sexu-jazarpena, eskola-jazarpena eta ziberjazarpena; emakumeen genitalen mutilazioa; gizakien salerosketa, edozein helburutarako izanik ere; haur-ezkontza; haur-pornografia eta onartu edo eskatu gabe pornografia atzitzea; genero-indarkeria; emakumeen kontrako indarkeria matxista; gorroto-delituak; sexu-estortsioa; datu pribatuak jendaurrean zabaltzea, sexu-indarkeriako datuak barne; bai eta haien familia-eremuan indarkeriazko edozein portaera izatea ere.

3.– Sexu-indarkeriatzat jotzen da sexu-izaerako edozein ekintza onartu gabea, edo bizitza sexualaren garapen librea baldintzatzen duena edozein eremu publiko edo pribatutan, eremu digitala barne. Nolanahi ere, sexu-izaerako ekintzatzat jotzen dira Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren II. liburuko VIII. tituluan jasotako delituak, hots, emakumeen mutilazio genitala, ezkontza behartuak, konnotazio sexualeko jazarpena eta sexu-ustiapenera bideratutako gizakien salerosketak.

12. artikulua.– Babesgabetasun-egoeretatik babestea.

1.– Pertsona adingabe batek izan dezakeen babesgabetasun-egoerak, lege honetan araututako moduan eta irismenarekin, barne hartzen ditu egoera hauek:

a) Arrisku-egoera, kalifikatu den edozein mailatan, barnean harturik jaio aurreko arrisku-egoera posibleak.

b) Desanparo-egoera.

2.– Babesgabetasun-egoeretarako babesa osatzen dute pertsona adingabeen babes-sistemaren esparruan aplikatzen diren politika, prozedura eta jarduketen multzoak, baldin eta pertsona adingabeak arrisku-egoeran edo desanparo-egoeran badaude beren familia-eremuan, gurasoek, legezko ordezkariek edo harreragileek eta zaintzaileek dagozkien hazkuntza-eginbeharrak ez betetzearen, ezin betetzearen edo behar bezala ez betetzearen ondorioz, lege honen 176. eta 187. artikuluetan zehaztutako moduan.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
PRINTZIPIOAK

13. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

Euskal administrazio publikoek, haurrei eta nerabeei lotutako sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-eskumenak erabiliz, honako printzipio hauetara egokituko dute beren jarduna, kalterik egin gabe lege honen beste titulu batzuetan eta inplikatutako beste arlo batzuetan indarrean dauden sektore-legeetan berariaz jasotzen diren beste printzipio batzuei:

a) Eskubideak bermatzeko printzipioa, jarduketen ardatz nagusi gisa. Horren arabera, jarduketa guztien erdigunean jarri behar dira pertsona adingabeak eskubideen subjektutzat aitortzea eta beren banakako eta taldeko eskubideak errespetatzea, sustatzea eta defendatzea, bai familia-ingurunean, bai gainerako bizitzako eta harremanetako testuinguruetan, baita erabiltzen dituzten zerbitzuen eta esku hartzen duten prozeduren esparruan ere.

b) Irisgarritasuna bermatzeko printzipioa. Horren arabera, botere publikoek beharrezkoak diren neurriak ezarri behar dituzte bermatzeko desgaitasunak dituzten pertsona adingabeek irisgarritasun-baldintzak dituztela beren etxebizitzetan, baita erabilera publikoko edo jendearentzat zabalik dauden ingurune fisiko publiko guztietara iritsi ahal izateko ere, gainerako pertsonen baldintza beretan. Printzipio hori ezartzeak berekin dakar irispidea eragozten edo zailtzen duten oztopoak kentzea, beharrezkoak diren arrazoizko egokitzapenak eta doikuntzak egitea eta laguntza-tresna edo -produktuak eskura jartzea, haien mugikortasuna eta komunikazioa ahalbidetzeko eta errazteko, bereziki komunikaziorako zerbitzu osagarriak, hala nola sistema handigarri eta alternatiboak, braillea, irispide errazeko multimedia-gailuak, ahozko komunikaziorako eta zeinu-hizkuntzarako laguntza-sistemak, ukipenezko komunikazio-sistemak eta komunikazioa ahalbidetzen duten beste gailu batzuk.

c) Ekitate-printzipioa. Horren arabera, ekintza positiboko neurriei lotutako politika unibertsalak diseinatu eta ezarri behar dira, edozein arrazoi dela-eta desabantaila- edo zaurgarritasun-egoeran dauden pertsona adingabeei zuzenduak, aukera-berdintasuna bermatzera eta desberdintasunaren eta diskriminazioaren belaunaldien arteko zikloa haustera bideratuta daudenak. Hori egin ahal izateko, lege honetan garatzen diren politika guztiak ikuspegi intersekzional batekin diseinatu beharko dira.

d) Komunitatearen kapital sozialaren garrantziaren printzipioa, sustapen, prebentzio, arreta eta babeserako eragile gisa. Horren arabera, hazkuntza eta hezkuntza erantzukizun kolektiboak dira, eta haietan modu aktiboan parte hartu behar dute, familiez eta hezkuntza-eragileez gain, komunitateko gizarte-eragile guztiek, pertsona adingabeek arrisku gutxiago jasaten baitituzte haiek zaintzeko komunitate-egitura babesleak badaude, familiak inguruan sendo ainguratuta badaude eta ingurune horiekin lotura badute, eta lurraldeko agente formal eta informalen sare zabal baten laguntza jasotzen badute beharrizanak dituztenean. Ikuspegi horretatik, halaber, arretaren ikuspegi komunitarioa hartu behar da, eta, ikuspegi horren arabera, zerbitzu publikoak deszentralizazio-irizpideen araberakoa ematea faboratuko da, haien izaerak horretarako aukera ematen badu.

e) Haurtzaroaren zeharkakotasunaren printzipioa politika guztietan. Printzipio horri jarraituz, politika publiko guztietan haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko ikuspegia sartu beharra dago, baita eskubide horiei kalte egin diezaieketen edo haiek urratu ditzaketen egoeren aurkako prebentzio-, arreta- eta babes-ikuspegia sartu beharra ere. Hortaz, politika horiek diseinatzean, haien plangintza egitean eta haiek ezartzean, era sistematikoan hartu behar dira kontuan hartutako erabakiek hainbat sektore-eremutan haurrengan eta nerabeengan izan ditzaketen ondorioak, sinergiak bilatzeko eta eragin negatiboak saihesteko. Horretarako, profesionalentzako formakuntzak prestatuko dira, legearen printzipioak bete eta modu eraginkorrean garatu ahal izateko.

f) Partaidetza eta herritartasun aktiboaren printzipioa. Horren arabera, aitortzen da pertsona adingabeek eragiten dieten arazoak ezagutzeko eta konponbideak aurkitzen laguntzeko beren adinaren eta heldutasunaren arabera duten gaitasuna; eta, hortaz, gizarte bidezkoago, solidarioagoa, jasangarriagoa eta demokratikoagoa eraikitzen aktiboki parte hartzekoa.

g) Belaunaldien arteko eta kulturen arteko ikuspegiaren printzipioa. Horren arabera, gizarte-oztopoak ezabatuz, batera ikastea eta elkar aberastea bultzatzen da, gizarte-kohesioa bermatzeko beharrezko balio gisa.

h) Politiken izaera integralaren printzipioa. Horren arabera, administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, lege honetan ezartzen diren eskubideak erabat egikaritzen direla ziurtatu behar dute, zeharkako politika integralen bitartez.

i) Erakunde arteko eta sektore arteko plangintza-printzipioa. Horren arabera, ekintza publikoaren koherentzia bermatzeko eta aurreko letran aipatutako politiken izaera integrala eraginkortasunez ezartzeko, definitu beharko dira bete nahi diren helburuak, horretarako beharko diren baliabide ekonomikoak, helburu horien lorpen-maila baloratzeko kontuan hartu beharreko adierazle geografiko eta populazio- eta gizarte-adierazleak, bai eta zeharkakotasunaren eta diziplinartekotasunaren ikuspegitik horretarako hartu beharreko neurriak ere.

j) Efizientzia-printzipioa. Horren arabera, ahalegina egin beharko da sektore-eremu guztietan esku hartzen duten baliabide eskuragarriak, formalak edo informalak, publikoak nahiz pribatuak, hobeto antolatzeko eta modu integral eta arrazionalean baliatzeko, betiere beharrizanak asetzera eraginkortasunik handienarekin aplikatzen direla bermatze aldera.

k) Jakintza- eta ebaluazio-printzipioa. Horren arabera, gizarte-errealitatea eta haren bilakaera zorroztasunez ezagutu behar dira, haurrei eta nerabeei bideratutako politiken oinarria baitira, bai eta egindako inbertsio publikoa ere, aurrekontu-zuzkidurak kontrolatuz, lege honen 4. artikuluan adierazitako moduan. Halaber, aplikatutako politikak eta diseinatutako plangintzak ebaluatu egin behar dira, haien ezarpen-maila eta hartutako neurrien efizientzia-maila baloratzeko.

l) Etengabeko hobekuntzaren printzipioa. Horren arabera, etengabeko hobekuntza sustatu behar da pertsona adingabeengan eragina duten politiketan eta haien eskubideak sustatzeko eta haur eta nerabeei lotutako prebentziorako, detekziorako, arretarako eta babeserako garatutako jarduketen eta zerbitzuen kalitatean, haien osasunerako, hezkuntza-garapenerako, ingurumen-ongizaterako zein ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren edo haien eskubideak urratzen dituzten indarkeria- eta babesgabetasun-egoeretan aplikatu beharrekoena, hain zuzen.

m) Esku-hartzeen diziplinartekotasunaren printzipioa. Horren arabera, talde-lana sustatu behar da, eta hainbat diziplinatako profesionalen ekarpenak txertatu, arreta integrala izango dela bermatzeko.

n) Profesionalen espezializazioaren printzipioa. Horren arabera, haurren eta nerabeen ongizatean eragina duten politikak eta plangintzak diseinatzen parte hartzen duten pertsonentzat eta beren lanbide-jardueraren esparruan pertsona adingabeekin ohiko harremana duten profesionalentzat haur eta nerabeen eskubideen eta ongizatearen arloko hasierako eta etengabeko prestakuntza espezializatua bermatu behar da.

o) Gurasotasun positiboa sustatzeko edo gurasotasuna modu positiboan gauzatzeko printzipioa. Horren arabera, neurriak hartu behar dira, sustatzeko gurasoen, legezko ordezkarien edo harreragile eta zaintzaileen portaerak oinarrian izan dezan pertsona adingabearen interes gorena, eta pertsona adingabea ingurune afektibo eta indarkeriarik gabekoan haz dadin, zeinak barne hartuko duen eskubide eta betebeharretan oinarritutako hezkuntza, bere gaitasunen garapena ahalbidetuko duen, aitortza eta orientazioa eskainiko dion eta maila guztietan erabateko garapena ahalbidetuko duen.

p) Jarduketak eta neurriak batez ere hezkuntzara bideratzeko printzipioa, jarduketa-eremu guztietan, pertsona adingabeen gaitasun pertsonalak eta ikasteko gaitasunak sustatzeko, eta, horrela, garapen integral eta harmonikoa, erabateko gizarte-inklusioa eta partaidetza aktiboa bultzatzeko.

q) Sustapen, prebentzio eta detekzio goiztiarraren lehentasun-printzipioa. Horren arabera, bultzatu egin behar dira haur eta nerabeen ongizatearen alde egiteko eta haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzeko sustapen-jarduketak zein eskubide horiek eraginkortasunez egikaritzea mugatu, eragotzi edo kaltetu dezaketen egoerei, edo eskubideak urratzen dituztenei, aurre hartzeko ekintzak, eta, gertatuz gero, egoera horiek goiz detektatzekoak, bereziki pertsona adingabeak edozein indarkeria-motaren biktima izatea edo babesgabetasun-arriskuan edo -egoeran egotea.

r) Prozedura-bermearen printzipioa. Horren arabera, bermatu egin behar da pertsona adingabeei eragiten dieten erabakiak hartzeko prozedura arautuak erabiliko direla, ez-arbitrarioak, efikazak, arinak eta prozedura-ekonomiaren, bizkortasunaren eta gardentasunaren printzipioekin bat datozenak, pertsona adingabearen ezaugarri eta beharrizanei, haren inguruabarrei eta eskubideei egokituak; betiere, bikoizketak saihestuz eta, bereziki, birbiktimizazioa edo biktimizazio sekundarioa dakarten egoerak.

s) Informazioa egoki tratatzeko printzipioa. Horren arabera, bermatu egin behar da administrazio publikoek eta beren karguagatik, lanbideagatik, ogibideagatik edo jardueragatik informazio konfidentziala eskuratzen duten pertsonek eta gizarte-hedabideek informazioaren intimitatea eta konfidentzialtasuna errespetatzen dituztela, ematen duten informazioak inola ere ez diezaion kalte egin pertsona adingabeen ohorerako, duintasunerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubideari.

t) Genero-ikuspegiaren printzipioa. Horren arabera, administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, pertsona adingabeei zuzendutako politiketan eta ekintzetan sistematikoki kontuan izan beharko dituzte emakumeen eta gizonen egoerak, baldintzak, jomugak eta beharrizanak, maila guztietan eta haiek planifikatzeko, betearazteko eta ebaluatzeko fase guztietan.

14. artikulua.– Gizarte- eta merkataritza-ekimenarekiko elkarlana.

1.– Gizarte-ekimeneko zein merkataritzako entitate pribatuek ematen dituzten zerbitzuek, lege honetan jasotako arreta-eremu guztietan, kasuan kasuko sektoreko araudian aurreikusitako baimen-, erregistro-, homologazio- eta ikuskaritza-jarduketak bete beharko dituzte.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikagarria izango zaie bai egoitza-baliabideetan ematen diren zerbitzuei, bai baliabiderik behar ez dutenei ere.

15. artikulua.– Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimena sustatzea.

1.– Euskal administrazio publikoek lege honetan erantzukizun publikoko zerbitzutzat jotzen ez diren zerbitzuak ematea sustatu edo babestu ahal izango dute, baita beste jarduera batzuk diseinatzea eta egitea ere, baldin eta zerbitzu horiek jarduketa-eremu bakoitzeko plangintza estrategikoan jasotako jarraibide orokorretara egokitzen badira eta irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateek garatzen badituzte, haien forma juridikoa edozein izanda ere.

2.– Bereziki aintzat hartuko dira honako jarduera hauek:

a) Laguntza edo arreta-zerbitzu berriak martxan jartzearekin lotuta dauden jarduera berritzaile eta esperimentalak.

b) Elkarte-zerbitzuari laguntzeko eta herritarren partaidetza sustatzeko jarduerak; bereziki, pertsona adingabeen asoziazionismoa sustatzen dutenak.

c) Zerbitzuen plangintza eta antolaketa eta profesionalen arretaren eta jardunbideen kalitatea hobetzera bideratutako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak.

3.– Sustapen-ekintzak dirulaguntzak emanez edo lankidetza-hitzarmenak eginez antolatu ahal izango dira, eta urte anitzekoak izan daitezke; dena den, bi kasu horietan dirulaguntzak ematearen arloan indarrean den legediak esaten duena bete beharko da.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko entitateekin dituzten elkarlanerako akordioen esparruan, bakoitzak bere eskumen-eremuan, eta beren baimen-, ikuskaritza- eta homologazio-eginkizunak betez, zaindu beharko dute egokiak direla bai egindako esku-hartzeak, eta bai pertsona adingabeei arreta ematen dieten langileak, izan profesionalak zein boluntarioak.

II. KAPITULUA
KOMUNIKATZEKO EGINBEHARRA ETA INFORMAZIOA ISILEAN GORDETZEKO EGINBEHARRA

16. artikulua.– Herritarrek komunikatzeko duten eginbeharra.

1.– Pertsona adingabe baten kontra sortutako indarkeria-egoera posible baten zantzuak antzematen dituen edo horren susmoak dituen pertsona fisiko edo juridiko orok, edo, hala badagokio, pertsona adingabe bat babesgabetasun-egoera posible batean dagoela detektatzen duenak, berehala komunikatu beharko dio eskumena duen agintaritzari, hargatik eragotzi gabe behar duen berehalako sorospena ematea.

2.– Komunikatzeko betebehar hori ere badago, halaber, sare sozialetan edo Interneten haurren eta nerabeen kontrako indarkeria diren edukiak eskuragarri daudela hautemandakoan.

3.– Egitateak delitu izan badaitezke, Ertzaintzari, Udaltzaingoari, Fiskaltzari edo agintaritza judizialari komunikatu beharko die, hargatik eragotzi gabe biktimari behar duen berehalako arreta ematea.

4.– Zehazki, detektatutako egitateek babesgabetasun-egoera posible bat dagoela adierazten badute, berehala komunikatu beharko die udaletako gizarte-zerbitzuei, kalterik egin gabe Fiskaltzari horren berri emateko aukerari.

5.– Edozein kasutan, jakiten bada pertsona adingabe bat eskolatu gabe dagoela edo justifikaziorik gabe eskolara ez dela joan ohi nahitaezko eskolaldian, Hezkuntza Administrazioari jakinarazi beharko dio, kalterik egin gabe gizarte-zerbitzuei horren berri emateko aukerari.

17. artikulua.– Komunikatzeko eginbehar kualifikatua.

1.– Aurreko artikuluan ezarritako komunikatzeko eginbeharra bereziki eskatuko zaie pertsona hauei, baldin eta, beren kargua, lanbidea edo eginkizunak, ogibidea edo jarduera direla-eta pertsona adingabearen kontra sortutako indarkeria-egoera baten berri badute, edo pertsona adingabe horren babesgabetasun-egoera posible baten berri badute:

a) Agintariei eta enplegatu publikoei.

b) Ertzaintzako eta Udaltzaingoko kideei.

c) Gizarte-zerbitzuetako langileei; bereziki, haur eta nerabeei eragiten dieten indarkeria- eta babesgabetasun-egoerak prebenitzeko eta babesteko eremuan esku hartzen duten teknikariei.

d) Osasun-zerbitzu publiko eta pribatuetako osasun-langileei.

e) Ikastetxeetako irakasleei eta irakasle ez diren langileei; eta, bereziki, ongizate eta babeserako koordinatzaileari.

f) Babesgabetasun-egoeran dauden pertsona adingabeentzako egoitza-harrerako baliabideetan lan egiten duten pertsonei, eta zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeentzako zentroetan lan egiten dutenei.

g) Pertsona adingabeak egon ohi diren edo aldi baterako dauden establezimendu publiko edo pribatuetan lan egiten duten pertsonei.

h) Pertsona adingabeak dituzten asiloa eta arreta humanitarioa emateko harrera-zentroetan lan egiten duten pertsonei.

i) Adingabeekin gorputz-hezkuntzako edo kiroleko jarduerak egiten dituzten zentro, entitate eta ekipamendu publiko zein pribatuetan lan egiten duten pertsonei.

j) Adingabeekin aisia-jarduerak egiten dituzten zentro, entitate eta ekipamendu publiko zein pribatuetan lan egiten duten pertsonei.

k) Haurren eta nerabeen eremuan prebentzioarekin, arretarekin eta babesarekin zuzenean lotutako eginkizunak betetzen dituzten zerbitzu publiko eta pribatuetan lan egiten duten pertsonei.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren pertsonek pertsona adingabearen kontrako indarkeria-egoera baten berri badute edo horren zantzuak badituzte, edo babesgabetasun-egoera posible batenak, berehala komunikatu beharko diete eskumena duten gizarte-zerbitzuei.

3.– Halaber, indarkeria horren ondorioz haur edo nerabearen osotasuna, osasuna edo segurtasuna arriskuan egon badaiteke, berehala komunikatu beharko diote Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, bai eta Fiskaltzari ere.

4.– Era berean, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari komunikatu beharko dizkiote, berehala, pertsona adingabe bati buruzko edo haren eskubideei eragiten dieten datu pertsonalak babesteko araudiko arau-hauste posibleak.

5.– Edozein kasutan, osasun-langileek berehala ezagutaraziko dizkiote agintaritza judizialari, zuzenean edo Fiskaltzaren bitartez, pertsona adingabearen bizitza edo osotasun fisikoa edo psikikoa babesteko beharrezkoak diren tratamendu medikoei uko egin zaien egoerak. Aldi berean, eskumena duen foru-aldundiari jakinaraziko dizkiote egoera horiek, eta hark baloratuko du beharrezkoa den ala ez judizialki hartzen diren neurriez gain beste esku-hartze gehigarririk egitea.

6.– Haurdun dauden emakumeen kasuan, baloratzen bada haurtxoaren jaio ondorengo segurtasun-baldintza oinarrizkoak eta osasuna arrisku handian daudela, eta haurdunaldiko jokabideen ondorioz haurtxoak argi eta garbi arriskua badu gaixotasun edo anomalia fisiko, mental edo sentsorial larriak jasateko, zuzenean jakinaraziko zaio haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duen foru-aldundiko lurralde-zerbitzuari, hargatik eragotzi gabe Fiskaltzari jakinaraztea.

7.– Edozein kasutan, artikulu honetako 1. apartatuan aipatzen diren pertsonek berehala eman beharko diote pertsona adingabeari behar duen arreta, eta eskura duten informazio guztia eta ahalik eta laguntzarik handiena eman beharko diete eskumena duten agintari edo organoei.

8.– Arestian aipatutako ondoreetarako, eskumena duten administrazio publikoek mekanismo egokiak ezarriko dituzte indarkeria edo babesgabetasun-egoeraren baten biktima diren pertsona adingabeen kasuen susmoak jakinarazteko, eta esku hartu behar duten profesionalen artean informazioa trukatzeko.

18. artikulua.– Funtzio publikoak betetzeko lege-betebeharrean oinarritutako datu-tratamendua.

1.– Lege honen VI. tituluan jasotako xedapenak aplikatu eta betetzeko eta, bereziki, pertsona adingabeei dagokienez kontuan hartzen diren babes-neurriak hartzeko, eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, udalek eta foru-aldundiek, haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko dituzten eskumenen eremuan, pertsona adingabearen egoera baloratzeko beharrezkoak diren informazio edo datuak eskatu ahal izango dituzte interesdunaren edo ukituaren eta, hala badagokio, aitaren eta amaren, legezko ordezkarien edo harreragile eta zaintzaileen adostasunik gabe, eta, horrekin bat etorriz, jasotako informazioa edo datuak bildu eta tratatzeari ekin ahal izango diote.

2.– Informazioa edo datuak pertsona adingabeari, gurasoei, legezko ordezkariei edo harreragile eta zaintzaileei buruzkoak izan daitezke; eta, nolanahi ere, modu fokalizatuan eskatu beharko dira, eta berariaz zehaztu beharko da eskatutako informazio mota eta haren izaera, bai eta hura eskatzeko helburuak ere. Orobat, emandako informazioak edo datuek egindako eskaerarekin bat etorri beharko dute, egokiak izan beharko dute, eta ez gehiegizkoak, eskatzen direneko xedeari dagokionez.

3.– Bereziki, eskatutako informazioa ematera behartuta egongo dira udaletako gizarte-zerbitzuetako, haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuetako, osasun- eta hezkuntza-sistemetako, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko profesionalak eta entitate pribatuetako profesionalak.

4.– Udaletako gizarte-zerbitzuek eta haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek lortutako informazioa edo datuak lege honetan ezarritako babes-neurriak hartzeko baino ezingo dira erabili; nolanahi ere, pertsona adingabearen interes gorena edukiko da kontuan, eta soilik komunikatu ahal izango zaizkie dagozkion ebazpenak hartu behar dituzten pertsona adingabeak babestearen arloko administrazio edo entitate publikoei, Fiskaltzari eta organo judizialei.

5.– Halaber, bildutako informazioa edo datuak Fiskaltzari laga ahal izango zaizkio interesdunen adostasunik gabe, eta Fiskaltzak tratatu egingo ditu, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak pertsona adingabeen eskubideak defendatzeko esleitzen dizkion eginkizunak betetzeko.

19. artikulua.– Pertsona adingabeek komunikatzea.

1.– Indarkeriaren biktima diren edo beste pertsona adingabe baten kontrako indarkeria-egoeraren baten lekuko diren pertsona adingabeek, baita babesgabetasun-egoeran daudela uste dutenek edo beste pertsona adingabe bat egoera horretan dagoela susmatzen dutenek ere, horren berri eman ahal izango diete udaletako zein lurraldeetako gizarte-zerbitzuei, Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, bai eta Fiskaltzari ere, zuzenean, gurasoen edo zaintzaileen bitartez edo hautatzen duten beren konfiantzako beste pertsona baten bitartez, betiere ez bada ikusten hori beren interes gorenerako arrisku bat izan daitekeenik.

2.– Komunikazio hori errazteko, Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen arloan dituen eskumenak erabiliz, haurren eta nerabeen eskura jarriko du orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzu telefoniko edo telematiko konfidentzial eta anonimo bat, baita informazio- eta salaketa-mekanismo edo -kanal seguru, konfidentzial, eraginkor, egokitu eta irisgarriak ere. Zerbitzu hori herritarrek haren berri izateko moduan publizitatu beharko da, eta koordinatu egin beharko da eskumena duten zerbitzu, sistema eta administrazio publiko eta erakundeekin, haurraren edo nerabearen babes eraginkorra bermatzeko behar diren baliabideak aktibatzeko.

3.– Lege honen 134. artikuluan aipatzen diren prebentzio-jarduketen esparruan, ikastetxeek beren ikasleei azalduko diete nola komunika ditzaketen eskolan, bai eskola-ordutegian, bai eskola amaitu ostean, edo eskolatik kanpo ikusi dituzten indarkeria-egoerak.

4.– Kirol-erakundeek eta aisialdi hezigarrirako eta denbora libreko erakundeek, lege honen 136. artikuluan aurreikusitako prebentzio-jarduketen esparruan, informazioa emango diete pertsona adingabeei ikusten dituzten indarkeria-egoerak nola komunika ditzaketen jakinarazteko.

5.– Pertsona adingabeen ohiko bizitoki diren establezimendu publiko edo pribatuek zentroan aplikatzen diren indarkeria-egoerak komunikatzeko prozedurei buruzko informazio guztia emango diete pertsona adingabeei bertara sartzen direnean, baita eremu horretako arduradunei buruzkoa ere. Informazio hori etengabe egongo da eguneratuta. Halaber, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira pertsona adingabeek informazio hori edozein unetan libreki kontsultatu ahal izateko.

6.– Nolanahi ere, aurreko apartatuan azaldutakoa aplikatuko zaie barnetegi-araubideko plazak dituzten ikastetxeei, haurren eta nerabeen babesaren eremuko egoitza-harrerako zentroei, askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroei, edo pertsona adingabeei egoitza-arreta ematen dieten bestelako zentroei.

20. artikulua.– Komunikazioen konfidentzialtasuna eta segurtasuna.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, honako neurri hauek hartuko dituzte pertsona adingabeei eragiten dieten indarkeria- edo babesgabetasun-egoeren komunikazioetan konfidentzialtasuna, babesa eta segurtasuna bermatzeko:

a) Mekanismo seguruak, eraginkorrak, egokituak eta irisgarriak ezarriko dituzte, eskumena duten agintariei pertsona adingabeen kontra egin diren edo haiei eragiten dieten indarkeria- edo babesgabetasun-egoeren berri eman dieten pertsonen konfidentzialtasuna bermatzeko.

b) Informatzailea pertsona adingabea bada eta, zuzenean edo zeharka, bere buruari edo beste pertsona adingabe bati eragiten dion indarkeria- edo babesgabetasun-egoera baten berri ematen badu, konfidentzialtasuna bermatzeko mekanismoak lege honen 26.2 artikuluan ezarritako baldintzen arabera aplikatu beharko dira. Halaber, pertsona adingabeari aukera eman beharko diote berak aukeratuko duen bere konfiantzako pertsona batek lagunduta egoteko.

c) Agintarien, komunikatzeko eginbehar kualifikatuari lotutako profesionalen eta zerbitzu publikoen segurtasuna zainduko dute, bai eta, komunikatzeko eginbeharra egikarituz, eskumena duen agintaritzari pertsona adingabe baten kontrako indarkeria-egoera posible baten edo haren babesgabetasun-egoera baten berri eman dioten pertsona fisikoena ere. Zehazki, lanbidea edo betetzen dituzten eginkizunak tarteko pertsona adingabearekin harremanetan dauden pertsonen segurtasuna zainduko dute, bereziki gatazkatsuak diren administrazio-prozeduretan.

2.– Pertsona adingabeak normalean egon ohi diren ikastetxe eta zentroek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte indarkeria-egoeraren baten berri ematen duten pertsona adingabeen segurtasuna eta babesa bermatzeko.

3.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak salatzaileak babesteko behin-behineko neurri guztiak hartuko dituzte berehala, zeinak kasuan-kasuan egokiak eta neurrikoak izango diren.

4.– Agintaritza judizialak, ofizioz edo alderdi batek eskatuta, babes-neurriak hartu ahal izango ditu, Auzi Kriminaletan Lekukoak eta Adituak Babesteari buruzko abenduaren 23ko 19/1994 Lege Organikoan aurreikusitakoak, pertsona adingabeen kontrako indarkeria-egoera baten salaketak ekar dezakeen arriskua kontuan hartuta.

21. artikulua.– Informazioa isilpean gordetzeko eginbeharra.

1.– Euskal administrazio publikoek, entitate pribatuek eta haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren prebentzioan edo indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeen detekzioan, esku-hartzean eta errekuperazioan esku hartzen duten profesionalek, baita arrisku- edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeen inguruko prebentzioan, detekzioan eta babesean esku hartzen dutenek ere, beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte bermatzeko konfidentzialtasunez tratatzen dituztela beraiek duten informazioa eta informazio hori jasota duten fitxategi eta erregistroak, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan araututakoaren arabera, eta inola ere ez dute aukerarik izango haien datu pertsonalak zabaltzeko, ezta haiek identifikatzeko aukera ematen duen bestelako informaziorik ere zabaltzeko.

2.– Aurreko apartatuan araututako informazioa isilean gordetzeko eginbeharra aplikatuko zaie, bereziki, beren lanbide, ogibide edo eginkizun edo jarduerak direla-eta indarkeria-kasuren bat edo arrisku- edo desanparo-egoeraren bat egon daitekeela edo egiaztatu dela dakiten agintari eta pertsonei, edo aurreko apartatuan aipatutako informazioa eskura dezaketenei.

3.– Gatazkarik egonez gero pertsona adingabearen interes gorenaren eta datu pertsonalen babesaren arloan ezarritako informazioaren konfidentzialtasun-eginbeharraren artean, pertsona adingabearen interes gorena gailenduko da.

II. TITULUA
PERTSONA ADINGABEEN ESKUBIDEAK ETA EGINBEHARRAK
I. KAPITULUA
PERTSONA ADINGABEEN ESKUBIDEAK
1. ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

22. artikulua.– Pertsona adingabeen eskubideak aitortzeko tresna juridikoak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren edo dauden pertsona adingabeak nazioarteko itunek aitortzen dituzten eskubide eta askatasunen titular dira, batez ere, Nazio Batuen Haurren eskubideei buruzko Konbentzioak eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioak aitortzen dituztenenak, Europako Kontseiluaren Haurren Eskubideak baliatzeko Europako Hitzarmenak eta Haurrak sexu-esplotazio eta -abusuetatik babesteko Hitzarmenak aitortzen dituztenenak, Europar Batasunaren Haurren Eskubideei buruzko Europako Gutunak aitortzen dituenenak, Espainiako Konstituzioak aitortzen dituenenak, Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea partzialki aldatzen dituen Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoak aitortzen dituenenak, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoak aitortzen dituenenak eta, oro har, ordenamendu juridikoak aitortzen dituenenak.

2.– Lege hau eta lege hau garatzeko arauak ordenamendu horrekin bat etorriz interpretatuko dira.

3.– Lege honetan pertsona adingabeentzat aurreikusitako eskubide guztiak ulertu eta interpretatzeko muga bakarrak legez ezarritakoak izango dira, kontuan hartuta lege honen 25. artikuluan ezarrita dagoen berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea eta 13. artikuluaren b) eta c) letretan ezarri diren irisgarritasuna bermatzeko printzipioa eta ekitate-printzipioa.

23. artikulua.– Eskubideak egikaritu ahal izatea bermatzeko neurriak.

1.– Beren eskubideak eraginkortasunez egikaritzen direla eta egikaritze hori defendatzen dela bermatzeko, pertsona adingabeek eskubidea dute administrazio publikoetatik informazioa formatu eskuragarri eta ulergarrian jasotzeko, beren inguruabarretara egokituta, eta, hala dagokionean, eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean, eta, orobat, beharrezkoa denean laguntza eta sorospen egokia jasotzeko. Horretarako, honako hauek egin ahal izango dituzte:

a) Kasu bakoitzean eskumena duten administrazio publikoen babesa eta tutoretza eskatzea.

b) Haien ustez haien eskubideak urratzen dituzten egoeren berri ematea gizarte-zerbitzuei, Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, Fiskaltzari edo agintaritza judizialari, dagozkion akzioak abiaraz daitezen.

c) Arartekoari beren kexak aurkeztea.

d) Administrazio publikoei eskatzea beren eskubideak eraginkortasunez egikaritzeko beharrezkoak diren gizarte-baliabideak.

e) Beren eskubide eta interesak babestu eta defendatzeko beharrezkoak diren akzio judizial eta administratiboei ekiteko lege-laguntza eskatzea, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean aurreikusitakoaren arabera.

f) Beren eskubide eta interesak defendatzaile judizial baten bidez defendatzeko eskatzea. Horretarako, interes-gatazka egon badaiteke pertsona adingabearen eta guraso-ahalaren, tutoretzaren edo zaintzaren titularren artean, edo pertsona adingabearen eta haren zaintza edo tutoretza duen pertsona adingabeak babesteko entitate publikoaren artean, adierazi beharko zaio defendatzaile judizial bat izateko eskubidea duela, indarrean dagoen legerian aurreikusitako moduan.

Nolanahi ere, pertsona adingabeak babesteko entitate publiko baten zaintzapean edo tutoretzapean dagoen pertsona adingabe batek entitate hori, haren zerbitzuko langileak edo entitatearen zerbitzu edo baliabideetan lanean ari diren pertsonak salatzen baditu haren kontra indarkeriaz jardun dutelako, joko da interes-gatazka dagoela pertsona adingabearen eta entitate publikoaren artean.

g) Haurren Eskubideen Batzordeari banakako salaketak aurkeztea, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin eta hiru hautazko protokoloekin bat.

2.– Pertsona adingabearen interes gorena kontuan hartuta, ebazpen, neurri edo erabaki bat har daitekeen edozein jurisdikzio-ordenako prozedura judizial edo prozedura administratibo orotan, pertsona adingabearen parte-hartzea bermatu beharko da, bai eta prozeduran entzuna eta aditua izateko eskubidea ere, legezko ordezkarien bidez, edo, hala badagokio, defendatzaile judizial baten bidez, haiekin interes-gatazka edo desadostasuna badago, eta Fiskaltzaren bidez, haren eskubideak eta interesak defendatzeko. Interes-gatazka dagoela joko da pertsona adingabearen iritzia hari buruz hartzen den neurriaren aurkakoa bada edo haren eskubideak murrizten badira.

3.– Fiskaltzak pertsona adingabeen eskubideak defendatzeko jardungo du; betiere, bere araudi erregulatzailean ezarritakoaren arabera.

4.– Berariaz, bermatu egingo da indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeek doako laguntza juridikorako eskubidea dutela, haien egoera ekonomikoa edozein dela ere, Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legean ezarritakoaren arabera. Eskubide hori izango dute, halaber, haren kausadunek, biktima hiltzen bada, baldin eta egitateetan parte hartu ez badute.

24. artikulua.– Pertsona adingabearen interes gorena gailentzeko eskubidea.

1.– Pertsona adingabe orok eskubidea du berari dagozkion akzio eta erabaki guztietan haren interes gorena baloratua eta funtsezkotzat hartua izan dadin, eremu publikoan zein pribatuan.

2.– Pertsona adingabeen interes gorenari emango zaio lehentasuna, egon daitekeen beste edozein interes legitimoren gainetik, pertsona adingabeei eragiten dieten legeak eta gainerako arauak egin eta aplikatzean, baita haien gurasoek, legezko ordezkariek, harreragile eta zaintzaileek, eta erakunde publiko zein pribatuek, auzitegiek edo organo legegileek hartzen dituzten neurrietan ere.

3.– Hargatik eragotzi gabe aurreko apartatuan xedatutakoa, baldin eta beste edozein interes legitimo badago, lehentasuna eman beharko zaie pertsona adingabearen interes gorenari erantzunez tartean dauden gainerako interes legitimoak ere errespetatzen dituzten neurriei, eta, haiek bateragarri egitea ezinezkoa bada, pertsona adingabearen interes gorenaren alde hartutako erabaki eta neurriek baloratu beharko dituzte, kasu orotan, eraginpean egon daitezkeen beste pertsona batzuen oinarrizko eskubideak.

4.– Pertsona adingabeen jarduteko gaitasunari dagozkion mugak modu murriztailean interpretatuko dira, eta pertsona adingabearen interes gorena hartuko da kontuan une oro.

5.– Kasu bakoitzean pertsona adingabearen interes gorena interpretatu eta aplikatzeko, honako irizpide orokor hauek hartuko dira kontuan, hargatik eragotzi gabe aplikagarria den legedi espezifiko edo sektorekoan zehazten direnak eta kasu bakoitzeko inguruabar zehatzen arabera egokitzat jo daitezkeen beste batzuk:

a) Pertsona adingabeak bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko duen eskubidea babestea, eta haren oinarrizko premia materialak asetzea, hala fisikoak nola hezkuntzakoak, emozionalak, kognitiboak, sozialak eta afektibo-sexualak.

b) Pertsona adingabearen nahiak, sentimenduak eta iritziak kontuan hartzea, baita haren interes gorena zehazteko prozesuan progresiboki parte hartzeko duen eskubidea ere, betiere pertsona adingabearen adina, heldutasuna, garapena eta bilakaera pertsonalaren arabera.

c) Pertsona adingabearen bizitza eta garapena indarkeriarik gabeko familia-inguru egoki batean oinarrituta egotearen komenigarritasuna. Ahal izanez gero, pertsona adingabea jatorrizko familiarekin geratzea lehenetsiko da, eta ahalegina egingo da familiarekiko harremanak mantentzeko, ahal den neurrian, eta pertsona adingabearentzat positiboa bada; babes-neurri bat hartzea erabakitzen bada, familia-harrerari emango zaio lehentasuna, eta ez egoitza-harrerari; pertsona adingabea bere familia-nukleotik banandu bada, baloratu egingo dira pertsona adingabea hara bueltatzeko aukerak eta hori komeni ote den, horretarako kontuan hartuz babes-neurria hartu den momentutik familiak izan duen bilakaera; eta une oro pertsona adingabearen interesei eta premiei emango zaie lehentasuna, eta ez familiak dituenei.

d) Pertsona adingabearen identitatea, kultura, erlijioa, sinesmenak, sexu-orientazioa eta -identitatea edo pertsona adingabearen hizkuntza babestea, eta hura ez diskriminatzea arrazoi horiengatik edo beste edozein baldintza pertsonal, familiar edo sozialengatik, desgaitasuna barne, lege honen 25. artikuluaren 1 eta 2. apartatuetan azaldutako moduan, haren nortasunaren garapen harmonikoa eta integrala bultzatzeko.

6.– Irizpide horiek haztatzean, elementu orokor hauek hartuko dira kontuan:

a) Pertsona adingabearen adina eta heldutasuna.

b) Pertsona adingabearen berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatzeko beharra, hura bereziki zaurgarria bada familia-ingururik ez izateagatik, tratu txarrak jasateagatik, emakume izateagatik, desgaitasun bat izateagatik, bere sexu-orientazio eta -identitateagatik, bere jatorriagatik, errefuxiatua izateagatik, asiloa edo babes subsidiarioa eskatzeagatik, gutxiengo etniko bateko kide izateagatik edo beste ezaugarri edo egoera esanguratsu batzuengatik.

c) Denbora igarotzeak pertsona adingabearen garapenean sortzen dituen ondorio itzulezinak.

d) Pertsona adingabea modu eraginkorrean gizarteratu eta garatzea sustatzeko hartzen diren irtenbideen egonkortasuna mantentzeko beharra, baita edozein motatako egoera-aldaketa material edo emozionalek pertsona adingabearen nortasunean eta etorkizuneko garapenean eragin ditzaketen arriskuak minimizatzea ere.

e) Pertsona adingabeak behar bezala prestatzea heldutasunera igarotzeko eta independentea izateko, haien gaitasunen eta egoera pertsonalaren arabera.

f) Kasu bakoitzean egokitzat jotzen diren eta pertsona adingabeen eskubideak errespetatzen dituzten beste haztapen-elementu batzuk.

7.– Aurreko apartatuetan adierazitakoa gorabehera, pertsona adingabearen interes gorena aplikatu eta interpretatzeko, Nazio Batuen 2013ko Haurren Eskubideen Batzordearen 14. Ohar Orokorrak ezartzen dituen irizpide eta jarraibideak hartuko dira kontuan.

8.– 6. apartatuan ezarritako elementuak batera baloratu beharko dira, premia- eta proportzionaltasun-printzipioak kontuan hartuta. Hala, pertsona adingabearen interes gorenaren alde hartzen diren erabaki eta neurriek ez dituzte murriztuko edo mugatuko babesten dituzten eskubideak baino gehiago.

25. artikulua.– Berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea.

1.– Lege honetan ezarritako eskubideak berdinak dira pertsona adingabe guztientzat, inolako diskriminaziorik egin gabe faktore hauengatik: jaiotza; nazionalitatea; administrazio-egoera; arraza- edo etnia-jatorria; adina; sexua; sexu-orientazioa eta genero-identitatea, dela sentitua nahiz adierazia; desgaitasuna; gaixotasun fisikoa edo mentala; egoera fisiko, psikiko edo emozionala; kirol-maila; maila ekonomikoa; bizileku-ingurua, dela nekazaritza- edo hiri-ingurukoa; hizkuntza; kultura; erlijioa; sinesmena; iritzia; ideologia edo pertsona adingabeen edo haien familien beste edozein egoera edo inguruabar pertsonal edo sozial.

2.– Pertsona adingabeek aitortzen zaizkien eskubideak izango dituzte, legeek ezartzen dituztenak ez beste mugarik gabe, eta Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoek beharrezkoak diren baliabideak ezarri beharko dituzte eskubide horiek erabat errespetatu eta eraginkortasunez egikaritu daitezen, lege honen 13.c) artikuluan aurreikusi den ekitate-printzipioarekin bat etorrita hartuko diren ekintza positiboko neurriak barne.

3.– Aurreikuspen horiek, aldi berean, printzipio gidari bat dute oinarri, eta printzipio horren araberakoa izan beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko botere publikoen jarduna pertsona adingabe guztiei dagokienez, bai eta euskal administrazio publikoena ere, haurrei eta nerabeei lotutako sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-eskumenak egikaritzean.

26. artikulua.– Entzuna eta aditua izateko eskubidea.

1.– Pertsona adingabe orok eskubidea izango du entzuna izateko eta aditua izateko, berme guztiekin eta inolako diskriminaziorik ez mugarik jasan gabe, adina barne, eragiten dioten prozedura eta erabaki guztietan. Era berean, pertsona adingabeak eskubidea du haren iritziak behar bezala kontuan har daitezen, haren adin eta heldutasunari egokituta.

2.– Prozedura judizialetan edo administrazio-prozeduretan, pertsona adingabearen agerraldi edo entzunaldiek lehentasuna izango dute, eta baldintza hauek betez egingo dira:

a) Haren egoerari, ulermen-gaitasunari eta garapen ebolutiboari egokituta.

b) Beharrezkoa izanez gero, profesional kualifikatu edo adituen laguntzaz.

c) Haren intimitatea zainduz.

d) Hizkera argi eta errazean, uler dezakeen eta harentzat erraz uler daitekeen hizkuntza batean.

e) Formatu eskuragarrian eta pertsona adingabearen ezaugarri pertsonaletara egokituta.

f) Galdetu zaionaren berri emanez, bai eta haren iritziaren ondorioen berri ere.

g) Aurreko guztia, prozeduraren berme guztiak errespetatuz.

3.– Edozein indarkeria-motaren biktima diren pertsona adingabeei eragiten dieten prozeduretan bereziki, pertsona adingabeek eskubidea dute lekukotza emateko xede horietarako prestakuntza eta espezializazio egokia duten profesionalekin, metodologia eta espazio edo ingurune egokituen bidez. Nolanahi ere, bermatu beharko da zorroztasunez, tentuz eta errespetuz lortzen dela lekukotza, batez ere adin goiztiarreko biktimei entzutean.

4.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, bermatu egingo dute pertsona adingabeak, behar besteko heldutasuna badu, entzuna eta aditua izateko eskubidea egikaritzeko aukera izango duela, bere kabuz edo haren ordezkari izateko izendatzen denaren bitartez.

5.– Prozedura egokitzeko, profesional espezializatuek baloratu beharko dute pertsona adingabearen heldutasuna, kontuan hartuta haren garapen ebolutiboa eta aztertu beharreko gaia ulertu eta ebaluatzeko duen gaitasuna. Nolanahi ere, haren interes gorenaren aurkakoa denean soilik murriztu ahal izango da pertsona adingabeak entzuna izateko duen eskubidea, eta, horrelakoetan, gainera, arrazoitu egin beharko da.

6.– Komunikatzeko gaitasunari eragiten dion desgaitasunen bat duten pertsona adingabeen kasuan, haien iritzia behar bezala adieraz eta uler daitekeela bermatzeko, irispidea izango dute lege honen 13.b) artikuluan adierazitako laguntza-tresna edo -produktuetara edo komunikazio-sistema handigarri eta alternatiboetara. Era berean, hizkuntza hitz egin ez edo ulertu ezin duen pertsona adingabeak eskubide hori bere kabuz egikaritu ahal izango duela bermatzeko, interpreteen laguntza izango du, hala badagokio.

7.– Artikulu honetan azaldutako eskubidearen egikaritzea pertsona adingabearen interes gorenaren aurkakoa bada bakarrik mugatu ahal izango da, arrazoituta. Horretarako:

a) Baldin eta, administrazio-bidean edo auzibidean, pertsona adingabearen agerraldia edo entzunaldia ukatzen bada, izan agerraldia zuzenean edo hura ordezkatzen duen pertsonaren bitartez, erabaki horren arrazoiketan islatu egin beharko dira, labur-labur, erabaki horren oinarri diren inguruabar eta egitate guztiak, eta ez da nahikoa izango aipamen edo erreferentzia orokorrak egitea.

b) Pertsona adingabearen interes gorena arrazoi gisa hartuta entzuna eta aditua izateko eskubidea ukatzen duten ebazpenak jakinarazi egin beharko zaizkie Fiskaltzari, pertsona adingabeari berari eta, hala badagokio, haren legezko ordezkariari, eta berariaz adierazi beharko da zer errekurtso dauden erabaki horren aurka.

c) Funtsari buruzko ebazpenetan, pertsona adingabeari egindako entzunaldiaren emaitza jaso beharko da, hala badagokio, baita haren balorazioa ere.

2. ATALA
PERTSONA ADINGABEEN ESKUBIDEAK

27. artikulua.– Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak.

Pertsona adingabeek eskubide eta askatasun publiko hauek izango dituzte:

a) Bizitzeko, osotasun fisiko eta psikikoa izateko eta tratu ona jasotzeko eskubidea; horrek berekin dakar pertsona adingabeek babestuak sentitzen diren ingurune seguru batean bizitzeko aukera izatea, non ez duten inolako beldurrik edo indarkeriarik edo utzikeriarik jasango.

Lege honen ondoreetarako, tratu ontzat joko da guraso edo zaintzaileen edo pertsona adingabearen familia-eremuan dauden pertsonen ekintza oro, eta hezkuntza-, osasun-, kirol- zein aisia-eremuko, gizarte-zerbitzuen eremuko, segurtasun-indar eta -kidegoen eremuko, eremu judizialeko eta Justizia Administrazioaren eremuko ekintza oro eta, oro har, herritarren ekintza oro, baldin eta, ordenamendu juridikoak pertsona adingabeei aitortzen dizkien eskubideak errespetatuta, aktiboki sustatzen badituzte elkarrekiko errespetuaren, gizakiaren duintasunaren, bizikidetza demokratikoaren, gatazkak modu baketsuan konpontzearen, legearen babes berdinaren, aukera-berdintasunaren eta haur eta nerabeen diskriminazio-debekuaren printzipioak. Gainera, tratu onak barnean hartuko ditu haurrek parte hartzeko duten eskubidea eta haurrek beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko duten eskubidea.

Eta, bereziki, tratu ontzat joko da pertsona adingabeei behar duten laguntza, zaintza eta babesa ematera bideratutako portaera, haien oinarrizko premia fisikoak, emozionalak, kognitiboak, sozialak eta afektibo-sexualak asetzen eta gaitasunak garatzen laguntzen duena, aukerak sustatuz eta emanez haien autonomia eta norberaren buruarekiko eta gaitasunekiko konfiantza progresiboki areagotzeko. Horretarako, afektua, laguntza, komunikazioa, konpainia, eguneroko bizitzako inplikazioa, elkarrekiko errespetua, gatazken konponbide baketsua, eredu egokiak, orientazioa eta gainbegiratzea emango zaizkie.

b) Ohorerako, duintasunerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea, zeina zabaltzen baita familia-egoitzaren bortxaezintasunera eta komunikazioen sekretura. Barne hartzen du, halaber, datu pertsonalak indarrean dagoen legerian xedatutakoarekin bat tratatzeko eskubidea.

c) Identitaterako eskubidea. Horren arabera, pertsona adingabeek eskubidea dute beren identitate pertsonala eta generokoa izateko, beren sexu-orientazioa adierazteko, izena eta nazionalitatea izateko, eta jaiotzen diren unetik bertatik erregistratuak izateko. Halaber, beren jatorri genetikoa eta jatorrizko filiazioa ezagutzeko eskubidea dute, kalterik egin gabe indarrean dagoen ordenamendu juridikoan horri buruz jasotzen diren salbuespenei.

Eskubide hori eraginkortasunez egikaritu ahal izateko, eskubidea dute administrazio publiko eskudunei beren identitatea egiaztatzeko aukera emango dien dokumentazioa eskatzeko. Eta aipatutako administrazio publikoek beharrezkoak diren jarduketak egin beharko dituzte dokumentazio hori emateko.

Horrez gain, eskubidea izango dute beren sexu-orientazioa eta genero-identitatea, sentitua nahiz adierazia, bizi-ingurune guztietan errespeta dezaten, baita beharrezko babesa eta laguntza jasotzeko ere, arrazoi horiengatik diskriminazioa edo indarkeria jasaten badute.

d) Pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea. Eskubide hori egikaritzeko muga bakarrak izango dira legeak agindutakoak eta gainerako pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetua.

e) Adierazpen-askatasunerako eskubidea, Konstituzioan ezarritakoaren arabera, betiere pertsona adingabearen beraren intimitatea eta irudiaren babesa mugatzat jota. Eskubide horrek barne hartzen ditu iritziak argitaratu eta zabaltzea, hedabideen edizioa eta ekoizpena eta administrazio publikoek horretarako ematen dituzten laguntzak eskuratu ahal izatea. Barne hartuko ditu, halaber, sorkuntza literarioa, artistikoa, zientifikoa eta teknikoa, baita sorkuntzak dakartzan eskubideak aitortzea eta esleitzea ere.

Eskubide hori egikaritzeko, legeak murrizketak ezarri ahal izango ditu, gainerako pertsonen eskubideak errespetatzen direla bermatzeko edo segurtasuna, osasuna, morala edo ordena publikoa babesteko.

f) Elkartzeko eskubidea. Eskubide horrek, bereziki, barne hartzen ditu alderdi politikoetako eta sindikatuetako gazte-elkarteetako eta -antolakundeetako kide izateko eskubidea, eta haurren eta gazteen elkarteak sustatzeko eta haiek legearen arabera inskribatzeko eskubidea, elkarte horietako zuzendaritza-organoetako kide izatea barne.

Pertsona adingabe bat ere ezin da edozein eratako entitate edo elkarte batean sartzera edo haietako bateko kide izatera behartu, ezta haietan izatezko edo eskubidezko kide gisa egotera ere, bere borondatearen aurka. Pertsona adingabe bat edo haren gurasoak elkarte bateko kide izateak pertsona adingabearen garapen integrala eragozten badu edo garapen horri kalte egiten badio, edozein interesdunek, pertsona fisiko edo juridikok edo entitate publikok Fiskaltzara jo ahal izango du beharrezkotzat jotzen dituen babes-neurri juridikoak bultza ditzan.

g) Biltzeko eskubidea. Horren arabera, pertsona adingabeek eskubidea dute jendaurreko batzarretan eta manifestazio baketsuetan parte hartzeko, betiere horietarako deialdia legeak ezarritako eskakizunak betez egin bada; eta, orobat, eskubidea dute batzar eta manifestazioak sustatu eta haietara dei egiteko, betiere haien guraso, legezko ordezkari, harreragile edo zaintzaileen adostasun espresua badute.

Berariaz, hezkuntza-eremuan, ikasleek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan biltzeko eskubidea dute, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren arabera, eskubidearen egikaritzea irakaskuntza-zentroen antolakuntza- eta funtzionamendu-arauetan arautu den moduan.

28. artikulua.– Parte hartzeko eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek parte hartzeko eskubidea dute, hau da, familiaren zein hurbileko harreman-guneen bizitzan eta beren inguruneko gizarte-, kultura-, arte-, kirol-, jolas- eta politika-bizitzan bete-betean parte hartzeko aukera. Eskubide horren barruan dago herritartasun aktiboan pixkanaka sartzea ere, adinaren eta garapen ebolutiboaren arabera.

2.– Parte hartzeko eskubidea benetan egikaritzen dela bermatzeko, pertsona adingabeek, lege honen 26. artikuluan ezarritako moduan entzunak eta adituak izateko eskubidea izateaz gain, eskubidea izango dute gizartean eta beren eskubide eta eginbeharretan eragina duten politika publikoetan parte hartzeko, zuzenean eta modu aktiboan, parte hartzeko berariazko bideen esparruan banakako eta taldeko bizi-baldintzak, kide diren komunitatekoak edo haiei eragiten dien beste edozein konturen ingurukoak eraikitzen eta hobetzen parte hartu ahal izateko.

3.– Zehazki, pertsona adingabeek eskubidea izango dute:

a) Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluan parte hartzeko, lege honen 306. artikuluan aurreikusitako moduan, parte hartzeko eta kontsultarako administrazio-organoa den aldetik eta berariaz haurren eta nerabeen eremu materialean eragina duten gaiez arduratzen den aldetik.

b) Haur eta Nerabeen Foroan parte hartzeko, lege honen 307. artikuluaren arabera autonomia-mailan aurreikusia.

c) Partaidetzarako bide egonkorrak sustatzeko ekintza zehatzen esparruan udalek edo lurraldeek bultzatzen dituzten tresna, espazio, egitura, mekanismo edo prozesuen bitartez.

29. artikulua.– Hazkuntzarako, bizikidetzarako eta familia-harremanetarako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek eskubidea dute hazkuntza, arreta eta zainketa jasotzeko, baita beren garapen pertsonal oso eta harmonikoa bermatzera bideratutako prestakuntza integralerako ere, eta eginkizun horietarako lehen eta oinarrizko erantzukizuna izango dute beren guraso, legezko ordezkari, harreragile edo zaintzaileek, indarrean dagoen legerian ezarritako moduan.

2.– Euskal administrazio publikoek zainduko dute lege honetan jasotako neurriak familia-mota guztiei aplikatuko zaizkiela, haien zailtasunak edo laguntza-premiak edozein direla ere, eta behar diren egokitzapenak egingo dituzte, familia horiek neurriok gainerako familien baldintza berberetan baliatu ahal izatea eragozten duten oztopoak kentzeko.

3.– Berariaz, pertsona adingabeek eskubidea dute, halaber:

a) Aitak eta amak berdin parte har dezaten haien interesei eragiten dieten erabakiak hartzen, ebazpen judizialetan ezarritako mugekin, eta gurasokidetasuna sustatu eta babestu beharko da seme-alaben arretan, hazkuntzan, zainketan eta hezkuntzan.

b) Beren gurasoekin bizitzeko, salbu eta indarrean dagoen ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera banantzea beharrezkoa bada.

4.– Ondorio horiek lortzeko, gurasoei dagokie, guraso-ahala egikaritzean, pertsona adingabearen ohiko bizilekua erabakitzeko ahalmena, pertsona adingabearen zaintzari edo jagoletzari dagokionez hartu den neurria edozein dela ere. Ohiko bizilekua guraso bien baimenarekin edo, halakorik ezean, baimen judizialarekin bakarrik aldatu ahal izango da, baldin eta guraso-ahala etetea edo kentzea edo ahalmen hori gurasoetako bati esklusiboki esleitzea erabaki ez bada.

5.– Pertsona adingabea aitarengandik, amarengandik edo biengandik bananduta badago, lotura afektiboa gorde eta garatzeko eta aitak eta amak hazkuntzaren berezko eginkizunetako batzuk bete ahal izateko harreman nahikoa izateko eskubidea du, salbu eta pertsona adingabearen interes gorenak kontrakoa gomendatzen badu. Harremanetarako eskubide horrek barne hartzen du bisitarako, komunikaziorako eta egonaldirako eskubidea.

6.– Aitaren eta amaren eta seme-alaben arteko harremanetarako eskubideak berdin babesten du ohiko bizilekua atzerrian duen pertsona adingabea, baldin eta haren aita, ama edo biak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean bizi badira edo bertan badaude.

7.– Agintaritza judizialak, zuzenean edo Fiskaltzaren bitartez, edo, hala badagokio, eskumena duen foru-aldundiak, pertsona adingabeak babes-neurriren bat badu, harremanetarako eskubidea errespetatzeko eta ziurtatzeko neurri egokiak hartu beharko ditu, finkatu den bisita-, harreman- eta komunikazio-araubidearen esparruan.

8.– Edonola ere, ezartzen diren neurri zehatzek, aplikagarri den ordenamendu juridikoak ezarritako mugen barruan, proportzionaltasun-printzipioaren araberakoak izan beharko dute, eta aintzat hartu beharko dira gertatzen diren inguruabarrak, bi alderdien eskubideak eta pertsona adingabearen interes gorena bermatzeko beharra.

9.– Edonola ere, pertsona adingabeak eskubidea du bere gainerako aurrekoekin, neba-arrebekin, lotura bakarrekoak nahiz bikoitzekoak izan, eta hurbileko beste pertsona batzuekin harremana izateko, betiere haren interes gorenaren aurkakoa ez bada, eta ebazpen judizialetan ezarritako mugen barruan.

10.– Pertsona adingabea babes-neurri gisa bere familiarengandik banandu bada, eskubidea izango du horretan eskumena duten administrazio publikoek familia berriz elkartzeko aukera balora dezaten, horretarako egoki diren inguruabarrak gertatuz gero.

30. artikulua.– Amatasunari buruz erabakitzeko eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek eskubidea dute amatasunari buruz erabakitzeko, beren adinaren eta heldutasunaren arabera, eta indarrean dagoen berariazko legeriarekin bat etorriz.

2.– Eskubide hori egikaritzea bermatu ahal izateko, haurdunaldia borondatez eteteko osasun-prestazioa jaso ahal izango dute, gai horri buruzko berariazko legerian ezarritako epeetan eta bertako betekizunekin.

31. artikulua.– Ongizate materialaren oinarrizko mailarako eta gizarte-inklusiorako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek eskubidea dute beren oinarrizko beharrak asetzeko behar duten ongizate materialaren maila izateko. Eskubide horren barruan sartzen da oinarrizko energia-hornidurak dituen, irisgarria den eta, hala badagokio, pertsona adingabeak duen desgaitasunera behar bezala egokitua dagoen etxebizitza duin batean hazteko eskubidea. Hazkuntza-erantzukizuna betetzean, gurasoek, legezko ordezkariek, harreragileek edo zaintzaileek bermatu egin behar dituzte, ahal duten neurrian, pertsona adingabeen garapen integralerako beharrezkoak diren bizi-baldintzak.

2.– Halaber, gizarte-inklusio integralerako eskubidea dute; kontuan izan behar da gizarte-inklusioa kausa anitzekoa dela, eta zuzenean lotuta dagoela lehendik dauden gizarte-babeseko sistemetan sartzeko aukerarekin, herritar gisa dagozkien eskubide eta eginbeharrez baliatzeko beharrezko informazioa erabiltzeko gaitasunarekin eta harremanak izateko eta beren komunitatean modu aktibo eta betean parte hartzeko eta inplikatzeko duten gaitasun pertsonal eta sozialekin.

32. artikulua.– Osasunerako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek eskubidea dute ahalik eta osasun fisiko eta mentalik onenaz gozatzeko.

2.– Helburu horrekin, osasun-sustapenerako eskubidea dute, eta, horren esparruan, elikadura osasungarri, orekatu, oso eta behar bestekoa izateko eskubidea, jarduera fisikoa ingurumen garbi, berdegunedun eta ez kutsatu batean egiteko eskubidea, bai eta jolas librerako eta atsedenerako ere, haien garapen ebolutiboaren arabera.

3.– Horrez gain, prebentzio- eta osasun-arreta integrala jasotzeko eskubidea dute, eta, horretarako, Euskadiko Osasun Sistemako osasun-prestazioen eta zerbitzu-zorroaren katalogoan jasotako osasun-prestazioak eta -zerbitzuak jasotzekoa, bai anbulatorioan, bai ospitalean, haur eta gazteen osasun mentaleko zerbitzuak barne.

4.– Oro har, pertsona adingabeek, paziente gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sisteman pazienteei aitortutako eskubide berak izango dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Jaioberriak amaren ondoan egoteko eskubidea, salbuespeneko egoeretan izan ezik.

b) Jaiotzen direnean behar bezala identifikatuak izateko eskubidea, identifikazio hori bermatuko duten bitarteko egokien bidez.

c) Osasun-agintaritzak proposatutako txertoen egutegian jasotako gaixotasun infekzioso eta kutsakorren aurka immunizatuak izateko eskubidea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden beste prebentzio-programetan sartzekoa ere.

d) Sortzetiko gaixotasunak eta urritasun psikiko eta fisikoak goiz detektatzeko eta tratatzeko eskubidea, arreta goiztiarreko esku-hartze integralaren esparruan, betiere indarrean dagoen lege-esparruak, etikak, teknologiak eta dauden baliabideek osasun-sistemari ezartzen dizkioten mugekin.

e) Behar dituzten zainketak jasotzeko segurtasuna izateko eskubidea, zainketa aringarriak barne, baita justiziaren esku-hartzea beharrezkoa bada ere, baldin eta haien gurasoek, legezko ordezkariek edo harreragile edo zaintzaileek zainketa horiek ukatzen badituzte erlijio-, kultura- edo beste edozein arrazoirengatik, edo beharrizanari aurre egiteko beharrezko pausoak emateko moduan ez badaude.

f) Tratamendu anbulatorioa indartzeko eskubidea, ospitaleratzea saiheste aldera.

g) Beren historia kliniko eta sozialaren, halakorik egonez gero, konfidentzialtasuna edo beren egoera sozioekonomikoari eta familia-egoerari buruzko beste edozein datu babesteko eskubidea, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera, eta hargatik eragotzi gabe lege honen 17. artikuluan aurreikusitako komunikatzeko eginbehar kualifikatua eta erakunde arteko lankidetzarena, eta 18. artikuluan aurreikusitako eginkizun publikoak betetzeko legezko betebeharrean oinarritutako datu-tratamendua komunikatzeko eginbeharra.

h) Babes-neurriren bat baldin badute, historia klinikoa bereziki babesteko eskubidea, eta bermatuko da tutoretza edo tutoretzari edo, hala badagokio, zaintzari datxezkion ahalmenak bere gain hartu dituenari edo esleituak dituenari bakarrik helaraziko zaiola informazioa, eta arreta berezia jarriko da haien legezko ordezkariek hura eskuratzea baimenduta ez duten kasuetan.

i) Beren osasun-egoerari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea eta, hala badagokio, eman behar zaien tratamendu medikoari buruzkoa, betiere haien adina, heldutasuna eta egoera psikologiko eta afektiboa kontuan hartuta, eta, ahal den neurrian, dagokion informazioa hobekien ulertzen duten hizkuntzan jasotzeko eskubidea.

j) Adostasuna emateko edo ukatzeko eskubidea, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta, adostasun hori haien legezko ordezkariek eman behar dutenean, beren iritzia entzunarazteko eskubidea, lege honen 26. artikuluan ezarritako moduan.

k) Haien osotasuna eta osasun fisikoa edo mentala arriskuan jar ditzaketen esperimentu zientifikorik edo medikurik haiekin ez egiteko eskubidea.

l) Osasunari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, oro har, osasun-hezkuntzako kanpaina orokor edo espezifikoen esparruan, baita osasun-hezkuntzako programa berezien esparruan ere.

m) Tratu gizalegezkoa, ulerbera eta haien intimitatearekiko begirunezkoa jasotzeko eskubidea.

n) Osasun-zerbitzuetan aplikatzekoa den araudian jasotako beste eskubide guztiak; bereziki, Euskadiko Osasun Sisteman pertsonen Eskubideei eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretuan jasotakoak.

5.– Hala badagokio, pertsona adingabe guztien historia klinikoak honako inguruabar hauek adierazi beharko ditu, hargatik eragotzi gabe aplikatu behar den legeria sanitarioan gai honen inguruan ezartzen diren berezitasunak:

a) Haurraren arreta goiztiarra. Zehaztu beharko dira osasun-sistemak arreta goiztiarraren testuinguruan egiten dituen esku-hartzeak. Horretarako, barnean sartuko dira garapen-nahasmenduak prebenitzeko egindako jarduketak edo, hala badagokio, haiek jasateko arriskua goiz detektatzeko egindakoak, bai eta garapen-nahasmenduen arretarekin lotutako jarduketak edo haiek jasateko arriskuarekin zuzenean lotutakoak ere.

b) Osasun-arreta pertsona adingabearen kontrako indarkeriaren ondorio izatea.

6.– Pertsona adingabeari gaixotasunen bat detektatzeko edo tratamendu bat aplikatzeko probak egin behar zaizkionean, proba edo tratamendu horien gaineko informazioa jasotzeko eskubidea dute legezko ordezkariek eta harreragile edo zaintzaileek.

7.– Legezko ordezkariek erabakitzen badute pertsona adingabeari buruzko jarduketa, esku-hartze edo jarduera kliniko edo kirurgikoren bat egin behar dela, eta erabaki hori pertsona adingabearen bizitza edo osasunerako onurarik handienaren kontrakoa bada, agintaritza judizialari jakinarazi beharko zaio, zuzenean edo Fiskaltzaren bidez, dagokion ebazpena har dezan, salbu eta, urgentziazko arrazoiengatik, baimen judiziala lortu ezin bada. Kasu horretan, osasun-langileek behar diren neurriak hartuko dituzte pazientearen bizitza edo osasuna babesteko, betiere eginbeharra betetzeko eta beharrizan-egoeraren kausek babestuta, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 9.6 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

33. artikulua.– Hezkuntzarako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek eskubidea dute hezkuntza integrala izateko, beren gaitasunak eta identitate pertsonala erabat garatzea sustatuko duena, baita 2023ko abenduaren 21eko 17/2023 Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren Legean jasotako hezkuntza-helburuak lortzeko eskubidea ere.

2.– Modu berean, eta egoera administratibo edo soziala edozein dela ere, eskubidea dute berehala eskolatzeko bizilekuz aldatu badira edo egoera familiarra, pertsonala edo soziala aldatzearen ondorioz hezkuntza-sisteman berandu sartzen badira.

3.– Halaber, hezkuntza inklusiboaren esparruan, oinarrizko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dute, hau da, Haur Hezkuntzaz, Lehen Hezkuntzaz eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaz osatutakoa, hezkuntzaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako eran. Hari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta eginbeharrei buruzko araudian jasotako eskubideen titularrak dira.

4.– Hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten pertsona adingabeek eskubidea dute derrigorrezko hezkuntza eta derrigorrezkoa ez den hezkuntza gainerako ikasleen baldintza berberetan jasotzeko, arreta goiztiarreko esku-hartze integralaren esparruan, haien garapen akademiko, pertsonal eta sozial handiena indartzeko, lege honen 25. artikuluan ezarritako berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidearekin bat etorriz, bai eta lege honen 13. artikuluaren b) eta c) letretan aurreikusitako irisgarritasuna bermatzeko printzipioa eta ekitate-printzipioarekin ere.

5.– Nerabeek eskubidea dute, derrigorrezko hezkuntza amaitu ondoren, ahalik eta gehien bultza dadin haiek hezkuntza-sisteman jarraitzea, pertsonen prestakuntza eta garapenarekin jarraitzeko aukera izanik, etorkizunean laneratzeko aukera hobeak izan ditzaten, besteak beste.

34. artikulua.– Kulturarako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek kultura-prestakuntza integrala jasotzeko eskubidea dute, aukera emango diena beren gaitasun intelektual eta artistikoa eta esku-trebetasunak eta trebetasun fisikoak garatzeko, baita beren jatorrizko kultura ezagutzeko eta garatzeko eta beren kultura-aukerak errespetatuak izateko ere, beren familiaren kultura edozein dela ere.

2.– Halaber, komunitatearen kultura- eta arte-bizitzaz bete-betean gozatzeko eskubidea dute.

35. artikulua.– Jolaserako eta aisialdirako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek atsedenerako, jolaserako eta aisialdirako eskubidea dute, aisialdi hezigarria barne, ingurune irisgarri, seguru, osasungarri eta inklusiboetan hezteko, osorik garatzeko eta sozializatzeko funtsezko elementu gisa.

2.– Lege honen ondoreetarako, aisialdi hezigarritzat hartzen da garapen integralari laguntzen dioten aisialdiko jardueren multzoa; jarduera horiek pertsona adingabeak parte hartzeko ohituretan, ingurumena errespetatzeko ohituretan edo konpromiso, elkartasun eta gizarte-inklusiorako balioetan heziko dituzte, eta pertsona adingabeei berdinen arteko harremanak eta gizarte-gaitasuneko trebetasunez jabetzen lagunduko diete.

36. artikulua.– Jarduera fisikorako eta kirolerako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek kirolak eta bestelako jarduera fisikoak egiteko eskubidea dute, ingurune irisgarri, seguru, osasungarri eta inklusiboan. Jardun horiek oinarrizko ohituratzat joko dira osasunerako, bizi-kalitatearen hobekuntzarako, ongizate pertsonal eta sozialerako, prestakuntzarako eta garapen integralerako. Era berean, saihestu egin behar da jarduera horietan jarrera lehiakorra lehenbiziko baliotzat sustatzea.

2.– Lehiaketa-kiroletan parte hartu nahi duten ala ez beren borondatez erabakitzeko eskubidea dute. Entrenamendu-metodo eta -planek errespetatu egin beharko dituzte haien gaitasun pertsonalak, hezkuntza-beharrak eta gizarte- eta familia-beharrak.

3.– Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legeak jasotzen duen moduan, kiroltzat joko da jarduera fisiko oro, baldin eta helburu badu, parte-hartze antolatuaren edo bestelakoaren bidez, osasuna sustatzea, forma fisikoa eta psikikoa adieraztea edo hobetzea, gizarte-harremanak garatzea edo maila guztietako lehiaketetan emaitzak lortzea. Horren harira, legeak berak dakartzan ildoak garatu beharko dira. Bertan azaltzen diren kirolari adingabeen eskubideak babesteari dagokion atalak adierazten duen moduan, kirolaria atxikitzeko eskubidea, nahitaezko luzapen-eskubidea eta antzekoak ezingo dira erabili kirolariak 18 urte bete arte, euskal lehiaketa ofizialetarako lizentzia federatuei dagokienez.

37. artikulua.– Ingurumen osasungarrirako eskubidea.

Pertsona adingabeek eskubidea dute ingurumen osasungarrian bizitzeko eta ingurumen horren garapena iraunkorra izan dadin; eskubidea dute, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena ezagutzeko eta hartaz gozatzeko eta naturarekin harreman jarraitua izateko.

38. artikulua.– Ingurune segururako eskubidea.

1.– Pertsona adingabeek eskubidea dute beren bizitzako eremu guztietan haur guztientzat seguruak, tratu onekoak eta inklusiboak diren inguruneetan bizitzeko eta garatzeko.

2.– Ingurune segurua da haurren eskubideak errespetatzen dituena eta giro fisiko, psikologiko eta sozial babeslea sustatzen duena, ingurune digitala barne.

3.– Era berean, hirietako gune seguruak, egokiak eta haien beharretara egokituak sortzea sustatuko da, zeinetan bermatuko baita beren hiri-ingurunean mugitzeko, gozatzeko eta sozialki garatzeko, beren herria ezagutzeko eta, bereziki, haurrentzat eta nerabeentzat berariaz bideratutako ekipamenduetarako guneez gozatzeko duten eskubidea.

39. artikulua.– Lan-inguruneko eskubideak.

1.– Pertsona adingabeek lan egin ahal izango dute lan-araudian espresuki ezartzen diren kasuetan; betiere, horretarako eskatzen diren lege-betekizunak betetzen badira eta lege-araudian ezartzen diren baldintzetan; hargatik eragotzi gabe nerabeek duten eskubidea ahalik eta gehien bultzatzeko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko hezkuntza.

2.– Lan-jardueraren esparruan, pertsona adingabeek lan-araudiak espezifikoki aitortzen dizkien eskubideak izango dituzte. Era berean, errespetatu beharko dira araudi horretan ezarritako debekuak eta mugak, batez ere, lan-motari, lanaldi-motari, aparteko orduei eta asteko atsedenaldiari dagozkionak.

40. artikulua.– Kontsumitzaile- eta erabiltzaile-eskubideak.

Premia, interes eta ezaugarri propioak dituzten kontsumitzaile diren aldetik, pertsona adingabeek eskubidea dute:

a) Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, babes dakizkien kontsumo-harremanetan dituzten eskubide eta interesak, kontuan hartuz zer premia dituzten beren garapen-prozesuan.

b) Haur eta nerabeen kontsumora bereziki bideratutako ondasun eta zerbitzuek haien garapen oso eta harmonikoa sustatzeko; horretarako, kontsumo arduratsu baten aldeko sustapen-, prebentzio- eta defentsa-neurri espezifikoak izango dituzte eskuragarri.

41. artikulua.– Informaziorako eskubidea eta harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko eskubidea.

1.– Oro har, pertsona adingabeek eskubidea dute:

a) Informazioa bilatzeko, jasotzeko eta erabiltzeko nork bere adinaren eta heldutasunaren arabera.

b) Eskura jartzen zaien informazioa plurala eta egiazkoa izan dadin, eta Konstituzioko eskubide, askatasun eta printzipioekiko errespetuzkoa.

2.– Eremu digitalean, eskubidea dute Internet, sare sozialak eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko, haien garapen ebolutiboaren arabera egokituta.

3.– Halaber, alfabetatze digital eta mediatikorako eskubidea dute, modu seguruan eta erantzukizunez jokatu ahal izan dezaten, eta tresnak eta ezagutzak izan ditzaten aurreko apartatuan aipatutako teknologia digitalak, bideojokoak barne, erabiltzetik eratorritako edo haiei lotutako arrisku-egoerak identifikatu ahal izateko.

II. KAPITULUA
PERTSONA ADINGABEEN EGINBEHARRAK

42. artikulua.– Pertsona adingabeen eginbeharrak.

Legeria zibilak pertsona adingabeei guraso, legezko ordezkari, harreragile edo zaintzaileei lotuta ezartzen dizkien betebeharrez gain, eta beren adinaren eta heldutasunaren arabera, beren gain hartu eta bete behar dituzte familia-bizitzaren, eskola-bizitzaren eta gizarte-bizitzaren eremu guztietan aitortzen zaizkien eskubideen titulartasunak eta eskubideak egikaritzeak berekin dakartzan eginbeharrak, betebeharrak eta erantzukizunak, edo haien ondoriozkoak, eta, haiek betetzean, errespetatu egin beharko da gainerakoek beren eskubideak egikaritzea eta bete-betean haiez gozatzea, hori mugatu eta eragotzi gabe.

43. artikulua.– Familia-eremuko eginbeharrak.

1.– Pertsona adingabeek familia-bizitzan parte hartu behar dute, beren gurasoak, legezko ordezkariak, harreragile edo zaintzaileak, neba-arrebak eta gainerako senitartekoak errespetatuz.

2.– Halaber, etxea zaintzen eta etxeko lanak egiten parte hartu behar dute, eta horretan erantzunkideak izan behar dute, beren adinaren, autonomia pertsonalaren eta gaitasun-mailaren arabera, haien sexua edozein dela ere.

44. artikulua.– Eskola-eremuko eginbeharrak.

1.– Pertsona adingabeek errespetatu egin behar dituzte ikastetxeetako bizikidetza-arauak, eta parte hartu behar dute arauok sortzen; era berean, lagundu behar dute ikastetxeko instalazioak zaintzen, ikastetxera joan behar dute, ahalegindu behar dute derrigorrezko irakaskuntza-etapa guztietan ikasten, prestakuntza-jardueretan parte hartu behar dute, jarrera positiboa izan behar dute hezkuntza-prozesu osoan zehar ikasteko, eta gainerako ikaskideen hezkuntza-eskubidea errespetatu behar dute.

2.– Orobat, ikaskideak errespetatu behar dituzte, bai eta ikastetxeetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak ere. Horretarako, haien kontzientzia-askatasuna errespetatuko dute, bizikidetzaren alde egingo dute, gatazka-egoerak saihestuko dituzte, sor daitezkeenak modu baketsuan konponduko dituzte, eta beren ikaskideei kalte egiten dietenak arbuiatu egingo dituzte; bereziki, eskola-jazarpenaren edozein formarekin lotuak, ziberjazarpena barne.

3.– Hezkuntza Administrazioak ezarritako curriculumaren garapenaren bitartez, ziurtatuko da pertsona adingabeak egokiro eta nahikoa ezagutzen dituztela herritar gisa dituzten eskubide eta betebeharrak, horien artean direla harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzearekin lotutakoak.

45. artikulua.– Gizarte-eremuko eginbeharrak.

1.– Pertsona adingabeek beraiekin harremanak dituzten pertsonak eta beren ingurunea errespetatu behar dituzte.

2.– Gizarte-eginbeharrek honako hauek hartzen dituzte barne, zehazki:

a) Pertsona adingabeekin harremanak dituzten pertsona guztien duintasuna, osotasuna eta intimitatea errespetatzea, edozein dela ere haien adina, nazionalitatea, arraza- edo etnia-jatorria, erlijioa, sexua, sexu-orientazioa, desgaitasuna, ezaugarri fisikoak edo sozialak, gizarte-talde jakin bateko kide izatea edo beste edozein egoera pertsonal edo sozial.

b) Aplikagarri zaizkien legeak eta arauak errespetatzea, baita beste pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak ere, eta jarrera arduratsua eta eraikitzailea izatea gizartean.

c) Baliabide, instalazio eta ekipamendu publiko eta pribatuak, hiri-altzariak eta beren jarduera gauzatzeko baliatzen duten beste edozein zaintzea eta ondo erabiltzea.

d) Ingurumena, fauna eta flora errespetatzea eta ezagutzea, eta haiek kontserbatzen elkarlanean jardutea, garapen jasangarriaren ikuspegitik.

e) Pertsonen pribatutasun digitala errespetatzea, eta Internet, sare sozialak eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologia guztiak modu seguru eta arduratsuan erabiltzea.

III. TITULUA
HAURREN ETA NERABEEN ONGIZATEA ETA HAIEN ESKUBIDEEN EGIKARITZEA SUSTATZEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

46. artikulua.– Haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko eginbeharra.

1.– Gurasoek, legezko ordezkariek eta harreragile edo zaintzaileek errespetatu eta sustatu egingo dute seme-alaba adingabeek edo haien ardurapeko eta zaintzapeko pertsona adingabeek lege honen II. tituluan jasota dauden eskubideak egikaritzea. Era berean, sustatuko dute azken horiek beren eginbehar eta ardurak beren gain har ditzaten.

2.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, beren gain hartuko dute haurren eta nerabeen ongizatea eta haiek beren eskubideak egikaritzea errespetatzeko eta sustatzeko eginbeharra, eta, helburu horrekin, neurriak hartuko dituzte, eskubide horiek eraginkortasunez egikaritzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla bermatzeko.

3.– Bereziki, informazioa, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa helburu duten dibulgazio-jarduketak garatuko dituzte euskal administrazio publikoek. Jarduketa horiek gizarte osoari zuzendu ahal izango zaizkio, edo biztanleria-talde jakin bati, eta, bereziki, pertsona adingabeei, haien guraso, legezko ordezkari edo harreragile zein zaintzaileei eta haurrei eta nerabeei arreta ematearekin zuzenean lotutako jarduera duten profesionalei. Oro har, honako alderdi hauei lotutakoak izango dira dibulgazio-jarduketak:

a) Pertsona adingabeak eskubideen subjektu direla aitortzea.

b) Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak ezarritako eskubideak eta Euskal Autonomia Erkidegoan duten aplikazio-maila.

c) Pertsona adingabeen eginbehar eta erantzukizunak ezagutzea, eta horiek betetzeak duen garrantzia haien garapen osorako, gizarteratzeko eta herritar aktibo izaterantz pixkanaka aurrera egiteko.

d) Pertsona adingabeak garatzen diren eremu guztietan haiei tratu ona ematearen kultura, haien garapen integral eta harmonikorako eta gainerako pertsonekiko gaur egun duten eta etorkizunean izango duten errespetu-gaitasunerako funtsezko baldintza gisa.

e) Haur eta nerabeengan eta familiengan egindako inbertsioa orainari zein etorkizunari bideratutako gizarte-inbertsio produktibo, bidezko eta errentagarritzat jo beharra.

f) Gurasotasun positiboak pertsona adingabeen ongizatean duen eragina.

g) Erantzunkidetasunezko kontziliazioak hazkuntzan duen garrantzia, bereziki nabarmenduta gizonek hazkuntza- eta zainketa-lanetan parte hartzea, erreferentzia-eredu berriak sortzeko eta zainketen funtzio sozialari balioa emateko.

h) Pertsona, familia, euskal administrazio publiko eta gizarte-eragile guztien erantzunkidetasuna, haurren eta nerabeen ongizatea bermatzeko.

4.– Titulu honetan araututako sustapen-jarduketek pertsona adingabe guztien ongizatera bideratuta egon beharko dute, muga bakarrak legez ezarritakoak izanik; gainera, errespetatu egin beharko dira lege honen 25. artikuluan ezarrita dagoen berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea eta 13. artikuluaren b) eta c) letretan aurreikusi diren irisgarritasuna bermatzeko printzipioa eta ekitate-printzipioa.

5.– Sustapen-jarduketak ondorengo tituluetan jasotako prebentzio-jarduketekin batera aplikatu ahal izango dira.

47. artikulua.– Erakunde arteko eta sektore anitzeko elkarlana.

1.– Haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko eskumena duten euskal administrazio publikoek elkarlanean jardungo dute eginkizun horiek betetzeko orduan, betiere bermatu ahal izateko jarduketen izaera integrala, eraginkortasuna eta koherentzia, jarduketa horiek helburu komun baterantz bideratzen direla eta baliabide guztiak ahalik ondoena aprobetxatzen direla.

2.– Elkarlan horrek, erakunde artekoaz gain, sektore anitzekoa ere izan beharko du, eta, ondorioz, administrazio batzuetan eta besteetan haurren eta nerabeen ongizateari eragiten dioten gaietan eskumena duten sailak inplikatu beharko ditu.

3.– Oro har, erakunde arteko eta sektore anitzeko elkarlan-harremanak honako formula hauetakoren baten bidez gauzatu ahal izango dira:

a) Lan-guneak edo -taldeak sortuta. Horiek modu iraunkorrean edo aldi baterako eratu ahal izango dira, gai koiunturalak lantzeko, edo aztertu beharreko gaien izaerak edo garrantziak hala eskatzen badu.

b) Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako elkarlanerako tekniketatik edozein erabilita.

4.– Aurrekoari kalterik egin gabe, eta ekintza publikoa ahalik eta eraginkorrena izan dadin, sustapen-jarduketak emaitza onenak berma daitezkeen eremuan edo eremuetan egitea sustatu beharko da, edozein dela ere sustatzen duten eskubide espezifikoaren izaera, betiere izaera hori kontuan hartuta, zuzenean eskuduna denaren lankidetza aktiboa izanik.

5.– Ikastetxea da jakintzaren transmisio egituraturako gunerik aproposena eta egokien hornitu eta antolatuta dagoena, eta, hortaz, hori da gunerik egokienetako bat pertsona adingabeak diziplina akademikoez bestelako gai eta errealitateekiko sentsibilizatzeko. Horretarako, hezkuntzaren arloan eskumena duen saila aktiboki arituko da elkarlanean gainerako jarduketa-eremuekin sentsibilizazio-kanpainak egiteko eta beste eremu horiei dagozkien hezkuntza-programak emateko, lege honen 69. artikuluan adierazitako moduan, eta azken horiek aktiboki parte hartu beharko dute ekintza horiek diseinatzen eta ematen.

6.– Halaber, Eusko Jaurlaritza, familia- eta hezkuntza-politikaren arloan eskumena duten sailen bitartez, udalekin elkarlanean arituko da ikastetxeetan, eskola-ordutegitik kanpo eta oporraldietan aisialdi hezigarriko programak garatu ahal izateko, aldi horietan gurasoen lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko.

7.– Jarduera fisikoaren, kirolaren, kulturaren eta aisialdi hezigarriaren eremuetan eskumena duten euskal administrazio publikoak elkarlanean arituko dira beste jarduketa-eremu batzuekin, eta jarduera horietarako ekipamenduak eta jarduera horietan parte hartzen duten profesionalen bitartekaritza jarriko dituzte eskura, sentsibilizazio-kanpainak garatzeko eta eremu horiei dagozkien gaietan hezkuntza- edo prestakuntza-programak emateko.

48. artikulua.– Haur eta nerabeen arloan inplikatutako gizarte-eragileekiko elkarlana.

1.– Lege honen 46.3 artikuluan aipatutako informaziora, sentsibilizaziora eta kontzientziaziora bideratutako dibulgazio-jarduketak haurrei eta nerabeei zuzendutako jarduketak egin ohi dituzten gizarte-ekimeneko entitateen edo inplikatutako beste eragile batzuen elkarlanarekin gauzatuko dira, baita gizarte-hedabideen laguntzaz ere, modalitate guztietan.

2.– Euskal administrazio publikoen eta gizarte-ekimeneko entitateen edo inplikatutako beste eragile batzuen arteko lankidetza-akordio edo -harremanak administrazio-hitzarmenen bidez egituratuko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezarritako moduan, edo dirulaguntza-arloan indarrean den eta aplikatu behar den legerian aurreikusten diren lankidetza-hitzarmenen bidez.

II. KAPITULUA
OINARRIZKO ESKUBIDEAK ETA ASKATASUN PUBLIKOAK SUSTATZEKO JARDUKETAK

49. artikulua.– Bizitzeko, osotasun fisiko eta psikikoa izateko eta tratu ona jasotzeko eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Euskal administrazio publikoek sustatu egingo dute pertsona adingabeek beren nortasuna eta osotasun fisiko zein mentala garatzen diren bizitzako eremu guztietan tratu ona jasotzeko duten eskubidea.

2.– Aurreko helburua lortzeko, euskal administrazio publikoek pertsona adingabeak, haien gurasoak, legezko ordezkariak, harreragile edo zaintzaileak eta gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko dibulgazio-jarduketak garatuko dituzte. Jarduketa horiek gai hauei buruzkoak izango dira:

a) Indarkeria edo tratu txarra diren ekintza- eta ez-egite formak, edozein testuingurutan gauzatuta ere, dela familiakoa, eskolakoa, gizartekoa edo erakundekoa, genero-indarkeria barne.

b) Tratu txarrek biktima diren pertsona adingabeen garapen pertsonalean eta sozialean duten eragina.

c) Beren osotasun fisiko edo psikikoaren edo bizitzaren aurkako ekintzen biktima diren pertsona adingabeen kopurua.

d) Gizarte-erantzukizuna jokabide horien prebentzioan, detekzioan eta babesean, bai eta jokabide horiek zehatzean ere.

3.– Aurreko apartatuan ezarri diren dibulgazio-jarduketak espezifikoki jar dezakete arreta bizitzeko, osotasun fisiko eta psikikoa izateko eta tratu ona jasotzeko eskubidean, edo haurren eta nerabeen eskubideei buruzko dibulgazio-ekintza orokorretan integratu ahal izango dira.

4.– Bereziki, helburu hauek lortzeko kanpainak egingo dira:

a) Herritarrak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzea, batetik, bizitzeko, osotasun fisiko eta psikikoa izateko eta tratu ona jasotzeko eskubideari buruz eta, bestetik, eskubide hori sustatu eta babesteko guraso, legezko ordezkari, harreragile eta zaintzaileek, entitate eta erakunde publikoek, gizarteak eta, bereziki, gertuen dagoen komunitateak beren gain hartu behar duten eginbeharrari buruz.

b) Informatzea zer ondore positibo dakartzan tratu onak pertsona adingabeen garapen pertsonalean, haien bizi-ibilbidean eta gizarte justu eta errespetuzko bat eraikitzeko gaur egun eta etorkizunean egiten duten ekarpenean, ohiko harreman-jarraibideetan tratu ona ematearen kultura bultzatuz, bai gurasotasun positiboaren esparruan, bai hezkuntza- eta prestakuntza-ekintzaren esparruan, oro har.

50. artikulua.– Ohorerako, duintasunerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Euskal administrazio publikoek pertsona adingabeek beren ohorerako, duintasunerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako duten eskubidea sustatuko dute, eta, xede horrekin, dibulgazio-kanpainak egingo dituzte pertsona adingabeak, haien gurasoak, legezko ordezkariak, harreragileak eta zaintzaileak, eta gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Horretarako, eskubide hori sustatzeko berariazko jarduketak antolatuko dituzte, edo haurren eta nerabeen eskubideei buruzko dibulgazio-ekintza orokorretan sartuko dituzte.

2.– Dibulgazio-jarduketa horien esparruan, pertsona adingabeek beren datu pertsonalak babesteko duten eskubidea jorratu beharko da, baita legeak ezarritako arauen eta bermeen edukia ere haiei buruzko informazio pertsonala eta familiakoa gaizki edo bereizi gabe erabiltzeari lotutako arriskuei dagokienez.

3.– Eskubide hori eraginkortasunez egikaritzen dela bermatzeko, muga hauek aplikatuko dira:

a) Pertsona adingabeen informazioa zabaldu edo haien irudiak edo izenak erabili ahal izango dira hedabideetan, sare sozialak edo harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin zerikusia duen beste edozein bitartekoak barne, baldin eta horrek ez badakar haien intimitatean, ohorean edo ospean bidegabe sartzea. Nolanahi ere, aldez aurretik pertsona adingabearen adostasun espresua eduki beharko da datuak lagatzeko edo tratatzeko, baldin eta, datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, adostasun hori bere kabuz eman badezake. Bestela, legezko ordezkariek erabakiko dute adostasuna eman ala ez, eta, adostasuna eman aurretik, pertsona adingabearen iritzia entzun beharko dute. Nolanahi ere, pertsona adingabeak defendatzaile judiziala izateko eskubidea izango du, baldin eta legez ordezkatzen dutenekin interes-gatazka bat sortzen bada.

b) Inola ere ezingo da informaziorik zabaldu eta ezingo dira irudiak edo izenak erabili, baldin eta haren intimitatean, ohorean edo ospean bidegabe sartzea badakarte, edo haren interesen aurkakoak badira, ezta pertsona adingabearen beraren edo haren gurasoen, legezko ordezkarien edo harreragileen eta zaintzaileen adostasuna jasota badago ere. Debeku horrek barnean hartzen ditu delitu baten biktima izan diren pertsona adingabeak eta, bereziki, indarkeriaren edo tratu txarren, sexu-abusu edo -erasoen edo beste edozein esperientzia traumatikoren biktima izan direnak.

c) Inola ere ezingo da eskatu pertsona adingabe baten daturik, familia-taldeko beste pertsona batzuei buruzko informazioa edo talde beraren ezaugarriei buruzko informazioa lortzeko aukera ematen badute; esate baterako, gurasoen, legezko ordezkarien edo harreragileen eta zaintzaileen lanbide-jarduerari buruzko datuak, informazio ekonomikoa, datu soziologikoak edo beste edozein, datu horien titularren baimenik gabe. Salbuetsita daude gurasoen, legezko ordezkarien, harreragileen eta zaintzaileen identitateari eta helbideari buruzko datuak, dagokion baimena lortzeko helburuarekin soilik.

4.– Eusko Jaurlaritzak bermatuko du gizarte-hedabide guztiek pertsona adingabeen kontra egindako indarkeria-ekintzei eta babesgabetasun-egoerei buruzko albisteak behar bezala tratatzen dituztela, eta ematen den informazioak ez duela inola ere eraginik izan biktimek ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako duten eskubidean. Horretarako, kasu horietan halako egoerak saihesteko prebentzio-zerbitzu edo -baliabideak ere aipa daitezen sustatuko du, baita detekzio-mekanismoak eta dauden babes-baliabideak ere.

5.– Ondore horietarako, gizarte-hedabideen eta publizitate-agentzien esku jarriko du estilo-liburu bat, informazioa tratatzerakoan pertsona adingabeek ohorerako, duintasunerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako duten eskubidea babesten laguntzeko. Era berean, informazioa tratatzeko orduan, arreta berezia jarriko da eskubide horiek babes daitezen harreman afektiboen eremuan, eta horiek tratu onean oinarrituak eta genero-indarkeriarik gabekoak izatea sustatuko da.

51. artikulua.– Identitaterako eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Euskal administrazio publikoek pertsona adingabeek identitate pertsonala, eta sexu- zein genero-identitatea, sentitua nahiz adierazia, izateko duten eskubidea eraginkortasunez egikaritu ahal izan dezaten sustatuko dute, lege honen 27.c) artikuluan eta indarrean dagoen transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko legean ezarritako moduan.

Bereziki, eta modu berean, pertsona adingabe transexualen sexu-identitate sentitua adierazteko eta hura aitortua izateko eskubidea sustatuko da, baita haien sexu-identitateari buruzko tratamendu medikoak jasotzeko eskubidea ere, hala eskatzen badute eta Osasun Administrazioak onetsi baditu.

2.– Aurreko ondoreetarako, eta oro har, dibulgazio-kanpainak egingo dituzte pertsona adingabeak, haien gurasoak, legezko ordezkariak, harreragileak eta zaintzaileak, eta gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Horretarako, eskubide hori sustatzeko berariazko ekintzak antolatuko dituzte, edo haurren eta nerabeen eskubideei buruzko dibulgazio-ekintza orokorretan sartuko dituzte.

3.– Zehazki, honako betebehar hauek bete daitezen zainduko dute euskal administrazio publikoek:

a) Medikuak ama nor den zehaztea jaiotzaren mediku-agirian.

b) Osasun-zentro publiko eta pribatuetan jaioberriak identifikatzea eta dagokien administrazio-erregistroan inskribatzea.

c) Amaren filiazioa Erregistro Zibilean inskribatzea. Administrazio publikoak behar diren jarduketak egin beharko ditu inskripzio hori egiteko, haur baten jaiotza Erregistro Zibilean inskribatzeko betebeharra duenak hala egiten ez badu.

d) Pertsona adingabeak bere identitatea egiaztatzea ahalbidetzen duen dokumentazioa izapidetzea eta ematea.

e) Adoptatuei erraztasunak ematea beren jatorri biologikoari buruz edozein administrazio publikok duen informazioa eskuratzeko. Horretarako, foru-aldundiek, adopzioaren arloan dituzten eskumenak erabiliz, pertsona adingabearen jatorriari buruz duten informazioa gordetzen dela bermatuko dute, batez ere gurasoen identitateari buruzko informazioa eta pertsona adingabearen eta familiaren historia medikoari buruzkoa, eta gutxienez berrogeita hamar urtez gorde beharko da adopzioa behin betiko bihurtu ondoren.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean dauden atzerritar adingabeek eskubidea eta betebeharra dute beren identitatea egiaztatzen duten agiriak, jatorriko edo etorri diren herrialdeko agintari eskudunek emanak, gordetzeko, bai eta Autonomia Erkidegoan duten egoera egiaztatzen duten agiriak gordetzeko ere. Era berean, agiri horiek kendu ez dakizkien eskubidea dute, legeak aurreikusitako kasuetan eta ezarritako betekizunak beteta izan ezik.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko baten tutoretzapean dagoen pertsona adingabe atzerritar batek bere identitatea egiaztatzen duen agiririk ez badu, eskubidea du administrazio horrek agiri hori lortzeko egin ditzakeen jarduketa guztiak egin ditzan, Espainiako eta, zein den jakinez gero, jatorriko herrialdeko ordenamendu juridikoarekin bat etorriz. Estatuko Administrazio Orokorrean dagokion tutoretza-ziurtagiria aurkeztu ondoren, azken horrek ahalik eta lasterren eman beharko dizkio haren egoera egiaztatzen duen dokumentazioa eta bizileku-baimena, betiere bere familiarekin edo jatorrizko herrialdera bueltatzea ezinezkoa dela egiaztatu ondoren, eta atzerritartasunaren eta immigrazioaren arloan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.

52. artikulua.– Pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Oro har, euskal administrazio publikoek egoki iritzitako neurri guztiak hartuko dituzte pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea eraginkortasunez egikaritzea sustatzeko, lege honen 27.d) artikuluan jasota dagoen moduan; eta, helburu horrekin, dibulgazio-kanpainak egingo dituzte pertsona adingabeak, haien gurasoak, legezko ordezkariak, harreragileak eta zaintzaileak, eta gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Horretarako, eskubide hori sustatzeko berariazko ekintzak antolatuko dituzte, edo haurren eta nerabeen eskubideei buruzko dibulgazio-ekintza orokorretan sartuko dituzte.

2.– Helburu horrekin, bereziki zainduko dute hezkuntza-esparruan eta pertsona adingabeek egiten dituzten kultura-, aisia- eta kirol-jardueren esparruan honako jarduketa hauek sustatzea:

a) Tolerantzia-, berdintasun- eta elkartasun-balioak transmititzea kulturartekotasunaren eta aniztasunaren errespetuaren ikuspegitik.

b) Kultura, politika, historia, etika edo erlijioari buruzko edozein gairen gaineko informazio askotarikoa eta egiazkoa helaraztea.

c) Hausnartzen irakastea nork bere ideiak garatzeko, besteen iritziak ulertu eta entzuteko eta pentsamendu kritiko eta autokritikoa izaten ikasteko.

53. artikulua.– Adierazpen-askatasunerako eta sorkuntza intelektual eta artistikorako eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Oro har, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, sustatu egingo dute pertsona adingabeek lege honen 27.e) artikuluan jasotako adierazpen-askatasunerako eskubidea eraginkortasunez egikaritzea, eta, helburu horrekin, dibulgazio-kanpainak egingo dituzte pertsona adingabeak, haien gurasoak, legezko ordezkariak, harreragileak eta zaintzaileak, eta gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Horretarako, eskubide hori sustatzeko berariazko ekintzak antolatuko dituzte, edo haurren eta nerabeen eskubideei buruzko dibulgazio-ekintza orokorretan sartuko dituzte.

2.– Bereziki, helburu horrekin, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Haien pentsamendu, ideia eta iritziak adierazteko, hedatzeko eta argitaratzeko bideak errazteko ekintzak sustatu eta bultzatuko dituzte.

b) Pertsona adingabeen interesa sustatuko dute literatura- eta arte-sorkuntzaren alde, eta kultura- eta arte-zentroetan interes hori piztera berariaz bideratutako jarduerak bultzatuko dituzte.

c) Titulu honetako VII eta IX. kapituluetan jasotako kultura eta aisialdi hezigarria sustatzeko jarduketen esparruan sormen-jardueretarako sarbidea sustatuko dute.

54. artikulua.– Parte hartzeko, elkartzeko eta biltzeko eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Oro har, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, eta pertsona adingabeen elkartzeko, biltzeko eta parte hartzeko eskubideak eraginkortasunez egikaritu ahal izan daitezen, hauek sustatuko dituzte:

a) Pertsona adingabeek gizartean parte hartzea errazten duten elkarte eta antolakundeak eratzea, bai eta jendaurreko batzarrak eta manifestazio baketsuak deitu eta haietan parte hartzeko duten eskubidea ere.

b) Pertsona adingabeen parte-hartze eraginkorra, haien garapen pertsonal, sozial eta demokratikoaren elementu gisa.

2.– Aurreko helburua lortzeko, dibulgazio-kanpainak egingo dituzte pertsona adingabeak, haien gurasoak, legezko ordezkariak, harreragileak eta zaintzaileak, eta gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko. Horretarako, eskubide horiek sustatzeko berariazko ekintzak antolatuko dituzte, edo haurren eta nerabeen eskubideei buruzko dibulgazio-ekintza orokorretan sartuko dituzte.

3.– Berariaz, euskal administrazio publikoek pertsona adingabeei kolektibo gisa eta zuzenean entzun dakien ahalbidetuko dute, eragiten dieten gai eta erabakietan. Eta, horretarako, prozedurak sortuko dituzte eta parte hartzeko bideak jarriko dituzte, irisgarriak, fisiko edo birtualak, beren inguruneko gizarte-, politika-, kultura- eta arte-bizitzan erantzukizunez esku hartzea ahalbidetzeko, iritziak emanez eta hobetzeko proposamenak edo iradokizunak eginez.

4.– Parte hartzeko antolatzen diren bideek irizpide hauek bete beharko dituzte:

a) Xedeari eta helburuei dagozkienak izatea.

b) Informatiboak eta informatuak izatea.

c) Haietan parte hartzea borondatezkoa izatea.

d) Errespetuzkoak izatea, parte hartzen duten pertsona adingabeen gaitasunera eta haien ahalmenen bilakaerara egokituak.

e) Inklusiboak izatea eta edozein diskriminazio mota saihestea.

f) Prestakuntzan oinarrituta egotea, edozein arriskurekiko eta haren ondorioekiko kontuz ibiltzea, eta lortutako emaitzaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko erantzukizuna hartzea. Horretarako, ekintza eta politika publikoetan parte hartzearen emaitzak behar bezala itzultzen direla bermatuko duten mekanismoak aurreikusi beharko dira.

5.– Artikulu honen 3. apartatuan aurreikusitako ondoreetarako, jarduketa hauek garatuko dituzte euskal administrazio publikoek:

a) Nork bere lurraldeko jardun-eremuan sustatuko dute kontsultarako eta zuzeneko partaidetzarako tresnak, espazioak, egiturak, mekanismoak edo prozesuak eratzea, pertsona adingabeei eta haiek kide diren gizarte-antolakundeei erreserbatuak eta erakunde-ordezkaritzarik gabe, parte-hartze hori eraginkortasunez eta zuzenean ahalbidetzeko, bai zuzenean bai zeharka eragiten dieten gai guztietan, lege honen 28. artikuluan araututako moduan.

b) Bermatuko dute Haur eta Nerabeen Foroak eskubidea izango duela haurren eta nerabeen arloko proposamenak Eusko Legebiltzarrean azaltzeko, baita haurren eta nerabeen arloko ongizatearekin eta eskubideekin lotutako gaiekin zerikusia duten lege-aurreproiektu guztien inguruan Legebiltzarrari aholku emateko eta harengandik informazioa jasotzeko eskubidea ere.

c) Bermatuko dute pertsona adingabeek partaidetza eraginkorra izango dutela ezar daitezkeen jarduketa-eremu sektorialetako berezko izaera orokorreko organo aholku-emaile eta partaidetza mistokoetan duten ordezkaritzaren bidez, eta, bereziki, lege honen 307. artikuluan aurreikusten den Haur eta Nerabeen Foroaren bidez.

d) Pertsona adingabeei zuzendutako kontsulta- eta partaidetza-prozesuak antolatuko dituzte, haien eskubide eta eginbeharrak egikaritzeari zuzenean eragiten dioten politika publikoen diseinuan parte har dezaten.

e) Kontzientziazio-programa eta -jarduerak diseinatu eta ezarriko dituzte, familia-bizitzan, komunitatean eta eskoletan pertsona adingabeek edozein adinetan modu esanguratsuan parte har dezaten sustatzeko. Programa eta jarduera horiek ahalduntzean oinarrituta egon beharko dute.

f) Ikerketak egingo dituzte pertsona adingabeentzat diren garrantzirik handiena duten gaiak ezagutzeko, bai eta haien bizitzari eta haien nortasuna garatzeko askatasunari eragiten dieten familia-erabakiei dagokienez haien iritziak zer neurritan entzuten diren ere, beren ohiko bizitzan eta garapenean, eskolan eta komunitatean dituzten partaidetza-bideetan.

III. KAPITULUA
FAMILIA-EREMUAN HAZTEKO ETA HARREMANAK IZATEKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

55. artikulua.– Familiei hazkuntza-eginbeharrak betetzen laguntzea.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Zainduko dute gurasoek, legezko ordezkariek eta harreragile eta zaintzaileek beren ardurapean dituzten pertsona adingabeen gaineko arreta, hazkuntza, zainketa eta hezkuntzako eginbeharrak beren gain hartzen eta behar bezala garatzen dituztela.

b) Zainduko dute arestian aipatutako pertsonek horretarako aukera eta informazio- eta prestakuntza-bitarteko egokiak izango dituztela eta pertsona adingabearen ongizatea bermatzen eta haren garapena sustatzen lagun dezaketen eremuetako zerbitzuak, prestazioak eta laguntzak eskuratuko dituztela.

c) Kontziliazio erantzunkideko neurriak bultzatuko dituzte, kontziliaziorako eta hazkuntzan eta, oro har, zaintzan laguntzeko prestazioak eta zerbitzuak indartuz, bizikidetza-eremuan dauden askotariko kontziliazio- eta zaintza-egoerak kontuan hartuta.

2.– Haurdun dauden pertsona adingabeen kasuan, eta amatasunari buruz erabakitzeko duten eskubidea egikaritu dezaketela bermatzeko, lege honen 30. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek jaso ahal izango dituzte:

a) Behar duten eta haurdunaldia ondo garatzen laguntzen duen osasun-arreta eta adin goiztiarreko haurdunaldiei lotutako arriskuei buruzko informazioa, bai eta haurdunaldia borondatez eteteko osasun-prestazioa ere, gai horri buruzko legerian ezarritako epeetan eta bertako betekizunekin.

b) Artikulu honetako 1. apartatuan xedatutakoa aplikatuz legozkiekeen laguntza-zerbitzuak eta laguntzak.

56. artikulua.– Gurasotasun positiboa sustatzea.

1.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eta funtzio publikoaren arloan eskumena duten sailen bitartez, gurasotasun positiboa sustatzeko jarduketak garatuko ditu eta, bereziki, honako hauek:

a) Gizartea informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko dibulgazio-jarduketak, gurasotasuna modu positiboan gauzatzeari eta horrek pertsona adingabeen hazkuntzan eta garapen pertsonalean duen eragin onuragarriari buruzkoak. Jarduketa horiek, oro har, gizarte osora bideratu ahal izango dira, edo kolektibo jakin batzuei zuzendutako berariazko ekintza gisa artikula daitezke.

b) Hazkuntzarako guraso-trebetasunak eskuratzea errazteko programak ezartzeko eta haiek ezartzea sustatzeko jarduketak, tratu ona ematearen kulturan eta lotura afektiboaren eta atxikimendu seguruaren sorreran eta finkapenean oinarritutakoak; eta, bereziki, guraso, legezko ordezkari eta harreragile edo zaintzaileek balio eta gaitasun emozionalak eskuratzeko prestakuntza sustatuko du, baita pertsona adingabeen kasuan ere, haien etapa ebolutiboarekin bat etorriz.

c) Familia barruko gatazkak modu baketsuan negoziatzeko eta konpontzeko trebetasunak eskuratzea errazteko prestakuntza-programak ezartzeko eta haiek ezartzea sustatzeko jarduketak, pertsona adingabeen hazkunde eta garapena indarkeriarik gabeko ingurune afektibo batean izatea ahalbidetzeko.

d) Ikasleen gurasoen elkarteek gurasotasun positiboaren inguruko sentsibilizazioan duten inplikazioa eta elkarlana sustatzeko jarduketak.

2.– Aurreko ondoreetarako, Eusko Jaurlaritzak gainerako administrazio publikoen eta hirugarren sektore sozialeko entitateen laguntza baliatu ahal izango du.

3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak arreta emango die, haurdunaldian zein erditu ondoren, familiei eta, bereziki, haurdun dagoen emakumeari, fetua behar bezala garatzen laguntzen duten jokabide arduratsuak hartuz jaio aurreko tratu ona ematearen kultura sustatzea barne.

4.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, gurasotasuna modu positiboan gauzatzeari buruzko eduki espezifikoak jasoko dituzte seme-alaba adingabeak dituzten familiekin ohiko harremana duten zerbitzuetan jarduten duten profesionalen prestakuntza-programetan.

57. artikulua.– Gurasokidetasuna eta familia eta lana bateragarri egitea sustatzea.

1.– Eusko Jaurlaritzak, familia-politikan eskumena duen sailaren bitartez, neurriak hartuko ditu gurasoek, legezko ordezkariek eta harreragile eta zaintzaileek beren ardurapean dituzten pertsona adingabeei hazteko behar duten denbora eskaini ahal izan diezaieten, gizarte-antolaketa erantzunkidea sustatuz. Neurri hauek hartuko ditu, bereziki:

a) Dibulgazio-kanpainak egingo ditu gurasoak, legezko ordezkariak, harreragileak edo zaintzaileak, enpresak eta gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko gurasokidetasunak eta familia eta lana bateragarri egiteak pertsona adingabeen garapen oso eta harmonikoan duten eragin positiboari buruz eta, bereziki, helburu horrekin euskal administrazio publikoek antolatutako neurriei buruz.

b) Familia eta lana bateragarri egitea ahalbidetzeko eta errazteko neurriak hartuko ditu, hazkuntza- eta zainketa-erantzukizunei arreta egokia emateko, baita gizonek eta emakumeek erantzukizun horiek berdintasunez betetzeko ere; eta, bereziki, bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko dirulaguntzak emango ditu seme-alabei bizitzako lehen urteetan arreta emateko, haien diseinu eta muntagatik eszedentziako edo lanaldi-murrizketetako egoeretara jotzea errazteko.

c) Aitak hazkuntzan erantzunkidetasuna eta inplikazio aktiboa izatera bideratutako programak egin eta sustatuko ditu.

d) Enpresa-munduan familia eta lana bateragarri egitearen eta hazkuntzako erantzunkidetasunaren kultura sustatuko du. Horretarako, enpresetan genero-berdintasuneko eta familia eta lana bateragarri egiteko planak egiteko sentsibilizazio-, aholkularitza- eta laguntza-ekintzak egingo ditu eta, bereziki, hitzarmen kolektiboetan familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko neurriak ezartzeko, batez ere ordutegiak eta lan-baldintza malguak antolatzeari dagokionez, behar bezala erantzun ahal izateko seme-alabak haztearen eta zaintzearen ondoriozko erantzukizunei.

2.– Euskal administrazio publikoek, beren kontratazio-organoen bidez, klausula sozialak sartuko dituzte lehentasuna emateko, kontratazio publikoko prozeduretan, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko eta bateragarri egite hori langileen artean sustatzeko konpromisoa egiaztatzen duten enpresei.

Nolanahi ere, aipatutako klausula sozialak sartzeko ezinbestekoa izango da klausula horiek lotura zuzena izatea kontratuaren xede den prestazioarekin, eta berariaz eta behar bezala justifikatu beharko da inguruabar hori kontratazio-espedientean.

3.– Lege honen 75.1 eta 80.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera, ikastetxeek udalentzat guneak jarriko dituzte eskuragarri eskolaz kanpoko ordutegietan eta oporraldietan aisialdi hezigarriko zerbitzuak eta programak antola ditzaten, familiei beren familia- eta lan-bizitza bateragarri egiten laguntzeko. Horretarako, udalek eta ikastetxeek elkarrekin parte hartuko dute zerbitzu eta programa horiek diseinatzen eta egituratzen.

IV. KAPITULUA
BIZI-BALDINTZA DUINAK IZATEKO ETA GIZARTE-INKLUSIORAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

58. artikulua.– Ongizate materialaren oinarrizko maila sustatzeko neurriak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, kasu bakoitzean eskumena duten sailen bitartez, neurri egokiak hartuko ditu gurasoek, legezko ordezkariek eta harreragileek eta zaintzaileek gutxieneko diru-baliabideak eskuratu ahal izan ditzaten beren seme-alaba adingabeei edo haien ardurapean dauden pertsona adingabeei garapen integral egokia izateko behar duten ongizate materialaren oinarrizko maila bermatzeko. Bereziki, neurri hauek hartuko ditu:

a) Gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko dibulgazio-kanpainak egingo ditu pertsona adingabe guztiei ongizate materialaren oinarrizko maila bermatzeko beharrari buruz; kanpaina horiek helburu horrekin garatutako neurriei buruzko informazioa ematera bideratuta egongo dira.

b) Laneratzea eta lan-baldintza duinak lortzea sustatuko duten enplegu- eta lan-politikak diseinatu eta ezarriko ditu, baita ongizate materialaren oinarrizko maila bermatzeko adinako soldata sustatuko dutenak ere.

c) Laguntza ekonomikoak ezarriko ditu, beren ardurapean pertsona adingabeak dituzten familiei laguntzeko politikaren esparruan, aplikatu beharreko sektore-legerian eta haren garapen-araudian zehazten den moduan.

d) Laguntza ekonomikoak ezarriko ditu familia eta lana bateragarri egiten laguntzeko.

e) Hazkuntzarako eta zainketarako 55.1 artikuluan jasotzen diren guraso-trebetasunak eskuratzea erraztera bideratutako programen esparruan, etxeko ekonomia ondo kudeatzeko jarraibideak ikastea sustatuko du, oinarrizko ongizate-maila posible egiten laguntzeko.

2.– Foru-aldundiek neurri fiskalak ezarriko dituzte beren ardurapean seme-alaba adingabeak dituzten familientzat.

3.– Euskal administrazio publikoek seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabide ekonomikoak bermatzeko eta haurren pobrezia prebenitzeko jarduketetan sakonduko dute. Ildo horretan, ebaluazio- eta progresio-ikuspegia duten prestazio ekonomikoak bermatuko dituzte.

59. artikulua.– Etxebizitza duinerako irispidea izatea sustatzeko neurriak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, dibulgazio-kanpainak egingo ditu gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko pertsona adingabe guztiek etxebizitza duina izatea bermatzeko beharrari buruz; kanpaina horiek euskal administrazio publikoek helburu horrekin garatzen dituzten neurrien berri ematera bideratuta egongo dira.

2.– Eusko Jaurlaritzak eta udalek, etxebizitzaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, neurri egokiak sustatuko dituzte etxebizitza duin baterako eskubidea bete dadin, etxebizitza duina Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera ulertuta. Helburu horrekin, neurri horiek bideratu beharko dira, gutxienez, jende-pilaketak eta irisgarritasun falta eta pobrezia energetikoa saihestera, eta etxebizitza bizigarria, segurua eta osasungarria dela bermatzera, azken helburua izango baita pobrezia ez transmititzea belaunaldi batetik bestera.

3.– Eusko Jaurlaritzak eta udalek babes publikoko etxebizitza-politika bat sustatuko dute, seme-alaba adingabeak dituzten familiei etxebizitzarako irispidea ahalbidetzeko.

60. artikulua.– Gizarte-inklusioa sustatzeko neurriak.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, pertsona adingabeen gizarte-inklusioa bultzatuko dute, eskubideak egikaritzean aukera-berdintasuna bermatuz; bereziki, osasun, hezkuntza, etxebizitza, energia-hornidura, nutrizio, gizarte-zerbitzu, kultura, jarduera fisiko, kirol eta aisiarako sarbideari dagokionez.

2.– Aurreko helburua lortzeko, euskal administrazio publikoek jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Dibulgazio-kanpainak egingo dituzte gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko pertsona adingabe guztien gizarte-inklusioa bermatzeko baldintza egokienak sustatzeko beharrari buruz, baita inklusio horrek, bai haientzat, bai gizarte osoarentzat, orain eta etorkizunean duen eragin positiboari buruz ere. Dibulgazio-kanpaina horien xedea izango da, halaber, administrazio publikoek helburu horrekin garatzen dituzten neurrien berri ematea.

b) Prestazioak eta zerbitzuak sustatuko dituzte pertsona adingabe guztiek, bereziki zaurgarritasun-egoeran daudenek, lege honetan jasotako eskubide guztiak eskueran izatea bermatzeko.

c) Komunitatearen eremuan gizarte-partaidetza aktiboa eta auzoko eta komunitateko sare aktiboak sortzea sustatuko dute, tokiko komunitateko kide-sentimendua faboratu eta kultura-, aisia- eta kirol-jardueren, laguntza-ekintzen eta autolaguntza-taldeen antolaketan modu aktiboan inplikatzeko aukera emango dutenak, komunitateko kide guztien gizarte-inklusioa errazteko aukera emanez.

d) Sentsibilizazio- eta partaidetza-jarduketak bultzatuko dituzte komunitate-mailan, bereziki aniztasunaren baitako berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzera eta defendatzera bideratutakoak, lege honen 25. artikuluan ezarritako moduan.

e) Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eta funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxeetan, bultzatuko da oporraldietan aisialdirako eta denbora librerako programak garatzea, aldi horietan gurasoen lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko.

3.– Euskal administrazio publikoek, bereziki, desgaitasunen bat duen haur edo nerabe bakoitzaren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea eta haiek ahal den autonomia pertsonalik handiena izatea sustatuko dute, bai eta pertsona adingabe horien gizarte-inklusioa ere. Horretarako, honako hauek egin beharko dituzte:

a) Komunitate-, kultura-, aisia- edo kirol-jarduerak sustatu, hain zuzen ere integrazio-printzipioarekin bat datozenak eta haur eta nerabeen arteko harremanak eta babesa sustatzen dituztenak pertsona adingabeen artean, haiek desgaitasunen bat izan ala ez.

b) Laguntza-tresna edo -produktuen irisgarritasunaren, ingurunerako egokitzapenaren eta horniduraren baldintzak bermatu, lege honen 13.b) artikuluan adierazitako moduan.

4.– Halaber, gutxiengo kulturaletako pertsona adingabeen errespetu eta inklusio integrala sustatuko dute, eta, horretarako, honako hauek egin beharko dituzte:

a) Aniztasunaren aberastasunaren eta beste kultura batzuen balioekiko begirunearen inguruan gizartea sentsibilizatzeaz arduratu, bizikidetza demokratikoaren eta giza eskubideen errespetuaren esparruan.

b) Gutxiengo kulturaletako pertsona adingabeei gizarte-, hizkuntza- eta kultura-inklusioa ahalbidetzen duten baliabide publikoak eskuratzen lagundu, betiere beren kultura-identitatea errespetatuz.

V. KAPITULUA
OSASUNERAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

61. artikulua.– Osasunerako eskubidea sustatzeko jarduketa-printzipioak.

1.– Osasun Administrazioak gaixo dauden pertsona adingabeei beren beharretara hoberen egokitutako osasun-laguntza emango die, eta, horretarako, osasun-zerbitzu anbulatorioetan eta ospitale-zerbitzuetan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko die, baita haur eta gazteen osasun mentaleko zerbitzuetan ere, lege honen 32.3 artikuluan adierazitakoaren arabera.

2.– Osasun-politiken plangintzaren esparruan, haur eta nerabeen beharrei erantzuteko beharrezkoak diren baliabide guztiak jarriko dira osasun-zentroentzat eskuragarri, hala osasun-zentro anbulatorioentzat nola ospitale-zerbitzuentzat, osasun fisiko eta mentala prebenitzeko eta arreta egokia emateko.

3.– Halaber, beharrezkoak diren bitartekoak jarriko ditu pertsona adingabeen tratamendu anbulatorioa bultzatzeko, eta ahal den neurrian haiek ospitaleratzea saihesteko. Horretarako, osasun-zentro anbulatorioetan toki egokiak prestatuko dira pertsona adingabeen beharrak asetzeko eta, eskuragarri dagoen lekuaren eta dauden bestelako aukeren arabera, haien jolasteko beharra ere asetzeko, segurtasun-araudiari jarraituz. Nolanahi ere, irisgarritasunaren arloan indarrean dagoen araudia betetzen dela zaindu beharko da.

4.– Ospitaleratzea nahitaezkoa bada, egonaldia ahal bezain laburra izango da. Ospitale-zerbitzuek, publikoek nahiz pribatuek, ospitaleratutako pertsona adingabeei, 32. artikuluan jasotako eskubideez gain, honako eskubide hauek bermatuko dizkiete:

a) Ematen zaien tratamendu mediko osoari buruzko eta tratamendu horrek izan ditzakeen ondorio positiboei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea; betiere haien adina, heldutasuna eta garapen ebolutiboa kontuan izanda, bai eta egoera afektibo zein psikologikoa ere.

b) Banaka eta, ahal den neurrian, beti profesionalen talde berak artatuak izateko eskubidea, bai harrerako unean, bai jarraipenean.

c) Ospitalean dauden bitartean gurasoetako, legezko ordezkarietako, harreragile edo zaintzaileetako, edo zainketa-eginkizunak eskuordetuak dituen pertsonetako baten konpainia ahal bezainbeste denboraz izateko eskubidea, baldin eta horrek tratamendu egokiak aplikatzea eragozten edo oztopatzen ez badu.

d) Tentsio-uneetan beren gurasoekin, legezko ordezkariekin, harreragileekin edo zaintzaileekin, edo zainketa-eginkizunak eskuordetuak dituen pertsonarekin harremanetan jartzeko eskubidea; horretarako, bitarteko egokiak izango dituzte.

e) Ospitaleratu behar dituztenean, ahal dela, beste pertsona adingabe batzuen ondoan jar ditzaten eskubidea, eta ez helduen ondoan.

f) Zainketaren, hezkuntzaren eta jolasaren arloan dituzten beharrak asetzeko lokal egokiak izateko eskubidea, irisgarritasunaren eta segurtasunaren arloan indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

g) Ospitalean dauden bitartean, eskolako ikasketak egiten jarraitzeko eskubidea, eta hezkuntzako agintariek haien eskura jartzen dituzten irakasleez eta ikasmaterialez baliatzekoa.

h) Ospitalean dauden bitartean, haien adinerako egokiak diren jostailu, liburu eta ikus-entzunezko baliabideak izateko eskubidea, ahal den guztietan eta haien interes gorenerako egokia bada.

i) Zainketa egokiak jasotzeko eskubidea, zainketa aringarriak barne, horretarako agintaritza judizialak esku hartu behar badu ere, dela gurasoek, legezko ordezkariek edo harreragile edo zaintzaileek ukatu egin dutelako haren bizitza edo osotasun fisiko edo psikikoa babesteko beharrezko tratamendu medikoetarako baimena, erlijioagatik, kulturagatik edo beste arrazoi batzuengatik, dela gurasoek beharrizan horri erantzuteko aukerarik ez dutelako; halakoetan beti gailenduko dira adingabearen bizitzeko eskubidea eta osotasun fisikorako eskubidea. Kasu horietan, lege honen VI. tituluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

5.– Osasun Administrazioak prebentzio-politikak indartuko ditu, bizi-ohitura osasungarrien sustapenean eragiteko etorkizunean gaixotasunak saiheste aldera; horretarako, programak diseinatuko ditu haur, nerabe eta gazteen artean gaixotasun ez-kutsakorrak prebenitzeko eta kontrolatzeko, bai eta haurren obesitatea eta sare sozialak gaizki erabiltzearen arriskuak prebenitzeko jarduketak ere.

62. artikulua.– Informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko jarduketak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, bermatu egingo ditu pertsona adingabeen osasuna babesteko eskubidearen arauketatik eratorritako eskubide eta eginbehar instrumental eta osagarriak, guztiz errespetatuz haien nortasuna, giza duintasuna eta intimitatea osasun-zerbitzuekin dituzten harremanetan.

2.– Zehazki, jarduketa hauek garatuko ditu:

a) Bermatu egingo du pertsona adingabearen historia klinikoaren eta haren historia sozialaren, halakorik egonez gero, edo haren egoera sozioekonomikoari eta familia-egoerari buruzko beste edozein daturen konfidentzialtasuna, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera, eta hargatik eragotzi gabe lege honen 17. artikuluan aurreikusitako komunikatzeko eginbehar kualifikatua eta 18. artikuluan ezarritako informazioa emateko betebeharra.

b) Baimena emateari edo ukatzeari buruzko arau-aurreikuspenen eta eskubide hori baliatzeko mugen berri emango du, Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

c) Beren osasun-egoerari buruzko informazioa emango die, baita ematen ari zaien tratamendu medikuari buruzkoa ere, kontuan hartuta haien adina, heldutasuna eta egoera psikologiko eta afektiboa, bai eta, ahal dela, informazioa jasotzeko nahi edo adierazi duten hizkuntza ere.

d) Beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu pertsona adingabearen osasun-egoerari buruzko informazioa jasotzeko haren gurasoek, legezko ordezkariek edo harreragile edo zaintzaileek duten eskubidea betetzeko; kalterik egin gabe pertsona adingabeek intimitaterako duten eskubideari, haien adin, egoera afektibo eta garapen intelektualaren arabera.

63. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

1.– Pertsona adingabeek ahalik eta osasun fisiko eta mentalik onenaz gozatzeko duten eskubidea bultzatzeko, Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan dituen eskumenen eremuan, dibulgazio-jarduketa orokorrak sustatuko ditu pertsona adingabeen osasun ona sustatzeak duen garrantziari buruz gizarte osoa informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko, bereziki azpimarratuz osasuna ez dela gaixotasunik edo nahasmendurik eza bakarrik, baita ongizate fisiko eta mentala ere.

2.– Dibulgazio-kanpaina horien esparruan, elikadura osasungarriaren eta nutrizio egokiaren onurak azpimarratuko dira, baita pertsona adingabeen garapen eta osasun fisiko eta mentalerako jarduera fisikoak, jolasak eta atsedenaldiak dituzten onurak ere.

3.– Bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan:

a) Bermatu egingo dute osasun, hezkuntza, gizarte-zerbitzu, kultura, kirol eta aisiako eremuetan pertsona adingabeei zuzendutako zerbitzuetan aplikatzen diren elikadura-jarraibideek bete egiten dituztela nutrizio osasungarriaren arloan Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritzak ezarritako irizpideak.

b) Zaindu egingo dute menuek, askotarikoak izan arren, aniztasunean berdinak izatea bermatzen dutela eta premia medikoei eta erlijio- edo kultura-ohiturei erantzuteko aukera emango duten alternatibak eskaintzen direla.

4.– Aurreko apartatuan aipatutako zerbitzuek jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak ere sartuko dituzte beren programazioan, titulu honetako VIII. kapituluan adierazitako moduan.

64. artikulua.– Haurren osasun-kartilla eta osasun-txartel indibiduala.

1.– Jaio ondoren, haurraren osasun-kartilla igorriko da. Txartel horretan osasun-prebentziorako eta osasuna babesteko garrantzitsutzat jotzen diren ekintza nagusiak azalduko dira.

2.– Beste autonomia-erkidego batetik edo beste herrialde batetik datozen pertsona adingabeen kasuan, haurtzaroko osasun-kartilla emango da Euskal Autonomia Erkidegoan duten egoitzaren arabera dagokien osasun-zentroko pediatrarekin edo familiako medikuarekin, kasuan-kasuan, egindako lehen kontsultan.

3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren kargurako osasun-laguntzarako eskubidea aitortua duten pertsona adingabeek beren osasun-txartel indibiduala izango dute. Modu berean, foru-aldundien tutoretzapean dauden adingabe guztiek izango dute beren osasun-txartel indibiduala, haien jatorria edozein dela ere.

65. artikulua.– Osasuna sustatzeko hezkuntza-programak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasun- eta hezkuntza-sistemen sailen arteko elkarlanaren esparruan, osasun-hezkuntzako programak diseinatu eta emango ditu ikastetxeetan, adingabeen adin desberdinetara egokituak. Programa horietan, lege honen IV. tituluko I. kapituluan aipatutako gaixotasunen eta nahasmenduen prebentzioari buruzko edukiez gain, osasuna sustatzera bideratutako edukiak ere jasoko dira.

2.– 1. apartatuan adierazitako osasun-hezkuntzako programek ardaztzat hartu ahal izango dute garrantzitsutzat jotzen den edozein gai, haurren eta nerabeen ohituren bilakaera kontuan hartuta. Nolanahi ere, edukiak egituratu beharko dira osasun fisikoan eta mentalean elikadura osasungarriak, jarduera fisikoak eta afektu-harremanen orekak dituzten onurez informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko; betiere, indarrean den osasun-planean xedatutakoaren arabera, edo kontuan izanik osasun-agintaritzak erabaki edo identifikatzen dituen premiak.

VI. KAPITULUA
HEZKUNTZARAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

66. artikulua.– Hezkuntzaren esparruko jarduketa-printzipioak.

1.– Pertsona adingabeen hezkuntzarako eskubidea sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, honako printzipio hauetara egokituko ditu bere jarduketak:

a) Pertsona adingabeen hezkuntza-prozesua haien egoera ebolutibora egokitzea.

b) Ikastetxeetako hezkuntza-proiektuetan alderdi pedagogiko eta antolakuntzakoak sartzea progresiboki, ikastetxearen funtzionamendua antolatzeko haurren eta nerabeen eskubideak eraginkortasunez egikaritzea sustatzearen inguruan eta haien eginbeharrak betetzearen eta haien erantzukizunak beren gain hartzearen inguruan.

c) Ikastetxeetan aukera-berdintasuna errespetatzea eta sustatzea, pertsona adingabe guztiei hezkuntza-aukera berdinak eskainiz. Horretarako, diskriminazio positiboko ekintzak antolatuko ditu, inklusiboak, hezkuntza-prozesuari laguntzen diotenak eta eskola-porrotaren arriskuari aurrea hartzen diotenak, batez ere, desabantaila ekonomiko, sozial, kultural edo pertsonalak dituztenentzat. Halaber, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen irakaskuntza egokitzeko beharrezkoak diren baliabide materialak, antolakuntzakoak eta profesionalak antolatu beharko ditu, laguntza horiek eskolatzearen hasieratik indibidualizatzea errazteko asmoz arreta goiztiarraren esparruan, osasun-zerbitzuekin eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta.

d) Pertsona adingabeek, hezkuntza-komunitateko kide diren heinean, beren hezkuntza-prozesuan eta ikasleen elkarteetan parte har dezaten sustatzea, eta ikasleen ekimen, iradokizun, gomendio edo kexa mota guztiak jaso eta bideratzeko mekanismoak eta komunikazio-kanalak prestatzea.

e) Gurasoek, legezko ordezkariek eta harreragile edo zaintzaileek beren ardurapeko pertsona adingabeen eskola-hezkuntzaren jarraipena egiteko eta bertan parte hartzeko duten eskubidea errespetatzea eta sustatzea, hezkuntza-araudiak ezartzen duen moduan.

f) Hartu beharreko jarraibide, neurri eta pautak onartzea, ikastetxeak ingurune seguruak izan daitezen.

2.– Halaber, ikastetxeetako hezkuntza- eta curriculum-proiektuetan gai hauek sartuko direla bermatuko du:

a) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoan jasotako oinarrizko printzipio, eskubide eta askatasunekin bat datozen balioak sustatzea eta defendatzea; bereziki, tolerantzia, elkartasuna, ekitatea eta diskriminaziorik eza errespetatzea, lege honen 25. artikuluan araututako moduan, herritartasun arduratsuari, gizabideari eta bakearen kulturari oinarri emanez.

b) Genero-berdintasunaren eta harreman afektibo-sexuala eta sexu-orientazioa adierazteko moduen errespetuaren printzipioan oinarritutako jarrera ez-sexistak eskuratzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarte- eta kultura-errealitate askotarikoa ezagutzea, eta, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 66. artikuluan adierazitako hizkuntza-helburuak lortzea.

d) Gertuko kultura-ingurunea ezagutzea, eta beste kultura-eremu batzuen aurrean jarrera irekia edukitzea, kulturartekotasunaren ikuspegitik.

e) Ingurumen naturala errespetatzea, garapen jasangarriaren oinarrien gainean, gertuko natura-eremuetara irisgarritasun jarraia ahalbidetuz.

3.– Haur-hezkuntzak garapen ebolutiboan duen garrantzia frogatuta dagoenez, aukera-berdintasunaren, ekitatearen eta gizarte-justiziaren ikuspegitik, Hezkuntza Administrazioak zero urtetik aurrerako eskolatzea bermatuko du, hezkuntzaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako eran.

67. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, dibulgazio-kanpainak antolatuko ditu, pertsona adingabeek hezkuntzarako duten eskubideari eta eskolatzea etapa jakin batzuetan nahitaezkoa izateari buruz herritarrak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko, hezkuntzak garapen integral eta harmonikoan duen eragin positiboa azpimarratuz, bereziki txiki-txikitatik hasten bada.

68. artikulua.– Ikastetxeen sarea eta hezkuntzarako irispidea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sistema osatzen duten eta funts publikoz sostengatzen diren ikastetxeek, Lanbide Heziketakoak salbuetsita, behar beste plaza eduki beharko dituzte pertsona adingabeei irakaskuntzaren ziklo guztietan behar duten hezkuntza-arreta emateko.

2.– Ikastetxeek indarrean dagoen ordenamendu juridikoak ezarritako betekizunak beteko dituzte eskola-postuen kopuruari, irakasleen titulazio akademikoari, ikasle eta irakasleen kopuru-erlazioari eta irakaskuntza- eta kirol-instalazioei dagokienez, eta arreta berezia jarriko diote segurtasun- eta irisgarritasun-arauak betetzeari.

3.– Hezkuntza Administrazioak baldintza horiek betetzen direla zainduko du, baimentze- eta ikuskatze-eginkizunen esparruan.

4.– Derrigorrezko eskolatze-etapetan hezkuntzarako eskubidea betez, Hezkuntza Administrazioak:

a) Behar adina plaza izango ditu Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetan, derrigorrezko etapan hezkuntza-arreta emateko.

b) Hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditu pertsona adingabeak berehala eskolatzen direla bermatzeko, baldin eta hezkuntza-sisteman berandu sartu behar badira bizilekuz aldatu direlako edo inguruabar familiar, pertsonal edo sozialak aldatu zaizkielako.

c) Behar diren neurriak hartuko ditu pertsona adingabeek hezkuntzarako sarbidea izan dezaten, baldin eta ezin badute eskuarki eta modu jarraituan beren ikastetxera joan etxean edo osasun-zentro batean ospitaleratuta daudelako edo terapia- eta hezkuntza-programa batean sartu direlako, Europako Parlamentuak 1986ko maiatzaren 13an onetsi zuen Ospitaleratutako Haurren Eskubideei buruzko Europako Gutunean aurreikusitakoa betetze aldera.

d) Behar diren neurriak hartuko ditu hezkuntzarako irispidea izan dezaten babes-neurrien esparruan egoitza-harrerako zentroetan bizi diren edo familia-harreran dauden pertsona adingabeek. Haien beharrei hoberen egokitutako eskola-testuinguruan eskolatzea ahalbidetu beharko da, ahal dela ohiko hezkuntza-ingurunean, salbu eta adingabearen interes gorenaren aurkakoa bada.

e) Behar diren neurriak hartuko ditu, hezkuntzarako irispidea bermatzeko neurri judizial baten ondorioz askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroetan dauden nerabeei, eta haien beharretara ondoen egokitzen den eskola-testuinguruan eskolatuko direla bermatu beharko da.

5.– Eskolatzea etapa goiztiarrenetan has dadin laguntzeko, lege honen 66.3 artikuluan agindutakoarekin bat, Hezkuntza Administrazioak behar adina plaza izango ditu funts publikoz sostengatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxeetan, hiru eta sei urte bitarteko tartean haurren eskolaldian hezkuntza-arreta emateko.

6.– Halaber, gainerako administrazioekin eta gizarte-eragileekin elkarlanean, Hezkuntza Administrazioak bermatuko du plaza publiko nahikoa sortzen direla haurrak zero urtetik aurrera eskolatzeko.

7.– Ikasleak derrigorrezko hezkuntzaren etapan onartzeko prozesuetan ezin izango da, inola ere, lege honen 25.1 artikuluan adierazitako arrazoi pertsonal edo sozialetan oinarritutako irizpide diskriminatzailerik ezarri. Halaber, ikasleak onartzea edo ez onartzea ezingo da sarrera-proba edo -azterketen emaitzaren mendean egon.

8.– Aurrekoa ulertu beharko da kalterik egin gabe indarkeriaren biktima diren edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeei sarbidea errazteko aplika daitezkeen ekintza positiboko irizpideei, lege honen V. eta VI. tituluetan aurreikusitako moduan.

69. artikulua.– Haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko hezkuntza-programak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, beste sail batzuekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekin elkarlanean eta bakoitzak bere eskumen-eremuan diharduela, neurriak hartuko ditu bermatzeko eskola-esparruan informazio- eta hezkuntza-programak emango direla pertsona adingabeen garapen osorako eta harmonikorako onuragarriak diren jokabideak eta bizimoduak sustatzeko.

2.– Haien eraginkortasuna ahalik eta handiena izan dadin, artikulu honetan aipatutako sustapen-edukiak prebentzio-edukiekin batera eskaini ahal izango dira, lege honen IV. tituluan adierazitako moduan.

3.– 1. apartatuan aipatutako programen esparruan landutako gaiek erantzun egingo diete haur eta nerabeengan ikusitako beharren eta jokabideen bilakaerari, bai eta gizartearen eta ingurunearen errealitatearen bilakaerari ere.

4.– Aurreko apartatuan aipatutako hezkuntza-programa guztiak hizkera argi eta errazean emango zaizkie pertsona adingabeei, uler dezaketen hizkuntza batean, haientzako modu ulerterrazean, hartzaileen adin, ulermen-gaitasun eta garapen ebolutiboari bereziki egokituta, eta, bereziki, haien irisgarritasuna bermatuz, lege honen 13.b) artikuluan adierazitako moduan.

VII. KAPITULUA
KULTURARAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

70. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, kulturaren arloan dituzten eskumenen eremuan, pertsona adingabeak hazten ari diren inguruneko kultura-baldintzak egokiak direla zainduko dute, haien nortasuna erabat garatzeko eta hezkuntza-, kultura- eta gizarte-integrazio osoa bultzatzeko.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako helburua lortzeko, printzipio hauen arabera jardungo dute:

a) Zainduko dute pertsona adingabeek kultura-informazio plurala eta egiazkoa eskura dezaten.

b) Haurrak kultura- eta sorkuntza-jardueren publiko estrategikotzat har daitezen bultzatuko dute.

c) Kultura-jarduerak pertsona adingabeen egoera ebolutibora egokituko dituzte.

d) Pertsona adingabe guztiei kultura-aukera berdinak eskainiko dizkiete, eta horretarako diskriminazio positiboko ekintza inklusiboak abiaraziko dituzte, batez ere, desabantaila ekonomiko, sozial, kultural edo pertsonalak dituztenentzat.

3.– Era berean, 1. apartatuan aipatu diren administrazio publikoek alderdi hauek sartuko dituzte kultura-jardueretan eta horien esparruan ezartzen diren pertsonen arteko harremanetan:

a) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoan jasotako oinarrizko printzipio, eskubide eta askatasunekin bat datozen balioak sustatzea eta defendatzea; bereziki, tolerantzia, elkartasuna eta diskriminaziorik eza errespetatzea, herritartasun arduratsuari, gizabideari eta bakearen kulturari oinarri emanez.

b) Genero-berdintasunaren printzipioan oinarritutako jarrera ez-sexistak eskuratzea.

c) Harreman afektibo-sexuala eta sexu-orientazioa adierazteko moduak errespetatzea.

d) Euskal Autonomia Erkidegoaren gizarte- eta kultura-errealitate askotarikoa ezagutzea, eta, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ikasten direla bermatzea.

e) Gertuko kultura-ingurunea ezagutzea, eta beste kultura-eremu batzuen aurrean jarrera irekia edukitzea, kulturartekotasunaren ikuspegitik.

f) Ingurumen naturala errespetatzea, garapen jasangarriaren oinarrien gainean.

71. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, kulturaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, dibulgazio-jarduerak egingo dituzte, herritarrak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko pertsona adingabeek kulturarako duten eskubideari buruz eta horrek haien garapen oso eta harmonikoan duen eragin positiboari buruz.

72. artikulua.– Kultura-ondasun eta -bitartekoetarako irispidea.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, pertsona adingabeek Euskal Autonomia Erkidegoko historia-, kultura- eta arte-ondarea osatzen duten ondasunetara irispidea izatea sustatuko dute. Zehazki:

a) Bermatuko dute badaudela pertsona adingabeek beren gaitasun zein trebetasun intelektual eta artistikoak eta eskulanetarakoak garatu ahal izateko kulturaren arloko politikak, baliabideak eta bitartekoak.

b) Pertsona adingabeei bermatuko diete irispidea izango dutela, berdintasunez eta irisgarritasunez, Euskal Autonomia Erkidegoaren kultura-ondasunetara, eta haietan parte hartu ahal izango dutela ere bai, haien balioen, historiaren eta ohituren ezagutza errazteko.

c) Pertsona adingabeentzako kultura- eta arte-ekimenak eta -adierazpenak antolatu edo sustatuko dituzte, kulturarekiko interesa pizten laguntzeko eta kultura- eta arte-bizitzan modu aktiboan parte har dezaten errazteko, kultura-aniztasunaren eta kulturartekotasunaren ikuspegitik.

d) Sustatuko dute pertsona adingabeek kultura-hedabideetarako irispidea izatea, bereziki informazio-, dokumentazio-, liburutegi-, museo-, zinema- eta antzerki-zerbitzuetara eta gainerako kultura- eta arte-zerbitzuetara. Horretarako, museoek eta gainerako kultura-zentro publikoek adinen araberako programa egokiak garatu beharko dituzte, eta pertsona adingabeei beren funtsez eta beren kultura- eta arte-proposamenez gozatzeko erraztasunak emango dizkiete, eta haien parte-hartzea sustatu.

e) Harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez eskura daitekeen kultura-eskaintzari buruz sentsibilizazio egokia lortzeko ekintzak sustatuko dituzte, eta, bereziki, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatzeari dagokionez.

VIII. KAPITULUA
JARDUERA FISIKORAKO ETA KIROLERAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

73. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

Pertsona adingabeen garapen integrala sustatzeko asmoz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko dituzten eskumenen eremuan, printzipio hauetara egokitu beharko dute beren jarduketa:

a) Jarduera fisikoen eta kirol-jardueren heziketa-edukia indartzea, pertsona adingabeentzako jarduera fisiko eta kiroleko plan eta programetan jarduteko printzipio gisa hartuz elkarrekiko errespetua, elkartasuna, ekitatea, tratu ona, indarkeriarik eza, eta genero-berdintasuna kirol-jardunean, betiere hezkuntza integralari laguntzeko eta ohitura osasungarriak eta balio demokratikoak sustatzeko.

b) Pertsona adingabe guztiek aukera berak dituztela bermatzeaz arduratzea, bai kirol-jarduera fisikoa egiteko, bai kirol-gaitasunak eta -ohiturak garatzeko; horretarako, ekintzak antolatuko dituzte kirolarekin lotutako genero-desberdintasun eta -estereotipoak desagerrarazteko.

c) Pertsona adingabeek kirola egitea hezkuntza arautuarekin, jolasarekin, aisiarekin eta familia-bizitzarekin bateragarria dela zaintzea.

d) Sei urte izan arte jarduerak jolasaren bidez egingo direla bermatzea, adingabeen adinera egokitutako jarduerak barne hartuz, kirol-teknika espezifikorik eta lehiaketaren edo sailkapenen ondoriozko kirol-emaitzetara bideratutako lehiaketa-jarduerarik gabe. Adin horietan, jolas mota libre aktiboei emango zaie lehentasuna, aisialdi egituratuegia eta sedentarismoa saihesteko.

e) Jarduera fisikoa edo jarduera fisikoaren debekua zigor gisa erabil ez dadin zaintzea, bai eskolan, bai komunitatean, bai eta denbora libreko edo aisialdi hezigarriko zentro guztietan ere.

74. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, eta Eusko Jaurlaritzan arlo horretan eta osasunaren arloan eskumenak dituzten sailekin elkarlanean eta haiekin koordinatuta, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Dibulgazio-jarduerak herritarrak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko pertsona adingabeek jarduera fisikorako eta kirolerako duten eskubideari buruz, baita horrek haien ongizatean eta garapen fisikoan nahiz mentalean duen eragin positiboari buruz ere.

b) Haur eta nerabeen jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko jarduerak, bai eskolan, bai komunitatean, kirol-teknikari kualifikatuek zuzenduta eta programatuta.

75. artikulua.– Jarduera fisikorako eta kirolerako irispidea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan eta hezkuntzaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, eskola-ordutegian jarduera fisikoko denbora luza dadin sustatu beharko dute, sedentarismoa saihesteko. Horretarako, helburu hauek lortzeko neurriak hartuko dituzte:

a) Eskola-bideak sortzea bultzatzea, bai eta joan-etorriak modu aktiboan egitea sustatzeko ekimenak ere, ikasleak kalean segurtasunez eta autonomiaz ibil daitezen eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskura dezaten; betiere, haien osasuna eta autonomia hobetzeko eta jarduera fisikoak osasunean duen garrantziari eta onurei buruzko kontzientziazio-maila txiki-txikitatik handitzeko helburuarekin.

b) Ikastetxeetan kirol-instalazio egoki eta irisgarriak daudela bermatzea, eta eskola-jardunaldian zehar jarduera fisikoak eta kirolekoak egitea; bestalde eskola-ordutegitik kanpoko kirol-jarduerak egiteko eskola-instalazio publikoen erabilera soziala ahalbidetuko da, betiere erabilera egokia izango dela bermatzen bada eta irakaskuntzako ekipamendu gisa duten eginkizun nagusia oztopatzen ez badute.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako administrazio publikoek, halaber, jarduketa hauek ere garatuko dituzte:

a) Hirigintza-plangintza orokorraren esparruan, pertsona adingabeen jarduera fisikorako eta kirolerako sarbide libreko espazioen sorrera eta espazio horietarako sarbide segurua aurreikustea, erabilera horietarako lehendik dauden espazioak aprobetxatuz.

b) Kirol-eskaintza nahikoa eta egokia bermatzea haur eta nerabeen beharretarako, kontuan izanik haien adina, generoa, desgaitasun-tipologia edo sarbidea baldintzatzen duten beste ezaugarri pertsonal batzuk. Horretarako, ekintza positiboko konpentsazio-neurriak hartuko dituzte desgaitasunak dituzten pertsona adingabeen alde, edota arrazoi ekonomiko, sozial edo kulturalengatik zaurgarritasun sozialeko egoeran daudenen alde; eta, orobat, emakumeen kirola bultzatzeko neurriak, diziplina eta kategoria guztietan.

c) Landa-eremuetan kirolaren dinamizazioa sustatzea, landa-eremuetan kirol-ekipamenduak eraiki edo egokitu daitezen bultzatuz.

d) Haurren eta nerabeen asoziazionismoa sustatzea kirol-jardueren eremuan.

e) Emakumeen kirola bultzatzea eta sustatzea kategoria guztietan eta eskolako, eskolaz kanpoko eta aisialdiko espazio guztietan, berdintasunean eta diskriminaziorik gabe.

76. artikulua.– Lehiaketa-kirola.

Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta kirol-elkarte eta -federazioek:

a) Zainduko dute pertsona adingabeek lehiaketa-kiroletan parte hartu nahi duten ala ez beren borondatez erabakitzeko duten eskubidea errespetatuko dela.

b) Bermatuko dute entrenamendu-metodoek eta -planek, lehiaketa-kirolaren kasuan, pertsona adingabeen gaitasun pertsonalak errespetatuko dituztela, baita haien hezkuntza-beharrizanak eta beharrizan sozial, familiar eta harremanetakoak ere.

77. artikulua.– Jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko hezkuntza-programak.

Eusko Jaurlaritzak, jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, hezkuntzaren eta osasunaren arloan eskumena duten sailekin koordinatu beharko du ikastetxeetan jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko programak emateko, hain zuzen ere pertsona adingabeak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko jarduera horiek beren ongizate, garapen pertsonal eta osasun fisiko eta mentalean dituzten onurei buruz.

IX. KAPITULUA
AISIALDI HEZIGARRIKO JARDUERAK SUSTATZEKO JARDUKETAK

78. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, aisialdi hezigarriko jarduerak sustatzeko dituzten eskumenak egikarituz, printzipio hauen arabera jardungo dute:

a) Aisia-jardueren heziketa-edukia indartuko dute, zeinen oinarria baita elkarrekiko errespetua, elkartasuna, ekitatea, tratu ona, indarkeriarik eza eta jasangarritasuna.

b) Jarduera horietan genero-berdintasuna sustatuko dute, pertsona adingabeen heziketa integrala eta errespetuzko ohiturak eta balio demokratikoak eskuratu ditzaten laguntze aldera.

c) Arduratuko dira bermatzeaz pertsona adingabe guztiek aukera berak dituztela jolaseko eta aisialdi hezigarriko jarduerak gauzatzeko eta nork bere gaitasun eta aisia-ohiturak garatzeko; horretarako, ekintzak antolatuko dituzte aisialdiarekin lotutako genero-desberdintasunak eta -estereotipoak desagerrarazteko.

d) Pertsona adingabeek aisialdi hezigarriko jarduerak egitea hezkuntza arautuarekin eta familia-bizitzarekin bateragarria dela zaintzea.

79. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, kultura-, hezkuntza- eta aisialdi-arloan dituzten eskumenak egikarituz, dibulgazio-jarduerak egingo dituzte, herritarrak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko pertsona adingabeek aisialdirako eta, bereziki, aisialdi hezigarrirako duten eskubideari buruz, baita era horretako jarduerak egin ahal izateko denborak eta espazioak bermatzeko beharrari buruz ere.

80. artikulua.– Aisialdi hezigarriko jardueretarako irispidea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Dibertsioaren, aisialdi hezigarriaren eta denbora librearen erabilera-modu osasungarri eta askotarikoen aukera sustatzea.

b) Jolasteko eta aisialdi hezigarria izateko aukera berak ematea haur eta nerabe guztiei. Horretarako, ekintza positiboko konpentsazio-neurriak hartuko dituzte desgaitasunak dituzten pertsona adingabeen alde, edota arrazoi ekonomiko, sozial edo kulturalengatik zaurgarritasun sozialeko egoeran daudenen alde.

c) Teknologia digitalen eta horiek aisialdi hezigarrirako dituzten aplikazioen erabilera segurua eta arduratsua sustatzea.

d) Haurrei eta nerabeei zuzendutako zerbitzu eta ekipamendu ludikoak sortzea sustatzea.

e) Auzoetan eta udalerrietan aisialdi hezigarriko jardueren antolaketa sustatzea, bai erakunde publikoetatik, bai auzo- eta elkarte-ekimenak bultzatuz, pertsona adingabeek eskaintza egonkorra, erregularra, askotarikoa eta hurbilekoa izan dezaten.

f) Jolas- eta aisialdi hezigarriko jardueretan parte hartzea sustatzea, bai eskola-ingurunean, bai komunitate-ingurunean.

g) Haurren eta nerabeen asoziazionismoa sustatzea aisialdi hezigarriaren eta aisialdiko jardueren eremuan.

h) Eskola-instalazio publikoen erabilera soziala erraztea, eskola-ordutegitik kanpo pertsona adingabeentzako aisialdi hezigarriko jarduerak egiteko, betiere erabilera egokia izango dela bermatzen bada eta irakaskuntzako ekipamendu gisa duten eginkizun nagusia oztopatzen ez badute.

i) Ikastetxe publikoetan oporraldietan aisialdi hezigarriko eta denbora libreko programak egin daitezen bultzatzea, aldi horretan gurasoen lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko.

j) Pertsona adingabeak sar daitezkeen jolasgune publikoetan egiten diren jardueren ezaugarriak arautzea, bai eta jolasgune horiek zaintzeko dagozkion neurriak ere.

2.– Halaber, desgaitasunen bat duten pertsona adingabeenganako errespetua sustatuko dute; etapa ebolutibo bakoitzeko garapen fisiko, psikiko eta sozialean lagunduko dute; eta saihestu egingo dituzte edozein diskriminazio mota, jarrera matxistak edo indarkeriazko eta gorrotozko jarrerak bultzatzen dituzten elementu, mezu edo estereotipoak.

3.– Haur eta nerabeentzako jolas, jostailu eta bideojokoak pertsona adingabeen beharrizanei egokitu beharko zaizkie, eta adinaren araberako psikomotrizitatearen garapenerako lagungarri izan behar dute, indarrean dagoen araudian galdatutako segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak aintzat hartuta.

X. KAPITULUA
LAN-EREMUKO ESKUBIDEAK SUSTATZEKO JARDUKETAK

81. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Eusko Jaurlaritzak, lan-arloan dituen eskumenak egikarituz, enpresa-mundura zuzendutako dibulgazio-kanpainen bidez, lan-araudian pertsona adingabeei berariaz aitortutako eskubideak errespeta daitezen sustatuko du, eta enpresak sentsibilizatuko ditu beharrezkoak diren segurtasun- eta babes-neurri guztiak hartu eta eraginkortasunez aplikatzeko beharren inguruan. Dagozkion ikuskapen-neurriak eta, hala badagokio, zehapen-neurriak hartuko ditu.

82. artikulua.– Lan-eremuko eskubideak sustatzea.

1.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan dituen eskumenak egikarituz, derrigorrezko hezkuntzaren ondoko hezkuntza bultzatuko du, hamasei urtetik gorako nerabeei prestakuntza eta trebakuntza hobea emateko, gero laneratzen laguntze aldera.

2.– Eusko Jaurlaritzak, lan-arloan dituen eskumenak egikarituz, sustatu eta kontrolatu egingo du lantokietan legez ezarritako berariazko neurriak eraginkortasunez aplikatzen direla, lan-eremuan adingabeek dituzten berariazko eskubideak errespetatzen direla bermatze aldera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Lehen lan-esperientzia izatea ahalbidetuko diete lan-esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten adingabeei.

b) Kontratazio-prozeduretan, gizarte-erantzukizuneko klausulak sartuko dituzte hamasei urte baino gehiago dituzten pertsonak laneratzea sustatzeko, baldin eta horiek ez badute ikasten segitu nahi. Horretarako, prestakuntza dualeko programak eskainiko zaizkie, lan-jarduera ordainduarekin batera prestakuntza- edo lanbide-ibilbide espezifiko bat egiteko, eta ofizioan jarduteko.

Nolanahi ere, aipatutako klausulak sartzeko, ezinbestekoa izango da klausula horiek lotura zuzena izatea kontratuaren xede den prestazioarekin. Inguruabar hori berariaz eta behar bezala justifikatu beharko da kontratazio-espedientean.

c) Dirulaguntzen arau erregulatzaileetan, dirulaguntzak emateko balorazio-irizpideei dagokienez, gizarte-erantzukizuneko klausulak sartuko dituzte, aurreko letran aurreikusitako helburu berarekin, baldin eta haien aplikazioa eraginkorra bada dirulaguntzaren izaera edo xedea kontuan hartuta.

XI. KAPITULUA
INGURUMEN OSASUNGARRIA IZATEKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

83. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Eusko Jaurlaritzak, ingurumenaren eta ekologiaren arloan dituen eskumenak egikarituz, dibulgazio-jarduketak egingo ditu herritar guztiak eta, bereziki, haur eta nerabe guztiak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko pertsona adingabeek ingurumen osasungarria izateko duten eskubideaz eta gizarte osoaren eta erakunde zein entitate publiko eta pribatu guztiek hura errespetatzeko, sustatzeko eta babesteko duten eginbeharraz.

84. artikulua.– Ingurumenerako eskubidea sustatzeko jarduketak.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek sustapen-jarduketak garatuko dituzte honako helburu hauek lortzeko:

a) Ingurumena behar bezala babestu, zaindu eta hobetzea garapen jasangarriaren ikuspegitik.

b) Pertsona adingabeen artean naturarekiko errespetua eta hura ezagutzea sustatzea, eta, bereziki, helburu horrekin, natura- eta landa-ingurunearen dibertsitatea ezagutzeko programatutako bisitak eta ibilbideak antolatzea.

c) Prestakuntza-programa parte-hartzaileak diseinatu eta ezartzea, hondakinen minimizazioari, birziklapenari eta tratamenduari buruz, baliabide naturalen erabilera arduratsu eta jasangarriari buruz, energia-eraginkortasunari buruz eta ingurumena zaintzeko kontsumo arduratsuko ohitura positiboak hartzeari buruz.

d) Dibulgazio-kanpainak garatzea, oro har gizartea eta, bereziki, pertsona adingabeak informatzeko, kontzientziatzeko eta inplikatzeko klima-aldaketaren aurkako borrokan.

XII. KAPITULUA
INGURUNE SEGURURAKO ETA MUGIKORTASUNERAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

85. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Udalek, hirigintzaren eta hiri-ingurumenaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, dibulgazio-jarduketak egingo dituzte herritar guztiak eta, bereziki, pertsona adingabe guztiak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko ingurune osasungarri eta segurua, atsegina eta irisgarria izateko duten eskubideaz, eta gizarte osoak ingurune hori sustatzeko, errespetatzeko eta babesteko duen eginbeharraz.

86. artikulua.– Ingurunerako eskubidea sustatzeko jarduketak.

Udalek, hirigintzaren, bide-azpiegituren eta hiri-ingurumenaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, helburu hauek lortzeko sustapen-jarduketak garatuko dituzte:

a) Hirietako guneak sortu eta planifikatzean pertsona adingabeek dituzten berariazko premiak eta haien interes gorena kontuan hartzea, haur eta nerabeekiko hiri-ingurune inklusiboa eta atsegina lortzeko.

b) Kutsadura atmosferiko, elektromagnetiko eta akustikoaren maila baxuak bermatzea; bereziki, hezkuntza- eta osasun-inguruneetan.

c) Hirigintza-planetan, neurriak hartzea, haurrek eta nerabeek beren ingurunearen diseinuan eta garapenean dituzten beharrizanak eta interesak kontuan hartzera bideratutakoak, baita pertsona adingabeen erabilerarako eta ekipamenduetarako lurzorua erreserbatzea ere.

d) Pertsona adingabeek irispidea duten jolasgune publikoak leku egokietan kokatzea, eta, betiere, edozein elementu arriskutsutatik urrun edo babestuta. Jolasgune horiek osasungarritasun-egoeran egon behar dute, eta ingurune irisgarri eta seguruan, ingurumen-kutsadura atmosferiko, akustiko edo elektromagnetikoaren iturrietatik eta osasun eta osotasun fisikorako eraikuntza edo elementu kaltegarri edo arriskutsuetatik urrun.

e) Jolasgune publikoak eratzea segurtasun-neurri egokiak bermatzeko moduan; horiek, ahal dela, pertsona adingabeak jagotea erraztuko dute, adinaren araberako taldeetan banatzeko aukera emango dute, eta lau urtetik beherako haurrentzat bakarrik izango diren guneak izango dituzte.

f) Ikastetxeen edo pertsona adingabeentzako beste zentro edo gune batzuen inguruetarako sarbideen arrisku-kudeaketa bermatzea, ahal den guztietan oinezkoentzako gune bihurtzea sustatuz eta ondo argiztatutako ibilbideak sustatuz, haurrak eta nerabeak etxetik eskolara modu autonomoan joan ahal izateko.

g) Pertsona adingabeei bide-segurtasunaren eta hiriko mugikortasun jasangarriaren arloko heziketa emango zaiela bermatzea.

h) Bermatzea ezabatu egingo direla oztopo arkitektoniko edo hirigintzakoak eta hiri-altzarietakoak, horiek muga badira adingabeek ingurunean parte har dezaten eta inguruneaz goza dezaten, eta, bereziki, oztopa badezakete desgaitasunen bat duten adingabeek ingurunean parte hartzea eta inguruneaz gozatzea; betiere, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak zehazten duen moduan.

i) Pertsonen zirkulazio askerako guneak zabaltzea, gune publikoaz gozatzea errazteko, eta, hala, kalea jolaserako, harremanetarako, sozializaziorako eta garapen komunitariorako gune gisa errekuperatzeko aukera ematea.

87. artikulua.– Hiri-mugikortasunari buruzko jarduketak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, hiri barruko eta hiriarteko mugikortasun-politikak diseinatzean, kontuan hartuko dituzte adingabeen ikuspuntua, berariazko premiak eta interes gorena, eta adingabeek garraio publikoak erabiltzea erraztuko dute.

2.– Bereziki, diseinatuko diren hiri barruko eta hiriarteko mugikortasun-politikek mugikortasun segurua bermatu beharko dute, ondoko neurri hauetan oinarrituta:

a) Oinezkoei eta txirrindulariei bereziki bideratutako azpiegiturak zabaldu eta hobetzea.

b) Eskola-bideak antolatzea, bai eta joan-etorriak modu aktiboan egitea sustatzeko ekimenak ere, pertsona adingabeak kalean segurtasunez eta autonomiaz ibil daitezen eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskura dezaten; betiere, haien osasuna eta autonomia hobetzeko eta jarduera fisikoak osasunean duen garrantziari eta onurei buruzko kontzientziazio-maila txiki-txikitatik handitzeko helburuarekin.

3.– Halaber, artikulu honetan aipatzen diren politiken xedea helburu hauek lortzea izango da:

a) Pertsona adingabeen artean mugikortasun jasangarria sustatzea, hezkuntza-programen bidez.

b) Bermatzea ezabatu egingo direla arkitekturako, hirigintzako eta hiri-altzarietako oztopoak, eragozpen edo muga izan badaitezke desgaitasunen bat duten pertsona adingabeen mugikortasunerako, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak zehaztutako moduan.

XIII. KAPITULUA
INFORMAZIORAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

88. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Botere publikoek dibulgazio-jarduketak egingo dituzte herritar guztiak eta, bereziki, pertsona adingabeak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko haur eta nerabeek informazio egiazkoa, plurala, haien adinari egokitua eta haien eskubideak urratzen ez dituena eskuratzeko eskubideaz; bai eta gizarte osoak eskubide hori sustatzeko, errespetatzeko eta babesteko duen eginbeharrari buruz ere.

89. artikulua.– Informaziorako eskubidea sustatzeko jarduketak.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Gizarte-hedabideek haur eta nerabeentzat interesgarria den informazio plurala eta egiazkoa zabal dezaten sustatzea, eta pertsona adingabeei zuzenduta dauden eta haien parte-hartzea ahalbidetuko duten argitalpenak edita ditzaten eta telebista-programak diseina ditzaten sustatzea. Edonola ere, eduki horiek aintzat hartu beharko dituzte oinarrizko eskubideak eta askatasunak errespetatzeko balioak, eta, herritarrei Haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren berri eman beharko diete, baita haren inguruan sentsibilizatu ere.

b) Pertsona adingabeek informazio-, dokumentazio- zein liburutegi-zerbitzu eta gainerako kultura-zerbitzuetarako sarbidea izan dezaten ahalbidetzea, eta, horretarako, sentsibilizazio egokia egitea Interneteko aisia eta kulturako legezko eskaintzari buruz, baita jabetza intelektualeko eskubideen babesari buruz ere.

c) Hedabideek adingabeei zuzendutako mezuetan berdintasunaren, elkartasunaren, errespetuaren eta aniztasunaren balioak susta ditzaten zaintzea, eta haurrei eta nerabeei aitortutako eskubideak urratzea ekar ez dezaten edo eskubide horien aurkakoak izan ez daitezen zaintzea.

d) Hedabideen artean, aurreko letran aipatutako balioen sustapena babesteko jokabide-kodeak sortzea eta betetzen direla gainbegiratzea bultzatzea, eta adingabeentzat kaltegarriak diren irudi eta eduki digitaletarako irispidea mugatzeko neurriak hartzea.

e) Sustatzea desgaitasunen bat duten pertsona adingabeek erabat gozatzea ikus-entzunezko komunikazioaz, eta jardunbide egokiak erabiltzea, haiek diskriminaziorik ez ondorio negatiborik jasan ez dezaten. Horretarako, irisgarritasuna bermatu beharko zaie desgaitasunen bat duten pertsona adingabeei, material eta zerbitzu horien arrazoizko egokitzapenak eginez, teknologikoak barne.

f) Pertsona adingabeei euskarazko hedabideek sortzen dituzten edukietarako irispidea erraztea.

g) Informaziorako irispidea erraztea, erraz irakurtzeko formatuan eta desgaitasuna duten pertsona adingabeei espezifikoki zuzendutako beste tresna batzuk erabiliz, hala nola sistema handigarri eta alternatiboak, braillea edo ahozko komunikazioari laguntzeko sistemak eta zeinu-hizkuntza.

90. artikulua.– Hedabideei ezarritako betebeharrak.

Gizarte-hedabide guztiek, hala prentsa idatzian, telebista-bitartekoetan, irratian nola bitarteko telematikoetan, erantzunkidetasun-eginbeharrean oinarrituta, irizpide hauen arabera egin beharko dituzte jarduketak:

a) Haur eta nerabeei bereziki zuzendutako programa eta edukietan, lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan haiei aitortutako eskubideak errespetatzea, eta haien hezkuntza, aisialdi, entretenimendu eta garapen integralari laguntzea, giza eskubideekin, aniztasunarekiko errespetuarekin, tolerantziarekin eta printzipio demokratikoekin zerikusia duten balioak indartuz.

b) Pertsona adingabeei zuzentzen dizkieten mezuek haurren eta nerabeen eskubideak susta ditzaten zaintzea, inola ere haien aurkakoak izan gabe eta, zehazki, elementu diskriminatzaileak, estereotipatuak, sexistak, arrazistak, xenofoboak, pornografikoak edo bortitzak izan gabe.

c) Pertsona adingabeei zuzentzen dizkieten mezuek berdintasunaren, elkartasunaren, aniztasunaren eta pertsonekiko errespetuaren balioak susta ditzaten zaintzea.

d) Pertsona adingabeen izena, izenaren siglak, irudia edo beste edozein datu ez zabaltzea, baldin eta haur eta nerabe horiek identifikatzea ahalbidetzen badute edo haien bizitza pribatuari buruzko edozein egitate zabaltzen badute eta, hala, haien babesa arriskuan jartzen badute edo haien ohoreari, intimitateari edo irudiari eragiten badiote. Betiere, debekatuta dago haien izenak, irudiak edo datuak zabaltzea, baldin eta auzi penaletan biktima, lekuko, salatu, ikertu, auzipetu edo akusatu gisa azaltzen badira.

91. artikulua.– Telebista- eta irrati-hedabideei ezarritako betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko berezko telebista-kanalen emanaldiek, bai eta beste telebista-zerbitzu batzuen emanaldiek ere, baldin eta zerbitzu horiei baimena ematea Autonomia Erkidegoko Administrazioari badagokio, honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Haur eta nerabeentzako berariazko edukiak sartzea, haien eskubideak sustatzeko, haien prestakuntza osatzeko eta garapen intelektuala, afektiboa eta soziala estimulatzeko.

b) Pertsona adingabeentzako programak ematean, haurren eta nerabeen ohituretara egokitutako ordutegia errespetatzea. Horretarako, haurren audientziako edo babes indartuko ordu-tartetzat hartuko dira goizeko zazpietatik bederatzietara eta arratsaldeko bostetatik zortzietara bitartekoak, lanegunetan, eta goizeko bederatzietatik eguerdiko hamabietara bitartekoa larunbat, igande eta estatu-mailako eta autonomia-erkidegoko jaiegunetan; tarte horietan hamahiru urtetik beherakoentzat gomendatutako edukiak jarri beharko dira.

Era berean, adinaren araberako sailkapenak adierazten badu programa bat ez dela gomendagarria hemezortzi urtetik beherakoentzat, programa hori gaueko hamarretatik goizeko seietara bitartean emango da soilik.

c) Ezingo da eman funsgabeko indarkeriako edo pornografiako eszena edo mezurik duen programa edo ikus-entzunezko edukirik.

d) Aurreko letran xedatutakoari kalterik egin gabe, pertsona adingabeen garapenari kalte egin diezaioketen edukiak emateko, edukiok Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 9.2 artikuluan aurreikusten den autoerregulazio-kodearen parte izan beharko dute, eta guraso-kontrolerako mekanismoak edo kodetze digitaleko sistemak eman beharko dituzte. Nolanahi ere, era horretako edukitzat jotzen dira indarkeriazko edukia dutenak; harreman pertsonalak esplotatzen dituztenak; tratu apalesgarria azaltzen dutenak; delitu-jarduerak bultzatzen dituztenak; indarkeria, gorrotoa edo solidaritaterik eza bultzatzen dutenak; lege honen 25. artikuluan aipatutako arrazoietatik edozein dela-eta diskriminazioa sustatzen dutenak, edo animalien kontrako tratu txarrak dakartzatenak.

e) Zerbitzuaren erabiltzaileei informazio nahikoa eta zalantzarik gabekoa ematea adingabeen garapen fisiko, mental edo moralerako kaltegarriak izan daitezkeen ikus-entzunezko programa eta edukiei buruz. Horretarako, edukia deskribatzeko sistema bat erabiliko da, ohar akustikoak, ikur bisualak edo beste baliabide tekniko batzuk erabiliko dituena edukiaren izaera deskribatzeko, aurreko letran aipatutako autoerregulazio-akordioaren arabera.

f) Guraso-kontrolerako mekanismoak edo kodetze digitaleko sistema eraginkorrak ezartzea, eguneragarriak eta erabilerrazak, eta desgaitasunen bat duten pertsona adingabeentzako beharrezko doikuntza teknologikoak izango dituztenak, horrela gurasoei eduki kaltegarriak kontrolatu eta blokeatzeko aukera ematen baitzaie, adingabeek aukerarik izan ez dezaten edukiotara iristeko haiei zuzentzen ez bazaizkie.

2.– Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua programa-katalogo baten bidez egiten bada, zerbitzu-emaileek honako betebehar hauek izango dituzte adingabeak eduki kaltegarrietatik babesteko:

a) Katalogo bereizietan sartzea pertsona adingabeen garapen fisiko, mental edo moralari kalte larria egin diezaioketen programa eta edukiak, eta, betiere, funsgabeko indarkeriako edo pornografiako eszenak dituztenak.

b) Guraso-kontrolerako mekanismoak edo kodetze digitaleko sistema eraginkorrak ezartzea, aurreko apartatuko f) letran adierazitako moduan.

3.– Telebista-emanaldietan bete beharreko baldintza horiek, artikulu honen 1. apartatuan aipatutakoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren irrati-kanal eta -zerbitzuen bidezko emanaldietan ere bete beharko dira.

4.– Hedabideek haur eta gazteei zuzendutako elikadura osasungarrirako ohiturei buruzko eduki informatiboak sartuko dituzte, haurren obesitatea saihesteko.

92. artikulua.– Pertsona adingabeei zuzendutako publizitatea.

1.– Oro har, edozein gizarte-hedabide mota erabiliz pertsona adingabeei zuzendutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jendarteratutako publizitateak mezuak helburu dituen hartzaileen adinera eta heldutasunera egokituta egon behar du. Horretarako, produktuen irudiak, prestazioak eta erabilera zuzena era ulergarrian erakutsiko dira, eta, horretarako, hizkera garbi eta erraza erabiliko da.

2.– Pertsona adingabeei zuzendutako publizitatea errealitatera egokitu beharko da, eta ez du kontsumoa bultzatuko. Horretarako:

a) Objektuen irudiek errealitatea islatu beharko dute formatuari, mugimenduei eta gainerako ezaugarriei dagokienez.

b) Iragarkiek ezingo dituzte pertsona adingabeak zuzenean produktu bat edo zerbitzu bat erostera bultzatu haien esperientziarik ezaz edo sinesberatasunaz baliatuta; orobat, ezingo dituzte haien gurasoak, tutoreak edo zaintzaileak, edo beste hirugarrenen bat limurtzera bultzatu, haiek eros ditzaten.

c) Publizitatean ez da erabiliko espektatiba lortezinak sortzen dituen edo haurrek fantasia eta errealitatea bereizteko orduan duten sineskortasuna esplotatzen duen fantasia-elementurik, hala nola animazioak edo marrazki bizidunak, ezta indarkeriaren irudikapenik edo aurkezpen agresibo edo hipersexualizaturik ere.

3.– Publizitatea egiatia eta ez-engainagarria izango da. Bereziki, iragarkiek:

a) Iragarritako objektuaren prezioa adierazi beharko dute, indarrean dagoen legeriaren arabera.

b) Ezingo dute promestu ondasunak edo zerbitzuak emango direla, baldin eta haiek eskuratzeko esplizituak ez diren baldintzak bete behar badira.

c) Ezingo dute inola ere esplotatu pertsona adingabeek beren gurasoengan, tutoreengan edo zaintzaileengan, edo irakasleengan edo erreferentziazko beste heldu batzuengan duten konfiantza berezia.

d) Ez dute eragingo produktuaren ezaugarriei buruzko nahasmenik, ezta produktua erabiltzeak edo kontsumitzeak dakartzan onurei buruzkorik ere, bereziki indarra, estatusa, ospea, hazkundea, trebetasuna, adimena, edertasuna eta antzeko beste batzuk eskuratzeari buruzkorik.

4.– Era berean, publizitateak informatiboa izan beharko du, ez-kaltegarria eta ez-arriskutsua, eta bizitza osasungarriko ohiturekin bateragarria. Horretarako, iragarkiek ezingo dituzte honako hauek egin:

a) Osasunerako kaltegarriak diren kontsumo, jokabide edo jardueretara bultzatu, hala nola janari lasterrak edo edari energetikoak.

b) Bereizketak edo diskriminazioak egin iragarritako objektuaren kontsumoaren arabera. Bereziki, ezingo da iradoki ezen haurrek, produktu bat kontsumitzen badute, onarpen handiagoa izango dutela beren gizarte- edo hezkuntza-ingurunean, edo, produktua erosten edo kontsumitzen ez badute, baztertu egingo dituztela.

c) Pertsona adingabeengan helduei dagozkien itxaropenak sortu; adibidez, ekonomia-arrakastarekin zerikusia dutenak.

d) Gorputzaren kultua eta autoirudiaren arbuioa sustatu eta arrazoi estetikoak edo irudizkoak direla-eta diskriminatu, eta, horretarako, argaltzeko produktuak, ebakuntza kirurgikoak edo estetika-tratamenduak txertatu, irudi fisikoagatiko arbuio sozialera edo pisu- edo estetika-faktoreengatiko arrakastara jotzen dutenak, publizitate sexista barne.

5.– Aurreko apartatuetan azaldutako aurreikuspenei kalterik egin gabe, artikulu honetan aipatzen den pertsona adingabeei zuzendutako publizitateak honako irizpide hauek bete beharko ditu, haur eta nerabeen eskubideak behar bezala sustatzeko:

a) Tolerantzia-, bizikidetza-, elkartasun- eta bake-balioak sustatuko dira, kanpo utzita indarkeria, pornografia edo harreman pertsonaletako esplotazioa erakusten duen eduki oro, baita tratu apalesgarria islatzen duen, delitu-jarduerak egitera bultzatzen duen edo adingabeen garapenerako kaltegarria izan daitekeen beste edozein eduki aurkezten duen eduki oro ere.

b) Adingabea bereziki babesteko ordutegietan, ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak ematen dituztenek egiten duten publizitateak ezin izango du eduki pertsona adingabeei kalte moral edo fisikoa ekar diezaiekeen merkataritza-komunikaziorik.

c) Pertsona adingabeak edari alkoholdunen eta tabako-produktuen publizitatetik babestuta egongo dira, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean ezarritako moduan.

d) Pertsona adingabeak babestuta egongo dira ausazko jokoei buruzko publizitatetik, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legean eta Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean ezarritako moduan. Bereziki, kirol-jardueretara bideratutako instalazio eta guneetan ausazko jokoei buruzko publizitatea agertzea ekidin beharko da.

6.– Berariaz, pertsona adingabeei zuzendutako publizitateak berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren balioak sustatu beharko ditu. Horretarako, iragarkiek:

a) Aniztasunarekiko irudi doitua eta positiboa zabalduko dute.

b) Pertsona guztien arteko berdintasuna islatuko dute, eta ezingo dute edukirik aurkeztu lege honen 25. artikuluan aipatutako arrazoietatik edozein dela-eta gehiagotasun-, gutxiagotasun- edo diskriminazio-ideiak zabaltzeko.

7.– Hedabideek haurrei zuzendutako edari energetikoen publizitatea saihestuko dute, kontsumo osasungarria sustatzeko helburuarekin.

93. artikulua.– Pertsona adingabeei zuzendutako publizitatearen debekuak.

1.– Debekatuta dago zeharkako publizitatea, bereizi gabea edo estalia egitea pertsona adingabeei zuzendutako programak ematen diren bitartean.

2.– Halaber, debekatuta egongo dira nortasuna garatzeko kaltegarria izan daitekeen edukia duten publizitate mota guztiak:

a) Joko-lokaletan edo ikuskizun publikoetan eta aisialdiko jardueretan.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan zabaldu eta, batez ere, pertsona adingabeentzat diren argitalpenetan.

c) Pertsona adingabeen babes bereziko ordu-tarteetan telebistaz edo irratiz emandako publizitatean.

d) Beste edozein telekomunikazio- edo telematika-bitartekoren bidez emandako publizitatean, pertsona adingabeentzat sarbidea irekita daukaten zerbitzuetan.

94. artikulua.– Pertsona adingabeak protagonista dituen publizitatea.

1.– Pertsona adingabeak protagonista dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoan hedatzen den publizitateak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Haurren eta nerabeen eskubideei egokitutako irudia aurkeztu beharko du.

b) Oro har, aniztasunarekiko irudi doitua eta positiboa aurkeztu beharko du, eta, bereziki, gizarte- eta ekonomia-aniztasunarekiko, erlijio- aniztasunarekiko, sexu-aniztasunarekiko, genero- eta sexu-orientazioko aniztasunarekiko eta desgaitasun-tipologia ezberdinekiko.

c) Ezin izango ditu pertsona adingabeak erakutsi egoera arriskutsuetan edo haien osotasunaren aurka egiten duten egoeretan, ezta sexu- edo indarkeriazko jarduera edo jarreretan ere.

d) Ezingo da kontsumo konpultsiboa bultzatzen duen mezurik transmititu.

2.– Debekatuta dago pertsona adingabeak erabiltzea edari alkoholdunak, tabakoa, edari energetikoak, janari lasterra edo pertsona adingabeentzat debekatuta dauden jarduerak iragartzeko, bai eta indarkeriazko jarduera edo jarrerak, pornografia, harreman pertsonaletako esplotazioa edo indarkeria erakusten duten jarrera edo tratu apalesgarria islatzen dutenak, delitu-jarduerak egitera bultzatzen dutenak edo lege honen 25. artikuluan aipatutako arrazoietatik edozein dela-eta elkartasunik eza edo diskriminazioa sustatzen dutenak iragartzeko ere.

XIV. KAPITULUA
HARREMANAREN, INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIETARAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO JARDUKETAK

95. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, dibulgazio-jarduketak egingo dituzte herritar guztiak eta, bereziki, pertsona adingabe guztiak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak segurtasunez eta arduraz erabiltzeko duten eskubideaz.

2.– Bereziki, kontzientziazio- eta hezkuntza-kanpaina espezifikoak egin beharko dituzte helburu hauek lortzeko:

a) Bereziki Interneten eta sare sozialen eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera segurua eta arduratsua sustatzea, ematen dituzten aukerak aprobetxatzearen eta erabilera positiboaren ikuspegitik.

b) Ohartaraztea erabilera okerretik erator daitezkeen arriskuez, indarkeriako hainbat egoera sor baitaitezke, hala nola ziberjazarpena eta, bereziki, pertsona adingabeen kontrako indarkeriazko fenomenoak; esaterako, groominga, genero-ziberrindarkeria edo sextinga, bai eta indarkeriazkoak, pornografikoak edo desegokiak izan daitezkeen edukietara sartzeagatik eta haur eta nerabeek pornografia kontsumitzeagatik sor daitezkeen arriskuez ere.

c) Ezagutzera ematea Interneteko edo gizarte-sareetako eduki ez-zilegien berri emateko dauden salaketa-kanalak.

3.– Kanpaina horiek modu irisgarrian egingo dira, adin-tarteen arabera bereizita, adingabe guztiek kanpaina horien berri izateko aukera izan dezaten, pertsona adingabeen ikuspegia eta iritziak txertatuta.

96. artikulua.– Harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologietarako eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, alfabetatze digital eta mediatikoa sartuko du eskola-curriculumean, etapa ebolutibo bakoitzera egokituta, eta kontuan izanik desgaitasunen bat duten pertsona adingabeen hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak, adingabeek ikas dezaten linean errespetuz, segurtasunez eta erantzukizunez jarduten.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Familiei laguntzeko neurriak hartzea, gurasoen rola indartzeko eta babesteko beren legezko betebeharrak betetzea ahalbidetzen duten gaitasunak eta trebetasunak garatuz, eta, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 84.1 artikuluan ezarritakoak garatuz.

b) Hiri- edo landa-eremuetan irispidea ekitate-baldintzetan sustatzea.

c) Harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien eremuan, bideojokoen arloa barne, diharduten enpresen gizarte-erantzukizuna sustatzea, Interneten haurrak eta nerabeak babesteko arloan, eta, sektore pribatuarekin elkarlanean, aplikazio eta zerbitzu digitalen hasieran eta garapenean haurren eta nerabeen babesa kontuan hartzea sustatzea.

d) Nazioarteko ekimenetan parte hartzea, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietako programak eta, bereziki, bideojokoak baimendu, etiketatu eta kontrolatzeko irizpide komunak ezartzeko.

XV. KAPITULUA
KONTSUMOAREN ARLOKO ESKUBIDEAK SUSTATZEKO JARDUKETAK

97. artikulua.– Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Eusko Jaurlaritzak, kontsumoaren arloan dituen eskumenak egikarituz, dibulgazio-jarduketak egingo ditu herritar guztiak eta, bereziki, pertsona adingabeak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko kontsumo arduratsu, jasangarri, kritiko eta etikoa izateko duten eskubideaz.

98. artikulua.– Kontsumitzaile-eskubidea sustatzeko jarduketak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, kontsumoaren arloan eskumena duen sailaren bidez, zaindu egingo du pertsona adingabeek berariazko beharrizan eta ezaugarriak dituzten kontsumitzaile gisa dituzten eskubide eta interesak errespetatu eta sustatu egiten direla, eta defentsa eta babes berezia dutela.

2.– Aurreko apartatuan aurreikusitako ondoreetarako, jarduketa hauek garatuko ditu:

a) Irisgarritasunaren, segurtasunaren eta publizitatearen arloko araudi aplikagarria zorrotz betetzen dela gainbegiratuko du, eta abusuzko praktiketatik defendatuko ditu; horretarako, kontsumitzaile-antolakundeetan era aktiboan parte hartuko du.

b) Kontsumoaren arloan harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak behar bezala erabiltzen lagunduko du.

c) Pertsona adingabeei orientazioa eta laguntza emango die kontsumitzaile eta erabiltzaile gisa dituzten eskubideak egikari ditzaten, eta haien eskubideak urratzen dituzten jokabideen aurrean salaketa-, kexa- eta erreklamazio-prozeduretarako sarbidea erraztuko die bai haiei, bai haien guraso, legezko ordezkari, harreragile edo zaintzaileei.

d) Kontsumo arduratsurako hezkuntza sustatuko du, kontsumo-ohitura osasungarriak bultzatzeko.

99. artikulua.– Argitalpenei lotutako mugak.

1.– Debekatuta dago pertsona adingabeei haien nortasunaren garapenerako kaltegarri izan daitezkeen argitalpenak saltzea, eta, betiere, indarkeria, pornografia edo harreman pertsonaletako esplotazioa erakusten duten edukia daukatenak, balio sexistak edo estereotipatuak sustatzen dituztenak edo emakumeen kontrako indarkeria-adierazpenak banalizatzen dituztenak, tratu apalesgarria islatzen dutenak, delitu-jarduerak egitera bultzatzen dutenak, lege honen 25. artikuluan aipatutako arrazoietatik edozein dela-eta elkartasunik eza edo diskriminazioa sustatzen dutenak, edo adingabeen garapenerako kaltegarria izan daitekeen beste edozein eduki dutenak.

2.– Debekatuta dago pertsona adingabeei, zuzenean nahiz zeharka, goiko apartatuan aipatutakoak bezalako argitalpenak eskaintzea, edo horiek haientzat erakusgai jartzea, haur eta nerabeek libreki hartu ahal izateko moduan.

3.– Debekatuta dago argitalpenetan pertsona adingabeei dagozkien izenak, irudiak edo beste datu batzuk hedatzea, lege honen 50 eta 90. artikuluetan ezarritako moduan, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoari jarraituz, eta Ohorerako, Norberaren eta Familiaren Intimitaterako eta Norberaren Irudirako Eskubidearen Babes Zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan xedatutako moduan.

4.– Debekatuta daude, orobat, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan argitalpenei buruz berariaz debekatuta dauden gainerako jarduerak.

100. artikulua.– Ikus-entzunezko materialari lotutako mugak.

1.– Debekatuta dago pertsona adingabeei haien garapenari kalte egin diezaioketen bideoak, bideojokoak edo ikus-entzunezko edozein material saltzea eta alokatzea, eta, betiere, indarkeria, pornografia edo harreman pertsonaletako esplotazioa erakusten duten edukia daukatenak, balio sexistak edo estereotipatuak sustatzen dituztenak edo emakumeen kontrako indarkeria-adierazpenak banalizatzen dituztenak, tratu apalesgarria islatzen dutenak, delitu-jarduerak egitera bultzatzen dutenak, lege honen 25. artikuluan aipatutako arrazoietatik edozein dela-eta elkartasunik eza edo diskriminazioa sustatzen dutenak, edo haien garapenerako kaltegarria izan daitekeen beste edozein eduki dutenak.

2.– Debekatuta dago aurreko apartatuan aipatutako ikus-entzunezko materiala proiektatzea pertsona adingabeak sartzea baimenduta dagoen lokal eta ikuskizunetan, eta, oro har, material hori pertsona adingabeen artean hedatzea, edozein bitartekoren bidez.

3.– Debekatuta daude, orobat, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan berariaz debekatuta dauden ikus-entzunezko materialen inguruko beste jarduera guztiak.

101. artikulua.– Substantziei lotutako mugak.

1.– Pertsona adingabeek kontsumitu edo erabiltzeko merkaturatzen diren produktuek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Ez edukitzea substantzia kaltegarririk, indarrean den legerian aurreikusten den bezala.

b) Erraz ikusteko moduan ematea produktuaren osaera, ezaugarri zein erabilerari buruzko informazioa, eta aditzera ematea zein adin-tartetako pertsona adingabeentzat diren.

c) Neurri horien egokitasuna bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak betetzea, bai xede duten erabilerarako, bai erabilera desegokiaren ondorioz sor daitezkeen ondorio kaltegarriak saihesteko.

2.– Herritar guztiei zuzendutako produktuak merkaturatzeko baldintzak arautzeko, neurri hauek ezarriko dira:

a) Farmazia-produktuei buruzko araudia betetzen dela zaintzea. Espezifikoki, sendagaiak egin eta aurkeztea istripuak zentzuz prebenitzea bermatzeko moduan, batez ere haur eta nerabeei dagokienez eta, bereziki, haien gaitasun intelektualari eragiten dion desgaitasunen bat dutenei dagokienez.

b) Detergenteak eta, oro har, garbiketarako produktuak istripuak zentzuz prebenitzeko moduan aurkeztuko direla zaintzea, eta, batez ere, irekitzea eragozteko segurtasun-sistemak edukiko dituztela eta ez dela kolore eta zapore bereziki erakargarririk erabiliko.

3.– Pertsona adingabeei produktu jakin batzuk saltzea edo hornitzea debekatzeko honako neurri hauek ezarriko dira:

a) Edari alkoholdunak, tabakoa edo haien produktuak hemezortzi urtetik beherako pertsonei saldu edo hornitzeko debekua, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean ezarritako moduan.

b) Pertsona adingabeei artikulu honetan adierazitakoez bestelako produkturen bat saltzeko edo emateko debekua, baldin eta produktu horrek mendekotasun fisikoa edo psikikoa eragin badezake edo bizitza arriskuan jar badezake, nahiz eta erabilera desegokiaren ondorioz izan, edo, oro har, osasunari edo nortasunaren garapen askeari kalte egin badiezaiekete, bereziki produktu toxiko eta leherkorrak.

102. artikulua.– Zerbitzuetarako irispiderako mugak.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, neurriak hartuko dituzte pertsona adingabeei zerbitzu jakin batzuetarako irispidea mugatzeko, hurrengo apartatuetan ezartzen den moduan.

2.– Pertsona adingabeak joko-establezimendu eta -lokaletara sartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legean eta hura garatzeko araudian xedatutakoa bete beharko da. Bereziki, pertsona adingabeentzat debekatuta dago:

a) Dirua edo balio ekonomikoa duten gauzak jokatzen diren zori, apustu eta ausazko jokoetan parte hartzea, orobat diru-saria ematen duten jolas-makinak erabiltzea eta apustuetan parte hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzen duen azaroaren 8ko 4/1991 Legeak ezarritako moduan.

b) Beren nortasunaren garapenerako kaltegarria izan daitekeen edukia duten jolas-makinak erabiltzea eta, betiere, indarkeria, pornografia edo harreman pertsonaletan esplotazioa erakusten duen edukia daukatenak, tratu apalesgarria islatzen dutenak, delitu-jarduerak egitera bultzatzen dutenak, lege honen 25. artikuluan aipatutako arrazoietatik edozein dela-eta elkartasunik eza edo diskriminazioa sustatzen dutenak, edo haien garapenerako kaltegarria izan daitekeen beste edozein eduki dutenak.

3.– Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren abenduaren 23ko 10/2015 Legean ezarritakoaren arabera, pertsona adingabeak ezin izango dira establezimenduetan sartu edo egon, baldin eta adingabeentzat desegokitzat jotako jarduerarik egiten edo erakusten bada establezimenduotan, edo adingabeentzat material edo informazio desegokia zabaltzen bada edozein bitartekoren bidez.

4.– Joko eta apustuekin zerikusirik duten jarduerak egiten diren establezimendu eta lokalek jokoaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako gutxieneko distantzia zaindu beharko dute Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetatik, baita hizkuntza-eskoletatik eta arte- eta kirol-irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetatik ere.

5.– Hamasei urtetik beherako pertsona adingabeek hoteletan edo antzeko funtzioak dituzten beste establezimendu batzuetan ostatu hartzea eskatzen dutenean, gurasoen, legezko ordezkarien edo harreragileen edo zaintzaileen laguntzarik edo berariazko baimenik gabe, establezimenduaren arduradunak horren berri eman beharko die azken horiei edo, halakorik ezean, polizia-agintaritzari, haiek aurki ditzaten.

IV. TITULUA
HAUR ETA NERABEEN OSASUNERAKO, HEZKUNTZARAKO, ONGIZATE MATERIALERAKO ETA GIZARTE-INKLUSIORAKO KALTEGARRIAK DIREN EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

103. artikulua.– Prebenitu, detektatu eta arreta emateko eginbeharra.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, prebentzio-, detekzio- eta arreta-ekintzak egin beharko dituzte, osasunaren, hezkuntzaren, ongizate materialaren eta gizarte-inklusioaren eremuan, pertsona adingabeek beren garapen oso eta harmonikorako kaltegarriak diren egoerak jasan ez ditzaten, eta, horrelakorik gertatuz gero, goiz esku hartu beharko dute haien beharrei erantzuteko egokienak diren arreta-moduekin:

a) Osasunerako kaltegarriak diren egoeren prebentzioa, detekzioa eta arreta, zeinen artean egongo baitira, besteak beste, gaixotasunak, garapenaren nahasmenduak, sexu- eta ugalketa-osasuneko arazoak, obesitatea, osasun mentaleko nahasmenduak, elikadura-jokabidearen nahasmenduak barne, mendekotasunak eta istripuak.

b) Hezkuntza-garapenerako kaltegarriak diren egoeren prebentzioa, detekzioa eta arreta, zeinen artean egongo baitira, besteak beste, eskolagabetzea, eskola-absentismo eta -porrota.

c) Ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoeren prebentzioa, detekzioa eta arreta, zeinen artean egongo baitira, besteak beste, pobrezia, bizitegi-bazterketa eta gizarte-bazterketa.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako egoerak ez dira berez babesgabetasun-egoerak, baina, kasu jakin batzuetan, indarkeria-egoera, babesgabetasun-arriskuko egoera edo babesgabetasun-egoera baten adierazgarri izan daitezke, kasu jakin bakoitzaren larritasunaren edo inguruabarren arabera. Kasu horietan, hurrenez hurren, lege honen V eta VI. tituluetako xedapenak aplikatu beharko dira.

3.– Titulu honetan jasotako ekintzak eta, bereziki, babes-faktoreak sustatzea xede duten prebentzio-ekintzak III. tituluan eremu bakoitzerako araututako sustapen-ekintzekin batera aplikatu ahal izango dira, jarduketen koherentzia bermatzeko eta baliabide publikoak hobeto aprobetxatzeko.

4.– Prebentzio-ekintzaren eraginkortasuna bermatzeko, euskal administrazio publikoek, titulu honetan arautzen diren jarduketa-eremuetan, lege honen 9. artikuluan ezarritakoaren araberako tresna tekniko baliozkotuak hartu beharko dituzte.

I. KAPITULUA
OSASUN FISIKO ETA MENTALERAKO KALTEGARRIAK DIREN EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

104. artikulua.– Gaixotasun eta nahasmenduen prebentzioa eta detekzioa.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan dituen eskumenak egikarituz, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, III. tituluan jasotako osasunaren sustapenerako jarduketekin batera, haur eta nerabeen gaixotasunak, gaixotasun arraroak barne, prebenitzera eta, hala badagokio, goiz detektatzera bideratutako jarduketak antolatuko dituzte, bai eta osasunerako arrisku-faktoreekiko esposizioa murriztera eta babes-faktoreak indartzera bideratutakoak ere.

2.– Zehazki, aldian aldiko osasun-kontrolak bermatuko dira, baita osasun-agintaritzak proposatutako txertoen egutegian jasotako gaixotasun infekzioso eta kutsakorren kontrako immunizazioa ere, betiere osasun-agintaritzak ezarritako irizpideekin bat etorriz.

3.– Halaber, Eusko Jaurlaritzak, ingurumen- eta ekologia-arloan dituen eskumenak egikarituz, arlo horretan eskumenak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuekin elkarlanean, ingurumenaren kalitatea bilatuko du, ura, elikagaiak, airea eta lurzoruarekin lotutako ingurumen-arriskuak kontrolatuz eta horien jarraipena eginez, elikagaien eta edarien segurtasun-bermeak hobetuz eta ingurumenarekiko esposizioen biomonitorizazioa garatuz.

1. ATALA
GARAPEN-NAHASMENDUEN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

105. artikulua.– Garapen-nahasmenduen prebentzioa eta detekzioa.

1.– Eusko Jaurlaritzak, gizarte-, osasun- eta hezkuntza-zerbitzuen arloan dituen eskumenak egikarituz, eta foru-aldundiek, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten sailen bitartez, behar diren jarduketak egingo dituzte garapen-nahasmenduak edo kalte horiek jasateko arriskua prebenitzeko edo, hala badagokio, goiz detektatzeko, arreta goiztiarreko esku-hartze integralaren esparruan, hau da, zero urtetik sei urtera bitarteko haurrei, haien familiei eta inguruneari zuzendutako jarduketa guztiak biltzen dituen esparruan, diziplinarteko osasun-, hezkuntza- eta gizarte-ikuspuntutik.

2.– Zehazki, jarduketa hauek garatuko dituzte:

a) Haurdun dauden pertsona adingabeei arreta eta jarraipen intentsiboa egitea arrisku-egoerak detektatzeko eta etorkizuneko gurasoei informazioa, laguntza eta orientazioa emateko eginkizunak betetzen dituzten profesionalen bidez, hots, lehen mailako arretako zein obstetriziako profesionalen eta emaginen bidez. Kasuaren inguruabarren argitan egokitzat jotzen bada, arrisku biologiko, psikologiko edo sozial handiko haurdunaldien arretan espezializatutako zerbitzuetara bideratu edo haiekin koordinatuko dira, eta zerbitzu horietatik emango dira haurdunari eta kontzebituari ahalik eta arreta onena ematea bermatzeko beharrezkoak diren laguntza sanitario, sozial eta psikologikoak.

b) Amari eta haurtxoari jaio aurreko, jaiotza inguruko eta jaio ostean eman beharreko laguntzari buruzko prozesu guztiak integratzea, eskura dagoen ebidentziarik onenean oinarritutako praktika klinikoko gidekin bat etorriz.

c) Sortzetiko gaixotasunen prebentzioa eta detekzio goiztiarra, baita urritasun psikiko eta fisikoena ere, indarrean dagoen lege-esparruak, etikak, teknologiak eta lehendik dauden baliabideek osasun-sistemari ezartzen dizkioten mugekin soilik, eta, bereziki, jaio aurretik eta jaio berritan sortzetiko gaixotasunak bahetzearen bidez, haurren gorreria goiz detektatzea barne.

d) Arrisku biologiko, psikologiko edo sozialeko baldintzak dituzten haurren jarraipena egitea, horiek haurren garapenaren lehen urteetan izateak adierazpen berantiarragoa izango duten hainbat arazo izateko arriskua areagotzen baitute.

e) Gurasoek, legezko ordezkariek eta harreragile edo zaintzaileek gurasotasun positiboko ikastaro eta tailerretan edo tratu oneko programa espezifikoetan parte hartzea erraztera bideratutako jarduketak.

3.– Aurreko apartatuan xedatutakoari kalterik egin gabe, haurduna hogeita bost urtetik beherakoa bada, eta ama izango denaren jokabidea edo haren inguruabar berezi eta zaurgarriak direla-eta kontzebituaren garapen normalean edo osasunean eragina izan dezakeen jaio aurreko arrisku-egoera posible bat badago, gero kontzebituaren arrisku- edo desanparo-egoeraren deklaraziorik ez egoteko edo, azken batean, jaio ondoren hori gertatzea saihesteko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, haurdunaldian zein jaiotzaren ondoren, arreta berezia eskainiko die amari eta haurtxoari, eta, hala badagokio, haien familiari. Arreta espezializatua etxez etxekoa izan daiteke, beharrezkoa dela baloratuz gero.

4.– Nolanahi ere, osasun-langileek emango dute arreta hori, eta barne hartuko ditu honako alderdi hauetan jardunbide egokiak edo hobekuntzak bermatzeko edo gehitzeko esku-hartzeak:

a) Osasuna eta arriskuen prebentzioa sustatzea; eta bertan sartzen dira haurra jaio aurretik amaren osasuna hobeto zaintzeko jokabideak; ohitura osasungarriak elikaduran, jarduera fisikoan, atsedenaldian edo osasun emozionalean; eta tabakoaren, alkoholaren eta bestelako substantzien kontsumoa saihestea edo, hala badagokio, murriztea.

b) Amaren eta kontzebituaren arteko atxikimendu-lotura egokia sortzen laguntzea.

c) Haurraren osasuna eta garapena hobetzea, gurasoei laguntza emanez zainketa trebea, ardurazkoa eta sentikorra eskaintzeko: amaren/aitaren eta haurren arteko interakzioa.

d) Amen bizi-garapen goiztiarra.

5.– Aurrekoari kalterik egin gabe, artikulu honen 3. apartatuan aipatzen den arreta espezializatua emango da eskumena duten gizarte-zerbitzuekin koordinatuta. Gainera, beharrezkoa bada, ama izango denaren jokabidea edo inguruabar berezi edo zaurgarriak direla-eta jaio aurreko arriskua dagoela iritziz gero, babes-neurriak hartuko dira lege honen VI. tituluan aurreikusitako moduan.

106. artikulua.– Arreta goiztiarra.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako administrazio publikoek, beren eskumenen eremu materialean, behar diren jarduketak egingo dituzte garapen-nahasmenduei edo horiek jasateko arriskuari aurre egiteko, arreta goiztiarreko esku-hartze integralaren esparruan. Esku-hartze horretan, psikomotrizitate, psikoterapia, fisioterapia, logopedia, gizarte-lan, psikopedagogia, psikologia, lanbide-terapia, gizarte-hezkuntza eta hezkuntza-laguntzako esku-hartzeak sartu ahal izango dira, baita oztopo fisikoak eta sozialak gainditzeko laguntzak ere, haur bakoitzaren ingurune naturala kontuan hartuta.

2.– Esku-hartze horiek oro har eta sektoreen artean egingo dituzte, haurraren arreta-premien balorazioa egin ondoren, erregelamendu bidez ezarritakoari jarraituz, eta doakoak izango dira zerotik sei urtera arteko haurrentzat.

2. ATALA
SEXU- ETA UGALKETA-OSASUNAREN ARLOKO PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

107. artikulua.– Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prebentzioa eta detekzioa.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren eta hezkuntzaren arloan dituen eskumenak egikarituz, sexu- eta ugalketa-osasunarekin zerikusia duten arriskuak prebenitzeko neurriak garatuko ditu.

2.– Zehazki, neurri horiek helburu hauek betetzera bideratuko dira:

a) Nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzea, antisorgailuetarako irisgarritasuna hobetzera bideratutako neurriak hartuta.

b) Oso adin goiztiarreko haurdunaldiak prebenitzea, osasunerako dakarten arriskua dela-eta.

c) Sexu-transmisiozko gaixotasunak prebenitzea.

d) Fetuaren garapenerako arriskuen prebentzioa haurdunaldi osoan zehar eta jaio aurreko fasean, jaiotza ingurukoan eta jaio ostekoan.

108. artikulua.– Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko arreta.

Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, bakoitzak bere eskumen-eremuan, eta sexu- eta ugalketa-osasunaren arloan prebentzio-, detekzio- eta arreta-jarduketak egitea errazteko helburuarekin, gazteen arreta bereizteko ahalegina egingo dute, batez ere emakumeena; betiere, kontuan izanik haien premia espezifikoak eta inguruabar familiar, pertsonal eta sozialak.

3. ATALA
OBESITATEAREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

109. artikulua.– Obesitatearen prebentzioa eta detekzioa.

1.– Euskal administrazio publikoek, osasunaren, hezkuntzaren eta jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan dituzten eskumenak egikarituz eta gai horietan eskumena duten gainerako administrazio publikoekin elkarlanean, familia-, eskola-, osasun- zein komunitate-ingurunean eta sektore pribatuan aplika daitezkeen neurriak garatuko dituzte haur eta nerabeen obesitatea eta gehiegizko pisua prebenitzeko.

2.– Zehazki, euskal administrazio publikoek neurri hauek hartuko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen eta familien nutrizio-profila eta jarduera fisikoaren profila monitorizatzea, profil bakoitzaren arabera jarduteko gomendio zehatzak emateko.

b) Pertsona adingabeei, familiei, eskolei eta komunitateko eragileei zuzendutako dibulgazio-kanpainak eta jarduketa-gidak, gizartea informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko pertsona adingabeen garapenean obesitateak dituen ondorio negatiboen inguruan.

c) Pertsona adingabeen jarduera fisikorik eza murrizteko neurriak. Horretarako, jarduera fisikora bideratzeko zerbitzuetan haur eta nerabeei arreta berezia eskaintzeko zerbitzuak garatuko dituzte, eta, bereziki, jarduera fisikoa familian egitea eskatzen duten jarduerak sustatuko dituzte.

d) Behar bereziak edo zaurgarritasun handiagoa duten taldeak identifikatzea, eta berariazko jarduketak diseinatu eta aplikatzea.

e) Haurren obesitatea prebenitzeko neurriak hartzea; bereziki, jarduera fisikoa egiteko guneak hobetzeko aukerak identifikatzea xede dutenak.

f) Eskola-ingurunean jarduera fisikoa areagotzeko neurriak: eskolako patioak jolaserako eta jarduera fisikorako gune bihurtzea, oinarri fisikoko jokoak sustatzea jolas-orduetan eta lehiarik gabeko jardueren eskaintza handitzea.

g) Osasun-arloko profesionalak sentsibilizatu, prestatu eta ahalduntzea, obesitatea eta gehiegizko pisua prebenitu, detektatu eta tratatzeko duten zeregina indartzeko.

h) Tresna bateratuak ezartzea, pertsona adingabeetan gorputz-masaren indizean onargarriak ez diren desbideratzeak modu objektiboan identifikatzeko, eta jarduteko jarraibideak, prebentzio-tresnak, detekzio-tresnak eta garapen-etapa bakoitzean laguntzeko tresnak eskaintzeko.

i) Erakundeen arteko akordioak sustatzea, elikagaigintza eta ostalaritzarekin elkarlanean, elikagai prestatuen azukreak, gantz aseak eta gatza murrizteko, arreta berezia jarrita haurrei zuzenduta dauden eta OMEk egindako Europako Eskualdearen nutrizio-profilean jasotakoaren arabera sodio, azukre, gantz ase eta gantz-azido ase ugari duten elikagai eta edarietan.

j) Hedabideekin akordioak sustatzea, nutrizio-balio txikiko eta balio energetiko handiko janarien eta edarien publizitateari dagokionez, arreta berezia jarrita haurrei zuzenduta dauden eta OMEk egindako Europako Eskualdearen nutrizio-profilean jasotakoaren arabera sodio, azukre, gantz ase eta gantz-azido ase ugari duten elikagai eta edarietan.

k) Pertsona adingabeei zuzendutako elikagaien etiketak eta nutrizio-osaera zaintzeko neurriak, nutrizio-informazio egiazkoa, argia eta ulergarria ematen dutela eta nahasteko moduko jardunbideak saihesten dituztela ziurtatzeko.

l) Xedapenak ematea, haur eta nerabeei zuzendutako menuetan eta ekitaldietan elikagai eta edari ez-osasungarriak eta prozesatuak kentzeko.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako neurri guztiak Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloan eskumena duen sailak onetsitako Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategiaren esparruan egituratuko dira.

110. artikulua.– Obesitatearen arreta.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, eta Euskadiko Osasun Planarekin bat etorriz, obesitatea duten pertsona adingabeentzako esku-hartzeak garatuko ditu, ikuspegi integratzailea, sektore anitzekoa eta diziplina anitzekoa izanda eta arrisku-faktore guztiak aintzat hartuta.

2.– Esku-hartze horiek diziplina anitzeko beste era bateko jarduketekin konbinatu ahal izango dira. Halaber, beharrezkoa bada, laguntza indibidual psikologikoa, nutrizionala edo bestelakoa jaso ahal izango dute.

4. ATALA
OSASUN MENTALEKO NAHASMENDUEN, JOKABIDE ARAZOTSUEN ETA MENDEKOTASUNEN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

111. artikulua.– Prebentzioa eta detekzioa.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren eta hezkuntzaren arloan dituen eskumenak egikarituz, behar diren neurriak hartuko ditu nahasmendu mentalak, jokabide-nahasmenduak eta adikzio-nahasmenduak prebenitu eta detektatzeko. Era berean, neurri egokiak hartuko ditu nahasmendu mentalak dituzten pertsona adingabeen estigmatizazioa prebenitzeko.

2.– Foru-aldundiek eta udalek, gizarte-zerbitzuen arloan dituzten eskumenak egikarituz, jokabide-nahasmendu izateko arriskua duten edo hura dakarten jokabideak prebenitzen eta detektatzen parte hartuko dute, dagokion hezkuntza- edo prestakuntza-zentroarekin eta dagokion osasun mentaleko zentroarekin koordinatuta.

3.– Orobat, jokabide mendekotasun-sortzaileen nahasmenduak prebenitzeko eta detektatzeko neurriak hartuko dituzte, gai horri buruzko foru- eta toki-planetan aurreikusitako moduan.

4.– Euskal administrazio publikoek dibulgazio-kanpainak egingo dituzte haurren eta nerabeen osasun mentala zaintzearen garrantziaz gizartea informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko; garrantzi berezia emango zaio osasun mentalerako arrisku-faktoreak saihesteari, haur eta nerabeei, familiei, eskolei, eragile komunitarioei eta, oro har, gizarteari zuzendutako zabalkunde-kanpainen eta giden bidez.

5.– Eusko Jaurlaritzak nahasmendu mentalei lotutako estigma soziala desagerrarazteko estrategia bat egingo du gizarte-diskriminazioaren aurka borrokatzeko, eta, bereziki, osasun mentaleko arazoak dituzten haur eta nerabeen diskriminazioaren aurka, erakunde-maila bakoitzerako ekintza zehatzak baliatuta.

112. artikulua.– Prebentzio- eta detekzio-neurriak.

1.– Aurreko artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenak egikarituz, helburu hauek lortzera bideratutako neurriak hartuko ditu:

a) Nahasmendu mentalen prebentzioa osasun publikoko lehentasuntzat hartzea.

b) Estresa, antsietatea eta depresioa prebenitzea, bereziki talde zaurgarrienen kasuan.

c) Nahasmendu kronikoak edo iragankorrak dituztelako zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen guraso-gaitasunak indartzea.

d) Familiek, pertsona adingabeak barne, gatazkak modu baketsuan konpontzeko gaitasunak eskuratzea, beren gurasoak, legezko ordezkariak eta harreragile edo zaintzaileak heziketa emozionalean trebatuz, baita jokabidearen maneiuan eta etorkizunean portaera antisozialak prebenitzeko estrategietan ere.

e) Eskola-curriculumean mendekotasunekin zerikusia duten gaiak garatzea.

f) Pertsona adingabeen elikadura-jokabidearen nahasmenduak prebenitzea.

g) Jokabide disruptibo edo disozial errepikakorrak dituzten edo gizarte-arauak eta hirugarrenen eskubideak urratzen dituzten pertsona adingabeen jokabide-nahasmenduak prebenitzea.

h) Pertsona adingabeen jokabide autolitikoak, autolesioak eta suizidioa prebenitzea, Euskadin Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren esparruan.

i) Pertsona adingabeen osasun mentaleko esku-hartzeak sistematizatzea, haien efikazia aztertze aldera.

j) Nahasmendu mentalak dituzten pertsona adingabeen diskriminazioa eta estigmatizazioa prebenitzea.

2.– Foru-aldundiek, beren eskumenak egikarituz, helburu hauek lortzera bideratutako neurriak hartuko dituzte:

a) Arrisku larrian edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeetan jokabide arazotsuak eta mendekotasunak prebenitzea.

b) Arrisku larrian edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeetan nahasmendu mentalak agertzea edo areagotzea prebenitzea.

3.– Udalek, beren eskumenak egikarituz, helburu hauek lortzera bideratutako neurriak hartuko dituzte:

a) Harremanen eta gizarte-partaidetzaren sare komunitarioak indartzea.

b) Pertsona adingabeek jokabide arazotsuak edo mendekotasunak eragin ditzaketen jokabide eta ohitura desegokiak har ditzaten prebenitzea, batez ere arlo sozioekonomiko behartsuetan, gizarte-bazterketako arrisku handia dutenetan, erreferentzia-eredu positiboak sortuz.

c) Zaurgarritasun-egoeran edo -arriskuan dauden pertsona adingabeek jokabide edo ohitura desegokiak har ditzaten prebenitzea, horiek jokabide arazotsuak edo mendekotasunak eragin baditzakete.

4.– Berariaz, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak, bakoitza bere eskumen-eremuan, elkarlanean arituko dira, eta beren jarduketak koordinatuko dituzte mendekotasunak prebenitzeko, helburu hauek lortzeko ekintzen bidez:

a) Haurrak eta nerabeak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzea ondoko hauek dakartzaten arriskuei buruz: adikzioa sor dezaketen substantzien kontsumoa, alkohola eta tabakoa barne; jokabide-adikzio bihur daitezkeen portaera neurrigabeak, bereziki, ausazko jokoak eta apustuak; teknologia digitalen erabilera, Internet, sare sozialak, bideojokoak, telefono mugikorrak, edo erosketa konpultsiboa.

b) Denbora librea erabiltzeko eredu alternatiboak sustatzea, substantzien kontsumoaren, jokabide adikzio-eragileen eta jokabide-adikzioak sor ditzaketen beste arrisku edo portaera neurrigabeen aurrean aukera alternatiboak eskaintzeko, bereziki gazte eta nerabeen artean.

c) Harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera txarrarekin edo gehiegizko erabilerarekin lotutako arriskuak prebenitzeko ekimenak garatzea.

d) Joko arduratsuaren inguruan hezteko neurriak eta programak indartzea, joko- eta ostalaritza-establezimenduekin elkarlanean.

5.– Halaber, aurreko administrazio publikoek informazio-bitartekoekin eta hedabideekin elkarlanean jardungo dute, bereziki titulartasun publikokoekin, mendekotasunen eremuan prebentzio-neurriak hartzeko, honako helburu hauek lortze aldera:

a) Mendekotasunei buruzko informazio egokia eta egiazkoa emango dela bermatzea.

b) Prebentziozko kanpainak eta mezuak zabaltzea.

c) Mendekotasun-eredu bihur daitezkeen kontsumo edo jokabide neurrigabeen gaineko irudi positibo edo erakargarriak eratzearen kontra borrokatzea, bereziki ausazko jokoen eta teknologia digitalen eta haien aplikazio berrien kasuan.

113. artikulua.– Osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsona adingabeen osasun-arreta.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, pertsona adingabeen osasun mentaleko beharrei tratamendu eta arreta integrala emateko programak garatuko ditu, osasun-sare publikotik.

2.– Oro har, programa horiek nahasmendu mentalen diagnostikoa egin zaien pertsona adingabeentzat izango dira, eta, bereziki, honako ezaugarri hauetakoren bat edo batzuk dituzten pertsona adingabeen berariazko arreta-premiak kontuan hartu beharko dituzte:

a) Desgaitasun intelektual baten ondoriozko desgaitasuna; saihestu egin beharko da desgaitasun horrek sintoma psikiatrikoak ezkutatzea.

b) Elikadura-jokabidearen nahasmenduak.

c) Jokabide-nahasmenduak edo nortasun-patologia, nortasun-nahasmenduen garapena prebenitzeko.

d) Adikzioa sor dezaketen substantzien kontsumoa edo horiekiko mendekotasun-arazoak izatea, alkohola eta tabakoa barne, edo jokabide-adikzioko ereduak eragin ditzaketen substantziena, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak aurreikusitako moduan.

e) Edozein eratako indarkeria-motaren biktima-aurrekariak izatea, familia-, eskola-, osasun-, gizarte- edo erakunde-bizitzan edo beste edozein eremutan.

f) Jokabide autolitikoak eta autolesiokoak.

g) Norbere buruaz beste egiteko arriskua.

3.– Pertsona adingabeen osasun mentalerako arreta, haien premia espezifikoen arabera, ospitaleko unitate espezializatuetan, intentsitate handiko unitate anbulatorioetan, hots, eguneko ospitaleetan, eta osasun mentaleko zentroetan eman beharko da, eta horiek guztiek haur eta nerabeen psikologian eta psikiatrian espezializatutako osasun-langileez hornituta egon beharko dute. Halaber, osasun mentaleko arazoak dituzten helduen ekipamenduetatik bereizita eta bananduta egongo dira.

114. artikulua.– Arreta soziosanitario.

1.– Osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloan eskumenak dituzten euskal administrazio publikoak koordinatu egin beharko dira osasun mentaleko nahasmenduak eta aldi berean muga funtzional larriak dituzten pertsona adingabeen beharrizanetara egokitutako arreta soziosanitarioa bermatzeko, gizarte- eta osasun-arreta aldiberekoa, koordinatua eta egonkorra behar badute, arretaren jarraitutasunaren printzipioarekin bat etorriz.

2.– Lege honen 5. artikuluan ezarritako erantzunkidetasun-eginbeharraren esparruan, Hezkuntza Administrazioa ere elkarlanean arituko da, hala badagokio.

3.– Oro har, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 46. artikuluan jasotako aurreikuspenekin bat etorriz, arreta mota horren barruan bereziki artatuak izan daitezkeen kolektiboen artean daude honako ezaugarri hauetakoren bat duten pertsona adingabeak:

a) Desgaitasunen bat duten pertsona adingabeek aldi berean nahasmendu mental bat izatea. Desgaitasun intelektuala dutenei dagokienez, saihestu egin behar da tasun horrekin lotutako ezkutatze-efektua, edozein adierazpen psikologiko edo psikiatriko desgaitasunari egozteko arriskua eragin baitezake, beste kausa posible batzuk kontuan hartu gabe.

b) Jokabide-adikzioko ereduak garatzen dituzten substantzien kontsumo arazotsuak, gehiegikeriak edo haiekiko mendekotasuna dituzten pertsona adingabeek aldi berean nahasmendu mental bat izatea, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legean aurreikusitako moduan.

c) Pertsona adingabearen nahasmendu psikiatrikoak, diagnostikoak, pronostikoak eta klinikak zehaztuta larritasun handiko eredu jarraitua eratzen dutenak, eta epe ertainean, familian eta komunitatean normalizatzea eragozten dutenak.

4.– Aurreko ondoreetarako, pertsona adingabeentzako egoitza-unitate soziosanitarioak antolatuko dira, zeinak lurralde historikoetako gizarte-zerbitzuen sarean integratuko diren, eta izaera mistoko profesional espezializatuz hornituta egongo dira:

a) Esku-hartze sozialeko profesionalak, zeinak gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duten foru-aldundietako sailek hornitu beharko dituzten.

b) Haur eta gazteen psikiatrian espezializatutako osasun-langileak, zeinak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak hornitu beharko dituen.

5.– Unitate horiek bertan artatuko diren pertsonen adinaren eta egoera afektibo eta psikologikoaren arabera bereizitako ekipamenduak izan beharko dituzte, eta dituzten berariazko laguntza- eta arreta-premietara egokituak.

6.– Nolanahi ere, unitate horietan artatzen diren pertsona adingabeen egoera gutxienez sei hilabetez behin berraztertu beharko da; hargatik eragotzi gabe berraztertze hori sarriago egiteko aukera, kasuan kasuko inguruabar zehatzek hala gomendatzen badute.

7.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eta osasun-arloan eskumena duten sailen bitartez, zeinek elkarrekin jardungo baitute, erregelamendu bidez zehaztuko ditu egoitza-unitate soziosanitarioen tipologia, egitura eta bete beharreko betekizun tekniko materialak, bai eta eginkizunei eta langileei buruzkoak ere, aurreikusitako unitate bakoitzean artatutako pertsona adingabeek behar dituzten hezkuntza- eta terapia-beharrizan bereziak kontuan hartuta, eta aurreko apartatuan xedatutakoari kalterik egin gabe.

8.– Era berean, aurreko apartatuan aipatu den erregelamendu-garapenean ezarriko dira baliabide horien hartzaile diren pertsona adingabeek bete behar dituzten ezaugarri, baldintza eta betekizunak, eta berariaz aipatuko dira bai erabiltzaileen, bai unitate horietako profesionalen eskubide eta betebeharrak.

115. artikulua.– Arreta terapeutiko-hezigarria.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren eta hezkuntzaren arloan dituen eskumenak egikarituz, arreta terapeutiko-hezigarria bermatuko du, osasun mentaleko nahasmenduak dituzten eta aldi berean hezkuntza- eta pedagogia-arreta edo arreta psikiatrikoa behar duten pertsona adingabeen beharrizanetara egokitua.

2.– Halaber, lege honen 5. artikuluan ezarritako erantzunkidetasun-eginbeharraren esparruan, gizarte-zerbitzuetan eskumena duten administrazioak ere elkarlanean arituko dira, hala badagokio.

3.– Bereziki, langile espezializatuz hornitutako osaera mistoko unitate terapeutiko-hezigarriak antolatuko dira, zeinek Hezkuntza Administrazioaren mendeko hezitzaileak eta haur eta gazteen psikiatrian espezializatutako Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren mendeko osasun-langileak izango dituzten.

4.– Unitate horiek arreta integraleko baliabideak osatuko dituzte, diziplinartekoak eta espezializatuak, hezkuntza- eta osasun-arloan erantzuna emateko osasun mentaleko nahasmendu larrien ondorioz hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei, haien ohiko ingurunean eskura dauden neurri eta laguntza orokorrak eta espezifikoak haientzat ez badira ez nahikoak, ez egokiak.

5.– Gainera, esku-hartze terapeutiko-hezigarriko programak ezarriko dira, jokabide arazotsuak, disruptiboak edo disozialak dituzten pertsona adingabeei zuzenduak, dagozkion lankidetza-hitzarmenen esparruan.

5. ATALA
ISTRIPUEN PREBENTZIOA ETA ARRETA

116. artikulua.– Istripuen prebentzioa.

Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, helburu hauek lortzera bideratutako neurriak hartuko dituzte:

a) Trafikoko gertakari, ezbehar edo kausengatik haur eta nerabeek istripuak izatea prebenitzea eta horiek murriztea, sektore anitzetan esku hartzeko neurrien esparruan.

b) Etxeko istripuak prebenitzea eta murriztea, adingabeko seme-alabak dituzten familiei eta pertsona adingabeei zuzendutako prebentzio-kanpainen bidez, oinarrizko ezagutzak izan ditzaten erorikoak, zauriak, intoxikazioak, erredurak, deskarga elektrikoak edo familiaren etxean gerta daitezkeen beste istripu batzuk saihesteko.

c) Jarduera fisikoak, kirol-jarduerak edo aisia-jarduerak egiten diren bitartean gerta daitezkeen istripuak prebenitzea eta horiek murriztea.

d) Lan-ingurunean nerabeen istripuak prebenitzea eta murriztea, enpresei zuzendutako sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainen bidez, prebentzio-neurriak eta babes-ekipamendu egokiak daudela bermatzeko beharrari eta prebentzio- eta babes-neurri horien erabilera eraginkorra zaintzeko beharrari lotutakoen bitartez, hain zuzen.

Horrez gain, berariaz langile adingabeei zuzendutako kanpainak antolatu beharko dira, prebentzio-neurriak eta dagokion babes-ekipamendua modu eraginkorrean erabiltzearen garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzeko.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ikuskizun publikoetan eta jolas- eta kirol-jardueretan istripuak prebenitzea eta murriztea. Helburu horrekin, aisialdiko jarduerak eta ikuskizun publikoak egiten diren zentro guztietan, istripuak eragozteko eta erabiltzaileentzako arriskuak saihesteko behar bezala prestatutako langileak eduki behar dituzte, eta kasuan-kasuan autobabeserako nahitaezkoak diren neurriak eduki behar dituzte ezarrita, apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Larrialdiak Kudeatzeko Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera.

117. artikulua.– Osasun-arreta istripuetan.

Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan dituen eskumenak egikarituz, oinarrizko ezagutzak eskuratzea sustatuko du, herritarrek oro har, pertsona adingabeek, gurasoek, legezko ordezkariek, harreragile eta zaintzaileek, eta hezkuntza-, kirol- eta aisialdi-zentroetan jarduten duten profesionalek istripuetan lehen sorospenak ematen jakin dezaten.

II. KAPITULUA
HEZKUNTZA-GARAPENERAKO KALTEGARRIAK DIREN EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA
1. ATALA
ESKOLAGABETZEAREN ETA ESKOLA-ABSENTISMOAREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

118. artikulua.– Eskolagabetzearen eta eskola-absentismoaren prebentzioa eta detekzioa.

1.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, udalekin elkarlanean, dibulgaziozko prebentzio-neurriak hartuko ditu, eskolatutako pertsona adingabeak dituzten familiei urtero honako alderdi hauei buruzko informazioa helarazteko:

a) Eskolatzeak garapen integralerako dituen abantailak eta eskolatze ezaren ondorio negatiboak;

b) Eskolatzea nahitaezkoa den adinak;

c) Eskolatzeari eusteko duten erantzukizuna;

d) Eskolara joateko nahitaezkotasuna eta familiei eskola-absentismoa saihesten laguntzeko dauden laguntzak.

2.– Halaber, ahal den neurrian, eskolatzea etapa goiztiarrenetan has dadin laguntzeko neurriak garatuko ditu. Ondore horretarako, neurri horiek honako helburu hauek izango dituzte:

a) Hiru eta sei urte bitarteko haurren eskolatzea bermatzeko eta zero urtetik aurrerako eskolatzea ezartzeko neurrien harira, ezarpen-prozesuan lehentasuna ematea maila sozioekonomiko apalena duten guneei eta, oro har, hezkuntza-laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleei.

b) Haur Hezkuntzako ikastetxe pribatuetan matrikula ordaintzetik salbuesteko neurriak aplikatzea ondorio anitzeko errentaren adierazle publikoa (IPREM) baino errenta txikiagoak dituzten familietan.

3.– Bereziki, antolakuntzako neurriak eta neurri instrumentalak hartuko ditu derrigorrezko hezkuntzaren etapan eskolagabetzea prebenitzeko. Neurri horiek erakundeen arteko eta sektoreen arteko elkarlanaren eta koordinazioaren esparruan hartuko dira. Horrek esan nahi du ikastetxeek, udaletako gizarte-zerbitzuek, Udaltzaingoak eta, hala badagokio, Fiskaltzak, inplikazio zuzena izan beharko dutela. Ondore horretarako, neurri horiek honako helburu hauek izango dituzte:

a) Ikastetxe-proiektuen barruan absentismoa prebenitzeko eta detektatzeko programen diseinua eta ezarpena bultzatzea.

b) Eskolagabetzea eta absentismoa detektatzeko eta egoera horietan jarduteko mekanismoak eta bideak zehaztuko dituen protokolo bat garatzea eta aplikatzea.

4.– Berariaz, eskola-absentismoa prebenitzeko neurriak hartuko ditu, haur eta nerabeen azpitalde hauentzat:

a) Eskola-absentismoa izateko batezbestekoa baino arrisku handiagoa duten pertsona adingabeak. Bereziki, lehentasunezko hezkuntza-guneetan bizi diren pertsona adingabeak edo eskolara joatea sustatzen ez duten kultur-ohitura edo -jarraibideak dituzten komunitateetan integratuta dauden haur eta nerabeak izango dira ardatz.

b) Beren egoera indibidualagatik eskola-absentismoa izateko arrisku handia duten pertsona adingabeak.

5.– Nolanahi ere, derrigorrezko irakaskuntzaren etapan pertsona adingabe bat eskolatu gabe dagoela edo ikastetxera normalean eta justifikaziorik gabe joaten ez dela jakiten duen edozein pertsonak edo agintarik horren berri eman beharko die eskumena duten agintari publikoei, behar diren neurriak har ditzaten.

119. artikulua.– Eskolagabetzeko eta eskola-absentismoko egoeretara bideratutako jarduketak.

1.– Derrigorrezko irakaskuntzaren etapan eskolagabetze-egoera edo eskola-absentismoko egoera bat detektatu ondoren, Hezkuntza Administrazioak egoera horren kausak zehazteko neurriak hartuko ditu eta, horien arabera, pertsona adingabea eskolaratzeko edo haren absentismoa amaitzeko beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartuko ditu:

a) Hezkuntza-laguntzako neurriak, bai eskola-eremuan hezkuntza-laguntza osagarriko programen bidez, bai familia-eremuan.

b) Familiari laguntzeko neurriak, kausa bizikidetza-arazoekin lotuta dagoela uste bada.

c) Eskola-ingurunean esku hartzeko neurriak, kausa jazarpen-egoera bat dela uste bada.

d) Egokiak izan daitezkeen laguntza psikologikorako banakako neurriak, eskolagabetzea edo eskola-absentismoa zailtasun emozionalen edo sozializazio-arazoen ondorioa bada.

2.– Hezkuntza Administrazioak, erakundeen arteko eta sektoreen arteko elkarlanaren eta koordinazioaren esparruan, udaletako gizarte-zerbitzuen parte-hartzea eduki ahal izango du kasu bakoitzean hartu diren neurrien jarraipena egin eta zaintzeko.

2. ATALA
ESKOLA-PORROTAREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

120. artikulua.– Eskola-porrotaren prebentzioa eta detekzioa.

1.– Eskola-porrota prebenitzeko, Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, hezkuntza-laguntzako berariazko premiei eta, bereziki, ikasteko zailtasun handienak dituzten ikasleei behar bezala erantzutea ahalbidetuko duten neurriak hartuko ditu. Neurri horiek bideratu beharko dira hezkuntzaren arloan eskumena duen sailak aniztasunari erantzuteko arauz ezarritako programak garatzera.

2.– Halaber, Lanbide Heziketarako irispidea sustatuko du, eta, horretarako, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako eredu bat diseinatuko du erantzun bat emateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua lortu ez duten hamabost eta hamazazpi urte bitarteko ikasleen premiei edo hezkuntza-laguntzako berariazko premiei. Nolanahi ere, curriculum-egokitzapenak ez du eraginik izango oinarrizko lanbide-konpetentziekin lotutako helburuetan, zeinak beharrezkoak baitira tituluak gaitzen duen konpetentzia orokorra lortzeko.

3.– Eskola-porrota gertatzeko arriskua dagoela detektatzen bada, zehaztu egin beharko da, ikusitako zantzuetan oinarrituta, egoera hori unekoa edo ohikoa den, egoera horren benetako kausa edo kausak, direla pertsonalak, familiakoak, eskolakoak edo beste mota batekoak, aztertu ahal izateko.

121. artikulua.– Eskola-porroteko egoeran dauden pertsona adingabeentzako laguntzak.

Eskola-porrota gertatzen bada, eta hori eragin duten arrazoien arabera, esku hartzeko neurririk egokienak hartu beharko dira, honako hauen artean:

a) Hezkuntza-laguntzako neurriak, bai eskola-eremuan hezkuntza-laguntza osagarriko programen bidez, bai familia-eremuan.

b) Familiari laguntzeko neurriak, eskola-porrota bizikidetza-arazoekin lotzen bada.

c) Eskola-ingurunean esku hartzeko neurriak, porrot-egoera jazarpen-egoera baten ondoriozkoa bada.

d) Egokiak izan daitezkeen laguntza psikologikorako banakako neurriak, eskola-porrota zailtasun emozionalen edo sozializazio-arazoen ondorioa bada.

III. KAPITULUA
ONGIZATE MATERIALERAKO ETA GIZARTE-INKLUSIORAKO KALTEGARRIAK DIREN EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA
1. ATALA
POBREZIA-EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

122. artikulua.– Haur-pobreziako egoeren prebentzioa eta detekzioa.

1.– Botere publikoek haurren eta nerabeen pobrezia prebenitzera bideratutako neurriak hartuko dituzte estrategia integralen bidez. Estrategia horiek, segurtasun materiala bermatzeaz gain, eragina izango dute pertsona adingabearen familia-bizitzaren baldintza sozioekonomikoetan, pobreziaren egiturazko kausei konponbidea emate aldera. Hori guztia egingo da Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak bere 6. artikuluan eta, orobat, ondoren garatutako Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuan eta Familia-politiken eremuan familia-errenta estandarizatzeko sistema erregulatzen duen dekretua aldatzeko martxoaren 17ko 32/2015 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Halaber, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzen duten printzipioei jarraituz, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak lagundu egin beharko du pobreziak haurrengan eta nerabeengan duen eragina prebenitzen eta arintzen.

Ildo horretan, haurren eta nerabeen pobrezia-egoerak prebenitzea xede izanda, bateragarriak izango dira segurtasun materiala bermatzera eta familia-bizitzaren baldintza sozioekonomikoak duintzera bideratutako neurri eta prestazioak.

2.– Berariaz, lege honen III. tituluko IV. kapituluan jasotako ongizate materiala sustatzeko neurriez gain, helburu hauek lortzera bideratutako jarduketak egingo dira:

a) Neurriak antolatzea beren ardurapean seme-alaba adingabeak dituzten pertsonak laneratzen laguntzeko, ekintza positiboko irizpideak ezarriz, betiere lehenetsiz, batetik, beren ardurapean pertsona adingabedun familia-unitateak dituzten pertsonak laneratzea, baldin eta iraupen luzeko langabezian edo enplegu-intentsitate baxuko egoeran badaude, eta, bestetik, sektore ekonomiko feminizatuenetako lan-baldintzak hobetzea.

b) Etxeko ekonomia modu egokian kudeatzeko prestakuntza-programak antolatzea, eta programa horietan beren ezaugarri edo inguruabarrak direla-eta premia handieneko egoeran edo egoera bereziki zaurgarrian egon daitezkeen familia-unitateen parte hartzea bultzatu eta sustatzea, lege honen 103.4 artikuluan ezarritako moduan.

c) Familia-ekonomian eragin handia izan dezaketen pobrezia edo osasun fisiko eta mentalerako ohitura kaltegarriak, hala nola substantzien mendekotasunak edo ausazko jokoak, prebenitzera bideratutako dibulgazio-kanpainak antolatzea.

123. artikulua.– Prestazio eta laguntza ekonomikoak.

1.– Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio eta laguntza ekonomikoen zenbatekoak zehaztean, pertsona adingabeak aintzat hartuko dira hura arautzen duen berariazko legerian ezarritako baldintzei jarraikiz.

2.– Aipatutako prestazio eta laguntza ekonomikoak kudeatzeko ardura duten euskal administrazio publikoek behar diren mekanismoak hartuko dituzte ahalik eta azkarren eta pertsona adingabeen interes gorena zainduz erantzuteko beren ardurapean pertsona adingabeak dituzten familien eskaerei, baldin eta dagoeneko pobrezia-egoeran badaude, eta, orobat, beren ezaugarri edo inguruabarrak direla-eta, lege honen 103.4 artikuluan ezarritako moduan, premia handieneko egoeran edo egoera bereziki zaurgarrian egon daitezkeen familien eskaerei.

2. ATALA
BIZITEGI-BAZTERKETAKO EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

124. artikulua.– Bizitegi-bazterketako arriskuaren eta bizitegi-bazterketako egoeren prebentzioa eta detekzioa.

1.– Pertsona adingabeei eragiten dieten bizitokirik gabeko egoerak saihesteko, Eusko Jaurlaritzak, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, baita udalek ere, arlo horretan dituzten eskumenak egikarituz, etxebizitzaren funtzio soziala sustatuko dute, babes publikoko etxebizitza-politika garatuz etxebizitzarako eskubidea eraginkortasunez egikaritzea ahalbidetzeko.

2.– Berariaz, eta betiere Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legean eta arlo horretan espezifikoki aplikatu behar den gainerako araudian ezarritako moduan, helburu hauek lortzera bideratutako neurriak hartuko dituzte:

a) Etxebizitzarako irispidea erraztea beren ardurapean pertsona adingabeak dituzten eta etxebizitza-premia duten familia-unitateei.

b) Neurriak hartzea, etxebizitza sozialei buruzko politiken esparruan, lehentasunezko irispideko kolektiboen artean sartzeko beren ardurapean pertsona adingabeak dituzten familiak, baldin eta haien ezaugarri edo inguruabarrak direla-eta premia handieneko egoeran edo egoera bereziki zaurgarrian egon badaitezke, lege honen 103.4 artikuluan ezarritako moduan.

c) Modu subsidiarioan, etxebizitza baterako irispidea izateko prestazio ekonomiko bat bermatzea, etxebizitza bat eskura jartzea ezinezkoa bada.

125. artikulua.– Bizitegi-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsona adingabeentzako arreta.

1.– Ohiko etxebizitzan gizarte-larrialdiko egoera bat eragin duen ezbehar baten ondorioz bizitokirik ez duten familien ardurapean dauden pertsona adingabeek aukera izango dute Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren araudian ezarritako ostatu-baliabideetan edo beste edozein bizitoki alternatibotan sartzeko, egonaldi labur baterako, larrialdi-egoeraren balorazio profesionala jaso eta gero, baldin eta ez badute beste aukerarik, ez propiorik, ezta familia-ingurunekorik ere.

2.– Bizitokirik eza emakumearen kontra, seme-alaben kontra edo bien kontra gauzatutako genero-indarkeriazko egoera baten ondorio bada, eta biktima horietakoren bat babesa behar duen pertsona bat den kontuan hartuta, emakumearen ardurapean dauden pertsona adingabeak harekin sartuko dira etxeko tratu txarren biktima diren emakumeentzako lurralde-mailako berehalako harrera-zerbitzura, aurrez egoitza zuen udalerriaren arabera dagokionera, edo kasuan kasuko udaletako gizarte-zerbitzuek eskainitako emakume biktimentzako harrera-etxebizitzetara.

3.– Bizitokirik eza gizarte-bazterketako arriskuari lotuta dagoen kasuetan, familia udal-sareko bizitoki-zerbitzura sartu ahal izango da, baldin eta udaletako gizarte-zerbitzuek horretarako preskripzio teknikoa eman badute. Kasuaren balorazio profesionala egin ondoren gizarte-bazterketako arrisku-egoerak babesgabetasun-arriskua edo babesgabetasun-egoera ekar dezakeela uste bada, lege honen VI. tituluan aurreikusitakoa bete beharko da.

4.– Beren ardurapean seme-alabak dituzten familiak direnean, eta bizitokirik eza aurreko ahaideen gizarte-bazterketako egoera bati lotuta badago, iritziko zaio gizarte-bazterketako egoerak berekin dakarrela pertsona adingabeen arrisku-egoera, lege honen 177.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, horretarako, lege honen VI. tituluan aurreikusitakoa bete beharko da.

Kasu horietan, esku-hartzea arrakastatsua izan dadin, arrisku-egoeran esku hartzeko onartzen den familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuaren edukian jaso eta baloratu beharko dira familien beharrei babes espezifiko bat eskainiko dieten alternatibak, bizitoki-baliabideei buruzkoak barne, zeinak jasotzen baitira Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren araudi erregulatzailean.

5.– Aurreko apartatuan aurreikusitako ondoreetarako, eta Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 23.5 artikuluan xedatutakoaren esparruan, udalek dagozkion hitzarmenak egin ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzarekin, aipatutako egoeran dauden pertsona adingabeentzat zuzkidura-bizitokien sare bat eratze aldera.

6.– Pertsona adingabea haurdun badago, bizitokirik gabe, bazterketa-arriskuan edo bazterketa-egoeran, haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuek esku hartu beharko dute bai ama eta bai kontzebitua babesteko; esparru horretan, familia- edo egoitza-harrerako konponbide baterako irispidea izan beharko du, emantzipatuta egon ala ez, lege honen VI. tituluan aurreikusitakoaren esparruan.

3. ATALA
GIZARTE-BAZTERKETAREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA ARRETA

126. artikulua.– Gizarte-bazterketaren prebentzioa eta detekzioa.

1.– Egoera horretan deklaratutako pertsonen ardurapean egoteagatik pertsona adingabeei bereziki eragiten dieten gizarte-bazterketako egoerak saihesteko, euskal administrazio publikoek, gizarte-zerbitzuen arloan dituzten eskumenak egikarituz, neurriak hartuko dituzte egoera horiek prebenitzeko eta goiz detektatzeko.

2.– Neurri horiek, ahal dela, toki-mailan antolatu beharko dira, bai komunitate-ingurunean, bai familia-ingurunean, eta helburu hauek lortzera bideratuko dira:

a) Familien gizarte-isolamenduari eta diskriminazioari lotutako ondorio negatibo kolektibo zein indibidualei buruz herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzea.

b) Gizarte-zerbitzuen existentziaren berri eta haien funtzionamenduaz informazioa ematea, hizkera argi eta errazez idatzitako informazio-orriak zabalduz, pertsona adingabeentzat nahiz haien familientzat ulerterrazak izango direnak.

c) Kultura-, kirol- eta aisialdi-baliabideetarako eta haurren arreta-zerbitzuetarako lehentasunezko irispidea erraztea gizarte-bazterketako arriskuaren adierazleak dituzten pertsona adingabeei, eskolaz kanpoko ordutegietan eta oporraldietan.

d) Kirol-entitateak sentsibilizatzea eta babestea, gizarte- eta ekonomia-desabantailako egoeran dauden pertsona adingabeek kirolerako irispidea izan dezaten eta kirola egin dezaten errazteko, eta irizpideak ezartzea kirol-jarduerarako irispidea errazten duten entitateen aldeko dirulaguntzen ildoetan.

e) Aurretiazko lan-esperientzia gutxi duten edo batere ez duten pertsona adingabeei lehen lan-esperientziak erraztea; esparru horretan, ekintza positiboko neurriak hartuko dira, sarbiderako lehentasuna emanez haurrak eta nerabeak babesteko sistemaren esparruan edo legearekin gatazkan dauden adingabeen gizarte- eta hezkuntza-arreta emateko sistemaren esparruan Administrazioaren tutoretzapean daudenei. Aurrekoa hala izanik ere, bete beharko da nerabeak derrigorrezko hezkuntzaren ondoko hezkuntzan aritzea ahalik eta gehien bultza dadin duten eskubidea.

f) Kontratazio-prozeduretan gizarte-erantzukizuneko klausulak sartzea, aurreko letran aipatu diren nerabeen laneratzea sustatzeko. Nolanahi ere, aipatutako klausulak sartzeko ezinbestekoa izango da klausula horiek lotura zuzena izatea kontratuaren xede den prestazioarekin, eta berariaz eta behar bezala justifikatu beharko da inguruabar hori kontratazio-espedientean.

g) Dirulaguntzak emateko balorazio-irizpideei dagokienez, dirulaguntzen arau erregulatzaileetan gizarte-erantzukizuneko klausulak sartzea, aurreko letran aurreikusitako helburu berarekin, baldin eta haien aplikazioa eraginkorra bada dirulaguntzaren izaera edo xedea kontuan hartuta.

h) Gizarte-bazterketa prebenitzeko programa integralak garatzea desberdintasunak eta gizarte-gatazkako egoerak biltzen diren lurralde-eremuetan. Programa horiek eskolatzeari eta prestakuntza-jarraitutasunari, kaleko lanari, aisialdiari, prestakuntzari eta gizarteratze eta laneratzeari laguntzeko aparteko neurriak jaso beharko dituzte, bai eta gizarte- eta hezkuntza-neurri intentsiboak ere, hala nola eguneko zentroak.

127. artikulua.– Gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonen ardurapeko pertsona adingabeen arreta.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, behar diren neurriak hartu beharko dituzte gizarte-bazterketako arriskuan edo gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen ardurapean dauden pertsona adingabeen inklusioa lortzeko, eta sektore anitzeko eta diziplinarteko ikuspegitik jardun beharko dute.

2.– Helburu horrekin, gizarte-zerbitzuek, lehen mailako arretan zein bigarren mailako arretan, gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuak antolatuko dituzte. Bereziki, hauek izango dira zerbitzu horiek:

a) Etxeko hezkuntza eta familiako oinarrizko esku-hartzea, familiaren egoitzan emandakoak.

b) Kaleko hezkuntza eta gizarte- eta kultura-bitartekaritza, komunitate-ingurunean eskainiak.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako zerbitzuek ezaugarri hauek izango dituzte:

a) Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean laguntzeko harreman-prestazioak eskainiko dituzte, banakakoak, familiakoak edo taldekoak.

b) Helburu izango dute pertsonek gaitasun pertsonalak, familiakoak edo taldekoak eskura eta gara ditzaten, hots, jarrera, gaitasun, ezagutza, irizpide, jarraibide zein trebetasunak, eta, horrela, modu autonomoan moldatzen, gizarte-inklusioa lortzen eta familia- eta komunitate-ingurunean bizikidetza egokia izaten laguntzeko, eta desegokiak diren ohitura, jokabide, pertzepzio, sentimendu eta jarrerak beste egokiago batzuekin ordezteko.

4.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, neurriak hartuko ditu gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsona adingabeen gizarte-inklusioa errazteko, eta, horretarako:

a) Eskolagabetzerik badago, erraztu egingo du ikasturtean eskolaratzea, ikasturtearen hasierako egunetan ez bada ere.

b) Laguntza espezifikoak ezarriko ditu haien hezkuntza-beharrizanei erantzuteko.

c) Eskola-jantokietarako doako sarbidea ahalbidetuko du.

d) Ikastetxeetan egiten diren eskolaz kanpoko jardueretarako sarbidea ahalbidetuko du.

5.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, berariazko neurriak hartuko ditu gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsona adingabeei laguntzeko, egoera horrek haien osasun fisiko eta mentalean eragin dezakeen narriadurari erantzun terapeutikoa emate aldera.

V. TITULUA
HAURREN ETA NERABEEN KONTRAKO INDARKERIA-EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA BABESA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

128. artikulua.– Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integrala.

1.– Eusko Jaurlaritzak, pertsona adingabeek bizitzeko, osotasun fisiko eta psikikoa izateko eta tratu ona jasotzeko duten eskubidea sustatzeko, babesteko eta defendatzeko duen eginbeharra egikarituz, haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari helduko dion estrategia integrala egin, onartu eta ezartzea bultzatuko du, erakunde artekoa eta sektore artekoa, haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari helduko diona alderdi guztietan, hain zuzen ere haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzea ziurtatzeko, eta, hala badagokio, urratutako eskubideak leheneratzeko eskubidea bermatzeko helburuarekin.

2.– Estrategia horrek eragingo du, gutxienez, familia eta afektu-arloan; hezkuntzan; osasunean; gizarte-zerbitzuetan, bereziki haurrak eta nerabeak babesteko sisteman; arlo judizial, polizial eta segurtasunekoan; harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, arreta berezia eskainiz Interneti eta sare sozialei; kulturan; aisian; denbora librean; jarduera fisikoan; kirolean eta hezkuntza afektibo-sexualean.

3.– Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen den helburua erdiesteko, estrategiak barne hartu beharko ditu esku hartzeko tresnak eta jarduketen eraginkortasuna bermatzen duten elkarlanerako eta koordinaziorako mekanismoak, bai prebentzio-ekintzaren esparruan, bai biktimen detekzio, babes eta suspertze edo errehabilitazio fisiko eta psikologikoaren esparruan ere.

4.– Estrategia hori prestatzeko bultzada Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari egokituko zaio, eta Eusko Jaurlaritzari dagokio estrategia hori onestea.

5.– Nolanahi ere, estrategia prestatzeko prozesuan nahitaez parte hartu beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoek eta, bereziki, udaletako gizarte-zerbitzuek eta haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuek. Halaber, beren jarduera haurren eta nerabeen eremuan garatzen duten hirugarren sektore sozialeko entitateek ere parte hartuko dute, eta, bereziki, jarduera pertsona adingabeekin garatzen dutenek.

6.– Haurren eta Nerabeen Behatokiak urtero ebaluazio-txosten bat egingo du haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integral horren betetze-mailari eta efikaziari buruz. Txosten hori egitean, irizpide hauek bete beharko dira gutxienez:

a) Datuak jasoko dira sexua eta adina desagregatuta.

b) Gertatu diren indarkeria-kasuen estatistika-analisia jaso beharko da, indarkeria-kasua gertatu den eremua, gauzatutako indarkeria-mota eta bereziki zaurgarria den kolektiboa bereizita.

7.– Txosten horren emaitzak jendaurrean jarriko dira, oro har ezagutu dadin, eta kasuan kasuko politika publikoak egiteko kontuan hartu beharko dira.

129. artikulua.– Babesgabetasun-egoera izan daitezkeen indarkeria-egoerak.

1.– Indarkeria-egoerak familia-eremuan gertatzen badira, eskumena duten gizarte-zerbitzuek baloratuko dute, VI. tituluan ezarritakoaren arabera, pertsona adingabea arrisku- edo desanparo-egoeran dagoen, edo, aitzitik, ez dagoen babesgabetasunik gurasoetako batek, legezko ordezkari batek edo harreragile edo zaintzaileetako batek behar diren neurriak hartu dituelako indarkeria erabili duenak berriz ere hori egin ez dezan, betiere eskumena duten gizarte-zerbitzuek uste badute neurri horiek nahikoak direla pertsona adingabearen osotasun fisikoa eta psikikoa bermatzeko.

2.– Orobat, indarkeria familia-eremutik kanpo gertatzen bada, zehaztu beharko da, VI. tituluan aurreikusitako moduan, legezko ordezkariek egoera hori toleratzen duten edo onartzen duten. Hala joko da baldin eta, gertatzen ari dela jakin ondoren, hura amaitzeko behar diren neurriak hartu ez badituzte edo egoera gerarazteko esku hartzen ari diren zerbitzu eta profesionalei era aktiboan lagundu ez badiete. Horrelakoetan, baloratu egin beharko da pertsona adingabea babesgabetasun-egoeran dagoen ala ez.

130. artikulua.– Indarkeriarik gabeko familia-ingurune egokian egoteko lehentasun-printzipioa.

1.– Indarkeria familia-eremuan gertatzen bada, eta pertsona adingabearen interes gorenerako komeni bada, indarkeriarik gabeko familia-ingurune egoki batean egoteko eta erasotzailearengandik urruntzeko aukera ematen duten babes-neurri administratibo edo judizialak lehenetsi beharko dira.

2.– Helburu horrekin, legitimatutako pertsonek edo foru-aldundiek hala eskatuta, Kode Zibilaren 158. artikuluan aurreikusitako neurrietatik beharrezkoak direnak hartu ahal izango ditu agintaritza judizialak.

3.– Berariaz, pertsona adingabeak genero-indarkeriaren biktima baten guraso-ahalaren, tutoretzaren edo zaintzaren mendean badaude, euskal administrazio publikoen jarduketak bideratuko dira haurra edo nerabea harekin gelditzea ziurtatzeko behar den laguntza bermatzera, edozein dela ere haurraren edo nerabearen adina, baita hura babestera, hari arreta espezializatua ematera eta birgaitzera ere. Hala eta guztiz ere, pertsona adingabea ez da geldituko genero-indarkeriaren biktima izan den pertsonetako batekin baldin eta ez bada komenigarria pertsona adingabearen interes gorenerako, eta, kasu horretan, behar bezala arrazoitu beharko da inguruabar hori.

4.– Nolanahi ere, euskal administrazio publikoen jarduketak modu integralean egin behar dira, eta, aldi berean, kontuan hartu behar da pertsona adingabea eta ama osatzea, biak genero-indarkeriaren biktima diren neurrian. Horretarako, eskumena duten gizarte-zerbitzuek honako hauek ziurtatuko dituzte:

a) Genero-indarkeriako egoerak detektatzea eta haiei erantzun espezifikoa ematea.

b) Genero-indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeak arreta espezializatuko zerbitzuetara bideratzea eta haiekin koordinatzea.

c) Osasun-, polizia-, hezkuntza-, justizia- eta berdintasun-arloko agintariek genero-indarkeriaren arloan ezarritako protokoloetan xedatutako jarduketa-jarraibideak eta neurriak betetzea.

II. KAPITULUA
HAURREN ETA NERABEEN KONTRAKO INDARKERIAREN PREBENTZIOA

131. artikulua.– Haurren eta nerabeen kontrako indarkeria prebenitzeko jarduketa orokorrak.

1.– Euskal administrazio publikoek haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren zeharkako prebentzio-eginkizuna beteko dute, lege honen III. tituluan jasotako haurren eta nerabeen ongizatea eta haien eskubideen egikaritzea sustatzeko jarduketen bidez, eta IV. tituluan jasotako haien osasunerako, hezkuntza-garapenerako, oinarrizko ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoerak prebenitzeko jarduketen bidez; izan ere, ekintza horiek pertsona adingabeen eskubideak errespetatzen, babesten eta defendatzen dituzten ingurune seguruak izatea errazten dute.

2.– Aurreko jarduketez gain, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, haurren eta nerabeen kontrako indarkeria prebenitzeko ekintzak egin beharko dituzte, dibulgazio-kanpainak antolatuz, herritarrak, oro har, eta familiak eta pertsona adingabeak bereziki informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko azken horiek bizitzeko, osotasun fisiko eta psikikoa izateko eta tratu ona jasotzeko duten eskubideaz, eta edozein gizartek egoera horiek prebenitzeko eta biktimak berehala eta bete-betean babesteko duen erantzukizun moralaz, halakoak gertatzen direnean.

3.– Dibulgazio-ekintza horiek haurren eta nerabeen eskubideak sustatzera bideratutako ekintza orokorragoetan edo indarkeria-egoerak prebenitzera berariaz bideratutako ekintzetan integratu ahal izango dira.

4.– Prebentzio-ekintzaren eraginkortasuna bermatze aldera, euskal administrazio publikoek, titulu honetan arautzen diren jarduketa-eremuetan, lege honen 9. artikuluan ezarritakoaren araberako tresna tekniko baliozkotuak hartu beharko dituzte.

132. artikulua.– Familia-ingurunean indarkeria prebenitzeko jarduketak.

1.– Familia-eremuko indarkeria prebenitzera bideratutako jarduketen xedea da errespetuan eta afektu-harremanetan oinarritutako familia-testuinguru seguruak sortzea erraztea. Bereziki, helburu hauek izango dituzte:

a) Familia-nukleoan bizikidetza-harreman onak sortzea eta indartzea, bai amaren eta aitaren artean, bai gurasoen eta seme-alaben artean, bai neba-arreben artean, lege honen 55. eta 56. artikuluetan jasotako moduan.

b) Familiei laguntzea lege honen 57. artikuluan jasotako familia eta lana bateragarri egiteari eta gurasokidetasunari laguntzeko neurriak hartuz, eta lege honen 58, 59 eta 60. artikuluetan jasotako ongizate materialaren oinarrizko maila eta gizarte-inklusioa bermatzera bideratutako neurriak hartuz.

c) Gatazkak modu baketsuan konpontzeko trebetasunak eskuratzea ahalbidetzea, gurasoak heziketa emozionalean trebatuz, baita jokabidea maneiatzen eta etorkizunean portaera antisozialak prebenitzeko estrategietan ere, zeinek oinarritzat hartzen baitituzte emozioak eta portaera erasokorrak identifikatu, kontrolatu eta kudeatzeko lanak.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako laguntza-mekanismoak ekintza positiboko neurrien bidez indartu beharko dira, beren ezaugarri edo inguruabarrak direla-eta premia handieneko egoeran edo egoera bereziki zaurgarrian dauden familien kasuan, lege honen 131.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Gainera, eta kasuan kasuko laguntza motaren arabera, ekintza positiboko neurriak izan daitezke laguntza-zerbitzuetarako lehentasunezko irispidea erraztea, intentsitate handiagoko laguntzetarako irispidea erraztea, laguntza ekonomiko edo zerga-onura jakin batzuk eskuratzea erraztea, edo dirulaguntzen zenbatekoa handitzea.

133. artikulua.– Familia-unitatea hausten denean indarkeria prebenitzeko jarduketak.

1.– Familia-gatazka edo -krisia gertatuz gero, aitaren eta amaren, legezko ordezkarien edo harreragile edo zaintzaileen bizikidetza hausten bada, familiarekin esku hartzen ari diren gizarte-zerbitzuek laguntza emateko berariazko jarduketak egingo dituzte, pertsona adingabeen interes gorena babesten dela bermatzeko eta haiengan ondorio kaltegarriak saihesteko.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, aipatutako gizarte-zerbitzuek egokitzat jotzen dituzten prebentzio-jarduketak egin ahal izango dituzte, eta, hala badagokio, familia-bitartekaritzako zerbitzura edo beste baliabide edo zerbitzu espezializatu batzuetara bideratzea barne; bereziki, familia-bitartekaritzako zerbitzuek agintzen dituzten terapia-zerbitzuetara, eta legezko arduradunei, harreragileei edo zaintzaileei laguntza profesional espezializatua ematera haustura-prozesuak irauten duen bitartean eta guraso-erantzukizunak betetzeko. Nolanahi ere, familia-bitartekaritza ez da bideragarria izango pertsona adingabearen kontrako arrisku-egoera bat edo indarkeria badago, eta, horrelakoetan, berehalako neurri eraginkorrak hartu beharko dira pertsona adingabearen osasuna eta segurtasuna bermatzeko.

3.– Familia-bitartekaritzara jotzea sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak, zerbitzu horiek eskaintzeko dituen eskumenak egikarituz, honako jarduketa hauek egingo ditu:

a) Familia-bitartekaritza sustatzea, zabaltzea, publiko egitea eta haren berri ematea.

b) Neurriak hartzea irispidea errazteko familia-bitartekaritzako prozesuen esparruan ezarritako familia-terapiako programetara, zeinak familia-bitartekaritzako zerbitzu publiko estrajudizialaren bidez egiten baitira.

134. artikulua.– Eskola-eremuan indarkeria prebenitzeko jarduketak.

1.– Ikastetxe guztiek eskola-indarkeria prebenitzeko jarduketak egingo dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Bizikidetza-plan bat egingo dute, non ezarriko baita ikastetxeko langileei, ikasleei eta hezkuntza-komunitate osoari zuzendutako jardueren programazioa gatazkak modu baketsuan konpontzeko trebetasunak eskuratzeko.

Halaber, plan horren barruan azaldu beharko dira irakasle-taldeen, ikasleen legezko ordezkarien edo, hala badagokio, harreragile edo zaintzaileen eta ikasleen artean adostutako jokabide-kodeak, eskola-jazarpena gertatzen denean edo ikastetxeko bizikidetzan eragina duen beste edozein egoeratan jarraitu beharrekoak, kontuan hartu gabe egoera horiek ikastetxean bertan gertatzen diren edo bertatik kanpo hasten diren edo jarraitzen duten, edo harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez gertatzen diren.

b) Pertsona adingabeen eskubideak aitortzea eta babestea sustatuko duten hezkuntza-neurriak hartzea eta horien jarraipena egitea bultzatuko dute.

c) Errespetua sustatuko dute desgaitasunen bat duten ikasleekiko edo egoera bereziki zaurgarria dakarren beste edozein inguruabar dutenekiko.

d) Gatazkak modu baketsuan konpontzeko metodo alternatiboak erabiltzea sustatuko dute.

e) Indarkeria prebenitzeko eta halako egoeretan dauden pertsona adingabeak detektatzeko eta haur eta nerabe horiek babesteko prestakuntza-planak sustatuko dituzte, baita tratu onaren kultura sustatzeko jarduerak ere, ikastetxeetako langileentzat, tutore-lanetan dihardutenak lehenetsita, bai eta legezko ordezkari eta harreragile edo zaintzaileentzat ere, ikasleen gurasoen elkarteekin koordinatuta.

f) Ikasleak trebatzeko planak sustatuko dituzte, eta lehentasuna emango diote ikasleek gaitasun eta tresna jakin batzuk eskuratzeari gai izan daitezen, batetik, indarkeria-egoerak detektatzeko eta haiei erantzuteko eta, bestetik, indarkeria eragiten duten indarkeriazko edo delituzko jokabide-ereduak ikastea nagusitzen den prozesuei aurre egiteko, horiek agertzen diren eremu guztietan, baita indarkeria hori gertatzen denean haiei tratamendua eta laguntza emateari ere.

g) Ikastetxeko langileei informazioa emango diete edozein indarkeria-motaren prebentzio- eta babes-protokoloari buruz, eta protokolo hori behar bezala aplikatzeko prestatuko dituzte langileak.

2.– Hezkuntza Administrazioak udaletako zein lurraldeetako gizarte-zerbitzuen laguntza izango du aurreko apartatuko e) eta f) letretan aipatutako prestakuntza- eta trebakuntza-planen edukiak prestatu eta emateko, baldin eta plan horiek zerikusia badute tratu txarrak, abusua, jazarpena, esplotazioa, gizakien salerosketa edo babesgabetasuna prebenitzearekin, detektatzearekin eta egoera horietan jardutearekin.

Nolanahi ere, prestakuntza- eta trebakuntza-planetan genero- eta adin-faktoreak barne hartzen dituen prebentzio-tratamendua jasoko da.

3.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, eta ikastetxeetako zuzendaritzaren arduradunek edo titularrek langile-kontratazioaren segurtasuna gainbegiratuko dute, bai eta egiaztatuko ere lege honen 314. artikuluan aipatzen diren betekizunak betetzen eta egiaztatu dituztela irakasleek, langile laguntzaileek edota ikastetxean, ordainduta edo ordainik jaso gabe, lan egin ohi duten edo bertan elkarlanean aritzen diren bestelako profesionalek.

135. artikulua.– Ongizate eta babeserako koordinatzailea.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako jarduketen garapena bultzatzeko, pertsona adingabeak ikasketak egiten ari diren ikastetxe guztiek ikasleen ongizatea eta babesa zaintzeko egiten diren ekintza eta jarduketak koordinatzeko arduradun bat izendatuko dute. Pertsona horrek ikastetxeko zuzendariak edo titularrak gainbegiratuta jardungo du.

2.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, ongizate eta babeserako koordinatzaileak bete beharreko betekizunak eta eginkizunak ezarriko ditu, eta zehaztuko egingo du, halaber, eginkizun horiek ikastetxean lehendik dauden langileek edo langile berriek bete behar dituzten.

3.– Nolanahi ere, ongizate eta babeserako koordinatzaileari esleitutako eginkizunak honako hauek izango dira, gutxienez:

a) Pertsona adingabeen inguruko prebentzioari, detekzio goiztiarrari eta babesari buruzko prestakuntza-planak sustatzea, bai ikastetxeetan lan egiten duten langileentzat, bai ikasleentzat. Lehentasuna emango zaie tutore-lanetan diharduten ikastetxeko langileei zuzendutako prestakuntza-planei, baita ikasleei indarkeria-egoerak detektatzeko eta haiei erantzuteko trebetasunak eskuratzera bideratutakoei ere.

Halaber, ikasleen gurasoen elkarteekin koordinatuta, prestakuntza hori sustatu beharko du gurasoen artean edo, hala badagokio, tutoreen artean edo tutoretza-, harreragile- edo zaintzaile-ahalmenak dituzten pertsonen artean.

b) Gizarte-zerbitzu eskudunek esku hartu behar duteneko kasuak koordinatzea, hezkuntza-administrazioek onetsitako protokoloekin bat etorriz, eta, beharrezkoa dela baloratuz gero, kasuan kasuko agintariei informazioa ematea, hargatik eragotzi gabe legeak aurreikusitako kasuetan komunikatzeko duten eginbeharra.

c) Ikasleen aurrean, ikastetxeko langileen aurrean eta, oro har, hezkuntza-komunitatearen aurrean identifikatzea ikastetxean bertan edo inguruan detektatutako indarkeria-kasuekin zerikusia duten komunikazioetarako erreferentzia gisa, baita egin beharreko jarduketak eta hartu beharreko neurriak koordinatzeko ere.

d) Pertsona adingabeentzat ahalik eta ongizaterik handiena ziurtatzeko neurriak sustatzea, baita haiei tratu ona ematearen kultura ere.

e) Ikastetxeko langileen eta ikasleen artean gatazkak modu baketsuan konpontzeko metodo alternatiboak erabiltzea sustatzea.

f) Ikastetxeko langileei informazioa ematea edozein indarkeria-motaren aurreko prebentzio- eta babes-protokoloei buruz, protokoloak ikastetxeari aplikatzekoak badira.

g) Desgaitasunen bat edo zaurgarritasun handiagoa duten ikasleekiko errespetua sustatzea.

h) Lege honen 134.1.a) artikuluan aipatzen den bizikidetza-plana ikastetxeko zuzendaritzarekin koordinatzea.

i) Pertsona adingabeen datu pertsonalak era ez-zilegian tratatzea ekar dezaketen egoeretan, ikastetxeak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari berehala komunikatzea sustatzea.

j) Ikastetxean elikadura osasungarria eta elikagarria izan dadin sustatzea, pertsona adingabeei dieta orekatua egitea ahalbidetuz, eta, bereziki, zaurgarritasun berezian edo handiagoan daudenei.

4.– Bereziki, lege honen 170.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, pertsona adingabe baten bizitza, osotasun, osasun edo segurtasunerako arrisku larria eta berehalakoaren zantzuak badaude, ongizate eta babeserako koordinatzailea arduratuko da Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, bai eta Fiskaltzari ere, egoeraren berri emateaz, eta, hala badagokio, pertsona adingabea ikastetxean atxikitzeaz, eskumena duen agintaritzak pertsona adingabearen ardura hartu arte edo hartu beharreko neurria ezarri arte.

136. artikulua.– Jarduera fisikoaren, kirolaren eta aisialdi hezigarriaren eremuan indarkeria prebenitzeko jarduketak.

1.– Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, batera, jarduera fisikoaren, kirolaren eta aisialdi hezigarriaren arloan eskumena duten sailen bitartez, jarduketa-protokoloak prestatu eta onetsiko dituzte. Protokolo horietan, jarduera fisikoaren, kirolaren eta aisialdi hezigarriaren eremuan ingurune segurua eraikitzeko behar diren jarduketak jaso beharko dituzte, eremu horietan gerta daitezkeen haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerak prebenitzeko, goiz detektatzeko eta esku hartzeko jarraitu beharrekoak.

2.– Protokolo horiek prestatzean, nahitaez parte hartu beharko dute gorputz-hezkuntzaren, kirolaren eta aisialdi hezigarriaren eremuan pertsona adingabeekin aritzen diren entitate, ikastetxe eta antolakundeek.

3.– Onesten diren protokoloak dagokienaren arabera aplikatu beharko dira, eta eragiten dienari dagokionez, beren jarduketa-eremu zehatza kontuan hartuta, pertsona adingabeekin gorputz-hezkuntzako, kiroleko eta aisialdi hezigarriko ohiko nahiz noizbehinkako jarduerak egiten dituzten entitate guztietan eta zentro eta ekipamendu guztietan, izan publiko zein pribatuak.

137. artikulua.– Gorputz-hezkuntzako jarduerak eta kirol- edo aisia-jarduerak egiteko entitate, zentro eta antolakundeak.

Normalean pertsona adingabeekin gorputz-hezkuntzako, kiroleko edo aisialdiko jarduerak egiten dituzten entitate, zentro eta antolakunde publiko nahiz pribatuek beren ohiko funtzionamenduan sartu beharko dituzte haurren eta nerabeen kontrako indarkeria prebenitzeko honako jarduketa hauek:

a) Euskal administrazio publikoek jarduera fisikoaren eta kirolaren eta aisialdi hezigarriaren eremuan hartutako eta aurreko artikuluan aipatutako jarduketa-protokoloak aplikatzea.

b) Langileei edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta babesteko aplikatu beharreko protokoloen berri ematea.

c) Monitorizazio-sistema bat ezartzea, aurreko apartatuan aipatutako pertsona adingabeen babesari lotutako protokoloak betetzen direla ziurtatzeko.

d) Pertsona adingabeen eskubideak eta eginbeharrak sustatu eta errespetatzeko kultura bultzatzea, inolako diskriminaziorik gabe, desgaitasunen bat duten pertsonekiko eta beste edozein inguruabar pertsonal, familiar edo sozialengatik egoera bereziki zaurgarrian daudenekiko errespetua barneratuz.

e) Neurriak hartzea kirola, jarduera fisikoa eta aisialdia ez daitezen diskriminazio-egoera bihurtu genero-identitateagatik edo sexu-orientazioagatik, eta pertsona adingabeekin nahiz haien familiekin eta profesionalekin lan egitea, irainak eta adierazpen apalesgarriak eta diskriminatzaileak erabiltzeari uko egin diezaioten.

f) Neurriak hartzea ikusleek edo beste eragile batzuek partida eta lehiaketetan jokabide desegokiak izatea saihesteko.

g) Gatazkak modu baketsuan konpontzeko metodo alternatiboak erabiltzea sustatzea.

h) Pertsona adingabeen parte-hartze aktiboa sustatzea haien prestakuntzaren eta garapen integralaren alderdi guztietan.

i) Kirol-erakundeen eta gurasoen edo, hala badagokio, tutoreen edo tutoretza-, harreragile- edo zaintzaile-ahalmenak dituztenen arteko harremanak eta komunikazioa sustatu eta indartzea.

j) Indarkeria prebenitzeko planak garatzea, baita halako egoeretan dauden pertsona adingabeak detektatzeko eta babesteko prestakuntza-planak ere.

138. artikulua.– Babes-ordezkaria.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako jarduerak garatzeko, bertan aipatutako entitate, zentro eta antolakundeek babes-ordezkariaren figura izendatu beharko dute, eta pertsona adingabeek harengana jo ahal izango dute beren ezinegonak eta kezkak azaltzeko edo hari aditzera emateko zer indarkeria-egoera jasan, ikusi edo ezagutu duten.

2.– Nolanahi ere, babes-ordezkariari, gutxienez, honako eginkizun hauek esleituko zaizkio:

a) Bere burua erreferente nagusi modura identifikatzea langile, pertsona adingabe edo gurasoen aurrean edo, hala badagokio, tutore edo tutoretza-, harreragile- edo zaintzaile-ahalmenak dituztenen aurrean, hari komunika dakizkion entitate, zentro edo antolakundean edo haren ingurunean haurren eta nerabeen kontra detektatzen diren indarkeria-kasuak, eta garatu beharreko jarduketak eta hartu beharreko neurriak koordina ditzan.

b) Langileei jakinaraztea eta zabaltzea edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta indarkeria horietatik babesteko dauden protokoloak, betiere protokolo horiek entitatean, zentroan edo antolakundean aplikatzekoak badira.

c) Protokolo horiek betetzen direla ziurtatzea, eta, bereziki, haurren edo nerabeen kontrako indarkeria-egoeraren bat detektatzen bada, dagozkion komunikazioei ekitea.

d) Euskal administrazio publikoek onetsitako protokoloekin bat etorriz, gizarte-zerbitzu eskudunek esku hartu behar duten kasuak koordinatzea eta, beharrezkoa dela baloratuz gero, kasuan kasuko agintariei informazioa ematea, kalterik egin gabe legeak aurreikusitako kasuetan komunikatzeko eginbeharrari.

e) Pertsona adingabeen datu pertsonalak era ez-zilegian tratatzea ekar dezaketen egoeretan, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari berehala komunikatzea sustatzea.

f) Pertsona adingabeen inguruko prebentzioari, detekzio goiztiarrari eta babesari buruzko prestakuntza-planak sustatzea pertsona adingabeentzat eta gurasoentzat edo, hala badagokio, tutoreentzat edo tutoretza-, harreragile- edo zaintzaile-ahalmenak dituztenentzat. Lehentasuna emango zaio indarkeria-egoerak detektatzeko eta haiei erantzuteko trebetasunak eskuratzerako prestakuntzari.

g) Pertsona adingabeentzat ahalik eta ongizaterik handiena ziurtatzeko neurriak sustatzea, baita haiei tratu ona ematearen kultura ere.

h) Langile eta pertsona adingabeen artean gatazkak modu baketsuan konpontzeko metodo alternatiboen erabilera sustatzea.

i) Kirol inklusiboa, oro har, sustatzea, bai eta, orobat, desgaitasunen bat edo zaurgarritasun berezi edo handiago bat duten pertsona adingabeekiko errespetua.

j) Segurtasuna gainbegiratzea langileak, profesionalak zein boluntarioak, kontratatzen direnean, eta lege honen 314. artikuluan aipatzen diren betekizunak bete eta egiaztatzen diren ziurtatzea.

139. artikulua.– Harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez eragindako indarkeria prebenitzeko jarduketak.

1.– Oro har, Eusko Jaurlaritzak dibulgazio-kanpainak egingo ditu, gizartea informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eta, bereziki, Internetek eta sare sozialek pertsona adingabeentzat dituzten aukerez eta arriskuez. Horretarako, ziberjazarpenari buruzko kontzientziazio-programak garatu eta haren aurkako babes-mekanismoak antolatu beharko ditu.

2.– Orobat, gurasoen, legezko ordezkarien eta harreragile eta zaintzaileen alfabetatze digitalerako programak antolatuko ditu, bereziki segurtasun digitaleko eta guraso-kontroleko neurriak aplikatzeko trebatzera bideratuta.

3.– Hezkuntza Administrazioak derrigorrezko eta berariazko edukiak txertatuko ditu ikasleak segurtasun digitalaren arloan trebatzeko. Eduki horien bidez, bermatu egingo da pertsona adingabeak gizarte digitalean oso-osorik txertatuko direla eta bitarteko digitalak erabiltzen ikasiko dutela modu seguru eta errespetuzko batean, giza duintasunaren, Konstituzioaren balioen eta oinarrizko eskubideen aldetik eta, bereziki, norberaren eta familiaren intimitaterako errespetu eta bermearen aldetik eta datu pertsonalen babesaren aldetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 83. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

Prestakuntza hori eduki-bloketan nahiz zeharka txertatuko da, eta prestakuntza-etapa guztietan txertatu beharko da, Lehen Hezkuntzako etapatik hasita, Interneten erabilera egokia.

III. KAPITULUA
HAURREN ETA NERABEEN KONTRAKO INDARKERIA-EGOEREN DETEKZIOA ETA ESKU-HARTZEA

140. artikulua.– Arreta integrala jasotzeko eskubidea eta zerbitzuetarako lehentasunezko irispidea izateko eskubidea.

1.– Euskal administrazio publikoek arreta integrala emango diete indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeei, eta bertan jasoko dira jarduketa-eremu bakoitzerako kapitulu honetan aurreikusitako esku-hartze, laguntza, harrera eta suspertze fisiko eta psikologikoko neurri egokiak, hargatik eragotzi gabe indarkeria familia-ingurunean gertatu den kasuetarako berariaz jasotako babes-neurriak, indarkeria horrek arrisku- edo desanparo-egoera eragiten badu lege honek VI. tituluan zehaztutako moduan.

2.– Besteak beste, arreta integralak, pertsona adingabearen interes gorena bermatze aldera, honako neurri hauek hartuko ditu barne, bereziki:

a) Biktimei informazioa eta laguntza psikosoziala, soziala eta hezkuntzakoa ematea.

b) Salaketen edo erreklamazioen jarraipena egitea.

c) Biktimarentzako eta, hala badagokio, familia-unitatearentzako arreta terapeutiko sanitarioa, psikiatrikoa eta psikologikoa.

d) Prestakuntzako laguntza, batez ere berdintasun, elkartasun eta dibertsitateari dagokienez.

e) Familiei informazioa eta laguntza ematea, eta, beharrezkoa bada eta objektiboki haien beharrean oinarrituta badago, familia-unitatearen jarraipen psikosoziala, soziala eta hezkuntzakoa egitea.

f) Sare eta zerbitzu publikoetarako irispidea erraztea.

g) Prestakuntzarako eta laneratzeko babesa.

h) Esku hartu behar den prozedura judizialetan laguntzea eta aholku ematea, beharrezkoa izanez gero.

i) Neurri horiek guztiek ikuspegi inklusibo eta irisgarritasunekoa izan beharko dute, pertsona adingabe guztiak salbuespenik gabe artatu ahal izateko.

3.– Euskal administrazio publikoek inplikatutako eragile guztien arteko koordinaziorako beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, kasu bakoitzean esku hartu behar duten pertsona adingabeen biktimizazio sekundarioa saihesteko, eta ahaleginduko dira indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeei arreta eman dakien pertsona adingabeari egokitutako ingurune lagunkoia duten guneetan.

4.– Aurreikusitako arreta integralaren esparruan, osasun- eta hezkuntza-arloko zerbitzu eta prestazioetarako lehentasuna bermatu beharko da, lege honen 223. eta 224. artikuluetan ezarritako moduan, horiek aplikagarri diren heinean.

5.– Lehentasunezko irispidea izateko, ezinbestekoa izango da indarkeriaren biktima-izaera aurretiaz frogatzea, arauz ezarritako edozein bide erabilita, eta, betiere, honako hauetako baten bidez:

a) Indarrean dagoen kondena-epaia, indarkeria fisikoa, psikikoa, sexuala edo beste edozein motatakoa diren egitateengatik.

b) Edozein jurisdikzio-ordenak emandako epaia, pertsona adingabe batek indarkeria fisikoa, psikikoa, sexuala edo beste edozein motatakoa jasan duela frogatutako egitate gisa egiaztatzen duena.

c) Auzitegi- edo mediku-txostena, pertsona adingabe baten kontrako indarkeria fisiko, psikiko edo sexualaren zantzuak eta adierazleak daudela egiaztatzen duena.

d) Fiskaltzaren txostena, pertsona adingabeak indarkeria fisiko, psikiko edo sexuala jasan duen zantzuak daudela adierazten duena.

e) Udaleko edo lurraldeko gizarte-zerbitzuen txosten sozial edo psikosoziala, pertsona adingabea indarkeria fisiko, psikiko edo sexualaren biktima izan den adierazleak daudela egiaztatzen duena.

f) Genero-indarkeriaren biktimei harrera egiteko eta arreta emateko ardura duten udal- edo lurralde-zerbitzuen txostena, pertsona adingabea indarkeria fisiko, psikiko edo sexualaren biktima izan dela egiaztatzen duena.

g) Indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeei aitortutako eskubide eta baliabideak eskuratzea arautzen duten sektoreko arau-xedapenetan aurreikusitako beste edozein titulu.

141. artikulua.– Detekzio goiztiarra.

1.– Lege honen 16 eta 17. artikuluetan zerrendatzen diren pertsonetakoren batek pertsona adingabe baten kontrako indarkeria-egoera posible bat gertatu dela edo hura babesgabetasun-egoera posible batean dagoela jakiten badu, edo horren zantzurik antzematen badu, berehala komunikatu beharko die eskumena duten gizarte-zerbitzuei.

2.– Halaber, indarkeria horren ondorioz haur edo nerabearen osasuna edo segurtasuna arriskuan egon badaiteke, berehala komunikatu beharko dio Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, bai eta Fiskaltzari ere.

3.– Aurrekoari kalterik egin gabe, lege honen 17. artikuluan zerrendatzen den pertsonaren batek pertsona adingabe baten kontrako indarkeria-egoeraren bat goiz detektatzen badu, berehala horren berri eman beharko die haren gurasoei, edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariei edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonei, non eta zantzurik ez dagoen indarkeria hori pertsona horietako batek egikaritu, ahalbidetu edo baimendu duela.

142. artikulua.– Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko sektoreko jarduketa-protokoloak.

1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren eginbeharrak behar bezala bete ahal izango direla bermatzeko, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumenak egikarituz, sektoreko jarduketa-protokoloak onetsiko dituzte haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko, honako mekanismo hauek ezartzera bideratuak:

a) Eskumena duten gizarte-zerbitzuei indarkeria- edo babesgabetasun-egoera bat dagoela edo horren susmoa dutela jakinarazteko prozedura espezifikoak.

b) Jarduketa-eremu guztietako profesionalak koordinatzeko sistemak, informazioa benetan eta eraginkortasunez trukatzen dela ziurtatzeko.

2.– Aipatutako sektore-protokoloek jorratu eta jaso beharko dituzte, halaber, arrisku-faktoreen identifikazioa, pertsona adingabeen kontrako indarkeriaren prebentzioa eta detekzio goiztiarra, baita biktimen laguntza eta birgaikuntza egokirako hartu beharreko neurriak ere.

3.– Edonola ere, sektore-protokoloak onetsiko dira osasun, hezkuntza, jarduera fisiko, kirol, aisialdi hezigarri, gizarte-zerbitzu, segurtasun eta justiziaren eremuetan, eta eremu horietan jarduten duten profesionalen prestakuntza bermatu beharko da dagokion protokoloa aplikatzeari dagokionez. Protokolo horiek erakundeen artekoak izango dira partekatutako eskumenen eremuetan.

4.– Onesten diren protokoloak kasuan kasuko jarduketa-sektorean parte hartzen duten zentro eta zerbitzu publiko nahiz pribatu guztiek aplikatu beharko dituzte. Orobat, egin beharreko jarduketen berezitasunak kontuan hartu beharko dituzte indarkeriaren biktima desgaitasuna duen pertsona bat bada.

5.– Espezifikoki, ikastetxeetan eta pertsona adingabeak bizi ohi diren zentroetan, protokoloak jarduketa hauek hartuko ditu barne, besteak beste:

a) Indarkeriaren arrazoia desgaitasuna, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo -adierazpena, nazionalitatea edo arraza- nahiz etnia-jatorria denean aplikatu beharreko jarduketak, jazarpen horren estigmatizazio sekundarioaren osagaia ere barne.

b) Jazarpena harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egiten denean eta pertsona adingabeen ohore, duintasun edo intimitaterako eskubideari kalte egin zaionean aplikatu beharreko jarduketak.

c) Sexu-indarkeriako egoerak babesgabetasuneko egoeretatik bereiziko dira, eta egoera horiei indarkeria-egoeretan egiten diren esku-hartzeen esparruan helduko zaie.

143. artikulua.– Osasun-zerbitzuen jarduketak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, osasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, behar diren neurriak hartuko ditu pertsona adingabeen kontrako indarkeriaren detekzio goiztiarra errazteko, eta, bereziki, osasun-langileen sentsibilizaziorako eta etengabeko prestakuntzarako programak garatuko ditu, indarkeriaren biktima den pertsona adingabearen diagnostiko goiztiarra, laguntza eta suspertze fisiko eta psikikoa hobetzeko.

2.– Osasun-zentro guztiek, publiko nahiz pribatuek, haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko sektoreko jarduketa-protokoloa aplikatu beharko dute, osasun-eremurako berariazkoa, lege honen 142. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, bai eta komunikazio kualifikatuaren eginbeharra errespetatu ere, 17. artikuluan araututako moduan. Gainera, haren betetze-maila monitorizatzeko sistema bat ezarri beharko dute.

3.– Nolanahi ere, biktimei ematen zaien arretak kontuan hartu beharko ditu haietako bakoitzaren ezaugarri bereziak eta inguruabar pertsonal, familiar eta sozialak, bai eta haien premia bereziak ere.

4.– Aurreko guztia gorabehera, arreta eskaini beharko diete honako biktima hauen berariazko premiei:

a) Sexu-indarkeriaren biktimak.

b) Emakumeen genitalen mutilazioaren biktimak; horiek behar duten laguntza jasoko dute, mutilazioek eragin ditzaketen kalte fisiko edo psikikoak saihesteko edo, hala badagokio, kalte horiek konpontzeko.

c) Indarkeriaren biktimak, indarkeriaren arrazoia biktimaren desgaitasuna bada.

d) Indarkeriaren biktimak, indarkeriaren arrazoia genero-identitatea edo sexu-orientazioa bada.

e) Genero-indarkeriaren biktimak.

5.– Indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeen arretari buruzko erregistro guztiak, ospitaleko alta barne, haien historia klinikoan sartuko dira.

144. artikulua.– Ikastetxeen jarduketak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, pertsona adingabeen kontra gauzatutako indarkeria goiz detektatzeko behar diren neurriak hartuko ditu, eta, bereziki, hezitzaileak sentsibilizatzeko eta etengabe prestatzeko programak garatuko ditu, diagnostiko goiztiarra eta egoera horiek amaitzeko jarduketak hobetzeko.

2.– Ikasturte bakoitzaren hasieran, ikastetxe guztiek indarkeria-egoerak komunikatzeko euskal administrazio publikoek araututako eta zentroan aplikatutako prozedurei buruzko informazio guztia emango diete pertsona adingabeei, baita eremu horretako arduradunei buruzkoa eta, bereziki, lege honen 135. artikuluan araututako ikasleen ongizate eta babeserako koordinatzaileari buruzkoa ere.

3.– Modu berean, hedabide elektronikoei buruzko informazioa emango dute, hala nola Eusko Jaurlaritzak pertsona adingabeen eskura jarritako orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzua, telefonikoa nahiz telematikoa.

4.– Ikastetxe horiek etengabe eguneratuta edukiko dute informazio hori, erraz ikusteko moduko leku irisgarrian, eta behar diren neurriak hartuko dituzte pertsona adingabeek informazio hori libreki edozein unetan kontsultatzeko aukera izan dezaten, komunikazio-prozedura horietara eta dauden laguntza-ildoetara sarbidea izan dezaten.

5.– Haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerak detektatzen badira, berdin indarkeria ikasleek zein helduek egin badute, ikastetxe guztiek haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko sektoreko jarduketa-protokoloa aplikatu beharko dute, hezkuntza-eremurako berariazkoa, lege honen 142. artikuluan aurreikusitakoa. Horretarako, ikasleen ongizate eta babeserako koordinatzailearen laguntza eta esku-hartzea izango dute.

6.– Zehazki, lege honen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, arduradun horrek eskumena duten agintariei komunikatzekoak diren kasuak koordinatu beharko ditu, eta betebehar horren betetze-maila monitorizatzeko sistema bat ezarri beharko du.

7.– Indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeek lehentasuna izango dute Euskal Hezkuntza Sisteman txertatutako ikastetxeetan sartzeko, baita ikasturte barruan ere, ikastetxez aldatu behar badira. Nolanahi ere, beharrezkoak izan daitezkeen berariazko laguntzak eskuratzen dituztela bermatuko da, baita ikasturtean zehar ikastetxe batean sartzen badira ere.

8.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistemari aditzera emango dio, zeina lege honen 308. artikuluan jasotzen baita, zer datu dagoen eskuragarri eskola-eremuan detektatutako indarkeria-egoerei buruz.

145. artikulua.– Jarduera fisikoaren, kirolaren eta aisialdi hezigarriaren eremuko jarduketak.

1.– Euskal administrazio publikoek, jarduera fisikoaren, kirolaren eta aisialdiaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, pertsona adingabeen kontra gauzatutako indarkeria goiz detektatzeko behar diren neurriak hartuko dituzte, eta, bereziki, langileen eta boluntarioen sentsibilizazioko eta etengabeko prestakuntzako programak garatuko dituzte, diagnostiko goiztiarra eta indarkeria-egoera horiek amaitzeko jarduketak hobetzeko.

2.– Jarduera fisikoaren, kirolaren edo aisialdi hezigarriaren eremuan diharduten kirol-entitate eta establezimendu guztiek, publiko nahiz pribatuek, betiere esparru horretan pertsona adingabeekin lan egiten badute, lege honen 136. artikuluan aipatzen den pertsona adingabeen kontrako indarkeria-egoerei aurre egiteko berariazko jarduketa-protokoloa aplikatuko dute.

3.– Bereziki, honako jarduketa hauek egingo dituzte jarduera fisikoaren, kirolaren eta aisialdi hezigarriaren eremuan indarkeria prebenitzeko:

a) Beren barne-araudian sartuko dituzte aurreko apartatuan aipatutako protokoloan aurreikusitako neurriak, eta neurri horien aplikazioa zainduko dute, bai eta neurri horien betetze-maila monitorizatzeko sistema bat ezarri ere.

b) Bermatuko dute berariazko laguntza-neurriak aplikatuko direla, indarkeria-biktimen kirol- edo aisia-jardueretan integrazio eta parte-hartze eraginkorra errazteko eta, hala badagokio, haien suspertze fisikoa eta aurreko kirol-maila lortzea ahalbidetzeko.

146. artikulua.– Gizarte-zerbitzuen jarduketak.

1.– Udaletako gizarte-zerbitzuek, haur eta nerabeen kontrako indarkeria-kasu posibleren bat jakinarazten badiete edo zuzenean detektatzen badute, haren inguruko informazioa bildu eta dagokion balorazioa egin beharko dute, ahal den guztietan, diziplinartekotasunez eta lurraldean dauden osasun-, hezkuntza- zein segurtasun-arloko eta arlo judizial eta fiskaleko talde eta profesionalekin, baldin eta horiek pertsona adingabearen egoerari eta familia- eta gizarte-inguruneari buruzko informazioa eman ahal badute.

2.– Detektatutako indarkeria-egoera pertsona adingabearen familia-ingurunean gertatzen bada, udaletako gizarte-zerbitzuek dagokion balorazio-prozedura hasi beharko dute arrisku- edo desanparo-egoerarik dagoen ebazteko, eta, hala bada, lege honen VI. tituluan kasu horietarako araututako prozedurari jarraitu beharko diote.

Halaber, prozedura horri ekin beharko diote familia-eremutik kanpo gertatutako indarkeria-kasuetan, baldin eta legezko ordezkariek, harreragileek edo zaintzaileek egoera hori toleratu edo onartzen duten adierazleak badaude lege honen 129.2 artikuluan adierazitako moduan.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako balorazioaren arabera babesgabetasun-egoeran ez dauden eta indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeei arreta emateko, udaletako gizarte-zerbitzuek plan indibidualizatu bat eratuko dute familian esku hartzeko. Plan hori diseinatzeko, kontuan izan beharko dira familiaren premia espezifikoak. Plan horrek, bestalde, neurri pertsonalizatuak ezarriko ditu familiari arreta emateko eta jarraipena egiteko, bai eta laguntza-neurriak ezarri ere modu positiboan egikaritu daitezen gurasoek haur eta nerabeak babesteko dituzten eginkizunak. Beharrezkoa izanez gero, plana modu koordinatuan gauzatuko dute inplikatutako gainerako eremuen parte-hartzearekin.

4.– Beren lanbide-jarduera gizarte-zerbitzuetan egiten duten funtzionarioak, pertsona adingabeen kontrako indarkeria-egoeretan beren eginkizunak betetzeko, agintaritza-agente izango dira, eta jarduketa hauek egin ahal izango dituzte:

a) Ertzaintzaren, Udaltzaingoaren, Fiskaltzaren, osasun-zerbitzuen, ikastetxeen eta beharrezkotzat jotzen duten edozein zerbitzu publikoren laguntza eskatu ahal izango dute, pertsona adingabearekin edozein testuingurutan elkarrizketatu ahal izateko, eta haren gurasoen, legezko ordezkarien edo harreragileen eta zaintzaileen baimenik behar izan gabe.

b) Beharrezkotzat jotzen dituzten presazko neurriak eskatu ahal izango dizkiote dagokion agintaritza judizialari.

5.– Era berean, gizarte-zerbitzuetako profesionalek, beharrezkotzat jotzen badute, osasun-zentro batera lagundu ahal izango diote pertsona adingabeari behar duen arreta jaso dezan. Ondoren, legezko ordezkari edo harreragile edo zaintzaileei informazioa eman ahal izango diete, eta, behar izanez gero, bestelako profesional espezializatuen laguntza izan dezakete.

147. artikulua.– Gizarte-zerbitzuek zigor-legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherakoekin jarduteko era.

1.– Indarkeria-ekintzak hamalau urtetik beherakoek egin badituzte, haien gizarte- eta familia-egoera baloratuko duen jarraipen-plan batean sartuko dira. Horretarako, dagokion balorazio-prozedura hasi beharko dute, arrisku- edo desanparo-egoerarik dagoen ebazteko, eta, halakorik badago, gizarte-zerbitzu eskudunek, beren jardunean, bete egin beharko dute lege honen VI. tituluan azaltzen den prozedura.

2.– Jarraipen-plan hori udaletako gizarte-zerbitzuek diseinatu eta gauzatuko dute, baldin eta babesgabetasunik dagoen jakiteko abiarazitako balorazio-prozedura izapidetzean baloratzen bada pertsona adingabea ez dagoela babesik gabe edo arriskua arina edo neurritsua dela; eta arrisku-egoera larria edo desanparo-egoera dagoela ondorioztatzen bada, berriz, haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuek diseinatu eta garatuko dute plan hori.

3.– Haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek, betiere, honako kasu hauetan diseinatu eta egin beharko dute jarraipen-plana:

a) Fiskaltzak bidaltzen duen egitateen lekukotzatik larritasun handiko egoera ondorioztatzen bada.

b) Sexu-izaerako indarkeria-ekintzak badira eta sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitutzat jo badaitezke, edo genero-indarkeria dakarten indarkeria-ekintzak badira. Kasu horietan, haur eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek ez dute kasurik igorriko udaletako gizarte-zerbitzuetara, eta kasua berehala jaso beharko dute, bai eta babesgabetasun-egoera baloratzeko prozedura hasi ere.

4.– Baldin eta indarkeria-ekintzak sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurkako delitua edo genero-indarkeriako delitua izan badaitezke, jarraipen-planean genero-berdintasuneko prestakuntza-modulu espezifiko bat sartu beharko da, jarrera ez-sexistak, errespetuzko ohiturak eta balio demokratikoak eskuratzen laguntzeko, eta beste jokabide erasotzailerik edo berrerorlerik ez gertatzeko.

5.– Halaber, gertaerak ingurune digitalean gertatu badira, jarraipen-planak, aldi berean, segurtasun digitalaren arloko berariazko prestakuntza-modulu bat jaso beharko du, honako gai hauei buruzko sentsibilizazioa eta gaikuntza emateko:

a) Bereziki Interneten eta sare sozialen eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien segurtasuna eta erabilera segurua eta arduratsua.

b) Sexu-indarkeriaren fenomenoak sor ditzaketen erabilera desegokiaren ondoriozko arriskuak, hala nola ziberjazarpena, groominga, genero-ziberindarkeria edo sextinga.

148. artikulua.– Pertsona adingabeen egoitza-harrerako baliabideen eta askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroen jarduketak.

1.– Foru-aldundiek, haurrak eta nerabeak babesteko eskumena duen sailaren bitartez, berariazko planak prestatu eta onetsiko dituzte babes-neurri bat duten eta egoitza-harrerako zentroetan bizi eta beren erantzukizunpekoak diren pertsona adingabeak biktima izan daitezkeen indarkeria-kasuak prebenitu, goiz detektatu eta horietan esku hartzeko, sexu-esplotazioa badago bereziki, betiere, kontuan hartu gabe zentroa kudeatzen duen entitatea publikoa edo pribatua den, eta nor den haren titularra.

2.– Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, berariazko planak onetsiko ditu barneratze-neurri judizial bat bete behar duten eta askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroetan bizi diren beren erantzukizunpeko pertsona adingabeak biktima izan daitezkeen indarkeria-kasu posibleak prebenitu eta detektatzeko, sexu-esplotazioa badago bereziki, eta kontuan hartu gabe zentroa kudeatzen duen entitatea publikoa edo pribatua den, eta nor den haren titularra.

3.– Era berean, foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak estandarrak eta adierazleak onartu beharko dituzte, aplikatzekoak diren baliabideetan edo zentroetan onartzen dituzten protokoloen eraginkortasuna ebaluatu ahal izateko.

4.– Protokoloen edukian, gutxienez, honako gai hauei helduko zaie:

a) Prozedurari ekiteko modua, komunikazio-sistemak eta jarduketa bakoitzaren arduradun diren profesionalen koordinazioa zehaztuko dituzte.

b) Kexa eta salaketarako mekanismo erraz, eskuragarri, seguru eta konfidentzialak ezarriko dituzte informazioa emateko, pertsona adingabeak errepresaliak jasateko arriskurik gabe tratatuak izan daitezen. Kexei emandako erantzunen aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango da. Nolanahi ere, pertsona adingabeek eskubidea izango dute kexak konfidentzialtasunez Fiskaltzari, agintaritza judizial eskudunari edo Arartekoari bidaltzeko.

c) Bermatuko dute, sartzeko unean, babes-baliabideak edo -zentroak pertsona adingabeari zentroko bizikidetza-arauak eta diziplina-araubidea emango dizkiola idatziz, baita kexa- eta komunikazio-mekanismoei buruzko informazioa ere, hizkera argi eta errazean eta uler dezakeen eta ulerterraza zaion hizkuntza batean, eta haren adinari, ulermen-mailari eta gainerako inguruabar pertsonalei egokitutako formatu eskuragarrian.

d) Berariazko jarduketak ezarriko dituzte jazarpenaren motibazioa desgaitasuna, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo -adierazpena, nazionalitatea edo arraza- edo etnia-jatorria bada. Orobat, protokolo horiek berariazko jarduketak jaso beharko dituzte jazarpena Internet bidez, sare sozialen bitartez edo, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egiten bada eta intimitateari eta ospeari kalte egin bazaie.

e) Kontuan izan beharko dituzte pertsona adingabea haren interes gorena eta ongizatea bermatzeko beste egoitza-baliabide batera aldatzea komeni den egoerak.

5.– Protokoloek, halaber, prebentzioko, detekzio goiztiarreko eta esku hartzeko jarduketa espezifikoak jaso beharko dituzte abusu, sexu-esplotazio eta gizakien salerosketako kasu posibleetarako, baldin eta kasu horietan biktima gisa babes-neurriren baten mende dauden pertsona adingabeak badaude eta protokoloa aplikatzekoa den baliabidean edo zentroan bizi badira.

Horretarako, jarduketa horiek egitean kontuan hartuko dira, bereziki, genero-ikuspegia, bai eta Fiskaltza, Ertzaintza eta Udaltzaingoarekin eta zerikusia duten gainerako sistemekin koordinatzeko behar diren neurriak ere.

6.– Neurri horiek pertsona adingabeak artatzen dituen edo bere ardurapean bizi diren beste edozein egoitza-baliabidetara ere zabaldu ahal izango dira.

7.– Artikulu honen edukiak ez ditu eragozten jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko berariazko zentroei buruz lege honen VI. tituluko IV. kapituluko 8. atalean ezarritako aurreikuspenak.

149. artikulua.– Pertsona adingabeen egoitza-harrerako baliabideak eta askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroak gainbegiratzea.

1.– Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 55.1 artikulua aplikatuz, Fiskaltzaren ordezkari batek aldiro-aldiro bisitatuko ditu aurreko artikuluan aipatzen diren baliabide eta zentroak, horiek arautzen dituen funtzionamendurako barne-araudian aurreikusitako aldizkakotasunarekin, eta, gutxienez, lau hilabetez behin, honako helburu hauetarako:

a) Pertsona adingabeekin biltzea.

b) Hala eskatzen duten pertsona adingabeei banaka entzutea.

c) Aplikatzekoak zaizkien jarduketa-protokoloak betetzen direla gainbegiratzea.

d) Indarkeria-egoerak komunikatzeko mekanismoei jarraipena egitea.

2.– Foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, beren eskumenak egikaritzean dagokionaren arabera, etengabeko komunikazioa izango dute Fiskaltzarekin eta, hala badagokio, pertsona adingabea baliabidean edo zentroan sartzea erabaki zuen agintaritza judizialarekin, baliabidean edo zentroan egon bitartean gerta daitezkeen inguruabar garrantzitsuei buruz, bai eta pertsona adingabeak zentroan jarraitzeko beharrari buruz ere.

150. artikulua.– Poliziaren eremuko jarduketak.

1.– Ertzaintzak eta Udaltzaingoak unitate espezializatuak izango dituzte, horrelako kasuetan behar bezala jarduteko prestatuak, haurren eta nerabeen kontra gauzatutako indarkeria-egoerak ikertu, prebenitu, detektatu eta horien aurrean jarduteko, lege honen 312.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Salbuespen gisa, Udaltzaingoaren kasuan, kidegoa osatzen duten kideen kopurua ez bada egokia eta nahikoa haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerak ikertzen eta prebenitzen, detektatzen eta horien aurrean jarduten espezializatutako unitateak sortzeko, bermatu beharko da agente espezifikoak dituztela, pertsona adingabeei eragiten dieten indarkeria-kasuetan esku-hartze egokia bermatzeko moduko prestakuntza eta espezializazio egokia dutenak eta, nolanahi ere, lege honen 312.1 artikuluan aurreikusitako prestakuntza dutenak.

3.– Lurralde berean polizia-kidego batek baino gehiagok badihardute, elkarlanean arituko dira, nor bere eskumen-eremuan, efikaziaz gara daitezen egoera horiei aurre egiteko eta indarkeria horren aurka egiteko esku-hartzeak.

151. artikulua.– Poliziaren jarduketa-irizpideak.

1.– Haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoeretan Ertzaintzak eta Udaltzaingoak egiten duten jarduketari dagokionez, haien ekintza eta erabaki guztien funtsezko ardatza izango da pertsona adingabeen eskubideak errespetatzea eta haien interes gorena funtsezkotzat hartzea, eta pertsona adingabeekiko polizia-jarduketako protokoloen arabera jardungo dute, baita etxeko indarkeria edo genero-indarkeria kasuetarako polizia-jarduketako protokoloen arabera ere, halakoak aplikagarri badira.

2.– Nolanahi ere, kontuan izango dira irizpide hauek:

a) Berehala hartuko dira pertsona adingabearen egoeraren arabera egokiak diren behin-behineko babes-neurri guztiak.

b) Guztiz beharrezkoak diren eta pertsona adingabeak esku hartzen duen eginbideak baino ez dira egingo, eta ez da egingo hark esku hartzen duen eta ezinbestekoa ez den eginbiderik. Bereziki, pertsona adingabeari deklarazioan entzungo zaio bakarrik guztiz beharrezkoa bada polizia-atestatua egiteko, eta, kasu horretan, behin bakarrik eta horretarako berariaz prestatutako profesionalen bitartez.

c) Pertsona adingabeak esku hartzea eskatzen duten ezinbesteko eginbide guztiak luzamenik gabe egingo dira, esku-hartze horiek egiteko prest dagoela egiaztatu ondoren.

d) Ikertuaren eta pertsona adingabearen artean polizia-bulegoetan zuzeneko edo zeharkako inolako harremanik izateko aukera saihestuko da.

e) Pertsona adingabeak hala eskatzen badu, bere kabuz salaketa aurkezteko aukera izango du, pertsona heldu batekin batera egon beharrik gabe.

f) Pertsona adingabeari atzerapenik gabe emango zaio doako laguntza juridikoa jasotzeko duen eskubidearen berri, eta, hala nahi badu, ofiziozko txanda espezifikoko abokatua berehala izendatzeko eskatuko zaio eskumena duen abokatuen elkargoari polizia-bulegoetan ager dadin.

g) Pertsona adingabeari tratu ona emango zaio, hizkera eta formak haren adin, heldutasun, ulermen-gaitasun eta gainerako inguruabar pertsonaletara egokituz.

h) Ahalegina egingo da pertsona adingabea une oro berak askatasunez izendatutako bere konfiantzako pertsona batekin egon dadin, ingurune seguru batean, salbu eta pertsona horrek haren interes gorenaren aurka jarduteko arriskua ikusten bada; kasu horretan, adierazpen ofizialaren bidez jasota utzi beharko da hori.

152. artikulua.– Eremu judizialeko jarduketak.

1.– Indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeek aukera izan dezaten lege honetan aitortutako eskubideak berdintasunean eskuratu ahal izateko, lege honen 25. artikuluan ezarrita dagoen berdintasunerako eta diskriminaziorik ez jasateko eskubidea aplikatuz eta 13. artikuluaren b) eta c) letretan aurreikusi diren irisgarritasuna bermatzeko printzipioa eta ekitate-printzipioa aplikatuz, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, behar diren bitartekoak jarriko dituzte eremu judizialean haien eskubideak eta interesak defendatuko direla bermatzeko.

2.– Aurreko xedapena betez, indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeei informaziorako eta aholkularitzarako eskubidea bermatuko zaie, eta informazio eta aholkularitza hori haien egoera pertsonalerako eta garapen ebolutiborako egokiak izan beharko dira, bai eta hizkera argi eta errazean eman ere, uler dezaketen eta ulerterraza zaien hizkuntza batean eta haien inguruabar pertsonaletara egokitutako formatu eskuragarrian. Beharrezkoa bada, espezialisten laguntza eskatuko da, irispide unibertsala bermatzeko.

3.– Eskubide horren esparruan, prozesu, aukera eta epe guztien berri emango zaie, eta iritzia emateko duten eskubidea eraginkortasunez egikaritzen dela eta iritzi hori kontuan hartzen dela zainduko da, larderien eta errepresalien kontra haien intimitatea eta identitatea babestuz, eta hasieratik eta prozesu osoan zehar laguntza profesionala emango zaie jarraipen eta laguntza psikologikorako.

4.– Berariaz, Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, beharrezkoak diren baliabide tekniko eta materialak prestatuko ditu pertsona adingabearen deklarazioa eskakizun prozesal guztiak betez eta toki seguruan garatuko dela bermatzeko. Bereziki, helburua izango da deklarazioa irisgarritasun-bermeak betez egin ahal izatea, eta irudia eta soinua komunikatu eta grabatzeko betekizun guztiak betez, kalitatezkoa eta baliagarria izan dadin. Horrela, bada, saihestu ahal izango da pertsona adingabeak ahozko epaiketako ekitaldian deklaratu behar izatea.

153. artikulua.– Legitimazioa, indarkeria-egoera baten haritik etorritako prozedura judizialetan.

1.– Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 13.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, indarkeriaren biktima diren pertsona adingabe guztiak legitimatuta daude indarkeria-egoera baten ondorio diren prozedura judizial guztietan beren eskubide eta interesen defentsan esku hartzeko.

2.– Defentsa hori, oro har, haien legezko ordezkarien bidez egingo da. Halaber, defendatzaile judizial gisa diharduen pertsona baten bitartez egin ahal izango da, ikerketan eta zigor-arloko prozesuan ordezka ditzan. Pertsona hori epaitegi edo auzitegiak izendatuko du, ofizioz edo Fiskaltzak eskatuta, Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legearen 26.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Nolanahi ere, epaitegi edo auzitegiak, ofizioz edo Fiskaltzak eskatuta edo, zuzenean, lurralde-mailan pertsona adingabeak babesteko eskumena duen entitate publikoak eskatuta, defendatzaile judiziala izendatuko du, lege honen 23.1.f) artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen badira.

4.– Horrez gain, bermatu egin beharko da eskubidea duela bere interesen defentsan esku hartzeko, akusazio partikular moduan pertsonatuz zigor-prozeduraren edozein unetan, baina horrek ez du aukerarik emango pertsonatu aurretik gauzatutako jarduketak atzera eramateko, ez eta haiek errepikatzeko ere, eta ezin izango du berekin ekarri akusatuaren defentsarako eskubidea urritzea.

5.– Pertsona adingabe baten kontrako indarkeria-egoera baten ondorioz zigor-prozedura hasi ondoren, Justizia Administrazioaren letraduak biktimari laguntzeko bulego eskudunera bideratuko du pertsona adingabea, delituaren larritasuna, biktimaren zaurgarritasuna edo biktimak berak eskatzen duen kasuetan beharrezkoa bada, betiere Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legearen 10. artikuluan xedatutakoa betez.

154. artikulua.– Biktimizazio sekundarioa saihesteko neurriak.

1.– Pertsona adingabea delituaren biktima den zigor-arloko prozeduretan, Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legearen 26. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Prozedura Kriminalaren Legearen aurreikuspenei lotuta, ikerketa garatzea edo judizioa egitea biktimarentzat beste kalte-iturri bat bihurtzea ahal den neurrian saihestu edo mugatzeko behar diren neurriak hartuko dira.

2.– Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, baliabide tekniko, teknologiko eta giza baliabide espezifikoak jarriko ditu Justizia Administrazioaren esku, biktimak biktimizazio sekundariorik jasan ez dezan bere deklarazioaren ondorioz.

3.– Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatzen dena bermatzeko, pertsona adingabeek deklarazioa aldez aurretik eratutako frogaren bidez egin dezaten bermatuko da, eta, horretarako, baliabide teknologikoak, profesionalak eta espezializatuak erabiliko dira hala pertsona adingabeen eskubideak nola defentsa-eskubidea eta benetako babes judizialerako eskubidea bermatzeko.

Delituaren biktimei laguntzeko bulegoek babes-baliabideen koordinatzaile gisa jarduten dute, bai eta informazioa, aholkularitza, akonpainamendua eta laguntza emateko organo gisa ere, Biktimaren Estatutuan aurreikusitakoaren arabera eta Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera. Horretarako, baliabide pertsonal eta ekonomiko nahikoak izan beharko dituzte.

155. artikulua.– Kalteen erreparazio material eta moralerako neurriak.

1.– Delitu den indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeek justizia errestauratiboko zerbitzuak eskuratu ahal izango dituzte, Delituaren Biktimaren Estatutuaren apirilaren 27ko 4/2015 Legearen 15. artikuluan ezarritako moduan, delituaren ondoriozko kalteen erreparazio material eta moral egokia lortzeko helburuarekin.

2.– Biktimak eta arau-hausleak justizia errestauratiboko prozeduran parte hartzeko emandako adostasuna edonoiz errebokatu ahal izango dute.

156. artikulua.– Lekualdaketa eta atxikipen ez-zilegiak daudenean egin beharreko jarduketak.

Eskumena duten administrazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte pertsona adingabeen lekualdatze eta atxikipen ez-zilegien aurka borrokatzeko, Estatu barruan eta atzerrian, bai gurasoek egiten badituzte, bai hirugarren batek egiten baditu ere, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 778 quater, quinquies eta sexties artikuluetan aurreikusitako moduan, nazioarteko akordioetan eta nazioarteko araudian jasotako aurreikuspenei lotuta.

157. artikulua.– Harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko indarkeria dagoenean egin beharreko jarduketak.

1.– Pertsona adingabearen kontrako indarkeria komunikabideetan informazioa zabaltzean edo irudiak erabiltzean badatza, sare sozialak edo teknologia berriei lotutako beste edozein bitarteko barne, edo pertsona adingabearen osotasun fisiko edo psikikoari kalte egiten dion beste edozein egintzatan badatza, berekin babesgabetasuna badakar edo pertsona adingabearen edo haren senideen intimitatean, ohorean edo ospean era ez-legitimoan sartzea ekar badezake, haren irudiaren ustiapen ekonomikoa eragiten badu edo pertsona adingabearen interesen aurkakoa bada, alde batera utzita legitimatutako beste subjekturik dagoen, Fiskaltzak berehala esku hartu beharko du legean aurreikusitako kautelazko eta babeseko neurriak eskatzeko eta eragindako kalteengatik dagozkion kalte-ordainak eskatzeko.

2.– Aurreko apartatuan azaldutako jarduketak egokiak izango dira pertsona adingabearen edo haren legezko ordezkarien adostasuna jasota egonda ere.

3.– Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-, sentsibilizazio- eta dibulgazio-kanpainak egingo ditu pertsona adingabeei, familiei, hezitzaileei eta pertsona adingabeekin lan egin ohi duten beste profesional batzuei zuzenduta, Interneten eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera seguruari eta arduratsuari buruz, bai eta pertsona adingabeen aurkako sexu-indarkeriaren fenomenoek eragin ditzaketen erabilera desegokietatik eratorritako arriskuei buruz ere.

Eusko Jaurlaritzak aldian-aldian diagnostikoak egin beharko ditu, adin- eta genero-irizpideak kontuan hartuta, pertsona adingabeen artean Internet modu seguruan erabiltzeari eta horrekin lotutako arrisku-arazoei buruz, bai eta joera berriei buruz ere.

VI. TITULUA
BABESGABETASUNAREKIKO ZAURGARRITASUN-EGOEREN ETA BABESGABETASUN-EGOEREN PREBENTZIOA, DETEKZIOA ETA BABESA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

158. artikulua.– Haur eta nerabeen babesgabetasuna eta babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna.

1.– Babesgabetasuna pertsona adingabe baten egoera bat da, legezko ordezkariek, harreragileek edo zaintzaileek dagozkien hazkuntza-eginbeharrak ez betetzeagatik edo behar bezala ez betetzeagatik edo bete ezin izateagatik sortua. Egoeraren larritasunaren arabera, pertsona adingabea arrisku- edo desanparo-egoeran egon daiteke, arrisku-egoerari dagokionez lege honen 176 eta 177. artikuluetan ezarritakoa eta desanparo-egoerari dagokionez lege beraren 187 eta 188. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz.

2.– Babesgabetasun-egoera eragin dezake aurreko tituluan jasotako indarkeria motetako edozeinek, baldin eta indarkeria horiek bizikidetzako familia-ingurunean gertatzen badira edo ingurune horretatik kanpo gertatu arren legezko ordezkari edo harreragileek eta zaintzaileek jakinda, adostasuna emanda edo toleratuta gertatzen badira eta, betiere, pertsona adingabea babesik gabe egotea badakarte. Bestalde, indarkeriazkoak ez diren beste egoera batzuek ere eragin dezakete, baldin eta inguruabar, gabetasun edo gatazka familiarrak, sozialak edo hezkuntzakoak tarteko, kalte egiten bazaio pertsona adingabeari bere garapen pertsonal, familiar, sozial edo hezkuntzakoan, bere ongizatean edo bere eskubideetan.

3.– Lege honen esparruan, babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna da egoera bat zeinean, pertsona adingabearen beharrizanei arreta egokia ematen zaien arren, badiren zailtasun pertsonal, familiar edo sozial batzuk egoera horrekiko zaurgarritasuna dakartenak eta, ondorioz, babesgabetasun-egoera bat ager litekeen etorkizunean, aurreko apartatuetan ezartzen denaren arabera.

159. artikulua.– Haur eta nerabeen babesa.

Lege honen ondoreetarako, botere publikoek pertsona adingabeak babesteak barne hartzen ditu aurreko artikuluan aipatutako egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta haietan haurrak eta nerabeak artatzeko eta babesteko neurri eta jarduketak, bai eta, hala badagokio, errekuperazio integrala lortzeko jarduketak ere. Horretarako, zerbitzu eta baliabide egokiak ezarriko dira, barne hartuta, hala badagokio, zaintza gauzatzea eta, desanparo-deklarazioaren kasuetan, lege-aginduz tutoretza beren gain hartzea.

160. artikulua.– Erantzunkidetasun-eginbeharra babesgabetasun-egoera prebenitzeko, detektatzeko eta babesteko.

1.– Lege honen 5. artikuluan ezarritako erantzunkidetasun-eginbeharraren arabera, eta hargatik eragotzi gabe legezko ordezkariek, harreragileek edo zaintzaileek duten oinarrizko arreta-, babes-, hazkuntza- eta zainketa-eginbeharra, gizarte osoari eta botere publikoei dagokie babesgabetasun-egoeren prebentzioa eta horrelako egoerak gertatuz gero esku hartzea.

2.– Aurrekoarekin bat etorriz, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, babesgabetasun-egoera posibleak prebenitu eta detektatzeko eginkizunak bete beharko dituzte, baita arreta-eginkizunak ere, udalek edo foru-aldundiek dagozkion babes-neurriak hartu ondoren.

161. artikulua.– Pertsona adingabeekin jarduteko printzipioak.

1.– Euskal administrazio publikoek, oro har, prebentzio, detekzio, arreta eta babesaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, errespetatu egingo dute pertsona adingabeen interes gorena tarteko beste edozein interes legitimoren gainetik gailentzeko eskubidea, bai eta entzunak eta adituak izateko eskubidea ere, haien eskubideak babestuko direla bermatzeko.

2.– Halaber, lege honen 13. artikuluan jasotako printzipioak aplikatuko dituzte jarduketa guztietan, baita Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritako jarduketa-printzipioak ere.

3.– Berariaz, euskal administrazio publikoek printzipio hauek beteko dituzte:

a) Lehentasuna emango zaie familia-neurriei erakunde- edo egoitza-neurrien gainetik, pertsona adingabearen bizitza familia-ingurunean garatzearen alde egiteko.

b) Lehentasuna emango zaie adostutako neurriei inposatutakoen gainetik.

c) Lehentasuna emango zaie neurri egonkorrei aldi baterakoen gainetik.

162. artikulua.– Administrazio-jarduketaren printzipioak.

1.– Euskal administrazio publikoek, prebentzio, detekzio, arreta eta babesaren arloan dituzten eskumenak egikarituz, honako irizpide hauek beteko dituzte, lege honen 24.5 artikuluan ezarritako irizpide orokorrez gain, kasu bakoitzean pertsona adingabearen interes gorena interpretatu eta aplikatzeari dagokionez:

a) Lehentasuna emango zaio prebentzio-ekintzari eta pertsona adingabearen bizitzako edozein eremutan haren garapen pertsonalari kalte egin diezaioketen egoera guztien detekzio goiztiarrari.

b) Familia- eta gizarte-integrazioa bultzatzeko jarduerak sustatuko dira, batez ere babesgabetasunarekiko zaurgarritasuna duten familiekin edo arrisku-egoeretan daudenekin esku hartuz.

c) Foru-aldundiak pertsona adingabe baten zaintza edo tutoretza bere gain duenean, haren egoeraren berri emango die legezko ordezkariei, baldin eta ebazpen judizial batek debekatzen ez badu eta betiere pertsona adingabearen interes gorenaren aurkakoa ez bada.

d) Entzunak eta adituak izateko eskubidea aplikatuz, pertsona adingabearen parte hartzea bultzatu eta erraztu egingo da aplika daitezkeen neurri eta jarduketei buruzko erabakietan eta dagokion garapenari buruzkoetan, haren baldintza pertsonalak, bereziki adina eta heldutasuna kontuan hartuta, baita gurasoek parte hartzea ere, pertsona adingabearen interesekoa bada. Ondore horretarako, pertsona adingabeari galdetzen ari zaionaren berri eman beharko zaio, bai eta bere iritziak izango dituen ondorioei buruz ere.

e) Administrazioaren esku-hartzeak ahalik eta txikienak izango dira, babesteko eginkizuna eraginkortasunez betetzeko behar-beharrezkoak direnak baizik ez; eta prozedurek utzi bezain azkar jardungo da.

f) Babes-ekintzan, objektibotasuna, inpartzialtasuna eta segurtasun juridikoa bermatuko dira, eta ziurtatuko da neurriak kide anitzeko organoen bitartez eta hainbat diziplinatako kideen bitartez hartzea.

g) Desgaitasuna duten pertsona adingabeen eskubideak eta betebeharrak bermatuko dira artikulu honetan jasotako printzipioak aplikatzeari eta titulu honetan araututako neurriei dagokienez, eta sustatu eta erraztu egin beharko da familia-nukleoko hazkuntza eta bizikidetza, lege honetan xedatutako sustapen- eta prebentzio-jarduketen esparruan aurreikusitako laguntza-neurrietarako irispidea erraztuz, hartara saihesteko pertsona horiek ezkutuan, abandonatuta, zabarkeria jasaten edo bananduta egon daitezen.

h) Zaindu egingo da arrisku- edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeei gizarte-arreta ematen diharduten langileak, bai funtzio publikoko langileak, bai administrazio horiek itundutako, hitzartutako edo kontratatutako entitate pribatuetakoak, egokiak direla bete beharreko eginkizunak betetzeko, eta, ondore horietarako, lege honen 314.2 artikuluan aurreikusitako betekizunak betetzea eta egiaztatzea eskatuko zaie. Baldintza berberak aplikatuko zaizkie ekintza boluntarioaren esparruan esku hartzen duten pertsonei.

i) Esku-hartze orotan, pertsona adingabearen eta haren familiaren laguntza izateko ahalegina egingo da; orobat, pertsona adingabearen eskola-, gizarte- edo lan-bizitzari kalterik ez eragiteko ahalegina egingo da.

j) Babes-neurri bat duten edo helduarora eta bizitza independentera igarotzeko esku-hartze programa espezializatu batean dauden pertsona adingabeei laguntzeko eta haiek egokitzeko eta prestatzeko programak ezarriko dira, betiere haien gaitasunak, ezaugarriak eta inguruabar pertsonalak eta sozialak kontuan hartuta, eta arreta berezia eskainiz desgaitasunen bat dutenei.

k) Hartzen diren neurri guztiak hezigarriak direla bermatuko da.

l) Bereziki gatazkatsuak diren administrazio-prozeduretan, agintari eta zerbitzu publikoen eta pertsona fisikoen segurtasuna zainduko da, batez ere lanbidea edo betetzen duten eginkizuna tarteko, pertsona adingabearekin harremanetan direnena. Letra honetan aipatutako pertsona fisikoek prozedura judizialetan esku hartu ahal izango dute beren identitatea ezkutuan gordeta eta dagozkion bermeak zainduz, haiek aplikatzeak kalterik eragin ez diezaien interes legitimoei, aplikatu behar den legeria prozesalean ezarrita dagoenaren arabera.

2.– Familia-neurriak erakunde- edo egoitza-neurrien gainetik lehenesteko eskakizuna betez, irizpide hauen arabera egokituko dute beren jarduketa:

a) Lehentasuna emango diote, ahal den guztietan, pertsona adingabeei arreta beren familian bertan emateari; helburu horrekin, familietan esku hartzeko programak eskainiko dira, hain zuzen ere legezko ordezkariak edo harreragileak edo zaintzaileak orientatzeko gai diren izango diren programak, baldin eta defizitak antzematen badira arreta- eta zainketa-eginbeharrak betetzean. Aurrekoa hala ulertu beharko da salbu eta pertsona adingabearen interes gorenerako komenigarria ez bada; kasu horretan, babes-neurri egonkorrak hartzea bermatuko da eta, kasu horietan, familia-harrera lehenetsiko da erakunde-harreraren aurretik.

b) Pertsona adingabeak genero-indarkeriaren biktima den pertsona baten guraso-ahalaren, tutoretzaren edo zaintzaren pean badaude, botere publikoen jarduketen helburua izango da behar den laguntza bermatzea pertsona adingabeek, edozein adinetakoak direla ere, harekin jarrai dezaten, bai eta, orobat, haien babesa, arreta espezializatua eta errekuperazioa bermatzea ere.

c) Beharrezkoa bada, pertsona adingabeei beren familia ez diren baliabide alternatiboak eskainiko zaizkie, zeinek bermatuko baitute beren garapen integrala eta beren nortasunaren bilakaera egokirako ingurune aproposa, betiere neba-arreben arteko bizikidetzari eutsiz; eta azken hori ezinezkoa bada, neba-arreben artean dauden harremanek iraun dezatela ahalbidetuko da, betiere, bi kasuetan, harreman hori pertsona adingabeetako batentzat edo batzuentzat kaltegarriak ez badira.

3.– Pertsona adingabearen familia-nukleoa ez diren baliabide alternatiboen artean, irizpide hauek aplikatuko dira, betiere posible bada eta pertsona adingabearen interes gorena babesteko egokia bada:

a) Familiako beste kide batzuekiko bizikidetza ahalbidetzeko behar diren bitartekoak antolatuko dira.

b) Aurrekoa ezinezkoa bada, familia-harrera baten esparruan beste familia-nukleo batean sartzeak lehentasuna izango du egoitza-harrera baten aurrean.

163. artikulua.– Pertsona adingabeak babesteko entitate publikoko kide anitzeko balorazio-organoa.

1.– Foru-aldundiek kide anitzeko balorazio-organo bana izango dute, nahitaez haur eta nerabeen arreta eta babeseko arloan espezializatutako eta diziplina anitzeko teknikariek osatua.

2.– Organo hori haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko arloan laguntza eta aholkularitza teknikoa emateko organo gorena izango da, eta babeseko administrazio-espedienteak osatzen dituzten dokumentu eta egindako jarduketa eta izapide guztiak aztertu, berrikusi eta baloratzeaz arduratuko da, pertsona adingabearen interes gorenari nabarmen eragiten badiote.

3.– Halaber, bere eginkizunak betetzean, dagokion organoari helaraziko dio pertsona adingabeari bereziki eragiten dioten egintzei buruzko proposamen teknikoa.

4.– Foru-aldundiek egingo dute organo horren osaera, antolaketa eta eginkizunak erregulatuko dituen araudia. Era berean, araudi horretan zehatz-mehatz zehaztu ahal izango dira aztertu, berrikusi eta baloratu beharreko egintzak, pertsona adingabearen interes gorena gogoan izanda duten garrantzi berezia kontuan hartuta.

164. artikulua.– Eskubideak babes-prozeduren eta babes-neurrien aplikazioaren esparruan.

1.– Babes-prozedura baten edo babes-neurri baten aplikazioaren esparruan, pertsona adingabea berariazko eskubide hauen titular izango da, lege honen II. tituluan jasotako eskubideez gain:

a) Babesa jasotzeko eskubidea, baita legezko ordezkariak, harreragileak edo zaintzaileak aurka badaude ere, arrisku- edo desanparo-egoera egiaztatu ondoren.

b) Haien egoera pertsonala, hartu beharreko neurriak, horien iraupena eta dagozkien eskubideak ezagutzeko eskubidea; horretarako, esku-hartze prozesuan zehar ahalik eta informazio egiazkoena, jarraituena eta osoena eman beharko zaie. Informazio hori hizkera argi eta errazean eman beharko da, uler dezaketen eta ulerterraza zaien hizkuntza batean, eta beren inguruabar pertsonaletara egokitutako formatu eskuragarrian; eta, beharrezkoa bada, espezialisten laguntza jasoko da.

c) Beren beharrizanak bilatzen eta asetzen dituzten subjektu aktibotzat hartuak izateko eskubidea; horretarako, autonomia pertsonala sustatu eta bermatu behar da, sozialki eta juridikoki.

d) Izapidetzea ahal bezain efikaz eta azkarra izateak ematen duen segurtasun juridiko eta emozionala izateko eskubidea. Izapidetzeak behin-behineko neurriak luzatzea eragotzi behar du, pertsona adingabearen intimitatearen esparruan behar-beharrezkoa den baino gehiago sartzea saihestu behar du, eta ezinbesteko gutxienekoa murriztu behar ditu haren jarduteko gaitasuna eta bere bizitzari zein familiarenari eragindako interferentziak.

e) Familian egoteko eskubidea, ahal den guztietan; horretarako, Administrazioak eskubide hori bermatzeko eskura dituen baliabide guztiak aplikatzeko eginbeharra du. Pertsona adingabea familiatik banandu badute, baloratu egin behar da familiara bueltatzea, egoerak horretarako aukera ematen badu; eta hori bideragarria ez bada, beste familia-nukleo batean sartu beharko da ahal bezain laster, jatorrizko familiarekin eta hurbileko beste pertsona batzuekin harremanak izateko eskubidearekin, betiere horrek ez badu babes-helburua oztopatzen edo ez bada pertsona adingabearen interes gorenaren aurkakoa.

f) Gizarteratzea errazteko bitartekoak izateko eskubidea, haren kultura- eta hizkuntza-identitatea errespetatuz.

g) Familiak behar besteko laguntza eta babesa jasotzeko eskubidea, pertsona adingabea gutxieneko baldintza egokietan artatu ahal izateko.

h) Fiskaltzarekin eta hura babesteko ardura duten profesional tekniko eta administratiboekin harreman zuzena izateko eskubidea, batez ere erreferentziako profesionalarekin, arreta- eta babes-ibilbidearen koherentzia, izaera integrala eta jarraitutasuna eta esku-hartze prozesuaren koordinazioa bermatzeko.

i) Bere eskubideak eta interesak egikaritzeko eta defendatze aldera bere babes-espedientea eskuratu ahal izateko eskubidea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, betiere horretarako irispidea ukatzen ez bada haren interes gorena babesteko.

2.– Pertsona adingabea adin-nagusitasunera iristen denean, babes-espedientea eskuratu ahal izateko eskubidea egikaritu ahal izango du, eta muga bakarrak izango dira datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen legeriak ezarritakoak.

3.– Nolanahi ere, aipatutako eskubide hori eraginkortasunez egikaritu aurretik, aholkularitza espezializatua jaso beharko du espedientearen titular den administrazio publikoaren aldetik, haur eta nerabeak babesteko arloan kualifikatuta dauden profesionalen eskutik, espedienteak izan dezakeen informazioaren irismena eta esanahia oro har ulertzen eta asimilatzen lagunduko diotenak, baita haren ondorioak eta ondoreak ere.

4.– Modu berean, interesdunak espedientearen edukirako irispidea izatean, laguntza, babesa eta orientazioa eskatu ahal izango die langile horiei.

5.– Legezko ordezkariak edo, hala badagokio, harreragileak eta zaintzaileak, bai eta babes-jarduerekin zerikusia duen prozedura batean hartzen den erabakiak zehazki uki ditzakeen pertsona guztiak ere, eskubide edo interes legitimo baten titularrak dira, eta, ondorioz, prozeduran interesdun izango dira.

6.– Hartarako, ordezkari baten bitartez jardun ahal izango dute, eta haren bitartez administrazio-jarduerak gauzatu, betiere interesdunak kontrakoa adierazten ez badu.

7.– Ordezkaritza egiaztatu ahalko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 5. artikuluan aurreikusitako edozein bitartekoren bidez.

165. artikulua.– Familia-integraziorako entitate laguntzaileak.

1.– Familia-integraziorako entitate laguntzailetzat hartuko dira babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoeran edo babesgabetasun-egoeran dauden pertsona adingabeak eta indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeak babesteko eremuan jarduerak egiten dituztenak, espresuki horretarako homologatuta badaude.

2.– Foru-aldundiei dagokie entitate horiek homologatzea, aurreko apartatuan adierazitako egoeretan dauden haur eta nerabeen arloan dituzten prebentzio- eta babes-eskumenak egikaritzearen ondorioz.

3.– Familia-integrazioko entitate laguntzaileak honako eginkizun hauetarako gaitu ahal izango dira:

a) Egoitza-harreraren esparruan, pertsona adingabeak zaintzeko.

b) Pertsona adingabeak familietan hartzeko prozesuetan bitartekari aritzeko.

c) Pertsona adingabeak babesteko prozeduretan eskumena duten administrazio publikoei aholkularitza teknikoa emateko.

d) Guraso-eginkizunetarako gaitasunak baloratzeko eta guraso-eginkizunetarako gaitasunetan hezteko.

e) Gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko.

4.– Familia-integraziorako entitateak homologatu ahal izateko, erregistratuta egon beharko dute kasu bakoitzean dagokion gizarte-zerbitzuen erregistroan, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean eta hura garatzeko aplikatzekoa den araudian ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, estatutuetan jasota egon beharko da haurren eta nerabeen babesa dutela helburuen artean.

5.– Artikulu honen 3. apartatuan aipatutako eremuetako bakoitzerako erregelamendu bidez zehaztuko diren betekizunak betetzen dituzten entitateak soilik homologatuko dira; nolanahi ere, honako hauek jaso beharko dituzte:

a) Esleitutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren bitarteko materialak eta diziplina anitzeko talde profesionalak daudela.

b) Langile profesional zein boluntarioak egokiak direla esleitutako eginkizunak betetzeko, lege honen 314. artikuluan adierazitako moduan.

II. KAPITULUA
BABESGABETASUNAREKIKO ZAURGARRITASUN-EGOEREN ETA BABESGABETASUN-EGOEREN PREBENTZIOA

166. artikulua.– Prebentzio-jarduketak.

1.– Oro har, lege honen III. tituluan jasotako sustapen-jarduketek, IV. tituluan jasotako osasunerako, hezkuntzarako, ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoerak prebenitzeko jarduketek eta V. tituluan jasotako haurren eta nerabeen kontrako indarkeria prebenitzeko jarduketek lagundu egiten dute babesgabetasun-egoerak prebenitzen, familien eta pertsona adingabeen babes-faktoreak sendotzera bideratzen diren heinean, bai eta arrisku faktoreak murrizten ere; eta, hala, haur eta nerabeen eskubideen aldeko ingurune seguru eta babesleak eratzen laguntzen dute, eta babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoerak edo babesgabetasun-egoerak sortzeko arrisku handiagoa duten egoera eta testuinguru negatiboak saihesten.

2.– Berariaz, eta prebentzio-ekintza eraginkorragoa izango dela bermatzeko, honako hauek egin beharko dira:

a) Babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoeran dauden familiei eta, familia horietan integratuta egonik, arrisku-faktoreetarako adin bereko pertsonen batezbestekoak baino esposizio handiagoa duten pertsona adingabeei berariaz zuzendutako prebentzio-jarduketak.

b) Banaka babesgabetasunarekiko zaurgarritasun handiagoko egoeran dauden pertsona gisa identifikatzen dituen baldintza jakin bat duten pertsona adingabeei berariaz zuzendutako prebentzio-jarduketak.

167. artikulua.– Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-jarduketak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, dibulgazio-ekintzak egingo ditu herritar guztiak eta, bereziki, familiak eta pertsona adingabeak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko beren familia-nukleoan behar duten babesa izateko duten eskubideaz, haien garapen harmoniko eta integralerako behar diren bizi-baldintzak ahal den heinean bermatuz haien legezko ordezkariek hazkuntza-erantzukizunak beren gain hartzeko duten eskubideaz, eta inolako indarkeria, zabarkeria edo utzikeria motaren mende ez egoteko eskubideaz.

2.– Dibulgazio-ekintza horiek azpimarra jarriko dute, halaber, familiei eginkizun horiek betetzen lagun diezaieketen edo aldi baterako atsedena eman diezaieketen neurri eta laguntza-zerbitzuetan, hazkuntza- eta babes-eginkizun guztiak beren gain hartu ahal izateko behar diren baldintzak errekuperatzeko aukera izan dezaten.

3.– Egiten diren dibulgazio-ekintzak haur eta nerabeen eskubideei buruzko ekintza orokorragoetan txertatu ahal izango dira, edo familia-eremuan eskubide horiek sustatzera eta babesgabetasun-egoerak prebenitzera berariaz bideratutako ekintzetan, hala nola gurasotasuna modu positiboan gauzatzea helburu dutenetan.

168. artikulua.– Hazkuntza-eginkizunetan laguntzeko neurriak.

1.– Botere publikoek zainduko dute gurasoek, legezko ordezkariek eta harreragileek edo zaintzaileek behar bezala beteko dituztela beren erantzukizunpean dauden hazkuntza- eta babes-eginkizunak eta, helburu horrekin, prebentzio-, aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuetarako irispidea erraztuko diete pertsona adingabeen garapenari eragiten dioten arlo guztietan, baita jasotzeko eskubidea duten diru-prestazioetarako irispidea ere.

2.– Bereziki, babesgabetasun-egoeren sorrera saihestera bideratutako prebentzio-neurriak dira errespetu- eta afektu-harremanetan oinarritutako familia-testuinguru seguruak ahalbidetzera bideratutakoak, eta hazkuntza-eginkizunak betetzea errazten dutenak. Hauek dira, zehatz-mehatz, neurriak:

a) Familia-nukleoan bizikidetza-harreman onak sortzeko eta indartzeko jarduketak, bai gurasoen artean, bai gurasoen eta seme-alaben artean, bai neba-arreben artean, lege honen 55 eta 56. artikuluetan jasotako moduan.

b) Familiei hazkuntza-eginbeharrak betetzen laguntzea, lege honen 57. artikuluan jasotako familia eta lana bateragarri egiteari eta gurasokidetasunari laguntzeko neurriak abiaraziz, bai eta lege honen 58, 59 eta 60. artikuluetan jasotako ongizate materialaren oinarrizko maila eta gizarte-inklusioa bermatzera bideratutako neurriak ere.

c) Gatazkak modu baketsuan konpontzeko trebetasunak eskuratzera bideratutako jarduketak, gurasoak heziketa emozionalean trebatuz, bai eta jokabide-maneiuan eta etorkizunean portaera antisozialak prebenitzeko estrategietan ere, betiere emozioen eta portaera erasokorraren kontrolean oinarrituta, lege honen 132.1.c) artikuluan jasotakoaren arabera.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako babes-mekanismoak ekintza positiboko neurrien bidez indartuko dira, babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoeran daudela irizten zaion familien kasuan.

4.– Babes motaren arabera, ekintza positiboko neurriak izan daitezke laguntza-zerbitzuetarako lehentasunezko irispidea erraztea, intentsitate handiagoko laguntzetara iristea, laguntza ekonomiko edo zerga-onura jakin batzuetarako irispidea erraztea edo dirulaguntzen zenbatekoa handitzea.

5.– Prebentzio-neurri horiek, halaber, haur bat jaio aurretik ere aplikatu ahal izango dira, eta haurdun dauden emakumeen esku jarriko da haien egoera berriari aurre egiten laguntzeko behar den babes psikosozial eta materiala, eta, hala badagokio, laguntza hori handitu egingo da jaioberriaren ongizatea bermatzeko.

169. artikulua.– Familia-unitateen haustura-egoeretan laguntzeko neurriak: familia-bitartekaritza eta elkarguneak.

1.– Familia-gatazka edo -krisia gertatu eta gurasoen bizikidetza hausten bada, edo gurasoetako batena, berreratutako familien kasuan, familiarekin esku hartzen ari diren gizarte-zerbitzuek familia-bitartekaritzako zerbitzu integralera bideratuko dute familia hori, pertsona adingabeen interes gorena babesten dela bermatzeko.

2.– Orobat, komenigarritzat jotzen bada, beste baliabide edo zerbitzu espezializatu batzuetara bideratu ahal izango da, bereziki familia-bitartekaritzako zerbitzuek agintzen dituzten terapia-zerbitzuetara edo gurasoentzako, legezko ordezkarientzako edo, hala badagokio, harreragileentzako edo zaintzaileentzako laguntza profesional espezializatura, haustura-prozesuan zehar, beren guraso-erantzukizunak gauzatzeko.

3.– Familia-bitartekaritzara eta elkarguneetara jotzea sustatze aldera, Eusko Jaurlaritzak lege honen 133. artikuluan adierazitako jarduketak egingo ditu.

III. KAPITULUA
BABESGABETASUNA DETEKTATU ETA BALORATZEA

170. artikulua.– Sorospena eta berehalako arreta emateko eginbehar orokorra.

1.– Lege honen 16. artikuluan jasotako komunikatzeko eginbeharra duten pertsonek komunikazioaren xede den egoeran dagoen pertsona adingabeak behar duen berehalako sorospena eman beharko dute.

2.– Lege honen 17. artikuluan jasotako komunikazio kualifikatuaren eginbeharra duten agintaritza eta profesionalek pertsona adingabeak behar duen berehalako arreta emateko betebeharra izango dute, bai eta, beren eskumen-eremuari badagokio, jarduteko betebeharra ere, edo kasua agintaritza edo organo eskudunari helaraztekoa; kasu horretan, eskura duten informazio guztia eman beharko diote.

3.– Bereziki, pertsona adingabe baten bizitza, osotasun, osasun edo segurtasunerako arrisku larria eta berehalakoa dagoen zantzuak badaude, inguruabarrek eskatzen duten berehalako babes-neurriak hartuko dira; hala badagokio, pertsona adingabea osasun-zentroan edo -zerbitzuan eta kasuan kasuko heziketa-zentroan atxikitzea barne, harik eta eskumena duen agintaritzak pertsona adingabearen ardura hartu arte edo hartu beharreko neurria ezarri arte.

4.– Nolanahi ere, pertsona adingabea atxikitzeko neurri horrek kontuan izango ditu pertsona adingabearen interes gorena eta premia- eta proportzionaltasun-printzipioak, batera haztatuta, ez ditzan murriztu edo mugatu babesten dituen eskubideak baino gehiago.

5.– Osasun-zentroan edo -zerbitzuan atxikitzeko neurriak berdin aplikatuko zaizkie jaioberriei ere, baldin eta jaio aurretik desanparo-deklarazioa egin bada kontzebituari dagokionez, lege honen 193.4 artikuluan ezarritako moduan.

171. artikulua.– Gizarte-zerbitzuen eremuan berehalako arreta ematea.

1.– Aurreko artikuluan aipatzen den berehalako arreta emateko betebeharra betez, foru-aldundiek beren gain har dezakete pertsona adingabe baten behin-behineko zaintza administrazio-ebazpen baten bidez eta Fiskaltzari komunikatu beharko diote. Aldi berean, pertsona adingabea identifikatzeko, haren inguruabarrak ikertzeko eta, hala badagokio, desanparo-egoera erreala egiaztatzeko behar diren eginbideak gauzatzeari ekin ahal izango diote.

2.– Orobat, zalantza badago pertsona bat pertsona adingabea den ala ez, Fiskaltzari eskatu ahal izango zaio gauza ditzala adina ikertzeko eta zehazteko eginbideak. Nolanahi ere, pertsona adingabea dela joko da lege honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, harik eta haren adina zehaztu arte.

3.– Aurreko egoera gertatuz gero, Fiskaltzak irizpide hauen arabera egokituko ditu jarduketak:

a) Proportzionaltasun-judizio bat egin beharko du, zeinean era egokian haztatuko baita zergatik irizten zaion aurkeztutako pasaportea edo, hala badagokio, nortasun-agiri baliokidea ez dela fidagarria.

b) Adina zehazteko proba medikoak egiteko azkartasunaren printzipioari jarraituko zaio; aurretik ukituaren baimen informatua beharko da eta haren duintasuna errespetatuz egingo da, bere osasunerako arriskurik eragin gabe; halaber, proba horiek ezingo dira bereizi gabe aplikatu. Inola ere ez dira egingo biluzte integralak, genitalen miaketak edo bestelako proba mediko bereziki inbaditzaileak.

4.– Urgentziazko arrazoiak badaude, foru-aldundien jarduketa berehalakoa izango da, eta barne hartuko du behin-behineko zaintza nahitaez beren gain hartzea, baita pertsona adingabearen eskubideak zaintzeko beharrezkoa den beste edozein neurri hartzea ere. Urgentziazko arrazoiak daudela joko da pertsona adingabe baten bizitza, osotasun, osasun edo segurtasunerako arrisku larri eta berehalakoaren zantzuak badaude.

5.– Aurreko apartatuak aipatzen duen berehalako arretak ez ditu bete beharko lege honen 207. artikuluan aurreikusitako prozedurazko eta formazko betekizunak. Nolanahi ere, jarduketa hori salbuespenezkoa izango da, eta ez dio kalterik egingo pertsona adingabeei behar duten berehalako sorospena emateko eta hartutako neurriak geroago formalizatzeko betebeharrari.

6.– Foru-aldundiek lege honetan pertsona adingabeei aitortzen zaizkien eskubideak bermatuko dituzte lehen aldiz babes-baliabide bat eskuratzen duten unetik aurrera; halaber, haien beharrizanei berehalako arreta integrala eta egokia emango diete, eta behin-behineko neurriak eta lehen harrerarako baliabideetako egonaldia luzatzea saihestuko dute.

7.– Nazio-lurraldera bakarrik iritsi diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden pertsona adingabeak zaintzapean edo tutoretzapean hartzeko erabakia hartu eta gero, foru-aldundiek neurri horren berri emango diote Barne Ministerioari, Estatuko dagokion erregistroan inskriba ditzan.

172. artikulua.– Kasua hartzea eta detektatutako egoera baloratzea.

1.– Babesgabetasun-egoera posibleak udaletako gizarte-zerbitzuei komunikatzen zaizkienean, zerbitzu horiek kasua hartu beharko dute eta lehen ikerketa eta detektatutako egoeraren hasierako balorazioa egin beharko dituzte.

2.– Kasua zuzenean komunikatu bazaie haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundietako lurralde-zerbitzuei, zerbitzu horiek dagokion udalera bideratuko dituzte, pertsona adingabearen bizilekuaren arabera, salbu eta komunikatutako gertakariak hain larriak badira, non pertsona adingabea arrisku larrian edo desanparo-egoeran dagoela susmatzen den; kasu horretan, lurralde-zerbitzuek eurek egingo dute balorazioa.

3.– Nolanahi ere, babesgabetasunik dagoen zehazteko eta hura arrisku- edo desanparo-egoera gisa identifikatzeko, Eusko Jaurlaritzak lege hau garatuz onetsiko duen eta horretarako baliozkotuko den tresna teknikoa aplikatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan. Horren bitartez, babesgabetasun-egoeren larritasuna baloratuko da eta arriskua arin, neurritsu, larri edo desanparo gisa kalifikatu.

4.– Balorazioaren ondorioz zehazten bada arrisku-egoera arina edo neurritsua dela, udaleko gizarte-zerbitzuek eman beharko diote arreta kasuari.

5.– Egindako balorazioaren esparruan edo balorazio-prozesuan bertan arrisku larriaren zantzuak antzematen badira edo desanparo-egoera posible bat antzematen bada, eta egoera horretan premiazko babeseko esku-hartzea beharrezkoa dela uste bada, haurra edo nerabea bizi den lurralde historikoan eskumena duen foru-aldundiko pertsona adingabeak babesteko lurralde-zerbitzura bideratu beharko da; hark kasua hartu, ikertu eta balorazio osagarria egin beharko ditu, larritasuna zehazteko.

173. artikulua.– Administrazio-espedientea.

1.– Babes-prozedura hasten zaion pertsona adingabe bakoitzari banakako identifikazio-kode bat esleituko zaio. Eta, izapidetutako prozeduren arabera, kode horrek, besteak beste, honako espediente espezifiko hauek jaso ahal izango ditu:

a) Kasuaren inguruabar zehatzak baloratzeko aurretiazko informazio eta jarduketena.

b) Arriskuarena, egoera hori deklaratu ez bada ere.

c) Desanparoarena eta tutoretzarena.

d) Zaintzarena, modalitate guztietan, tutoretzari eta adopzio-helburuko zaintzari lotutako zaintzaren kasuan izan ezik.

e) Familia-harrerarena.

f) Egoitza-harrerarena.

g) Adopzioarena, adopzio-helburuko zaintzaren eskuordetzea barne.

h) Neurria amaitu osteko jarraipena egitearena.

i) Ekonomia- eta ondare-kudeaketarena.

j) Identitatea egiaztatzeko dokumentazioaren kudeaketarena.

k) Osasun-arretarena.

2.– Aurreko espedienteetako bakoitzak, aldi berean, pieza bananduak jaso ahal izango ditu.

3.– Pertsona adingabe bakoitzak mota bereko hainbat espediente izan ditzake.

4.– Informazioa bikoiztu egin ahal izango da, hainbat espedientetan aldi berean jasota gera dadin, komenigarri jotzen bada.

5.– Pertsona adingabea adin-nagusitasunera iritsi ondoren hartutako neurriak haiei buruzko berariazko espediente batean sartu ahal izango dira, edo beste espediente batean pieza banandu bat eratu ahal izango da, administrazio bakoitzaren antolaketaren arabera.

174. artikulua.– Administrazio-espedientea kontserbatzea.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako espedienteek formatu elektronikoa izango dute.

2.– Pertsona adingabe bati buruz hasitako espedienteak edo, hala badagokio, espedienteek irekita egon beharko dute harik eta babes-jarduketa amaitu arte edo adin-nagusitasunera iritsi arte, salbu eta, horren ondoren, haurrak eta nerabeak babesteko eremutik emandako zerbitzu edo laguntzak eskuratzen jarraitzen badu.

3.– Espedientea artxibatuta gordeko eta zainduko da, eta bermatuko da pertsona adingabeen babes-alorreko entitate publikoen edo agintaritza judizialen esku jarriko dela, osorik edo dagokion zatia, hala eskatzen badute, baita interesdunaren esku ere, hala eskatzen badu.

4.– Dokumentu elektronikoak haien autentikotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dituen formatu batean kontserbatu beharko dira, eta orobat bermatu beharko da haiek kontsultatzeko modua izango dela, igorri zirenetik igaro den denbora gorabehera. Betiere segurtatu beharko da datuak beste formatu eta euskarri batzuetara eramateko aukera, irispidea bestelako aplikazioetatik ere bermatzeko moduan. Dokumentu horiek deuseztatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatutakoaren arabera.

5.– Dokumentazioa gutxienez berrogeita hamar urtez kontserbatuko da, pertsona adin-nagusitasunera iristen den egunetik edo, hala badagokio, indarrean dagoen ordenamendu juridikoan zehaztutako aldia iristen den egunetik kontatzen hasita.

175. artikulua.– Atzerrian bizi diren pertsona adingabeekin lotutako jarduketak.

1.– Espainiako nazionalitatea duen pertsona adingabe bat nazio-lurraldetik kanpo badago eta babesgabetasun-egoeran dagoela detektatzen bada, hura Espainian babesteko eskumena izango dute pertsona adingabearen guraso, legezko ordezkari edo harreragile edo zaintzaileak bizi diren autonomia-erkidegoari dagokion adingabeak babesteko entitate publikoak.

2.– Aurreko irizpidea erabiltzerik ez bada, pertsona adingabeak edo haren senitartekoek loturarik handiena duten autonomia-erkidegoari dagokion entitate publikoa izango da eskuduna.

3.– Aurreko irizpideei jarraituz ezin bada eskumena zehaztu, pertsona adingabeak edo haren senitartekoek azken ohiko bizilekua izan duten autonomia-erkidegoari dagokion entitate publikoak izango du eskumena.

4.– Nolanahi ere, Espainiatik kanpo dagoen pertsona adingabea lekualdatu aurretik babes-neurri baten xede izan bada, haren zaintza edo tutoretza duen entitate publikoak izango du eskumena. Horrelakoetan, Espainian dagoen unetik aurrera hartuko du bere gain eskumena.

IV. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOAREN BABES-JARDUNA
1. ATALA
ADMINISTRAZIOAREN BABES-JARDUNA ARRISKU-EGOERETAN

176. artikulua.– Arrisku-egoera.

1.– Oro har, arrisku-egoeratzat jotzen da egoera bat zeinean, familia-, gizarte- edo hezkuntza-eremuko inguruabar, gabetasun edo gatazkak tarteko, pertsona adingabea bere garapen pertsonal, familiar, sozial edo hezkuntzakoan, bere ongizatean edo eskubideetan kaltetuta ateratzen baita, eta desanparo-egoeraren deklarazioaren eta lege-aginduz tutoretza hartzeko oinarri izango liratekeen garrantzi, intentsitate eta iraunkortasuna ez duen arren, beharrezko egingo duena eskumena duen administrazio publikoak esku hartzea, haur edo nerabeari eragiten dioten zailtasunak edo egokitu ezina kendu, murriztu edo konpentsatzeko eta desanparoa eta gizarte-bazterketa saihesteko, familia-ingurunetik banatu behar izan gabe.

2.– Duen larritasun-mailaren arabera, arriskua arin, neurritsu edo larri gisa kalifikatu ahal izango da, lege honen 172.3 artikuluan ezarri den tresna teknikoan ezarritako irizpide teknikoei jarraituz.

3.– Betiere arrisku-egoeratzat joko da jaio aurreko arrisku-egoera posiblea. Lege honen ondoreetarako, jaio aurreko arriskutzat joko da emakume haurdunak bere gorputza ez zaintzea edo ahalmen adiktiboa duten substantzia gehiegi kontsumitzea, bai eta emakumeak berak edo hirugarren batek, amak baimenduta, jaioberriaren garapen normala kaltetu dezaketen edo harengan gaixotasun edo anomalia fisiko, mental edo zentzumenezkoak eragin ditzaketen edo haren garapen egokia arriskuan jar dezakeen ekintzaren bat gauzatzea.

4.– Halaber, arrisku-egoera da legezko ordezkariek uko egitea pertsona adingabe baten bizitza edo osotasun fisiko edo psikikoa babesteko behar diren tratamendu medikoei buruzko baimena emateari.

177. artikulua.– Arrisku-adierazleak.

1.– Oro har, arrisku-adierazle bat edo gehiago egoteak ez du ekarriko, berez, arrisku-egoerarik. Lege honen 172. artikuluan ezarritako balorazioaren esparruan egindako inguruabar familiar, pertsonal eta sozialen baterako analisiaren bidez bakarrik erabaki ahal izango da arrisku-egoerarik dagoen ala ez.

2.– Arrisku-egoera bat dagoen zehazteko, honako hauek joko dira arrisku-adierazletzat, gurasoei edo, hala badagokio, tutoreei edo tutoretza-, zaintza- edo harrera-ahalmenak dituzten pertsonei esleitutako babes-eginbeharrak nola bete diren aztertzeko adierazleak baloratu eta haztatu ondoren:

a) Pertsona adingabearen gurasoen edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonen zabarkeria edo arreta fisikorik edo psikikorik eza, baldin eta pertsona adingabearen osasun fisikoari edo psikologikoari ez badio eragiten kalte esanguratsurik eta, gertaeren izaeragatik edo errepikatzeagatik, irizten bazaio haren iraunkortasunak jarraitzeko edo ondoreak larritzeko aukera dagoela. Osasun psikologikoak barne hartzen ditu, arlo emozionala, kognitiboa, soziala eta afektibo-sexuala.

b) Gurasoen edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonen jarrerak eta jokabideak, baldin eta arriskuan jartzen badute pertsona adingabeari arreta fisiko edo psikologiko egokia emateko gaitasuna, eta kalte egin badiezaiekete haren hezkuntza-beharrizanei, eskola-absentismoa eta eskolagabetzea eraginez, osasun-arloko beharrizanei, medikuaren jarraipenik eza barne, edo behar bezala garatzeko ezinbestekoak diren beste beharrizan batzuei.

c) Gurasoen edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonen gaitasun-eza edo ezintasuna pertsona adingabearen jokabidea kontrolatzeko, bere buruari edo hirugarrenei kalteak eragiteko arriskua badu.

d) Arrisku- edo desanparo-egoeran dagoela deklaratutako anaia, neba, arreba edo ahizparen bat edukitzea, salbu eta familia-inguruabarrak nabarmen aldatu badira.

e) Gurasoek, edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonek pertsona adingabearekin zigor fisikoa edo psikologikoa erabiltzea, edo indarkeriazko zuzenketa-jarraibideak erabiltzea, baldin eta, gertaera larria edo ohiko indarkeria-eredu bat izan gabe, etorkizunean lesioak gertatzeko edo haren bizitzako edozein eremutan haren garapenari kalte egiteko arriskua badakarte.

f) Indarkeria fisikoa edo hitzezkoa dagoen familia-nukleoetan bizitzea.

g) Familiarekin jarraitutako esku-hartze programek bilakaera negatiboa izatea, edo programa horien garapena eta abian jartzea oztopatzea.

h) Gurasoen edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonen arteko gatazka ireki eta jarraitua, beren beharrizanak pertsona adingabearen beharrizanen aurretik jartzen badituzte, baita pertsona adingabeari eragindako kalte psikologikoa ere, baldin eta haren jatorria aurreko gatazketan badatza, eta pertsona adingabea arlo guztietan modu egokian garatzeari kalte egiten badio. Kalte psikologikoak barne hartzen ditu, arlo emozionala, kognitiboa, soziala eta afektibo-sexuala.

i) Gurasoek, edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonek, pertsona adingabeekiko egiten dituzten bereizkeria-jokabideak, barne hartuta pertsona adingabearen adinagatik, desgaitasunagatik, sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik gertatzen direnak, haien ongizaterako eta osasun mental nahiz fisikorako kalteak badakartzate, edo eragin badezakete familia-egoitzan konfinatzeko aukerak areagotzea, hezkuntzarako irispiderik ez izatea, aisialdirako aukera urriak izatea, arterako eta kultura-bizitzarako irispiderik ez izatea edo, oro har, beren eskubideak berdintasunez egikaritzea eragoztea.

j) Gurasoek, edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonek, errespetatu nahi ez izatea pertsona adingabearen sexu-orientazioa, genero-identitatea edo sexu-ezaugarriak, garapen pertsonalaren oinarrizko osagai gisa.

k) Neskatoen eta neska nerabeen kontrako indarkeria; bereziki, emakumezkoen genitalak mutilatzeko arriskua edo generoan oinarritutako beste edozein indarkeria-mota jasateko arriskua, behartutako ezkontza-promesa edo -akordioak, baita hezkuntzarako eta kultura- eta gizarte-bizitzarako irispidea mugatzen duten diskriminazio-jarrerak ere.

l) Pertsona adingabeak genero-indarkeriaren biktima gisa identifikatzea, Genero-indarkeriaren aurka oso-osoko babesa emateko neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 1. artikuluan eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabe Bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritako moduan.

m) Amak emakumezkoen salerosketako biktima gisa identifikatzea.

n) Pertsona adingabeek droga toxikoak edo edari alkoholdunak kontsumitzeko ohitura.

o) Haurduntza goiztiarra.

p) Pertsona adingabeak iritzi publikoan gehiegi azaltzea, haien irudia modu orokorrean hedatuz edo haiei buruzko informazio pertsonala emanez.

q) Pertsona adingabeak sarri ospitaleratzea, ezin azalduzko sintoma errepikatuekin, edo diagnostikoaren bidez baieztatzen ez direnekin.

r) Gurasoak, edo, hala badagokio, tutoretza-, zaintza- edo harrera-eginkizunak betetzen dituzten pertsonak, edo pertsona adingabea bera legez kontrakotzat jotako elkarte baten kide izatea, haren garapen integrala oztopatzeagatik edo kaltetzeagatik.

s) Pertsona adingabearen kontrako indarkeria dakarren beste edozein inguruabar, baldin eta, iraunez gero, pertsona adingabearen desanparo-egoera eragin badezake.

3.– Halaber, arrisku-egoera egoteko baldintza izan daiteke gizarte-zailtasuna dakarten inguruabarrak egotea, hau da, babes-eginbeharrak behar bezala egikaritu arren, gurasoen edo, hala badagokio, tutoreen edo tutoretza-ahalmena dutenen kontroletik kanpoko familia-gatazka, zailtasun edo hezkuntza- edo gizarte-arloko gabeziak dakartzaten egoerak, pertsona adingabearen ongizateari eta garapenari kalte nabarmena egiten diotenak edo egin diezaieketenak; hori guztia, lege honen IV. tituluan xedatutakoari dagokionez.

4.– Aurreko apartatuan azaldu diren kasuetan, beharrezkoa izango da, halaber, eskumena duten gizarte-zerbitzuek esku hartzea, pertsona adingabeari eragiten dioten zailtasunak edo egokitu ezina kendu, murriztu edo konpentsatzeko, gizarte-bazterketa saihesteko, ahalik eta ongizaterik handiena bermatzeko, eta, horrela, bizitzaren arlo guztietan haren erabateko garapena ahalbidetzeko. Horretarako, administrazio publikoen laguntza izango du, hala badagokio, pertsona adingabearen arreta ahalik eta egokiena bermatzeko.

178. artikulua.– Udaletako gizarte-zerbitzuen esku-hartzea.

1.– Egindako balorazioaren arabera pertsona adingabea arrisku arin edo neurritsuan badago, eskumena duten udaletako gizarte-zerbitzuek espediente bat hasiko dute, lege honen 173. artikuluan adierazitako moduan, eta espediente hori familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektua egingo du, zeinak jaso beharko baititu helburuak, jarduketak, baliabideak eta epeen aurreikuspena, babes-faktoreak sustatuta eta pertsona adingabea bere familia-ingurunean mantenduta.

2.– Udaletako gizarte-zerbitzuek pertsona adingabearentzako erreferentziako profesional bat izendatu beharko dute. Profesional horrek bere gain hartuko ditu kasua koordinatzeko eginkizunak, hots, balorazioa egitea, familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektua egitea, eta jarraipena egitea, baita pertsona adingabearekin eta haren familiarekin harremanak eta komunikazioa gauzatzea ere.

3.– Udaletako gizarte-zerbitzuek, lege honen 176.3 artikuluan ezarritako moduan, jaio aurreko arrisku-egoera posible bat detektatzen badute, haien esku-hartzea oinarrituko da gurasoekin prebentziorako beharrezkoak diren jarduketak egitean, eta, hala badagokio, haurdunaldian eragin negatiboa izan dezaketen inguruabar, faktore edo arrisku-adierazleen detekzio goiztiarrean, betiere haurtxoa jaiotzen denean haurtxoaren ongizaterako eta eskubideetarako ondore negatiboak, txarrak edo kaltegarriak ez agertzeko, horiek murriztu edo kontrolatzeko, eta, era horretan, gero jaio ondorengo arrisku-egoeraren deklaraziorik ez egoteko.

4.– Hala ere, emakume haurdunen kasuan, baloratzen bada haurdunaldian zehar izandako portaerak direla-eta haurtxoa jaio eta gero haren osasunerako eta segurtasun-baldintza oinarrizkoetarako arrisku handiko egoera dagoela, eta horrek haurtxoaren garapen normalari eragin badiezaioke edo nahasmenduak ekar badiezazkioke, edo gaixotasun edo anomalia fisiko, mental edo sentsorial larriak edo astunak izateko arrisku handia dakarkiotela uste bada, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek egingo dute esku-hartzea.

5.– Udaletako gizarte-zerbitzuen eta haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundiko lurralde-zerbitzuaren artean desadostasuna badago jaio aurreko arrisku-egoera posiblearen balorazioari dagokionez, lege honen 180. artikuluan aurreikusita dagoen desadostasunak konpontzeko prozedura hartuko da kontuan.

6.– Edonola ere, udaletako gizarte-zerbitzuek, dagozkion osasun-zerbitzuekin elkarlanean eta, hala badagokio, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuekin elkarlanean, jaio aurreko arrisku-egoera posiblearen prebentzio, esku-hartze eta jarraipenerako neurri egokiak hartuko dituzte. Neurri horiek, berariaz, familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuan txertatu beharko dira, eta jaio ondoren haurrekin esku hartzen jarraitu ahal izango dela aurreikusi beharko da.

Horren guztiaren helburua da gerora arrisku-egoeraren deklaraziorik ez egotea, edo, are gehiago, jaioberriaren desanparo-deklaraziorik ez gertatzea, baldin eta hartutako neurriek ez badute aldaketarik eragin zaintza-eginbeharren jardunean, eta jaioberriari ez bazaio bermatu behar bezalako laguntza, eta ondorioz, hura babesteko, familia-eremutik banantzea beharrezkoa bada.

179. artikulua.– Haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuen esku-hartzea.

1.– Arrisku larriaren adierazleak dauden egoeretan, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek kasu hori hartu beharko dute, berdin udaletako gizarte-zerbitzuek edo beste edozein instantziak edo pertsonak komunikatzeko eginbeharra egikaritzearen ondorioz edo pertsona adingabeak berak eskatuta. Kasu horietan, kasua hartu izanaren berri eman beharko diote dagokion udaleko gizarte-zerbitzuari.

2.– Kasua haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuetara bideratzeak ez du ekarriko udaletako gizarte-zerbitzuek egindako esku-hartzeak etetea.

3.– Edonola ere, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuek berariazko eta idatzizko erantzun arrazoitua eman beharko dute, positiboa edo negatiboa, kasua onartzeari buruz, bai eta hartutako edo, hala badagokio, hartzea aurreikusitako neurriei buruz ere.

4.– Aurreko ondoreetarako, kasua hartutakoan, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak aztertu, ikertu, baloratu eta diagnostikatu egin beharko du, egoeraren larritasuna zehazteko eta nora bideratu zehazteko:

a) Lurralde-zerbitzuak ondorioztatzen badu bigarren mailako arretaren eremuko esku-hartzerik behar ez duen arrisku arin edo neurritsuko egoera bat dela, kasua dagokion udaleko gizarte-zerbitzuari igorriko zaio.

b) Egoera larria dela baloratzen den kasuetan, esku hartzeko eskumena haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuari berari dagokio.

5.– Arrisku larriko egoera dela baloratu eta gero, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektua egingo du, helburuak, jarduketak, baliabideak eta epeen aurreikuspena adierazita, babes-faktoreak sustatuta eta pertsona adingabea bere familia-ingurunean mantenduta.

6.– Balorazioa dela-eta pertsona adingabea desanparo-egoeran dagoela ondoriozta badaiteke, kapitulu honen hurrengo ataletan aurreikusitakoaren arabera jokatuko da.

7.– Arrisku larriko eta desanparoko kasuetan, babeserako lurralde-zerbitzuak pertsona adingabearen egoeraren berri emango dio eskumena duen udaleko gizarte-zerbitzuari, aldian-aldian, eta zerbitzu horren eta pertsona adingabearen arteko harremanari eusten saiatuko da, jatorrizko familiara bueltatuz gero harremanak eta jarraipena erraztearren. Egoeraren berri emateko eginbehar hori salbuetsi ahal izango da bere jatorrizko familiarekin bueltatzeko aukerarik aurreikusten ez den desanparo-kasuetan. Udaletako gizarte-zerbitzuek, bestalde, egoki irizten badiote, informazioa eskatu ahal izango dute babeserako lurralde-zerbitzuetara bideratu dituzten kasuen bilakaerari buruz.

180. artikulua.– Babesgabetasun-egoeren balorazioan sortutako desadostasunak konpontzea.

1.– Udaletako gizarte-zerbitzuen eta haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuaren artean desadostasunik badago babesgabetasun-egoera baten edo horren larritasunaren inguruan, eta, ondorioz, kasuaren erantzukizun nagusia bere gain hartu behar duen zerbitzuaren inguruan, batzorde tekniko misto bat sortu beharko da hori ebazteko, ordezkaritza paritariokoa, bi arreta-mailetako profesionalek osatua, kasua zehatz-mehatz aztertzeko eta jarraitu beharreko esku-hartzeari buruz akordio batera iristeko. Akordio batera iritsi arte, behar adina bilera eta harreman izan beharko dira.

2.– Kasua aztertzean ahalik eta objektibotasun handiena bermatzeko, batzorde horretan parte hartu beharko dute hala zuzenean zerikusia duten profesionalek nola bi arreta-mailetako teknikariek, aurreko apartatuan aurreikusten den ordezkaritza paritarioa mantenduz.

3.– Halaber, hainbat bilera egin arren akordiorik lortu ezin izan bada, bi zerbitzuek adostu ahal izango dute bileretan parte har dezatela beren eginkizunak pertsona adingabeekiko arretaren eta esku-hartzearen eremuan betetzen dituzten beste euskal administrazio publiko batzuen mendeko udaletako eta lurraldeetako gizarte-zerbitzuetako profesionalek. Kasu horretan, azken horien erabakiak lotesleak izango dira udaletako eta lurraldeetako gizarte-zerbitzuentzat.

4.– Nolanahi ere, desadostasunak ebazteko prozesua, artikulu honetan aurreikusten dena, ezingo da luzatu hiru hilabete baino gehiago. Horretarako, akordio bat hartu beharko da epe hori amaitu baino lehenago. Epea kontatzen hasteko, kontuan izango da udal gizarte-zerbitzuak haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuari kasua bideratu zion data.

181. artikulua.– Arrisku-egoeretan familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuaren edukia.

1.– Familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuak, lege honen 178. eta 179. artikuluetan aipatuak, babestuaren baldintza pertsonal, familiar eta sozialak hobetzeko neurriak jasoko ditu. Zehazki, beharrezkoa bada, etxean jasotzen duen arreta osatzera zuzenduko da, baita, hala badagokio, familiaren harreman-joerak aldatzera; gurasoak, legezko ordezkariak edo, hala badagokio, harreragile edo zaintzaileak hazkuntza- eta hezkuntza-eginkizunak behar bezala bete ditzaten trebatzera; babesgabetasun-egoeraren ondorioak arintzera edo babestuari gauzei aurre egiteko baliabide pertsonalak ematera.

2.– Esku-hartzea arrakastatsua izan dadin, udaletako gizarte-zerbitzu edo haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzu eskudunek haurrak eta nerabeak babesteko eremuan zuzenean sartuta ez dauden beste gizarte-zerbitzu batzuen laguntza izango dute eta, orobat, osasun-zerbitzuena, hezkuntza-zerbitzuena eta beste sistema batzuetako zerbitzu batzuena, batez ere, diru-sarrerak bermatzeko sistemarena, baita proiektua ezartzeko eta helburuak lortzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein bitarteko ere.

3.– Honako hauek izango dira familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuan sar daitezkeen eta arrisku-egoera bati lotuta dauden zerbitzu eta laguntzak, egoera kalifikatu den larritasun-mailaren arabera:

a) Familiari orientazioa eta aholkuak emateko esku-hartze teknikoak, familia-ingurunea eta bizi-baldintzak hobetzen lagun dezaketen zerbitzuetara eta laguntza ekonomikoetara iristeko laguntza emateko, betiere eskatutako betekizunak betetzen badira, pertsona adingabeak bertan jarraitu ahal izan dezan; bereziki, diru-sarrerak bermatzeko errenta, gizarte-larrialdietarako laguntzak, baita mendekotasunari arreta emateko eremuko prestazio ekonomikoak eta zerbitzuak ere, pertsona adingabea edo familiako beste kide bat egoera horretan badago.

b) Lege honen 168. artikuluan jasotako hazkuntza-eginkizunetan laguntzeko neurriak.

c) Familia-bitartekaritzako zerbitzuak, lege honen 169. artikuluan ezarritako gatazka-egoeretarako edo familia-krisialdietarako, familia-unitatearen hausturaren ondorio badira.

d) Familian esku hartzeko eta lehen eta bigarren mailako arretako zerbitzuak, familiei eta pertsona adingabeei gizarte- eta hezkuntza-laguntza eta laguntza psikosoziala emateko.

e) Pertsona edo familia boluntarioek laguntza eta mentoretza emateko neurriak, pertsona horiei hurbileko laguntza eskaintzeko eta hazkuntza-prozesuan erreferente izan daitezen.

f) Osasun-laguntza, osasun mentalari arreta ematea barne, eta haurren eta gazteen eta familien osasun mentaleko premien tratamendurako eta arreta integralerako programak barne.

g) Arreta soziosanitarioa, aldi berean osasun mentaleko nahasmenduak eta muga funtzional larriak dituzten pertsona adingabeen premiei egokitua, hala badagokio, lege honen 114. artikuluan jasotako unitate soziosanitarioen esparruan.

h) Lege honen 115. artikuluan aurreikusitako unitate terapeutiko-hezigarrietako arreta, baldin eta arrisku-egoeran dagoen pertsona adingabea osasun mentaleko nahasmendu larriak dituzten ikasleen kolektiboaren barruan dagoela jotzen bada. Ikasle horientzat, beren ohiko ingurunean eskura dauden neurri eta laguntza orokorrak eta berariazkoak ez dira ez nahikoak, ez egokiak, eta, hortaz, arreta integrala, diziplinartekoa eta espezializatua behar da hezkuntza- eta osasun-arloan erantzuna emateko.

i) Ikastetxeetan eta lanbide-heziketako zentroetan beharrezkoak diren neurri eta laguntzak eskuratzea hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten pertsonen kasuan.

j) Hezkuntza-sistema orokorra utzi duten nerabeentzako prestakuntza-programetarako irispidea.

k) Bizitza independenterako prestatzeko programetarako irispidea.

l) Pertsona adingabearen arrisku-egoera eta egoera kaltegarria desagertzen lagun dezakeen beste edozein neurri, psikosozial, sozial eta hezkuntza-alorrekoa edo bestelakoa. Neurri hori beste administrazio publiko batzuekin elkarlanean ezarri ahal izango da, hala badagokio.

182. artikulua.– Familiak parte hartzeko eta laguntzeko duen eginbeharra.

1.– Familia-eremuko, gizarteko eta hezkuntzako esku-hartze proiektua familiarekin eta pertsona adingabearekin adosteko ahalegina egingo da, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada, eta, orobat, proiektuaren onarpena formalki jasotzeko ahalegina egingo da. Horretarako, behar den informazio guztia emango zaie, behar adinako aurrerapenarekin eta ahal bezain osatua, eta formatu eskuragarri eta ulergarrian eta beren inguruabarretara egokituta.

2.– Informazioa pertsona adingabe bati zuzenduta badago, informazioa hizkera argi eta errazean eman beharko zaio, uler dezakeen eta ulerterraza zaion hizkuntza batean, eta haren adinera, ulermen-gaitasunera, garapen ebolutibora eta gainerako inguruabar pertsonaletara egokituta. Beharrezkoa bada, espezialisten laguntza jasoko da.

3.– Familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektua, kasu orotan, kontsultatu egingo da pertsona adingabearekin, baldin eta uste bada heldutasun nahikorik ez duela edo hamabi urtetik beherakoa bada, entzuna eta aditua izateko eskubidea aplikatuz.

4.– Gurasoak, legezko ordezkariak edo harreragile eta zaintzaileak, beren eginkizunen barruan, eta 1. apartatuan aipatutako pertsona adingabeak elkarlanean arituko dira era aktiboan, duten gaitasunaren arabera, familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuan adierazitako neurriak betearazteko, proiektua onartu duten ala ez kontuan hartu gabe. Elkarlan eraginkorrik ez badago, pertsona adingabearen arrisku-deklarazioa egingo da, lege honen 184. artikuluan ezarritako moduan.

5.– Proiektuak familiaren eta pertsona adingabearen prestasun-maila hartuko du kontuan eta, hala badagokio, aldaketarako motibazioa jasoko du helburuen artean.

183. artikulua.– Arrisku-egoeretako jarduketak.

1.– Arrisku-egoeretan, udalek eta foru-aldundiek, haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko arloan dituzten eskumenak egikarituz, haurrek eta nerabeek dituzten eskubideak bermatu beharko dituzte, baita haien premiei arreta emango zaiela ziurtatu ere.

2.– Jarduketa publikoak bideratuta egongo dira pertsona adingabearen egoera pertsonal, familiar eta sozialean eragina duten arrisku- eta zailtasun-adierazleak murriztera, eta haur edo nerabea babesteko eta familia-ingurunean jarraitzeko eta zaintzeko neurriak sustatzera. Horretarako, gurasoaren, legezko ordezkarien edo harreragile eta zaintzaileen elkarlana bultzatuko da.

184. artikulua.– Arrisku-deklarazioaren nahitaezkotasuna.

1.– Honako inguruabar hauek gertatuz gero, nahitaez deklaratu beharko da pertsona adingabearen arrisku-egoera:

a) Lege honen 182. artikuluaren arabera behartuta dauden pertsonen aldetik elkarlan eraginkorrik ez egotea, nahiz eta haien prestasun-mailan eta jarreran aldaketa errazteko esku hartu, baita onetsitako familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuan beren gain hartutako konpromiso edo betebeharrak ez betetzea ere, esku hartzeko proiektuaren helburuak lortzea eragozten badu edo horiek lortzea uzten ez badu, eta, betiere, arrisku-egoera neurritsu edo larritzat jo bada.

b) Jaio aurreko arrisku-egoera baten aurrean aldez aurretik esku hartu bada eta egiaztatzen bada jaio ondoren ere mantentzen direla jaio aurreko arriskua eragin zuten inguruabar berberak edo gurasoen jarrera edo jokabideak, jaioberriaren osotasun fisikorako, osasunerako, segurtasunerako edo oinarrizko premietarako arrisku handia dakartela, betiere, egoera horri buruz egiten den balorazioak ez badu zehazten haurra desanparo-egoeran dagoela. Foru-aldundiei dagokie arrisku-egoera deklaratzea.

c) Pertsona adingabearen ongizateari edo nortasunaren erabateko garapenari kalte egiten dion edo bere eskubideak egikaritzeari eragiten dion beste edozein egoera, lege honen 172.3 artikuluan ezarri den tresna teknikoan espresuki jasota badago. Kasu horretan, halaber, arrisku-egoeraren deklarazioa zein larritasun-mailatan egin behar den kalifikatu beharko da.

2.– Arrisku neurritsuko kasuetan, familiak aurka eginez gero, ezin izango da kasua haur eta nerabeak babesteko foru-aldundiko lurralde-zerbitzura bideratu, baldin eta aldez aurretik udaletako gizarte-zerbitzuek ez badute esku-hartzerik egin familiaren elkarlan eraginkorra lortzeko.

3.– Arrisku-egoera deklaratzeak ez du, inola ere, pertsona adingabea familia-eremutik banantzea ekarriko.

185. artikulua.– Arrisku-deklarazioa.

1.– Ebazteko eskumena duen udal- edo foru-organoak, udaleko gizarte-zerbitzuak edo haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak proposatuta, hurrenez hurren, arrisku-egoera deklaratuko du behar bezala arrazoitutako administrazio-ebazpen baten bidez, legezko ordezkariei eta pertsona adingabeari entzun ondoren, heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada. Legezko ordezkariek edo horietako batek parte hartzeari uko egitea ez da prozesua eteteko arrazoia izango, eta pertsona adingabearen deklarazioa babestua geratuko da.

2.– Arrisku-egoera deklaratzen duen administrazio-ebazpenaren aurka, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean azalduta dauden bidezko administrazio-errekurtsoak jarri ahal izango dituzte interes legitimo eta zuzena dutenek. Halaber, hala badagokio, ebazpenaren aurka egin ahal izango da jurisdikzio zibilean, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 780. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Administrazio-ebazpenean, gai hauek jaso beharko dira:

a) Pertsona adingabearen arrisku-egoera zuzentzeko neurriak, baita gurasoen edo tutoreen edo zaintzaileen gain gelditzen diren eginbeharrei dagozkienak ere, egintzak nahiz ez-egiteak, familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuan aurreikusitako neurriak bete daitezen.

b) Neurriak garatzeko epeak ezarriko dira, espresuki ohartaraziz neurri horiek ez betetzeak desanparo-deklarazioa eragin dezakeela.

4.– Proiektua ezartzeko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, hargatik eragotzi gabe proiektua ondoz ondoko sei hilabeteko aldietan luzatzeko aukera, baldin eta luzapen horrek pertsona adingabearen interes gorenari erantzuten badio, eta gehienez ere bi luzapeneko mugarekin.

5.– Arrisku-deklarazioak babestuaren aldeko laguntza edo zuzeneko arreta emateko neurriak jaso ahal izango ditu, proiektuan aurreikusitakoak, eta haren legezko ordezkariren baten adostasunik gabe ere gauzatu ahal izango dira.

6.– Arrisku-egoera deklaratzea eragin zuten inguruabarrak aldatzen badira, edo familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuan aurreikusitako neurriak betetzen badira proiektuan jasotako helburuak lortuz, eta babestua egoera horretan dagoela pentsatzeko baldintzak jada betetzen ez badira, arrisku-deklarazioa errebokatu ahal izango da.

7.– Arrisku-egoeraren deklarazioa errebokatzeko ebazpenak jarraipen edo laguntza profesionala emateko jarraibideak ezarri ahal izango dizkie babestuari eta haren familiari, etorkizuneko arriskuak prebenitzeko.

8.– Nolanahi ere, arrisku-egoeraren deklarazioa automatikoki amaituko da baldin eta honako arrazoietako bat gertatzen bada:

a) Adin-nagusitasunera iristea edo emantzipatzea.

b) Pertsona adingabeari adin-nagusitasunaren onura ematea.

c) Neurria eragin zuten inguruabarrak amaitzeagatiko administrazio-ebazpena ematea.

d) Norbaitek pertsona adingabe babestuaren zaintza bere gain hartzea borondatez, aldi baterako edo ebazpen judizial baten bidez.

e) Desanparo-egoeraren deklarazioaren administrazio-ebazpena ematea.

f) Pertsona adingabea hiltzea edo haren heriotza deklaratzea.

186. artikulua.– Arrisku-egoeran dagoen pertsona adingabea lekualdatzea.

1.– Pertsona adingabe baten arrisku-egoera batean esku-hartzea egiten ari den udalak edo foru-aldundiak jakiten badu esku-hartzearen xede den pertsona adingabea adingabeak babesteko beste entitate publiko baten eskumeneko lurraldera lekualdatuko dela, horren berri emango dio helmugako administrazioari, hala badagokio, egiten ari zen esku-hartzearekin jarraitzeko, eta behar den informazioa eta dokumentazioa emango dio.

2.– Nolanahi ere, bidaltzen diren agirietan idatzizko txosten bat erantsi beharko da eta, bertan, kasuaren inguruan lortutako informazioa eta arrisku-egoera baloratzeko prozesuaren ondoren esleitutako larritasun-mailaren justifikazioa azalduko dira zehatz-mehatz.

3.– Berariaz, baldin eta foru-aldundi batek udal bati haren lurralde-eremura lekualdatuko den pertsona adingabe bati eragiten dion arrisku-egoera baten berri ematen badio, eta egoera horretan aldez aurretik pertsona adingabeak babesteko beste autonomia-erkidego bateko entitate publikoak esku hartu badu, kasuari buruz udalari bidaltzen dion informazioarekin batera haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak egindako balorazioa aurkeztu beharko du, lege honen 172.3 artikuluan ezarri den tresna teknikoaren aplikazioan oinarritua, babesgabetasun-egoera bat egoteari eta haren larritasuna kalifikatzeari buruzkoa, arrisku-egoera bat dagoela erabakitzen bada.

4.– Jatorriko administrazio publikoak helmugako lekua ezagutzen ez badu, Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoen edo autonomia-erkidegoko polizia-kidegoen sorospena eskatu ahal izango du, haiek aurki dezaten. Pertsona adingabea non dagoen jakiten denean, pertsona adingabeak babesteko lurralde horretako entitate publiko eskudunari jakinaraziko zaio eta hark jarraituko du esku-hartzea.

2. ATALA
ADMINISTRAZIOAREN BABES-JARDUNA DESANPARO-EGOERETAN

187. artikulua.– Desanparo-egoera.

1.– Desanparo-egoeratzat jotzen da egitez gertatzen dena pertsona adingabeen zaintzari buruz legeek ezartzen dituzten babes-eginbeharrak ez betetzeagatik edo eginbehar horiek betetzea ezinezkoa nahiz desegokia izateagatik, pertsona adingabeei ez zaienean ematen beharrezko duten laguntza moral edo materiala.

2.– Pertsona batzuk, desanparo-egoeran dagoen pertsonarekin duten harremanagatik edo beste inguruabar batzuengatik, foru-aldundia bera baino baldintza hobeetan badaude haren intereserako tutoretza-eginkizuna betetzeko, eskumena duen foru-aldundiak sustatuko du pertsona horiek tutore izendatzea, eta, horretarako arrazoirik balego, guraso-ahala kentzea.

188. artikulua.– Desanparo-adierazleak.

1.– Legezko ordezkarien pobrezia-egoera ezingo da kontuan hartu, bere horretan, desanparo-egoera baloratzeko. Halaber, pertsona adingabea ez da inoiz bere legezko ordezkariengandik bananduko pertsona adingabearen, bi gurasoen edo gurasoetako baten desgaitasuna dela-eta.

2.– Ez da desanparotzat hartuko pertsona adingabe baten izatezko zaintza-egoera, baldin eta pertsona adingabe horrek behar duen laguntza morala eta materiala falta ez badu. Kasu horretan, egoeraren berri duten e administrazio publikoek egoeraren berri emango diote agintaritza judizialari, eta ez da babes-jardunik egingo. Sustatu ahal izango dute izatezko zaintzailea tutore izendatzea, baita, hala badagokio, guraso-ahala kentzea edo aurreko tutorea kargutik enkaitzea ere. Halaber, izatezko zaintzaileak sustatu ahal izango du guraso-ahala kentzea edo hura etetea, tutorea kargutik enkaitzea edo bera tutore izendatzea.

3.– Egoera horren deklarazioa jaso duen anaia, neba, arreba edo ahizpa izatea desanparo-adierazletzat hartuko da, besteak beste, salbu eta familia-inguruabarrak nabarmen aldatu badira.

4.– Zehazki, desanparo-egoera dagoela joko da honako inguruabarretako bat edo batzuk badira tartean, eta, premia- eta proportzionaltasun-printzipioen arabera baloratu eta neurtu ondoren, inguruabar horiek pertsona adingabearen osotasun fisikorako edo mentalerako mehatxutzat hartzeko adinako larritasun-maila badute:

a) Pertsona adingabea abandonatzea, dela legez zaintza dagokien pertsonak falta direlako, dela horiek zaintza gauzatu ezin dutelako edo gauzatu nahi ez dutelako.

b) Borondatezko zaintza-epea igarotzea, dela gurasoak edo legezko ordezkariak baldintza egokietan ez daudelako pertsona adingabearen zaintza beren gain hartzeko eta hartu nahi ez dutelako, dela beren gain hartu nahi baina hala egiteko baldintza egokietan ez daudelako, salbu eta borondatezko zaintza bi urtetik gorako epetik harago luza daitekeen salbuespenezko kasuetan.

c) Pertsona adingabearen bizitzarako, osasunerako eta osotasun fisikorako arriskua, bereziki, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

1.– Tratu fisiko txar larriak, sexu-abusuak edo elikadura- eta osasun-betebeharrak betetzeko orduan zabarkeria larria egitea familia-unitateko pertsonek edo hirugarrenek, haien adostasunarekin.

2.– Pertsona adingabea gizakien salerosketaren biktima gisa identifikatzea eta legezko ordezkariekin interes-gatazka egotea.

3.– Pertsona adingabeak behin eta berriz ahalmen adiktiboa duten substantziak kontsumitzea, edo bestelako mendekotasun-jokabide errepikakor batzuk edukitzea, legezko ordezkarien ezagutza, adostasun edo tolerantziarekin. Horretarako, adostasuna edo tolerantzia dagoela joko da jokabide horiek arintzeko behar diren ahaleginak egin ez badira, hala nola aholkularitza eskatzea, edo ez bada behar beste lagundu tratamenduarekin, behin jokabide horiek ezagututa.

4.– Jaioberriari kalte larriak eragitea jaio aurreko tratu txarren ondorioz.

d) Pertsona adingabearen osasun mentalerako, osotasun moralerako eta haren nortasunaren garapenerako arriskua, legezko ordezkarien aldetik etengabeko tratu txar psikologikoa edo haren afektibitate- edo hezkuntza-beharrekiko arreta falta larria eta kronikoa dagoelako. Arreta-gabezia horren arrazoiak badira nahasmendu mental larria, ahalmen adiktiboa duten substantzien ohiko kontsumoa edo ahalmen adiktiboko beste jokabide mota batzuk, desanparo-adierazle gisa baloratuko da legezko ordezkariek tratamendurik ez jartzea edo tratamenduan zehar behar adinako laguntzarik ez ematea.

e) Ingurunearen edo familiako bizitza-baldintzen narriadura larriagatik zaintzarako eginbeharrak ez betetzea, edo eginbehar horiek ezinezkoak edo desegokiak izatea, pertsona adingabearen garapenari edo haren osasun mentalari kalte egiten dioten egoerak edo jokabideak badakartzate.

f) Legezko ordezkariek edo hirugarrenek, legezko ordezkariak jakinaren gainean egonda, pertsona adingabea eskean ibiltzera, delinkuentzian edo prostituzioan aritzera edo beste edozein esplotaziotara bultzatzea.

g) Eskolatzerik eza edo behin eta berriro ikastetxera huts egitea, behar bezala justifikatu gabe, eta etengabeko permisibitatea edo eskola-absentismoa bultzatzea derrigorrezko eskolatze-etapetan zehar.

h) Guraso-ahala, tutoretza edo zaintza ez betetzea edo bete ezin izatea edo era desegokian betetzeak egikaritzea dakarren eta pertsona adingabearentzat oso kaltegarria den beste edozein egoera, zeinaren ondorioak saihestezinak diren pertsona adingabeak bere bizikidetza-ingurunean dirauen bitartean.

189. artikulua.– Desanparo-deklarazioaren prozeduraren hasiera.

Pertsona adingabeak babesteko entitate publikoak pertsona adingabe bat desanparo-egoeran egon daitekeela uste badu, desanparo-deklarazioaren prozedurari ekingo dio.

190. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Prozedura hasitakoan, pertsona adingabeak babesteko entitate publikoak txostenak eskatuko dizkie gizarte- eta familia-egoera ezagutzeko eta baloratzeko garrantzitsuak diren datuak eman ditzaketen pertsona edo organismo guztiei, batez ere udaletako gizarte-zerbitzuei, baita honako eremu hauetako beste profesional batzuei ere, beharrezkotzat joz gero:

a) Gizarte-zerbitzuetakoei.

b) Hezkuntza-eremukoei, bereziki eskolako tutoreari.

c) Osasun-eremukoei, bereziki, familiako medikuari, pediatrari edo osasun mentaleko medikuari.

d) Poliziaren eremukoei, bereziki, Estatuko segurtasun-kidego eta -indarrei, Ertzaintzari eta Udaltzaingoari.

2.– Txostenaren eskaera jaso duten profesional horiek idatziz jakinarazi beharko dituzte esku-hartzeen kalitatea eta eraginkortasuna bermatzeko eskura dituzten datu eta informazio beharrezko eta nahikoak. Nolanahi ere, ematen den informazioa bat etorriko da pertsona adingabearekin edo, are, haren familia- edo gizarte-inguruarekin lotuta eskatzen den informazioaren mota eta izaerarekin, baita eskatzeko helburuarekin ere.

3.– Artikulu honen 1. apartatuan xedatutakoari kalterik egin gabe, pertsona adingabeak babesteko entitate publikoak jarduketa hauek egingo ditu prozedura izapidetzean:

a) Babesgabetasun-egoera bat detektatzeko eta baloratzeko eginkizunean laguntzen duten organismo eta profesionalei egoera horren bilakaeraren ildo orokorren berri ematea, informazioa isilean gordetzeko eginbeharrak eskatutako mugen barruan eta, betiere, horiek komunikatzea bidegabea ez bada.

b) Pertsona adingabeari entzutea eta aditzea, lege honen 26. artikuluan aurreikusitako moduan, salbu eta ez bada posible edo ez bada haren interesaren aldekoa; kasu horretan, haren iritzia jakin ahal izango da lanbideagatik eta harekiko aparteko konfiantzagatik hura objektiboki helaraz dezaketen pertsonen bidez.

c) Pertsona adingabearen legezko ordezkariei entzutea, ahal den guztietan.

d) Pertsona adingabearen egoeraz eta haren familiaz edo hura zaintzen dutenez informazioa eman dezaketen guztiei entzutea.

e) Pertsona adingabeak behar duen arreta berehala eskaintzea, horretarako, hala badagokio, beharrezkoak diren kautelazko neurriak edo behin-behineko neurriak hartuta.

f) Pertsona adingabeari, bere ulermen-gaitasunaren arabera, berari dagokion prozedura zein egoeratan dagoen azaltzea, baita legezko ordezkariei ere.

g) Pertsona adingabearen inguruko informazio guztia banakako espedientean jasotzea, lege honen 173. artikuluan xedatutakoaren arabera.

191. artikulua.– Prozeduran interesa dutenen entzunaldia.

Prozedurako interesdunek prozedura izapidetzen ari den bitartean alegazioak egiteko edo egokitzat jotzen dituzten bestelako dokumentuak edo iritzi-elementuak aurkezteko duten eskubideari kalterik egin gabe, behin prozedura instruituta eta, edonola ere, ebazpen-proposamena onetsi aurretik, espedientea ikusgai jarriko zaie, eta entzunaldi-izapidea hasiko da, hamar eguneko epean egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin eta agiri eta frogagiriak aurkezteko.

192. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Entzunaldi-izapidea egin ondoren, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak, egindako balorazioan oinarrituta, pertsona adingabea desanparo-egoeran dagoela irizten badio, txosten tekniko bat egin eta haurrak eta nerabeak babestearen arloan eskumena duen kide anitzeko organoari helaraziko dio, egokitzat jotzen duen erabakia har dezan, eta erabaki horretan oinarrituko da ebazpen-proposamena. Ebazpen-proposamen hori foru-organo eskudunari zuzendu beharko zaio, desanparo-deklarazioa egin dezan.

2.– Haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak irizten badio, egindako balorazioan oinarrituta, dauden inguruabarrek, larriak izan arren, ez dutela desanparo-egoeraren deklarazioa oinarritzeko besteko garrantzi, intentsitate edo iraunkortasunik, edo inguruabar horiek zuzentzeko modukoak direla, txosten tekniko bat egingo du eta, bertan, ondorio hori justifikatu eta jasoko da, eta, hala badagokio, lege honen 183.2 artikuluan xedatutakoa betetzeko egokienak direla irizten zaizkion babes-neurriak ere ezarriko dira.

3.– Haurrak eta nerabeak babestearen arloan eskumena duen kide anitzeko organoari helarazi beharko zaio aurreko apartatuan aipatzen den txosten tekniko hori, apartatu horretan aurreikusitako helburu berberekin.

193. artikulua.– Ebazpena.

1.– Proposamen horretan oinarrituta, ebazpena emateko eskumena duen organoak administrazio-ebazpen bat emango du. Ebazpen horretan, pertsona adingabearen desanparo-egoera deklaratuko du eta, Kode Zibilaren 172. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera, tutoretza lege-aginduz bereganatuko du, baita dagozkion babes-neurriak ezarri ere.

2.– Era berean, desanparo-egoera deklaratu behar ez bada baina babes-neurriak hartu behar direla irizten bazaio, ematen den administrazio-ebazpenak jasota utzi beharko ditu inguruabar horiek, eta bidezko diren neurri zehatzak jaso.

3.– Eskumena duen foru-aldundiak onetsitako araudiaren arabera, pertsona adingabearen legezko ordezkariei mantenurako aurreikusitako zenbateko ekonomikoak ordaintzea badagokie, administrazio-ebazpen berean zehaztu beharko dira ordaindu beharreko zenbateko zehatza eta aldizkakotasuna.

4.– Salbuespen gisa, eta betiere behar bezala justifikatutako kausak badaude, desanparo-deklarazioa kontzebituaren gainean egin ahal izango da. Kasu horietan, desanparoa deklaratzeko eta tutoretzaren ardura hartzeko ebazpenaren ondoreak jaiotegunera arte atzeratuko dira, eta ebazpenak une horretatik aurrera izango ditu ondoreak.

5.– Desanparo-egoera eta tutoretzaren ardura hartzeko administrazio-ebazpen oro 48 orduko epean jakinaraziko zaie Fiskaltzari eta legezko ordezkariei, bai eta ukitutako adingabeari ere, baldin eta heldutasun nahikoa badu, eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada. Ahal den guztietan, jakinarazpen hori, idatziz ez ezik, aurrez aurre ere komunikatu beharko zaie ukituei, argi eta modu ulergarrian, eta adieraziko zaizkie desanparo-egoera eragin duten arrazoiak eta egoera hori deklaratzeak dakartzan ondorioak.

6.– Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak kasua hartzen duenetik kontatzen hasita edo, hala badagokio, desanparoa deklaratzeko kausa izan daitezkeen inguruabarren berri edukitzen denetik kontatzen hasita, eta epe hori gehienez beste hiru hilabetez luzatzeko aukera egongo da, ezaugarri bereziak izateagatik legez ezarritako epearen barruan ebaztea ezinezkoa den kasuetan, eta, betiere, arrazoitu egiten bada.

7.– Epe hori igarotakoan, iraungi egingo da, salbu eta prozedura interesdunari egotzi ezin zaion kausaren batengatik gerarazten bada. Kasu horretan, ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epearen kontaketa eten egingo da.

8.– Nolanahi ere, desanparoa deklaratu eta tutoretzaren ardura hartzeko ebazpenak esku-hartzearen arrazoiak jaso beharko ditu, baita hartutako erabakiek eta neurriek izan ditzaketen ondoreak ere.

9.– Desanparo-egoera deklaratzen duen administrazio-ebazpenaren aurka, interes legitimo eta zuzena duten pertsonek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera dagozkion administrazio-errekurtsoak jarri ahal izango dituzte. Halaber, hala badagokio, ebazpenaren aurka egin ahal izango da jurisdikzio zibilean, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 780. artikuluan ezarritakoaren arabera.

194. artikulua.– Ebazpenen eta bestelako erabakien aurkakotza.

1.– Lege honen 193.9 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, desanparo-egoera deklaratzeko administrazio-bidean ebazpen irmoa jakinarazten denetik bi urteko epean, guraso-ahala izaten jarraitzen duten baina etenda daukaten gurasoek edo tutoretza etenda daukaten tutoreek foru-aldundiari eskatu ahal izango diote bertan behera uzteko etetea eta errebokatzeko pertsona adingabearen desanparo-egoeraren deklarazioa, baldin eta, hura eragin zuten inguruabarrak aldatu direlako, uste badute berriro ere guraso-ahala edo tutoretza beren gain hartzeko moduan daudela.

Administrazio-ebazpena auzibidean aurkaratua izan bada Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 780. artikuluan aipatzen den prozeduraren bidez, aurreko paragrafoan aipatzen den bi urteko epea zenbatuko da ebazpen judizial irmoa aldeei jakinarazten zaienetik aurrera.

2.– Halaber, epe horretan zehar pertsona adingabea babesteari dagokionez hartzen diren erabakien aurka egin ahal izango dituzte.

3.– Epe hori igarotakoan, gurasoek edo tutoreek pertsona adingabea babesteko hartzen diren neurri edo erabakiei aurka egiteko edo horiek eskatzeko duten eskubidea bertan behera geldituko da. Hala ere, desanparo-egoera deklaratzea ekarri zuten inguruabarretan edozein aldaketa gertatzen bada, foru-aldundiari eta Fiskaltzari horren berri eman ahal izango diote.

4.– Nolanahi ere, bi urteak igaro ondoren, Fiskaltzak bakarrik izango du legitimazioa foru-aldundiaren ebazpenari aurka egiteko.

5.– Bi urteko epe horretan, foru-aldundiak, egoera aztertu eta Fiskaltzari haren berri eman ondoren, edozein babes-neurri hartu ahal izango du, adopzioa proposatzea barne, jatorrizko familiara bueltatzeko behin betiko ezintasunaren pronostiko oinarriduna dagoenean.

195. artikulua.– Prebentziozko desanparo-deklaraziorako presazko prozedura.

1.– Foru-aldundiek desanparo-egoera prebentzioz deklaratu ahal izango dute, premiazko prozedurari jarraituz, honako kasu hauetan:

a) Familian babesgabetasun-egoera larrien aurrekariak badaude, edo pertsona adingabearen osotasun fisiko edo psikikorako berehalako arrisku larriaren beste zantzu batzuk badaude.

b) Familiak ihes egin edo pertsona adingabea ezkutatzeko arriskua badago, edo zantzu horiek instrukzio-fasean egiaztatu badira eta haren interes gorena bermatzeko berehala eta atzerapenik gabe esku hartzea ezinbestekoa bada.

c) Presazko esku-hartzea eskatzen duen eta familia-nukleotik bereizi beharra dakarren beste edozein arrazoi gertatzen bada.

d) Hala aholkatzen eta justifikatzen duten aparteko eta ustekabeko zirkunstantziak azaltzen badira, larritasun handikoak eta behar bezala egiaztatuta egon beharko dutenak, ezinbesteko kasuak barne.

2.– Aurreko ondoreetarako, ez da beharrezkoa izango desanparo-deklarazioaren prozedura arrunterako aurreikusitako izapideak egitea, pertsona adingabea entzun eta aditzeko izapidea izan ezik; halaber, azken hori ez egitea ere posible izango da, baldin eta dauden inguruabarrengatik ondoriozta badaiteke horrek pertsona adingabearen interes gorenari kalte egingo diola.

3.– Eskumena duen organoak, pertsona adingabea entzun eta aditu ondoren, administrazio-ebazpen bat emango du, behar bezala egiaztatuta badago, desanparo-egoera deklaratuko duena, tutoretzaren ardura hartuko duena eta behar diren behin-behineko neurriak hartuko dituena pertsona adingabeari laguntza emango zaiola ziurtatzeko.

4.– Emandako ebazpena 48 orduko epean jakinaraziko zaie Fiskaltzari eta legezko ordezkariei, bai eta ukitutako pertsona adingabeari ere, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada.

5.– Ondoren, espedientea prozedura arrunterako ezarritakoaren arabera izapidetzen jarraituko da, edo, hala badagokio, prozedura hori izapidetzen hasiko da, lehenago egin ez bada, behin betiko administrazio-ebazpena eman arte, hurrengo apartatuan adierazten den moduan. Horretarako, ebazpena emateko gehienezko epea lege honen 193.6 artikuluan aurreikusitakoa izango da.

6.– Izapide guztiak egin ondoren, eskumena duen organoak administrazio-ebazpena emango du, dela desanparo-egoera baieztatzeko eta egindako balorazioaren arabera egokienak diren neurriak hartzeko, dela hasieran ezarritako tutoretzaren azkentzea adierazteko, hartu diren behin-behineko neurriak amaitzeko eta espedientea artxibatzeko. Azken kasu horretan, arrisku arin edo neurritsua dagoela irizten bazaio, kasua dagokion udaleko gizarte-zerbitzuari igorriko zaio, egokien deritzen neurriak har ditzan.

196. artikulua.– Foru-aldundiak tutoretza bere gain hartzearen ondorioak.

1.– Pertsona adingabeak babestearen arloan eskumena duen administrazio publikoak tutoretza bere gain hartzeak berekin dakar guraso-ahala edo tutoretza arrunta etetea.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, baliozkoak dira gurasoek edo tutoreek pertsona adingabearen ordezkari gisa egindako ondare-egintzak, baldin eta adingabearentzat onuragarriak badira.

197. artikulua.– Foru-aldundiak tutoretza egikaritzea.

1.– Foru-aldundiak pertsona adingabearen gainean duen tutoretzak indarrean jarraitzen duen artean, pertsona adingabearen premiei erantzute aldera, familia-harrera edo egoitza-harrera modalitateko zaintza emango zaio haur edo nerabeari.

2.– Familia-neurriek erakunde- edo egoitza-neurrien aldean duten lehentasunaren printzipioa aplikatuz, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan zaintza-modalitatea zehaztean:

a) Familia-harrerako neurriari lehentasuna emango zaio egoitza-harrerakoaren aldean edozein pertsona adingaberentzat eta, bereziki, sei urtetik beherako haurrentzat.

b) Ez da erabakiko hiru urtetik beherako haurrentzako egoitza-harrerarik, salbu eta une horretan familia-harrerako neurria hartzea ezinezkoa bada eta hori behar bezala frogatuta badago, edo neurri hori ez bada komeni pertsona adingabearen interes gorena kontuan hartuta.

c) Egoitza-harrera erabakitzeko muga sei urtetik beherako haurrei ere aplikatuko zaie, ahalik eta eperik laburrenean.

d) Nolanahi ere, oro har, haur horien egoitza-harrerak ez du hiru hilabetetik gora iraungo.

3.– Salbuespenez, eta kasuaren inguruabarrek hala eskatzen badute, pertsona adingabearen premiei erantzuteko egokiagotzat jotzen diren arreta-modu alternatiboak aukeratu ahal izango dira, lege honen bederatzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako moduan.

4.– Tutoretza egikaritzean, eskumena duen administrazio publikoak honako neurri hauek sustatu ahal izango ditu:

a) Jatorrizko familian berriro integratzea.

b) Tutoretza arrunta, baldin eta pertsona bat, tutoretzapekoarekin duen harremanagatik edo bestelako arrazoiengatik, foru-aldundia bera baino egoera hobean badago pertsona adingabearen interesaren alde tutoretza-eginkizunak betetzeko.

c) Adopzioa.

198. artikulua.– Foru-aldundiaren tutoretza amaitzeko arrazoiak.

1.– Tutoretza automatikoki amaituko da baldin eta honako arrazoietako bat gertatzen bada:

a) Adin-nagusitasunera iristea edo emantzipatzea.

b) Pertsona adingabeari adin-nagusitasunaren onura ematea.

c) Neurria eragin zuten inguruabarrak amaitzeagatiko administrazio-ebazpena ematea.

d) Adopzioa edo tutoretza arrunta ezartzen duena ebazpen judizial irmoa, edo desanparo-egoera amaitu dela adierazten duena.

e) Administrazio-ebazpena, pertsona adingabearen bizilekua beste autonomia-erkidego baten lurraldera modu iraunkorrean edo epe luze baterako lekualdatzea dela-eta emandakoa, betiere helmugako autonomia-erkidegoan eskumena duen pertsona adingabeak babesteko entitate publikoak desanparo-egoeraren deklarazioari buruzko ebazpena eman badu eta haren tutoretza edo dagokion babes-neurria bere gain hartu badu, edo uste badu dagoeneko ez dela babes-neurririk hartu behar pertsona adingabearen egoeraren arabera. Kasu horietan, pertsona adingabea babesteko espedientea helmugako autonomia-erkidegoko entitate publikora lekualdatuko da.

f) Foru-aldundi batek administrazio-ebazpena ematea, pertsona adingabearen bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko beste lurralde historiko batera modu iraunkorrean edo epe luze baterako lekualdatzen delako. Horrelakoetan, aurreko letran ezarri bezala jardungo da.

g) Modu fede-emailean frogatzea pertsona adingabea beste herrialde batera bere borondatez lekualdatu dela, hargatik eragotzi gabe foru-aldundiak salaketa jarri ahal izatea tutoretza amaitu aurretik.

h) Hamabi hilabete igaro izana pertsona adingabeak babes zentroa bere borondatez utzi eta hura non dagoen ez jakitea, hargatik eragotzi gabe foru-aldundiak salaketa jarri ahal izatea tutoretza amaitu aurretik.

i) Tutoretzapean dagoen pertsona hiltzea edo haren heriotza deklaratzea.

2.– Foru-aldundiak edozein unetan errebokatu ahal izango du, ofizioz, desanparo-egoeraren deklarazioa, eta pertsona adingabea bere guraso edo legezko ordezkariekin bueltatzea erabaki, baldin eta egiaztatzen bada deklarazioa eta tutoretza bere gain hartzea eragin zuten arrazoiak desagertu egin direla edo inguruabarrak aldatu egin direla, eta uste bada hori dela onuragarriena haren interes gorenerako.

3.– Horrez gain, desanparo-egoeraren deklarazioa errebokatu ahal izango du guraso-ahala edo tutoretza arrunta etenda dutenek hala eskatuta, deklarazioaren administrazio-ebazpena jakinarazi zenetik bi urteko epean, edo, Fiskaltzak eskatuta, aipatutako epea igarotakoan, baldin eta aurreko apartatuan aipatutako baldintza berberak betetzen badira.

4.– Nolanahi ere, guraso-ahalaren edo tutoretza arruntaren titularrak bananduta bizi badira eta egiaztatzen bada horietako batek bakarrik betetzen dituela babestua zaintzeko baldintza egokiak, desanparo-egoeraren deklarazioari eutsiko zaio, hargatik eragotzi gabe zaintza behin-behinean eta berehala baldintza horiek betetzen dituenari eskuordetzeko aukera, hark prozesu zibil edo penal baten esparruan edo borondatezko jurisdikzioko espediente batean bidezko akzio judizialak izapidetzen dituen bitartean, desanparo-egoeran dagoela deklaratutako pertsona adingabea zaintzeko eta jagoteko neurriei lotuta. Zaintza eskuordetu aurretik, entzun egin beharko zaio pertsona adingabeari, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada.

5.– Kode Zibilaren 158. artikuluaren babesean, foru-aldundiek agintaritza judizialari eskatu ahal izango diote alda ditzala zaintza- eta jagoletza-neurriak eta neurri horien baldintzak guraso-ahalaren edo tutoretza arruntaren titular den pertsona baten alde.

6.– Tutoretza amaitzeko ebazpenak Fiskaltzari jakinaraziko zaizkio, tutoretzapean egon den pertsona adingabeari berari eta tutoretzaren aurka egiteko legitimazioa duten pertsonei. Dena den, ezin izango da aurka egin lege honen 194. artikuluan aurreikusitako bi urteko epea igaro ondoren.

199. artikulua.– Desanparo-egoeran erabakitako neurriak betearazteko oztopoak daudenean egin beharreko jarduketak.

1.– Desanparo-egoera deklaratutakoan, legezko ordezkariren batek erabakitako neurrien betearazpena eragozten badu, edo beste inguruabarren bat gertatzen bada neurri horiek betearaztea larriki eragozten duena, agintaritza judizial eskudunari eskatuko zaio har ditzala, ahalik eta lasterren, neurri horiek gauzatzeko beharrezko neurriak, hargatik eragotzi gabe pertsona adingabearen bizitza edo osotasuna arriskuan badago edo haren eskubideak urratzen ari badira beharrezkoak diren berehalako esku-hartzeak egitea, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 778 ter artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

2.– Polizia-agenteen lankidetza eta laguntza eskatu ahal izango da erabakitako neurriak betearazteko, bai eta hezkuntza- eta osasun-sistemena ere, indarrean dagoen legeriak aurreikusitako moduan eta hedadurarekin.

200. artikulua.– Lurralde historikoen eta autonomia-erkidegoen arteko lekualdatzeak.

1.– Babes-neurri bat duen pertsona adingabe baten bizilekua lurralde historiko batetik beste batera era iraunkorrean lekualdatzen bada, helmugako lurralde historikoko entitate publikoak indarrean den babes-neurria bere gain hartzen edo dagokion neurria ezartzen duenean amaituko da jatorriko lurralde historikoko pertsona adingabeak babesteko entitate publikoaren eskumena. Hiru hilabeteko epea egongo da gehienez hori guztia egiteko, jatorriko entitateak helmugakoari lekualdatzearen berri ematen dionetik zenbatuta.

2.– Hala ere, pertsona adingabearen jatorrizko familia adingabearen bizilekua ez den beste lurralde historiko batean gelditzen bada eta aurreikusten bada epe laburrera edo ertainera familian berriro integratuko dela, hartutako neurriari eutsiko zaio, eta pertsona adingabea bizi den lurralde historikoko adingabeak babesteko entitate publikoak elkarlanean jardungo du haren bilakaeraren jarraipenean.

3.– Era berean, ez da beharrezkoa izango babes-neurri gehiagorik hartzea pertsona adingabe bat beste lurralde historiko batean dagoen egoitza-harrerako baliabide batera aldi baterako lekualdatzen bada edo lurralde historiko horretan bizi den familia batekin harrera ezartzen bada, pertsona adingabeak babesteko entitate publiko bien arteko akordioarekin.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste autonomia-erkidego batzuen arteko lekualdatzeak egiteko, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 18. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio eta, hala badagokio, eragindako autonomia-erkidegoen artean lekualdatzeak antolatzeko sinatu diren autonomia erkidegoen arteko lankidetza-tresnetan ezarritako hitzarmenei.

3. ATALA
ZAINTZAREN ARDURA HARTZEKO ETA EGIKARITZEKO PROZEDURA

201. artikulua.– Zaintza-kasuak.

1.– Pertsona adingabe baten zaintza egikaritzen duenak hura zaintzeko, harekin batera egoteko, hura elikatzeko eta hezteko, eta arreta eta prestakuntza integrala emateko betebeharra du.

2.– Eskumena duen foru-aldundiak kasu hauetan hartuko du bere gain pertsona adingabeen zaintza:

a) Desanparo-egoeran daudela deklaratutako pertsona adingabeen tutoretza egikaritzearen ondoriozko zaintza.

b) Borondatezko zaintza, zeinaren esparruan, Administrazio publikoak bere gain hartu ahal izango baitu, aldi baterako, pertsona adingabeen zaintza, baldin eta haien gurasoek edo tutoreek, behar bezala egiaztatutako inguruabar larriak eta aldi baterakoak tarteko, ezin badituzte haur eta nerabe horiek zaindu.

c) Ebazpen judizialagatiko zaintza, zeinaren esparruan, Administrazio publikoak zaintza bereganatuko baitu epaileak hala erabakitzen badu, legez bidezko den kasuetan.

d) Behin-behineko zaintza, pertsona adingabeari berehalako arreta emateko betebeharra betetzeko, harik eta haren inguruabarrak ikertu, beharrezkoa bada hura identifikatu, eta desanparo-egoeran dagoen egiaztatu arte.

3.– Zaintza-modalitatea zehazten duen administrazio-ebazpenean, halaber, hura egikaritzeko funtsezko baldintzak zehaztu beharko dira.

202. artikulua.– Borondatezko zaintza.

1.– Baldin eta pertsona adingabe baten gaineko guraso-ahala, tutoretza edo zaintza legez esleituta daukatenek egiaztatzen badute ezin dutela pertsona adingabe hori artatu gaixotasunagatik edo beste inguruabar larri batzuk tarteko, eta dagokion foru-aldundiari eskatzen badiote bere gain har dezala zaintza aldi baterako, foru-aldundiak espediente bat izapidetu beharko du, jarraibide hauek kontuan hartuta:

a) Legezko ordezkariei eskatzea egiazta ditzatela pertsona adingabea zaintzea eragozten dieten inguruabar larriak eta aldi baterakoak.

b) Txostenak eskatzea gizarte- eta familia-egoera ezagutzeko eta baloratzeko garrantzitsuak diren datuak eman ditzaketen pertsona edo organismo guztiei, bereziki udaletako gizarte-zerbitzuei eta, beharrezkoa bada, baita eskolako tutoreari, familia-medikuari edo pediatrari ere, edo osasun mentaleko medikuari eta osasuneko, gizarte- edo hezkuntza-arretako beste arlo batzuetako profesionalei.

c) Legezko ordezkariak informatzea pertsona adingabearekiko izaten jarraituko duten erantzukizunei buruz, eta beharrezkotzat jotzen diren programetan parte hartzeko betebeharrari buruz, hala badagokio, foru-aldundiak zaintza bere gain hartzea ekarri duten faktoreak gainditzeko.

d) Pertsona adingabea entzun eta aditzea, lege honen 26. artikuluan aurreikusitako moduan, salbu eta hori ezinezkoa bada edo haren intereserako komeni ez bada. Kasu horretan, haren legezko ordezkarien bitartez ezagutu ahal izango da bere iritzia, betiere ordezkari horiek alderdi interesdun ez badira eta pertsona adingabearen interesen aurkako interesik ez badute. Beste pertsona batzuen bitartez ere jaso ahal izango da haren iritzia, baldin eta, beren lanbideagatik edo adingabearekin duten konfiantza bereziagatik, pertsona horiek objektiboki transmititu ahal badute haurraren edo nerabearen iritzia.

e) Zaintza idatziz formalizatzea, eta idazkian jasota uztea legezko ordezkariei c) letran adierazitako oharren berri eman zaiela, baita Administrazioak zaintza egingo duen modua ere.

2.– Borondatezko zaintzaren eskaera baiesteko, egiaztatuta geratu beharko da babestua behar bezala zaintzea eragozten duten inguruabar larriak daudela eta aldi baterakoak direla, eta, hortaz, zaintza amaitzean familia berriz elkartu ahalko dela.

3.– Legezko ordezkariak bi badira, eta haietako batek bakarrik eskatzen badu borondatezko zaintza, honako kasu hauetan hartuko du zaintza bere gain:

a) Zaintza eskatu ez duenak adostasuna eman badu.

b) Zaintza eskatu ez duen legezko ordezkariari errekerimendua behar bezala jakinarazi bazaio, eta aurka egiten ez badio horretarako emandako epean, zeina ez baita inoiz ere hamar egunetik beherakoa izango.

c) Zaintza eskatu ez duen legezko ordezkaria aurkitzeko aukerarik ez badago edo ezezaguna den egoitza batean bizi bada.

d) Kasu zehatz horretan dauden inguruabar bereziak baloratu eta haztatu ondoren, pertsona adingabearen interes gorenaren printzipioa aplikatuta hala komeni bada.

203. artikulua.– Borondatezko zaintza bere gain hartzea.

1.– Eskumena duen foru-aldundiak ebazpen arrazoitu baten bidez formalizatuko du borondatezko zaintza bere gain hartzea. Ebazpen horretan, eskaera onartu edo ukatuko du eta, azken kasu horretan, desanparo-egoera deklaratu ahal izango du, horretarako inguruabarrak badaude.

2.– Ebazpenak zaintza-eskaera onartzen badu, neurriaren iraupena eta egikaritzeko modua adierazi beharko ditu, eta jasota utziko du gurasoei edo tutoreei jakinarazi zaiela zein erantzukizun izaten jarraitzen duten pertsona adingabeari dagokionez. Dena den, beti bermatu beharko da aitortutako desgaitasunen bat duten pertsona adingabeek ordura arte jasotzen ari ziren laguntza espezializatuak izaten jarraituko dutela edo, hala behar badu, dituzten premia berezietarako beste laguntza egokiago batzuk jasoko dituztela. Ebazpen horri familiarekin sinatutako borondatezko entregaren akordioa erantsiko zaio, zeinean jasoko baita familiaren konpromisoa babestuaz arduratzea eragozten dioten inguruabarrak gainditzeko beharrezkoak diren esku-hartze profesionalen mende jartzeko.

3.– Zaintza bere gain hartzeko administrazio-ebazpena, baita zaintza egikaritzeko moduaren ondorengo aldaketa orori buruzkoak ere, arrazoituak izan egin beharko dira, eta jakinaraziko zaizkie legezko ordezkariei eta ukitutako pertsona adingabeari, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada, bai eta Fiskaltzari ere.

4.– Nolanahi ere, borondatezko zaintza eskatu eta gero, foru-aldundi eskudunak zaintza bereganatuko du, baldin eta, gertatutako inguruabar berezien larritasuna dela-eta, beharrezkotzat jotzen badu berehala eta atzerapenik gabe esku hartzea pertsona adingabearen interes gorena bermatzeko; horretarako, lege honen 195. artikuluan aurreikusten den presazko prozedura beteko du.

5.– Aurreko ondoreetarako, pertsona adingabea entzun eta aditzeko izapidea bete ondoren, berehala ekingo dio harrera emateari. Eta, izapide hori bete ondoren, borondatezko zaintza bereganatzen duela formalizatzen duen administrazio-ebazpena emango du eta pertsona adingabeari laguntzen zaiola, ziurtatzeko hartu beharreko neurri guztiak hartuko ditu.

6.– Foru-aldundiek, beren eskumenak egikarituz, arautu ahal izango dute ezen foru-aldundiak bere zaintzapean hartu duen pertsona adingabearen legezko ordezkariek betebeharra dutela elikagaietarako diruz laguntzeko haurraren edo nerabearen arreta-, zainketa- eta mantenu-gastuetan, bai eta borondatezko zaintza luzatzen den denboran pertsona adingabeei egotz dakizkiekeen ekintzen ondorioz sortutako erantzukizun zibilen ondoriozko gastuetan ere.

7.– Zenbateko ekonomikoak kalkulatzeko, kontuan hartuko da Kode Zibilaren 142. artikuluan mantenu-kontzepturako ezarritako irismen eta baldintzak. Nolanahi ere, zehazten diren zenbateko ekonomikoen ordainketa familia-errentaren irizpideen arabera baldintzatu beharko da, eta, hala badagokio, mailakatu.

8.– Foru-aldundi eskudunak onartutako araudia aplikatuz pertsona adingabearen legezko ordezkariei badagokie mantenu-gastuak ordaintzen laguntzea, ordaindu beharreko zenbateko ekonomiko zehatza zehaztu beharko da, bai eta zenbateko horren aldizkakotasuna ere, zaintza bere gain hartzeko ematen den ebazpenean bertan.

204. artikulua.– Borondatezko zaintzaren iraupena.

1.– Borondatezko zaintzaren neurria gehienez ere bi urterako hartuko da eta, salbuespen gisa, gehienez ere beste urtebetez luzatu ahal izango da, babestuaren interesak hala aholkatzen badu eta epe horretan familia berriz elkartzea aurreikus badaiteke.

2.– Nolanahi ere, aurreko apartatuan ezarritako borondatezko zaintza-neurriaren gehieneko iraupen-epea edo, hala badagokio, aurreikusitako luzapen-aldi gehigarria igaro ondoren, pertsona adingabeak bere legezko ordezkariekin itzuli beharko du, eta horretarako inguruabar egokirik ez badago, eskumena duen foru-aldundiak pertsona adingabearen desanparo-egoera deklaratuko du, Kode Zibilaren 172. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera bere gain hartuko du tutoretza lege-aginduz, bai eta kasuan kasuko babes-neurriak ere.

205. artikulua.– Borondatezko zaintza amaitzea.

1.– Borondatezko zaintza honako arrazoi hauengatik amaituko da:

a) Zaintzapeko pertsona adin-nagusitasunera iritsi delako edo emantzipatu egin delako.

b) Pertsona adingabea hil delako edo haren heriotza-deklarazioa egin delako.

c) Ebazpenean edo, hala badagokio, luzapenean ezarritako epea amaitu delako.

d) Familia berriz elkartzeko administrazio-ebazpena eman delako, ofizioz edo borondatezko zaintza eskatu duten pertsonek eskatuta.

e) Desanparo-egoera deklaratzeko administrazio-ebazpena eman delako, familia berriz elkartzeko inguruabar egokirik ez egoteagatik.

f) Lege honen 198.1 artikuluko c), e) eta f) letretan jasotako egoeraren bat deklaratzeko administrazio-ebazpena eman delako.

2.– Zaintza amaitzeak berekin badakar familia berriz elkartzea edo familian berriro integratzea, lege honen 220. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

206. artikulua.– Ebazpen judizialaren ondoriozko zaintza.

1.– Zaintza esleitzen dion ebazpen judiziala betez, babes-neurriak hartzeko eskumena duen foru-aldundiak, administrazio-ebazpen baten bidez, zaintza gauzatzeko modua ezarriko du eta babes-neurririk egokiena zehazteko behar diren jarduketak aginduko ditu.

2.– Zaintza-neurriaren iraupena agintaritza judizial eskudunak zehaztutakoa izango da.

3.– Nolanahi ere, beharrezkotzat jotzen den informazioa jasotakoan eta kasuan kasuko inguruabar bereziak aztertu ondoren, foru-aldundiak tutoretza bere gain hartu beharra dagoela iritziz gero, administrazio-ebazpen baten bidez desanparo-egoera deklaratuko da, lege honetan horretarako aurreikusitako prozedurari jarraituz, eta foru-aldundiak tutoretza bere gain hartuko du lege-aginduz, bai eta agozkion babes-neurriak ere.

4.– Ebazpen hori 48 orduko epean jakinaraziko zaie legezko ordezkariei eta ukitutako pertsona adingabeari, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada, bai eta agintaritza judizialari eta Fiskaltzari ere.

5.– Ebazpen judizialaren ondoriozko zaintza honako arrazoi hauengatik amaituko da:

a) Agintaritza judizial eskudunak erabakita, nola ofizioz hala alderdiak eskatuta, edo eskumena duen foru-aldundiak eskatuta.

b) Desanparo-egoeraren deklarazioaren administrazio-ebazpena emanda.

207. artikulua.– Behin-behineko zaintza berehalako arreta-kasuetan.

1.– Kode Zibilaren 172.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, foru-aldundiek administrazio-ebazpenaren bidez hartu ahal izango dute beren gain pertsona adingabe baten behin-behineko zaintza, aldez aurretik desanparo-deklaraziorik egin gabe, edo gurasoek edo tutoreek berariaz eskatu gabe, pertsona adingabea identifikatzeko, haren inguruabarrak ikertzeko eta, hala badagokio, desanparo-egoera erreala egiaztatzeko beharrezkoak diren eginbideak egiten diren bitartean.

2.– Behin-behineko zaintza bere gain hartzeko egiten den administrazio-ebazpena 48 orduko epean jakinaraziko zaie ukitutako pertsona adingabearen legezko ordezkariei, baldin eta ezagunak badira, ukitutako pertsona adingabeari berari, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada, eta Fiskaltzari.

3.– Foru-aldundiek, edozein unetan, hartu den behin-behineko zaintza-neurriaren ordez egokiagoa den beste neurri bat ezarri ahal izango dute, edo egikaritzeko modua aldatu, haurraren edo nerabearen interes gorena bermatzeko.

4.– Artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren eginbide horiek ahalik eta epe laburrenean eta, edozein kasutan, gehienez ere hiru hilabeteko epean gauzatuko dira, luzatzeko aukerarik gabe, hargatik eragotzi gabe artikulu honetako 6. apartatuan xedatutakoa. Epe horretan, hala badagokio, desanparo-egoeraren deklarazioa egin beharko da eta, ondorioz, tutoretza hartu edo dagokion babes-neurria sustatu beharko da.

5.– Nolanahi ere, pertsona adingabearekin duen harremanagatik edo bestelako inguruabarrengatik haren interesaren alde tutoretza bere gain har dezakeen pertsonarik badago, hura tutore izendatzea sustatuko da, erregela arrunten arabera, Kode Zibilaren 172.4 artikuluan eta 222. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan xedatutakoa aplikatuz.

6.– Erregela arruntekin bat etorriz tutore bat izendatzea sustatu bada, luzatu ahal izango da artikulu honetan aurreikusitako behin-behineko zaintza-neurriaren iraupena, harik eta agintaritza judizialak gai horren inguruan ebazpen irmoa espresuki eman arte.

7.– Nolanahi ere, ebazpen judizialak ez badu pertsona baten aldeko tutoretzarik eratu, desanparo-egoera deklaratuko du, eta dagokion tutoretza-hartzea edo babes-neurria proposatuko du.

208. artikulua.– Behin-behineko zaintza amaitzea berehalako arreta-kasuetan.

Berehalako arreta-kasuetan, behin-behineko zaintzari amaiera emango zaio lege honen 198. artikuluan tutoretzaren kasurako ezarritako kausa berberengatik, bai eta honako kausa hauengatik ere:

a) Pertsona adingabea berriro bere guraso edo tutoreekin integratzea, behin-behineko zaintza bere gain hartzeko kausak desagertu direlako.

b) Familia-erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileen kasuan, jatorrizko herrialdean familian berriro integratzea edo familia berriro elkartzea.

c) Desanparo-egoera deklaratzeko administrazio-ebazpena ematea, familia berriz elkartzeko inguruabar egokirik ez dagoelako.

d) Zaintza foru-aldundi eskudunari esleitzen dion ebazpen judiziala ematea.

e) Tutorea izendatzea, erregela arruntekin bat etorriz.

4. ATALA
ZAINTZARAKO ETA TUTORETZARAKO XEDAPEN KOMUNAK

209. artikulua.– Harrerako pertsona adingabeen eskubideak.

1.– Harrera-neurri bat duten pertsona adingabeek, familia-harrera nahiz egoitza-harrera izan, II. tituluan aitortutako eskubideez gain, honako eskubide hauek izango dituzte, oro har:

a) Haien eskubide eta betebeharrei buruz informazioa jasotzekoa eskubidea, horiek defendatzeko eskura dituzten bitartekoak barne, eta, beharrezkoa denean, espezialisten laguntza jasotzekoa, betiere, formatu eskuragarrian eta hizkera argi eta errazean, uler dezaketen eta ulerterraza zaien hizkuntza batean, eta adinaren, ulermen-gaitasunaren eta gainerako inguruabar pertsonalen arabera egokituta.

b) Babes-neurriak eta desanparo-egoeraren deklarazioa aurkaratzeko prozesuan alderdi izateko eskubidea, araudi aplikagarriaren arabera, baldin eta heldutasun nahikoa badute eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoak badira.

c) Beren lege-egoera une oro ezagutzeko eskubidea. Horretarako, erabaki den harreran oinarritutako babes-neurriaren eraketa, aldaketa, etendura eta amaiera formalizatzeko ebazpenen berri izan beharko dute, baldin eta heldutasun nahikoa badute eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoak badira.

d) Gurasoen edo tutoretza esleituta dutenen partaidetza izateko eskubidea haien arretan eta eragiten dieten erabakietan, baldin eta ez bada haien interes gorenaren kontrakoa.

e) Zuzenean foru-aldundira jotzeko eskubidea eta hartutako harrera-neurriari buruzko edozein egitate garrantzitsuren gaineko informazioa jasotzekoa.

f) Zainduak izateko eskubidea, jaiotza, adin, arraza- edo etnia-jatorri, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera edo ideologiagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik diskriminaziorik jasan gabe, eta haien jatorriak errespetatuz eta berekin dakarten kultur edo erlijio-ondarea gordetzen lagunduz.

g) Nortasunaren garapen egoki eta integralerako eguneroko bizitzako oinarrizko premiak asetzea ahalbidetuko dien beharrezko arreta jasotzeko eskubidea, helburu hori lortzeko beharrezkoak diren zerbitzuetarako irispidea barne, betiere zerbitzu arrunten sarearen bitartez arreta komunitatean jasotzeari lehentasuna emanez.

h) Arreta indibidualizatua eta pertsonalizatua jasotzeko eskubidea, haien premiak ebaluatu ondoren oso-osorik errespetatuz eta, betiere, posible eta egokia denean, haren nahien arabera, bereziki faktore kultural eta erlijiosoak aintzat hartuz.

i) Desgaitasunen bat duten edota arreta espezializatua behar duten pertsona adingabeei dagokienez, haien titulartasuneko eskubideak eraginkor bihurtzeko beharrezko informazioa, zerbitzuak eta laguntza orokorrak aldez aurretik jasotzeko eskubidea.

j) Erreferentziazko profesional bat esleituta izateko eskubidea, arreta-ibilbideak eta esku hartzeko nahiz banakako babes-espedientea baloratzeko prozesuaren koordinazioa, osotasuna eta jarraitutasuna bermatze aldera; bai eta banakako babes-plana izatekoa ere.

k) Prestakuntzaz eta esperientziaz kualifikatuta dauden langileek artatua izateko eskubidea.

l) Banakako babes-plan bat izateko, eta plan hori prestatzen parte hartzeko eskubidea, baita horren aldizkako ebaluazioetan ere, baldin eta hamabi urtetik gorakoak badira, bai eta adin horretara iritsi ez diren pertsona adingabeek ere, heldutasun nahikoa badute.

m) Haien neba-arrebengandik bananduta ez egoteko eskubidea, eta elkarrekin jarraitzekoa, betiere pertsona adingabe guztien edo horietako baten interes gorenaren aurkakoa ez bada. Horretarako, pertsona edo familia beraren edo egoitza-harrerako baliabide beraren esku utzi beharko da zaintza.

n) Jatorrizko familiarekin harremana izateko eta kontaktua mantentzeko eskubidea eta, orobat, beste ahaide eta hurbileko edo pertsona garrantzitsu batzuekin eta, bereziki, neba-arrebekin, betiere foru-aldundiak ezarritako bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubideari jarraituz.

o) Beren historia pertsonala eta inguruabarrak mailaka ezagutzeko eskubidea, horien onarpena errazte aldera.

p) Fiskaltzari haien zaintza egikaritzeko harrera-neurrien inguruabarrei buruz egoki iritzitako erreklamazio edo kexen berri emateko eskubidea.

q) Haien interes gorenari begira beharrezkoa eta komenigarria den hezkuntza-laguntza eta laguntza psikoterapeutikoa jasotzeko eskubidea eskumena duen administrazio publikotik edo publikoetatik, betiere haien premia edo inguruabar bereziak aintzat hartuz edo jatorrizko nahasmendu psikosozialak gainditze aldera.

r) Adin-nagusitasunera iritsitakoan, beren espedientera jotzeko eskubidea eta beren jatorri eta senitarteko biologikoen datuak ezagutzekoa.

s) Espediente indibidualean azaltzen diren datuen konfidentzialtasuna errespetatua izateko eskubidea, bereziki aurrekari pertsonalei, familiakoei eta sozialei dagokienez. Gainera, datuok isilean gordetzeko eginbeharra betea izateko eskubidea, eta ezin izango dira inola ere erabili, dagokion harrera-neurriaren esparruan zaintza-eginkizunen eremu hertsian izan ezik.

t) Babes-espediente indibidualetan jasotako datuak behar bezalako segurtasunez kontserbatzeko eskubidea eta, nolanahi ere, haien konfidentzialtasuna ziurtatzekoa; horretarako, informazioa modu mugatuan eskuratzeko prozedurak aplikatu beharko dira.

u) Haien duintasun pertsonala, identitatea eta osotasun fisikoa errespetatua izateko eskubidea, nortasuna modu askean garatzekoa, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea, baita haiei datxezkien gainerako oinarrizko eskubide eta askatasunak ere.

v) Pribatutasunerako eskubidea eraginkortasunez egikaritu ahal izateko eskubidea, bereziki higiene pertsonalaren zainketari eta norberaren gauza pertsonalak gordetzeari dagokienez.

w) Eguneroko bizitzan jarduerarako, aisialdirako eta lo egiteko tarte orekatuak edukitzeko eskubidea.

2.– Berariaz, familia-harreran dauden pertsona adingabeek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Familia edo pertsona harreragilearen familia- eta gizarte-bizitzan oso-osorik parte hartzeko eskubidea.

b) Familia edo pertsona harreragileekin harremana izateko eskubidea behin familia-harreraren neurria amaitu ondoren, baldin eta foru-aldundiaren iritziz pertsona adingabearen interes gorenerako komenigarria bada eta halaxe onartzen badute pertsona adingabeak, heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada, familiak edo pertsona harreragileak eta jatorrizkoak edo, hala badagokio, adopzio-familiak edo harrera iraunkorrekoak.

c) Hartutako familia-harrerako neurriari buruzko informazioa eskatzeko eskubidea.

d) Heldutasun nahikoa badute, eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoak badira, familia-harrerako neurria amaitu dadin beren kabuz eskatzeko eskubidea.

3.– Halaber, eta berariaz, egoitza-harreran dauden pertsona adingabeek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Egoitza-harrerako baliabideko langileengandik eta baliabide horretan artatutako gainerako egoiliarrengandik tratu duina jasotzeko eskubidea.

b) Egoitza-harrerako baliabidean bertan edo horretarako zehazten diren beste toki batzuetan bisitak jasotzeko eskubidea, jatorrizko familiarenak, beste ahaide eta hurbileko batzuenak edo pertsona garrantzitsuenak, baldin eta hori ez bada pertsona adingabearen interes gorenaren aurkakoa.

c) Haien intimitatea eta pribatutasuna errespetatuak izateko eskubidea, baita haien korrespondentziaren bortxaezintasunerakoa eta telefono-deiak modu pribatuan jaso eta egitekoa, haien osotasuna edo babesa arriskuan jartzen ez badute.

d) Egoitza-harrerako baliabidean beren gauza pertsonalak gordetzeko eskubidea, betiere hezkuntza-testuingururako desegokiak ez badira.

e) Egoitza-harrerako baliabidearen barne-erregelamenduan jasotako bizikidetza-arauak egiten edo aldatzen parte hartzeko eskubidea, baita bertako jarduerak programatzen eta garatzen parte hartzekoa ere.

f) Egoitza-harrerako baliabidearen ebaluazioetan eta ikuskatzeko prozeduretan parte hartzeko eskubidea.

g) Egoitza-harrerako baliabidean dauden erreklamazio-prozedurei buruz informazioa jasotzeko eskubidea, baita Fiskaltzan, ikuskapen-zerbitzuetan edo foru-aldundian bertan kexa bat jartzeko aukerari buruz ere, formatu eskuragarrian eta hizkera argi eta errazean, uler dezaketen eta ulerterraza zaien hizkuntza batean, eta adinaren, ulermen-gaitasunaren eta gainerako inguruabar pertsonalen arabera egokituta, eta, beharrezkoa denean, espezialisten laguntza jasotzekoa.

h) Kexarik izanez gero adituak izateko eskubidea, eta eskura dituzten arreta- eta erreklamazio-sistema guztiei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, foru-aldundian entzuna izateko eskubidea barne.

i) Haien neba-arrebekin batera egoitza-harrerako baliabide berean egoteko eskubidea, baldin eta egoitza-harrerako neurri bat badute eta ez bada haien interes gorenaren edo neba-arrebaren baten interes gorenaren aurkakoa.

4.– Artikulu honetan ezarritako eskubideak zabaldu edo zehaztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, familia- eta egoitza-harrerako babes-neurrien inguruan egingo duen erregelamendu bidezko garapenean.

210. artikulua.– Harrerako pertsona adingabeen eginbeharrak.

1.– Familia-harreran dauden pertsona adingabeek honako eginbehar hauek izango dituzte:

a) Zainketa eta zaintzapean dauden bitartean familia edo pertsona harreragileei obeditzea eta haiek beti errespetatzea.

b) Familia edo pertsona harreragileen familia-bizitzan parte hartzea, horiek errespetatuz, bai eta haien seme-alabak edota bestelako senitartekoak ere.

c) Etxea zaintzen eta etxeko zereginetan eta arduran parte hartzea, betiere adinaren, autonomia pertsonalaren mailaren eta gaitasunaren arabera, eta sexua edozein dela ere.

d) Familia edo pertsona harreragileen, senitartekoen edo familiaren egoitzan bizi diren gainerako pertsonen kontzientzia-askatasuna, sinesmen erlijioso eta moralak eta duintasuna, segurtasuna eta intimitatea errespetatzea, inolako diskriminaziorik egin gabe jaiotza, adina, sexua, egoera zibila, sexu-orientazioa, gaitasun fisiko edo psikikoa, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijioa, sinesmena, ideologia edo edozein egoera edo inguruabar pertsonal, ekonomiko edo sozial dela-eta.

e) Foru-aldundiak ezarritako laguntza edo arreta tekniko espezializatuko eta jarraipeneko hitzorduetara bertaratzea.

f) Behar diren proba eta azterketa medikoak egitea, betiere pertsona adingabeak berak, familiak edo pertsona harreragileek, haien seme-alabek edota familiaren etxean bizi diren bestelako senitarte edo pertsonek osasunerako duten eskubidea bermatuz.

g) Familiaren egoitza, altzariak eta tresnak orokorrean zaintzea eta behar bezala erabiltzea, zer diren eta zertarako diren aintzat hartuz, eta erabiltzeko moduan mantentzea.

h) Familia edo pertsona harreragileen familia-unitatea osatzen duten eta familiaren egoitzan bizi diren pertsona guztien ondasunak eta gauza pertsonalak errespetatzea.

i) Familia edo pertsona harreragileek pribatutasunerako duten eskubidea errespetatzea eta haien gainean ezagutzen dituzten datuen konfidentzialtasunari eustea.

j) Ez ematea familiaren egoitzara sartzeko aukerarik etxe horretatik kanpokoei, familiaren baimenik gabe.

k) Eskola- edo gizarte-eremuari dagokionez, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan aurreikusitako eginbehar guztiak.

l) Lege zibilean ezarritako gainerako eginbeharrak, baldin eta berariaz aplikatu beharrekoak badira.

2.– Egoitza-harreran dauden pertsona adingabeek honako eginbehar hauek izango dituzte:

a) Egoitza-harrerako baliabidean lan egiten duten edo bizi diren pertsona guztien duintasuna errespetatzea.

b) Egoitza-harrerako baliabideko funtzionamendu- eta bizikidetza-arauak errespetatu eta betetzea.

c) Egoitza-harrerako baliabideko langile profesionalek beren lanean dituzten eginkizunak errespetatzea, baita langile profesionalen eta artatutako egoiliarren jarduerak ere, baliabideak berak programatutako jardueren esparruan.

d) Ezarritako heziketa-neurri zuzentzaileak betetzea, lege honetan zehazten den eran.

e) Eskolako edo laneko jarduerak egitea, eta beren prestakuntzarakoak ere bai, direnak direla.

f) Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legeak xedatutakoari jarraituz, beharrezkoak diren osasun-azterketa eta -proba guztiak egitea, bai pertsona adingabeak berak, bai egoitza-harrerako baliabidean bizi diren edo lan egiten duten gainerako pertsonek osasunerako duten eskubidea bermatzeko.

g) Haien eskura jartzen diren instalazio eta baliabide materialak egoki erabiltzea.

3.– Artikulu honetan ezarritako eginbeharrak zabaldu edo zehaztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, familia- eta egoitza-harrerako babes-neurrien inguruan egingo dituen erregelamendu bidezko garapenean.

211. artikulua.– Erreferentziazko profesionala.

1.– Pertsona adingabe bat desanparo-egoeran edo zaintzan dagoela deklaratzen denean, erreferentziazko profesional bat esleituko zaio, arreta-ibilbideen koherentzia eta esku hartzeko prozesuaren osotasuna eta jarraitutasuna eta banakako babes-espedientearen balorazioa bermatzeko.

2.– Nolanahi ere, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuko banakako babes-espedientearen ardura duen diziplina anitzeko lantalde tekniko eta espezializatuko kide izan beharko du erreferentziazko profesionalak, eta pertsona adingabearen erreferentea izango da babes-neurria amaitu arte.

3.– Babes-neurria aldatzeak, pertsona adingabearen interes gorenerako egokitzat jotzen denean, erreferentziazko profesionala aldatzea ekarriko du. Kasu horretan, mekanismo batzuk ezarri beharko dira uzten den neurriari dagokion eta hartzen den neurri berriari dagokion erreferentziazko profesionalen artean informazioa modu egokian eta erraz transmitituko dela ziurtatzeko, neurrien arteko trantsizioa eta arreta-ibilbideen koherentzia bermatze aldera, eta esku hartzeko prozesuaren jarraipenari kalterik ez egiteko.

212. artikulua.– Babes-neurriak aplikatzeko printzipioak.

1.– Babes-sistemako edozein neurri ezartzeko, lege honen 161. artikuluan berariaz ezarritako jardute-printzipioak bete beharko dira.

2.– Oro har, foru-aldundiek lege honen 201. artikuluan aipatutako kasuetakoren batean zaintza beren gain hartzen dutenean, ahal dela, familia-harrerako neurri bat hartuko dute, pertsona adingabearen premiak beteko direla bermatzeko helburuarekin edo, hori ez bada posible edo ez bada komenigarria babestuaren intereserako, egoitza-harrerako neurriaren bidez egingo dute.

3.– Sei urtetik beherako haurren kasuan, lege honen 197. artikuluko 2 eta 3. apartatuetan familia- eta egoitza-harrerari buruz ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

4.– Babestuaren interes gorenak beste zerbait eskatzen ez badu, eta horretarako ematen den ebazpenean behar bezala arrazoituta hala aurreikusten denean, neba-arrebak batera egongo dira ezarritako babes-neurrietan, lotura bakarreko nahiz bikoitzekoak izan, bai eskumena duen foru-aldundiak zaintza bere gain hartzen duen denboran, bai familia berriz elkartzeagatik edo haren adopzio-helburuko zaintza eskuordetzeagatik, hura amaitzean.

5.– Ezin badira neba-arrebak batera mantendu, haien arteko harreman edo kontaktu-moduren bat mantentzen saiatu beharko da, bisita edo komunikazioen bidez.

6.– Neba-arreben taldeei buruzko erabakietan, pertsona adingabearen interes gorena interpretatzeko eta haztatzeko irizpide orokorrez gain, kontuan hartuko dira haren une ebolutibotik eratorritako premiak, harremanaren izaera, lehendik zegoen lotura eta hartzen den neurriak ez dituela mugatzen haietako inoren garapen-aukerak.

7.– Babestutako haurra edo nerabea haurdun dagoenean, bermatu beharko da ama adingabearen eta semearen edo alabaren interes gorena modu independentean baloratu eta haztatuko direla, eta pertsona adingabe bakoitzari buruz hartzen diren neurrietan haien interes partikularra lehenetsiko eta haztatuko dela, eta ama eta semea edo alaba elkarrekin egotea lehenetsiko dela. Horretarako, egiten den banakako babes-planak kontuan hartu beharko ditu inguruabar horiek eta jaioberriaren babesa.

8.– Era berean, foru-aldundiek haurdun dagoen haur edo nerabeari bere egoeraren araberako aholkularitza egokia emango diote, eta behar diren laguntza eta arreta espezializatuko neurriak hartuko dituzte amak semearekin edo alabarekin jarrai dezan eta biak babestea bermatzeko.

213. artikulua.– Banakako babes-plana.

1.– Foru-aldundiek pertsona adingabe baten tutoretza edo zaintza beren gain hartzen dutenean, haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuak banakako babes-plana egingo du, detektatzen diren premia berezien arabera. Plan horretan, jatorrizko familiarekin esku hartzeko orduan hartuko diren neurrien helburuak, aurreikuspena eta epea ezarriko dira, eta baita, hala badagokio, familian berriro integratzeko programa ere.

2.– Pertsona babestuak premia bereziak baditu edo desgaitasunen bat badu, bermatu beharko da jarraitu egingo duela laguntza espezializatua jasotzen, edo, bestela, beste laguntza batzuk emango zaizkiola, bere premietarako egokiagoak direla irizten bada.

3.– Banakako babes-planaren helburua familia berriz elkartzea izango da, baldin eta aurreikusten bada bi urteko gehieneko epean jatorrizko familia tutoretzaren edo guraso-ahalaren eginkizunak behar bezala betetzeko moduan egon daitekeela.

4.– Horretarako, foru-aldundiek familian esku hartzeko zerbitzu bat antolatu ahal izango dute jatorrizko familiarentzat, etxeko bizikidetzaren edo harremanen baldintzak hobetzeko helburuarekin, pertsona adingabea bere familia-etxean eraginkortasunez berriro integratu ahal izateko.

5.– Helburua familia berriz elkartzea denean, eskumena duen foru-aldundiak familia berriz elkartzeko programa bat prestatuko du, banakako babes-planean sartuko dena. Programa horretan familiarentzako eta pertsona adingabearentzako laguntza- eta prestakuntza-jarraipena sartuko da, neurria amaitu eta hurrengo bi urteetan gurasoen eta seme-alaben harremanaren garapen ebolutiboa eta guraso-eginbehar eta -erantzukizunak ondo beteko direla bermatuko duten eremu guztietakoa.

6.– Familia biologikoa udalerriz aldatzen bada, pertsona adingabearen bizileku berritik hurbilen dauden udaleko gizarte-zerbitzuen laguntza eduki ahal izango da, neurri egokiak behar bezala ezarri eta horien jarraipena egingo dela bermatzeko, eta arreta-ibilbideen koherentzia eta esku-hartzeko prozesuaren koordinazioa, osotasuna eta jarraitutasuna bermatzeko.

7.– Familia berriz elkartzea ezinezkoa dela irizten denean, edo pertsona adingabe babestuaren garapen ebolutibo egokia arriskuan jartzeko bezain esku-hartze luzea behar denean, helburua izango da ordezko familia batean modu egonkorrean sartzea.

8.– Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, eta inposatutako neurrien gainetik adostutako neurriei lehentasuna ematearen nahitaezkotasunarekin bat, babestutako pertsona adingabea bizitza independenterako prestatzeko programa batean edo egoitza-harrerako beste baliabideren batean sartu ahal izango da, haren interes gorenaren aldekoagoa denean, pertsona adingabeari entzun eta hari kasu egin ondoren eta haren berariazko premiak eta bere ezaugarri familiar, pertsonal eta sozialak baloratu ondoren, baita adierazi duen borondatea, bere heldutasuna eta prozesu ebolutiboa, familia-identitatea eta babestuaren gainerako inguruabarrak ere.

9.– Banakako planaren hartzaileak familia-erreferenterik gabeko pertsona migratzaile adingabeak badira, jatorrizko familia bilatzeko eta familia-bizikidetza berrezartzeko ahalegina egingo da; horretarako, dagokion prozedurari ekingo zaio, baldin eta irizten bazaio neurri horrek pertsona adingabearen interes gorenari erantzuten diola eta pertsona adingabearen edo haren familiaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen dituen egoerarik sortzen ez bada.

214. artikulua.– Banakako babes-plana berrikustea.

1.– Banakako babes-plana sei hilabetez behin ebaluatu eta berrikusiko da gutxienez, planaren helburuari dagokionez egindako aurrerapena, hura mantentzearen edo aldatzearen komenientzia eta hartutako neurriak babestutako pertsona adingabearen intereserako egokiak diren ala ez baloratu ahal izateko.

2.– Hala ere, familia-harrera iraunkorreko neurria hartu denean, berrikuspenen arteko epea urtebetekoa izan ahalko da, bigarren berrikuspenetik aurrera.

3.– Hiru urtetik beherako haurren kasuan, neurri ez-iraunkorrak hiru hilabetez behin berrikusiko dira, gutxienez, eta adin horretatik gorakoei dagokienez, sei hilabetez behin. Familia-harrera iraunkorretan, berrikuspena sei hilabetez behin egingo da lehenengo urtean, eta hamabi hilabetez behin bigarren urtetik aurrera.

4.– Oro har, jokabide-arazo larrietarako zentro berezietan egoitza-harreran dauden pertsonen banakako babes-plana hiru hilabetez behin berrikusiko da, betiere kalterik egin gabe ebazpen judizial baten bidez beste maiztasun bat zehazteko aukerari.

5.– Pertsona adingabe bat bi urtetik gora egon bada egoitza-harreran edo aldi baterako familia-harreran, eskumena duen foru-aldundiak Fiskaltzari pertsona adingabe horren egoera justifikatzeko txostena bidaliko dio, eta justifikatu egin beharko du tarte horretan babes-neurri egonkorrago bat hartu ez izanaren arrazoia.

215. artikulua.– Zaintza eskuordetzea egonaldi, irteera eta oporretarako.

1.– Familia-harreran edo egoitza-harreran dauden pertsona adingabeei dagokienez, familia edo pertsona harreragileari laguntzeko, pertsona adingabeari gizarte-inklusioan eta garapenean laguntzeko, edo, beste arrazoi batzuk direla-eta pertsona adingabearen interes gorenerako komenigarria denean, tutoretza duen edo zaintza bere gain hartu duen foru-aldundiak erabaki dezake zaintza eskuordetzea egonaldi, asteburuetako irteera edo oporretarako.

2.– Pertsona adingabearekin aldizkako irteerak egiten dituzten pertsonek bete egin beharko dituzte foru-aldundi bakoitzak xede horretarako aurreikusitako egokitze-irizpide espezifikoak, pertsona adingabearen premia espezifiko eta partikularrei laguntza egokia emateko moduan daudela bermatzeko.

216. artikulua.– Zaintza eskuordetzea egonaldiak egiteko familia zabalarekin edo besteren familia hurbilekoarekin.

1.– Foru-aldundiak pertsona adingabe baten tutoretza duenean, zeinaren zaintza familia- edo egoitza-harreraren bidez egikaritzeko neurri espezifikorik hartu ez den, eta haren familia zabalean pertsonaren bat badago, edo, hala dagokionean, haren hurbileko pertsona edo familiarik badago bere burua eskaini duena familia- edo egoitza-harrera egiteko, foru-aldundiak erabaki ahal izango du zaintza behin-behinean eskuordetzea familia horrekin egon dadin, familia horren egokitasunari buruzko azterketa eta balorazio psikosoziala egiteko prozesuak iraun bitartean. Zaintza eskuordetu aurretik, entzun egin beharko zaio pertsona adingabeari, baldin eta heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada.

2.– Familia-harrerarako bere burua eskaini duen familiarekiko egonaldirako zaintzaren eskuordetzea formalizatu egin beharko da, familia-harrerako neurria erabakitzeko eskumena duen foru-aldundiko organoak emandako administrazio-ebazpenaren bidez. Halaber, ebazpen horretan zehaztu egin beharko dira egonaldirako zaintza eskuordetzearen baldintzak, baita pertsona adingabearen ongizatea eta nortasunaren garapen askea ziurtatzeko eta bermatzeko beharrezkotzat jotzen den informazio guztia ere, bereziki zaintza egikaritzea mugatzeko neurri guztiena.

3.– Familiarekiko egonaldirako zaintza eskuordetzeko neurriak ahalik eta eperik laburrena iraungo du, eta, nolanahi ere, ezin izango da sei hilabetetik gorakoa izan. Ezingo da luzapenik egin.

4.– Administrazio-ebazpena Fiskaltzari jakinaraziko zaio eta, halaber, pertsona adingabearen legezko ordezkariei ere komunikatuko zaie, baldin eta guraso-ahalaz gabetuta ez badaude edo tutoretza-kargutik enkaitu ez badituzte.

5.– Nolanahi ere, pertsona adingabeak hartzeko eskaintza-agiriaren eta egokitasun-deklarazioaren ebazpena ezestekoa bada eta egonaldirako zaintza egikaritzea eskuordetu zaien pertsonen egokitasuna baztertzen bada, zaintzaren eskuordetzea amaituko da, eta pertsona adingabearen interes gorena bermatzeko egokiena den babes-neurria hartuko da.

217. artikulua.– Senitartekoekiko eta hurbilekoekiko harremanak.

1.– Desanparo-egoera deklaratu zaion edo zaintza-moduren batean dagoen pertsonak bere gurasoekin edo, hala badagokio, bere tutoretza edo zaintza egikaritzen dutenekin, aitona-amonekin edo beste senitarte, ahaide edo hurbileko batzuekin harremana izateko eskubidea zaintzeko, eta pertsona adingabearen lotura afektiboak kontserbatzen direla bermatzeko, eskumena duen foru-aldundiak bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubidea ezarriko du, administrazio-ebazpen baten bidez.

2.– Aurreko xedeetarako, pertsona babestuari entzun egingo zaio, eta kontuan hartuko dira, bere interes gorena interpretatzeko eta haztatzeko irizpide orokorrez gain, haren borondatea, nahiak eta lehentasunak, bisitek eta kontaktuek izan ditzaketen ondorio psikologiko zuzenak, afektiboak eta emozionalak, edo halakorik ez izateak izan ditzakeen ondorioak, bai eta banakako babes-planean aurreikusitako helburuak.

Hori guztia egingo da ezartzen den bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubidea ez dadin izan haren ongizatearen, garapen fisiko edo psikologiko normalaren, integrazio pertsonal, familiar, sozial edo hezkuntzakoaren kalterako edo egindako babes-jarduna oztopa ez dezan, eta harremana indartu dadin familia berriz elkartzerantz aurrera egin ahala eta mugatu edo eten dadin pertsona adingabeen premien eta ezaugarrien arabera beste familia batean integratzea oztopatzen duenean.

3.– Edonola ere, bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubidea ezartzeko aukerak lege honen 29. artikuluko 4, 5 eta 6. apartatuetan ezarritako mugak bete beharko ditu nahitaez.

4.– Foru-aldundiak lege honen 202. artikuluan aipatzen den borondatezko zaintza egikaritzen duenean, pertsona adingabeak bere legezko ordezkariekin egin beharreko bisita, komunikazio edo egonaldiak aurrez ezarritako araubide bati lotu gabe egin ahal izango dira, kalterik egin gabe horiek arautzeko aukerari. Kasu horretan, artikulu honen 1. apartatuan aurreikusitako eran egingo da arauketa.

5.– Ezin izan bada neba-arreben talde bat elkarrekin mantendu, baina talde horren harremana kaltegarria ez bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira kontaktu egokia izan dezaten, maiztasunari eta intentsitateari dagokionez, lehendik dagoen lotura zaintzeko eta indartzeko. Ildo berean, eta bereziki, behar diren neurriak hartu beharko dira pertsona adingabearen eta aitona-amonen arteko harremanak ziurtatzeko eta errazteko.

218. artikulua.– Boluntarioekiko harremanak.

1.– Foru-aldundiek, boluntariotza eta gizarte-elkartasuna sustatzeko esparruan, eta familia-harreran edo egoitza-harreran dauden pertsona adingabeei dagokienez, pertsonen arteko harremanak adostu ahal izango dituzte, noizbehinkakoak, aurrez lankidetza-hitzarmenak sinatuta dituzten boluntariotza-antolakundeetan lan egiten duten boluntarioekin, eta ez da inola ere onartuko banakako lankidetzarik.

2.– Egoitza-harrerako baliabideetan laguntzen duten boluntarioek Boluntarioei buruzko ekainaren 25eko 17/1998 Legean aurreikusitako betekizunak bete beharko dituzte, eta profesionalekin elkarlanean jardun beharko dute beren prestakuntza-prozesua aberasteko. Inola ere ezin izango dituzte osatu edo ordeztu familia harreragileari edo pertsona adingabearen zaintza gauzatzen duen egoitza-harrerako baliabideko heziketa-taldeari zaintza egikaritzearen esparruan esleitutako eginkizunak.

3.– Boluntarioek pertsona adingabeen zainketa-lanak egin beharko dituzte haiekin dauden bitartean, eta, zainketa-lanei lotuta, helburu hauek lortzen saiatu beharko dute pertsona adingabeekin egiten dituzten ekintzekin:

a) Pertsona adingabeak dauden komunitate-inguruneko aisia-, kultura- eta hezkuntza-zerbitzu eta -jardueretan normaltasunez integratzea.

b) Komunitate-inguruneko garapenerako trebetasunak eta pertsonen arteko harremanetan trebetasunak eskuratzea.

c) Ingurune berri batera egokitzeko gaitasuna garatzea, etorkizuneko premiak aurreikusiz.

219. artikulua.– Bizikidetza-ingurune batetik besterako trantsizioak.

1.– Pertsona adingabearen bizikidetza-ingurunea aldatzea eragiten duten neurrien edo zaintza egikaritzeko moduaren aldaketak trantsizio horren banakako programazio baten arabera egingo dira, garapen ebolutiboari egokituta, non eta bere interes gorenaren alde ez den behar presazko jarduketa bat, behar bezala justifikatua.

2.– Trantsizioaren plangintzan pertsona adingabeari adituko zaio, eta prestatu egingo dira bai haur edo nerabea eta baita inplikatutako familiak edo erakundeak ere. Esparru horretan, bai zaintza lagatzen dutenek, bai jasotzen dutenek, elkarlanean aritu beharko dute foru-aldundiak ezarritako trantsizio-plana egikaritzen eta ezartzen.

3.– Trantsizioa mailakako kontaktuen bidez egingo da, edo pertsona adingabeari segurtasun emozionala ematen dion pertsona baten laguntzarekin. Zerotik bi urtera bitarteko haurren trantsizioetan, arreta berezia jarri beharko zaie haien inguruabar bereziei, pertsonalei, familiakoei eta sozialei, baita haien garapen ebolutiboari ere, izan ditzaketen ondorio psikologikoak direla-eta.

4.– Jarraitutasun biografikoa zaintzeko eta haien identitatearen garapenari laguntzeko, pertsona adingabeek eskubidea izango dute argazkiak, oroigarriak, gauzak eta objektu pertsonalak eramateko, eta bizitza-liburu bat eman beharko diete. Liburu horretan, haien historia pertsonalaren informazioa, dokumentuak eta irudiak jasoko dira, mugarri biografiko garrantzitsua izan daitezkeen trantsizioetakoak.

5.– Pertsona adingabearen interes gorenak beste zerbait eskatzen ez badu, trantsizioaren plangintzan bisita- edo komunikazio-araubidea ezarriko zaio zaintza amaitzen duen harrera-familiari, lotura horren bat-bateko hausturak ekar ditzakeen ondorioak prebenitzeko, baita ingurune berriko familiarekiko lotura berria ezartzeko segurtasuna bermatzeko ere.

220. artikulua.– Familian berriro integratzea.

1.– Desanparo-egoeran dagoen pertsona adingabea jatorrizko familiara bueltatu behar dela erabakitzeko, ezinbestekoa izango da, lehenik eta behin pertsona adingabearen aldeko iritzia edukitzea eta egiaztatzea familiaren bilakaera positiboa objektiboki nahikoa dela familia-bizikidetza berrezartzeko, loturak mantendu direla, guraso-erantzukizunak egoki betetzeko asmoa dagoela, eta jatorrizko familiarekin bueltatzeak ez dizkiola pertsona adingabeari arrisku esanguratsuak eragingo.

2.– Halaber, eta aurreko apartatuan ezarritakoaren osagarri, familia-harreran dauden pertsona adingabeei dagokienez, bueltatzeari buruzko erabakia hartzean haztatu egin beharko dira iragandako denbora eta harrera-familian eta haren ingurunean duen integrazioa, eta baita familia horrekin garatutako lotura afektiboak ere.

3.– Familia-erreferenterik gabeko pertsona atzerritar adingabeen kasuan, haien familia bilatzeko eta familia-bizikidetza berrezartzeko ahalegina egingo da; horretarako, dagokion prozedurari ekingo zaio, betiere uste bada neurri horrek pertsona adingabearen interes gorenari erantzuten diola eta adingabearen edo haren familiaren segurtasuna arriskuan jartzen den egoerarik ez dakarrela.

4.– Pertsona adingabea jatorrizko familian berriro integratu ahal izateko baldintza egokiak betetzen direla egiaztatzeko, eta foru-aldundiko lantalde teknikoak hartu den babes-neurria amaitzea erabakitzeko txostena eta familian berriro integratzeko proposamena egin aurretik, jatorrizko familia bizi den udalerriko gizarte-zerbitzuen txosten tekniko bat eskatu ahal izango da, beharrezkotzat jotzen den kasuetan.

5.– Pertsona adingabea jatorrizko familian berriro integratu ahal izateko baldintza egokiak betetzen direla egiaztatuta, integrazio hori burutzeko prozesu bat abiatuko da jatorrizko familiarekin zein pertsona adingabearekin.

221. artikulua.– Familian berriro integratu osteko jarraipena.

1.– Familian berriro integratzeko ebazpena eman ondoren, foru-aldundiek berriro integratzeko prozesuaren garapenari eta bilakaerari buruzko jarraipena egin beharko dute eta, hala badagokio, familiarekin esku hartuko dute. Behar diren laguntzak eman beharko dizkiote familiari egokitzat jotako denbora-tartean, gutxienez sei hilabetez babes-neurria amaitzen denetik edo, hala badagokio, desanparo-deklarazioa errebokatzen denetik.

2.– Familian berriro integratzearen jarraipena egin eta familiarekin berarekin esku hartu ondoren, eskumena duen foru-aldundiak uste badu familiak udal-eskumeneko laguntza-zerbitzuak behar dituela, udaleko gizarte-zerbitzuetara bideratuko da, baldin eta egindako jarraipenak eta esku-hartzeak baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

a) Lurraldeko gizarte-zerbitzuek familian berriro integratzearen jarraipena eta haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuen familiarekiko esku hartzea gutxienez urtebetez egin bada.

b) Pertsona adingabea zaintzeari eta guraso-erantzukizunak behar bezala betetzeari dagokienez familiaren larritasun-maila jaitsi eta lortutako aldaketak finkatuak eta egonkorrak direla frogatu bada, gutxienez lau hilabetez. Horretarako, lau hilabeteko epea 1. apartatuan ezarritako sei hilabeteko esku-hartzearen gutxieneko epearen barruan egon daiteke.

c) Familian berriro integratzea aldi baterako banantze baten ondoren gertatu den kasuetan, pertsona adingabeak babesteko lurralde-zerbitzuek haurraren edo nerabearen egoeraren jarraipena egin badute familiaren egoitzan, sei hilabetez gutxienez, eta aldi horretan egiaztatu badu: desanparo-egoera ekarri zuen inguruabarrik ez dagoela eta ez dela berriz azaldu, ez dagoela arrisku larriko adierazlerik, eta familia-ingurunean lortutako aldaketak eta aurrerapenak finkatuak eta egonkorrak direla.

3.– Babesgabetasun-egoeraren larritasuna gutxitu egin dela irizten zaionean, eta familiak ez dituela udal-eskumeneko laguntza-zerbitzuak behar, baina jarraipen gehigarria bai, kasua udaleko gizarte-zerbitzuetara bideratuko da dagokion txosten teknikoaren bitartez; bertan, gutxienez, honako hauek jaso beharko dira:

a) Egindako jarraipena eta esku-hartzea, hala badagokio, eman zaizkion laguntza-zerbitzuak zehaztuta.

b) Familiaren eta pertsona adingabearen egungo egoera.

c) Esleitutako larritasun-mailaren justifikazioa.

4.– Familia berriz elkartzearen ondorengo esku-hartzea ez da nahitaezkoa izango berriz elkartzea behin-behineko zaintza amaitu delako gertatzen denean, kasuaren inguruabar bereziak baloratu ondoren eskumena duen foru-aldundiak ez badu beharrezkotzat jotzen tutoretza bere gain hartzea, eta, horrekin bat etorriz, desanparo-egoera deklaratu ez bada, eta ez bada egiaztatu babes-neurri bat hartzea justifikatzen duen beste edozein arrazoi.

222. artikulua.– Bizitza independenterako prestaketa.

1.– Foru-aldundiek beren tutoretzapean edo zaintzapean dauden hamasei urtetik aurrerako nerabeei zuzendutako bizitza independenterako prestatzeko programak eskainiko dituzte, hala familia- edo egoitza-harreran daudenei nola ez daudenei eta, bereziki, familia-laguntza egokirik ez dutenei edo inguruabar bereziki zaurgarriak dituztenei.

2.– Orobat, bizimodu independentea prestatzeko programetan sartu ahal izango dira, adin-nagusitasunera iritsita ere, egoera bereziki zaurgarrian edo bazterketa-arriskuan daudenak, beren behar espezifikoei erantzuten dieten eta ikuspegi intersekzionala duten programekin, bizitza autonomoa egiteko moduan egon arte, diru-sarrerak bermatzeko errenta eskuratzeko legez aurreikusitako betekizunak betetzen badituzte edo, gehienez ere, hogeita hiru urte bete arte.

3.– Programa horietan parte hartzea borondatezkoa izango da, eta parte-hartze aktiborako eta aprobetxamendurako konpromisoa bere gain hartzea nahitaezkoa izango da parte hartu ahal izateko.

4.– Programa horiek honako helburu hauek bultzatu beharko dituzte:

a) Gizarte- eta hezkuntza-arloetan laguntzea eta, hala badagokio, laguntza psikologikoa edo psikosoziala, autonomia pertsonala eta soziala bultzatzera bideratuta.

b) Gizarteratzea eta laneratzea orientazioaren eta prestakuntzaren bidez, baita laneko laguntza ematea eta enplegua sustatzea ere.

c) Bizitokia, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera, emantzipazio-programak aplikatzera berariaz bideratutako babes-sareko egoitza-harrerako baliabide batean eman ahal izango dena, edo gizarte-inklusiorako sareko ostatu batean, pertsona adin-nagusitasunera iritsi bada; edo familia harreragilearen egoitzan, baldin eta pertsona babestua adin-nagusitasunera iritsi delako familia-harrera amaitu ondoren hark familia-unitatean bizitzen jarraitu badu.

d) Eskubidez jaso ditzaketen laguntza edo prestazio ekonomikoetarako irispidea.

5.– Euskal administrazio publikoek garatutako politikek kontuan hartuko dituzte bizitza independenterako programa hauetan parte hartzen duten gazteen premia partikularrak, eta lehentasuna emango diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondoko eta goi-mailako hezkuntzarako irispidea izateko, eta enplegua sustatzeko eta gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko programetan sartzeko, baita etxebizitzak alokatzeko laguntzak eta beren independentzia pertsonala garatzen lagun dezakeen beste edozein prestazio edo laguntza publiko eskuratzeko ere.

5. ATALA
ZERBITZUETARAKO LEHENTASUNEZKO IRISPIDEA

223. artikulua.– Lehentasunezko tratua osasun-arretaren eremuan.

1.– Babes-neurriren bat duten pertsona adingabeek lehentasuna izango dute gizarte- eta osasun-protokoloetan ezarritako analisi, azterketa eta proba medikoak egiteko, lehentasun hori beharrezkoa denean harrera-familian edo egoitza-harrerako zentroan integratzeko atzerapenak saihesteko.

2.– Ospitaleratuta daudenean, ospitaleak behar diren laguntza- eta zaintza-zerbitzuak bermatuko ditu pertsona adingabearen interes gorena ziurtatzeko, familia edo pertsona harreragilearekin edo pertsona adingabea datorren egoitza-harrerako zentroko profesionalekin koordinatuta.

3.– Foru-aldundiek osasun-agintaritza eskudunei egoera horretan dauden pertsona adingabeei buruzko informazioa helaraziko diete, eta, osasun-sareko sistema informatikoan bereizgarri batekin identifikatu beharko dira eragindako pertsona adingabeak.

4.– Eskumena duen foru-aldundiak behar bezala baimendutako familia edo pertsona harreragile edo zaintzaileak harreran dagoen pertsona adingabeari buruzko osasun-informazio zehatza izango du. Beharrezkoa izanez gero, bere identitatea eta familia horren segurtasun-baldintzak zaintzeko neurri egokiak hartu beharko dira.

5.– Babes-neurri bat duten pertsona adingabeek eskubidea dute beren osasun fisikoa eta mentala berreskuratzeko beharrezkoak diren tratamendu farmakologiko guztiak dohainik jasotzeko.

6.– Babes-neurri bat duten pertsona adingabeek lehentasunez jasoko dute osasun mentalaren arloko arreta terapeutiko espezializatu eta konpontzailea, osasun-sistema publikoaren eremuko egoitza-arreta barne, hura beharrezkoa izanez gero.

224. artikulua.– Lehentasunezko tratua hezkuntzaren eremuan.

1.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan dituen eskumenen eremuan, honako hauek bermatuko ditu:

a) Foru-aldundien edo, hala badagokio, pertsona adingabeak babesteko arloko beste entitate publiko batzuen tutoretzapean edo zaintzapean dauden pertsona adingabeen ohiko eskolatzea edo eskolatze berantiarra, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean bizi badira edo bertan badaude, edo adopzio-prozedura batetik badatoz.

b) Foru-aldundien tutoretzapean edo zaintzapean dauden atzerritar adingabeen hezkuntza-arretarako behar den curriculum-egokitzapena eta hizkuntza-egokitzapenerako baliabidea.

c) Lehentasuna izatea eskola-jangelako zerbitzu osagarrietan eta ikastetxeko eskolaz kanpoko jardueretan, eta zerbitzu horiek doakoak izatea, Administrazioaren tutoretzapean edo zaintzapean dauden pertsona adingabeentzat.

2.– Hezkuntza-sistemako zerbitzu espezializatuek, foru-aldundiarekin elkarlanean, pertsona adingabearen integrazio-prozesua baloratuko dute eta, komenigarritzat jotzen bada, eskolan hasteko unerik egokiena zein den erabakiko dute. Sarbidean gerta daitekeen atzerapenaren ondoreetarako, kontuan hartuko da haur eta nerabeek beren egonkortasun emozionala lortzeko eta familia berriarekin edo pertsona adingabeak babesteko egoitza-baliabideko profesionalekin lotura afektiboa lortzeko behar duten denbora, baita egoera sozial eta pertsonal berrirako egokitzapena ere.

3.– Babes-neurri bat duten pertsona adingabeak hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasletzat hartuko dira. Irizpide hori bera aplikatuko zaie adoptatuak izan diren adingabeei, behar beste denboraz, beren premien arabera eta beren interes gorenaren alde.

4.– Foru-aldundiarekin elkarlanean, hezkuntza-sistemako zerbitzu espezializatuek ebaluazio psikopedagogikoa egingo diete babes-neurri bat duten pertsona adingabeei, behar dituzten hezkuntza-arretako neurriak ebazteko, bai eta haien garapenean gerta daitezkeen alterazio edo nahasmenduak goiz detektatzeko eta arreta goiztiarra eskaintzeko ere.

5.– Hezkuntza Administrazioak baliabide espezifikoak jarriko ditu familia- edo egoitza-harrerako neurri bat izan duten eta eskolan jarraitzeko baliabiderik ez dutenen Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta unibertsitateko ikasketak egiten jarraitzen laguntzeko. Euskal Herriko Unibertsitateak, UPV/EHUk, lehentasuna emango die ikasle-komunitaterako dituzten baliabideak eta laguntzak eskuratzeko.

6. ATALA
FAMILIA-HARRERA

225. artikulua.– Familia-harreraren definizioa.

1.– Familia-harrera pertsona adingabeak babesteko neurri bat da, izaera administratibo edo judiziala duena, zeinak pertsona adingabearen zaintza haren premietarako egokia den pertsona edo familia-nukleo bati ematen dion, bizikidetzarako ingurune afektibo bat eskaintzeko, pertsona adingabeak familia harreragilearen bizitzan erabat parte hartzea dakarrena.

2.– Familia harreragileak bere gain hartzen du harreran hartutako pertsona adingabea zaintzeko betebeharra, harekin batera egoteko, hura artatzeko, elikatzeko, jagoteko eta hari prestakuntza integrala emateko, bizitza familiar ordezko edo osagarri bat emateko.

3.– Halaber, harreragileek eskubidea eta eginbeharra dute elkarlanean aritzeko pertsona adingabeak babesteko entitate publikoarekin. Batez ere, elkarlanean aritu behar dute harrerapeko pertsona adingabea erabat gizarteratzeko entitate horrek egiten dituen jarduketetan eta, hala badagokio, erraztu behar dituzte bai haurrak edo nerabeak jatorrizko familiarekin dituen harremanak, bai entitate publikoak aldizka egiten dituen jarraipen-lanak.

4.– Kasu guztietan, familia hartzaileak bere gain hartzen du Administrazio publikoarekin elkarlanean aritzeko eginkizuna, babes-eginkizunak betetzeari dagokionez.

226. artikulua.– Familia-harreraren modalitateak.

1.– Familia-harrera sailkatzeko, Kode Zibilaren 173 bis artikuluan jasotako xedapenekin bat, kontuan hartzen dira haren iraupena eta haren bidez lortu nahi diren helburuak, baita pertsona adingabeak familia harreragilearekin duen lotura eta familia horren ezaugarriak ere.

2.– Familia-harreraren iraupenari eta helburuei erreparatuta, familia-harrerak honako modalitate hauek izan ditzake:

a) Larrialdiko familia-harrera, bereziki sei urtetik beherako pertsona adingabeei zuzendua, dagokien familia-babeseko neurria erabakitzen den bitartean. Harrera-modalitate horren iraupenak ezingo du inola ere gainditu sei hilabeteko epea.

b) Aldi baterako familia-harrera, behin-behinekoa izango dena, bai pertsona adingabearen egoera dela-eta aurreikus daitekeelako hura berriro bere familian integratuko dela, bai izaera egonkorragoko beste babes-neurri bat hartu bitartekoa delako, esate baterako, familia-harrera iraunkorra edo adopzioa. Harrera-modalitate horren iraupena bi urtekoa izango da, pertsona adingabearen interes gorenagatik ez bada neurria luzatzea komeni, aurreikusten delako familian berriro integratzea laster gertatuko dela edo behin betiko babesa emateko beste neurri bat hartuko dela.

c) Familia-harrera iraunkorra, aldi baterako harreran emandako bi urteko epea amaitutakoan eratuko dena, pertsona adingabea familian berriro integratzea ezinezkoa dela egiaztatu ondoren, edo zuzenean eratuko dena, premia bereziak dituzten pertsona adingabeak izanez gero, edo pertsona adingabearen eta haren familiaren inguruabarrek hala eskatuz gero. Foru-aldundiek epaileari eskatu ahal izango diote tutoretza-ahalmenak eman diezazkiela pertsona edo familia harreragile iraunkorrei beren ardurak betetzen laguntzeko, betiere aintzat hartuta pertsona adingabearen interes gorena.

Letra honetan aurreikusitako kasuetan, eskumena duen foru-aldundiak Fiskaltzari pertsona adingabe baten egoera justifikatzeko txostena bidaliko dio, pertsona adingabe hori bi urtetik gora egon denean egoitza-harreran edo aldi baterako familia-harreran, eta justifikatu egin beharko da tarte horretan babes-neurri egonkorrago bat hartu ez izanaren arrazoia.

3.– Pertsona adingabeak pertsona edo familia harreragilearekin duen lotura eta haien ezaugarriak kontuan hartuz, harrera honako modalitate hauetan egin ahal izango da:

a) Pertsona adingabearen familia zabalean, familia edo pertsona harreragileen eta pertsona adingabearen arteko ahaidetasun-lotura dagoen kasuetan.

b) Besteren familian, familia zabaleko harrera-modalitatearen barnean sartzen ez diren gainerako kasu guztietan.

4.– Familia-harrera espezializatua izan daiteke. Ondore horretarako, familia-harrera espezializatutzat hartuko da familia batean eskaintzen dena, baldin eta familia-unitate hori osatzen duten pertsonetako batek berariazko kualifikazio, esperientzia edo prestakuntza badu eginkizun hori betetzeko premia edo inguruabar bereziak dituzten pertsona adingabeekin, erregelamenduz ezarritako moduan.

5.– Familia-harrera espezializatuak berekin ekarriko du harreragileak edo harreragileek funtzio hori erabateko prestasunez betetzeko betebeharra; horren truke jasoko ditu foru-aldundiak ezarritako konpentsazioa eta, hala badagokio, harrera gauzatzeko inguruabar zehatzak kontuan harturik ezarritako laguntza ekonomikoa, bai eta behar duen laguntza teknikoa ere.

6.– Horrez gain, familia-harrera espezializatua arduraldi esklusibokoa izan daiteke, baldin eta foru-aldundiak hala erabakitzen badu, arrazoituta, harreran hartzeko egoeran dagoen pertsona adingabeak dituen premia edo inguruabar bereziak direla-eta. Kasu horretan, izendatutako harreragileak edo harreragileek dedikazio horren araberako konpentsazio bat jasoko dute, Gizarte Segurantzaren kasuan kasuko araubidearen esparruan erregelamenduz ezartzen diren modu, irismen eta baldintzekin; halaber, dagokien eta aplikatu behar zaien araubidean aurreikusitako afiliazio-, alta- eta kotizazio-prozedura eta betekizunak bete beharko dituzte.

227. artikulua.– Familia-harrerako modalitatea zehaztea.

1.– Familia-harrera egingo da babestuaren interesari ondoen erantzuten dion modalitatean, haren premia edo inguruabar bereziak eta banakako babes-planean ezarritako helburuak kontuan hartuta.

2.– Helburu hori oraindik ezarri ezin izan bada, larrialdiko familia-harrera aukeratuko da, lehentasunez.

228. artikulua.– Familia harreragileen egokitasuna.

1.– Familia-harrerako neurri bat garatzeko egokitasuntzat jotzen da zaintzari datxezkion erantzukizun guztiei aurre egiteko, pertsona adingabearen premia guztiak estaltzeko eta ingurune afektibo batean arreta eta heziketa integrala emateko trebetasun, gaitasun eta motibazio egokiak izatea, betiere pertsona adingabearen premiak eta interes gorena kontuan izanda; bai eta familia-harrerako neurriak berekin dakartzan ondorio, berezitasun eta erantzukizunak bere gain hartzeko ere, betiere pertsona adingabeari garapen integrala ahalbidetuko dioten egonkortasuna, afektua, estimulazioa, zaintza eta bere nortasun-ezaugarriekiko errespetua eskaintzea ahalbidetzen badiote.

2.– Pertsona adingabeen harrerarako beren burua eskaintzen duten pertsona edo familien egokitasunari buruzko balorazio psikosoziala egitean, betiere pertsona adingabearen interes gorena lehenetsiko da, tartean izan litekeen beste edozein interes legitimoren gainetik.

3.– Familia-harrerarako egokitasun-betekizunak erregelamendu bidez ezarriko dira.

229. artikulua.– Familia-harrera formalizatzea.

1.– Familia-harreraren neurriaren eraketa pertsona adingabearen tutoretza edo zaintza duen foru-aldundiaren administrazio-ebazpen baten bidez formalizatuko da, dena delako familia harrerarako egokia dela baloratu ondoren, erregelamendu bidez definituko den berariazko prozeduraren arabera.

2.– Harrera motagatik komenigarria denean, harreragileen adina harrerapeko pertsona adingabearen adinarekin egokitzen den baloratuko da, baita horien arteko aurretiko harremana ere, eta lehentasuna emango zaie familia zabalekoak izan eta harrerarako baldintza egokiak betetzen dituzten pertsonei, salbu eta pertsona adingabearen interesak beste zerbait eskatzen badu.

3.– Artikulu honen 1. paragrafoan aipatzen den familia-harrera formalizatzeko ebazpenarekin batera dokumentu bat erantsiko da, eta erregelamendu bidez zehaztuko diren alderdiak jaso beharko dira bertan.

230. artikulua.– Familia-harrerari laguntzeko neurriak.

1.– Ezarritako familia-harrerako neurria formalizatu aurretik, neurriak iraun bitartean eta behin bukatu ondoren, foru-aldundiak neurriak, programak, baliabideak edo aholkularitza, orientazio, laguntza eta arreta tekniko espezializatua, hura beharrezkoa bada, eskaini beharko dizkie pertsona edo familia harreragileei, pertsona adingabeari, bereziki familia-harrerako neurriaren indarraldia amaitu bada adin-nagusitasunera iritsi delako, eta jatorrizko familiari berari, pertsona adingabearen interes gorena kontuan izanda. Era berean, konpentsazioak eta laguntza ekonomikoak edo bestelakoak eman ahal izango ditu, kasu bakoitzerako erabakitzen den moduan.

2.– Neurri horiek arreta berezia jarri beharko dute pertsona edo familia harreragileei, adingabeari eta jatorrizko familiari berari, harrera-neurria formalizatu baino lehen, beren gain hartzen dituzten eginbehar, betebehar eta erantzukizunak ulertzea ahalbidetuko dien prestakuntza eskaintzeko, bai eta harreraren zailtasun eta inplikazioei aurre egitea ere ahalbidetuko diena, harreran hartutako pertsona adingabearekiko erantzukizunak behar bezala betetzeko prestatuz.

231. artikulua.– Familia-harreraren jarraipena.

1.– Ezarritako familia-harrerako neurriaren jarraipena egitearen xedea izango da:

a) Egiaztatzea harrerapeko pertsona adingabea ondo artatuta eta zainduta dagoela, bere eguneroko oinarrizko premiak asetzen direla, eta dagozkion eskubideak ez ezik, eginbeharrak ere egikaritzea bermatzen zaiola.

b) Bermatzea familia edo pertsona harreragilea gai dela pertsona adingabearen premia material eta psikologikoak asetzeko eta hari egonkortasuna emateko.

2.– Ezarritako familia-harrerako neurria amaitu arte iraungo du jarraipenak eta banakako babes-planean aurreikusten den aldizkakotasuna izango du, kasu bakoitzeko premien araberakoa izango dena. Hala ere, aldizkakotasun hori aldatu ahal izango da erregelamendu bidez ezarriko diren egoeretan.

232. artikulua.– Familia-harrera amaitzea.

1.– Familia-harrerako neurria amaitu ahal izango da jarraian aipatzen diren inguruabarren bat gertatzen denean, betiere horri buruzko ebazpena eman eta gero:

a) Beharrezkotzat iriztea pertsona adingabearen interes gorena babesteko, haren egoerari hobeto egokitzen zaiolako.

b) Pertsona adingabearen interes gorenagatik egonkorragoa edo behin betikoa den bestelako babes-neurria ezartzea komenigarri izatea.

c) Pertsona edo familia harreragileak hartutako konpromisoak, eginbeharrak eta betebeharrak larriki edo behin eta berriz ez betetzea.

d) Fiskaltzak proposatzea.

e) Hala eskatzea pertsona edo familia harreragileak berak, harrerapeko pertsona adingabeak, heldutasun nahikoa badu eta, nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada, edo haren legezko ordezkariek, betiere tutoretza kendu ez bazaie, eta guraso-ahala edo tutoretza berriro ere beren gain hartzeko baldintzak betetzen dituztela irizten bada, Kode Zibilaren 172.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Azken kasu horretan, foru-aldundiak aldez aurretik egiaztatu beharko du desanparo-egoeraren deklarazioa egiteko arrazoi izan ziren inguruabarrak aldatu egin direla eta pertsona adingabea jatorrizko familian berriro integratzea onuragarria izango dela pertsona adingabe horren interes gorena kontuan izanda.

f) Pertsona adingabearen ardura bere gain hartzeko pertsona edo familia harreragilearen gaitasun edo motibazio falta nabaritzea.

g) Erabakitako familia-harrerako neurriaren aldi baterako etenaldia dagoeneko bukatuta egotea edo, hala badagokio, etenaldirako ezarritako sei hilabeteko gehieneko epea dagoeneko bukatuta egotea, eta pertsona adingabea nukleo harreragilean berriro integratzea ezinezkoa dela egiaztatzea.

h) Pertsona harreragilea bakarra denean, hura hiltzea, hil dela deklaratzea, edo pertsona adingabearekiko hartutako konpromisoak, eginbeharrak eta betebeharrak betetzea eragozten dion desgaitasuna aitortzea.

i) Familia-harrerako modalitate bat lege honen 226. artikuluan jasotakoez beste modalitate bat bihurtzea.

j) Familian berriro integratzea.

k) Banantzearen, dibortzioaren edo ezkontza-deuseztasunaren ondorioz bizikidetza edo harreman afektibo-sexuala haustea, salbu eta bidezkoa denean indarreko familia-harrerako neurria aldatzea, halako moduan non bikoteko bi kideek zaintza eta jagoletza partekatzen eta batera egikaritzen baitituzte.

l) Familia edo pertsona harreragileak ez onartzea familia-harrerako neurriaren baldintza berriak, edo neurri berriei buruzko adostasuna ez komunikatu izana.

2.– Nolanahi ere, familia-harrerako neurria berehala amaituko da, baldin eta harrerapeko pertsona adingabea adopzioan hartzen bada edo haren tutoretza arrunta eratzen bada, adin-nagusitasunera iristen bada, emantzipatzen bada, hiltzen bada edo haren heriotza deklaratzen bada.

3.– Familia-harrerako neurria amaitzeko, nola ofizioz hala alderdiak eskatuta, ezinbestekoa izango da foru-aldundiak horretarako ebazpena ematea. Hala eta guztiz ere, ebazpena ematea ez da beharrezkoa izango familia-harrerako neurriaren amaitzeko arrazoia bada harrerapeko pertsona adingabea adoptatzea, tutoretza arrunta eratzea edo harrerapekoa adin-nagusitasunera heltzea; halakoetan, automatikoki amaituko da neurria, aipatutako inguruabar horietakoren bat gertatzen den egunean bertan.

7. ATALA
EGOITZA-HARRERA

233. artikulua.– Egoitza-harreraren definizioa.

1.– Egoitza-harrera babes-neurri bat da, izaera administratibo edo judiziala duena, zeinak helburu baitu arreta integrala ematea, egoitza batean, beharrizan material eta afektiboak nahiz hezkuntza arlokoak familiaren baitan, aldi baterako behintzat, bete ezin dituzten pertsona adingabeei.

2.– Zehazki, jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeei bideratutako berariazko baliabideetako egoitza-harrera soilik erabiliko da beste babes-neurri batzuen bitartez esku hartzea ezinezkoa denean. Haren funtsezko eta oinarrizko helburua izango da pertsona adingabeari hezkuntzarako, haren jokabidea normalizatzeko, ahal denean familian berriro integratzeko eta bere nortasuna modu aske eta harmonikoan garatzeko esparru egokia eskaintzea, betiere testuinguru egituratu batean eta programa zehatzak aplikatuta hezkuntza-proiektu baten esparruan.

3.– Nolanahi ere, pertsona adingabea jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeei eskainitako berariazko baliabideetan sartzea eta bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko haietan aplikatzen diren neurri zuzentzaileak azken aukera gisa erabiliko dira, eta izaera hezitzailea izango dute beti.

234. artikulua.– Administrazioak egoitza-harreraren eremuan jarduteko printzipioak.

1.– Pertsona adingabearen bizitza familia-ingurune batean gara dadin laguntzeko, familia-harrerako neurria gailenduko da egoitza-harrerakoaren aldean edozein pertsona adingaberentzat, batez ere sei urte baino gutxiago dituztenentzat, eta bereziki hiru urtetik beherako haurrentzat, lege honen 197.2 artikuluan aurreikusitako moduan.

2.– Eskumena duten foru-aldundiek haur edo nerabe bati egoitza-harrera ematea erabakitzen dutenean, barneratze-aldia ahalik eta laburrena izan dadin saiatuko dira, salbu eta pertsona adingabearen interes gorenerako besterik komeni bada; betiere, familia biologikora bueltatzea, familia-harrera, tutoretza arrunta, adopzioa edo emantzipazioa errazte aldera, bereziki hiru urtetik beherako haurra bada.

3.– Foru-aldundiek pertsona adingabeen partaidetza-sistemak jasoko dituzten lankidetza-hitzarmen edo -akordioak ezarri ahal izango dituzte entitate laguntzaileekin, foru-aldundien zuzeneko ikuskaritzapean, eta horrek ez du berekin ekarriko titulartasuna eta erantzukizuna entitate laguntzailearen esku lagatzea.

235. artikulua.– Egoitza-harrerako baliabideen betebeharrak.

Foru-aldundiek eta egoitza-harrerako baliabideek, beren jardunean lege honetan ezarritako printzipioetara egokitzeaz gain, betiere harrerapeko pertsona adingabeen eskubideak erabat errespetatuz, honako oinarrizko betebehar hauek izango dituzte:

a) Eguneroko bizitzako premiak asetzen direla ziurtatzea eta pertsona adingabeen eskubideak bermatzea, horretarako proiektu orokorra pertsona adingabe bakoitzaren ezaugarri pertsonaletara egokituz, banakako gizarte- eta hezkuntza-arloko proiektu baten bidez, zeinak pertsona adingabearen ongizatea, garapen fisiko, psikologiko, sozial eta hezkuntzakoa helburu izango baitu, banakako babes-planaren esparruan.

b) Zentroan sartzearen xedea, bete beharreko helburuak eta horiek lortzeko epea argi ezartzen dituen pertsona adingabe bakoitzaren banakako babes-plana izatea, eta haren esparruan pertsona adingabearen prestaketa aurreikustea, bai zentrora heltzean bai irtetean beharko duena.

c) Pertsona adingabeen egoitza-harrerarekin lotutako erabaki guztiak haien interesaren alde hartzea.

d) Pertsona adingabeen egoitza-egonkortasuna sustatzea eta, ahal dela, harrera haien jatorrizko ingurunean dagoen baliabide batean egitea, betiere, kasu guztietan, pertsona adingabearen interes gorenaren aldekoa bada.

e) Neba-arreben arteko bizikidetza eta harremana sustatzea.

f) Familia-harremana eta -elkarlana sustatzea eta, horretarako, behar diren baliabideak programatzea jatorrizko familiara bueltatzea ahalbidetzeko, horri irizten bazaio harrerapeko pertsona adingabearen interes gorena.

g) Pertsona adingabeen heziketa integrala eta inklusiboa bultzatzea, desgaitasunen bat dutenen premiei arreta berezia eskainiz, eta bizitza beterako prestatzea bermatzea, bereziki eskolatzeari eta prestakuntzari dagokionez. Hamasei eta hemezortzi urte bitartekoen kasuan, helburu nagusietako bat izango da bizitza independenterako prestatzea, lan- orientabidea eta laneratzerako prestatzea.

h) Hezkuntza- eta babes-premiei erantzungo dien funtzionamendurako eta bizikidetzarako barne-araudia izatea. Nolanahi ere, araudi horrek kexak eta erreklamazioak egiteko prozedura bat jaso beharko du.

i) Pertsona adingabeek behar dituzten osasun-laguntza eta -zainketetarako irispidea bermatzea eta, bereziki, premia bereziak edo desgaitasunen bat izan eta medikuaren agindu eta jarraipenari lotuta daudenei, osasun-arloko praxi profesionalarekin bat etorriz. Ondore horietarako, harrerapeko pertsona adingabe bakoitzari dagokion historia medikoaren erregistroa egingo da.

j) Aldizka banakako babes-plana berrikusiko dute, egoitza-baliabidea pertsona adingabearen inguruabar pertsonaletara egokitzen den baloratzeko.

k) Pertsona adingabeak asteburuetan eta oporraldietan beren jatorrizko familiekin edo, hori egiterik ez dagoenean edo komeni ez denean, familia alternatiboekin irtetea sustatzea.

l) Pertsona adingabeak dauden komunitate-inguruneko aisia-, kultura- eta hezkuntza-zerbitzu eta -jardueretan normaltasunez integratzea sustatzea.

m) Haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuekin batera, babes-neurrien jarraipena eta egokitzapena egiteko behar diren koordinazio-mekanismoak ezartzea.

n) Bizitza independenterako prestaketa egingo dela zaintzea, pertsona adingabeengan eragina duten erabakietan parte hartzea sustatuz, barne hartuta zentroaren kudeaketa bera, autonomia eta erantzukizunak mailaka beren gain hartzea.

o) Hezkuntza- eta gainbegiratze-neurriak ezartzea, pertsona adingabearen datu pertsonalen babesa bermatzeko harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologietara eta, bereziki, sare sozialetara sartzean.

p) Pertsona adingabeek parte hartzeko sistemak sustatzea, beren adinaren arabera egokituak.

q) Pertsona adingabea egoitza-harrerako baliabidera sartzen den lehen unetik, indarkeria-egoerak komunikatzeko administrazio publikoek araututako prozedurei buruzko informazio guztia ematea, kasuan kasuko baliabidean aplikatuta, baita egoitzako arduradunei buruzkoa ere.

r) Aurreko modu berean, komunikabide elektronikoei buruzko informazioa ematea, hala nola Eusko Jaurlaritzak pertsona adingabeen eskura jarritako orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzua, telefonikoa nahiz telematikoa.

236. artikulua.– Nahitaezko egoitza-harrerako programak.

1.– Egoitza-harrerako programen tipologia erregelamendu bidez ezarriko da, banakako babes-planaren esparruan neurri horrek izan ditzakeen askotariko helburuen arabera. Egoitza-harrerak artatutako pertsona adingabeen premiei erantzun beharko die, eta, horretarako, hainbat programa mota antolatu beharko dira, detektatutako premien aniztasunari egoki eta eraginkortasunez erantzun ahal izateko.

2.– Nolanahi ere, antolatutako programak egokitu egin beharko dira arreta ematen zaien egoiliarren ezaugarri partikularretara eta berariazko premietara, honako sailkapen honen arabera:

a) Larrialdiko harrera-programa: pertsona adingabeei zuzenduko zaie, jatorria edozein dela ere, haien egoerak berehalako esku-hartzea eskatzen duenean; horren esparruan, haien egoera pertsonal, familiar eta sozial partikularra aztertu eta baloratuko da, detektatutako premiei hobekien egokitzen zaien babes-neurria definitzeko nahikoa elementu izan daitezen.

b) Oinarrizko programa orokorra: egoitza-harrerako edozein programaren nukleo nagusia eta oinarrizkoa izango da, eta aukera emango du, berez, lau eta hemezortzi urte bitarteko pertsona adingabeen premia partikularrei erantzuteko, jatorria edozein dela ere, baldin eta beste programa espezifikoago batzuen esparruan laguntza jasotzeko premiarik ez badute. Gutxieneko adin-muga malgutu egin beharko da neba-arrebak direnean.

c) Emantzipaziorako prestatzeko programa: hamalau urtetik aurrerako nerabeei zuzenduko zaie, jatorria edozein dela ere, bizitza independenterako prestatze aldera, egoitza-harrerako baliabidetik irtetean familia-nukleo batean integratzea aurreikusten ez den kasuetan.

Horretarako, bizikidetza-testuinguru bat eskainiko zaie, hezkuntza- eta prestakuntza-laguntzarekin edo lan-orientabide eta laneratzeko laguntzarekin, gizarte-bizitzan integratzea errazteko. Nerabearen ezaugarriak direla-eta oinarrizko programa orokorraren edo programa espezifikoago baten esparruan arreta ematea komeni denean izan ezik, programa hau egokitzat hartuko da babes-sarean oso berandu sartu diren nerabeei arreta eskaintzeko, edo baliabidetik irtetean jatorrizko familia-nukleoan berriro integratzea aurreikusten ez den pertsona adingabeen kasuetan.

d) Emantzipazio-programa: hamasei urtetik aurrerako nerabeei zuzenduko zaie, jatorria edozein dela ere, bizitza independenterako prestatze aldera, egoitza-harrerako baliabidetik irtetean familia-nukleo batean integratzea aurreikusten ez den kasuetan.

Horretarako, bizitza autonomo arruntaren antzeko edo hurbileko bizikidetza-testuingurua eskainiko zaie, autokudeaketa-araubidez funtzionatu ahal izango duena, eta hezkuntzaren, prestakuntzaren edo lan-orientazioaren eta laneratzearen ikuspegia izango duena, gizarte- eta lan-bizitzan eraginkortasunez integra daitezen.

e) Jokabide-nahasmenduak dituzten pertsona adingabeentzako programa: Nagusiki hamahiru eta hemezortzi urte bitarteko nerabeei zuzenduko zaie, jatorria edozein dela ere, oinarrizko programa orokorraren esparruan arreta ematea ezinezkoa egiten duten eta bereziki disruptiboak diren jokabideak dituztenei. Programak oinarri izango du jarrerak aldatzeko eta jokabide-nahasmenduak gainditzeko gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartzea edo esku-hartze terapeutikoa, zeina aldi baterako aplikatuko baita, eta helburu izango baitu ondoren oinarrizko programa orokorrean, emantzipaziorako prestatzeko programan edo emantzipaziorako programan sartzeko aukera ematea.

Salbuespenez, hamaika eta hamabi urteko haurrak sartu ahal izango dira programa honetan, baldin eta haien interes gorena bermatzeko beharrezkoa bada eta, aldez aurretik, Fiskaltzaren baimena lortu bada horretarako. Hartarako, pertsona adingabea babesteko banakako babes-espedientearen ardura duen foru-aldundi eskuduneko lantalde teknikoak, balorazio psikosozial espezializatua egin ondoren, txosten bat egin beharko du, programa hori pertsona adingabearen interes gorena bermatzeko egokia den bakarra dela behar beste arrazoituz eta argudiatuz.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako programak alde batera utzita, eta Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 25.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeei laguntza intentsiboa emateko programa espezializatu bat ezarri beharko da. Programa horrek ezaugarri hauek izango ditu:

a) Programa horretan sartzea azken aukera izango da eta, ondorioz, artikulu honetan aurreikusitako beste edozein programatan eta, bereziki, jokabide-nahasmenduak dituzten pertsona adingabeentzako programan arreta ematea eta esku hartzea posible ez denean bakarrik gauzatuko da.

b) Hamahiru eta hemezortzi urte bitarteko nerabeei zuzenduko zaie, jatorria edozein dela ere, behin eta berriz agertzen badituzte jokabide disruptiboak, disozialak edo antisozialak, gizarte-arauak eta hirugarrenen eskubideak urratzen dituztenak, beren buruari edo hirugarrenei kalte edo galera larriak eragiteko arrisku nabarmena dakartenak, edo haien garapen integrala arrisku larrian jar dezaketenak, eta jokabide-nahasmenduak dituzten pertsona adingabeentzako programaren esparruan arreta bideraezin bihurtzen dutenak.

c) Programa horrek izaera intentsibo eta integraleko esku-hartze bat izango du oinarri, gizarte- eta hezkuntza-orientazioa edo orientazio terapeutikoa izango duena, batez ere arlo pertsonalean, jarrera-aldaketa sustatzeko eta pertsona adingabeari esparru egoki bat emateko hezkuntzarako, bere jokabidea normalizatzeko eta bere sozializazio-prozesua erraztuko duten bizikidetza-arauak eskuratzeko, baita bere nortasuna modu askean eta harmonikoan garatzeko ere, testuinguru egituratu batean.

d) Edonola ere, neurri hau aldi baterako aplikatuko da, eta bere azken helburua izango da jokabide-nahasmenduak dituzten pertsona adingabeentzako programara sartzeko aukera ematea, edo, hala badagokio, oinarrizko programa orokorrera, emantzipaziorako prestatzeko programara edo emantzipaziorako programara.

4.– Egoitza-harrerako programak bi mota handitako egoitza-harrerako baliabidetan egituratu ahal izango dira, programa eta artatutako pertsona bakoitzaren helburuen eta premien arabera:

a) Egoitza-zentroak.

b) Etxebizitza arruntetan kokatutako pisuak, familiaren antzeko baldintzetan bizi diren pertsona adingabeen nukleo txikiak dituzten egoitza-harrerako ereduei erantzuna ematen dietenak.

5.– Bereziki, artikulu honetako 2. paragrafoko e) letran jasota dagoen jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeei zuzendutako programa arreta mota horretarako zentro espezifiko batean emango da, eta bertan segurtasun-neurriak eta askatasunak edo oinarrizko eskubideak murrizteko neurriak aplikatu ahal izango dira, 7. atal honetan aurreikusitako moduan, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 25. artikuluaren eta ondorengoen edukiari dagokionez.

237. artikulua.– Egoitza-harrerako beste programa batzuk.

1.– Foru-aldundiek, aurreko artikuluan aurreikusitako programen osagarri gisa, premiengatik eta eskariagatik gomendagarria bada, egoitza-harrerako beste programa batzuk antolatu ahal izango dituzte, egoitza-harrerako neurria behar duten haur eta nerabeek dituzten premien arabera beharrezkotzat jotzen badute.

2.– Halaber, aurreko artikuluko 2 eta 3. apartatuetan aipatzen diren programen esparruan jasota ez dauden pertsona adingabeen berariazko premia berriek eragindako larrialdi-egoerei erantzun egokia eman ahal izateko, foru-aldundiek egoitza-ekimen alternatibo eta berritzaileak martxan jarri ahal izango dituzte, lege honen bederatzigarren xedapen gehigarrian zerbitzu esperimentaletarako xedatutakoaren esparruan.

238. artikulua.– Egoitza-baliabideak baimentzea, erregistratzea, homologatzea eta ikuskatzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean pertsona adingabeentzako dauden harrera-egoitzako baliabideak Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean ezarritako baimen-, erregistro-, homologazio- eta ikuskaritza-araubideari egokitu beharko zaizkio, eta araubide horrek Merkatu Batasuna bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legean xedatutakoa errespetatu beharko du. Gainera, kalitate- eta irisgarritasun-estandarrak egon beharko dira zerbitzu mota bakoitzerako.

2.– Orobat, autonomia-erkidego mailan indarrean dauden betekizun material, funtzional eta langileen arlokoak arautzen dituen araudia bete beharko dute.

3.– Egoitza-harrerapean dauden pertsona adingabeen eskubideen babesa ziurtatzeko, foru-aldundiak sei hilabetez behin ikuskatu eta gainbegiratu beharko ditu zentroak, baita inguruabarrek hala eskatzen duten guztietan ere.

4.– Horrez gain, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 21.5 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Fiskaltzak hartzen diren egoitza-harreraren gaineko erabakien zaintza egin beharko du, baita egoitza-harrerako baliabide guztien eta bertan emandako zerbitzu guztien ikuskapena ere. Horretarako, aztertu egin beharko ditu, besteak beste, banakako hezkuntza-proiektuak, zentroaren hezkuntza-proiektua eta barne-erregelamendua.

239. artikulua.– Egoitza-harrerako baliabideak jagoteko eginbeharra.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoari kalterik egin gabe, haurrak edo nerabeak babesteko egoitza-harrerako baliabideen zuzendari edo arduradun gisa jarduten duen pertsonak, baliabide horien arduradun nagusia den aldetik, bereziki jagon beharko du indarrean dagoen araudia eta ezarritako segurtasun-neurriak betetzen direla, bai eta agintari, entitate edo organo eskudunek emandako jarraibideak eta gidalerroak betetzen direla ere.

240. artikulua.– Egoitza-harrera formalizatzea.

1.– Egoitza-harrerako neurria tutoretza edo zaintza duen foru-aldundiaren administrazio-ebazpen baten bidez formalizatu beharko da, baldin eta familia-harrera ezinezkoa edo pertsona adingabearen interes gorenaren aurkakoa bada, edo, hala badagokio, pertsona adingabea entzun eta aditu ondoren eta haren premia familiar, pertsonal eta sozial espezifikoak, adierazitako borondatea, heldutasuna eta bilakaera-prozesua balioetsi ondoren, neurria haren interes gorenerako mesedegarriena dela balioesten bada.

2.– Pertsona adingabea harreran hartzen duen egoitza-harrerako baliabidearen zuzendaritza bere gain hartzen duen pertsonari dagokio egoitza-harreraren bidezko zaintza egikaritzea, edo, halakorik ezean, baliabide horren arduradunaren eginkizuna betetzen duenari. Nolanahi ere, zaintza egikarituko da zaintza edo tutoretza duen foru-aldundiak gainbegiratuta, hargatik eragotzi gabe Fiskaltzari dagokion harreraren zaintza gorenari.

3.– Egoitza-harrera formalizatzen duen ebazpena Fiskaltzari jakinaraziko zaio hilabeteko epean, bai eta pertsona adingabearen legezko ordezkariei ere; betiere, guraso-ahalaz gabetuta ez badaude edo tutoretza-kargutik enkaitu ez badituzte.

241. artikulua.– Heziketa-neurri zuzentzaileak.

1.– Lege honen 210.2 artikuluan aurreikusitako eginbeharrak betetzen ez badira, pertsona adingabeentzako egoitza-harrerako baliabideetan bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko heziketa-neurri zuzentzaileak ezarriko dira.

2.– Nolanahi ere, pertsona adingabeen bizikidetza eta segurtasuna bermatzeko egoitza-harrerako baliabideetan aplikatzen diren neurri guztiek legezkotasunaren, premiaren, indibidualizazioaren, proportzionaltasunaren, behin-behinekotasunaren, egokitasunaren, mailakatzearen eta gehiegikeriaren debekuaren, gardentasunaren eta gobernu onaren printzipioak bete beharko dituzte. Eta, zehazki, euste-neurriak salbuespenaren, ahalik eta intentsitate txikienaren eta behar-beharrezkoa den denboraren printzipioen arabera betearaziko dira, pertsona adingabearen duintasun, pribatutasun eta eskubideei zor zaien errespetua zainduta.

3.– Neurri horien edukia eta eginkizuna hezitzailea izango da funtsean, eta ezingo dute berekin ekarri, ez zuzenean ez zeharka, ez gorputz-zigorrik, ez elikagaiak ukatzerik, ez senitartekoen bisita jasotzeko eskubidea kentzerik, ez ahozko ez idatzizko komunikazioetan esku hartzerik, ez derrigorrezko hezkuntzarako eta eskolara joateko eskubidea kentzerik, ez osasun-arretarako eskubidea kentzerik, ezta pertsona adingabeen duintasunaren aurkako erasorik ere.

4.– Heziketa-neurri zuzentzaileen xede izan daitezkeen jokabideak, neurri horien edukia eta horiek aplikatzeko jarraibideak arautu beharko dira zentro horiei aplika dakizkiekeen betekizun materialak, funtzionalak eta langileen arlokoak arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudiaren esparruan. Nolanahi ere, arauketa horretan aurreikusi beharko da pertsona adingabeak eskubidea duela entzuna izateko, frogak aurkezteko eta berak izendatutako pertsonaren aholkua jasotzeko, baita ezarritako neurriak erregistratzekoa ere, neurri horiek eragin dituen jokabidea edo egitatea eta horiek aplikatzeko inguruabarrak berariaz adierazita.

242. artikulua.– Heziketa-neurri zuzentzaileen tipologia eta aplikazioa.

1.– Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 21 ter artikuluan xedatutakoaren arabera, heziketa-neurri zuzentzaileak prebentzio- eta arintze-neurriak izango dira. Salbuespen gisa, eta azken aukera gisa, euste fisikoko neurriak ere hartu ahal izango dira.

2.– Arintze-neurriak izango dira pertsona adingabearen tentsioa edo etsaitasuna murriztera bideratutako kudeaketa emozionaleko hitzezko teknika guztiak, baldin eta aztoratuta edo asaldatuta badago eta arrisku larri eta berehalakoa badakar pertsona adingabearen bizitza eta osotasunerako edo beste pertsona batzuentzat. Ondore horretarako, heziketa-neurri zuzentzaileen artean, garrantzi berezia emango zaio iraindutako pertsonari barkamena eskatzeari, ondasunak konpondu edo itzultzeari, edo eragindako kalteak erreparatzeari.

3.– Euste fisikoko neurriak bakarrik izan daitezke pertsona adingabearen eta arriskuan dagoen objektuaren edo pertsonaren artean jartzea, espazioak eta mugimenduak fisikoki murriztea eta, besterik ezean, protokolo zorrotz bat aplikatuz, egoitza-harrerako baliabideko langile espezializatuek pertsona adingabea fisikoki geldiaraztea.

4.– Salbuespenezko neurri gisa, eta bakarrik jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoen kasuan, euspen fisikorako neurria izan daiteke pertsona adingabearen eskumuturrak eustea, zeina lege honen 247. artikuluan aurreikusitako baldintzetan eta bermeekin aplikatuko baita.

5.– Euste fisikoko neurriak aplikatzean, indarra erabiltzen den kasu guztietan, medikuak azterketa fisikoa egin beharko dio pertsona adingabeari 48 orduko epean gehienez ere, eta dagokion mediku-agiria egingo du.

6.– Euste-neurri horiek ezin izango zaizkie inola ere aplikatu, ez eta jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoen kasuan ere, hamalau urtetik beherakoei, haurdun dauden pertsona adingabeei, adingabeei haurdunaldia amaitu eta sei hilabete igaro arte, ama bular-emaileei, seme-alabak berekin dituzten pertsonei, edo gaixotasun larriagatik eriondoan daudenei, salbu eta haien jarduketengatik berehalako arrisku larria sor badaiteke beren bizitzarako eta osotasunerako edo beste pertsona batzuenerako.

7.– Neurrien izaeraren arabera, eta hargatik eragotzi gabe hurrengo apartatuan xedatutakoa, heziketa-taldea osatzen duten profesionaletako edozeinek aplikatu ahal izango ditu neurriak, edo, jokabide edo gertakari larriei badagozkie, zentroko zuzendariak edo zentroko arduradun-eginkizunak betetzen dituenak bakarrik aplikatu ahal izango ditu neurriak. Xedapen horrek ez ditu eragotziko pertsonei edo gauzei kalterik ez eragiteko salbuespenez eta azken aukera gisa behin-behinekoz hartu beharreko neurriak, pertsona adingabearen euste fisikorako neurriak barne.

8.– Arintze- eta euste-neurriak haur eta nerabeen eskubideei buruzko prestakuntza eta gatazkak konpontzeari eta pertsonei eusteko teknikei buruzko prestakuntza duten langile espezializatuek aplikatu beharko dituzte.

9.– Oro har, euste-neurrien aplikazioa berehala komunikatuko zaie foru-aldundiari eta Fiskaltzari. Halaber, aplikatutako euste-neurriak Gorabeheren Erregistro Liburuan jaso beharko dira, zentroko zuzendaritzak gainbegiratuko duena, eta pertsona adingabearen banakako espedientean, zeina eguneratuta eduki behar baita.

10.– Artikulu honetan aurreikusitakoak ez ditu eragozten jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoei buruz hurrengo atalean jasotako xedapenak, bereziki, euste fisikoko neurriak ezartzeari dagokionez.

8. ATALA
JOKABIDE-ARAZOAK DITUZTEN PERTSONA ADINGABEAK BABESTEKO ZENTRO ESPEZIFIKOAK

243. artikulua.– Jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoetan barneratzea.

1.– Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren II. tituluko IV. kapituluan araututako jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoetan barneratzeko, nolanahi ere, baimen judiziala beharko da.

2.– Babes-zentro horietan barneratzeko baimena emateko eskumena izango dute zentroa dagoen lekuko lehen auzialdiko epaitegiek, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 778 bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Baimena emango da Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 778 bis artikuluan araututako prozedura izapidetu ondoren.

4.– Inola ere ezin izango dira halako zentroetan barneratu gaixotasun, desgaitasun edo nahasmendu mentalak dituzten pertsona adingabeak, baldin eta osasun mentalaren esparruko edo desgaitasunen bat duten pertsonen zaintzaren esparruko zerbitzu eskudunen tratamendu espezifiko bat jaso behar badute.

244. artikulua.– Barneratzeko baimen judiziala.

1.– Pertsona adingabe baten tutoretza edo zaintza duen foru-aldundia eta Fiskaltza legitimatuta egongo dira aipatutako zentroetan barneratzeko baimen judiziala eskatzeko; betiere bermatu egingo da pertsona adingabeak entzuna eta aditua izateko duen eskubidea, lege honen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Zentroan barneratzeko baimen judizialaren eskaerarekin batera, barneratzea behar bezala arrazoituko eta argudiatuko duten txosten psikosozialak aurkeztu beharko dira. Txosten horiek pertsona adingabearen banakako babes-espedientearen ardura duen haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundiko lurralde-zerbitzuko lantalde tekniko, espezializatu eta diziplina anitzekoak egin beharko ditu, aurretik.

3.– Baimen judiziala nahitaezkoa izango da, eta barneratu aurretik eman beharko da. Halaber, baimen horrek pertsona adingabeari segurtasun-neurriak aplikatzeko aukerari buruzko iritzia eman beharko du, baita har daitezkeen bisita, komunikazio eta irteeren araubidea aldi baterako mugatzeko aukerari buruz ere.

4.– Hala ere, behar bezala arrazoitutako urgentziazko arrazoiak direla-eta, pertsona adingabea zentroan berehala barneratu behar bada, foru-aldundiak edo Fiskaltzak baimen judiziala jaso aurretik hartu ahal izango du erabakia, eta ahalik eta lasterren jakinaraziko zaio eskumena duen epaitegiari, lege honen 243.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta, edozein kasutan ere, gehienez ere 24 orduko epean, barneratzearen nahitaezko berrespena gauzatu dadin; horretarako, eskura duen informazioa eta pertsona adingabea zentroan berehala barneratzea egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko ditu. Kasu jakin horretan, epaitegiak 72 orduko epea izango du gehienez ere, komunikazioa jasotzen duenetik, ebazpena emateko; eta baimenik ematen ez badu, barneratzea ondorerik gabe geratuko da berehala.

5.– Pertsona adingabeek zentroan sartzean idatzizko argibideak jasoko dituzte beren eskubide eta eginbeharrei buruz, zentroaren funtzionamendu-arauei buruz, antolaketa orokorraren gaineko kontuei buruz, hezkuntza- eta diziplina-araubideei buruz eta eskaerak, kexak eta errekurtsoak aurkezteko bideei buruz. Informazio hori ematean, hura behar bezala ulertuko dela bermatu beharko da, harrerapekoaren adina eta inguruabarrak kontuan hartuta.

245. artikulua.– Zentroan barneratzea eta egonaldiaren iraupena.

1.– Pertsona adingabeak zentroan barneratzea aldi baterako izango da, eta ezin izango dira zentroan egon beren berariazko premiei erantzuteko eta zentro horietan arretaren xede diren helburuak lortzeko behar-beharrezkoa dena baino denbora gehiago.

2.– Pertsona adingabearen barneratzeaz arduratzen ari den epaitegiak hartuko du hura amaitzeko erabakia, ofizioz edo foru-aldundiak edo Fiskaltzak hala proposatuta. Proposamen hori haurrak eta nerabeak babesteko foru-aldundiko lurralde-zerbitzuko lantalde teknikoak prestatutako txosten psikosozial batean oinarrituko da.

246. artikulua.– Segurtasun-neurriak.

1.– Segurtasun-neurriak izan daitezke pertsona adingabeari eustea, hura behin-behinean isolatzea, edo erregistro pertsonal eta materialak egitea.

2.– Neurri horien helburua hezitzailea izango da, eta prebentzio-neurriek eta arintze-neurriek porrot egin ondoren soil-soilik erabili ahal izango dira, horiek baitute lehentasuna.

3.– Oro har, hartzen diren neurri guztiek legezkotasunaren, premiaren, indibidualizazioaren, proportzionaltasunaren, behin-behinekotasunaren, egokitasunaren, mailakatzearen eta gehiegikeria debekatzearen, gardentasunaren eta gobernu onaren printzipioak bete beharko dituzte. Halaber, euste-neurriak salbuespenaren, ahalik eta intentsitate txikienaren eta behar-beharrezkoa den denboraren printzipioen arabera gauzatuko dira, eta pertsona adingabearen duintasun, pribatutasun eta eskubideei zor zaien errespetua zainduta.

4.– Segurtasun-neurriak haur eta nerabeen eskubideen, gatazkak konpontzearen eta euste-tekniken arloan prestakuntza duten langile espezializatuek aplikatu beharko dituzte. Langile horiek azken aukera gisa bakarrik erabili ahal izango dituzte segurtasun-neurriak pertsona adingabeekin, ihes-saiakeren kasuetan, bizikidetzan nahasmendu larria edo beste pertsona adingabe batzuen eskubideak larriki urratzea eragiten duen erresistentzia aktiboko kasuetan edo autolesiorako, beste batzuei lesioak eragiteko edo instalazioei kalte larriak eragiteko arrisku zuzena dagoenean.

5.– Zentroko zuzendariari dagokio, edo berak eskuordetu duen pertsonari, segurtasun-neurriei buruzko erabakiak hartzea. Erabaki horiek arrazoituak izan beharko dira, eta berehala jakinarazi beharko zaizkie foru-aldundiari eta Fiskaltzari.

6.– Pertsona adingabeak, Fiskaltzak eta foru-aldundiak segurtasun-neurriei buruzko erabakien aurka errekurtsoa aurkez dezakete barneratzeaz arduratzen ari den epaitegian. Epaitegi horrek erabakia hartuko du, zentroari txostena eskatu ondoren eta pertsona adingabeari eta Fiskaltzari entzun ondoren.

7.– Aplikatutako segurtasun-neurriak Gorabeheren Erregistro Liburuan jaso beharko dira, zentroko zuzendaritzak gainbegiratuko duena, eta pertsona adingabearen banakako espedientean, zeina eguneratua mantendu behar baita.

247. artikulua.– Euste-neurriak.

1.– Euste-neurriak hartzeko, pertsona adingabeak une eta kasu zehatz bakoitzean dituen inguruabarrak hartuko dira kontuan, hurrengo apartatuetan ezarritako eran.

2.– Zentroetako langileek bizikidetza eta segurtasuna arintze-neurrien bidez lehengoratzeko ahalegina egin ondoren soilik hartu ahal izango dituzte euste-neurriak, lege honen 242.2 artikuluan aurreikusitako moduan.

3.– Euste fisikoa bakarrik izan daiteke pertsona adingabearen eta arriskuan dagoen objektuaren edo pertsonaren artean jartzea, espazioak eta mugimenduak fisikoki murriztea eta, besterik ezean, protokolo zorrotz bat aplikatuz, egoitza-harrerako baliabideko langile espezializatuek pertsona adingabea fisikoki geldiaraztea.

4.– Bakarrik onartuko da, salbuespen gisa, pertsona adingabearen eskumuturrak ekipamendu homologatuekin lotzea, baldin eta protokolo zorrotz baten pean egiten bada eta ezinezkoa bada beste bide batzuetatik saihestea bere bizitza, osotasun fisikoa edo hirugarrenena arrisku larrian jartzea.

Salbuespenezko neurri hau gutxieneko denborarako bakarrik aplikatu ahal izango da, eta ezingo da ordubete baino gehiagokoa izan. Denbora horretan, pertsona adingabeari, aurrez aurre eta modu jarraituan zentroko hezitzaile batek edo heziketa-taldeko beste profesional batek lagun egingo dio edo, bestela, modu iraunkorrean gainbegiratuko du.

Neurri hori aplikatu dela berehala komunikatuko zaie foru-aldundiari, Fiskaltzari eta barneratzeaz arduratzen ari den epaitegiari.

5.– Nolanahi ere, eta inguruabarrak edozein direla ere, debekatuta dago pertsona bat ohe artikulatu bati edo objektu finko bati edo instalazioei edo objektu higigarriei ainguratutako objektu bati lotzean datzan euste mekanikoa.

6.– Euste-neurriak aplikatzean, indarra erabiltzen den kasu guztietan, medikuak azterketa fisikoa egin beharko dio pertsona adingabeari 48 orduko epean gehienez ere, eta dagokion mediku-agiria egingo du.

248. artikulua.– Pertsona adingabearen behin-behineko isolamendua.

1.– Pertsona adingabearen behin-behineko isolamendua, irtetea galerazita izango duen espazio egoki batean geratuz, soilik erabili ahal izango da indarkeriazko ekintzak, autolesioak, zentroan bizi diren beste pertsona adingabe batzuei, langileei edo hirugarrenei lesioak eragitea edo instalazioetan kalte larriak eragitea prebenitzeko.

2.– Isolamendua unean-unean aplikatuko da, beharrezkoa den momentuan, eta ez da, inola ere, diziplinazko neurri gisa erabiliko. Ahal izanez gero, pertsona adingabearen logelan aplikatuko da eta, hori posible ez bada, antzeko bizigarritasuna eta dimentsioak dituen beste eremu batean.

3.– Pertsona adingabea hiru orduz jarraian isolatu ahal izango da gehienez ere, atseden hartzeko duen eskubideari kalterik egin gabe.

4.– Pertsona adingabea isolamenduan dagoen bitartean, aurrez aurre eta modu jarraituan zentroko hezitzaile batek edo heziketa-taldeko beste profesional batek lagun egingo dio edo, bestela, modu iraunkorrean gainbegiratuko du.

249. artikulua.– Erregistro pertsonalak eta materialak.

1.– Erregistro pertsonalak eta materialak pertsona adingabearen duintasuna, pribatutasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatuz egingo dira, berez edo gaizki erabiltzeagatik arriskutsuak edo kaltegarriak izan daitezkeen objektu, tresna edo substantziak zentrora sartzeak edo bertatik ateratzeak sor ditzakeen arrisku-egoerak saihesteko.

2.– Petsona adingabearen erregistro pertsonala eta miaketa horretarako ezinbestekoak diren langileek gauzatuko dituzte eta, gutxienez, adingabearen sexu bereko zentroko bi profesional izango dira. Gorputzeko atalen bat ikusgai jarri behar denean, zati bat bakarrik jarriko da ikusgai, leku egokian egingo da, aurrean beste pertsona adingaberik ez dagoenean eta pertsona adingabearen intimitatea ahalik eta gehien babestuz. Ahal dela, bitarteko elektronikoak erabiliko dira.

3.– Zentroko langileek pertsona adingabearen gauzak erregistratu ahal izango dituzte, eta pertsona adingabeek dituzten eta jatorri ez-zilegia izan dezaketen objektuak kendu ahal izango dizkiete, baita norberarentzat nahiz hirugarrenentzat kaltegarriak izan daitezkeen, zentroko instalazioak kaltetu ditzaketen edo pertsona adingabeentzat baimenduta ez dauden gauzak ere.

4.– Erregistro materialak pertsona adingabeari aurretiaz komunikatu beharko zaizkio, haren aurrean egitea ezinezkoa den kasuetan.

250. artikulua.– Diziplina-araubidea.

1.– Pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoetako diziplina-araubidea zentroko gizarte- eta hezkuntza-proiektuan eta harrerapeko bakoitzaren banakako proiektuan oinarrituko da, eta harrerapeko pertsonari horren berri emango zaio.

2.– Diziplina-araubidea beste aukerarik ezean erabiliko da, gatazkak konpontzeko sistema errestauratiboei eta hezkuntza-interakzioari emango zaie lehentasuna.

3.– Inola ere ez da ezarriko pertsona adingabeen erantzukizun penala arautzen duten legeetan aurreikusitako murrizketen garrantzi bereko edo handiagoko murrizketarik.

4.– Lege honen 247, 248 eta 249. artikuluetan jasotako neurriak ezingo dira erabili diziplina-helburuekin.

5.– Diziplina-araubideari buruzko erregulazioak nahikoa izan eta bat etorri beharko du, zehatzeko ahalari buruzko prozedurei dagokienez, Espainiako Konstituzioan, lege honetan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen IV. tituluan jasotako printzipioekin. Nolanahi ere, pertsona adingabeari abokatu independente baten legezko laguntza bermatu beharko zaio, betiere pertsona adingabeen duintasuna eta eskubideak errespetatuz eta inola ere ezingo zaizkie horiek kendu.

251. artikulua.– Gainbegiratzea eta kontrolatzea.

1.– Arartekoak eta Fiskaltzak egin ditzaketen pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoen ikuskapenak gorabehera, foru-aldundiak pertsona adingabea zentroan barneratzeko neurria hiru hilabetez behin berrikusi beharko du, gutxienez, eta pertsona adingabea zentroan barneratzeko baimena eman zuen epaitegiari eta Fiskaltzari jarraipen-txosten arrazoitua bidali beharko die aldizkakotasun berarekin, non Gorabeheren Erregistro Liburuko sarrerak jasoko diren.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren ikuskapenen eta txostenen ondoreetarako, Gorabeheren Erregistro Liburuak, datuen lagapen-hartzaileei dagokienez, datu pertsonalak babesteko indarrean den legerian ezarritako maila ertaineko segurtasun-neurriak bete beharko ditu.

252. artikulua.– Sendagaiak ematea.

1.– Harrerapeko pertsona adingabeei sendagaiak eman ahal izango zaizkie haien osasunerako beharrezkoak direnean. Horretarako, osasun-arloko praxi profesionala bete beharko da, baimen informatuari buruzko xedapenak errespetatuz, eta Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legean aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

2.– Horretarako baimena duen mediku batek errezetatu beharko ditu beti preskripzio medikoa behar duten sendagaiak; halaber, hark egingo du sendagaien administrazio zuzenaren eta tratamenduaren bilakaeraren jarraipena. Ondore horietarako, pertsona adingabe bakoitzari dagokion historia medikoaren erregistroa egingo da.

253. artikulua.– Bisita-araubidea eta irteteko baimenak.

1.– Pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoko zuzendariak bakarrik murriztu edo eten ahal izango ditu senitartekoen eta hurbileko beste pertsona batzuen bisitak, pertsona adingabearen interes gorenaren alde, behar bezala arrazoituta, pertsona adingabearen hezkuntza-tratamenduak hala gomendatzen duenean, eta zentroan barneratzeko baimen judizialean jasotako baldintzak kontuan hartuta.

2.– Diziplina-neurriak aplikatzeak ez du bisitak jasotzeko eskubidea murriztuko.

3.– Zentroko zuzendariak bertan dauden pertsonen irteerak murriztu edo bertan behera utzi ahal izango ditu, betiere haien interes gorenaren alde eta behar bezala arrazoituta, pertsona adingabearen hezkuntza-tratamenduak hala gomendatzen duenean, eta zentroan barneratzeko baimen judizialean jasotako baldintzak kontuan hartuta.

4.– Bisita-araubidea eta irteteko baimenak murrizten dituzten neurriak behar bezala jakinarazi beharko zaizkie interesdunei, pertsona adingabeari eta Fiskaltzari, legeria aplikagarriari jarraituz.

5.– Fiskaltzak eta pertsona adingabeak, zeinak abokatu independente baten legezko laguntza bermatua izango baitu, neurri horien aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute barneratzeaz arduratzen ari den organo judizialaren aurrean, eta hark errekurtsoa ebatziko du, zentroak helarazitako txostena aztertu ostean eta interesdunei, pertsona adingabeari eta Fiskaltzari entzun ostean.

254. artikulua.– Pertsona adingabearen komunikazio-araubidea.

1.– Pertsona adingabeek eskubidea izango dute Fiskaltzari, agintaritza judizial eskudunari eta Arartekoari kexak konfidentzialtasunez bidaltzeko. Diziplina-neurriak aplikatzeak ez du eskubide hori murriztuko.

2.– Pertsona adingabeak bere senitartekoekin eta hurbileko beste pertsona batzuekin izango dituen komunikazioak askeak eta isilpekoak izango dira. Komunikazio horiek pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoko zuzendariak bakarrik murriztu edo eten ahal izango ditu, pertsona adingabearen interes gorenaren alde, behar bezala arrazoituta, pertsona adingabearen hezkuntza-tratamenduak hala gomendatzen duenean, eta zentroan barneratzeko baimen judizialean jasotako baldintzak kontuan hartuta.

3.– Komunikazioak izateko eskubidea edo komunikazioen isilpekotasuna murriztu edo eteteko erabakia legeria aplikagarriaren arabera hartuko da, eta interesdunei, pertsona adingabeari eta Fiskaltzari horren berri eman beharko zaie. Haiek errekurtsoa jarri ahal izango dute barneratzea baimendu zuen epaitegiaren aurrean, eta epaitegi horrek errekurtsoa ebatziko du, zentroak helarazitako txostena aztertu ostean eta interesdunei, pertsona adingabeari eta Fiskaltzari entzun ostean.

V. KAPITULUA
ADOPZIOA
1. ATALA
ADOPZIOA

255. artikulua.– Adopzioa eratzea.

1.– Adopzioa ebazpen judizial bidez eratzen da, eta ebazpen horretan, betiere, kontuan hartuko dira adoptatutako pertsona adingabearen interes gorena eta adoptatzaileak edo adoptatzaileek guraso-ahala egikaritzeko duten egokitasuna.

2.– Nolanahi ere, adopzio-espediente bat edo, hala badagokio, nazioarteko adopzioko espediente bat sustatzeko behar diren administrazio-jarduketak, bai eta foru-aldundiek adopzioaren arloan jarraitu beharreko jarduketa-prozedura ere, egokitu egingo zaizkie indarrean den ordenamendu juridikoan jasota dauden eta aplikatzekoak diren arlo horretako lege-xedapenei eta erregelamendu bidez garatzeko xedapenei.

256. artikulua.– Adopta daitezkeen pertsona adingabeak.

1.– Foru-aldundiak adopzio-proposamena egiten duen egunean egoera honetan dauden pertsona adingabeak soilik adoptatu ahal izango dira:

a) Adin-nagusitasunera iritsi ez izana.

b) Emantzipatuta ez egotea.

2.– Salbuespen gisa, egoera horretan dauden pertsona adingabeak adoptatu ahal izango dira, baldin eta adin-nagusitasunera iritsi diren edo emantzipazioa eman zaien egunaren aurreko urtean adopziorako beren burua eskaini duten pertsonen alde formalizatutako familia-harrerako neurri bat izan badute edo, hala badagokio, haiekin bizikidetza egonkorra izan badute.

3.– Kode Zibilaren 175. artikuluan aipatzen diren pertsona adingabeak ezin izango dira adoptatu.

257. artikulua.– Adopziorako eskaintza.

1.– Adopziorako beren burua eskaini ahal izango dute guraso-ahalaz gabetuta ez dauden edo guraso-ahalaren egikaritzea etenda ez duten pertsonek, eta semearen edo alabaren zaintza ezein foru-aldundiri edo pertsona adingabeak babesteko beste ezein entitate publikori eman ez diotenek.

2.– Adopzio nazionalerako zein nazioarteko adopziorako eskaintza pertsona bakar batek, banaka, edo bikote batek egin ahal izango du; azken kasu horretan, adopziorako eskaintza bikotea osatzen duten bi pertsonek batera edo elkarren segidan egin ahal izango dute.

3.– Bikotetzat joko da ezkontza bidez edo ezkontzaren antzeko afektu-harreman baten bidez lotuta dagoena. Azken kasu horretan, honako modu hauetakoren bat erabiliz egiaztatu beharko da:

a) Berariaz sortutako erregistro publikoren batean izatezko bikotea eratzeko deklarazioa inskribatu izanaren egiaztagiria.

b) Eskumena duten agintaritzek egindako dokumentu publikoa, izatezko bikotea eratu izana jasotzen duena.

4.– Nolanahi ere, bikote batek adopziorako eskaintzak egitean, egiaztatu beharko du bikotekideak elkarrekin erroldatuta egon direla, etenik gabe, adopzio nazionalerako nahiz nazioarteko adopziorako egokitasunaren deklarazioaren eskaera aurkeztu baino bi urte lehenagotik, gutxienez.

5.– Beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonek hogeita bost urtetik gorakoak izan beharko dute eta, bikoteen kasuan, nahikoa izango da adopziorako beren burua eskaini duten pertsonetako batek betekizun hori betetzea.

6.– Halaber, adoptatzailearen eta adoptatuaren arteko adin-aldea gutxienez 16 urtekoa izango da, eta ezingo da 45 urtetik gorakoa izan, Kode Zibilaren 176.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik, edo pertsona adingabe adoptatuak inguruabar edo beharrizan bereziak baditu, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan onetsi dituen erregelamendu bidez garatzeko arauzko xedapenen arabera. Adoptatzaileak bi direnean, nahikoa izango da horietako batek ez edukitzea adoptatuarekiko gehieneko adin-alde hori.

258. artikulua.– Egokitasuna.

1.– Adopziorako egokitasuntzat ulertzen da gaitasun, ahalmen eta motibazio egokiak izatea guraso-erantzukizuna betetzeko, adoptatuko diren pertsona adingabeen beharrak kontuan hartuta, eta adopzioak berarekin dakartzan berezitasun, ondorio eta erantzukizunak nork bere gain hartzeko.

2.– Foru-aldundiak emandako egokitasun-deklarazio orok beharko du adopziorako eskaintza egin duten pertsonen edo familien egoera pertsonal, familiar, sozial eta harremanei buruzkoaren gaineko balorazio psikosoziala, bai eta lotura egonkor eta seguruak egiteko duten gaitasunaren, beren hezkuntza-trebetasunen eta pertsona adingabe bati, dauzkan inguruabar bereziak kontuan hartuta, arreta emateko ahalmenaren gaineko balorazioa ere.

259. artikulua.– Egokitasunerako betekizunak.

Adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonen egokitasunaren balorazio psikosoziala egitean, beti, pertsona adingabearen interes gorena lehenetsiko da, tartean izan litekeen beste edozein interes legitimoren gainetik. Horretarako, pertsona adingabe bat adoptatzeko egokitasunerako betekizun izango dira:

a) Bizitzeko behar beste baliabide edukitzea, eta baliabide horiek egonkorrak izatea.

b) Pertsona adingabearen arreta normalizatua bermatzeko moduko osasun fisiko eta psikikoa edukitzea.

c) Adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonek ezkontzaren edo izatezko bikotearen bidezko lotura dutela egiaztatzen badute, adopziorako eskaintza egin aurreko bi urteetan, gutxienez, etenik gabe elkarrekin bizi izana.

d) Familia-bizimodu egonkorra egitea.

e) Familia- eta gizarte-ingurunea pertsona adingabearen integraziorako egokia izatea.

f) Eskatzaileen historian ez izatea pertsona adingabearentzat arriskutsua izan daitekeen gorabeherarik.

g) Jarreretan malgutasuna erakustea, bai eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna ere.

h) Pertsona adingabearen historia pertsonala eta familiarra errespetatzea eta onartzea.

i) Elkarlanerako eta konpromisorako jarrera positiboa agertzea.

j) Familia-unitateko kide guztiek adopzioaren aldeko jarrera edukitzea.

k) Adoptatzaileak edo adoptatzaileek adoptatua izango denaren garapen egokirako muga izan daitekeen adinik ez edukitzea, baldin eta neba-arreben taldeak edo premia bereziak dituzten pertsona adingabeak adoptatzeko prest badaude.

l) Adoptatzeko motibazioa erakustea, eta, motibazio horretan, lehentasuna ematea pertsona adingabearen interes gorenari eta haren eskubideen babesari, haren garapen askea bermatzeko.

260. artikulua.– Egokitasun-deklarazioa.

1.– Egokitasun-deklarazioa lortzeko, bai adopzio nazionalerako, bai nazioarteko adopziorako, foru-aldundiek antolatutako informazio- eta prestakuntza-saioetan parte hartu beharko da, adopziozko filiazioaren ezaugarri bereizgarriak ezagutu eta nork bere gain hartzeko. Beharrezkoa izango da, orobat, adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonen egoera pertsonal, familiar eta harremanei buruzkoaren balorazio psikosoziala, aukera emango duena egiaztatzeko betetzen dituztela lege honen 257, 258 eta 259. artikuluetan eskatzen diren baldintza eta gaitasunak eta, eskaintza nazioarteko adopzio baterako denean, Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 10. artikuluan ezarritakoak.

2.– Egokitasuna familiaren adopzio-proiektuari dagokionez erabakiko da, eta familiak bere eskaintzan jasotako ezaugarriak eta inguruabarrak dituen pertsona baten edo neba-arreben talde baten premia aurreikusgarriei erantzuteko dituen baldintzak ebaluatuko dira.

3.– Eskaintza adopzio irekia egiteko denean, baloratu egingo dira, gainera, familiak jatorrizko familiarekiko harremanak zaintzeko duen prestasun eta gaitasuna.

261. artikulua.– Egokitasun-deklarazioaren indarraldia.

1.– Adopziorako egokitasunaren deklarazioak hiru urteko gehieneko balio-epea izango du, ematen den egunetik kontatzen hasita, adopzio-prozesu bakar baterako eta, betiere, aldi horretan adopziorako eskaintza egin dutenen inguruabar familiar, pertsonal eta sozialak mantentzen badira.

2.– Adopziorako eskaintzak adopzio irekia egiteko aukera aurreikusten badu, egokitasun-deklarazioan, halaber, jasota geratu beharko du adopzio irekia egiteko egokitasunak, eta espresuki adierazi beharko da interesdunak edo interesdunek jatorrizko familiarekin harremana eta kontaktua izango duen pertsona adingabe bat adoptatzea onartzen duten.

3.– Egokitasun-deklarazioaren indarraldia amaitutakoan, eguneratu egin beharko da dagozkion txosten teknikoen bidez, aintzatespenaren arrazoi izan ziren inguruabarrek dirauten egiaztatzeko, hargatik hurrengo apartatuan xedatutakoa eragotzi gabe.

4.– Adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonen edo familien egokitasuna alda dezaketen inguruabarrak agertuz gero, edo adopzio irekia egiteko aukera egokitasun-deklarazioa eman ondoren planteatu bada eta aukera hori deklarazioan espresuki jasota ez badago, adopziorako egokitasuna eguneratzeko prozedura hasiko da, egitate horien berri izan bezain laster.

5.– Adopziorako eskaintza egin dutenek egokitasun-deklarazioan eragina izan dezaketen egoera pertsonal eta familiarraren aldaketa posibleen berri eman beharko dute une oro.

262. artikulua.– Familia adoptatzaileak hautatzea.

1.– Adopzio-proposamenerako, babestutako pertsona adingabea bereizten duten banakako inguruabar eta premiekin bat datorren adopzio-proiektu baterako egokitzat jo diren pertsona guztien artean hautatuko dira familiak. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Lehenik eta behin, pertsona adingabearen interesa dela-eta familiak baldintza partikularren bat izan behar duen, familia bat adopziorako bereziki egokia izatea dakarrena.

b) Aurreko letrako irizpidea ezin bada aplikatu edo nahikoa ez bada, aurrez ezarritako beste irizpide objektibo batzuen bidez hautatuko da, betiere pertsona adingabearen intereserako mesedegarriagoak direla uste bada, hala nola gizarteratzeko eta garapen optimorako aukera handiagoak eskaintzea.

c) Azkenik, adopziorako eskaintzaren antzinatasunari erreparatuko zaio.

2.– Egokitasun-deklarazioa duen eta pertsona adingabe jakin bat adoptatzeko egokia den familiarik ez badago eta, pertsona adingabearen egoera eta premia partikularrak kontuan hartuta adopzioa bada babes-neurririk egokiena, familia hautagai bat bilatu beharko da, modu aktiboan, pertsona adingabeak babesteko beste entitate publiko batzuekin lankidetzan arituz, edo beste familia batzuei informazioa emanez eta horiek baloratuz, baldin eta familia horien adopzio-proiektua pertsona adingabearen inguruabar edo premietara hurbiltzen bada.

263. artikulua.– Adopzio-proposamena.

1.– Adopzio-espedientearen hasieran, foru-aldundi eskudunak, nahitaez, guraso-ahala egikaritzeko egokitzat jo duen adoptatzailearen edo adoptatzaileen aldeko aurretiazko proposamena egingo du, salbu eta adopta daitekeen pertsona adingabea Kode Zibilaren 176.2 artikuluan aurreikusitako kasuetakoren batean badago.

2.– Nolanahi ere, egokitasun-deklarazioa egin beharko da proposamenaren aurretik.

3.– Adopzioa sustatuko da, bakar-bakarrik, horrek pertsona adingabearen interes gorenari erantzuten badio, eta interes horrek lehentasuna izango du egon daitekeen beste edozein interes legitimoren gainetik. Horretarako, adopzioak interes gorenaren printzipioari erantzuten ote dion erabakitzeko, hura interpretatu eta haztatzeko irizpide orokorrak ez ezik, honako hauek ere hartuko dira kontuan:

a) Jatorrizko familian berriro sartzea pertsona adingabearen interesaren aurkakoa izatea eta egoera hori aldatuko denik ez aurreikustea, kontuan hartuta dauden arrisku-faktoreak eta lehengoratzeko egindako jarduketak.

b) Pertsona babestua entzun eta gero, hark familia alternatibo batean sartzeko borondatea edo prestasuna duela egiaztatzea eta, heldutasun nahikoa badu, bere adostasuna espresuki ematea.

c) Adopzioa beste babes-neurri batzuk baino mesedegarriagoa izatea bere interesentzat. Ondore horretarako, kontuan hartuko dira, beste irizpide batzuen artean, neurrien egonkortasuna eta babestuaren premiak epe luzera asetzeko eskaintzen dituzten aukerak, baita ingurunearekin dituen errotzea eta loturak ere, betiere horiek adopzio irekiaren bidez mantentzeko aukerak kontuan hartuta.

4.– Halaber, foru-aldundiek adopzioa sustatu ahal izango dute pertsona adingabearen desanparo-egoera deklaratzen duen administrazio-ebazpena jakinarazten denetik bi urteko epearen barruan, baldin eta pertsona adingabearen egoera partikularra haztatu eta baloratu bada aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, eta, Fiskaltzari horren berri eman ondoren, jatorrizko familiara bueltatzeko behin betiko ezintasunaren pronostiko oinarriduna egiaztatzen bada.

5.– Adopziorako eskaintzaren izapideak eten egin ahal izango dira, nola ofizioz hala interesdunek eskatuta, erregelamenduz ezarritako tarterako eta han adierazitako baldintzetan, baldin eta prozeduran zehar inguruabar garrantzitsu koiunturalen bat dagoela egiaztatzen bada, zeinak behar bezala justifikatuta egon beharko baitu, egokitasuna baloratzea eragozten duena edo adopzioa behin-behinean eratzea eragozten duena, edo behar bezala arrazoitu beharko diren arrazoi objektiboak daudela hori egitearen alde.

6.– Hala ere, bikote batek bere alde formalizatutako familia-harrera iraunkorreko neurri bat edo adopzio-helburuko zaintzako neurri bat zuen pertsona adingabe bat adoptatzeko eskaintza egin badu eta, foru-aldundiak adopzioa proposatu aurretik, modu fede-emailean egiaztatzen badu bikote hori legez banandu edo dibortziatu egin dela, ezkontza-deuseztasuna jaso duela edo haren harremana azkendu dela, inguruabar horiek gertatzeak ez du eragotziko bikotea osatzen duten bi pertsonek elkarrekin adopta dezaten sustatzea, baldin eta egiaztatzen bada pertsona adingabe adoptagaia benetan bizi izan dela biekin adopzio-proposamena aurkeztu aurreko bi urteetan, gutxienez.

264. artikulua.– Aurretiazko eskaintzarik gabeko adopzio-proposamena.

1.– Desanparo-egoeran deklaratutako pertsona adingabeen kasu jakin batzuetan, eta pertsona adingabe jakin baten harreman bereziak edo apartekoak kontuan hartuta, foru-aldundiek erabaki ahal izango dute adopzioak pertsona adingabearen interes gorenari erantzuten diola, bakar-bakarrik, pertsona edo bikote jakin batek egiten badu. Kasu horietan, adopzio-proposamena atzeratu egingo da, ondore horretarako interesdunen adostasuna izan eta adopziorako haien egokitasuna deklaratu arte.

2.– Egoera horretan, prestaketaren eta egokitasunaren balorazioaren helburua izango da familiak adopzio jakin horretarako baldintza egokiak betetzen dituela sustatzea eta egiaztatzea, eta egokitasun-deklarazioa adopzio horretara mugatuko da. Horretarako, prozeduran egin beharreko egokitzapenak egingo dira.

265. artikulua.– Adopzio-helburuko zaintza.

1.– Foru-aldundiak bere tutoretzapeko pertsona adingabeen zaintza eskuordetu ahal izango die haiek adoptatzeko hautatutako pertsonei, Kode Zibilaren 176 bis.1 artikuluan aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

2.– Adopzio-helburuko zaintza eskuordetu zaien pertsonek familia harreragileen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.

266. artikulua.– Adopzio-helburuko zaintza eskuordetzea.

1.– Adopzioaren ebazpen judiziala eman arte formalizatuko da adopzio-helburuko zaintza, behar bezala arrazoitutako administrazio-ebazpen baten bidez, eta ukitutako pertsonei eta pertsona adingabeari entzun ondoren, heldutasun nahikoa badu, eta nolanahi ere, hamabi urtetik gorakoa bada.

2.– Adopzio-helburuko zaintza eskuordetzea erabakitzen duen ebazpena aitari eta amari edo pertsona adingabearen tutoretza esleitua duten pertsonei jakinaraziko zaie, baldin eta guraso-ahalaz edo tutoretzaz gabetuta ez badaude, hurrenez hurren.

3.– Adopzio-proposamena aurkeztu baino lehen eskuordetuko da zaintza. Proposamen hori hiru hilabeteko epean egin beharko da agintaritza judizialaren aurrean, zaintza eskuordetzea erabakitzen den egunetik kontatzen hasita.

4.– Hala ere, aurreko apartatuan aurreikusitako hiru hilabeteko epea luzatu ahal izango da, gehienez ere urtebetera arte, foru-aldundiak beharrezkotzat jotzen badu pertsona adingabea familiara egokitzeko aldi bat ezartzea, adingabearen adinaren eta ezaugarri partikularren arabera. Nolanahi ere, erabaki hori justifikatzeko inguruabarrak behar bezala arrazoitu beharko dira zaintza eskuordetzea erabakitzen duen administrazio-ebazpenean.

5.– Aurreko apartatuan aurreikusitako luzapena gertatzen bada, pertsona adingabea adopziorako hautatu diren pertsonei egokitzeko prozesua ebaluatzeko eta beharrezkotzat jotzen den laguntza emateko, pertsona adingabeari arreta era egokian eta ez-kaltegarrian ematen zaiola eta pertsona adingabea familian sartu eta integratzea ere modu berean egiten dela ziurtatzeko eta pertsona adingabeari egoera berria behar bezala asimilatzen laguntzeko helburuarekin, foru-aldundiek egoeraren jarraipena egingo dute, gutxienez sei hilabetez behin, adopzio-helburuko zaintza eskuordetuta dagoen bitartean.

6.– Jarraipen horren berariazko xedea izango da pertsona adingabeak nortasunaren eta identitatearen garapen askeari eragiten dioten alderdi guztietan izan duen egokitzapen edo bilakaera egiaztatzea, baita garapen psikologikoari lotutakoa ere, zaintza eskuordetu zaion pertsonarekiko edo pertsonekiko eta familia osoarekiko harremanetan eta gizarteratzean, hartara izan daitezkeen gabezia, gatazka, zailtasun edo arazoak detektatu eta baloratzeko eta horiek konpontzen laguntzeko.

7.– Adopzioaren aurreko bizikidetza-aldia hasten denean, salbu eta pertsona adingabearen interes gorenerako egokia ez bada, foru-aldundiak eten egingo du jatorrizko familiarekin izandako bisita-, komunikazio- edo egonaldi-araubidearen bidez duen harremana eta kontaktua, hurrengo artikuluan araututako adopzio irekiaren kasuan izan ezik.

Edonola ere, eta ukitutako pertsonek jurisdikzio zibilean neurri horren aurka egiteko aukera izan dezaten, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 780. artikuluan xedatutakoari jarraituz, erabaki hori administrazio-ebazpen baten bidez hartu beharko da, zaintzaren eskuordetzea erabakitzen duen ebazpenean bertan aurreikusi ez bada.

8.– Agintaritza judizialak uste badu proposatu den adopzioa ez dela bidezkoa, foru-aldundiak pertsona adingabearentzat egokiena den babes-neurria zehaztu beharko du, betiere pertsona adingabearen interes gorena kontuan hartuta.

267. artikulua.– Adopzio irekia.

1.– Adopzio irekitzat hartuko da eratu ondoren Kode Zibilaren 178.4 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitako harremanari edo kontaktuei eusten diena.

2.– Adopzio modu hori aukeratuko da babestutako pertsona adingabearen interes gorenari erantzuten badio eta, bereziki, neurri horren bidez lotura bakarreko edo bikoitzeko neba-arreba biologikoen arteko harremanaren alde egitea posible denean.

3.– Ondore horretarako, adopzio irekiak babestuaren interes gorenari erantzuten dion ala ez erabakitzeko, foru-aldundiak kontuan hartuko ditu, hura interpretatu eta haztatzeko irizpide orokorrez gain, zaindu beharreko harremanek babestuarentzat duten garrantzi afektiboa, ematen dioten segurtasun emozionala eta horiek mantentzeak haren identitatea garatzean eta adopziozko familiarekiko lotura- eta integrazio-prozesuan epe luzera izan ditzakeen ondorioak.

4.– Adopzio irekia egiteko, adopzio hori beren adopzio-proiektuan espresuki jaso duten eta horretarako egokitzat deklaratu diren pertsonak bakarrik aukeratuko dira.

5.– Agintaritza judizialari aurkeztutako adopzio irekiaren proposamenean, pertsona adingabearen intereserako egokitzat jotzen diren kontaktuaren aldizkakotasunari, iraupenari eta baldintzei buruzko jarraibide orokorrak zehaztuko dira eta, ahal izanez gero, bereziki bultzatu beharko da filiazio naturaleko neba-arreben arteko harremana.

6.– Foru-aldundiek sustatzen dituzten adopzio irekien jarraipena egingo dute, eta harremanak normaltasunez garatzea eta familian integratzeko prozesuak arrakasta izatea ahalbidetzeko esku hartuko dute, inplikatuei behar duten laguntza eta aholkularitza emanez.

7.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, erregelamendu bidez ezarriko ditu aurreko apartatuan aurreikusitako helburuetarako egin beharreko jarduketak, harremanetan eta kontaktuetan bitartekaritza egiteko baldintzak eta prozedura, beharrezkoa denean, eta agintaritza judizialari igorri beharreko bisita, komunikazio edo egonaldien garapenari buruzko txostenen metodologia eta edukia, Kode Zibilaren 178.4 artikuluko bigarren apartatuan xedatutakoa betez.

2. ATALA
NAZIOARTEKO ADOPZIOA

268. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Nazioarteko adopzioaren arloan errespetatu egingo dira Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren, Haurren babesari eta nazioarteko adopzioaren arloko lankidetzari buruzko 1993ko maiatzaren 29ko Hagako Hitzarmenaren, Guraso-erantzukizunaren eta haurren babes-neurrien inguruko eskumenari, lege aplikagarriari, aitorpenari, betearazpenari eta lankidetzari buruzko 1996ko urriaren 19ko Hagako Hitzarmenaren, Estrasburgon 2008ko azaroaren 27an eginiko Adingabeen adopzioari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmenaren, eta Ezkontzaren eta guraso-erantzukizunaren arloko ebazpenen eskumenari, aitorpenari eta betearazpenari eta adingabeak nazioartean osteari buruzko Kontseiluaren 2019ko ekainaren 25eko (EB) 2019/1111 Erregelamenduaren printzipio inspiratzaileak.

2.– Halaber, nazioarteko adopzioak eratzeko, Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legean, lege honetan eta aplikagarri diren arlo horretako gainerako lege-xedapenetan eta erregelamendu bidez garatzeko araudian, nazioarteko tratatu eta arauak barne, ezartzen diren berezitasunak hartuko dira kontuan.

3.– Orobat, adoptatutako pertsona adingabearen jatorrizko herrialdean arlo honetan aplikagarria den legeria aplikatuko da eta, bereziki, Espainiako Estatuak pertsona adingabeen nazioarteko adopzioari eta babesari buruz beste estatu batzuekin sinatzen dituen aldebiko akordio edo hitzarmenak.

269. artikulua.– Nazioarteko adopzioaren arloko aldebiko akordioak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, Konstituzioaren eta Estatutuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoari esleitu zaizkion eskumenen mugen barruan, nazioarteko aldebiko akordioak egin ahal izango ditu beste estatu batzuekin nazioarteko adopzioaren arloan, tratatu izaera izango ez dutenak, eta horien edukia administratiboa edo teknikoa izango da. Akordio horien helburua izango da gizarte-zerbitzuen eremu materialean eta pertsona adingabeei arreta eta babesa emateari buruzko gaietan beharrezkoa den elkarlana egituratzea.

2.– Tratatuak ez diren nazioarteko aldebiko akordioak egin ahal izango dira beren araudian hala eskatzen duten jatorrizko herrialdeekin, baita tresna hori edukitzea komenigarritzat jotzen den beste herrialde batzuekin ere, Haurren babesari eta nazioarteko adopzioaren arloko lankidetzari buruzko Hagako 1993ko maiatzaren 29ko Hitzarmeneko 39.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Edonola ere, eta kalterik egin gabe arlo horretan aplikatu beharreko berezko araudi autonomikoari, aldebiko akordioak sortzeko eta egiteko prozeduraren izapidetzea egokitu egin beharko zaio Nazioarteko Tratatuen eta Akordioen azaroaren 27ko 25/2014 Legearen III. tituluan eta V. tituluko II. kapituluan aurreikusitako araubide juridikoari.

270. artikulua.– Nazioarteko Adopziorako Euskal Autonomia Erkidegoko Batzorde Teknikoa.

1.– Eusko Jaurlaritzak Nazioarteko Adopziorako Batzorde Tekniko bat izango du, zeina haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren kontsulta-organoa eta organo aholku-emailea izango da, eta eginkizun nagusia izango du eremu horretako ekintza koordinatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremu osoan arlo horretan jarduteko jarraibide homogeneoak aplikatzen direla ziurtatzea.

2.– Batzorde tekniko horrek Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan aurreikusten diren kide anitzeko organoei dagokien izaera juridiko bera izango du.

3.– Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari atxikita egongo da, baina haren egitura hierarkikoan txertatu gabe.

4.– Nolanahi ere, batzorde teknikoak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Herrialde jakin batekin adopzio-prozedurak izapidetzeari buruzko txostenak edo proposamenak egitea, baita jatorrizko herrialde bakoitzean urtero izapidetu beharreko espediente kopuruari buruz ere.

b) Nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoen egiaztatze-proposamenak aztertzea eta egiaztatzeko eskumena duen organoari aurkeztea.

c) Arlo horretan jarduteko irizpideak eta jarraibideak onestea Euskal Autonomia Erkidegorako eta, bereziki, prozedurak izapidetzeari eta nazioarteko adopzioaren aurreko eta osteko faseei dagokienez.

5.– Haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez ezarriko dira, eta araudi horretan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila zaindu beharko da.

271. artikulua.– Nazioarteko adopzioko prozedurak.

1.– Beste herrialde bateko nazionalitatea duten pertsona adingabeen edo beste estatu batean ohiko bizilekua duten adingabeen nazioarteko adopzioko prozedura guztietan bermatu beharko da ezen, adopta daitekeen pertsona adingabearen jatorrizko herrialdean, adopzioa kontrolatu eta bermatuko duen berariazko agintaritza eskudun batek esku hartuko duela, eta Espainian eskumena duten agintaritzei bidaliko diela esleipen-proposamena; proposamen horrekin batera, gutxienez, pertsona adingabeari buruzko honako informazio hau aurkeztu beharko da:

a) Identitatea.

b) Adoptagarritasun-egoera.

c) Gizarte- eta familia-ingurunea.

d) Historia kliniko edo medikoa eta premia bereziak edo partikularrak.

e) Jatorrizko herrialdeko legeriak eskatzen dituen pertsona, erakunde eta agintaritzen adostasunak emateari buruzko informazioa.

2.– Halaber, nazioarteko adopzioko prozeduretan, honako alderdi hauek errespetatu beharko dira beti:

a) Nazioarteko adopzioaren subsidiariotasun-printzipioa aplikatzea.

b) Adopzioa adoptatutako pertsona adingabearen interes gorenari erantzutea.

c) Pertsona adingabea adoptatu ahal izatea.

d) Behar diren adostasunak askatasunez ematea, inolako kontraprestazio ekonomikorik jaso gabe, adopzioak dakartzan ondorioak eta eraginak ezagututa, batez ere adoptatuaren eta jatorrizko familiaren arteko lotura juridiko oro behin betiko azkentzeari dagozkionak.

e) Adopzioak ez dakarrela onura material bidegaberik beren burua adopziorako eskaintzen duten pertsonentzat edo beste edozein pertsonarentzat.

f) Pertsona adingabea, nahikoa judizio badu, entzuna izatea.

3.– Inola ere ez da izapidetuko gatazka armatu edo belikoan edo natura-hondamendian dagoen herrialde bateko nazionalitatea duten edo horrelako estatu batean ohiko bizilekua duten adingabeak adoptatzeko eskaintzarik.

272. artikulua.– Nazioarteko adopzioaren arloko bitartekaritza-jarduera.

1.– Nazioarteko adopzioko bitartekaritzatzat joko da adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonak adoptatu daitekeen pertsona adingabearen jatorrizko edo bizi den herrialdeko agintari, erakunde eta instituzioekin harremanetan jarriz esku hartzea eta adopzioa gauzatu ahal izateko behar den laguntza ematea helburu duen jarduera oro.

2.– Foru-aldundiek, beren eskumena egikaritzen duten lurralde historikoan bizi direnek egiten dituzten nazioarteko adopziorako eskaintzei dagokienez, nazioarteko adopzioko bitartekaritzan aritzeko eginkizuna bete ahal izango dute Haurren babesari eta nazioarteko adopzioaren arloko lankidetzari buruzko Hagako 1993ko maiatzaren 29ko Hitzarmena berretsi duten herrialdeetako agintaritza zentralekin zuzenean, baldin eta jatorrizko herrialdean administrazio-izapidetzearen fasean behar bezala egiaztatu ez den ezein pertsona fisiko edo juridikok edo organismok esku hartzen ez badu.

3.– Halaber, nazioarteko adopzioaren arloko bitartekaritzan aritzeko eginkizuna bete ahal izango dute behar bezala egiaztatutako organismoek, legez eta erregelamendu bidez zehaztutako moduan eta horietan ezarritako irismenarekin.

4.– Nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoaren egiaztapena lortu ez duen beste ezein pertsona, entitate edo organismok ezin izango du parte hartu nazioarteko adopzioko bitartekaritzan aritzeko eginkizunetan.

5.– Edozein kasutan, ez da inoiz izango finantza-onurarik, ez badira nazioarteko adopzioaren arloko bitartekaritzan aritzeko jarduera egiteko beharrezkoak diren gastuei hertsi-hertsian aurre egiteko behar direnak eta dagokion egiaztapen-prozeduraren barruan Eusko Jaurlaritzak onetsiak, edo, hala badagokio, foru-aldundiek onetsiak, nazioarteko adopzioan bitartekaritzan aritzeko eginkizuna foru-aldundiek zuzenean betetzen duten kasuetan.

273. artikulua.– Nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoak.

1.– Nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismotzat hartuko dira nazioarteko adopzioan bitartekaritzan aritzeko eginkizuna betetzen duten entitateak, baldin eta horretarako behar bezala egiaztatu badira, Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legeak, lege honen xedapenek eta aplikagarri zaien erregelamendu bidez garatzeko araudi autonomikoak zehazten duten moduan eta horiek ezartzen dituzten irismen eta baldintzekin.

2.– Nolanahi ere, eta hargatik eragotzi gabe erregelamendu bidez ezartzen diren gainerako betekizun edo baldintzak, nazioarteko adopzioko bitartekaritzan aritzeko eginkizunetarako egiaztatu ahal izango dira bakar-bakarrik dagokion erregistroan behar bezala inskribatutako irabazi-asmorik gabeko entitateak, beren estatutuetan pertsona adingabeak babestea helburu dutenak, lurralde nazionalean esleitutako eginkizunak garatzeko behar diren baliabide materialak eta diziplina anitzeko taldeak dituztenak eta beren osotasun moralagatik eta nazioarteko adopzioaren eremuan duten prestakuntza eta esperientziagatik kualifikatuta dauden pertsonek zuzenduta eta administratuta daudenak.

3.– Nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoek berariaz eta kasu orotan bete beharko dituzte honako eginkizun hauek:

a) Informazioa ematea nazioarteko adopzioaren arloko eskaintza bat egiteko asmoa duten interesdunei.

b) Aholkularitza, prestakuntza eta laguntza ematea nazioarteko adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonei, adopzioaren esanahiaren, helburuaren eta inplikazioen inguruan, kultura-alderdi esanguratsuen inguruan eta Espainian eta pertsona adingabeen jatorrizko herrialdeetan nahitaez egin behar dituzten izapideen inguruan.

c) Hala Espainiako nola atzerriko agintaritza eskudunen aurrean nazioarteko adopzioko espedienteen izapidetzean esku hartzea.

d) Pertsona adingabearen jatorrizko herrialdeko legeriak edo agintaritza eskudunek adoptatzaileentzat ezartzen dituzten adopzioaren osteko betebeharrak betetzeko kudeaketan esku hartzea eta dagozkion izapideak egitea.

4.– Nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismo gisa dagokion egiaztapena lortu nahi duen entitateak egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean badu, dagokion gizarte-zerbitzuen erregistroan inskribatuta egon beharko du, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 51. artikuluan ezarritakoaren arabera.

274. artikulua.– Nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoak egiaztatzea.

1.– Eusko Jaurlaritzak, erregelamendu bidez zehaztuko den eran eta han ezarritako prozeduraren arabera, egiaztapena emango die nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoei, Nazioarteko Adopziorako Euskal Autonomia Erkidegoko Batzorde Teknikoak txostena egin ondoren.

2.– Ematen diren egiaztapenak nazioarteko adopzioko organismo egiaztatuen berariazko erregistro publiko autonomiko batean inskribatu beharko dira.

3.– Egiaztapena emateko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, bere ekimenez edo foru-aldundiek proposatuta, eten edo kendu egin ahal izango du, kontraesaneko espediente baten bidez, baimena ematea eragin zuten baldintzak edo betekizunak betetzeari uzten dioten edo beren jardunean Autonomia Erkidegoko, Estatuko edo nazioarteko ordenamendu juridikoa urratzen duten organismoei emandako egiaztapena.

4.– Egiaztapena eten edo kendu egin ahal izango da, oro har, herrialde baimendu guztietarako edo herrialde zehatz baterako. Kasu horietan, erabaki ahal izango da, hala badagokio, egiaztapena galduko duen organismo egiaztatuak zain dituen espedienteak ezinbestean amaitzea.

5.– Emandako egiaztapenaren esparruan, Eusko Jaurlaritzari dagokio nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoak kontrolatzea, ikuskatzea eta haien jarraipena egitea, egiten dituzten jarduera guztiei dagokienez; bai Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten jarduketena, bai pertsona adingabearen jatorrizko herrialdean egingo dituztenena.

6.– Eusko Jaurlaritzak, dituen kontrol-, ikuskapen- eta jarraipen-eginkizunak betetzean, nazioarteko adopzioko prozedurak izapidetzean detektatzen diren gorabeheren erregistroa egingo du, baita nazioarteko adopziorako beren burua eskaini duten pertsonek edo familiek beren espedienteen izapidetzeari dagokionez aurkeztutako kexa eta erreklamazioena ere.

7.– Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, erregelamendu bidez garatuko ditu nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako organismoak egiaztatzeko baldintzak eta prozedura, egiaztapenaren eraginkortasuna, funtzionamendu-araubidea, ekonomia- eta finantza-araubidea, eta organismo horien kontrol-, ikuskapen- eta jarraipen-jarduera, garatzen dituzten jarduerei dagokienez.

8.– Halaber, erregelamendu bidez garatuko da artikulu honetako 2 eta 6. apartatuetan, hurrenez hurren, aipatzen diren egiaztapenen erregistroen eta gorabehera, kexa eta erreklamazioen erregistroen funtzionamendu-araubidea eta edukia.

275. artikulua.– Nazioarteko adopziorako eskaintzak izapidetzea.

Adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzak edo beste autonomia-erkidego batean eskumena duen administrazio publikoak egiaztatutako edozein organismoren bitartekaritza-zerbitzuak kontratatu ahal izango dituzte.

3. ATALA
ADOPZIOAREN OSTEKO FASEA

276. artikulua.– Adopzioaren aurretik eta ostean adoptatzaileek dituzten betebeharrak.

1.– Foru-aldundiek, adoptatutako pertsona adingabearen interes gorena zaintzearren, eta adopzioa eratu aurretik pertsona adingabeak izan dezakeen babes-egoera edo -neurria gorabehera, beharrezkotzat jotzen dituzten jarraipenak egingo dituzte pertsona adingabea bere familia berrian egokitzen eta integratzen den baloratzeko.

2.– Nolanahi ere, jarraipen-txostenak gutxienez sei hilabetez behin egingo dira adopzioa eratu eta hurrengo bi urteetan, salbu eta pertsona adingabeak inguruabar edo premia bereziak baditu; kasu horretan, txostenak hiru hilabetez behin egingo dira, adopzioaren lehenengo urtean.

3.– Nazioarteko adopzioen kasuan, pertsona adingabeen jatorrizko herrialdeetako legeriak edo agintaritza eskudunek galdatutako aldizkakotasunarekin eta moduan egin beharko dira jarraipen-txostenak.

4.– Adoptatzaileek, aurreikusitako denboran eta aldizkakotasunarekin, foru-aldundiak edo nazioarteko adopzioko bitartekaritzarako egiaztatutako organismoak behar dituen informazio, dokumentazio eta elkarrizketak eman beharko dituzte, foru-aldundiarentzat edo pertsona adingabearen jatorrizko herrialdearentzat galdagarriak izan daitezkeen pertsona adingabea familia berrira egokitzeari buruzko jarraipen-txostenak egiteko eta, hala badagokio, bidaltzeko.

5.– Adoptatzaileek ez badituzte betetzen aurreko jarraipen-betebeharrak edo beste betebehar ekonomiko edo material batzuk, jatorrizko herrialdean eskumena duen atzerriko agintaritza horrek txosten horiek ezarritako denboran eta moduan eta galdatutako aldizkakotasunarekin jaso ahal izateko beharrezkoak direnak, pertsona adingabeen babesaren arloko ez-betetzetzat hartuko da eta geroagoko adopzio-prozesu batean egokitasun-ezaren kausatzat jo ahal izango da eta, orobat, arau-hauste astuna lege honen 326.28 eta 326.29 artikuluei jarraituz.

277. artikulua.– Adopzioaren osteko laguntza-neurriak.

1.– Foru-aldundiek, adopzioaren ondorengo fasearen barruan, aholkularitza, prestakuntza, orientazio eta laguntzako eta arreta tekniko espezializatuko neurri, programa, baliabide edo zerbitzuak eman beharko dizkiete adoptatzaileei eta adoptatutako pertsona adingabeei, beren interes gorena zaintzeko beharrezkoak direnean.

2.– Zehazki, jarduketa hauek garatuko dituzte foru-aldundiek:

a) Adoptatutako pertsona adingabeei eta haien familiei, zuzenean edo kanpoko profesionalen bidez, baliabide profesional espezializatua eskaintzea, bizi izandako babesgabetasun-egoeretatik eta adopziozko filiazioak dituen berezitasunetatik sortutako berariazko premiei aurre egiteko aholkularitza eta orientazioa emango diena, horiek eragina izan baitezakete familian egokitzeko eta integratzeko prozesuan nahitaez landu behar diren alderdi psikologikoei, sozialei, hezkuntzakoei eta bestelakoei dagokienez.

b) Adoptatuen edo adopziozko familien antolakundeek helburu horrekin egiten dituzten prestakuntzako eta elkarren laguntzarako jarduketak sustatzea.

c) Adopzioaren errealitatearen behar bezalako ezagutza zabaltzea adoptatuei edo adoptatuen familiei hezkuntzaren, osasunaren edo gizarte-ekintzaren eremuan arreta profesionala ematen dieten pertsonen artean.

d) Adopzioaren osteko laguntza psikosozial espezifikoa eskaintzea sei urtetik gorako pertsona adingabeak adoptatzen dituztenei, baldin eta pertsona adingabe horiek tratu txar larriak edo bestelako esperientzia traumatikoak izan badituzte edo osasun-arazo larriak edo familian egokitzea eta integratzea eragozten dieten bestelako inguruabar edo premia bereziak badituzte.

278. artikulua.– Adoptatutako pertsona adingabearen jatorriari buruzko informazioa gordetzearen nahitaezkotasuna.

1.– Foru-aldundiek, baita adopzioei buruzko informazioa duten artxibo publikoen gainerako titularrek ere, behar diren neurriak hartuko dituzte ziurtatzeko pertsona adingabearen jatorriari buruz duten informazio guztia gordeko dela.

2.– Bereziki, gurasoen identitateari buruzko informazioa gordeko dela bermatu beharko da, baita pertsona adingabearen eta familiaren historia medikoa ere.

3.– Aurreko apartatuetan aipatutako informazioa gutxienez 50 urtez gordeko da, adopzioa behin betiko egin denetik kontatzen hasita.

279. artikulua.– Jatorri biologikoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako informazioa gordeko da bakar-bakarrik bermatzeko ezen adoptatuek, adin nagusitasunera iritsita edo adingabe diren bitartean, beren legezko ordezkarien bitartez, egikaritu dezaketela beren jatorri biologikoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan araututako eskubidea pertsona adingabe batek, bere legezko ordezkarien bitartez, egikaritu badu, bere jatorri biologikoari buruzko datuak eskuratzeko, haren adina eta heldutasuna hartu beharko dira kontuan, bai eta haren jatorrizko historia pertsonala eta familia- zein gizarte-inguruabarrak ezagutzeko, ulertzeko eta emozionalki prozesatzeko garapen ebolutibo egokia ere, datu horiek bere identitatearen parte gisa onartzeko eta integratzeko.

3.– Foru-aldundiek, ukitutako pertsonei jakinarazi ondoren, pertsona horiek beren jatorri biologikoari buruzko datuak ezagutzeko eskubidea egikaritzeko behar dituzten aholkularitza eta laguntza emango dituzte, beren zerbitzu espezializatuen bitartez. Ondore horretarako, edozein entitate pribatu edo publikok foru-aldundiei eta Fiskaltzari adoptatuaren eta haren jatorrizko familiaren inguruko beharrezko txosten eta aurrekariak emateko betebeharra izango du, hala eskatzen bazaio.

4.– Foru-aldundiek emandako aholkularitza eta laguntza honako jarduketa hauetakoren bat izan daiteke:

a) Informazioa bilatzeko, aurkitzeko eta lortzeko prozesuari buruzko orientazioa ematea, edo aholkularitza eta laguntza ematea informazioa ulertzeko eta emozionalki prozesatzeko eta norberaren identitatearen parte gisa onartzeko eta integratzeko.

b) Jatorrizko familiako kideekin harremanetan jartzeko bitartekaritza eta prestaketa, inplikatuek asmo horrekin ados daudela adierazten badute. Horretarako, bitartekaritza-prozedura konfidentziala egin beharko da, datuak eman aurretik. Prozedura horren esparruan, alderdi bakoitzaren inguruabar familiar eta sozialen berri emango zaie hala adoptatuari nola haren guraso biologikoei eta, halaber, jakinaraziko zaie zer jarrera agertu duen beste alderdiak harremanetan jartzeko edo elkartzeko aukerari dagokionez.

5.– Nolanahi ere, aurreko apartatuan aurreikusitako jarduketak lantalde tekniko espezializatu batek egingo ditu. Talde horren osaera, kualifikazioa eta eginkizunak Eusko Jaurlaritzak zehaztuko ditu, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, jatorri biologikoari buruzko datuak ezagutzeko berariazko bitartekaritza-prozedura konfidentzialaz egingo duen erregelamendu bidezko garapenaren esparruan.

6.– Eginkizun horiek betetzeko datu pertsonalen tratamenduak eta lagapenak, legezko betebehar bat betetzean oinarrituak, ez du titularraren baimenik edo baimenik beharko.

VII. TITULUA
GIZARTE- ETA HEZKUNTZA-ARLOKO ARRETA EMATEA ZIGOR-LEGEAREKIN GATAZKAN DAUDEN PERTSONA ADINGABEEI
I. KAPITULUA
EREMU SUBJEKTIBOA

280. artikulua.– Aplikazio-eremu pertsonala.

Titulu honetan jasotako aurreikuspenak zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei aplikatuko zaizkie; eta halakotzat joko dira Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoa aplikatuz Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoan edo zigor-lege berezietan delitu gisa tipifikatutako egitateak egiteagatik erantzun behar dutenak, baldin eta adingabeen epaileak ezarritako neurri baten xede badira.

281. artikulua.– Zigor-legearekin gatazkan dauden hamalau urtetik beherako pertsonak.

Titulu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira zigor-arloan tipifikatutako egitateak egin dituzten hamalau urtetik beherako pertsonak, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren arabera ez baitzaie erantzukizunik eskatzen. Kasu horietan, lege honen 147. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da.

II. KAPITULUA
PREBENTZIO-EKINTZA, PRINTZIPIOAK ETA BALIABIDE MATERIAL ETA PERTSONALAK

282. artikulua.– Prebentzioa.

1.– Oro har, zigor-legea urratzeko jokabideen prebentzioa lege honen III. tituluan jasotako haurren eta nerabeen ongizatea sustatzeko ekintzaren esparruan egin behar da; eta osasunerako, hezkuntzarako, ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoerei dagokienez IV. tituluan, haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerei dagokienez V. tituluan, eta haurren eta nerabeen babesari dagokionez VI. tituluan jasotako prebentzio-ekintzaren esparruan. Jarduketa inklusibo horiek guztiek haien sozializazio egokia lortzen lagunduko dute, gazteen justizia-sistemak esku hartu beharrik gabe.

2.– Fiskaltzak foru-aldundietara igortzen badu hamalau urtetik beherako pertsona batek egindako delitu-egitateen xehetasunen lekukotza, haren egoera partikularra eta berezia baloratuko dute aldundiek, babesgabetasun-egoerarik dagoen ebazteko edo bestelako hezkuntza- eta gizarte-arloko edo lotura afektiboen edo familiarren inguruko gabeziarik dagoen, eta balorazio horren arabera eskumena duten administrazioei helarazi edo bideratuko diete kasua. Ez badute beharrezkotzat jotzen inolako esku-hartzerik, ezetsi egingo dituzte dagozkion ekintzak, arrazoituta, eta egin dena jasota utziko dute.

283. artikulua.– Administrazio-jardunaren printzipio gidariak.

Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei printzipio hauen arabera eskainiko zaie gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta:

a) Pertsona adingabeek, atxilotuta dauden artean, leku egokian egon beharko dute, adin nagusikoentzat erabiltzen diren lekuetatik bereizita, eta behar duten zaintza eta babesa eskainiko zaizkie, bai eta gizarte-arreta eta arreta psikologiko, mediko eta fisikoa ere, betiere haien adina, sexua eta banakako ezaugarriak kontuan hartuta; hala egin beharko da Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 17.3 artikuluan xedatutakoa betez.

b) Kontuan eduki behar da neurri aplikagarriak, formaren aldetik penalak badira ere, heziketa-neurri zehatzaileak direla edukiaren aldetik, eta neurri horien betearazpenean malgutasuna bermatu behar dela, kasu bakoitzaren ezaugarri berezien arabera zer komeni den begiratuz.

c) Neurriak aplikatzean, Konstituzioan eta ordenamendu juridikoan aitortutako eskubide guztiak izango dituztela bermatuko da, bereziki Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan, Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoan eta haurren eta nerabeen eskubideen bermearen arloan indarrean dauden xedapen guztietan aitortutakoak, bereziki lege honen 24 eta 26. artikuluetan aurreikusitako moduan.

d) Legezkotasun-printzipioak agintzen duenez, ezin izango da inolako neurririk betearazi ez baldin bada indarrean dagoen araudiak xedatutako prozeduraren arabera emandako epai irmo baten bidez. Neurri horiek indarrean den araudi horretan ezarritako eran baino ezingo dira ezarri, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 43. artikuluan agindutakoaren arabera.

e) Dagokion epaia eman zuen adingabeen epailearen kontrolpean betearaziko dira neurri judizialak, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 44. artikuluan aurreikusitako eran.

f) Justiziaren arloan, beharrezkoa den gutxieneko esku-hartzearen printzipioari jarraituz egingo da neurri judizialen betearazpena. Horrek esan nahi du behar-beharrezkoa dela jarduketak beste arreta-sistema batzuekin koordinatzea, batez ere hezkuntza-sistemarekin eta haurren eta nerabeen babes-sistemarekin; gainera, kasua sistema horien esku utzi beharra ere gerta daiteke, baldin eta sistema horien esku-hartzea beharrezkoa bada.

g) Neurri judizialak berehalakotasun-printzipioari jarraituz ezarriko dira, neurri horien hezkuntza-eraginkortasuna bermatzeko.

h) Arau-hausle adingabeei ezarritako neurri judizialak betearazteko, batez ere ingurune irekian eta justizia errestauratiboko prozesuetan, hala nola bitartekaritzan edo zirkulu edo konferentzia errestauratiboetan, komunitatearen parte-hartzea eta inplikazioa beharko dira.

284. artikulua.– Zerbitzuen antolaketa.

1.– Eusko Jaurlaritzak, zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei ezarritako neurri judizialak betearazteko eskumena duen administrazio publikoa denez, eginkizun horiek betetzeko behar diren bitarteko materialak eta giza baliabideak izango ditu.

2.– Eusko Jaurlaritzak, zehazki, lantalde psikosozial espezializatuak izango ditu lurralde historiko bakoitzean, Fiskaltzari eta agintaritza judizialari laguntza teknikoa eta aholkularitza emateko.

3.– Beharrezko eta egoki irizten badio, neurriak betearazteko beharrezkoak diren elkarlan-formulak ezarri ahal izango ditu, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, hala Estatuko Administrazio Orokorraren, Toki Administrazioaren edo autonomia-erkidegoen mendekoak diren erakunde publikoekin nola irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin, eta, azken kasu horretan, hurrengo artikuluan aurreikusitakora egokituko dira.

4.– Nolanahi ere, entitate horiek justiziaren arloan eskumena duen sailaren zuzeneko ikuskaritzaren pean betearaziko dituzte neurriak, eta horrek ez du berekin ekarriko betearazpen horren ondoriozko titulartasuna eta erantzukizuna lagako direnik.

5.– Eskumena duen administrazio publikoak zainduko du zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeen gizarte- eta hezkuntza-arloko arretan esku hartzen duten langile profesionalak egokiak direla bete behar dituzten eginkizunak betetzeko, lege honen 314.2 artikuluan aurreikusitako moduan.

6.– Eusko Jaurlaritzak, segurtasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, polizia-zerbitzu egokiak emango ditu pertsona adingabeak tartean dauden kasuetan. Horrekin batera, bermatu beharko du polizia-agenteen prestakuntza egokia dela, pertsona adingabeekin egin beharreko esku-hartzeetan polizia adituak daudela, eta pertsona adingabeen parte-hartzea detektatzen denean aditu horien esku-hartzea eraginkorra izango dela ziurtatuko duten antolaketa eta funtzionamendu sistemak ezartzen direla.

285. artikulua.– Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta emateko entitate laguntzaileak.

1.– Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei zuzendutako neurrien aplikazio-eremuan jarduten duten entitate laguntzailetzat hartuko dira gizarte- eta hezkuntza-arloko arretako entitate laguntzaileak.

2.– Eusko Jaurlaritzari dagokio, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, entitate horiek baimentzea, erregistratzea, homologatzea eta ikuskatzea, eta entitate horien sektoreko araudiari jarraituko dio.

3.– Entitate horiek homologatu ahal izango dira adingabeen epaileek hartutako neurriak zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei aplikatzeko, baita kalteak konpontzeko eta biktimarekin adiskidetzeko neurriak aplikatzeko ere, salbu eta eginkizun horiek langile publikoek nahitaez bete behar badituzte legez xedatutakoaren arabera, titulu honetan zehaztutako moduan.

4.– Eusko Jaurlaritzan justiziaren arloan eskumena duen sailak erregistro bat sortu eta arautuko du arau-hausle adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arreta ematen aritzen diren entitate laguntzaileentzat, eta erregistro horretan egon beharko dira inskribatuta administrazio horrek gaitu dituen era horretako erakunde guztiak.

III. KAPITULUA
NEURRIEN TIPOLOGIA ETA NEURRIEN BETEARAZPENA

286. artikulua.– Neurri motak.

1.– Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 7. artikuluan ezarritakoak dira adingabeen epaileek ezar ditzaketen neurriak, lege horretan neurri bakoitzerako ezarrita dagoen irismenarekin.

2.– Neurriak betearazteko arauak aurreko apartatuan aipatzen den lege organikoaren VII. tituluko II. kapituluan ezarritakoak izango dira, neurria likidatzeari, ezarritako neurriak bateratzeari, espediente pertsonalari, betearazpenari buruzko txostenei, betearazpena hausteari, neurriak ordezteari, errekurtsoak aurkezteari eta neurria betetzeari dagokienez.

287. artikulua.– Zigor-legearekin gatazkan dagoen pertsona adingabearen ingurunean bertan neurriak betearaztea.

1.– Zigor-legearekin gatazkan dagoen pertsona adingabearen bizikidetzako gizarte-ingurunean aplikatu beharreko neurriak betearazteko, Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, gizarteratzeko programak garatuko ditu, bai bere kabuz, bai beste entitate batzuek diseinatzea eta ezartzea sustatuz.

2.– Aurreko apartatuan ezarri diren gizarteratzeko programa horietan, aisiari, gizarte- eta hezkuntza-laguntzari, lanaren aurreko zereginei, gizarte-trebetasunak ikasteari eta familia-bizikidetzari buruzko berariazko jarduketak jasoko dira, edo lortu nahi diren heziketa-helburuak lortzen lagunduko duen beste edozein jarduketa.

3.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan eta, bereziki, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetan, elkarlanean jardungo dute Eusko Jaurlaritzarekin pertsona adingabearen bizikidetzako gizarte-ingurunean aplikatu beharreko neurriak betearazteko, gizarte- eta hezkuntza-baliabide normalizatuetarako irispidea erraztuz. Halaber, irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuekiko elkarlana sustatuko da, lege honen 285. artikuluan aurreikusitako moduan.

288. artikulua.– Barneratze-neurriak betearaztea.

1.– Pertsona adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 54. artikuluan ezarritakoari jarraituz, zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeentzako zentro espezifikoetan betearaziko dira askatasunaz gabetzen duten neurriak, atxiloketak eta kautelazko barneratze-neurriak; zentro horiek ez dira espetxe-legerian adin-nagusitasun penala dutenek zigor-kondenak eta askatasunaz gabetzeko kautelazko neurriak betetzeko aurreikusitakoak.

2.– Barneratze-neurriak zentro soziosanitarioetan betearazi ahal izango dira, baldin eta ezarritako neurriak hala eskatzen badu eta aurretiaz adingabeen epaileak baimena eman badu.

289. artikulua.– Askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroen betekizun materialak, funtzionalak eta langileen arlokoak.

1.– Askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroak modulutan banatuta egongo dira, bertan dauden pertsona adingabeen adin, heldutasun, beharrizan eta gizarte-trebetasunen arabera. Askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroen kontserbazio-egoera eta erabilera-baldintzak egokiak izango dira; gainera, pertsona adingabeen premiei erantzuteko instalazio eta espazio egokiak izan beharko dituzte.

2.– Askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroek bete beharreko betekizun materialak, funtzionalak eta langileen arlokoak erregelamendu bidez ezarritakoak izango dira.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako araudian berariaz aipatuko dira pertsona adingabeen eta haiei arreta ematen dieten profesionalen eskubide eta betebeharrak, baita barne-araubideko erregelamendu bat izan beharko dutela ere, eta haren edukiak zentroaren eta hezkuntza-proiektuaren berezitasunekin bat etorri beharko duela. Horren helburua izango da bizikidetza ordenatua lortzea, hezkuntzan esku hartzeko programak gauzatu eta pertsona adingabe barneratuak jagoteko eginkizunak bete daitezen ahalbidetzeko.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako eta zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeentzako askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentro guztiei aplikagarri izango zaie autonomia-erkidegoko erregelamendu-araudia.

290. artikulua.– Zentroen ikuskapena.

1.– Adingabeen epaileei dagokie Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 44. artikuluan ezarritako neurrien kontrola eta jarraipena egitea.

2.– Fiskaltzari dagozkio ordenamendu juridikoan ezarritako jarduketak, legeria zibilean jasotako pertsona adingabeen eskubideen bermatzaile gisa, alde batetik, eta Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan jasotako instrukzio- eta jarraipen-organo gisa, bestetik.

3.– Justiziaren arloan eskumena duen sailari dagokio gutxienez lau hilabetez behin zentro horiek ikuskatzea, baita inguruabarrak tarteko komeni den guztietan ere.

291. artikulua.– Askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroak jagoteko eginbeharra.

Aurreko artikuluan jasotako aurreikuspenei kalterik egin gabe, askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentro bateko zuzendariak edo arduradunak, haren arduradun nagusia den aldetik, bereziki jagon beharko du indarrean dagoen araudia eta ezarritako segurtasun-neurriak betetzen direla, bai eta agintari, entitate edo organo eskudunek emandako jarraibideak eta gidalerroak betetzen direla ere.

292. artikulua.– Birgizarteratze-printzipioa.

1.– Zentroen antolakuntza, funtzionamendu eta jardueraren oinarrizko printzipio izan beharko da barneratze-neurriak bete behar dituzten pertsona adingabeak gizarteko kide diren eskubideen subjektuak direla.

2.– Printzipio hori aplikatuz, zentroetako bizimoduaren eredua izango da edozein pertsona adingaberen eguneroko bizimodua, betiere barneratua egoteak pertsona adingabearentzat eta haren familiarentzat izan ditzakeen ondore txarrak murriztuz, lotura sozialen alde eginez eta gizarteratze-prozesuan entitate publiko eta pribatuen elkarlan eta parte-hartzearen alde eginez.

3.– Horretarako, eta kanpokoekin harreman positiboak izateko eta etorkizuneko bizitza askerako prestatzeko, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuan finkatutako baimenak eta irteerak izango dituzte.

4.– Nolanahi ere, aurreikusten diren baimen arruntak zein apartekoak eta irteerak emateko, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduan aurreikusitako muga, baldintza eta betekizunak bete beharko dira, bai eta arloan aplikatzekoa den erregelamendu bidezko garapenerako araudi autonomiko sektorialean ezarritakoak ere.

293. artikulua.– Askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroetan dauden pertsona adingabeen eskubide eta eginbeharrak.

1.– Zigor-legearekin gatazkan egonik barneratze-neurriren bat duten pertsona adingabeek eskubidea dute beren nortasuna eta ideologia-askatasuna zein erlijio-askatasuna errespeta dakizkien, baita neurriak eragiten ez dien gainerako eskubide eta interes legitimoak ere, batez ere adingabetasun zibilari dagozkionak eta Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 56. artikuluak aipatzen dituen eskubide guztiak; horien artean, honako hauek bereziki:

a) Informazio pertsonal eta eguneratua jasotzea beren eskubide eta betebeharrei buruz, beren egoera pertsonal nahiz judizialari buruz, zentroaren barne-funtzionamenduko arauei buruz eta hezkuntza-proiektu indibidualaren eduki eta bilakaerari buruz, baita horiek betetzean egingo diren ebaluazioei buruz ere.

b) Diskriminaziorik gabe artatuak izatea jaiotza, adin, arraza- edo etnia-jatorri, sexu, egoera zibil, sexu-orientazio, gaitasun fisiko edo psikiko, osasun-egoera, hizkuntza, kultura, erlijio, sineskera eta ideologiagatik edo beste edozein ezaugarri edo egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialengatik, beren jatorriak errespetatuz eta berek dakarten kultur edo erlijio-ondarea gordetzen lagunduz.

c) Zentroko langileen aldetik eta gainerako egoiliarren aldetik tratu egokia jasotzea.

d) Haien espedientean dauden datuen konfidentzialtasuna errespetatua izatea, eta erabilerari dagokionez datu horiek isilean gordetzeko eginbeharra errespetatzea; gainera, hirugarrenen aurrean isilean gordeko da zentro batean barneratuta daudela.

e) Gurasoekin edo, hala badagokio, legezko tutore edo zaintzaileekin, senitartekoekin edo beste pertsona batzuekin askatasunez komunikatu ahal izatea, baldin eta ez bada haien interesen aurkakoa babes-prozedura baten barruan; halaber, zentroan bisitak eduki ahal izatea eta ateratzeko baimen-aldiez gozatu ahal izatea, erregelamenduetan ezarritako eran.

f) Isilpean komunikatzea beren letraduekin, eskumena duen adingabeen epailearekin, Fiskaltzarekin eta askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroak ikuskatzeko eskumena duen zerbitzuarekin edo, hala badagokio, Arartekoaren erakundearekin.

g) Haien intimitatea errespetatua izatea.

h) Eguneroko bizitzako premia oinarrizkoak, pertsona gisa erabat garatzeko bete behar direnak, beteta izatea.

i) Prestakuntzarako jarduerak egitea, eskolakoak, lanekoak edo zeinahi eratakoak izan.

j) Une oro beren lege-egoera zein den jakitea.

k) Informazioa jasotzea zentroan erreklamazioak aurkezteko dauden prozedurei buruz, eta zentroko zuzendaritzari, autonomia-erkidegoko administrazioari, agintaritza judizialei, Fiskaltzari edo Arartekoaren Haurren eta Nerabeen Bulegoari eskaerak eta kexak helarazteko aukerari buruz; eta, orobat, haien eskubide eta interesak defendatzearren legerian aurreikusitako legezko errekurtso guztiak aurkeztea.

l) Dagozkien eskubide zibil, politiko, sozial, erlijiozko, ekonomiko eta kulturalak egikaritzea, neurriaren betearazpenarekin bateraezinak direnak izan ezik.

m) Barneratze-neurria bizilekutik ahalik eta gertuen dagoen zentroan bete ahal izatea, betiere haiei dagokien barneratze-araubidearekin bat etorriz.

n) Bakoitzarentzat egindako esku-hartze plan bat edukitzea, eta plan hori lantzen eta aldika-aldika ebaluatzen parte hartzea.

o) Informazio pertsonal eta eguneratua jasotzea beren eskubide eta betebeharrei buruz, beren egoera pertsonal nahiz judizialari buruz, zentroaren barne-funtzionamenduko arauei buruz, baita eskubide horiek guztiak egikaritzeko prozedura zehatzei buruz ere; batik bat, eskaerak, kexak edo errekurtsoak aurkezteari begira. Zentroan sartzen diren unean eman beharko zaie informazio hori pertsona adingabeei.

p) Haien legezko ordezkariek haien egoera eta bilakaerari buruzko informazioa eta dagozkien eskubideei buruzkoa badutela jakitea, indarrean dagoen legerian xedatutako mugen barruan.

q) Ama nerabe barneratuen kasuan, berekin batera izatea hiru urtetik beherako seme-alabak, baldin eta hala badagokio bataren eta besteen interes gorena kontuan izanda, erregelamendu bidez aurreikusten diren baldintza eta betekizunekin.

2.– Pertsona adingabeei zuzendutako informazio guztia eta, bereziki, aurreko apartatuko a), k) eta o) letretan aipatutakoa, formatu eskuragarrian eta hizkera argi eta errazean eman beharko da, uler dezaketen eta ulerterraza zaien hizkuntza batean, eta haien ulermen-gaitasunari eta gainerako inguruabar pertsonalei egokituta.

3.– Zigor-legearekin gatazkan egonik barneratze-neurri bat duten pertsona adingabeek Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 57. artikuluan ezarritako eginbeharrak dituzte, eta, bereziki, honako hauek:

a) Zentroan egotea neurria amaitu arte, hargatik eragotzi gabe baimendutako irteerak eta kanpoko jarduerak.

b) Zentroko funtzionamendu-arauak errespetatu eta betetzea, baita zentroko langileek beren eginkizun legitimoak betez emandako gidalerro edo jarraibideak ere.

c) Zentroan lan egiten duten edo bizi diren guztien duintasuna eta eginkizuna errespetatzea.

d) Zentroko instalazioak eta eskura jartzen zaizkien baliabide materialak behar bezala erabiltzea.

e) Eskolako edo laneko jarduerak egitea, eta beren prestakuntzarakoak ere bai, direnak direla.

f) Ezarritako diziplina-neurriak betetzea.

g) Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legeak xedatutakoari jarraituz, beharrezkoak diren osasun-azterketa eta -proba guztiak egitea, bai barneratutako pertsona adingabearen beraren osasun-eskubidea, bai zentroan bizi diren edo lan egiten duten gainerako pertsonek duten osasun-eskubidea bermatzeko.

294. artikulua.– Banakako esku-hartze plana.

1.– Zigor-legearekin gatazkan dauden eta kapitulu hau aplikatu behar zaien pertsona adingabe guztiak banakako esku-hartze plan batean sartuko dira, zeina gazteen justiziako zerbitzuek egin eta abiarazi beharko duten.

2.– Egingo den banakako esku-hartze planak argi eta garbi jaso beharko du neurriaren xedea, bai eta hura lortzeko helburuen eta epeen aurreikuspena ere. Era berean, pertsona adingabearen gizarte- eta familia-egoera baloratuko duen jarraipen-programa bat ere izan beharko du.

3.– Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 7. artikuluan ezarritako neurriren bat hartzea eragin duen indarkeriazko egintza sexu-askatasunaren edo -ukigabetasunaren aurkako delitua edo genero-indarkeriako delitua izan badaiteke, genero-berdintasuneko prestakuntza-modulu bat sartu beharko da banakako esku-hartze planean, eta horren helburua izango da jarrera ez-sexistak, errespetuzko ohiturak eta balio demokratikoak eskuratzen laguntzea.

4.– Halaber, gertaerak ingurune digitalean gertatu badira, banakako esku-hartze planak, aldi berean, segurtasun digitalaren arloko berariazko prestakuntza-modulu bat jaso beharko du, gai hauei buruzko sentsibilizazioa eta gaikuntza emateko:

a) Bereziki Interneten eta sare sozialen eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien segurtasuna eta erabilera segurua eta arduratsua.

b) Erabilera desegokiaren ondoriozko arriskuak, hain zuzen ere, sexu-indarkeriaren fenomenoak eragin ditzaketenak, hala nola ziberjazarpena, groominga, genero-ziberrindarkeria edo sextinga.

295. artikulua.– Jagoletzari eta segurtasunari buruzko neurriak.

1.– Askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroetan jagoletza-jarduketak eta barne-segurtasunari buruzkoak egitearekin batera, erregelamenduz ezarritako eran eta maiztasunez ikuskapenak egin ahal izango dira lokal eta bulegoetan, eta bertan barneratutako pertsona adingabeen, haien arroparen eta objektuen miaketak ere bai.

2.– Jagoletza- eta segurtasun-neurriak gauzatzean, pertsona adingabeen intimitatea eta gauza pertsonalak errespetatzea bilatuko da, moduari, iraupenari, orduari eta maiztasunari erreparatuta; irizpide murriztailea gailenduko da neurri horiek erabiltzean, eta, betiere, ekidin egingo dira gaueko miaketak.

3.– Erregelamendu bidez ezartzen diren beharrezko euste-neurriak soilik erabili ahal izango dira Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 7. artikuluan aurreikusitako neurriren bat betetzen duten pertsonek indarkeriazko ekintzak egitea saihesteko eta haiek erreprimitzeko, haiengan zein beste norbaitengan lesiorik gerta ez dadin, zentrotik ihes egin ez dezaten edo zentroko instalazioetan kalterik egin ez dezaten, edota zentroko langileek beren eginkizun legitimoetan aritzean jarraibideak eman eta jarraibide horien aurkako erresistentzia aktiboaren aurrean.

4.– Bakarrik onartuko da, salbuespenez, barneratze-neurria betetzen duen pertsona bati eskumuturrak ekipamendu homologatuekin lotzea, baldin eta hori protokolo zorrotz baten pean egiten bada eta kalte gutxiagoko neurriak aplikatzea ezinezkoa bada.

5.– Nolanahi ere, eta inguruabarrak edozein direla ere, debekatuta dago pertsona bat ohe artikulatu bati edo objektu finko bati edo instalazioei edo objektu higigarriei ainguratutako objektu bati lotzean datzan euste mekanikoa.

6.– Euste-neurriak aplikatzean, indarra erabiltzen den kasu guztietan, medikuak azterketa fisikoa egin beharko dio barneratutako pertsona adingabeari 48 orduko epean gehienez ere, eta dagokion mediku-agiria egingo du.

7.– Zentroetan aplikatutako euste-neurriak berehala komunikatu beharko zaizkie Adingabeen Epaitegiari eta Fiskaltzari. Halaber, Gorabeheren Erregistro Liburuan idatziko dira, zeina zentroko zuzendaritzak gainbegiratuko baitu, eta pertsona adingabearen banakako espedientean, zeina eguneratuta eduki behar baita.

IV. KAPITULUA
DIZIPLINA-ARAUBIDEA

296. artikulua.– Diziplina-araubidea.

1.– Barneratze-neurri judizialak dituzten pertsona adingabeei diziplina-neurriak ezarri ahal izango zaizkie hurrengo artikuluan ezarritako arau-hausteen kasuetan, betiere erregelamendu bidez ezarritako prozedurari jarraituz, eta haien duintasuna une oro errespetatu beharko da.

2.– Inoiz ere ezingo zaizkie ukatu elikatzeko, osasun-laguntza jasotzeko, derrigorrezko hezkuntza jasotzeko eta komunikazioak eta bisitak jasotzeko eskubideak.

3.– Diziplina-prozedura arautuko da askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroen erregelamendu-garapenean. Nolanahi ere, prozedura horretan nahitaez aurreikusi beharko da ezarritako zehapen-neurriak erregistro batean jasotzea, eta zehapena eragin duen arau-haustea eta zehapenaren aplikazioaren inguruabarrak adieraztea.

297. artikulua.– Diziplinazko arau-haustea diren egitateak.

1.– Arau-hausteak oso astunak, astunak eta arinak izango dira, egitateen erantzulea den pertsona adingabeak erabilitako indarkeriaren, intentzionalitatearen, emaitzaren garrantziaren eta ukitutako pertsonen kopuruaren arabera.

2.– Honako egitate hauek arau-hauste oso astuntzat joko dira:

a) Zentroan edozein pertsonari eraso egitea, hura mehatxatzea edo zerbait egitera derrigortzea.

b) Matxinada, borroka, eraso edo talde-iskanbiletan parte hartzea edo, halakorik gertatuz gero, haiek egitera zirikatzea.

c) Zentrotik ihes egiten saiatzea, ihes egiten laguntzea, ihes egitea edo baimen-aldi bat edo jarduera bat amaituta bertara ez itzultzea.

d) Zentroko langileek beren eginkizunak betetzen ari direla ematen dizkieten aginduak betetzeari uko egitea era aktibo eta larrian.

e) Zentroak pertsona adingabeen eskura jartzen dituen leku, material eta objektuei edo beste pertsona batzuen ondasunei nahita kalte egitea, kalteak hirurehun eurotik gorakoak badira.

f) Zentroko objektu, material edo ondasunak nahiz beste pertsona batzuen ondasunak ostea.

g) Zentroan edari alkoholdunak, droga toxikoak, edo gai psikotropikoak edo estupefazienteak eduki edo kontsumitzea, edo zentrora horrelakoak sartzea, non eta medikuaren aginduz ez den.

h) Diziplinarik ezeko egintza larri batengatik ezarritako diziplina-neurria betetzeari uko egitea.

i) Egun batean hiru falta astun egitea, edo astebetean bost.

3.– Honako egitate hauek arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Norberaren nahiz taldearen higienerako, edo janzteko zein elikatzeko beharrezkoak diren ohitura eta ordutegiak ez betetzea, edo zentroko funtzionamendu-arauetan ezarritako beste ohitura batzuk ez betetzea, betiere zentroko bizitzari eta bizikidetza ordenatuari nahasterik eragiten bazaio.

b) Zentroan nornahi kalumniatu edo iraintzea, eta nornahiri zor zaion errespetu eta begirunea larriki galtzea.

c) Barneratutako beste pertsona batzuk matxinatzera edo talde-iskanbilak egitera zirikatzea, baina ez lortzea pertsona horiek halakorik egin dezaten.

d) Zentroan bertako funtzionamendu-arauek debekatutako objektuak edo substantziak sartu, eduki, erabili edo kontsumitzea, edo zentrotik atera edo ateraraztea.

e) Zentroak barneratutako pertsona adingabeen eskura jartzen dituen leku, material eta objektuei edo beste pertsona batzuen ondasunei nahita kalte egitea, kalteak hirurehun eurotik beherakoak badira.

f) Zentroan lan egiten duten langileek beren eginkizunak betetzen ari direla emandako aginduak ez betetzea, zentroko bizimoduari eta bizikidetza ordenatuari nahasteak eragiten bazaizkio.

g) Zentroko araudian debekatuta dauden zori, apustu eta ausazko jokoak antolatu edo haietan parte hartzea.

h) Berri edo datu faltsuak zabaltzea, zentroaren funtzionamendu onari kalte egin nahirik.

i) Zentroan debekatuta dauden lekuetara edo sarbidea mugatua duten lekuetara sartzea dagokion baimenik gabe.

j) Barneratutako pertsona adingabeentzat zentroan antolatzen diren jardueretara ez azaltzea, justifikatutako arrazoirik gabe, edo jardueretatik egotzia izatea edo behar den baimenik gabe haietatik alde egitea.

k) Zentrotik beharrezko baimenik gabe ateratzea, edo bertara itzultzea zentroko funtzionamendu-arauek uzten duten baino beranduago.

l) Diziplinarik ezeko egintza arin batengatik ezarritako diziplina-neurria betetzeari uko egitea.

m) Egun berean hiru falta arin egitea.

4.– Honako egitate hauek arau-hauste arintzat joko dira:

a) Norberaren nahiz taldearen higienerako, edo janzteko zein elikatzeko beharrezkoak diren ohitura eta ordutegiak ez betetzea, edo zentroko funtzionamendu-arauetan ezarritako beste ohitura batzuk ez betetzea, betiere zentroko bizitzari eta bizikidetza ordenatuari nahasterik eragiten ez bazaio.

b) Zentroan lan egiten duten langileek beren eginkizunak betetzen ari direla emandako aginduak ez betetzea, zentroko bizimoduari eta bizikidetza ordenatuari nahasterik eragin gabe.

c) Zentroko edozein pertsonari zor zaion errespetu eta begirunea modu arinean galtzea.

d) Zentroko funtzionamendu-arauek debekatzen ez dituzten gauzak edo gaiak gehiegikeriaz edo era kaltegarrian erabiltzea.

e) Zentroak barneratutako pertsona adingabeen eskura jartzen dituen leku, material eta objektuei edo beste pertsona batzuen ondasunei kalte eragitea, ardurarik edo arretarik ezaren ondorioz.

f) Barneratutako pertsona adingabearen eginbeharrak eta betebeharrak ez betetzea dakarren beste edozein egite edo ez-egite, zentroko bizitzari edo bizikidetza ordenatuari nahastea eragiten badio eta larritzat edo oso larritzat jotzen ez bada.

298. artikulua.– Diziplinazko arau-hausteen zehapena.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako diziplinazko arau-hausteak diren egitateengatik, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 60. artikuluan aurreikusitako zehapenak baino ezingo dira ezarri.

2.– Zehapenak ezartzeko irizpide orokorrak izango dira artikuluan egindako sailkapenaren araberako arau-hauste oso astun, astun eta arinaren kalifikazioa, proportzionaltasuna eta malgutasuna.

3.– Halaber, arau-haustea eragin duten egitateei aplikatu beharreko zehapena mailakatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Pertsona adingabearen adina, ezaugarriak eta falta egitean duen egoera.

b) Banakako hezkuntza-proiektua.

c) Egitatearen larritasun objektiboa.

d) Jokabidean berrerortzea. Eta berrerortzetzat joko da arau-haustearen erantzuleak urte baten barruan izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egitea.

4.– Baldin eta, justizia errestauratiboko prozedura baten barruan, hala nola bitartekaritza edo zirkulu edo konferentzia errestauratiboaren esparruan, iraindutako pertsonari barkamena eskatzen bazaio, ondasunak konpondu edo itzultzen badira edo kalteak erreparatzen badira, zehapenaren aplikazioa eten ahal izango da, betiere zehatzekoa den jokabide horretan berrerortzea gertatzen ez bada.

5.– Diziplina-prozedurak, betiere, bermatu egingo ditu pertsona adingabearen eskubide hauek:

a) Entzuna izatekoa.

b) Frogak aurkeztekoa.

c) Berak izendatutako pertsona baten aholkua hartzekoa.

d) Barneratze-neurria ezarri zuen adingabeen epaileari errekurtsoa aurkeztekoa, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren 60.7 artikuluak aurreikusitakoaren arabera.

6.– Diziplina anitzeko heziketa-taldea osatzen duten profesionaletako edozeinen esku egongo da falta arinei dagozkien zehapenak ezartzea; eta falta astunei eta oso astunei dagozkien zehapenen aplikazioa zentroaren zuzendariaren edo arduradunaren esku egongo da. Xedapen honek ez ditu eragotziko pertsonei edo gauzei kalterik ez eragiteko berehala hartu behar diren kautelazko neurriak.

7.– Justiziaren arloan eskumena duen sailak adingabeen epaileari eta Fiskaltzari komunikatu beharko die ezarritako edozein zehapen, falta astun bati edo oso astun bati badagokio.

8.– Erregelamendu bidez pizgarri-sistema egoki bat ezarri ahal izango da barneratutako pertsona adingabeen jokabide ona eta arduratsua saritu edo sustatzeko.

V. KAPITULUA
NEURRIAK BETEARAZTEAREN JARDUKETA OSAGARRIAK

299. artikulua.– Gizarte-inklusiorako jarduketa osagarriak.

Neurriak betearazten dituzten zentro edo zerbitzuek pertsona adingabearen gizarte-inklusioa erraztuko duten beste jarduketa batzuk sustatu edo gauzatu ahal izango dituzte, baldin eta haren intereserako badira eta haren eta legezko ordezkarien adostasuna badute.

300. artikulua.– Babes-jardunarekiko bateragarritasuna.

Neurri judizial bat betetzen ari den pertsona foru-aldundietako baten tutoretzapean edo zaintzapean badago, neurriaren betearazpen-programa eta banakako babes-plana modu koherentean eta eraginkorrean garatzeko beharrezkoak diren koordinazio-bideak ezarriko dira, eta, betiere, sinergia posibleak aprobetxatuko dira.

301. artikulua.– Neurriak betearazi ondorengo jarduketak.

1.– Neurri baten betearazpena amaitu baino lehen, ebaluazio bat egingo da, neurri horri lotuta dagoen pertsonak gizarte-inklusioa burutzeko behar dituen gizarte- eta hezkuntza-jarduketak zehazteko. Horretarako, behar den orientazioa eta laguntza eskainiko zaio, eta gizarteratzeko ekintza lagungarrietan laguntza jasotzeko edo parte hartzeko zerbitzu eta programetara bideratuko da.

2.– Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloan dituen eskumenak egikarituz, eta beste administrazio publiko batzuekin elkarlanean, neurri judizial bat bete duten pertsonen gizarte-inklusiorako eta laneratzeko programak eta laguntzak bultzatuko ditu; zehazki, emantzipaziorako eta helduarorako trantsizioko programak.

3.– Neurria amaitu ondoren oraindik ere pertsona adingabeak diren eta foru-aldundiaren tutoretza edo zaintzapean daudenen ebaluazioa eta prestaketa, gutxienez, neurria amaitu baino hiru hilabete lehenago egin behar dira, eskumena duen foru-aldundiarekin koordinatuta.

VIII. TITULUA
ERAKUNDE ARTEKO LANKIDETZA- ETA KOORDINAZIO-ORGANOAK ETA AHOLKULARITZAKO ETA GIZARTE-PARTAIDETZAKO ORGANOAK
I. KAPITULUA
ERAKUNDE ARTEKO ETA SEKTORE ARTEKO ELKARLAN, LANKIDETZA ETA KOORDINAZIORAKO ORGANOAK

302. artikulua.– Administrazioek lankidetzan eta koordinaturik jarduteko duten eginbeharra.

Lege honen 5. artikuluan ezarritako erantzunkidetasun-eginbeharraren arabera, euskal administrazio publikoek beren lankidetza- eta koordinazio-betebeharra beteko dute, bai erakunde arteko mailan, bai sektore arteko mailan, hain zuzen ere koherentzia, batasun, eraginkortasun eta efizientzia handienak bermatzeko haurren eta nerabeen ongizatean, haien eskubideen sustapenean eta haien garapen oso eta harmonikoa edo haien eskubideak urra ditzaketen egoeren prebentzioan, detekzioan eta babesean eragina duten politika eta jarduketetan.

303. artikulua.– Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoa.

1.– Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikulua aplikatuz, haur eta nerabeen arloan euskal administrazio publikoen artean erakunde arteko eta sektore arteko lankidetza eta koordinazioa antolatzeko, Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoa sortzen da, Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari atxikita, baina Jaurlaritzaren egitura hierarkikoan txertatu gabe.

2.– Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bidez arautuko ditu haren osaera, eginkizunak eta jarduteko araubidea. Araudi horretan, alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren eta, bestetik, foru-aldundien eta udalen arteko ordezkaritza paritarioa aurreikusi beharko da. Haur eta nerabeen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko sailburua izango da presidentea, eta haren kideek sailburuorde-maila izan beharko dute Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren kasuan, diputatu-maila foru-aldundien ordezkaritzaren kasuan, eta zinegotzi-maila udalen ordezkaritzaren kasuan.

3.– Funtzionamendu-araubidean jasoak dituenez gainera, Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoak honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko oinarrizko politikak definitzen parte hartzea, bai eta eskubide horiei kalte egiten dieten edo haiek urratzen dituzten egoerak prebenitzen, detektatzen eta babesten ere.

b) Funtzionamenduari buruzko gidalerroak eta irizpide orokorrak ezartzeko adostasuna bideratzea.

c) Haurren eta nerabeen eskubideen sustapenean eta defentsan eragin zuzena izan behar duten lege-aurreproiektuei eta xedapen orokorrei buruzko nahitaezko txostenak egitea, bereziki osasun, hezkuntza, kultura, jarduera fisiko, kirol, ingurumen, segurtasun, justizia eta gizarte-zerbitzuen esparruan.

d) Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integralari buruzko nahitaezko txostenak egitea, bai eta erakundeen arteko beste edozein estrategia edo plangintza-tresnari buruzkoak ere, baldin eta bideratuta badaude eskubideak sustatzera edo eskubide horiei kalte egiten dieten edo haiek urratzen dituzten egoerak prebenitu, detektatu eta babestera.

e) Elkarlanerako eta lankidetzarako tresna eta protokolo bateratuak onestea.

f) Antolakuntza- edo zerbitzu-ekimen esperimentalak abian jartzea onestea, proiektu pilotu gisa, premia-egoeretan erantzun alternatibo bat eskaintzera bideratuak.

g) Haurren eta nerabeen eskubideak sustatzean eta defendatzean eragina duten arauzko foru- eta toki-xedapenei buruzko informazioa jasotzea, baita gai horietan eragina duten lurralde- eta toki-eremuko planak onesteari buruzkoa ere.

h) Hiru administrazio-mailetako aurrekontuen onespenari buruzko informazioa jasotzea, bai eta lege honen 4. artikuluan ezarritako aurrekontu-lehentasunaren printzipioa betetzen duten aurreikuspenei buruzkoa ere.

i) Haurren eta Nerabeen Behatokiaren informazioa jasotzea, arrisku- eta desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeak babesteko eremuan egindako jarduketen ebaluazioaren eta haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integralaren ebaluazioaren esparruan lortutako emaitzen inguruan.

j) Haurren eta Nerabeen Behatokiari agintzea egin ditzala beharrezkotzat edo interesgarritzat jotzen dituen azterlanak edo txostenak, eta organo horrek egiten dituen guztiei buruzko informazioa jasotzea.

304. artikulua.– Lurralde- eta toki-lankidetzarako teknikak haur eta nerabeen eremuan.

1.– Erantzunkidetasun-eginbeharraren esparruan eta bakoitzak bere eskumenen eremuan, foru-aldundiek eta udalek, beren kabuz edo elkartuta, erabaki dezakete lurralde- edo toki-mailako lan-gune edo -talde espezifikoak eratzea, tartean diren arreta-sektoreen eta haietan esku hartzen duten eragile publiko nahiz pribatuen arteko elkarlana eta lankidetza antolatzera bideratuak, sareko lana indartzeko eta, horrela, jarduera-formula bateratuak eta dimentsio anitzekoak bermatzeko, erantzun eraginkorragoak eta koherenteagoak ematen laguntzeko helburuarekin.

2.– Lan-gune edo -talde horiek azpimarra jar dezakete, bai eskubideen sustapenean, bai, batez ere, osasunerako, hezkuntza-garapenerako, ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoeren, pertsona adingabeen kontrako indarkeria-egoeren, babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoeren eta babesgabetasun-egoeren prebentzio, detekzio eta haien kontrako babesean.

3.– Lan-guneak edo -taldeak modu iraunkorrean edo aldi baterako eratu ahal izango dira, gai koiunturalak jorratzeko, edo aztertu beharreko gaien izaerak edo garrantziak hala eskatzen duenean.

II. KAPITULUA
AHOLKULARITZAKO ETA PARTAIDETZAKO ORGANOAK

305. artikulua.– Partaidetza bermatzea.

1.– Euskal administrazio publikoek bermatuko dute parte hartzeko bide eraginkor eta bizkorrak egongo direla herritar guztien parte-hartzea errazteko eta, bereziki, zerbitzuetako eta gizarte-ekimeneko entitateetako eta merkataritza-ekimeneko entitate pribatuetako erabiltzaile eta profesionalak ordezkatzen dituzten antolakundeen parte-hartzea erraztu dadin haurren eta nerabeen inguruko sustapen-, prebentzio-, detekzio- eta arreta- eta babes-jarduketen plangintzan, funtzionamenduan eta ebaluazioan.

2.– Parte-hartze hori honako formula hauen bitartez egingo da:

a) Lege honetan aurreikusten diren organo aholku-emaileak eta partaidetzakoak.

b) Pertsona adingabeak artatu ohi dituzten zerbitzu eta zentroetan ezartzen diren parte hartzeko bide formalak.

c) Administrazio publikoek gai orokor edo berezi jakin batzuetan parte hartzeko antolatzen dituzten prozesuak, gai horiek haur eta nerabeei arreta emateko eremuan izan dezaketen interes bereziarengatik.

d) Euskal administrazio publikoek, lege honen 28. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, udalerri eta lurraldeetan tresna, espazio, egitura, mekanismo edo prozesu propioak sor daitezen bultzatuko dute, pertsona adingabeek gizartean eta haien eskubide eta betebeharretan eragiten duten politika publikoetan zuzenean eta aktiboki parte hartzeko duten eskubidea sustatuz, betiere parte hartzeko bide espezifikoen esparruan, beren bizi-baldintza indibidual eta kolektiboen eraikuntzan eta hobekuntzan parte hartu ahal izateko, parte diren komunitatearenean edo eragiten dien beste edozein gaitan.

306. artikulua.– Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua.

1.– Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua izango da euskal administrazio publikoen kontsulta-organo gorena eta parte hartzeko foro espezifikoa. Bertan, modu paritarioan ordezkatuta egongo dira, alde batetik, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak, eta, bestetik, haur- eta nerabe-arloan inplikatutako gizarte-eragileen multzoa. Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen saileko sailburua izango da presidentea.

2.– Ordezkari horiez gain, bi pertsona adingabe ere izango dira eskubide osoko kide, zeinak Haur eta Nerabeen Foroko kide izan beharko duten eta organo horren ordezkari modura jardungo duten.

3.– Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluaren izaera juridikoari dagokionez, kontsulta- edo partaidetza-eginkizunak betetzeko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan aurreikusitako kide anitzeko organoei dagokien izaera juridikoa izango du.

4.– Kontseilu hori Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari atxikita egongo da, baina Jaurlaritzaren egitura hierarkikoan txertatu gabe.

5.– Oro har, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluaren xedea da Eusko Jaurlaritzak proposatu edo eman behar dituen lege-aurreproiektuei, xedapen orokorrei eta erregelamenduei buruzko aholkularitza ematea eta haien jarraipena egitea, lege honetan aipatzen diren gaiei dagokienez.

6.– Honako hauek dira, berariaz, haren eginkizunak:

a) Haurren eta nerabeen eskubideen sustapenean eta defentsan eragin zuzena izan behar duten lege-aurreproiektuei eta xedapen orokorrei buruzko nahitaezko txostenak egitea, bereziki osasun, hezkuntza, kultura, jarduera fisiko, kirol, ingurumen, segurtasun, justizia eta gizarte-zerbitzuen arloan.

Nolanahi ere, txostena egin behar zaien arau-testuekin batera, arauak haur eta nerabeengan izango duen eraginaren ebaluazioa aurkeztu beharko da, ekimena sustatu duen administrazio-organoak eginda.

b) Administrazio publiko guztietatik informazioa jasotzea haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduketa-protokolo sektorialen jarraipenari eta ebaluazioari buruz, bai eta onartzen dituzten elkarlanerako eta lankidetzarako protokolo bateratuei eta tresnei buruz ere.

c) Foru-aldundietatik informazioa jasotzea lege honen bederatzigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren ekimen edo zerbitzu esperimentalak abian jartzeari buruz, bai eta lortutako emaitzei eta arreta-modalitatearen gainean egindako ebaluazio kualitatiboari buruz ere.

d) Haur eta nerabeen arloko edozein gairi buruzko iradokizun, proposamen eta ekimenak aurkeztea eta jasotzea.

7.– Haren osaera, eginkizunak eta funtzionamendu-araubidea erregelamendu bidez zehaztuko ditu Eusko Jaurlaritzak eta, araubide horretan, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzea zaindu beharko da.

307. artikulua.– Haur eta Nerabeen Foroa.

1.– Haur eta Nerabeen Foroa sortzen da, haur eta nerabeen eskubideetan eragina duten politika publikoetan adingabeen parte-hartze zuzena sustatzeko eta ahalbidetzeko.

2.– Eusko Jaurlaritzak pertsona adingabeek haiei dagozkien gaietan parte hartzeko eta kolektiboki kontsultatuak eta entzunak izateko duten eskubidea, lege honen 54. artikuluan jasoa, eraginkor egiteko organo gisa sortzen da Haur eta Nerabeen Foroa.

3.– Haur eta Nerabeen Foroaren izaera juridikoari dagokionez, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan aurreikusten diren kide anitzeko organoei dagokien izaera juridikoa izango du.

4.– Organo hori Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari atxikita egongo da, baina Jaurlaritzaren egitura hierarkikoan txertatu gabe.

5.– Nolanahi ere, eginkizun hauek izango ditu aipatutako organoak:

a) Ekimenak proposatzea haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko edo biztanle-sektore horren bestelako premiei erantzuteko.

b) Elkarlanean aritzea haur eta nerabeen arloan ezarritako koordinazio- eta partaidetza-organoekin, Eusko Legebiltzarrarekin eta Haurren eta Nerabeen Behatokiarekin beren eginkizunetan dihardutenean, haurren eta nerabeen iritziak komunikatzeko bide gisa jardunez, hargatik eragotzi gabe pertsona adingabeei zuzeneko kontsulta egiteko gauzatzen dituzten prozedurak.

c) Haurren eta nerabeen eskubideen sustapenean eta defentsan eragin zuzena duten edo izan dezaketen lege-aurreproiektuen eta xedapen orokorren berri izatea, arauak haur eta nerabeengan izango duen eraginaren ebaluazioa ikusita, xedapen horiei ekarpenak egin ahal izateko. Nolanahi ere, osasunaren, hezkuntzaren, kulturaren, kirolaren, segurtasunaren, justiziaren eta gizarte-zerbitzuen arloetan eragina duten edo arlo horiek ukitzen dituzten arau-testu guztien berri izan beharko du.

Lege-aurreproiektuen eta xedapen orokorren proiektuen berri ematen zaionean, arauak haur eta nerabeengan izango duen eraginaren ebaluazioa ere aurkeztu beharko zaio, ekimena sustatu duen administrazio-organoak eginda.

d) Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integrala prestatu, haren jarraipena egin eta hura ebaluatzen parte hartzea, bai eta eskubideak sustatzera edo eskubide horientzako egoera kaltegarri edo urratzaileak prebenitzera, detektatzera eta haien aurrean babestera bideratutako erakundeen arteko beste edozein estrategiatan edo plangintza-tresnatan ere.

e) Lege honetan edo beste arau batzuetan esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

6.– Eusko Jaurlaritzak ezarriko ditu, erregelamendu bidez, organo horren osaera, ordezkaritza-formulak eta -irizpideak, eginkizunak eta jarduteko araubidea. Nolanahi ere, definitzen diren ordezkaritza-formula eta -irizpideen esparruan, mekanismoak sartu beharko dira pertsona adingabeen ordezkaritza orekatua dela ziurtatzeko, bereziki arreta jarriz zaurgarrienak diren kolektiboetako kideen presentzian.

7.– Bere eginkizunak betetzeko, kontsultaren xede diren gaiei buruzko informazioa eduki beharko du, haurrei eta nerabeei egokitutako formatu eta edukiarekin.

8.– Organo honetako kide diren pertsona adingabeek Eusko Jaurlaritzako partaidetza mistoko edozein kontsulta-organotako saioetan parte hartu ahal izango dute, hala pertsona adingabeek berek eskatuta nola organo horiek eskatuta, saio horietan haurren eta nerabeen eremuari zuzenean lotutako gaiak aztertzen badira. Era berean, beste administrazio publiko batzuetako kontsulta- eta partaidetza-organoetan ere parte hartu ahal izango dute, organo horiek hala eskatzen badiete.

IX. TITULUA
HAUR ETA NERABEENTZAKO ARRETAREN EREMUKO GARAPEN ETA HOBEKUNTZA
I. KAPITULUA
INFORMAZIOA ETA ARRETAREN KALITATEA

308. artikulua.– Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema.

1.– Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema sortzen da Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona adingabeen egoerari eta haien beharrei buruzko ezagutza eguneratua, jarraitua eta uniformea bermatzeko, bai lege honen garapen-mailaren jarraipena egiteko, bai ondorio estatistikoetarako.

2.– Sistema hori funtsezko tresna da haur- eta nerabe-politikak zeharkako ikuspegiaz planifikatu, koordinatu eta garatzeko, eta politika horien ebaluazio orokorra egiteko.

3.– Sistema horrek pertsona adingabeen bizitzako hainbat eremuri buruzko informazio anonimotua izango du, datu agregatu eta desagregatuekin, gutxienez gai hauei buruz:

a) Haien osasunerako kaltegarriak diren egoerak.

b) Haien hezkuntza-garapenerako kaltegarriak diren egoerak.

c) Indarkeria-egoerak.

d) Babesgabetasun-egoerak, arriskua eta desanparoa bereizita.

e) Zigor-legearekiko gatazka-egoerak.

f) Haien beharrei erantzuteko eta haiek babesteko hartutako neurriak, egoera bakoitzaren arabera.

4.– Nolanahi ere, informazioa jasotzean eta egiten diren eragiketa estatistikoetan, datuak desagregatuta jaso beharko dira generoaren, adin-tarteen, desgaitasunaren eta nazionalitatearen arabera.

5.– Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistemak, halaber, euskal administrazio publikoek haurrengan egindako inbertsioa ebaluatzeko adierazleak garatuko ditu, lege honen 4. artikuluan jasotako aurrekontu-lehentasuna ebaluatzeko.

6.– Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistemak biltzen dituen datuen zerrenda eguneratu eta aldatu ahal izango da, betiere, ezagutza zientifikoan eta profesionalean egindako aurrerapenek hala gomendatzen badute.

7.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoa betetzeko, Eusko Jaurlaritzan hezkuntzaren, osasunaren, justiziaren eta segurtasunaren arloetan eskumena duten sailek, foru-aldundiek eta udalek artikulu honen 3. apartatuan ezarritako gaien inguruko informazio eguneratua eta datu estatistikoak emango dizkiote Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari.

8.– Halaber, haurren eta nerabeen eremuan jarduten duten gizarte-ekimeneko entitateak eta merkataritza-entitate pribatuak elkarlanean arituko dira artikulu honetan azaltzen den informaziorako euskal sistemarekin, bertan biltzen diren datuak eguneratzeari dagokionez.

309. artikulua.– Haur eta nerabeen arretaren kalitatea.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, neurriak hartuko dituzte lege honetan aurreikusitako jarduketa-eremuetan pertsona adingabeei ematen zaizkien arreta-zerbitzuen kalitatea bermatzeko, bai zerbitzu horiek zuzenean entitate publikoek ematen badituzte, bai entitate pribatuek ematen badituzte ere; azken kasu horretan, bai gizarte-ekimenekoak badira, bai merkataritza-entitateak badira, eta hala erantzukizun publikoko zerbitzu bat emateko Administrazioarekiko elkarlanaren esparruan ematen badituzte nola beren kontura ematen badituzte.

2.– Aurreko apartatuan azaldutakoa pertsona adingabeei arreta eman ohi dieten zerbitzuak dauden eremu guztietan aplikatuko da, eta, bereziki, honako eremu hauetan:

a) Osasuna.

b) Hezkuntza.

c) Jarduera fisikoa eta kirola.

d) Aisialdi hezigarria.

e) Kultura.

f) Indarkeriaren biktima diren edo babesgabetasun-egoeran dauden pertsona adingabeei arreta ematen dieten gizarte-zerbitzuak.

g) Aurreko letran aipatutako herritarrei nahiz zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei arreta ematen dieten justizia-zerbitzuak; bereziki kontuan hartu beharko dira pertsona adingabeak bizi ohi diren zentroak.

3.– Agindu hori jarduketa-eremu guztietan aholkularitza-, balorazio- eta orientazio-eginkizunak betetzen dituzten zerbitzu teknikoei aplikatuko zaie, baita arreta-zerbitzu horiek berak eskaintzen dituzten zentro eta egiturei ere.

310. artikulua.– Arretaren kalitatea bermatzeko neurriak.

Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, neurri hauek hartuko dituzte:

a) Zerbitzu mota guztiek bete beharko dituzten betekizun material, funtzional eta langileen arlokoak zehaztea, ahal den neurrian arretaren kalitate-estandar baliozkotuetara egokituz, bai horniduran, bai kualifikazioan.

b) Zuzeneko kudeaketako zerbitzu publikoen kasuan, behar diren bitarteko tekniko, teknologiko zein materialez eta giza baliabideez hornitzea, eta irisgarritasun unibertsala bermatzea.

c) Gizarte-ekimeneko entitateen eta merkataritza-entitate pribatuen titulartasuneko zerbitzuen kasuan, artikulu honen a) letran adierazitako betekizunak betetzen diren ziurtatzea, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren baimen- eta ikuskapen-prozeduren esparruan. Era berean, langileak kontratatzen direnean segurtasuna gainbegiratzea eta lege honen 314. artikuluan aipatzen diren betekizunak bete eta egiaztatu egiten direla ziurtatzea.

d) Bereziki, arrisku- edo babesgabetasun-egoeran dauden haurrak eta nerabeak babesteko eremuan, bermatzea haur eta nerabeentzako zerbitzuetarako nahikoa postu hornituko dela, arreta pertsonalizatua emateko aukera emango duen ratioarekin; postu horiek betetzeak lehentasuna izango du hutsik daudenean edo ordezteko premia dagoenean.

e) Eremu horretako profesionalen etengabeko prestakuntza eta gaitasunak hobetzea bultzatzea, haur eta nerabeen eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta prestakuntza barne, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.

f) Aholkularitza eta gainbegiratze profesionalerako eta kalitate-kontrolerako sistemak sustatzea haur eta nerabeentzako zentro, zerbitzu eta programetan.

g) Egiaztatzea beren jarduketa-eremuan pertsona adingabeekin ohiko harremana duten jardueretan aritzen diren pertsona guztiek egiaztatzen dutela, Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralak emandako ziurtagiri negatiboaren bidez, ez direla epai irmoz kondenatuak izan Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik, ezta lege beraren VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketako edozein deliturengatik ere.

311. artikulua.– Prestakuntzaren bidez lanbidean espezializatzea.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, urtero bermatuko dute haur eta nerabeen eskubideen arloari buruzko prestakuntza espezializatua, hasierakoa eta etengabea, pertsona adingabeekin ohiko harremana duten profesionalentzat.

2.– Prestakuntza horrek honako gai hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Lege honetan jasotako eskubideen edukia.

b) Elkartasunean, ekitatean eta diskriminaziorik ezean oinarritutako harreman-moduen sustapena.

c) Gatazkak modu baketsuan konpontzeko moduen aplikazioari buruzko prestakuntza.

d) Lege honek aipatutako indarkeria-mota oro prebenitzeko eta goiz detektatzeko heziketa.

e) Indarkeriaren zantzuak detektatu direnean egin beharreko jarduketak.

f) Bereziki Interneten eta sare sozialen eta, oro har, harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien segurtasuna eta erabilera segurua eta arduratsua, barne hartuta erabilera intentsiboari eta jokabide-nahasmenduen sorrerari buruzko gaiak, betiere pertsona adingabeen kontrako online indarkeria-mota ororen prebentzioa eta detekzioa hobetzeko helburuarekin.

g) Pertsona adingabeei tratu ona ematearen kultura, lege honen 27.a) artikuluan ezarritako moduan.

h) Arrisku-faktoreak eta indarkeriarekiko esposizio eta zaurgarritasun handiagokoak identifikatzea.

i) Biktimizazio sekundarioa saihesteko mekanismoak.

j) Genero-rolek eta -estereotipoek pertsona adingabeek jasaten duten indarkerian duten eragina.

3.– Ezartzen den prestakuntza espezializatua etengabekoa denez, diseinatu eta eskaintzen diren prestakuntza-programek gai izan behar dute lege honetan araututako jarduketa-eremu bakoitzean artatutako herritarren premia berri eta askotarikoetara egokitzeko eta haiei erantzunak emateko. Horretarako, euskal administrazio publikoetako langileen prestakuntzaren arloko eskumenak dituzten organoek, haur eta nerabeen arloan eskumena duten organo eta zerbitzuekin elkarlanean, diagnostikoak egin beharko dituzte, aldian-aldian eguneratu beharrekoak, langileen prestakuntza-beharrei buruz, prestakuntza profesionalen beharren araberakoa izan dadin eta lege honetan azaldutako xedapenak eraginkorrak izan daitezen.

4.– Artikulu honetan eta 312 eta 313. artikuluetan jasotzen diren prestakuntza-jarduketa guztiak diseinatzean, genero-ikuspegia hartuko da kontuan bereziki, eta desgaitasuna duten pertsona adingabeek dituzten premia espezifikoak, eta, orobat, arraza-, etnia- edo nazio-jatorri ezberdinetakoak direnek, desabantaila ekonomikoak dituztenek, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen kolektibokoek edo beste edozein sexu-aukera edo -orientazio edo genero-identitate dutenek pertsonek dituztenak, eta familia-erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileek dituztenak.

5.– Oro har, enplegu publikoko lanpostuak lortzeko eta lanpostuz igotzeko eta, hala badagokio, lanpostuak hornitzeko hautaketa-prozesuen gai-zerrendetan, euskal botere publikoek pertsona adingabearen interes gorenaren printzipioari eta haur eta nerabeen eskubideei buruzko edukiak eta prozesuko lanpostuaren eremu publikoan duten aplikazioari buruzkoak sartu behar dituzte.

312. artikulua.– Haur eta nerabeen arloko prestakuntza espezifikoa.

1.– Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, prestakuntza emango diete edozein indarkeria-motaren biktima diren pertsona adingabeekin ohiko harremana duten profesionalei, pertsona adingabeen lekukotzak entzuteko prestaketa eta espezializazio egokia dutela bermatzeko. Horretarako, lekukotzak zorroztasunez, tentuz eta errespetuz lortzen direla bermatuko duten metodologiak eta praktikak eman beharko dizkiete. Aldi berean, arreta berezia eskainiko zaio biktima gazteenei entzuteko prestakuntzari.

2.– Aurrekoa gorabehera, eta lege honen 150.1 artikuluan ezartzen den helburua lortzeko, Eusko Jaurlaritzak, segurtasunaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, bermatuko du ezen, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko langileak sartzeko, prestatzeko eta etengabe eguneratzeko bideratzen diren prozesuetan, eduki espezifikoak jasotzen direla haurren eta nerabeen aurkako indarkeria-egoerak polizia-ikuspegitik tratatzeari buruz.

3.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, bermatu egingo du ikastetxe publikoetan edo pribatuetan lan egiten duten irakasleek edo, ordainduta zein ordainik jaso gabe, haiekin lankidetzan aritzen diren hezitzaileek hezkuntza integral eta inklusiboaren arloko prestakuntza espezifikoa jasotzen dutela.

4.– Eusko Jaurlaritzak, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, sustatuko du abokatuen eta prokuradoreen elkargoek beren kideei honako prestakuntza espezifiko hauetarako irispidea ematea, bereziki espezializazio-ikastaroak eskatzen bazaizkie ofiziozko txandarako:

a) Lege honetan aipatzen den haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren alderdi material eta prozesalei buruzko prestakuntza, bai barne-zuzenbidearen ikuspegitik, bai Europar Batasuneko zuzenbidearen eta nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik.

b) Haurren eta nerabeen eskubideei buruzko prestakuntza, arreta berezia eskainita Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioari, haren hiru hautazko protokoloei eta ohar orokorrei.

c) Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko etengabeko prestakuntza espezializatuko programak.

5.– Normalean pertsona adingabeekin gorputz-hezkuntzako jarduerak edota kirol- edo aisia-jarduerak egiten dituzten entitate, zentro eta antolakunde publiko eta pribatuetako langileek prestakuntza espezializatua jaso beharko dute, egokiro artatzeko desgaitasunak dituzten pertsona adingabeen gaitasun eta ahalmenak, haien kirol inklusiboa sustatzeko eta garatzeko.

6.– Eremu publikoan edo pribatuan, beren jardueran, eginkizunetan edo lanbidean pertsona adingabe atzerritarrekin eta, bereziki, familia-erreferenterik gabeko adingabe migratzaileekin harremanak izan ohi dituzten pertsonek prestakuntza espezifiko bat izan beharko dute kulturartekotasunari buruz eta pertsona adingabeek izan ditzaketen premia espezifikoei buruz, behar duten babes espezializatua jaso dezaten.

313. artikulua.– Goi-mailako hezkuntzako prestakuntza.

1.– Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko goi-mailako hezkuntzako ikastetxeek haur eta nerabeen eskubideei buruzko prestakuntza, irakaskuntza eta ikerketa jaso beharko dituzte beren ikasketa-eremu guztietan. Ondore horretarako, goi-mailako hezkuntzako ikastetxetzat hartuko dira Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.5 artikuluan ezarrita dauden irakaskuntzetakoren bat eskaintzen dutenak.

2.– Bereziki, jarraian adierazten diren eduki espezifiko hauek jaso beharko dira goi-mailako heziketa-zikloetako eta Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroetako curriculumean edo ikasketa-planetan, bai eta graduko eta graduondoko irakaskuntzetako unibertsitate-ikasketetan eta pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbideetan jardutea ahalbidetzen duten titulazioak lortzeko espezializazio-programetan eta, nolanahi ere, osasun-lanbideei, gizarte-eremuari, hezkuntza-eremuari, zuzenbideari eta esparru juridikoari lotutako titulazioak lortzeko programetan, bai eta kazetaritzari eta informazio-zientziei buruzkoetan ere:

a) Pertsona adingabeen eskubideak, oro har, eta haur eta nerabeei tratu ona ematearen kultura.

b) Pertsona adingabeen kontrako indarkeria-kasuak identifikatu, prebenitu eta goiz detektatzea, eta horietan esku hartzea.

3.– Eusko Jaurlaritzak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailaren bitartez, eta Euskal Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako antolamendu orokorra arautzen duen araudiaren esparruan, bermatu beharko du pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide-jardueretan jarduteko aukera ematen duten tituluak lortzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren goi-mailako heziketa-zikloetako eta espezializazio-ikastaroetako curriculumak behar bezala egokitzen direla.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateek, beren ikerketa-lanetan eta ezagutzak lortzeko lanetan, bultzatuko dute haur eta nerabeen eskubideei buruzko azterlan eta ikerketa-lan zientifiko, tekniko eta juridikoak, sozialak eta humanistikoak egingo direla haien sustapenaren, prebentzioaren eta babesaren alderdi hirukoitzetik; eta bultzatuko dute, bereziki, haur eta nerabeen parte-hartzeari buruzko lanak egitea, haur eta nerabeen premien ezagutza, haien kontrako indarkeriaren aurkako borroka, edo esku hartzeko estrategia eta teknikak.

5.– Euskal administrazio publikoek unibertsitateen ikerketa-lana sustatu eta bultzatuko dute. Ondore horretarako, dirulaguntzak eman edo lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte, zeinak urte anitzekoak izan ahalko baitira, betiere bi kasu horietan dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko indarreko legerian xedatutakoaren arabera.

314. artikulua.– Pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide, ofizio eta jardueretan sartzeko prozedura eta betekizunak.

1.– Profesionalek pertsona adingabeekiko esleituak dituzten eginkizunak modu egokian beteko direla bermatzeko prozedurak diseinatu beharko dira, bai langileak entitate publiko batekoak badira, bai irabazi-asmorik gabeko entitate batekoak badira, boluntarioak barne azken kasu horretan. Administrazio publikoen kasuan, haiek diseinatuko dituzten prozedura espezifikoek kontrol zehatz batzuk izan beharko dituzte artikulu honetan aurreikusten diren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, kalterik egin gabe autoantolatzeko dituzten eskumenen errespetuari.

2.– Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikulua aplikatuz, adingabeekin ohiko harremana izatea dakarren edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta jarduteko, nahitaezkoa izango da epai irmo bidez kondenatua ez egotea Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. tituluan tipifikatutako sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako edozein deliturengatik, ezta lege-atal beraren VII bis tituluan tipifikatutako gizakien salerosketako edozein deliturengatik ere. Horretarako, lanbide, ofizio edo jarduera horietan sartu nahi duenak egoera hori egiaztatu beharko du, eta, horretarako, Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu.

3.– Lege honen ondoreetarako, pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide, ofizio eta jarduerak dira, beren izaera eta funtsagatik, pertsona adingabeekin behin eta berriz, zuzenean eta erregularki, eta ez noizbehinka, tratua izatea dakarten guztiak, ordainduak izan zein ez, bai eta, betiere, hartzaile nagusitzat pertsona adingabeak dituzten guztiak ere.

4.– Debekatuta dago administrazio publikoek, enpresek eta entitateek lana ematea Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralean aurrekaririk dutenei pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten edozein lanbide, ofizio eta jardueratan aritzeko.

5.– Lege honetan zehazten ez bada nor diren langile profesional zein boluntarioak kontratatzen direnean segurtasuna gainbegiratzeko eta artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako betekizunak betetzen eta egiaztatzen direla ziurtatzeko arduradunak, joko da eginkizun horiek enpresako edo entitateko zuzendariari edo zuzeneko arduradunari dagozkiola, eta, halakorik egon ezean, enpresako edo entitateko enplegatzaileari edo titularrari.

6.– Pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide, ofizio eta jardueretan dabiltzan langile profesional zein boluntarioek, baldin eta aldaketaren bat izan badute Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralean aurrekariren bat izateari dagokionez, nahitaez jakinarazi beharko diote zerbitzuak ematen dituen administrazio publiko, enpresa edo entitateari, nahiz eta aldaketa eragin duten egitateak lan-harremana hasi aurrekoak izan.

II. KAPITULUA
HAURREN ETA NERABEEN BEHATOKIA

315. artikulua.– Izaera, atxikipena eta xedea.

Haurren eta Nerabeen Behatokia haur eta nerabeen arloko azterketa, ebaluazio, elkarlan eta aholkularitza teknikorako organoa da, Eusko Jaurlaritzan pertsona adingabeen arloan eskumena duen sailari atxikia, zeinaren eginkizuna baita Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen errealitatea eta lege hau aplikatuz garatutako politiken eragina etengabe aztertzea.

316. artikulua.– Eginkizunak.

Haurren eta Nerabeen Behatokiak eginkizun hauek garatuko ditu:

a) Haur eta nerabeen ongizatea eta haien eskubideak eraginkortasunez egikaritzea sustatzen laguntzea, gizarte osoa, familiak eta pertsona adingabeak berak informatu, sentsibilizatu eta kontzientziatzeko dibulgazio-kanpainen bidez.

b) Pertsona adingabeen premiak eta bizi-baldintzak aztertzea, baita Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluan eta Haur eta Nerabeen Foroan egindako iradokizunak eta eskaerak ere, eskumena duten euskal administrazio publikoei horiek hobetzeko jarduketak proposatzeko.

c) Txostenak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean egiten diren arauzko xedapen orokorren inguruan, lege honen 3.4 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz, artikulu beraren 1. apartatuan ezarritakoarekin lotuta.

d) Haurrei eta nerabeei arreta emateko eremuan euskal administrazio publikoek egiten dituzten jarduketak ebaluatzea, barne hartuta haurren eta nerabeen eskubideen betetze-maila aztertzea eta haien eskubideak urratu diren kasuak detektatzea.

e) Lege honen 128.6 artikuluan aurreikusitako ebaluazio-txostena egitea haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integralaren betetze-maila eta efikaziari buruz.

f) Aholku ematea, informazioa ematea eta proposamenak eta gomendioak egitea haurren eta nerabeen ongizatean eta haien eskubideak egikaritzean eragina duten eremu guztietan jarduteko ildo estrategiko eta lehentasunei buruz, batez ere pertsona adingabeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta hari aurre egiteko, babesgabetasun-egoerak prebenitzeko, eta halakoak gertatzen direnean haurrak eta nerabeak babesteko neurrien esparruan eta, orobat, zigor-legea urratzen duten jokabideak prebenitzeko eta jokabide horiek dituztenen gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta bermatzeko neurrien esparruan.

g) Haur eta nerabeen arloko prestakuntza-ekintzen diseinuan parte hartzea, eta, bereziki, haien eskubideak bermatu eta babesteko ekintzetan.

h) Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoari eta Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluari aldian-aldian informazioa ematea, Behatokiaren beraren ekimenez edo koordinazio- eta partaidetza-organo horiek eskatuta egindako txostenak eta azterlanak igorrita eta, betiere Behatokiak garatutako jarduketei buruzko urteko txostena eginda.

i) Eskumena duten administrazioei adieraztea ordenamendu juridikoa haur eta nerabeen premietara egokituta dagoen edo ez, eta araudi berriak egiteko edo lehendik daudenak aldatzeko proposamenak egitea.

j) Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema kudeatzea, baita hura eguneratu eta mantentzea ere.

k) Dokumentazio zientifikoa zabaltzeko jarduerak bultzatzea, hots, azterlanak, inkestak, ikerketak eta argitalpenak.

l) Hedabideetan haur eta nerabeei buruzko informazioaren tratamenduaren hobekuntza bultzatzea.

m) Kalitatea etengabe ebaluatu eta hobetzeko prozesu egiaztatuen aplikazioa sustatzea, premiak asetzean eta zerbitzuek funtzionatzean gertatzen diren disfuntzioak edo defizitak zehazten laguntzeko, eta eremu horretan egiten diren jarduketak koordinatzea, emaitzen alderagarritasuna bermatzen duten ebaluazio-tresnak erabiltzea errazte aldera.

n) Haur eta nerabeei arreta eta babesa ematen parte hartzen duten profesionalak sentsibilizatzen eta kontzientziatzen laguntzea, lege honetan jasotako jarduketa-eremu guztietan.

o) Estatuko, autonomia-erkidegoko, tokiko edo nazioarteko beste behatoki edo antzeko organo batzuekin aritzea eta haiekin harremanak mantentzea.

p) Helburu komunak lortzeko beste behatoki edo antzeko organo batzuekin elkarlanean aritzea, baita haurren eta nerabeen eremuan azterketak edo ikerketak sustatu edo bultzatzeko ere.

q) Behatokia atxikita dagoen saileko titularrak esleitzen dizkion gainerako eginkizun guztiak.

317. artikulua.– Publikotasuna.

1.– Haurren eta Nerabeen Behatokiak, oro har, publiko egingo ditu bere eginkizunak betez egiten dituen diagnostiko, azterlan eta txostenak.

2.– Bereziki, lege honen 316.e) artikuluan aipatzen den txostena argitaratu beharko du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko haurren eta nerabeen egoerari buruzko azterlan eta txosten guztiak ere. Horretarako, bertan sartuko dira pertsona adingabeen eskubideei buruzkoak, bai haien sustapenaren ikuspegitik, bai haien premiak asetzearen ikuspegitik, eta pertsona adingabeekin egiten den esku-hartzean eragiten dutenak.

3.– Diagnostiko, azterlan eta txostenak formatu eskuragarrietan editatu beharko dira, eta irakurketa errazeko bertsioak eduki beharko dituzte, pertsona adingabeek errazago uler ditzaten.

318. artikulua.– Behatokiak informazioa isilean gordetzeko eginbeharra.

Haurren eta Nerabeen Behatokia informazioa isilean gordetzeko eginbeharrarekin bat eginez arituko da haur eta nerabeei arreta eta babesa emateko eremuan, eta behar diren neurriak hartuko ditu eskura duen informazio pertsonalaren eta, hala badagokio, informazio hori jasota dagoen fitxategi edo erregistroen tratamendu konfidentziala bermatzeko, intimitaterako eskubidea betez, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan araututakoaren arabera.

X. TITULUA
ESKUMEN-ARAUBIDEA

319. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren eskumenak.

1.– Eusko Jaurlaritzari dagokio eskumen orokor hauek gauzatzea:

a) Legegintza-ekimena gauzatzea Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusibokoak diren gaietan, edo lege-garapena esleitua duen gaietan haurren eta nerabeen eskubideetan eragina badute, bai eta haur eta nerabeen arloan autonomia-erkidegoko legeria arau bidez garatzea ere.

b) Nazioarteko adopzioaren arloan, tratatuak ez diren nazioarteko aldebiko akordioak egitea.

c) Lege honen xede diren arloetan bete beharreko gidalerroak diseinatu eta onestea, gainerako euskal administrazio publikoekin elkarlanean, erakundeen arteko plangintzaren esparruan.

d) Pertsona adingabeekin harremanetan egon ohi diren zerbitzuetako profesionalei edo zerbitzu horiek direla-eta haur eta nerabeekin harremanetan egon daitezkeenei zuzendutako informazio- eta prestakuntza-jarduketak diseinatzea, hain zuzen ere, pertsona adingabeen eskubideekin, eskubide horiek sustatzeko beharrarekin eta horien garapen integralerako kaltegarriak diren egoerak eta indarkeria- edo babesgabetasun-egoerak prebenitu, detektatu eta babestu beharrarekin lotuta.

e) Ikerkuntza sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan haur eta nerabeen errealitatea hobeto ezagutzeko, beste eremu geografiko batzuetan arreta emateko formula berritzaileak detektatzeko eta ebidentzian oinarritutako praktikari laguntzeko.

f) Gizarte-ekimena sustatzea eta bultzatzea, baita herritarren parte-hartzea, asoziazionismoa eta boluntariotza ere, bereziki pertsona adingabeena.

g) Nazioarteko adopzioa sustatzea, eta horretarako egoki iritzitako difusio-, informazio-, eta laguntza-bitartekoak erabiliko ditu.

h) Eusko Jaurlaritzak hornitu beharreko zerbitzuak ematen esku hartzen duten zerbitzu, zentro eta entitateak baimentzea, homologatzea, ikuskatzea eta haiei dagokienez zehatzeko ahala egikaritzea.

i) Bere eskumeneko zerbitzuen prezio publikoak finkatzea.

j) Lege honek eta lege hau garatzeko arauek eta jarduketa-eremu bakoitzean aplikatu beharreko sektore-araudiak esleitzen dizkioten gainerako guztiak.

2.– Eusko Jaurlaritzari dagokio haur eta nerabeei arreta ematearekin zerikusia duten gai hauei buruzko betearazpen-eskumenak zuzenean gauzatzea:

a) Lege honen 19. artikuluan jasotako orientazio-, aholkularitza- eta informazio-zerbitzu telefoniko edo telematikoa.

b) Babesgabetasun-egoeren larritasuna balioesteko eta egoera horiek arriskua arin, neurritsu, larri edo desanparo gisa kalifikatzeko lege honen 172.3 artikuluan jasotako tresna teknikoa prestatu eta onestea, lege honen eta, bereziki, V. tituluan jasotako aurreikuspenen erregelamendu bidezko garapen gisa.

c) Nazioarteko adopzioan bitartekaritza-lana egiten duten organismoak egiaztatzeko betearazpen-funtzioak betetzea, jarduera horren jarraipena, ikuskaritza eta kontrola egitea, baita lotutako gainerako eginkizunak ere, eta, gainera, eremu horretako jarduketak beste administrazio publikoekin sustatu eta koordinatzea.

3.– Haurren eta nerabeen eskubideak eta eginbeharrak sustatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari dagokio, kasuan-kasuan ezarritako sailen bitartez, lege honen III. tituluan esleitzen zaizkion sustapen-eginkizunak betetzea, bere eskumeneko eremu materialean sartzen badira.

4.– Haur eta nerabeen osasunerako, hezkuntzarako, ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta haiei arreta emateko eremuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari dagokio lege honen IV. tituluan esleitzen zaizkion eginkizunak betetzea, kasuan-kasuan eskumena duten sailen bitartez.

5.– Lege honen V. tituluan jasota dagoen haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerak prebenitzearen eta halako egoeren biktima diren pertsona adingabeak detektatzearen, babestearen eta errekuperatzearen eremuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari dagokio eginkizun hauek betetzea, kasuan-kasuan eskumena duten sailen bitartez:

a) Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko estrategia integrala eta sektore-protokoloak diseinatu eta onestea, gainerako administrazio publikoekin elkarlanean, baldin eta estrategia horrek eta protokolo horiek bere jarduketa-eremu materialeko arloren bati eragiten badiote.

b) Familia-eremuko, eskolako eta kiroleko indarkeria prebenitzeko neurriak antolatzea, baita harremanaren, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez gauzatutako indarkeria prebenitzeko neurriak antolatzea ere.

c) Eusko Jaurlaritzaren eskumen-eremu materialeko zerbitzuek dagozkion neurriak hartzea berehalako sorospena eta arreta emateko, pertsona adingabeak babesteko, haien eskubideen defentsa eta egikaritzea bermatzeko, bai eta haien suspertze fisiko eta psikikorako ere.

6.– Lege honen VI. tituluan jasota dauden babesgabetasun-egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta haiei arreta emateko eremuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari dagokio honako eginkizun hauek betetzea, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez:

a) Foru-aldundiek eremu horretan egiten dituzten jarduketak koordinatzea, ziurtatu eta bermatzeko prozedurak homogeneizatuta daudela eta helburu eta emaitza komun berak lortzen direla; eta, bereziki, familia-erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileei eragiten dieten jarduketak koordinatzea.

b) Babesgabetasuna prebenitzeko jarduketak egitea, sentsibilizazio-jarduketen bidez.

c) Hazkuntza-eginkizunetan laguntzeko neurriak eta familia-gatazka edo -krisialdiko egoeretan laguntzeko neurriak antolatzea.

d) Eusko Jaurlaritzaren eskumen-eremu materialeko zerbitzuek berehalako sorospena eta arreta emateko, pertsona adingabeak babesteko, haien eskubideen defentsa eta egikaritzea bermatzeko neurriak hartzea, bai eta haien suspertze fisiko eta psikikorako neurriak ere.

e) Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40.3 artikuluak haren eskumenekotzat jotako gizarte-zerbitzuak ematea babesaren arloan.

f) Familia-eremuan indarkeria prebenitzeko neurriak antolatzea eta, bereziki, hazkuntzan, familia eta lana bateragarri egiten eta gurasokidetasunean laguntzeko neurriak.

g) Arrisku- edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeak babesteko arloan aritzen diren zerbitzuek eta zentroek bitarteko material eta funtzionalen nahiz giza baliabideen aldetik bete behar dituzten betekizunak arautzea.

h) Iritzi publikoa sentsibilizatzea dibulgazio-kanpainak antolatuz eta komunitatean haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko neurri positiboak sustatuz.

7.– Lege honen VII. tituluan jasota dagoen jokabide arau-hausleen prebentzioaren eta zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeen gizarte- eta hezkuntza-arloko arretaren eremuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari dagokio eginkizun hauek betetzea, justiziaren arloan eskumena duen sailaren bitartez:

a) Prebentzio-jarduketak.

b) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei dagokienez, adingabeen epaileak hartutako neurriak betearaztea.

c) Lege honen 295. artikuluan jasotako jagoletza- eta segurtasun-neurriak betearaztea.

d) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei ezarritako neurri judizialak betearazteko behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak jartzea.

e) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta ematen aritzen diren zerbitzu eta zentroek baliabide material zein funtzionalen eta giza baliabideen aldetik bete behar dituzten betekizunak arautzea.

f) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei ezarritako neurri judizialak betearazteko zerbitzu eta zentro propioak sortu, mantendu eta kudeatzea, eta, orobat, haiek ikuskatzea.

g) Neurri judizial jakin batzuk aplikatzeko hitzarmen edo akordioak dituzten zerbitzu eta zentroak irekitzeko baimena ematea, eta haiek erregistratu, homologatu, ikuskatu eta ebaluatzea.

h) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei ezarritako neurri judizial eta estrajudizialen betearazpenaren eta jarraipenaren berri ematea Fiskaltzari eta adingabeen epaileari.

i) Arlo honetan jarduteko programak planifikatu, landu eta ebaluatzea.

j) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeekin esku hartzen duten polizia-agintariei prestakuntza emateko aholkularitza teknikoa ematea.

k) Adingabeen epaitegiekin, Fiskaltzarekin eta zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei arreta ematen esku hartzen duten gainerako entitateekin koordinatzea.

l) Lantalde psikosozial espezializatuen jarduketa koordinatzea agintaritza judizialari eta Fiskaltzari laguntza ematen betetzen duten eginkizunean, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak ezarritakoari jarraikiz.

m) Aurreko letran aipatutako lantalde psikosozial espezializatuen osaera eta funtzionamendua arautzea.

n) Zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeei gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta emateko entitate laguntzaileak homologatzea.

o) Zigor-arloko adina ez duten pertsona adingabe arau-hausleei arreta emateko eremuan esku hartzeko programak ebaluatzea.

p) Iritzi publikoa sentsibilizatzea, dibulgazio-kanpainak antolatuz.

320. artikulua.– Foru-aldundien eskumenak.

1.– Foru-aldundiei dagokie, beren eskumeneko lurralde-eremuan, eginkizun orokor hauek betetzea:

a) Beren zerbitzuak antolatzeko erregelamenduak egiteko ahala.

b) Beren erantzukizunpean hornitu beharreko zerbitzuen plangintza egitea, hala badagokio, egon litekeen autonomia-erkidegoko plangintzarekin bat etorriz.

c) Beren eskumeneko zerbitzuen prezio publikoak ezartzea.

d) Foru-aldundiaren beraren titulartasunekoak diren eta haren lurraldean dauden titulartasun pribatuko zerbitzu eta zentroak baimentzea eta, hala badagokio, homologatzea, eta zerbitzu eta zentro horiek ikuskatzea eta haiei dagokienez zehatzeko ahala egikaritzea, salbu eta udalen ikuskapen-eskumenen barruan sartzen badira.

e) Gizarte-ekimena sustatzea eta bultzatzea, baita herritarren parte-hartzea, asoziazionismoa eta boluntariotza ere, bereziki pertsona adingabeena.

f) Lege honek eta lege hau garatzeko arauek eta jarduketa-eremu bakoitzean aplikatu beharreko sektore-araudiak esleitzen dizkieten beste eskumen orokor eta espezifiko guztiak.

2.– Haurren eta nerabeen eskubideak eta eginbeharrak sustatzeko eremuari dagokionez, foru-aldundiei dagokie lege honen III. tituluan esleitzen zaizkien eginkizunak betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan.

3.– Haur eta nerabeen osasunerako, hezkuntzarako, ongizate materialerako eta gizarte-inklusiorako kaltegarriak diren egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta haiei arreta emateko eremuari dagokionez, foru-aldundiei dagokie lege honen IV. tituluan esleitzen zaizkien eginkizunak betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan.

4.– Lege honen V. tituluan jasota dagoen haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta haietatik babesteko eremuari dagokionez, foru-aldundiei dagokie eginkizun hauek betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Familia-eremuan indarkeria prebenitzeko, detektatzeko eta hartatik babesteko neurriak antolatzea, bereziki familiarekin gizarte- eta hezkuntza-arloan edo arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuen bitartez.

b) Gizarte Larrialdietarako Koordinazio Zerbitzua ematea, zeinak haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-kasuak berehala detektatzen eta haietan berehalako arreta ematen jardungo baitu, bai familia-eremuan bai komunitatekoan gertatzen direnean.

c) Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 41.3 artikuluak haien eskumenekotzat jotako lurralde-zerbitzuak ematea, haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerei erantzuteko egokiak izan daitezkeenak eta, zehazki, aipatutako legearen 22. artikuluko 2.4.6 eta 2.7.5 apartatuetan aurreikusitakoak.

d) Lege honen V. tituluan esleitzen zaizkien gainerako jarduketa guztiak.

5.– Lege honen VI. tituluan araututa dagoen babesgabetasun-egoerak prebenitzeko eta detektatzeko eta egoera horietan dauden pertsona adingabeak babesteko eremuari dagokionez, foru-aldundiei dagokie eginkizun hauek betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Udaletako gizarte-zerbitzuek edo agintaritza judizialak, Fiskaltzak edo beste entitate, instantzia edo organismo publiko batzuek haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzura bideratutako babesgabetasun-egoerak aztertu, ikertu, baloratu eta, hala badagokio, egiaztatzea.

b) Arrisku larriko egoeretan esku hartzea, familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektuaren bidez, eta detektatutako premiei erantzuteko zerbitzu egokienak antolatzea.

c) Arrisku-egoera deklaratzea, larritzat jotzen bada, eta lege honetan jasotako kasuetan.

d) Desanparo-egoeretan esku hartzea, desanparo-deklarazioaren bidez, tutoretza beren gain hartuz eta zaintza-modalitatea zehaztuz.

e) Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 41.3 artikuluak haien eskumenekotzat jotako lurralde-zerbitzuak ematea, arrisku larrian edo desanparo-egoeran dauden pertsona adingabeak artatzeko egokiak izan daitezkeenak eta, zehazki, aipatutako legearen 22. artikuluko 2.7.3.1 eta 2.7.5 apartatuetan aurreikusitakoak.

f) Egoitza-harrerako baliabideak ematea, modalitate guztiak eskainiz, jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeei berariaz zuzendutako zentroak barne.

g) Emantzipaziorako eta helduarorako trantsizio-programak ematea, bai haurren eta nerabeen babesaren eremuan, bai gizarte-inklusioaren eremuan.

h) Espainiatik Europar Batasuneko beste estatu kide batera edo Hagako 1996ko urriaren 19ko Hitzarmenaren parte den Estatu batera pertsona adingabeak mugaz haraindi eramateko eskaera egitea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira, bertan badaude edo foru-aldundiak hartutako babes-neurriren bat badute.

i) Pertsona adingabeen mugaz haraindiko Espainiarako harrera-eskaerei buruzko ebaluazioa eta txostena egitea, harrera Euskal Autonomia Erkidegoan egingo bada. Eskaera horiek Europar Batasuneko Estatu kide batek edo Hagako 1996ko urriaren 19ko Hitzarmenaren parte den estatu batek igorri beharko ditu.

j) Oro har, herritarrak sentsibilizatzea familia-harrerari dagokionez.

k) Harrera- eta adopzio-eskaerak egiten dituzten pertsonei eta, hala badagokio, haien familiei prestakuntza ematea eta haien jarraipena egitea.

l) Pertsona edo familia boluntarioen laguntza- eta mentoretza-zerbitzuak sustatzea.

m) Lege honen VI. tituluan esleitzen zaizkien gainerako jarduketa guztiak.

6.– Lege honen VII. tituluan araututa dagoen zigor-legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeen inguruko prebentzioaren, detekzioaren eta haien arretaren eremuari dagokionez, foru-aldundiei dagokie eginkizun hauek betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Jokabide arau-hausleak prebenitzen laguntzea; batez ere, babesaren eremuko egoitza-baliabideetako harrerapekoen artean.

b) Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea pertsona adingabeen neurriak betearazi ostean gizarte-inklusiorako jarduketak abian jartzen.

c) Haurren eta nerabeen babesaren esparruan, zigor-arloan tipifikatutako egitateen egile diren hamalau urtetik beherako pertsonei arreta ematea, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren arabera erantzukizunik eskatzen ez zaien neurrian, eta betiere pertsona horiek arrisku larrian edo desanparo-egoeran badaude.

321. artikulua.– Udalen eskumenak.

1.– Udalei dagokie eginkizun orokor hauek betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Erregelamenduak egiteko ahala egikaritzea, beren zerbitzuak antolatzeko.

b) Beren erantzukizunpean eman beharreko zerbitzuen plangintza egitea, egon daitekeen autonomia-erkidegoko eta lurraldeko plangintzarekin bat etorriz, hala badagokio.

c) Beren eskumeneko zerbitzuen prezio publikoak ezartzea.

d) Beren titulartasuneko zerbitzu eta zentroak ikuskatzea eta haiei dagokienez zehatzeko ahala egikaritzea; baita titulartasun pribatukoei dagokienez ere, baldin eta itunik, kontraturik edo hitzarmenik badute udal-eskumeneko zerbitzuak emateko.

e) Gizarte-ekimena sustatzea eta bultzatzea, baita herritarren parte-hartzea, asoziazionismoa eta boluntariotza ere, bereziki pertsona adingabeena.

f) Lege honek eta lege hau garatzeko arauek eta jarduketa-eremu bakoitzean aplikatu beharreko sektore-araudiak esleitzen dizkieten beste eskumen orokor eta espezifiko guztiak.

2.– Haurren eta nerabeen eskubideak sustatzeko eremuari dagokionez, udalei dagokie lege honen III. tituluan esleitzen zaizkien eginkizunak betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan.

3.– Haur eta nerabeen osasunerako, hezkuntzarako, ongizate materialerako eta inklusiorako kaltegarriak diren egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta haiei arreta emateko eremuari dagokionez, udalei dagokie lege honen IV. tituluan esleitzen zaizkien eginkizunak betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan.

4.– Lege honen V. tituluan jasota dagoen haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta haietan arreta emateko eremuari dagokionez, udalei dagokie eginkizun hauek betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Familia-eremuan indarkeria prebenitzeko, detektatzeko eta hartatik babesteko neurriak antolatzea, hala familia-eremuan nola komunitatekoan; bereziki, Udaltzaingoaren zerbitzuen bidez, gizarte- eta hezkuntza-arloan edo arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzuen bidez edo beste udal-zerbitzu batzuen bidez.

b) Haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerei buruz ezarritako komunikatzeko eginbeharra edo komunikatzeko eginbehar kualifikatua betez komunikatutako kasuak baloratzea, babesgabetasun-egoerarik dagoen ala ez ebazteko eta, hala bada, VI. tituluan jasotako aurreikuspenetara egokitzeko.

c) Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 42.4 artikuluak haien eskumenekotzat jotako udaleko gizarte-zerbitzuak ematea, haurren eta nerabeen kontrako indarkeria-egoerei erantzuteko egokiak izan daitezkeenak, lege-testu beraren 22.1 artikuluan ezarritakoarekin lotuta.

d) Lege honen V. tituluan esleitzen zaizkien gainerako jarduketa guztiak.

5.– Lege honen VI. tituluan araututa dagoen babesgabetasun-egoerak prebenitzeko eta detektatzeko eta egoera horietan dauden pertsona adingabeak babesteko eremuari dagokionez, udalei dagokie eginkizun hauek betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Babesgabetasunarekiko zaurgarritasun-egoerak eta arin eta neurritsutzat jotako arrisku-egoerak prebenitzea, goiz detektatzea, aztertzea, baloratzea, diagnostikatzea eta artatzea; eta arrisku larri edo desanparotzat jotzen dituzten egoerak foru-aldundietara bideratzea.

b) Arrisku arin eta neurritsuko egoeretan esku hartzea, familia-eremuko hezkuntzako eta esku-hartze sozialeko proiektua prestatuz.

c) Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 42.4 artikuluak haien eskumenekotzat jotako udaleko gizarte-zerbitzuak ematea, zaurgarritasun-egoeran edo arrisku-egoera arinean edo neurritsuan dauden pertsona adingabeak artatzeko egokiak izan daitezkeenak, lege-testu beraren 22.1 artikuluan ezarritakoarekin lotuta.

d) Iritzi publikoa sentsibilizatzea dibulgazio-kanpainak antolatuz eta komunitatean haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko neurri positiboak sustatuz.

e) Lege honen VI. tituluan esleitzen zaizkien gainerako jarduketa guztiak.

6.– Lege honen VII. tituluan jasota dagoen zigor-arloko adina ez duten arau-hausleen gizarte- eta hezkuntza-arretaren eremuan, udalei dagokie eginkizun hauek betetzea, beren eskumeneko lurralde-eremuan:

a) Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea neurri judizialak aplikatzeko, neurri horiek udaletako komunitate-ingurunean garatu behar badira.

b) Haurren eta nerabeen babesaren esparruan, zigor-arloan tipifikatutako egitateen egile diren hamalau urtetik beherako pertsonei arreta ematea, Adingabeen erantzukizun penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren arabera erantzukizunik eskatzen ez zaien neurrian, salbu eta arreta ematea foru-aldundiari badagokio arrisku larrian edo desanparo-egoeran daudela baloratu delako.

XI. TITULUA
ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPEN ADMINISTRATIBOAK
I. KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK

322. artikulua.– Subjektu erantzuleak.

1.– Arau-haustearen erantzukizuna kapitulu honetan tipifikatutako arau-hauste administratiboa egiten duen pertsona fisiko edo juridikoari egotziko zaio eta, modu solidarioan, pertsona hori bere mende duen edo harekin lotura-harreman bat duen entitatearen, baliabidearen, zentroaren edo zerbitzuaren titularrari, izan titular hori pertsona fisikoa edo juridikoa.

2.– Lege honetan ezarritako betebeharrak betetzea hainbat pertsonari batera dagokienean, horiek ez betetzeagatik egiten diren arau-hausteen eta modu solidarioan erantzungo dute ezartzen diren zehapenen aurrean. Hala ere, zehapena diruzkoa bada, ebazpenean indibidualizatu egingo da, posible bada, erantzule bakoitzak izan duen parte-hartzearen graduaren arabera.

3.– Nolanahi ere, bi pertsona edo gehiago arau-hauste baten erantzule badira eta haien parte-hartze maila ezin bada zehaztu, pertsona horiek modu solidarioan erantzuleak izango dira dagozkien zehapenen ondoreetarako.

4.– Arau-haustea haurrak edo nerabeak babesteko egoitza-harrerako baliabideetako langileek edo askatasunaz gabetzeko neurriak betetzeko eta hezkuntza-taldeko bizikidetzarako zentroetako langileek egin badute beren jarduera, eginkizuna edo lanbidea gauzatzean, modu solidarioan erantzungo du kasuan kasuko baliabidearen edo zentroaren zuzendariak edo arduradunak, egozten zaion arau-hauste administratiboa prebenitzeko jagote-eginbeharra ez betetzeagatik.

5.– Zehapen-prozeduratik legezko ordezkarientzako administrazio-erantzukizunak eratortzen badira, agintaritza zehatzaileak Fiskaltzari jakinarazi beharko dio, erantzukizun zibilak ondorioztatu ahalko balira ere.

6.– Administrazio-erantzukizuna dakarten egintzak Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren arabera delitutzat ere tipifikatu badaitezke, zehapen-espedientearen izapideak bertan behera utzi beharko dira harik eta dagokion ebazpen judiziala eman arte.

323. artikulua.– Pertsona adingabe erantzuleak.

1.– Hamalau urtetik gorako pertsonak ere erantzule izango dira kapitulu honetan tipifikatutako arau-hauste administratiboak egiteagatik.

2.– Nolanahi ere, egitateen egilea hemezortzi urtetik beherakoa bada, ezarritako isunarekiko erantzukizun solidarioa izango dute, harekin batera, haren guraso, legezko ordezkari edo harreragile edo zaintzaileek, hurrenkera horretan, pertsona adingabeari egozten zaion arau-hauste administratiboa prebenitzeko zaintza- eta jagote-eginbeharra ez betetzeagatik.

324. artikulua.– Arau-hauste administratiboak.

1.– Lege honen aurkako arau-hauste administratibotzat joko dira kapitulu honetan tipifikatzen diren egite eta ez-egite guztiak.

2.– Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke, kontuan hartuta pertsona adingabearen interes gorena, babestutako ondasun juridikoen garrantzia eta aintzat hartutako jokabideek eragiten duten kaltea edo kalte-arriskua.

325. artikulua.– Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arina da haurren eta nerabeen eskubideen eremuan aplikatzekoa den araudia ez betetzea, baldin eta horrek kalte fisiko edo psikologikorik eragiten ez badie pertsona adingabeei.

326. artikulua.– Arau-hauste astunak.

Arau-hauste astunak dira jokabide hauek:

1.– Arau-hauste arinetan berrerortzea.

2.– Haurren eta nerabeen eskubideen eremuan aplikatzekoa den araudia ez betetzea, baldin eta horrek kalte fisiko edo psikologikoak eragiten badizkie pertsona adingabeei.

3.– Legezko ordezkariek edo, hala badagokio, harreragileek edo zaintzaileek ez betetzea beren ardurapean dagoen pertsona adingabeak derrigorrezko ikasketak benetan eta era eraginkorrean egin ditzan zaintzeko eginbeharra, baldin eta ez-betetze horrek behin eta berriz eskolara huts egitea eragiten badu eta hori, autonomia-erkidegoko araudiaren arabera, eskola-absentismoa bada.

4.– Pertsona adingabeei lege honetan debekatzen edo mugatzen diren jarduerak egiten uztea, edo ez betetzea lege honek ezartzen dituen eginbeharrak pertsona adingabeek eduki edo zerbitzu kaltegarrietarako irispiderik izan ez dezaten bermatzeko.

5.– Osasun-zentroak edo osasun-langileak jaioberria identifikatzeko daukaten betebeharra ez betetzea, aplikagarri den araudiaren arabera.

6.– Eskumena duen administrazio publikoko agintariek edo langileek ebazpena eman aurretik pertsona adingabe bati ez entzutea, baldin eta entzutea espresuki aurreikusita badago berari eragiten dion administrazio-prozedura batean.

7.– Pertsona adingabe bat egon daitekeen arrisku- edo desanparo-egoeraren berri ez ematea eskumena duen administrazio publikoari edo beste agintaritza publiko bati.

8.– Abandonatuta, galduta edo etxetik ihes eginda dagoen pertsona adingabea ez uztea eskumena duen administrazio publikoaren edo beste agintaritza publiko baten esku edo, hala badagokio, haren familiaren esku, 24 orduko epearen barruan.

9.– Pertsona adingabeen babesaren arloan ematen diren administrazio-ebazpenak ez betetzea edo haien betearazpena galaraztea.

10.– Lege honen 16, 17 eta 18. artikuluetan ezarritako komunikatzeko eginbeharra ez betetzea.

11.– Pertsona adingabeak babesten aritzen diren profesionalek ez betetzea haurren eta nerabeen datu pertsonalen inguruko konfidentzialtasun-eginbeharra eta datu horiek isilean edukitzekoa.

12.– Haurrei edo nerabeei arreta emateko zentroak edo zerbitzuak irekitzea haien titular diren entitateek lege honetan ezarritako administrazio-baimenak eskuratu gabe, edo zentro edo zerbitzu horiek ixtea aldez aurretik komunikatu gabe.

13.– Entitate titularrek edo langileek zentro edo zerbitzu mota bakoitzerako ezarrita dagoen berariazko araudia ez betetzea, baldin eta horrek kalte fisiko edo psikologikoak eragiten badizkie pertsona adingabeei.

14.– Lege honen 239 eta 291. artikuluetan ezarritako berariazko jagoteko eginbeharra ez betetzea.

15.– Zentroen edo zerbitzuen xedearekin bat datozen eta pertsona adingabeen premiei dagozkien tratamendua eta arreta ez ematea, baldin eta horrek kalte fisiko edo psikologikoak eragiten badizkie pertsona adingabeei.

16.– Zentro edo zerbitzuetako titularrek, langileek edo laguntzaileek pertsona adingabeei diziplina-neurriak edo haien eskubideak mugatzeko neurriak aplikatzea, zentro horiek arautzen dituen araudian ezarritakoa bete gabe edo ezarritakoa gaindituz.

17.– Zentroetako titularrek edo langileek diru-kopuruak jasotzea emandako zerbitzuen prezio edo ordain gisa, administrazio publiko eskudunak horretarako baimenik eman ez badu.

18.– Irabazi-asmorik gabekotzat definitutako zentro edo zerbitzuetan irabaziak egiteko jokabideak babestea edo gauzatzea.

19.– Pertsona adingabe bat norbere etxean hartzea ondoren adoptatzeko asmoz, babesaren arloan eskumena duen entitateak esku hartu gabe.

20.– Zentro edo zerbitzuetako titular edo langileek, zeinahi modutan, zentroak edo zerbitzuak ikuskatu, ebaluatu eta haien jarraipena egiteko eskumena duen administrazio publikoaren jarduketak eragotzi, oztopatu eta zailtzea.

21.– Zentro edo zerbitzuen laguntza eta dirulaguntza publikoak esleitu ziren helburuez bestetarako erabiltzea.

22.– Familia-elkarguneak, pertsona adingabeak babesteko egoitza-harrerako baliabideak edo legearekin gatazkan dauden pertsona adingabeen gizarte- eta hezkuntza-arloko arreta-zentroak gainbegiratu eta kontrolatu behar dituzten funtzionarioei horietarako irispidea eragoztea.

23.– Funtzionarioek zentro edo zerbitzuen ikuskapen-, gainbegiratze- eta kontrol-lanetan egiten dituzten errekerimenduak ez betetzea.

24.– Pertsona adingabeak babesteko egoitza-harrerako baliabideetan edo askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko eta heziketa-taldeko bizikidetzarako heziketa-zentroetan adingabeen zaintza egikaritzea behar den administrazio-gaikuntzarik gabe.

25.– Familia-harrerako edo adopzioko prozesuetan dauden eta desgaitasunen bat duten pertsona adingabeak baztertzeko edo diskriminatzeko edo haien aukera-berdintasunerako oztopoak ez kentzeko praktikak sustatzea.

26.– Nazioarteko adopzioaren arloan bitartekaritza-jarduera egitea horretarako egiaztapena izan gabe.

27.– Nazioarteko adopzioko organismo egiaztatuek ez betetzea nazioarteko adopzioaren arloko araudiaren arabera bete behar dituzten eginkizunak, ez eta adopziorako beren burua eskaintzen duten pertsonekin sinatutako kontratuan xedatutakoa ere.

28.– Adoptatzaileek foru-aldundiari edo nazioarteko adopzioko bitartekaritza-organismoari ez ematea adoptatuko pertsonaren jatorrizko herrialdeko agintaritza eskudunak eskatzen dituen adopzio osteko jarraipen-txostenak egiteko beharrezkoak diren informazio, dokumentazioa eta elkarrizketak, edo ez betetzea atzerriko agintaritza horrek txosten horiek eskatutako denboran eta moduan jaso ahal izateko beharrezkoak diren beste betebehar ekonomiko edo material batzuk.

29.– Adopzio osteko izapideak aurreikusitako epean ez egitea, baldin eta pertsona adoptatzaileek izapide horiek egin behar badituzte beren seme edo alaba adoptatuen jatorrizko herrialdeko legeriaren edo autonomia-erkidegoko araudiaren arabera.

327. artikulua.– Arau-hauste oso astunak.

Arau-hauste oso astunak dira jokabide hauek:

1.– Arau-hauste astunetan berrerortzea.

2.– Arau-hauste astunak diren egite eta ez-egiteetan erortzea baldin eta kalte edo galera itzulezinak badakartza pertsona adingabearen eskubideetarako.

3.– Pertsona adingabe bat ematea edo hartzea adopzioaren legezko prozedurak saihestuz, inolako konpentsazio ekonomikorik gabe, filiazioaren antzeko harreman bat ezartzeko, edo pertsona adingabea emateko prozesu horretan bitartekari izatea.

4.– Legezko ordezkariek edo, hala badagokio, harreragileek edo zaintzaileek tratu apalesgarria ematea pertsona adingabeei, haien duintasunari eragiteko bestekoa, eta lege honetan pertsona adingabeei aitortu zaizkien eskubideei eragiten dieten jarduketak egitea, kalte fisiko edo psikologikoa eragiten badie.

5.– Pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarren edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta jarduteko lege honen 314.2 artikuluan ezarrita dagoen betekizuna egiaztatzeko betebeharra ez betetzea.

6.– Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketako Delitugileen Erregistro Zentralean aurrekariak dituztenei lana ematea pertsona adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten lanbide, ofizio eta jardueraren batean aritzeko, langile profesional zein langile boluntario gisa.

7.– Lege honen 314.6 artikuluan aurreikusitako jakinarazpena ez egitea.

8.– Hedabideen bitartez edo irispide publikorako aukera ematen duen beste edozein bitartekoren bidez haur edo nerabeen irudia, identitatea edo datu pertsonalak zabaltzea, pertsona adingabeen ohorean, irudian eta intimitatean bidegabe sartzea badakar, nahiz eta haien adostasuna edo haien legezko ordezkariena eduki.

9.– Lege honetan haurren programazioaren arloan eta pertsona adingabeei zuzendutako publizitatearen arloan jasotako arauak ez betetzea.

328. artikulua.– Berrerortzea.

Zehapen-araubide honen ondoreetarako, arau-haustean berrerortzen dela ulertuko da arau-hausteen erantzule diren pertsonek, urte baten barruan, izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago egiten badute eta administrazio-bidean ebazpen irmo batek hala gertatu dela deklaratu badu.

329. artikulua.– Arau-hausteak preskribatzea.

1.– Lege honetan jasotako arau-hausteek urtebete igaro ondoren preskribatuko dute arinak badira; hiru urte igarotakoan, astunak badira; eta bost urte igarotakoan, arau-hauste oso astunak badira.

2.– Arau-haustearen preskripzio-epea hura egin zen egunetik hasita kontatuko da. Preskripzio-epea eten egingo da zehapen-prozedura abiarazten denean, interesduna jakitun bada; eta preskripzio-epeari berrekingo zaio baldin eta zehapen-espedientea hilabetez baino gehiagoz geldiarazita badago ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik.

II. KAPITULUA
ZEHAPENAK

330. artikulua.– Zehapen motak.

Aurreko artikuluetako arau-hausteengatik honako zehapen hauetako bat edo batzuk ezarriko dira:

a) Ohartarazpena.

b) Isuna.

c) Dirulaguntzak itzultzea eta dirulaguntzen arloan indarrean dagoen legeriaren babesean formalizatutako lankidetza-hitzarmena azkentzea, hala ezarri bada dirulaguntza arautzen duten arauetan edo lankidetza-hitzarmenean jasotako estipulazioetan, hurrenez hurren.

d) Finantzaketa publikoa eskuratzeko debekua, bost urtera arteko epean.

e) Zentro edo zerbitzu osoa edo haren zati bat aldi baterako ixtea, bi urterako gehienez.

f) Zentro edo zerbitzu osoa edo haren zati bat behin betiko ixtea.

g) Arau-haustea egin duen pertsona fisikoa edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisikoa edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea, gehienez ere bost urterako, haur eta nerabeei arreta emateko zentro edo zerbitzuen titular izateko edo haur eta nerabeei arreta emateko edozein lanbidetan aritzeko.

h) Arau-haustea egin duen pertsona fisikoa edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisikoa edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea, sei eta hogei urte arteko eperako, haur eta nerabeei arreta emateko zentro edo zerbitzuen titular izateko edo haur eta nerabeei arreta emateko edozein lanbidetan aritzeko.

331. artikulua.– Zehapenak mailakatzea.

Isunen zenbatekoa zehazteko eta gainerako zehapenak aplikatzeko, organo eskudunak mailakatze-irizpide hauek hartu beharko ditu kontuan:

a) Erruduntasun-maila edo nahita egina izatea.

b) Jokabide arau-hauslearen jarraitutasuna edo iraunkortasuna.

c) Arau-hausteak berekin ekar dezakeen edozein diskriminazio mota.

d) Eragindako kalteen izaera, ukitutako pertsonen heldutasun-, adin- eta zaurgarritasun-baldintzak eta haien kopurua kontuan hartuta.

e) Interes publikoari eragindako kalteen zenbaterainokoa.

f) Berrerortzea.

g) Arau-hausleak lortutako onura.

h) Jasotako dirulaguntzen zenbateko osoa eta horrek finantza-egoeretan duen munta pertsona juridiko arau-hauslearen kasuan eta, pertsona fisikoaren kasuan, urteko diru-sarreretan duena.

i) Administrazioak aurrez egindako ohartarazpenak edo errekerimenduak ez betetzea.

j) Arau-hausleak eragindako kalteak berez konpontzea, legezkotasuna borondatez betetzea edo akatsak bere ekimenez konpontzea, zehapen-espedientea ebatzi aurretik.

332. artikulua.– Zehapenak aplikatzea.

1.– Zehapenak honela aplikatuko dira:

a) Arau-hauste arinengatik, ohartarazpena edo 10.000 eurorainoko isuna ezarriko da.

b) Arau-hauste astunengatik, 10.001 eta 100.000 euro bitarteko isunak ezarriko dira.

c) Arau-hauste oso astunengatik, 100.001 eta 600.000 euro bitarteko isunak ezarriko dira.

2.– Aurreko apartatuaren arabera ezar daitezkeen isunak gorabehera, arau-hauste astunak edo oso astunak egiten direnean, arau-haustearen inguruabarrak kontuan hartuta, eskumena duen agintaritza zehatzaileak honako zehapen osagarri hauek hartu ahal izango ditu aurrekoez gain:

a) Zehapenaren xede diren jarduketa, jarduera, jokabide edo egitateengatik arau-hausleak euskal administrazio publikoengandik lortutako dirulaguntza oro itzultzea, edo haiekin sinatutako lankidetza-hitzarmena azkentzea, hala ezarri bada dirulaguntza arautzen duten arauetan edo lankidetza-hitzarmenean jasotako estipulazioetan, hurrenez hurren.

b) Euskal administrazio publikoen edozein laguntza publiko eskuratzeko bi urtera arteko debekua arau-hauste larrien kasuan; eta bi urtetik bost urtera bitartekoa arau-hauste oso larrien kasuan.

c) Zentroa edo zerbitzua guztiz edo zati batean ixtea, gehienez ere urtebeteko epean, arau-hauste larrien kasuan; eta, arau-hauste oso larrien kasuan, zentroa edo zerbitzua guztiz edo zati batean ixtea gehienez ere bi urteko epean, edo zentroa edo zerbitzua behin betiko ixtea, guztiz edo zati batean.

d) Arau-haustea astuna bada, arau-haustea egin duen pertsona fisikoa edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisiko edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea, gehienez ere bost urteko eperako, haurrei eta nerabeei arreta emateko zentro edo zerbitzuen titular izateko edo haurrei eta nerabeei arreta emateko lanbideetan aritzeko.

e) Arau-haustea oso astuna bada, arau-haustea egin duen pertsona fisikoa edo zentro edo zerbitzuaren titular den pertsona fisiko edo juridikoa aldi baterako ezgaitzea, sei eta hogei urte arteko eperako, haurrei eta nerabeei arreta emateko zentro edo zerbitzuen titular izateko edo haurrei eta nerabeei arreta emateko lanbideetan aritzeko.

333. artikulua.– Zehapenen publikotasuna.

1.– Arau-hauste astun edo oso astunen kasuan, eskumena duen organoak zehapen-espedientearen ebazpenean erabaki ahal izango du ezarritako zehapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, haiek irmo bihurtu ondoren. Ebazpenak argitaratzeko kostua zehatutako pertsona edo entitatearen kontura izango da.

2.– Arau-haustearen erantzulea hedabide sozial bat edo publizitate-hedabide bat bada, zehapen gisa metatu ahal izango da zehapen-ebazpena jendaurrean zabaltzea, zehatutako hedabide edo bitarteko bera erabiliz, agintaritza zehatzaileak ezarritako baldintzetan.

3.– Argitaratzean, subjektu erantzuleen izen-abizenak edo sozietate-izena adierazi behar dira, baita arau-hausteen mota eta izaera ere.

334. artikulua.– Zehapenak preskribatzea.

1.– Lege honetan aurreikusitako zehapenek bost urtera preskribatuko dute arau-hauste oso astunengatik ezarri badira, hiru urtera arau-hauste astunengatik ezarri badira, eta urtebetera arau-hauste arinengatik ezarri badira.

2.– Zehapenen preskripzio-epearen kontaketa hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena betearazi ahal den egunaren biharamunetik edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko epea amaitu den egunetik. Preskripzio-epea eten egingo da exekuzio-prozedura abiarazten denean, interesduna jakitun bada; eta preskripzio-epeari berrekingo zaio baldin eta hura hilabetez baino gehiagoz geldiarazita badago ustezko arau-hausleari egotzi ezin zaion arrazoi batengatik.

III. KAPITULUA
PROZEDURAZKO XEDAPENAK

335. artikulua.– Zehapen-prozedura.

1.– Lege honen xede diren gaietan zehapen-espedienteak hasi, bideratu eta ebazteko eskumena duten organoek aplikatu beharreko zehapen-prozedura da kasu bakoitzean eskumena duten administrazio publikoei dagozkien eremuetan aplikagarriak diren zehapen-prozeduraren arauetan ezartzen dena.

2.– Prozedura hori aplikatuko da Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritako zehapen-arloko printzipio orokorrak eta prozedura errespetatuz.

336. artikulua.– Organo zehatzaileak.

1.– Udalek eta foru-aldundiek zehapen-ahala izango dute lege honek haiei esleitutako eskumenen gaietan. Zehapena ezarri behar duen organoa zehaztuko da erakunde horien berezko araudiaren arabera.

2.– Eusko Jaurlaritzak zehapen-ahala izango du lege honek esleitutako eskumenen gaietan; eta osasunean, hezkuntzan, gizarte-zerbitzuetan, justizian, kulturan, hirigintzan, herritarren segurtasunean, kontsumoan, kontsumitzaileen defentsan eta beste arlo batzuetan eskumena duten sailek horretarako izendatzen dituzten organoei egokituko zaie ahal hori egikaritzea, arau-haustea haien eskumenaren jarduketa-eremuan gertatzen bada.

337. artikulua.– Behin-behineko neurriak.

1.– Zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen organoak, zehapen-prozedura hasi ondoren, beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurri proportzionalak hartu ahal izango ditu, eman daitekeen administrazio-ebazpenaren eraginkortasuna eta prozeduraren amaiera ona ziurtatzeko, arau-haustearen ondorioek irautea saihesteko eta interes orokorren eskakizunak ziurtatzeko.

2.– Betiere, pertsona adingabeen osotasun fisiko eta morala babesteko beharrezkoak diren behin-behineko neurriak hartu beharko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arreta integral eta espezializatuko zerbitzua sexu-indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeentzat.

1.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, planifikatu eta koordinatuko du Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzu bat sortu eta abian jartzeko lana, arreta integral eta espezializatua emateko sexu-indarkeriaren biktima izan diren haur eta nerabeei.

2.– Zerbitzu hori ingurune seguru modura eratuko da, eta sexu-indarkeriaren biktima diren pertsona adingabeei beren premietara egokitutako harrera-, laguntza-, babes- eta errekuperazio-neurriak eman beharko zaizkie.

3.– Era berean, zerbitzu hori biktimentzako erreferentzia-gunea izango da, eta bertara joango dira prozesu asistentzial eta judizialetan parte hartzen duten profesional guztiak.

4.– Horretarako, protokoloak ezarri beharko dira, zeinek jarraibideak definituko dituzten sexu-indarkeriako egoerak egoki identifikatzen eta bideratzen direla ziurtatzeko, eta haurren eta nerabeen arretan eta babesean inplikatutako sistemen edo agintarien arteko esku-hartze koordinatua bermatzeko, bereziki, gizarte-zerbitzuak, osasun-, hezkuntza- eta polizia-zerbitzuak, Fiskaltza eta agintaritza judizialak, bai eta justiziarekin lankidetzan aritzen diren zerbitzuak ere, esaterako, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua, lantalde psikosozial judizialak eta delituaren biktimak artatzeko bulegoak.

5.– Nolanahi ere, zerbitzu hori doakoa izango da, eta errespetatu egingo dira bertara jotzen duten biktimen, haien senideen edo hirugarrenen duintasuna, konfidentzialtasuna eta datu pertsonalak babes dakizkien duten eskubidea.

6.– Eusko Jaurlaritzak, haurren eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, zerbitzu horretan lan egiten duten profesionalek lege honen 311. artikuluan jasotzen den hasierako eta etengabeko prestakuntza espezializatua izan dezaten sustatuko du, bai eta lege horren 312.1 artikuluan ezartzen den prestakuntza espezifikoa ere.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Autonomia Erkidegoan osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsona adingabeei emandako arreta soziosanitarioari buruzko diagnostikoa.

1.– Lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean, diagnostiko orokor eta espezifiko bat egin eta onetsiko da, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun mentaleko nahasmenduak dituzten pertsona adingabeei arreta soziosanitarioa ematearekin zerikusia duten alderdi guztiena, eta arlo horretako liburu zuria bihurtuko da.

2.– Diagnostiko horrek oinarrizko helburu hauek izango ditu:

a) Osasun mentaleko nahasmenduak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona adingabeentzako arreta soziosanitarioaren egungo egoera ezagutzea, eskura dauden baliabideei, haien aprobetxamenduari eta jarduera asistentzialaren antolaketari dagokienez.

b) Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea onetsi zenetik, erakundeen arteko elkarlanaren esparruan egin diren jarduketa nagusiak detektatu, deskribatu eta aztertzea, eta lortutako emaitzen eta haren indargune eta ahultasunen balorazioa egitea.

c) Arreta soziosanitarioaren premia eta gabeziak, hobetzeko arlo eta aukerak, eta arretaren kalitatea hobetzea ahalbidetzen duten erronkak identifikatzea.

3.– Diagnostikoak, halaber, azken txosten-proposamen bat ere jasoko du. Txosten horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan arreta soziosanitariorik onena lortzeko beharrezkotzat jotzen diren neurri eta politikei buruzko ondorioak eta gomendioak jasoko dira, bertako baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean aprobetxatzen direla bermatzeko eta dauden premiak ahalik eta modu egokienean aseko dituen erantzuna emateko.

4.– Diagnostikoa egiteko, Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Batzordearekin batera, batzorde tekniko bat eratuko da, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari atxikita egongo dena; eta batzorde horren osaeran parte hartu beharko dute Eusko Jaurlaritzan haurren eta nerabeen arloan eta arreta soziosanitarioaren arloan eskumena duten sailetako ordezkariek, bai eta foru-aldundi bakoitzeko ordezkariek ere.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko 2022-2025 aldirako estrategia integrala.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak landutako Haurren eta Nerabeen kontrako Indarkeriari aurre egiteko 2022-2025 aldirako Euskal Estrategiak lege honen 128.6 artikuluan aurreikusitako agindua bete beharko du, hau da, Haurren eta Nerabeen Behatokiak estrategia horren betetze-mailari eta efikaziari buruzko ebaluazio-txostena egin beharko du.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Sektore-protokoloak.

1.– Eusko Jaurlaritzak, kasu bakoitzean eskumena duten sailen bitartez, foru-aldundiek haurrak eta nerabeak babesteko lurralde-zerbitzuen bidez, eta udalek, autonomia-erkidegoan ordezkaritza handiena duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan ezarpen handiena duen toki-entitateen elkarteak ordezkatuta, lege honen 142. artikuluan aipatutako haurren eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko jarduketa-protokolo sektorialak prestatuko dituzte horretarako sortutako batzorde misto baten esparruan.

2.– Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen zuzendaritzak koordinatuko du eratuko den batzorde mistoa, eta esleitzen zaizkion eginkizunak behar bezala betetzeko beharrezkoa den laguntza ekonomikoa, materiala, teknikoa eta langileena emango dio aipatutako zuzendaritzak.

3.– Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoak jarduketa-protokoloak onetsi beharko ditu aurreko apartatuan aipatzen den batzordeak proposatuta eta, lege hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita, bi urteko epean. Protokolo horiek lege honen 142.3 artikuluan ezarritako eremu bakoitzerako espezifikoak izan beharko dute.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Balora tresna berrikustea eta eguneratzea.

1.– Erakunde arteko lantalde tekniko batek berrikusiko ditu Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetan arrisku- eta desanparo-egoeren larritasuna balioesteko Balora tresna, zeinaren eguneraketa maiatzaren 9ko 152/2017 Dekretuaren bidez onetsi baitzen, bai eta tresna hori ordeztuko duten ondorengo tresna teknikoak ere.

2.– Lantalde hori Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen zuzendaritzaren bidez koordinatuko da, eta foru-aldundi bakoitzak haurrak eta nerabeak babesteko dituen lurralde-zerbitzuetako eta udaletako gizarte-zerbitzuetako teknikariek osatuko dute, nahitaez.

3.– Lantalde teknikoak Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailari helaraziko dizkio bere irizpide, proposamen eta gomendio teknikoak, indarrean den Balora tresna aldatzeko beharrari dagokionez eta, bereziki, honako gai hauei buruz:

a) Babesgabetasun-egoera diren kasuak, eta haiek arrisku- eta desanparo-egoera gisa definitzera daramaten irizpide teknikoak.

b) Arrisku-egoeren larritasun-maila arrisku arin, neurritsu edo larri gisa kalifikatzea.

c) Babesgabetasun-egoerak aztertzeko, ikertzeko, baloratzeko eta diagnostikatzeko prozeduren esparruan egin beharreko jarduketa espezifikoak, babesgabetasun-egoera izan daitezkeen kasu jakin batzuetan gerta daitezkeen inguruabar bereziei erreparatuta edo, hala badagokio, arrisku-egoera deklaratu beharra dakartenei erreparatuta.

4.– Tresna teknikoaren eguneratzea egitea eta onestea, zeina lege hau erregelamendu bidez garatzeko arau-mailakoa izango baita, Eusko Jaurlaritzari dagokio, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailak proposatuta, eta aurreko apartatuan aipatutako irizpide, proposamen eta gomendio teknikoak oinarri hartuta.

5.– Eratzen den lantalde teknikoari esleitzen zaizkion berezko eginkizunak behar bezala betetzeko, Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen zuzendaritzak beharrezkoa den laguntza ekonomikoa, materiala, teknikoa eta langileena emango dio, xedapen honen 1 eta 2. apartatuetan jasotako aurreikuspenak betetze aldera.

6.– Lantalde teknikoaren eginkizunei laguntzeko behar diren baliabide ekonomikoak Eusko Jaurlaritzan haur eta nerabeen arloan eskumena duen zuzendaritzaren berariazko aurrekontu-kredituetatik etorriko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan edo aurrekontu-izaerako lege-mailako arauetan horretarako ezarrita daudenetatik.

SEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lehentasunezko tratua.

Osasun- eta hezkuntza-administrazioek behar diren jarduketak egin beharko dituzte hurrenez hurren lege honen 223 eta 224. artikuluetan jasotako aurreikuspenak eraginkorrak izango direla bermatzeko. Bi urteko epea izango dute horretarako, lege hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

ZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Familia-erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileak lekualdatzea.

1.– Familiako erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileei arreta eta babesa ematearen eremuan Euskal Autonomia Erkidego osoan politika homogeneo bat bermatze aldera, pertsona horietako zenbait batera edo haien talde bat beste autonomia-erkidego batzuetatik autonomia-erkidego honetara lekualdatzen direnean, Espainiako Konstituzioan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 140.1.i) artikuluan aurreikusitako lurralde arteko elkartasun-printzipioaren esparruan, Eusko Jaurlaritzari dagozkio, haurren eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez eta foru-aldundiekin lankidetzan, eskumena duten administrazio publiko autonomikoekin koordinatzeko eginkizunak, lekualdatzearen baldintzak eta inguruabarrak zehazteko, bai eta lekualdaketa hori egiteko eta pertsona adingabeei arreta eta babesa emateko betekizunak zehazteko ere.

2.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan bertan lurralde arteko elkartasuna ziurtatzeko, eta bermatzeko haren lurralde-eremu osoan foru-aldundien jarduna bidezkoagoa, homogeneoagoa, orekatuagoa eta kohesionatuagoa izango dela familiako erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileei ematen zaien arreta eta babesari dagokionez, adingabe migratzaile horientzako aukera-berdintasuna hobetu dadin, Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, pertsona adingabeak lurralde historikoen artean banatzeko irizpideak eta baldintzak ezarriko ditu, baita dagozkion jarraipen-mekanismoak ere.

3.– Nolanahi ere, foru-aldundien laguntzarekin ezarri beharko dira familiako erreferenterik gabeko pertsona adingabe migratzaileen banaketa gidatuko duten irizpideak eta baldintzak.

ZORTZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kautelazko neurriak krisi humanitarioen testuinguruetan.

1.– Krisi humanitario baten ondorioz pertsona adingabeak masiboki etortzen direnean familiako erreferenterik gabe, foru-aldundiek lege honen 171. artikuluan aurreikusitako premiazko berehalako arreta emango diete eta beren gain hartuko dute haien behin-behineko zaintza, administrazio-ebazpen bidez.

2.– Lege honen ondoreetarako, krisi humanitariotzat hartuko dira, besteak beste, natura- edo ingurumen-arrazoiek, direla lurrikara, uholde, urakan, lehorte, ingurumen-aldaketa edo antzekoek, arrazoi geopolitikoek, direla gerra, gatazka zibil, jazarpen, joan-etorri masibo, gosete edo antzekoek, edo epidemien pareko osasun-arrazoiek, besteak beste, eragindako ezohiko larrialdi-egoera batean sortutakoak.

3.– Inguruabarren salbuespenezko izaerari eta larritasunari erreparatuta, eta betiere larrialdiko familia-harrera formalizatzeko egokitzat jotako familia edo pertsonarik ez badago, foru-aldundiek kautelaz eskuordetu ahal izango diete zaintza pertsona adingabeak aldi baterako hartzeko prest agertu diren familiei.

4.– Nolanahi ere, zaintza kautelaz eskuordetu aurretik, familia edo pertsona horiek egiaztatu egin beharko dute ez daudela sartuta egoera hauetan:

a) Guraso-ahalaren egikaritza kenduta edo etenda izatea ebazpen judizial edo administrazio-espediente baten bidez, edo hura kentzeko edo eteteko kausa batean sartuta egotea.

b) Tutoretza-egoera batetik legez egotziak izatea.

c) Askatasunaz gabetzeko edozein zigor jaso izana, kondena betetzen ari diren bitartean.

d) Epai irmo bidez kondenaturik egon izana giza hilketaren dolozko delituagatik, haren erak edo lesioak nolanahikoak izanagatik ere; askatasunaren, osotasun moralaren edo familia-eskubide eta -betebeharren kontrako delituagatik; genero-indarkeriarekin erlazionatutako delituagatik edota sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik, barne hartuta, besteak beste, sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa, sexu-esplotazioa eta pertsona adingabeak galbidean jartzeko ustelkeria eta gizakien salerosketa.

e) Genero-indarkeriaren, emakumeen kontrako indarkeriaren edo etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindu bati lotutako kautelazko neurrien mende egotea.

f) Tutoretza egikaritzea ezinezko egiten duten zirkunstantzietan erortzea, Kode Zibilak ezarritakoari jarraikiz.

5.– Era berean, zaintza beteko duten familiek edo pertsonek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Berariaz eta idatziz adieraztea, batetik, jakitun direla pertsona adingabeari familian harrera egitearen eta aldi baterako egonaldiaren helburua ez dela adopzioa, ez eta adopzioaren aurreko bizikidetzarako zaintza eskuordetzea ere, eta, bestetik, konpromisoa hartzen dutela pertsona adingabea bere jatorrizko herrialdera itzultzea errazteko.

b) Aldeko txosten psikosoziala izatea, beren inguruabar pertsonalak eta familiakoak jasoko dituena.

6.– Hartutako neurriak sei hilabetez behin berrikusi beharko dira, eta ez da tutoretzaren ardura hartu behar izango neurriak hartu eta lehenengo 24 hilabeteetan. Hala ere, aldi horretan, beste babes-neurri egonkorrago batzuk edo behin betikoak hartu ahal izango dira, baldin eta egiaztatzen bada ezinezkoa dela jatorrizko herrialdera itzultzea, edo itzulera oztopatzen duten aparteko inguruabar edo arrazoiak badaude eta, betiere, pertsona adingabearen interes gorenak hala eskatzen badu.

7.– Hartutako neurriak berrikustean, foru-aldundiek haurrak eta nerabeak babesteko dituzten lurralde-zerbitzuek nahitaez egin beharko dute aldez aurretiko jarraipena, eta txosten tekniko bat egingo dute pertsona adingabea zer egoeratan dagoen eta familiara nola egokitu den ebaluatzeko.

BEDERATZIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Zerbitzu esperimentalak.

1.– Haurren eta nerabeen interesaren alde, euskal administrazio publikoek konponbide berritzaileak ekar ditzaketen ekimen esperimentalak garatu ahal izango dituzte, bai eta baliabide ekonomiko eta teknikoen bitartez haiei laguntza eman ere, betiere konponbide horiek lege honetan ezarritako helburuekin bat badatoz eta lege honetan aurreikusitako kasu bakoitzerako ezarritako eskubide-mugaketak gainditzen ez badituzte.

2.– Aurreko apartatuan aipatzen diren zerbitzu esperimentalak bi urterako baimendu ahal izango ditu, salbuespen gisa, eskumena duen administrazioak, eta egoera horren berri eman beharko dio Eusko Jaurlaritzari. Epe horren buruan ebaluazio kualitatibo bati jarraituz erabakitzen bada, horrela garatu den arretako modalitatea alternatiba egokia eta bideragarria dela, dagozkion betekizun material eta funtzionalak arautu beharko dira. Egokitzat jotzen ez bada, zerbitzu horrek baimena galduko du.

HAMARGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Pertsona adingabeak babesteko entitate publikoaren erreferentzia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuko jarduketei dagokienez, lege honetan pertsona adingabeak babesteko entitate publikoa aipatzen denean, lurraldearen arabera eskumena duen foru-aldundia aipatzen dela ondorioztatuko da.

2.– Lurraldearen arabera eskumena duen foru-aldundiari dagokio pertsona adingabeen egoerari buruzko txostenak egitea, sektore-legeriak pertsona adingabeak babesteko erakunde publikoei berariaz esleitzen dizkienak.

HAMAIKAGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeen harrera-zentroei buruzko erreferentziak.

Ulertu beharko da portaera-arazo larriak dituzten nerabeei laguntza intentsiboa emateko programa espezializatuak aplikatzen diren egoitza-harrerako zentroei buruzko erreferentziak, Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretuak jasotakoak, lege honen VI. tituluaren IV. kapituluaren 8. atalean araututako jokabide-arazoak dituzten pertsona adingabeak babesteko zentro espezifikoei buruzkoak direla.

HAMABIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udalen ordezkaritza.

Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoan eta Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluan aurreikusitako udal-partaidetzaren ondoreetarako, ulertuko da ordezkaritza hori autonomia-erkidegoan ordezkaritza handiena duen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan ezarpen handiena duen toki-entitateen elkarteak izango duela.

HAMAHIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema.

1.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bidez, Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistema diseinatu, garatu, ezarri eta abiaraziko du, lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean; betiere, 308. artikuluan ezarritako moduan.

2.– Aurreko ondoreetarako, informazioa prestatu eta etengabe eguneratzeko beharrezkoak diren datuak jaso eta etengabe iraultzeko beharrezkoak diren sare eta gailu informatiko eta telematikoak antolatu beharko ditu, kontuan izanik datuak modu agregatuan lortzeko ezarritako irizpideak eta datu horiek modu desagregatuan lortzeko definitzen diren aldagaiak kontuan hartuta.

3.– Era berean, bermatuko du Haur eta Nerabeei buruzko Informaziorako Euskal Sistemari mantentze-lanak eta eguneraketa informatikoa egiten zaizkiola.

HAMALAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Estatuko erregistroei informazioa ematea.

Foru-aldundiei eta, hala dagokionean, udalei egokituko zaie maila estatalean Adingabeen Tutoretzen Indizean, Haurren eta Nerabeen kontrako Indarkeriari buruzko Gizarte Zerbitzuen Erregistro Bateratuan (HNIGZEB) eta, hala badagokio, Haurren eta nerabeen aurkako indarkeriari buruzko informazioaren Erregistro Zentralean sartu beharreko informazioa ematea, informazio horrek haien eskumeneko eremu materialari eragiten badio edo haren barruan badago.

HAMABOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Legearen inplementazioa ebaluatzea.

Lege hau indarrean jartzen denetik, lau urtean behin, Eusko Jaurlaritzak lege honen eraginaren ebaluazioa egin beharko du, euskal administrazio publikoek legea ezartzeko garatu dituzten jarduerak eta hura abiaraztearen ondorio sozial, juridiko eta ekonomikoak aztertzeko. Ebaluazio horretan, Haur eta Nerabeen Foroko kideek parte hartuko dute.

HAMASEIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretua eguneratzea.

Gehienez ere lau urteko epean, Gizarte babesik gabeko haur eta nerabeentzako egoitza harrerako baliabideak arautzen dituen uztailaren 8ko 131/2008 Dekretua berrikusi eta eguneratuko da.

HAMAZAZPIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Tresna teknikoak baliozkotzea.

Legean aipatzen diren tresna teknikoak baliozkotzeko, ezagutza akademikoa eta ebidentzia zientifikoa hartuko dira oinarri.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Nazioarteko Adopziorako Euskal Autonomia Erkidegoko Batzorde Teknikoa.

1.– Lege honen 270. artikuluan aurreikusi den Nazioarteko Adopziorako Euskal Autonomia Erkidegoko Batzorde Teknikoa arautuko da Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituen abenduaren 27ko 277/2011 Dekretuan Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoari buruz ezarritako xedapenen arabera, harik eta haren osaera, eginkizunak eta jarduteko araubidea arautuko dituen araudia onetsi arte.

2.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, dagokion erregelamendu bidezko garapena egingo du urtebeteko epean, lege hau indarrean jartzen denetik kontatzen hasita.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua.

Lege honen 306.7 artikuluan aurreikusitako erregelamendu bidezko garapena egiten ez den bitartean, lege hau indarrean jartzen denetik, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko Batzorde Iraunkor Sektoriala delakoa Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua deituko da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren mende egoteari utziko dio eta batzorde hori erregulatzen duen araudia aplikatuko zaio lege honetan xedatutakoaren aurka ez dagoen orotan, harik eta haren berariazko erregulazioa onetsi arte.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.– Espresuki indargabetuta geratzen da Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea.

2.– Halaber, indargabetuta geratzen dira lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden edo bertan xedatutakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Haurren eta nerabeen gaineko eragina ebaluatzeko arau edo gidalerroak onestea.

Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean, lege-aurreproiektuek eta erregelamendu-proiektuek haurren eta nerabeen gainean duten eragina ebaluatzeko jarraitu beharreko arauak edo gidalerroak onetsiko ditu eta, hala badagokio, eraginaren ebaluazio hori egin beharretik salbuetsita geratzen diren arauak, lege honen 3.3 artikuluan aipatzen direnak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arreta soziosanitarioko unitateak arautzea.

Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean, lege honen 114. artikuluan aurreikusitako pertsona adingabeentzako unitate soziosanitarioak arautzeko araudia egin eta onetsiko du.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– VIII. tituluan aurreikusitako organoak arautzea.

1.– Eusko Jaurlaritzak, haur eta nerabeen arloan eskumena duen sailaren bitartez, eta lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean, arautuko ditu lege honen 303, 306 eta 307. artikuluetan, hurrenez hurren, jasotako Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoaren, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluaren eta Haur eta Nerabeen Foroaren eginkizunak, osaera eta jarduteko araubidea.

2.– Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko eta Sektore arteko Organoak, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseiluak eta Haur eta Nerabeen Foroak beren eginkizunak egoki eta eraginkortasunez betetzeko behar dituzten giza baliabideak eta bitarteko material eta teknikoak izango dituzte.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan behar beste baliabide ekonomiko esleituko da, urtero, aipatutako organoen jarduera finantzatzeko.

4.– Organo horiek xedapen honen 1. apartatuan aipatutako epean eratu beharko dira.

5.– Kide anitzeko organoetako kide izateak ez du sortuko organo horien saioetara joan edo bertan parte hartzearen ondoriozko ordain ekonomikoa jasotzeko eskubiderik.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Haurren eta Nerabeen Behatokiaren egitura egokitzea.

1.– Lege honen 3.4 eta 316.c) artikuluetan jasotako aurreikuspenak betetzeko, Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jartzen denetik gehienez ere lau urteko epean, lanpostu-zerrendan beharrezkoa den aldaketa egingo du Haurren eta Nerabeen Behatokiak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren barruan egiten diren lege-aurreproiektuen eta erregelamendu-proiektuen txostenak egin ditzan bermatzeko, bereziki.

2.– Halaber, lanpostu-zerrenda aldatu behar da halako moldez non behar diren lanpostuak izango baititu Haurren eta Nerabeen Behatokiak lege honen 316. artikuluan esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak bete ditzan, baita hori aplikatzeak dakartzan premietara egokitu dadin ere.

3.– Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean jarri eta bi urteko epean, Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzen duen abenduaren 4ko 219/2007 Dekretuan jasotako araudia aldatuko du, lege honek organo horri esleitzen dizkion egitura eta funtzionamendura egokitzeko eta hura aplikatzeak sortzen dituen premiei erantzun egokiagoa emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Ordezko araubidea.

Lege honetan xedatu gabekoetan, gaiaren arabera dagokion sektore-araudia aplikatuko da eta, bereziki, zehapen-araubideari dagokionez, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzko martxoaren 16ko 1/2023 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.– Erregelamendu bidezko garapena.

1.– Eusko Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege honetan espresuki aurreikusitako erregelamenduzko xedapenak eta lege hau bete eta garatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak eman ditzan, eta horiek eraginkortasunez betearazi eta ezartzen direla bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzan, bere eskumenen eremuan.

2.– Eusko Jaurlaritzak, zehazki, honako hauek egiteko baimena izango du, erregelamendu bidez egin ere:

a) Lege honen 332.1 artikuluan jasota dauden isunen zenbatekoa eguneratzeko. Edonola ere, gehikuntzen ehunekoa ez da izango bizi-kostuaren gehikuntzaren indize ofizialena baino handiagoa.

b) Lege honen 105.1 artikuluan ezartzen den arreta goiztiarreko esku-hartze integralaren onuradun diren haurren adin-tartea handitzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO ZAZPIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilabeteren buruan jarriko da indarrean lege hau.

Hala ere, lege honen 3.4 eta 316.c) artikuluetan jasotako aurreikuspenek 2028ko urtarrilaren 3tik aurrera izango dituzte ondoreak.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 21a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala