Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2024ko otsailaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
971

ERABAKIA, 2024ko otsailaren 6koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen diren Toki-korporazioei laguntzak emateko 2024ko deialdia eta oinarri arautzaileak.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean adierazitakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-beharretara egokitutako titulartasun publikoko baliabide-zuzkidura bermatuko da, eta arrazionalizazio-irizpideen arabera planifikatuko dira baliabideak.

Hala ere, zerbitzu sanitarioak behar bezala ematea oso baldintzatuta dago behar diren lokalen eta ekipamenduen erabilgarritasunarekin. Egiaztatu denez, kasu askotan, lokal eta ekipamendu horiek ez dira egokitzen egungo premietara; beraz, laguntza-programa bat egin da lokal eta ekipamenduen hobekuntza sustatzeko, eta haien emakida arautu da.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak, biztanleriaren osasun-beharretara egokitutako zerbitzu sanitarioak emateko helburua betez, bere gain hartu du sustapen-jarduera hori, eta horretan jarraitzen du, toki-korporazioentzako laguntzen urteroko deialdiaren bidez.

Horiek horrela, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. Tituluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan laguntza eta dirulaguntzei buruz araututakoaren arabera, eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak onartutako Ente Publikoaren Estatutu Sozialek ematen dizkioten eskumenak erabiliz, Osakidetza Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluak honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Tokiko korporazioei 2024an laguntzak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, I. eranskinean ezarritako moduan.

Bigarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitara dadin agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 6a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.

I. ERANSKINA

1.– Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioei laguntzak esleitzeko, hain zuzen ere, osasun-zentroetan edo osasun-zentroen menpeko kontsultategietan proiektuak idazteko, oin berriko obrak egiteko eta eraikin horiek handitu, eraberritu eta konpontzeko obrak, bai eta bertan altzariak jartzeko ere.

2.– Finantzaketa.

Aurreikusitako laguntzak «Beste batzuei emandako kapital-dirulaguntzak» kontabilitate-kontuaren kargura finantzatuko dira (zk.: 65310000).

Programaren guztizko zenbatekoa 500.000,00 euro-koa da.

3.– Onuradunak.

Funts publikoen hartzaileak laguntza horien onuraduntzat hartuko dira, baldin eta, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazio gisa, 2023an, osasun-zentro edo kontsultategietan proiektuak edo obrak abiarazi badituzte, edo osasun-zentro edo kontsultategietarako altzariak erosi badituzte.

Laguntzaren eskabidea aurkezteko epean egiaztatu beharko dute hartzekodunak direla, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien bidez, I. eranskin honetako 5. idatz-zatian eta II.1 eta II.2 eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

4.1.– Laguntza gastu hauetara bideratuko da:

– Proiektuak idaztea.

– Oin berriko obrak.

– Handitze-lanak.

– Eraberritze-lanak.

– Zentroko mantentze- eta konponketa-lanak.

– Altzariak erostea.

Proiektu eta obra horiek orube, eraikin eta lokalei buruzkoak izan behar dute, eta laguntzaren onuradun den toki-korporazioaren titulartasunekoak.

4.2.– Laguntza bakoitzaren zenbatekoa, hala badagokio, egin beharreko inbertsio osora irits daiteke.

5.– Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

5.1.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko, hilabeteko epea izango da, erabaki hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5.2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 13., 14. eta 16. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskabideak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari zuzendu behar zaizkio (Araba kalea 45, 01006, Vitoria-Gasteiz).

5.3.– Eskabideak II.1 eranskinean jasotako ereduaren arabera egingo dira, II.2 eranskinean adierazitako agiriak erantsita.

5.4.– Eskabidea jasotakoan akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, bide berberak erabiliz jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta 15 egun balioduneko epea emango zaio behar bezala zuzen dezan. Epe hori igaro eta oraindik ez bada eskaera egin, eskabidea artxibatu egingo da, bestelako izapiderik egin gabe.

6.– Eskabideak eta eskatutako dokumentazioa baloratzea.

6.1.– Eskabideak beren-beregi izendatutako batzorde batek baloratuko ditu; hain zuzen ere, Osakidetzako zuzendari nagusiaren 2022ko azaroaren 23ko 1868/2022 Ebazpenaren bidez izendatu ziren batzorde horretako kideak, osasun-zentroak eraikitzeko, handitzeko, eraberritzeko eta konpontzeko eta horietarako altzariak eskuratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko korporazioei bideratutako laguntzen deialdian aurreikusitakorako.

6.2.– Balorazio-lana honako irizpide hauen arabera egingo da:

a) Eskatutako hobekuntza finantzatzeko arrazoizko beste aukerarik ez egotea.

b) Herri bakoitzaren ezaugarri bereziak kontuan hartzea (hala nola eraikin salbuetsietan edo beste zerbitzu historiko-artistiko batzuei loturik ez daudenetan obrak egitea).

c) Zentroen kanpoaldean zein barrualdean dauden arkitektura-oztopoak kentzeko beharrezkoak diren obrei emango zaie lehentasuna, baita irisgarritasuna hobetzeko obrei ere.

6.3.– Erabaki honetan aipatutako baldintza guztiak betetzeak ez du berez ematen laguntza jasotzeko eskubidea.

6.4.– Laguntza hau ezin izango da eman xede eta kontzeptu bererako beste edozein laguntzarekin batera, gainfinantzaketarik badago.

Baterako finantzaketaren kasuan, helburu bererako lortutako laguntzen zenbateko osoa kostu osoa baino handiagoa bada, erabaki honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, gehiegizko kopuru hori kenduta.

6.5.– Balorazioan, honako hauek adierazi beharko dira:

a) Erakunde onuradunen zerrenda eta diruz lagundutako kontzeptuak.

b) Dirulaguntzen zenbateko osoa, eta diruz lagundutako kontzeptu bakoitzerako zenbateko horren banakapena.

7.– Ebazpena.

7.1.– Balorazioa egin ondoren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak, Administrazio Kontseilu honek eskuordetuta, laguntzak esleitzeko ebazpena emango du, Balorazio Batzordeak proposatuta. Ebazpen hori EHAAn argitaratuko da.

Aldi berean, laguntza esleitu zaion toki-korporazioari onarpen-agiria bidaliko zaio, zeinak behar bezala beteta itzuli beharko du 15 egun balioduneko epean, jasotzen duen egunetik zenbatzen hasita.

Epe horretan itzultzen ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da, eta laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratu beharko da, hurrengo 7.2 atalean xedatutakoaren arabera.

7.2.– Balorazioan kontuan hartutako baldintzaren bat aldatuz gero, emandako ebazpena aldatu ahal izango da.

Zehazki, emandako laguntzari uko egiten bazaio edo ez-betetzeagatik laguntza itzuli behar bada, zenbatekoak berriro esleituko dira gainerako eskatzaileen artean, irizpide berberen arabera.

Era berean, aldi berean beste laguntza bat lortzen bada, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak doitzeko, eta, aurreratutako ordainketak egin badira, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzuli beharko dira.

7.3.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio Kontseilu honi, hilabeteko epean, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 5.2 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.1 eta 121. artikuluetan.

7.4.– 2024ko abenduaren 31n esanbidezko ebazpenik eman ez bada, ebatzi gabeko eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharra.

8.– Emandako dirulaguntzak ordaintzea.

Laguntzari dagokion zenbatekoa jasotzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik egiaztatzea laguntza eman zeneko helburua bete dela, kasuan kasuko egiaztagiriaren bidez. Ondoren, laguntza onetsitakoan, transferentzia bidez ordainduko da.

Dokumentazioa aurkezteko epea 2024ko abenduaren 31n amaituko da. Salbuespen gisa, epe hori luzatu ahal izango da, baldin eta onuradunak eskatzen badu, epea amaitu baino hilabete lehenago, eta modu egoki eta nahikoan justifikatzen bada.

Aurrekoa gorabehera, laguntza dela-eta justifikatzen denean, konturako ordainketak egin ahal izango dira. Konturako ordainketa horien ondorioz, zatikako ordainketak egin ahal izango dira, diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko erritmoaren arabera, eta aurkeztutako justifikazioaren zenbateko berean ordainduko dira.

Salbuespen gisa, ordainketa aurreratuak egin ahal izango dira, hau da, justifikazioa egin aurretik funtsak eman ahal izango dira, dirulaguntzari dagozkion jarduerak gauzatu ahal izateko finantzaketa gisa.

9.– Onuradunen betebeharrak.

9.1.– Ebazpen honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

b) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta/edo gainerako erakunde fiskalizatzaileei deialdi honen kontura jasotako laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa ematea.

d) Beste edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

e) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea. Bereziki, zentroaren kalifikazioa ez aldatzea.

9.2.– Zehazki, onuradunak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Emandako laguntza onartzea, deialdi honen 7.1 puntuan ezarritakoaren arabera.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Proiektuak idazteko eta obrak egiteko, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko otsailaren 21eko 31/2006 Dekretuan ezarritakoa betetzea.

d) Osasun Sailarekin eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin lankidetzan aritzea, haiek hasitako jarduera-programak gauzatzeko.

e) Osasun Sailak ezarritako ikuskapenak eta kontrolak onartzea.

f) Era berean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak laguntzaren arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen dituen gainbegiratze, ikuskapen eta egiaztapen guztiak egitea.

g) Azpiegituren Zuzendariordetzak, txosten tekniko baten bidez, bidalitakoaz bestelako agiriren bat edo aldaketaren bat eskatzen badu, 15 egun naturaleko epea izango du erantzuteko.

10.– Laguntza itzultzea edo ezeztatzea.

10.1.– Kasu hauetan, onuradunek ezin izango dute eskatu laguntza ordain dakien, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dituzte, bai eta ordainketa egin zenetik aurrera aplikatzekoak diren legezko interesak ere:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea, 8. apartatuaren arabera.

b) Dirulaguntzaren helburua ez betetzea.

c) Laguntza dela-eta ezarritako baldintzak ez betetzea.

d) Ezarritako kontrol-jarduerei uko egitea edo oztopoak jartzea.

e) Aldi berean laguntzak jasotzea eta gainfinantzaketa egotea.

10.2.– Balorazioan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, ezeztatze osoa edo partziala egin ahal izango da, 7.2 puntuarekin bat etorriz.

Bereziki, ezeztatu ahal izango da 9.1.d, 9.1.e, 9.2.b, 9.2.g eta 10.1 apartatuak betetzen ez badira.

10.3.– Kasu horietarako organo eskuduna abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera eta Dekretu horren 5. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera zehaztuko da.

11.– Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusi gabeko prozedura-alderdi guztietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala