Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

40. zk., 2024ko otsailaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA SAILA
963

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 9koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Hezkuntza Sailaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendari-lanpostuak izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko.

Abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak, lanbide-heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituenak, 13. artikuluaren 1. paragrafoan ezartzen du hezkuntza-administrazioen titulartasuneko ikastetxe integratuen zuzendaritza izendapen askeko prozeduraren bidez emango dela, eta irakasle funtzionarioen artean izendatuko dela, merezimendu-, gaitasun- eta publikotasun-printzipioei jarraiki, ikastetxeko kide anitzeko organoei kontsulta egin ondoren.

Ildo beretik doa Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluaren 1. apartatua, eta azpimarratzen du titulartasun publikoko ikastetxe integratuen zuzendaritza izendapen askeko prozeduraren bidez hornituko dela lanbide-heziketaren arloan esperientzia egiaztatua duten pertsonen artean.

Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretu horretan adierazten da, halaber, hezkuntza-administrazioaren titulartasuneko ikastetxe integratuen kasuan, izendapena abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 15. artikuluaren 2. apartatuan jasotako irakasle funtzionarioen artean egingo dela.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak (uztailaren 5eko EHAA) berrikuntza gisa sartu zuen LHko eredu konbinatu bat Lanbide Heziketan. Eredu horretan, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako Lanbide Heziketa integratuaren eremua ez ezik, berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza aktiboko ikaskuntzak ere sartzen dira.

Gainera, 2022ko azaroaren 7an, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran, Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana onartu zen. Plan horren bidez, aurrera egin nahi da giza garapen jasangarri eta inklusibo baterantz, eta, horretarako, pertsonen talentua sustatu nahi da, ikaskuntza-eredu aurreratuak txertatuz, produkzio-ingurune berri batetik eratorritako erronkei erantzungo dietenak, teknologia digital eta adimentsu gehiagorekin, EAEko LH eraldaketa- eta berrikuntza-eragile gisa sendotuz, pertsonei beren enplegagarritasuna hobetzen laguntzen diena, eta EAEko enpresei lehiakortasun handiagoa lortzeko bidean laguntzen diena, garapen jasangarria sustatuz eta bultzatuz, Basque Country 2030 Agendarekin bat etorriz. Plan honek funtsezko lau dimentsio bultzatuko ditu: pertsonei zuzendutakoa, teknologikoa, planeta babestekoa eta sistema osoa hartzen duena.

Azaldutako araudian oinarrituta, Lanbide Heziketako sailburuordearen 2020ko otsailaren 18ko Ebazpenaren bidez, Lanbide Heziketako ikastetxe integratuetarako deialdia egin zen, eta, ondoren, ebatzi eta izendatu ziren zuzendariak, 4 urterako, 2020ko irailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era arte.

Horregatik, 2024-2025 ikasturtearen hasierarako, beharrezkoa izango da Hezkuntza Sailaren mendeko Lanbide Heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendarien izendapenak berritzea.

Zuzendari lanpostu horiek izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko prozedurarako deialdia egin behar da, karrerako irakasle funtzionarioen artean.

Horiek horrela, eta apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 16. artikuluak Lanbide Heziketako sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Hezkuntza Sailaren mendeko lanbide-heziketako ikastetxe publiko integratuetako zuzendarien lanpostuak izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdia egitea.

Bigarrena.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hau bete beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

– Bigarren Hezkuntzako Katedradunen, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoetako karrerako funtzionarioa izatea eta, lehentasunez, lortu nahi den ikastetxeak eskaintzen dituen irakaskuntzetako batean irakasle izatea.

2.– Izangaiak ikastetxearen Proiektu Estrategikoa aurkeztu beharko du, 10-15 orrialdekoa, gutxi gorabehera, honako alderdi hauei buruzkoa:

a) Ikastetxearen ezagutza, produkzio-sarearen eta gizarte-ingurunearen beharrak eta itxaropenak, eta ikastetxean duten eragina.

b) Lanbide Heziketako VI. Euskal Planarekin lerrokatutako Proiektu estrategiko bat definitzea. Proiektu horretan, jarduera-ildoak deskribatuko dira, bai eta ezarritako helburuak lortzeko behar diren baliabideen aurreikuspena ere.

Proiektu estrategikoak honako hauek gutxienez jaso beharko ditu:

– Inguruko arlo sozioekonomikoaren eta lan-arloaren deskribapena.

– Indarreko LHko Euskal Planarekin bat datozen helburuak eta jarduerak.

– Ekintzak ebaluatzeko adierazleak eta mekanismoak.

– Antolamendu-sistema eta kudeaketa-prozedurak.

– Eskaintzen diren zerbitzu osagarriak, eta ikastetxearen eginkizunak aurrera eramateko garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk.

– Gaitasunak ebaluatzeko, aitortzeko eta egiaztatzeko prozedurak, hala dagokionean.

– Heziketa-zikloaren eta gainerako prestakuntza-ekintzen curriculum-proiektuak.

– Curriculum-proiektuekin koherenteak diren programazio didaktikoak.

– Hizkuntza-proiektua.

– Nazioartekotzeko proiektua.

– Aniztasunari erantzuteko eta inklusiorako plana.

– Lanbide-orientazio eta -informazioko eta tutoretza-jarduerako plana.

– Laneko arriskuen prebentzioaren arloko jarduera-lerroak eta ikastetxeko ekipoen prebentziorako mantentze-plana.

Hirugarrena.– Parte hartzeko eskaerak.

1.– Prozedura honetan parte hartu nahi dutenek eskaera bat aurkeztu beharko dute, eta, bertan, deialdi honen eranskinean zerrendatutako ikastetxe bakarra eskatu ahal izango dute.

2.– Eskaerak aurkezteko epea 2024ko apirilaren 19an amaituko da.

3.– Lanbide Heziketako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eskaerak. Gainerako agiriekin batera aurkeztuko dira, interesdunak Hezigunean sartu ondoren beteko duen online inprimakia erabiliz. Inprimaki hori bitarteko elektronikoen bidez bidaliko da, atari horren bidez.

Laugarrena.– Aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Curriculum vitaea eta lanbide heziketaren arloko esperientzia egiaztatzen duten agiri guztiak. Ez dira kontuan hartuko agiri bidez alegatu eta justifikatu gabeko merezimendu akademikoak eta profesionalak, ez eta aurretik aipatutako daturik ez duten agiriak ere.

Administrazioak edozein unetan eskatu ahal izango die interesdunei zalantzak edo erreklamazioak eragin dituzten merezimenduak justifikatzeko.

b) Ebazpen honen bigarren artikuluaren 2. atalean adierazitako Proiektu Estrategikoaren ale bat.

c) Lanbide-heziketako ikastetxe integratuko irakasleen klaustroaren aktaren laburpena, aurkeztutako hautagaitza bakoitza aztertu den saioaren ziurtagiria, idazkariak emana.

d) Lanbide-heziketako ikastetxe integratuko Gizarte Kontseiluaren aktaren laburpena, bertako idazkariak ziurtatua, aurkeztutako hautagai-zerrenda bakoitza aztertu den bilkurari buruzkoa.

2.– Ikastetxeetako zuzendariek epe egokian emango dute kide anitzeko organo horien ezohiko deialdia, aurkezten diren hautagaitzen berri izan dezaten.

Bosgarrena.– Lanpostuak esleitzea eta izendatzea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Lanbide Heziketako sailburuordeak gehienez ere hilabeteko epean ebatziko ditu izendapenak, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Izendatutako interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio ebazpena, eta EAEko Lanbide Heziketaren webgunean argitaratuko da.

2.– Izendapenak ebatzi ondoren, izendatutako pertsonek zuzendaritza-taldeko gainerako kideen izendapena proposatuko diote Lanbide Heziketako sailburuordeari, eta ikastetxeko kide anitzeko organoei aldez aurretik emango zaie horren berri, baldin eta proposamen eta informazio hori aurretik egin ez bada.

Seigarrena.– Errekurtsoa.

Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, dagokion epaitegian, hil biko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 9a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala