
39. zk., 2024ko otsailaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (135 KB - 4 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
934
18/2024 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioarekin sinatutako lankidetza-protokoloaren aldaketarako gehigarria, Lezoko Terminal Intermodala eta Logistika garatzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako lankidetza-protokoloaren aldatzeko gehigarria sinatu du, eta, behar bezalako publizitatea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Ministerioarekin sinatutako lankidetza-protokoloaren aldaketarako gehigarria, Lezoko Terminal Intermodala eta Logistika garatzekoa. Lankidetza-protokoloaren aldaketarako gehigarri hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 16KO 18/2024 EBAZPENARENA
LEZOKO TERMINAL INTERMODAL ETA LOGISTIKOAREN GARAPENERAKO GARRAIO ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO MINISTERIOAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ARTEKO LANKIDETZA-PROTOKOLOAREN ALDAKETARAKO GEHIGARRIA
Madrilen, 2024ko urtarrilaren 18an.
Alde batetik, Oscar Puente Santiago jauna, Gobernuko ministro izendatzen dituen azaroaren 20ko 35/2023 Errege Dekretuaren arabera, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarrirako ministroa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 61.k) artikuluan ezarritakoaren arabera jardunez.
Eta bestetik, Ignacio María Arriola López jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua izendatzeko irailaren 7ko lehendakariaren 26/2020 Dekretuaren bidez izendatutako karguari jarraiki.
PARTE HARTZEN DUTE:
Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarrirako ministroa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Estatu Idazkaritzaren bidez, Ministerioak garraio-azpiegituren plangintzari buruz dituen politikak definitzeko eta proposatzeko, eta Ministerioak bere mendeko organoen eta Sailari atxikitako organismo eta entitateen bidez garraio-azpiegiturak egiteari buruz dituen politikak definitu, proposatu eta gauzatzeko ardura duena.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoak garraioaren arloan duen eskumenaren arabera jarduten duena, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 32. artikuluan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutakoaren oinarrituta.
AZALDU DUTE:
1.– 2020ko urtarrilaren 22an, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioak (garai hartan Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa) eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak (garai hartan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila) aldeen artean beharrezko lankidetza bideratzeko lankidetza-protokoloa sinatu zuten, Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodala eta logistikoa gauzatzeko beharrezko informazio-azterlana eta eraikuntza-proiektuak egiteko.
2.– Lankidetza-protokoloaren hirugarren klausularen arabera, Jarraipen Batzorde bat sortzen da, beharrezkoak diren ahalmenak bere gain hartzeko eta alde bakoitzaren borondate-adierazpenak babesteko, bai eta protokoloan jasotako jarduketak era puntualean garatzeko ere. Batzorde horrek, erakunde bakoitzari dagozkion eskumenak alde batera utzi gabe, eginkizun hauek hartuko ditu bere gain, besteak beste: informazio-azterlanaren nondik norakoak erabakitzea, azterlana egiteko behar diren epeak berrikustea, protokoloaren helburuak lortzeko beharrezkotzat eta egokitzat jotzen diren ekintza guztien garapena sustatzea, eta, informazio-azterlanaren eta eraikuntza-proiektuen emaitzaren arabera, terminalari edo/eta plataformari buruzko jarduketekin jarraitzeko beharrezkoak diren akordioen sinadura proposatzea.
3.– Lankidetza-protokoloaren laugarren klausularen arabera, indarraldia hogeita lau (24) hilabetekoa da, sinatzen den egunetik hasita, hau da, 2022ko urtarrilaren 21era arte, eta epe bererako luzatu ahal izango da, Jarraipen Batzordeak proposatuta.
Ildo horretan, eta aipatutako Jarraipen Batzordeak proposatuta, 2021eko abenduaren 3ko bileran, aldeek adostu eta dokumentatu dute protokoloaren indarraldia bi (2) urtez luzatzea, 2022ko urtarrilaren 22tik aurrera.
4.– Protokoloaren indarraldiaren amaiera gertu dagoenez, eta protokoloaren xede diren jarduketen garapena eta egikaritzea nahitaez protokolotik harago luzatu behar dela egiaztatu denez, aldeek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47.1 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritako helburu komunarekin jarduteko akordioari eta borondate orokorrari balioa emanez eta Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legearen ehun eta hogeita hemezortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren analogiaz aplikatuz, beharrezkotzat jotzen dute Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodala edo logistikoa gauzatzeko jatorrizko lankidetza-protokoloaren laugarren klausularen idazketa berrikustea, Informazio Azterlana eta Eraikuntza Proiektuak egiteko beharrezkoak diren aldeen arteko lankidetza modu eraginkorrean babestuko eta ahalbidetuko duen gehieneko indarraldi berria jasotzeko.
Horregatik guztiagatik, Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Lezo-Gaintxurizketako (Gipuzkoa) terminal intermodala edo logistikoa gauzatzeko lankidetza-protokoloa aldatzea eta luzatzea erabaki dute, klausula hauen arabera,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Aldaketaren xedea eta irismena.
Dokumentu honen bidez, 2020ko urtarrilaren 22ko lankidetza-protokoloaren laugarren klausula aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:
«Laugarrena.– Indarraldia.
Protokolo honen indarraldia laurogeita lau (84) hilabetekoa izango da, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita, eta beste hogeita hamasei (36) hilabetez luzatu ahal izango da, Jarraipen Batzordeak proposatuta. Nolanahi ere, indarraldia informazio-azterlana eta eraikuntza- proiektuak behin betiko onartzen direnean amaituko da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak dagozkion izapideak egin ondoren».
Bigarrena.– Mantentzea.
2020ko urtarrilaren 22an sinatutako lankidetza-protokoloan eta lehen luzapenean aurreikusitako klausula guztiek indarrean jarraitzen dute, 2022ko urtarrilaren 22tik aurrerako ondorioekin, aldaketa honetan ezarritako klausulen aurkakoak direnak izan ezik.
Hirugarrena.– Dokumentu hau aldatzeko araubidea.
Inguruabarrek hala eskatzen dutenean, dokumentu hau aldatu egingo da, alde sinatzaile guztiak ados jarrita, dagokion aldaketa-dokumentua izapidetuta eta sinatuta.
Eta aurreko guztiarekin ados daudela adierazteko, Protokoloaren aldaketa hau sinatu dute, bere sinadura digitalaren datan.
Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarrirako Ministroa,
OSCAR PUENTE SANTIAGO.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
RSS