
39. zk., 2024ko otsailaren 22a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (189 KB - 13 orri.)
- EPUB (469 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
933
17/2024 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Alokabide SA sozietate publikoarekin sinatutako hitzarmena, Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak kudeatzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatutako hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publizitatea emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Alokabide SA sozietate publikoarekin sinatutako hitzarmena, Gaztelagun programaren alokairurako laguntzak kudeatzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 16a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 16KO 17/2024 EBAZPENARENA
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN ETA ALOKABIDE SA SOZIETATE PUBLIKOAREN ARTEKO HITZARMENA, GAZTELAGUN PROGRAMAREN ALOKAIRURAKO LAGUNTZAK KUDEATZEKO.
Vitoria-Gasteizen, 2023ko abenduaren 29an.
BILDU DIRA:
Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren bidez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Ignacio M.ª Arriola López jaunak ordezkatuta, Lehendakariaren irailaren 7ko 26/2020 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera.
Bestetik, Alokabide SA sozietate publikoa, Pedro Javier Jauregui Fernández jaunak eta Patricia Ainhoa Val Hevia andreak ordezkatuta, Sozietatearen Administrazio Kontseiluak 2016ko abenduaren 27an egindako bileran erabakitako ahalorde-emateak ematen dien ahalmenaz baliatuz (hil horren 27an egin zen eskritura publikoa).
Bi alderdiek hitzarmen hau formalizatzeko behar den gaitasun juridikoa aitortzen diote elkarri, eta, horretarako, honako hau
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.
Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 10. artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak, lurralde historikoek eta lurralde-izaerako toki-erakundeek, dagozkien organoen bidez, etxebizitzaren arloko eskumenak eta erantzukizunak izango dituzte, lege honetan eta aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.
2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Planaren lehen ardatza Euskadin alokairu eskuragarria sustatzea da, eta, horren barruan, 1.2 Estrategia etxebizitza eskuragarria eskuratzea bermatzeko baliabideen eta prestazioen sistema garatzean datza. Hala, 1.2.2 ildo estrategikoak alokairu-erregimeneko gazteen emantzipazioa bultzatu nahi du, eta, horretarako, 1.2.2.1 ekintzak Gaztelagun programa indartu eta zabaldu egiten du, etengabeko laguntza-programa bihurtuz.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 52. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 8/2003 Lege Orokorraren 15. artikuluan oinarrituta, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko apirilaren 26ko Aginduak, Gaztelagun programako etxebizitzen alokairurako laguntzak arautzen dituenak, Alokabide SA sozietate publikoa izendatzen du laguntza horiek kudeatzeko erakunde laguntzaile.
Hirugarrena.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 8/2003 Lege Orokorraren 16.1 artikuluak ezartzen duenez, hitzarmen bat formalizatuko da dirulaguntzak ematen dituen administrazio-organoaren eta erakunde laguntzailearen artean eta, bertan, erakunde laguntzailearen baldintzak eta betebeharrak arautuko dira.
Laugarrena.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 32.2 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 86. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako (9/2017 Legea, azaroaren 8koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egiten duena Espainiako ordenamendu juridikora), Alokabide SA sozietate publikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide propio pertsonifikatua eta zerbitzu teknikoa da, Eusko Jaurlaritzak aldez aurretik baimena emanda Gobernu Kontseiluaren 2019ko azaroaren 26ko erabakiaren bidez; erabaki hori 2020ko urriaren 6ko erabakiaren bidez aldatu zen (2.1.k artikulua).
Azaldutako guztiagatik, bi alderdiek hitzarmen hau arautu eta formalizatu nahi dute, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Alokabide SA sozietate publikoak Gaztelagun programako alokairurako laguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko erakunde laguntzaile gisa zer baldintzatan jardungo duen ezartzea. Programa hori Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko apirilaren 26ko Aginduak arautzen du, zeinak Gaztelagun programako etxebizitzen alokairurako laguntzak arautzen baititu.
Bigarrena.– Alokabide SAri dagozkion betebeharrak.
Dirulaguntzak kudeatzeko erakunde laguntzaile gisa duen jardunaren esparruan, eta 2022ko apirilaren 26ko Aginduaren 9. artikuluaren arabera, Alokabide SAri dagokio honako zeregin hauek egitea:
a) Laguntzen eskatzaile izan daitezkeenei informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematea, aurrez aurre edo ezarritako edozein komunikazio-kanalen bidez (telefonoa, e-maila, webgunea, etab.), helburu hauekin:
i) Zalantzak argitzea eta Gaztelagun Programaren baldintzei eta eskakizunei buruzko orientabideak ematea.
ii) Eskabideak behar bezala betetzea eta dagokion dokumentazioa eranstea.
b) Aurrez aurreko eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Tramitagune izapidetze elektronikorako plataforman sartzea.
Horretarako, Alokabide SA sozietate publikoak, bere bulegoetan aurkeztutako eskabideez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein organoren aurrean eta Zuzenean Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan telematikoki edo aurrez aurre aurkeztutakoak ere jasoko ditu.
Laguntzak elektronikoki izapidetzeko plataforman –Tramitagune– sartu beharko ditu jasotako aurrez aurreko eskaerak, erantsitako dokumentazioarekin batera, eta, betiere, aurrez aurreko eskaeraren sarrera-data adierazi beharko du. Eskaera presentzialak sozietatean sartzen direnetik gehienez ere 3 egun balioduneko epean egin beharko da sarrera hori.
c) Eskabideak behar bezala bete direla eta eskatutako dokumentazioa aurkeztu dela egiaztatzea. Horretarako:
i) Eskatzaileak identifikatzea, eta aurkeztutako dokumentuak egiaztatzea eta baloratzea.
ii) Dokumentuak zuzentzeko eskatzea, nahikoak ez badira edo zuzenak ez badira.
iii) Hala badagokio, eskaera artxibatzeko ebazpen-proposamena egitea eta izapidetzea, eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada. Proposamen hori dagokion Etxebizitzako lurralde-ordezkariari igorriko zaio.
d) Baldintzak betetzen direla egiaztatzea.
e) Etxebizitzako lurralde-ordezkariari proposatzea eskaerak onartzeko, ukatzeko edo behin-behinean onartzeko ebazpenak. Era berean, laguntzak aldatzeko ebazpen-proposamenak egitea, bai eta azkentzeko eta itzultzeko prozedurak hastekoak ere, aginduan aurreikusitako epeak errespetatuz.
f) Komunikazioak eta jakinarazpenak kudeatu eta koordinatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera.
g) Errenta ordaindu dela egiaztatzeko agirien urteko kontrola eta jarraipena egitea.
h) Onuradunek baldintzak betetzen dituztela kontrolatzea eta horren jarraipena egitea urtero.
i) Hilero Etxebizitza Sailburuordetzari eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari Gaztelagun programari buruzko informazioa ematea, honako hauei buruzko datuak emanez:
i) Interesdunen bolumena.
ii) Kudeatutako laguntzen bolumena.
iii) Gastuen egoera.
iv) Hobetzeko proposamenak.
v) Gaztelagun programaren bilakaerari buruzko edozein informazio.
j) Hilero Eusko Jaurlaritzaren gardentasun-atarian eta Alokabide SA sozietate publikoaren webgunean argitaratu behar den informazioa prestatu eta transmititzea: dagokion epean eman eta azkendutako laguntzen kopurua eta zenbateko osoa, lurralde historikoen eta onuradunen sexuaren arabera bereizita.
k) Ordainketen hileko zerrenda egitea eta onuradunei emandako laguntzen zenbatekoak ordaintzea.
l) Onuradun, eskatzaile edo interesdunen artean Gaztelagun programari buruzko gogobetetze-inkestak egitea, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari emaitza erantsiak, anonimizatuak edo datu pertsonaletarako loturarik gabeak bidaltzea.
m) Eguneroko eta Liburu Nagusian jarduerari eragiten dioten kontabilitate-mugimendu guztiak jasotzea, besteak beste, sozietateak ekitaldi horretan egiten dituen gastu guztiak. Alokabide SA, merkataritza-sozietatea den aldetik, nazioarteko kontabilitate-arauen mende dago.
Gaztelaguni dagokionez, bereziki, Alokabidek egingo dituen kudeaketari lotutako gastuak batez ere langileria-gastuak direnez, Kontabilitate Plan Orokorraren egungo 64. taldeari lotutako Eguneroko liburuan eta kontu nagusietan erregistratu beharko dira kontabilitatean.
Honako hauek izango dira kontabilitate-erregistroa justifikatuko duten dokumentuak: nominak, gizarte-aseguruak, BGAEa ordaindu izanaren frogagiriak, nahitaezko asegurua langilearen alde ordaindu izanaren frogagiriak eta langileek jasotzen duten prestakuntzaren fakturak.
Alokabide SA sozietate publikoak agindutako jarduerak egingo ditu, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak emandako jarraibideen arabera.
Hirugarrena.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren konpromisoak.
Alokabide SAk agindutako prestazioak behar bezala bete ditzan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak konpromiso hauek hartzen ditu:
a) Sailak Eusko Jaurlaritzaren izapidetze elektronikorako Tramitagune plataforman sartzeko aukera emango dio sozietateari. Plataforma horretan, Gaztelagun Programaren laguntzak izapidetu beharko dira, horretarako behar diren baimenak kudeatuz.
b) Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak laguntzak izapidetzean sor daitezkeen zalantzak eta gorabeherak ebazteko irizpideak ezarriko ditu.
c) Sailak eta Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzek sozietateari igorriko dizkiote jasotzen diren aurrez aurreko eskabideak, gehienez ere jaso eta hurrengo egun baliodunean.
Laugarrena.– Funtsak ematea.
Alokabide SAk emandako dirulaguntzak ordain ditzan, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko lehen hilabetearen barruan, sozietateari transferituko dio aurrekontu-ekitaldian ordaintzea aurreikusten diren zenbatekoen laurden bati dagokion zenbatekoa.
Ondoren, hurrengo hiruhilekoetako bakoitzaren hasieran, sozietateak emandako informazioan oinarrituta, i) bigarren klausulan ezarritakoaren arabera, egindako aurrerakina likidatuko da eta kreditu-transferentzia berriak egingo dira, hiruhileko bakoitzean ematea aurreikusten diren dirulaguntzen ordainketa bermatzeko beharrezkoak diren zenbatekoekin.
Bosgarrena.– Kontraprestazioa.
Alokabide SA sozietate publikoari 175 euroko kontraprestazioa dagokio izapidetutako eskabide bakoitzeko, eta 1.100.000 euroko hasierako muga du 2024rako. Zenbateko hori handitu ahal izango da ordainketa-kredituen gaikuntza gehigarriaren bidez eta kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintza etengarriaren pean egongo da, haren ondoriozko betebeharrak finantzatzeko.
Fakturazioa hilekoa izango da, egindako lanaren eta eskaeren aurrerapen-txostenaren aurkezpenaren arabera. Ondorio horietarako, sozietateak hilero emango du amaitutako hilabetean aurkeztutako eskaeren kopuruaren berri.
Seigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat eratzea adostu dute. Batzorde horretako burua Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzako titularra izango da, edo hark eskuordetutako pertsona.
Honako hauek osatuko dute Jarraipen Batzordea: Alokabide SAko bi pertsona, erakunde horrek izendatuak, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren ordezkari gisa profil teknikoa duten bi pertsona, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren titularrak izendatuak.
Jarraipen Batzordeari honako jarduera hauek dagozkio:
i) Lankidetza-jardunen eta -jardueren emaitzaren balorazioa.
ii) Hitzarmenean hitzartutako konpromisoak betetzen direla zaintzea eta konpromiso horiek betetzeko neurriak proposatzea.
iii) Hitzarmena interpretatu eta ebaztea, bai eta sor daitezkeen arazoak ere.
iv) Aldeei proposatzea hitzarmena zabaltzeko aukera, arbitratu beharreko aldaketen irismena eta, hala badagokio, horien balorazioa eta kostu inkrementala.
Jarraipen Batzordea urtean behin bilduko da, eta hitzarmenean jasotako jarduerak behar bezala gauzatzeko beharrezkoa den guztietan.
Nolanahi ere, Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzek eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak noiznahi eskatu ahal izango diote Alokabide SA sozietate publikoari egoki iritzitako informazioa eta dokumentazioa eman diezaiela.
Zazpigarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Bi alderdiek interesa dute etengabe hobetzeko lortutako informazioaren kalitatea, haren analisia eta zabalkunde publikoko plataformak, eta sektoreko eragile ekonomiko eta sozialentzat eta, oro har, publikoarentzat balio erantsi handia duten zerbitzuen multzoa. Hori dela eta, hitzarmen hau etengabeko hobekuntza-prozesu baten mende dago. Prozesu hori zehaztu, ebaluatu eta Jarraipen Batzordean adostuko da, eta, hala badagokio, dagozkion egokitze-doikuntzak egingo dira.
Zortzigarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Mandatua indarrean jartzen den egunean, Alokabide SA sozietate publikoa Gaztelagun programari lotutako datu pertsonalen tratamenduaren arduradun bihurtzen da. Tratamendu horren arduraduna Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza da, eta pribatutasun-neurrien arduraduna, berriz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Zerbitzu Zuzendaritza.
Tratamenduaren xedea, iraupena, izaera eta helburua, datu pertsonal motak eta interesdun-kategoriak, eta arduradunaren betebeharrak eta eskubideak hitzarmen honen eranskinean ezarritakoak dira.
Eranskin hori hitzarmenaren zati banaezina da, eta izaera juridiko bera du. Izaera loteslea du, Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 26ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Bederatzigarrena.– Aldeek hartutako konpromisoak ez betetzea.
Alderdietako batek hitzarmen honetan bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak betetzen ez baditu, eragindako kalte eta galera guztiak ordaindu beharko ditu alderdi eragileak.
Hamargarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Gaztelagun Programa indarrean dagoen bitartean luzatu ahal izango da alderdiek hala adosten badute, eta haren indarraldia kreditu egoki eta nahikoa egotearen mende geratuko da. Hala ere, errespetatu egingo da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako gehieneko indarraldia.
Hamaikagarrena.– Hitzarmena iraungitzea.
Hitzarmen hau aldez aurretik suntsiaraziko da, indarraldia amaitu baino lehen, honako kasu hauetan:
i) Alderdiek hala adostuz gero.
ii) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.
iii) Era berean, hitzarmen hau suntsiarazteko arrazoiak izango dira indarrean dauden legeek hitzarmenaren izaerari buruz jasotzen dituztenak.
Hamabigarrena.– Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.
Lankidetza-hitzarmen hau administratiboa da, eta, beraz, hura interpretatu eta garatzeko, dirulaguntzen erakunde laguntzaileekin sinatu beharreko hitzarmenei aplikatu beharreko ordenamendu juridiko-administratiboari jarraituko zaio, azaroaren 17ko 38/2003 Legeari jarraikiz, eta, modu osagarrian, administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko ordenamendu juridiko-administratiboari.
Eta horrela jasota gera dadin eta adostasuna adierazteko, hitzarmen honen bi ale sinatzen dira, adierazitako tokian eta egunean.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua,
IÑAKI ARRIOLA LÓPEZ.
Etxebizitza sailburuordea,
PEDRO JAVIER JAUREGUI FERNÁNDEZ.
Alokabide, SA,
PATRICIA AINHOA VAL HEVIA.
RSS