Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2024ko otsailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
896

AGINDUA, 2024ko otsailaren 13a, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez egiten baita Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Ondoko Programaren onuradunek atzerriko destinoko zentroetan egiten dituzten egonaldietan mugikortasun-eskakizunak eragindako gastuak finantzatzeko 2024rako laguntza-deialdia.

Hezkuntzako sailburuaren 2023ko ekainaren 20ko Aginduak, 2023-2026 aldian ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programarako laguntza berriak eta berritzeak arautzen dituenak eta horietarako deialdia egiten duenak (2023ko ekainaren 29ko EHAA, 123. zk.), ikertzaileen hobekuntzarako programa bat eskaintzen du doktoretza osteko fasearen lehen etapan, lau urtekoa gehienez, zeinetan doktoreak lan-kontratu bat izenpetu beharko baitu ikerkuntza-arloko euskal erakunde batekin, eta, kontratu horren lehenengo bi urteetan, doktorea atzerriko ikerketa-zentro batera desplazatuko baita.

Eskaera egiteko, izena emateko inprimakia bete beharko da, bide telematikoz eskuragai egongo dena, sailaren egoitza elektronikoan, betiere urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskaeretan eta gainerako izapideetan.

Kontuan hartu da lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena (2020ko irailaren 7ko EHAA, 176. zk.).

Halaber, kontuan hartu dira, batetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen eskakizunak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta, bestetik, 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa (abenduaren 29ko EHAA).

Aintzat hartu da, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia, bai eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenak ere.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Laguntzen deialdia egitea, ikertzaile doktoreen hobekuntza-programaren mugikortasun-eskakizunaren ondoriozko gastuak finantzatzeko, eta, zehazki, langile horien bizitoki- eta mantenu-kostuak finantzatzeko, doktoratu ostean atzerriko zentroetan egiten diren egonaldietan.

2.– Atzerriko egonaldiak 2023-2024 ikasturterako doktoretza osteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso duen destinoko zentroan egin beharko dira.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko, 550.000,00 euro erabiliko dira guztira.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Laguntzok eskatu ahal izango dituzte Hezkuntzako sailburuaren 2023ko ekainaren 20ko Aginduak araututako laguntza baten onuradun direnek. Aipatutako aginduaren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ematen duen ikertzaile doktoreentzako Hobekuntzarako Doktoretza Osteko Programarako laguntza berriak eta haien berritzeak arautzen dira, eta horietarako deialdia egiten da 2023-2026 aldirako.

2.– Laguntza hau jaso ahal izateko, ezinbestekoa da ikertzaile doktoreak jardunean izatea eta aipatutako laguntzaren lehen edo bigarren urtean egotea (laguntzaren lehen urtean edo lehen berritzealdian).

3.– Ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan egoera hauetako batean daudenak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta daudenak, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.

d) Honako lege hauetan jasotako kasuren batean daudenak: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta 53/1984 Legea, abenduaren 26koa, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen ez dituztenak, erregelamenduz zehazten den moduan. Administrazioak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak dituela, interesdunak horren aurka egiten ez badu, honako helbide honetan arrazoituta: https://www.euskadi.eus/ejercicio-de-derechos-proteccion-de-datos/web01-tramite/eu/. Aurka eginez gero, onuradunak ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

f) Erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean dutenak egoitza fiskala.

g) Dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharrak ordaindu gabe dituztenak, bat etorriz erregelamenduz zehazten denarekin.

h) Epai irmo bidez zehatuta egotea, eta, horren ondorioz, lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera galdu izana.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen xede diren atzerriko egonaldiak 2024. urtean hasi beharko dira.

2.– Laguntza gehienez 12 hilabeteko egonaldia egiteko emango da, eta egonaldia etenik gabekoa izango da.

5. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskaera bide telematikoz eskuragai egongo den inprimaki bat beteta egin ahal izango da soilik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1110104 urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan. Halaber, eskaeren osteko izapideak, zuzenketak eta justifikazioak barnean direla, elektronikoki egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta),

Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideak bete beharko ditu.

Aplikaziora ziurtagiri elektroniko baten bidez sartu beharko da. Helbide elektroniko honetan daude jasota elektronikoki identifikatzeko onartutako sistemak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/. Aplikaziora sartzen diren pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari (deialdia kudeatzen duen organoari) nortasun-datuak administrazio eskudunean egiazta ditzan bitarteko elektronikoen bidez edo eskuragarri dituen bestelako baliabideen bidez.

Halaber, eskabidea ordezkari baten bitartez izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaria Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidearekin batera, agindu honen 5. artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira, eta elektronikoki baino ezin izango dira aurkeztu, urtarrilaren 11ko 4/2022 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez bitarteko elektronikoak erabiltzeko betebeharra arautzen baita ikerketa arloko laguntzetarako eta sarietarako eskabideetan eta gainerako izapideetan. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.

2.– Eskabide telematikoa osorik betetakoan, eskatzaileak eskabidearen erregistro-prozesu elektronikoa osatu ahal izango du, hau da, sinadura elektronikoaren bidez eskabide bati balioa emateko, erregistratu dela jasota geratu behar da. Hori ziurtatzeko, eskatzaileak agirien erregistro-elektronikoa/aurkezpen-erregistroa eskura dezake, «Ikusi egiaztagiria E/E» aukerarekin. Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak.

3.– Eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9. artikuluko 5. apartatuan aipatzen dena (abenduaren 29ko EHAA). (ikus I. eranskina). Nolanahi dela ere, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla berretsi beharko da gero, alegia, ordeztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskatzaileek, dena delako dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

4.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea egongo da agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada, edo nahitaezko agiriak aurkezten ez badira, Ikerketa Zuzendaritzak eskabideen sinatzaileei eskatuko die 10 eguneko epean hutsak bete ditzatela edo nahitaezko agiriak aurkez ditzatela. Halaber, ohartaraziko die, hala egin ezean, haien eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko, 11. artikuluko 2. apartatuan ezarritako prozedura beteko da.

7. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Atzerriko egonaldian, bizitoki- eta mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa 27,35 eurokoa izango da eguneko.

9. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen den beste edozein laguntzarekin.

10. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Laguntzak ez dira lehiaketa-prozedura bidez berrituko. Horrenbestez, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, berritzea onartuko da eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten denean, baldin 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen badira, betiere.

Horretarako, eskabideak behar bezala aurkeztu diren egunaren eta orduaren arabera ordenatuko dira. Zuzentzea eskatzen bada, zuzenketa eskatutako moduan aurkeztu den data eta ordua hartuko dira kontuan eskabidea ordenatzeko.

Laguntza horiek emateko esleitutako kreditua agortzen bada, horren berri emateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak administrazio-ebazpen bat emango du –Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena–, eta laguntza berriak emateari utziko zaio.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez esleituko dira agindu honetako laguntzak eta zehaztuko haien zenbatekoa, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan.

Ebazpen horrek onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu, baita ukatutako eskaeren zerrenda eta baztertutako eskaeren zerrenda ere, ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduta.

2.– Egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinaraziko da aipatutako ebazpena: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa Era berean, jakinarazpen elektroniko bat helaraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta). Ziurtagiri elektronikoarekin sartu beharko da bertara.

Hargatik eragotzi gabe aurreko 2. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri helarazi ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.

3.– Baldin eta artikulu honetako 1. apartatuan ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskaerak ezetsiak izan direla.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasuna emateko, emandako laguntzen zerrenda EHAAn argitaratuko da 6 hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-oholean argitaratzen denetik aurrera.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legegintzako Dekretuaren 14 artikuluan xedatutakoak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan adierazitakoak; zehatzago esanda, hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, laguntzaren onuradunak 10 egun naturaleko epea izango du laguntzari berariaz uko egiteko, dirulaguntza emango zaiola jakinarazteko ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.

b) Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko du dirulaguntzak emateko hasierako baldintzetan jazotzen den aldaketa oro.

c) Diruz lagundu den egoeraren xedea edo izaera asko aldarazten duen gorabehera ororen berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

d) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen duten informazioa ematea.

f) Helburu bererako lortu den beste laguntza oro deklaratzea.

g) Egonaldia 2024. urtean hastea eta laguntza jaso duen atzerriko zentroan egotea.

h) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, 14. artikuluan zehazten diren egiaztagiriak helaraztea Ikerketa Zuzendaritzara.

13. artikulua.– Laguntzari uko egitea.

1.– Uko-egiteak Ikerketako zuzendariari jakinaraziko zaizkio, onuradunak berak sinatutako idazki baten bidez, eta bertan adieraziko dira zein diren uko egiteko arrazoiak eta uko-egite horrek zein egunetatik aurrera izango dituen ondorioak. Jakinarazpen hori aplikazio telematikoaren bidez egingo da, uko-egiteak ondorioak izan baino 10 egun natural lehenago.

2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.

Uko-egitearen ondorio ekonomikoak uko-egite hori gauzatzen den egunean berean hasiko dira. Hala ere, bidegabeko ordainketak egin badira, diru-zenbateko horiek itzuli beharko dira.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauek ordainketa bakar batean emango dira, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Horretarako, Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da elektronikoki: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

2.– Atzerriko egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek helaraziko dituzte aplikazio informatikoen bidez Ikerketa Zuzendaritzara:

a) Bizitoki-gastuen fakturak, haiek ordaintzeko egindako ordainketen egiaztagiriekin batera.

b) Alokairu-kontratuaren kopia edo destinoko herrialdean bizi dela egiaztatzen duen agiri baliokidea, hasiera- eta bukaera-egunak zehaztuta.

c) Atzerrian egindako egonaldiaren gaineko egiaztagiria, atzerriko ikerketa-taldeko arduradunak sinatua, eta hasiera- eta bukaera-egunak berariaz zehaztuta.

3.– Atzerriko egonaldia 12 hilabetekoa baino laburragoa bada, onuradunak itzuli egin beharko du egin ez duen denbora-tarteari dagokion laguntzaren zati proportzionala, bat etorriz indarrean den legeriarekin.

15. artikulua.– Ez-betetzea.

Atzerriko egonaldia ezin bada egin edo ezin bada justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak, bai eta dagozkion berandutze-interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena (1992ko otsailaren 7ko EHAA).

Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

16. artikulua.– Emandako laguntza aldatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, beharrezkoa bada, laguntza itzultzeko prozedura.

Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, eta, betiere, horrekin batera bestelako administrazioen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratzen badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortzen badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikluan xedatutakoarekin, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko eskakizunak betez gero.

Honako prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 12. artikuluko 2. apartatuan adierazten den kasuan:

a) Ikerketako zuzendariak itzulketa-prozedura eta prozedura funtsatzeko arrazoiak hasiko ditu, eta 15 egun naturaleko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak egin ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegazioak aurkezteko epearen barruan alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilabetekoa izango da gehienez, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak ez-betetzea gertatu dela onartzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak ere; horretarako epea bi hilabetekoa izango da gehienez, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

c) Borondatezko epean laguntza itzuli ezean, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jardun dezan.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko: Ikerketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.

Arduraduna: Ikerketa Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: ikerketa finantzatzea eta bultzatzea.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak:

– Autonomia-erkidegoko beste organo batzuk.

– Ekonomia eta Ogasun Saila.– Patente eta Marken Espainiako Bulegoa.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta xehea gure web-orrian dago: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/054300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/ HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 13a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala