Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2024ko otsailaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
895

11/2024 DEKRETUA, otsailaren 6koa, Naizen, Adingabe Transexualen Familien Elkartea onura publikokoa dela aitortzen duena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Naizen, Adingabe Transexualen Familien Elkarteak aitorpen hori ematea eskatu du, uste duelako interes orokorra sustatzen duela haurrak babestera bideratutako ekintzen bidez, adingabe transexualekiko aukera-berdintasuna eta tolerantzia sustatzen duela, profesionalei prestakuntza emanez eta informazioa helaraziz, eta instituzioei aholku emanez eta haiekin lankidetzan arituz, azken batean gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat sortzen laguntzeko, non pertsona guztiak onartuko eta errespetatuko diren, haien sexu-identitatea edozein dela ere.

Naizen, Adingabe Transexualen Familien Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (zenbakia: AS/G/19239/2015), Administrazio Publiko eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariak 2015eko apirilaren 14an emandako Ebazpenari jarraikiz.

Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere eginkizunak.

Eratu zenetik, Naizen, Adingabe Transexualen Familien Elkarteak beharrezko jarduera guztiak egiten ditu bere helburu nagusia lortzeko, hau da, familia eta adingabe transexualei laguntzea, haurtzaroan izaten den sexu-identitateen aniztasuna ulertzea eta onartzea sustatuz eta, horrela, gizarte inklusiboagoa eta errespetutsuagoa sortzen lagunduz.

Jarduera horiek guztiak interes orokorrekotzat jotzen ditu gizarteak, oro har.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluak xedatutakoarekin bat eginez, onura publikoa Gobernu Kontseiluak emandako dekretu bidez aitortuko da, gaiaren arabera egoki diren sailek proposamena egin ostean. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta sailek eta erakundeek egindako txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, entitate eta erakunde interesdunek emandako txostenak aztertu dira, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 6an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Naizen, Adingabe Transexualen Familien Elkartea onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/G/19239/2015 zenbakiarekin.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko otsailaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.


Azterketa dokumentala