Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2024ko otsailaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
857

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 12koa, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aurretiko administrazio-baimena eta eraikuntzako administrazio-baimena eman eta onura publikoko deklarazioa egiten baita proiektu honetarako: 13,2 kV-eko (erdi tentsioa) «Larrabizker cto. 10» zirkuitu sinpleko lur-azpiko linea berria, zeinak 4547 zenbakidun «Markosene» TA eta 901168070 zenbakidun «Larrabizker 5» TZ konektatuko dituen. Proiektua Mungiako udal-mugartean kokatzen da.

Espedientea: 48-AT-Y-2023-00056.

AURREKARIAK

1.– 2023ko apirilaren 4an, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk aurretiko administrazio-baimena, eraikuntzako administrazio-baimena, eta onura publikoaren deklarazioa eskatu zituen proiektu honetarako: 13,2 kV-eko (erdi tentsioa) «Larrabizker cto. 10» zirkuitu sinpleko lur-azpiko linea berria, zeinak 4547 zenbakidun «Markosene» TA eta 901168070 zenbakidun «Larrabizker 5» TZ konektatuko dituen. Proiektua Mungiako udal-mugartean kokatzen da.

2.– Eusko Jaurlaritzaren martxoaren 31ko 48/2020 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan adierazitako ondorioetarako, argitara eman zen horren iragarkia, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresaren eskabide hori jendaurrean jartzeko, 2023ko uztailaren 24ko EHAAn, 2023ko uztailaren 28ko BAOn, Mungiako udaletxeko iragarki-taulan, eta 2023ko abuztuaren 2ko Deia egunkarian.

3.– Organo substantiboak ofizioz aurkitu ditu akats batzuk EHAAn eta BAOn argitaratutako iragarkian, eta zuzendu egin behar dira. Iragarkiaren hutsen zuzenketa 2023ko abuztuaren 2ko EHAAn eta 2023ko abuztuaren 8ko BAOn argitaratu zen.

4.– 2023ko urriaren 3an, Mungiako udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Euskalteli, Nortegasi eta Telefonicari eskatu zitzaien txostena egiteko eta bertan adierazteko instalazioaren onura publikoaren deklarazioa egokia zen ala ez, eta, hala bazegokion, egoki iritzitako baldintza teknikoak aurkezteko.

5.– Arauzko epeetan, erakunde batzuek helegiteak eta/edo baldintza teknikoak aurkeztu zituzten.

2023ko abuztuaren 22an, Larrabizker Elkartea Afectados PAU elkarteak ondokoa alegatu zuen proiektatutako instalazioei buruz: «Larrabizkerreko urbanizazio-obrekin lotutako lanak direla, zeinen urbanizazio-proiektua baliogabetuta baitauka Bilboko Administrazioarekiko Auzien 5 zenbakiko Epaitegiak 2022ko maiatzaren 6tik» eta eskatu zuen: «obra geldiarazteko, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak urbanizazio-proiektu horren legezkotasuna behin betiko ebazten duen arte».

2023ko irailaren 18an, i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUk ondokoa erantzun zuen: 24/2013 Legearen 6. eta 40. artikuluek banaketa-sarearen kudeatzaile gisa esleitzen dizkioten eginkizunen arabera; proiektua gauzatu behar duela Mungian hornidura elektrikoaren jarraipena bermatzeko eta kalitatea hobetzeko, bai Larrabizker urbanizazioari dagokionez, baita urbanizazioaren aurretik zeuden etxebizitzei dagokienez. Larrabizker Elkartea Afectados PAU elkarteari jakinarazi zitzaion eta horrek ez zuen beste alegaziorik aurkeztu.

Bizkaiko Foru Aldundiak baldintza teknikoak aurkeztu zituen 2023ko urriaren 11n. Bertan, proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzen ditu, baita administrazio eskudunak proiektua onura publikokotzat jotzea ere. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako erantzuna i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri helarazi zitzaion. Horrek adierazi zuen berriro eskatuko diola Aldundiari baimena, behin proiektua onura publikokoa dela ebatzi ondoren. Erantzuna Bizkaiko Foru Aldundiari helarazi zitzaion, baina hark ez zuen erantzun.

Telefónica de España SAUk 2023ko urriaren 11n helegite bat aurkeztu zuen. Berton, telekomunikazio lineekiko paralelismo eta gurutzapenari buruz indarrean dagoen araudia eta Behe- eta Goi-Tentsioko arautegiak betez gero, proiektua onartzen zutela esaten zen. i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri bildali zaio, eta hark adierazi du Telefónica de España SAUren alegazioak onartzen dituela.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza da espediente hori izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Espediente hau izapidetzeko, Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Industriari buruzko azaroaren 12ko 8/2004 Legean ezarritako preskripzioak bete dira.

3.– Larrabizker Elkartea Afectados PAU elkartearen alegazioei dagokienez, kontuan izan behar da proiektatutako instalazioa Mungiako banaketa elektrikoko sarea handitzeari dagokiola. Zehazki, jada zerbitzuan dauden bi instalazio («Markosene» TA eta «Larrabizker 5» TZ) konektatuko ditu. Proiektuaren helburua Larrabizker urbanizazioaren area hornitzea baino gehiago dela.

Nolanahi ere, zehaztu behar da baimen hau Sektore Elektrikoari buruzko Legearen esparruan ematen dela, eta sustatzaileak proiektua gauzatzeko behar dituen baimen edo lizentziak alde batera utzi gabe.

4.– 2024ko otsailaren 9ko Sailaren Industria Administrazioko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren aldeko txostena.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har zein zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarritzat hartuta, Industria Administrazioko Bizkaiko lurralde ordezkariak, hau

EBAZTEN DU:

1.– Aurretiko administrazio-baimena eta eraikitzeko baimena ematea i-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresari, proiektu honetarako: 13,2 kV-eko (erdi tentsioa) «Larrabizker cto. 10» zirkuitu sinpleko lur-azpiko linea berria, zeinak 4547 zenbakidun «Markosene» TA eta 901168070 zenbakidun «Larrabizker 5» TZ konektatuko dituen. Proiektua Mungiako udal-mugartean kokatzen da.

2.– Deklaratzea baimentzen den instalazio elektrikoa onura publikokoa dela. Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren arabera, deklarazioak hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra, eta okupazioa, gainera, urgentziaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklaraziorako ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau ematen da 48/2020 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta baldintza orokor hauek kontuan hartuta:

1.– Obrak egiteko, onartutako proiektua bete behar da, kasu bakoitzean eskatu eta baimentzen diren aldaketak eginda.

2.– Martxan jartzeko epea hiru urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera.

3.– Lanak amaitutakoan, instalazioen titularrak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman, eta abian jartzeko akta egiteko.

4.– Obrak egiteko behar diren udal- eta probintzia-eskumenetako eta bestelako baimenak edo lizentziak eragotzi eta aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

Bilbao, 2024ko otsailaren 12a.

Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde-ordezkaria,

MARÍA JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala