Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

36. zk., 2024ko otsailaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
853

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 13koa, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako 2024. urteko laguntzen deialdia egiten duena.

Abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuak gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programa arautzen du (2024ko urtarrilaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 12. zk.).

Ondoren, 2023ko abenduaren 30ean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legea jarri zen indarrean (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duena, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua indargabetzen ditu. Horregatik, deialdi honek araudi berrian xedatutakoa jasotzen du, erakunde onuradunek beren gain hartutako betebeharrei, laguntzen kudeaketari eta deialdiaren ebazpenari, ez-betetzeen kasuei eta laguntzak itzultzeko prozedurari dagokienez.

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau Lehendakaritzaren 2024-2027ko Dirulaguntzen lau urteko Plan Estrategikoan islatzen da. Plan hori Koordinazio eta Gizarte Komunikaziorako idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen. Deialdi-ebazpen honetan jasotako laguntzen helburua zeharkako gazte-politika eta gazteen emantzipazioa sustatzea da, eta horixe da Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak Lehendakaritzaren 2024-2027 aldiko Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan lortu beharreko helburu estrategikoetako bat.

Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 7.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Emantzipa Programako laguntzen deialdia Idazkaritza Nagusiaren edo Gazteria Sailburuordetzaren titularraren ebazpen baten bidez egingo da, urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan.

Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak ezartzen duenez, lege horretan sailei esleitzen zaizkien eginkizunak Lehendakaritzako edo Lehendakaritzako idazkari nagusiek bete ahal izango dituzte, egitura organikoari buruzko dekretuetan ezartzen den moduan.

Horrenbestez, eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin bat etorriz (martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ebazpen honen bidez egiten den Emantzipa Programaren 2024ko ekitaldiko deialdiak eranskinean jasotako oinarriei jarraituko die, abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuan ezarritakoari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren dirulaguntzetan aplikatu beharreko araudi orokorrari jarraitzeaz gain.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 13a.

Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusia,

JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.

ERANSKINA
Ebazpena, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiarena, gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako 2024. urteko laguntzen deialdia egiten duena
OINARRIAK

Lehenengoa.– Diru-zuzkidura.

Laguntzak emateko 139.000.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituaren arabera. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bidez onartu ziren (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.). Zenbateko horretatik, 53.000.000 euro 2024ko ekitaldiko ordainketa-kredituarekin finantzatuko dira, 56.000.000 euro 2025eko ekitaldirako konpromiso-kredituarekin eta 30.000.000 euro 2026ko ekitaldirako konpromiso-kredituarekin, 2024ko ekitaldirako laguntzak aitortzearen ondoriozko obligazioak ordaintzeko.

Aurrekontu-ekitaldiaren barruan emandako laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kontsignazioa edo hura eguneratzearen ondoriozkoa, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera onartzen badira aurrekontu-aldaketak. Zenbateko gehigarri bat ezartzen bada, ezin izango da onartutako aurrekontu-kredituaren % 20 baino gehiagokoa.

Laguntza horietara bideratutako funtsen agortzea eta eguneratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Bigarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, laguntzaren gehieneko zenbatekoa hilean 300 eurokoa izango da onuradun bakoitzeko, eta gehienez 24 hilekotan, betiere laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen jarraitzen bada.

Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2024ko otsailaren 20tik 2024ko azaroaren 29ra artekoa izango da, biak barne.

2.– Laguntza ekonomikoen eskabideak elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236201 helbidean, edo aurrez aurre Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabideak, erantsi beharreko dokumentazio osagarriarekin batera, interesdunaren legezko ordezkari baten bidez aurkeztu ahal izango dira. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatu ahal izango da, modu fidagarrian jasota geratzen bada, betiere Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

Eskaera ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Helbide honetan egongo dira eskuragarri gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programarako laguntzak arautzen dituen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 8.2 artikuluan aipatzen diren eskabideak aurkezteko inprimakia eta gainerako administrazio-izapideak formalizatzeko eredu normalizatuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236201

Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, pezoiak edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Eskatzaileek arreta eta laguntza eskatu ahal izango dute bitarteko elektronikoak erabiltzean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12. artikuluan, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legean eta Herritarrei arreta osoa eta multikanala emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programa arautzen duen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 8.5 artikuluan aipatzen den prozedura-fitxa helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1236201

Laugarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzaren onuradunek, Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programako arautzen duen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 12. artikuluan zehaztutako betebeharrez gain, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta programa honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko bestelako betebeharrak ere.

Bosgarrena.– Laguntzen kudeaketa eta ebazpena.

1.– Gazteria Zuzendaritzari dagokio deialdi honen xede diren laguntzak kudeatzea.

2.– Eskatutako laguntzak Trantsizio Sozialaren eta 2020 Agendaren idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez eman edo ukatuko dira.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako ebazpenaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek organo horri, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Ebazpena sei hilabeteko epean jakinarazi beharko da, espedientea osatzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, eta administrazio-isiltasuna ezestekoa izango da. Hala ere, akatsak zuzentzeko epe bat ireki bada, aipatutako epea etenda geratuko da eskatzaileari igorritako jakinarazpena jasotzen denetik eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu arte.

5.– Dirulaguntza emateko ebazpena eskatzaileak hautatutako kanalaren bidez jakinaraziko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 35/2015 Legearen 41. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da, Gazteen emantzipaziorako Emantzipa Programa arautzen duen abenduaren 26ko 191/2023 Dekretuaren 9.4 artikuluan ezarritako baldintzetan.

Seigarrena.– Laguntzak itzultzeko arrazoiak.

Bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta laguntza horiek azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira.


Azterketa dokumentala