Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2024ko otsailaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
835

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 31koa, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarena, Armañongo Natura Ondarearen Naturagune Babestuaren Natura Baliabideak Antolatzeko Plan berria egiteko prozedurari hasiera ematen diona.

Armañon natura-balio handiko espazioa da. Horregatik, 2006an parke natural izendatu zuten, irailaren 19ko 176/2006 Dekretuaren bidez. Aldi berean, eremu hori antolatzeko eta planifikatzeko tresna gisa, dagokion NBAP onartu zen, egun bereko 175/2006 Dekretuaren bidez.

2004. urtean, Eusko Jaurlaritzak proposatuta, Europako Batzordeak Armañonen zeregina aitortu zuen biodibertsitatea Europa mailan mantentzeko eta berrezartzeko, Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Intereseko Lekuen Zerrendan sartu baitzuen, 2004/813/EE Erabakiaren bidez, Natura 2000 sare ekologikoaren parte gisa.

Balio hori 2016an berretsi zen, otsailaren 16ko 25/2016 Dekretuaren bidez Eusko Jaurlaritzak Armañon Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuenean, dagozkion kontserbazio-arauak ezarriz.

Beraz, 2016. urteaz geroztik, Armañongo lurraldeak babes-araubide bikoitza du, parke natural eta kontserbazio bereziko eremu gisa hartzen dituelako. Une hartan indarrean zegoen legeriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginak (NKLTB), 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoak, 18. artikuluan aurreikusten zuen ezen, naturagune babestuetako figura desberdinak leku berean gainezarriko balira, horien arauak eta plangintza-mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko liratekeela, eremuaren plangintza integratuz, kategoria bakoitzaren arabera aplika daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osa zezaten.

Ildo horretan, 25/2016 Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak ezarri zuen hura onartzean hasiko zirela izapideak «Parke Naturalaren NBAPa Naturagune Babestuen bi tipologiak arautuko dituen dokumentu bakar izan dadin».

Lan horiek Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko uztailaren 13ko Aginduaren bidez hasi ziren. Agindu horren bidez, Armañongo Parke Naturalaren NBAP berri bat egiten eta onartzen hasi zen, bai eta bi babes-figura horien mugaketak bat etortzeko beharrezkoak ziren lanak ere.

Lanak hasita, NKLTBaren 7. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, NBAP berriak fase guztiak amaitu zituen, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko uztailaren 1eko Aginduaren bidez behin-behinean onartu arte.

Izapide hori egin zenetik ia lau urte igaro dira, eta Gobernu Kontseiluak ez du dokumentu hori behin betiko onartu. Izan ere, zalantzan dago, dagokion memoria ekonomikorik ezean, Natura 2000 Saretik eratorritako betebeharrak betetzeko hartzen diren neurriek kontuan hartu ote dituzten eskakizun ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, bai eta eskualdeko eta tokiko berezitasunak ere. Eskakizun horiek jasota daude Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 2.3 artikuluan (habitat naturalak eta basoko fauna eta flora kontserbatzeari buruzkoa) eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 2. artikuluan.

Bestalde, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legea indarrean jartzeak aldaketak ekarri ditu NBAPen edukian, irismenean eta egiteko prozeduran, NKLTBan jasotako aurreikuspenekin alderatuta.

9/2021 Legeak jasotzen dituen eduki berritzaileen artean, honako hauek daude:

1.– Natura-ondarearen, biodibertsitatearen eta geodibertsitatearen osagaien kontserbazio-egoera zehaztea, haien kontserbazio-egoera ebaluatzea, lurraldearen erabilera-ahalmena baloratzea, eta dauden arriskuak eta mehatxuak identifikatzea.

2.– Kontserbazio-helburuak ezartzea.

3.– Irizpideak zehaztea lurralde-eremua mugatzeko, baliabide naturalak kontserbatzeko, babesteko, lehengoratzeko, hobetzeko eta modu jasangarrian erabiltzeko, eta ingurunearekin lotura ekologikoa mantentzeko eta lehengoratzeko.

4.– Klima-aldaketaren balizko ondorioei buruzko aurreikuspenak, epe ertainean zein luzean eragina izango duten arintze- eta egokitze-neurriak ezarriz.

5.– Egiten ari diren erabilerak zehaztea eta jardunbide egokiak baloratzea.

6.– Antolamenduaren xede den lurralde-eremuan konektagarritasun ekologikoa hobetzeko neurriak identifikatzea.

7.– Hura aplikatzeko aurreikusitako kostuei eta finantza-tresnei buruzko memoria ekonomikoa.

Aipatutako 9/2021 Legearen bigarren xedapen iragankorrak aurreikusten duenez, lege hori indarrean jartzen denean hasierako onarpena jaso duten planak eta programak indargabetutako NKLTBn ezarritako prozeduraren arabera izapidetu behar dira. Baina NBAPa egiten hasi zenetik igarotako denbora kontuan hartuta, eta behin betiko onartzen den dokumentuan indarrean dagoen 8/2021 Legean aurreikusitako garrantzi handiko edukiak (jardunbide egokiak, konektibitate ekologikoa, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak eta berezko kostuen memoria bera, besteak beste) sartzeko komenigarritasuna kontuan hartuta, NBAPa egiteko prozedura hasierako faseetara atzera eramatea komeni da, egiten den dokumentuak 9/2021 Legean aurreikusitako eduki eta irismen guztiak hedatzen dituela bermatzeko.

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Legearen 25. artikuluak, 2. puntuan, ezartzen du natura-ondarearen arloan eskumena duen zuzendariaren ebazpenaren bidez hasten dela NBAPak egiteko prozedura, eta ebazpen hori EHAAn argitaratu behar dela. Beraz,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Amaitutzat ematea Armañon aldeko Natura Baliabideen Antolamendurako Plan berria egiteko prozedura, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko uztailaren 13ko Aginduaren bidez hasitakoa.

Bigarrena.– Armañon Eremuko Natura Baliabideak Antolatzeko Plan berri bat egiten hastea, eremu horretan bat egiten duten bi babes-figuren (Parke Naturala eta Kontserbazio Bereziko Eremua) eta haien arau erregulatzaileen arteko babesaren eta koordinazioaren koherentzia bermatzeko, bai eta bi figura horien mugaketak lurraldeari dagokionez berdinak izatea bermatzeko ere, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legean ezarritako edukien eta irismenaren arabera.

Hirugarrena.– NBAP horren eremua Armañongo Kontserbazio Bereziko Eremua (ES2130001) izango da, otsailaren 16ko 25/2016 Dekretuaren I. eranskinean zehaztutakoa. Eremu hori 9/2021 Legearen 26. artikuluko kautelazko babes-araubidearen mende dago, hargatik eragotzi gabe indarrean dagoen NBAPak ezartzen duen babes-araubidea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 31.

Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria.
(Otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuko Lehenengo Xedapen Gehigarria).

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

ERANSKINA
NATURAGUNE BABESTUA DEN ARMAÑON ONDAREAREN BALIABIDE NATURALAK ANTOLATZEKO BIGARREN PLANA ONARTZEN DUEN DEKRETU-PROIEKTUA EGITEKO ARAUAK ETA IRIZPIDEAK

1.– Arauaren helburua eta xedea.

Arau-ekimen honen helburua eta xedea da naturagune babestua den Armañon ondarearen baliabide naturalak antolatzeko bigarren plana onartzea, bermatzeko mantentzen dela edo, hala badagokio, berrezartzeko, KBEan habitat natural moten eta bertan presentzia esanguratsua duten interes komunitarioko espezieen habitaten kontserbazio-egoera ona.

2.– Bideragarritasun juridiko eta materialaren estimazioa.

a) Bideragarritasun juridikoa:

Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentaraua (habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoa) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentaraua (basoko hegaztiak kontserbatzeari buruzkoa) aplikatuz, Natura 2000 Sarea sortu da. Sare hori Europako erakundeek eta herritarrek Europako lurralde osoan biodibertsitatea babesteko duten tresna nagusia da, eta haren helburua biodibertsitateari eustea da, basafauna eta basaflora nahiz Batasunaren intereseko habitatak kontserbatzeko esparru komun bat zehaztuz. Bi zuzentarau horien eranskinetan ezarrita daude horiek guztiak.

EKren 149.1.23 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumena da ingurumena babesteko oinarrizko legeria. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio legea garatzeko legegintza-eskumena, hargatik eragotzi gabe babes-arau gehigarriak ezartzea, bai eta betearazpen-arauak ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluaren arabera.

Europako araudi hori Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen bidez txertatu zen Estatuko zuzenbidean, oinarrizko arau gisa, eta gaur egun zuzenbide autonomikoan sartuta dago Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legean.

Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 21.1 artikuluaren arabera, natura-baliabideak antolatzeko planak espazio-eremu jakin bateko naturagune babestuak osatzen dituzten elementuak planifikatzeko berariazko tresna izango dira, eta gainerako lurraldearekin duten harremana mugatu, tipifikatu, sarean integratu eta zehaztuko dute.

Azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 25.1 artikuluaren arabera, natura-baliabideak antolatzeko planak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-ondarearen arloko eskumena duen sailak egingo ditu. Beraz, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren eskumena da Armañongo Natura Baliabideak Antolatzeko Plana egitea eta izapidetzea.

b) Bideragarritasun materiala:

Irailaren 19ko 175/2006 Dekretuaren bidez, Armañongo Natura Baliabideen Antolamendurako lehen Plana (NBAP) onartu zen, eta irailaren 19ko 176/2006 Dekretuaren bidez, Parke Natural izendatu zen.

Bestalde, otsailaren 16ko 25/2016 Dekretuaren bidez, Armañon Kontserbazio Bereziko Eremu (ES2130001) izendatu zen, eta KBE horretan dauden habitat natural moten eta espezieen eskakizun ekologikoetara egokitutako kontserbazio-helburuak eta -neurriak onartu ziren.

Armañon eremuan natura-ondarearen naturagune babestuaren (EPPN) bi kategoria elkartzen direnez, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen (EENKL) 38. artikuluaren aurreikuspenari jarraitu behar zaio; horren arabera, EPPNko hainbat figura leku berean gainjartzen badira, tipologia bakoitzaren berariazko arau erregulatzaileak eta plangintza-tresnak dokumentu integratu bakar batean bateratu beharko dira. Zehazki, Armañonen kasuan, parke naturaltzat hartzen denez, NBAPak, parke naturalaren berezko edukiez gain, KBE izendatzeko dekretuaren eduki espezifikoak eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana jaso behar ditu, gauza bera egiteko bi babes-figura horien kudeaketaren plangintzarekin.

3.– Eragina ordenamendu juridikoan.

Armañon eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako bigarren Plana onartzen duen dekretu-proiektuan, parke naturalaren mugak aldatu eta Kontserbazio Bereziko Eremuetara egokituko dira. Era berean, Parke Naturalaren arauen eta KBE izendatzeko dekretuaren edukia bateratu nahi du dekretu honek.

4.– Arauaren eragina aurrekontuetan.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 15.5 artikuluak ezartzen duenez, sailak egoki irizten badio, espedientean memoria ekonomiko espezifiko bat ager daiteke, eta, hor, egitekoa den arauaren kostuaren zenbatespena azalduko da: gastu eta diru-sarrerak zenbatuta agertuko dira, eta, orobat, aurrekontu orokorretan izango duen eragina, finantzaketa-iturri eta -erak nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia- eta araudi-kontrolaren gaineko arauek zehaztutako beste alderdi batzuk. Era berean, memoria horretan arauak beste administrazio batzuetan eta partikularretan izango duen eraginaren azterketa jasoko da.

Aurreko lerrokadan aipatzen den memoriak berretsi edo adierazi egingo ditu, aldez aurretik onartu beharreko testuan izandako aldaketak ikusita, hasierako aginduan aurreikusitako kostuen zenbatespenaren balizko zehaztapenak edo desbideratzeak. Era berean, arauak ekonomian oro har izango duen eraginaren azterketa egiteko beharrari erantzungo dio, Merkatu Batasuna Bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legean eta Euskadiko Ekintzaileei eta Enpresa Txikiari Laguntzeko ekainaren 28ko 16/2012 Legean xedatutakoaren arabera.

Hala ere, natura-baliabideak antolatzeko plana aplikatzeak foru-organoei eragingo diela esan daiteke, organo horiek Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana Parke Naturalaren eta Kontserbazio Bereziko Eremuaren kudeaketaren plangintzara egokitzeko ekimenak eta jarduerak gauzatu beharko baitituzte.

5.– Egin beharreko izapideak eta txostenak.

Arau-xedapena idazteko, dekretu honen edukia hartuko da kontuan, eta kontuan hartuko dira bilatzen diren helburuetara ondoen egokitzen diren aukerak, bai eta, hala badagokio, aurreikusitako araudiaren egokitasuna eta legezkotasuna bermatzeko eskatzen diren kontsulten eta txostenen emaitzak ere.

Dekretu-proiektuaren testua idaztean, kontuan hartu beharko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluko erregulazio onaren printzipioak, bai eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 14. artikuluko arauak eta irizpideak ere.

Arau-proposamenarekin batera, memoria hauek aurkeztuko dira: arau-eraginari buruzko memoria, memoria ekonomikoa eta enpresaren eraginari buruzkoa. Azken hori saileko Aholkularitza Juridikoak egingo du, eta arauak enpresen eraketan, abian jartzean eta funtzionamenduan duen eraginaren ebaluazioa egingo du.

Arau-xedapenaren proiektua idatzi ondoren, xedapenaren ondorioez eragindako foru-aldundiek txostena egin beharko dute, aldez aurreko onarpena eman aurretik, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 25.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Foru-aldundien txostenak jaso ondorengo fasean, ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 15.1 artikulua aplikatuz, aldez aurreko onarpena emango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren dekretu baten bidez. Era berean, 15.4 artikulua aplikatuz, arau-xedapenaren proiektu hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Aholkularitza Juridikoaren txosten juridikoaren mende jarri ahal izango da.

Xedapenaren testuaren aldez aurreko onarpena argitaratzen denetik hilabeteko epean, dekretu hau egiteko prozeduran parte hartzeko aukera emango zaie aurreikusitako erregulazioak zuzenean eragin diezaiekeen Autonomia Erkidegoko administrazioei, ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 18. artikulua aplikatuz. Era berean, dekretu hau egiteko prozeduran zehar, beste administrazio batzuen parte-hartzea eta kontsulta arautzen dituzten aipatutako legearen 18. artikuluko gainerako xedapenak aplikatu eta kontuan hartuko dira.

Xedapen orokorrak egiteko prozeduraren barruan Kultura Sailak txostenak bideratzeko bete behar duen araudia ezartzen duen abuztuaren 31ko 128/2007 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, Kultura Sailaren nahitaezko txostena eskatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egindako xedapen orokorreko proiektua delako. 6/2022 Legearen 16.3 artikuluaren arabera, funtsezkoak ez diren txostenak egiteko izapide horiek ofizioz egingo dituzte izapide horiek esleituta dituztenek, aldez aurretik eskatu beharrik izan gabe. Era berean, 16.3 artikuluak hilabeteko epe bera ezartzen du txostenak bideratzeko aldez aurreko onarpen-agindua argitaratzen denetik, eta horien artean dago Kultura Sailarena.

Parte hartzeko izapidea amaitu ondoren, araudi sektoriala aplikatuz, honako txosten hauek bilduko dira:

Tokiko Gobernuen Batzordeak nahitaezko txostena egin beharko du, ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 21. artikuluan eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2017 Legearen 90. eta 91. artikuluetan arautua. Egokia da txosten hori egitea, onartu nahi den antolamendu-planak udalerrien eskumen propioei eragiten baitie, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 24.3 artikuluan xedatutakoaren arabera: lehendik dauden eta natura-baliabideak antolatzeko planekin kontraesanean dauden lurraldea, hirigintza zein baliabide naturalak antolatzeko edo antolamendu fisikorako tresnak plan horietara egokitu beharko dira, eta urte bateko gehieneko epea izango dute horretarako, planak behin betiko onartzen direnetik zenbatzen hasita. Era berean, apirilaren 7ko 2/2007 Legeak eskumen propiotzat jotzen du 17.1.9) artikuluan hirigintzaren arloko antolamendua, kudeaketa, exekuzioa eta diziplina; beraz, lege beraren 91.1 artikuluaren arabera, onartu nahi den xedapen orokorrak Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordearen aldez aurreko nahitaezko txostena beharko du.

Onartu nahi den dekretu horretatik ez da inolako garrantzirik ondorioztatzen generoaren ikuspegitik; izan ere, Armañon inguruko baliabide naturalen plangintzak ez du garrantzirik izango gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean, ez baitute harreman zuzenik genero-ikuspegitik desberdintasun-egoeran erortzen den ezein jarduerarekin edo egoerarekin. Lehen kalkulu hori egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan natura-ondarea kontserbatzeko eskumena duen organoaren berdintasun-sailaren aholkularitza erabili da.

Beste instantzia batean, proiektuaren testua idatzi ondoren, generoaren araberako eraginari buruzko txosten bat idatziko da, 6/2022 Legearen 15.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta ondoriozko dokumentua arloan eskumena duen organoaren esku jarriko da: Emakunde. Era berean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 20.7 artikuluan araututakoaren arabera, xedapen orokorren izaera juridikoa duten planei generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazioa egin behar zaie, eta berdintasuna sustatzeko neurriak sartu behar dira. Hala ere, aipatutako xedapenak ohartarazten du izapide hori egiteko modua erregelamendu bidez zehaztuko dela. Beraz, erregelamendu hori onartuta ez dagoenez, ezinezkoa da 6/2022 Legearen 15.4 artikulua eta 1/2023 Testu Bateginaren 20.7 artikulua aplikatzea.

Ondorioz, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abuztuaren 21eko 40/2012 Ebazpena aplikatu behar da, zeinaren bidez xedatzen baita argitara dadila Gobernu Kontseiluak hartutako erabaki bat, «genero-eraginaren aurreko ebaluazioa gauzatzeari buruzko jarraibideak onartzekoa eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ekidin eta berdintasuna sustatzeko neurriak hartzeari buruzkoa»; zehazki, lehenengo jarraibidea, generoaren araberako eraginari buruzko txostenetik salbuetsitako arau-proiektua baita, ez duelako garrantzirik generoaren ikuspegitik, eta ez duelako eraginik emakumeen eta gizonen egoeran. Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak, Generoaren araberako Eraginari buruzko Txostenaren ordez, txosten bat egingo du, behar bezala justifikatzeko genero-ikuspegitik garrantzirik ez duela, abuztuaren 21eko 40/2012 Ebazpenaren II. eranskinean aurreikusitakoaren arabera, eta Emakundek dagokion egiaztapen-txostena egingo du.

Ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lan Harremanen Kontseiluaren eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen nahitaezko txostenak funtsezkoak dira, haiek arautzen dituzten xedapen espezifikoen arabera bidezkoak direnean. Ondorioz, bi kontseiluei buruzko araudia kontuan hartuta, ez da egokia lehen aipatutako txostenak egitea, onartu nahi den dekretuaren edukia ez baita sartzen aipatutako kontseiluak arautzen dituzten arauetan jasotako kasuistiketan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 11.2.b) artikulua aplikatuz, onespenaren xede den dekretu-proiektuak Ingurumenerako Aholku Batzordearen txostena beharko du, ingurumenaren babesarekin lotura zuzena eta estua duen xedapen orokorreko proiektua delako.

Azken onarpena eman aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren 25.1 artikuluaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren barneko ekonomiaren kontrola eta kontabilitatea garatzen dituen urriaren 31ko 464/1995 Dekretuaren 41.1 artikuluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 1.2 artikuluaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ekonomia- eta araudi-kontroleko txostena eskatuko da.

Ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 24.2 artikulua betez, prozedura osoaren memoria labur bat erantsiko zaio espedienteari, eta, hor, hauek guztiak zehaztuko dira: aurrekariak, egindako izapideak, izapideen emaitzak eta, egindako txostenen ohar eta iradokizunei egokitzearren, proiektuaren testuan egindako aldaketak.

Espedientea instantzia horietara arte izapidetu ondoren, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren 6/2022 Legearen 22. artikuluaren arabera, nahitaezkoa izango da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridiko Nagusiak egin beharreko legezkotasun-txostena egitea. Txosten hori nahitaezkoa izango da Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak irizpena eman behar ez duenean. Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari buruzko azaroaren 24ko 9/2004 Legearen 3.1.c) artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzak kontsulta egin beharko dio Batzordeari Legebiltzarreko legeak garatzeko edo betearazteko ematen dituen erregelamendu-xedapenen proiektuetan. Hori da dekretu honekin bat datorren kasua jasotzen duen xedapena. Ondorioz, dekretu hau ez denez ez lege baten garapena ez betearazpena, ez zaio Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari kontsulta egingo dekretu-proiektu honi buruz.

Ezarritako prozedura amaitu ondoren, xedapen orokorra organo eskudunak onartu beharko du, ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera. Kasu horretan, Jaurlaritzari buruzko 7/1981 Legearen 61. artikuluaren arabera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua izango da dekretua sinatu eta onartuko duena. Ildo beretik doa 9/2021 Legea, azaroaren 25ekoa, zeinaren bidez zehazten baita natura-baliabideak planifikatzeko onartutako natura-baliabideen antolamendu-plana dekretu bidez egingo dela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan natura-ondarearen arloko eskumenak dituen sailaren titularraren dekretu bidez. Ondorioz, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua.

6.– Herritarren parte hartzea.

Eragindako sektore sozialen eta publikoaren parte-hartze erreal eta eraginkorrari dagokionez, uztailaren 18ko 27/2006 Legean ezarritakoa beteko da. Lege horren bidez, ingurumen-gaietan informazioa eskuratzeko, publikoki parte hartzeko eta justiziara jotzeko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/35/EE zuzentarauak jasotzen ditu). Izan ere, xedapen orokor bat da, naturaren kontserbazioari eta dibertsitate biologikoari buruzkoa, 18.1 artikuluaren l) letran jasotako gaiak.

Entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egin eta kide anitzeko organoen nahitaezko txostenak jaso ondoren, jasotako ekarpenak, iradokizunak eta alegazioak txosten batean jaso eta baloratuko dira, eta txosten hori izapide horietan parte hartu duten guztiei bidaliko zaie.

Xedapenaren testuaren aldez aurreko onarpena argitaratzen denetik hilabeteko epean, dekretu hau egiteko prozeduran parte hartzeko aukera emango zaie aurreikusitako erregulazioak zuzenean eragin diezaiekeen Autonomia Erkidegoko administrazioei, ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 18. artikulua aplikatuz. Era berean, dekretu hau egiteko prozeduran zehar, beste administrazio batzuen parte-hartzea eta kontsulta arautzen dituzten aipatutako legearen 18. artikuluko gainerako xedapenak aplikatu eta kontuan hartuko dira.

7.– Proposatutako erregulazioaren edukia.

Aldi berean, Armañongo Baliabide Naturalak Antolatzeko 2. Plana onartzen duen Dekretua eta espazio horren Antolamendu Plana egingo dira.

Onarpen-dekretuak artikulu bakarra izango du, eta NBAPa onartzeaz gain, argitaratu beharra ezarriko du. Dekretu horrek hainbat azken xedapen izango ditu, Armañon eremua parke natural deklaratzen duen irailaren 19ko 176/2006 Dekretua eta Armañon (ES2130001) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duen otsailaren 16ko 25/2016 Dekretua aldatzeko, bakoitzaren babes-araubideak koherenteak direla eta haien artean koordinatuta daudela eta NBAParen beraren zehaztapenekin bat datozela bermatzeko.

Armañongo Natura Baliabideak Antolatzeko Planak Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 22. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiak jasoko ditu, eta 3 dokumentutan egituratuko da:

• 1. dokumentua. Kartografia; besteak beste, habitat motak mugatzeko, zonifikatzeko eta banatzeko mapak.

• 2. dokumentua. Memoria, honako hauei buruzko edukiekin: arauen aurrekariak eta arau-testuingurua, antolamendu-eremuaren ezaugarri orokorrak, EPPNren ezaugarrien deskribapena eta interpretazioa, natura-ondarearen, biodibertsitatearen eta geodibertsitatearen osagaien kontserbazio-egoera zehaztea, ekosistemak, prozesu ekologikoak eta paisaiak, zonifikazioa eta memoria ekonomikoa.

• 3. dokumentua. Helburuak, erreferentzia-irizpideak eta mugak. Honako hauek jasoko ditu: NBAParen zehaztapen orokorrak, lehentasunezko jarduera-eremuak, helburuak, politika sektorialak orientatzeko erreferentzia-irizpideak, jarduera ekonomiko eta sozialak antolatzeko irizpideak eta muga orokorrak, lurraldearen zonifikazioa eta muga espezifikoak eta jarraipen-plana.

8.– Arau-testua bi hizkuntzetan idazteko metodoa.

Nahiz eta ekainaren 30eko 6/2022 Legeak xedatzen duen araugintza-prozedura elebiduna izango dela prozedura osoan (5.3 artikulua), lege horrek ezartzen du idazketa elebidunaren prozedura eta antolaketa erregelamendu bidez ezarriko direla, 5.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Dena den, artikulu horretan aipatutako erregelamendua zehaztu ez denez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko erabiliko den sistema izango da IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak testu arauemailearen gaztelaniazko bertsioa itzultzea.

9.– Urteko araugintza-plana.

Onartu nahi den dekretua ez dago urteko araugintza-planaren barruan. Hala ere, tramitazioa justifikatze aldera, 6/2022 Legearen 13.1.i) artikuluaren arabera, leku berean naturagune babestuen bi kategoria daudenean, 9/2021 Legearen 38.1 eta 38.2 artikuluetan xedatutakoa aplikatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagokio horiek koordinatzeko dokumentu bat egitea. Horrela, Armañon eremuko Natura Baliabideen Antolamendurako bigarren Plana onartzen duen dekretu hau onartzeko izapideari heman zaio hasiera.


Azterketa dokumentala