
32. zk., 2024ko otsailaren 13a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (133 KB - 3 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
769
EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 26koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Amarako merkantzien saihesbidea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2021eko abenduaren 4ko Ebazpenaren bidez, «Donostiako Amarako trenbide saihesbidearen informazioa-azterlana» behin betiko onartu zen. Ebazpena 2022ko urtarrilaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (17. zk.) eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (16. zk.)
2023ko abenduaren 15eko Ebazpenaren bidez, «Amarako merkantzien saihesbidea eraikitzeko proiektua» onartu zen. Ebazpena 2024ko urtarrilaren 8an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (5. zk.).
«Amarako saihesbidea eraikitzeko proiektuaren» helburua da Lugaritz eta Anoetako merkantziak Lugaritz-Easoko saihesbidea martxan jarri ondoren lotzeko trenbide-adar berri bat ezartzeko egin behar den obra zibila zehaztea, eraikuntza-mailan, Aieteko tunelaren aprobetxamendu handiagoa bilatuz.
Proiektatutako linea berria tunelean eta tunel faltsuan garatuko da erabat.
Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.
Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.
Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.
Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.
Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Jendaurrean jartzea «Amarako merkantzien saihesbidea eraikitzeko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Donostiako udaletxeko iragarki taulan ere erakutsiko da jendaurrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 26a.
Garraio azpiegituren zuzendaria,
MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.
RSS