Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

32. zk., 2024ko otsailaren 13a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
767

12/2024 EBAZPENA, otsailaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita «Aroa / euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa» nortasun-ikur berezia onartzeko erabakia.

Gobernu Kontseiluak, 2024ko urtarrilaren 30ean egindako bilkuran, «Aroa / euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa» nortasun-ikur berezia onartzeko erabakia hartu du, eta behar bezalako publizitatea emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea «Aroa / euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa» nortasun-ikur berezia onartzen duen erabakiaren testua, zeina ebazpen honen eranskinean ageri baita.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko otsailaren 7a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN OTSAILAREN 7KO 12/2024 EBAZPENARENA.
«AROA / EUSKARA INDARBERRITZEKO ETA EUSKALDUNOK AHALDUNTZEKO MARKO ESTRATEGIKOA» NORTASUN-IKUR BEREZIA ONARTZEKO ERABAKIA

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren (HPS) zeregina da euskara sustatzeko plangintza orokorra prestatzea Euskal Autonomia Erkidego osorako, euskara sustatzeko plan marko nagusia, EAEko erakunde publiko guztientzako plan gidaria. Plangintza edo marko orokor horrek EAEko botere publikoen jarduera gidatzen du euskararen normalizazioaren eremuan, eta hizkuntza-politikaren jarraibide orokorrak zehazten ditu.

Orain arte bi plangintza edo marko orokor eratu eta gauzatu ditu HPSk: Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 2013ra arte egon zen indarrean; eta urte horretan Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (ESEP) hartu zuen EBPNren lekukoa.

ESEPek 10 urteko indarraldia izanik, marko estrategiko berria osatzeko unea iritsi da. Marko estrategiko berri horren izena da «Aroa / euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa».

Aroa Markoak, beraz, EAEko botere publikoen jarduera gidatuko du hurrengo hamarraldian euskararen normalizazioaren eremuan. Euskal administrazioentzako hizkuntza-politikaren jarraibide orokorrak zehazten dituen dokumentua izanik, beharrezkoa da dokumentua identifikatzeko kontzeptuak eta irudiak argi izatea, eta erakunde publikoei elkarlanean eta modu koordinatuan lan egiteko nortasun-ikur berezi komun bat eskaintzea.

Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzak eta haren administrazio-unitateek, zein diren ezagutarazteko, erakunde-nortasunaren eskuliburuan bildutako elementuak, eta ez besterik, erabiliko dituzte jendaurreko komunikazio-agerraldi guztietan. Horrez gain, ezartzen du bestelako nortasun-ikur bereziak ere erabili ahal izango direla jendaurreko zenbait zerbitzu edo jardueratan. Horretarako, ezinbestekoa izango da Gobernu Kontseiluaren erabakia, betiere Lehendakaritzaren idazkariak, aurretiaz, aldeko txostena emanda. Erabaki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak «Aroa», euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa, nortasun-eskuliburuan jasotzen den nortasun-ikur berezi gisa onartzeko eskabidea aurkeztu zuen Lehendakaritzan, eta Lehendakaritzaren Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiak horren aldeko txostena egin zuen.

Espedientean jasota dagoen txostena ikusita, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– «Aroa / euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa» nortasun-ikur berezia onartzea, nortasun-eskuliburuan jasotzen den bezala.

Bigarrena.– «Aroa / euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko Marko Estrategikoa» nortasun-ikur berezia erabiltzeko moduak aipatutako nortasun-eskuliburuan jasota daude.

Hirugarrena.– Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala