Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2024ko otsailaren 9a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
721

EBAZPENA, 2024ko otsailaren 1ekoa, Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, Geotunel SL aitortzen duena makineria finko eta mugikorreko meatze-makinistaren txartela lortzeko zentro aztertzaile gisa.

ESP.: 48/EX-A-2024-1

AURREKARIAK

Bat.– Hainbat espezialitatetako profesional baimenduei kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduen ziurtagiriak emateko araubideari dagokionez, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua aplikatu behar da, horrek arautzen baititu industria-segurtasunaren arloko kualifikazio indibidualeko txartelak eta enpresa baimenduak. Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Aginduak martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuan aipatutako funtsezko gaietako batzuk zehaztu ditu.

Bi.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2017ko maiatzaren 24ko Ebazpenaren bidez, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretua aplikatzeko barne-instrukzioa onartu zen, zeinetan arautzen baita nola lortu makineria finko eta mugikorreko meatze-makinistaren, meatze-argiketariaren eta lurpeko lanetako eta barne-meatzaritzako meatze-zaindariaren kualifikazio indibidualeko txartelak.

Hiru.– 2023ko irailaren 15ean, Geotunel SLren ordezkaritzak zentro aztertzaile gisa jarduteko baimena eskatu zuen Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza honetan, txartel hau lortzeko gaitasuna egiaztatu ahal izateko:

– Makineria finko eta mugikorreko meatze-makinista.

Lau.– Eskabide horrekin batera, Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ziren; zehazki, hauek:

– Erakundearen identifikazio-datuak; erakundearen egoitza honako helbide honetan dago: INNOBAK enpresa-zentroa, Junqueral kalea 13, 2. solairua, 10. bulegoa, Barakaldo.

– Prestakuntza-jarduerak gauzatzeko erakundeak dituen giza baliabideen eta baliabide materialen deskribapena.

– Egingo diren ikastaroen zehaztapena, aurreikusitako gaiak, metodologia, antolamendua eta ebaluazio-sistemak zehaztuz.

Bost.– 2024ko urtarrilaren 29an, Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza honetako meategietako teknikariak aldeko txostena eman zion Geotunel SLk egindako eskabideari, makineria finko eta mugikorreko meatze-makinistaren txartela lortzeko zentro aztertzaile gisa jardun ahal izateko.

Espedientea ebazterakoan, erreferentzia hauek egin eta kontuan hartu behar dira:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.– Industria Administrazioaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak du ebazpen hau emateko eskumena, horixe xedatzen baitu Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak.

Bi.– Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekreturen 1. artikuluak ezartzen duenez, erregelamenduaren arauak gutxieneko arautzat hartuko dira, eta estatutu bidezko eskumenak dituzten autonomia-erkidegoek garatu egin ahal izango dituzte arau horiek. Hori da Euskal Autonomia Erkidegoaren kasua, Euskal Herriaren Autonomia Estatutua onartzen duen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.2.c) artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz, oinarrizko arauak betearaztea ziurtatzen baitu.

Hiru.– Meatze-makineria mugikorreko operadore eta gidariei buruzko araudia, funtsean, Meatzaritzako Segurtasunaren Oinarrizko Arauei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen apirilaren 2ko 863/1985 Errege Dekreturen 117. artikuluan dago ezarrita gaur egun, bai eta 07.1.03 Instrukzio Tekniko Osagarrian ere («aire zabaleko lanak. Zereginak gauzatzea»). Instrukzio hori Industria eta Energia Ministerioaren 1990eko apirilaren 16ko Aginduaren bidez onartu zen, zeinak aipatutako erregelamenduaren VII. kapitulua garatzen baitu. Hain zuzen ere, 5.1 artikuluan ezartzen duenez, meatze-agintaritzak emandako baimena duten operadoreek eta gidariek bakarrik erabili ahal izango dute meatze-makineria mugikorra. Gainera, 04.5.04 eta 04.6.02 Instrukzio Tekniko Osagarriek gidari eta makinisten betekizunak zehazten dituzte lurpeko ustiapenetako ibilgailuen kasuan.

Lau.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuaren 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, gaur egun aitortuta dauden erakundeek 5 urtean behin berritu beharko dute baimena, dekretu horren 25. artikuluan aurreikusitako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren.

Bost.– Ondorioz, eskatzaileak aurkeztutako agirietan ikusten denez, Geotunel SL erakundeak baditu aipatutako dekretuko 22. artikuluan eskatzen diren gutxieneko instalazioak; zehazki, aitortutako erakundearen akreditazioa jasotzeko direnak. Instalazioak, bestalde, Bizkaiko Lurralde Historikoan daude.

Sei.– Labur esanda, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horretan ezarritakoari jarraituz izapidetu da prozedura, eta, halaber, erakunde eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako egiaztagiri nahikoa aurkeztu ditu.

Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, Geotunel SL erakundeari baimena ematea zentro aztertzaile gisa aritzeko, honako espezialitate honetan:

– Makineria finko eta mugikorreko meatze-makinista.

2.– Geotunel SL inskribatzea baimendutako profesionalen prestakuntzarako aitortutako erakundeen erregistro berezian, erregistro-zenbaki honekin: REFPA zk.: A-128

3.– Erakunde hori baimenduta dago Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta dauden ziurtatutako instalazioetan aritzeko zentro aztertzaile gisa, eta hautagaien lantokietan ere egin ahal izango ditu azterketak. Beste instalazio batzuetan egin nahi baditu azterketak, nahitaezko baimena eskatu beharko du horretarako eskumena duen lurralde-ordezkaritzan, eta akreditatu egin beharko du instalazio horiek betetzen dituztela martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren 22. artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzak.

4.– Aitortutako erakunde orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamenduzkoek ezartzen dituzten eginbeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoak.

5.– Aitortutako erakundeek galdu egingo dute aitortutako erakundearen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte betetzen aipatu dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak.

6.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea agintzea.

7.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Bilbao, 2024ko otsailaren 1a.

Industria Administrazioaren Bizkaiko lurralde-ordezkaria,

M.ª JESÚS MARKAIDA URIARTE.


Azterketa dokumentala