Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2024ko otsailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
677

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 26koa, HABEko zuzendariarena, Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) zedarritutako B1, B2, C1 eta C2 euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatu ahal izateko, 2024. urterako deialdi irekia egiten duena.

179/2003 Dekretuak zein 166/2019 Dekretuak xedatutakoa betez eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduak araututakoaren babesean, HABEk interesaturik dauden herritar guztiei zuzendutako deialdiak egin ditzake urtero, HEOCen zedarritutako euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko.

Bestalde, helduen euskalduntzearen araubide akademikoaren eremuan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak HEOCen egitura eta deskribapena onartu zituen 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bidez. Horrek helduen euskalduntze-ikasprozesua sei mailotan antolatu zuen (A1, Hasierako erabiltzailea; A2, Oinarrizko erabiltzailea; B1, Erabiltzaile independentea; B2, Erabiltzaile aurreratua; C1, Erabiltzaile gaitua eta C2, Erabiltzaile aditua), betiere elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztuta, ekintza komunikatiboen bidez definitutako hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarrituta, euskararen berezko ezaugarriak eta ikaskuntza-testuinguruaren egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta. Ikuspegi horri jarraikiz, agindu horrek edukiak zehaztu zituen (testuinguru soziolinguistikoa, gaiak, testu-generoak, funtzioak, adierazpide testualak, adierazpide linguistikoak, estrategiak...), bai eta ildo metodologikoak eta ebaluazio-irizpideak ere.

Halaber, 2024ko deialdiak entzumen-desgaitasun larria duten pertsona gorrei aukera emango die hizkuntza-trebetasunak partez egiaztatzeko, HEOCen definitutako B1 eta B2 mailetako komunikagaitasun-mailetako irakurmenean eta idazmenean, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Aginduaren 13. artikuluan araututakoaren babesean. Horrela lortutako ziurtagirien eraginkortasuna Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeko etorkizuneko xedapenak, gaur egun izapidetzen ari direnak, eta ziurtagiri partzialen eraginak arautzeko onartzen diren gainontzekoek ziurtagiri partzialei ematen dien aitorpenaren mende egongo da.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– HEOCen zedarritutako B1, B2, C1, eta C2 euskararen komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko 2024ko deialdi irekia egitea, ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasotako oinarrien eta irizpideen arabera.

Bigarrena.– 2024. urtean bi azterketaldi ireki egitea, B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izateko deialdi irekian.

Hirugarrena.– lnteresdunei jakinaraztea administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpen honen aurka egiteko gora jotzeko errekurtsoa jar diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Donostia, 2024ko urtarrilaren 26a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala