
28. zk., 2024ko otsailaren 7a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (171 KB - 9 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
671
EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 16koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Garmendialde HE2ko 2.2 azpieremuari (Perdillegi) eta 2.3 azpieremuari (San Martin) dagokienez Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa.
AURREKARIAK
Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko urriaren 7ko Ebazpenaren bidez, Garmendialde HE2ko 2.2 azpieremuari (Perdillegi) eta 2.3 azpieremuari (San Martin) dagokienez Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketari buruzko irismen-dokumentua onartu zen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritako baldintzetan.
Udalaren erabakiz, 2023ko apirilaren 3an egindako saioan, hasierako onespena eman zitzaion Garmendialde HE2ko 2.2 azpieremuari (Perdillegi) eta 2.3 azpieremuari (San Martin) dagokienez Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketari.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Azpeitiko Udalak Planaren eta haren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea bete zuen, jendaurrean 45 egunez jarrita, 2023ko apirilaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko (75. zenbakia) iragarkiaren bidez. Jendaurreko informazioaren iragarkia udalerrian hedapen handiena duten egunkarietan eta udaletxeko iragarki-taulan ere argitaratu zen.
Horrez gain, Udalak eragindako administrazio publikoei kontsulta egin zien, bai eta pertsonei ere, eta 45 eguneko epea ezarri zuen txostenak eta alegazioak egiteko.
Azpeitiko Udalak adierazi du ez dela alegaziorik aurkeztu jendaurreko informazioaren aldian eta kontsultatutako administrazio publikoek egindako txostenak igorri ditu; horien emaitza eta edukia administrazio-espedientean jasota daude. Adierazi du, orobat, txosten horiek kontuan hartu dira planaren behin betiko bertsioa idazteko unean.
Azpeitiko Udalak, 2023ko urriaren 27an, Garmendialde HE2ko 2.2 azpieremuari (Perdillegi) eta 2.3 azpieremuari (San Martin) dagokienez Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketari buruzko ingurumen-adierazpen estrategikoa egiteko eskaera osatu zuen, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat.
Eskaerarekin batera honako hauek aurkeztu zituen: behin betiko plan-proposamena, haren ingurumen-azterketa estrategikoa eta informazio publikoaren izapidea eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei entzunaldia egiteko izapidea azaltzeko zenbait dokumentu.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak eragin ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluaren arabera, ingurumen-ebaluazioak ingurumena babesteko maila handia bermatu eta garapen jasangarria sustatuko du. Horretarako, planak, programak eta proiektuak egiteko, hartzeko, onesteko edo baimentzeko ingurumen-alderdiak bateratuko ditu; ingurumen-alternatiba bideragarriak aztertu eta hautatuko ditu, ingurumenarekiko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala badagokio, konpentsatzeko aukera ematen duen neurriak ezarriko ditu, eta ingurumen-ebaluazioaren helburua betetzeko beharrezkoak diren zaintza-, jarraipen, eta zehapen-neurriak ezarriko ditu.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie planei eta programei, bai eta haien aldaketei ere, baldin eta administrazio publiko batek onartzen baditu eta legezko edo arauzko xedapen batek aginduta egiten eta onartzen badira aipatu legearen 6.1 artikuluan zehaztutako baldintzaren bat betetzen dutenean.
Gainera, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluaren arabera, ingurumenean efektu nabarmenak izan ditzaketen eta hiri- eta landa-lurraldearen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari dagozkien planei eta programei, eta horien aldaketei eta berrikuspenei, ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egingo zaie, II.A eranskinean zehazten denari jarraikiz.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Azpeitiko Udalak, bai Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak beharrezkoa den guztia xedatu dute planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eramateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita kontsulta publikoen eta eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-azterketa estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau eman du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, organo eskuduna baita otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionala. Esandako adierazpen horretan, ingurumenaren arloko alderdiak Planaren proposamenean txertatzearen aldeko balorazioa egiten da, eta Planak ingurumenean eragingo dituen inpaktu esanguratsuen aipamena ere jasotzen da, azkenean onartuko den Planean sartu beharreko azken zehaztapenak barnean direla, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.
Kontuan hartu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Garmendialde HE2ko 2.2 azpieremuari (Perdillegi) eta 2.3 azpieremuari (San Martin) dagokienez Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketari buruzko ingurumen-adierazpena egitea.
A) Plana hirigintzako bi azpieremuri aplikatzen zaie (2.2 Perdillegi eta ZE2.3 San Martin). Hiri-lurzoru gisa sailkatuta daude, Azpeitiko hiri-eremuan integratuta daude biak, eta batetik bestera 300 m inguru daude. Guztira 13.215 m2-ko azalera dute; horietatik 7.125 m2 Perdillegi azpieremuari dagozkio eta 6.090 m2 San Martini azpieremuari.
Planaren xedea da Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak aipatutako azpieremuetarako ezarritako hirigintza-araubidea aldatzea; izan ere, Perdillegin bizitegi-garapen berri bat egitea eta San Martinen, berriz, zuzkidura-garapen bat aurreikusten du.
Erabilerak birkokatzea proposatzen du Planak. Zehazki, gaur egun San Martinen dagoen adinekoen egoitza Perdillegira eramatea, hartara zerbitzu hori gaur egungo beharretara egokitu ahal izango baita eta handitzeko aukera ere emango baitu. Era berean, San Martinen bizitegi-garapen berri bat eraikitzea proposatzen da, eraikina Ibaieder ibaiaren ibilgutik aldenduta; hala, erabilera eta jabari publikorako berreskuratuko da azpieremu horretako ibaiaren ezkerreko ertza.
Azpieremuaren bide- eta ibilgu-sistema orokorrak alde batera utzita, San Martinen bizitegi-eremu globala 5.262 m2-koa da (egungo ekipamendu-lurzatia); Perdillegi, berriz, komunitate-ekipamenduko eremua izango da (5.071 m2), eta bide-sistema orokorra finkatuko da (ibilgailuena eta txirrindulariena).
Perdillegi lurzatia ekipamendurako lurzati gisa kalifikatuta dago, eta aurreikusten da osorik hartuko duela adinekoen egoitza berria, sestra gaineko 13.000 m2(t)-ko eraikigarritasunarekin eta behe-solairuko eta bost goi-solairuko gehieneko eraikuntza-profilarekin Jose Artetxe kaleari dagokionez. San Martinen, 1.841 m2(t)-ko eraikigarritasuna aurreikusten da babes sozialeko babes publikoko etxebizitzetarako, eta 7.361 m2(t)-ko eraikigarritasuna, berriz, etxebizitza tasatuetarako.
San Martin azpieremuaren antolamendu xehatua plan berezi baten formulaziora igortzen du planak; Perdillegin, berriz, antolamendu xehakatua zehazten du, Udalak toki horretan adinekoen egoitza berri bat ezartzeko proposamena behar bezala garatuta duenean.
2.2 azpieremua (Perdillegi) eta ZE2.3 azpieremua (San Martin) Garmendialde eremuan daude. Eremu hori Azpeitiko hirigune historikoaren ondoan dago eta udalerriaren «zabalgunea» osatzen du. Elkarrengandik oso hurbil daude, 300 metro inguruko distantziaz soilik banatuta. Bi kasuetan, hiri-lurzorua da, erabat artifizializatua eta antropizatua.
2.2 azpieremua (Perdillegi) Urola ibaiaren ibilgutik gertu dago, 20 bat metrora. Garmendipe, Jose Artetxe eta Perdillegi kaleekin egiten du muga, baita Azpeitiko lehen hezkuntzako institutuaren lurzatiarekin ere. Gaur egun, irakaskuntza-erabilerak hartzen dituzten bi eraikin daude, baita aire zabaleko ibilgailuak aparkatzeko gune bat ere.
ZE2.3 azpieremuak (San Martin) Ibaieder ibaia, Harzubia eta San Martin kaleak eta 2.1 azpieremua (Zezen plaza) ditu mugakide. Eremu horretan ekipamendurako hainbat eraikin daude, eta bertako zaharren egoitzak eta behin-behineko kultura- eta irakaskuntza-erabilerek okupatzen dituzte. Eraikin batzuek ez dituzte Ibaiederren ibilguarekin izan beharreko distantziak betetzen, eta jabari publiko hidraulikoa inbaditzen dute.
Bi azpieremuak hiri-lurzoruak dira, eta horietan ez da natura-elementu garrantzitsurik hauteman, San Martin azpieremuak mugakide duen Ibaieder ibaia eta Perdillegitik 20 metro ingurura dagoen Urola ibaiaren ibilgua izan ezik (nahiz eta, azken kasu horretan, beste eraikin batzuek eta bertako bideek bananduta dagoen azpieremutik).
Ibaieder ibaia (Planaren eremuan doan zatian) Gipuzkoako Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola) kudeatzeko Planak definitutako Interes Bereziko Eremuen artean dago.
Urolaren zati bat, Ibaiederrekin bat egiten duen tokitik behera, uhalde-enararen (Riparia riparia) ugalketarako habitat gisa sailkatuta dago. Ur-ingurune horrekin zerikusia duten eta, aurrekoa bezala, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan jasota dauden beste espezie batzuk honako hauek dira: martin arrantzalea (Alcedo atthis), ur-zozoa (Cinclus cinclus), kuliska txikia (Actitis hypoleucos), okil txikia (Dendrocopos minor) eta ipurtatsa (Mustela putorius).
Ingurumen-arriskuei dagokienez, nabarmendu behar da bi azpieremuak uholde-arriskuko eremuan daudela, ES017-GIP-URO-02, Azpeitia Uholde Arrisku Handiko Eremuaren barruan, eta San Martin azpieremua Urolako eta Ibaiederreko lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dagoela.
Planak proposatutako garapenaren inpaktu handienak, a priori, obra-fasearekin lotutakoak izango dira seguruenik. Fase horretan sartzen dira bi azpieremuetako gaur egungo eraikinak eraistea eta eraikin berriak eraikitzea. Horren ondorioz, hondakinak sortuko lirateke, indusketa-soberakinak sortuko lirateke, ustekabeko isurketak egiteko arriskua egongo litzateke, eta lur-mugimenduetan lurpeko urak kutsatzeko eta uraren kalitatea murrizteko arriskua egongo litzateke. Halaber, isuri atmosferikoak, akustikoak eta abar direla-eta eragozpenak sortuko litzaizkieke herritarrei.
Planak ez dakar berekin hirigintza-eraikigarritasuna handitzea; beraz, ez da aurreikusten indarrean dagoen HAPOan aurreikusi gabeko ingurumen-inpaktu berririk. Plana gauzatzeak aukera emango luke San Martineko Ibaieder ibaiaren ezkerraldea eraikuntzarik gabe uzteko eta hura birnaturalizatzeko, eta hori ondorio positibotzat jotzen da.
Plana garatzeko muga nagusia da, lehen adierazi bezala, Perdillegi eta San Martin 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholdeetan urpean geratzeko arriskua duten eremuak direla. Horrez gainera, San Martin lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan dago.
Uholde-arriskuak minimizatzeko, Planak proposatu du zuzkidura-erabilera hartzen duen lurzatia ez kokatzea Ibaieder eta Urolako ibilguetako lehentasunezko fluxuaren eraginpeko eremuetan. Hala, laguntza-ekipamendurako lurzatiak bizitegi-espazioak eduki ahal izango lituzke Perdillegin solairu guztietan, gaur egungo egoeran baino uholde-arrisku txikiagoaz; San Martinen, bestalde, etxebizitza-erabilera goiko solairuetan kokatuko litzateke, beheko solairuko erabilerak mugatuta, eta garaje eta beste erabilera batzuetarako sotoetako solairuetarako irisgarritasuna behar bezala konpondu beharko litzateke.
Zaratari dagokionez, ingurumen-azterlan estrategikoak Perdillegi azpieremuaren inpaktu akustikoaren azterketa bat jasotzen du, 2022ko abendukoa. HAPOaren aldaketak eragindako Perdillegi eremua bizitegi-erabilerako lurzorua nagusi den eremu akustiko baten parte da gaur egun. Kokaleku berrian, ekipamenduko eremu akustiko bati dagokio Perdillegi. Adinekoentzako ostatu-erabilera hartuko duen eremua denez, kalitate akustikoko helburu (KAH) hauek ezartzen dira: Ld (egunez): 55 dB (A), Le (arratsaldez): 55 dB (A) eta Ln (gauez): 45 dB (A). Helburu horien artean dago etorkizuneko garapenei dagozkien 5 dB (A) murriztea.
Azterketa akustikoaren emaitzen arabera, kalitate akustikoaren helburuak gainditzen dira fatxada guztietan eta aldi guztietan, eta aldirik txarrena gauekoa da. Helburuen gainditze horiek agerian jartzen dira bai 2 metroko altueran kalkulatutako mapetan, bai garaiera guztietan kalkulatutako fatxaden mapetan, eta GI-631 errepidearen eta kale-fokuaren ondorio dira (okerrena Jose Artetxe kalea da), nahiz eta errepideak izan zarata handienaren iturri. Gauean, 20 dB (A)-raino gainditzen dira helburuak, esposizio handieneko fatxadarik txarrenean.
Udalak bidalitako dokumentazioaren arabera, Azpeitiko udalerriak ekintza-plan bat du, Azpeitiko udalerria BABE-Babes Akustiko Bereziko Eremu (erdigunea) izendatzen duena (San Martin ingurua barne), eta Azpeitiko udalerria BABE-Babes Akustiko Bereziko Eremu (mendebaldea) izendatzen duena (bertan dago Perdillegi). BABE horiek akustikoki eragiten diete bide-zirkulazioari lotutako inguruneko zarata-foku batzuei, hala nola Garmendipe kaleari (GI-631 errepidea), Artzubia etorbideari, Jose Artetxe kaleari eta Perdillegi kaleari. Aipatutako azpieremuen inguruko bideak dira horiek.
San Martinen kasuan, gaur egungo ingurumen-zaratarekiko esposizioa Plan Berezia izapidetzean zehaztuko da, dagokion zarata-azterlanarekin eta, hala badagokio, dagokion zonako planarekin batera.
B) Ebazpen hau bat dator Ingurumen Azterketa Estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2022ko urriaren 7ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztu ziren ingurumen-irizpideen integrazioa.
Planak ingurumen-azterketa estrategikotik eratorritako ingurumen-alderdiak txertatu ditu, ingurumen-organoak emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakontasun-, xehetasun- eta zehaztasun-maila bermatuta. Plangintza-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da behar besteko zorroztasunez heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Plana izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzea eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den planaren jarduketarik.
D) Indarrean dagoen araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta jarraipenekoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan eta hirigintza-dokumentuan aurreikusitakoaren arabera ere. Halaber, Planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Ibaieder ibaiaren ertzetako jarduketek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren aldez aurreko baimena izango dute, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Mustela lutreola bisoi europarraren (Linnaeus, 1761) kudeaketa-plana onartzen duen 2004ko maiatzaren 12ko Foru Aginduaren 9. artikulua aplikatuz. Garatuko den urbanizazio-proiektuaren ingurumen-leheneratzean zehaztuko da Ibaederren ibaiertzaren ingurumen-integrazioa.
Aurrekoa gorabehera, eta ingurumen-azterketa estrategikoan adierazitakoarekin bat etorriz, obrak hasi aurretik, Ibaiederren ibilgua aztertuko da San Martinen inguruan, espeziearen babeslekurik eta etzalekurik dagoen egiaztatzeko.
D.2.– Jabari publiko hidraulikoaren babesari eta uholde-arriskua murrizteari buruzko neurriak.
Jabari publiko hidraulikoan eta haren babes-eremuetan jarduketak egiteko, Uraren Euskal Agentziaren aldez aurreko obra-baimena beharko da.
Uraren Euskal Agentziak 2023ko ekainaren 5ean egindako txostenean ezarritako baldintzak jaso beharko ditu planak.
D.3.– Ibai-uren kalitatea babesteko neurriak.
San Martin eremuan egingo den urbanizazio-proiektuan, zenbait neurri hartuko dira obrak egin bitartean ahalik eta solido gutxien arrastatu daitezen lurrazaleko uretara; neurri horien artean egongo dira, esaterako, luzetarako jalkitze-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuetarako tranpak edo iragazkiak. Gauzatzeko faserako, Ibaiederren lurrazaleko uren kalitatea kontrolatuko da, eta, aldi berean, Mustela lutreola espeziearen habitata babestuko da.
Plan hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jarioek, jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dute.
Urbanizazio-proiektuak hondakin- eta euri-urak bereiz biltzeko sarea diseinatuko du. Saneamendu-sarearen diseinua eta baldintza teknikoak Gipuzkoako Ur Partzuergoak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira.
D.4.– Zaraten eraginak murrizteko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Hala badagokio, kalitate akustikoaren helburuetara iristeko behar diren neurriak ezarriko dira, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuaren 40. artikuluan zehaztutakoaren arabera eta eremu akustikoak eta erabilera aurreikusiak kontuan hartuta.
D.5.– Ingurumena babesteko neurri orokorrak aurreikusitako garapena gauzatzen den bitartean.
Aurreikusitako garapenean, ingurumen-balioei eustea bermatzen duten neurriak aplikatu beharko dira. Bereziki:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barnean dela.
Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik ez dela bideragarria haiek balorizatzea.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egon beharko dira kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen. Aipatutako edukiontziak edo ontziak era argian, irakurgarrian eta ezabaezinean etiketatuta egon beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; besteak beste, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko (bidoiak, etab.), eta motaren arabera bereiziko dira hondakinak.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.
Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lanen arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inolaz ere ez da efluente kontrolatu gaberik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
– Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-faserako, ustekabeko isuriek eragindako erasanak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, eta abar). Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Ez da makinen mantentze-lanik egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: – Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makineriaren mantentze-lanetan, zaraten eta bibrazioen murrizketan, eta erabilitako ekipamenduen zaraten kontrolean ere, besteak beste.
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Sei hilabete baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 44. artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko.
D.6.– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriaren aldeko neurriak.
Planaren eremuan eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikingintza Jasangarriaren Giden gomendioak hartu beharko dira kontuan, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko.
Neurri horiek gutxienez arlo hauetan izan beharko dute eragina:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energia gutxiago kontsumitzea eta/edo halako energia gutxiago sortzea.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Uraren zikloa. Uraren kudeaketa eta kalitatea hobetzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, zarata-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Eraikinen barne-kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
• Hondakinak. Hondakin solido gutxiago sortzea.
D.7.– Klima-aldaketa arintzeari eta klima-aldaketara egokitzeari buruzko neurriak.
Klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, Plana gauzatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira.
E) Ingurumen-jarraipeneko plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoan ezarritakoari jarraituko dio Planaren ingurumen-jarraipenak, zeinak ingurumen-zaintzako programa bat jasotzen baitu. Programa horren xedea da behar diren zaintza- eta kontrol-sistemak ezartzea, egiaztatu ahal izateko planaren aurreikuspenak betetzen direla, eta, horien barruan, planteatutako jarduketen ingurumen-exijentziak mantentzen direla.
Bigarrena.– Bi urteko gehieneko epea ezartzea Garmendialde HE2ko 2.2 azpieremuari (Perdillegi) eta 2.3 azpieremuari (San Martin) dagokienez Azpeitiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin beharreko aldaketa onartzeko, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, plana ez bada onartu, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta hortik aurrera ez du ondorerik izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea erabakitzen. Hori guztia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Azpeitiko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilak 16
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS