Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2024ko otsailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
670

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 15ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Usurbilgo eta Aiako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Proiektu hori Euskal Trenbide Sareak sustatu du.

AURREKARIAK

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2021eko otsailaren 17ko Ebazpenaren bidez, Euskal Trenbide Sareak Usurbilgo eta Aiako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) sustatutako Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua egin zen.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2022ko urriaren 7an eta azaroaren 29an argitaratutako iragarkiaren bitartez, Garraio Azpiegituren zuzendariak jendaurrean jarri zituen Aginagako tunela eraikitzeko proiektua eta horri zegokion ingurumen-inpaktuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egokitzat jotako alegazioak aurkez zitezen. Hainbat alegazio jaso dira, eta haien edukia espedientean dago.

Orobat, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Garraio Azpiegituren zuzendariak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, haien eskumenez baliatuz, egoki iritzitako oharren txosten osoa egin zezaten, 30 eguneko epean, kontsulta jakinarazi zen egunetik aurrera. Izapide horren emaitza espedientean jaso da. Horri dagokionez, sustatzaileak adierazi du kontuan hartu direla ukitutako administrazio publikoen erantzun-txostenak.

2023ko abenduaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean osatu zuen Euskal Trenbide Sareak Usurbilgo eta Aiako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) sustatutako Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera.

Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu zen:

– «Usurbilgo eta Aiako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Aginagako tunela eraikitzeko proiektua». 2022ko uztailekoa.

– «Usurbilgo eta Aiako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Aginagako tunela eraikitzeko proiektua» izenekoaren ingurumen-inpaktuaren azterketa. 2023ko apirilekoa.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

– Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzari buruzko dokumentazioa.

– Egindako kontsulten emaitza eta horiek kontuan hartzeko modua, proiektuaren azken proposamenean sartuta.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 61. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura bete beharko dute lege horren II. eranskinean zehazten diren eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean gauzatu nahi diren plan, programa eta proiektuek. Usurbilgo eta Aiako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Aginagako tunela eraikitzeko proiektuak eragin nabarmena izan dezake Natura 2000 Sarearen barruan dagoen Oriako itsasadarra/Ría del Oria (ES2120010) kontserbazio bereziko eremuan (KBE). Horregatik, arau horren II.E eranskineko 3. puntuan jasota dago, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu beharko litzaioke. Hala ere, sustatzaileak, II.D eranskineko 4. apartatuari jarraikiz, proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete dezala eskatu du.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak, organo substantiboa den aldetik, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa gehitu du espedientean eta kontsulta publikoak egin ditu; gainera, eraginpeko administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta proiektua aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, bai eta sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumena duen organoa da Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu, eta honako hauek guztiak ikusi dira: 10/2021 Lege Orokorra, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Trenbide Sareak Usurbilgo eta Aiako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) sustatu duen Aginagako tunela eraikitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egitea, ingurumen-ondorioetarako bakarrik.

Proiektuaren xedea honako hau da: Euskal Trenbide Sarearen (ETS) trenbide-sareko Bilbao-Donostia lineako 93+166,744 kilometro-puntuaren eta 96+193,151 kilometro-puntuaren arteko bidearen trazadura berria gauzatzeko egin behar diren obrak definitzea, eraikuntza-proiektu gisa dagokien mailan; izan ere, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak bide hori zatitu eta hobetzeko asmoa du. Zehazki, han dagoen mendia inguratzea saihesteko asmoa dago, Usurbil eta Orio arteko ibilbidean bidaia-denbora nabarmen murrizteko, Donostialdea eta Zarautz arteko zerbitzuaren maiztasunak hobetzeko, Usurbil eta Orio arteko zatiaren mantentze-lanen kostuak eta istripu-tasak murrizteko, eta, azken batean, trenbide bidezko garraio jasangarria sustatzeko.

Trazadura berriari esker, ibilbidearen luzera ia 1.442 metro laburtuko da, eta Oriaren ibaiertza egungo trazaduratik kanpo utziko da. Jarduketak 1.585 metroko luzera izango du guztira, gaur egungo bidearekin lotzeko puntuen artean, eta horietatik 1.329 m tunelaren barruan egongo dira.

Meatze-tunelak 46,24 m2-ko barne-sekzioa izango du, bide bikoitza egin ahal izateko. Lurpeko obraren bi aldeetan tunel faltsurako egiturak jarriko dira, horien gainean lanen abiapuntu izango diren aurrealdeak beteko dira eta mendi-hegalaren hasierako malda leheneratu egingo da. Mendebaldeko sarreran 24,44 m-ko luzerako egitura bat diseinatu da; ekialdekoan, berriz, 30,43 m-koa.

Lehendik dagoen bidearekiko lotura aire zabalean egingo da. Zarautz aldean, Olaberrietako senadiaren (Olaberrietako padura) gaineko egungo gurutzatze-egitura aprobetxatuz eta tunelaren ahokaduraraino piloteen gaineko egitura berri bat sortuz egingo da. Konexioaren muturretan, lehendik dagoen bidea alborantz mugituko da.

Proiektuak zenbait obra gehigarri eta jarduketa osagarri egitea eskatzen du:

– Piloteen gaineko egitura bat (zubibidea), Olaberrietako senadiaren gaineko egungo egituraren eta Aginagako tunel berriaren mendebaldeko ahokaduraren artean. Proiektatutako egitura eraikitzeko, aldi baterako lubeta bat egingo da Olaberrietako paduraren gainean. Lubeta hori kentzen joango dira, egitura berria egin ahala, eta lurra jatorrizko egoeran utziko da, egiturari eusten dioten zutabeak izan ezik.

– Tunelaren sarrerara iristeko bideak, guztira 4.491 m-ko luzerakoak. Ekialdeko sarrerara iristeko bidea lehendik dagoen bide baten plataformaren gainean bermatuko da ibilbidearen zatirik handienean; ibilbidearen azken zatia, aldiz, berria izango da. Orio aldeko sarrerara iristeko bidea trenbidearen egungo trazaduratik egingo da.

– Aireko hargune elektriko bat, tunelaren ekialdeko ahoraino, 200 bat metrora dagoen aireko linea batetik.

– Itxitura bat, tunelaren ahoen gainetik hesi bat jarriz, plataformaren ondoan.

– Obrako instalazio osagarrien eremuak, tunela egiten den bitartean: tunel-sarreren ondoan egingo den etorkizuneko trenbide-plataforman, hurbil dagoen tren-geraleku zaharrean eta Oria ibaiaren ondoko aparkaleku publiko batean, tunelaren ekialdeko ahotik 300 bat metrora.

– Kanalizazioak, drainatzeak, instalazio-gelak tunelaren sarreretan, transformazio-zentroak eta behe-tentsioko instalazioak kokatzeko, etab.

Lehendik dagoen trenbide-trazadura zabor-legar bide bihurtuko da, eta larrialdietarako eta ebakuaziorako bide gisa erabiliko da, linearen segurtasun-baldintzak mantentzeko beharrezkoa baita.

Tunelean eta ebakuazio-galerian egingo diren indusketek lur-mugimendu handia ekarriko dute. Ondorioz, hondeaketa-soberakinen bolumena 122.025,63 m3-koa izango da.

Obra-planaren arabera, obrek gutxi gorabehera 28 hilabete iraungo dute.

Bigarrena.– Baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko (lotesleak dira, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.1 artikuluan xedatzen denaren arabera):

A) Proiektua garatzeko baldintzak zein babes- eta zuzenketa-neurriak bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin, ebazpen honen hurrengo apartatuetan ezarritakoarekin, eta, aurrekoari aurka egiten ez dion guztian, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzak Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren fase orotan erantsitako txostenen edukia, bai eta jendaurreko informazioaren izapideak iraun duen bitartean jasotako alegazioak ere.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

Proiektuan aldaketa puntualak egiten badira, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, aurreko paragrafoan adierazitako garrantzia ez badute ere. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, Ingurumena Zaintzeko Programan, aurrekontuan eta baldintzen agirian jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Proiektuaren eremuak bat egiten du Oriako itsasadarra/Ría del Oria (ES2120010) Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (KBE); zehazki, tunelaren ekialdeko ahoaren gaineko bidea, egungo trenbide-trazadurarekin lotzeko proposatua, eta trazaduraren hasieraren eta Olaberrietako padurari eragiten dion mendebaldeko ahokaduraren artean lur gainetik doan tartea daude Natura 2000 Sareko eremu horren barruan.

Gainera, Olaberrietako padura Babes Bereziko Eremutzat jotzen da (BE-3) Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) arabera. Trazadura berriak Olaberrietako senadia gurutzatzeko egiturari eusten dio, baina gurutzaketa baino metro batzuk atzerago lehendik dagoen bidea alborantz mugitzea eta tunelaren ahokaduraraino zubibide berri bat eraikitzea proiektatu da. Babes Bereziko Eremuan ukituko den azalera 243 m2-koa izango dela kalkulatu da. Era berean, ibilguaren ezkerraldean gaur egungo trazadura alborantz mugitzea eta hango tren-trafikoa deuseztatzea proposatzen da.

Bestalde, proiektuak «Irisasi» izeneko 1.073.1 zenbakidun Onura Publikoko Mendiari eragiten dio.

Proiektuaren eragin-eremu ia osoa basogintza-erabilerakoa da; azalera txiki bat, berriz, nekazaritza-erabilerakoa. Gaur egungo landaredian basoak, baso-sailak eta sastrakak dira nagusi. Proiektuak harizti mesotrofo/baso mistoko baso-masak zeharkatzen ditu, batez ere bi tuneletako ahokaduren eremuetan kokatuak. Gainera, nabarmentzekoa da Oria ibaiaren ezkerraldean, ekialdeko ahoaren inguruan, Batasunaren intereseko 91E0* habitata dagoela: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior zuhaitzez osatutako baso alubialak.

Halaber, nabarmentzekoa da Olaberrietako senaian Zostera noltii flora-espezie mehatxatua leheneratzeko eremu bat dagoela, zeina galzorian baitago, arriskuan dauden espezieen EAEko katalogoaren arabera.

KBEko padura-habitatetan intereseko espezie asko daude; horietako batzuk Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Katalogoan sartuak.

Proiektua Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritako hegazti-faunaren Babes Eremu batean kokatuta dago. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak –non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira– argitaratzen dira.

Trazadura berriak eta proiektuko jarduketek ukitutako eremuan hainbat ur-ibilgu daude; horien artean, nabarmentzekoak dira, Oriako itsasadarraz gain, Olaberrieta erreka (egungo trazadurako zubiak haren ibilgua zeharkatzen du gainetik) eta Txorkoa erreka (ekialdeko ahokadura-gunean dago).

Ondareari dagokionez, proiektuaren eremuan, zehazki ekialdeko ahokaduraren inguruan, kulturaren ikuspegitik interesgarriak diren bi eraikin nagusi daude: Illunbe baserria, kultura-ondasun izendatzeko proposatua, eta Aginagako geltokia, tokiko intereseko elementua, udal-plangintzaren bidez babesteko proposatua.

EAEko uholde-arriskuaren mapen arabera, proiektuaren eragin-eremuaren zati batek, zehazki Olaberrietako paduran dagoenak (mendebaldeko ahoa), bat egiten du 10 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuko eremuekin.

Proiektuaren garapenak izango dituen inpaktu nagusiak tunela hondeatzearekin eta tuneletarako ahokadurak eta sarbideak egitearekin lotuta daude. Baliteke Olaberrietako paduraren 850 m2 inguruko azalera bat ukitzea, bertan aldi baterako lubeta bat egingo baita, eta, ondoren, zubibide bat izango den egitura berri bat, trenbidearen trazadura berrirako. Eremu hori Oriako itsasadarra KBEaren barruan dago, eta Hezeguneen LPSko babes bereziko eremua da. Ahokaduren eremuetan esku hartzeko beharrak, era berean, landaredia kentzea ekarriko du. Horrek harizti mesotrofoen masei eragingo die, eta, ondorioz, paisaian ere eragina izango du. Obrek ez dute eragin zuzenik izango Illunbe baserrian eta Aginagako geltokian, baina tren-geralekuaren ingurua erabilera osagarrietarako gune gisa erabiliko da.

Beste ondorio posibleetako bat ibilguei eragitea izango da, zuzenean zein zeharka, dela solido esekiak dituzten jariatze-uren ekarpenengatik –meatze-tunela hondeatzean bereziki kontuan hartu beharreko kontu bat izango da hori–, dela makinek darabilten hidrokarburoen ustekabeko isurketengatik.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Proiektua garatzeko baldintzak, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak ere, indarrean dagoen araudiarekin eta hurrengo apartatuetan adierazitakoarekin bat etorriko dira, eta, esandakoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoarekin.

Neurri horiek eta kontrolerako esleitutako langile kopuruak nahikoak izan behar dute ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ebazpen honetan finkatutakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan eta proiektu-planoetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

Araudi aplikagarrian xedatzen dena gorabehera, eta, hala badagokio, eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiko organoak ezartzen duena eragotzi gabe, honako neurri hauek ezarriko dira:

– Ezinbesteko eremu txikienean egingo dira lanak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere proiektuko planoek ezartzen dituzten mugen barruan. Aipatutako mugetatik kanpo, ezingo da izan eraginik sarbideak egin, materialak bildu, instalazioak kokatu edo beste edozein jarduketa osagarri egin behar izateagatik, eta ahal bezainbat mugatuko da lanak egiteko makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

Ustekabeko kalterik egiten bada aipatutako eremutik kanpo, zuzenketa- eta leheneratze-neurriak hartuko dira. Aurrez, txostena egingo du ebazpen honetako D.10 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzak.

– Orokorrean, zuzeneko okupaziorik aurreikusita ez dagoen eremuetan ekidin egingo da tokiko landaredia kentzea eta moztea, eta, bereziki, behar diren neurriak ezarriko dira nahitaez moztu behar ez diren zuhaitzei kalterik ez sortzeko. Lanak mugakide dituzten natura-interes handiko eremuetan, alegia, Batasunaren intereseko habitatetan –bereziki, Olaberrietako hezegunean kokatutako lezkadian–, kontu handiz ibili beharko da, proiektua gauzatzeko ezinbesteko eremuan bakarrik izateko eragina.

Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta in situ balizatuko dira lanak egiteko nahitaez moztu edo kendu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak eta Batasunaren intereseko habitatak. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Bestalde, zuinketako fasean eta lanak egiterakoan, ebazpen honetako D.10 puntuak aipatzen duen ingurumen-aholkularitzako botanika-espezialista bat izango da lanetan bertan aipatutako eremu bereziki sentikorretan, Obraren Zuzendaritzari laguntzeko.

– Obrak hasi aurretik, aldi batez lubetarekin estaltzekoa den Olaberrietako hezegunearen lezkadiaren muturraren jasotze topografiko egokia egin beharko da, obrak amaitu ondoren ahalik eta zehatzen leheneratu ahal izateko.

– Olaberrietako hezegunean Cochlearia aestuaria espeziearen aleak zehatz-mehatz bilatuko dira, gune horretan edozein lan egin aurretik, eta inguruan eremu bat mugatuko da, ikusteko moduan, populazio horiei kalte egin diezaiekeen nahi gabeko jarduera oro eragozteko.

– Obrak hasi aurretik, hezegunean egin beharreko esku-hartzea zehatz-mehatz definitu beharko da, bai eta hezegunera sartzeko eta han ibiltzeko modua ere, eta Oriako itsasadarra ES2120010 KBEaren organo kudeatzaileak horren gaineko iritzia eman beharko du.

– Olaberrietako senadiaren eta tunel berriko ahokaduraren gaineko lanak egiten diren bitartean, ibaiertzeko dinamika eta paduraren kontserbazio-egoera hobetzeko konpentsazio-neurriak hartzeko aukera aztertuko da. Ildo horretan, egungo bidea trenbide gisa erabiltzeari utziko zaionez, Olaberrietako paduraren inguruko zatiaren egitura partzialki eraisteak helburu horiek lortzen lagun dezakeen aztertuko da, KBEaren organo kudeatzailearekin koordinatuta. Nolanahi ere, hartu beharreko konpentsaziozko neurriak edo neurriek KBEaren organo kudeatzailearen aldeko iritzia izan beharko dute.

– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Baccharis halimifolia edo beste batzuk).

Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren landaretzarik gabeko eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Gainera, egiaztatu beharko da makinetan ez dagoela espezie horien hondarrik. Aldizkako berrikuspenak egingo dira, Baccharis halimifolia espeziearen ezarpen posibleak goiz detektatzeko. Espezie inbaditzaile horrek gaur egun presentzia oso txikia du eremuan, baina obretako lur-mugimenduek eta gainazalen alterazioak hedatzea bultza dezakete.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ur-gaietan eskumena duen organoak itsas-lehorreko jabari publikoan eta haren zortasun-eremuetan eragina duten obrei buruz xedatzen duena ezertan eragotzi gabe, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartu beharko dira:

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da itsasadarrera eta ibilguetara.

– Tunela zulatzean bildutako urak behar bezala drainatu eta dekantatu beharko dira bi ahokaduretan, itsasadarrera kontrolik gabe isurtzea eragozteko. Kontrol hori sarbidetik datozen uretara ere hedatu beharko da. Zulaketetan erabiltzen diren hidrokarburoen, olioen eta beste fluido batzuen ustekabeko isuriak saihesteko kontrolak iraunkorra izan beharko du.

– Eraikuntza-fasean maila piezometrikoen jarraipena egingo da, indusketek maila horietan duten eragina egiaztatu ahal izateko eta, hala badagokio, egokitzat jotzen diren neurriak hartu ahal izateko beharrezko informazioa izateko. Jarraipenerako lehendik egindako zundaketak erabiltzea proposatzen da, edo, jada erabilgarriak ez badira, beste bat egitea, ahal dela estaldura handieneko gunean edo trazaduraren haustura handieneko guneetan. Kokapen zehatza ebazpen honen D.11 atalean aipatutako lan-programan jaso beharko da.

– Indusketa-lanak egiteko, obretako guneen eta ibilguen artean, luzetarako iragazpen-hesiak jarriko dira partikulen sedimentaziorako. Hesi horiek ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusita daude, sedimentuei eusteko, eta, hala, paduran eta ibilguetan kalteak ekiditeko.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak ebazpen honen D.11 apartatuan aipatzen den lan-programan jasoko dira. Obrak aurrera egin ahala aipatutako gailuen kokapenean aldaketak programatzen badira, lan-programa hori egokitu egingo da.

– Lubeta egin aurretik, dagoen substratua babesteko banaketa-lamina bat jarriko da, geotestila edo antzeko elementuren batez egina, padurako materiala (malak, hareak, lohiak) ez dadin kutsatu lubeta egiteko behar den kanpoko materialarekin nahastearen ondorioz.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek ez ditzaten lurzorua eta ura kutsatu. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa eduki beharko da, ustekabeko isuri edo ihesik badago berehala erabiltzeko: biribilkiak, material pikortua, eta abar.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Hormigoi-esnea inola ere ezin izango da isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako D.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

– Obren eraginez soildutako lurren landare-berritze azkarra eta handia egingo da. Horrela, obra-leku bakoitzean lur-mugimenduak amaitu ahala, ingurumen-eraginaren azterlanean adierazten diren birmoldatze- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Obrak dirauen bitartean, garbiketa-lanen kontrol zehatza egingo da ibilgailuak igaro ondoren, bai proiektuaren zuzeneko jarduera-eremuan eta eragindako ingurunean, bai iristeko bideetan eta, bereziki, biztanleguneen inguruetan. Beharrezkoa bada, obrek eragindako lursailetan ureztatze-sistema bat ezarriko da.

D.3.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai egin beharreko jarduketen eraginpeko ingurunean, bai jarduketa-eremuetara sartzeko eremuetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako soilduta dauden edo ibilgailuak pasatzean partikulak aireratu daitezkeen pista eta eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

– Tunelaren eraikuntzak irauten duen bitartean, aireztapen-sistemek atmosfera kutsatzen duten gasak konfinatuki emititzen dituztenean, partikulak iragazteko sistemak jarriko dira.

– Obraguneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

Ebazpen honetako D.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko guneak ibilguetatik ahalik eta urrutien kokatuko dira.

D.4.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarrean ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren afektazio-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

– Funtzionamendu-fasean, trenbide-azpiegiturak neurriak hartu beharko ditu kasuan kasuko eremu akustikoen kanpo- eta barne-ingurumenera igaro ez dadin urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 23. artikuluan ezarritako zaraten immisioko muga-balioak gainditzen dituen zaratarik.

D.5.– Hondakinak eta lurrak kudeatzeko neurriak.

– Proiektuaren gauzatze- eta funtzionatze-faseetan sortutako hondakinen kudeaketa Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean, eta arautegi zehatzetan xedatutakoaren arabera egingo da.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

– Sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, proiektuaren obrek iraun bitartean sortuko diren lur-mugimenduen balantzeak 122.025,63 m3-ko lur- eta harri- soberakina eragingo du, eta hori obren kokalekutik kanpo kudeatu beharko da. Soberako lur horiek, ahal dela, lur beharra duten beste obra batzuetan berrerabiliko dira. Era berean, soberako lur eta harri horien zati bat obra kokatuta dagoen onura publikoko mendiko bideak egokitzeko erabiltzea aztertuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuarekin koordinatuta.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemek bereiziak izan beharko dute, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu daitezkeen edo kudeatzeko zailagoak izan daitezkeen hondakin-moten kasuan. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, bai eta indarreko araudiaren arabera ere.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Obrek dirauten bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten lekuak aurkitzen badira, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

D.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Kultura-elementuak, Illunbe baserria eta Aginagako geltokia, behar bezala seinaleztatu eta zuinkatuko dira, horien gainean inolako eraginik ez izateko.

– Era berean, obrak hasi aurretik, Illunbe baserriaren zein kamioien joan-etorrien eragina jasan dezaketen hurbileko eraikinen egituraren egoerari buruzko azterlan espezifiko bat egingo da, eta eraikinaren egonkortasunean inolako eraginik ez izateko neurri egokiak hartuko dira.

– Lur-mugimenduen lanen jarraipena eta kontrol arkeologikoa egin beharko da, edozein ustekabeko aurkikuntzaren gainean inolako ondare-eraginik ez izateko.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa gorabehera, obren kontrol- eta jarraipen-fasean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala emango zaio horren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

D.7.– Paisaia babesteko eta eragindako lekuak leheneratzeko neurriak.

Proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan jasotako proposamenari jarraikiz egingo dira leheneratze-lanak. Halaber, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

– Obrek eragindako eremu guztiak lehengoratu beharko dira, bai eta lehendik dagoen trenbidean zehaztuta dagoen zabor-legar bidearen ertzak ere.

– Obra-fasea amaitu ondoren, ekialdeko ahokaduran, erabilitako bidearen zabalera birdimentsionatu beharko da, mantentze-bide baten berezko beharretara egokitzeko –printzipioz txikiagoak izaten dira–. Horretarako, desegingo diren okupazio guztiak leheneratzeko baldintzak kontuan beharko dira, leheneratzea ahalik eta modurik egokienean egin dadin.

– Estaltzeak eragindako Olaberrietako lezkadiaren muturra eta ezponda berreskuratzeko plan bat egin beharko da. Plan horretan, jatorrizko topografia leheneratzea aurreikusiko da eta, hala badagokio, bi elementuak leheneratzeko erabili beharreko espezieak proposatuko dira.

– Landareztatze-lanetan espezie autoktonoak erabiliko dira, habitat naturalizatuak sortzen laguntzeko eta inguruko landaredi naturalarekin bat etortzen saiatzeko.

– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta aurkeztutako leheneratze-proiektuan agertu ez arren obrak bukatzean kaltetuta daudenak ere.

– Ingurumen-leheneratzean lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko da, bai eta landare-estalkia izan dezaketen guneen landareztatzea ere.

– Obrek ukitutako eremu guztietako leheneratze-neurriak obrak egin ahala hartuko dira; hala, obrek aurrera egiten duten neurrian, birmoldaketa- eta landareztatze-lanak egingo dira.

– Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, eragindako eremuen leheneratzea eta landareztatzea errazte aldera.

– Obra kontratatzeko baldintzen agirian eta aurrekontuetan, proposatutako landareztatze-jarduketak behar bezala beteko direla bermatzeko behar diren baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jasoko dira.

– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, hala badagokio, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

D.8.– Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Beharginek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obraren erabilera-mugak eta makineriaren zirkulazioa kontrolatzea.

– Batasunaren intereseko eta eskualde-intereseko habitatetako flora- eta fauna-espezie mehatxatuen aleetan duen eragina kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuaren eragin-eremuko espezieei zarata eta hautsa direla-eta eragozpenik ez eragitea.

D.9.– Obra garbitzea eta amaitzea.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak eragindako eremua obrako hondakinik gabe utzi beharko da. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako D.5 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen artean, ingurumen gaietan, eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterketako zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz Obra Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

D.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, kontratistak proposamen zehatzak egingo ditu ondorengo azpiapartatu hauetan jasotako alderdiei buruz, gutxienez.

Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta obren zuzendariak berariaz onartuko ditu; aurrez, txosten bat egingo du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bildu beharko ditu aipatutako programak:

– Lan-eremuetarako sarbideen kokapenaren eta ezaugarrien xehetasuna (xehetasun-kartografia barne): oinplanoa, luzetarako eta zeharkako profilak eta lur-mugimenduak.

– Kontratistaren instalazioen eremuen kokalekuari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak, pilaketak behin-behinean biltzeko eremua, makineria-parkeak, instalazioak eta materialak, ibilgailuak garbitzeko eremuak eta beste edozein azpiegitura adierazita.

– Xehetasun-kartografiaren bidez, zehatz-mehatz mugatuko dira Batasunaren intereseko habitatak eta lanak gauzatzeko derrigorrean deuseztatu behar ez diren bertako zuhaitz-aleak.

– Obrak direla-eta paduraren guneari edo ibilgu naturalei ez eragiteko erabiliko diren sedimentuen euste-gailuen kokapena eta ezaugarriak. Aurreikusitako gailuen kokapen zehatza eta neurriak.

– Ibilgailuak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Maila piezometrikoen jarraipena egiteko zundaketen kokapena.

– Obran sortuko diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinekin lotutako betebeharrak nola beteko diren islatzen duen plana, honako hauetan xedatutakoaren arabera: Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan.

E) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren kontrol hauek erantsi behar zaizkio.

Programa hori obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere. Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu egin beharko dira aipatutako aldaketak.

Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txostena egin beharko da, indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsita.

E.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurreikusitakoa baino azalera handiagorik hartu behar.

Halaber, makinen kokapen zuzena eta egoera, instalazio osagarrien eremuak eta soberakinen biltegiak kontrolatuko dira. Gainera, horiek guztiek zuzenketa-neurri egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, eta abar).

E.3.– Uren kalitatearen kontrola.

– Obrek lurrazaleko ur-ibilguen eta lurpeko uren gainean sor ditzaketen eraginak zehazteko, lanak egin aurretik, kalitate fisiko-kimikoa eta egoera ekologikoa zehaztuko dira eraginpeko ur-masetatik ibaian gora eta ibaian behera, ingurumen-inpaktuaren azterketaren proposamenarekin bat etorriz.

– Obrak egin bitartean, eta aurreko epigrafean adierazitako puntu berberetan, uraren kalitate fisiko-kimikoaren kontrolak egingo dira astero, obrak aipatutako ur-puntuen eragin-eremuan egiten ari direnean, eta jarduketa aurreko egoeran ezarritako parametroak zehaztuko dira.

– Oro har, ur-ingurunera isurketak egin litezkeen obra-lekurik izanez gero, D.10 apartatuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztatu egingo du solidoak atxikitzeko gailuek ondo funtzionatzen dutela. Horrez gain, ibaira material xeheak bota diren aztertuko du, euriteetan batez ere.

– Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lekuetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiak dituzten urak lur gaineko ur-ibilguetara iritsi ez daitezen.

E.4.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Obra amaitu ondorengo bi urteetan, proiektuak eragindako guneak lehengoratzeko prozesuaren arrakastaren jarraipena egingo da aldian-aldian.

E.5.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.

Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzeko ebazpenean ezarritakoak. Programa horretan, kontrolatu beharreko parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentzia-balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginak hartzeko eta azterketa egiteko metodologia, kontrol-puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren inguruko xehetasunak ere jasoko dira.

E.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako erakunde batek egindako jarraipen-txostena ere aurkeztu beharko da. Txosten horretan emaitzen analisia jasoko da, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien balizko kausak eta konponbideak eta, halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, baldintzak edo ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako prebentzio- eta zuzenketa-neurriak betetzeari buruzko jarraipen-txostenean, Ingurumena Zaintzeko Programan aurreikusitako neurriak egiaztatzeko zerrenda bat jasoko da. Biak, Ingurumena Zaintzeko Programa eta egiaztapen-zerrenda, Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira. Aldez aurretik ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

Ingurumena Zaintzeko Programaren barruko txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratuko dira. Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

E.7.– Sustatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Sustatzaileak jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dizkio organo substantiboari, ingurumen-organoari helarazteko:

– Obrak hasi baino lehen, ebazpen honetako E.5 apartatuan aurreikusitako Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.

– Obrak amaitutakoan, lanak egitean izandako gorabeheren erregistroa, bai eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena ere, ebazpen honetako E.1 apartatuan adierazten denari jarraituta.

F) Babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzeko aukera egongo da, bai eta neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, hala komeni bada araudi berriak indarrean jartzen direlako edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharragatik. Ingurumen-organoak, era berean, alda ditzake babes- eta zuzenketa-neurriak eta Ingurumena Zaintzeko Programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta eta organo substantiboaren bidez, edo ofizioz. Hori guztia, Ingurumena Zaintzeko Programan lortutako emaitzetan oinarrituta egingo da, edo sor daitezkeen ingurumen-inpaktuen aurrean ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen bada.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igaro eta proiektua gauzatzen hasi ez bada, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia, eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 78.5 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, sustatzaileak proiektua gauzatzen noiz hasiko den jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, ingurumen-organoari.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Garraio Zuzendaritzari jakinaraztea.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 15a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala