Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2024ko otsailaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
669

EBAZPENA, 2023ko azaroaren 30ekoa, Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordearena, zeinaren bidez berrikusi eta aldatzen baita Compañía de Bebidas Pepsico SLri Zigoitian (Araba) edari freskagarri karbonikoak eta edateko ur prestatuak egin eta ontziratzeko eta edarien banaketa primarioko jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua.

AURREKARIAK

1.– Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko ekainaren 24ko hasierako Ebazpenaren bidez (AAI00139), ingurumen-baimen bateratua eman zitzaion Compañía de Bebidas Pepsico SLri, edari freskagarriak egin eta banatzeko instalaziorako (Gasteiz-Bilbo autobidea, 8,5 km, Etxabarri-Ibiña, Zigoitia, Araba). Baimen hori 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren esparruan eman zen (1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena).

2.– Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko ekainaren 18ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Compañía de Bebidas Pepsico SLri Zigoitian (Araba) edari freskagarriak egin eta banatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen bateratua.

3.– 2014ko azaroaren 7an, Compañía de Bebidas Pepsico SLk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen; alegia, produktu bukatuen biltegiaren edukiera handitzea. Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen 2014ko azaroaren 14an.

4.– Ingurumeneko sailburuordearen 2019ko uztailaren 30eko Ebazpenaren bidez, ofizio berrikusi eta aldatu zen Compañía de Bebidas Pepsico SLri Zigoitian (Araba) edari freskagarriak egin eta banatzeko instalaziorako emandako ingurumen-baimen bateratua, Uraren Euskal Agentziaren 2019ko otsailaren 20ko eskaeraren harira.

5.– 2019ko abenduaren 3an, Compañía de Bebidas Pepsico SLk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen; alegia, putzu septikoak egokitzea, Uraren Euskal Agentziaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eskaeren harira. Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen 2020ko irailaren 1ean.

6.– 2019ko abenduaren 4an, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakia argitaratu zen Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean, zeinaren bidez ezartzen baitziren elikagaien, edarien eta esnearen industrietako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

7.– 2020ko maiatzaren 22an, Uraren Euskal Agentziak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aginduzko txosten loteslea igorri zion sailburuordetza honi, Compañía de Bebidas Pepsico SLk uretara egindako isuriei buruzkoa.

8.– 2016ko urtarrilaren 20an eta 2020ko maiatzaren 6an, Compañía de Bebidas Pepsico SLk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen; alegia, bi biltegi-karpa eraikitzea. Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen 2020ko uztailaren 20an.

9.– 2020ko uztailaren 2an, sailburuordetza honek Compañía de Bebidas Pepsico SLri emandako ingurumen-baimen bateratua berrikusteko prozeduraren aurretiazko txostenak egiteko eskatu zien Arabako Osasun Publikoko Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Zigoitiko Udalari.

10.– 2020ko uztailaren 6an eta 14an, Arabako Osasun Publikoko Zuzendariordetzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak aurretiazko txostenak igorri zituzten.

11.– 2020ko irailaren 1eko Ebazpenaren bidez, ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena hasi zen, eta Compañía de Bebidas Pepsico SLri eskatu zitzaion, baimena berrikusi ahal izateko, igor zitzala instalazioaren funtzionamenduaren eta ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenen arteko alderaketa bat eta instalazioari buruzko beste dokumentu batzuk.

12.– 2020ko urriaren 13an, ingurumen-baimen bateratua berrikusteko eskatu zitzaizkion dokumentuak aurkeztu zituen Compañía de Bebidas Pepsico SLk.

13.– 2021eko otsailaren 23an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten lotesle bat egin zuen, eta hondakin-urak isurtzea onartu, baina jabari publiko hidraulikora isurtzeko baldintza berriak ezarrita. Halaber, Compañía de Bebidas Pepsico SLri eskatu zion aurkez zezala jardueran uretara isurtzeko aplikagarri diren TEOen memoria bat.

14.– 2021eko irailaren 6an, Compañía de Bebidas Pepsico SLk jardueran uretara isurtzeko aplikagarri diren TEOen ezarpenari buruzko txosten teknikoa aurkeztu zuen.

15.– 2022ko abenduaren 21ean, Compañía de Bebidas Pepsico SLk baimenaren aldaketa ez-funtsezkoa eskatu zuen; alegia, produktu bukatuen biltegia handitzea. Organo honek aldaketa hori ez-funtsezkoa zela berretsi zuen 2023ko ekainaren 6an.

16.– Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak 2023ko martxoaren 31ko iragarkiaren bidez, Compañía de Bebidas Pepsico SLren ingurumen-baimen bateratuaren berrikuspena 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea erabaki zen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, eta, horrenbestez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2023ko apirilaren 5ean.

17.– Ingurumen-baimen bateratua jendaurrean jartzeko izapideak amaituta, egiaztatu da ez dela alegaziorik aurkeztu.

18.– 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2023ko maiatzaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Uraren Euskal Agentziari, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari eta Zigoitiko Udalari.

19.– 2023ko ekainaren 6an eta 15ean, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak txostenak igorri zituzten eta emaitza espedientean jaso zen.

20.– 2023ko azaroaren 14an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Compañía de Bebidas Pepsico SLren esku utzi zen espedientea.

21.– 2023ko azaroaren 29an, Compañía de Bebidas Pepsico SLk idazki bat igorri zuen, alegazioak aurkezteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– 2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

2.– Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluan daude ezarrita baimena berrikusteko baldintzak. Horri jarraituz, lau urteko epean, instalazioaren jarduera nagusiari dagozkion TEOen inguruko ondorioak argitaratzen direnetik aurrera, organo eskudunak ziurtatuko du instalazioaren baimenaren baldintza guztiak berrikusi direla eta, beharrezkoa izanez gero, egokitu direla, eta instalazioak aipatutako TEO erreferentzia-agirien ondorio aplikagarriak betetzen dituela.

3.– 2019ko urriaren 15ean, urriaren 10eko TEC/1023/2019 Agindua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinetan ezartzen baita noiztik aurrera eskatu ahal izango zaien nahitaezko finantza-bermea Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jarduerei, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 3. lehentasun-mailakotzat sailkatuak.

4.– 2020ko urtarrilaren 27an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 4/2020 Dekretua, urtarrilaren 21ekoa, zeinaren bidez indargabetu egiten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena.

5.– Ingurumen-baimen bateratua eman ondoren, ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu da; beraz, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea, ofizioz, Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko ekainaren 24ko Ebazpenaren baldintzak, ebazpen horren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 44. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.– Ebazpen honetan, teknika erabilgarri onenak zein aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak hartu dira kontuan instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta bestelako ustiapen-baldintzak zehazteko, ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko helburuarekin. Zehazki, Europako Batzordearen BREF dokumentu honen edukia hartu da kontuan: Best Available Techniques (BAT) Reference Document for the Food, Drink and Milk Industries, 2019koa (Elikagaien, edarien eta esnearen industrietako teknologia erabilgarri onenak).

7.– Instalazioko emisio atmosferikoei eta zarataren sorrerari dagokienez, adierazi behar da IPPC Legeak 1. artikuluan ezartzen duela bere helburua atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea dela, edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori murriztu eta kontrolatzea, ingurumena ahalik eta gehien babesteko.

8.– Aipatutako IPPC Legearen 3. artikuluak honela definitzen ditu «teknika erabilgarri onenak»: oinarri jakin bat eratzeko teknika batzuen gaitasun praktikoa frogatzen duten jardueren eta ustiapen moten garapen faserik eraginkorrena eta aurreratuena; zehazki, emisioen muga-balioen oinarria eratzeko eta emisioak eta ingurumen osoan eta pertsonen osasunean emisioek duten eragina saihesteko edo –hori saihetsezina denean– murrizteko baimenaren beste baldintza batzuen oinarria eratzeko teknikak darabiltzaten jardueren eta ustiapen moten garapen faserik eraginkorrena eta aurreratuena.

9.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 72. artikuluan, izapideen kontzentrazioari buruzkoan, xedatutakoa aplikatuko da: «Administrazioa sinplifikatzeko printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak».

10.– Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak ebazpen hau emateko eskumena du, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

11.– Aipatutako legeria eta gai honetan aplikatu behar diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Compañía de Bebidas Pepsico SLri 2008ko ekainaren 24ko Ebazpenaren bidez Zigoitian (Araba) edari freskagarriak egin eta banatzeko instalaziorako emandako ingurumen-baimen bateratua berrikustea, Batzordearen 2019ko azaroaren 12ko 2019/2031 (EB) Betearazpen Erabakian azaltzen diren baldintzetan.

Bigarrena.– Ebazpen honen eranskinean zehaztutako baldintzetan, etengabe aipatutako ingurumen-baimen bateratuaren apartatu hauek aldatzea:

– Lehenengoa.

– Bigarrena.

– Laugarrena.

– Zortzigarrena.

Hirugarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea Compañía de Bebidas Pepsico SLri, Zigoitiko Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari.

Errekurtsoak:

Egintza honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko azaroaren 30a.

Ingurumen Jasangarritasunaren sailburuordea,

AITOR ALDASORO ITURBE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala