Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2024ko otsailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
553

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 12koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Txomin Enea auzoko g.000.1, g.0002, g.000.3 eta f.10.3 lurzatietako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2023ko azaroaren 23an, Donostiako Udalak Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan eskabide bat aurkeztu zuen, hasiera emateko Donostiako Txomin Enea auzoko g.000.1, g.0002, g.000.3 eta f.10.3 lurzatietako Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2023ko azaroaren 6an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren gainean interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende nahitaez jarriko dira ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Donostiako Txomin Enea auzoko g.000.1, g.0002, g.000.3 eta f.10.3 lurzatietako Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planek eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan arautzen da, bat etorriz II.C eranskinean ezarritako irizpideekin.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita eskumena duen organoa, bat etorriz Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuarekin. Txostenean, planak ingurumenean eragin nabarmenik izan dezakeen ala ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bete behar ez badu, plana garatzeko zer baldintza ezarri behar diren ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Txomin Enea auzoko g.000.1, g.0002, g.000.3 eta f.10.3 lurzatietako Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Donostiako Txomin Enea auzoan kokatzen da Planaren eremua, Kristobaldegi, Goikoetxea eta Felisa Martin Bravo kaleen artean. Txomin Enea-LM.02 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziko g.0001, g.0002, g.0003 eta f.10.3 lurzatiak biltzen ditu; plan berezi hark (2008an behin betiko onartua) Donostiako Txomin Enea LM.06 eremua antolatu zuen (1995), Txomin Enea-LM.06 eremuaren Plan Orokorraren aldaketaren esparruan (2007ko martxoaren 27an behin betiko onartua). Planean barne hartutako azalera osoa 10.166 m2-koa da.

Planaren xedea da Artelekuko plazan aurreikusitako antolamendu xehakatua birkonfiguratzea, izan ere, plaza urbanizatzeko lehiaketa publiko bat irabazi duen Joaquín Mulá arkitektoaren proiektuarekin bat egikarituta dago jada; gainera, Planaren xedea da eremu berean birkokatzea aurreikusitako osasun-erabilera.

Horretarako, indarrean dagoen Plan Bereziko g.0001, g.0002, g.0003 eta f.10.3 lurzatiek osatutako eremu ez-jarraitua definitzen du Planak, eta g.0002 lurzatiari, Kristobaldegi kalearen (e.120) ondoko espaloi eta oinezkoentzako pasealekuen azalera batzuk eransten dizkio, ertz horretan g.000.2 lurzatiaren definizio zehatzagoa ahalbidetzen dutenak.

g.000.2 lurzatirako planaren helburua da hura birdefinitzea eta, Artelekuko eraikina desagertuta, plazaren errealitate eraikiari egokitzea. g.000.2 lurzati berria, 3.330 m2-ko azalera izatetik 1.797,94 m2-koa izatera aldatzen dena, ekipamendu orokorreko erabilera ematen zaio, zehaztu gabe dagoena, etorkizunean zenbait zerbitzu ezartzeko. Bestalde, Osakidetzaren osasun-zuzkidura, hasieran g.000.1 lurzatian aurreikusitakoa, g.000.3 lurzati berrira lekualdatzen da, 1.365m2-ko azalera izatetik 756,50 m2-koa izatera aldatzen dena. Lekualdaketa horren arrazoiak dira g.000.3 lurzatiak osasun-eraikin baten barne-antolaketako eskakizunetara hobeto egokitzea eta auzotik hurbilago kokatzea, biztanleria osoak errazago erabil dezan. g.000.1 lurzatiari dagokionez (835 m2-ko azalera du), osasun-zuzkidura lekualdatu ondoren, Planaren helburua ekipamendu generikoko erabilera jasotzera mugatzen da, lurzatiaren aukerak zabaltzeko.

Antolamendu berriarekin, nabarmen handituko da plazaren espazio irekia, 3.675 m2ko azalera izatetik (aurreko f.10.3 lurzatia) 5.305,29 m2ko azalera izatera igaroko baita f.10.3 lurzati berrian. Gainera, erabilera eta ezaugarri bereiziak dituzten bi espaziotan banatzeak hobetu egingo du hiri-espazioaren definizio espaziala, eta mesedegarri izango da herri-erabileretarako.

Aztertutako aukerei erreparatuta, ingurumen-dokumentu estrategikoan 0. aukera edo «ez esku hartzea» (indarrean dagoen plangintzak osatua) eta 1. aukera (indarrean dagoen Plan Bereziko g.0001, g.0002, g.0003 eta f.10.3 lurzatiak berrantolatzea) sartzen dira, aurreikusitako urbanizazioa egokitzeko eta Osakidetzako anbulatoriorako kokalekua aldatzeko. Ingurumen-dokumentu estrategikoan ez da jasotzen aukeren ingurumen-baloraziorik, nahiz eta nabarmentzen den antolamendu berriak nabarmen handitzen duela espazio libreen azalera (f.10.3), 3.675 m2tik 5.305,29 m2ra, sortutako espazio librean erabilera zabalagoa ahalbidetzen duen konfigurazioarekin, eta, aldi berean, laguntza-zuzkidura birkokatzen dela gauzatu beharreko eraikuntzarako egokiagotzat jotzen diren lurzati batean.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek aintzat hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planean ez dago baldintzatzailerik, besteak beste kokalekuari, izaerari, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zein neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: Planaren eremua Donostiako HAPOko (1995) Txomin Enea-LM.06 eremuko lau hiri-lurzatik konfiguratzen dute: lurzati horiek barne hartuta daude Txomin Enea LM.06 LM eremuari buruzko Plan Orokorraren Aldaketan (2007ko martxoaren 27an behin betiko onartua) eta Txomin Enea-LM.02 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak (2008an behin betiko onartua) antolatuta daude. Aipatutako plangintzak Artelekuko plazan aurreikusitako antolamendu xehakatua baino ez du birkonfiguratzen Planak, izan ere, Joaquin Mulá arkitektoaren proiektuarekin bat egikarituta dago jada, eta eremu berean birkokatzen du aurreikusitako osasun-erabilera. Planak, dituen ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.

c) Plana egokia ote den ingurumenarekin lotutako gogoetak txertatzeko; garapen jasangarria sustatu ahal izateko, bereziki: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak barnean har ditzake.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, betiere, arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, besteak beste: kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak, uholde-arriskua, urak, zarata eta kutsadura akustikoa, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumenaren arloko legeak ezartzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak Donostiako Txomin Enea auzoko eremu ez-jarraitua antolatzen du, 10.166 m2-ko azalera urbanizatua eratzen duena. Bizitegirako hiri-eremu bat da, Donostia udalerriaren hego-ekialdean dagoena eta Urumea ibaiak (ekialdeko eta iparraldeko koadrantea) eta ADIFeko tren-sareak (hegoaldeko eta mendebaldeko koadrantea) markatzen dutena.

Eremu horretan, bizitegirako lurzati eraikigarri ia guztiak eraikita daude, eta instalazio orokorretatik egin ditzaketen hiri-zerbitzu guztiak dituzte. Urbanizazioak honako hauek ditu: saneamendu-sareak, ur beltzen eta euri-uren sareak, edateko uraren hornidura, energia elektrikoa, gas-instalazioa, telefonia, telekomunikazioak, sute-babesa ur-harguneekin eta abar, baita District Heating instalazio bat ere, berogailua eta ur beroa modu zentralizatuan ematen dituena. Beraz, erabat artifizializatutako eremua da.

Eremuaren artifizializazioa eta hiri-kokapena direla eta, ez da ingurumen-balio nabarmenik antzematen. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Halaber, ez dauka inbentario edo katalogoren batean jasotako paisaia-baliorik, eta ez du ukitzen EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan edo EAEko igarobide ekologikoan sartutako interes geologikoko lekurik. Eremuan ez da hauteman espezie mehatxaturik, ezta Batasunaren intereseko habitatik ere.

Litologia bat dator lurrazaleko deposituekin, hau da, Urumearen ibilguaren ondorioz metatutako material alubialekin, eta iragazkortasun ertaina dute porositateagatik. Dagoen antropizazioa aintzat hartuta, nagusiki orografia laua daukaten lurzoruek ez daukate gaitasun agrologikorik.

Eremua «Urumeako Unitate Hidrologikoan (UH)» sartzen da, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Eremuan ez da ur-ibilgurik ageri, baina aipatzekoa da Urumeako trantsizioko ur-masa hurbil dagoela, marearteko estuario atlantiko motakoa eta estuarioaren gainean ibaia nagusi dena. Planeko lurzatiak itsaso eta lehorraren arteko jabari publikotik (ILJP) kanpo gelditzen dira. Planifikazioaren eskumen-eremuei dagokienez, eremua erkidego barneko arroen barruan dago, eta Uraren Euskal Agentziak (Ura) du haren gaineko eskumena uraren arloan. Eremuak ez du bat egiten Plan Hidrologikoak babestutako Eremu Babestuen Erregistroko elementuekin.

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiak (geoEuskadi) hiriguneetan eta lugorrietan sartzen du (landaredi erruderal-nitrofiloa) Planaren eremua. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, eremu horretan, lorategi laukizuzen txikietan sakabanatutako oin zuhaitz batzuk baino ez daude. Ez da flora mehatxaturik identifikatu, ez eta landaredi inbaditzailerik ere.

Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da topatu fauna mehatxatua, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo hegaztientzako babesguneak kudeatzeko planen xede den eremurik, ezta abifaunarentzako babes-eremurik ere, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak izendatuak (2016-05-23ko EHAA, 96. zk.). Bat etorriz ingurumen-agiri estrategikoarekin, eremuan dagoen fauna bat dator hiriguneetara egokitutako espezie komunekin (arabazozo beltza, usoa, txolarrea, etab.), Urumeako ur-hegaztiez gain (basahatea, ur-oiloa, etab.).

Eremua, Astigarragako ikus-arrokoa dena, eremu antropogenikoko hiri-paisaia bat. Eremua ez da sartzen EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan katalogatutako arroen artean (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Planaren xede diren lurzatietan ez dago kalifikatutako edo inbentarioan jasotako kultura-ondareko elementurik.

Zaratari dagokionez, errepideetako zirkulazioa (hiriko kaleak), GI-41 errepidea eta trenbideko zirkulazioa dira Planaren eremuari eragiten dioten emisio-foku nagusiak. Bat etorriz aurkeztutako inpaktu akustikoari buruzko azterlanarekin, g.0003/LM.06 lurzatian kokatuko den etorkizuneko osasun-eraikinaren kasuan, gainditu egiten dira aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak: egunez 4 dB(A) arte eta arratsaldez 3 dB(A) arte hegoaldeko, ekialdeko eta mendebaldeko fatxadetan. Gauez ez da ebaluatzen, ez baita erabiltzen. g.0001/LM.06 eta g.000.2/LM.06 lurzatien kasuan, zehaztu gabeko ekipamendu generikoetarako direnean, fatxadan lortutako zarata-mailak egokiak izango lirateke hirugarren sektoreko erabileretarako edo olgetarako eta ikuskizunetarako eraikinetarako; horien erabilera hezkuntza, osasun edo kultura arlokoa balitz, berriz, babes berezia behar duena, aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak ez lirateke beteko. Planaren eremua Donostiako Udalak deklaratutako «Urumea» Babes Akustiko Bereziko Zonaren barruan dago.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, g.0001 lurzatia, batetik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauzkaten lurzoruen inbentarioan (geoEuskadin eskuragai) jasotako toki batean dago, 20069-00230 kodea duen tokian. Bestalde, Uraren Euskal Agentziaren uholde-arriskuari buruzko kartografiaren arabera, lurzati hori 500 eta 100 urteko errepikatze-denborako uholdeek har dezaketen eremuan dago (ARPSIS Urumea-2), lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo.

Bestelako arriskuei dagokienez, ez da gisa honetako arriskurik identifikatu: higadura-arriskuak, sismikotasunaren ondoriozko arriskuak, salgai arriskutsuen garraioaren ondoriozko arrisku handiak, baso-sutearen arriskua edo akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia edo oso handia duten eremuak. Klima-aldaketaren ondoriozko arriskuei dagokienez, bi dira kontuan hartzekoak Planaren eremurako: bero-boladek gizakien osasunean eta ibai-uholdeek hiri-ingurunean eragindako inpaktuak.

Deskribatutakoa aintzat hartuta, eraikin berriak eraikitzeko obrak egikaritzearekin lotuta daude Plana garatzearen ondoriozko eragin nagusiak. Obra horiek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urei eta lurzoruei eragitea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik eta abar. Hori guztia, eremu nagusiki hiritar batean. g.0001 lurzatiak kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin bat egiteari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

Ustiapen-fasean, eragin esanguratsuenak g.0003 lurzatian aurreikusitako osasun-erabilerarako eremuaren kalitate akustikoarekin eta g.0001 lurzatiari lotutako uholde-arriskuarekin lotutakoak izango dira, zeinetarako ekipamendu generikoaren erabilera ezartzen baitu Planak.

g.0003 lurzatian etorkizunean egitea aurreikusten den osasun-eraikinari aplikatu beharreko kalitate akustikoko helburuak betetzeari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, etorkizunean ezingo dira egikaritu garapen urbanistikoak honako eremu hauetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Barnean, emisio-fokuetara orientatutako fatxadetan beteko dira kalitate akustikoko helburuak, fatxadako isolamenduaren bidez.

Bestalde, g.0001 lurzatian egun aurreikusita dagoen osasun-zuzkidura uholde-arriskurik gabeko lurzati batera lekualdatzea positiboki baloratzen da. Nolanahi ere, g.0001 lurzatian gauzatu beharreko jarduketek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetako 45. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren E.2 apartatuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Proposatzen diren jarduketen izaera eta horietatik eratortzen diren eraginak kontuan hartuta, inpaktu horiek txikiak izango dira, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak, berreskuragarriak eta ez-esanguratsuak, baldin eta, betiere, indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, batez ere kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, uholde-arriskuei, urei, zaratari eta kutsadura akustikoari, hondakinei eta isurketei dagokien legeria.

Indarrean dagoen planteamenduarekiko planak proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin esanguratsurik.

Hori dela eta, ingurumen-dokumentu estrategikoak planteatzen dituen neurri zuzentzaileak eta jasangarritasunaren aldekoak aplikatuta, eta aurrerago zehazten diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak ere aplikatuta, ez da espero jarduketek ingurumenean inpaktu nabarmenik izango dutenik, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, baldin eta eragin-eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinei, isurketei, kutsadura akustikoari, uholde-arriskuari, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei, zaratari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez egiten badira.

3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako Txomin Enea auzoko g.000.1, g.0002, g.000.3 eta f.10.3 lurzatietako Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera ezarriko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Aplikatzeko neurrien artean, plana garatzeko proiektu eta jarduketen ondoriozkoak nabarmendu behar dira, hala obra-faseari nola jardueraren funtzionamendu-faseari lotutakoak.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak.

• Planaren eremuko g.0001 lurzatia lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauzkaten lurzoruen inbentarion jasotako toki batean dago, 20069-00230 kodea duen tokian. Horrenbestez, bat etorriz Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23.1 artikuluan xedatzen denarekin, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

• Halaber, bat etorriz lege horren 23.2 artikuluarekin, baldin eta 23.1 artikuluan jasotako jarduketa baten ondorioz lurrak mugitu behar badira, hondeaketa selektiborako plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan.

• Hargatik eragotzi gabe aurrekoa, obrak egin bitartean lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten beste kokagune batzuk atzemanez gero, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu funtsatuak egonez gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehazteko zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok bete beharko dituen neurriak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

Uholdeen ondoriozko arriskuak murrizteko neurriak.

• Planetik eratorritako jarduketek bat etorri beharko dute Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoak (2022-2027) uholde-arriskua duten eremuak kudeatzeko ematen dituen irizpideekin (urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartu zuen plan hidrologiko hori, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Júcarreko eta Kantauri Ekialde, Miño-Sil, Duero, Tajo, Guadianako mugape hidrografikoetako espainiar alderdiko eta Ebroko plan hidrologikoen berrikuspena onartzekoak).

• Era berean, kontuan hartuko da EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan adierazitakoa.

Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.

• Aurreikusitako erabileretarako eremuaren kalitate akustikoari dagokionez, kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik gauzatu kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren guneetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

• Nolanahi ere, kalitate akustikoaren helburuak betetzera bideratutako neurriak hartu beharko dira eraikinaren barnean, erabileren eta eraikin-motaren arabera. Fatxadaren isolamenduak behar bezala justifikatuta egon beharko dute eraikuntza-proiektuan.

• Eraikina erabilgarri jarri aurretik, zarata-neurketak egingo dira eraikinaren barnean, barneko kalitate akustikoko helburuak betetzen diren egiaztatzeko.

Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk:

Hargatik eragotzi gabe aurreko neurriak, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak loturik egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, honako neurri hauek hartu beharko dira, eta planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:

• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, ur-isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.

• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

• Lurzoruaren eta lurpeko uren babesa: neurri prebentiboak eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isuriek eragindako eraginak saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea eta abar).

Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak kutsatu ez daitezen.

• Obrako zarata: bat etorriz Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoarekin, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Obrek iraun artean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan..., bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketaren alde ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

Baldin eta aurreikusten bada obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren neurri zuzentzaileak zehazteko, bat etorriz urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluarekin. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustikoetako eta eraikin sentikorretako zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.

• Hargatik eragotzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoa, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari. Ondoren, hark erabakiko du zer neurri hartu.

• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.

• Paisaia-integrazioa: ingurunearen ingurumen-ezaugarriak kontuan izanda, eta garapen berria inguruko paisaian integratzeko asmoz, zenbait eraikuntza-kondizio zehaztuko dira (materialak, koloreak, morfologia, altuerak, bolumenak eta abar), bat etorriko direnak inguruneko eraikinen eta estetikaren tipologiarekin.

• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana eta beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzaileko propagulurik ez duela bermatuko da.

• Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Donostiako Txomin Enea auzoko g.000.1, g.0002, g.000.3 eta f.10.3 lurzatietako Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Donostiako Txomin Enea auzoko g.000.1, g.0002, g.000.3 eta f.10.3 lurzatietako Plan Berezia onartzen ez bada gehienez lau urteko epean. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen zaionean salbu. Kasu horretan, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 12a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala