Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2024ko otsailaren 1a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
551

EBAZPENA, 2023ko abenduaren 21ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, Getariako (Gipuzkoa) portutik gertu, Kantauri itsasoan, hegalaburraren akuikultura-instalazioaren urpeko kaiolaren proiektuaren, Itsas Balfegó SL enpresak sustatu duenaren, ingurumen-inpaktuaren txostena egitekoa.

AURREKARIAK

2023ko irailaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, proiektu honen ingurumen-inpaktuaren txostena egin zezan: Getariako (Gipuzkoa) portutik gertu dagoen kostaldean, Kantauri itsasoan, hegalaburraren akuikultura-instalazioaren urpeko kaiolaren proiektua, Itsas Balfegó SLk sustatua, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan, eta arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko urriaren 11n, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat organismoren aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena ondo babesteko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskinaren 1.g epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie «akuikultura intentsiborako instalazioei, urtean 50 tona edo gehiago ekoizteko ahalmena badute».

Proiektuak hegalaburra gizentzeko instalazio berriak egiteko obrak zehazten ditu (gehieneko ekoizpena urteko 500 tonakoa baino txikiagoa izango da).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenean) xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Getariako (Gipuzkoa) portutik gertu dagoen kostaldean, Kantauri itsasoan, hegalaburraren akuikultura-instalazioaren urpeko kaiolaren proiekturako ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honela:

A) Proiektuaren xedea da bi itsas kaiola instalatzea Gipuzkoako kostaldean, hegalaburrak bizirik gizentzeko. Urtean 500 tona hegalabur baino gutxiago ekoitzi ahal izango da bertan.

B) Getariako portutik gertu dagoen kostaldean, Kantauri itsasoan, hegalaburraren akuikultura-instalazioaren urpeko kaiolaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua da Euskadin hegalaburra bizirik gizentzeko jarduerari ekitea. Hegalabur horiek Kantauri itsasoan inguratze-tresnak baliatzen dituzten arrantza-ontziek harrapatzen dituzte.

Gaur egun, instalazio urtarrak urtean 500 tona hegalabur baino gutxiago ekoiztea aurreikusten du jardueraren hirugarren urtetik aurrera, lehenengo bi urteak behar den ekoizpen-ahalmena probatzeko eta garatzeko erabiliko dira.

Instalazioa 2 kaiola zirkularrek osatzen duten egitura bat da, bakoitza 50 metroko diametrokoa, 28 ainguratze-puntuz osatutako ainguratze-tren bat duena, eta egiturari 14 puntutan lotzen zaiona. 4.000 litroko flotazioko 20 buiez osatutako flotazio-sistema bat izango dute. Era berean, lau seinaleztapen-buia ainguratuko dira, emakidaren mugetan indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz. Proiektuaren eraginpeko azalerak 927 x 827 metroko sareta bat hartzen du; azalera, guztira, 766.629 m2-koa da.

Eraikuntza-fasean, instalazioak garraiatu eta ainguratu egingo dira; zehazki, ekintza hauek egingo dira:

– Materialak hornitu eta biltzea.

– Perimetroko buiak kokatu eta urperatzea.

– Ainguratze-lerroak eta egiturak kokatzea eta urperatzea.

– Proiektuan definitutako ezaugarriak dituen igerilekua kokatu eta finkatzea.

Proiektuak aurreikusten du 25-30 egun inguru beharko direla instalazioa egiteko.

Ustiapen-faseari dagokionez, hegalaburra gizentzen hasteko, inguratze-ontziek egindako harrapaketak transferitu behar dira, hots, inguratze-saretik itsas zabaleko garraio-kaiola flotatzaile batera pasarazi behar dira, inguratze-sarean eta garraio-kaiolan sortutako irekidura banaren bidez, gizentze-instalazioraino garraiatzeko. Behin hegalaburra gizentzeko instalazioan sartzean (itsas zabaleko kaiola flotatzaileak) astean 5/6 egunez elikatzen da, arrain urdina ematen zaio soilik. Hilabete batzuk gizentzen eman ondoren, aleen kalitatea egokitzat jotzen denean, aleak banan-banan aterako dira, eta une horretan hilko dira. Hil ostean, aleak berehala erraigabetu eta hoztu beharko dira, animaliaren gorputzeko tenperatura ahalik eta azkarren jaisteko, behar bezala kontserbatu eta kalitatea mantendu ahal izateko. Produktuak merkatu nazionalean nahiz Asiako merkatuetan amai dezake. Proiektuaren estrategia dela eta, neguan izan ohi diren baldintza ozeanografikoek elikadura- eta hilketa-lanak egitea galaraziko luketenez, egun gutxitan hilketa kontzentratu bat egitea erabakiko da, eta neguan gizentze-jarduerak garatzea saihestuko da, produktua hil ostean ultraizoztera eta merkatuan sartzera behartuko da, batez ere produktu izoztu edo desizoztu gisa.

2023an edo 2024an zehar 100 ale sartzea aurreikusten da, ICCATeko (Atlantikoko Atuna Babesteko Nazioarteko Batzordea) Ikerketa eta Estatistika Batzorde Iraunkorrak (SCRS) eskura jarriko duen kuota zientifiko batetik datozenak. Fase hori beharrezkoa den ekoizpen-ahalmena probatu, trebatu eta prestatzeko izango litzateke. Fase horretan ateratako ekoizpena ez litzateke merkaturatuko, eta irabazi-asmorik gabeko erakundeei eman beharko litzaieke. 2024rako edo 2025erako 150.000 kg sartzea aurreikusi da (batez beste 100 kg pisatzen duten 1.500 ale inguru), eta 2025etik aurrera gehienez ere 500 tona ekoiztea aurreikusi da.

Ingurumen-dokumentuan 0 alternatiba (ez jardutekoa) eta proiektua kokatzeko hiru alternatiba aztertzen dira:

1. alternatiba: Getariako portuaren iparraldean kokatzea. Proiektua idatzi bitartean, hasieran, 100 metroko sakoneran kokatzea proposatu zen, Getariako porturako biderik laburrenean. Alternatiba horrek mantentze- eta elikatze-lanetan nabigazio-distantzia minimizatzeko abantaila ematen du. Hala ere, kokaleku horretan, emakidaren zati txiki bat substratu gogorrean kokatuko litzateke, eta horrek substratu bigunaren habitatak baino ingurumen-balio handiagoa du.

2. alternatiba: Getariako portuaren ipar-ekialdean kokatzea. Bigarren alternatiba bat proposatu zen: esparrua gutxi gorabehera itsas milia bat ekialderantz mugitzea. Horrela, ez dago substratu harritsurik emakidaren eremutik 400 metro baino gutxiagora. Alternatiba horri dagokionez, AZTIk Getariako Arrantzaleen Kofradiari galdetu zion arrantza-jardueraren kontran zihoan elkarreraginik izan zezakeen. Erantzun zien iparralderago beste alternatiba bat izateko aukera aztertzeko.

3. alternatiba: Getariako portuaren ipar-ekialdean sakonera handiagoan kokatzea. Getariako Arrantzaleen Kofradiaren erantzunean, poligonoa iparralderantz itsas milia bat mugitzea proposatzen zen. Dena den, lekualdatze horrek arraste-arrantzarekin elkarreragina izatea ekarriko luke, eta, beraz, 2. alternatiba baino sakonago dagoen tarteko posizio baten alde egiten da.

Proiektuak 3. alternatiba garatzen du; izan ere, nabigazioaren ondoriozko emisioak apur bat handitzea ekar dezakeen arren, ingurumen-abantaila bat du: substratu gogorreko habitata duten eremuetatik 400 metro baino gehiagotara dago, eta ez dio eragiten. Zeharka bada ere, alternatiba horri esker, ingurumena zaintzeko plana ez da hain garestia; izan ere, MAGRAMAren jarraibideen arabera (2012), ez da beharrezkoa substratu gogorreko habitatak ikuskatzea. Egungo arrantza-jarduerarekin interakzio txikia izatea espero da, a priori.

2.– Proiektuaren kokapena.

Instalazioak Gipuzkoako kostaldearen aurrean dauden ur irekietan proiektatzen dira, 100 metro inguruko sakoneran. Zarautz eta Getaria udal-mugarteen iparraldean dago, Getariako portutik gertu dagoen kostaldean, portutik 3,5 itsas miliara, eta hurbilen dagoen kosta-lerrotik 5,7 km baino gehiagora. Proiektuak 766.629 m2-ko azalera izango du.

(Ikus .PDF)

Euskal plataforma kontinentalaren sedimentuak eduki aldakorra du zati sedimentario guztietan. Jarduketa-eremutik hurbilen dauden laginketa-estazioetan, sedimentua honela osatzen da: % 1,8-2,7 materia organikoa, legarrik ez, % 26-59 hondarra, % 41-74 xeheak (adib., sedimentu-frakzioa <63 µm) eta, batezbesteko 22-65 µm-ko ale-tamaina. Proiektua hondo lohi-hareatsuko substratuaren gainean dago. Proiektuaren eremua substratu gogorreko zona sublitoraleko habitatetatik 400 m-ra baino gehiagora dago.

Proiektu honen jardun-eremuan, aurreikusitako sakoneran, ez dago makrofito esanguratsuen komunitaterik substratu bigunean (100 m inguru). Beste biota autotrofo bati dagokionez, euskal kostaldeko fitoplanktonak, gutxienez, 194 taxon ditu, gehienak dinoflagelatuak eta diatomeoak.

Proiektatutako jarduketak EUNIS A5.35 habitataren gainean egingo dira («Lohi-hareatsu zirkalitorala»). Habitat hori sedimentario gisa deskribatu da euskal kostaldean. Habitat horrek, oro har, % 20tik gorako xeheak izan ohi du, 27 metrotik gorako sakoneran egon ohi da eta energia gutxi izaten du. Euskal plataforma kontinentalari dagokionez, honako espezie hauen populazioek ezaugarritzen dute habitata: Lumbrineris cingulata, Thyasira flexuosa, Tellina compressa, Spiophanes bombyx, Chaetozone gibber, Ampharete finmarchica, Prionospio fallax, Aponuphis bilineata, Spiophanes kroyeri, Magelona filiformis, nemertinos, Chone filicaudata, Ampelisca tenuicornis, Myriochele danielssen eta Ampelisca brevicornis.

AZTIk parte hartu duen kanpaina ozeanografikoen arabera –horien informazioa Rodríguezek eta beste batzuek (2021) eginiko txostenean jasotzen da–, aztergai dugun eremuko makrofauna honako hauek ezaugarritzen dute: anelidoak (51 taxon), artropodoak (18 taxon), ketognatoak (1 taxon), kordatuak (1 taxon), knidarioak (1 taxon), ekinodermoak (4 taxon), moluskuak (9 taxon), nemertinoak (2 taxon) eta sipunkuluak (3 taxon). Batezbesteko dentsitate handiena duten taxonak anelidoak dira: Galathowenia oculata, Aponuphis fauveli, Monticellina dorsobranchialis, Paradiopatra calliopae eta Terebellides sp. eta Thyasira obsoleta bibalbioa.

Proiektua ez dator bat Natura 2000 Sareko espazioekin, ez eta beste gune babestu batzuekin ere.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, obren ondoriozko balizko inpaktuak materiala garraiatzearekin eta itsas kaiolak jartzearekin lotutakoak izango dira, zeinek ondorioak baitituzte itsas hondoan, biodibertsitatean eta biota bentonikoan, besteak beste. Kontuan hartuta obren faseak iraupen laburra izango duela eta ainguratzeek azalera gutxi okupatzen dutela, eta substratu biguneko habitat baten gainean egingo direla, ezin da espero obrek ondorio esanguratsurik izango dutenik.

Ustiapen-fasean, instalazioaren egitura fisikoak (kaiolak, egitura, plataforma, ainguratzea) ondorio batzuk eragin ditzake. Hona arrazoiak: hidrodinamismoa aldatzea, itzala, habitataren konplexutasuna, espazioaren okupazioa eta zapalketa. Horrek eragina izan dezake komunitatearen egituran (makrofitoak, komunitate bentonikoak) eta populazioen banaketa espazialean, atxikipen planktonikoan, materia organiko disolbatuaren diluzio-tasaren aldaketetan eta sedimentuaren egituran izandako aldaketetan.

Halaber, laborantzako organismoek ere (gorozkiak, iraizpena, exudazioa, ezkatatzea, hilkortasuna) zenbait ondorio eragin ditzakete, hala nola eutrofizazioa eta ingurune pelagikoan ongarritzea, uraren kalitatea aldatzea, agregazioagatik biomasa handitzea, komunitate bentonikoetan eragin erakarlea izango duen materia organikoa ekartzea eta sedimentuan aldaketak eragitea, gaixotasunak transmititzeko arriskua, uretan oxigeno-kontzentrazioa murriztea, harrapariak erakartzea, etab.

Orokorrean, eremuaren sakontasun eta hidrodinamismo handia medio, eta instalazioaren hedadura eta intentsitate mugatua kontuan hartuta, ingurumen-dokumentuaren arabera, aipatutako aldagaien gaineko eragina ez da esanguratsua.

Laborantzako aleek ihes egiteak eragin ditzakeen ondorioei dagokienez, ez da inolako eraginik espero; izan ere, harrapatutako aleak laborantzako eskualde geografiko berean haztea aurreikusten du proiektuak.

Azpimarratu behar da atunak elikatzen diren garaian hondakinak sortzen direla (elikagaien soberakina) eta hondoetan jalkitzen direla laborantza-instalazioen inguruan, eta horrek aldaketak ekartzen dituela sistema bentikoan eta bertan bizi den faunarengan. Substratu biguneko hondoetan karga organikoa pilatzeak aldaketa garrantzitsuak eragin diezazkioke haren osaerari, eta orokorrean Pearson eta Rosenberg-en Paradigman (1978) deskribatutako segidarekin bat dator. Gainera, atunei ematen zaizkien elikagaiek hegaztiak, narrastiak eta bestelako fauna erakar ditzakete. Bestalde, sareetan metatzen den foulinga garbitzeak material hori (normalean algak eta ornogabeak) itsas hondoan pilatzea dakar (gainera, hazitako atunak hiltzen badira, itsas hondoari ekarpen organikoa egiteko iturri ere izan daitezke). Beraz, oro har, kaioletan arrainak hazteko jardueraren ondorioz materia organikoa pilatzen da itsas hondoan. Ildo horretan, uste da inpaktua moderatua dela.

Bestalde, aukeratutako alternatibak zonako arrantzarekiko elkarreragina minimizatu nahi badu ere, gaur egun emakidak okupatzen duen azalera nabigaziorako eta arrantzarako erabiltzen da, eta jarduera horiek mugatu edo aldatu ahal izango dira. Beraz, elkarreragina egongo da jarduera horiekin, eragin negatibokoa eta magnitude ertainekoa.

Nolanahi ere, eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta, bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, proiektua egiteko baldintzak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarriak izan ez dezan eta ez dadin beharrezkoa izan Getariako portutik gertu dagoen kostaldean, Kantauri itsasoan, hegalaburraren akuikultura-instalazioaren urpeko kaiolaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, betiere honako baldintza hauek txertatzen badira:

A) Proiektuari jarritako baldintzak eta babes- eta zuzenketa-neurriak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obran jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

A.1.– Proiekturako neurri orokorrak.

– Ez da inola ere instalazioaren guztizko ekoizpen-kopurua gaindituko, urtean ezingo dira 500 tona hegalabur baino gehiago ekoitzi.

– Instalazioaren ekoizpena hegalaburra ekoiztera mugatuko da, eta hazi beharreko espeziea aldatzea eskatuz gero, ustiapen-plan berri bat egingo da, ingurumen-inpaktua berriro ebaluatzea baimentzen duena.

– Itsasontziak eta igerileku flotatzaileak behar bezala mantenduko dira, istripuak gertatzeko dagoen probabilitatea ahalik eta txikiena izan dadin bermatzeko (erregai-isuriak, igerileku flotatzaileak haustea).

– Instalazioek segurtasun-plan bat izan beharko dute, egoera onean daudela eta osorik mantentzen direla bermatzeko, bai eta arriskuei aurre egiteko larrialdi-plan bat ere. Bi plan horiek egiaztatu egin beharko dira, eta Pasaiako Itsas Kapitaintzaren eta arlo horretan eskumena duten gainerako erakundeen eskakizunetara egokitu.

A.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Orokorrean, garatu beharreko jarduera egitean natura-ingurunea errespetatuko da.

– Obrak, baita espazioa erabili beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

– Erabilitako antifoulingari dagokionez, itsas ingurunerako kaltegarriak ez diren produktuak eta prozedurak erabili beharko dira, baina instalazioaren egitura fisikoan inkrustatzen diren organismoen hazkunde masiboa geldiarazteko behar besteko eraginkortasuna izan beharko dute. Sareen gainean foulinga gehiegi haz dadin saihestu behar da, organismo inkrustatzaileen hondarrak metatzearen ondorioz hondoan materia organiko gehiegi pilatzea ekiditeko.

– Igerileku flotatzaileen euste-sareek ezaugarri jakin batzuk bete beharko dituzte, fauna (itsas ugaztunak, dortokak edo tamaina handiko beste arrain batzuk) sareetan harrapatuta geratzeko probabilitatea murrizteko.

– Ontzien joan-etorrietan, Getariako portuaren eta itsas instalazioen artekoetan, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

• Zetazeoekin elkarreragitea saihestuko da, eta haiekin, gutxienez, 50 metroko segurtasun-distantzia errespetatuko da.

• Ez da megafonia-aparaturik erabiliko, ez eta maila akustiko handiegia eragiten duen besterik ere.

• Abenduaren 21eko 1727/2007 Errege Dekretuan zetazeoak babesteko ezarritako neurriak aplikatzea.

– Igerileku flotatzaileak osatzen dituzten sareak egunero berrikusi beharko dira, kameren edo urpekarien bidez. Sareetan harrapatuta geratu den aleren bat detektatzen bada (itsas ugaztunak, arrainak, itsas hegaztiak, etab.), erregistratu egingo da eta dagokion organismoari jakinaraziko zaio, errekuperazio-zentro batera eraman dezaten. Etorkizunean horrelako gorabehera asko ikusten badira, saihesteko har daitezkeen zuzenketa-neurriak zein diren aztertuko da.

– Elikagai-soberakina murrizteko neurriak ezarri beharko dira. Gainera, itsas hegaztien eta urpeko faunaren elikadura oportunista murriztu beharko da (kantitate egokia biomasaren arabera, elikadura-kutxa flotatzaileen gainean beita-bloke izoztuak hornitzea, elikadura-kutxaren egoera igerileku flotatzailearen erdian, etab.).

– Kontrolatzeko hondoan ez direla irentsi gabeko elikagai eta gorozki asko pilatzen, ingurumen-zaintzako programa eraginkor bat jarriko da martxan, eta «Kaiola flotatzaileetako itsas laboreen ingurumena zaintzeko planak egiteko proposamen metodologikoan» ezarritako adierazleak hautatuko dira. Proposamen hori 2012an argitaratu zuen MAGRAMAk.

– Hiru hilean behin, hondoen egoera ikuskatuko da, begiz. Horrez gain, urtero, sedimentuaren kalitatearen eta poliketoen populazioaren jarraipena egin beharko da.

A.3.– Urak babesteko neurriak.

– Orokorrean, eraikuntza-fasean, edozein kutsatzaile itsas ingurunera isurtzea saihestu beharko du.

– Debekatuta egongo da etxeko hondakin-urak edo ur beltzak isurtzea. Beharrezkoak diren bitartekoak gaitu beharko dira, hori ez dadin gertatu eta ez dadin itsas ingurunera iritsi (ur grisen/beltzen ontzietan gaitutako deposituen bidez).

– Larrialdi-plan espezifiko bat eduki beharko da, hidrokarburoak istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Kontuan hartu beharko da Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia «Itsasertza», jasotako dokumentazioan deskribatutako istripu-egoerek sortutako larrialdiak kudeatzeko garaian, kostaldeari eragin diezaioketen hidrokarburo-isurketei dagokienez.

Plan horren bidez, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistema eratzen da, pertsonen eta haien ondasunen segurtasuna babesteko, euskal kostaldeari eragin diezaioketen itsas kutsadurako gertakarien aurrean.

– Bestalde, obrak egin ondoren, instalazioen ustiapen-fasean, hartutako soluzio teknikoek ezingo dute uraren kalitatea aldatu, ez eta hidrodinamismoa ere.

– Hiru hilean behin egingo da uren kalitatearen kontrola (oxigeno disolbatua, tenperatura, gazitasuna eta gardentasuna, Secchiren diskoarekin).

A.4.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Urpean zarata sortzea saihestuko da akuikultura-ustiapenarekin lotutako lanetan, batez ere behe-maiztasuneko eta maiztasun ertaineko sonarra.

A.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Hondakinen Kudeaketa Plan bat ezarri beharko da, bermatzeko animalia-azpiproduktuak eta beste jatorri batekoak zuzenean edo zeharka kutsatzeko iturri ez izateko moduan tratatu, biltegiratu eta ezabatzen direla, eta legeriak eskatutako hondakinak enpresa baimendu batek eramaten eta ezabatzen dituela.

– Jarduera egiten den bitartean, ingurunea garbi eta zainduta mantendu beharko da, eta zaborrak, ontziak edo hondakinak bertan ez uzteko behar diren bitartekoak eduki beharko dira.

– Hondakinak erretiratzeko atzerapenak ekiditeko eta itsasertzera iristen diren buiak, egiturazko elementuak eta antzeko hondakinek kostaldean eta bainu-eremuetan eragin ditzaketen ondorio negatiboak saihesteko, beharrezkoa izango litzateke egituratik aska daitezkeen elementu guztiak behar bezala identifikatzea eta hondakin horiek biltzeko mekanismoak ezartzea.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu beharko da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu beharko dira. Hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezartzen dituen segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute haien kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

A.6.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Beharginek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Hondakinak botatzea eta hidrokarburo- eta olio-isurketen eta bestelakoen ondorioz ura kutsatzea ekiditea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Ahal den neurrian, itsas inguruneari zaratengatik eta uhertasunagatik eragindako eragozpenak saihestea.

– Larrialdien eta segurtasunaren kudeaketan prestatzea.

A.7.– Obraren garbiketa eta akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.

A.8.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki itsas ingurunearen gainean (uren kalitatea, biodibertsitatea, etab.) eragina izan dezaketen jarduketei dagokienez (egituraren instalazioa, ainguratzeak itsas hondoan, garraioa, hondakinen kudeaketa, etab.).

B) Ingurumenaren jarraipena egiteko programa.

Proiektuari ekin aurretik, laginketa-kanpaina bat egingo da (eragiketa aurreko fasea), eta eragiketa-fasean eta eragiketa-ondoko fasean ebaluatuko diren parametro guztiak barne hartuko dira.

Ingurumena etengabe zaindu beharko da, ekoizpena hasten denetik jarduera utzi eta gutxienez hiru urte igarotzen diren arte, ekoizpen-fasean inguruneak izan duen bilakaera ezagutzeko eta jarduera utzi ondoren kaltetutako hondoak beren onera etorri diren ala ez zehazteko.

Ingurumen Zaintzako Planaren (IZP) diseinua dokumentu tekniko honetan oinarritu beharko da: «Kaiola flotatzaileetako itsas laboreen ingurumena zaintzeko planak egiteko proposamen metodologikoa», 2012an MAGRAMAk argitaratua (Aguado eta beste batzuk, 2012).

Instalazioen ezaugarriak kontuan hartuta (500 tonatik beherako ekoizpena urtean), MAGRAMAren proposamenaren arabera (2012), proiektuak V.1 partidako zaintza-maila aplikatu beharko du (MAGRAMA, 10.2.1.1 atala, 2012).

Zehazki, ingurumen zaintzako plana irizpide hauekin diseinatu beharko da:

B.1.– Eskala espaziala edo zonakatzea.

MAGRAMAren 8.2 apartatuaren arabera (2012), jarraipena egingo zaien hiru eremu zehaztuko dira (A, B eta C zonak).

A zona: laborantza-instalazioen azpian eta/edo haren inguru hurbilenean dagoen zona. Administrazio-emakidaren barruan dago. Baimendutako Efektuen Zonaren parte horrek jasango du zuzenean aldaketa esanguratsu gehien eta horren gainean egingo da monitorizazioa.

B zona: inguruko eremuari dagokion jabari publikoaren eragin-eremua, gehienez 50 m-ko zabalera duena emakidaren mugetatik (ZEP) kanpoalderantz. Eremu horrek interes berezia du, laborantzatik eratorritako ondorioek ez baitiote modu nabarmenean eragin behar, jabari publikoaren parte denez gero.

C zonak: erreferentzia- edo kontrol-zonak dira, ez dutenak eraginik jasotzen itsas laboreen edo beste inolako inpaktu-iturriren eraginez. Instalazioetatik 500 m-ra egon behar du gutxienez, eta laborea hazten den eremuaren adierazgarri den hondoak izan behar ditu. Zona honek A zonaren eraginetik eta hipotesien kontraste batean izan daitezkeen ondorioen ebaluazioan eragina izan dezaketen beste eragin potentzialetatik kanpo egon behar du. Zona honi egindako jarraipenari esker, laboreek ingurumenean eragindako aldaketak eta aldakortasun naturalak eragindakoak bereizi ahal izango dira. Gutxienez, bi C zona ezarri beharko dira (C1 eta C2) instalazioen haizealdean eta haizebean, ahal dela, korronte nagusiaren ardatzari jarraituz.

Zona bakoitzean (A, B, C1 eta C2), gutxienez, hiru leku jarriko dira, edo laginketa kokatuko da, ausaz. Leku bakoitzean, gutxienez 3 lagin edo erreplika hartuko dira, ausaz. Leku bakoitzak zona bakoitzean duen kokapena zehazteko, isurketen sakabanatzearen norabidea hartu behar da kontuan.

B.2.– A eta B zonen ikuskapen bisuala: hondoen eta azaleko uren egoera.

Itsas hondoa ikuskatzeko prozesua erregistro bideografiko baten bidez egingo da (trantsektu bideografikoak). Zona bakoitzean 200 metro luzeko trantsektu bideografikoak egingo dira. A zonarako, erregistroa instalazioaren erdiguneko puntu batetik egingo da, laborantza-kaiolen azpitik, 100 metro haizealderantz eta 100 metro haizeberantz, lerro zuzenean, korronte nagusiaren norabideari jarraituz. B zonarako, erregistroa 200 metrorekin egingo da, lerro zuzenean, korronte nagusiarekiko perpendikularrean eta instalazioen haizebean.

Ikuskapen bisualak hiru hilean behin egingo dira, MAGRAMAren 6.2 apartatuan (2012) ezarritako metodologiari jarraituz, jarraipen-eremuaren sakontasunerako aproposak diren egokitzapenekin.

B.3.– A, B, C1 eta C2 zonetako sedimentuaren kalitatea eta poliketoen populazioa.

Honako hauek ebaluatuko dira: granulometria (sedimentuaren frakzio finaren zehaztapena), guztizko sulfuro askeak eta poliketoen infauna-populazioa ebaluatuko dira. Horrez gain, lehenengo urteetan (baimendutako gehieneko ekoizpenera iritsi arte) honako aldagai hauek ere ebaluatuko dira: materia organikoaren edukia, pH-a, erredox potentziala eta 15N seinale isotopikoa (δ15N).

Lau zonetan hiru laginketa-puntu laginduko dira, eta puntu bakoitzean hiru erreplika izango dira. Laginketa urtean behin egingo da, ekoizpen handieneko garaian. Laginketa eta zehaztapen analitikoak MAGRAMAren gomendioen arabera egingo dira (2012), azterketa-eremurako aproposak diren egokitzapenekin.

B.4.– A, B, C1 eta C2 zonetako uraren kalitatea.

Hiru hilean behin, honako hauen kontrolak egingo dira: oxigeno disolbatua; tenperatura; gazitasuna, CTD profilatzailearekin; eta gardentasuna, Secchiren disko bidez. Zona bakoitzean (A, B, C1 eta C2) hiru puntu ebaluatuko dira.

B.5.– Datuen analisia.

Laginketaren bidez lortutako datuak MAGRAMAren 8.4 apartatuaren arabera (2012) tratatu eta aztertuko dira estatistikoki, jarduera berriaren ondorioz ingurunean aldaketa esanguratsuak hautematen diren ala ez ondorioztatzeko.

Emaitzek ingurunearen aldagaietan aldaketa esanguratsuak izatea badakarte, neurri egokiak ezarri beharko dira.

B.6.– Ingurumenaren Jarraipena Egiteko Programaren emaitzak.

Ingurumenaren jarraipena egiteko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak urtero aterako dira, ekoizpena hasten denetik jarduera amaitu eta gutxienez hiru urte igarotzen diren arte. Ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2021 Legearen 52.2 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumenaren jarraipena egiteko programaren emaitzak Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira, eta, aurretik, ingurumen-organoari jakinaraziko zaio egoitza elektronikoan argitaratuko direla.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten Getariako (Gipuzkoa) portutik gertu dagoen kostaldean, Kantauri itsasoan, hegalaburraren akuikultura-instalazioaren urpeko kaiolaren proiektua, Itsas Balfegó SLk sustatutakoa, gauzatzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– EAEko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abenduaren 21a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala