Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2024ko urtarrilaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
517

EBAZPENA, 2024ko urtarrilaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Canteras Lacilla SLk Sopuertako udal-mugartean (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko sustatutako instalazioa ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2023ko urriaren 11n, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Meategi Atalak eskabide bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Canteras Lacilla SLk Sopuertako udal-mugartean (Bizkaia) eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko sustatutako instalazioa ezartzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

2023ko azaroaren 2an, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan aipatzen da), Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean ezarritako epeen arabera. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erakunderen txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen E9 taldeko 9.b epigrafean xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie «hondakinak deuseztatzeko edo balorizatzeko instalazioei, jarduera aire zabalean edo industrialdeetatik kanpo egiten bada». Proiektuaren asmoa da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen (aurreratzean, EEH) tratamendu- eta balorizazio-instalazio bat ezartzea Lacilla 12.795 meatze-ustiategian, Sopuertan (Bizkaia).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena formulatzea, Canteras Lacilla SLk Sopuertako udal-mugarteko (Bizkaia) Lacilla harrobian eraikuntzako eta eraispeneko hondakin arriskugabeak tratatu eta balorizatzeko sustatutako instalazioaren proiekturako.

A) Proiektuaren xedea eraikuntza- eta eraispen-obretako hondakin geldoak (EEH) kudeatzea da; hau da, EEHak jaso eta onartzea, ondoren agregakin birziklatu gisa balorizatzeko, birrinduta eta bahetuta.

B) Ebazpen honen bidez ingurumen-inpaktuaren txostena ematen da Canteras Lacilla SLk Sopuertako udal-mugarteko (Bizkaia) Lacilla harrobian eraikuntzako eta eraispeneko hondakin arriskugabeak tratatu eta balorizatzeko sustatutako instalazioaren proiekturako, eta proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren asmoa da eraikuntzako eta eraispeneko hondakin arriskugabeen (aurreratzean, EEH) tratamendu- eta balorizazio-instalazio bat ezartzea Lacilla 12.795 meatze-ustiategian.

Ingurumen Sailburuordearen 2011ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bitartez, Cantera Lacilla SLk Sopuertan, Lacilla harrobian, sustatutako ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa formulatu zen.

Instalazioak 1 ha inguru hartzen du eta erauzketa-eremutik BI-3614 errepideak banantzen duen gune batean dago kokatuta. Instalazioaren kokalekua gehienbat agregakinak pilatzera bideratu izan da. Gune berean hormigoi-instalazio bat eta asfalto-aglomeratuen beste bat daude.

EEHen balorizazioa Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen II. eta III. eranskinetan jasotako eragiketen arabera egingo da. Zehazki, eragiketa hauek egingo dira:

– R0506 «Hondakin inorganikoen balorizazioa, agregakinak ekoizteko». EEHtatik agregakinak ekoizteko instalazioak.

– R0507 «Hondakin inorganikoak birziklatzea, beste fabrikazio-prozesu batzuetan lehengaien ordez erabiltzeko». EEHtako, indusketa-lurretako, etab., agregakinak erabiltzea zementua fabrikatzea ez den beste fabrikazio-prozesu batzuetan lehengaien ordez.

Instalazioa urtean 160.000 tona eraikuntzako eta eraispeneko hondakin tratatzeko diseinatuta dago; tratamendu-gaitasuna 90 t/h-koa da. Zenbatespenen arabera, EEH guztietatik, % 19 instalazioan balorizatu ezin daitezkeen lurrak eta hondakin geldoak dira; errefustzat hartzen dira eta instalaziotik at kudeatuko dira (zabortegia, birgaitze-lanak, etab.). Hondakinen % 13 sailkatu, bereizi eta kudeatzaileei entregatuko zaizkie, egoki balorizatzen edo birziklatzen direla bermatzeko. Jasotzen diren EEHen % 68 agregakin- edo mineral-frakzioa izango dira. Frakzio hori tratamendu-prozesuan sartu, eta, horretatik, balorizatu ezin daitekeen errefusa aterako da (% 6,84), baita granulometria desberdineko agregakin birziklatua ere (% 50,16).

Beraz, jasotzen diren EEHen % 26,15 errefusa izango da.

Urteko lanaldia 1780 h-koa izango dela kalkulatu da. 9 langile aritzea zenbatetsi da, zein bere funtzioarekin.

Zenbatespenen arabera, instalazioan hondakin hauek kudeatuko dira:

(Ikus .PDF)

Instalazioan egiten diren prozesuak:

• Hondakinak pisatzea, harrera-gunera deskargatzea eta triaje primarioa.

Jasotzen diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak pisatu egiten dira, eta deskarga- eta pilaketa-eremura eraman. Eremu hori hainbat gunetan dago bananduta, pilatuko den materialaren arabera (material garbia, nahasketa, indusketa-lurrak, etab.). Deskargatu ahala egiten da triaje primarioa, elementu inpropioak eta harrizkoak ez diren material berrerabilgarri handiak (zura, plastikoak, metalak, etab.) eta kutsagarriak edo arriskugarriak izan daitezkeen materialak bereizteko.

Harrizko hondakinen kasuan, aurrez zatitu behar badira, mailudun atzerako hondeamakina erabiltzen da.

• Lehen tratamendua.

Hondakina birrintze primarioko ekipoaren kalapatxan kargatzen da pala baten bidez; aurrebahetzailean, frakzio meheena kentzen da. Birrintze primarioa beharrezkoa da material handi eta gogorretan (adibidez, hormigoi armatua). Arrabolaren irteeran dagoen bereizle magnetikoarekin kentzen dira metalak.

• Bigarren tratamendua.

Birrindutako materiala haizemaile baten bidez garbitzen da (hondakin frakzio arinenak aire-korronte baten bidez banantzen dira), eta triaje-plataforman sartzen da. Plataforma horrek kabina itxi eta egokitu bat, eta uhal garraiatzaile bat ditu. Etapa horretan eskuz bereizten dira geroko tratamendurako balio ez duten frakzioak, eta errefuserako edukiontzietan uzten dira, material motaren arabera.

Triaje-kabinatik irteten den materiala inpaktu-errotara doa, eta, han, material-frakzioa murriztu egiten da. Gero, uhal garraiatzailearen bitartez, bahetzera eramaten da, eta produktua granulometria desberdineko hiru frakziotan sailkatzen da automatikoki. Fakzioak agregakin birziklatuen pilaketa-eremura eramaten dira.

Instalazioa gune hauetan antolatuko da:

– Harrera-, pisatze- eta kontrol-gunea: harrobiaren sarreran kokatua.

– Aparkalekua, bulegoak, aldagelak eta jangela, harrobian egun dauden berak.

– Deskargatzeko gunea eta sailkatzeko gunea: kamioiek hondakinak deskargatzeko eta hondakinak sailkatzeko gunea. Azpiguneak ezar litezke; hondakinak ezaugarrien arabera uzteko (garbiak, nahasketak eta abar). Bertan, edukiontzi batzuk daude.

– Tratamendu-gunea, azpigune hauekin:

– Elikatze eta birrintze primarioko gunea. Elikatze-kalapatxa, baraila-birringailua eta bereizle magnetikoa.

– Eskuzko triaje-kabina eta haizemailea. Kabina itxi eta egokitua; uhal garraiatzailea du, eta edukiontzietarako irteera.

– Inpaktu-errotaren eta sailkatze-baheketen gunea. EEHen tratamenduaren azken gunean; agregakina birrindu, eta granulometria desberdinetan banantzen da.

Hondakinak hartzeko eta sailkatzeko gunea, eta tratamendu-gunea, hormigoizko plataforma batean gainean daude.

– Lurra eta granulometria desberdineko agregakinak pilatzeko gunea. Balorizazio-prozesuan birziklatutako agregakinak granulometriaren arabera antolatzen dira. Zabor-legar trinkotuen plataforma batean dago kokatuta.

Bertan da, halaber, hondakin arriskutsuen biltegia, hormigoizko zolata irazgaiztu batean. Eremu hori hesituta egongo da, eta, jariakinak biltzeko sistema bat izango du perimetroan. Jariakinak berariazko putzu batean bilduko dira (ez da egungo dekantazio-putzua izango).

Instalazioa kokatu nahi den eremuak ur- eta elektrizitate-hornidura ditu; beraz, ez da azpiegitura berririk eraiki edo ezarri behar.

Instalazioko xehatze-, birrintze- eta bahetze-ekipoen erregaia diesela da; aitzitik, uhalek eta triaje-plataformak elektrizitatea kontsumitzen dute. Depositu baimenduetatik hartuko da erregaia; harrobiaren inguruan daude. Argindarra hormigoizko instalaziotik hartuko da. Beraz, ez da erregai-depositu berririk eraiki behar, eta elektrizitate-hornidurarako sare berririk ere ez.

Instalazioan erabiliko den ura harrobitik bertatik hartuko da. Arro-organismoak baimendutako hargune bat du, eta jarduera berriarekin ez da ur-kontsumoa nabarmen handituko egungo beharren aldean; izan ere, instalazioan hautsa barreiatzea ekiditeko erabiliko da (bideak ureztatzea, EEHen pilatze-guneko aspertsoreak, agregakin birziklatuen pilatze-guneak, etab.)

Instalazioak ez du hondakin propiorik sortuko. Sor litezkeen jariatze-urak areka perimetralen bitartez bideratzen dira egungo dekantazio-putzura.

Lursaila hesituko duen kanpoaldeko itxitura sare metaliko bat izango da, zutoin metalikoak izango dituena. Eremuko landaredia balizko ikusizko inpaktuetarako hesi fisikoa ez den lekuetan, landare-pantaila bat ezarriko da (heskaia eta zuhaitzak landatuta).

2.– Proiektuaren kokapena.

EEHak kudeatzeko instalazioa Lacilla 12.795 harrobiari dagozkion lurretan egongo da. Egungo meatze-ustiategiak ukitutako lursailetan egingo da jarduera, agregakinak pilatzeko erabili den gune batean. Beraz, gainazala artifizializatuta dago jada, eta ez du natura-baliorik.

Proiektuaren esparrua ez dago ezein gune babestutan kokatuta, ez eta natura-intereseko leku batean ere. Instalazioaren gunean ez dago flora- eta fauna-espezie berezirik ez mehatxaturik ere Ez da interes arkeologiko edo arkitektonikoko elementurik identifikatu. Ez dago interes geologikoko gunerik (IGG) ere.

Kolitza ibaia instalaziotik 50 bat metrora dago, baina EEHak birziklatzeko instalazioaren eta ibilguaren artean asfalto-aglomeratuen instalazio bat dago.

Kolitza ibaia, instalazioaren ondoko zatian, bisoi europarraren (Mustela lutreola) sakabanatze-eremua da Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat etorriz, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

Lurzatia ez dago sartuta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan, akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasuna hutsala da eta ez dago ezein uholdegunetan kokatuta.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Jarduera honek eragin ditzakeen ondorio edo inpaktu adierazgarrienak airearen kutsadurarekin lotura dutenak dira, birringailuen eta bahetzailearen funtzionamenduak sortutako hautsagatik, hondakinak aire zabalean manipulatu eta biltegiratzeagatik, eta makinen motorren errekuntzan sortutako bestelako konposatuengatik. Jarduketa horiek eta mota bateko eta besteko materialen garraioak inguruko soinu maila areagotzea ekarriko dute, jarduera funtzionatzen ari denean.

Eragin horiek gaur egun harrobian eta horren instalazio osagarrietan sortzen direnen izaera eta ezaugarri antzekoak dituzte, eta, a priori, hondakinaren balorizazioak ez du halakoen gehikuntza nabarmenik erakarriko.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, EEHen instalazioa ezartzeak ez du ezertan aldatuko indarrean ibilgura isurtzeko baimena, ez isurketa-bolumena ez horren ezaugarriak.

Instalazioak, hondakin balorizatuaz gain, hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak sortuko ditu jardun ahala, eta horiek motaren arabera sailkatu, eta kudeatzaile baimenduei entregatuko zaizkie.

Ezarri beharreko jarduera berria kutsa dezaketen jardueratzat hartzen da urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren arabera. Dekretu horrek lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen ditu.

Atmosferaren kutsadurari dagokionez, jarduera atmosfera kutsa dezakeen jarduera gisa jasota dago.

Gainera, aipatu behar da hondakinak balorizatzeko jarduerak badakartzala zenbait alderdi positibo, hala nola materialak berrerabiltzea eta, ondorioz, natura-lehengaien erabilera murriztea, ez bakarrik agregakinen ekoizpenean erabilitako materialei dagokienez, baita instalazioan balorizatuko diren hondakinak deuseztatzeko eremu txikiagoa beharko delako ere.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak eragin negatibo nabarmenik izango duenik ingurunearen aipatutako alderdietan.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako neurri babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Canteras Lacilla SLk Sopuertako udal-mugarteko (Bizkaia) Lacilla harrobian eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatu eta balorizatzeko sustatutako instalazioaren proiektuan ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan eta ingurumen-txosten honetan ezarritako kalitate-helburuak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Proiektuak barnean hartu beharko ditu Ingurumen Sailburuordearen 2011ko ekainaren 29ko Ebazpenean (Cantera Lacilla SLk Sopuertan, Lacilla harrobian, sustatutako ustiatze-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren deklarazioa formulatzekoa) adierazitako babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak, baita ingurumena zaintzeko programa ere.

Horrez gain, honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

Instalazioaren diseinuari dagozkion neurriak

– Obrak, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuaren barruan gauzatuko dira.

– Jarduera funtzionatzen ari den bitartean, eremu irazgaiztua egoera onean dagoela egiaztatzen duen aldizkako kontrola egingo da; arreta berezia jarri beharko zaie kalteberagoak diren gune iragazgaitzei; izan ere, gune horiek gainkargengatik, ibilgailuen zirkulazioarengatik eta antzerakoengatik kalteberagoak dira eta geruza iragazgaitza hondatzeko arriskuan jar dezakete. Geruza horrek kalteak dituela egiaztatuz gero, kalte horiek konpondu egingo dira eta, ondoren, jarraipen bat egingo zaio, geruza iragazgaitzaren funtzionalitatea egiaztatze aldera. Halaber, arreta berezia izan beharko da jarduketa jakin batzuk egiten direnean (harrizko hondakinak zatitzeko mailu pneumatikoa erabiltzen denean, horma finkoak edo mugigarriak jartzean, etab.), iragazgaizte-geruzek kalterik ez izateko eran egin beharko baitira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Jabari publiko hidraulikoaren babes-eremuetan (zortasun- edo zaintza-eremuetan), edo jabari horretan bertan, egin behar den edozein jarduerak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena eduki beharko du, Uraren Euskal Agentziaren bidez izapidetuta.

Arro-organismoak ezar ditzakeen baldintzak ezertan eragotzi gabe, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

– Kolitza errekaren ertzetan egingo diren jarduerak bat etorriko dira EAEko Ibaien eta erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Planean xedatutakoarekin.

– Egiten diren jarduera guztiak gauzatzeko orduan, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak bete beharko dira, lurzorua, lurpeko urak eta lurrazaleko urak ez kutsatzeko.

– Instalaziotik datozen euri-urak drainatze-azpiegituren bitartez bildu beharko dira, pilaketa-gunetik datozenak barne. Azpiegitura horiek isurkiaren izaerara egokitutako arazketa-gailuak eta beharrezkoak diren kalkulu hidraulikoen araberako neurriak izango dituzte, solidoak ahalik eta hobekien atxiki ahal izateko, isurketa lokalizatua izateko eta isurkiak kolektorera isurtzeko nahitaezko baimenean ezartzen diren parametro fisiko-kimikoekin bat datozela bermatzeko.

– Kolitza ibaira ura isurtzeari dagokionez, arro-organismoak horretarako eman zuen baimenean ezarritako mugak eta kontrolak betetzeaz gain, dekantazio-putzua era erregularrean kontrolatuko da; horretarako, putzuak behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko, mantentze-lanak egingo dira.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratzeko, konpontzeko, zaintzeko eta haietan olio-aldaketak egiteko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, eta balizko jarioetarako babesak izango dituzte, eta indarrean dagoen araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintza egokiak. Berariaz debekatuta egongo da mantentze-lanak eginkizun horietarako ez den beste kokapen batean egitea.

– Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da, istripuz isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Ezarri beharreko jarduera berria kutsa dezaketen jardueratzat hartzen da urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuaren arabera. Dekretu horrek lurzorua kutsatzeko arriskua eragiten duten jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen ditu. Hori horrela, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duena) xedatutakoa bete beharko da.

Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

Hondakin arriskugabeak kudeatzeko jarduerak honako hauek bete behar ditu: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoa eta Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan zehazten diren betebeharrak.

Aurrekoa ezertan eragotzi gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

– Instalazioa garbi eduki beharko da (sarbideak, igarobideak eta kamioien zamalanetarako guneak). Ibilgailuen eta makinen bideak eta zirkulazio-eremuak aldizka garbituko dira, eta ibilgailuen abiadura mugatuta egongo da.

– Zamalanak ahalik eta gutxien egingo dira, eta horiek egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortuz jardungo da; besteak beste, materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxituz.

– Bestetik, materiala garraiatuko duten kamioiak olanekin edo hautsa harrotzea saihesten duten bestelako elementuekin estali beharko dira.

– Klima-baldintza txarretan (haize bolada handiak, euriteak eta abar), ez dira hauts-itxurako materiala manipulatzeko jarduerak gauzatuko aire zabalean.

– Pilaketa-eremua hezetzeko eta kamioiak igarotzen diren eremuak ureztatzeko sistemak izango dira.

– Lantegiko instalazioen plangintzak, ikuskapenak eta mantentze-lanak egin beharko dira aldian behin, arestian deskribatu diren prebentzio-neurri horien betetze-maila egiaztatzeko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzera bideratutako neurriak.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, aire zabaleko jarduera orokorretan erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak eta arau osagarriek ezarritakora. Hala, makineria behar bezala mantendu beharko da, fabrikatzailearen jarraibideak kontuan hartuz, makineriak baldintza ezin hobeetan funtzionatzen duela bermatzeko, bai ekoizpeneko baldintzei bai ingurumenekoei dagokienez.

– Beste alde batetik, jarduera egin beharko da jarduerak, orotara, bere eragin-eremuan Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeko moduan.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren hondakin desberdinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, hala nahastea ekiditeko, nola, obran edo instalazioan bertan ez badira berrerabiliko, kudeatzaile baimendu bati entregatzeko.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak sortuz gero, hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

Jarduera etetea.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu nagusiek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsadura nabarmena eragin duela, betiere lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean lurzoruaren kalitatea ikertzeko idatzi diren txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen-erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

– Bidalitako dokumentazioaren arabera, behin jarduna amaituta, instalazioa desmuntatu, eta eraiki diren azpiegiturak eraitsi egingo dira, Ingurumeneko Sailburuordetzak 2011ko ekainaren 29an onartu eta baimendutako Birgaitze Plan aplikatuta aipatu eremuan. Plan horren bidez formulatu zen Lacilla harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

– Kolitza ibaiaren ertzean aurreikusitako birgaitze-jarduketen kasuan, kontuan izango da inguru hori bisoi europarraren (Mustela lutreola) lehentasuneko banaketa-eremua dela; Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen dena bete beharko da, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Hortaz, ez da beharrezko jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea proiektu honen gainean: Canteras Lacilla SLk Sopuertako udal-mugarteko (Bizkaia) Lacilla harrobian eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatu eta balorizatzeko sustatutako instalazioaren proiektua.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala