
19. zk., 2024ko urtarrilaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
401
AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLI. edizioaren deialdia egiteko dena.
Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legeak emandako definizioaren arabera, eskola-adineko jarduera fisiko eta kiroltzat hartzen da 16 urtera bitarteko ikasleek eskola-orduetatik kanpo egiten duten jarduera antolatua.
Legearen II. tituluak xedatzen duenez, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eskumena da eskolako jarduera fisikoaren eta kirolaren oinarriak eta printzipio orokorrak arautzea, bai eta haien kirol-arloko diziplina-araubidea eta lehiaketak arautzea ere. Bestalde, Lege horren 62.3 artikuluak dioenez, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean kirol-arloko eskumena duen sailaren zeregina da autonomia mailako eskola arteko lehiaketa ofizialak bideratzea, kalifikatzea eta baimentzea.
Eskolako kirolari buruzko uztailaren 1eko 125/2008 Dekretuak, lehen indarrean zegoen Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean jasotakoa garatu arren, azken horrek indarrean jarraitzen du lege berrian xedatutakoaren kontrakoak ez diren neurri guztietan. Zentzu horretan, indarrean jarraitzen du Dekretuak bere 3. artikuluko 7. paragrafoan ezartzen duenak; alegia, Euskadiko Eskolako Kirol Txapelketak Eusko Jaurlaritzan kirolaren eskumena duen saileko sailburuaren aginduz arautuko direla.
Testuinguru horretan, beharrezkoa da agindu baten bidez Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLI. edizioa arautu eta deialdia egitea,
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLI. edizioan gutxienez hiru lurralde historikoetatik bitan, eskola-kirolaren programen barruan, lurralde-mailako lehiaketa izaten duten kirol modalitate, disziplina eta kategoria guztiak deituko dira. Lurralde-mailako lehiaketa bakoitzean gutxienez 6 kirolari edo taldek hartu beharko dute parte.
Kirol modalitateren batean Eusko Jaurlaritzak aurrez baimenik eman badu 2023-2024 ikasturtean zehar eskola-lizentzia duen autonomia mailako lehiaketaren bat egiteko, lehiaketa hori ez da Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen baitan antolatuko.
2. artikulua.– 2024ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Lurralde Historikoetako kirolariek, teknikariek eta talde eta/edo selekzio ordezkariek parte hartuko dute.
3. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Kirolariek baldintza hauek bete beharko dituzte parte hartzeko:
a) Hiru foru-aldundietako batek emandako eskola-lizentzia izatea.
b) Ordezkatzen duten ikastetxe edo klubean inskribatuta egotea. Selekzioak onartzen dituzten kirol modalitateetan, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak onartutako araudi teknikoan ezartzen diren irizpide espezifikoak erabiliko dira selekzio horiek osatzeko.
c) Kirolariek ikasturtean zehar foru-aldundien eskola-kiroleko programetan izandako baldintza beretan parte hartuko dute, eta Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek erabakitako parte hartzeko irizpideak errespetatu beharko dituzte.
d) Kirol Joko hauetan parte hartzen duten kirolariek 11 urte beteak izan behar dituzte, eta 14 urte gehienez, Jokoak egiten diren urtean.
Oro har, parte hartzeko kategoria haur-kategoria deritzona izango da (2010ean eta 2011n jaiotako eskola-umeak).
2.– Salbuespenez, beste adin batzuetako kirolarien parte hartzea ere onartuko da, hala jasotzen baldin bada dagokion modalitatearen araudi teknikoan (kimu-kategoria, 2012. eta 2013. urteetan jaiotako kirolariak)
3.– Edozein eskola-ume kirolarik aukera izango du kirol modalitate batean baino gehiagotan batera parte hartzeko. Aldi berean bi lehiaketatan parte hartzea suertatzen bazaio, baten edo bestearen artean aukeratu beharko du.
4. artikulua.– Noiz eta non egingo den.
1.– 2024ko Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLI. edizioa Bizkaiko Lurralde Historikoan jokatuko da, Basauriko udal-instalakuntzetan ia osorik, argitaratuko den programaren arabera (Basauri, 2024ko Europako Kirol Hiria).
2.– Neguko modalitate bakarra, krosa, 2024ko otsailaren 25ean izango da. Judo modalitatea apirilaren 14an izango da. Eskubaloi txapelketa maiatzaren 4 eta 5eko asteburuan izango da, eta saskibaloiko haur-mailako errendimendu ibilbideko bost jardunaldiak maiatzaren 11, 18, 19, 25 eta 26an izango dira. Gainerako kirol-lehiaketak 2024ko maiatzaren 25 eta 26ko eta ekainaren 1 eta 2ko asteburuetan izango dira.
Edonola ere, data hauek behin-behinekoak izango dira, behin betiko kirol egitarauak onartu arte. Kirol modalitate bakoitzaren behin betiko programa gutxienez 15 egun aurretik jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzan kirol-eskumena duen sailak hiru foru-aldundiei eta inplikatutako euskal kirol federazioei.
5. artikulua.– Foru-aldundiek Jokoak hasi baino 4 egun lehenago aurkeztu behar dituzte beren lurralde historikoetako izen-emateak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan.
6. artikulua.– Lehiaketak hasi baino lehen, kirol taldearen ordezkariek edo kirolariek, tokian tokiko foru-aldundiek 2023-2024 ikasturtean onartutako eskolako kirol-lizentzia edo agiria aurkeztu beharko dute.
Kirolariek beren burua identifikatzeko agiriren bat aurkeztu beharko dute, eta foru-aldundiek Eusko Jaurlaritzari bidalitako parte-hartzaileen zerrendan agertu.
7. artikulua.– Kirol modalitate bakoitzaren garapena Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak hiru foru-aldundiekin batera adostutako araudi teknikoan jasota egongo da, eta dagozkion ondorioetarako halaxe zabalduko da; parte hartzaileek, behin inskribatuz gero, hari men egin beharko diote.
8. artikulua.– Alderdi teknikoari dagokionez, euskal kirol federazioak izango dira kirol modalitate bakoitzak egoki funtzionatzeko beharrezkoa den laguntza emango dutenak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak ikuskatuta eta ontzat emanda.
Hona laguntza teknikotzat zer ulertzen den: jardueraren inguruko alderdi tekniko guztiak zuzendu, koordinatu eta haien jarraipena egiteko behar diren egiteko guztiak bete.
Halaber, lehiaketen aktak egingo dituzte. Akta horiek ekintzaren bukaeran sinatu beharko dituzte lehiatu diren taldeetako teknikariek, ordezkariek eta kapitainek.
9. artikulua.– Lehiaketak jokatzen diren instalazioetan beti egongo dira, lehiaketak irauten duen bitartean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren ordezkari bat eta instalazioan jokatutako kirol horren federazioko kide bat.
10. artikulua.– Kirol-diziplinako arauak.
1.– Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak izendatutako epaile bakarra egongo da Eskolarteko Kirol Jokoetan, idatziz aurkeztutako kexak ebazteko eta beraren funtzioak hauek izango dira:
a) Parte hartzaileen gaineko diziplina-ahalmena erabiltzea. Lehiaketan epaileek izandako jokamoldeari buruzko erreklamazioak ebatziko ditu.
b) Diziplinakoak ez diren erreklamazio guztiak ebatziko ditu.
2.– Behin kirol jardunaldia bukatu eta gero, epaile bakarrak bidezko ebazpena emango du, betiere Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari men eginez eta pertsona interesdun guztiei entzuteko aukera bermatuz.
3.– Arau-hausteak Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLI. ediziorako, modalitate bakoitzerako, argitaratutako lehiaketa-araudiaren bidez arautuko dira.
4.– Zigorrei dagokienez, lehiaketa-epaile bakarrak hartzen dituen erabakien aurkako errekurtsoa jarri ahalko da Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean.
11. artikulua.– Erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, paperean edo euskarri digitalean. Horretarako, inprimaki-eredu bat jarriko da pertsona interesdunen esku, Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoen XLI. edizioaren Idazkaritza Teknikoan, nahiz eta bestelako idazkirik ere onartuko den, baldin eta ebazteko ezinbestekoak diren elementuak baditu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 16a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS