
19. zk., 2024ko urtarrilaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (172 KB - 7 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
388
AGINDUA, 2024ko urtarrilaren 15ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren antolaketa- eta funtzionamendu-araudia argitaratzen duena.
Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 13. artikuluan xedatzen duenaren arabera, Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluari dagokio bere antolaketa- eta funtzionamendu-arauak egitea.
Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluak bere arauak ezarri bazituen ere, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 6/1989 Legea indargabetzeak ezinbestean eskatzen du antolaketa- eta funtzionamendu-araudia egokitzea.
Ildo horretatik, Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluak, 2023ko abenduaren 13an egindako bilkuran, antolaketa-eta funtzionamendu-araudi berria onetsi zuen, eta agindu honen bidez argitaratzen da araudi horren testua.
Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamendu Araudia:
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Izaera.
Enplegu Publikoaren Euskal Kontseilua, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legeak sortua, euskal administrazio publikoen pertsonal-politika osatzen duten neurriak koordinatzeko, kontsultatzeko eta proposatzeko kide anitzeko goi-organoa da, bai eta euskal administrazio publikoen zerbitzuko langileek parte hartzekoa ere.
2. artikulua.– Administrazio publikoetako langileen ordezkaritza.
EAEko administrazio publikoetako langileek Kontseilura jo ahal izango dute, bertan ordezkatuta dauden sindikatuen bitartez, interes orokorreko gaietan bere eskumenekoak diren iradokizunak edo ekimenak proposatzeko.
3. artikulua.– Txostenak eta proposamenak.
1.– Kontseiluaren txostenak eta proposamenak nahitaezko izapideak izango dira abenduaren 1eko 11/2022 Legeak hala xedatzen duenean, edo lege edo erregelamendu-xedapen bidez berariaz hala ezarrita dagoenean.
2.– Kontseiluaren txostenak eta proposamenak ez dira inoiz lotesleak izango.
4. artikulua.– Araubidea.
Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluak, abenduaren 1eko 11/2022 Legeak 15. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ahalmena du bere burua antolatzeko, bere antolaketa- eta funtzionamendu-araudia egiteko, haren garapen-arauak emateko eta, beharrezkoa dela deritzonean eta arauzko bideak erabiliz, araudi hori bera aldatzeko.
II. TITULUA
KONTSEILUAREN ANTOLAKETA
5. artikulua.– Osaera.
1.– Honako organo hauek egituratzen dute Enplegu Publikoaren Euskal Kontseilua:
a) Kontseiluburua.
b) Kontseiluburuordea.
c) Osoko Bilkura.
d) Kontseiluko Idazkaritza.
2.– Era berean, Osoko Bilkuraren erabakiz eta aukeran, lanerako ponentziak sortu ahal izango dira, eta haietan parte hartu ahal izango dute aztertuko diren gaietan aditu direnek.
6. artikulua.– Kontseiluburua.
Hauek dira Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluko buruaren eskudantziak:
a) Osoko Bilkuretarako deia egin, bilkura-buru izan eta saioak zuzentzea, eginkizun horiek kontseiluburuordeari eskuordetu dizkion kasuetan izan ezik.
b) Osoko Bilkuren gai-zerrenda finkatzea.
c) Kontseiluaren ordezkaria izatea ondorio guztietarako, eta organoaren zuzendari gisa jardutea.
d) Kontseiluaren funtzionamendurako behar diren neurriak hartzea.
e) Behar dituen dokumentu edo aurrekariak eskatzea –bere ekimenez edo Kontseilua osatzen duen edozein organoren ekimenez– kasuan kasuko administrazio publikoei, Kontseiluaren eskumeneko gaiak lantzeko nahikoa judizio-elementu izateko. Osoko Bilkurak planteatutako irizpideen arabera, lanerako ponentzien osaera onestea eta haietan aldi baterako parte har dezaketen adituak izendatzea.
f) Osoko Bilkurak proposatuta, dagokion arloko profesional edo adituei azterlan, txosten, irizpen edo proiektuak landu ditzaten agintzea.
g) Erregelamendu hau eta beronen arau osagarriak betetzen direla zaintzea.
h) Kontseiluaren Osoko Bilkuraren jarduera bultzatzea, hark, esleituta dituen eskumenak baliatuz, aurreikusitako epeetan egin ditzan bere txostenak.
i) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion gainerako guztiak.
7. artikulua.– Kontseiluburuordea.
1.– Kontseiluburuordeak kontseiluburua ordeztuko du kargua uzten duenean, kanpoan denean, gaixorik dagoenean edo legezko beste arrazoiren bat dagoenean; kasu horietan, kontseiluburuaren funtzio berak beteko ditu.
2.– Halaber, kontseiluburuak eskuordetzen dizkion funtzio guztiak ere beteko ditu kontseiluburuordeak.
8. artikulua.– Osoko Bilkura.
Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideak honako hauek dira:
a) Enplegu Publikoaren arloan eskumena duen sailburua, zeina kontseiluburua izango baita.
b) EAEko Administrazio Orokorraren lau ordezkari, Enplegu Publikoaren arloan eskumena duen sailburuak izendatuak, langile gehien atxikita dauden sailetako langileen kudeaketaz arduratzen diren goi-kargudunen artean.
c) Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari bat, Euskal Herriko Unibertsitateak izendatua.
d) Foru-aldundietako ordezkari bana, horietariko bakoitzak izendatua.
e) Toki-korporazioetako hiru ordezkari, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak edo, hala badagokio, EAEko udalerrien ordezkaritza handiena duen elkarteak izendatuak.
f) Langileen sei ordezkari, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuek izendatuak.
9. artikulua.– Kontseiluaren eskumenak.
1.– Osokoan, hauek dira Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren eskumenak:
a) Txostena egitea enplegu publikoaren alorreko legeen eta foru-arauen aurreproiektuei buruz, bi hilabeteko epearen barruan egin ere.
b) Txostena egitea Gobernu Kontseiluak lege hau garatzeko onartu beharreko xedapen orokorren proiektuei buruz; hilabeteko epean egin ere. Era berean, txostena egingo die foru- eta toki-administrazioen xedapen orokorrei buruz.
c) Aztertzea zer eragin izan dezaketen EAEko administrazio publikoetan Estatuko Administrazioak enplegu publikoaren alorrean prestatzen dituen legeen eta xedapen orokorren aurreproiektuek, eta koordinaziorako neurri egokiak proposatzea.
d) Neurriak eztabaidatu eta proposatzea, EAEko administrazio publiko guztien enplegu publikoari eta pertsonalari buruzko politika koordinatzeko beharrezko diren heinean; bereziki, alor hauetan: pertsonalaren erregistroa, iriste-sistemak, lanpostu-zerrenda, administrazio-sustapen eta -karrera, funtzio- eta ordainsari-homologazioa, eta enplegu publikoaren eskaintza.
e) Neurriak proposatzea EAEko administrazio publikoen zerbitzuko langileak euskalduntzeari begira eta administrazio horien antolaketa eta funtzionamendua hobetzeari begira.
f) Txostena egitea, organo eskudunak hala eskatuz gero, EAEko administrazio publikoen xedapen eta erabakiei buruz, langileen alorrekoak badira; era berean, azterketa eta txostena egitea bere eskumenen barruko gaiei buruz, edozein kontseilukidek eskatuz gero.
g) IVAPek aurretiazko txostena egin ondoren, Eusko Jaurlaritzari proposatzea karrerako funtzionario eta lan-kontratudun langile finko izateko gutxieneko programa eta eduki komun homogeneizatzaileak.
h) Eusko Jaurlaritzari irizpideak proposatzea, mugikortasuna errazte aldera, EAEko administrazio publikoetako kidego eta eskalen arteko baliokidetasuna zehazteko, baldin eta kidego eta eskala horien eginkizunak eta sartzeko eska daitekeen titulazio-maila antzekoak badira.
i) Neurriak eztabaidatu eta proposatzea EAEko administrazio publiko guztien enplegu publikoari eta pertsonalari buruzko politika koordinatzeko beharrezko diren heinean; berezi, alor hauetan: pertsonalaren erregistroa; iriste-sistemak; lanpostu-zerrendak; funtzionarioen prestakuntza; administrazio-sustapen eta -karrera; funtzio- eta ordainsari-homologazioa; eta enplegu publikoaren eskaintza.
j) EAEko administrazio publikoetako langile-arloaren antolaketa eta jarduera hobetzeko neurriak proposatzea, eraginkortasun-irizpideak aintzat hartuz.
k) EAEko administrazio publikoek edo kontseilukideek langileen arloan mahairatzen duten edozein gai eztabaidatzea, bai eta dagokion arloko profesional edo adituei azterketak, lanak, txostenak eta abar egiteko enkargua proposatzea presidenteari.
l) Era berean, txostenak egitea lege- edo erregelamendu-xedapenen aginduz Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren entzunaldia nahitaezkoa duen edozein gairi buruz.
m) Erabakiak hartzea lanerako ponentziak eratzeko, horien xedea finkatzeko eta garatu beharreko egutegia zehazteko, baita adituen osaerari eta izendapenari buruzko irizpideak zehazteko ere.
2.– EAEko Administrazio Orokorraren ordezkarietako bat arituko da idazkari-lanetan, enplegu publikoaren arloan eskumena duen sailburuak beren-beregi izendatuta.
3.– Era berean, kontseilukide bakoitzaren ordezkoa izendatu ahal izango da.
10. artikulua.– Lanerako ponentziak eratzea.
Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurak lanerako ponentziak eratzea erabaki ahal izango du, gai jakin batzuk aztertzeko, txostenak eta proposamenak lantzeko, edo irizpenak egiteko.
a) Lanerako ponentzien osaera aldatu egingo da esleitzen zaien lan motaren arabera, eta kontseiluburuak Osoko Bilkurak proposatutako irizpideen arabera izendatutako kontseilukideek osatu ahal izango dituzte lantaldeak.
b) Lanerako ponentzietan parte hartu ahal izango dute kontseiluburuak aurreko puntuan adierazi den eran izendatutako adituek.
c) Lanerako ponentzia bakoitzean zuzendari-koordinatzaile bat arituko da, eta hark aldian-aldian jakinaraziko dio Kontseiluko Idazkaritzari lanen martxari, egutegia bete eta gauzatzeko epeei, gorabeherei eta abarri buruzko guztia.
d) EAEko administrazio publikoek, kontseiluburuak horretarako eskaera egin ondoren, beren funtzionarioak atxiki ahal izango dituzte lanerako ponentzietan, aldi baterako baina dedikazio osoarekin, gai jakin batzuk aztertzeko edo haiei buruzko txostena lantzeko.
e) Ponentziek, edozein kidek eskatuta, helburuak betetzeko beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekari eta txosten guztiak eskatu ahal izango dituzte idazkariaren bitartez.
11. artikulua.– Idazkaria.
Hauek dira idazkariaren eskumenak:
a) Kontseiluburuak aurretiaz onetsi ondoren, Kontseiluaren gai-zerrenda prestatzea, eta arauzko zitazioak egitea.
b) Osoko Bilkuraren aktak idaztea.
c) Akten eta erabakien ziurtagiriak ematea.
d) Bertan izana ziurtatzea kideei, hala eskatzen badiote.
e) Kontseiluaren barneko eta kanpoko dokumentazio guztia izapidetzea.
f) Kontseiluko Idazkaritza Bulegoaren jarduera zuzentzea.
g) Kontseiluaren dokumentazio guztia zaintzea.
h) Organoei beren eginkizunak betetzeko behar dituzten dokumentazioa, aurrekariak eta txostenak ematea.
i) Dagozkien administrazioei helaraztea Kontseiluak hartutako erabaki, txosten, proposamen eta gainerako guztiak.
j) Kontseiluari bidaltzen zaizkion edo Kontseiluak bidaltzen dituen espedienteen eta dokumentuen sarrera- eta irteera-erregistroez arduratzea.
k) Urtero Kontseiluaren jarduerei buruzko memoria bat idaztea, Osoko Bilkurak onetsi beharko duena.
l) Behar duten informazioa eta laguntza teknikoa ematea kontseilukideei.
m) Beteko ditu, era berean, organoaren Idazkaritzarekin zuzeneko lotura duten eginkizun guztiak, aurreko puntuetan esleitu direnak.
12. artikulua.– Kontseilukideak.
1.– Hauek dira Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluko kideen eskudantziak:
a) Osoko Bilkuraren edo lan-ponentziaren bileretan hitza hartzea eta bere irizpidea azaltzea, aipatutako bi organo horietako kideak badira.
b) Botoa emateko eskubidea baliatzea edo, hala badagokio, gehiengoaren aurkako boto partikular arrazoitua ematea, zeina dagokion aktan jasoko baita, eta horren aipamena egiten duten txosten eta irizpenik eginez gero, akta erantsiko zaie horiei.
Bozketetan ezingo dira abstenitu agintari edo administrazio publikoetako langile izateagatik direnak kide anitzeko organoetako kide.
c) Galde-eskea egin ahal izatea bilkura guztietan.
d) Parte hartu behar duten gaiei buruzko aurrekariak, informazioa edo dokumentazioa eskatu ahal izatea, ohiko bideetatik.
e) Proposamenak eta mozioak idatziz egin ahal izatea, gai-zerrendan aintzat har daitezen.
f) Idazkaritzaren esku dauden dokumentazioa eta artxiboak libreki eskuratu ahal izatea.
g) Esleitzen zaizkien txostenak landu eta idaztea. Txostengileek, haiei dagozkien bileretan, lehentasuna izango dute beren irizpenak edo txostenak defendatzeko.
2.– Kontseilukide izateak ez du ordainsaririk jasotzeko eskubiderik ematen. Kontseilukideek dietak eta joan-etorrietako gastuak jasotzeko eskubidea izango dute soilik, unean-unean indarrean dagoen legeriak xedatzen duenaren arabera.
3.– Kontseilukideak behartuta daude isilean eta zuhurtziaz jardutera, esku artean dituzten aztergaien izaerak hala eskatzen duenean eta, bereziki, Espainiako Konstituzioaren 18.1 artikuluan aitortutako eskubideei eragiten dietenean.
4.– Kontseilukideek Kontseilura joateko betebeharra dute, erregelamenduaren araberako deia egin zaienean.
13. artikulua.– Ohiko eta ezohiko bilkurak.
1.– Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurak ohiko bilkurak egingo ditu urtean lau aldiz, hiru hilean behin.
2.– Kontseiluaren Osoko Bilkura ezohiko bilkuran bildu ahal izango da, baldin eta kontseiluburuak deitzen badu, bere ekimenez edo kontseilukideen heren batek hala eskatzen badu, eskaera behar bezala arrazoituz.
14. artikulua.– Deialdiak.
1.– Kontseiluaren Osoko Bilkuraren deialdia egitea kontseiluburuari edo, behar denean, kontseiluburuordeari dagokio. Ohiko bilkuretarako, lau egun baliodun lehenago jakinarazi beharko da; eta ezohiko bilkuretarako, bi egun baliodun lehenago.
2.– Deialdi-zitazio guztiei gai-zerrenda erantsi beharko zaie, eta argi eta garbi zehaztuko da bertan bilera non, zein egunetan eta zein ordutan egingo den. Halaber, zitazioarekin batera, aurreko bileraren aktaren zirriborroa bidaliko da, bai eta dokumentazio egokia ere, aldez aurretik aztertu ahal dadin.
15. artikulua.– Osoko Bilkura eratzea.
1.– Osoko Bilkura balio osoz eratzeko eta erabakiak hartzeko quoruma gehiengo osoa izango da; hau da, kideen erdia gehi bat beharko da.
2.– Beharrezkoa den quoruma lehendabiziko deialdian lortzen ez bada, kontseiluburuak beste bilera bat deituko du bigarren deialdian, gehienez ere 5 egun balioduneko epean. Bilkura hori behar bezala eratu ahal izateko, nahikoa izango da Osoko Bilkurako kideen heren bat bertan izatea.
3.– Kontseilukideen hautespena eta haren ondoriozko izendapena egin eta gero, hiruhileko ohiko Osoko Bilkura egin baino hamabost egun lehenago egin beharko da egin kontseilukide bat ordezkatzeko proposamena.
4.– Osoko Bilkuraren bileretan, salbuespenez, onartuko da Osoko Bilkurako beste kide bati botoa eskuordetzea, baldin eta eskuordetze hori espresuki egiten bada –balorazio jakin bat egiteko– eta hala adierazten bada egiaztagiri batean.
16. artikulua.– Bilkuren garapena.
1.– Aurreko bilkuraren akta onetsiz hasiko da bilkura bakoitza. Jarraian, idazkariak, gai-zerrendaren arabera aztergai direnei buruzko informazioa emango du, eta dagokion eztabaida egin eta dagokion erabakia hartuko da. Kontseiluburuak zuzenduko ditu eztabaidak, eta bozketak proposatuko.
2.– Osoko Bilkuraren erabakiak gehiengo arruntez hartuko dira.
3.– Kontseilukideren batek hala eskatuz gero, ezkutuko bozketa egingo da.
4.– Ezin izango da gai-zerrendan agertzen ez den ezein gairi buruzko erabakirik hartu, salbu eta kide anitzeko organoko kide guztiak bertan badaude eta, gehiengo soilez, gaia presakotzat jotzen badute.
5.– Gai-zerrendan datorren gairen bat kentzeko eskatu ahal izango da, aztergaiari aurrekariak, dokumentuak edo txostenak erantsi ahal izateko, baldin eta horiek gabe ezin bada erabakirik hartu, eta hala onartzen bada, gehiengo soilez.
6.– Bilkura bakoitzeko akta bat egingo da, eta bertan jasoko dira bertaratutakoen izenak, bilkura non eta noiz egin den, eztabaida-gai nagusiak, bozketaren forma eta emaitza, eta erabakien edukia.
7.– Idazkariak idatzi eta sinatuko ditu aktak, kontseiluburuaren oniritziarekin, eta hurrengo bilkuran edo hurrengoetan onetsiko dira.
8.– Quorumik ezagatik edo beste arrazoiren batengatik bilkura egiten ez bada, idazkariak bere sinadurarekin baimendutako eginbide batekin ordeztuko du akta, eta bertan adieraziko du zergatikoa, bai eta bertaratutakoen izenak eta bertaratzea desenkusatu dutenenak ere.
17. artikulua.– Lanerako ponentzien garapena.
1.– Lanerako ponentziak, behin eratu ondoren, ponentziaren zuzendariak edo koordinatzaileak Kontseiluko idazkariaren bitartez deituta bilduko dira. Deialdirako zitazioari gehituko zaizkio bilkurako dokumentazioa, aurrekariak eta gai-zerrenda.
2.– Lanerako ponentzien txostenak, proposamenak eta azterlanak Osoko Bilkuraren mende jarriko dira, eta organo horri esleitutako eskumenak egikaritzeko erabiliko dira; baina Osoko Bilkurak aukera izango du lan horien emaitza aldatzeko, edo gaia ponentziari itzultzeko, sakonago azter dezan.
XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Baldin eta Kontseiluaren Osoko Bilkurak, baliozko bilkura egin ondoren, ez baditu aurreikusitako gehieneko epean ematen arauzko txostenak, izapide hori betetzat joko da ondorio guztietarako.
2.– Administrazio Publikoak Kontseiluari bidaltzeko idazkia jaso eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen epe hori.
3.– Kontseiluko idazkariak dagokion administrazioak aurkeztutako proiektuen eta dokumentuen kopiak bidaliko dizkie kontseilukideei, lau eguneko epean, haiek jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENA
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluko 3. atalean aurreikusitako arauak erregelamendu honetan aurreikusitakoen osagarri izango dira.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko urtarrilaren 15a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
RSS